ARARTEKOAREN MINTZALDIA – Iñigo Lamarca Iturbe –Ararteko
Egun on.
Lehendabizi, agur esan nahi dizuet hizlariei eta Ararteko erakundeak eta EHUk elkarrekin antolatutako uda ikastaroetako jardunaldi honetara etorri zareten guztioi. Eskerrik asko José Luis de la C
uesta zuzendariari eta ikastaroen antolatzaileei, beren lankidetzagatik eta jardunaldi hau egiteko aukera emateagatik.
Denok dakizuenez, Arartekoaren eginkizun nagusia da euskal herri administrazioen (hau da, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundi, udal eta abarren) jarduera ikuskatzea eta administrazio-irregulartasunen baten edo administrazioaren jarduera okerraren ondorioz kaltea jasan dezaketen herritarren eskubideak zaintzea.
Eremu batzuetan ez da erraza esku hartzea, adibidez, kontsumo arloan edo banketxeen produktu eta zerbitzuen arloan, izan ere, horietan sortzen diren arazoak enpresa pribatuen jarduerek eragiten dituzte, edo, bestela, administrazio eskudunak autonomia erkidegoaz gaindikoak baldin badira, Arartekoak mugatuta dauka bere jarduera-eremua eta ezin du zuzenean esku hartu herritarrek egiten dizkiguten kexa gehientsuenetan. Halakoetan, aurkezpen honetan barrena ikusiko dugunez, jarduteko eta eragiteko hainbat eremu ditugu, guztiak pertsonen eskubideak babestera bideratuak.
– Egiten dizkiguten kexen bitartez, eskumen bidez zerbitzu-egileak kontrolatzera behartuta dauden administrazioak ikuskatzen ditugu. Kontrolatu behar duen administrazioa autonomia erkidegokoa ez bada, Espainiako Herriaren Defendatzaileari bidaltzen dizkiogu kexak.
– Jarduteko eskumenik ez dugun kasuetan, aholkuak ematen dizkiegu gure bulegoetara etortzen direnei, eta beraien erreklamazioa ebazteko eskumena duten instantzietara irits dadin zer urrats egin behar dituzten adierazten diegu.
– Era berean, Arartekoak beste tresna batzuk ere baditu politika publikoak ebaluatzeko, hala nola gomendio orokorrak egitea, administrazioek jarduera egokiak beregana ditzaten sustatzea edo jardunaldiak burutzea (gaur uda ikastaro hauetan egiten ari garena bezalakoak).
Aztertzen ari garen gaiaren esparruan –alegia, banketxeek finantza-zerbitzuak egiten dituztenean, herritarren eskubideak babestea–, esku-hartze mugatua dugu; hala ere, beti ahalegindu izan gara ahalik eta urrutien iristen, kontuan hartuta kaltetutako eskubideak garrantzitsuak direla eta herritarrentzat desoreka-egoera argia sortzen dela. Horrela, jardunaldian zehar pixkanaka aztertuko ditugu argiro desorekatuta dauden aldeen arteko kontratuak eta jarduerak, izan ere, desoreka hori herritarren kalterako izaten da. Administrazioa kontrolatzeko jardueran, administrazio ona izateko eskubidea da jarraitu beharreko eredua. Eta eskubide horrek aldeen arteko berdintasuna eta proportzionaltasuna eskatzen ditu, ez arbitrariotasuna.
Laburki bada ere, hemen aipatu nahi dut zer-nolako kexak jasotzen ditugun Arartekoan jardunaldi honetako aztergaiari buruz (zabalago kontsulta dezakezue Eusko Legebiltzarrari egin diogun 2012ko urteko txostenean):
− Etxe kaleratzeek kaltetutako pertsonen etsipena egiaztatu dugu. Horiei aholkuak eman dizkiegu eta Gainzorpetutako Familiei Laguntzeko Zerbitzura bideratu ditugu.
− Herritarrak alokatutako etxebizitza babestuetatik kaleratzen dituztenean, bitartekotza-lan informala egiten dugu Alokabide elkarte publikoarekin. Zehazki, kasu askotan, konpromisoak sinatu dira zor ziren kopuruen ordainketa atzeratzeko; horrela, familiek eta maizterrek etxebizitza babestuan jarraitzeko aukera izan dute.
− Euskal familia ugari erakunde honekin harremanetan jarri dira, beren banketxeek finantza-produktu bat kontratatzea aholkatu zietelako –lehentasunezko partaidetzak– eta produktu hori ez delako ematen ari inbertsioan espero zen segurtasun-maila, ezta iragarritako errentagarritasuna ere. Kexa horiek kontuan hartuta, Espainiako De fensor del Pueblo erakundeari eman genion horien berri, izan ere, kaltetuek adierazi ziguten produktu hori kontratatzeko unean ez zitzaiela informazio egokia eman produktu horren ezaugarriez. Eroski eta Fagorren mendeko finantza-partaidetzak izenekoei lotutako gaian ere esku hartu dugu. Prozesu horretan, argi ikusi da oraingo merkatuak ikuskatzeko sistemak indartu behar direla, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babestuago egongo direla bermatzeko.
Alderdi horri dagokionez, ez dut gehiago sakonduko, bada gaur arratsaldeko mahai-inguruan, gure lankide Maria José Fernández de Landak zehazkiago azalduko du.
Pertsonak eta familiak krisiaren subjektu pasibo gisa
Krisiaren ondorioak suntsitzaileak izaten ari dira gizarteko sektore askorentzat. Lanik eza, lan urritasuna eta gizarte-murrizketak ziztu bizian hedatzen ari dira. Horrek berekin dakar etorkizunari beldurra izatea. Etorkizunari beldurra izate horrek hertsatzen ditu herritarrak. Horiek ziurgabetasun eta etsipen egoera bizi dute eta, epe laburrera, ez dirudi aldaketa on garrantzitsurik gertatuko denik.
Etxe kaleratzeei buruzko datuak:
Espainiako Erregistratzaileen Elkargoaren datuen arabera, 2012. urtean 49.200 etxe kaleratze gauzatu dira, ohiko etxebizitzari dagokionez.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren estatistikaren arabera, 2012. urtean 101.034 etxe botatze adostu dira.
Iturri berak dio 2012an Euskadin 899 enkante judizial betearazi direla.
Datuok zenbateraino datozen bat edo zenbateraino diren homogeneoak alde batera utzita, zertzelada horiek agerian jartzen digute arazoa handia eta larria dela eta gure gizartearen ehuneko handi batengan duela eragina. Orain dela gutxi arte, bazirudien errealitate hori ez zela hain sarri gertatzen; orain, ordea, arazoaren ondorioak hain bortitzak izan dira non inork ezin izan baitu bazter utzi.
Etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea Konstituzioaren 47. artikuluan aitortzen da. Artikulu horrek dioenez, “Botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituzte, eskubide hori eragingarria izan dadin; eta, espekulazioa desagerrarazteko, interes orokorraren arabera arautuko dute lurraren erabilera” eta “erakunde publikoen hirigintza jarduerak gainbalioa sortzen badu, gizarteak horietan parte hartuko du”. Beste eskubide sozial batzuk bezalaxe (adibidez, osasunerako eskubidea, 43. artikulua), 47. artikulua Konstituzioaren III. Kapituluko I. Titulukoa da, non biltzen baitira “politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarriak”. Espainian, eskubide sozialak auzitegietan exijitzeko aukera blokeatuta dago, izan ere, Konstituzioak III. Kapituluko I. Tituluan biltzen dituen eskubideak onartu, errespetatu eta babestu egin behar dira, “eta legeria positiboak, eginera judizialek eta botere publikoen jardunak horiexek izango dituzte kontuan. Jurisdikzio arruntean halakoak alegatu ahal izateko, nahitaezkoa da haiek garatzen dituzten legeak aintzakotzat hartzea“ (53.3 artikulua). Amnesty International-ek txosten bat egin zuen, Espainian eskubide sozioekonomikoak auzitegietan exijitzeko aukeraz: Derechos a la intemperie (2011) zuen izenburu. Txosten horretan adierazi zuenez, praktikan, “legeriak eta politikek, Estatuan nahiz erkidegoetan, ez dute zehazten, oro har, eskubidearen edukia, ezta horren gainean nork erantzun behar duen ere. Eta gauza jakina da eskubide baten edukia argi ez dagoenean eskubide hori erraz urra daitekeela, nekez exiji daitekeela eta justiziaren aurrean erreklamatua izateko aukera gutxiago dituela”. Urtea joan eta urtea etorri, Arartekoak etengabe adierazten du, Eusko Legebiltzarrari egiten dizkion urteko txostenetan, lehenbailehen onartu behar dela etxebizitzari buruzko lege bat, auzitegietan etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea exijitzeko aukera bermatuko duena.
Etxebizitza izateko eskubidea, ordea, Konstituzioan aitortutako eskubidea izateaz gain, nazioartean aitortutako giza eskubidea ere bada. Eskubide hori berariaz aitortzen da Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluan eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren (EESKNI) 11.1 artikuluan. Konstituzioaren 10.2 artikuluan ezarrita dagoenez, “Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatzeko, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bai eta gai berberen inguruan Espainiak berretsi dituen nazioarteko tratatuak eta itunak ere”. Nazioarteko ituna denez, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna barruko legeriaren zati bat da eta, beraz, horren xedapenak indargabetu, aldatu edo eteteko, nahitaezkoa da itunean bertan ezarritako moduan egitea edo nazioarteko zuzenbideko arau orokorrak betetzea (Konstituzioaren 96.1 artikulua).
Konstituzioaren 9.2 artikuluak dioenez, “botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere”. Politika publikoak berdintasuna bermatzera bideratu behar dira, berdintasuna norberaren gaitasun eta autonomia bezala ulertuta, gizarte demokratikoa egituratzeko balio bezala. Zentzuzko azterketa sozioekonomiko batzuek egiaztatu dutenez, berdintasuna, berez balio bat izateaz gain, sistema ekonomiko osoaren funtzionamendu ona ziurtatzeko bidea ere bada.
Familien gainzorpetzeari aurre egiteko, lehen-lehenik zordunak mailegua itzuli ahal izateko eta, ahal bada, etxebizitza ez galtzeko neurriak abiarazi behar dira. Etxebizitza galtzeak azkeneko aukera izan beharko luke beti, izan ere, bizilekua izatea nortasuna aske garatzeko ezinbesteko baldintza da, eta gizarte-bazterketari aurpegi emateko babes-neurria.
Edonola ere, botere publikoek “dauzkaten baliabideak ahalik eta gehien” erabiltzen ari direla erakutsi behar dute (EESKNIren 2.1 artikulua), etxebizitza izateko eskubidea denentzat benetan gauzatuko dela bermatzeko.
Horren haritik, Arartekoak arazo horren gainean proposamenak egiteko izan dituen aukera guztiak aprobetxatu ditu bere urteko txostenetan, foro publikoetan, herriaren defendatzaileen topaketetan, iritzi-artikuluetan, e.a.
Gomendioen bilduma
− Eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien erabil daitezela, etxebizitza izateko eskubidea guztientzat benetan gauzatuko dela bermatzeko.
− Etxebizitzari buruzko lege bat onar dezatela, auzitegietan etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea exijitzeko aukera ziurtatzeko.
− Alokairuan emandako etxebizitza babestua sustatzearen alde egin dadila apustu.
− Alokairu sozialera bideratu dadila “banku txarraren” (Sareb) eraikinetatik kopuru handi bat.
− Etxea ordainean ematea orokortu dadila, hipoteka-maileguen kontratuetan erantzukizuna bereganatzeko klausula gisa.
− Maileguaren ordainketa atzeratu dadila, baldin eta mailegu-hartzailea lanik gabe geratu bada edo egoera ahulean badago.
− Epaileak nahitaezko betearazpena geldiarazi ahal izan dezala, harik eta gaia sakon aztertu arte eta mailegu-kontratuan kontsumitzailearentzat gehiegizko klausularik badagoen egiaztatu arte.
− Bitartekotza-lana egiteko nahitaezko prozedura bat ezar dadila, bizilekuari dagozkion eskubideak beteko direla bermatzeko. Bitartekotza-sistemak bere baitan hartu beharko luke familiari gehiago laguntzea hipoteka betearazteko prozeduran.
− Egoerarik txarrenean dauden familiei arreta berezia eskain diezaietela, batik bat gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden familiei.
Azken hilabeteotan gertatu diren berri batzuek zertxobait argitzen dute, gutxi bada ere, islatzen ari garen errealitate hori:
l. Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Hipotekarioko Zerbitzua: 2012ko maiatzean abiarazi zen Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Hipotekarioko Zerbitzua, doakoa eta aukerakoa. Zerbitzu hori batez ere ekonomia arloko adituek osatzen dute eta finantza-erakundeen aurrean bitartekari lanak egiteko prest daude, ohiko etxebizitzaren kuotak ordaintzen ez diren kasuetan. Ararteko erakundeak begi onez ikusi zuen Eusko Jaurlaritzaren ekimen hori, baina familiei gehiago lagundu beharko litzaieke hipoteka betearazteko prozedurak irauten duen bitartean, eta hobe litzateke bitartekotza-lana egiteko nahitaezko prozedura bat edukitzea, bizilekuari lotutako eskubideak beteko direla bermatzeko asmoz. Gaur arratsaldeko saioan horretaz hitz egingo dugu, dudarik gabe.
ll. Joan den hilean, Eusko Jaurlaritzak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta EUDELek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, familiak etxebizitzatik botatzen dituztenean gertatzen diren ahultasun-egoerak antzemateko eta gizarte arloko neurriak hartu ahal izateko. Hitzarmen horrek jarduera-protokolo bat ezartzen du ahultasun bereziko kasuetarako, hau da, alokairua edo hipoteka-mailegua ez ordaintzeagatik norbait etxetik botatzen dutenerako. Zehazki, ibilbide bat eratzen da. Ibilbide hori instantzia judizialean hasten da, bertan gizarte- eta etxebizitza-zerbitzuek hartzen dute parte, eta horretara jo dezakete ohiko etxebizitzatik kaleratuak izateko arriskuan dauden pertsonek.
III. Auzibidea. Arartekoak ontzat jo zuen Euskadin epaile batzuek burututako ekimen bat, etxe kaleratzeak gertatzen zirenean jarduera-protokolo bat ezartzeko. 2012ko azaroan Auzitegi Nagusiak bere egin zuen ekimen hori. Iraganean alegaziorik egiterik ez bazegoen ere, orain, protokolo berri horri esker, eginbide judizial berri bat has daiteke, kaltetuei bere abokatuaren bitartez entzuteko. Era berean, protokolo berri horrek gertatzear dauden kaleratzeak eteteko aukera ematen du, 27/2012 Errege Dekretu-legean xedatutako kasuetan. Ziur nago gure hirugarren hizlariak hori guztia argituko digula.
IV. 2013ko urtarrilean indarrean jarri da Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren agindu bat (2012ko urriaren 15eko Agindua, EHAA 2011. zk., 2012ko urriaren 31koa). Araudi berri horren bidez, etxebizitza arloko babes publiko handiagoa eman nahi zaie etxetik kaleratu dituzten familiei. Parekotzat jotzen dira bat-bateko
gertaerengatik ohiko etxebizitza ordaindu ezin delako etxe hori galtzea eta etxebizitzarik ez izatea, pertsona horiek esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izan dezaten, etxebizitzaren premia handia duen taldetzat hartuta.
Bestalde, hipoteka betearazpenaren ondorioz etxebizitza galdu eta gero gizarte-bazterketa pairatzeko arrisku larrian dauden familiei, adin txikiko seme-alabak dituztenei, alokairuko etxebizitza babestuak zuzenean esleitzea ahalbidetzen du agindu horrek. Aparteko neurri hori erabili du Eusko Jaurlaritzak Gainzorpetutako Familiei Laguntzeko Zerbitzua ezarri zenetik.
V. EBko Justizia Auzitegiaren epaia: EBko Justizia Auzitegiak, 2013ko martxoaren 14ko epaian, C
415/11 gaian –Bartzelonako Merkataritza arloko 3. Epaitegiak egindako epaiketa aurreko erabaki eskaera–, kontsumitzaileen eskubideen babes-esparrua finkatu du, bada hauxe ebatzi du: Espainiako hipoteka-legea kontsumitzailea babesteari buruzko Europar Batasuneko Zuzenbidearen eta Europako zuzentarauaren kontrakoa dela, epaileak ezin baitu hipoteka-kontratuko klausula bat gehiegizkotzat jo eta, aldi baterako gutxienez, hipotekaren betearazpena geldiarazi. Ezinbestekoa iruditzen zaigu epaileek gai bakoitza sakon aztertzea, hipoteka-kontratuko klausulen edukia bidezkoa den ala ez argitu dadin.
Azken batean, egoera juridiko egokia sortu nahi da, gehiegizkoak izan daitezkeen kontratu-klausulen aurrean kontsumitzaileak babes eraginkorra jasoko dutela bermatzeko. Betearazteko prozedura hori orain mende bat pasatxo eratu zen, oso egoera ezberdinean oraingoaren aldean, eta disfuntzionala da oraingo egoeran, burbuila finantzarioa eta inmobiliarioa elikatzen lagundu duen banketxe hartzekodunari abantaila ematen baitio, burbuila horien eztandaren ondorioak pairatzen dituen asmo oneko zordunaren aurrean.
Maiatzaren 14ko 1/2013 Legea ere –hipoteka zordunak hobeto babesteko neurriei eta zorrak eta alokairu soziala berregituratzeari buruzkoa– berri ona dela esan nahiko genuke, baina, gure ustez, gizarteak ekimen politikoari eskatzen zion hartatik urrun geratu da.
VI. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarau proposamena, bizileku gisa erabiliko diren ondasun higiezinen kreditu-kontratuen gainean. Proposamen horren arrazoibideen artean, hauxe adierazten da: hipotekak dituzten familia ugari, ikusi denez, gehiegizko hipoteka betearazpenen biktima izan dira. Horregatik, aparteko neurriak har daitezen eskatzen du, Europa osoan etxebizitza-eskubidea bermatzeko. Halaber, estatu kideei eskatzen die berma dezatela eraginkortasunez konponduko direla etxe kaleratzeek sortutako gizarte-ondorio latzak.
Berrikuntza horiek ondo bideratuta daude eta Arartekoak pozik hartu ditu. Hala ere, oraindik urrats itzelak egin behar dira egungo egoerari buelta emateko. Giza eskubideekiko konpromisoa benetakoa izan dadin, ezinbestekoa da etxebizitza arloko politika publikoak berriz aztertzea. Raquel Rolnik Nazio Batuen Kontalari Bereziak hauxe adierazi zuen orain hilabete batzuk etxebizitza izateko eskubideaz:
“Datuek erakusten dutenez, etxebizitza bat erosteko kreditua ematean soilik oinarritzen diren etxebizitza-politikak ez dira bateragarriak pobrezian bizi diren pertsonek etxebizitza egokia izateko duten eskubidea erabat gauzatzearekin, ez baitute eskaintzen txiroentzako bizitzeko egokiak diren etxebizitzak, arrazoizko preziokoak eta ondo kokatuak bere baitan hartuko dituen konponbiderik. (...) Alderdi finantzarioetara bideratze horren ondorioz, etxebizitza oinarrizko produktutzat eta aktibotzat jotzen da, zeina merkatuko indarrek bakarrik banatzen duten. Hala ere, nahiz eta kreditua lortu, diru-sarrera gutxiko taldeek ez daukate ahalmenik ez maileguaren baldintzak, ez etxebizitza mota ere negoziatzeko, eta nahitaez onartu behar izaten dituzte etxebizitza arloan merkatu inmobiliarioaren ekonomia- eta errentagarritasun-ikuspegien arabera erabakitzen diren konponbideak” (Nazio Batuen Batzar Nagusiari egindako 2012ko txostena, 2012ko abuztuaren 10a, 64 eta 67. paragrafoak).
Uda ikastaroaren helburua
Arartekoak, euskal herri-administrazioen jardueren edo jarduerarik ezaren aurrean herritarren eskubideak babesteko organoa denez, eztabaida bat piztu nahi du arazo horren gainean, ikuspegi kontzeptual hau abiapuntu hartuta: banketxeen zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak al dira? Baietz interpretatzen dugu, izan ere, ikuspegi horretatik bakarrik uler dezakegu denon diruarekin era guztietako banketxeak erreskatatu izana, horietako batzuek beren baliabideak kudeatzean jarri duten ardura zalantzazkoa den arren; egoera horrek larriki kaltetu du herrialdeko ekonomia, makroekonomia, baina baita mikroekonomia ere, etxeko ekonomia.
Horregatik, azken urteotan familia askotan hainbesteko eragina –normalean kaltegarria– izan duten finantza-zerbitzu guztiez hitz egin nahi dugu: hipoteka-produktuez nahiz inbertsio-eta aurrezki-produktuez. Hori guztia jorratuko dugu.
Horretarako, hizlari garrantzitsuak ditugu hemen. Hasteko, Fernando Zunzunegui, jaunak, kontsumitzaileen eskubideetan oso aditua baita, eskubideak babestu eta baliatzeari buruzko araudia azalduko digu, ikuspuntu juridikotzat hartzen dugun hori.
Jarraian, C
armen Gallastegi andreak, teoria ekonomikoan duen kualifikazio handiaz eta komunikatzeko gaitasunaz baliatuta, ikuspuntu ekonomikoa ekarriko du, baina familien egoerarekin eta gizarte-ekonomiarekin lotuta.
Edmundo Rodríguez Achuteguik, zuzenbide oinarrizko eta prozesalaz duen ezagutza sakona eta bere gizarte-konpromisoa batuko ditu, banketxeen zerbitzu eta produktuen kontsumitzaileen eskubideei dagokienez, defentsa jurisdikzionalaren ikuspegia azaltzeko.
Bukatzeko, mahai-inguruak ikuspuntu osagarriak eskainiko dizkigu:
−Justizia administrazioan eskumenak dituen administrazio autonomikoaren ikuspegia, Manu Valín Justiziako zuzendariaren eskutik, eta etxebizitza sustatzearen ikuspuntua, Mario Yoldi etxebizitza sustatzeko arduradunaren eskutik. Horrela aztertu ahal izango dugu zer tresna jarri diren abian herritarrak babesteko, baita etxebizitza izateko eskubidea benetan gauza dezaten ahalbidetzeko ere.
−Rafael Richen ikuspegia. Giza eskubideen arloan abokatu ekintzailea da eta Stop Desahucios C
órdoba-ko defendatzailea. Gainera, aparteko eskarmentua du banketxeen sektorean, berak azalduko digunez.
−Ararteko erakundearen ikuspegia, Maria José Fernández de Landaren eskutik. Ogasun arloko arduraduna da eta oso ondo ezagutzen ditu finantza-erakundeen produktuak. Arartekora etortzen direnek azaltzen dizkiguten arazoetara hurbilduko gaitu.
Mahai-inguru horretan ahots bat falta da: Euskal Herrian kokatutako banketxeena, hain zuzen. Erakunde honen nahiarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik gertatu da hori, bada, banketxeek parte hartzeko gonbita jaso zuten arren, gonbitari uko egin diote. Sentitzen dugu, izan ere, konponbideak bilatzeko aurrerapauso
izugarria izango litzateke jardunaldi honetan aztertuko ditugun arazoen konponbidearen zati bat beraien esku duten erakunde guztien iritziak eta arrazoiak azaltzea, ez baita lan erraza.
Bukatzera noa:
Azken mendean, giza eskubideak gero eta aitorpen eta onarpen handiagoa lortuz joan dira. Erretorikak, ordea, batez ere orain eman behar ditu bere fruituak.
Orain, egoera jasangaitza bihurtzen ari denean nabarmentzen da giza eskubideen benetako balioa, ezin uko eginezko zerbait bezala. Pentsamendu bakarraren aurrean, teknokraziaren eta arautu gabeko merkatuen dogmen aurrean, demokraziaren eta gai publikoen balioa erreklamatu behar dugu, bai Ecclesiaren aldetik (erakunde publikoak), bai Agoraren aldetik ere (eremu publikoak eta herritarrek parte hartzeko irekiak).
Botere publikoek erantzukizun handia dute beren gain, krisi ekonomikoa giza eskubideen krisia bihur dadin eragotzi behar dutelako. Finantza-sistemaren saneamendua, arrisku-prima gutxitzea eta defizitaren helburuak betetzea ezin dira gauzatu giza eskubideen lepotik. Hain justu, ekaitz garaian baliarazi behar dute botere publikoek beren buruzagitza, herritarren beharrei erantzuteko.
Ziur nago gaurko jardunaldian zertxobait sakonduko dugula gai honetan: Zuzenbide Estatuak, pertsonarik ahulenen eskubideak defendatze aldera, zer tresna jarri behar dituen herritarren eta gizarte osoaren esku.
Horrexegatik da hain garrantzitsua zuek hemen egotea eta ekarpenak egitea. Adituen, administrazioaren, erakundeen eta gizartearen ordezkarien ekarpenak, baina, batez ere, bidegabekeria eta beraien eskubideen urratzea larriki bizitzen ari diren pertsonenak.
Eskerrik asko.
Vitoria-Gasteiz,
2013ko uztaila
Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa