E) Osasun-sistemaren gaineko gomendioak
45. Adingabeen oniritzi informatua bermatzea
Adingabeek euren gaixotasunen berri izateko eskubidea dute, euren heldutasunari eta ulermen-mailari dagokien neurrian. Gainera, euren oniritzia beharrezkoa da, hamasei urte betetzen dituztenetik aurrera, ezinbestekoak diren ebakuntza klinikoak egiteko, ezgaitasunik ez duten edo ezgaituta ez dauden kasuetan (azaroaren 14ko 41/2002 Legea, informazio eta dokumentazio klinikoari buruzko eskubide eta betebeharren eta gaixoaren autonomiaren oinarrizko araudia). Araudiak ere xedatzen du adingabearen iritzia jakin beharra dagoela hamabi urte betetzen dituenetik aurrera.
Informatua izateko eta dagozkion erabakietan parte hartzeko eskubidea –osasun arazo bati erantzuteko osasun-tratamendu ezberdin artean hautatzeko aukera, botiken erabilera egokia, tratamendu eta terapia ezberdinen artean aukeratzeko eskubidea eta informazioa– baliabide egokiekin bermatu beharra dago. Horretarako, beharrezkoa da adingabeei egiten zaizkien audientziak espedientean eranstea eta kontrastatuak izan ahal izatea.
46. Umeen arreta eta prebentzio eta detekzio goiztiarrak lehenestea
Txosten honetan, behin baino gehiagotan azpimarratu da prebentzio eta detekzio goiztiarraren garrantzia, bereziki umeei eragiten dieten urrakortasun bereziko egoeretan.
Alde horretatik, umeen populazioari eskainitako arretak lehentasun handiena izan beharko luke osasun sistemaren barruan; lehentasun hori agerikoa egingo litzateke, adibidez, profesionalen espezializazioan edo euren eskura jarritako baliabideetan.
Urrakortasun bereziko edo arrisku egoeretako prebentzio edo detekzio goiztiarrari dagokionez, garrantzitsua da azpimarratzea pediatrek duten zeregin zentrala eta, kasu batzuetan, anbulatorio edo ospitaleko unitateek edo larrialdietako zerbitzuek izan dezaketena.
Detekzio eta ekintzarako protokoloen existentzia adingabeen tratu txarren egoera posibleen aurrean aztergai dugunaren adibide on bat izan daiteke. Osasun-zerbitzuek lortutako informazioa da, beharrezko kontuarekin, beste sistema batzuen esku hartzeko egokirako interes handikoa izan daitekeena (zerbitzu sozialentzat, hezkuntza zerbitzuentzat, polizia zerbitzuentzat…).
47. Osasun-adierazleen erabilera jarraipen-elementu gisa
Nazioarte mailan, osasun-adierazle jakin batzuk erabiltzeko praktika hedatzen joan da, adingabeen osasunerako eskubidearen aplikazioaren maila "neurtzeko" tresna gisa eta erabiltzen da konparatzeko, adibidez, urte eta herrialde ezberdinen arteko egoera. Adibidez, lehen urteko bizi-itxaropenarekin, obesitatearekin, drogen gehiegikeriarekin, haurdunaldi goiztiarrekin eta abarrekin erlazionatutako adierazleak.
Datu horiek eskuratzen dituena edo eskura dituena, gure kasuan, osasun-sistema da. Gomendio honetan eskatzen dena da adierazle jakin batzuen erabilera sistematiko eta publikoa, umeen populazioaren osasun-egoeraren gaineko jarraipena egiteko modu egoki gisa.
48. Osasun-sistemaren koordinazioa beste sistema batzuekin eta osasun-gizartearen gunearen garapena
Txosten honetan zehar, urrakortasunaren egoera jakinetan oinarritutako 3. atalean, zein arazo komunak nabarmentzen dituen 4. atalean, gomendioen atal honetan bezala, umeen populazioarekin lan egiten duten sistema ezberdinen arteko koordinazioa hobetzeko beharra azpimarratu dugu behin eta berriz.
Azken urte hauetan jasotako balorazioei jarraiki, sistema baten koordinazioa lortzea zaila bada, halaxe gertatzen da osasun-sistemarekin, ziurrenik arrazoi asko tartean daudela.
Izan ere, Arartekoaren erakundeak osasun-gizartearen esparrua garatzeko beharraren gaineko ezohiko txosten bat aurkeztu zuen. Behar hura txosten hartan azaltzen zen maila orokorrean; hemen azpimarratu nahi dugu haren garrantzia, zehazki, umeei eragiten dien neurrian.
Hemen aztertutako sistema edo zerbitzu guztiak (babes-sistema, gazte-justiziaren sistema, hezkuntza-sistema…) bat datoz adieraztean osasun-sistemak eskaintzen dien lankidetza erabat aski-eza eta beharrezkoa dela.
49. Ume eta gazteen adimen-osasun arreta hobetzea
Osasun esku hartzeen ez-nahikotasunaren balorazioa, aurreko paragrafoan adierazia, adingabeen adimen-osasunaren arretari dagokionez bereziki nabarmena egiten da.
Hemen, adibidez, umeen psikiatriako profesional nahikoren espezializazioaren falta sumatzen da, adingabeekin eta euren familiekin esku hartzeko plan integralen existentzia, esku hartzeen jarraitutasunik edo denbora nahikorik eza, bitartekaritzaren terapia alternatiboen erabilera, arazo larriak dituzten nerabeen barnetegi eta babes-zentroetako adimen-osasun zerbitzuen inplikazio handiagoa…