A) Izaera globaleko gomendioak, aztertutako sektore guztietarako edo denetarako baliagarriak
1. Umeen eskubideen gaineko kontzientzia soziala berrindartu eta zabaltzea
Sarritan entzuten dira adingabeek eskubide ugari eta betebehar gutxi dituztela aditzera ematen duten kezkaz eta kritikaz beteriko iritziak. Gure uste apalean, eztabaida faltsua da oso. Eskubideak eta betebeharrak txanpon beraren bi aurpegiak baino ez dira. Eta, era berean, ez dugu uste praktikan umeen eskubideen gaineko kontzientzia sozial handiegirik dagoenik.
Adingabekoen eskubideak, zeharka, helduentzako betebeharrak dira. Babeserako eskubidearen arabera, adibidez, arrisku egoera –moral zein legal– baten berri duen pertsonak eskumendun agintariei jakinarazi behar die berehala.
Era berean, umezaroaren eskubideek eta adingabearen interes goreneko printzipioak beharrezkoa egiten dute hezkuntza ikuspegi bat hartzea eta adingabe batekiko esku-hartze oro bide hartzeko lehentasunak ezartzea, baita sistema zuzentzaileen esku-hartzea ere: gazteentzako justizia (hezkuntza neurriak –baina ez adibide-emaileak–, adingabeak bere jarreren erantzukizuna hartzea bilatzen duten defentsarako ekintzak –ez ondorioetatik libratzea inolako preziorik ordaindu gabe–).
Ziurrenik, adingabeen eskubideen gaineko kontzientzia soziala handiagoa da orain duela urte batzuk baino, eta poztu eta alaitu beharra dugu horrengatik. Baina oraindik asko egin beharra dago, bai maila orokorrean (eskubideen zabalkundea), baina egoera jakin batzuen gaineko kontzientziazioan (zigor fisikoak, tratu txarrak, sexu jazarpena, etab.).
Gomendio honek berori azpimarratu nahi du eta administrazio guztiei eskatu nahi die umeen eskubideen babeserako sentsibilizazio sozialerako ekimenekin jarraitzea eta berrindartzea.
2. Entzuna izateko, parte hartzeko eskubidea praktikan jartzea
Umeen eskubideen Konbentzioak, 12, 13, 15 artikuluetan, informazioa emateko eta jasotzeko, biltzeko, iritzia emateko eskubideak azaltzen ditu… 12. artikuluak, zehazki, honela dio: "Umeak eragiten dioten gai guztien gaineko iritzia emateko eskubidea du, eta kontuan hartu beharko da haren iritzia". Eragiten dioten gai guztien gainean.
Argi dago eskubide honen aplikazio zehatza adinak edo iritzia emateko gaitasuna bezalako faktoreek baldintzatzen dutela. Baina, txosten honetan aztertutako egoerak aztertzen baditugu, adibidez, asko dira eragiten dizkieten gaiak eta, beraz, asko dira iritzia emateko eskubidearentzako lekua dutenak eta kontuan hartu behar direnak (nahiz eta horrek ez duen esan nahi bete behar direnik):
– Familiarengandik bereiztea dakarren babeserako neurri bat hartzea.
– Gune jakin batean edo bestean sartzea.
– Jaioterrira itzultzeko prozedura baten aplikazioa.
– Osasun probak egitea, adibidez, adina zehazteko.
– Neurri zuzentzaile bat edo beste bat hartzea.
– Gela bateko edo besteko hezkuntza artapena edo bilera.
– Osasun tratamendu jakin bat jarraitzea edo medikazio jakin baten aplikazioa.
– Etab.
Bereziki egokia iruditzen zaigu azpimarratzea adingabekoen partaidetza bermatzearen garrantzia, parte hartzen duten gela, talde, zerbitzu eta zentroen elkarbizitzaren arauen garapen, onarpen eta aplikazioan. Horrek benetako partaidetzarako bideak egotea eskatzen du, horretara bideratutako epeak, kexa eta iradokizun mekanismoak…
3. Familiei laguntza ematea adingabeekiko funtzioen garapen egokia lor dezaten
Arartekoaren esku-hartzea hemen aipatutako gaietan bereziki ume eta nerabeen artapen "instituzionalizatuan" oinarritu da, legeak ematen dizkion eskumen eta funtzioei jarraiki. Horrek azaltzen du zergatik duen hainbesteko pisua gure txostenetan –baita honetan ere– harrera-zentroen, barnetegien, eskolen, hezkuntza eta terapiarako unitateen eta abarren egoeraren azterketa.
Hala egiten dugu lege eskakizunez, baina horrek ez du esan nahi ez ditugula ondo ezagutzen instituzionalizazioaren erantzunek izaten dituzten mugak; bereziki honakoei dagokienez: lotura afektiboak, bizitzan zeharreko erlazioaren jarraipena, erreferentzia eta babes iraunkor gisa balia daitezkeen helduen disponibilitatea…
Arrisku handiko eta urrakortasuneko egoeretan ere, familia existitzen ez denean edo betetzen ez dituenean oinarrizko funtzioak eta instituzio batek hartzen duenean adingabearen tutoretza, baita kasu horietan ere, lotura afektiboa beharrezkoa izaten da bere segurtasun eta garapen osorako.
Bestalde, badago errealitate estatistikoa ere, batzuetan ahaztua: gure erkidegoko adingabeen %99 ia-ia, "euren" familietan bizi dira, izan biologikoak, adopziozkoak, harrerakoak, hedapenekoak, guraso bakarrak, sexu bereko gurasodunak…
Argi dago familia guztiek (edozein dela ere adingabea bizi den familia-eredua) ez dituztela beharrezko baliabide, gaitasun eta eskumenak euren babes eta zaintzarako funtzioak behar bezala betetzeko. Oso arrazoi ezberdinengatik. Eta ematen du arrazoi hori hemen aipatutako arrisku-egoera ugariren jatorrian dagoela.
Baina euren lana behar bezala betetzeko gai ez diren horietako familia askok –arrazoi ugari tarteko–, beharrezko laguntzekin egin ahal izango lukete: laguntza teknikoa, trebakuntza, ezinbesteko baliabideak, aholkularitza, denbora komunak errazteko bateratze-neurriak, laguntza…
Eremu honetan, dudarik gabe, lan eta hobekuntza aukerak izugarriak dira eta, batik bat, arrisku larriko egoerak saihesteko edo prebenitzeko balioko lukete, esperientziak erakusten digunez, behin gertatu ondoren adingabearen garapenean ondorio larriak baititu eta oso zailak da horiek berbideratzea.
Familien laguntzarekin bat, oro har, edo familia edo lan arloko bizitza uztartzeko beharrezko neurriekin bat, orain arte gure artean gutxi esperimentatutako formulak potentziatzeko bizikidetza aipatu beharko litzateke hemen ere, adibidez, profesionalizatutako harrera-familien existentzia.
EAEko familiei laguntzeko instituzioen arteko planen existentziak balio beharko luke hemen proposatutako ekintza-ildoen antzekoak bultzatzeko eta esperimentatutako aurrerapausoak balioesteko.
4. Instituzioen erantzukizuna eta umeen artapenean Hirugarren sektorearen zeregina hobeto argitzea
Aztergai hartzen dugun kolektiboa edo gaia edozein dela ere, aldatu egiten da Hirugarren sektoreak elementu gako gisa duen pisua, eskura dituen baliabide eta programen kudeatzaile gisa. Kasu guztietan, halere, erabakigarria da. Eta batzuetan (adingabeen harrera-guneen sarea adibide), bere pisua, ia erabatekoa da. Ia baliabide guztiak (salbuespen gutxi batzuk kenduta) Hirugarren sektoreko elkarte eta antolakundeek kudeatzen dituzte.
Sarritan, alde bakoitzaren betebehar eta konpromisoak zehazten dituen tresna formal bakarra urteko hitzarmena da, eskumendun Administrazioaren eta aztergai den entitatearen artean sinatua. Zehaztasun gehiago edo gutxiagoko hitzarmena.
Gomendio honen bitartez alde guztien artean egoera hau berraztertzeko beharra planteatu nahi dugu, eremu sendo eta iraunkorragoak izateko aukerak aztertzekoa (urte anitzeko hitzarmenak edo kontzertuak), aplikazioa hedatzekoa, eta, edozein kasutan, Hirugarren sektoreak burututako lan handia duintzekoa, profesionalizazioa potentziatzekoa eta ebaluazio eta kontrolerako elementuak hobetzekoa, beti Administrazioari baitagozkio, Administrazioa baita adingabeen eskubideak bermatzeko azken erantzulea.
5. Beharrezko baliabideen sorkuntza eta babeserako lidergo instituzionala
2001. urtean jadanik, "arazotsutzat" jotako populazio taldeentzako baliabide eta zentro jakin batzuen kokapenak eragindako protesta eta gaitzespen erreakzioak ikusita, erakunde honek gomendio orokor bat egin zuen "urrakortasun bereziko egoeran dauden kolektiboentzako zerbitzuak sortzeko erakundeen lidergoa" delakoari buruz.
Gatazka askotan esku hartu ondoren, Arartekoaren erakundeak gogoratzen zuen orduan zerbitzu baten sorkuntza, bere ezaugarriei jarraiki, araudi jakin bati lotzen zaiola eta, beraz, prozedura arautu bat jarraitzen du (lanen baimena, irekitzeko baimena…). Kasu hauetan, eskumena duen administrazioak lege-esparrua aplikatzea besterik ez du, ezarritako prozedura fidelki jarraituz eta puntualki erabakiak hartuz, zerbitzua baimenduz edo ezetsiz. Zehazki, ez dago dudarik, halako prozeduren oinarrizko funtzioetako bat alde guztiei segurtasun juridikoa eskaintzea, bai zerbitzua sortzea eskatzen eta sustatzen dutenei, bai proiektuaren eragina izan lezaketenei. Beraz, beharrezkoa da prozedura betetzeko beharra azpimarratzea, baita honek eskaintzen dituen aukera guztien aprobetxamenduan ere, alde guztiek alegazioak egiteko eta euren jarrerak azaltzeko aukera izan dezaten, aldez eta epez.
Arazo edo hutsuneak aztertzen ditu ere, batzuetan, horiek nabarmentzen baitituzte auzokideen erreakzioek. Oinarrizko alderdiak zalantzan jartzea sumarazten duten aurkako erreakzioak, sozialki gutxi landutakoak batzuetan. Hortaz:
– Politika jakin batzuekiko desadostasuna azaltzen da.
– Zonalde jakin batzuetako zerbitzu jakin batzuen kontzentrazioa zalantzan jartzen da.
– Planifikaziorik eta baliabideen banaketa orekaturik eza zalantzan jartzen dira.
– Informazio eta partaidetza-bideen hutsunearen aurrean protesta egiten da…
Azken urteetan zehar, asko izan dira arazotsutzat jotako nerabeentzako baliaibide hauen irekierek eragindako era honetako adierazpenak.
Kontua ez da balioestea argudioak egokiak diren ala ez, ezta kritikoki onartzea ere, ezpada zer oinarrizko gaik elikatu ditzaketen horrelako jarrerak. Zerbitzu jakin batzuen planifikazio publiko bat balego, adibidez, akaso errazagoa litzateke defendatzea, zonalde bateko auzoko ordezkarien aurrean, baliabide jakin bat zonalde jakin batean kokatzeko beharrizana, antzeko batzuk beste zonalde batzuetan kokatzen diren bezala –edo kokatuko dira, planifikazioari jarraiki–.
Arazo horiek prebenitzeko eta saihesteko beharrezkoa da sentsibilizazio soziala. Alde horretatik, urrakortasun bereziko edo baztertzeko arriskuan dauden adingabeentzako zerbitzuak sortzeari dagokionez, Arartekoaren erakundearen ustez, beharrezkoak da eskumena duten administrazioek lidergoa eta jarrera aktiboa izatea kasu guztietan, helburu hauek lortzeko:
– Baztertzeko arriskuan dauden adingabeentzako zerbitzuen beharra eta ontasunaren gaineko sentsibilizazio soziala lortzea; horrek, gutxienez, bazterketaren aurkako erantzun sozialaren programa, politika eta apustuen gaineko informazio sistemiko eta argia eskatzen du.
– Artapen beharrizanak aztertzea eta, ondorioz, erantzunak planifikatzea eta lurraldean banatzea, gehiegizko kontzentrazioak eta ghettoak sortzeko arriskua saihestuz.
– Informazio eta proposamenen elkartrukaketa ahalbidetuko duten partaidetza mekanismoen erabileraren existentzia erraztea eta sustatzea, eragile sozial antolatuen (elkarteen…) zein proiektuaren fase guztietan nolabaiteko eragina izandako auzokideen presentzia aktiboa bermatuz.
– Inplikatutako sail edo administrazioen arteko posizio komunak koordinatzea eta moldatzea (izan tokian-tokian, lurraldean edo erkidegoan).
– Zerbitzuek ondo funtzionatzeko beharrezko bermeak eskaintzea. Profesionalen eta/edo programen laguntza, kontrol, ebaluazio, jarraitutasun eta abarrei eragiten dieten bermeak, batik bat baliabide baten kudeaketa beste entitate bati ematen zaionean eta ekimen sozialetik datorrenean.
– Bereziki urrakorrak diren populazio sektoreen estigmatizazioari ekarpenak egiten dizkioten kargu publikoen hitzaldi eta manifestazioak saihestea, eurei zuzendutako baliabideen kokapena gaitzespen posiblea prebenitzeko neurri gisa.
– Gatazka posibleak saihestea eta, sortuko balira, lehenbailehen konpontzeko ekarpenak egitea.
– Programen jarraipena egitea, beharrezko moldaketa sartzeko eta praktika onak zabaltzeko.
Horrengatik guztiarengatik, Arartekoaren erakundearen arabera, ezinbestekoa da erakundeen arduradunek proiektu hauek bultzatzea eta bideratzea, sentsibilizazio soziala, herritarren partaidetza, beharrizanen araberako erantzunen planifikazioa, administrazioen arteko koordinazioa, elkartasunezko ekimen sozialen laguntza eta errekonozimendua, eragile sozial konprometituenekiko lankidetza arrisku egoera larrienetan dauden haurren defentsan, eta zerbitzuen funtzionamendu zuzenaren bermea.
6. Jasotako emaitzen ebaluazio sistematikoa eta publikoa
Aurreko atalean adierazi dugun bezala, azken urteetan urte anitzeko ekintza-planak onesteko praktika zabaldu da gure artean, bai izaera orokorrari dagokionez (lurralde edo udalerri jakin baterako umezaro-planak), bai hemen landutako sektore edo gai batean oinarritua (immigrazioa, herri ijitoa, eskolako bizikidetza, adimen-osasuna, aldi baterakotasuna, droga-mendetasuna…).
Plan horien existentzia aurrerapausotzat jo beharra dago, gizartearen aurreko konpromiso publiko argia baita. Baina konpromiso hori, gure iritziz, plan horiek praktikan jartzerakoan lortutako emaitzen ebaluazioari luzatu behar zaio ere, nahiz eta hori ez den beti gertatzen.
Onartutako planetako askok badituzte ebaluazio adierazleak ere; hau da, jarraitutako helburuen lorpena ebaluatzeko oinarria izan behar duten datu, emaitza eta informazioak aurreikusten dituzte. Eta, gai jakin batzuetan, badira dagoeneko plan batzuk: I Plana; II Plana…
Ematen du beharrezkoa dela azpimarratzea Plan guztiak ebaluatzeko garrantzia, gutxienez indarraldiaren amaiera aldera. Ebaluazio hori ahalik eta objektiboena izan behar da, era parte-hartzailean burutu behar da, publiko egin behar da eta oinarrizko elementua izan behar da neurri zuzentzaileak hartzeko eta, beharrezkoa balitz, plan berrien garapena bideratzeko.
Jarduteko modu horrek ez du aparteko ezer izan behar, ezpada onartutako plan guztiei modu sistematikoan aplikatzen zaien praktika ona.
7. Zerbitzu eta profesional ezberdinen arteko koordinazioa hobetzea, adingabeekiko esku-hartzeetan koherentzia handiagoa bermatzeko neurri eraginkor gisa
Txosten honen 3. eta 4. atalean ikusi ahal izan den bezala, baita aurreko txosten monografikoetan ere, zerbitzuen arteko koordinazioaren arazoak eta zailtasunak adingabeekiko lanean etengabe azaltzen dira.
Oso faktore eta kausa ezberdinengatik: zerbitzu bakoitzak Administrazio ezberdin bat baitu (tokikoa, lurraldekoa, autonomikoa…); zerbitzu bakoitzak sail ezberdinen lotura du, Administrazio berekoak badira ere (Hezkuntza Sailekoak, Osasun Sailekoak, Justizia Sailekoak…); ekintza komuneko protokoloentzako eta informazioa transmititzeko antolatutako bideen existentzia ezarengatik; kultura profesionalengatik eta profesional batzuen eta besteen estatus ezberdinengatik…
Eta, halere, ohikoa, normala, izaten da urrakortasun bereziko egoeran dagoen adingabe bakoitzaren kasuan profesional askok parte hartu behar izatea, eta denbora luzez egin behar izatea.
Koordinazioa, beraz, ez da soilik desiragarria, ez da soilik komenigarria, ezpada guztiz beharrezkoa koherentzia –eta eraginkortasuna– emateko esku-hartze profesional ezberdinei.
Hurrengo gomendioetan era zehatzagoan adieraziko den bezala, koordinazio beharra nabarmena da eremu edo egoera jakin batzuetan: Tokiko eta lurraldeko zerbitzuen arteko babesari dagokionez; babes eta justizia zerbitzuen artekoari dagokionez; osasun zerbitzu eta hemen aztertutako gainerako zerbitzuen artean…
Bestalde, koordinazioa ezin da gelditu profesionalen euren borondate onaren eskuetan; lehentasuntzat jo beharra dago eta zerbitzuon buru den administrazioak berak bermatu behar ditu. Alde horretatik, gure erakundeen "arkitekturak", askotan, laguntza baino eragozpena da, zailtasun erantsia.
8. Konpentsazio politikak segregazioaren edo estigmatizazioaren aurkako neurriekin uztartzea
Neurriz kanpokoa edo leku ez hain garatuetakoa eman lezakeen arren, badira bazterketa egoerak eta segregazio eta estigmatizazio mekanismoak ere, tamalez.
Horrela, gehienetan arrakastatsuak diren gizarteratze-ibilbideen existentzia argitasunez azpimarra dezakegun arren (familia egituratu bateko kidea izan — eskolaratze probetxugarriaz gozatu — kualifikazio profesionala lortu — familia-bizitza, bizimodu autonomo edo enplegua lortu…) bazterketa ibilbideen existentzia antzeman dezakegu ere: Familiaren hutsunea edo desegituratua — eskolaratze arazotsua edo eskola porrota — instituzionalizazioa — delinkuentzia — instituzionalizazio berria — erreinzidentzia…
Hori dela eta, askotan, gaur egun harrera-etxe batean aurkitzen dugun nerabea, edo eskolaratze prozesutik kanpo ikusten duguna, bihar-etzi barnetegi batean aurkituko dugu, eta berriz aurkituko dugu, hilabete batzuen ondoren, arrisku bereziko egoeraren batean.
Erakunde honen ustez, horrek eskatzen du ustez kontrakoak diren bi ekintza mota modu egokian uztartzea:
1) Alde batetik, egoera urrakorrenean edo arrisku larrian dauden umeei zerbitzuen aldeko konpentsazio politikoak aplikatzea, baliabide eta laguntza gehiago emanez, beste zentro edo baliabide batzuei baino.
2) Aldi berean, umeen populazioaren, bere estigmatizazio sozialaren, ghettizazioaren, bazterketaren eta segregazioaren arriskuak ahalik eta gehien saihesteko neurriak hartzea eta aplikatzea.
Gomendio orokor honek badu zehaztasuna, adibidez, 28. eta 33. gomendioetan, hezkuntza sistemari aplikatutakoetan eta, zehazki, urrakorragoan egiten dituzten heziketa beharrizan berezietako edo bereizietako eskolako populazio jakinei zuzenduak.