3.13. Beste zaurgarritasun-egoera batzuk
Aurreko idatz-zatietan haur eta nerabe batzuen problematika jorratu dugu, zaurgarritasun-egoera berezia edukitzeagatik erakunde honen arreta jarraituaren eta sistematikoaren xede izan badira. Sektore hauez gain, azken urteetan, eta oso ekimen desberdinen bidez, Arartekoak arreta berezia eskaini die beste egoera batzuei edo bereziki zaurgarriak diren taldeei. Horiei helduko diegu datozen orrialdeetan.
Aurreko kapituluetan erabili dugun egitura apurtuko dugu hemen, funtsean bi arrazoi direla-eta. Batetik, aztertuko ditugun gaiak, modu batera edo bestera beste txosten edo jarduera batzuetan jorratu badira ere, ez dira txosten berezi baten edo hausnarketa foro baten xede izan berariaz, eta, beraz, ez dugu informazio zehatz eta alderaturik. Bestetik, problematika hauen bilakaeraren sintesi bat egin baino, hemen aurrerantz begiratu behar da eta lan ildoak finkatu etorkizunera begira.
Jarraian ikusiko den moduan, gaien garapena ez da berdina kasu guztietan. Arrazoia, neurri handi batean, azkenaldian gai batzuei edo besteei eman ahal izan zaien arreta maila da.
Adingabeak eta pobrezia
Azken urteotan, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako programak edo baliabideak kudeatzen dituzten erakunde ezberdinekin Arartekoak duen harremanaren esparruan normalean, baina, baita ere, herritarrek adierazietako kexa batzuen bitartez, errealitate kezkagarri batzuk ezagutu ditugu pobrezia egoeran bizi diren haur eta nerabeei dagokienez (bizitokirik gabeko familietan bizi diren adingabeak; emakume atzerritarrak, baliabiderik gabekoak, seme-alaba jaioberriak dituztenak eta bizitokirik gabeko pertsonei gaueko harrera emateko jarri diren bizitokiez gain bestelako bizitokirik ez dutenak; gutxieneko baldintzak biltzen ez dituzten etxebizitza edo lokaletan bizi diren adingabeak; lan bila mugitzen diren sasoikako langile familietako adingabeak...).
Herrialde aberatsetan haurren pobreziaren gaia jorratzen duten azterlanak eta ikerketak badaude nazioarte mailan (adibidez UNICEFen Innocenti Ikerketa Zentroak argitaratutakoak). Halaber, zenbaitetan alderaketak egitea ahalbidetzen duten datu estatistikoak, Caritasek edo beste erakunderen batek bultzatutako azterlanak... badaude. Orokorrean, ordea, gure ingurunean gehiegi landu eta ikertu ez den errealitate bat da. Euskadin haurren pobrezia tasa beste toki batzuetakoa baino txikiagoa izan daitekeen arren, zenbatetsi diren kopuruak kezkagarriak dira benetan, izan ere, biztanleriaren sektore garrantzitsu bati eragiten diote eta krisi garaian bost adingabetik bati eragin diezaioke (lautik bat Espainia osoarentzat, Caritasek argitaratu duen azkeneko txostenaren arabera).
Honakoa errealitate konplexua da, eta, dudarik gabe, arreta berezia eta jarraitua eskaini beharko zaio datozen urteetan.
Sexu abusua
Sexu abusuen biktima diren haur eta nerabeen egoera ere izan da kezkagarri Arartekoarentzat. Gai honetan izan dugun esku-hartzea lankidetzarena izan da zenbait erakunderekin –batez ere Save the Childrenekin–, eta baita babesa eta partaidetza ere azken urteotan bideratu diren ekimen ezberdinetan.
Besteak beste, "Haurren sexu abusuko kasuetan jardun bateratua bideratzeko protokoloen sustapena" gaiari buruz egindako lan mintegi batean izandako parte-hartzea azpimarratu nahi genuke. Bertan, praktika egokietarako proposamenak eta irizpideak jorratu ziren, teknologia berriekin uztartuta abusuen biktima diren adingabeak identifikatzeari buruzko adituen nazioarteko topaketa batean, adingabeen salerosketari buruzko topaketa batean... Horiek guztiak aipatu den erakundeak antolatu zituen.
Haurrekiko abusua eta sexu esplotazioa dira haurren eskubideen urradura larrienetako bat, eta inpaktu eta ondorio larriak ditu haurraren oreka emozionalean eta bere garapenean.
Babes sistemek, gizarte zerbitzuek, poliziaren zerbitzuek, epaileek edo eskubideen bermatzaile diren erakundeek –gurea, kasu– beti izan dituzte zailtasunak horrelako egoerak antzeman eta horietan esku hartzeko. Neurri batean, horietako asko eremu pribatuetan, opakoetan, iristea zaila den horietan, gertatzen zirelako –eta egun ere horietan gertatzen direlako–, eta horrek egoeraren berri edukitzea eta hura ikertzea zailtzen du.
Azken urteotan, teknologia berriak erabiltzeak erraztu egin du, batetik, abusu modu jakin batzuk hedatzea, beste abusu modu berri batzuk sortzea, horiek barreiatzea eta antzemateko zailtasunak areagotzea eta, bestetik, anonimotasuna eta zigorrik gabe geratzea etorri dira.
Biktimen babesa eta horiei eman beharreko arreta lehentasuna izan behar da, eta botere eta erakunde guztien aldetiko konpromisoa eduki behar du. Sexu abusuen biktimak adingabeak dira, zenbaitetan oso gazteak, eta, beraz, ez dira gai beren buruak defendatzeko, beren egoera aztertzeko edo hartatik irten ahal izateko erabaki autonomoak hartzeko. Jasandako sexu abusuak biktimengan dituen ondorioei buruz ez dakigu asko, baina badakigu zenbaitetan urte asko behar izaten dituztela gertatutakoa onartzeko eta hitzez adierazteko.
Errealitate hau jorratzeko beharrezkoa da baliabideak, ikerketak, profesional ezberdinen berariazko prestakuntza, gizarte sentsibilizazioa, biktimei babesa ematekoa, zerbitzu eta erakunde ezberdinen arteko koordinazioa... edukitzea. Horretarako, beharrezkoa da politikaren eta erakundeen aldetiko babesa izatea.
Indarkeriaren biktima diren adingabeak
Edozein motatako indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeen egoera ere izan da kezkagarri Arartekoarentzat. Gure parte-hartzea eduki duten ekimenak eta jarduerak oso anitzak izan dira, eta indarkeriazko egoera ezberdinei heltzen diete:
– adingabeen aurka familiaren baitan egindako indarkeria;
– indarkeria edo jazarpena ikastetxeetan (txosten honen 3.11 idatz-zatian berariaz jorraturikoa);
– adingabeei eragiten dien genero indarkeria (foru aldundiek gai horri emandako arreta Arartekoaren jarraipenaren xede izan da);
– indarkeria terrorista (terrorismoaren biktimei buruzko txosten berri baten xede)...
Zorionez, geroz eta sentsibilizazio handiagoa dago haurren aurkako edozein tratu txar saihesteko beharraren gainean. Zentzu horretan, prestakuntza eta hausnarketa jardueretan lagundu eta parte hartu dugu, horiek haurren aurkako tratu txarra prebenitzeko beste erakunde batzuk antolatu dituztenean.
Edonola ere, balioei buruzko gure txostenean orain dela gutxi egiaztatu ahal izan dugun bezala, egia da oraindik neurri bateko gizarte onarpena dagoela indarkeriaren aurrean –baita indarkeria fisikoaren aurrean ere, zaplaztekoaren aurrean adibidez–, hura haurren jokabide jakin batzuk zuzendu edo zigortzeko erabiltzen bada. Adingabeen jokabideei mugak jartzea beharrezkoa da erabat haiek hezi eta behar bezala gara daitezen. Muga horiek errespetatzea lortzeko modua, ordea, egokia izan daiteke zein ez. Indarkeria ez da inoiz egokia, eta, beraz, saihestu egin behar da, haurrengan sortzen duen kalteagatik.
Haurrei eta nerabeei buruzko informazioari emandako tratamendua
Herritarrek Arartekoari kezka agertu diote beste gai baten inguruan, hain zuzen ere haur eta nerabeei buruzko informazioak hedabideetan duen barreiapenarenari buruzko kezka. Gai honi buruz aurkeztutako kexetako batzuk adingabeen irudi edo datu pertsonalen erabilerari heltzen diote (izena, ikastetxea...), izan ere, horrek haien intimitaterako eskubidea zaurtzen du eta kalte larria eragin diezaieke.
Informaziorako eskubideak, adierazpen askatasunerako eskubideak nahiz hedabideen jardunak errespetatu egin behar dituzte haurren eskubideak eta, horien artean, baita intimitaterako, ohorerako eta haurren eta nerabeen euren irudirako eskubidea ere. Horrela, aintzat hartu behar da zaurgarritasun egoera berezian daudela eta, kasu guztietan, adingabearen interes gorenaren printzipioa da aplikatu behar dena.
Zentzu horretan, gai batzuk azpimarratzen aritu gara, adibidez beharrezkoa dela haurraren edo nerabearen izaerari lehentasuna ematea bestelako inguruabarren aurretik (bakarrik dagoen atzerritarra, ustezko jazarlea, biktima...), aintzat hartu behar dela haurraren edo nerabearen interes gorena eduki bat barreiatzea erabaki aurretik (baloratu nola eragin diezaiokeen horrek orain eta etorkizunean), ez direla irudiak edo informazioa barreiatu behar horrek adingabearen izen ona hondatzea, duintasuna urratzea edo bere interesen aurkakoa izatea badakar (adibidez, adingabe bat arau-hausle gisa edo delitu baten biktima bezala identifikatzea, edo osasunaren alorreko datuak edo txosten psikologikoak barreiatzea), eta abar.
Gai honi arreta berezia eman beharko zaio, are gehiago aintzat hartuz gero teknologia berriek eta hedabideek bilakaera azkarra izaten dutela.
Adingabeak, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak
Azken urteotan hainbat jarduera eskuratu dituen gaietako beste bat informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilerarena da. Internet, posta elektronikoa, txatak, foroak, bat-bateko mezuak, gizarte sareak... aukera ugari eskaintzen dituzten tresnak dira, adibidez informazioa eskuratzeko eta pertsonen arteko komunikazioa egoteko (informazio ugari, harremanak eratzeko modu berriak, urruneko errealitateen berri edukitzeko aukera...).
Internet, telefonia mugikorrarekin eta bideojokoekin batera, guztiok erabiltzen dugun zerbait da, geroz eta zabalduago dago gure adingabeen artean eta egunero mugitzen diren ingurune bat eratzen du. Askotan, gurasoak eta hezitzaileak baino trebetasun eta prestakuntza tekniko handiagoarekin mugitzen dira unibertso digitalean. Teknologia berriek eremu guztietan agerpen handia duten gizarte batean jaio eta hazten ari den belaunaldi batekoak dira.
Internetek, eta, orokorrean, teknologia berriek hezkuntzarako dituzten aukerak ezin dira zalantzan jarri. Aitzitik, horien erabilera okerrak haur eta nerabeentzat eduki dezakeen arriskuan ere adostasuna dago.
Adingabeek aurre egin behar diete arrisku batzuei, eta horietarako helduok ezin izan ditugu haiek prestatu –beste hainbat esparrutan ez bezala–. Izan ere, gutako askok ez ditu ezagutzen sozializazioko esparru berri honetako berezko arauak, eta iritsi berriak gara mundu digital honetara.
Ziberbullying-ari buruz, teknologia berrien erabilera desegokiaren arriskuei buruz eta horiek segurtasun handiagoarekin erabiltzeko irizpide edo aholkuei buruz, Ararteko Erakundeak bi material didaktiko editatu eta banatu ditu EA
E osoko ikastetxeetan. Bertan, adingabeentzako jolasak eta hezitzaileentzako gidak bildu dira: Ziberbullying-a. Teknologia berrien bidezko jazarpenari aurrea hartzeko material didaktikoa eta Leihoak. Abentura erreala mundu birtualean. Gozatu Internetez… Sarean erori gabe. Pantallas Amigas ekimenak diseinatu ditu. Material hauek interesgarri suertatu dira beste erakunde batzuentzat, besteak beste, Herriaren beste Defentsa erakunde batzuentzat nahiz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarentzat. Azken horrek proposatu egin dio Arartekoari Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzako 2.0 programan sartzea.
Arartekoaren Adingabekoei balioak transmititzea izeneko txosten berezian, 2009an argitaratutakoa, aztertu egin zen ea
noraino barneratzen dituzten edo barneratzen ez dituzten oinarrizko balio batzuk gure Autonomia Erkidegoko adingabeek, eta horrekin batera baita balio horien transmisioan gizarteko agente ezberdinek (familiaren inguruneak, ikastetxeak, berdinen taldeak…) dituzten eraginak zeintzuk diren ere. Balioen transmisioan geroz eta indar gehiago duen sozializazioko edo transmisioko agenteetako bat hedabideak eta teknologia berriak dira, eta, beraz, modu horretara ere aztertu ziren bi horiek.
Azterlan berri horretan gai honi dagokionez igarritako arazo nagusietako batzuk hauek dira:
– Teknologia berriak behar baino denbora luzeagoz erabiltzea.
– Gurasoen aldetik kontrol eskasa egotea telebistan ikusten duten horren gainean eta sarera nola konektatzen diren edo hartan nola jarduten duten gaiari buruz. Gauzak horrela, adibidez, gure autonomia erkidegoan Internet erabiltzen duen 8 eta 10 urte arteko hamar haurretik ia lauk heldu bat ondoan eduki gabe egiten dute. Kontrol falta hori ez da beren bizitzen beste eremu batzuetan gertatzen. Gurasoen tutoretzak behera egiten du adinarekin.
– Arriskuko jardunbide ugariren agerpena: benetako informazioa eta informazio pertsonala ematea (helbidea, ikastetxea...), sarean ezagututako pertsonekin geratzeari baiezkoa ematea, sarean jazartzea edo jazarria izatea... Gauzak horrela, 12-13 urteko nerabeen %40k benetako informazioa eta informazio pertsonala ematen du txatean. Bereziki kezkagarria da, gainera, benetako bizitzan monitorearen beste aldeko ezezagunekin geratzen diren horien kasua (%20). Kopuru hori beherantz doa, hazten doazen heinean.
– Indarkeriazko bideojokoak edo bideojoko sexistak kontsumitzea (torturaren apologia, arrazakeriarena, emakumeekiko bereizkeriarena...). Estereotipoen transmisioa.
Balioei buruzko azterlanean islatutakoetatik aparte igarri diren beste arazo batzuk zerikusia dute haurrei zuzendutako orrialdeetan eduki erotikoko edo pornografikoko eduki helduen nahasketa bereizi gabe azaltzearekin (bat-batean sortzen diren leihoak...) edo haurren foroetan elkarrekintzan aritu ahal izateko adina egiaztatzeko prozedurarik ez egotea, adibidez.
Prebentzioa, familiatik hasita funtsean, badirudi teknologia berrien arriskuen aurkako babes faktore nagusietako bat dela.
Balioen transmisioari buruzko txosten horretan erakunde honek egindako gomendioetako batzuk hedabideei eta teknologia berriei heltzen diete. Zehazki, honakoa gomendatzen da:
– Gurasoen prestakuntza sustatzea. Gurasoei babes-tresnak eskuratzea. Belaunaldien artean gertatzen ari den "eten digitala" murriztea. Tresna baliagarriak eskuratzea (edukiak iragazteko programak, adibidez).
– Adingabeek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten hobeto ezagutzea. Itxura guztien arabera, teknologia berrien erabilera geroz eta gehiago zabaltzen ari da, Intentsitate handiagoz, eta era gehiagotan. Horrek eskatzen du jarraipen eta azterketa xeheagoa egin dadila adingabeen artean teknologia berrien erabilerek duten bilakaeraz.
– Alderdi jakin batzuk arautzea adingabeen eskubideak babesteko. Teknologia horiek unibertsalak izateak zaildu egiten du arautzea eta kontrolatzea. Hala eta guztiz ere, badaude, ordea, hurbilagoko eremu batean arau daitezkeen alderdi batzuk. Adibidez: telebistako edukiak eta haien kontrola; adingabeek ziberkafetegiak erabiltzea; adingabeei eduki kaltegarriak dituzten bideojokoak saltzea; produktuak modu zuzenean etiketatzea, eta abar.
– Programazioa bereziki zaintzea haurrentzako ordutegian. Ararteko Erakundeari dagokion jardun eremua kontuan harturik, gomendatzen da, haurrak bereziki babesteko ordu tarteei dagokienez, EiTBren programazioak eta publizitaterako irizpideak aldian behin berrazter daitezen, irizpide horiekin bat, eta eduki guztiak egokitu daitezen.
– Telebistako produktuen kalitatea eta haietan transmititzen diren balioak sustatzea. Erakunde honen aburuz, hedabideek –titulartasun publikokoa dutenek, bereziki– haurrentzat eduki desegokiak saihestu ez ezik, telebistako produktuen kalitatea era aktiboan sustatu ere egin behar dute. Horrela, sexuen arteko berdintasuna, aldeen onarpena (jatorrikoak, etniakoak, sexu-joerak...) eta horiekiko errespetua, indarkeriaren erabileraren gaitzespena, ingurumenaren babesa, eta abar bezalako balioak bultzatuko dira. Iritzi berdinekoa da Haurraren Eskubideen Batzordea, orain dela gutxi egindako adierazpenen arabera. Adierazpen horiek Espainian haurrek bizi duten egoerari buruzko aldizkako txostenari egindako oharretan jaso dira.
Gai hauek kezkaren xede dira Arartekoak azterketak eta proposamenak partekatu dituen erakunde askorentzat. Horrela, adibidez, Arartekoak hurrengoak bezalako jardueretan parte hartu du: Herriaren Defentsa-erakundeen XX. Koordinazio Jardunaldietan, eta bertan errealitate teknologiko eta mediatiko berriei buruzko agiri bat onetsi zen; Komunikazioaren Teknologien Institutu Nazionalak (INTECO) sustatutako lan batean; Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak autonomia erkidegoetako Herriaren Defendatzaileekin eta adingabearen defendatzaileekin adingabeek teknologia berriak segurtasunez eta arduraz erabiltzeari buruz sustatutako elkarrizketa mahai batean, edo Hiritartasun Digitalari buruzko Nazioarteko I. Batzarrean, 2010. urtean egindakoa.