2.3. Barneko eta eskumenetako arau markoa
A) Adina eta jarduteko gaitasuna
Adinean dago pertsonaren egoera zibila ere, beraz, jarduteko gaitasunean eragina du, hau da, jarduteko eta erantzukizuneko eremuan du eragina.
Konstituzioko 12. artikuluak dio adinez nagusia izaten dela 18 urtetik aurrera. Kode zibilak (Kz) ere 315. artikuluan adinez nagusia 18 urtetik aurrera izaten dela dio. Kz-ko 322. artikuluak dio adinez nagusia dena bizitza zibileko ekintza guztietarako gai dela, Kode honek ezarritako kasu berezietako salbuespenentzat izan ezik. Kasu bereziak dira, esaterako: adingabe emantzipatua ezkondu daiteke eta bere burua eta ondasunak zuzendu ditzake, salbuespenetan, adinez nagusia balitz bezala; 16 urtetik aurrera lana egin daiteke, baina mugak daude, adibidez, gauez lana egitea edo arriskutsutzat aitortutako lanak egitea, besteak beste araudi zibil eta foru araudiek aurreikusitako berezitasunak.
Gainera, adingabeen jarduteko gaitasunaren mugak murriztuta interpretatu behar dira. Zentzu honetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 30. artikuluan aurreikusten du, adingabeek ordenamendu juridikoak baimendutako eskubideak eta interesak erabili eta defendatu ditzaketela: "Arau zibilen arabera jardun dezaketenez gain, adingabekoak ere herri-administrazioekin jarduteko gai izango dira, guraso-agintea, tutoretza edo kuradoretza duenak esku hartzea beharrezkoa ez denean, administrazioaren ordenamendu juridikoaren arabera, beren eskubideez baliatu eta interesen alde egiteko...".
Azkenik, Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoak dio Lege Organiko hau ezar dakiekeela espainiar lurraldean dauden 18 urtez azpikoei, ezar dakiekeen legearen arabera aurrez adinez nagusi ez badira[2].
B) Politika publikoak
Adingabeen beharren eta eskubideen arreta horien ongizatean eskumena duten (osasuna, hezkuntza...) Administrazio Publiko desberdinen eskumena da.
Haurrei eta nerabeei dagozkien gizarte politikak autonomia-erkidegoen eskumena dira. Euskal Herrian eskumen horiek Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek banatuta dituzte.
Estatuak zenbait tresna sortu ditu haurrei dagozkien eta autonomia-erkidego desberdinen eskumen diren politikak koordinatzeko, adibidez, Haurren Behatokia edo Haur eta Nerabeentzako Plan Estrategiko Nazionala.
Espainiako Haurren Behatokia lan talde bat da eta Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren baita dago. Bere xedea informazio sistema zentralizatu eta partekatua sortzea da, haurren ongizatea eta bizi-kalitatea ezagutzeko eta haurrengan eragina duten politika publikoak ezagutzeko[3].
Haur eta Nerabeentzako Plan Estrategiko Nazionala[4] (2006-2009) 2006ko ekainaren 16an onartu zen. Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak, 2002ko ekainean Hitzarmena ezartzeari buruz egindako II Txostena aztertu ondoren, kezkatuta agertu zen eta Espainiari gomendatu zion "erakunde publikoetan eta nazio, eskualde eta udalerri mailakoetan koordinazio eraginkorra indartu eta ezartzeko, haurrak defendatu eta babesteko politikak abian jartzeko eta haurrei buruzko estrategia globala formulatzeko, Hitzarmeneko printzipioak eta xedapenak oinarri hartuta eta haurrei buruzko sektore arteko politikak garatzeko eta ezartzeko". Planaren xedea da haurren eskubideak sustatzen eta defendatzen aritzen diren erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza hobetzea eskumendun erakundeek garatzen dituzten ekintzekiko ekintza osagarrien eta berrien bidez, eskubideak defendatzeko eta lurralde arteko desberdinak gainditzeko, sustapenari eta defentsari dagokionez.
Behatokiak sustatu duen beste jardueretako bat bakarrik dauden adingabeko atzerritarren Protokoloa da, adingabe atzerritarrei buruzko atalean aipatuko duguna, eta Haurren eta Nerabeen Sexu Esplotazioaren aurkako II. Ekintza Plana[5] 2006-2009 (Haurren tratu txarren lantaldea). Plan honek eragileen arteko koordinazio neurriak artikulatzea aurreikusten du, haurren eta nerabeen sexu esplotazioaren gizarte arazoari aurre egiteko.
Garrantzitsua da Gizarteratzeko 2008-2010 Plan Nazionala aipatzea ere, haurrei dagozkien neurriak jasotzen baititu.
C) Euskadi
Haurren eta nerabeen beharrak artatzea eta horien eskubideak betetzea, botere publiko guztiei dagokie.
Administrazioa da haurrak eta nerabeak artatzeko eskumena duena gurasorik edo tutorerik ez dagoen kasuetan, zailtasunak daudenean edo arretan gabeziak dituztenean, foru aldundiak eta udalak jarduten dira. Foru aldundiak dira babesik gabeko adingabekoak babesteko eskumena duten administrazioak. Udalek parte hartzeko eskumena dute, arriskuan dauden haur eta nerabeen kasuan.
Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Lege berrian ezarri da haurren eta nerabeen gaineko eskumenen markoa eta eskumenak banatu dira Administrazio hauen eta Eusko Jaurlaritzaren artean.
Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuak (udal gizarte zerbitzuak) dira parte hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala kudeatzeko eskumendunak. Foru aldundiek dute, foru gizarte zerbitzuen bidez (bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak), haur babesgabeak artatzeko eskumena. Gizarte Zerbitzuen Legeak aipatzen dituen eta foru aldundien eskumen diren zerbitzuak dira egoitzak, informazio zerbitzuak eta familiako harrera sustatu eta babestekoak eta adopzioa. Eusko Jaurlaritza eskumenduna da ekimen legegilean eta arauzko ahalean eta haurrei eta nerabeei dagozkien jardueren eta zerbitzuen planifikazio orokorrean, autonomia eremuko gizarte zerbitzuen bidez.
Bestalde, Eusko Jaurlaritza da Justizia eta Herri Administrazio Saileko Gazteen Justizia Zerbitzuaren bidez adingabe arau-hausleak gizarteratzeko eskumenduna, bere funtzioen artean baitago epaitegiek ezarritako neurriak burutzea, Zigor Erantzukizunari buruzko Legea ezarrita. Horren ondorioz zentro sarea eta baliabide materialak eta pertsonalak jarri dira abian.
Gaian eskumena duten euskal administrazio desberdinek jarduera planak egin dituzte; planotan xedeak eta horiek betetzeko beharrezko neurriak ezarri dituzte, baita beste gizarte eragileen eta instituzioen parte hartzea eta egiteko eta ebaluatzeko metodologia ere. Plan hauen xedeen artean daude adingabeen eskubideak betetzea, beraz, eskumendun administrazio desberdinen arteko koordinazioa aurreikusten dute: Gazteen III Justizia Plana 2008-2012, Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurrentzako II. Plana 2008-2011[6], Haurrak eta babesik gabeko nerabeak artatzeko Gipuzkoako Plana...
Haurren eta nerabeen eskubideak aitortzeak eta babesteko betebeharrak berekin du neurri aktiboak abian jartzea, bai arauzkoak bai horien ongizateari lagunduko dieten eta gurasoak eta artatzeko erantzukizuna dutenak babestuko dituzten jarduerak ere.
Adingabeen eskubideen barne mailako zehaztapena eta horiek babesteko eta artatzeko hartutako konpromisoak ugariak dira, osasunari, heziketari, gizarte babesari eta arrisku eta babesgabeko egoerei, gizarteratzeari, integritatea babesteari... egiten baitiete erreferentzia.
Jarraian, araurik garrantzitsuenetako batzuk nabarmendu nahi ditugu, nahiz eta txosteneko beste atal batzuetan, haurren babesa (3.1), adingabeko arau-hausleak (3.3) edo bakarrik dauden adingabeko atzerritarrak (3.2) ataletan esaterako, kasu bakoitzean ezar daitekeen arauzko markoa zehatzago aipatu dugun.
Hezkuntzarako eskubideari dagokionez:
– 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako eskubidea arautzen duena.
– 1/93 Legea, Euskal Eskola Publikoarena, 1993ko otsailaren 19koa.
– 118/1998 Dekretua, ekainaren 23koa, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzaileen esparruan antolatzen duena.
– Maiatzaren 23ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzarena.
– 201/2008 Dekretua, abenduaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.
Beraien integritatea babesteari dagokionez:
– 15/2003 Lege Organikoa, azaroaren 25ekoa, Zigor Kodeko azaroaren 23ko 10/1995 LO aldatzen duena. Araudi honek, besteak beste, haurrei erasaten dieten neurriak jarri ditu etxeko indarkeriari, adingabeen ustelkeria delituei eta haurren osotasun fisiko eta psikologikoaren aurka aritzen direnei dagozkienez.
– 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriena.
Haurren eta nerabeen arreta eta babesari dagokionez:
– 263/2003 Dekretua, nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituena.
– 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta artatzekoa.
– 219/2007 Dekretua, abenduaren 4koa, EA
En Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzen duena[7].
– 165/2007 Dekretua, urriaren 2koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortu eta horren funtzionamendua, osaera eta eginkizunak ezartzen dituena.
– 1618/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, elikagaien ordainketarako berme fondoaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa[8].
– 54/2007 Legea, abenduaren 28koa, Nazioarteko Adopzioena.
– 131/2008 Dekretua, uztailaren 8koa, gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautuko dituena.
– 1/2008 Legea, otsailaren 8koa, familia bitartekaritzakoa.
– 124/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituena.
Ezintasuna duten edo mendekotasun egoeran dauden adingabeei dagokienez:
– 51/2003 Lege Organikoa, abenduaren 2koa, ezinduen aukera berdinerako, bereizkeriarik ezerako, eta erabilerraztasun unibertsalerakoa.
– 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala eta mendekotasun egoeran dauden pertsonenganako arreta sustatzeko.
– Ezintasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Biltzarra, 2007ko martxoaren 30a.
Osasunari dagokionez:
– 14/1986 Legea, apirilaren 25ekoa, osasunari buruzkoa.
– 175/1989 Dekretua, uztailaren 18koa, Osakidetzako gaixo eta erabiltzaileen Eskubide eta Obligazioen karta onartzen duena.
– 8/1997 Legea, ekainaren 26ekoa, Euskadiko antolamendu sanitarioarena.
– 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoko gaiei buruzko eskubide eta betebeharrak erregulatzen dituena (9.3. art.: 12 urtetik aurrera entzuna izateko eskubidea).
– 2/2010 Lege Organikoa, martxoaren 3koa, sexu- eta ugalketa-osasunaren eta haurdunaldiaren borondatezko etendurarena (13.4. art. haurdunaldia borondatez etetea baimentzeko eskubidea).
Erantzukizun penalari dagokionez:
– 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena. 7 eta 9/2000 Lege Organikoak, abenduaren 22koak; 9/2002 Lege Organikoa, abenduaren 10ekoa; 15/2003 Lege Organikoa, azaroaren 25ekoa eta 19/2003 eta 8/2006 Lege Organikoak, abenduaren 4koak.
– 2001eko azaroaren 7ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailburuena, Justizia, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mende dauden zentroetan hartuta eta internatuta dauden adingabe arau-hausleen heziketa eskubidea bermatzeko neurriak arautzekoa.
– 1174/2004 Errege Dekretua, uztailaren 30ekoa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoko Araudia onartzen duena.
– 1/2007 Zirkularra, 2007ko azarokoa, Estatutako Fiskaltza Orokorrarena, 2006an adingabeen legedi penala erreformatu ondorengo irizpide interpretatiboei buruzkoa, legegileak sartutako aldaketen interpretazioak zehatz proposatzen direna.
– 163/2008 Dekretua, EA
Eko arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileak baimendu, homologatu, ikuskatu eta erregistratzeari buruzkoa.
– 80/2009 Dekretua, apirilaren 21ekoa, askatasunez gabetzeko neurriak betearazten dituen EA
Eko ikastetxeei buruzkoa. Bere xedea da egoitzen baldintza materialak, funtzionalak eta pertsonalak arautzea eta bertako adingabeen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak arautzea.
[2] Eztabaida doktrinala dago lege pertsonala aplikagarria ote den edo ez ote denari buruz (9.1 Kz art.) honek 18 urtez azpiko adina aurreikusten duenean, edo Espainiako legedia ezarri behar den adin txikiagoa badu eta legedi hori bere interesentzako mesedegarriagoa bada; izan ere, berdintasunaren printzipioa beteaz, 18 urtez azpiko guztiek Espainian eskubide eta betebehar berdinak dituzte nazionalitatea dena delakoa izanagatik ere.
[3] Espainiako Haurren Behatokiaren xede nagusiak dira haurren bizi-kalitatea eta gertatzen diren aldaketak ezagutzea; haurrei erasaten dieten gizarte politiken jarraipena egitea; haurrei eta nerabeei erasaten dieten politika publikoez gomendioak egitea; haurren eta nerabeen ikerketa eta ezagutza sustatzea eta haurren eta nerabeen eskubideak hobeto ezartzeko azterketak eta aldiroko txostenak egitea, baita horien beharrak ezagutzeko ere. Zeregin nagusi hauek ditu: Nazioko eta nazioarteko iturriek haurrei buruz duten informazioa bildu eta aztertzeko organo iraunkorra izatea; adierazleak eta informazio sistemak hobetzeko gomendioak eta proposamenak egitea; nazioarteko antzeko erakundeekin harremanak izan eta parte hartzea; Administrazio Publikoek arlo honetan abian jarritako jarduera eta neurriei buruzko informazioa jasotzea; haurrei eta nerabeei dagozkien politikek eta neurriek gizartean duten eragina ebaluatzea; erakunde publikoen eta gizartearen artean komunikatzeko eta elkartrukatzeko foro bat eratzea; komunikabideetan haurrez egiten duten tratamendua jarraitzeko ekintzak proposatzea; Espainian haurren egoera diagnostikatzeko azterketak eta txosten teknikoak egiteko proposatzea; haurrei dagozkien gizarte politiken jarraipen informatiboa egitea; eta haurrekin eta nerabeekin lotutako hainbat alderdiri buruzko informazioa zabaltzea.
[4] 2002an Estatu eta Gobernu buruzagiek eta Estatu partaideetako ordezkariek, Nazio Batuen haurrei buruzko Batzar Orokorreko saioen ezohiko aldian aitorpen bat sinatu zuten, "Haurrentzako mundua", eta hitza eman zuten haurrentzako nazio mailako ekintza planak jarriko zituztela praktikan, haurren eskubideak babesteko eta bermatzeko eta haurren ongizatea ziurtatzeko.
[5] Haurren eta nerabeen sexu eta merkataritza arloko esplotazioaren aurkako I. plana 2002-2003 haurrak saltzeari, haurren prostituzioari eta haurrak pornografian erabiltzeari buruz Haurren Eskubideen protokolo fakultatiboak onartu ondoren jarritako neurria izan zen, baita 1996an Stockholmen eta 2001ean Yokohaman haurren sexu esplotazioaren aurka egindako Mundu Biltzarrek onartutako konpromisoen adierazlea ere.
[6] Haurren Planeko lerro estrategikoen artean oinarrizko eta espezializatutako gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea dago, aurrea hartzeko eta inguru berean parte hartzeko programei lehentasuna ematea, familia-harrera programak sustatzea, egoitza-harrera programen baliabideak eta prozedurak eguneratzea, kalitatearen printzipioetan oinarritutako kudeaketa egitea..., programak planifikatu eta ebaluatzea, beste gizarte sistemen baliabideak koordinatzea (osasuna, hezkuntza, justizia,etab.), hirugarren sektorearen zeregina indartzea...
[7] Behatokiaren zeregina da haurren eta nerabeen errealitatea aztertzea eta haurrak eta nerabeak babesteko eta artatzeko otsailaren 18ko 3/2005 Legea ezarriaz garatutako politiken eragina aztertzea.
[8] Bere xedea da banandutako gurasoen seme-alaba adingabeei bermatzea zenbateko ekonomiko batzuk jasoko dituztela, aurrerakin bezala definitutakoak, dauden familia unitatean beraien beharrei aurre egiteko, elikagaiak ordaintzeko betebeharra betetzen ez denean. Fondo publikoen kargura egiten da eta Estatuak subrogatzen ditu ordaintzeko betebeharra duenarekiko eskubideak.