3.9. Haur eta gazteen buru-osasuna
Arloaren ezaugarriak
Kapitulu honetan, batez ere buru-osasuneko arazo larriak dituzten adingabeei ematen zaien arreta aztertuko dugu. Bereziki, osasun-sistemak ematen duen erantzuna, baina baita beste zerbitzu batzuek duten inplikazioa ere, hala nola hezkuntza-sistemak, gizarte-zerbitzuek, babes-sistemak eta gazte justiziaren sistemak dutena.
Haur eta nerabeen buru-osasuna artatzearekin edo ez artatzearekin loturiko arazoen artetik argitara irteten diren gehienak honako hauek dira: jokabide-nahasmenduak, elikadura-nahasmenduak, portaera-arazo larriak, drogen kontsumo arazotsuak, eta familian, gizartean eta eskolan egokitzeko zailtasun larriak, batez ere nerabeen artean. Segur aski, horiek dira gehien ikusten diren arazoak, baina ez dira bakarrak, ez eta, ezinbestean, larrienak ere.
Kasuen eta diagnostikoen tipologia askoz ere ugariagoa da, erabiltzen den sailkapena edozein dela ere (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren hamargarren berrikuspena, CIE-10; Buru-nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuaren laugarren berrikuspena-DSM-…) Diagnostiko zehatz bat ahalik eta azkarrena izatea, zalantzarik gabe, giltzarria da garaiz esku hartu ahal izateko eta erantzun zuzen eta eraginkorrenak eskaintzeko, baina hemen ez gara horretan sartuko, nabarmenki kontu teknikoa baita hori.
Arartekoari gehien interesatzen zaiona ez da hainbeste diagnostikoa zehatza izatea, baizik eta nola erantzuten zaien buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen beharrei, zer arreta ematen den eskolan, familian, gizartean eta bestelakoetan esku hartzeko zailtasunei dagokienez, zeinahi delarik ere halako arazoen jatorrian dagoen patologia; zailtasun horiexek jartzen dituzte arriskuan haien eskubideak, horiek egiten dituzte beharrezko programa terapeutikoak, banakako edo taldekako esku-hartzeak nahiz arreta-baliabideak, familientzako arreta eta laguntza, eta abar.
Gai horretara lehenengoz hurbiltzeko modu oinarrizko samar bat izan liteke geure buruari galdetzea zenbat adingabez ari garen. Kontuak erraza dirudi: Gure erkidegoan 18 urteko 326.000 adingabe inguru badaude, horietako zenbatek dauzkate buru-osasuneko arazo larriak, arreta behar izaterainokoak? Ez da erraza erantzutea itxuraz hain sinplea den kontu horri. Jakina, badaude gure testuinguruan aplika daitezkeen zenbatespenak, ez bakarrik orokorrak, baita patologia jakin batzuetarako eta haurren sektore jakin batzuetarako direnak ere (esate baterako, jokabide-nahasmenduren bat duten nerabeen proportzioari buruzko zenbatespenak; hain zuzen ere, gizonezkoetan %6-16 eta emakumezkoetan %2-9 inguru dela kalkulatzen da). Horrek modua emango digu "beharra" zenbaterainokoa den jakiteko.
Halaber, gure sistemek aldi jakin batean ematen duten arretari buruzko datuak erabil ditzakegu; horrek ez digu balio zehazki beharrak zein diren jakiteko, baina bai "eskaria" eta are "erantzunak" zein diren jakiteko. Alde horretatik, segur aski osasun-sistemak ematen ditu datu fidagarri edo ugarienak; hala, ondoko taulan laburbil dezakegu 2008. urtean unitate anbulatorio eta komunitario espezializatuetan emandako arreta.
ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA | GUZTIRA | |
Paziente kopurua | 1311 (890 mutil; 421 neska) | 6153 (3.968 mutil; 2.185 neska) | 2.376 | 9.840 |
Esku-hartze kopurua guztira | 10243 (8.955 kontsulta; 1.288, beste esku-hartze batzuk) | 48425 (+10.921 – Apnabi) | 21.478 | 91.067 |
Kasu berriak (2008. urtea) | 489 (302 niños; 187 niñas) | 2528 (1.543 niños; 985 niñas) | 1.555 | 4.572 |
Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saila. Arartekoaren 42/2009/09O espedienteari emandako erantzuna.
Horiek ez dira haur eta gazteen buru-osasunerako arreta ematen duten unitate bakarrak. Haur psikiatriako ospitale-unitateak ere badaude (223 haur ospitaleratu ziren 2008. urtean), bai eta eguneko zentro gisa funtzionatzen duten unitate edukatibo-terapeutikoak ere (40 leku daude gaur egun). Baina, maiz, unitate anbulatorioetan artatutako adingabe berberak izaten dira. Horregatik eman ditugu datu horiek taulan.
Ikus dezakegunez, biztanleriaren sektore horren –adingabeak– %3 joaten dira osasun-sistemara laguntza eske. Alabaina, datu horiek beste sistema batzuek emandako datuekin osatu eta araztu behar dira (esate baterako, hezkuntza-sistemak emandako hezkuntza-premia bereziei buruzko datuekin –guztira 11.000 adingabe inguru dira, baina soilik horietako batzuek dauzkate buru-osasuneko arazoak– eta buru-osasuneko arazoengatik arreta behar duten eta babes-sistemaren batean hartuta dauden adingabeei buruzko datuekin). Nolanahi ere, dauden datu guztien artetik, taulako datuak dira, segur aski, hurbilketa fidagarriena gure erkidegoko adingabeen buru-osasunerako arretaren eskaria zenbatekoa den jakiteko: 10.000 adingabe inguru urtean, eta horien artean mutilak askoz ere gehiago neskak baino.
Aurrekariak
Haur eta nerabeen buru osasunari berariaz heldu genion burutik gaixo dauden pertsonen arreta komunitarioari buruzko ezohizko txostenean (4.6, 4.7 edo 3.4 azpiatalak). Txosten hori 2000. urtean argitaratu eta eztabaidatu zen Legebiltzarrean eta, gero, jarraipena egin zitzaion elkarteekin bilerak eginda zein ofiziozko espedienteen, bisiten eta informazio eskaeren bidez (ikusi azken urteetako ohizko txostenak).
Haurrei eta nerabeei dagokienez, hautemandako eta nabarmendutako premien artean honako hauek adierazten ziren:
– Haurrentzako psikiatria-ekipoen deszentralizazioa.
– Giza baliabide espezializatuen gehikuntza (haurrentzako psikiatrak edo psikologoak, kasu).
– Lurralde historiko eta eskualde desberdinetan bitarteko egiturak sortzeko premia.
– Gizarte, hezkuntza eta osasun batzordeak sustatzea.
– Elikadura arazoei erantzuteko programak berrikustea.
Txosteneko 18 gomendioetakoren batek ere berariaz aipatzen zuen biztanle talde hau. Horrela, 6. gomendioak hau proposatzen zuen, hitzez hitz: "Berariaz adingabeei zuzendutako zerbitzuak gehitzea" jarduketa-eremu batzuetan zehaztuta (autismoa edo elikadura arazoak, kasu), edo "haurren eta nerabeen arreta psikiatriko bideratutako baliabideak nahikoak ez direla (bitarteko egiturei dagokienez, berriz, halakorik ez izatea)" nabarmenduta.
Gai eta proposamen hauek –bere garaian Osasun sailburuak berak eztabaidatutakoak– hainbatetan planteatu dizkiote erakunde honi elkarte jakin batzuek, babes sistemen arduradunek, gazteentzako justizia-sistemakoek, edo aldizka babes eta erreforma zentroetara egiten ditugun bisiten ildotik. Gai hori, gainera, Arartekoaren beste txosten eta jarraipen batzuetan ere jorratu da, nahiz eta saihetsetik izan: hezkuntza premia bereziei buruzkoan; babesik gabeko haurrentzako arretari buruzkoan; bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako arretari buruzkoan; adingabe arau-hausleei buruzkoan; espazio soziosanitarioari buruzkoan… Esan liteke, gainera, gai errepikakorra dela, urtez urte bizikiago planteatzen dela.
Azken urteetan sortuz joan diren baliabideen artean, atal honetan arreta berezia jarriko dugu zentro terapeutiko-edukatiboetan (ZTE). Zentro horiek Osasun eta Hezkuntza sailen akordio bidez sortu dira, eta erakunde honek jarraipen berezia egin du horien gainean.
Gauzaturiko ekimenei dagokienez, txostena argitaratu eta hilabete gutxira, baliabide berri bat jarri zen martxan Bizkaiko Lurralde Historikoan: La Olan (Sondika) dagoen terapia- eta hezkuntza-zentroa. Ondoren, erakunde honetako langileek zentroa bisitatu zuten haren funtzionamendua ezagutzeko, in situ. Zegokion txostenean horren berri eman genuen eta datu adierazgarri batzuk eman genituen (ikusi 2003ko txostena, 1.1.9 azpiatala).
Bereziki interesgarria iruditu zitzaigun gaietako bat baliabidea eta zeuden plazak (10) premiei erantzuteko zenbateraino ziren nahikoak jakitea izan zen. Hori baloratzeko, hainbat inguruabar hartzen ziren kontuan:
– Era honetako zentro bakarra zegoen Bizkaia osorako.
– Zerbitzua ekarri zuen lankidetza-hitzarmenak, hasiera batean, 20 erabiltzailerentzako gaitasuna duen eguneko zentro bat aurreikusten zuen.
– Ohikoa zen itxaron zerrenda bat egotea (bisita egin genuenean, baldintza guztiak eta sartzeko irizpide guztiak betetzen zituzten 6 adingabe zeuden).
– Nolabaiteko ezjakintasuna zegoen baliabideaz eta, beraz, izan zitezkeen premiez eta egin ere egiten ez ziren eskariez.
Adin tarte bat zegoen (nerabeak), zentroan barne hartzen ez zena. Zentroko profesionalen iritziak entzun ondoren eta jasotako datuen eta balorazioen arabera, erakunde honek era horretako baliabide gehiago behar zirela ondorioztatu zuen eta hainbat aukera azaldu zituen; plazak gehitzea edo baliabide berriak sortzea, kasu. Ikastetxeak arau esparru argiagoa eta berme handiagoa ematen duena izateko premia ere planteatu zuen, eskubideei zuzenean eragiten dieten gaietan gutxienez: sartzeko irizpideak, itxaron zerrenden kudeaketa, barne araubideko araudia, txostenen konfidentzialtasunaren bermeak, etab.
Bestalde, erakunde honek espazio soziosanitarioko haur eta gazteen azpibatzordeak, Osakidetzaren, Hezkuntza Sailaren eta Gizarte Ekintzaren (Gipuzkoako Foru Aldundia) partaidetzarekin, Gipuzkoarako egindako "nerabeentzako terapia- eta hezkuntza-zentroa abiarazteko proiektuaren" berri izan zuen. Proiektu horrek antzekotasunak eta desberdintasunak ditu La Olan bisitatutako zentroarekin, baina, nolanahi ere, inork zalantzan jartzen ez dituen arren gauzatzen ez ziren premiei erantzutea zuen helburu. Horregatik, Arartekoak berriz ere informazio gaurkotua eskatu zion Hezkuntza Sailari, zehazki, La Olako baliabideari dagokionez aldaketa adierazgarriren bat egin zen edo egiteko asmorik ba al zegoen, Araban eta Gipuzkoan baliabide berriak sortzeko proiektuak zein fasetan zeuden eta martxan jartzeko atzerapena zergatik izan zitekeen jakiteko.
Bi sailek eman dituzten hurrenez hurrengo erantzunez luze eta zabal jardun dugu aurreko urteetako ohiko gure txostenetan: La Olako arreta-ahalmena handitzeko proposamenak; baliabidea Ortuellara aldatzea; artatutako erabiltzaile-kopurua; itxarote-zerrendak; Arabako eta Gipuzkoako baliabideen egoera eta baliabide gehiago irekitzeko zailtasunak... (ikus, esate baterako, 2005eko, 2006ko eta 2007ko txostenak).
Ibilbide luze honetan badira nabarmendu nahi ditugun bi elementu erabakigarri. Batetik, 266/2006 Dekretua onartu izana (EHAO, 2007-01-05), ZTEak ez ezik ospitaleko hezkuntza eta etxeko hezkuntza ere arautzen baititu. Bestetik, Hezkuntza eta Osasun sailek 2008ko maiatzaren 1eko lankidetza-hitzarmena sinatu izana. Horri esker, 2009aren amaieran (orduan amaitu genuen txosten hau egiteko informazioa biltzen), gure erkidegoan hiru zentro edukatibo-terapeutiko ditugu, lurralde bakoitzeko bat (Ortuellan, Gasteizen eta Lasarten), eta guztira 40 leku eta lau unitate (adin guztietarako).
Nolanahi ere, buru-osasuneko arazo larriak dituzten adingabeei arreta emateko ditugun baliabideetako bat da hori, eta horri atentzio handiagoa jartzeko arrazoia izan da Arartekoak gomendio zehatz bat egin zuela horren inguruan eta jarraipen berezia egin diola urte askoan. Gainera, funtsezko bi sarek –hezkuntza-sistemak eta osasun-sistemak– batera eta modu koordinatuan esku hartzen duten bitarteko baliabide bat da, eta hori ez da oso arrunta.
Funtsezko arazoak
Arlo honetan jaso ohi ditugun gabezia edo eskari gehienak osasun-sistemaren ingurukoak dira:
– arreta anbulatorioa ez dela behar bestekoa (minutu gutxi batzuetako arreta, hileroko periodikotasunarekin; familia osoaren beharrak barne hartuko dituen arreta oso bat ez ematea…);
– haur psikiatrian ospitalizazio-leku gehiago behar direla (gaur egun 20 ohe daude: 4+2 Araban; 8 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan);
– leku gehiago behar dela edo leku horiek beste adin batzuetarako ere izan beharko luketela (kasu batzuetan, nerabeentzat; besteetan, haurrentzat) zentro edukatibo-teraupetikoetan eta gaur egun dauden antzeko baliabideetan;
– detekzio eta arreta goiztiarrerako programak, arazoak saihesteko edo nerabezarora iritsi aurretik eteteko;
– haur txikientzako eta haien familientzako laguntza intentsiborako programak:
– informazio eta sentsibilizazio kanpainak;
– langileriaren kontratazioa eta espezializazioa (haur psikiatriako espezialitatea);
– eskasa dela behar edo kezka "berrietarako" arreta (nerabe ospitaleratuen oldarkortasuna; substantzia psikoaktiboen kontsumoa, hala nola cannabisarena, eta horien ondorioak...).
Baina badira hezkuntza-sistemari edo gizarte-sistemari egiten zaizkion eskariak ere (batzuk, desberdinak; beste batzuk, antzekoak). Esate baterako:
– Beharrezkoa dela hezkuntza-sisteman detekzio eta arreta goiztiarra izatea, ia haur guztiak 2-3 urteetatik eskolatuta daudela baliatuta.
– Beharrezkoa dela prebentzio-jarduerak izatea osasun-arloan, tokiko eremuan, eskolan eta beste esparruetan.
– Beharrezkoa dela familiei laguntzeko programak izatea.
– Eskola uzteko arriskuan dauden nerabeentzako hezkuntza-baliabideak...
Zenbaitetan, eskariak (askotan elkarteak edo profesionalak) arazo edo behar jakin baten ingurukoak dira:
– Arreta goiztiarra.
– Elikadura-nahasmenduak.
– Autismoa.
– Nerabezaroko jokabide-nahasmenduak…
Baina, eskari zehatz bakoitzaren gainetik, bat etorri ohi dira eztabaida edo hobekuntza elementuak. Besteak beste, alderdi hauen ingurukoak izaten dira:
– Dauden baliabideak nahikoak diren edo ez (beharrei edo eskariei dagokienez).
– Zer erantzun zehatz eman behar zaien arazoei, nola antolatu behar diren zerbitzuak (balorazioak edo proposamenak beti ez datoz bat; batzuetan, elkarren aurkakoak dira erabat; esate baterako, anorexia-arazoak dituzten nerabeak artatzeko modurik onenari dagokionez...).
– Nola kudeatu behar diren baliabideak (kudeaketa publikoa, kudeaketa pribatua, elkarteen beren baliabideak) eta zer baldintza ekonomiko izan behar dituzten).
– Zein administraziok edo sailek duen eremu jakin baten erantzukizun gorena (esate baterako, diagnostiko goiztiarra emateko edo nerabezaroko jokabide-arazoei erantzuteko...)
– Zein prestakuntza, espezializazio edo trebakuntza profesional den beharrezkoa.
Azken urteetako jarraipena
Gorago adierazi dugun bezala, Arartekoak zentro edukatibo-terapeutikoen jarraipena egin du batez ere. Alabaina, adingabeen buru-osasunean inplikatutako baliabide-sarea askoz ere ugariagoa eta barreiatuagoa da. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar ditugu:
– Osasun-sarean: haurren arloan espezializatutako unitate anbulatorio eta komunitateak, ospitaleetako haur psikiatriako unitateak, droga-mendekotasunaren arloko prebentzio-programak…
– Hezkuntza-sarean: Eremuko lanbide anitzeko taldeak, hezkuntza-premia berezien arretarako laguntza-langileak...
– Tokiko eremuan, gizarte-zerbitzuak, bai orokorrak eta bai haurtzaroan espezializatutakoak...
– Gizarte-ekimenean sortutako programak eta baliabideak, eskuarki familia-elkarteek sustatutakoak.
– Foru aldundien me
ndeko adingabeen babes-sarean, jokabide-arazo larriak, droga-kontsumo arazotsuak eta bestelako arazoak dituzten nerabeen harreran espezializatutako zentroak eta baliabideak.
– Gazte justiziaren sarean, talde psikosozialak, neurri terapeutikoak aplikatzeko baliabideak, barnealdi-zentroetako zenbait programa espezifiko…
Hain zuzen ere, sareen eta zerbitzuen aniztasun hori da buru-osasunari dagokionez adingabeei ematen zaien arreta zenbaterainokoa den jakiteko eta baloratzeko zailtasunetako bat.
Arartekoak, azken urteetan egindako jarraipenaren bidez, kontuan hartu nahi izan du egoeren aniztasun hori, eta horretarako, batez ere, lau bide erabili ditu:
– Informazio-eskaera periodikoak, batez ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Hezkuntza Sailari eta Justizia Sailari eta hiru foru aldundietako Gizartekintza sailei ofiziozko espedienteen bidez eginikoak.
– Bisitak baliabide jakin batzuetara (zentro edukatibo-terapeutikoa; haur psikiatriako ospitale-unitatea; jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako harrera-zentroak; barnealdi-neurriak betetzeko zentroak…).
– Bilerak eta elkarrizketak sektore guztietako profesionalekin.
– Bilera periodikoak elkarteetako ordezkariekin…
Horri esker, gaiaren inguruko ikuspegi gero eta zabalagoa lortu dugu, hala datuei dagokienez nola balorazio eta proposamenei dagokienez, eta horiek txosten honetan baliatuko ditugu, hainbat ataletan.
Alabaina, bada kontu bat jadanik adieraztea beharrezkotzat jotzen duguna, kezkagarria iruditzen zaigulako eta nola edo hala baldintzatu egiten duelako esan edo aldeztu behar dugun guztia: oro har, argiro da positiboa osasun-sistemak haur eta gazteen buru-osasuneko arazoetarako ematen duen erantzunaren inguruan Osasun Sailak egindako balorazioa. Aldiz, gainerako sistemek argiro jotzen dute gutxiegitzat erantzun hori. Batzuetan, uste dutelako baliabide batzuk, haien ustez beharrezkoak, besterik gabe ez direla existitzen. Beste batzuetan, irizten diotelako ematen den erantzuna ez dela inola ere nahikoa beharrei erantzuteko.
Harrera eta barnealdi zentroetara egin ditugun ia bisita guztietan eskatzen dute arreta gehiago, bai eta gazteen babesaren edo justiziaren sistemetako arduradunekin eta profesionalekin nahiz familia-elkarteetako ordezkariekin egin ditugun bileretan ere. Modu ez hain sistematikoan, hezkuntza-zentro arruntetan eta adingabeekin zuzenean lan egiten duten beste profesional batzuekin ditugun harremanetan ere adierazi ohi digute hori (ikasleak, orientatzaileak, adingabeen epaileak, osasun-sistemako langileak…). Izan ere, egoerarik larrienetan, sare publikoan dauden mugen ondorioz, zerbitzu partikularretara jo behar izaten da, edo gure erkidegotik kanpo dauden baliabideetara bideratu behar izaten dira, eta horrek ez dirudi aukera egokiena.
Bestalde, irudipen orokortu samar bat ere badago, baina oso zaila datu objektiboekin frogatzen, biztanleriaren sektore honetan buru-osasuneko arazoek ez diotela soilik bere hartan eusten, baizik eta pixkanaka areagotzen ari direla, eta, hainbat arrazoirengatik, oraindik ez zaiela erantzun egokia ematen.
Balio beza balorazio horren adibide gisa hurrengo paragrafoak, Eusko Jaurlaritzaren beraren Gazte Justiziaren Zerbitzuaren 2006ko Me
moriatik ateratakoak, nerabe arau-hausleen tratamendu terapeutikoaren beharraren ingurukoak: "Tratamendu anbulatorioaren neurria betearazteko unean, deigarria da kasuen %68n eskaerei erantzuteko profesionalak edota erakunde pribatuak kontratatu behar izana. Alderdi kuantitatiboei –saioen aldizkakotasuna, iraupena, eta abar– nahiz kualitatiboei dagokienez –esku-hartze mota–, eskaintza publikoak ez du eskaera betetzeko ahalmena".
Halaber, Arartekoak FEDEAFESeko ordezkariekin egindako azken jarraipen-bileretako batean, nabarmen adierazi zen buru-osasuneko arazoak dituzten haur eta gazteei ematen zaien arreta dela kezka handiena sortzen duten eta hobetzeko behar handiena duten zortzi gaietako bat.
Osasun Saileko arduradunek horren inguruan idatziz emandako azken erantzuna ez zetorren bat balorazio horrekin, Arartekoari igorritako testu honetan ikus daitekeenez:
"La calidad de la atención dentro de la red de salud me
ntal infantojuvenil, me
dida sistemáticamente a través parámetros, tanto absolutos y objetivos (Nº de consultas, primeras consultas, tiempo de demora…), como relativos y subjetivos (Satisfacción…) recibe una valoración eminentemente positiva. Estos parámetros, que relacionan la calidad de la atención con los recursos destinados, cumplen con los objetivos fijados dentro de una escala de exigencia elevada, como la planteada en el contrato programa suscrito por el Departamento de Sanidad y los propios planes estratégicos de cada organización.
Por otro lado, en un nivel comparativo, la tasa de profesionales sanitarios (psiquiatras y psicólogos clínicos) por 100.000 habitantes es la más elevada de todo el Estado tanto a nivel de las Unidades de ámbito ambulatorio y comunitario especializado, como a nivel de las Unidades de Hospitalización infanto-juvenil (Fuente Observatorio Salud Me
ntal AEN- 2007), lo que evidencia el esfuerzo comparativo que se hace desde la red de Salud me
ntal infanto-juvenil, para dar cobertura a las necesidades asistenciales de esta población".
Nolanahi ere, Sailak berak bai adierazi du sistema konplexua dela, koordinatzeko zailtasunak daudela eta eskumen batzuk ez daudela zedarrituta.
"En lo referente a la percepción por parte de los profesionales que considera insuficiente la respuesta del sistema sanitario en este ámbito, se debe me
ncionar la disponibilidad universal de los recursos sanitarios dentro de la cartera de servicios y prestaciones establecida y el compromiso en la resolución de todas aquellas situaciones en las que pudieran peligrar los principios de equidad y accesibilidad a los recursos. Sin embargo en el nivel de la coordinación puede haber distintas situaciones, complejas y que requieren un análisis más pausado, que se producen en el contacto con otras administraciones: Diputaciones forales, Justicia, Educación, Acción social… todas ellas con distintas competencias, no siempre delimitadas, en el ámbito de los que se ha denominado espacio sociosanitario". (2009ko abenduaren 18ko idazkia. 43/2009/09O jarraipen-espedientearen erantzuna).
Elementu horiek denak kontuan hartuta, Arartekoak gehien erabilitako jarraipen-bideetako bat izan da dauden baliabide eta programen inguruan informazio eguneratua biltzea, batez ere Hezkuntza Sailarena eta Osasun Sailarena, eta are horietan artatutako adingabe-kopuruaren eta haien tipologiaren inguruko informazioa biltzea ere. Horren bidez, elkarren aurka dauden balorazio subjektiboak objektibatzea edo gainditzea lortu nahi izan dugu. Hala, azken urteetan datu hauetan jarri dugu arreta:
1. Haurren (18 urtetik beherakoak) buru-osasunari arreta berezia emateko osasun-sistemako zerbitzuak non kokatuak eta zeri atxikiak dauden.
2. Horietako bakoitzean zenbat leku dagoen.
3. Profilak (batez ere, artatzen diren haurren adina eta patologiak).
4. Zerbitzu horietan zenbat profesional aritzen diren lanaldi osoz.
5. Zein diren zerbitzu horiek eskuratzeko irizpideak eta sistemak.
6. Itxarote-zerrendarik baden edo ez.
7. Zenbat kasu izan ohi diren urtean epealdi jakin batean.
Hurrengo atalean, datu horietako batzuk laburtzen saiatuko gara.
Arreta-baliabideak – funtsezko datuak - adierazleak
Gure erkidegoan buru-osasuneko arazoak dituzten adingabeen arretan modu zuzenagoan inplikatutako baliabide edo zerbitzuen ikuspegi orokorrago bat ematen saiatuko gara hemen, kontuan hartuta zer sareri dagozkion (osasun-sarea, gizarte-sarea…), eta adierazle kuantitatibo gisa balio dezaketen zenbait datu nabarmenduta.
1) Osasun-sareko baliabide nagusiak
Osasun-sarearen barruan, behintzat, ospitale-arloan (ospitalizazio-unitateak) eta arlo anbulatorio eta komunitarioan ematen den erantzuna bereizi behar da. Hala:
– Haur eta gazteen ospitalizazio-unitate laburrak Basurtu, Donostia eta Santiagoko ospitaleetako psikiatria-zerbitzuaren barruan daude kokatuta, eta guztira 20 ohe dituzte. Psikiatrak (5), psikologo klinikoak (3), erizaintzako diplomadunak (14) eta erizaintzako laguntzaileak (15) dituzte, eta gizarte-langileak eta terapeuta okupazionalak helduen sarearekin partekatzen dituzte. 2007. urtean, 223 ospitaleratze eta 218 alta izan ziren, eta 85 larrialdi artatu ziren. Unitatean batez beste egondako denbora 16,11 egunekoa izan ziren. Hau da, guztira lanaldi osoko 37 profesional, hiru taldetan banatuak, 2009ko amaieran.
– Haur eta gazteen arretan espezializatutako unitate anbulatorio eta komunitarioak: horren barruan sartzen dira haur eta gazteen buru-osasuneko taldeak (sei Bizkaian, zehazki Galdakaon, Bilbo-Erzillan, Bilbo-Ajuriagerran, Herribitarten, Barakaldon eta Uriben, bat Araban eta beste bat Donostian), eta arratsaldeko zentro bat Donostian. Psikiatrak (20), psikologo klinikoak (23), erizaintzako diplomadunak (2), gizarte-langileak (7,5) eta administrariak (7) dauzkate. Hau da, guztira 59,5 profesional, 8 taldetan, 2009ko amaieran. Gainera, espezifikoa ez den arreta ere badago buru-osasuneko 15 zentrotan, batez ere Gipuzkoan.
Sare horretara haurrei eta helduei ematen zaien lehen mailako arretatik sartzen da. Izan daitekeen itxarote-zerrendari edo erantzuteko ahalmenari dagokionez, adierazi da gutxienez 30 eguneko atzerapena izaten dela erantzuteko kasuen %70etan, bideratze-txostena egiten denetik espezialistaren kontsultara iritsi arte, eta gutxienez 15 eguneko atzerapena kasuen %90etan, ospitale-unitateetatik badatoz.
2007. urtean, 3.602 lehenengo kontsulta artatu ziren, eta hurrengo 41.196 kontsulta 6.660 pazienterekin. 2008. urteko datuak 3.9.1. taulan jaso dira.
Jasotako datu batzuk, behintzat, zerbitzuaren eboluzioaren adierazle gisa balio diezagukete. Esate baterako:
– Hala haur eta gazteen buru-osasuneko taldeetan nola espezializazio-baliabideetan lanaldi osoz aritzen diren langileen datuak (96,5 profesional 2009aren bukaeran, hau da, profesional bat 3.425 adingabeko). Edo, konparazio zehatzagoak egin nahi izanez gero, psikiatren (25) eta psikologoen (26) datuak.
– Arreta-denbora: batez beste 6 kontsulta urteko, unitate anbulatorioetan, edo 16,11 eguneko egonaldia pertsonako, ospitale-unitateetan (aldakuntzak 12tik 19ra bitartekoak dira, ospitalearen arabera), 2007ko datuetan.
– Zerbitzua eskuratzeko itxarote-denbora eta horien eboluzioa. (Esate baterako, Bizkaian, honako hau izan zen 30 egunak igaro baino lehen artatutako kasuen proportzioa: %71 2007an; %64 2008an; %78 2009an.)
– Arretan izandako alde handiak, mutilak edo neskak diren kontuan hartuta (horien proportzioa baliabide batzuetan 2 eta1ekoa da).
– Artatutako kasu guztien artetik eskari edo proportzio handiena hartzen duten buru-osasuneko azaro-motak (esate baterako, zenbatesten da unitate anbulatorio eta komunitarioetan azken urtean artatutako arazoen herenetatik erdietara bitartean jokabide-nahasmenduei loturikoak izan direla).
– Artatutako pertsonen edo haien familien gogobetetze-maila…
Datu horien eta beste batzuen jarraipen eta analisi sistematiko bat egitea, zalantzarik gabe, lagungarria izango litzateke arretaren eboluzioa hobeto ezagutzeko eta egin beharreko hobekuntzak txertatzeko.
2) Hezkuntza-sarea
Buru-osasuneko arazoak dituzten pertsona gehienak eskolatuta daude, eta, beraz, hezkuntza-zerbitzuetan ere ematen zaie arreta, behintzat dituzten beharretatik batzuetan.
Pertsona horiei hezkuntza-sisteman ematen zaien erantzuna hezkuntza-premia berezietarako arretaren barruan sartzen da. Horren inguruan txosten berezi bat egin zuen Arartekoak, eta txosten honetan bertan atal espezifiko bat eskaini diogu (3.4 atala). Bertan ikusiko den bezala, gure erkidegoan areagotzen joan da pixkanaka hezkuntza-premia bereziei ematen zaien erantzuna, hala artatutako biztanleriari dagokionez (10.808 ikasle 2008-2009ko ikasturtean eta 11.527 2009-2010eko ikasturtean) nola arreta hori ematen duten profesionalei dagokienez (3.042 profesional profil guztietakoak eta are 17 funtzio edo figura 2008-2009ko ikasturtean).
Alabaina, datu horiek hezkuntza-premia berezien ingurukoak dira, ez buru-osasuneko arazo larrien ondoriozko edo horiei atxikitako premien ingurukoak. Horietako zenbat izan ote dira buru-osasuneko arazoengatik? Ez da erraza galdera horri erantzutea. Lanbide anitzeko taldeek, psikologo, pedagogo eta hezkuntza-profileko beste profesional batzuek osaturikoek, beren diagnostikoak eta jarduketako planak egiten dituzte, baina beren kategoriei eta irizpideei jarraituz, eta horiek ez datoz bat osasun-langileek erabiltzen dituztenekin. Guk dakigula, ez dago Hezkuntza eta Osasun sailen datu-baseen ustiapenik, horiek konparatzeko modua emango duenik.
Eskura ditugun datuekin, gehienez ere oso gutxi gorabehera zenbatetsi genezakeen zenbateraino dauden hezkuntza-premia bereziak buru-osasuneko arazoei loturik edo pentsa genezakeen ikasle horietatik gehienei osasun-sarean ematen zaiela beren osasun-beharretarako arreta (hau da, 2008. urtean artatutako 9.840 adingabe horietan sartuta daude), buru-osasunean espezializatutako unitate anbulatorio eta komunitarioetan.
3) Eguneko zentroak edo unitate terapeutiko-edukatiboak (ZTE)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen arteko hitzarmenak ekarritako baliabide horien inguruan jadanik eman ditugu hainbat datu aurreko ataletan, jarraipen berezia egin baitugu horren inguruan. Hemen osatuko ditugu, 2009-2010eko ikasturtearen inguruan ditugun azken datuekin:
– Arabako ZTE: 10 leku Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
– Bizkaiko ZTE: Lehen Hezkuntzako unitate bat, 10 lekukoa, eta Bigarren Hezkuntzako unitate bat, 10 lekukoa.
– Gipuzkoako ZTE: 8 ikasle, hala Lehen Hezkuntzakoak nola Bigarren Hezkuntzakoak.
Hala, bada, guztira 4 unitate daude; bakoitzean 8,5 profesionaleko taldea aritzen da (2,5 Osasunekoak eta 6 Hezkuntzakoak), eta 38 leku daude adin guztietako adingabeentzat; leku guztiak daude okupatuta, eta itxarote-zerrenda ere badago (Bizkaian, esate baterako, 6 ikasle zeuden sartzeko betekizun guztiak betetzen zituztenak eta hala ere lekurik ez zeukatenak informazioa jaso genuen garaian).
4) Gizarte-baliabideak
Problematikaren ikuspegi orokorrago bat izateko, komeni da behintzat gogoraraztea edo adieraztea badirela beste ekimen eta baliabide batzuk ere, hala nola:
– Tokiko zenbait programa, hala adingabeentzat nola haien familientzat, arriskuen prebentzioaren ingurukoak (ikus Arartekoaren 2008ko eta 2009ko ohiko txostenak).
– Gizarte ekimenak –eskuarki buru-osasuneko arazo larriak dituzten pertsonen familiak– sortutako eta kudeatutako programak eta baliabideak (esate baterako, APNABIk kudeatzen dituen baliabideak; datu horiek 3.9.1 taulan jaso dira, atal honen hasieran).
– Babes-sisteman bertan eta gazte justiziaren sisteman sortu diren programa eta baliabide espezifikoak. Bi sistema horiek txosten honetako beste kapitulu espezifiko batzuetan aztertu baditugu ere, hemen datu batzuk nabarmenduko ditugu, duten garrantziarengatik:
• Babes-sarearen barruan zentro "espezializatuak" sortzeko izan den joera.
Azken urteetan, lurralde bakoitzean halako ezaugarriak dituen zentro bat edo bi izatetik 14 zentro izatera igaro gara (horietatik 7 Gipuzkoan), eta guztira 197 leku izatera (horiez gain, beste 33 leku, hitzarmenen bidez, EAEtik kanpoko zentroetan). Aldundi arduradunak berak halakotzat jotzen dituen zentro espezializatuez ari gara, nahiz eta egon daitezkeen antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk ere.
Alde horretatik, deigarriak dira lurraldeen arteko desberdintasunak.
* Araba: Zentro bat + 5 leku kanpoan (babes-sistemako leku guztien %10).
* Bizkaia: 4 zentro + 5 leku kanpoan (babes-sistemako leku guztien %7,5).
* Gipuzkoa: 7 zentro + 23 leku kanpoan (horrek esan nahi du gutxienez erabilgarri dauden lau lekutik bat berezia dela).
Batez ere jokabide-arazo larriak, buru-osasuneko arazoak edo droga-kontsumoarekin loturiko arazoak dituzten nerabeentzako zentroak edo baliabideak dira, zenbait kasutan arazo horietan espezializatuak, eta denak gutxi gorabehera halako esku-hartzeetan espezializatuta dauden elkarteek kudeatutakoak.
Horietako zentro batzuetan gatazka-egoerak izan dira eta argitara atera dira. Bestalde, duela ez asko arte (2008ko abuztuaren 8an argitaratutako 131/2008 Dekretua onartu zen arte) ez zeukaten arau-esparru garbirik.
Arartekoaren azken urteko txostenetan ikus daitekeenez (2006, 2007, 2008, 2009...), zentro horiek hartu dute Arartekoaren arreta, denbora eta jarraipen handiena.
Tutoretzapeko nerabe horien buru-osasuneko arazoen arreta espezifikoa, eskuarki, osasun-zerbitzu arruntetara bideratu da, jadanik adierazitako mugekin. Bizkaian, muga horiek gainditzen saiatu dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Osasun Sailaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez ("Adin Txikikoak" programa); horri esker, Osasuneko zenbait profesionalek denbora gehiago eskaintzen diote sektore honi eta kasuak Bizkaiko Aldundiko bertako zerbitzuetatik bideratzen dira.
• Gazte justiziaren sistemaren behar eta erantzunei dagokienez, honako hauek nabarmendu ditzakegu hemen:
* Tratamendu anbulatorioaren neurriei edo zentro terapeutikoetan sartzeko neurriei dagokienez (26 2001ean, 33 2005ean, 8 2008an eta 21 2009an), eboluzioa beheranzkoa izan da (ia desagertzeraino) neurri bereizi moduan, baina zenbait kasutan aplikatu da, betebehar erantsi gisa, zaintzapeko askatasun eta barnealdi neurrietan.
* Gazte justiziaren sistemako profesionalek eta arduradunek berek eremu honetan adierazi dituzten arazo nagusiak honako hauek dira: osasun-sistema publikoaren erantzunak ez direla aski, atzerapenak izaten direla edo denbora gehiegi pasatzen dela (urtebete inguru) egitateak gertatzen direnetik neurriak aplikatzen diren arte; beharrezkoa dela arreta pribatuko baliabideetara jotzea; zalantza egiten dutela komenigarria ote den edo ez buru-osasunean espezializatutako barnealdi pertsonaleko zentroetan sartzea edo unitate nahiz modulu espezializaturen bat sortzea; gehiago direla beharrak edo arreta behar duten kasuak…
Beste atal batean jadanik jaso dugu, hitzez hitz, Gazte Justiziaren Zerbitzuak zer irizten dion arlo honi. Amaitzeko, adierazi behar dugu osasun-sistemak adingabe horien arreta-beharrei ematen dien erantzuna hobetzea dela indarrean dagoen Gazte Justiziaren 2008-2012ko Planean sartutako helburuetako bat.
Argi-itzalak erakundeen erantzunean
Hemen aztertutako aldia kontuan hartzen badugu, zalantzarik ez dago hainbat aldaketa edo hobekuntza esanguratsu izan direla sisteman Arartekoak buru-gaixotasunerako arreta komunitarioaren inguruko txostena egin zuenetik edo hezkuntza-premia bereziei ematen zaien erantzunaren inguruko txostena egin zuenetik. Besteak beste, ekimen zehatz hauek egin dira:
– Lehen ez zeuden hainbat baliabide sortu dira (hala nola zentro edo unitate edukatibo-terapeutikoak; gaur egun 40 leku daude).
– Lehendik zeuden beste baliabide batzuen arreta-ahalmena areagotu da (hala nola ospitaleetako oheak (20) eta haur eta gazteen buru-osasunerako unitateak (8), bai eta horietan lan egiten duten profesionalak ere (96,5 2009an).
– Laguntzeko profesionalak edo hezkuntza-premia berezietarako erantzuna areagotu egin da hezkuntza-sistemaren barruan.
– Hainbat baliabide berezi sortu da jokabide-arazo larriak dituzten nerabeei arreta emateko babes-eremuaren barruan…
Alabaina, ikusten dugu oraindik ere hainbat alderdik ez dituztela asebetetzen familiak eta profesionalak, eta zalantza egiten dutela baliabide horiek aski diren, edo egokienak diren, edo modu koherente eta koordinatuan lan egiten duten… Hori horrela, erakunde honek, batzuetan kexen bidez eta beste batzuetan elkarteekin duen harremanaren bidez, eskariak jasotzen jarraitzen du; alde horretatik, besteak beste, Familia Plataformak haur eta gazteen psikiatriako espezialitatea sortzea planteatu du, eta hainbat familiak Arartekora jo dute, sistemak ez duelako erantzun egokirik haien seme-alabentzat, adina, gaixotasuna edo bestelako ezaugarriak kontuan hartuta, eta beste baliabide batzuk bilatu behar izan dituztelako, beren lurraldetik edo EAEtik kanpo.
Kontua ez da hemen konpontzeko dauden arazo edo kontu guztien zerrenda bat egitea, baizik eta itxuraz sistemaren erantzuteko ahalmena eragozten duten funtsezko itzal edo kontuak zein diren adieraztea. Duten garrantziagatik, hiru hauek nabarmenduko ditugu:
1) Detekzio eta arreta goiztiarra
Gaur egun, haur eta gazteen buru-osasunarekin loturiko arazoetariko asko aldi jakin bati loturik daude: nerabezaroa. Arazo horiek (esate baterako, jokabide-arazoak) aldi horretan gehiago nabarmentzeak edo deigarriago gertatzeak ez du esan nahi aurreko aldietan izan ez direnik edo jatorria horietan izan ez dutenik. Baina baliteke aurretiazko aldi horiek garaiz ez detektatu, diagnostikatu edo artatu izana, eta horrek larriagotu egin ohi du horien eboluzioa.
Profesional gehien-gehienak ados daude erabateko garrantzia duela detekzio eta arreta goiztiarrak, eta, hala ere, hori da oraindik ere sistemaren ahultasunik handienetako bat. Batzuetan, oso argi ez dagoelako nori dagokion oso adin goiztiarretan hori egiteko eskumena edo erantzukizuna; beste batzuetan, koordinatzeko edo informazioa aldatzeko zailtasunak daudelako zerbitzu batzuen eta besteen artean.
Alde horretatik, bildutako informazioarekin bat etorriz, beharrezkoa dirudi datozen urteetan bereziki zaindu beharko liratekeen bi edo hiru jardun-ildo nabarmentzea.
– Hezkuntza-sistemak eta osasun-sistemak harremana izatea, 2-3 urteko haur gehien-gehienak eskolatuta daudenez gero.
– Me
ndekotasun Legea adingabeei aplikatzea.
– Haur pediatriako eta oro har lehen mailako arretako profesionalen detekzio-ahalmena albait gehien aprobetxatzea.
2) Baliabideen eta sistemen arteko koordinazio-arazoak
Aurreko ataletan agerian jarri den bezala, arlo bateko eta besteko sistema, zerbitzu eta profesional asko daude inplikatuta buru-osasuneko arazoak dituzten haurren arretan.
– Osasun-sistemako baliabideak (hala nola ospitalizazio-unitateak, larrialdietako zerbitzuak, unitate anbulatorioak eta pediatriako zerbitzuak).
– Hezkuntza-sistemako baliabideak (hala nola eremuko lanbide anitzeko taldeak eta hezkuntza-premia bereziei erantzuteko laguntza-profesionalak).
– Baliabide misto edo partekatuak, hala nola unitate terapeutiko-edukatiboak.
– Tokiko eremuko baliabideak (hala nola oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta haurtzaroan espezializatutako zerbitzuak).
– Foru eremuko baliabideak, haurren babesaren arlokoak (hala nola talde teknikoak eta foru zerbitzuetako balorazio-taldeak edo harrera-baliabideak kudeatzen dituzten taldeak, batez ere babes berezietarako direnak).
– Gazte justiziako baliabideak (hala nola talde profesionalak eta barnealdi-zentroak)…
Ez da erraza esku-hartze horiek guztiak antolatzea eta koherentzia ematea. Are gehiago kontuan hartuta denborarekin egoerak aldatzen joan diren urte luzeetako ibilbideetan esku hartu behar izaten dutela maiz.
Inplikatutako zerbitzu eta eremuen arteko koordinazioa hobetzea –are informazio-truke soila– irmotasunez heldu beharreko erronka da, baina horrek ez du egon behar inplikatutako pertsonen (profesionalak) borondate onaren esku.
3) Baliabide edo programa jakin batzuk aski ez izatea edo ez existitzea.
Ez dagokio erakunde honi adieraztea hau edo hura den behar bati eman beharreko erantzuna antolatzeko modurik onena. Zenbaitetan (esate baterako, elikadura-nahasmenduei edo jokabide-arazo larriei eman beharreko erantzuna antolatzeko moduan) ez dago behar besteko adostasunik –profesionala, soziala– egiteko modurik onenaren inguruan: programa orokorrago baten barruan?, baliabide espezifiko batean?, pertsonak beren arazoaren arabera bereizita edo baliabide jakin batzuetan elkartuta?...
Alabaina, esan daiteke, eta hala egin behar dugu, badirela hainbat hutsune eta horiei heldu behar zaiela. Esate baterako:
– Hainbat adin tarte (esate baterako, 16-18 urte) baliabideetatik kanpo geratzen direla: kasu batzuetan, soilik adindunentzako baliabideak dira; beste batzuetan, berriz, eskolatze adinean dauden pertsonentzat dira soilik, edo are hezkuntza-aldi jakin batzuetan dauden pertsonentzat (unitate terapeutiko-edukatiboen kasua da hori).
Ez dirudi adin jakin batzuetan edo behar jakin batzuetarako EAEtik kanpoko baliabideetara jotzea denik konponbide onena.
– Ia kasu guztietan, haur eta gazteen buru-osasuneko arazoei erantzuteko, adingabearekin berarekin esku hartu behar da, baina baita haren familiarekin ere. Bildutako informazioa kontuan hartuta, ez dirudi gehitxo denik baieztatzea indartu eta hobetu egin behar direla familiak edo tutoreak babesteko programak (soziala, psikologikoa…) edo lagun egiteko programak.
– Deigarria da, halaber, profesional jakin batzuk ez existitzea edo aski ez izatea (esate baterako, haur psikiatriako espezialistak), eta horrek zenbaitetan zaildu egiten du plazak betetzea edo bajan daudenak ordezkatzea.
– Era berean, tutoretzapeko adingabeentzat baliabide jakin batzuk izateak eta antzeko arazoak dituzten baina tutoretzapean ez dauden baizik eta arreta familia-ingurunean bertan ematen zaien beste adingabe batzuentzat halakorik ez izateak ondorio txarrak izan ditzake eta ondorio horiek kontuan hartu beharrekoak dira.
Beraz, uste dugu hobekuntzak neurri handi batean adierazitako hiru jardun-ildoetan sartu beharko liratekeela.
Kexen eta buru-osasuneko arazo larriak dituzten adingabeen euren familien ikuspegia
Gai honi dagokionez, nabarmendu behar dugu burutik gaixo dauden pertsonen familien elkarteak funtsezkoak izan direla Arartekoarentzako informazio-iturri eta akuilu gisa: hala FEDEAFESen sartutako elkarte orokorrak, nola elkarte espezifikoak, autismoari eta antzeko beste arazo jakin batzuei loturikoak (APNABI, ARAZOAK, GAUTENA).
Jadanik 2000ko txosten berezian atal espezifiko bat sartu genuen elkarte horien balorazio eta proposamenen inguruan (ikus 3.4.2.1 atalak). Horietako batzuekin harreman periodikoak izan ditugu, eta horiek baliagarriak gertatu zaizkigu jarraipena egiteko, bai eta kexa-iturri gisa eta bai ofiziozko jarduketetarako. Batzuetan, gainera, elkarte horiek bileretan egin dituzten ekarpenak ez dira soilik ahozkoak izan; aitzitik, azterlan eta dokumentu espezifikoak ere aurkeztu dituzte haur eta gazteen buru-osasunerako arretaren inguruan (hala nola AVIFESek 2008ko abenduan aurkeztutakoa). Jendaurrean eskertu behar dugu elkarte horien lana eta lankidetza.
Adibide gisa, AVIFES Buru Gaixoen eta Senideen Elkartearekin izandako azken bileran planteatutako gabezia eta behar nagusiak laburbilduko ditugu:
– Hezkuntza-eremuan: nabarmendu zuten beharrezkoa dela neurri zehatz eta berehalakoak hartzea familia-eredu berriak sortutako gizarte-aldaketari, gizartearen erritmoari eta etorkinen areagotzeari erantzuteko, bai eta langileei detekzio goiztiarraren inguruan orientazio espezifikoa emateko, nerabeentzat lanean hasi aurreko prestakuntza sustatzeko eta sektorean sentsibilizazio-kanpainak martxan jartzeko ere.
– Osasun-eremuan: adierazi zuten beharrezkoa dela detekzio eta arreta goiztiarreko programak izatea, eskualde eta adin tarte jakin batzuetan laguntza terapeutiko intentsiboak martxan jartzea, buru-gaixotasunean espezializatuta dauden psikiatriako eta psikologiako profesionalen kopurua areagotzea, ospitale orokorretan haurrentzako ospitalizazio psikiatrikoko unitateak sortzea eta baliabideak planifikatzeko batzorde sozio-edukatibo-sanitarioak sustatzea.
– Gizarte eta familia eremuan: familien aisialdi eta atsedenerako guneak eta gurasoentzako eta haien seme-alabentzako talde psikoedukatiboak martxan jartzea eta familiak sentsibilizatzeko kanpainak eta laguntzeko programak sortzea.
Sintesi edo ondorio gisa (elementu aipagarrienak)
Jasotako informazioa laburbildu eta adierazi ondoren, komenigarria da ohar eta hausnarketa batzuk egitea, arartekoaren erakundeari dagokion eskubide bermearen ikuspegitik begiratuta.
Haurren eta gazteen buru osasunaren arreta, izan ere, adingabeen osasun eskubidearen arretaren premiarik handienetarikoa da, eta Haurraren Eskubideen Konbentzioko 24.1 artikuluan onartuta dago. Zalantzarik gabe, buru osasuneko arazoak dituzten gazteen taldea garrantzia hartzen ari da oraingo gizartean.
Haurrak babesteko politika publikoek eskaini behar duten babes integralari dagokionez, ezinbestekoa da diagnostiko zehatza egitea, arazoari erantzun egokia emateko (eraginpeko adingabe kopurua, diagnostikoak, baliabide erabilgarriak edo sorberriak, profesionalen espezializazioa, koordinazio egituran hezkuntza, osasun, familia nahiz gizarte mailan…); talde horren arretari lehentasuna eman behar zaio, berorren estaldura maila oraindik ere ez baita inondik inora ere egokia.
Arartekoa kezkatuta dago errealitate hori ikusita; horrenbestez, jarraipen berezia egingo dio hurrengo urteotan. Alde horretatik, eskubideak bermatzeko beste erakunde batzuk ere kezkatuta daude, eta horrek bide eman du elkarrekin jarduteko. Hala, esate baterako, 2010eko martxoaren bukaeran, haurren buru-osasunari buruzko lantegi bat antolatu genuen, elkarrekin, Andaluziako herriaren defendatzailearen taldeak eta Arartekoak. Lantegi horretan esperientziak trukatu genituen eta arazo komunak eta proposamen partekatuak eztabaidatu genituen.
Logikoki, errealitate bakoitzak bere ezaugarri, baliabide eta beharrak ditu, baina badira beste hainbat jarduketa-eremu ere bi kasuetan hobetu beharrekotzat jotzen zirenak. Horien artean gogora ditzagun aurrez jadanik adierazitakoak:
1) Haurren buru-osasuneko arazoen detekzio eta arreta goiztiarra hobetzea.
2) Arreta horretan inplikatutako baliabide eta sistemen arteko koordinazioa hobetzea.
3) Gaur egun existitzen ez diren edo aski ez diren baliabide edo programa jakin batzuk sortzeko edo gehitzeko beharra.
Erakunde honek duen izaera bermatzailearen ikuspegitik, azpimarratu behar dugu adingabeen buru-osasunaren arretari dagokionez lehentasuna eman behar zaiola botere publikoen jarduketak planifikatzeari. Gainera, arazoei erantzute hutsa gainditzen edo mugatzen duten oinarrizko premisa batzuk izan behar ditu oinarri:
– Osasunaren sustapena.
– Buru-osasuneko arazoen prebentzioa.
– Kalitateko laguntzaren bermea.
Gomendioak
Aurreko epigrafeetan jadanik hobetzeko aukera eta proposamen ugari adierazi ditugu. Hemen, txosten horretako 5. kapituluan arlo honen inguruan egin genituen gomendioak gogora ekarri besterik ez dugu egingo.
Zalantzarik gabe, gomendio zuzen eta orokorrena 49.a da: "Buru-osasuneko arazoak dituzten haur eta gazteen arreta hobetzea". Gomendio horretan, besteak beste, honako hau proposatzen dugu: haur psikiatrian profesional gehiago espezializatzea; plan integralak izatea ez bakarrik adingabeekin esku hartzeko, baizik baita haien familiekin esku hartzeko ere; arreta-denbora areagotzea eta esku-hartzeek jarraitutasuna izatea; eta buru-osasuneko zerbitzuak gehiago inplikatzea arazo larriak dituzten nerabeen babes eta barnealdi zentroei dagokienez.
Aurrekoaz gain, osasun-sistemari buruzko gomendio espezifikoen multzoan, beste lau egin ditugu:
– Adingabeen baimen informatua bermatzea.
– Lehentasuna ematea haurren arretari eta prebentzio eta detekzio goiztiarrei.
– Modu sistematiko eta publikoan erabiltzea osasunaren adierazle jakin batzuk, hala nola adingabeen osasun-eskubidearen betetze-mailaren jarraipena eta neurketa egiteko elementuak.
– Osasun-sistemaren eta beste sistema batzuen arteko koordinazioa hobetzea (babes-sistema, gazte justiziaren sistema, hezkuntza-sistema...) eta espazio soziosanitarioa garatzea.
Zer arazo dauden kontuan hartuta, egoera honetan berdin aplikatzekoak iruditzen zaizkigu beste gomendio orokorrago batzuk, hala nola 3. gomendioa; horren bidez, proposatu dugu familiei laguntza ematea, beren funtzioak zuzen bete ditzaten familiako adingabeekin, kasu honetan buru-gaixotasuneko arazoak dituzten familiako adingabeekin dauzkatenak.