Txosten berezi hau 5 kapitulutan egituratu da:
- Lehenengo kapituluan txostena aurkeztu da. Bertan, txostenaren gaineko sarrera labur bat egin ostean, proiektuaren hainbat faseren gauzatzearen atzean dagoen
me
todologia birpasatu da. Atal horretan informazioa biltzeko erabili diren iturriak eta teknika kuantitatibo zein kualitatiboak zehaztu dira.
- Bigarren kapituluan, lehenik eta behin, e-inklusioaren eta e-parte hartzearen ikuspegi teoriko eta kontzeptuala berrikusi da, horixe izan baita txosten berezi hau egite aldera gida gisa erabili duguna.
Modu berean, nazioarteko eta tokiko erreferentzia nagusien azterketa egin da, ikerketa-eremuaren testuinguru estrategikoan. Bertan, inklusio digitalaren eta herritarren parte hartzearen eremuan sustapenaren eta bermeen alde egin duten ekintza-estrategia nagusien gaineko berrazterketa laburra egin da.
Kapitulu horren barruan, 7. atalean eta “Sarbide-eten digitala” tituluaren azpian, gaur egungo egoera zein den aztertu da, betiere, Euskadiko etxebizitzetan eta familien baitan IKTei lotutako ekipamenduari eta sarbideari lotuta. Hori guztia, IKT adierazle nagusiak aztertuz burutu da. Azterketa horrek sarbide-eten digitala pairatzeko arriskurik handiena duten kolektibo eta gizarte talde nagusien kasuan sakondu du. Horrez gain, oztopo nagusien edo IKTen erabilera eragozten duten elementuen karakterizazioa egin da.
- Hirugarren kapituluaren izenburua “Gainontzeko eten digitalak” da eta eten digitalen azterketarekin aurrera jarraitzen du. Kasu horretan, anbizio handiko ikuspuntuarekin, IKTen erabileratik harago joan nahi izan da eta 10., 11. eta 12. atalen bidez gaur egun Euskadin dagoen egoeran sakondu da, gehien ezagutzen ditugun eten digitalen giltzarekin:
− Erabilera-eten digitala, erabileraren oinarrizko adierazleetara mugatzen den ikuspuntu tradizionala gainditzen saiatu da eta hauek bezalako faktoreak azpimarratu nahi izan ditu: IKTen erabilera aurreratua, IKTen erabilerari lotutako motibazioak edo IKTen erabileraren karakterizazioa ikerketa aldagai sozioekonomikoen eta demografikoen arabera.
− Eskuratze-eten digitala, oraindik asko aztertu ez den kontua. Oraingoan herritarrek IKTen erabilgarritasunaren gainean duten pertzepzioaren inguruan ikertu nahi izan dugu, baita gizarteak IKT eta gizarte ongizatearen artean antzematen dituen loturen inguruan, gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuen pertzepzioaren, IKT eta gaitasun digitalen eta horien eta lan munduaren arteko harremanaren eta gaitasun digital pertsonalen eta gaitasun horiek eskuratzerakoan dauden lehentasunen inguruan ere.
− Eta, azkenik, partaidetza-eten digitala. Horrek IKTen bitartez herritarren parte hartzeari lotutako etenaren azterketa barne hartu du, ikuspuntu integraletik abiatuta, honako alderdi hauek jorratuz:
• Internetaren erabilerak herritarren parte hartzean duen eragin posiblea.
• Euskal gizartearen parte hartzea IKTen bidez, parte hartzeko herritarrek dituzten motibazioak, parte hartzearen erabilgarritasunaren pertzepzioa eta herritarrek parte hartzearen inguruan dituzten itxaropenak nabarmenduz (Gehiago parte hartu nahi dugu? Nola parte hartu nahi dugu? Eta, non?).
• Herri-administrazioek eremu publikoan parte hartzeko aukera herritarren esku jartzeko bitartekoen, eren eta moduen inguruko berrazterketa.
• Euskal herritarrek Euskadiko herri-administrazioetan duten parte hartzearen gaineko analisia (asebetetze maila, itxaropenak...).
- Laugarren kapituluak, aldiz, txosten bereziaren ondorioak eta gomendioak bildu ditu. Horiek guztiak informazio kuantitatibo zein kualitatiboa aztertuz atera dira. Bertan, ideia garrantzitsu nagusienak azaldu dira, baita Euskadin e-inklusioa eta e-parte hartzea sustatzeko eta bermatzeko jarraibide estrategikoak ere.
- Azken kapituluan, hau da, bosgarrenean, eranskinak jaso dira eta baliagarritzat jo den informazio osagarria barne hartu da, hala nola, e-inklusioari eta e-parte hartzeari buruzko glosario bat; toki, nazio eta nazioarteko mailako araudien gaineko erreferentzien katalogoa; edo ikerketak hizpide duen gaiarekin zerikusia duten praktika onen katalogo bat, beste material batzuen artean.