3.6. Eskuratze-eten digitala
Azterketarekin ahalduntze digitalaren ereduaren ikuspegitik jarraituz, hirugarren heldutasun estadioa da IKTak eskuratzearena. Hau da, une horretan herritarrak ohartzen dira IKTek onurak eta hobekuntzak sortzen dizkiela euren bizitzetan, horien erabilera intentsibo eta aurreratuagoa egitera bultzatuz. Fase horretan ez dugu oinarrizko IKT tresnen noiz behinkako erabileraz hitz egiten, une honetan pertsonek ikertu ere egiten dute IKTen erabilera berritzaileek, euren bizitzen ohiko eta eguneroko alderdietan aplikatuta (lana, gizarte harremanak, osasuna…), hobekuntza eragina sortzen ote duten.
Beraz, eskuratze-eten digitalaren azterketa jorratzeko, IKTen oinarrizko erabilerarekin konformatzen diren edo hura eskuratzean heltze digitalaren prozesu partikularrean aurrerago joan nahi ez duten pertsona horien atzean dauden arrazoiak aztertu nahi izan ditugu.
Horretarako, azterketa IKTen eskuratzean gakotzat jo dugun alderdien inguruan ardaztu dugu:
IKTen erabilgarritasuna hautematea. Zentzu horretan, ikerketaren prozesuan zehar inkestatu genituen eta Internet erabiltzen duten herritarren % 13,5ak adierazi du Interneten eta gainontzeko IKTen erabilerak ez duela inolako hobekuntzarik edo abantailarik sortu euren bizitzetan. Kezkagarria da % 20ra arte igotzen dela 55 urte baino gehiagoko pertsonen ehunekoa. Bestalde, Internet erabiltzen duten etorkinen % 65,5ak adierazi du IKTek bereziki hobetu dituztela euren gizarte harremanak, hala ere, ez dute uste lana bilatzen laguntzen dietenik ezta Euskadin lan baldintzetan hobekuntza eragin dutenik. Gogoeta horrekin bat egiten dute lehen hezkuntzako edo gutxiagoko ikasketak dituzten eta Internet erabiltzen duten Euskadiko herritarrek, horien artean % 1,3ak bakarrik uste du IKTek euren lan egoera hobetu duela. Zer ezkutatzen da orduan zifra horien atzean? Azterketak azaltzen digu lotura argia dagoela IKTen inguruko ezagutza mailaren eta horien erabilera-maiztasunaren eta onurak antzematearen artean (IKT ezagutza oinarrizkoagoak eta erabilera maiztasun baxuagoak gure bizi kalitatean duten eragina edo erabilgarritasunaren hautemate baxuagoa dakarte). Baieztapen hori agerian geratzen da, adibidez, IKTen ezagutza-profil altua duten eta tresna horien erabilera intentsiboa egiten duten pertsonek IKTak erabilera aurreratuetarako (hala nola, administrazioekiko izapideak, bankuko kudeaketak, lan-bilaketa edo erosketak Internet bidez egitea) erabil daitezkeenaren aintzatespen handiagoa dutela ikustean. Era berean, lan egoera edo ikasketa maila bezalako beste faktore batzuk berriro ere funtsezkoak dira IKTek euren bizitzetan eskainiko dutenaren pertzepzioan ezberdintasunak nabarmentzerakoan (ikasketa maila baxuagoek eta kontrako lan egoerek erabilera aurreratuetan erabilgarritasunaren hautemate baxuagoekin bat egiten dute).
Ez erabiltzeak dakarren arriskua hautematea. IKTak eskuratzean eten digitalaren sortzaile gisa har daitezkeen beste irizpideetako bat IKTak gure bizitzetan gaineratzen ez baditugu gure bizitzen alor ezberdinetan (gizarte harremanak, lana, ikasketak, etab.) aukerak galdu edo gizarte-eten bat pairatzeko aukerak handiagotu genitzakeenaren jakitun izatea da. Euskadiko herritarrei galdetzen diegunean zeintzuk diren IKTak ez erabiltzearen arriskuak rankingaren hiru lehen postuak honako erantzunek osatzen dituzte: informazio falta, zaharkitua eta ez eguneratuak geratzea eta gizarte isolamendua. Beste era batera esanda: behar bezalako informaziorik ez edukitzea, eguneratuta ez egotea eta gizarte harreman onik ez izatea. % 11,1ak adierazi du ez duela uste horrek inolako desabantaila edo arriskurik dakarrenik. Ehuneko horri aurpegia jartzen saiatzean egiaztatu dugu (txostenean islatzen den moduan) eten digitalak pairatzeko zaurkortasun handiagoa duten taldeak direla, hain zuzen ere, IKTak ez erabiltzea inolako arriskurekin lotzen ez dituztenak.
Zertxobait gehiago sakontzen dugunean eta Internet erabiltzen duten herritarrei galdetzen diegunean IKTak ez erabiltzea gizarte-etenaren faktore larrigarria izan zitekeela uste ote duten, herritarren % 56,5ak besterik ez du hori uste.
Nik behar ditudan gaitasun digitalak zeintzuk diren ezagutzea, gaitasun horien eskuratze maila eta eskuratzeke ditudan gaitasunak eta nola eta non eskuratzea jakitea. Datu nabarmena da, zalantzarik gabe, inkestatutako herritarren % 56,8 IKTen oinarrizko erabiltzailetzat jotzen dela. Faktore demografiko eta sozioekonomikoen arabera, neurri handiago batean oinarrizko erabiltzaile gisa identifikatzen diren profilak erretiratuak eta pertsona helduak, emakumeak, lehen hezkuntzako edo gutxiagoko pertsonak, etorkinak eta aniztasun funtzional motaren bat duten pertsonak dira. Ahalduntze digitalaren ereduaren gakoetako bat pertsonek heldutasun estadio ezberdinen artean mugitzeko duten aukera da. Horretarako, ikasi behar da, probatu, praktikatu, batzuetan ikasketa-etenekin edo behar ditudan gaitasun digitalak zeintzuk diren identifikatzeko edo horiek eskuratzeko nora jo behar dudan jakiteko zailtasunekin zerikusi handia duen teknologiaren erabileran heldutasun bide pertsonal moduko batekin jarraitu.
Jendeak ba al daki ahalduntze digital baten bidean sartuta dagoela eta aurrera jarraitzeko gaitasuna edo beharra duela? Inkestatutako herritarren % 15,4k adierazi du ez duela inolako beharrik antzeman IKTen erabileran ikasten edo sakontzen jarraitzeko, une honetan euren esku dagoenarekin konformatzen dira. Ehuneko horrek ikasten jarraitzeko beharra edo nahia onartzen duten Interneteko erabiltzaile diren euskal herritarren multzo handi bat ere aipatzen du. Eta nola egiten dute?
Herritarren % 94,5ak adierazi du IKTen gaineko ikasketa gehien bat autodidakta izan dela (edo metodologia hori aldian behingo prestakuntza ekintzekin bateratuta). Egoera hori adin-tarte gazteenen artean nagusitzen da bereziki. Azterketaren fokua IKT prestakuntzara bideratutako prestakuntza ekintza publiko edo pribatuetan jartzen dugunean, pertsona helduak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak dira modalitate hori erabiltzen dutenak gehien bat.
Eta ikasketa prozesu hori etengabeko eguneratzea eskatzen duen continuum gisa ulertzen al da? Zifrek oso argi uzten dute, behintzat, eguneratze hori ez dela ikastaroak egitera lotzen. IKTei buruzko ikastaroak egin dituzten herritarren % 53,3k duela bi urte baino gehiago egin dute eta horietatik % 33,7k azken ikastaroa duela bost urte baino gehiago egin dute.
Ikertu nahi izan dugu loturarik antzematen ote den IKT gaitasunen eta enplegua bezalako bizi-esparruetan duten erabilgarritasunaren artean. Horrela bada, gaur egun lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun digitalak dituztela uste ote duten galdetzerakoan, % 15ak ezetz aitortzen du eta % 25 zalantzan dago edo zuzenean ez dakite. Eta badakite nora jo beharko luketen gaitasun horiek eskuratzeko? Inkestatutako pertsonen % 25,7k aitortu du ez dakiela nora jo behar duen lan munduari aplikatutako gaitasun digital horiek eskuratu behar izanez gero.
(6. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urte eta gehiagoko pertsonak “Jakingo al zenuke non eskura ditzakezun lan-merkatuak gaur egun eskatzen dituen gaitasun digitalei buruzko ezagutzak?” galderari emandako erantzunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Alderdi horiei erantzuteko, Gomendioak kapituluan hainbat neurri proposatu ditugu. Hona hemen horietariko batzuk: IKT prestakuntza prozesuetan berrikuntza gehiago ikasketa-etenaren antidoto gisa; IKTen erabileren dibertsifikazio handiagoa gaztetatik hasita, IKTen erabilera aurreratuen ikasketa sormena, zaletasun zientifikoa edo elkartasuna bezalako eremuekin lotzen duten jardueren bidez; gaitasunen katalogo global baten definizioaren premiazko beharra (adostua eta hezkuntza, lana, gizarte harremanak… bezalako bizitzaren hainbat eremu jasotzen dituena), pertsonek beharrezkoak diren gaitasunak identifika ditzaten eta gaitasun digitalen eskuratze maila kontrasta dezaten; edo Euskadin gaitasun digitalak eskuratzeko baliabide-mapa bat sortzeko ahalegina, herritarrek errazago identifika dezaten nora jo behar duten, zer eskaintzen duen baliabide horietako bakoitzak eta zein neurritan egokitzen diren horiek euren beharretara (hizkuntza etorkinen kasuan, ekipamenduen irisgarritasuna eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako aplikazioak, etab.).