AURKEZPENA
Adingabeei arreta ematea etengabeko lehentasuna izan da eta oraindik da Arartekoaren jarduketa ildoen artean.
Haurrek, nerabeek, euren ezaugarriengatik, biztanleria sektore oso zaurgarria osatzen dute. Adingabe guztiek eta adingabeak izate hutsagatik. Adingabe guztien artean, ordea, badira, aldi berean, euren eskubideei dagokienez arrisku bereziko egoeretan dauden taldeak edo sektoreak.
Urteotan, Arartekoak lehentasunezko arreta eman die egoera ahuletan dauden edo premia bereziak dauzkaten haur eta nerabe sektore horiei: babesgabetasun arriskuko adingabeak, babes sistemek abegi egindakoak; laguntasunik gabeko atzerritar adingabeak; nerabe arau hausleak; hezkuntza premia bereziak edo berariazkoak, minusbaliotasunari, egoera sozioekonomikoari, jatorriari edo etniari... lotuak, dituzten ikasleak; joera homosexuala edo nortasun transexuala duten adingabeak; osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeak; droga kontsumo arazotsuak dituzten nerabeak; eskola jazarpena pairatzen duten adingabeak...
Arazo horiei guztiei buruz azterlan monografikoak, berariazko gomendioak, herritarren hausnarketa eta partaidetzarako foroak, urteroko jarraipenak... egin dira, eta haietako bakoitzak bere berariazko atala izango du txosten honetan.
Arrisku handiko beste egoera batzuei lotutako jarduketak ere burutu ditugu, baina ez hain sistematikoki. Esaterako, genero indarkeriako egoeretan dauden haurren aurkako tratu txarrei, teknologia berrien erabilera edo gehiegizko erabileratik eratorritako arriskuei, edo komunikabideek adingabeei emandako trataerari... lotutakoak. Txosten honetan arazo horiei ere helduko diegu, baina ez hain luze eta zabal.
Hortaz, hemen aurkezten den txostenean labur aztertzen ahaleginduko gara adingabeei bereziki eragiten dieten hainbat egoera, izan ere, egoera horiek zaurgarriago bihurtzen ditu, beren eskubide eta garapen egokiari dagokienez.
Arestiko txosten berezien aldean daukan funtsezko desberdintasuna da ikuspegi laburtuagoa, ez hain exhaustiboa eman nahi diogula sektore bakoitzari, bilakaeraren ikuspegia. Halaber, egoeren artean dauden harremanak, haietako askotan komunak izan daitezkeen arazoak aztertu eta, horren ondorioz, haur zaurgarri horien egoera hobetzeko balio eta, azken batean, haien eskubideak era eraginkorragoan benetan betetzea berma ditzaketen proposamen edo gomendio berriak eskaini nahi ditugu.
Horrek hobekuntza zehatzak eskatzen ditu haurrei eta nerabeei arreta ematen dieten sistemetan:
– babes sistemetan;
– gazte-justizia sisteman;
– hezkuntza sisteman;
– osasun sisteman...
Eta haietako bakoitzari berariazko gomendioak egingo dizkiogu.
Baina, era berean, sistemen arteko lankidetza eta koordinazio handiagoa eskatzen du: adibidez, prebentzioa hobetzeko, hobeto antzemateko eta arrisku egoerak euren hastapenetan geldiarazteko, esku-hartzeak koherenteagoak izateko... Zentzu horretan, asko dira zuzenean zerikusia duten sailak eta administrazioak: tokiko administrazioa, lurraldeko administrazioa, autonomia administrazioa, administrazio zentrala...
Baina, administrazio edo erakunde guztien inplikazioarekin batera, gogoratu behar da haurren eskubideen defentsa gizarte osoari dagokiola, osatzen duten guztiei, eta horrek zaurgarritasun handiko egoerei buruzko ezagutza eta sentsibilizazio handiagoak eskatzen ditu. Txoten honek horretan ere lagundu nahi du.
Bukatzeko hiru gogoeta egin nahi ditut:
– Hemen aurkezten den txostena Arartekoaren beraren baliabideen bidez egin da oso-osorik. Zehazki, Haur eta Nerabeen Bulegoan diharduten Arartekoaren langileek egin dute. Bulego hori berria da oraindik, eta sortu izanak ere erakusten du Arartekoak biztanleriaren sektore zaurgarrienei eman dien eta ematen jarraitu nahi dien lehentasuna.
– Txostenak haurrei buruzko ikuspegi jakin bat ematen du, gure erkidegoko neska-mutil kopuru aldagarri batek bizi dituen egoera jakin batzuei buruzko ikuspegi bat. Hortaz, ez da txosten orokor bat edo haur guztiei buruzko diagnostikoa, arrisku handiko egoerei heltzen dien txostena baizik. Are zehazkiago, arrisku handiko egoera batzuei buruzkoa: Arartekoaren esku-hartzeak heldu ahal izan dien haiek. Hala ere, horrek ez du esan nahi txosten honetan aztertuko ez diren beste egoera batzuetan 18 urtez azpiko pertsonen eskubideak urratzen ez direnik edo hobekuntza behar duen alderdirik ez dagoenik.
– Txosten honetan erabilitako ikuspegiak eta eskemak Arartekoak urte askotan (gutxienez, 1995az geroztik) hasitako eta jarraitutako lan ildo bati jarraitzen dio –eta nolabait bukatu egiten du–. Lan ildo horrek bere emaitzak ekarri ditu, eta oraindik ere emaitza gehiago ematen jarrai dezake, baina, zalantzarik gabe, hurrengo urteetan erakunde honetako Haur eta Nerabeen Bulegoak garatu beharreko beste jarduketa eta ikerketa ildo batzuek osatu beharko dute.
Bukatzeko, oso bereziki Fermín Barcelóri eman nahi dizkiot eskerrak, Ararteko erakundean oinarrizko zutabea izan baita, eta iazko abuztuan erretiratu baitzen. 1995eko apirilean Ararteko erakundean sartu zenetik, Fermínek bere egin zuen Adingabeen Arloaren ardura, baita erakundearentzat garrantzi handikoak diren beste eginkizun batzuena ere. Hain ziren handiak Fermínek izandako balioa, lan ahalmena eta bere erantzukizunekiko engaiamendua, ezen Adingabeen Arloak, bere jarduera kopurua zela-eta, garrantzi oso handia hartu eta, horrek, 2009an Arloa Haur eta Nerabe Bulegoa bihurtzea eragin baitzuen. Fermínek berak zuzendu zuen hura maisutasunez eta nerabe berriaren ilusioz erretiratu arte.
Txosten monografiko hau Fermín Barcelóren kumea da. Harena izan zen hura egiteko ideia, eta harena izan da hura prestatzeak eta idazteak eskatu duten lan gogotsuaren zatirik handiena. Hau egiteko Ararteko erakundeko zenbait lagunek parte hartu badute ere, bidezkoa da aitortzea bertan Fermín Barcelók burutu duen lan ikaragarri eta bikaina, erakundean baja hartu ondoren ere txostena itxi arte bertan lan egiten jarraitu baitu. Beraz, nire esker on handia erakutsi nahi diot, azken urteotan Ararteko erakundean izandako jardunaldi bukaezinetan egindako lan nekaezin eta goresgarriagatik, eta bereziki, joateko orduan txosten zoragarri hau uzteagatik. Berton, amaiera bikaina emateko, Fermínek haur eta nerabe zaurgarrienekin, hots, jarduketa publiko eraginkor eta bermatzaileak gehien behar dituztenekin, izandako ardura eta engaiamenduaren emaitza jaso da.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA
2011ko otsaila