3. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
Arartekoaren lan-arloak gaikako banaketaren arabera egituratu izan dira beti. Banaketa hori osatzeko, Ararteko erakundearen jarduerak sailkatu izan diren alorretan barreiatuta dauden eta ezaugarri bereziak dituzten zenbait talderen arazoen berariazko tratamendua egiten da.
Alde horretatik eta Ararteko erakundeak pertsona guztien eskubide guztiak bermatu behar dituela uste izanda, beharrezkotzat jo da beren eskubideak burutzean kalteren bat izan dezaketen talde batzuekin lehentasunez jardutea, ahultasun handiagoko balizko egoeran daude eta.
Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko arlo horiei esker, ikuspegi praktikotik begiratuta, talde horiekin zerikusia duten gaiak bila eta aurki daitezke urteko txostenean, eta ikuspegi orokorra ematen dute. Baina garrantzitsuena zera da: talde horiek dituzten arazo eta beharrei berariaz erantzuteko eta beraien arazoak ikusarazteko jarduera-esparruak sortzeko asmoz eratu zirela. Gainera, talde horien inguruan estrategia koherentea burutzen laguntzen dute, talde bakoitzari dagokion arloko jarduera-planaren barruan.
Talde horiekin lehentasunez jarduteari eman nahi zaion garrantziak justifikatzen du urteko txostenean bakoitzak bere atala izatea, haien eskubideen gaineko berme-lan garrantzitsu hori balora dadin.
2011n bezalaxe, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa ikusgai egitea sustatu da. Bulego horrek berezko proiekzioa izango du, eta bereizitako tokia urteko txosten honetan, izan ere, txosten orokor honi erantsitako txosten batean bilduko da 2012an burutu duen jarduera.
Atal honetan, hamabi puntutan bildu dira arreta publikoko taldeez burutu diren jarduerak:
1. Familiak
Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomi Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta egiteko kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko.
Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Atzerapenak lana eta familia bateratzeko laguntzetan
Kontu horri dagokionez, azpimarratu beharra dago arlo honetan kexa gehiago jaso direla lana eta familia bateratzeko laguntzei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 177/2010 Dekretuaren aplikaziotik sortutako laguntzak izapidetzen eta jasotzen egondako atzerapenak direla-eta. Kasu horietan guztietan Eusko Jaurlaritzak onartu du, Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzatik giza baliabide gutxirekin kudeatzen diren espediente kopuru handia dela-eta, laguntza horien onartzean atzerapenak egon direla. Hala eta guztiz ere, guk esku hartu izan ondoren, kasu guztiak behar bezala ebatzi direla eta laguntzak ordaindu direla egiaztatu ahal izan dugu. Nolanahi ere, atzerapenek kalte handia eragiten diete laguntza horiek eskatzen dituztenei, Eusko Jaurlaritzatik datorren laguntza ekonomikoa baitute seme-alabak zaintzeagatik sortutako diru-sarrera murrizketari aurre egin ahal izateko.
1.2. Jagoletza ez duten gurasoei bateratzeko laguntzak onartzea
Arazoa sortzen da guraso batzuek (gehienetan gizonak), jagoletzarik izan gabe, denbora gehiago behar izaten dutelako euren lana arauzko hitzarpenean egokitutako seme-alaben zaintza erregimenetik sortutako betebeharrekin bateratu ahal izateko, eta euren jardunaldiak murriztea erabakitzen dute helburu horrekin.
Familia bateratzeko laguntzak erregulatzen dituen uneko arauak (zehazki, familia eta lana bateratzeko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 7. artikulua) berariaz eragozten du seme-alaben etxebizitza berean bizi izatearen baldintza formala betetzen ez duten gurasoei diru-laguntza horiek eskaintzea, hau da, de facto eskatzen du seme-alaben jagoletza judizialki esleitu izana. Arau horrek, berriz, judizialki onartutako jagoletza partekatua duten gurasoei bateratzeko laguntzak eskatzeko aukera onartzen du (kasu horretan bi gurasoek laguntza horiek modu proportzionalean eska litzakete). Nolanahi ere, ezin dituzte laguntza horiek eskatu jagoletza ez dute gurasoek –formalki beste bikotekideari soilik onartu baitzaio–, bisita erregimena oso zabala izan arren bateratze laguntzak eskuratu nahi dituen bikotekidearentzat. Zentzu horretan, hitzarmen arautzaileak bisita erregimen zabala onartu izanak, jagoletzaren esleipen judizial formalaren baliokide ez den heinean, ez du aukerarik ematen guraso horiek 177/2010 Dekretuan xedatutako bateratze laguntzak eskuratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari une honetan eskatzen den jagoletzaren baldintza malgutzearen aldeko gure irizpidea helarazi diogu, laguntza horiek jagoletza ez izan arren, zaintzaren erantzukizun handia duten gurasoengana zabal daitezen, hitzarmen arautzailean xedatutako seme-alaben arretarako tarteak kontuan hartuta.
Gure iritziz, seme-alabarekin etxebizitza berean bizitzearen betekizun horrek, kasu horietan, tratamendu desberdintasun bat barne hartzen du eta berraztertu beharko litzateke familia eta lana bateratzeko laguntza horien arauketak oinarri dituen printzipioak bete daitezen. Horrez gain, laguntzen emakida berdintasun printzipioarekin bat etorri behar dela dio.
Eusko Jaurlaritzak proposamen horren aurrean eskaini digun erantzunak, zehazki Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzatik, administrazio horrek aurreko gogoetaren inguruan hartutako oinarrizko erabakia islatzen du. Hori bai, bateratze-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez ikuspegi malguago hori gaineratzeko, adierazi digutenaren arabera, 177/2010 Dekretuaren erreforma burutzea beharrezkoa da. Zentzu horretan, erreforma hori burutu aurretik hitzarmen arautzaile berrienetatik sortutako errealitate berria hobe aztertu behar dela adierazi dute, jagoletza ez duten gurasoek zaintzan dituzten betebeharren benetako egoera zien den egiaztatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak adierazitako konpromisoaren aurrean, hau da, jagoletza eta babesa izan gabe, seme-alaben hezkuntzan eta zaintzan parte hartzen duten gurasoak bateratze laguntzen onuradun gisa gaineratzeko egokitasuna zehaztera bideratutako azterlana burutzeko asmoa zutela jakinda, Ararteko erakundeak azterlan horrek eskain ditzakeen emaitzen jarraipen eraginkorra burutzea eta, behar izanez gero, 177/2010 Dekretuaren erreforma sustatzea proposatu du.
1.3. Norberaren konturako langileei bateratze laguntzak onartzea
Norberaren kontura lan egiteagatik, bateratze laguntzetatik kanpo geratzen diren herritarrek duela hainbat urte behin eta berriro aurkeztu duten kexa da, izan ere, hala xedatzen du alor honetako araudiak.
Kexa horiek zirela-eta, Eusko Jaurlaritzara jotzeko aukera izan dugu eta bateratzeko laguntzen inguruko arauzko hutsunea azpimarratu dugu. Horren bidez nabarmendu nahi izan dugu guraso autonomoak dituzten familientzat bidegabea dela laguntza horiek ez onartzea egoera horietan. Araudi horren arrazoia, egun arte, langile autonomoen estatutuaren estatu mailako araudiarekin koherentzia mantentzea besterik ez da izan. Hala eta guztiz ere, Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko II. Planak (2006-2010) dagoeneko laguntza horiek autonomo gisa lan egiten duten pertsonei zabaltzeko beharra aurreikusten zuen. Une honetan Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko III. Plana indarrean da eta oraindik ez da neurririk bideratu zentzu horretan.
Indarreko araudiaren arabera kexa horiek aurkezten dituztenen nahia bete ezin bada ere, behar-beharrezkotzat jotzen dugu kontu hori de lege ferenda bideratu dadin, esparru horretan, norberaren kontura lan egiten duten pertsonen egoera eta besteren kontura lan egiten dutenena berdintze aldera.
1.4. Guraso bakarreko familiei onura bereziak luzatzea
Nahiz eta familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak administrazio publikoak behartu egiten dituen oztopoak gainditzera eta jarduketa-neurri positiboak hartzera oso egoera ahulean dauden familiei laguntzeko, hala ere, gure legediak, esate baterako Kataluniakoaz bestela, ez du definiziorik edo zedarritze-araurik guraso bakarreko familien ereduan zein familia-unitate sartzen diren zehatz samar identifikatzeko, eta, ondorioz, zalantzak sortzen dira dauden onurak aplikatzeko orduan. Arazo horixe hainbat esparrutan planteatu da, hala nola, udal kirol-instalazioetan familientzat sorturiko tarifa hobaridunak eskuratzeko orduan. Tokiko erakundeak estaldura handitzearen alde agertu ohi dira, baina ordenantza fiskal berriei begira.
Gainera, guraso bakarren kexak sistematikoki jasotzen ditugu, harrituta baitaude familia mota horientzat laguntza berezirik ez dagoelako, familia ugarientzat dauden moduan. Parekatzearen egokitasunaren kaltetan izan gabe, egia da guraso bakarreko familiek babes publiko berezia izan beharko luketela familia zaurkorragoak direlako eta horien kudeaketa, ez soilik ekonomikoa baita bateratzearen esparruan ere, karga askoz ere handiagoa da guraso bakarra dagoela kontuan hartuta. Hori dela-eta, familiak babesteko 13/2008 Legeko aipatutako xedapenak gauzatzen dituzten neurri bereziak bideratu behar dira, familia horientzat babes publiko berezia ezartzeko beharra formalki aitortzen baitute.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Euskal Autonomia Erkidegoan, familiak babesteko politika publikoetarako oinarriak ezartzen dituen lege– eta arau-esparrua, lehenik eta behin, familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak eratu du; horren bidez, arlo horretan izan beharreko esku-hartze publikoaren oinarriak eta printzipioak ezarri dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, azken urteetan, familiei laguntzeko araudi bat egin du, eta hori da seme-alabengatiko diru-laguntzak arautzen dituen oinarria, bai eta familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko oinarria ere. Gaur egun arlo horien gainean indarrean dauden arau esanguratsuenak honako hauek dira: 255/2006 Dekretua, abenduaren 19koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, eta 177/2010 Dekretua, ekainaren 29koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa.
Gainerakoan, gogorarazi behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoan familiei laguntzeko politika publikoen ildoak eta norabideak familiei laguntzeko erakundeen arteko planetan jasota daudela. Horien abiapuntua Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko I. Plana izan zen; izan ere, familiei laguntzeko sistema unibertsal, integral eta koordinatu bat lortzeko bidearen hasiera izan zen hori, eta horren ondoren etorri zen Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko II Plana, 2006tik 2010era bitarteko aldirako programaturikoa; dena dela, urtebete gehiagoko indarraldia eman zitzaion. 2012. urtea Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko III. Plana (2011-2015) indarrean egon den lehen urtea izan da. Plana Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27an. Plan horrek datozen bost urteetan familiei laguntzeko politika publikoak lotuko dituen estrategia eta helburuen esparrua ezartzen du. Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak Euskadin familiei laguntzeko autonomia mailako politika publikoak zuzentzeko eta ezartzeko eskumena duen organoa izaten jarraitzen du –2012. urte amaierako azken gobernu aldaketaren ondoren–.
Azpimarratu nahiko genuke, 2012an, Eusko Jaurlaritzak familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua onartu duela, familiei laguntzeko 13/2008 Legearen 6. artikuluaren garapen gisa. Arau horrek aurreikusten du premia dagoela familia-errenta estandarizatzeko sistemak ezartzeko, hain zuzen ere, familia-egoera eta –mota guztiak ekitatez tratatu ahal izateko. Sistema horiek familientzako laguntza ekonomikoetan edo familiei laguntzeko zerbitzuetan aplikatzekoak dira, baldin eta familia-unitatearen maila ekonomikoa laguntza edo zerbitzu horietara iristeko baldintza bada, edo prestazio horren zenbatekoa edo zerbitzuagatik ordainduko den zatia zehazteko irizpidea bada. Familia-errentak estandarizatzeko sistema horiek baliokidetasun-sistemak dira, errenta neurtzeko gai direnak, ez bakarrik familia-unitateko kide-kopuruaren arabera, baizik eta baita ere unitatearen osamoduaren arabera. Izan ere, kontuan izan behar da ezen, diru-sarreren maila berbera duten baina osamodu desberdina duten familia-unitateek, ez dutela izaten gaitasun ekonomiko berbera, erosteko ahalmenari eta bizi-kalitateari dagokienez.
Arau honekin azkenik erantzuna eman zaio justizia materialeko eskaerari, familia ugariek behin eta berriro egindakoari, izan ere, horiek bereziki kaltetzen zien bizikidetza unitatea osatzen duten pertsona kopurua kontuan hartuko lukeen familia-errentaren kalkuluan oinarritutako laguntzetara heltzeko sistemarik ez egotea.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012. urterako egindako jarduketa-planaren esparruan, arlo honetan egindako jarduketa nagusien berri emango dugu. Hain zuzen ere, agerian jarriko dugu zein izan diren Arartekoarentzako arretagune nagusiak familientzako laguntzaren arloan:
3.1. Arlo horretan sustatutako ofiziozko jarduerak
Familia homoparentalei dagokienez, eta familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari buruzko abenduaren 23ko Arartekoaren 4/2010 Gomendio Orokorraren jarraipena burutze aldera, hainbat jarduera bideratu ditugu, LGTB pertsonen arretari eskainitako kapitulu honen atalean zehatzago aipatzen ditugunak.
3.2. Euskadin familiak babesteko politika publikoen egoerari buruzko txosten berezia
2012an, Ados Consulting aholkularitzaren babes teknikoarekin, Euskadin familiei laguntza eskaintzera bideratutako politika publikoen egoera zein den aztertzeko txosten berezia burutzen hasi gara. Azterlan horrekin EAEko familia politiken diagnosi konparatiboa egiteko asmoa dugu gure inguru hurbileneko Europako herrialdeetan sustatutako politika aurreratu eta babesleenekin alderatuz, azkenik euskal familien behar eta eskaerei erantzuna ematera bideratutako hainbat gomendio proposatu ahal izateko.
Azterlan horrek familiaren kontzeptuaren ikuspegi zabala kontuan hartzen du, haurrentzat, helduentzat eta ezgaitasunen bat, mendekotasuna eta gaixotasunak dituzten pertsonentzat euskarria den giza bizikidetzako esparru gisa ulertuta. Ikuspegi integral edo ez murriztaile horrek egun arte euskal familien egoera erreala zein den eta Euskadin politika publikoetatik bideratu behar diren hobekuntza-esparruak zeintzuk diren jakiteko ikuspuntua eskainiko digu.
3.3. Bilerak familia ugarien elkartearekin
Hainbat bilera bat egin ditugu Hirukide Euskal Autonomia Erkidegoko familia ugarien elkartearekin. Elkarteak lan-ildo nagusiak zein dituen eta botere publikoei zer eskatzen dien jakinarazi digu, eta erakunde honek hori dena jaso du, aztertu eta, hala badagokio, dagokien administrazioei helarazteko. Erakunde honek familia ugarien egoera eta elkarte horrek egindako eskaerak zehaztasunez aztertzeko konpromisoa hartu du –Euskadiko familiei buruzko txosten bereziaren esparruan, 2012. urte amaieran hasi genuena eta 2013. urtean zehar amaitzeko asmoa duguna–, gure babes-mailek familien babeserako politika indartsuak garatu dituzten Europako herrialdeen estandarretara hel daitezen.
3.4. Bilerak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzarekin
2012. urtean zehar hainba bilera egin ditugu Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzarekin, bi erakundeok arlo horretan egiten dugun lanari buruzko informazioa trukatzeko, bai eta erakunde honetan jasotako kexa jakin batzuekin loturiko zenbait konturi buruz dugun iritzia erkatzeko ere. Bilera horietan, Eusko Jaurlaritza familien inguruan egiten ari den lanaren eduki nagusia zein den azaldu zigun Zuzendaritzak, bai eta zein diren Eusko Jaurlaritzak jarraitu edo sustatu nahi dituen politika publikoen ildo estrategikoak ere, Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planean ezarritakoak.
Arartekotik, plan berriak sustatzen duen orientazio orokorrarekin eta filosofiarekin bat egiten dugula azpimarratu dugu, eta gure erakundean jaso ditugun kexen inguruko hainbat konturi buruzko gure kezka helarazten jarraitu dugu, hala nola, 255/2006 Dekretuan xedatutako seme-alabengatiko diru-laguntzen eskaeraren kudeaketa errazteko beharra, norberaren konturako langileak bateratzeko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuan araututako laguntzen onuradun gisa gaineratzeko beharra; guraso bakarreko familiei zuzendutako neurri bereziak ezartzeko edo babesak indartzeko beharra; banaketak edo dibortzioak daudenean, jagoletza ez duten gurasoek laguntza horiek eskuratzeko erregimena berraztertzearen egokitasuna, hitzarmen arautzaileak kasu bakoitzean xedatutako seme-alaben zaintzarako beharrak bete ahal izateko.
3.5. Parte hartzea foro eta jardunaldietan
2012ko azaroan Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak antolatutako Familien biltzarrean erakunde honek izandako parte-hartzea azpimarratu nahi dugu. Bertan, Arartekotik, familiek giza eskubideen defentsan duten zeregin garrantzitsua, premia egoeretan babesa eskaintzeko duten ahalmena eta banakakoen artean elkartasun-lotura irmoak ezartzeko gaitasuna azpimarratu nahi izan genuen.
Familiak publikoki babestea banakoak euren giza garapenean babestea dela kontuan hartuta, banakako eta taldeko eskubideak lortzeko eta premia gehien dutenak (adingabeak, nagusiak, gaixotasunen bat edo mendekotasuna duten pertsonak) bereziki babesteko, agerian utzi nahi izan genuen familien babesa gizarte estatua mantentzeko ezinbesteko estrategia publikoa dela, beraz, krisi egoeran, inoiz baino gehiago, familia politikak gizartearen kohesioa bermatzeko eta garai hauetan horrenbeste ageri den pobrezia eta gizarte desegituraketa saihesteko inbertsio publikorik onena dira.
Era berean, biltzar hartan adierazi genuen familien alorrean jardutea ez dela soilik laguntza publikoetako politikak edo diru-laguntzak bideratzea (bereziki, seme-alabak edo mendeko pertsonak edukitzeari dagokionez, baita lana eta familia bateratzeko laguntzari dagokionez ere), horrez gain, eta gero eta gehiago, kultura, gizarte eta ekonomia aldaketa sakonak sustatu behar dira, familien beharrak gure jarduera ekonomikoan erabat barneratzeko ikuspuntu berriak ireki ditzaten. Botere publikoak mentalitate aldaketen prozesuen buru izan behar dira, zaintzak, etxeko lanak, atsedenak, aisiak, giza harremanek eta ordainsaririk gabeko borondatezko beste parte-hartze sozial mota batzuek nahitaez behar duten eremua onartzeko. Gainera, ezin da bidezko familia antolakuntzarik egon zaintza eta etxeko lanen banaketan elkarren arteko erantzukizunik ez badago, eta ezin da ekonomia eta lan ordainduaren antolakuntzarik egon emakumeen erabateko parte-hartze soziala sustatzeko eta gizonek etxearen eta zaintzaren bizitzan esku-hartzeko beharra ezagutu gabe. Horretarako, lanaren antolamendua oinarrizko giza beharretara egokitu behar da, giza bizitzaren eremu ezberdinak –lana, familia eta eremu pertsonala– bateratzeko aukera eskaintzen duten formula berriak indarrez sustatuz.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Honakoak dira antzemandako arazo eta hobekuntza esparru nagusiak:
4.1. Lana eta familia bateratzea
Familiengan eragina duten kexa asko ogasun publikoa, etxebizitza, funtzio publikoa edo gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen arloarekin lotuta dauden arren, hala ere
–aurreko urteetan bezalaxe– familien inguruan kexa gehien jaso dituen esparrua lana eta familia bateratzeari buruzkoa izan da. Arazorik azpimarragarriena seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizteagatik edo eszedentzia hartzeagatik jaso beharreko laguntzak onartzeko edo ordaintzeko egondako atzerapena izan da. Jasotako eskaera kopuru handiaren ondorioz sortu diren kudeaketa-zailtasunak direla-eta gertatu da hori. Bateratze laguntza horien eremu subjektiboa zabaltzeko beharrari buruzko kexa ugari ere egon dira, izan ere, zaintza karga handiak dituzten jagoletzarik gabeko gurasoak edo norberaren kontura lan egiten duten gurasoak ere barne hartzeko eskaerak egon dira. Horren guztiaren ondorioz esan dezakegu, une honetan, lana eta familia bateratzearen gaia ez dela familientzako kezka nagusia soilik, gizarte eta ekonomia antolamenduan arrakasta lortzeko garrantzia handiko gaia baita.
Kargura dituzten pertsonen zaintzari denbora gehiago eskaintzeko lanaldiak murrizten dituztenen edo eszedentziak eskatzen dituztenen egoerak babesten dituzten laguntza ekonomikoak, bateratzea burutu nahi dutenentzat lagungarri badira ere, gure bizitzaren bi alderdiak eraginkortasunez errazago bateratzeko neurri oso partziala besterik ez dira. Gero eta beharrezkoagoak dira denbora antolatzeko planteamendu global berriak, laneko bizitza bideratzeko eta, aldi berean, norberaren eta familiaren beharrei arreta nahikoa eskaintzeko aukera ematen dutenak. Osterantzean, pertsonen arreta eta zaintzarako tarte nahikorik ez uztean, giza ikuspuntutik bideragarria ez den gizarte eredua sortzen ariko ginateke. Zentzu horretan, euskal botere publikoek, diru-laguntzen bidea jarraitzeaz gain, gizarte eta ekonomia aldaketa sakoneko prozesu horiek ere zuzendu behar dituzte, lana eta denborak antolatzeko eredu berriak proposatuz, bateratzeko ekimenak sustatuz eta bateratzearen alde egiten duten eta zaintzak, etxeko lanak, atsedenak, aisialdiak, giza harremanek eta gizarte parte-hartzeak merezi duten nahitaezko eta beharrezko tartea –eta euren funtsezko balioa– onartzera bideratzen diren lan modu berriak ezartzeko prest dauden antolakuntzak irmoki babestuz.
4.2. Familientzako laguntza publikoen beharra
Une honetan bizi dugun krisi ekonomikoaren testuinguruan, euskal botere publikoak bereziki konturatu behar dira garrantzitsua dela familientzako diru-laguntzetan zalantzarik ez izatea; izan ere, gizarte babesa ematen dute premia-egoeretan, eta, alde horretatik, kasu askotan osatu eta ordezkatzen dituzte ongizate-estatuaren funtzioak. Herritarren kexek eta elkartegintza-sareak agerrarazi dute familientzako laguntza publikoak ugaritzeko beharra, batez ere zailtasun bereziak dituztenentzat, hala nola familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta beren baitan mendekotasun- edo gaixotasun-egoera bereziren bat duten kideak dituzten familientzat. Uste dugu, gaur egun dauden zuzeneko laguntzez gain, beharrezkoa dela gaur egungo zerga-sistemaren berrikuspena proposatzea ere, familia-egoera guztietarako laguntza publikoa egituratzeko tresna erabilgarria bihur dadin. Euskadiko familiei laguntzeko politika publikoen egoerari buruz garatzen ari garen txosten berezian, kontu horien ikuspegi sakonagoa eta zehatzagoa eskaintzeko asmoa dugu, une honetan dugun familiekiko laguntza-sistema eta gure familia politikak orokorrean hobetzeko proposamen zehatzak bideratu ahal izateko.
4.3. Laguntzen hartzaile izango diren familia-talde ahulenen definizioa
Aurreko urteetan aipatu dugun bezala, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak aipatzen dituen familia ahulenak zeintzuk diren argiago zehaztu behar dela sumatu dugu. Gaur egun talde horiek zehazturik ez egoteak, guraso bakarreko familiekin gertatzen den bezala, bide ematen dio horien babesgabetasunari, kaltetu suertatzen baitira har litzaketen prestazioei dagokienez. Espero dugu Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana indarraldian dagoen aldian behin betiko argitzea hori eta ahulen diren familia horiei bereziki onura emateko neurriak ezartzea.
4.4. Seme-alabak jaio edo adoptatzeagatik laguntzak onartzeko kudeaketa erraztu beharra
Erakunde honek dagoeneko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari askotan jakinarazi dio seme-alabengatiko laguntzei buruzko uneko araudia berrikusi beharko litzatekeela, seme-alabak jaiotzen diren unean laguntza horien automatikotasuna lehenesten duen laguntza-prozedura berria sustatuz, gurasoek laguntza horiek denborarekin eta behar bezala eskatzeko karga izan ez dezaten, gaur egun geratzen den moduan, izan ere, askotan gertatzen da –ezjakintasunagatik edo informazio faltarengatik– laguntzak epez kanpo eskatzen direla (arauak xedatutako epetik kanpo, eta ondorioz, ukatu egiten dira.
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako,euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori ez dadin postulatu formal hutsa izanik, baizik eta erreala eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Hori guztia dela eta, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria ere erakunde honen ardura nagusietako bat da, eta, ondorioz, arlo honetan egiten dugun lanaren zati handi bat horretan oinarritzen da. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeen bereizkeria jaien eta kulturaren arloan
Aurten ere, erakunde honek emakumeek jaietan eta kulturan jasaten duten desberdintasunean esku hartu behar izan du. Bi izan dira, zehazki, kontu honekin lotutako erreklamazioak jaso dituzten gaiak:
1.2. Ekintza positiboak eta berdintasunaren printzipioa enplegu publikorako sarbidean
2012. urtean zehar hainbat kontsultatan galdetu digute ea nola jokatu behar duten herri-administrazioek, emakumeen ordezkaritza baxua dagoen eremuetan emakumeek lanpostua eskuratzeko aukera erraztuko duten ekintza positiboak aplikatzeko orduan. Enplegu publiko jakin batzuetako sarbidean berdintasuna sustatzeko gogo berezia duten baina ekintza positiboak berdintasunaren printzipioa urratu gabe aktibatzeko modua ezagutzen ez duten udal batzuek bidali zizkiguten kontsulta horiek. Gaia ebazteko orduan, Auzitegi Konstituzionalaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinak ezarritako parametroak jarraitu ditugu. Horien arabera, oro har merezimendu-berdintasunaren printzipioa bete behar da ekintza positiborako neurriak aplikatzeko aurretiazko baldintza gisa. Hala ere, euskal agintari publiko batzuek egindako eskari hauetan argi ikusi duzu gaiari buruzko orientazioa behar dela eta gure sistema publikoak beharrizan hori behar bezala estali behar duela. Horrenbestez, Emakunderi eskari horren berri emateko asmoa daukagu.
1.3. Erlijio-arrazoien ondorioz osasuneko profesionalak beren sexuaren arabera hautatzea
Iaz bezala, erlijio-arrazoien ondorioz osasuneko profesional bat sexuaren arabera hautatzeari buruzko gai bat planteatu zaigu. Emakume musulman baten gizona izan da kasu honetan ere gure erakundera jo duena. Izan ere, gizonak uko egin dio bere emazteak, haurdunaldian zehar, gizonezko mediku ginekologoaren arreta jasotzeari eta emakume baten arreta eskatu du.
Kexa horrek pizten duen arazo konplexua aztertu da, baina erakunde honek ezin izan du ondorioztatu gaixoaren askatasun erlijiosorako eskubidearen edukia oinarri nahikoa denik medikuntza eta osasunaren arloko profesionalei dagokien berdintasunaren eskubidea salbuesteko, Osakidetzak oso-osorik errespetatu behar duen eskubidea baita. Halaber, egiaztatu ahal izan dugunez sexu-arrazoien arabera hautatutako osasun-langileen kontu hau, sinesmen erlijiosoetan oinarritutakoa, gure inguru europarreko beste herrialde batzuetako osasun-sistema publikoetan ere planteatu da eta, horietan ere, osasun-langileen berdintasunerako eskubidea babestea izan da erantzuna. Ondorioz, erreklamazioa aurkeztu dutenei eta euskal osasun-zerbitzuari jakinarazi diegu ezin dela zerbitzu medikoak emango dituen pertsona sexuaren arabera hautatzeko eskatu. Izan ere, hala eginez gero, sistema publikoak sexu-arrazoien ondoriozko bereizkeria babestuko luke. Hala eta guztiz, Osakidetzari planteatu diogu emakume horri bere haurdunaldian eta erditzean arreta ginekologikoa eskaintzeko formulak azter ditzala, sexu-arrazoien arabera hautatutako profesionalak albo batera utzita (esate baterako, gaixoa lurralde bereko beste zentro batera lekualdatzea, bertako tokoginekologia zerbitzua emakume baten esku badago).
1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek etxebizitza babestua eskuratzeko aukerak
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari buruz egindako kexen artean urtero agertzen da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek etxebizitza eskuratzeko duten aukeran ekintza positiboko neurriek duten eraginkortasun urria. Arazoa zera da, talde horrek etxebizitza babestuen alorrean ekintza positiboko neurriak eskuratzeko bete behar dituen baldintza eta prozedurak. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduak arautzen ditu, oraindik ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko dituzten modu desberdinak. Berez, ohiko bidea kupo bereziaren bidea da. Horren arabera, hainbat baldintza betetzen dituzten emakume biktimak kupo batean sartzen dira eta, beraz, zozketetan esleipendun izateko aukera gehiago dituzte. Kupo horrek ez du ziurtatzen, hortaz, etxebizitza esleituko denik, eta, ondorioz, emakume hauek etxebizitza bat benetan eskuratzeko duten aukera sine die atzeratu daiteke. Hori dela eta, esandako aginduan 39/2008 Dekretuan araututako aparteko sarbidera jotzen duen aurreikuspena eraginkorragoa da, beharrizan bereziko salbuespen-kasuetan etxebizitza zuzenean esleitzeko aukera xedatzen baitu, adar horretako sailburuaren eskutik.
Erakunde honetako etxebizitza-arloak ofiziozko jarduera bat garatu du 2012. urtean, aipatutako babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko salbuespenezko prozeduraren aplikazioari dagokionez. Aukera hori, oro har, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 39/2008 Dekretuko 12. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan arautzen da.
Jarduera horren helburua zera zen, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura horiek objektibo bihurtzeko eta berdintasun-parametroetan gauzatzeko jarraitu diren irizpideak ezagutzea eta gardentasuna ematea, bereziki baztertuta dauden talde jakin batzuentzako ezartzen duten salbuespena kontuan hartuta (horien artean sartzen dira genero-indarkeriaren biktimak). Jarduera horren emaitzak zehatzago azaltzen dira txosten honetako etxebizitzaren arloari buruzko atalean.
Hala ere, azpimarratzekoa da jarduera horri esker zera jakin ahal izan dugula, etxebizitzaren esleipen zuzeneko salbuespen-prozedura horrek gehien lagundu duen taldea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeena izan dela, hain zuzen ere. 2010ean (emandako datuen azken urtea), zehazki, zuzeneko esleipen hauen ia % 60 batzen du eta guztira 11 etxebizitza esleitu zaizkie genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei. Datu horrek, gure ustez, argi uzten du genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako etxebizitza babestuak eskuratzeko mekanismoak aurreikusi behar direla, 2006ko urriaren 4ko Aginduan ezarritako sarbide-parametroen gainetik. Agindu horrek, esan bezala, gai hau arautzen du, baina haren ohiko sarbide-moduak ez dira nahikoak indarkeriaren biktima diren emakumeek bizi duten etxebizitza-beharrizanari benetako erantzun eraginkorra emateko. Horrenbestez, talde honen egoera berezia 39/2008 Dekretuko 12. artikuluko salbuespenaren arauketa baino gehiago jorratu beharko litzateke, orokorrean edo ohiko gisa.
2. Araudia
2012. urtean zehar, genero-berdintasunaren eremuko erreformarik esanguratsuena Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean gauzatutakoa izan da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzen duen otsailaren 16ko 3/2012 Legeak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko Legeak ezarritakoa, hain zuzen ere. Erreforma horren ondorioz, Berdintasunaren Defentsa Erakundea ezabatu da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeko IV. titulua indargabetu egin baita. 3/2012 Lege berriko arrazoien azalpenaren arabera, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari ematen dizkion eginkizunak aurretiaz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bete izan ditu, eta eginkizun horiek, aldi berean, erakunde autonomoak izendatuta dauzkan egitekoekin bat datoz. Ondorioz, eskumen-gatazkak sortzea eta egitekoak gainjartzea saihesteko eta administrazio-egiturak arrazionalizatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legea aldatzeko arau hau onartzen da, xede izanik aipatutako defentsa-erakundea kentzea eta beraren gaiak eta eginkizunak Emakunden txertatzea. Helburu horrekin, lege-aldaketa honen xedea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen III. tituluko V
III. kapitulua sortzea eta lege horren beraren IV. titulua kentzea da, eta, halaber, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen zenbait artikulu aldatzea.”
2011. urteari buruzko gure txostenean, erakunde honek ezabapen horri buruz zuen iritzia adierazi genuen, Eusko Legebiltzarrean azaldu zen bezala, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak eskatuta. Arartekoak, 2002/73 CE eta 2004/113/CE Zuzentarauak (8 eta 12. artikuluak, hurrenez hurren) ikusita, organo independente bat egotearen garrantzia defendatu zuen. Organo horrek sexu-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zaindu beharko luke eta herritarrak defendatu beharko lituzke eremu pribatuan egiten diren egoera edo praktika bereizleen aurrean, nahiz eta horrek ez duen aurretik ezartzen zein izan behar den haren egitura organikoa. 2012. urtean zehar Emakunde izan da lehen Berdintasunaren Defentsa Erakundeak egiten zituen funtzioak bete dituena. Erakunde honek Arartekoarekin izandako koordinazioa, bi erakundeen artean kexa edo salaketak jaso eta bidaltzeari dagokionez, arina izan da eta ez du arazorik eman.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012. urterako egindako jarduera-planaren esparruan, arlo honetan gauzatutako jarduera nagusiak aipatuko ditugu jarraian. Azalpenean zehar, Arartekoarentzat emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan arreta-iturri tematiko nagusiak zeintzuk izan diren azpimarratuko dugu:
3.1. Arloan sustatutako ofiziozko jarduerak
a. Lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnek duten genero-eraginaren ebaluazioa
Hiria Kolektiboak egindako kexa batek Eusko Jaurlaritzak sustatutako aukera eta prozedura zalantzan jartzen zituen, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduko Gidalerroak aldatzeari zegokionez. Kexa hori tramitatzean, bada, gure esku-hartzearen eremua hedatzea erabaki genuen eta informazio eskatu genien, bai Eusko Jaurlaritzari, bai hiru foru-aldundiei, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean aurreikusitako genero-eraginaren ebaluazioen egungo egoera ezagutzeko, EAEko lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legean, hurrenez hurren, aurreikusitako plangintza-tresna desberdinak (lurraldekoak eta hirigintzakoak) zirela eta. Genero-eragina ebaluatzean, proiektatutako jarduerak berdintasunaren helburu orokorrean eragin positibo edo negatiboak izan ditzakeen aztertzen da, eragin horiek bilatuak izan ez arren, edo berariaz adierazita edo aurreikusita egon ez arren. Erakunde honen iritziz, legezko betebehar horretan sartu behar dira lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnak ere, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortze aldera. Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zaigu genero-ikuspegi hori kontuan hartuko duen azterketa egitea, plangintza-jardueren ondorioak (batzuetan ezkutukoak) argitu ahal izateko.
Kontsultatutako herri-administrazio desberdinen erantzunak jaso ditugu, eta, orokorrean, genero-eraginaren ebaluazio horiek egitearen alde agertu dira. Hala eta guztiz, oraindik ez dugu ikusi genero-eragina ebaluatzeko prozedura jarraitu duen plangintza-tresnarik. Helburu hori lortze aldera, ezinbestekoa da generoaren eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko Gidalerroak1 erabiltzea –une honetan genero-eragina ebaluatzeko legezko betebeharra betetzen duen prozedura ezartzeko jarraibide eta oharrak arautzen dituzte Eusko Jaurlaritzak agindutako neurrietarako–, edo hala badagokio, prozedura zehatz berriak antolatu beharko dira, lurraldeko eta hirigintzako plangintza-tresnetan (baita beste administrazio, aldundi edo udalerri batzuetatik datozenetan) genero-eraginaren ebaluazioari buruzko legezko aurreikuspenak aplika daitezen. Erakunde honek gaiak zein bide jarraitzen duen zaintzen jarraituko du.
b. Emakumeen eta gizonen berdintasuna jaietan
Euskadiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko gomendio orokorraren (Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 gomendio orokorra) jarraipena egitean, 2012. urtean zehar gai hau lantzen jarraitu dugu eta hainbat bilera izan ditugu bai Emakundeko arduradunekin, bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin, gai honekin lotutako kexa gehien bertan ematen direla kontuan hartuta. Zuzendaritza horrek adierazi duenez, foru-erakundearen esku dauden bitarteko guztiak aztertzeko asmo sendoa dauka, gai honen eragina izan duten udal gipuzkoarren politiketan emakumeen eta gizonen berdintasuna (jai guztietan) bermatuko duten aldaketak sar daitezen. Horretarako, estrategia orokor bat diseinatzen ari dira, emakumeen aurkako adierazpen bereizleak gainditzen lagunduko duen kontzientzia sozial eta instituzionala lortze aldera. Adierazpen horiek, izan ere, oraindik era ageri dira lurraldeko jaialdi edo ekintza kultural batzuetan.
c. Genero indarkeriagatik hil ziren bi emakumeren kasuan egindako jarduerak
Beraien bikote ohiek burututako bi eraso bortitzen ondorioz, bi emakume hil ziren Euskadin, genero indarkeriaren biktima, 2010ean eta 2011n, hurrenez hurren. Horregatik, Ararteko erakundeak ofiziozko bi jarduera hasi zituen, bi kasuetan heriotzaren aurretik jazo ziren gertakariak argitzeko asmoz, halakoetan burutzen diren jarduera publikoetan hobekuntza-eremurik ba ote dagoen ikusi eta etorkizunean halako emaitzak prebenitzea indartzeko.
Ofiziozko espediente horietan, Herrizaingo Sailak eman digun informazioak nolabait argitzen du nola hobetu daitezkeen esku-hartze publikoak eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeei emandako laguntza, aztertu diren kasu horietan izandako zoritxarreko ondorioa prebenitze aldera. Erakunde honek kasu horien gaineko ondorio orokor batzuk helarazi dizkio 2012an Herrizaingo Sailari, Etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzeak eskaintzen digun erakunde esparruan. Foro horrek, bertan ordezkaturiko erakunde publiko guztiak aurrean direla, aukera eman digu gure iritziak zuzenean Herrizaingo Saileko ordezkariekin kontrastatzeko, Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Zuzendaritzaren bitartez.
Era berean, aztertutako gertakariak eta ofiziozko bi espediente horietan egindako gogoetak aintzat hartuta, Arartekoak bere ondorioak ebazpen batean biltzea erabaki du. Ebazpen hori txosten hau itxi ondoren argitaratuko da.
3.2. Elkarteekin egindako bilerak
Ikuspegi desberdinetatik emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteekin egindako bilera hauek azpimarratu behar ditugu.
3.2.1. Emakumeek alardeetan parte hartzearen aldeko elkarteak
Hainbat bilera izan ditugu, Jaizkibel Konpainia, Joana Mugarrietakoa eta Alardezaleak taldeen eskaerari erantzunez, Irun eta Hondarribia herriek emakumeek alardeetan izan beharko luketen partaidetzari buruz bizi duten gatazka jorratzeko. Bilera horietan landu diren gaien artean honakoak egon dira: alderdi zehatzen artean, batetik, esku-hartze instituzional desberdinak (bi udalerrietako udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila), eta, bestetik, emakume eta gizonek 2012ko alardeetan parte hartzeko duten berdintasun-eskubidearen gaineko eragina; bestalde, bi alardeetan emakumeen partaidetza oso eta parekidea lortzeko beharrezko babes eta apustu instituzional eta soziala batzeko gai estrategikoak.
Talde hauekin egin ditugun bileretan, lanean jarraitzeko eta gure esku dauden bitarteko guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu dugu, emakumeek Irun eta Hondarribiko jaietan integrazio parekidea izan dezaten, aurreko urteetan egin dugun bezala.
3.2.2. Genero-indarkeriaren kontrako borrokan lan egiten duten elkarteak
Aurten Haize Berria elkartearekin harremanetan egon gara. Genero-indarkeria jasaten duten emakumeen elkarte hau 2012. urtean eratu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten du. Emakume horien eskari eta kritikak, orokorrean, laguntza-zerbitzuen sistemaren koordinazio eskasari buruzkoak dira, kasu askotan ez baitute bertara jotzen duen biktimek espero duten erantzuna ematen. Justizia-sistemak emakume hauen prozesuetan sortu dituen zailtasunak ere azpimarratu dituzte. Izan ere, beren ezkontza-bizitzari amaiera ematea eta beren erasotzailearen aurkako salaketa jartzea erabakitzen dutenean aurkitzen dituzten arazoak ez konpontzeaz gain, kasu batzuetan egoera are okerragoa bihurtzen dute, erasotzaileak kontra-salaketak jarri edo seme-labak erabiltzen dituenean, bere zigorgabetasuna lortze aldera, prozesu judizialen esparruan biktimari presioa egiteko. Ildo horretatik, seme-alabak dituzten emakumeen kasuak aipatu dituzte bereziki. Izan ere, emakume horiek pasatu behar dituzten prozesu desberdinen bilakaera konplikatu egiten da, eta, orokorrean, ez dakigu zein den haur horien egoera, beren amek jasandako indarkeriaren bigarren biktimak diren aldetik. Emakume-sareen sorrera bultzatzeko beharrizana planteatu digute. Hala, sare horiek elkartasuneko eta autolaguntzarako gizarte-loturak sortu ditzakete emakume biktima horien artean, beraiek baitira prozesu horietan beharrezko laguntza eta giza babesa ondoen eman dezaketenak.
Elkarte honen adierazpenak bat datoz, orokorrean, erakunde honek biktimen laguntza sozial, juridiko eta ekonomikorako egungo sistemari buruz daukan iritziarekin, baita justizia-sistemaren funtzionamenduan antzemandako arazoekin, atal honen azken zatian laburbildu dugun bezala.
3.3. Administrazio eta erakundeekin egindako bilerak
Arlo honi eragiten dioten gaietan jarduten duten herri-administrazioekin egindako bileretatik honakoak nabarmendu nahi ditugu:
3.3.1. Arartekoaren partaidetza Etxeko tratu txarrak eta
sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean
2011. urteaz geroztik, Arartekoak Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzen du (batzordean bertan eta erakundeen arteko talde teknikoan), gure ikuspegi instituzionala islatzeko, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako jarduera publikoetan sortutako arazo edo hutsune posibleak nabarmendu eta egoera hobetzeko proposamenak egite aldera.
2012. urtean, Arartekoak batzorde horren eta haren barruan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Lan-bilera desberdinetan zehar, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari buruzko alderdi desberdinen ikuspegia adierazi dugu eta ikuspuntuok jorratu ditugu. Bereziki azpimarratu nahi dugu erakundeen arteko talde teknikoak egindako lan-agiria, “Hobe daitezkeen alderdiak eta lan-proposamenak Erakundeen arteko II. Akordioari dagokionez” izenekoa. Bertan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eta arreta emateko eskumena duten euskal sare instituzional guztian antzemandako hutsune nagusiak eta eremu hobegarriak laburbildu dira, eta, horrez gain, sistemaren ahulezia horiek hobetzeko proposatzen zehatzak egin dira. 2012. urtean onartu zuen agiria Erakundeen arteko Batzordeak eta aipatu agiritik ondorioztatutako lehentasunak zeintzuk ziren adierazteko eskatu zion talde teknikoari. Agindu horren ondorioz, erakundeen arteko talde teknikoa proposamen nagusien laburpena burutzen ari da, txosten hau amaitzean, aipatutako azterketa-agirian oinarrituta. Hala, premia gehien duten lehentasunak ezarri nahi ditu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta eta laguntza emateko sistema hobetzeko asmoz. Lehentasunok euskal administrazioek berehala bete beharreko jarraibideak ezartzen dituzte eta Euskadin landu beharko dira.
3.3.2. Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin egindako bilerak
Lehen ere azaldu dugun bezala, erakunde honek Euskadiko jaietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egindako gomendio orokorraren jarraipenaren esparruan, urtean zehar hainbat bilera izan ditugu Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin. Gai hau zehatzago ezagutzeko, lehen arlo honetako ofiziozko jarduerei buruzko atalean adierazitakoa errepikatzen dugu.
4. Herritarren eskubideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan duten egoeraren balorazioa
Aurreko urteetan bezala, emakumeen berdintasun eta osotasunaren arretarako arloak ez ditu herritarren kexa ugari jaso. Hori horrela, ondorioztatu dezakegunez herritarrak nahiko konforme daude herri-administrazioen esku-hartzea duten gai desberdinetan egiten den ohiko kudeaketarekin eta orokorrean sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzen dela pentsa genezake. Horrenbestez, administrazioaren jarduerek berdintasun formalaren printzipioari dagokionez zuzentasun orokorra erakutsi dutela pentsa daiteke. Hala ere, kontuan hartu beharra dugu egun herri-administrazioek duten erronkarik handiena emakumeen berdintasun material, eraginkor eta benetakoa lortzea dela, eta, horretarako, helburu hori betetzeko berariazko neurriak jarri behar dira martxan, hots, kasu askotan ekintza positiboko eta herritarren sentsibilizazio eta kontzientziaziorako neurriak. Horren harira, ezinbestekoa iruditzen zaigu honako alderdi hauek azpimarratzea:
4.1. Berdintasuna eta jai- eta kultura-arloko tradizioak
Azken urteotan erakunde honetan kexa ugari jaso dira gai horiei buruz eta, zoritxarrez, argi uzten dute emakumeekiko bereizkeria edo desberdintasunak oraindik ere presente daudela eremu eta espazio jakin batzuetan, eta gizarteak nolabait babestu egiten dituela, erakunde publikoek, jarrera horiek pribatuak direla argudiatuz, ez baitute beharrezko irmotasunez jokatzen egoera horiei amaiera emateko, gure sistema demokratikoan onartezinak izan arren. Erakunde honek etengabe jarraituko du lanean, euskal agintari publikoek, bakoitzak bere eskumenen neurrian, kasu hauetan guztietan egoera argitzeko betebeharra bete dezaten eta era aktiboan parte har dezaten, jarrera horiek zuzenean edo zeharka babesten dituzten jarrera guztiak ukatuz eta ekintza positiboko neurrien bidez eremuotan emakumeen berdintasunerako eskubidea defendatzen duten ekimenak sustatuz, bereziki herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa, halako jarrerak gure kulturatik, gure jaietatik eta gure tradizioetatik behin betiko ateratzeko.
4.2. Krisi ekonomikoa eta txirotasunaren feminizazioa
Etorkinei eta gizartean baztertuak dauden pertsonei buruzko ataletan zehatzago jaso da krisi ekonomikoaren ondoriozko herritar-maila batzuen etengabeko txirotzeak kolektibo hauetan dauka eragina. Hala bada, erakunde honetan gizarte-gaiei buruz jasotako kexak nabarmen igo dira.
Generoaren ikuspuntutik, egoera horrek emakumeengan duen eragin berezia azpimarratu behar dugu. Izan ere, horien kargura daude adineko pertsona, mendekotasunak dituzten pertsona eta haur gehienak. Emakumeak, bereziki guraso bakarreko familien titularrak, talde bereziki ahula bihurtu dira krisi-egoera honetan, eta, hala, aspalditik gure inguruan ere antzeman genuen txirotasunaren feminizazioa bortitzagoa bihurtzen ari da. Erakunde honen iritziz, ezinbestekoa da euskal agintari publikoek txirotasunaren feminizazio-prozesu hori aitortzea eta horren arabera jardutea, emakumeak ahalduntzeko (ekonomian, kulturan eta gizartean) neurria berriak aktibatuz, gizarte-agente estrategikoak bihur daitezen txirotasun-egoerei eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko orduan.
Bestalde, gai honetan bereziki azpimarratu da ekintza positiboak ezartzeko beharrizana. Hala gertatzen da ahulezia-egoera berezian dauden emakumeen kasuan. Izan ere, bereizkeria bikoitza jasaten dute, emakume etorkinen edo ezgaitasunen bat dutenen kasuan bezala, eta egoera partikular hori kontuan hartuta, ekintza positibo bereziki sendoak jarri behar dira martxan, berdintasun materialeko kuota handiagoak lortu eta gizarte-bazterkeriari aurre egite aldera.
4.3. Genero-indarkeria
Lana erakundeen arteko talde teknikoaren esparruan
Etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioaren Erakundeen arteko Batzordea, erakundeen arteko talde teknikoaren bidez (Arartekoak bertan ere parte hartzen du), proposamen nagusien laburpena burutzen ari da, txosten honen amaieran, azken bi urteetan zehar egindako azterketa-agiri luzean oinarrituta, genero-indarkeriaren alorrean eskumenak dituzten euskal erakunde guztien partaidetzarekin. Laburpen-agiri horrek lehentasunik premiazkoenak ezarri nahi ditu Euskadin genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza eta arreta ematen dien sistema hobetzeko.
Antzemandako hutsuneen artean sartzen dira, besteak beste, baliabide jakin batzuk ez direla nahikoak; administrazio batzuen artean koordinaziorik ez dagoela eta lurralde-koordinaziorako organoak jarri behar direla martxan; indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematen dieten pertsonek eta sistema judizialeko agente desberdinek (abokatutza, epailetza, fiskaltza, eta abar) berariazko prestakuntza eta genero-ikuspegia falta dutela; arreta horren eremu batzuetan genero-ikuspegirik ez dagoela edo prestazioen arauak oso zorrotzak direla, ez dagoelako banakako erantzunik araudiaren aurreikuspenetan sartzeko zailak diren baina arreta publiko nahikoa merezi duten kasuetarako. Era berean, agerian gelditu da Erakundeen arteko Batzordearen lan-esparruan, adingabeak –indarkeria honen bigarren biktima diren aldetik– babestu eta prebenitzeko neurri espezifikoak jarri behar direla martxan.
Edonola ere, gure arreta-sistemak gai izan behar du emakume hauei lagunduko dieten prestazio eta baliabideak orientatzeko, indarkeria matxistaren edozein zantzu ahalik era arinen antzeman eta kasu horiei behar bezalako arreta emate aldera, berau jasaten duten emakumeak ahaldunduz, erasoen aurka defendatzeko bitarteko eraginkor (eta iraunkor) gisa.
Arartekoaren iritziz nahitaezkoa da dagozkien erakundeek lehentasunezko jardueren proposamen hau bere horretan onartu eta eraginkortasunez gauzatzea, horiek guztiek parte hartu baitute azterketan eta proposamen hauek adostu dituzte, beren ordezkarien bidez, Erakundeen arteko Batzordean. Ondorioz, behar-beharrezkoa da 2013. urtean zehar, luzamendurik gabe, sistemaren hutsuneak dauzkaten eremu zehatzetan hobekuntzarik premiazkoenak garatzeko aipatutako erreforma eta neurriak irmotasunez bultzatzea. Horren harira, etorkizuna desafio-garaia izango da euskal erakundeentzat, erakundeen arteko talde tekniko horrek egindako azterketa-lan sakon eta zehatzean oinarritutako apustu sendoa egin ahalko baitute Euskadin genero-indarkeriaren gizarte-gaitzaren aurkako borroka hobetzeko.
Etxebizitza
Duela zenbait urtetatik erakunde honek behin baino gehiagotan adierazi du Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua (genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoa) aldatu behar dela. Izan ere, hainbat arazo planteatzen ditu, bai bere aplikazio-eremuari dagokionez, bai etxebizitza eskuratzeko baldintzei dagokienez, baita etxebizitzak esleitzeko baldintzei eta araudi horrek etxebizitza eskuratzeko ezarritako bideei dagokienez ere. Lehen adierazi dugun bezala, agindu honetan aurreikusitako ohiko bideen benetako eraginkortasuna oso urria da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen artean dagoen etxebizitza-eskari handiari erantzuteko. Horregatik planteatu dugu, batetik, agindu honetako irizpideak berrikusteko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin batera, beste erakunde batzuk ere (batez ere udalak eta, kasu jakin batzuetan, foru aldundiak) genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei etxebizitzaren prestazioa emateko erantzukizunean inplikatzeko.
1 2007ko otsailaren 13ko Eusko Jaurlaritzako Kontseiluaren erabakiz onartuak. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren otsailaren 14ko 5/2007 Ebazpenak 2007ko martxoaren 13ko EHAAn argitaratu zituen.
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
1. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Arartekoaren jardueran ezinbesteko tokia izan dute beti ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideek. Eremu honetan egin ditugun jardueren bidez, gizarte osoaren (orokorrean) eta agintari publikoen (zehazki) sentsibilizazio eta inplikazio handiagoa sustatu nahi izan dugu, gure hiriak edo herriak diseinatzerakoan, gizarte-baliabideak antolatzerakoan eta gure harreman pertsonalak imajinatu eta praktikatzerakoan paradigma eta pentsamoldeak aldatze aldera. Horren harira, gizakiaren funtzionaltasunen dibertsitatea izan behar da aldaketa horren buru, gure gaitasunen aniztasunarekiko errespetu eta begirunean oinarrituta.
Azken bi hamarkada hauetan garrantzi handikoak izan dira ezgaitasunen bat duten pertsonek eta pertsonentzako nahiz gizarte osoarentzako egindako lorpenak. Horrenbestez, aukera-berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak sustapen berria eta berritua ekarri zuen ezgaitasunen bat duten pertsonak parekatzeko politiketara. Bereizkeriarik eza, ekintza positiboa eta irisgarritasun unibertsala oinarrizko arauak dira, honako helburu hau lortu nahi bada: ezgaitasunen bat duten pertsonek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan aukera-berdintasunerako duten eskubidea bermatu eta aitortzea.
Era berean, norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak gizarte-zerbitzuen garapen berri bat eratu nahi izan du, sistemaren babesa hedatu eta osatzeko, Europako Batzordeak eskaintzen duen estatu sozialaren ereduak aurrera egin dezan. Baliabide horien aurreikuspena funtsezko tresna da mendetasun-egoerei arreta ematen zaiela bermatzeko eta norberaren autonomia, bizi-kalitatea eta aukera-berdintasuna sustatzeko.
Bestalde, Ezintasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenak (Convención Internacional sobre los Derechos de las Personas con Discapacidad) (estatuan 2008ko maiatzaren 3an sartu zenak indarrean) inflexio-puntu bat eragin zuen ezgaitasunaren tratamenduan: ezgaitasuna giza eskubideen ikuspegitik jorratu behar da. Aurreko araudiak, izan ere, pertsonen arazotzat jotzen zuen ezgaitasuna. Beraz, araudi hori inspiratu zuen eredu mediko edo errehabilitatzailea gaindituta, eta gizarte-ereduaren ikuspegia gogoan izanda, hartuko diren irtenbideak ez dira pertsonei soilik bideratuta egongo, baita gizarteari ere, dauden bereizkeria-egoerak gainditzen saiatzeko. Ikuspegi horrekin onartu da, hain zuzen ere, abuztuaren 1eko 26/2011 Legea, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eragiten dien araudia hitzarmen honetara egokitzen saiatzen dena, giza eskubideak urratu eta bereizkeria-egoerak sortzen dituzten gizarte-desabantailak ezabatu ahala.
Hala ere, bizi dugun krisi-egoerak ondorio nabarmenak ditu gizartean. Eremu honetan, zehazki, adibide bat jartzearren, I eta II. Mailen laguntza pertsonalerako diru-laguntzaren igoera salbu –oso neurri positibotzat jotzen duguna–, gainerako neurriak –defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez eta aurrekontu egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez hartutakoak– Arartekoaren iritziz atzerapen nabarmena dira norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko politiken garapenean.
Nahiz eta azken hamarkadetan ekonomiaren esparruan krisi desberdinak egon diren eta pertsonen ongizateari eta gizarte-eskubideei negatiboki eragin dieten, egun jasaten ari garen krisiak ez du parekorik eta, hain da larria, ezen orain arte gizartearen edo ongizatearen estatua deiturikoaren oinarriak gainbeheran baitoaz: elkartasunaren, ekitatearen eta gizarte-justiziaren baloreak, pertsona ahulenentzako laguntzak eta eskubide sozial eta ekonomikoak.
3/1985 Legearen arabera, “Arartekoa Legebiltzarraren goi ordezkaria da, Konstituzioaren I. idazpuruan xedatutako eskubideak babesteko sortua. Eskubide horiek legeak ezarritakoarekin bat etorriz bermatu behar ditu, eta Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan bildutako demokraziaren printzipio orokorrak bete daitezen zaindu”. Horretarako, erakunde honek, herritarrek eskatuta edo berak erabakita, herri-administrazioen jarduera ikertu behar du kexa-espedienteen bidez, baina, aldi berean, pertsonen eskubideak babesteko sistema eta politika publikoak ebaluatu behar ditu. Horretarako, agintari publikoei gomendioak egingo dizkie edo txosten, azterketa edo ideien ekoizpena sustatuko du, pertsonen eskubideekiko errespetuaren kultura edo horiek babesteko sistema indartze aldera.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hirigintzako irisgarritasuna eta garraiobideetako mugikortasuna
Aurreko urteetan bezala, ekitaldi honetan ere eremu honetako kexa nagusiak instalazio berrien ezarpenean edo horien aldaketetan irisgarritasunaren araudia urratzeari buruzkoak izan dira. Hala bada, honako hutsegiteak nabarmendu daitezke adibide gisa: Lakua auzoan Lanbideren bulego berri baterako sarbidea; udal-titulartasuneko kirol-zentro baten instalazioak; lehen-hezkuntzako ikastetxe bateko oztopo arkitektoniko garrantzitsuak edo mugikortasun mugatuko pertsonentzako erreserbatutako lekurik eza kirol-estadio batean.
Azkenik, Gasteizko hiri-autobusetan instalatutako ahots-
sistema zalantzan jartzen zuen kexa bat aipatu beharra dago, 100 sinadura baino gehiago jaso baitzituen, ez zelako irisgarria eta normalizatua ikusmen-ezgaitasunen bat duten pertsona gehienentzat. Gai horren gaineko espedientea tramitatzean, Arartekoaren 2012ko ekainaren 29ko Ebazpena ezarri zen. Horren bidez, garraiobidearen erabiltzaile guztiek informazio-sistema baliatzen dutela bermatzeko beharrezko neurri guztiak har ditzala gomendatzen zitzaion Gasteizko Udalari. Hartara, ikusmen-urritasuna dutenek Gasteizko hiri-garraioaren zerbitzua modu normalizatuan, autonomoan eta seguruan erabiltzea bermatuko da. Udalak gomendio hori onartu zuen eta automatikoki funtzionatzen duen sistema bat ezarri zuen, berau martxan jartzeko urrutiko mandoa behar izanik gabe.
2.2. Hezkuntza
2012. urtean Eskola Inklusiboaren esparruan Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoa jarri da martxan. Plan horren barruan hainbat helburu, xede eta ekintza estrategiko ezarri dira, azken finean ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko.
Plan honen ebaluazio eta jarraipenak ikasleei hezkuntzatik eskaintzen zaien erantzuna hobetzen lagunduko duelakoan gaude, egoera horrek hainbat kexa sustatu baititu, besteak beste gaitasun altuko ikasleen kasuan edo arreta-defiziten arazoak dituztenen kasuan.
Arartekoaren 2012ko azaroaren 29ko ebazpenaren esana ere nabarmentzekoa da. Kasu horretan hezkuntza-behar bereziak dituen adingabe batek hezkuntzako laguntzaile-espezialista baliabidea edukiko zuela bermatze aldera hartu zen ebazpena. Adingabe horri bere familiaren etxebizitzatik gertu dagoen ikastetxe hitzarmendunean matrikulatzeko baimena eman zioten.
Era berean, “Euskal Gorrak” Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak hainbat kexa bidali dizkigu entzumen-ezgaitasunen bat duten ikasleen beharrizanei dagokienez, zehazki hizkuntzen ikaskuntzan edo lanbide-heziketako ikasketa jakin batzuetan dauden ikasleei dagokienez.
Unibertsitatearen alorrean ere honi buruzko salaketak egon dira. Medikuntza Fakultateko ikasle batek bat-batean entzumen-ezgaitasun bat jasan zuenez, ikasle horri babesa emateko aukera plantearazi diogu Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari. Gogor saiatu gara unibertsitateak estenotipiaren teknikak sartzeko edo tradizionalki babes-langileei ematen zaizkien zereginak handitzeko aukera balora zezan. Unibertsitateak, hala ere, planteatutako proposamenak baztertu ditu, neurrigabeak direla argudiatuta. Zoritxarrez, babes-falta honen ondorioz azkenean ikasle honek medikuntza ikasten jarraitzeari utzi dio.
2.3. Herri-administrazioen zerbitzurako langileak
Aurten, arlo honetako jarduera-planean ezarritako ildoei jarraiki, ezgaitasunen bat duten pertsonen taldeaz arduratu gara bereziki, eta herri-administrazio euskaldunek euren aldi baterako lan-poltsetan dauden eta ezaugarri hauek dituzten pertsonei ematen dieten tratamenduan sakontzeko erabakia hartu dugu.
Horren harira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuan eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean lan-eskaintza publikoetan ezgaitasunen bat duten pertsonentzako lanpostuen nahitaezko erreserba arautzen da. Araudi horiek karrerako funtzionarioaren eta langile finkoaren sarbideari buruz ari dira soilik eta ez dute aurreikusten aldi baterako edo bitarteko enplegua eskuratzeko biderik ezgaitasunen bat duten pertsonentzat. Gure ustez, egoera hori gorabehera, administrazioak neurri positiboak har ditzake kontratatutako edo bitarteko izendatutako langileetako batzuk talde honetako pertsonak izan daitezen.
Aldi baterako lan-poltsak arautzen dituzten arauek, hain zuzen ere, orokorrean bi irizpideren arabera ezartzen dute kideen ordena: lan-eskaintza publikoen ondoriozko hautaketa-prozesuetan eskuratutako sailkapenen arabera eta Administrazioan emandako zerbitzuen arabera. Hala ere, gure ustez hautagaiek lanpostua garatzeko gaitasun nahikoa badute, Espainiako Konstituzioak funtzio publikorako sarbideari buruz ezartzen duen bezala, ez dago eragozpenik pertsona-talde honi aldi baterako enplegurako sarbidea bermatuko dioten beste formula batzuk bilatzeko. Horretarako, erreserba-kuota bereziak ezar daitezke, lanpostu jakin batzuk erreserba daitezke edo esandakoa lortzeko beste edozein neurri har daiteke.
Helburu hori lortze aldera, hau da, ezgaitasunen bat duten pertsonek aldi baterako lana eskuratzeko aukera handiagoak dituztela bermatzeko formulak ezartze aldera, eta horretarako gure autonomia-erkidegoko herri-administrazio desberdinen egoera (gai honi dagokionez) kontuan hartu behar dela gogoan izanda, horietako batzuen lankidetza eskatu dugu, gutxienez honako datuak emango zizkigun txostena bidal ziezaguten: (1) beren erakundean aldi baterako zerbitzuak ematen ari diren eta ezgaitasunen bat duten pertsonen kopuru osoa eta portzentaje horrek aldi baterako langile guztien aldean osatzen duen portzentajea eta (2) beren erakundean aldi baterako kontratazio-poltsen kudeaketa arautzen duen legedian ezgaitasunen bat duten pertsonentzako aurreikusitako erreserba-kupoen edo antzeko ezaugarriak dituzten neurrien zehaztasuna.
Nahiz eta txosten hau idatzi den unean oraindik ez dugun jaso eskatutako informazio guztia, erakunde honek jaso dituen datuak aztertuta zera egiaztatu ahal izan da: gai honi buruzko araudi espezifikorik egon ez arren, herri-administrazio euskaldun batzuek neurri positiboak hartu dituzte ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegu publikorako sarbide errazagoa izan dezaten. Edonola ere, egindako azterketaren arabera, aldi baterako langile publiko gehien batzen den administrazioetan ez da halako aurrerapenik egon.
Adibide gisa, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko maiatzaren 30ean hartutako akordioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzeari buruzkoan, eta Funtzio Publikoko sailburuordearen 2006ko ekainaren 14ko ebazpenean, lan-poltsak eratzeko prozesua deitzen duen horretan, ez da neurri positiborik aurreikusi ezgaitasunen bat duten pertsonei aldi baterako enplegu publikorako sarbidea errazteko.
Hori dela eta, gai hau jorratzen duen gomendio orokor bat prestatu dugu (argitaratzeke dagoena), gaur egun honen inguruko aurreikuspenik ez daukaten herri-administrazioei bereziki zuzendua, aldi baterako kontratazioen poltsak arautzen dituzten legeetan ezgaitasunen bat duten pertsonei beren ezaugarrien araberako lanpostuetarako sarbidea erraztuko dieten bereizkeria positiboko neurriak ezar daitezen, betiere enplegu publikorako sarbidea arautu behar duten printzipioak bermatuz.
2.4. Ogasuna
Zergei buruzko araudian zerga-onura batzuk jasotzen dira (salbuespenak, hobariak, murrizketak…). Horien bidez ezintasunen bat duten pertsonen familiei nolabaiteko ordaina eman nahi zaie, eta, aldi berean, familia horiei eragiten dien gaitasun ekonomiko baxuagoa zaindu.
Kontuan hartu beharra dago ezgaitasunen bat duten pertsonek gastu osagarri asko ordaindu behar dituztela ondasunak edo zerbitzu orokorrak eskuratzean, jasaten duten ezgaitasunekin berariaz lotutako ondasun eta zerbitzuen gastuez gain –laguntza teknikoak, laguntza pertsonala, tratamendu medikoak, terapeutikoak, habilitatzaileak eta errehabilitatzaileak, medikamenduak–. Ikerketa berrien arabera, ezgaitasunen bat duten pertsonen etxeen batez besteko diru-sarrera gainerakoena baino % 25 inguru baxuagoa da.
Hala ere, orain arte ezgaitasunen bat duten pertsonei aplikatutako zerga-onurak oso murritzak izan dira eta, gainera, aplikazio horrek desadostasunak eragin ditu.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergak (TMIZ) salbuespen bat jasotzen du ezgaitasunen bat duten pertsonentzat. 2009an, hala ere, zerga hori aldatu egin zen eta oraindik ere bidali izan digute horren gaineko kexarik, aitortu zitzaizkien onuretan murrizketa bat egon dela uste baitute ukituek.
Halaber, salbuespen honek eske izaera dauka, hau da, zergaren subjektu pasiboak aurretiaz eskatu behar du. Nahitaezko eskaera egin ondoren, administrazioak egiaztatu egin behar du ea onura aplikatzeko baldintza guztiak betetzen diren, eta, horren arabera, onura onartu edo ukatuko du.
Salbuespenaren ondoreei dagokienez, udalerrien Kudeaketa eta Bilketa Ordenantzetan ezarrita daude eta hurrengo urtean aldatu ohi dituzte, zerga-onura emateko erabakia ekitaldi horretako zerga sortu ondoren hartu denean.
TMIZ urteko zerga da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortzen da, eta, beraz, eskaera onartzen bada eta zerga sortu ondoren aurkeztu bada, ondorioak hurrengo ekitalditik aurrera aplikatzen dira.
2.5. Osasuna
Atal honetako kexa batzuk aztertzean ez dugu zalantzarik izan ukapen-arrazoien legezkotasunari dagokionez (adibidez, karbonoz eginiko elementuen bazterketa, irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko 6. eranskineko 7. atalean aurreikusitakoa). Hala ere, zenbait produktu eskuratzeko aukera onartu beharko litzatekeela uste dugu, betiere haren beharrizana eta abantaila justifikatu badaitezke, pertsona interesdunaren egoeran oinarrituta.
Ildo horretatik, produktu berrienen (adibidez, lehen aipatutako karbonozko protesiak) eskutik etor daitezkeen abantaila logikoez harago, onartuta dauden produktuak berritzeko aurreikusitakoa baino erabilera luzeagoa emango balitz, pentsatzekoa da horien kostua konpentsatuta geratu ahalko litzatekeela. Hori horrela, zera eskatu genion osasun-administrazioari: salbuespen orokorraren araua ez dadila salbuespenen onarpenari lotuta egon, salbuespen hori aitortzeko egoera objektibizitzea posible denean. Zaila dela ahaztu gabe, Osasun Sailak eskaera hori Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluko organo egokian sartzeko asmoa duela adierazi digu
2.6. Norberaren autonomia sustatzea eta mendetasunari arreta ematea
2.6.1. Aurten foru-erakundeen ebaluazio-ekipoek aitortutako mendetasun-mailarekiko desadostasunaren ondorioz planteatutako kexak nabarmen igo dira, batez ere Arabako lurralde historikoan.
Baremo berria aplikatzean (otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako mendetasun-egoera ebaluatzeko baremoa onartzen duena eta 2012ko otsailaren 18an sartu dena indarrean), kasu askotan murriztu egin da aitortutako mendetasun-maila eta, ondorioz, familia-inguruko zaintzetarako oker jasotako diru-laguntzen erreklamazioak igo egin dira. Gai hau sakon aztertu da adinekoen taldeari buruzko kapituluan.
2.6.2. Urte hasieran Bizkaiko ebaluazio-prozeduren atzerapenagatiko kexak igo egin ziren, etxeak bisitatzen dituen erakunde arduradunaren kontratazioan hainbat gorabehera egon zirelako. Bere garaian, erakunde honek argi eta garbi adierazi zuen mendetasuna ebaluatzeko zereginak foru-erakundeetako langileek egin behar zituztela, nola eskuratzen diren datuen izaera oso pertsonala delako, hala independentziaren printzipioa bermatu eta egoera deserosoak (kasu honetakoa bezalakoa) saihestu behar direlako, betiere Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 28.6 artikulua betez (AMZL).
2.6.3. Ezgaitasun fisikoa duen pertsona batek bere ondoeza adierazi zigun, gure administrazioak “atseden” hitza erabili duelako aldi baterako egonaldien zerbitzuei buruz mintzatzean. Bere ustez, zerbitzu horiek erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatzeko dira eta ez dira aldez aurretik “ezgaitasunen bat duen pertsonarengandik atseden” hartzeko bide gisa jo behar. Aldez aurretiko balorazio hori iraintzailea iruditzen zitzaion.
Erakunde honen iritziz, hitz hori planteatzeko abiapuntu izan dira Bizimodu Independentearen Mugimendua, batetik, eta dibertsitate funtzionaldun pertsonaren pertzepzioa gainditzeko beharrizana, bestetik. Hala, ezinbestekoa da gizarteak berak sortzen dituen eragozpen eta zailtasunei eta bereizkeria-elementuak gainditzea xede duten politika publikoak sustatzeko beharrizanari erreparatzea.
Nahiz eta ikuspegi hori herri-administrazio euskaldunek eskaintzen dituzten programa eta zerbitzu askotan nabarmentzen den, argi dago oraindik bide luzea dagoela egiteke. Horrenbestez, “atseden” hitza, aipatutako printzipioak gauzatzen laguntzen ez duena, oraindik ere erabiltzen da eta, berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 22.2.5 artikuluan (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoari buruzkoan) agertzen da.
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean lengoaia ez sexista erabiltzeak bereizkeria gainditzen laguntzen duen bezala, ezgaitasunaren eremuan lengoaia ez estigmatizatzailea erabiltzeak gizarteratze-kota altuagoak lortzen lagunduko digu, eta, horrez gain, pertsonen duintasunarekiko errespetua bermatuko du.
2.6.4. Ezgaitasun-mailaren kalifikazioa
Hainbat kexa tramitatu dira aitortutako ezgaitasun-mailarekiko desadostasuna hizpide. Hori dela eta, planteatutako erreklamazioa ezesten duen ebazpenarekin batera erabaki hori hartzeko arrazoiak berariaz azaltzen dituzten txostenak bidaltzea egokia iruditzen zaigula jakinarazi diogu dagokion foru-erakundeari.
Txosten horiek (batez ere Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuarena eta Lege Aholkularitzako Zerbitzuarena) ezinbesteko tresna dira herritarrek informazioa izan dezaten eta, nahi izanez gero, beren burua defenda dezaten.
Bizkaiko Foru Aldundiak zera jakinarazi digu, aukera hori aztertzen ari direla, eta, horretarako, jakinarazpen-prozesu informatikoa hobetzeko asmoa dutela. Praktikan aurreikuspen hori betetzea espero dugu.
2.7. Etxebizitza
Aurten herritarrek hainbat kexa bidali dizkigute, beren etxebizitzako irisgarritasun-baldintzei buruzko ziurtagiria (babestutako etxebizitza egokitua eskuratzeko beharrezkoa dena) lortu ezin zutela eta gure esku-hartzea behar zutela adieraziz.
Erreklamazio-egileek azaldutakoaren arabera, beren jabetzako etxebizitzek ez zituztenez betetzen beren bizikidetza-unitateko pertsonek behar zituzten irisgarritasun-baldintzak, babes ofizialeko etxebizitzen kooperatiba batek sustatutako etxebizitza-zozketa batean parte hartzeko aukera eskatu zuten eta kooperatiba horrek, indarreko araudian ezarritakoaren arabera, beren etxebizitzak sarbide eta igogailuei buruzko zehaztapenak betetzen ez dituela frogatzen duen ziurtagiri teknikoa aurkezteko eskatu zien.
Erreklamazio-egileek salatu zutenez, Bizkaiko Foru Aldundian nahiz Bilboko Udalean ziurtagiri hori eskatzean, berau emateko eskumenik ez zutela jakinarazi zieten, eta, ondorioz, ezin izan zuten babestutako etxebizitza egokituen onuradun izateko ziurtagiria eskuratu.
Herritarren erreklamazio hauek jasotzean zera ondorioztatu ahal izan dugu, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta aipatutako foruko eta tokiko administrazioen artean koordinazio-arazo garrantzitsua dagoela eta hainbat eragozpen eragin dizkiela babestutako etxebizitza egokitu hauek eskatu dituzten pertsonei. Izan ere, alferreko kudeaketa ugari egin behar izan dituzte, sailak berak eskatuta, herri-administrazio desberdinetan.
Urteko txosten honen amaieran, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari premiaz eskatu genion azalpen-txostena jaso dugu. Eskaera horretan, beharrezko neurriak hartzeko eskatu genion, koordinazio-falta hori zuzen zezan eta herritarrei babestutako etxebizitza egokitua eskuratzeko agiria nola eta non eskuratu azal ziezaien.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Atal honetan honako gaia jorratuko dugu lehendabizi: Vitoria-Gasteizko Udalak Zulueta Jauregia ezarri zuen Europako hiriburu berdearen (European Green Capital) egoitza nagusi gisa eta eraikin horrek irisgarritasun unibertsala bermatzen ez duenez, erakunde honek ofiziozko jarduera hasi zuen. Eraikin horretan 13 maila dituen eskalinata bat dago eta horrek bertaratzea eragozten die mugikortasun murriztua duten pertsonei. Pertsona horientzako sarbidea eraikinaren atzealdean egotea aurreikusita zegoen, hau da, higiezinaren sotorako sarbidean. Baina ate horrek ere ez zuen sarbide egokia bermatzen, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuan eskatutako baldintzetan.
Erakunde honek egindako eskaerari erantzuteko, V
itoria-Gasteizko Udalak eraikinaren barrualde nahiz kanpoaldeko sarbidean irisgarritasuna hobetzeko hartu nahi ziren neurrien berri eman zigun. Hala ere, proposatutako irtenbideek, aurrera eramanez gero, indarreko araudian ezarritako gutxieneko praktikotasun-parametroak soilik bermatzen zituzten baina ez zuten harago joateko ahaleginik egiten, hau da, ez ziren saiatzen instalazio berri batean eskatuko liratekeen parametroak lortzen, gure eremu autonomikoaren barruan aurreikusitako irisgarritasun-irizpideei jarraiki.
Hori guztia dela eta, Arartekoak 2012ko martxoaren 20ko ebazpena ezarri zuen, Gasteizko Udalari gomendatuz beharrezkoak diren neurriak har ditzan pertsona guztiek Europako Hiriburu Berdearen (European Green Capital 2012) egoitza den Zulueta Jauregian duintasunez eta berdintasunez sartzeko aukera eduki dezaten.
Udal-arkitektoak egindako txostenean hartutako neurriak jasotzen ziren eta, txostenaren arabera, ez ziren betetzen araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak. Horrenbestez, egindako gomendioa ez zutela onartu suposatu genuen.
3.2. Bestalde, nabarmentzekoa da erabilera publikoko eraikinetako irisgarritasunaz gain, urte hauetan zehar igogailurik ez duten egoitza-eraikuntzen irisgarritasuna ere planteatu izan dela. Horren harira, arazo hau jorratzen duen gomendio orokor bat (argitaratzeke dagoena) egin dugu, bi gai nagusitan oinarrituta. Batetik, agintari publikoek jabeen erkidegoei oztopo arkitektoniko hauek ezabatzeko beharrizana ezarri ote diezaieketen zehaztu nahi izan genuen. Bestetik, igogailua instalatzeak edo barrera arkitektonikoak ezabatzeak eraikuntzen segurtasun edo gaikuntzarako arazoak sortzen dituenean, administrazioen irizpidea zein izan beharko litzatekeen planteatu genuen.
3.3. Atal honetan, EAEn eremu horretan lan egiten duten elkarteek eta erakunde honek izan dituzten topaketei buruz mintzatu nahi dugu. Beti pentsatu izan dugu elkarte hauen lanak gure zeregina aberasten duela, kolektiboaren errealitatea transmititzen duenez gero. Ondorioz, eskerrak eman behar dizkiegu erakunde honekin izan duten etengabeko lankidetzagatik.
Hori horrela, hasteko, Euskal Herriko Gorren Lagun eta Gurasoen Elkarteen Federakundearekin (aurrerantzean FEVAPAS) izan ditugun harremanak aipatu behar ditugu, EAEko osasun-administrazioarekin hainbat jarduera ahalbidetu baitituzte. Batetik, haur gorreriaren detekzio goiztiarreko programaren ezarpen eta funtzionamenduari buruzko jarraipenari dagokionez; bestetik, hiru lurraldeetan entzumen-ezgaitasunak dituzten haurrentzako logopedia-laguntzei buruzko irizpideei dagokienez.
ELKARTEAN eta ONCE elkarteekin ere egin dira bilerak, ezgaitasunen bat duten pertsonek enplegu publikoak eskuratzeko bizi duten errealitateari buruz. Hala bada, landutako gaien artean aplikazio korporatiboen eta lantokien irisgarritasunari buruzko arazoa, bateragarritasun funtzionalak eta abar egon dira.
Halaber, APDEMA elkartearekin batzeko aukera ere izan dugu eta ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonen arazoa jorratu dugu.
3.4. Azkenik, 2012ko azaroaren 29an, gorputz, ikusmen edo entzumenean ezgaitasunen bat duten elkarteen ordezkaritzarekin batera, Arartekoaren lankidetzako mapen proiektua aurkeztu genuen. Geo-lokalizazioan eta partaidetza-mapetan oinarritzen den proiektu honetan herritarrak, elkarteak, herri-administrazioak eta Arartekoa ari dira lankidetzan. Hala, pertsona guztien eskura dagoen mapa bisual eta interaktibo honetan, interes orokorreko puntu, toki edo eraikinen irisgarritasunari buruzko informazioa eskura dezakegu eta herritarrekin alderatu eta alternatibak proposatu ahalko ditugu. Etengabe eraikitzen doan proiektua da. Hasteko, garraio publikoz iristeko aukera ematen duten lekuak kontsultatzeko maparekin hasi ginen, turismoa jorratuz: ostatu eta jatetxeak, eta turismo-bulego eta liburutegiak. Izan ere, horixe zen Arartekoan genuen informazioa (garraioaren kasuan) eta Eusko Jaurlaritzak eremu horretan lan egin zuela genekien (turismoa eta liburutegiak).
Proiektu honek, era berean, herritarren kontzientziazioa pizten du hainbat gizarte-arazoren inguruan: lehenengoa ezgaitasunen bat duten pertsonek egunero garraio publikoa, kultura edo aisia bezalako oinarrizko lekuetara jotzeko aurkitzen dituzten arazoak.
Halaber, publikoki baloratu eta ikus daitezke irisgarritasuna hurbilagoa izan dadin sentikortasun eta ahalegina erakutsi duten establezimendu eta zerbitzu publikoak. Hartara, jarduera publiko eta pribatuan guztientzako diseinua betebehar bat dela nabarmentzen da.
Horrez gain, ibilbide erabilgarriak kontsultatu eta ikus daitezke eta kontsultatutako puntu bakoitzak baliabide turistiko, garraiobide eta liburutegi hurbilenen zerrenda jasotzen du. Informazioa mapan bertan ageri da, zein lekuri buruz ari garen adierazten duten ikurren bidez. Gainera, irisgarritasun-maila islatzen duten ikur eta testuak ere badaude. Puntuak identifikatzeko erabili ditugun ikurrak honako hauek dira:
Eta puntu, toki edo eraikin guztietarako irisgarritasun-maila orokor hauek izendatu ditugu:
Badakigu informazioa eta datu publikoak askatu eta berrerabiltzea oso garrantzitsua dela, herritarrek datuok eskura izan eta erabil ditzaten. Horrenbestez, proiektua hasteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lankidetza eskatu dugu. Garraio irisgarriei buruzko datuetarako, Arartekoak EAEko garraio eta irisgarritasunari buruz egindako txostenaz baliatu gara. Halaber, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonekin lan egiten duten elkarteekin harremanetan jarri gara, beraiek egiaztatuko baitute datuak errealitatera egokitzen ote diren eta, horrez gain, EAEn baliabide irisgarri gehiago identifikatuko dituzte. Horretarako, hainbat bilera egin ditugu elkarteokin.
Edozein pertsonak oharrak idatzi ahalko ditu honako webgune honetan: http://mapak.ararteko.net. Halaber, Twitter edo FB-ko kontua erabili ahalko da oharrak idazteko.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Krisi-egoera honek ondorio larriak ditu gizartean, txirotasuna eta gizarte-bazterkeria igotzen ari dira eta talderik ahulenei gehiago eragiten die. Adosten ari diren zorroztasun-politikek, gainera, arriskuan jartzen dituzte ezgaitasunen bat duten pertsonen oinarrizko eskubideak. Horren harira, adibide bat jartzearren, I eta II. Mailen laguntza pertsonalerako diru-laguntzaren igoera salbu –oso neurri positibotzat jotzen duguna–, gainerako neurriak –defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez eta aurrekontu egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez hartutakoak–, Arartekoaren iritziz atzerapen nabarmena dira norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko politiken garapenean.
Gure ustez, krisi-garaietan, inoiz baino gehiago, agintari publikoek giza eskubideen printzipioak hartu behar dituzte abiapuntutzat beren politika publikoak diseinatzerakoan: Giza eskubideak unibertsalak, banaezinak eta elkarren menpekoak dira; berdintasuna eta bereizkeriarik eza giza eskubideen sistema osoaren ardatza dira; giza eskubideen betebeharrek dimentsio hirukoitza dute; agintari publikoek eskubide sozioekonomikoak errespetatu, babestu eta bete behar dituzte; eskubide sozioekonomikoak apurka-apurka bete behar dira dauden “baliabide guztiak” erabiliz, “bitarteko egoki guztien bidez”; eskubide sozioekonomikoen alorrean hartutako atzeranzko neurriak printzipioz onartezinak dira; agintari publikoek beren ekintzen gaineko kontuak eman behar dituzte eta erreparaziorako eskubidea, informazioa eskuratzeko aukera eta herritarren partaidetza aktiboa bermatu behar dituzte.
4.2. Azken bi urteotan murrizketa nabarmenak ikusi ditugu talde honetako elkarteei zuzendutako diru-laguntzen politika publikoetan. Gertaera horrek eragina dauka elkarteok beren erabiltzaileei ematen dizkieten zerbitzuetan eta, dirudienez, herri-administrazioek ez dituzte euren gain hartuko. Azpimarratzekoa da erakunde hauek orientazio eta babeserako lan indibidualak egiten dituztela, ezinbestekoak direnak ezgaitasunen bat duten pertsonentzat; erkidegoaren baliabideei eta dauden baliabide espezifikoei buruzko informazioa eta agiriak jasotzen dituzte, eta, era berean, talde honek gizartearen jardueraren eremu desberdinetan duen ikusgarritasunaren bermea dira.
4.3. Erakunde honetan inguru fisikorako, hiriguneetarako eta eraikuntzetarako irisgarritasuna hizpide duten salaketa asko jasotzen ditugu ezgaitasunen bat duten pertsonen eskutik. Dagozkien herri-administrazioek, batez ere udalek, azterketa sakon bat egin eta beharrezko kontrol-mekanismoak ezarri behar dituzte gaiaren gaineko indarreko araudia aplikatzen dela bermatzeko, irisgarritasun unibertsalaren eta guztiontzako diseinuaren ikuspegitik, bai hiriguneetan, bai eraikuntza, azpiegitura eta garraioetan.
Era berean, aurten ere gogorarazi beharra dugu ezgaitasunaren eremuan ikuspegi desberdinetatik lan egiten duten elkarteek gehien salatu duten gaietako bat irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea eta hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua berrikusteko beharra izan dela.
Sarritan egiaztatu ahal izan dugu herri-administrazio euskaldunek legeok aplikatzean interpretazio murriztailea egin dutela, Ezintasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenean ezarritako oinarrizko eta funtsezko printzipioetatik urruntzen ziren jarduerak garatuz. Gure erkidegoko udalerri askotan irisgarritasuna sustatzeko elementu gisa instalatu diren eskailera mekanikoak gogorarazi besterik ez dago. Instalazio horiek, dakizuen bezala, ezgaitasunen bat duten pertsonak baztertzen dituzte, ezin baitituzte erabili. Eraiki berri diren eraikinei edo berritu direnei buruz ere gauza bera esan dezakegu, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako sarbide bereiziak baimentzen baitira eta, normalean, eraikinen atzealdetik sartu behar izaten dute. Herritar guztiek berdintasun-baldintzetan erabil ditzaketen instalazioei lehentasuna eman behar zaie, ezgaitasunen bat duten pertsonen bereizkeriarik ezaren eta aukera-berdintasunaren printzipioak betearazteko asmoz.
4.4. Enplegu publikoa berdintasun-aukeretan eskuratzeko eskubideak garrantzia berezia dauka, noski, ezgaitasunen bat duten pertsonei buruz ari garenean. Horrenbestez, egungo antolamendu juridikoan pertsona horien sarbide-baldintzak sustatzeko berariazko arauak eta xedapenak jasotzen dira.
Hori dela eta, enplegu-emaile publikoak bermatu egin behar du lanpostu erreserbatuen kupoa betetzen dela, helmugak aukeratzeko fasean lehentasun jakin bat dutela edo euren lanpostua eta ingurunea berau beteko duen pertsonaren beharrizanetara egokitzen direla.
Halaber, enplegu publikoa eskuratzeko printzipioak bermatuz, bereizkeria positiborako neurriak ezarri behar dira aldi baterako kontratazioen lan-poltsak arautzen dituzten arauetan, ezgaitasunen bat duten pertsonek beren ezaugarrietara egokitzen diren lanpostuak eskuratzeko erraztasunak izan ditzaten.
4.5. Kontuan hartuta ezgaitasunen bat duten pertsonek eta euren familiek ezgaitasunen horren ondoriozko beharrizanei arreta emateko egin behar duten ahalegina, gure iritziz, bizi dugun krisi ekonomikoaren egoera honetan agintari publikoek zerga-onuren tratamenduan aurrera egiten jarraitu behar dute, berdintasun ezeko egoerak murrizten laguntze aldera.
4. Gaixo kronikoak
Aurrekariak
Gaixo kronikoek berariazko premiak izaten dituzte, eta horiek euskal herri-administrazioek artatu behar dituzte ezinbestean. Iraupen luzeko gaixotasunak direnez eta, oro har, motel egiten dutenez aurrera, sendagarriak direnak ez bezalako tratamendu edo zaintzetan oinarritutako arreta behar izaten dute batez ere, pertsona horien bizi kalitatea bermatzen duen arreta soziosanitarioan oinarritutakoak gehienbat, autonomia eta zaintza sustatuz, narriadura prebenituz eta tratuen eta aukeren berdintasuna eskainiz.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Gaixo batek kexa aurkeztu zigun barne-medikuntzako espezialistaren osasun arreta jasotzeko zailtasunak izan zituelako. Interesdunari, beste patologia batzuen artean, merkurio-intoxikazioak erasan dio.
Osasun eta Kontsumo Sailak V
alentziako Ospitale Nagusira bideratzea eskatu zuen baina V
alentziako Zentroko Osasun Zuzendaritzak arreta emateari uko egin zion toxikologia unitatearentzat erreferentziazko zerbitzua” ez zelako.
Interesdunak eskabidea aurkeztu zion Sailari uko horren aurrean eman beharreko urratsak ezagutzeko eta beste bideratze egoki bat gerta zedin.
Arrazoizko denbora erantzunik gabe igaro ondoren, Osakidetzari adierazi genion hortz-amalgamen merkurioak erasandako pertsonen tratamendua osasun sistema publikoaren zerbitzu arrunten zorroan sartzen den prozeduretako bat dela. Adierazi genuenez, Osasun Sistema Nazionalaren erabiltzaileek eskubidea daukate aipatu zerbitzu komunen zorroa berdintasun errealeko baldintzetan eskuratzeko, bizi diren geografia eremuan teknika, teknologia edo prozedura eduki zein ez; euren geografia eremuan teknikaren bat eskaintzerik ez duten osasun zerbitzuek beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko dituzte behar duten erabiltzaileak hura eman diezaiokeen zentro edo zerbitzura bideratu eta bidaltzeko. Hura egon ezean, osasun administrazioak adierazitako zentro pribatuak emandako arretaren ondorioz sortutako gastuak ordaintzeko baimena emango du.
Sailak Guadalajarako Unibertsitate Ospitalearen barne-medikuntza zerbitzuari eskatu dio pertsona horrentzako osasun laguntza, adierazi digutenez, “haren patologian aditua den mediku bat dagoelako”.
1.2. Beste kasu batean, sentikortasun kimiko anizkunak erasandako pertsona bat V
alentziako Unibertsitate Ospitale Nagusira bideratu zen azkenean. Sindrome horrek erasandako beste pertsona bati zentro pribatu batean eman zioten osasun laguntzaren gastuak ordaindu zitzaizkion.
1.3. IV gaineko III. graduko Birus Ondoko Neke Kronikoari lotutako IV gaineko IV. graduko Sentikortasun Kimiko Anizkunaren (SKA) sindromea, I. graduko Fibromialgia (M79.0), Mukosen Sindrome Lehorra, sentikortasun elektromagnetikoa eta Gatazka Endokrino Anizkuna, eta elikagai askorekiko intolerantzia (%67ko desgaitasun maila onartuta) zeuzkala frogatu zuen pertsona batek bere bizi kalitatea hobetzeko, bere autonomia eta bere garapen pertsonala eta gizarteratzea hobetzeko zenbait produkturen kostuari aurre egiteko laguntza ekonomikoak eskatu zituen (desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako laguntza publikoen deialdiari helduz).
Arabako Foru Aldundiko Sailak laguntza horiek ukatu zizkion. Horretarako, zenbait argudio eman zituen, hala nola medikuen eta zientzialarien komunitatean patologia horien izaerari buruz dagoen eztabaida edo gizarte premia larri eta premiazkoaren egoeran ez egotea.
Egia, ordea, honakoa da: alde batetik, aipatu patologiak diagnostikatu zaizkio eta, bestetik, dagoen egoera (bere etxean dago kanpora irten ezinik, agente eragileen arriskuagatik, sentikortasun mekanismoa handitzea eta kroniko bihurtzea saihesteko ezinbestekoa izanda), gure iritziz, larritasun handienekoa da.
Foru erakundea ez zen oso prest agertu gure oharpenei jaramon egiteko eta azken ekitaldian eskatutako laguntzei dagokienez, ez zuen onartu, garaiz kanpokoa izateagatik, interesdunak jarritako gorako errekurtsoa, hiru inguruabar bildu arren:
Administrazioaren jardunbidean egondako praxi okerra ikusita bere ekintzak berrikusi beharraz ohartarazi dugu administrazioa. Administrazioak ukatu egin du hori epeak luzaezinak direla alegatuz.
1.4. Hartutako kalte zerebralak erasandako 59 urteko gizon baten emazteak salatu zuen gehiegi luzatu zirela senarrari arreta espezializatuko eguneko zentroan plaza esleitzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) senarrarentzako egoitzako arretaren aukera eskaini zion baina berak eta beraren seme-alabek (nerabeak oraindik), pertsona horrek arreta intentsiboa behar zuen arren (mendetasuneko 2. mailako III. gradua), harekin bizi eta behar ziren zaintzak eman nahiago zuten. Emakumearen ustez gizonarentzako baliabiderik egokiena arreta espezializatuko eguneko zentroa (Bekoetxe edo Lurgorri) da, amaren lanaldian eta seme-alaben eskolaldian haren premien araberako zaintzak ahalbidetuko lituzkeelako.
Foru erakundeari esan genion halako kexek agerian uzten zutela, berriz ere, desgaitasuna duten pertsonentzako eta, zehazkiago, kalte zerebralak –hari buruz zenbaitetan eman dugu gure iritzia– erasandako pertsonentzako, baliabide espezializatuen urritasuna, eta zerbitzu horiek eskuratzeko eskubidea duten herritarrei arreta ahalik eta azkarrena bermatu beharra.
Erasandako pertsonaren adina dela eta, BFAko Gizarte Ekintza Sailari proposatu genion ea, eguneko zentro espezializatuan plaza esleitu arte, adineko pertsonentzako eguneko zentro batean sar litekeen, lana eta ikasketak direla-eta familia ez dagoen aldietan arreta jaso zezan, arreta hori familiak ATECE elkartearekin batera bere gain hartutako fisioterapiak eta logopediak osatuko luketelako.
Sailak begi onez ikusi zuen proposatutako aukera, baina adierazi ziguten, hala eginez gero, eguneko zentro espezializaturako itxarote-zerrendako tokia galduko lukeela; guk ez geneukan hori ulertzerik.
Gure aburuz, pertsona horrek pairatzen duen arazoarentzako (kalte zerebrala) baliabiderik egokiena, hala nola Bekoetxe edo Lurgorri, erabilgarri ez badago plaza nahikorik ez dagoelako, zaintza premia larrienak arintzeko beste bat eskuratzeak hasierako eskaerak guztiz indarrean jarraitzea ez galarazteak egokia dirudi, itxarote-zerrendan dagozkion postuek aurrera eginez gero, baliabiderik egokiena eslei dakion.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Lege berrikuntza nagusiak osasun publikoaren eremu orokorrean gertatu dira (16/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa, eta 114/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eremuko Osasun Sistema Nazionalaren osasun prestazioen araubideari) eta, hortaz, Osasunari buruzko II.12 kapituluko III. atalean aztertu da.
2.2. Iaz Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren aurrerapen nagusien berri eman genuen; Osasun eta Kontsumo Sailak bultzatutako tresna da eta bere 14 proiektu estrategikoen bidez pertsona horiei emandako arreta hobetu nahi du.
Proiektu horien bilakaera Kronikotasunaren estrategiaren bilakaerari buruzko txostenean jaso da. Emandako urratsen artean 2012-2020 Osasun Plana definitu izana eta Tabakorik gabeko Euskadi programa onartu eta bultzatu izana azpimarratu nahi ditugu.
Aurten Kronikotasunaren Estrategiaren V
. Osoko Biltzarra egin da.
2.3. Osasun eta Kontsumo Sailak, eremu elektromagnetikoek osasunean duten eraginagatik kezkatuta, Eremu elektromagnetikoak eta osasunean duten eragina izeneko azterlana argitaratu du. Haren helburua osasun publikoko teknikarientzat euren lanerako gida izatea da eta zenbait alderdi jaso ditu, hala nola kontzeptuak, sailkapena, eragin biologikoak eta legedia, zenbait gomendiorekin batera.
2.4. Osakidetzak Historial dosimetrikoa izeneko sistema aitzindaria abiarazi du. Proba diagnostiko jakin batzuek dakartzaten erradiazio ionizatzaileen (beraz, kaltegabeak) eraginen erregistroa da. Gaixo bakoitzak pilatzen dituen erradiazioak ezagututa prebentzio neurriak eta behar ez diren esposizioak saihestekoak erabaki daitezke.
2.5. Iazko txostenean (III.4 kapitulua) atal zabala (III.3) eskaini genien prebalentzia txikiko gaixotasunak (gaixotasun arraroak esaten zaie maizago) dituzten pertsonei eta berariazko atala (III.2) sortzetiko metabolismo-gaixotasunak dauzkatenei.
Bigarren taldeari dagokionez, Sailak iragarri du bost gaitz berri sartu dituela Osakidetzaren Jaioberrientzako Baheketa Programan: Homoszitinuria, Astigar Ziroparen Gaitza (MSUD), 1 motako Aziduria Glutamikoa (GAI), aziduria isobalerikoa eta kate luzeko gantz-azidoen Azil COA deshidrogenatuaren Gabezia (LCHADD), 2013ko urtarrilaz geroztik.
Bost gaitz horiek Osakidetzari sartzea iradoki genion 19 gaitzen zerrendan daude. Gaitz horiek guztiek tratamendua daukate, atzemateko emaitza fidagarriak dauzkate eta Estatuko beste autonomia erkidego batzuetako eta Europako gure inguruneko beste herri batzuetako (Alemania, Danimarka, Belgika, Holanda, Austria, etab.) programetan sartu dira.
Aurten Gaixotasun Arraroen Aholkularitza Batzordea sortu da Gaixotasun arraroen Aholkularitza batzordea sortzeko Osasun eta Kontsumo sailburuaren 2012ko maiatzaren 22ko aginduaren bidez, Osasun eta Kontsumo Sailari gaiari buruzko aholkularitza teknikoa eta informazioa emango dizkion aholkularitza organoa izan dadin. Batzorde horretako kideak ere izendatu dira. Hori dena iaz aipatu genuen EAEko gaixotasun arraroetarako estrategiaren ekintza-plana abiarazteko testuinguruan.
2010-2020ko Osasun mentalerako plana zehazterakoan, 2.17. berariazko helburu “gaixotasun arraro edo ezohikoen prebentzio eta diagnostiko goiztiarrerako neurriak ezartzea” sartu da, hari dagozkion hamar helburu operatiboren deskribapenarekin batera.
Aurten Eusko Legebiltzarrari “Gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eta haien familien premia soziosanitarioak eta haiei zuzenduta garatu beharreko ekintza proposamena” txostena aurkeztu zaio.
2.6. Oso interesgarria da aurten Gasteizko Sindiko - herritarren defendatzaileak Hiria garbitzeko produktu kimiko usain-emaileen erabilerari buruz hartutako gomendioa; izan ere, gomendatu dituen neurriek, onartzen badira, bereziki sentikortasun kimiko anizkunak erasandako pertsonak eta, orokorrean, Gasteizko herritarrak halako produktuen eraginpean egotea saihesten lagunduko dutelako, zalantzarik gabe, eta haien bizi kalitatea hobetzen lagunduko dutelako hala.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian erakunde honek 2012an burututako jarduketa nagusiak azalduko ditugu:
3.1. Ofiziozko espedienteak
3.1.1. Lehen eta bigarren mailako linfedemek erasandako pertsonak
2010eko txostenean (III.4 kapituluko IV.2 atalean) atal zabala eskaini genien linfedema duten pertsonei, haien arazoei eta Osakidetzak emandako arretari buruz dituzten aldarrikapen nagusiei. Erakundeak gaiari buruz egindako azterlanak hobe zitezkeen arloak atzemanarazi zizkigun, eta haiei buruzko eskaera egin genion Osakidetzari; haren erantzuna atal horretan jaso genuen. Jasotako erantzuna aztertu ondoren, berriz jarri ginen kontaktuan erasandako pertsonen gizarte erakundeekin, jasotako informazioa haiei helarazi eta kontrastatzeko. Erasandako pertsonen taldeak jakinarazi zigunez, jasotako informazioa ez zetorren bat haien eguneroko esperientziarekin eta, osasun administrazioaren erantzuna ikusita, guztira 140 pertsonari galdetuz azterlana egitea erabaki zuten. Osakidetzak emandako informazioan jasotako zenbait konturi heldu zien azterlan horretarako prestatu zuten galdetegiak, ulertu baitzuten horrek zorroztasun handiagoa emango ziela haien balorazioari.
Iazko txostenean (III.4 kapituluko III.1 atala) azterlan horrek emandako emaitzak jaso genituen. Emaitzok Osakidetzari helarazi genizkion, ulertu baikenuen tresna oso erabilgarria zela osasun administrazioak ezagut zezan erasandako pertsonek zer pertzepzio zuten jasotzen zuten arretari buruz, euren antolamendu aurreikuspenen aplikazio praktikoa testa zezaten eta zuzentzeko behar ziren neurriak har zitzaten.
Osakidetza, bere erantzunean, ez zen oso harkor agertu taldeak egindako proposamenekiko, eta tamalgarritzat jo genuen jarrera hori; izan ere, hura ez dator bat kronikotasunaren kudeaketan gaixo taldeen eginkizuna eta osasunaren sustapenean eta prebentzioan haien parte-hartzea bultzatzeko printzipioekin, Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategian aldarrikatu den bezala. Halako proposamenak aintzat hartu behar direla errepikatuko dugu berriz.
Bestalde, taldeak azpimarratu zuenez, gure osasun administrazioak gaitz horren ezagupenean sakondu behar du eta Best Practice Guide for the Managemente of Lyphedema Europako praktika klinikoaren gidaliburua aintzat hartzea komeni da, egun gure inguruko herriek hura baitarabilte. Halaber, haien ustez administrazio horrek haien erreklamazioak aintzat hartu behar ditu, egoera aurrerakor eta kroniko hori prebenitu ahal izateko. Haren gradurik aurreratu eta larrienari elefantiasis esaten zaio.
3.1.2. Sentsibilizazio zentraleko gaixotasunak dituzten pertsonak: fibromialgia (FBM), neke kronikoa (NK), sentikortasun kimiko anizkuna (SKA) eta elektrohipersentikortasuna (EHS)
Iaz espediente bat abiarazi zen ofizioz, dagokien herri-administrazioek talde horri emandako arreta aztertzeko, eta gaixo elkarteekin eta erasandako pertsonei eta haien familiei laguntzeko gizarte erakundeekin izandako harremanari esker alderdi batzuk aurreratu ahal izan genituen, Eusko Legebiltzarrarentzako 2011ko txostenean (III.4. kapitulua, III.5 atala) jaso genuenez.
Zehazki, guztira 24 neurri jaso ahal izan genituen. Haiek ezarriko balira, pertsona horien arreta egokia lor liteke eta haien bizi kalitatea hobetu liteke.
Gaixotasun horiek dauzkatenen arazoa legebiltzarrean jaso zen, ez-legezko proposamen bi onartuta:
Proposamen bien betetze mailari buruzko jarraipena egiteko aski iritzi genion epea igaro ondoren, informazioa eskatzeko idazkia igorri genion Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari, Eusko Legebiltzarrak proposamen haietan eskatu zizkion jarduketei dagokienez Sailak eman zituen urratsak ezagutzeko. Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari informazio eskaera berdina igorri genion, kasu honetan, sentsibilizazio zentraleko gaixotasunen onarpenari buruzko 80/2011 ez-legezko proposamenaren betetze maila bakarrik aipatuz.
Osasun eta Kontsumo Sailaren erantzunak euskal osasun sistema gaixotasun kronikoa duten pertsonen premiei eta gaixotasun arraroen kontuetan egokitzeko bultzatutako hobekuntzen esparru orokorrean (kronikotasunaren estrategia) kokatu zituen bere jarduketak.
Erakundeen arteko koordinazioa aipatu zuen, gaixo talde horren gizarte eta lan premiak eta premia juridikoak Jarraibide soziosanitarioen eta Lurralde Plan soziosanitarioen testuinguruan konpontzeko, haiei patologia horiek eragindako desgaitasunean eta esklusio arriskuan oinarrituta helduz, zehaztasun handiagorik gabe.
Iragarri zigunez, fibromialgiarako eta neke kronikoaren sindromerako ekintza plan baten ildoetan lan egiten ari da eta “jarduteko protokoloen zabalpenean eta profesionalen sentsibilizaziorako kanpainan aurreratu da”. Hala, jakinarazi zigunez, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak prestatutako jarduteko protokoloa (guztiz baliagarria deritzolarik) zabaldu du medikuen artean, fibromialgiari heltzeko behar diren ezagupenak emateko xedez. Ezagupen horiek, besteak beste, honakoak bildu dituzte: diagnostikoa, tratamendua edo gaixo horien bizi kalitatea hobe dezaketen alderdiak. Haren iritziz, “gida klinikoak zabalduz lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko medikuen arteko koordinazioa hobetuko da, gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra, bilakaera klinikoaren eta diagnostikatutako gaixoen tratamenduaren beraren jarraipen hobea lortuko baitira eta, hala, kasu batzuetan gerta daitekeen gehiegizko medikatzea saihestuko baita”. Adierazi digunez, Sailak OSATZENekin (Familia eta komunitate medikuntzaren euskal elkartea) lan egin du euskal osasun sistemako profesionalak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpaina diseinatzeko, lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko medikuei zuzendutako fibromialgiari eta neke kronikoaren sindromeari buruzko prestakuntza iraunkorreko programak (ikastaroak) erabiliz. Patologia horien gida klinikoen aplikazioaren emaitza klinikoei buruzko ikerketa egin nahi du. Fibromialgia eta neke kronikoaren elkarteekin hasitako elkarrizketa irekia ere aipatu dute.
Honakoa esan digu: “gainontzeko autonomia erkidegoekin, halako patologiak ikertzea eta lan-gaixotasunen artean sailkatzea errazteko batera jardun ahal izateari begira, CIE 10ean eta ondorengo eguneraketetan gaixotasun horientzako berariazko kodea esleitzeko koordinatzeari dagokionez, Sail hau gainontzeko autonomia erkidegoekin koordinatuko da Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Batzordearen Osasun Informazioaren Batzorde teknikoaren baitan, egin ohi duen bezala”.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak adierazi duenez, kutsadura elektromagnetikoaren kontrolari dagokionez, indarreko araudiaren arabera, ez zaio eskumenik eman. Honakoa erantsi du: “hala ere, egun nazioarte mailan WiFi bidezko haririk gabeko konexio sistemen erabilerak eragindako balizko gaitzei buruzko eztabaida zientifikoa gertatzen ari da. Eztabaida horretan, beste erakunde batzuen artean, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluko Ingurumen, Nekazaritza eta Toki eta Eskualde Gaietarako Batzordeak parte hartzen dute”. Sailak jakinarazi digunez, “interes handiz jarraitzen dio eztabaida zientifiko hari, handik etorriko diren ondorio zientifikoek eta seguruenik legezko gomendioek edo betebeharrek, herri-administrazioei orokorrean, eta dagokion neurrian, organo jakin honi, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesa bermatzeko neurriak hartzea ahalbidetuko dietelako”.
3.2. Bilerak elkarteekin
3.2.1. Aurten sentikortasun kimiko anizkunak (SKA) erasandako pertsona talde batekin elkartu gara, erakunde hau talde horren alde egiten ari den jarduketak aztertzeko, eta bizi dituzten arazoetan eta euren herritar eskubideak erabiltzeko duten zailtasunean eragiteko.
SKAk erasandako pertsonen sistema immunologikoak eta sistema endokrinoak ez dute onartzen produktu kimikoekin, lurrinekin, eta abarrekin kontaktua izan dezaten, ezta pertsona gehienek jasan ohi dituzten mailetan ere, haien osasuna arrisku larrian jarriko bailitzateke.
Hori dela-eta, topaketa hori egin ahal izateko erakundeak protokolo berezia bete behar izan du, pertsona horiek agente eragileekin kontaktua izateko aukera ahalik eta gehien mugatzeko zenbait neurri hartuta.
Erasandako pertsonek xehetasunez aipatu dituzte honako kontuak direla-eta pairatzen dituzten arazoak:
Ararteko erakundeak zenbait neurri bultzatu nahi ditu erakundean bertan toxikoen arriskua murrizteari begira, sentikortasun kimiko anizkunak erasandako pertsona taldea sartu ahal izatea lortzeko, eta langileen osasunaren sustapen egokia bermatzeko.
3.2.2. Aurten esparru bat ireki dugu DRAVETEN SINDROMEA FUNDAZIOArekin lankidetzan.
Draveten sindromea, lehen Haurren Epilepsia Miokloniko Larria (SMEI) zeritzona, neurogarapenaren nahasmendua da, haurtzaroan hasten da eta tratamenduari erantzuten ez dion epilepsia larria da haren ezaugarri nagusia.
Kasu gehienetan, krisi epileptikoak lehen bizi urteaz geroztik hasten dira. Lehen erasoaldiak sukarraren agerpenari lotuta daude eta konbultsio toniko-kloniko orokorrak edo alde batekoak dira. Askotan, krisi horiek 20 minututik gorako egoera epileptikoetan amaitzen dira, eta larrialdietako taldeek esku hartu behar dute. Denboraren poderioz, sukarrik gabeko krisiak eta bestelako gertakariak, hala nola miokloniak, absentzia atipikoak eta erasoaldi partzialak-konplexuak ere agertzen dira. Gaixotasunaren garapena oso bestelakoa da pertsona batetik bestera.
Bigarren urteaz geroztik garapenaren atzerapeneko sintomak sumatzen hasten dira. Kasu askotan ataxia, autismoaren espektroaren barruko nahasmenduak, elikatzeko eta hazteko arazoak eta loaren nahasmenduak ikusten dira. Mintzaira izaten da gaitasunik erasandakoenetako bat.
Gaixotasuna diagnostikatzeko zenbait adinetako adierazpen klinikoak eta elektroenzefalografikoak uztartu behar dira. Diagnostikorako irizpide zorrotzik ezean, gerta daiteke kasu batzuk guztiz ondo ez identifikatzea. Bestalde, kasuen portzentaje txiki batek ez ditu aipatu irizpide guztiak betetzen.
Fundazioaren ordezkariaren iritziz, diagnostiko goiztiarra funtsezkoa da, honako arrazoi biak direla-eta:
Diagnostikoa test genetikoaren bidez baino ezin da egin, neuropediatrak eskatuta. Horregatik da hain garrantzitsua lehen mailako arretako (pediatria) edo larrialdietako zerbitzuek neuropediatriako zerbitzu espezializatura berehala bideratzea.
Haien ustez osasun eremuan dauden hutsune nagusiak eta haiek hobetzeko proposamenak zein diren adierazi digute:
Halaber, haien iritziz euskal osasun sistemak sindrome horri heltzeko dituen indar nagusiak ere aipatu dituzte:
Haien aburuz, arreta goiztiarra funtsezko faktorea da eta, beraz, 6 urte arte efektiboki emateko eskatzen dute. Era berean, 6 urtetik gora ere logopedia eta psikomotrizitate saioetarako laguntzak eskatzen dituzte.
Joan den maiatzaren 12an, Gaixotasun Arraroak dituzten Pertsonen Nazioarteko Egunean, Ararteko erakundeak prentsan argitaratzeko iritzi artikulu bat prestatu zuen. Kasu horretan, emakume biri hitza eman nahi izan zien Arartekoak. Azaldutako sindromeak erasandako adingabeen amak dira eta haien testigantzari esker erasandako familien errealitatera hurbil gaitezke.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Gaixotasun kronikoa duten pertsonen premietara egokitzeko, osasun emaitza hobeak lortzeko eta eraginkorragoak izateko Osasun eta Kontsumo sailak osasun sistema aldatzearren egiten ari den esfortzua nabarmendu nahi dugu. Gure osasun administrazioak pentsatutako kronikotasunaren estrategiaren bidez gaixoa sistemaren erdigunean jarri, lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko koordinazioa hobetuz haien zaintzen jarraikortasuna bermatu, haien minaren ezagutza sustatu eta autozaintzarako tresnak eman nahi ditu. Arretak etxean edo komunitatean geratzea lehenetsi du, loturako erizaintzaren eta etxez etxeko ospitaleratze taldeen laguntzaz. Bestalde, gaixo horiek euren patologiei buruz prestatu nahi dira, gaixo aktiboen tailerretan.
4.2. Kronikotasunaren estrategiaren garapenean aurrerapenak ikusi ditugu eta EAEko Gaixotasun Arraroen Estrategiaren Ekintza Planaren garapen hasi berria ere bai.
4.3. Hartutako kalte zerebrala duten pertsonek baliabide urritasunari egin behar diote aurre, eguneko zentro espezializatuei dagokienez. Gure herri-administrazioek baliabide berriak abiaraztea eta arretarako bestelako aukerak bideratu ahal izateko prozedurak malgutzea eskatzen du horrek.
4.4. Linfedemak erasandako pertsonek jasotzen duten arretari buruz duten pertzepzioa ez dator bat Osakidetzak emandako informazioarekin. Tresna oso erabilgarria da hura eta, gure iritziz, gure osasun administrazioak ez du behar bezala baliatu, bere kronikotasunaren estrategiak aldarrikatu dituen gaixo taldeen parte-hartze aktiboaren printzipioen aurka.
4.5. Euskal osasun sistemak ez dauka profesional espezializatu nahikorik sentikortasun kimiko anizkunak eta merkurio-intoxikazioak erasandako pertsonei arreta emateko. Profesionalen prestakuntza eta espezializazioa bultzatzearekin batera, bitartean, zerbitzu egokira bideratzeko edo zentro pribatu batean emandako arretaren ondorioz sortutako gastuak ordaintzeko bideak atzerapenik gabe eta gaixoei informazio egokia emanez egin behar dira.
4.6. Fibromialgia eta neke kronikoa dituzten pertsonen arretan aurrerapenak ikusi ditugu: jarduteko protokoloen aplikazioa, profesionalen prestakuntza eta gaixoen parte-hartzea.
Sentikortasun kimiko anizkunak eta elektrohipersentikortasunak erasandako pertsonei dagokienez, ordea, ez dugu hobekuntzarik sumatu. Haien gizarte egoera izugarri kezkagarria da. Osatzen duten komunitatearen eskubide osoko kideak dira eta, beraz, botere publikoek titularrak diren eskubideak egiatan erabili ahal izateko baldintzak bermatu behar dituzte.
Haien arazoak –larria da, kasu askotan ezgaitzailea eta ezezaguna zuribiderik gabe– agerian geratu behar du hausnarketarako eta behar diren neurriak hartzeko esparruak sortzeko.
Zerikusia duten administrazioek osoko arreta eman behar dute osasun eta gizarte eremuetan, laguntza produktuak eskuratzea erraztu behar dute; arreta zuzeneko zerbitzu publikoetako profesionalen prestakuntza bermatu behar dute; prebentzioa bultzatu behar dute; haien etiologiari eta tratamenduari buruz ikertu behar dute; ingurumena babestea eta hobetzea eta gune zuriak sortzea bultzatu behar dute eta euren jarduketetan arreta, gardentasun eta ingurune-informazioaren printzipioak jaso behar dituzte, beste neurri batzuen artean.
5. Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak
Aurrekariak
Arartekoak arreta handia jartzen du burutik gaixo dauden pertsonen taldeengan, ahultasun berezia baitute.
Hala, arlo honetan egiten dugun lanaren oinarria zera da, burutik gaixo dagoen pertsona hori eskubideak dituen herritarra dela. Ondorioz, pertsona hauen jabekuntza, gizarteratzea, errehabilitazio psikosoziala eta benetako partaidetza dira jorratzen ditugun ideiak.
Gure herri-administrazioen, eta, batez ere osasun, gizarte, hezkuntza, enplegu, justizia eta etxebizitzaren arloko jardueraren inspiraziorako printzipioak honako hauek izan behar direla uste dugu: norberaren autonomiaren sustapena eta estigmaren ezabapena, zainketen jarraipena, ekitatea, erantzukizuna, koordinazioa, integrazioa, eraginkortasuna eta gaixo eta senideen partaidetza-foro eta elkarteen sustapena.
Arartekoaren xedea da, beraz, administrazioon jarduerak printzipio horiekiko leial izatea eta horretarako lan egitea, babesteko zeregina daukagunez gero.
1. Arloa kopurutan
2012. urtean 23 kexa berri erregistratu dira burutik gaixo dauden pertsonen arloan; beste lau kasutan ere arlo honi buruz mintzatu dira zuzenean. Kexak tramitatzeko lanaz gain, kapitulu honetako IV. atalean (Jarduera Planari buruzkoan) azaldutako arloaren jarduerak ere egiten dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Osasun-administrazioak nortasun-nahasmendua duen gazte bati emandako arretari buruzko kexa tramitatzean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gorantz doazen nahasmendu hauei –batez ere gure gazteei eragiten dietelarik– arreta emateko programa bereziak ezarri eta garatzeko gomendatu dio Arartekoak. Gomendioari jarraiki, programa horiek sektore arteko esku-hartze terapeutikoetan oinarritu beharko dira eta egiztatutako eraginkortasuna izan beharko dute, aipatutako nahasmenduak dituzten gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
Arartekoak zera eskatu die, EAEn nortasun-nahasmenduetan espezializatutako unitatea jartzeko, eguneko ospitalearen modalitatean, 2008an proiektatuta zegoen bezala. Proiekzio horrek, hala ere, ez du inolako aurrerapenik izan azken lau urteetan, behin eta berriz berau ezartzeko adierazi diegun arren.
Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko Ebazpenari buruz ari gara. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio nortasun-nahasmendu larriak dituzten pertsonei arreta emateari lotutako neurri orokor batzuk eta eragindako gazte baten arretaren gaineko beste neurri berezi batzuk har ditzan. Bertan, ukitutako pertsonen eta beren senideen informazioa sustatzeko eta osasun-arreta egokirako eskubidea bermatzeko beste neurri batzuk ere gomendatu dira.
2.2. Arartekoaren esku-hartzeari esker, genetikako adituarengana bideratu ahal izan da adingabe bat. Izan ere, Santiagoko Ospitaleko haur-psikiatriako zerbitzuan desbideratze hori egiteko atzerapen arrazoitu gabea jasan izana salatu zuten bere gurasoek.
2.3. Erabiltzaile ugarik eta “Gurutzetako psiko-gizarte laguntzarako modulua” Elkarteak beren desadostasuna adierazi ziguten, ez zelako berrituko Osasun eta Kontsumo Sailak elkarte horrekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Erabaki horrek, izan ere, modulua ixtea ekar zezakeen.
Nahiz eta espediente hauek tramitazio-fasean dauden, gure jardueratan zera aztertu nahi izan dugu, ea Osakidetzako sare publikoak emandako arreta berria atzerapen bat den lortutako arreta-estandarretan, besteak beste, arreta psikiatrikoaren ratioan, ludopatiak dituzten pertsonen arreta-programan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta-programan, familiako esku-hartzean edo estigmaren ezabapenean.
Gure kezka nagusia, eta halaxe jakinarazi diogu Osasun eta Kontsumo Sailari, zentroaren kokapen berria eta zerbitzuaren antolakuntza berria izan dira, ez baikenuen nahi, inola ere, laguntza psikosoziala behar duten pertsonen arretan kalitatea murrizterik.
Sailaren erabakia antolakuntza-ahalmenaren eremuan kokatzen da eta bere egituraketa berria behar bezala arrazoituta dago. Hala ere, moduluak duen ibilbide bikaina –gure osasun-administrazioaren zerbitzura 30 urte baino gehiago daramatzala– eta bere taldearen konpromiso eta profesionaltasuna kontuan hartuta, moduluak nolabait jarraitu behar duela uste dugu, betiere gure herri-administrazioen laguntzarekin, sareak eskaintzen duen arreta osatze aldera.
Espediente hauek tramitatzean, Sailak hainbat konpromiso hartu ditu lehen zerrendatu ditugun eta behar bezala jorratuko ditugun alderdiei dagokienez.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. Araudi-berrikuntza nagusiak osasun publikoaren eremu orokorrean eman dira (apirilaren 20ko 16/2012 Legegintzako Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta bere prestazioen kalitate eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa, eta ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa). Ondorioz, Osasun arloari buruzko II.12. kapituluko III. atalean aztertu da gaia.
3.2. Egungo krisi ekonomiko larriaren ondorioz aldaketa ugari jasaten ari gara eta kezkatuta gaude osasun eta gizarteko prestazioen irisgarritasun, maila eta kalitateak izan ditzakeen mugengatik, herri-administrazioak baitira horien erantzule eta kudeatzaileak.
Burutik gaixo dauden pertsonen babesa politika publikoen lehentasunetako bat izan behar da.
OMEren esanetan, txirotasunaren igoerak eta gastu publikoaren murrizketek (krisiaren hasieratik Europan esperimentatu ditugunak) nabarmen kaltetu dute Europako hiritarren buru-osasuna; ikerketa zientifikoek egiaztatu dutenez, beren diru-sarreretan murrizketak jasaten dituzten eta familiako arazoak dituzten pertsonek buruko arazoren bat jasateko arrisku askoz altuagoa dute gainerako herritarrek baino; krisi ekonomikoaren eta buru-osasunaren arteko harremanak norabide bikoitza du, hau da, krisiak osasunean eragin negatiboa izateaz gain, buru-osasunean barne, eremu horretako arazoek ondorio larriak dituzte Europako herrialdeetako garapen ekonomikoan.
Hori guztia dela eta, hiritarren buru-osasuna babestu beharra dago, batez ere krisi-garaietan, eta, horretarako, buru-osasuneko zerbitzuetarako irisgarritasuna hobetu, baliabideak jarri eta osasuneko profesionalak trebatu behar dira. Ildo horretatik erregistratutako aurrerapenetako batzuk IV.2 atalean jasotzen dira, Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo izeneko txosten bereziaren jarraipenari buruzkoan.
3.3. Eusko Jaurlaritzako Osasun Berrikuntzako Sailburuordetzak Euskadiko Hirugarren Sektoreko Batzorde Estrategikoa jarri du martxan 2012an. Euskadiko Eri Psikiko eta Senide Elkarteen Federakuntzak –FEDEAFES– bere hiru lan-taldeetan (Osasuna eta Bazterkeria, Ondorio Kronikoen Errehabilitazioa eta Ezgaitasuna) duen partaidetza, zalantzarik gabe, Sailak sustatutako jardunbide ona da, partaidetza indartzen du eta.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, erakundeak 2012. urtean zehar garatutako jarduera nagusiak deskribatuko ditugu:
4.1. Ofiziozko jarduerak
Pertsona interesduna bere borondatearen aurka barneratzearen ondorioz hainbat kexa-espediente tramitatu ditugunez, 2012ko otsailean ofiziozko espedientea ireki genuen, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean (PZL) egoera hauetarako aurreikusitako neurrien betearazpena aztertzeko.
Kasu guztietan, osasun-administrazioak, araudi horretan ezarritakoaren arabera, barneratze horren berri ematen zion auzitegi eskudunari, legez ezarritako hogeita lau orduko epearen barruan.
Kasu batzuetan, hala ere, neurri hori zuzentzeko adostutako gehienezko hirurogeita hamabi orduko epea luzatzen zuten epaileek. Ondorioz, gaia organo eskudunetara bideratu zen, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Aretora. Bi instantziek informazio-eginbideak hasteko erabakia hartu zuten.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Gobernu Aretoak emandako informazioaren arabera, neurri egokiak ezarri dira, legezko epeak kasu guztietan errespetatu daitezen.
Halaber, pertsonak egoera horietan dagozkien eskubideen jakitun ote ziren eta gure osasun-administrazioak hori behar bezala sustatzen ote zuen aztertu genuen.
Aztertutako kasuen ondorioz piztu zaizkigun zalantzak kontuan hartuta eta zalantza horiek Osakidetzako Buru Osasuneko Sareko profesionalekin egiaztatu ondoren, beharrezkoa iruditzen zaigu borondatearen aurkako ospitalizazioei buruzko protokoloetan neurri egokiak sartzea, gaixoek benetan eta ondo ezagutu ditzaten PZLren arabera dagozkien eskubideak (ulertzeko moduan idatzitako formularioak, osasun-langilearen nahitaezko sinadura, eta abar).
4.2. Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo izeneko txosten bereziaren jarraipena
4.2.1. Osasun-sareko baliabideen egoera buru-osasunaren alorrean 2012. urtearen amaieran (2010 eta 2011ko datuak ere sartu ditugu, bilakaera aztertu ahal izateko).
Iturria: Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza.
(1) BOZ eta H-GBOZ; bertan, non toxikomaniak, Elikadura Jokabidearen Arazoak berariaz jorratzen dituzten taldeak eta Lehenengo Gertakari Psikotikoak lantzen dituztenak ere sartzen dira.
(2) Bai Ospitale Orokorretan, bai Ospitale Psikiatrikoetan OLU eta Haur eta Gazteen Ospitaletan H-GOLU.
(3) Izen desberdinekin. Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira.
(4) Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira.
(5) Parentesi artean, plaza-kopurua.
Eguneko Ospitaletan 21 plaza igo dira eta egonaldi luzeko unitateetan 10 plaza ezabatu.
2012ko urrian Haur eta Gazteen Egonaldi Ertaineko Unitate bat jarri da martxan Arabako Buru Osasuneko Sarean eta lurraldez gaindiko izaera dauka.
4.2.2. Desinstituzionalizazio-prozesuari dagokionez, 2010eko urritik 2012ko urrira arte, Bizkaiko Buru Osasuneko Sareak 420tik 313ra murriztu du ospitale psikiatrikoetan dauden egonaldi luzeko ohe-kopurua (egonaldi luzeko egoitza-plazak). Aldi horretan, errehabilitazio-programetarako ohe bihurtu dira 90 egoitza-ohe. 2012ko urtarrilaren eta urriaren artean 9 ohe itxi dira Bermeo eta Zaldibarko ospitaletan.
Gipuzkoan, Osasuneko Lurralde Zuzendaritzak ohe-kopuru jakin baterako programa espezifikoak dauzkan bi programa garatu ditu Aita Menni ospitalean, egonaldi luzeko oheak murriztu asmoz. Gipuzkoan 2012an irekitako miniegoitzetako 35 plaza berrietatik % 65 inguru egonaldi luzeetarako ospitaleratutako gaixoentzat izan ziren.
4.2.3. Ospitaleetatik kanpoko egoitza-egiturei dagokienez, Osakidetzak 2011n emandako informazioaren arabera, tutoretzapeko pisuetako eta ikuskatutako pisuetako plaza-kopurua 468koa zen. 2012an emandako datuaren arabera, 332 plaza daude orain. 2011n miniegoitzetako plaza-kopurua 90koa zen; 2012an, aldiz, 136 plaza erregistratu ziren. 2011n erkidego terapeutikoetako plaza-kopurua 30koa zela jakinarazi zitzaigun. 2012an, bestetik, 449 plaza egon dira eguneko ospitale eta erkidegoetan. Hala ere, iritsi zaigun azken datu hori ez dagoenez banakatuta, ezin dugu ondoriorik atera.
Aurten lankidetza-hitzarmena sinatu dute Osasun Sailak, Bilboko Udaleko Udal Etxebizitzek, AVIFES elkarteak eta Bizkaiko Buru Osasuneko Sareak, buruko arazo larriak (BAL) dituzten pertsonek gizarte-alokairuko etxebizitza normalizatua eskura dezaten. Gure aburuz, era honetako akordioak eredugarriak eta ezinbestekoak dira.
4.2.4. Iaz, Bizkaiko eta Arabako asertibotasunerako erkidegoko tratamendu-programen ezarpenari buruz mintzatu ginen. Ez genekien Gipuzkoan halako egiturarik zegoenik. Aurten jakinarazi digutenez, hala eta guztiz, antzeko irizpideak dituen programa bat garatzen ari dira Donostia inguruan. Halaber, Borondatearen Aurkako Tratamendu Anbulatorioaren programa bat ere badago, buruko arazo larria (BAL) duen gaixoa bere ingurunean mantentzearen alde. Bestetik, Eskizofrenia Prozesu Bereizia ere badute, esku-hartze intentsibo eta guzti. BAL duten 320 gaixok jasotzen dituzte programa hauen onurak, kontrol intentsiboagoa eta erkidegoko eta etxeko jarduerak dituztela.
4.2.5. Aurten Osakidetza profesionalei eta gaixo eta senideei zuzendutako agiriak batu eta aztertzen aritu da eta, gure ustez, egindako lana oso erabilgarria izan daiteke. Lana lau karpetatan antolatu da (BOZ guztietan erabiltzeko agiri orokorrak; baimen informatuak preskribatzaileek gaixo helduei entrega diezazkieten; Tratamenduei buruzko informazio-gidak, preskribatzaileek erabil ditzaten eta Patologia eta tratamenduei buruzko gidak, gaixo helduei entregatzeko).
4.2.6. Arabako Ospitale Psikiatrikoan dimentsio bikainak dituen eta aire zabalean dagoen berdegune baten sorrera sustatzeko gauzatutako jarduerei dagokienez, Osakidetzak zera jakinarazi digu, honezkero badaukala arkitektura-proiektua, obretako lizentzia-eskaera tramitatu duela eta berau eskuratzean obra hasteko moduan egongo dela. Albiste bikaina da eta aurreikuspenak ahalik eta arinen gauzatzea espero dugu.
4.3. Azterlanak
Arartekoak honako izenburuko azterlana eman du argitara: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak. Bertan, talde bereziki ahul horien buru-osasuna artatu eta babestearen arloan euskal herri-administrazioek azken urteotan egin duten ahalegin handia aitortu du. Aldi berean, ekimen berriak, garapen handiagoak edo hobekuntzak behar dituzten gaiak nabarmendu dira, dagozkien gomendioak egin ahala.
4.4. Elkarteekin egindako bilerak
4.4.1. Erakunde honek Euskadiko Eri Psikiko eta Senide Elkarteen Federakuntzarekin (FEDEAFES) duen harremanari esker, talde honek gaur egun dauzkan kezka nagusiak ezagutzeko beta izan dugu. Horrez gain, gure euskal herri-administrazioek talde honi ematen dioten arretan antzemandako gabeziak ere azaldu dizkigute:
4.4.2. Iaz OME-Osasun Mentalaren Elkartearekin (Asociación de Salud Mental y Psiquiatría Comunitaria) hasitako lankidetza-dinamika mantendu dugu aurten. Dinamika honi esker, psikiatrikoko talde profesional honen ekarpenak dauzkagu. Buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen eskubideen aldeko jarrera eta profesionaltasuna bikainak dira. Halaber, Osakidetzako Buru Osasuneko Sarean lan egiten duten profesionalak direnez, talde honi ematen zaion arretari buruzko datu gehiago helarazten dizkigute. Jarraian, planteatutako gai batzuei buruz duten ikuspegia azpimarratuko dugu:
4.4.3. Aurten lankidetza-dinamika hasi dugu ASVAR elkartearekin (Birgaiketa Psikosozialaren Euskal Elkartea) eta Arabako Buru Osasuneko Sareko hainbat profesionalekin. Aurreko kasuan bezala, psikiatria, psikologia eta gizarte-laneko profesionalen lankidetza edukitik eta euren profesionaltasuna eta aurreranzko jarrera nabarmena izanik, gure esku-hartzea are egokiagoa bihurtzen da. Halaber, Osakidetzako Buru Osasuneko Sarean lan egiten duten profesionalak direnez, talde honi ematen zaion arretari buruzko informazioa aberasten digute.
Aurreko atalean adierazitako eta OMEk egindako balorazioekin bat datoz eta beste gai batzuei buruz duten ikuspegia adierazi digute:
4.5. Beste jarduera batzuk
4.5.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVII. Jardunaldiak Zaragozan ospatu ziren 2012ko ekainaren 19 eta 20an eta Buru-gaixoen babesa izan zuten hizpide.
Lan-saioetako lehenengoa Madrilen egin zen otsailaren 9an eta herriaren defendatzaileak koordinatu zuen. Bertan, burutik gaixo dauden pertsonen tratamendu penal, prozesal eta penitentziarioa jorratu zen eta horren gaineko adostasun-agiria sortu zen.
Bigarrena Sevillan izan zen martxoaren 15ean eta Andaluziako herriaren defendatzaileak koordinatu zuen. Bertan, Buru-osasunaren eremuko borondatearen aurkako tratamenduak ikuspuntu juridikotik aztertu ziren eta ateratako ondorioak bigarren agiri batean islatu ziren, defendatzaile guztiek onartu ondoren.
Hirugarren lan-saioa gazte eta helduen talde bereziei buruzkoa izan zen eta Arartekoak koordinatu zuen Gasteizen, martxoaren 23an. Adostasun-agirian estatu-mailako egoeraren diagnostikoa, gaiari buruzko ondorioak eta defentsa-erakundeek eginiko gomendioak jaso dira.
Lan-saio hauei esker, batetik, defentsa-erakundeek pertsona hauen eskubideen alde egiten duten lana sustatzeko tresnak trukatu, gaiari buruz hausnartu eta ezagutza partekatu daiteke, eta, bestetik, herri-administrazioei zuzendutako ondorio eta gomendioak onar daitezke.
4.5.2. Urriaren 11n Arartekoak ARGIA fundazioaren III. Jardunaldi Teknikoetan parte hartu zuen (fundazio honen helburua buruko gaitz kronikoak eta nahasmendu psikikoak dituzten pertsonen prebentzio, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratzeko laguntza-jarduerak eta zerbitzuak martxan jartzea da) eta buruko nahasmendu larriak dituzten pertsonek ospitaletik kanpoko baliabideetan duten arretari buruzko hitzaldia (Atención en recursos comunitarios a las personas que sufren Trastorno Mental Grave) eman zuen. Erakunde honek 2000. urtean Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo izeneko txosten berezia argitaratu zuenetik BAL daukaten pertsonei emandako arretak erregistratu duen bilakaera aztertu dugu.
4.5.3. Arartekoa agente giltzarrietako bat izan zen Egoeraren diagnostikoari eta jarduera-proposamenei buruzko Mintegian. FEDEAFES-ek azaroaren 9an antolatutako mintegi honetan burutik gaixo dauden pertsonen gizarte-estigmaren errealitatea izan zen hizpide.
4.5.4. Plataforma de Organizaciones de Infancia delakoak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena Ezartzeak Espainian izan duen Bilakaera Aztertzeko Jardunaldiak antolatu zituen abenduaren 3 eta 4an eta Arartekoak bertan parte hartu zuen, honako hitzaldiarekin: Un breve recorrido por la atención a la salud mental de la infancia y adolescencia en la CAPV desde la perspectiva del Ararteko (EAEn haur eta nerabeen buru-osasunari ematen zaion arretaren ibilbide laburra Arartekoaren ikuspegitik).
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Burutik gaixo dauden pertsonak nahiko talde ahula dira eta zailtasun handiagoak dituzte baliabide publikoak eskuratzeko orduan. Hala ere, beren erkidegoan eskubide osoa duten kideak dira eta, ondorioz, agintari publikoek beren eskubideak benetan betetzen dira ahalbidetzeko baldintzak bermatu behar dituzte.
Horretarako, talde honen aldeko jardueran sartuko dira pertsona horiek erkidegoan benetan integratzeko alderdi guztiak: ostatua, hezkuntza, enplegua, nahikotasun ekonomikoa, estigmaren ezabapena, partaidetza eta abar.
5.2. Azken urteetan aurrerapenak nabarmenak izan diren arren, erakundeek ez diete babesik edo babes nahikorik ematen buru-osasunaren eremuan errehabilitaziorako bitarteko egiturei (eguneko ospitaleak/zentroak; ostatu emateko baliabideak, ikuskapen-maila desberdinarekin; lanerako ikastegiak; erkidego terapeutikoak; gizarte-klubak eta errehabilitazio psikosozialeko baliabideak). Azken urteotan nabarmendu dugun gaia da hau eta halaxe jaso dugu IV.2 puntuan deskribatzen den azterlanean.
Gabezia hori eragozpen larria da buru-osasuneko zentroetan edo egonaldi laburreko ospitalizazio-unitateetan egindako esku-hartzeak osatzeko; arreta psikiatrikoko programen ezarpen egokia bermatzeko (etxerik gabeko pertsonei zuzendutako programak, adibidez) edo desinstituzionalizazio-prozesuak garatzeko.
Arazo horri aurre egiteko, beraz, premiazkoa da administrazio desberdinen (osasuna, gizarte-zerbitzuak eta etxebizitza) arteko akordioak sustatuko dituzten ekimenak sustatzea, autonomia-erkidegoak, aldundiak eta udalak inplikatuta egongo direlarik.
5.3. Mendetasun-balorazioen emaitzarekiko desadostasunei buruzko kexak nabarmen igo dira eta burutik gaixo dauden pertsonengan erregistratutako beheranzko berrikuspenak asko izan dira, batez ere Araban. Hori dela eta, oso kezkatuta gaude, are gehiago kontuan hartzen badugu Buru Osasuneko Sare Publikoko osasuneko eta gizarte-laneko profesionalek (gure informazioa egiaztatzen laguntzen digutenek) mailaketa ulergaitzak ikusten dituztela baloratutako pertsonak babestu eta ikuskatzeko beharrizana gogoan izanda.
Arabako foru-erakundeak adierazi duenez, mendetasuna baloratzeko baremo estatal berria behar bezala aplikatu da kasu guztietan eta, bere ustez, baremo horrek “aurreko balorazio-tresnaren disfuntzio nabarmenak zuzentzen ditu, mendetasun-egoeraren azterketa pertsona baloratuen errealitatera gehiago eta hobeto egokituz”.
Premiazkoa iruditzen zaigu ukitutako administrazioek berriz plantea ditzatela (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruzko Dekretua argitaratzeari begira) buru-osasuneko arazoak dauzkaten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak eskuratzeko baldintzak. Izan ere, mendetasun-mailaketa jakin bat eskatuz gero, arretarik gabeko egoera baten aurrean aurki gaitezke eta ez genuke halakorik nahi. Horren harira, prestazio eta zerbitzu horiek eskuratzeko aukera mendetasun-arriskuaren egoeraren araberakoa izan beharko litzateke. Hala, fidagarritzat jotzen den tresnak baloratu beharko luke egoera hori. Edonola ere, tresna horren bitartez behar bezala baloratu beharko lirateke mendetasun-arriskuaren egoera guztiak, eta buruko gaitzaren ondoriozkoak bereziki, norberaren autonomiarekin, partaidetzarekin eta komunikazioarekin lotutako dimentsio berriak sartuz.
5.4. Ezarritako tratamendu farmakologikoarekin edo helburu terapeutikoetarako ezarritako beste neurri murriztaile batzuekin ados ez daudela azaltzen diguten kexak jasotzen jarraitzen dugu. Gai tekniko eta medikoak dira, eta, horrenbestez, horiek baloratzea ez da erakunde honen zeregina; hala ere, kasu hauetan, hainbat jarduera gauzatu ditugu pertsonari gaixoa den aldetik dagozkion eskubideak tratamendu horretan errespetatzen direla egiaztatzeko edo bigarren iritzi medikoa eskatzeko aukera jakinarazteko, Euskadiko Osasun Sisteman bigarren iritzi medikorako eskubidearen betearazpena arautzen duen irailaren 18ko 149/2007 Dekretuaren arabera.
Halaber, kasu hauetan zera antzeman dugu, batetik, Osakidetzako Buru Osasuneko Sareko psikiatria-adituek harmen handia erakutsi dutela eta, bestetik, beren aginduak gaixoaren behar eta eskarien arabera egokitzeko prestutasun bikaina daukatela.
Era honetako egoerek agerian uzte dute benetan erabilgarriak direla Arabako Buru Osasuneko Sareko Buru Osasuneko Laguntza Etikaren Batzordearen eta praktika klinikoko giden gomendioak; gainera, baimen jakinaraziaren garrantzia azpimarratzen da, baita Arabako Buru Osasuneko Sareak gaixoaren askatasuna mugatzen duten neurriei buruz egin eta eguneratu dituen protokoloak aplikatzearen beharrizana ere, aipatutako batzordearen oniritzia dutelarik.
5.5. Koordinazio soziosanitarioan hutsuneak antzeman ditugu eta zuzendu egin behar dira, bereziki Arabako lurraldean eta estigma ezabatzearen aldeko jardueretan (EAE osoan).
5.6. Arabako Foru Aldundiak Ospitale Psikiatrikoko gaixoak desinstituzionalizatzeko lanak gauzatu behar ditu.
5.7. Buru-osasunaren arretan eta sustapenean kulturaz gaindiko ikuspegia sartu behar da. Egun hizkuntzak itzultzeko dauden baliabideek (telefono bidezko zerbitzuak) ez dute bermatzen, gure ustez, arreta egoki eta integrala. Hori horrela, errekuperaziorako itun terapeutikoa funtsezkoa den kasu hauetan kultura-bitartekari bat egon beharko litzateke presente, elkarri ondo ulertzen diotela bermatzeko.
6. Espetxeratuak
Aurrekariak
Espetxeratutako pertsonen bizi-baldintzek etengabe kezkatzen dute Arartekoa. Askatasunik ez izatea ez litzateke zaurgarritasun berezirako arrazoia izan behar, askatasunik izan ez arren, eskubide guztiak normaltasun osoz izan beharko bailituzkete eta gizarteko onura guztiak eskura izan, beraien epaietan berariaz mugatu ez bazaizkie. Gure espetxeetako errealitateak, ordea, eskubide horiek izateko mota guztietako zailtasunak aurkitzen dituztela erakusten digu.
Gai honetan ez dugu administrazioaren jarduera aztertzeko eskumenik, Estatu zentralaren eskumena baita. Baina espetxean dauden pertsonen gainerako eskubide guztiak direla eta hartu dezakegu parte, erkidegoko, aldundiko eta tokiko administrazioek eskaintzen edo kudeatzen dituzten zerbitzuen eta ekimenen mende baldin badago eskubide horien eraginkortasuna. Osasunaz, garraioaz, trebakuntza programez, gizarte ongizateaz eta lan munduan sartzeaz ari gara, funtsean.
Bestalde, erakunde honek beti uste izan du bere egitekoa dela egungo zigor-sistemari buruzko hausnarketa bultzatzea, legeak ematen dion giza eskubideen kultura hedatzeko zeregina beteaz. Zentzu honetan, gure zeregina da Eusko Legebiltzarrari eta gizarte osoari gure espetxeetan dauden pertsonen egoeraren berri ematea, askatasuna kentzeak dituen egiazko ondorioen berri emateaz gain. Hori guztia lerro estrategiko hauen bidez egiten den parte hartzearekin:
1. Kexarik aipagarrienak
Ez zaigu garrantzitsua iruditu espetxeratutako pertsonek bidalitako kexen atal estatistiko bat egitea, gehienetan Eusko Jaurlaritzari eskuordetu ez zaizkion gaiei buruzkoak izan baitira: trasladoak, zigorrak, destinoak, graduan erregresioak, espetxeko abantailak eta familiakoen bisitak ukatu, baita beste autonomia erkidego batzuetan dauden zentroetako espetxeen osasungintzari lotutako arazoak ere. Dena dela, Defentsa Erakunde honek erreklamazio batek oinarriak dituela ikusten dugun bakoitzean, erreklamazioa aurkeztu duenari gure esku dagoen laguntza guztia eskaintzen diogu, eskumenen ondorioz erreklamazioa formalki tramitatzeko aukera egon ala ez. Aurten ere hala egin dugu, batez ere bi mailatan burutu ditugun borondate onezko kudeaketen bidez:
Espetxe-zaintzako Epaitegiaren lankidetza ere izan dugu eta Bilboko eta Donostiako Zigor Arloko Betearazpenenak ere bai, Estatu osoko zenbait erregistro zibilena izateaz gain, kondenen likidazio kalkuluei buruzko arazoak konpontzeko, segurtasun neurriak betetzeko eta espetxean dauden pertsonen seme-alaben jaiotzei erregistroan izena emateko. Azkenik, euskal administrazioek espetxe eremuan eskaintzen dituzten zerbitzuei buruz herritarrek aurkeztutako kexengatik ere hartu dugu parte, jarraian aurkezten dugun kasuan bezala:
Espetxez kanpo ospitale arreta jasotzen duten presoak zaintzeko irizpideak, intimitaterako duten eskubidea zaindu dadin
Salatutako egoera: Martutenen preso dagoen emakume baten abokatua etorri zen erakunde honetara; emakumeak minbiziaren aurkako tratamendua behar du eta horren ondorioz ezinbestekoa da ospitalera nahiko sarri eramatea. Erreklamaziogileak dio, horrelakoetan berak defendatzen duenaren intimitaterako eskubidean eraginak egoten zirela, segurtasun arrazoiengatik polizia-agente baten begiradapean egon beharra baitauka bi une eta espazio jakinetan: medikuak artatu aurretik eranztean eta onkologiako zerbitzuek aztertzen duten bitartean. Adierazten zuen, programatutako probak eta azterketak egiteari uko egin ziola duintasunagatik, polizia indarrak horrela jokatuko zuela azpimarratu zuen aldietan –nahiz eta beti ez gertatu–.
Erreklamazioak aipatzen zuen mota honetako azken gorabehera 2012ko maiatzean gertatu zen; Donostia Ospitalera eraman zuten egun horretan mamografia bat eta toraxeko plaka bat egin behar zizkiotelako eta biei uko egitea erabaki zuen aipaturiko arrazoiagatik.
Arartekoaren parte hartzea: Adierazitakoa kontrastatu asmoz, Osakidetzaren, espetxeko Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren lankidetza eskatu genuen. Azkeneko honi, gainera, irizpide jurisprudentzial batzuk helarazi genizkion gure iritziz irizpide horiek uztartu egiten baitzituzten espetxeratuaren intimitaterako eskubidea eta polizia indarrak pertsona hori zaintzeko betebeharra; etorkizunean ezartzeko zuen asmoaz berri emateko ere adierazi genion.
Bai Osakidetzak bai espetxeko Zuzendaritzak baieztatu ziguten presoak kontrol neurri horiekiko desadostasuna azaldu zuela eta horren ondorioz uko egin ziola egun horretan zeuzkan probak egiteari, kexan aipatu bezala. Herrizaingo Sailak, aldiz, erakunde honi jakinarazi zion gaixoa ez zela zaintzaz kexatu, inolako probari ez ziola uko egin eta egun horretarako ez zuelako probarik programatuta. Adierazi zuen kontsulta bat besterik ez zuela eta hura normaltasun osoz egin zela agente baten presentziarekin, agenteak ezin baitzuen espetxeratua begien bistatik galdu.
Erantzun hori zela eta, Arartekoak 2012ko irailaren 18ko Ebazpena eman zuen. Osakidetzak eta Herrizaingo Sailak emandako bertsioen arteko kontraesana argitu beharra adierazi ondoren, Herrizaingo Sailari esan genion espetxez kanpoko osasun arreta jasotzen duten presoen zaintza Auzitegi Konstituzionalak eta espetxe zaintzako jurisprudentziak arlo honetan ezarritako irizpideetara egokitu behar dela. Ondorioz, gomendatu genion horiek ezarri eta indar poliziala oro har arropak erantzi behar dituen edo artatu behar duten tokietatik kanpo egon behar dela, zaintzeko dauden agenteek kontsulta, probak edo tratamendua nola garatu den ikusi edota entzun gabe.
Emaitza: Osakidetzari ere igorri genizkion gure gomendioak eta onartu zituen, lehen esandakoak berretsi ondoren. Baina ez zuen halakorik egin Herrizaingo Sailak, eta adierazi genion kontraesana ere ez zuen argitu. Dena dela, kexa eragin zuen jokaera ez zen berriro errepikatu espetxeratutako pertsona hau Arartekoaren parte hartzearen ondoren Ospitalera eraman zen aldietan.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Espetxeetako errealitatea eta politika kriminala
Aurrekoetan ez bezala, berri ematen ari garen urte honetan ez da arlo honetan arauen alorrean nabarmentzeko berrikuntzarik egon. Egin dira, ordea, espetxe sistemaren eta hori testuinguratzen duen politika kriminalaren arteko erlazioari buruzko azterketak eta Arartekoak Eusko Legebiltzarrean gai honi buruz aurkezten dituen balorazioak nabarmentzen ditu. Horien artean Realidad y Política Penitenciarias izeneko txostena nabarmentzen da, Observatorio de la Delincuencia del Instituto Andaluz Interuniversitario de Criminología delakoak argitaratua. Balorazio horiekin bat dator Justícia i Pau erakundeak azaroan egindakoa eta erakunde hau gai honetan erreferentziazkoa dela uste dugu. Bertako zuzendariaren esanetan, azken 15 urteetan Espainian egindako politika kriminalaren ondorioz, egoera paradoxikoa dugu eta horren berri eman genion gure azken txostenean Legebiltzarrari: gure herrialdean zigor sistema gogorra aukeratu da, europar herrialdeetako batez bestekoa baino kondena handiagoekin, eta ondorioz, Europa mendebaldeko beste edozein herrialdetan baino espetxeratze tasa handiagoak daude, delinkuentzia tasak askoz txikiagoak diren arren.
Era berean, iritzia eratzen duten instantzia askotan nagusi den populismo zigortzailea salatu zuen; horrek proiekzio mediatikoa duten gizarte arazo batzuei aurre egiteko zigorra eskatzen baitu berehala eta etengabe. Joera horretaz ohartarazi zuen Estatuko Fiskal Nagusiak 2012ko urte judiziala ireki zenean, eta hitz hauek erabili zituen: “La lección que nos suministran la ciencia del derecho y la criminología es que el Derecho Penal no soluciona problemas, simplemente sale al paso de conflictos insolubles en otras instancias mediante el empleo de la forma más extrema de coerción legítima, la pena. Reflexionemos sobre ello cada v
ez que se aborde una reforma, pues no siempre el incremento lineal de las penas retorna a la sociedad el rédito de una disminución equivalente de la criminalidad”.
Hausnarketa hau azpimarratu nahi izan dugu, Defentsa Erakunde honek gai honetan defendatzen duen tesiarekin bat etortzeaz gain, ez baitirudi Ministro Kontseiluak 2012ko urrian onartutako Zigor Kodea Berritzeko aurreproiektuaren espiritua eta edukia hausnarketa honekin bat datozenik. Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak horri buruz egindako txosten kritikoaz gain, aipatu dugun politika kriminalari lotuta dago erreforma, hau da, zigorrak nabarmen gogortzen ditu eta zigorrak eta segurtasun neurriak ezartzeko sistema funtsean aldatu egiten du; ondorioz, gizartearen kontrol handiagoa ezartzen du, arriskugarritasun nozioak hartzen duen protagonismoaren ondorioz, Estatuaren ius puniendoren oinarria baita.
2.2. Gizarte ekimenen sarea, arriskuan
Ongizate estatuaren egitura garrantzitsuak kentzeak ondorio bereziki larriak izan ditu behartsuenengan; bada, eragin hori suntsigarria izan da espetxean daudelako gizarte bazterketaren mailarik handiena jasotzen dutenen artean. Gizarteratzeko programetan izandako eraginak eta gizarteko gatazken kudeaketarako egiten den espetxearen erabilera mutur banatan daude. Are gehiago, esan beharra dago krisiaren ondorioz gure espetxeei zigortzeko eta delituari aurrea hartzeko emandako zereginak agerian geratu direla eta argi geratu dela zer kontraesan dagoen gure zigor sistemaren erretorika errehabilitatzailearen eta praktikan eragiten duen desgizarteratzearen artean.
Kontraesan honek are eta handiagoa dirudi gizarte ekimeneko erakundeei euren lana bi zentzutan zailtzen bazaie, nahiz eta erakunde hauek zigortutako edota espetxeratutako pertsonei zuzendutako gizarteratze prozesuak erabili. Bi zentzu hauetan zailtzen zaie lana:
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Bilerak elkarteekin
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu espetxean dauden pertsonen gizarteratzean lana egiten duten gizarte ekimeneko erakundeekin, baita hiru Abokatu Elkargoetako Espetxeetako Laguntza Txandako abokatu arduradunekin ere.
Urtero egiten ditugu topaketa hauek eta bai batzuk bai besteok burutzen ditugun jarduerez elkar informatzeko espazio egonkorra izaten da, gure parte hartzea eskatzen duten berariazko kasuak direla eta urtean zehar izaten ditugun harremanak alde batera utzita. Bestalde, adierazten dizkiguten arrazoi kezkagarrien bidez, bertatik bertara ezagutu dezakegu gure espetxeetako egoeraren eboluzioa. Txosten honetan aipaturikoez gain, aurten beste hauek azpimarratu beharra dago:
3.2. Administrazioekin bilerak
Euskal Administrazioa
Urtean zehar Justizia Sailburuordetzarekin zigor burutzapen arloan –besteak beste– izan dugun etengabeko harremanaz gain, Osasun Saileko Drogamenpekotasunen Zuzendaritzak deitutako Batzorde Juridiko eta Espetxeetakoan parte hartu dugu. Gure Autonomia Estatutuak espetxeen arloan aurreikusten duen eskumenen eskualdaketaren alde egiten jarraitu dugu; prozesu horrek Euskal Administrazioari gaitasuna eman behar dio bi alor handitan erabakiak hartzeko, eta gure iritziz bi alor horiek gai honetako politika koherentea modu autonomoan garatzeko aukerak baldintzatzen dituzte:
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saila ados zegoen bi gai horiek aztertu behar izateaz, baina ezin zen albo batera utzi Barne Ministerioarekin gai honetan sinatutako hitzarmenetan akordio hau sartzea komenigarria izango zela. Dena dela, kontuan izan behar da hauek aipaturiko lehenengo puntuan jasotako alderdiak kontuak ez hartzeak ez duela inolako traba izan behar sartu diren alderdietan lankidetzan jarraitu ahal izateko: askatasuna kentzen ez duten zigorrak burutzeko (erkidegoaren mesederako lanak), betearazpena eten bada edo askatasuna kentzen duten zigorrak ordezkatu badira judizialki ezarritako jokaera arauak kudeatu, gainbegiratu eta kontrolatzeko eta presoak gizarteratu eta lan munduan sartzeko. Erakunde hau errealitatearen printzipio honen alde aritu izan da historikoki, eta ondorioz, bat gatoz. Ondorioen atalean, ordea, alor hauetan hobetu daitezkeen alorrak aipatuko ditugu, izan duten garapen praktikoaren arabera.
Barne Ministerioa
Kexen kudeaketa atalean aipaturiko lankidetzaz gain, Espetxe Erakundeen idazkari nagusiarekin elkartu gara eta gai hauei buruz aritu gara lanean:
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Erakunde honek beti defendatu izan du bere Autonomia Estatutuan dagoen espetxe arloko eskumenak Euskadik bere egitea oso egokia dela. Estatuak eskumen horiek eskualdatzea atzeratu egin du urtez urte. EAEko hiru kartzelen titulartasuna Eusko Jaurlaritzak hartuta kudeaketa baldintzak eta presoen eskubideak bermatzeko sistema hobetu egin daitezkeela uste dugu. Horretarako, erakunde honek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako azken bi txostenetako terminoetan prozesu honek jarraitu beharreko irizpideak errepikatu beharra dagoelakoan gaude. Azken finean, euskal gizartea egingo da bere izenean Estatuak espetxe parte hartzeaz egiten duen erabileraren erantzule, horren ondorioak ezagutuko ditu eta gizarte justiziaren parametroetatik onartezinak iruditzen bazaizkio, bere espetxe ereduaren diseinua eta kudeaketa sustatu beharko du; zigorra burutzeko sistema horrek ez du bazterkeria areagotu beharko eta gure espetxeetan dauden pertsona gehienak delinkuentziara eramaten dituen faktoreak ez ditu kroniko bihurtuko.
4.2. Historikoki printzipio hauek gidatu dute euskal elkarte sareak alor honetan egindako lana. Erakunde hauek modu egituratuan eta gizarteari hitza emanda burutzen duten lanaren ezaugarriak ekimena, aniztasuna, koordinazioa eta kalitatea dira. Horri esker, bai espetxeek bai euskal epaitegiek gizarte baliabideen euskarri fidagarria izan dute, espetxearen ordezko alternatibak betetzeko eta tratatzeko, legeak ahalbideratzen dituen formulak erabilita.
Baina informatzen ari garen urte honetan programekin jarraitu ahal izateko zailtasunak hazi egin zaizkie erakunde hauei. Jarraian daude laburtuta, denetan parte hartzea beharrezkoa izango dela uste baitugu, horien mende baitago gaur egun askatasuna kentzen duten zigorren ordezkoak ezartzen jarraitzeko aukera egotea. Horiek desagertzea onartezina izango litzateke justiziaren parametroetatik, espedienteen eta epaiketa prozesuen pilaketa areagotu egingo litzateke, preso kopuruak gora egingo luke eta zigortuta eta preso dauden pertsonen egoerak okerrera egingo luke:
4.3. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak meritu handiko lana egin du erkidegoaren mesederako lanen kudeaketan. Era berean, azpimarratzekoa da tratu txarrak ematen dituztenak errehabilitatzeko eta bide segurtasunean berriro hezteko programak finkatu egin direla.
Dena dela, ordezkatu dituen zerbitzuak desagertzeak –Atxilotuari Laguntza eta Orientazioa emateko Zerbitzuak (ALOZ) eta Birgizarteratzekoak (BLZ)– balorazio negatiboa izan du eragile juridiko guztien aldetik, gure aurreko txostenean adierazitako terminoetan ohartarazten baitzuten ondorioez.
Honi buruz epaileei, idazkari judizialei eta gizarte ekimeneko erakundeei iritzia eskatu diegu eta denak bat datoz zerbitzuak bateratzen zituen prestazio bat galdu dela esatean, bai arlo prozesalean bai hortik kanpo; ohiko zigortutako taldeentzako bergizarteratzeko irtenbideak eta itxaropenak ematen zituen eta oso errazten zuen erantzun beharreko prebentzio xede bereziei erantzuteko zigorrak eta segurtasun neurriak betetzea. Ondorioz, azpimarratu beharra daukagu desagertze hori berriro pentsatu beharrekoa dela, ez soilik goian aipaturiko txostenean adierazitako arrazoiengatik, baizik eta zigor betearazpenen garrantziari buruzko hausnarketa sakonen arloan ere bai:
4.4. Informatzen ari garen urte honetan, Arartekoak hainbat forotan egin ditu terrorismo delituei buruzko zigor eta espetxe tratamenduari buruko adierazpenak. Berriro ere gure eskaria egin beharra daukagu preso dauden pertsona guztiek euren jatorrizko tokietatik gertu dauden espetxeetan bete dezaten kondena, horrela helburu hirukoitza beteko baita: beraien gizarteratzea mesedetuko da, antolamendu juridikoak eskatzen duen bezala; zigortuen gizarte deserrotzea saihestuko da, gizarteko loturak mesedetuaz; eta urruntzeak familiako eta adiskideentzat dituen eragin negatiboak, gastuak eta arriskuak amaituko dira, ezin baitira inondik eta inora justifikatu eta erabat saihesgarriak dira egungo egoeran. Bestalde, behin eta berriro eskatu dugu espetxeetako administrazioak preso dauden gaixo larriak eta sendaezinak espetxetik irtetea aurreikusten duten legezko arauak errazago ezartzeko bideak jarri beharko lituzkeela. Eta azpimarratu beharra daukagu, talde eta delitu terroristei buruzko xedapen bereziak kendu beharra dagoela, hirugarren maila eta baldintzapeko askatasuna ematea galarazten badute.
4.5. Espetxez kanpoko ospitale arreta jasotzen duten presoen zaintza dela eta, euren intimitatea errespetatu behar dute zaintzaren kargu diren indar polizialek, oro har, preso dauden pertsonak erantziko diren edo artatuko dituzten espazioetatik kanpo egon behar dute, zaintza lanak egiten ari diren agenteek kontsultaren, proben edo tratamenduaren garapena ikusi edo entzun ez dezaten. Hori guztia fakultatiboek berariazko babesa eskatzen ez badute edo behar hori ezinbestekoa ez bada arrisku egoera berezirik ez dagoelako; horrelakoetan, arrazoiz azaldu beharko da zergatia eta Espetxe Zaintzako Epaitegi batek baloratu eta onartu beharko ditu arrisku hori dela eta beharrezkoak diren eta eman behar diren neurriak.
Hizpide dugun urtean barrena, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez zuen erakunde honekin behar bezalako lankidetzarik izan hala gomendatzen duen ebazpena dela eta.
Onartzen duela berariaz adierazten ez duen arren, nahiz eta adierazteko eskatu zitzaion, ebazpena sortu zuen kasuan jokabide zuzena izan zuela berretsi du. Erantzun hau Legeak ezartzen duen lankidetzarekin bat ez datorrela uste izateko bi arrazoi ditugu:
vigilando gerta zitekeela dio, beharrezko segurtasun neurriak ez zirelako beteko. Tesi hau defendatzeko Ertzaintzaren zaintzapean zegoela bere buruaz beste egin zuen preso baten kasua aipatzen du, horrek Auzitegi Nagusiaren kondena ekarri zuen, bere zaintzan horrelako zerbait gertatzeko arriskua kontrolatzeko berariazko neurririk hartu ez zelako. Baina aipaturiko adibideak, zalantzan jarritako jokaera zuzendu ordez, Zuzenbidera ez dela egokitzen adierazten du. Izan ere, aipatzen den kondenaren oinarrian honakoa zegoen: Administrazioak ez zituela kontuan izan hildakoak norbere buruari kalte egiteko zuen arrisku larriaz zeuden datuak, datu ugari izan arren, bere buruaz beste egiteko saiakera guztiak ongi dokumentatuta egon arren. Hau da, Auzitegi Nagusiak kasu hartan Sailari aurpegiratzen ziona kasu honetan erakunde honek ohartarazitako akats bera izan zen: Atxilotutako pertsonari dagozkion neurriko zaintza neurriak ezartzerakoan, honen banako balorazioa ez zela behar bezalakoa izan. Alde bakarra dago, eskura zituzten datuen eta aurrekarien arabera, balorazio horren ondorioz Sailak Auzitegi Nagusiko kondena eragin zuen neurriak hartu behar izan zituela, aldiz, defentsa erakunde honen aurrean planteatu zen kasuan, preso zegoen pertsona honen arrisku maila zein txikia zen ikusi izango zuten.
4.6. Buruko gaixotasuna duten pertsonen ehuneko oso handia ari da askatasuna kentzen dien kondena espetxean betetzen, baina beraien patologien eta beharren arabera, ez lukete espetxean egon behar, baizik eta erkidegoko baliabide egokietan artatuta egon behar lukete, behar adina babes terapeutikorekin eta gizartearen babesarekin. Erkidegoko horrelako baliabiderik ez egotea errealitate larria da, erantzun politikoak, sozialak, medikoak eta kriminologikoak behar ditu. Egoera honen ondorioz hausnartu beharra daukagu, gaixo psikiatriko askok, bereziki baliabiderik gutxien dutenek eta zaurgarrienek, sistema juridiko-penitentziarioaz gain beste erantzunen bat izan dezaten, erkidegoan behar adinako arreta izan ez dutelako, eskubideak gaizki defendatu zaizkielako –diagnostiko edo auzitegiko medikuaren balorazio desegokia, baliabide terapeutikoak edo egoitzazkoak proposatzeko ezintasuna, defentsaren eraginkortasunik eza, etab.– edo behin espetxean egonda ezin delako edo oso zaila delako osasunagatik ateratzea, erkidegoan harrera egiteko behar bezalako baliabiderik ez dagoelako.
7. Gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak
Aurrekariak
Urteko txostenaren atal honetan bazterketa prozesuetan murgilduta dauden pertsonei erasaten dieten jarduketak jaso dira. Bazterketa prozesu horien zio nagusiak gizarte eta ekonomia desberdintasunak dira.
2011ko txostenean gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona kopurua handiarazten duten faktore enpleguaren suntsiketa aipatu bagenuen, 2012ri dagozkion datuak are etsigarriagoak dira.
Euskadik 169.083 langabe izan du 2012aren itxieran eta urteko azken hiruhilekoan langabezia tasa % 15,14 izan zen, 2011 amaierako % 12koaren aldean. (Iturria Lanbide)
Espainiar Estatuan, EUROSTATen 2012ko azaroko datuen arabera, langabezia tasa % 26,6 zen, 2011 amaierako % 22,5koaren aldean.
Hala, 2012ko pobreziari eta gizarte-desberdintasunei buruzko inkestak ohartarazi duenez, krisi ekonomikoak ohiko betebehar eta gastuei aurre egiteko familiek dituzten zailtasunak handiarazi ditu, 1996az geroztik ikusten ez zen bezala.
Paraleloki diru-sarrera urritasunari lotutako txirotasun eta behin-behinekotasun arrisku egoerak ugaritu dira, eta 2012an egiazko txirotasun eta behin-behinekotasun egoeren eta txirotasun ezkutuko moduen eragina handitu da.
Txosten horren arabera, ordea, krisiak ez ditu arriskuan jarri 2008 arteko aurrerapenak, eta 2012ko egiazko txirotasun eta behin-behinekotasun tasak 1986 eta 1996ko mailetatik urrun daude. Errealitate hori, neurri handi batean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarria eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (DBE/EPO/GLL) prestazio sistemaren eragin positiboari lotuta dago. Eragile horiekin –hala nola pentsio politikaren eragin onuragarria– batera, diru-sarrerak bermatzeko sistema horrek EAEko txirotasun eta bazterketa tasei Europar Batasuneko batez besteko zenbatekoen azpitik eusten lagundu du, eta Euskadi Europan desberdintasun mailarik txikiena duten gizarteen artean sendotu da. Horri dagokionez, EAE guztiz aldendu da Espainian nagusi den egoeratik.
Alegia, gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko dispositiboek are garrantzi handiagoa hartzen dute krisi orokorreko testuinguruan, ekonomia eta gizarte desberdintasunak areagotzen dituelako.
2012an, euren premia oinarrizkoenei aurre egiteko diru-sarrerarik ez duten pertsona kopuruak hazten jarraitu du.
PGDIren datuen arabera, EAEko diru-sarrerak bermatzeko sistema arriskupeko biztanleen % 72,6ri iritsi zitzaien, 2008ko % 63,6ren gainetik.
DBE/EPO/GLL sisteman sartutako pertsonaren bat duten etxeetako biztanleak 2008n baino % 60,5 gehiago dira; euskal biztanleen % 6,1 dira, 2008an % 3,9 ziren bitartean.
Hortik diru-sarrerak bermatzeko sistema kudeatzeko eredu bizkor, eraginkor eta, giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, nahikoa izateak daukan garrantzia, balizko erabiltzaileen babesa berma dezan.
Erakunde honek behin eta berriz errepikatu duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema gizarte kohesioko eta gizarte babeseko funtsezko faktorea da, eta bazterketa arriskua prebenitu, bazterketa pertsonak, sozial eta laboraleko egoerak arindu, eta herritarren eskubideen egiazko erabilerarako baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenen gizarteratzea eta laneratzea errazteko lan hain garrantzitsuari aurre egiteko behar diren baliabideak eta tresnak eman behar zaizkio.
Ikuspuntu horretatik, gai horretan 2011 amaieran Lanbideri eskumenak eskualdatzeak, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legea aldatu zuen azaroaren 24ko 4/2011 Legeko zioen azalpenaren beraren arabera, beste helburu batzuen artean, honakoa bilatu zuen: “prestazioak organismo bakar batek kudeatzeak gobernantza, eraginkortasun eta kontrolerako ematen dituen abantailak baliatzea eta, aldi berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari bere funtzionamendua hobetzeko egiazko aukerak ematea, prestazio ekonomikoen kudeaketak udal gizarte zerbitzuei, bereziki oinarrizko gizarte zerbitzuei, eragin dien lan-zama oso arinduz.
Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EPO) ezaugarriak dituzten prestazioen kudeaketa eredua eskuratu eta ezartzeari datxekion konplexutasuna ulertu arren, azpimarratu behar dugu, tamalez, legearen helburuak ez direla behar bezala bete. Zerbitzuen erabiltzaileen pertzepzioa eta erakunde honen ikuspuntua bat datoz esateko, 2012an, itxaropenak ez direla bete, eta talde horren arreta ez dela hobetu; alderantziz, arretak okerrera egin du eta, aurrerago azalduko denez, arlo honetako kexa arrazoi nagusia bihurtu da.
Beraz, Txostenaren atal honetan, Lanbideren funtzionamenduari eta, batez ere, DBE eta EPO prestazio ekonomikoen kudeaketari buruzko jarduketei dagozkien kexen eguneroko izapidetzean atzemandako disfuntzio nagusiei helduko diegu.
1. Arloa kopurutan
Aurten izapidetu ditugun kexa gehienak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EPO) kudeaketari lotuta egon dira. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 18/2008 Legeak eskubide subjektibo gisa eratu ditu prestazio biak bertan jasotako betekizunak betetzen dituzten pertsona guztientzat.
Guztira, 2012an 1.010 espediente erregistratu dira:
Zenbateko horiek 2011n egondakoaren aldean kexa kopuruaren portzentajea handitu dela islatu dute, % 304, hain zuzen ere, eta horrek oso grafikoki islatzen du aipatu krisi testuinguruaren eta enplegu galeraren, eta bazterketaren aurka borrokatzeko tresnen eskariaren arteko lotura estua.
Gaika, Lanbideren funtzionamenduari lotutakoa, bai prozedura alderdiei, bai, batez ere, prestazioak onartu, berriz hasi eta berritzeko luzamenduei dagokienez, kexa ia guztiak bildu dituzte, aurrerago zehaztuko dugunez.
Beste kexa batzuk, gutxiago, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) eta gizarteratzeko laguntza berezien izapidetzeari lotuta egon dira.
2011n bezala, langabezia-sorospena (Estatuaren prestazioa) eta beste laguntza prestazio batzuk jasotzearen arteko bateragarritasunari –azkenek zenbateko jakin bat gainditzen dutenean– lotutako kexak jaso dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Itxarote-zerrendak eta ilarak Lanbideren bulegoetan
Atal honetan azpimarratu behar dugun lehen kexa arrazoia gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dagoen pertsona batek DBE eta EPO prestazioak eskatzea erabakitzen duen uneari berari dagokio.
Kontu horrek garrantzi handia hartzen du, 18/2008 Legeak berak adierazi duelako (22. art.) prestazioen onarpen data prestazioaren eskaera egunaren ondorengo eguna dela eta, beraz, hura onartutakoan eskaera egin zen egunetik pilatutako atzerapenak ordaindu behar dira.
Xede horrekin, Lanbidek telefonoz ordua eskatzeko sistema zentralizatua ezarri zuen. Hitzordua hitzartzeko, eskatzaileek zenbaki bakar batera deitu behar dute.
Eskubide horien eskatzaile kopurua oso handitu da eta, beraz, Lanbidek telefono horren bidez eskatutako aurretiazko hitzorduak emateko gehiegizko epea ere bai. Hiru euskal hiriburuen kasuan, batez ere, hilabetetik gorakoa izan daiteke epe hori, eta kexa asko eragin du horrek.
Prestazioak berritzeari dagokionez, esleitutako hitzordua batzuetan berritzeko agiriak aurkezteko epemugaren ondorengo datan eman zen, eta horren ondorioz, prestazioa eten zitekeen, betebeharrak ez betetzeagatik.
Bulego batzuetan eguneroko hitzordu sistema ezarri zen, bulegoa zabaltzeko lehen orduetan pertsona kopuru gehigarri bati arreta emateko. Helburua herritarren informazio eskaerei eta eskatutako agirien emateari kasu egitea zen. Prestazio eskabideak jasotzeko eginkizuna ere izan dute, telefonozko hitzorduen atzerapenagatik eta batzuetan hitzorduen sistema ez zebilelako.
Pertsonen duintasunaren ikuspuntutik egoera guztiz onartezinak ekarri ditu horrek, hala nola Bilboko Mazarredoko Lanbideren bulegoan egunero gertatzen zirenak: bertan, pertsona multzo handi batek ilara egiten du egunero, goizaldetik (2 am, 3 am, etab.), dauden zenbakietako bat lortzearren.
Bulego batzuek ez daukate ahalmenik erregistro funtzioa betetzeko. Gabezia hori berehala gainditu behar litzateke, zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideetan duen garrantziagatik.
2.2. Prestazio eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa
Puntu honi dagokionez, jasotako kexak ikusita, deigarria da batzuetan ematerik ez dagoen dokumentazioa egotea, hala nola zurztasun-agiria (eskatzailea umezurtza denean), edo lan-bizitza (administrazio egoera irregularrean dauden atzerritarren kasuan), edo interesatuek lehenago emandako eta, beraz, Lanbideren eskuetan dagoena edo egon behar lukeena.
Gauza bera gertatzen da atzerritarrei jatorrizko herriko dokumentazioa eskatzearekin. Berriz esan behar dugu jatorrizko herrietan errealitate administratiboak ez daukala zerikusirik gurearekin. Dokumentazio hori eskatzea oso garestia da, batzuetan, eta lortzen zaila da pertsona bere herritik kanpo luzaroan egon delako, pertsona bere jatorrizko herrian errotuta ez dagoelako, edo euren jatorrizko herrian jazarpena pairatu duten pertsonen kasuan, edo trafikoaren edo beste edozein genero-indarkeria motaren biktima izan diren emakumeen kasuan. Hura legeztatzeko eta itzultzeko eskakizun berriak askotan oztopo gaindiezin bihurtzen du.
Ikuspuntu horretatik, Lanbideren web orriak gabeziak dauzka, prestazio bien eskatzaileek eman beharreko agiriak zehazterakoan, eta aurretiazko hitzordurik gabe eskabideak aurkeztea zailtzen du horrek.
Ez genuke gogorarazi behar horri buruz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak xedatu duena. Izan ere, 35. artikuluan, herritarren eskubide bihurtu du (f idatz-zatia) “dagokion prozedurari aplikatzen zaizkion arauek eskatzen ez dituzten edo jarduneko administrazioaren eskuetan dauden agiriak ez aurkeztea”.
Praktikan, dokumentazioa emateko fasea denboran luzatzen da eta eskatzaile askok sentitzen dute prestazioaren balizko hartzaileei atzera eragiteko modua dela.
Kasu gehienetan, dokumentazio osagarria eskatzen da interesatua eskaeraren egoeraz galde bertaratu delako Lanbideren bulegoan, errekerimendu formalik batere egon barik.
Zentzu horretan, ohitura oso hedatua da eskatzaileari ahoz jakinaraztea agiri bat edo batzuk falta dituela eta, beraz, eskabidea osatu gabe dagoela, eta ohitura horrek babesgabetasuna eragiten du.
Ebazpenak prestatzea eta haiek jakinaraztea ere arazo handia izan da, batez ere lehen hiletan. Aplikazio informatikoak zailtasun handiak izan ditu hori egiteko. Eskaera fasean egindako aldaketak ez ziren grabatzen, edo ebazpenak ez diren ematen. Hori dela-eta, EHAAn jakinarazpen asko argitaratu dira, egindako jakinarazpen pertsonalak kasu askotan xedatutako lege araubidea bete barik.
2.3. DBE eta EPOren eskaerak ebazteko atzerapena
18/2008 Legeak eta hura garatu duten dekretuek Lanbideri onartzeko edo ukatzeko ebazpena gehienez hil biko epean eman beharra (62. art.) ezarri arren, eta epe hori igarotakoan onartutzat ulertu behar badira ere, praktikan, DBE eta EPOren eskaeren ebazpenak sei hiletik harago atzeratzen dira maiz.
Alde handi batekin, kexa multzo horrek dauka kopururik handiena, 2012an arlo horretan jasotako guztiekiko.
Baliabide horien kudeaketa eredua abiarazteko konplexutasunik harago, kezkagarria da gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonei zuzendutako prestazioen ebazpena epe horretatik harago luzatzea.
Bestalde, ez da arraroa eskatzaileek prestazioa euren banku kontuan sartu zaielako zuzenean jakitea hura onartu zaiela. Une horretantxe jakinarazten zaie ebazpena formalki, atzerapenez bada ere, eta ez beti.
Gehiegizko luzamendu hori eskaera berrietan eta etenaren ondoren berriz hasteko kasuetan gertatzen da. Gauza bera esan daiteke Lanbidek ukatzeko edo eteteko emandako ebazpenen aurkako errekurtsoei buruz; izan ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak isiltasunagatik ezetsitzat jotzeko eta bide judizialari ekin ahal izateko epeak adierazi arren, berariazko ebazpena emateko betebeharra ere xedatu du, eta garrantzitsua da hura epe egokian gertatzea.
147/2010 Dekretuko 46. artikuluaren arabera, etetea eragin zuen zioek indarra galdu ondoren “ofizioz edo alderdi batek eskatuta” hasiko da berriz, baina praktikan, interesatuek sustatu behar dute hura beti.
2.4. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren prestazioa interesatuari entzuteko izapiderik gabe etetea
Lanbideren DBE eta EPO eteteko ebazpenen aurkako kexa multzoa, ebazteko atzerapenari dagokionarekin batera, garrantzitsuena da ikuspuntu kuantitatibo eta kualitatibotik, prestazioaren titularrentzat dakartzan ondorioengatik.
Behin eta berriz azpimarratuko dugu prestazio horien izaera hauskorra; izan ere, pertsona talde gero eta handiagoak, eta batez ere gizarte eta ekonomia desberdintasunengatik, gizarte bazterketaren atalasea gurutzatzea saihestea bilatzen dute.
Horregatik da hain garrantzitsua Legean xedatutako prozedura bermeak neurtzea, arrazoitzea eta errespetatzea laguntza horiek eteteko edo amaitzeko neurria hartu baino lehen.
DBE eta EPOren prestazioak eteteagatik izapidetutako kexa gehienetan, hileko nomina ordaindu ez zaiela ikusten dutenean daukate etenaren berri onuradunek.
Lanbideren bulegoetara ez ordaintzeko zioak ezagutzera jotzen dutenean jakinarazten zaie, ahoz, eteteko zio bat bete omen dutela.
Are gabezia larriagoa deritzogu, jasotzaileak prestazioaren etetea eragin duten zioak ukatzen dituenean, eta erabakia errekurritzeko asmoa adierazi ondoren, Lanbideko langileek eurek interesatuei etetearen jakinarazpen formala jaso arte itxaron behar dutela esateari.
Egiaztatu ditugun kasu batzuetan, etetearen jakinarazpen formala “de facto” etetea baino hilabete geroago iritsi zaiola interesatuari.
Prestazioaren ordainketaren etetea interesatuari entzuteko izapiderik egin gabe gertatzen da, diru-sarren bermearen berariazko araudiak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak eskatzen dutenez.
Interesatuari entzuteko izapideak haren eskubideen babes eraginkorra bermatzen du, eta, azken batean, Lanbidek alegatutako eteteko zioa ukatzea, zehaztea edo onartzea ahalbidetzen dio.
Prestazioaren ordainketa izatez etendakoan, berriz hastea denboran luzatzen da, are etetearen iraupen mugatuko edo Lanbideren akats argiko kasuetan.
Etete epe horretan, eta Lanbidek hartutako erabakia egokia denetz egiaztatu bitartean, interesatuei guztiz ukatzen zaizkie elkarbizitza unitatearen sarrera guztiak eta, beraz, ezin diete aurre egin haren kideen hezkuntza, elikadura eta ostatu gastuei.
Etetearen desegokitasuna egiaztatutakoan prestazioa eta atzerapenak ordaintzen hasteak ez ditu erabakiaren kalte atzeraezinak ekiditen, eta kasu batzuetan, berandutzea dela-eta, elkarbizitza unitatearen kaleratzea ekar dezakete.
Horri dagokionez, azaroaren 29an egin genuen 9/2011 Gomendio Orokorrera jo behar dugu. Gomendio hura Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarrirako eskubidea etetearen ondorioei buruzkoa zen.
Araudiak DBErako eskubidea eteteko kasuak jaso ditu, betebehar bat ez betetzearen edo prestazioaren hartzailea izateko betekizunak galtzearen edo ez betetzearen arteko mailaketarik ez bereizketarik egin gabe. Gure iritziz, betebeharrak bete ezean prestaziorako eskubidea etetea gehiegizkoa da elkarbizitza unitateak prestazioaren hartzailea izateko betekizun guztiak betetzen jarraitzen badu, kasu horretan bere oinarrizko premiei aurre egiteko sarrerarik gabe jarraitzen duelako.
Gure ustez, betebeharren bat betetzen ez denean, zigor araubidera jo behar litzateke, prestazioaren onuraduna izateko betekizunak betetzen badira.
Beste arazo larri bat arrazoiketa da, orokorrean osagabea edo nahasia izaten baita. Hori, entzuterik ezarekin batera, babesgabetasun larriko egoerak eragiten ari da, gure aburuz.
2.5. Behar gabe jasotako kopuruen erreklamazioa
Aurten jasotako kexa asko foru aldundiek hasitako prozeduretan behar gabe jasotako zenbatekoen erreklamazioari daude lotuta. Ordainketa itzultzeko prozeduraren arauketa oso urria eta mugatua da eta, hori dela-eta, hutsune asko daude. Hutsune horiek, gure aburuz, ekarri dituzten interpretazioak ez dira pertsonen eskubideen oso aldekoak; izan ere, betebeharrak ez betetzeak edo betekizunak galdu izanak eragindako etete kasu guztietan dirua behar gabe jasotzat jotzen da. Araudiak, bestalde, ez du aurreikusi ondorioetarako datarik eta, beraz, zenbateko oso handiak erreklamatzen ari dira.
Orokorrean, ordainketa desegokien erreklamazioak gizarte bazterketa egoera larrian dauden pertsonei eragiten die. Kasu batzuetan, zorra itzultzea ia ezinezkoa da, diru-sarrerarik ez dutelako eta bazterketa egoera larrian daudelako. Zorrak izugarri zailtzen du pertsona horiek gizarteratzeko prozesua. Gainera, DBE jasotzen denean, batere baliabiderik ez edukitzeko kasuan legokiokeen zenbatekoaren % 30 kentzen ari da, elkarbizitza unitatea osatzen duten pertsona guztien kopuruaren arabera, araudiak ehuneko txikiagoa kentzeko aukera aurreikusi duenean.
Aurten, Arabako Foru Aldundiari dagozkion ebazpen asko egin ditugu. Aldundi horrek, prozedura eta ebazpen berean, eteteari eta behar gabe jasotako prestazioagatik kopuru bat itzuli beharrari heltzen zien, 56 eta hurrengo artikuluetan xedatutako prozedura urratuz. Orokorrean, betebeharren urraketa zen, zor handiak izanda (Foru Aldundiak berak jakinarazi zigun zenbatekoari buruz hausnartzen ari zela, handia zeritzolako).
Arartekoak gai horri buruz onartu ez ziren ebazpen asko (33) egin zituen. Eragindako pertsona batzuek auzi bidera jo dute eta lortu dituzten epaietan behar gabe jasotako kopuruak erreklamatzeko erabilitako administrazio prozedura baliogabe jo zen. Oraintxe bertan Lanbide Arabako foru erakundearen aurrean sortutako zor horren kobrantza kudeatzen ari da, eta titulu baliogabean oinarritzen dela errepikatu behar dugu. Gure iritziz, Arabako Foru Aldundiak erabaki zituen espediente horiek berraztertu behar dira, araudi aplikagarria urratu baitzen haietan.
2.6. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzeko zioak: kasuak
2.6.1. Egiazko bizilekua ez frogatzea
Kexak aztertutakoan, ikusi dugu prestazioak eten direla edo ez direla onartu edo ez direla berriz hasi edo berritu pertsonak egiazko bizilekua frogatzeko betekizuna betetzeari utzi diolako, hilabetez edo are gutxiagoz EAEtik kanpo bidaiatu izanagatik. Baina araudiak ez du zehaztu noiz ez den frogatzen egiazko bizilekuaren betekizuna eta, beraz, gure ustez, egiten ari den interpretazioa arautu gabea eta oso murriztailea da. Atzerrirako bidaia batek EAEn bizitzeko hiru urteen zenbaketa hausten duela ulertzea, udal erroldak zer ere adierazten duen, ez dago jasota aplikatu beharreko araudian. Lanbideren 2012ko azaroaren 6ko gutunak EAEtik kanpoko bidaiak jakinarazi beharra eta prestazioaren eskubiderako titular eta onuradunengan dauden ondorioak arautu ditu, baina ez da horretarako zuzenbide tresna egokia. DBEren prestazioa eskatzen denean ere ari da irizpide hori erabiltzen Lanbide eta, beraz, 15 egunetik gorako bidaiak egiazko bizilekua frogatuta egotea hausten du eta egun harrezkeroztik 3 urteko errolda eta egiazko bizilekua frogatu behar lituzkete. Lanbideri jakinarazi diogu gure iritziz jokatzeko modu horrek ez daukala lege babesik.
2.6.2. Familia berrelkartzea
Bakarrik bizi diren pertsonen elkarbizitza unitate ekonomiko independentea osatzeari buruzko aurreikuspenari lotutako kexak jaso ditugu, pertsona horiek etorkinak direnean eta haien ezkontidea edo haiekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkorra duen pertsona denean, 147/2010 Dekretuko 5.1 a) art. Manu horren arabera, elkarbizitza unitate berezi jotzeak urtebetez baino ez dirau, eta beste batez luza daiteke; horren ondoren, familia berrelkartzerik ez badago, prestazioa ukatu edo eteten da.
Kexak izapidetzerakoan ikusi ditugun egoerarik larrienen artean, euren ardurapean adingabeak dituzten familia gurasobakarrak daude.
147/2010 Dekretuko 5.1 a) artikuluko 4. idatz-zatian jasotako xedapenaren aldeko interpretazioa egiteko egin genion gomendioa onartu zuen Lanbidek; hala, pertsonak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren prestazioaren onuraduna izateko gainerako betekizunak betez gero eta Estatuaren Administrazio Nagusiak ezkontideari berrelkartzeko baimen administratiboa ukatu badio, ez zaio amaiaraziko edo ukatuko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren prestazioa. Hala ere, praktikan hori ez da betetzen ari, eta 2012ko azaroaren 6ko gutunean ez da hala interpretatu. Hortaz, 2013 osoan haren jarraipena egingo dugu.
2.6.3. Ondasun higiezin biren titularrak diren pertsonak
DBE arautzen duen 18/2008 Legeak automatikoki baztertzen ditu laguntzetatik ohiko etxebizitzaz beste higiezin baten jabeak diren pertsonak, non ere dagoen hura eta zein ere diren haren merkatuko balioa edo handik etekina ateratzeko aukerak.
DBE eskatzaileen eta jasotzaileen kexa ugari izapidetu dira, zio hori dela-eta prestazioa ukatu edo eten zaielako, horren ondoren haien egoera oso hondatu delarik.
Bateraezintasun horren lege xedapenaren oinarria da bere etxebizitza ez diren higiezinak dauzkanak ekonomikoki ustia ditzakeela, baina ez da aintzat hartu kasu batzuetan etetea eragin duten ondasun higiezinek ez diela batere etekinik ematen euren titularrei edo gauzatzen zailak direla.
DBE kasu horietan eteteko erabakiak, legearen araberakoa bada ere, erabateko behin-behinekotasuneko egoeran jartzen ditu pertsona horiek, errendimendurik ateratzerik ez duten ondasun baten erruz euren diru-sarrera iturri bakarra galtzen baitute.
Zentzu horretan, Arartekoak indarreko legediaren alderdi hori aldatzea proposatu du, ondasun horien balioa txikia denean baliabide urriko pertsonek DBE eskuratzeko oztopoa izan ez dadin.
2.6.4. Gizarte Segurantzaren “zaintzapeko seme-alabagatiko esleipena” jaso eta DBE eskatzen duten pertsonak
Baliaezintasunagatiko kotizazio gabeko pentsioa, 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluaren ondoreetarako, pentsiotzat jotzen da, eta elkarbizitza unitate bereziari 18 urtetik aurrera pentsiodun eskubidea ematen dio. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak “zaintzapeko seme-alabagatiko esleipena” izeneko prestazioari ere tratamendu bera ematea onartu zuen. Prestazio hori % 65 edo gehiagoko desgaitasuna onartuta duten 18 urtetik gorako pertsonak direnean ematen da. Haren aplikazioa arazo handiak ematen ari da, 2011.5.30ean horretarako onartu zen gutunaren idazketa dela-eta, zehazki, “prestazioaren titularra” DBEren osagarriaren eskubide subjektu aipatzen duelako, eta askotan haien onarpena galarazi du horrek. Alderdi hori konpontzeko gestio asko egin arren, oraindik ez da konpondu eta, beraz, kexak jasotzen jarraitu dugu.
3. Araudi-testuingurua eta politika publikoak
Epigrafe honetan indarrean sartu diren lege aldaketa batzuk eta arloari eragin dioten jarduketa publikoak aipatu dugu.
2012an gertatu lege berrikuntzen artean, azpimarratu behar da Gipuzkoako lurraldean Diru-sarrerak bermatzeko Laguntza ezartzeko ekainaren 19ko 31/2012 Foru Dekretua onartu dela (2012ko ekainaren 27ko GAO)
2012ko uztailaren 1ean sartu zen indarrean eta Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea aldatzeko azaroaren 24ko 4/2011 Legeak egindako aldakek eragindako babesgabetasuneko egoerak estaltzea bilatu du, batez ere EAEn hiru urtez erroldatutako egoteko eskakizunari dagokionez.
Aipatu DBEren 4/2011 Legea 2011ko abenduaren 13an indarrean sartu arren, argi dago haren ondorioak batez ere 2012an hedatu direla, eta Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko egoera berria definitu du.
Lege berria dela-eta, Lanbidek erabateko protagonismoa hartu du Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren aplikazioan; izan ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EPO) kudeaketa bere gain hartu du, bai eskatzeko eta izapidetzeko faseetan (udalek egiten zituzten haiek lehen) bai ebaztekoan (foru aldundiek ebazten zuten lehen).
2011ko urteko txostenean aurreratu genuenez, 18/2008 Legearen aldaketa horretarako DBEren eta EPOren arautegiak egokitu behar dira (egun, 147/2010 D. eta 2/2010 D.), baina gaur egun ez zaio oraindik lan horri heldu, aipatu Legeko Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutako urtebeteko epea igaro arren.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen araudiak ez du batere aldaketarik izan 2012an, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskuratzeko ondare mugak ezarri dituen 2011ko abenduaren 28ko Aginduak eragindako ondorioak izan ezik, zeinek, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legeko 46.f artikulua urratzeagatik, ofiziozko espedientea ireki beharra xedatu baitzuen. Haren laburpena aurrerago sartu da.
2013an laguntzak onartzeko mugak eta irizpideak ezarriko dituen Agindua onartzeke dago oraindik.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Bilerak
Gizarteratzearen eremuan gizarte bazterketa prozesuak pairatzen dituzten pertsonen eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteekin bildu gara aurten.
Pertsona asko Diru-sarrerak Bermatzeko sisteman sartzeko edota bertan geratzeko izaten ari diren zailtasunen berri eman digute. Lanbidek herritarren arretan eta prozeduren izapidetzean dauzkan disfuntzioei buruzko kexa ugari izan dira. Baita prestazio ekonomikoen eskaerak ebazteko atzerapenei eta zerbitzuen erabiltzaileekiko elkarrizketarik ezari buruzkoak ere.
Halaber, adierazi dutenez, diru-sarrerarik ez duten pertsonei ematen zaizkien prestazio ekonomikoak urriak dira eta murrizketak izaten ari dira. Nagusia etxebizitzako elkarbizitza unitate bitara mugatzea izan da; baita Gizarte Larrialdietarako Laguntzak kobratzeko eskatzen diren baldintza berriak edo beste prestazio batzuetan, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen Gizarteratzeko Laguntzetan, gertatzen ari diren mugak ere.
Berriz errepikatu dute, eteteko prozeduretan, kasu guztietan ez dela alegazio izapidea bete.
Bestalde, prestazioen kontrol eta ikuskaritza jarduketak aipatu dituzte; izan ere, elkarbizitza unitatearen autonomiaren esparruan hainbeste sartzen dira tartean ezen azkenean administrazioak erabakitzen baitu zein gastuk duten lehentasuna eta zeinek ez.
Azkenik, hitzarmenetan eta diru-laguntza lerroetan egondako murrizketak eta onartutako diru-laguntzeak ordaintzeko atzerapenak direla-eta dauden finantzaketa zailtasunen berri eman digute.
Bilera asko egin dugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin. Haietan, Lanbideren funtzionamenduari eta prestazioak eskatu, eten, berriz hasi eta berritzeko prozedurari dagozkien kexak izapidetzeko ikusi ditugun arazoak eztabaidatu dira.
Aldundietako gizarte politiketako Sailekin ere bildu gara, DBEren kudeaketari buruzko eta Lanbideri espedienteak eskualdatzeari buruzko gaiak eztabaidatzeko. Bilera guztietan Arartekoak jarraitzen ari zen prozedurari eta araudiaren interpretazioari eta ikuskaritza eta kontrol jarduketei buruz duen iritzia helarazi diegu, herritarren eskubideak murrizten ari direla uste baitugu.
4.2. Ofiziozko jarduerak
2012an ofiziozko sei espediente izapidetzen hasi gara.
Espediente horien edukia Lanbideren funtzionamendua eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdatu barik zeuzkan espedienteetan berriz hasteko eskabideak aurkezteko zailtasuna zen. Halaber, gizarte erakundeek Arartekoari helarazi zizkioten kezken berri eman zen. Era berean, Lanbideri gestio lan horretarako tresna diren aplikazio informatikoetan atzemandako disfuntzioei buruzko argibideak eskatu zitzaizkion.
Azkenik, Gizarte Politiketako Sailburuaren Agindu baten bidez, Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) onuraduna izateko ezarritako mugengatik hasitako ofiziozko azken espedientea azpimarratu behar da. Espediente horrek Arartekoaren 2012ko abenduaren 4ko Ebazpena eragin zuen. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari gomendatzen zaio, 2013rako gizarte larrialdietarako laguntzetan jasotako gastu espezifiko bakoitzerako gehienezko zenbatekoak ezartzen dituen aginduaren onespenari dagokionez, 2011ko abenduaren 28ko Aginduan ezarritako irizpideak berrikus ditzan.
Gizarte jantokia erabili ahal izateko Gasteiz udalerriko erroldan lehenagoko denbora bat frogatzeko eskakizunari buruzkoa ere bai. Udalak erantzun zigunez, betekizun hori kenduko zuten, baina elikadurarako eskubidea erabiltzeko zenbait oztoporen berri izan dugu eta, beraz, haren jarraipena egingo dugu.
4.3. Bisitak
Bisita erronda bat egin zitzaien Lanbideren bulegoei egun DBE eta EPO kudeatzeko ardura duen sarearen egunerokotasuna lehen eskutik ezagutzeko. Informazio hori Lanbideri helarazi zitzaion. Lanbidek erabilgarritzat jo zuen eta atzemandako gabeziak konpontzeko gogoa adierazi zuen.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Bizi dugun krisi ekonomikoa dela-eta, familiek euren betebeharrei eta ohiko gastuei aurre egiteko dituzten zailtasunak ez dira 1996azgeroztik ezagutu. Paraleloki diru-sarrera urritasunari lotutako txirotasun eta behin-behinekotasun arrisku egoerak ugaritu dira, eta 2012an egiazko txirotasun eta behin-behinekotasun egoeren eta txirotasun ezkutuko moduen eragina handitu da.
2. Hala ere, 2012ko egiazko pobrezia eta behin-behinekotasun tasak 1986 eta 1996ko mailetatik urrun daude, neurri handi batean DBE/EPO/GLL prestazio sistemaren eragin onari esker. Eragile horiekin –hala nola pentsio politikaren eragin onuragarria– batera, diru-sarrerak bermatzeko sistema horrek EAEko txirotasun eta bazterketa tasei Europar Batasuneko batez besteko zenbatekoen azpitik eusten lagundu du, eta Euskadi Europan desberdintasun mailarik txikiena duten gizarteen artean sendotu da. Horri dagokionez, EAE guztiz aldendu da Espainian nagusi den egoeratik. Prestazio horien eskuragarritasunari esker (xedatutako betekizunak betetzen direnean), zein ere den aurreikusitako aurrekontu-saila, sistemak eginkizun hori bete dezake, euren oinarrizko premiei aurre egiteko sarrera ekonomikoak izatear uzten dioten pertsona kopurua handitu ahala saila ere handitzen delako.
3. Horrexegatik, Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari, gizarte kohesio eta babeseko faktorea den aldetik, bazterketa arriskua prebenitzeko lan hain garrantzitsuari aurre egin ahal izateko behar diren baliabideak eta tresnak eman behar zaizkio.
Bereziki, Lanbidek bere gain hartu duen DBEren eta EPOren kudeaketak urratsak eman behar ditu herritarren arreta hobetzeko.
Gutxieneko kalitate estandarrak erdietsi behar dira, batez ere, ebazteko epeari dagokionez, sistema bizkorra izatea eta zerbitzuaren erabiltzaileentzako tratua haien egoera pertsonalei egokitua, duina eta eraginkorra izatea lortu behar dugu.
Horretarako, Lanbideren bulego guzti-guztietako baliabide materialek, bereziki aplikazio informatikoek, eta giza baliabideek nahikoak eta egokiak izan behar dute, ematen den zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko.
4. Baliabide nahikotasun horrekin batera, Lanbidek diru-sarreren bermearen berariazko araudian eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legetik eratorritako orokorrean xedatutako prozedura bermeak bete behar ditu, batez ere prestazioak eteteko kasuetan.
Behin eta berriz azpimarratuko dugu prestazio horien izaera hauskorra; izan ere, pertsona talde gero eta handiagoak, eta batez ere gizarte eta ekonomia desberdintasunengatik, gizarte bazterketaren atalasea gurutzatzea saihestea bilatzen dute.
5. Diru-sarrerak bermatzeko 18/2008 Legearen arau garapena premiazkoa eta beharrezkoa da. Horretarako, DBEren eta EPOren arautegiak egokitu behar dira (egun, 147/2010 D. eta 2/2010 D.), baina gaur egun ez zaio oraindik lan horri heldu, aipatu Legeko Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutako urtebeteko epea igaro arren.
6. Bazterketa kontuetan lan egiten duten gizarte erakundeak pairatzen ari diren murrizketa handiek haien lanak zailtzen dituzte. Halaber, finantzaketa arazo larriak daude eta haiek jarraitu ahal izatea arriskuan jartzen du horrek. Egiten duten lana oso garrantzitsua da gure gizartearentzat, herritarrei hurbiltasuna eta malgutasuna ematen dizkielako eta herri-administrazioetara hurbiltzen ez diren edo haiek ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsonei arreta ematen dielako; hortaz, erakunde horiek bestela arretarik gabe geratuko litzatekeen esparru humanitarioa betetzen dute. Haien lanari laguntzea funtsezkoa da gizarte kohesiorako eta desberdintasunen aurka borrokatzeko.
7. Etxerik gabeko pertsonek euren oinarrizko premiak beteta izan behar dituzte. Janariaz, bizilekuaz, batez ere neguetan, higieneaz eta jantzi egokiaz ari gara. Betekizun humanitario minimoak dira eta gizarte murrizketak direla-eta ez dira saihestu behar. Aurrekontu-sail horiei lehentasuna eman behar zaie krisialdietan, pertsonarik ahulenen zailtasunak areagotzen baitira haietan.
8. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
Aurrekariak
Urteko txostenaren atal honetan Arartekoak ijitoen inguruan bideratutako jardueren berri eman nahi dugu.
Krisi ekonomikoaren egoera talde ahulenei eragiten ari da. Talde horietako bat ijitoak dira. Talde horrek pairatu duen bereizkeriak haien gizarteratzea eta laneratzea bultzatuko duten, haurren hezkuntza-hobekuntzaren alde diharduten eta behar bezalako egoeretan etxebizitza bat eskuratzeko aukera ematen duten politika publikoak behar ditu. Gutxiengo kulturaltzat jotzeak, gainera, haien kultura eta gizarte- eta politika-izaerako partaidetza sustatzea dakar. Hortaz, haien gizarteratzearen aldeko borondate irmoa behar da.
Sektore publikoaren laguntzarik ezak, ordea, gizarteratzeko prozesua zailtzen du pairatzen duten bereizkeriagatik eta nozitzen dituzten desberdintasunengatik. Ijitoek zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat eskuratzeko, lan bat bilatzeko edo kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko.
Europar Batasunak eta Europako Kontseiluak azken urteotan txostenak egin eta estrategiak proposatu ditu egoera hori zuzentzeko. Horretarako, hurbilen dauden herri-administrazioen, udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza behar da. Diagnosiak egiten eta neurriak proposatzen aurrera egin bada ere, eragile publikoen borondate irmoa hartzeke dago aipatu bideak abian jartzeko eta, nahitaez, horiek gauzatzeko beharrezko finantzaketa bideratzeko.
Jorratzeke dagoen beste alderdi bat da gizartearen gehiengoak dituen estigmei eta aurreiritziei aurre egiten dieten arduradun publikoen eta gainontzeko eragile publiko eta sozialen aldetik jarrera irmoa mantentzea. Ijitoen inguruko adierazpen orotan kontuan hartu beharko litzateke pairatu duten jazarpena eta egindako kalteak. Estigmen jarraitzeak talde honen aurrerapena eta gizarteratzea zailtzen du, gutxiengo kultural diren aldetik, oraindik ere arbuioak, bereizkeria eta haien premien erantzunik eza pairatzen baitituzte.
1. Kexarik aipagarriena
Aurten jaso ditugun kexek erroldan izena emateko zailtasunekin eta izaera ekonomikoko gizarte prestazioen etetearekin dute zerikusia. Halaber, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunari buruzkoak ere jaso ditugu. Azpimarragarrienak komentatuko ditugu:
1.1. Erroldan izen-ematea ukatzea
Abanto-Zierbenako Udalak ez zion utzi ijito familia bati udal erroldan izena ematen. Familia hori Santa Juliana auzoan bizi zen haren seme-alabekin. Joan den urteko txostenean jarduera horren eta bideratu genuen ebazpenaren berri eman genuen. (2011ko abenduaren 15eko Arartekoaren ebazpena. Horren bidez, Abanto-Zierbenako Udalari gomendatzen zaio erroldan inskriba dezan Santa Juliana auzoan bizi den familia bat.
Urte honetan udalak erroldan izena eman die, hortaz, gure esku-hartzea amaitu dugu.
1.2. Eduki ekonomikoa duten gizarte prestazioen etetea
Aurten diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa eteteko prozedurak familia ijito batzuei eragin die Bilboko Udaltzaingoaren txosten baten ondorioz. Udaltzaingoak, erasoak eta pertsona batzuen atxiloketak hizpide zituen gertaera baten ostean, ikerketa bat abiarazi zuen diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa jasotzeko araudian xedatutako baldintzen betetzearen inguruan. Lanbidek, txosten hori jaso ostean, familia batzuei prestazio ekonomikoak eten zizkion. Jasotako informazioa aztertzean egiaztatu ahal izan dugunez, eragindako batzuk betebeharrak urratu zituzten, kasu batzuetan araudi berria aplikatzearen ondotik, baina diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izateko baldintzak betetzen jarraitzen zuten. Hala, Lanbideri espediente hauetan etete-egoera mantentzearen inguruan erakunde honek duen kezka helarazi diogu. Eteteko prozeduraren hasiera zigor-ondorioak izan ditzakeen gertakari batekin lotuta zegoen, baina ez du eraginik diru-sarrerak bermatzeari buruzko araudian. Ez da ohikoa prestazio ekonomikoen espedienteen berrikuspenak udal bateko segurtasuneko zinegotziaren txosten batekin hastea. Gainera, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioaren ordainketa eten zuen aldez aurreko entzunaldirik eman gabe. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioaren etete-egoera mantentzea eskubidearen titular izateko baldintzen urraketan oinarrituta egon beharko litzateke, 147/2010 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutako baldintzen urraketan hain zuzen. Aurreko dekretuaren 46. artikuluak hauxe ezartzen du: ”Diru-sarrerak bermatzeko errenta etetea eragin zuten arrazoiak desagertutakoan, foru-aldundiak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, egiaztatu egingo du une horretan prestazioa ordaintzeko baldintzak gertatzen ote diren eta, hala badagokio, prestazioaren zenbatekoa ezarri. Horretarako, dekretu honetako 53., 54. eta 55. artikuluetan aurreikusitako prozedura-arauak aplikatuko dira”. Era berean, 147/2010 Dekretuaren 9.3. artikuluak baldintzen artean ezartzen du baliabide nahikoak ez edukitzea.
Familia hauek ez dute baliabide nahikorik legezko xedapen horren babesean, beraz, prestazioaren titularrak izateko baldintzak beteko lituzkete. Lanbidek emandako informazioak ez ditu biltzen dituzten baliabide ekonomikoei buruzko datuak, alegia, ez dago jasota baliabide ekonomiko nahikoak dituztenik. Hainbat ibilgailuren jabetza izatea ondarearen balioa zehaztean kontuan hartu beharra dago, 147/2010 Dekretuaren 23. artikulua eta hurrengoak, baina ez, ordea, ondare nahikoa dutela ulertzeko presuntzio moduan, horien balioa aintzat hartuta.
Gure iritziz, betebeharren urraketek ondorioak izan behar dituztela alde batera utzita, bai zigortzeko prozeduran, bai etetearen iraupenean (147/2010 Dekretuaren 45. artikuluan xedatzen den moduan), familia horiek diru-sarrerak bermatzeko errentaren titular izateko baldintzak betetzen ez badituzte bakarrik ukatu dakieke prestazioaren berrabiarazpena.
Azkenik, adierazi genuen ebazpenak zehatzagoak izan behar izan zirela eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioaren titularrak izateko baldintzak zergatik betetzen ez diren arrazoiak behar bezala ezarri behar izan zirela. Garrantzitsua da ijito herriko familiak direla gogoraraztea. Herri horrek historikoki bereizkeria eta gutxiespena pairatu du, oraindik ere oso nabaria dena haien kideen zein haien gizartearen artean. Era berean, oso garrantzitsua da haien kideetako asko gizarte bazterkeria egoeran daudela. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioaren titular izateko baldintzak betetzen ez dituztela ebatzi izana, beraz, oso justifikatuta egon behar da, nahasteak ez sortzearren. Gure ustez, kasu hauetan emandako ebazpenetan ez da ageri legezko justifikazio argirik prestaziorako eskubidea ez berrabiarazteko arrazoia azaltzeko. Oraindik ez dugu Lanbideren erantzuna jaso, aurreko balorazioa helarazi bagenion ere.
1.3. Bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatzea
Bizkaiko Foru Aldundiak 36.244,24 euro itzultzeko eskatzen zuen kexa bat izapidetu dugu. 5 kideko familia batek 3 urte baino gehiagotan diru-sarrerak bermatzeko errenta gisa jasotako zenbatekoa zen. Foru aldundiak, Bilboko Udaleko kontrol eta ikuskapenerako bulegoaren txosten baten ostean egiaztatu zuen familiak azoka txikian lan egiten zuela eta, hortaz, ulertu zuen famili horrek zituen diru-sarreren berri emateko duen betebeharra ez zuela konplitu. Erakunde honek haren balorazioa Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi zion eta bertan adierazi genion, familia horrek hileroko diru-sarreren zenbatekoa jakinarazteko betebeharra konplitu ez badu ere, egoera horretatik ezin dela ondorioztatu diru-sarrera nahikoak izan dituenik eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaile izateko baldintzak betetzen ez dituenik.
Gure ustez, 36.244,24 € eskatzea jarduera ekonomiko bat burutzen dela jakin izan ondoren diru-sarrerak bermatzeko errentari egokituko litzaiokeen kopurua gainditzen duten etekinak jasotzen dituela bermatu izan gabe egozten zaizkion gertakariekiko desorekatua da. 18/2008 Legeak eta 147/2010 Dekretuak ez dute ezartzen betebeharren urraketak behar ez bezala jasotako kopuruak itzultzeko beharra dakarrenik, beraz, urraketa horrek diru-sarrerak bermatzeko errenta gisa jasotako kopuruak itzultzeko beharra dakarrela ulertzean aipatutako araudiak xedatu duena baino harago joan da. Beraz, familia horrek salmenta ibiltariarekin lortutako diru-sarrerak egiaztatu beharko lirateke eta, egin ondoren, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestaziorako eskubidea izaten jarraitzen duen aztertu, prestazioaren edozein modalitatetan, osorik edo dagozkion deskontuekin.
1.4. Taldeari eragiten dioten eta beste arlo batzuetan –zehazki, hirigintza arloan– izapidetutako kexak; jarduerak narriadura pairatzen duten auzoetan
Abanto-Zierbenako Santa Juliana auzoa: Arartekoaren ebazpena, 2010eko irailaren 20koa, auzokide talde batek aurkeztutako erreklamazioari buruzkoa. Bertan, Abanto-Zierbenako Santa Juliana auzoak gizarte eta hirigintzaren aldetik duen egoera eskasa agerian jarri zuten.
2011ko txostenean, egin genuen jarraipena eta Abanto-Zierbenako Udalaren erantzuna aipatu genituen. 2012ko uztailean, Etxebizitza Sailak txosten bat bidali digu. Bertan Abanto-Zierbenako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin betiko onarpena jaso da. HAPO horrek plan partzial baten bitartez aurrera eraman behar den Santa Juliana auzorako sektorea aurreikusten du.
Horrez gain, Santa Juliana sektorearen aurretiko azterlana idazteko zenbait jarduera burutu dira udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinazioan eta lurraren eta lurzatien egoerari buruzko informazioa bildu da. Une horretan eremu horren antolamendu xehatuaren proposamena egon badago. Sortu den eragozpenetako batek HAPOren zehaztapenak aldatzea eragin dezake. Horregatik, adierazi da lau urteko epea behar dela urbanizazio eta eraikuntza obrekin hasteko beharrezkoak diren agiri guztiak lantzeko. Halaber, txostenak dio udalak bizigarritasunaren baldintzak eta zerbitzuak mantentzea xede duen esku hartzeko plan bat berehala egin behar duela, eta erabateko biziberritzearen hirigintza jardueren aurrekoa. Herritarren partaidetzari dagokionez, sailak egokitzat jo du Plangintzaren Kontseilu Aholkulariaren bidez auzotarren iritzia bermatzeko proposamena. Edozelan ere, eraitsi beharreko etxebizitzetan legez bizi diren pertsona guztiei berriro bizilekua emateko eskubidea bermatzeko interes publikoarekin bat dator. Ondorioz, gailendu behar dugu gizarte- eta hirigintza-izaerako biziberritze prozesua aurrera egiten ari dela, horretarako behar diren antolamendu planak adosteak eta egiteak dakarren denbora luzea izan arren.
1.5. Etxebizitza-premia
Etxebizitzak hustearen ondorik ostatu ibiltarietan –adibidez, furgonetak– bizi diren EAEko ijito familien etxebizitza-premia hizpide duten kexak jaso ditugu aurten. Adingabeak haien kargura dituzten familiak dira eta, ondorioz, zaurkortasun handiko egoeran daude. Babes ofizialeko etxebizitzen alokairuari buruzko araudi berriak familia horiei behar bezalako etxebizitza eskuratzen lagunduko dielakoan gaude, oinarrizko eskubide bat baita.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Ijito herriaren erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitakoak, erabaki zuen Ijito herriaren erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako II. planaren iraunaldia luzatzea, bi urteko aldi osagarria. Horrek jarduerak berrikusi eta eguneratzea dakar, kontuan hartuta ez bakarrik planak orain arte izandako garapena, baita 2020ra arte ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europako esparruaren ziozko zuzentarauak eta proposamenak eta Espainian ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionala (2012-2020) ere. Erabakia hartzeko aintzat hartu ziren arrazoien artean zegoen 2009. urtean onartutako neurri asko ez zirela betearazi.
Urte honetan Eusko Jaurlaritzak Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana onartu du. Ikasle ijitoen eskolatzea hobetu nahi du eskola inklusiboaren esparruaren barruan. Horren bidez eskolatzearen sarbidearen gaineko ekitatea, jarraipena eta ikasle ijitoen arrakasta bermatu nahi da, baita genero desberdintasunak gainditu, irakaste-ikaste prozesuen hobekuntza eta kultura arteko klabeetan curriculumaren aberastea bultzatu ere. Horrez gain, helburuetako bat da harremanak eta ijito kultura agerian jar daitezen, familiek parte har dezaten eta ijito erakundeek hezkuntzaren arloko esperientziarekin eta ikasle ijitoen hezkuntzako eragile guztiekin lankidetzan aritu daitezen.
Astigarragako Udalak barne araudi bat egin du herriko txabolen asentamenduari buruzkoa (autobiaren azpian, Urumea ibaiaren ondoan).
Bertan 5 urtez egon daiteke, betiere, bizikidetasunari lotutako arau jakin batzuk betetzen badira. Udalak erroldan izena emango die txabola horietan bizi eta erroldan izen-ematea eskatzen duten eta araudia betetzeko konpromisoa hartuko dutela sinatzen duten eta egoitza egonkorraren adierazle gisa hiru hilerako egongo diren pertsonei. Araudian gain hartzen diren konpromisoak eta ez-betetzearen ondorioak aipatzen dira.
Aurten araudi berria argitaratu da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarena, etxebizitza eskatzaileen erregistroa eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurak erregulatzen dituena (2012ko urriaren 15eko Agindua).
Araudi horrek, besteak beste, babes ofizialeko etxebizitzak hautatu eta esleitzeko prozeduren erregulazioa aldatzen du. Etxebizitzak zozketarik gabe emango dira errentamendu erregimenean, lehentasunezko irizpideei jarraiki barematutako zerrendarekin bat etorriz. Horrek bidea ematen die etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten eta bazterkeria egoeran dauden familia batzuei aukera gehiago izan ditzaten aipatu etxebizitza errentamendu erregimenean izan dezaten, hain zuzen, baremazio hori aplikatuz.
Aurten araudia aldatu da eta aldaketa horrek Errumaniako ijitoei eragin die. Europar Batasuneko estatu kideetako zein Europako Esparru Ekonomikoari buruzko hitzarmena sinatu duten gainerako estatuetako herritarrak Espainian sartu, joan-etorri askean ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren aldaketa da, hain zuzen, apirilaren 20ko 16/2012 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez egindakoa, eta hori garatzen duen aradia: 240/2007 Errege Dekretuko 7. artikulua aplikatzeko arauak ematen dituen uztailaren 9ko PRE/1490/012 Agindua. Araudi horrekin bat etorriz, Espainian bizitzeko asmoa duten errumaniarrek egiaztatu behar dute ez dituztela baliabide ekonomikoak.
Horrez gain, atal honetan 2020ra arte ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europako esparrua aipatu dugu, Ministroen Kontseiluko akordioaren bidezkoa, 2020ra arte ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europako esparrua aplikatuz.
Estrategiak gizarteratzerako funtsezko lau alorrak jorratzen ditu: hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta osasuna. Horietako bakoitzean 2020rako lortu behar diren xede kuantitatiboak ezartzen ditu, biztanleria-ehunekoetan zehazten direnak, baita 2015erako erdiko helburu batzuk ere. Lau alor horiez gain, estrategiak jardun-ildo osagarriak xedatzen ditu gizarte ekintzaren, partaidetzaren, talde hori ezagutzeko hobekuntzaren, emakumearen berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren, kulturaren sustapenaren eta beste herrialde batzuetako ijitoei laguntzeko arreta bereziaren inguruan.
Europar Batasunak Europako Legebiltzarrarentzako, Kontseiluarentzako, Europako ekonomia eta gizarte Lantaldearentzako eta Eskualdeetako Lantaldearentzako Batzordearen jakinarazpena egin du: Ijitoen gizarteratzerako estrategia nazionalak: EB Bruselaren esparrua handitzeko lehenengo urratsa, 21.5.2012, COM(2012) 226 azkena.
Jakinarazpen horrek ijitoen gizarteratzeko estrategia nazionalak aztertzen ditu, estatuek aurkeztutakoak, batzordeak 2011ko apirilaren 5ean ijitoen gizarteratzeko estrategia nazionalen Europako esparrua bideratu ostean.
Estatu kideek hainbat sektoreetan –horien artean hezkuntza, enplegua, osasuna eta etxebizitza– neurriak konbinatuko dituen ikuspegi osoa eta iraunkorra garatu eta aplikatu behar dute. EBko esparruak lehenengo aldiz mahaigaineratu du ijitoen integrazioa Europar Batasunaren mailan eta argi eta argi Europa 2020 Estrategiarekin lotu du.
Bertan, aipatzen da ijitoen gizarteratzerako estrategia nazionalak hartzea lehenengo urrats bat baino ez dela. Hurrengo fasean, ahaleginak betearazpenean elkartu beharko dira ijitoen integraziorako egokitutako neurri zehatzak, egutegi argia eta behar bezalako finantzaketa biltzen dituzten jarduketa-planen bitartez.
Batzordearen ebaluazioak estatu kideek hezkuntzaren, enpleguaren, osasun arretaren eta etxebizitzaren oinarrizko lau eremuetan baliatutako ikuspegiak jorratzen ditu, baita egitura-baldintzak (lankidetza gizarte zibilarekin eta eskualdeko eta tokiko agintaritzekin, jarraipenerako jarduerak, bereizkeriaren aurkako borroka eta harremangune nazionala sortzea) eta finantzaketa ere. Oinarrizko alorrei dagokienez, xedeak honako hauek dira: haur ijitoek, gutxienez, lehen mailako ikasketak amai ditzaten eta kalitatezko hezkuntza jaso dezaten aukera dutela bermatzea, ijitoen eta gainontzeko herritarren arteko enplegu-tasaren desberdintasuna murriztea, ijitoen eta gainontzeko biztanleen osasun egoeraren arteko aldeak gutxitzea, ijitoek etxebizitza eta zerbitzu publikoak eskuratzeko proportzioaren eta baldintza horietan gainontzeko herritarrenaren arteko desberdintasuna ezabatzea.
Estrategia nazionalen ebaluazioak agerian jarri du estatu kide gehienek ez dituztela aurrekontu baliabide nahikoak bideratu xede honetara –adibidez, Espainia– eta EBko finantzaketa babesten dutela proiektatzen dutela diotela baina hori ez da nahikoa. Aurreikuspena da, hain zuzen, neurri horiek, estatuen finantzaketa ere behar dutenak, Egitura Funtsen eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren 2014-2020 programazioaren aldirako negoziazioek jorratu behar dituztela.
Halaber, aipatuko ditugu Espainian arraza edo etniagatiko bereizkeria egoerari buruzko Tratu Berdintasuna eta Arraza edo Etniagatiko Bereizkeriarik eza Sustatzeko Kontseiluak egin dituen hiru txosten, (1) biktima izan daitezkeen horien ikuspegiari buruzko azterlana, (2) arraza edo etniagatiko bereizkeriaren biktima diren horiei laguntza emateko zentro sarearen emaitzen 2011ko urteko memoria, emandako arreta eta komunikazio eta sentsibilizazio jarduerak barne hartzen dituena eta (3) Espainian arraza edo etniagatiko bereizkeria egoerari eta tratu berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzko urteko txostena, legegintzaren esparruko aurrerapenak, jurisprudentzia, azterlanak, jardunbide onak eta kontseiluaren jarduerak biltzen dituena.
Azkenik, ijitoen giza eskubideei buruzko Europako Kontseiluaren txostena adieraziko dugu ”Human rights of Roma and Travellers in Europe”. Txosten horren xedeen artean dago ijitoek Europako Kontseiluko 47 estatu kideetan pairatzen duten desberdintasun-egoera agerian jar dadila eta marjinalizazioaren egoerarekin amaituko duten politika publikoak abian jartzen lagun dadila.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ijitoen eskubideak defenda daitezen eta haien kultura onar dadin lan egiten duten gizarte erakundeekin bilera bat izan dugu aurten.
Helarazi zizkiguten kezken artean Lanbidera egindako kudeaketa-aldaketa aipatu zuten, hain zuzen, izaera ekonomikoko gizarte prestazioei dagokienez (diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria). Azaldu zizkiguten zailtasun asko bazterkeria egoeran dauden edo hala geratzeko arriskuan dauden pertsonen atalari buruzko txosteneko zatian aipatu ditugunen antzekoak dira eta horri lotzen gatzaizkio. Ijitoei eragiten dizkieten espezifikoek zerikusia dute jasotzen duten arretarekin, arreta ematen den lekuetako konfidentzialtasunik ezarekin –jorratzen diren gaiak oso sentikorrak badira ere–, tratuarekin eta gizarte erakundeek emandako laguntzarako zailtasunekin, baita langileek gizarte lanaren inguruan eta profil jakin batzuen gainean duten prestakuntza eskasarekin ere. Horrez gain, esan ziguten kezkatuta zeudela prestazioak eten dizkietelako eta horrek pertsonen bizitzan dakartzan ondorioengatik, ezin baitituzte alokairua edo oinarrizko beste premia batzuk ordaindu. Laneratzeari dagokionez, eskuratutako beste gaitasun batzuen inguruko ezagutza –adibidez, mekanika– edukitzeko garrantzia mahaigaineratu zen, oinarri akademikoa ez izan arren.
Halaber, adierazi zuten prestazioen kudeaketa aldatu eta horiek Lanbidera helarazteak eragina izan duela eta, ondorioz, udal batzuetan dagoeneko ez dela esku hartzen, ez dela ari burutzen “beste gizarte lan bat”. Gizarte behar larrietarako laguntzak ere ez dira ari ematen eta horren kudeaketa bai mantentzen dutela.
Beste esparru batzuetan salatzen duten moduan, eredu berria ez da ari aintzat hartzen ijitoen berezitasunak –adibidez, ia ekarpenik ez duen ekonomia informalean jarduera ekonomikoak gauzatzen dituztela; hala ere, horrela merkatuan aktibo daude eta esku har dezakete eta familiaren gastuetan lagundu–.
Erakundeek adierazi zuten beste adibide bat dela ez dela kontuan hartzen ijitoen iritzia ikastetxe anizdunetako kupoen aplikazioan. Kupo horiek haur ijitoak behartzen dituzte haien etxebizitzetatik urrun dauden beste ikastetxe batzuetara joan daitezen. Ikastetxe horiek hitzartuak izan daitezke eta horrek ijito familiei gastu handiagoa dakarkie hainbat kuotagatik eta zentroan, batzuetan, ez dute harrera ona jasotzen.
Gomendio orokorren jarraipenari dagokionez, 2011. urtean Arartekoak gomendio orokor bat egin zuen: Arartekoaren 3/2011 gomendio orokorra, urriaren 5ekoa. Jatorriz Europar Batasunekoak diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ijitoen egonlekuetan esku hartzeko jardute-protokoloak garatzeko beharra. Bertan, ijitoek EAEn dituzten asentamenduen egoera eta haien premiarik oinarrizkoenei erantzuna emateko gabezia aztertzen dira.
Asentamendu horiek gure erkidegoan ari dira jazotzen eta uste dugu herri-administrazioen behar bezalako arreta behar dutela. Urte honetan Astigarragako Udalaren jarduera gailenduko dugu, testuinguru sozial eta politikoari buruz hitz egiterakoan hizpide izan duguna. Arartekoak modu positiboan baloratzen du udalaren erabakia, alegia, haren udalerrian ijito jatorridun errumaniarren asentamendua errespetatzea. Horretarako, errespetatu behar diren jokabidearen inguruko konpromiso eta arau batzuk ezartzen dituen araudia onartu du udalak. Pertsona horiek zaurkortasun egoeran daude eta herri-administrazioen neurriak behar dituzte. Gizarteratzeko prozesu bat aurrera eramateko, beharrezkoa da egonkortasuna egotea eta gizarte zerbitzuen, ikastetxeen eta gainontzeko gizarte zerbitzuen laguntza edukitzea. Bai Europar Batasunak bai estatu kideetako administrazioek ijitoen bizi-kalitatea, hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko aukera emango duten estrategiak bideratu behar dituzte. Udal hori Europar Batasuneko ijitoen estrategiaren esparruan gain hartutako konpromisoak betetzen ari da. Erakunde honek oso positibotzat jo ditu Astigarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak talde horri erantzuna emateko bideratutako urratsak, beste udalerri batzuetan aurrera eraman diren jardueren aurrean –adibidez, finkatu ziren ijitoei haien bizilekuak utzaraztea–. Jardunbide on horrek tokiko ekimena behar du eta, halaxe izan da, eta dagokion aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa behar du emaitzak lortzeko. Halaber, garrantzitsua da auzotarren informazioa eta partaidetza izatea eta, Astigarragan, hala izan zen. Asentamenduaren jarraipenerako batzorde bat sortu da eta bertan hainbat eragile publikok eta sozialek parte hartzen dute (udala, aldundia, gizarte zerbitzuak, ikastola, osasun zentroa, Udaltzaingoa, Caritas, Romi Bidean Elkartea, etab.) eta hori oso positiboa da neurri honetako proiektu batek beti dakartzan arazoak konpontzeko. Ijitoen premiei erantzuna emango dieten eta haiek gizarteratzeko eta azken hamarkadetan jasan dituzten erbesteetatik urrun haien seme-alabentzako historia berri bat eraikitzeko aukera emango dieten antzeko ekimenak ondorengo hilabeteetan egongo direlakoan gaude.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Gutxiengo kultural honek mendeetan zehar jazarpena eta arbuioa jasan ditu, azken hamarkadetan bakarrik jarri dira abian haien premiei erantzuna emango dizkieten politika publikoak baina argi dago ez direla nahikoak izan. Pairatzen duten estigmatizazioa oraindik haien gizarte, ekonomia eta kultura arloko sustapena eragozten duen traba bat da. Zailtasun eta traba horiek gainditu dituzten eta ikasteko aukera eta lan duina edukitzeko aukera izan duten ijitoak badauden aurren, oraindik ijito asko bizi dira biziraupen zaileko baldintzetan, alegia, behar bezalako etxebizitzarik, urik, argirik gabe, beste gabezia batzuen artean. Analfabetismo indizeak eta bizi-itxaropen txikiagoa biztanleria hori desberdintzen jarraitzen duten faktoreak dira, arteen arloan egindako ekarpenagatik eta familia-elkartasunaren balioak mantentzeagatik gailentzen bada ere.
Legezko aurreikuspenen, zenbait jarduketa planetan onartutako konpromisoen eta errealitatearen artean alde oso handia antzematen dugu. Egia da, oro har, gure estatuan zerbitzu eta prestazio publikoak modu berean eskuratzen dituztela baina neurri horiek ez dira nahikoak, ezta egokiak ere, laneratu eta gizarteratu daitezen. Izan ere, ez dituzte kontuan hartzen marjinazioari eta gizarte bazterkeriari aurre egiten urteak eta urteak daramatzan herri horren berezitasuna eta premiak. Horregatik, planek barne hartzen dituzten berariazko neurriak (adibidez EAEn onartu diren bi planak) oinarrizkoak dira haien sustapen eta gizarte partaidetzarako. Aurrerapausoak eman dira beharrezko neurriak bideratu eta diseinatzen baina ez, ordea, horien betearazpenaz ardurako diren herri-administrazioetako sailek hartu beharreko erabakietan. Ijito herriaren sustapenerako eta partaidetza sozialerako II. Euskal Planean xedatutako neurrien betearazpena lehentasun bat izan beharko litzateke eta tartean hartzen dituen arduradun publikoentzako exijentzia bat.
4.2. Finantza krisia, lanaren suntsiketa eta azken hori ez sortzea, batez ere, desberdintasun eta desabantaila sozial gehien dituzten pertsonei ari da eragiten eta horren adibide dira ijitoak. Langabezia tasa handia pairatzen ari den lan merkatuak eta eskulana aukeratzeko lehentasunak ijitoak marjinatzen jarraituko du. Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren testuinguru honetan funtsezkoa da ijitoen gizarte bazterkeriaren aurka borroka egiteko.
4.3. Lanbideren kudeaketa hobetu behar da eta ijitoen premiak eta berezitasunak aintzat hartu behar ditu. Pertsona horiei emandako arretak kontuan hartu behar ditu sufritzen dituzten desberdintasunak. Gizarteratzeko hitzarmenek barne hartzen dituzten konpromisoek zein familiari zuzentzen zaien erreparatu behar dute. Horrez gain, lan aktibazioa duten profilera egokitu behar da. Beharrezkoa da Lanbideren kudeaketa ijitoen berezitasunetara egokitzea eraginkorra izan dadin eta alde batean utz ez dezan izaera ekonomikoko gizarte prestazioen titularrak izateko baldintzak betetzen dituen talde bat, baita lan munduan aktibo egon daitezen ere.
4.4. XXI. mendean ijitoek etxebizitza bat eskatzen dute duintasunez bizitzeko. Egun etxebizitza bat eskuratzea geroz eta zailagoa suertatzen zaie gizarte-arloko zailtasunak dituzten familia ijitoei. Programa publikoak ezinbestekoak dira familia horiek baldintza osasungaitzetan bizi ez daitezen. Programok haien premiak eta auzotarren aurreiritziak kontuan hartuko dituzten gizarte esku-hartzeak eta hezkuntza-laguntza behar dituzte.
4.5. Beste premia garrantzitsu bat erroldan izen-ematea eta bizilekuaren egonkortasuna udalerrian mantendu ahal izatea da. Ijitoen historian behin eta berriro errepikatu diren egoerak, besteak beste, erbesteak, erroldan izena ematea ukatzea, bizilekuak utzaraztea, etab. izan dira. Tokiko ekimenak –adibidez, Astigarragako Udalekoak– oso garrantzitsuak dira udalerrian dagoen asentamendu bati tratamendu humanitarioa ematen baitiote. Herritar horiei aukera bat ematean datza eta bi alderdien aldetik eskubideak eta betebeharrak ezartzean, auzotarren arteko bizikidetzarako bidea emango duena. Aitzitik, arretarik eta konpromisorik ezak arazoak dakartza eta erantzun bakarra bizilekuak utzaraztea. Zaurkortasun egoeran dauden pertsonak direnean, beharrezkoa da politika humanitarioak aplikatzea eta, horietan, pertsona, haren bizitza eta zaurkortasuna hartu behar da aintzat auzotarren arbuioak eta aurreiritziak eragin ditzaketen jarduera jakinak baino harago.
4.6. Erabakigarria da arduradun publikoek ijitoen eskubideekiko errespetuaren eta bereizkeriaren aurkako borrokaren inguruan jarrera irmoa izatea eta diskurtso publikoak gogora ekar dezala herri honek pairatu duen eta oraindik ere pairatzen duen jazarpena eta arbuioa eta haien sustapenerako eta gutxiengo kultural gisa onar dadin konpromisoak txertatzea.
9. Etorkinak
Aurrekariak
Urteko txostenaren atal honetan Arartekoak atzerritar etorkinen harira egindako jarduerak aztertuko ditugu; zehazki, euskal herri-administrazioetako politiken hartzaile diren aldetik dagozkien eskubideei buruzkoak.
Kontuan hartu beharra dago atzerritarren sarrera, egoitza eta lanari buruzko immigrazio-politikak Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena direla. Hori horrela, Arartekoak ezin ditu jarduera-eremu horri eragiten dioten kexak ezagutu, herritarren defendatzailearen bulegora bideratzen baitira.
Gure autonomia-erkidegoan bizi diren etorkinak igo egin dira 2012. urtean, baina, Euskadi, oraindik ere, atzerritar portzentaje txikiena duen autonomia-erkidegoetako bat da. Adibide gisa, Euskadin atzerritarrak % 6,9 dira, Nafarroan % 11, Madrilen % 15etik gora eta estatu osoan % 12,1.
2012. urtean EAEn dagoen biztanleria atzerritarra (behin-behineko datuak) 151.162 pertsonakoa da eta kopuru horren barruan gizonak (77.795) emakumeak (73.367) baino gehixeago dira, Immigrazioaren Behatokiak emandako datuen arabera.
Estatu-mailan, 5,7 milioi atzerritar daude, espainiar nazionalitatea eskuratu duten pertsonak kontuan hartu gabe. Autonomia-erkidego batzuetan etorkinen kopurua jaitsi egin dela eta emigrazioa igo egin dela nabaritu da. Krisiak eta murrizketek eragin zuzena dute enpleguan eta gizarte-prestazioetan, biak gizarteratzeko oinarriak izanik. Hori dela eta, kasu batzuetan enplegu-aukera hobeak beste nonbait bilatzea erabakitzen dute.
Etorkinen arteko langabezia handiagoa da espainiarren artean baino eta jasaten ari diren zailtasunak kasu askotan larriagoak dira, ez daukatelako behar bezala zainduko dituen sarerik familian eta erkidegoan.
2012. urtean, lehenengoz, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen nazionalitaterik garrantzitsuena marokoarra da. Hala ere, kontuan hartu beharra dago Latinoamerikatik datozen pertsonek azkarrago eskuratzen dutela espainiar nazionalitatea.
Ikuspegik egin duen azken barometroaren arabera, krisi sozioekonomikoaren testuinguruak ezartzen dituen mugak gorabehera, barometroak ez du aldaketa handirik eragin euskal herritarrek atzerriko immigrazioarekiko duten jarreran. Jarrera uzkur nabarmenak dauden arren, ez dago atzerriko immigrazioaren aurkako posizio, iritzi, jarrera eta abarrik daukan muturreko talderik.
Eta hori ezinbestekoa da bizikidetzarako, batez ere kontuan hartzen badugu aginte publikoek informazioaren tratamenduan hartzen duten jarreraren garrantzia eta erantzukizuna. Horren harira, era positiboan baloratu behar da, salbuespenak salbuespen, Euskadin “immigrazioaren erronkak” duen trataera, baita Euskadin immigrazioaren aldeko itun soziala edo zurrumurruen kontrako agenteen prestakuntza sustatzeko ekimenak ere, geroago azalduko dugun bezala.
1. Arloa kopurutan
Jasotzen ditugun kexak arlo desberdinei buruzkoak dira. Izan ere, etorkinak herri-administrazio desberdinekin erlazionatzen dira, gainerako herritarrak bezala.
Arlo honetan 32 kexa jaso ditugu, honela banatuta:
– Atzerritarrak erroldatzea.....14
– Herritarren eskubideak.....7
– Etorkinak diskriminatzea.....5
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazioaren prozedura.....4
– Berdintasuna eta ekintza positiboak.....2
Esan bezala, beste arlo batzuetan tramitatzen ditugun kexa askok ere eragiten diete etorkinei. Aurten igo egin dira diruzko gizarte-prestazioen ukapen, indargabetze eta iraungitzeari buruzko kexak eta horrek eragin nabarmena du atzerritarrengan, gizartean baztertuak dauden edo hala egoteko arriskua duten pertsonak baitira. Beste arlo batzuetan tramitatutako kexen artean honakoak nabarmentzen dira: Herrizaingo arloan tramitatutakoak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak atzerritarrei ematen dien tratuari buruz, eta Osasun arlokoak, osasun-arretarako sarbideari buruz. Era berean, gurtze-leku islamiko baten irekierari buruzko kexa aipatuko dugu. Azkenik, burujabetzeko prozesuan dauden gazte eta adingabe etorkinei eragiten dieten kexa eta jarduerak Haur eta Nerabeen Bulegoaren txostenean kontsulta daitezke.
Txosteneko atal horietara joko dugu, jardueren edukia zehatzago ezagutu ahal izateko.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Atzerritarren estatutu juridikoari buruzko kexak
2.1.1. Identifikaziorik eza
Pertsona batek erakunde honetara jo zuen, 5 urte zeuzkanetik Espainian bizi arren ez zeukalako inolako identifikaziorik. Adinez nagusia izan arren, ez dauka bera identifikatzen duen agiririk, bere gurasoak, Errumaniakoak biak, bere jaiotza inskribatu gabe hil baitziren bera adingabea zenean. Inskripzio-zedula bat eskatzeko adierazi genion eta eman egin zaio.
2.1.2. Egoitzagatiko nazionalitate espainiarren eskaera ebazteko edo berau ukatu ondoren egindako errekurtsoa bideratzeko atzerapena
Espediente horiek herriaren defendatzailearengana bideratzen dira. Berrikuntza gisa, herriaren defendatzailearen bulegoak zera jakinarazi digu, Justizia Ministerioak kudeaketa-agindu bat sinatu duela Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoarekin, eskaerak tramitatzean Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan aritzeko asmoz. Elkargoak babes tekniko eta materiala emango du, prozedurak ahalik eta gehien arintzeko. Helburua eskaerak ahalik eta arinen ebaztea da.
2.1.3. Ezkontza Erregistro Zibil Nagusian inskribatzeko atzerapena
Espediente horiek ere herriaren defendatzailearengana bideratzen dira. Erakunde horrek jakinarazi digunez, behin eta berriz egin ditu txostenak zerbitzu publiko honen funtzionamendu txarrari buruz eta Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Lege Organikoaren aurreikuspenak lehenbailehen betetzeko beharrizanari buruz. Lege horrek guztiz aldatzen du egungo erregistro-sistema, baina zati handiena ez da indarrean egongo 2014. urteko uztailaren 22ra arte.
2.2. Euskal herri-administrazioen jarduerari buruzko kexak
2.2.1. Udal-erroldan inskribatzeko alta-eskaeraren ondore-datak
Pertsona batek V
itoria-Gasteizko Udaleko biztanleen erroldan alta emateko eskaera egin zuen, pasaportea galtzeari buruzko salaketa eta Marokok Bilbon duen Kontsulatuaren pasaportearen ziurtagiria erantsita, pasaporte berria egin bitartean. Hasieran Udalak ez zuen eskaeraren data kontuan hartu. Horren harira, Udalei udal-errolda eguneratzeari buruzko jarraibide teknikoak ematen dizkien Estatistikako Institutu Nazionalaren buruaren eta Lurralde Lankidetzako zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko ebazpena argitaratzeko xedatzen duen idazkariordetzaren 1997ko uztailaren 21eko ebazpenean ezarritako aurreikuspenari buruzko oharrak jakinarazi zizkion erakunde honek V
itoria-Gasteizko Udalari. Aurreikuspen horren arabera, errolda-orriko akatsak zuzendu edo osatzeko beharrizanak ez du eragozten inskribatzeko aukera (2 eta 3. artikuluak). Interesdunak dagokion kontsul-ziurtagiriaren bidez egiaztatu zituen bere oinarrizko datu pertsonalak eta pasaportearen kopia tramitazio-fasean zuela (aurrekoa galdu zuelako) baieztatu zuen. Gure ustez, interesdunak emandako datuak nahikoak ziren bere nortasuna egiazkoa zela frogatzeko, pasaportearen kopia eskuratzean osatu beharko ziren arren. Udalak onartu egin zuen bidalitako oharra.
2.2.2. Zorrozaurreko pabilioi abandonatu batzuetan bizi ziren atzerritarrak bertatik ateraraztea
Aurten amaiera eman diogu Bilboko Udaltzaingoak 2011ko ekainaren 15ean Bilboko Zorrozaurre auzoan izandako jardueraren ondoriozko kexan izandako gure esku-hartzeari.
Gure balorazioan zera adierazi dugu, pertsonek industria-pabilioiak okupatzen badituzte gaua bertan pasatzeko, etxerik, lanik edo bizirauteko baliabide nahikorik ez daukatelako da, eta, beraz, funtsean gizarte-arazo bat. Hala ere, ez dugu inon ikusi poliziaren esku-hartzearen aurretik gizarte-jarduerarik egin ote den. Gure ustez arazo hau ikuspegi sozialetik jorratu behar da, pertsonen ezaugarri pertsonalak eta ahultasun-egoera kontuan hartuta eta gizarteratzeko ibilbidea pertsona horien esku jarrita. Segurtasunaren ikuspegi hertsiaren ondorioz, gizarteak delitu-profilekin identifikatzen ditu atzerritarrak eta hori ez da bat ere positiboa bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta gizarte-kohesioa sustatzeko.
Jarduera horiek behar bezala justifikatuta egon behar dira, itxura fisikoan, kolorean edo arraza edo etnia bateko partaide izatean soilik oinarritutako polizia-jarduerak saihestu ahal izateko. Beraz, 2011ko ekainean Zorrozaurren egindakoa (edo beste batzuetan egin direnak) bezalako jarduerak ezin dira justifikatu polizia nazionalak atzerritarren gaineko eskumena duela eta atzerritarren kokaleku bat dela soilik argudiatuta. Bidegabekeria administratibo (edo penal) baten susmagarri izatea ez da nahikoa pertsona-talde handi bat kontrolatu eta identifikatzeko polizia-gailu bat martxan jartzeko, beren itxura fisikoan, kolorean edo arraza edo etnia bateko kide izatean oinarrituta. Halaber, ez genuen uste Zorrozaurreko polizia-jarduera hori gure autonomia-erkidegoan bizi diren atzerritarren bizikidetza eta integrazioaren alorrean onartutako tresnetara eta politika publikoetara egokitzen zenik eta pertsonak nola aterarazi behar den azaldu genuen, eskubide humanitarioan oinarrituta. Azkenik, atzerritarrek bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea dutela adierazi genuen, pertsona guztiei pertsona izateagatik dagokien funtsezko eskubidea baita, beren egoera administratiboa edozein izanda ere. Hori horrela, jarduera hori egiteko epailearen baimena behar zen. Ondorioz, Udaltzaingoaren etorkizuneko esku-hartzeetan parametrook kontuan hartu behar direla jakinarazi genion udalari. Udalak erantzun zigunez, poliziaren etorkizuneko esku-hartzeetan gizarte-zerbitzuei dei egingo zaie, talde horiei behar bezalako arreta emateko asmoz, gizartean ahul eta baztertuta daudela kontuan hartuta. Ondoren, 2012. urtean zehar bi kexa berri jaso ditugu, tramitazio-fasean daudenak, antzeko polizia-jarduerei buruz: Basurton, Funespañaren jabetzako tanatorioaren obretako eraikinean gaua pasatzen zuten pertsonak aterarazteko polizia-jarduera eta Zorrozaurreko pabilioietan azaroan 9an pertsona batzuk aterarazteko egindako jarduera. Jarduera horietan aurreko parametroak bete ote diren aztertuko dugu.
2.2.3. Gurtze-leku islamikoa irekitzeko eskaera ukatzea
Bilboko Basurtu auzoan gurtze-leku islamiko bat irekitzeari dagokionez, hainbat kezka eta idazki jaso ditugu auzokideen eskutik. Bestetik, Bilboko Udalak berau irekitzeko tramitazio administratiboa zaildu duela ere salatu digute. Izan ere, 2010eko abenduan eskatu zen kultura-zentroa (meskita) instalatzeko nahitaezko jarduera-lizentzia eta ez zen inolako erantzunik jaso.
Azkenean, 2011ko urriaren 31ko ebazpenaren bidez eman zen lizentzia, 177 pertsonako edukierarako eta zenbait neurri zuzentzaile ezartzeko baldintzapean. Bestalde, udalak zera jakinarazi zigun, osoko bilkurak 2011ko urriaren 28an egindako bileran Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea erabaki zuela, gurtze erlijiosoen zentroek bete beharreko hirigintza-aginduak (dimentsioak, edukierak, kokapena…) sartzeko asmoz. Erabaki hori 2011ko azaroaren 10eko BAOn argitaratu zen. Ondorioz, Bilboko Udalak jarduerok hirigintza-plangintzaren aldaketa baten bidez arautzea erabaki du, eta, beraz, urtebeteko epean eten da hirigintza-lizentzia berriak emateko aukera.
Arartekoak Bilboko aniztasun erlijiosoaren kudeaketari buruzko hainbat hausnarketa egin zituen ebazpen honetan: Arartekoaren ebazpena, 2012ko urtarrilaren 9koa. Horren bidez, Basurtu auzoan gurtze-leku musulman berria irekitzean sortu ziren arazoak direla-eta, Arartekoaren jardunari amaiera emango zaio.
2.2.4. Beste jarduera batzuk
Aurten ere pertsona autoktonoek honakoak salatu dituzte: etorkinek zerbitzu eta prestazio publikoak gehiegi erabiltzen dituztela, pertsona horiek lehentasunezko tratua dutela herri-administrazioetan, islamaren ordezkaritza handiagoak gizartean izango duen ondorioaren beldur direla, edo atzerritarren kasuan delitu gehiago egiten direla eta agintari publikoek ez dutela arazo hori behar bezala jazartzen.
Kasu horietan guztietan, Arartekoak idatzi horiei erantzun die, erakunde honetara jotzen duten pertsonek jakin egin behar dutelako helarazten dizkiguten eta “egiatzat” jotzen dituzten datu horiek ez direla immigrazioaren fenomenoaren azterketa zehatzaren ondorio, baizik eta gizartean fundamenturik gabe hedatu diren aurreiritzien ondorio. Hartara, giza eskubideak eta gizarte demokratikoaren baloreak (adibidez, aniztasun eta dibertsitaterako eskubidea) errespetatu eta gizarte-politikak defendatzen dituen ikuspegia islatu nahi da eta beren jarreren atzean dauden iritzien aurkako ondorioak ateri dituzten azterketa eta ikerketak jakinarazi nahi dira.
Alderdi politiko baten propagandak etorkinak bereizten zituela-eta ere jaso ditugu kexak. Arartekoak bere iritziaren berri eman zien kexa hori bidali zuten pertsonei eta alderdi politikoa jakinaren gainean jarri zuen.
3. Araudia eta politika publikoak
Aurten, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta bere prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Legegintzako Errege Dekretua azpimarratu behar dugu berrikuntza gisa. Araudi honek Estatuko osasun-laguntzarako eskubidearen legedia aldatu du, zehazki aseguratuaren izaera arautzen duelako eta Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta beren gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoko 12. artikulua aldatzen duelako.
Araudi horren arabera, erregistratuta ez dauden atzerritarrek (hau da, Europar Batasuneko estatu-kideetako, Europako Espazio Ekonomikoko edo Suitzakoak diren eta Espainian bizi diren pertsonak) edo bizitzeko baimenik ez daukatenek, premiazko egoeretan eta haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean soilik jasoko dute osasun-arreta. Hamazortzi urtetik beherako atzerritarrek, bestalde, espainiarren baldintza berdinetan jasoko du osasun-arreta.
Aldaketa horiek argi eta garbi mugatzen dituzte eskubideak, osasun-arretaren doakotasuna murrizten dutenez gero. Osasuna babesteko eskubide konstituzionala giza eskubidea da eta bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidearekin lotuta dago, Giza Eskubideen Nazioarteko Itun ugaritan jasotzen den bezala. Pertsona guztiei bermatu behar zaie eskubide hau; arrazoi ekonomikoen ondorioz biztanleriaren zati bati eskubide bat murrizteak ez dauka justifikaziorik zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoan.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua onartu zuen.
Bertan ezarritakoaren arabera, aseguratuak direnen osasun-prestazio berberak jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan 16/2012 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartu baino lehenago emandako Banakako Osasun Txartela duten pertsonek eta honako baldintza hauek betetzen dituztenek:
Espainiako Gobernuak eskumenei buruzko gatazka positiboa planteatu zuen araudi honen gainean eta Auzitegi Konstituzionalaren bilkurak gaia ebatzi zuen 2012ko abenduaren 13ko epaian (4540/2012 zenbakia).
Auzitegi Konstituzionalak aurreko dekretuaren galarazpena indargabetu zuen osasun-arretarako eskubidearen titularrak definitzeari zegokienez, ondasun konstituzional bereziki sentikorren babesarekin lotutako interesak direla kontuan hartuta. Hala, berau aplikatzearen ondoriozko kalteak ez daukate larritasun eta sendotasun nahikoa legezkotasunaren presuntzioaren gainetik geratzeko.
Europar Batasuneko estatu-kideetako eta Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Akordioaren parte diren beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, askatasunez mugitu eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuko 7. artikuluak ere aldaketa nabarmena eragin du atzerritarrei (kasu honetan Europar Batasunekoei) eta beren senideei eragiten dien araudian. Pertsona batek egoitzarako eskubidea lortzeko, betiere lanean edo ikasten ez badago (zenbait baldintza bete beharko dituelarik), baliabide nahikoak izan beharko ditu berarentzat eta bere senideentzat, Espainian bizi den bitartean gizarte-laguntzarako karga bihur ez dadin eta, horrez gain, Espainian arrisku guztiak estaltzen dizkion gaixotasun-asegurua eduki beharko du. Baliabide ekonomiko nahikoak baloratzeko erabiltzen den irizpidea ez da finkoa, baina ez du gizarte-laguntzetarako eskubidea eman behar.
Bestalde, Atzerritarren Barneratze Zentroetan (ABZ) sartzeko neurriari buruz behin eta berriz jaso ditugun kexak nabarmendu behar ditugu. Neurri hori atzerritarrak kanporatzeko zigorra betearazten dela bermatzeko aurreikusi da. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago ABZrik, baina hori ez da eragozpen gure autonomia-erkidegoan bizi diren atzerritarrak estatuko ABZren batean sartzeko. 2012. urtean zehar hainbat salaketa egon dira ez dagoelako araudirik 2008ko zuzentarau europarraren (egoera irregularrean dauden hirugarren herrialdeetako nazionalak itzultzeari buruzkoan) bermeak jasotzen dituenik, bai eta horietan ezinbestekoak diren zerbitzu eta azpiegiturak falta direlako, edo ez dagoelako araudirik ABZetan askatasunik ez duten pertsonen eskubideak bermatzeko eta horietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta hautaketa arautzeko. Herriaren defendatzaileak behin eta berriz adierazi du kontrol-mekanismoak ezarri behar direla, neurri hori jasan duten pertsonen eskubideak bermatzeko. Horretarako, kontrol-funtzioak esleitu zitzaizkien jarraibide-epaileei, oraindik prozeduraren araudiari buruzko gabeziak dauden arren. Une honetan Atzerritarren Barneratze Zentroen Barne Araubideari eta Funtzionamenduari buruzko Araudia onartuko duen Errege Dekretuaren aurreproiektua egiten ari dira, eta, beraz, laster araudi hori edukitzea espero dugu.
Aurten, atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko Legearen Araudi berria (557/2011 Errege Dekretua) aplikatzean Enplegu eta Gizarte Gaien Sailaren Immigrazioko eta Aniztasuna Sustatzeko Zuzendaritzak hartutako zeregina finkatu da, sustraitzeari buruzko txostenak, integrazio-ahaleginari buruzko txostenak eta etxebizitza egokitzeari buruzko txostenak egiteari dagokionez. Era berean, Immigrazio, Herritartasun eta Kultura arteko Bizikidetasunaren III. Planak (2011-2013) indarrean jarraitzen du eta udalerri desberdinetan Euskadiko Immigrazioaren aldeko Itun Sozialari buruzko hausnarketa eta eztabaidekin jarraitu da.
Berrikuntzen artean nabarmentzen dira zurrumurruen kontrako gida eta webgune baten sorrera eta agenteen prestakuntza. Agente horiek, prestakuntza jaso ondoren, atzerritarrenganako bereizkeria elikatzen duten aurreiritzi eta estereotipoetan oinarritutako zurrumurruei aurre egiten saiatzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hainbat jarduera gauzatu ditu, sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketari buruzko koordinazio-protokoloak egiteko eta gai horren gaineko sentsibilizazioa pizteko orduan. Azken urte hauetan drama honek agintari publikoen arreta gehiago eskuratu du, baina oraindik ere arazo handiak daude biktimak antzeman eta identifikatzeko, eta, beraz, beharrezko neurriak hartu behar dira. Herriaren defendatzaileak honako txostena egin du: “La trata de seres humanos en España” (Pertsonen salerosketa Espainian).
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Aurten Gasteizko Udalarekin batu gara, adina zehazten duen Fiskaltzaren dekretuaren ondorioz Arabako Foru Aldundiaren egoitza-zentroetatik irten behar izan duten gazte atzerritarren arretari buruz mintzatzeko. Jarduera horrek oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, gizarte-erakundeen inplikazioaren eta gazteen egoerari buruz hartutako erabakien ondorioz. Informazio gehiago eskuratzeko Haur eta Nerabeen Bulegoaren txostena dugu.
Finantza-erakunde batean kontu korronte bat irekitzearen ukapenari eta banku-eragiketak egiteari buruzko ofiziozko jarduerak hasi ditugu.
Herriaren defendatzaileari jakinarazi diogu kezkatuta gaudela banku-erakundeek zailtasunak jartzen dizkiotelako hainbat talderi, bankuan kontu bat irekitzeko edo berau ireki ondoren eragiteko egiteko. Banku-erakundeen sukurtsal batzuek atzerritarren egoera administratibo erregularrari buruzko baldintzak (egoitza-txartela aurkeztea, esate baterako) eskatzen ari dira, baita egoera ekonomikoari buruzko baldintzak ere, txirotasun-egoeran dauden pertsonei eraginez. Pertsona batek ezin badu bankuko kontu baten titular izan, ahultasun handian geratzen da eta laneratzeko eta gizarteratzeko orduan zailtasun handiak izango ditu.
Erakunde honi ezinbestekoa iruditzen zaio merkataritza-praktika hori saihestu ahal izatea. Horrenbestez, gure kezkaren berri eman dio herriaren defendatzaileari, Espainiako Bankuan zenbait jarduerak garatzeko aukera balora dadin, Bankuko Zerbitzuen Bezeroa Defendatzeko ordezkaria den aldetik, eta bankuko kontu bat eskuratzeko eskubidea bermatzen duen arau-proposamenen bat gauzatu ahal dadin, egun indarrean dagoen araudia kontuan hartuz, edo oinarrizko banku-zerbitzuak eskuratzeari buruzko hurrengo zuzentaraua onartzearen ondoriozko etorkizuneko betebeharrei jarraiki.
Duela urte batzuk, pertsona sahararren nazionalitatea eskuratzeari buruzko ofiziozko jarduera hasi genuen eta herriaren defendatzailearen bulegora jo genuen, berau zelako erakunde eskuduna. Bada, aurten ere, jarduera horrekin jarraitu dugu. Justizia Ministerioak jakinarazi digunez, jatorri sahararra duten pertsonen nazionalitate espainiarra eskuratu edo aitortzeari buruzko doktrina (Erregistro eta Notariotzako Zuzendaritza Nagusiarena) jasotzen duen txostena bidali zaie. Herriaren defendatzaileak, halaber, zera gomendatu du, interesdunek izan ditzaketen zalantzak argituko dituen jarraibideren bat ezartzea, beren eskaera tramitatzeko biderik egokiena azaldu eta egun dagoen segurtasun falta nabarmena saihestu ahal izateko. Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinaren arabera, interesdunak Saharan jaio izana eta urtebetez legezko egoitza eduki duela egiaztatzen badu, egoitzagatiko nazionalitate espainiarra eskuratu ahalko du. Horrenbestez, horren berri eman behar zaio. Era berean, nazionalitatea beste prozedura batzuen bidez eskuratu nahi denean eska daitezkeen baldintzak ere zehaztu ahalko lirateke. Halaber, hainbat jarduera has litezke, Erregistro Zibilaren arduradun desberdinen eskutik hainbat agiri baliozkotzat jotzeko irizpide adostuak lortze aldera.
Azkenik, ofiziozko jarduera bat hasi dugu, etorkinen kasuan bizikidetza-unitate independentea osatzeko ezkontidearekin bizi behar delako, ezkontidea edo ezkontzakoaren antzeko beste harreman iraunkorren baten bidez lotuta dagoen pertsona estatuko lurraldean ez denean bizi (Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretua).
Gure ustez, familia berriz batzeko baldintzak betetzen ez diren kasuetan, bakarrik dagoen pertsonak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren prestazioa jasotzeko baldintzak bete beharko lituzke. Pertsona autoktonoak askatasun osoz lekualdatu daitezke, baina etorkinek baimena behar dute Estatuan sartu edo bizitzeko eta beren ezkontide edo seme-alabak batzeko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Krisi ekonomikoak eta enpleguaren suntsipenak are era larriagoan eragiten die ahultasun-egoeran dauden pertsonei. Halaxe gertatzen da atzerritarren kasuan, enplegu-tasa altuagoa dute eta.
Krisiaren ondorioz, gainera, baliabideak urriak direnean autoktonoei soilik (eta ez atzerritarrei) zuzendutako prestazio eta zerbitzu publikoak lehenetsi behar direla uste du geroz eta jende gehiagok, hau da, gizarte-eskubideen balio unibertsala zalantzan jartzen da. Erakunde honen iritziz, gizarte-eskubideek ezin dute bereizkeriarik egin jatorri nazionalaren arabera, hori eskubideen izaeraren aurka baitoa eta beren helburu nagusietako bat urratuko bailuke, pertsona guztien gizarteratzea sustatzea eta bizimodu duina bermatzea, hain zuzen ere. Gure erkidegoan, zerbitzu eta prestazio publikoak eskuratzeko orduan ez da egoera administratiboaren eta jatorri nazionalaren araberako bereizkeriarik egiten eta oso positiboa iruditzen zaigu. Gure gizartearen aurrerapena azaldu eta ahalbidetzeko, berau osatzen dugun pertsona guztiak hartu behar ditugu kontuan. Inor ez dago soberan, guztiok daukagu garatu beharreko funtzio garrantzitsu bat eta gizartea osatzen dugun pertsona eta talde guztiek aukera berdinak izan beharko genituzke gaitasun horretaz baliatzeko. Zurrumurruen aurkako sarea edo immigrazioaren aldeko itun soziala Euskadin bezalako ekimenak oso positiboak dira, helburu hori daukate eta.
Espainiako Gobernuak osasun-arreta eskuratzeko eskubidea mugatu die (salbuespenak salbuespen) egoitza-baimenik ez daukaten edo baliabide ekonomikorik ez daukaten eta erregistratuta ez dauden etorkinei. Erabaki hori konstituziokontrakotasunaren errekurtsoaren zain dago, baina dagoeneko oihartzun izugarria izan du, eskubide baten unibertsaltasuna hausten duelako, atzerritarren egoera administratiboaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan talde honi osasun-arreta osorako eskubidea mantentzea erabaki da, baliabide ekonomikorik ez daukatenen kasuan. Nahiz eta araudiaren aldaketak Banakako Osasun Txartela eskuratzeko tramitean eragin izan duen, atzerritarren egoera administratiboaren araberako bereizkeriarik ez egitea oso positiboa iruditzen zaigu, atzerritarren bizitzeko eta osotasuneko eskubideari nahiz euren duintasunari eragiten baitie. Atzerritarrei aitortu zitzaien eskubide bat aurrekontu-arazoen ondorioz murriztea ezin da zuzenbideko estatu sozial baten barruan sartu. Herritarren zati bati osasun-arreta mugatuz gero, osasun publikoari ere eragingo litzaioke, eta, ondorioz, eskubide humanitariotik eta osasuna kudeatzeko irizpideetatik erreparatuta atzera pausu handia da.
Gurtze-leku islamiko bat irekitzeari buruzko eztabaidak ere ardura handia piztu digu. Gizarte demokratikoaren parte da jatorri nazional desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza anitza, baita kultura, erlijio eta iritzi anitzetako pertsonen artekoa ere, gizarte-kohesioa eta interes orokorraren onura lortu eta mantentzeko eta banakoen eskubideak errespetatzeko helburu komuna lortze aldera. Gutxiengo kulturalek eta banakako pertsonek erlijio-askatasunerako eta gurtze-lekuak irekitzeko eskubidea dute. Halako toki bat irekitzeko mugak ordena publikoko arrazoietan oinarritu behar dira, baina ezingo da inola ere bereizkeriarik egin. Erlijio-askatasunerako eskubidea Espainiako Konstituzioan ageri diren eta garrantzia konstituzionala duten beste eskubide, askatasun eta printzipio batzuekin batu behar da. Ildo horretakoak dira 14. artikuluan eta 9.2 artikuluan jasotako berdintasunaren printzipioa eta 9.3 artikuluan jasotako bidegabekerien debekuaren printzipioa eta etxebizitza izateko eskubideari eta ingurumen egokia izateko eskubideari (45 eta 47. artikuluak) buruzko printzipio zuzentzaileak. Gai hau Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako aurreikuspenekin lotuta egon behar da. Lege horrek agintzen duenez, hirigintzako planek, hiri-ebaluazioaren eta lurraren okupazioaren estrategiarekin bat etorriz, sistema orokorren eta tokiko sistemen txandaketa-sare bat eduki behar dute. Haien artean ekipamendu kolektiboak, hala nola erlijio-zentro pribatuak, beren-beregi aipatzen dira. Gainera, hirigintzako tresnei esker gurtze-leku berriak irekitzearen ondoriozko gizarte-arazoen sorrerari aurre har dakioke. Tresna horren adibide dira udal-plangintzako aholku-batzordea eta planak egiteko herritarren partaidetza.
Oraindik ere alde nabarmena ikusten dugu integrazioa, aniztasunaren kudeaketa eta kohesioa sustatzeko adostu edo martxan jartzen diren tresnen eta hainbat jardueraren artean, besteak beste etxerik gabeko pertsonen babesleku diren eraikinetan atzerritarrak aterarazten direnean.
Oro har, salbuespenak salbuespen, arduradun publikoek diskurtso egokia dute immigrazioaren gainean. Baina funtsezkoa da arduradun politikoen jarduera eta aitorpenek zehatz-mehatz betetzea zuzenbideko estatu demokratiko eta sozialaren oinarrizko printzipioek ezartzen dituzten parametroak. Honakoei buruz ari gara: legezkotasunaren printzipioa (Konstituzioko 9.1 eta 103.1 artikuluak), oinarrizko eskubideen inperioa (Konstituzioko 10. artikulua eta I. titulua), gutxiengoen babesa (Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 27. artikulua), berdintasunerako eta bereizkeriarik ezerako eskubideak (Konstituzioko 9.2 eta 14. artikuluak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 14. artikulua eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 2.1 eta 26. artikuluak), eta balore demokratikoen sustapena eta defentsa. Horrenbestez, agintari publiko guztien ardura da balore horiek defendatzea eta praktika xenofoboak edo islamofokoak eragin ditzaketen jarrerak saihestea.
Herri-administrazioek gizarte-erakunde eta programen laguntza-ildoak ezabatu dituzte eta horrek eragin zuzena dauka etorkinen integrazioan. Erakunde horien lana ezinbestekoa da, malgutasuna eta hurbiltasuna ematen baitute, hau da, ordezkatzeko zaila den balio erantsia. Gizartean egindako murrizketek pertsonarik ahulenei eragiten diete eta bazterkeria-egoerak indartzen dituzte. Hori, noski, oso negatiboa da edozein gizarterako. Horren harira, gizarte-prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu egin dira eta neurri handigoan eragiten die atzerritarrei, aurretiazko errolda-aldi bat eskatzen denean, adibidez.
Egoera administratibo irregularrean dauden atzerritarrei dagozkien eskubideei buruzko nahasmendu eta ezagutza-falta oraindik ere nabaria da. Bizitzeko baimen administratiboa ez edukitzeak ez du esan nahi eskubiderik ez dagoenik. Pertsona guztiek, beren jatorria edozein izanda ere, oinarrizko eskubideak dituzte. Halaber, erroldan izena emateko eta gizarte-eskubide jakin batzuk eskuratzeko eskubidea dute. Araudia oso argia da: administrazioaren baimena eduki ezean ezin da lanik egin. Baina benetako tutoretza, bizilekuaren bortxaezintasuna edo askatasunerako eskubidea bezalako eskubideen titular izaten jarraitzen dute. Duintasunerako eskubidea ere badaukate eta, ondorioz, prestazio eta zerbitzu publikoak mugatzeko hartzen diren erabakietako asko zalantzan jar daitezke.
Horren harira, berriz ere errepikatu nahi dugu gizarte-prestazio eta –zerbitzuen alorrean irizpidea honakoa izan behar dela: ahultasun-egoera eta gizarte-zailtasuna baloratzea, jatorria eta egoera administratiboa albo batera utzita. Gure artean bizi diren pertsonak dira, ez baita atzerritarren sarrera eta egoitzarako araudia aplikatu. Hiru urtez hemen bizi ondoren, bizitzeko eta lan egiteko baimen administratiboa eskuratuko dute. Denbora horretan eskubideak mugatzen bazaizkie, ordea, baztertuak egongo dira.
10. Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak Konstituzioaren 14. artikuluan du oinarria; izan ere, pertsona guztiak berdinak direla dioen printzipioa ezarri du eta bereizkeria debekatu du. Halaber, LGTB pertsonen eskubide berdintasuna aldarrikatzeko duten nazioarteko beste tresna batzuetan ere oinarritzen da. Ezin da inolako bereizkeriarik egin sexu-orientazioa edo genero-identitatea aintzat hartuta, eta euskal botere publikoak behartuta daude pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea eragozten duten oztopoak kentzera. Arlo horretan, gure lanaren xedea hauxe da: lesbiana, gay, bisexual eta transexualek herritarren eskubide guztiak osotasunean gauzatzeko duten aukera babestea, berdintasunaren ikuspuntutik eta sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik inolako bazterkeriarik pairatu gabe. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioen artean beharrezkoak diren neurrien eta jardueren garapena sustatu nahi dugu, eskubide horiek berdintasun baldintzetan gauzatu daitezen. Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:
Gai horrekin zerikusia daukaten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu euskal administrazioek talde horren eskubideak erabat integratzeari dagokionez hobeto funtziona dezaten bultzatu eta sustatzeko.
1. Araudi-testuingurua
Talde horri eragiten dion esparru juridikoa aldatu egin da azken urteetan, pertsona horien eskubide zibilak erabat parekatzeko asmoz, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari dagokionez, bai transexualen edo transgeneroen genero-identitatea sentitzen duten sexura legez egokitzeko ahalmenari dagokionez. Hala, lehen-lehenik, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legea egin zen Euskal Autonomia Erkidegoan; ondoren, ezkontzeko eskubidearen arloan Kode Zibila aldarazteko uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bitartez Kode Zibila aldatu zen eta, azkenik, martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruzko erregistro-aipamenaren zuzenketa arautzen duena, etorri zen; beraz, arau-multzo hori da LGTBen taldearentzako eskubideen eredu berria ezartzeko lege-oinarria. Dena dela, nahiz eta jadanik arrazoizko denbora-tarte bat igaro den, aipaturiko erreformek oraindik hutsuneak eta gabeziak dituzte aplikazio aldetik. Orain dela gutxi, Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkuraren 2012ko azaroaren 6ko 198/2012 Epaiak behin betiko ziurtatu du uztailaren 1eko 13/2005 Legea. Horren bidez, Kode Zibila aldatu zen ezkontzeko eskubidearen eremuan; izan ere, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren legezko araudia konstituzionaltzat jo zen. Horrela, Espainiako zuzenbidean konstituzioan ezarritako sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen erabateko legezkotasuna finkatu zen eta aipatutako legearen aurka egin zenetik mahai gainean jarraitzen zuen eztabaida erabaki zen.
Halaber, 2012. urtean Eusko Jaurlaritzak lege berri bat atera du transexualen arretarako legezko testuingurua arautzeko xedearekin. Genero-identitateari lotutako arrazoiengatik ez baztertzeko eta transexualen eskubideak aitortzeko ekainaren 28ko 14/2012 Legea da. Bertan, euskal erakunde publikoek talde horri eman diezaioketen arretari buruzko alderdi garrantzitsuenak jorratu dira. Legezko testuinguru berri horren erabateko aplikazioak zenbait zalantza eta erronka mahai gainean jarri ditu araudiaren etorkizuneko garapenari dagokionez.
2. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2012. urterako egin dugun jarduketa-planaren esparruan, arlo horretan nagusiki zer jarduketa egin ditugun azalduko dugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arretagune nagusiak LGTB pertsonen eskubideen defentsaren arloan:
2.1. Arlo horretan sustatutako ofiziozko jarduketak
Guraso bakarreko familiei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari eta bi emakumez osatutako bikote batek laguntza bidezko ugalketa-tekniken bitartez seme-alaba bat duenean ama ez-biologikoaren legezko amatasunaren zehaztapenari buruzko Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 Gomendio Orokorraren jarraipenari dagokionez, bere garaian, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Aniztasunaren Kudeaketa Zuzendaritzari laguntza eskatu genion aipatutako gomendio orokorrean jasotako bi iradokizun nagusiak betetze aldera. 2012. urtean hori gauzatzeko beharra azpimarratu dugu. Orain arte, jakin dugu zuzendaritza horrek (txosten hau amaitu zenean eta LGTB kolektiboarekin zerikusia daukaten gaiei dagokienez, Familia eta Komunitate Politiken Zuzendaritzaren barruan zegoen) orain arte alor horretan eman diren aurrerapausuen inguruko datuak biltzen jarraitzen duela. Zuzendaritzaren eskutik lortu dugun informazioa ikusita, ondorioztatu dezakegu, Euskadin, emaitza oraindik desberdina dela. Hala, administrazio oztopo formalak deuseztatzeari dagokionez, gaur arte ezin izan dugu egiaztatu jaurlaritzako sail guztietan zeharka jorratu ote den eskabide, inprimaki eta bestelako agirien egoera berrikustera zuzendutako ekimenik, ikusi ahal izan dugunez, oraindik ere oztopo formalak baitaude guraso bakarreko familientzat eta bikote zein ezkondutako bikote homosexualentzat. Estatu mailako eskumeneko eskabideei dagokienez, Espainiako Herriaren Defendatzaileak –aldez aurretik horren inguruan bidali genion errekerimendu bati erantzunez– Berdintasunaren Estatuko Idazkaritzak emandako informazioa helarazi digu. Bertan, adierazi da legezko errealitate horrekin bat ez datozen administrazio agiri edo inprimakien kasuan, banaka eskatu beharko dela egokitu ditzaten.
Bi emakumeren arteko ezkontzaren barruan lagundutako ugalketa bidez jaiotako haurren seme-alabatasuna legez zehazteko arazoari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, 2011. urtean une horretan Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza zenaren bidez, jakinarazpen bat bidali die lagundutako ugalketa-teknikak aplikatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro publiko eta pribatu guztiei; horren bidez, jakinarazi zien ama lesbianek lege-egoera anbiguoa dutela eta laguntza eskatu zien, eragindako guztiei (teknika horien bidez seme-alabak izan nahi dituzten emakumez osatutako bikoteei) adieraz ziezaieten beharrezkoa dela Erregistro Zibilaren ardura duen epaileari haur jaioberria semetzat edo alabatzat hartu nahi dutela adieraztea. Gai hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren web orrialdean jaso da, hortaz, gai horri lotutako informazioa bitarteko horretan argitaratu da. Dena den, gaur egungo Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak jakinarazi digu oraindik klinika eta osasun zentro jakin batzuetan ez dietela informazio nahikoa ematen arazo hori daukaten emakumez osatutako bikoteei. Horren harira, Espainiako Herriaren Defendatzaileak jakinarazpen bat bidali digu, bi emakumeren arteko ezkontzaren barruan lagundutako ugalketa bidez jaiotako haur baten ama ez-biologikoa legez zehazteari lotutakoa. Bertan, azaltzen da Justiziako Estatuko Idazkaritzak ulertzen duela legeak ezarri duela amaren ezkontideak eman behar duen baimena seme-alaba jaio baino lehen eman behar duela. Baina, horrez gain, adierazi digute, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Orokorrak besteak beste 2008ko apirilaren 17ko, maiatzaren 22ko eta azaroaren 24ko ebazpenetan azaldutakoa aintzat hartuta, baliozkotzat eta nahikotzat jotzen dela ama ez-biologikoak umea jaio ondoren, umea inskribatzean, adierazitako adostasuna ere.
Justiziako Estatuko Idazkaritzak emandako argibide hori oso garrantzitsua da, hortaz, gure ustez, laguntza bidezko ugalketa-tekniken gaineko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen interpretazio posible hori Euskadiko erregistro zibilen ardura daukaten organo judizialen artean helarazi eta zabaldu beharra dago (gure gomendio orokorrean jasotako ikuspegiarekin bat dator).
2009. urtean egindako “Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin” izeneko txosten bereziaren jarraipenari dagokionez, Eusko Legebiltzarrak ekainaren 28ko 14/2012 Legea onartu zuen, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa eta erakunde honek aipatutako txostenean azaldu zituen helburuan zati handi bat jasotzen duena. Horrela, parametro berriak ezarri dira transexualentzako arretaren arloan euskal herri-administrazioen jarduerak ebaluatzearen inguruan. Izan ere, xedapen horiek erabili daitezke kolektibo horren eskubideak baliatzerakoan. Azken urteetan, Ararteko erakundeak transexualen eta transgeneroen egoera hobetzeko tresna zehatzak biltzen dituen legeria komenigarria dela aldarrikatu izan du eta hala adierazi genuen 2009ko txosten berezian. Izan ere, pertsona horiek behar bezalako arreta eta laguntza jaso behar dute euskal erakunde publikoen eskutik. Txosten hau itxi zen unean, Ararteko erakundeak Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza eskumendunarekin harremanetan jarraitzen zuen, aipatutako legean ezarritakoa modurik onenean inplementatzeko asmoz, erakundearen ikuspuntua jakinarazteko aukera edukitzeko helburuarekin, batez ere, zailtasun teknikorik handienak eragiten dituzten legezko alderdien garapenari eta aplikazio eraginkorrari dagokienez.
2.2. Bilerak elkarteekin
a. Bilera Gehituren Hezkuntza Batzordearekin, aniztasun afektibo-sexualari eta genero-identitateari lotutako eskubideak hezkuntzaren eremuan gaiaren ingurukoa
Aurten ere, elkarte horrekin bilera bat egin dugu eta jakinarazi digu kezkatuta dagoela bere ustez eskola-ingurunean sexu-joerari edo genero-identitateari dagokionez bestelako portaera duten haurrak askotan babesik gabe geratzen direlako. Elkarte horretako arduradunek lanean dihardute gai horren inguruko hainbat planteamendu abiapuntutzat hartuta eta, gai horri lotuta, Europa mailako proiektuetan lankidetzen aritzeko prest daude Ararteko erakundea bezalaxe (beherago horren gaineko erreferentzia zehatzagoa egingo dugu). Ondorioztatu da, gai horren inguruan, irakasleei eta ikastetxetako zuzendaritzei prestakuntza eskaintzea eta kontzientziatzea ezinbestekoa dela. Horretarako, Gehitu elkarteko ordezkariek halabeharrezkotzat jo dute Hezkuntza Sailak helburu hori lortzera zuzenduta dagoen ildo politikoa bere gain hartzea. Gai horri dagokionez, gure esku-hartzea mahaigaineratu genuen, zehazki, Rainbow Has Europako proiektu berriaren bidez (aurrerago azalduko den moduan, Ararteko erakundeak koordinatuko du 2013-2014 biurtekoan zehar). Proiektu horrek hainbat hezkuntza erakunde, familia eta irakasle tartean sartzeko tresnak barne hartzen ditu, aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideekiko adeitsua eta onuragarria den eskola lortzeko xedearekin.
b. Ararteko erakundeko arduradunen eta Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuan lan egiten duten LGTB pertsonen eskubideen defentsarako elkarteen arteko bilera
Bilera horretan eta Ararteko erakundearen laguntza behar izan zuen kasu zehatz bat abiapuntutzat hartuta, adingabeei, familiei, irakasleei eta ikastetxeei laguntza emateko modua jorratzeko aukera izan dugu, ikastetxeetan adingabeek identitate-aniztasunarekin eta genero-rolekin zerikusia duten egoerei edo jokamoldeei aurre egin behar dietenean. Erakunde honek 2013. urtean zehar gai hori jorratzen jarraitzeko asmoa dauka.
c. Ararteko erakundeko arduradunen eta Aldarteren arteko bilera
Bilera horretan, Arartekoaren proiektuak eta horri lotutako hainbat kontu jorratu ziren. Era berean, erakundeak elkartearen eskaintza bat jaso zuen –LGTB pertsonen errealitateari buruzko ezagutzak aintzat hartuta– LGTBen eskubideen inpaktua ebaluatzeko, ikuspegi hori gizarteko hainbat eremutan gaineratzeko eta etorkizunean Ararteko erakundeak horren gaineko ikerketa bat egin dezala, txostenak edota beste tresna batzuk erabiliz.
2.3. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2012. urtean zehar zenbait bilera egin ditugu Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Kudeaketa Zuzendaritzako langileekin. 2012. urtea amaitzerakoan eta gobernu aldaketarekin bat etorriz, funtzio horiek Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Zuzendaritzan sartu ziren. Urte guztian zehar, bilera horietan Eusko Jaurlaritzaren zein Ararteko erakundearen interesekoak diren gaiak jorratu dira:
2.4. LGTBen eskubideak sustatzeko beste jarduketa batzuk
a. LGTB adingabeen eskubideen aldeko Europa mailako proiektuetan parte hartzea
Erakunde honek lortutako informazioaren argitan, bai eta Arartekoaren “Adingabeei balioak transmititzea” txosten bereziaren emaitzak ikusita ere, Ararteko erakundea jabetu zen premiazkoa zela irmoki lan egitea hezkuntzaren esparruan bestelako sexu-joera edo genero-identitatea duten haurrei, nerabeei eta gazteei erabat garatzen laguntzeko, bai eta, oro har, haurtzarotik LGTBen eskubideen erabateko errespetuan eta gizarte-integrazioan oinarritutako herritarren kultura bat eratzeko ere.
Testuinguru horretan, 2011. urtean, Europako zazpi herrialdetako beste bederatzi erakunderekin batera, Europako Batzordeak (Justizia, Elkartasun eta Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorraren Oinarrizko Eskubideen eta Herritartasunaren aldeko Zuzendaritza) sustaturiko Rainbow proiektuan parte hartzen hasi ginen (proiektua inspiratu duen kontzeptuaren ingelesezko siglak jasotzen ditu: Rights Against IntoleraNce: Building an Open-minded World/ Intolerantziaren aurkako eskubideak: aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikiz). Horren xedea haurren, nerabeen, gazteen eta irakasleen artean homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko testuak eta ikus-entzunezko materialak sortzea eta zabaltzea da, baita Europan homosexualen eta transexualen eskubideak erabat errespetatu eta aitortuko dituen kultura bat sustatzea ere.
Aipatutako proiektua gauzatzeko epea (bi urtekoa) 2012. urtean amaitu da. Urte horretan, 2011n Euskadiko ikasleen eta irakasleen artean gai horren inguruan dauden estereotipoen gainean egindako ikerketa abiapuntutzat hartuta, 15-19 urte bitarteko euskal gazteen parte-hartzea sustatu dugu homofobiaren eta transfobiaren aurkako film laburren nazioarteko lehiaketa batean (irabazlea Bizkaiko gazte bat izan da) eta eskoletan estereotipo horien aurka borrokatzeko eta askatasun giroa eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua sustatzeko tresna didaktiko bilakatuko diren hezkuntzako materialen eraketa amaitu dugu. Europako beste herrialde batzuekin lankidetzan arituz proiektu horretan izandako esperientzia oso aberasgarria izan da eta erakunde hau ziur dago 2013. urtetik aurrera material hori hainbat ikastetxetara eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen erabateko integrazioaren aldeko hezkuntza sustatzeko ahalmena duten beste erakunde batzuetara helduko dela.
Modu berean, 2012. urtean, Ararteko erakundeak Europa mailako beste proiektu batean konprometitzeko erabakia hartu du. Gaia bera da: hezkuntzaren arloan aniztasun afektibo-sexualari lotutako eskubideak eta xedea aurrekoari jarraitutasuna ematea da. RAINBOW HAS izeneko proiektuari buruz ari gara (proiektuaren Europako erreferentzia ofiziala: JUST/2012/FRAC/AG/2652). Europako Batzordearen Justizia Zuzendaritza Nagusiak sustatu duen “Funtsezko eskubideak eta herritarrak” izeneko komunitatearen ekintza-programaren testuinguruan, proiektu hori, Ararteko erakundeak koordinatuko duena, Europar Batasunak aukeratu du finantzazioari dagokionez (5. orrialdea). Rainbow Has izena ondorengo ingeleseko siglek osatzen duten akronimoa da: Rights through Alliances: Innovating and Networking BOth Within Homes and Schools (Eskubideak elkartasunaren bidez: Berrikuntzak egin eta sareak osatu etxean zein ikastetxean).
Proiektu hori Ararteko erakundeak koordinatuko du eta Europako 8 herrialdetako 13 erakundek parte hartuko dute (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia –Katalunia eta Euskadi– Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua). 2013-2014 biurtekoan zehar garatuko da eta alderdi hau azpimarratu nahi du: sexu-aniztasunari dagokionez (sexu-orientazioari eta genero-identitateari lotutako aniztasuna), haurren eta nerabeen eskubideen egoeraren azterketa eta hobekuntza hezkuntza eremuan, zentzu zabalean, hau da, hezkuntza erakundeak, irakasleak zein mota guztietako familien elkarteak barne hartuz. Xedea haurtzarotik aniztasun sexualarekiko hezkuntza irekia jasotzea da, sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen ondoriozko bazterkeria edo jazarpena (edozein formatan, hau da, jarrera homofobo edo transfoboak) saihesteko eta horren aurka egiteko gai dena.
Proiektu hori abian jartzeko, Ararteko erakundeak herrialde parte hartzaileetako erakunde parte hartzaileak (unibertsitateak, ikerketa soziologiko eta pedagogikoak burutzen dituzten taldeak, udalak, haur hezkuntza sustatzeko elkarteak, LGTB pertsonen eskubideen aldeko elkarteak eta guraso bakarreko familien elkarteak) koordinatuko ditu batera lan egin dezaten bi urtetan zehar, ondorengo lan ildoak jarraituz honako xede hauek lortze aldera:
Proiektu hori amaitzen denean eta aipatutako lan ildoekin bat eginez, laburbilduz, hauek izango dira lortu nahi diren emaitza nagusiak:
Laburbilduz, 2013. urtean Euskadin egingo den talde osoaren lehenengo bileraren bitartez abian jarriko den proiektu horren garapenaren oinarria gizarte aliantza sendoak ezartzean datza eta xedea herritarren eskubideen alorrean aurrerapausuak ematea da: elkarteen, erakundeen eta hezkuntzaren inguru formalaren arteko aliantzak, gehiengoaren interesak ordezkatzen dituzten elkarteen (ikasleen familien edo gurasoen elkarteak) eta gutxiengoen eskubideak defendatzen dituzten elkarteen (guraso bakarreko familien elkarteak eta LGTB pertsonen eskubideen babeserako elkarteak) arteko aliantzak. Erakunde honentzat erronka bat izateaz gain, Europa mailan aliantzen prozesu baten buru izateko aukera ezin hobea da. Horri esker, beste herrialde batzuen parean aurrera egingo dugu eta gure elkarteen eta erakundeen sareak konektatuko ditugu haurren, nerabeen eta gazteen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen defentsaren alde.
b. Hainbat forotan, jardunalditan eta zabaltzeko beste jarduera batzuetan parte hartzea
2012. urtean zehar, LGTBen eskubideekin zerikusia duten jarduerak edo jardunaldiak antolatu dituzten hainbat forotan parte hartu dute bai arartekoak, bai arlo horretako arduradunek. Arartekoaren jardueren gaineko informazio zehatzagoa txosten honetako V
. kapituluan aurkitu daiteke, erakunde honetako titularraren jardunen ingurukoa baita.
Ekainaren 28an, LGTBen harrotasunaren nazioarteko egunaren ospakizuna dela-eta, erakunde honek erakunde-adierazpen bat egin zuen. Horren bitartez, gogora ekarri genuen sexu-orientazioan eta genero-identitatean dagoen aniztasunak oraindik ere bazterkeria, estigmatizazioa eta gizarte bazterkeria eragiten dituela. Adierazpen horretan azaldu genuen hezkuntzaren eremuan eskubide horiek babesteko lehentasunezko helburua ezartzea beharrezkoa dela, ikastetxea leku seguru bat dela bermatzen duten estrategiak ziurtatuz eta adingabeak sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen erabateko garapen askean babesa eskainiz.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa LGTBen eremuan
Oro har, egiaztatu ahal izan dugu eremu horretan jaso ditugun herritarren kexak urriak eta ez oso esanguratsuak izan direla. Hori ez dator bat Euskadiko LGTBen elkarteen sare indartsuak helarazi dizkigun aldarrikapen argiekin eta eremu horretan burutu dugun sustapen lanaren bitartez antzeman ahal izan ditugun gabeziekin. Aurreko urteetan antzeman ahal izan genuen moduan, herritarrek arlo honetan euskal herri-administrazioei ezer ez egoztea honela interpreta liteke: gure sisteman berdintasun formala ziurtatuta dagoela, behintzat jarduketa publikoei dagokienez; baina horrek, noski, ez du esan nahi homofobia eta heteroarauzkotasuna erauzi direnik, oraindik ere gure gizartean baitaude, nahiz eta modu sotil eta ezkutuagoan agertu. Edonola ere, hori kontuan hartuta, pentsa dezakegu LGTB pertsonen eskubideen eremuaren aurrerapena herri-administrazioek sustatu behar dutela, gure adingabeen hezkuntzan bereziki azpimarratuz, hau da, haurtzarotik aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko gauzatzea errespetatzera zuzendutako ekintzak sustatuz.
1. Transexualen arloan antzemandako arazo nagusiak eta hobetzeko eremuak jarduerei eta politika publikoei dagokienez
a) Arazo nagusiak: Alde batetik, azpimarratu behar ditugu transexualen salaketen bidez agerian jarritakoak, euren erabateko gizarteratzea errazteari buruzkoak. Transexualek jasotzen duten arreta hobetzeko eskatzen jarraitzen dute oraindik ere, sexua aldatzeko osasun- eta lege-prozesuen ondorioz talde horri sortzen zaizkion arazoak salatzen dituztenean. Orain dela gutxi, 2012. urtean, Eusko Legebiltzarrak transexualentzako arreta integralari buruzko lege zehatz bat sustatu zuen eta horrek, beharbada, salaketa horiei erantzuna eman ahal die, betiere, edukia dagokion erregelamenduzko garapenaren eta, beharrezkoa den alorretan, dagokion zuzkidura ekonomikoaren bitartez gauzatzen bada. Hala eta guztiz ere, pertsona horien beharrak integratzen dituen arreta lortze aldera, alor horretan erreferentziazkoa den osasun unitate baten instituzionalizazioa eta osasun-gida baten legezko xedapena aintzat hartu beharreko urratsak dira.
b) Hobetu beharreko eremuak: Legezko xedapen horiek euskal osasun sistema osora zeharka eraman behar dira, batez ere, lehen mailako arreta, pediatria, endokrinologia eta buruko osasun zerbitzuetara. Modu horretan, osasun zerbitzu horietan erreferentziazko unitatearen ezagutza espezializatua eta planteamendu mediko eta psikologikoak integratuko dira eta euskal legerian aurreikusitako transexualen gaineko osasun gida osatuko da. Halaber, tartean dauden osasun arloko langileek gai horren inguruko prestakuntza zehatza jaso beharko dute.
Gure iritziz, transexualen aurkako bazterkeria desagerrarazteko legez ezarritako tresnak modu zehatzean nola artikulatu eta kolektibo horrentzako arreta publiko integrala lortzeko (euren gizarteratzea eta eskubide-berdintasuna bultzatzen duena) oinarriak modu eraginkorrean nola finkatu hizpide duen hausnarketak mahai gainean jarraitzen du. Zentzu horretan, Euskadin transexualen izaera aitortzeko administrazio dokumentazioari buruzko legezko xedapenen gauzatzea jorratu beharko da –diseinuari eta gauzatzeari dagokionez, zailtasun bereziak agerian jarri badira ere, izan ere, eskumenen arloan dauden mugak kontuan hartu behar dira–. Horrez gain, euskal administrazioari dagozkion erregistroaren aldaketak burutzeko eta transexualei legez aitortutako identitate berriari erabat egokitzen diren agiriak emateko eginbeharra ezarri dioten legezko xedapenen gauzatzea ere jorratu beharko da.
2. Gay eta lesbianen arloan antzemandako arazo nagusiak eta hobetzeko eremuak jarduerei eta politika publikoei dagokienez
a) Arazo nagusiak: Erakunde honek aurreko urteetan mahai gainean jarritako zenbait kontu jorratzeke daude, hala nola, adineko gay eta lesbianei euren eskubideen gaineko informazioa emateko beharra (bikotekidea hiltzen den unean babesgabetasuna saihesteko); administrazio guztietan guraso bakarreko familiek edo sexu bereko bikote edo ezkondutako bikoteek gainditu behar dituzten oztopo formalak edo administratiboak deuseztatzeko beharra zabaltzea edo ama lesbianen egoera behin betiko argitzeko beharra, seme-alaben eta ama ez biologikoaren arteko seme-alabatasuna aitortzeari dagokionez. Hori guztia, erregistro zibiletako praktikak bateratuz lortuko da, seme-alabatasun ez biologikoaren aitorpenari dagokionez, emakumez osatutako bikoteen kaltetan izan gabe eta bikote heterosexualei abantailarik eman gabe.
b) Hobetu beharreko eremuak: Zentzu horretan, euskal administrazioek ahalegin bat egin behar dute administrazioen koordinazioa hobetze aldera, hala euren artekoa, nola Estatuko Administrazioarekiko koordinazioa. Horrela, eragindako herritarrek ez dute modu bidegabean pairatu beharko legeriak berak barne hartzen ez dituen ondorio zitalak, legeak, kasu horietan berdintasuna aldarrikatu baitu.
3. LGTB adingabeen arloan antzemandako arazo nagusiak eta hobetzeko eremuak jarduerei eta politika publikoei dagokienez
a) Antzemandako arazoak: LGTB haurren eta nerabeen alorrean, gabezi nabarmena antzeman dugu hezkuntza sisteman, aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko errespetua integratzeari, bistaratzeari eta sustatzeari dagokionez. Hori guztia honetan antzeman daiteke: ez dago irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programarik, ikasgelan ez dira kontu horiek modu sistematikoan eta antolatuan jorratzen, ez dago sexu-orientazioari eta genero-identitateari buruzko material zehatzik eta egun erabiltzen diren material didaktikoetan ez dira bizikidetza eredu berriak islatzen. Halaber, egiaztatu dugu ez dagoela jazarpen homofoboa berariaz jorratzen duen mekanismorik –gero eta ikerketa gehiagok argi utzi duten arren ikastetxeetan jazarpen mota hori askotan gertatzen dela eta ondorio larriak dituela–. Hala eta guztiz ere, ematen du zehaztasun hori ez dela aintzat hartu eskolako jazarpenari erantzuteko protokoloan. Zentzu horretan, irakasleek antzeman dute hezkuntza sistemak ez diela inolako laguntzarik eskaintzen gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko. Hala adierazi da Euskadin egindako landa-lanean, Rainbow Europako testuinguruan, gorago aipatu duguna hain zuzen ere.
b) Hobetu beharreko eremuak: Ararteko erakundearen iritziz, haurrekin eta gazteekin ikastetxearen eremuan eta elkarteen eremuan lan egitea funtsezkoa da, sexu-orientazioan eta genero-identitatean dagoen aniztasuna erabat onartzearen aldeko hezkuntza eratuz gazte-gazteak direnetik. Zentzu horretan, haurtzarotik errealitate hori kontuan hartzen duen hezkuntzaren garapena irmotasunez jorratzea ezinbestekoa da:
11. Adinekoak
Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen du gero eta ugariagoa den 65 urtetik gorako pertsonen talde heterogeneoarengan.
Talde horren %80 inguru bizitza modu autonomoan gara dezaketen pertsonek osatzen dute, eta gehienak 80 urtetik beherakoak dira. Gainontzeko %20a eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza behar duten pertsonek osatzen dute, eta horiek gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira.
Pertsona bakoitzaren premiak desberdinak dira, beren osasun-egoeraren (zentzurik zabalenean hartuta), menpekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten baitira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatearengan.
Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpen garrantzitsua, hala nola, ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab., baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere, adineko horien parte hartzea ahalbidetzen duten eta zahartzaroa ahalmenenez edo gaitasunez beteriko bizi etapa gisa agerian jartzen duten politika publikoen garapenean jaso behar dira; gizarte aldaketarako bidea eman duten eta adinekoei merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna ematen dieten politikak.
1. Arloa kopurutan
2012an 40 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan. Kexak izapidetzeko lana osatzeko, ekintza planari buruzko kapitulu honetako IV. atalean azaldu ditugun jarduketak egin dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Bizkaiko eta Arabako pertsonen zenbait kexa eta kontsulta izan ditugu. Arrazoia izan da administrazioek behin eta berriz eskatu dizkietela dagoeneko euren eskuetan dauden agiriak, norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoerari arreta emateko zerbitzuak eta prestazioak eskatzeko prozeduretan.
Alde batetik, kezkatuta gaude, alde batetik, administratuek dagoeneko diharduen administrazioaren eskuetan dauden agiriak ez aurkezteko duten eskubidea urra lezakeelako horrek (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legeko 35.f artikulua eta herritarrek zerbitzu publikoak elektronikoki eskuratzeko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2 b artikulua) eta, bestetik, errekerimendu horiek prozedura atzeratu eta hain ahula den taldeari (mendetasuneko egoeran dauden pertsonena) bere eskubideak erabiltzeko asmoa ken liezaioketelako, gestio horiek zaintzaileei –kasu askotan adineko pertsonak dira– ekar liezaieketen gainesfortzua dela-eta, berez lan zama handia hartzen baitute euren gain. Askotan adierazi dugunez, gure erakundeek ahalik eta gehien arindu behar diete lan zama hori.
Bizkaiko Foru Aldundiko (aurrerantzean, BFA) Gizarte Ekintza Sailak kezka horretan bat datozela esan digu; haren iritziz, “...mendekotasuna baloratzeko prozedurak eta baliabideak esleitzeko prozedura bakar batean batu behar dira izapideak eta zereginak errepikatu ez daitezen.” Erantsi duenez, zentzu horretan lan egiten hari dira eta zenbait jarduketa egin dute hari buruz, hala nola “L.D. aplikazioa (balorazioak) modu informatikoan migratu da familia barruko zaintzak eta egoitza iraunkorrak aplikatzearekin bateragarria den ingurune batera. Horrela, L.D. aplikazioan dauden datu guztiak automatikoki irauli dira beste aplikazioetan. Baliabideak kudeatzen dituzten administrazio unitateek balorazio unitateek egindako BAPak ez berrikusteko agindua eman da, eta era berean, gehiago luzatu gabe eta automatikoki baliabidea esleitzen jarraitu dadin ere agindu da.” edo BJA sinatutakoan prestazioa amaitutzat emateko aukera, eskatzaileak hala nahi badu.
Azkenik, aipatu duenez, “Printzipio horiek betetzen dira, baina batzuetan zaila da horiek zorrotz betetzea, prozesuan administrazio batek baino gehiagok parte hartzen dutelako: udalak, balorazioa egiteko eskabidean (eta etxez etxeko laguntza bada, baliabidea esleitzean), Aldundia (baliabidea baloratzean eta esleitzean) eta beste batzuk (Gizarte Segurantza FLPOn eta Eusko Jaurlaritza Telelaguntzan)”.
Horrek, berriz ere, agerian utzi du erakundeen arteko koordinazioa bultzatu behar dela EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten bereziko hirugarren eta laugarren gomendioetan aipatu genuenez.
2.2. Senide bat kexu zen Irungo egoitza zentro pribatu batean adineko pertsona bati emandako arreta medikuagatik. Gure iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundiko (aurrerantzean, GFA) Inbertsio, Ikuskaritza eta Lankidetza Zerbitzua bat etorri ez arren, zentzu horretako jardunbide desegokiak gertatu zirela ondorioztatzeko zantzuak zeuden. Kexa horiek izapidetuz agerian geratu da egoitza zentroan arreta jasotzen duen pertsonaren osasun egoerak zentro horren arreta ahalmena gainditzen duenean, egoera hori familiari berehala jakinarazi behar zaiola, adineko pertsona beste toki batera eramateko.
2.3. Kexa batzuen izapidetzearen kariaz, foru erakundeei arestian aipatu txosteneko gomendioei buruzko oroigarriak igorri dizkiegu, zehazki, 11.16 gomendioa GFAri eta 11.6 eta 11.7 gomendioak Arabako Foru Aldundiari (aurrerantzean, AFA).
2.4. Enkarterrien eskualdeko (Bizkaia) eguneko zentrorako sargarritasunari buruzko zenbait kexa jaso ditugu. Dirudienez, Balmasedan eguneko zentro berria abiarazteak eragina izan du eskualdeko beste eguneko zentroetan; hala, Gueñesko Lújar Zentroa itxi egin da eta eskualdeko erabiltzaileek, senideek eta herritarrek horren aurka egin dute, eta beste zentro batzuetan, hala nola Zallako Enkarterri Zentroan, okupatutako plazak murriztu dira. Eskualde horretan biztanleria oso sakabanatuta dago eta, beraz, herri txikietatik gertu zentroak egoteak hobeto bermatuko luke arreta, are gehiago kontuan hartzen badugu oraintxe bertan itxarote-zerrenda dagoela, batez ere adineko pertsonak Balmasedako zentro berrira eroateko zailtasunek eraginda (eguneroko joan-etorriak luzeegiak dira).
Sakoneko beste arazo bat dago, eguneko zentro pribatuen homologaziorik ezari lotuta. Arrazoia, Gizarte Ekintza Sailaren arabera, Eusko Jaurlaritzak mendeko adineko pertsonentzako eguneko zentroei buruzko urriaren 17ko 202/2000 Dekretuaren araudia garatu ez duela da. Eusko Jaurlaritzaren ustez, bestalde, ez da beharrezkoa araudia garatzea foru erakundeak berak homologazioak egin ahal izateko betekizunak behar bezala ezar ditzan. Gure iritziz, premiazkoa da arazo horri erantzuna ematea, autonomia eta foru mailako erakundeen arteko koordinazio egokiaren bidez.
Beste kexa batzuk izapidetzerakoan, Bizkaiko beste eskualde batzuetako eguneko zentroetan ere itxarote-zerrendak daudela egiaztatu dugu. Hori dela-eta, BFAko Gizarte Ekintza Sailari berriz esan behar izan diogu zerbitzu horiek zerbitzuari lotutako prestazioa arautzen duen araudian sartzea komeni dela (izan ere, egun, prestazio horretatik kanpo utzi dira). Sailak jakinarazi digunez, “prestazioa zabaltzeko premiari, komenigarritasunari edota, egokia balitz, aukerari eta eguneko zentro pribatu batean emandako arretak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeari buruzko hausnarketa” hasi du.
2.5. Pertsona batzuek salatu dutenez, Bilboko Udalak uko egin dio etxean zaintza pertsonalak egiten zituen laguntzaileak adineko pertsonari eguneko zentrorako foru garraioaren geralekura lagun ziezaion onartzeari. Gure ustez, eskaera arrazoizkoa zen eta baliabideak optimizatzen laguntzen zuen (Udalak, ordea, helburu horretarako beste pertsona bat ordu erdiz kontratatzea proposatu zuen, eta horrek zaintza pertsonalak galarazi edo haien intentsitatea gutxiarazten du).
BFAk derrigorrez eskaini behar du garraioa eguneko zentrora iristeko, baina erabiltzaile guztiak errazago biltzeko (alferreko itxaronaldiak saihestuz) zenbait geraleku adieraziz gaitu dezake. Batzuetan, erabiltzaileak bildu beharretarako egokitzapenak egiten dira, baina azaldu dizkiguten kasuetan, aldaketak pertsona gehiagori zekarzkion kalteak onurak baino.
Gure ustez, Bilboko Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua (aurrerantzean, ELZ) kudeatzeak irtenbidea eman behar luke, arreta pertsonala eta lagun egitea uztartuz, pertsona bakoitzarentzat aurreikusitako zerbitzu intentsitatearen esparruan. Halako kasuetan, Bilboko Udalari adierazi diogu etxez etxeko laguntza zerbitzuan eguneko zentrorako garraioaren bilketa gunerako lagun egite laburra sartzea komeni dela. Etxean burututako zaintza pertsonalen amaierarekin bat etorri behar luke denboran eta beharrezko bidea da eguneko zentroaren zerbitzua eraginkortasunez eskaini ahal izateko. Udalak aukera posibleak aztertuko dituela esan digun arren, orain arte ez du agertutako arazoa konpondu.
ELZri lotutako beste kasu batean, mendetasuneko III. gradua daukan adineko pertsona baten familiak Arabako foru erakundeak arreta horretarako esleitu zituen zereginetako batzuk aldatu nahi zituen. Arartekoaren esku-hartzeak aldaketa bultzatu zuen haiek nahi zuten zentzuan, eta hala alderdi bien onerako akordioa lortu zen.
2.6. GFAk pertsona onuraduna hil ondoren laguntza produktu bat (ohe artikulatua) biltzeko luzamenduari dagokionez, Sailak jakinarazi zigunez, bilketa egin zen eta alegatu zuenez ez zuen legez xedatutako eperik urratu. Halaber, bat etorri zen Ararteko erakundearen: halako prozesuek bizkorrak izan behar dute, administrazioak dauzkan baliabideak optimizatzeko eta balizko erabiltzaileen onerako.
2.7. Urte hasieran, kexak areagotu ziren Bizkaian balorazio prozesua luzatzen zelako, etxez etxeko bisitak egiteko ardura duen erakundearen kontratazioari lotutako zenbait gorabeheraren ondorioz. Momentu batean, erakunde honek adierazi zuen mendetasuna baloratzeko lanak foru erakundeetako langileen ardura izatea komeni dela, bai ezagutzen diren datuen izaera pertsonalagatik, bai independentziaren printzipioa bermatu eta azaldutakoa bezalako egoera okerrak saihestu beharragatik, hori dena Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasuneko egoeran dauden Pertsonen Arretarako abenduaren 14ko 39/2006 Legeko (aurrerantzean, AMAL) 28.6 artikulua betez.
2.8. Donostiako Udal Kirol Patronatuak, kirol jarduerak bere lehentasunen arabera antolatzeko ahalmena izan arren, kexa aurkeztu zuten adineko pertsonekin batera adineko pertsonentzako kirol ikastaroak beste zentro batean (egokiagoa eta irisgarria haien iritziz- eskaintzeko aukera baloratzea onartu du, baldin eta pertsona kopuru arrazoizko batek ikastarora joateko konpromisoa hartzen badu. Gure iritziz, pertsona horien osasuna sustatzen eta zahartze aktiboa bultzatzen duten aztura osasungarriak hartzen laguntzen du horrek.
2.9. Aurten kexa asko AFAk onartutako mendetasun graduaren murrizketarekiko desadostasunari eta familia inguruko zaintzetarako prestazio ekonomikoengatik (aurrerantzean, FIZPE) behar gabe jasotako zenbatekoak itzuli beharrari dagokionez horrek zekartzan ondorioei buruzkoak izan dira.
Ikusi dugunez, halako kasuetan, hasierako mendetasunaren onarpenaren baliozkotasun epea iraungitzeko egun berberetan, gutun bat helarazten zitzaien eta bertan interesatuei balorazio berria eskatu eta horretarako data ezartzen zen, gutxienez, handik lau hilabetera, balorazio berritik erator zitezkeen ondorioen berri eman barik.
Balorazio berriaren ondorioz, FIZPE emateko betekizuna indargabetzen zen eta horren ondorioak arestian aipatu iraungitze datara atzera eramaten ziren. Hala, herritarrek hasierako balorazioaren iraungitze dataren eta balorazio berriaren ebazpenaren dataren artean jasotako hileko kuotak itzuli behar zituzten.
Gure iritziz, administrazio prozedura orokorrari buruzko legediaren eta AMAL garatzeko, FIZPEren araudia onartu zuen abuztuaren 3ko Diputatuen Kontseiluaren 40/2010 Foru Dekretuko 6, 20.a) eta 21.c) artikuluen interpretazio zuzenak, prestazio desegoki horiek eskatzeko aintzat hartutako eragin data mendetasun gradu berria onartzeko datan jarriko luke, eta ez aurreko onarpena iraungi zenekoan. Ezinezkoa litzateke frogatzea eskatutako betekizuna berrazterketa izatez egin den unea baino lehen gertatu dela. Data horretan egiazko irizpen teknikorik egon ez arren hala jotzea eduki zehaztugabea edo ezinezkoa duen ebazpen baten atzerareagina argudiatzea bezalakoa litzateke (HAAJ eta APELko 62.1.c artikulua). Egokia iritzi genion behar gabe jasotako prestazioak itzultzeko eskatzen duten ekintza administrazio horiek ofizioz berrikusteari. Foru erakundea ez dator bat interpretazio horrekin.
AFAri adierazi genion, pertsona horiei –diru-sarrera urriak dituzten eta jasotako prestazioak gastatu dituzten adinekoak gehienak– eragiten ari zitzaien kaltea ikusita, berrazterketa egoteko data iraungitzea gertatzen den hil berean finka zezala eta, edonola ere, argi eta zehatz azal zitzatela balio-epearen preklusiotik eratorritako balizko ondorioak. Hori guztia administrazioaren jarduerarik ezak pertsona interesatuak kalte ez zitzan.
Balorazioari berari dagokionez, irizpide teknikoak eta medikuak darabiltza eta, haien izaera dela-eta, ez dagokio erakunde honi haiek eztabaidatzea. Hala ere, kezka handia sortu digu, herritarrek balorazio horiei buruz erakutsi duten desadostasunarekin batera, baloratutako pertsonen laguntza eta zaintza premiak ikusita, nekez uler daitezkeen graduazioei buruzko pertzepzioa ere egoteak –hala adierazi digute sare publikoko osasun langileek edo gizarte langileek, gure informazioa haiekin kontrastatu dugunean–.
AFAk mendetasuna baloratzeko baremo berriaren (indarrean otsailaren 18az geroztik) aplikazio zuzenean arrazoitu ditu balorazio edo gutxitze berriak, haren aburuz, baremo berriak lehenagoko balorazio tresnaren disfuntzio argiak zuzendu baititu. Halaber, honako irizpide teknikoa ere argudiatu du: mendetasuna egoera iraunkorra da eta ez dago arrazoizko aukerarik pertsonaren funtzionamendua leheneratzeko edo hobetzeko. Honakoa ere erantsi du: “adin aurreratuko, gaixotasuneko edo desgaitasuneko egoera guztiek ez dakarte mendetasunik, ofizialki onartzeko ondoreetarako, eta jardute oker orok ez dakar derrigorrez egoera hori ofizialki onartzea”.
Bestalde, foru erakundeek eskatzen duenari espediente osoaren kopia eman zein ez, erasandako pertsonek euren defentsa prestatzeko dituzten zailtasunak ikusita, komenigarria deritzogu ebazpenarekin batera balorazio irizpena ere eransteari.
2.10. Gure esku-hartzearen kariaz, BFAk aldi baterako egonaldiko baliabidea onartu zion lehenago hura ukatu zitzaion adineko pertsona bati, zaintzaile nagusiak argudiatutako premia bereziko zioak berrikusi ondoren.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. 2012an, gizarte zerbitzuen zorroa arautuko duen dekretua izapidetzen hasi da. Autonomia, foru eta udal eremuan zerikusia duten administrazioen arteko lau urteko negoziazioen ondoren eman da urrats hori. Bertan herritarrek eskubidea duten zerbitzu mota, haien ezaugarriak, eskuratzeko betekizunak eta eskumen eremua jasoko dira.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak bere baitan lan-talde baten eraketa sustatzea erabaki du. Lan-talde horrek erabaki beharko du zorroaren finantza nahikotasuna, hots, erakunde bakoitzak esleitzen zaizkion eskumenak garatzeko izan behar dituen baliabide ekonomikoak.
3.2. Gizarte Zerbitzuen Erregistroei buruzko uztailaren 24ko 155/2012 Dekretu berriaren bidez, gizarte zerbitzuen erregistroen berariazko arauketa eguneratu eta sistematizatu da.
3.3. 2012an, Europako Zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren urtean, gure geografian paradigma horren aldeko zenbait ekimen gertatu dira. Gure administrazioek hura barneratu behar dute politika publikoen diseinuari aurre egiterakoan. Besteak beste, OMEk sustatutako “Ingurune adiskidetsuak” proiektua azpimarratu behar da. Euskadiko zenbait hiritan garatzen ari da eta zenbait eremu jaso ditu, hala nola hiri ingurunea, garraioa, merkataritza, kultura, etab.
3.4. EMAKUNDEk Euskadiko “adineko” emakumeen autonomiari eta jabekuntza prozesuetan egindako ekarpenari buruzko azterlan interesgarria argitaratu du. Bertan erakutsi dutenez, emakume bitatik batek batez beste 23 urtez izan du esperientzia lan eremuan. Emakume belaunaldi horretan banakako autonomia maila handia atzeman da. Haiek maiteen duten balioetako bat da hori, eta batez ere independentziaz bizitzeko eta kudeaketa ekonomikoa bere egiteko (gehien-gehienek egiten dute) joeran islatu da. “Zahartzeko esperientzia”ri buruz duten beldur handienetako bat euren eguneroko bizimodua gidatzen eta eratzen duten erabakien gaineko autonomia galtzea da.
3.5. Estatu mailan, otsailaren 11ko 2011/174 Errege Dekretuak onartutako mendetasuna baloratzeko baremo berria otsailaren 18an sartu da indarrean. Dauzkagun datuen arabera, haren aplikazioak balorazio berrazterketetan gradua murriztea eta antzeko egoeretarako arestiko baremoaren aplikazioaren arabera lortutako baino graduazio baxuagoak dakartza.
I eta II graduei laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa handitu izanak izan ezik, hari oso onuragarria baiteritzogu, aurrekontu egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez (aurrerantzean, 20/2012 ELD) hartutako gainerako neurriek, gure ustez, atzerapen handia ekarri diote pertsonen autonomia sustatzeko eta mendetasuneko egoeraren arretarako politiken garapenari. Hala, besteak beste, honako neurriak hartu dira:
IV.2 atalean aztertuko dugu euskal herri-administrazioak, babes maila gehigarriak ezartzeko ahalmena erabiliz, zer neurritan ari diren –edo ez diren– atzerakada horren ondorioak arintzen.
20/2012 ELDaren ondorioz, mailakako sailkapena desagertu da eta, beraz, indarrean sartu denez geroztik, graduazioak I gradua, II gradua eta III gradua kategoriak baino ez dira izango.
Aurten IMSERSOk honako gidak argitaratu ditu: Mendetasuneko egoeraren arauzko balorazioaren jardunbide profesionalerako gida: norberaren autonomiari laguntzeko produktuak eta adineko pertsonentzako, desgaitasuna duten pertsonentzako eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako prestazioen gidaliburua –estatu eta autonomia baliabideak–.
3.6. Nazioarte mailan Europako Kontseilua Nazioarteko Hitzarmen berri batean adineko pertsonen oinarrizko eskubideak jasotzeko urratsak ematen ari dela azpimarratu nahi dugu. Hitzarmen horretan informaziorako eta komunikaziorako eta bizitza politikoan, publikoan eta kulturalean parte hartzeko eskubidea azpimarratu da gehien.
3.7. Arabako Batzar Nagusiek, maiatzaren 14ko 34/2012 Mozioaren bidez, laguntzen eta diru-laguntzen ordainketa bizkortzeko bideak gaitzeko eskatu diote AFAri. Adineko pertsonen arretaren eremuan lan egiten duten elkarte batzuk egoera oso zailak bizitzen ari dira, batez ere AFAk diru-laguntzak emateko ebazpenetan daukan atzerapenagatik. Arartekoak, 2005eko gomendio orokorraren bidez, gizarte eremuan lan egiten duten elkarteei laguntza instituzionala emateko bideak eta prozedurak hobetu beharrari buruz duen iritzia eman zuen. Premiazkoa da administrazioek halako egoerak saihesteko behar diren neurriak har ditzatela.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Arartekoak EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak izeneko azterlana argitaratu du. Bertan, euskal herri-administrazioek azken urteotan talde hain ahul horien osasun mentalaren arreta eta babes kontuetan egin duten esfortzu handia onartu du eta, aldi berean, ekimen berriak, garapen handiagoa edo hobekuntza behar dituzten kontuei erreparatu die gehien, eta haiei buruzko gomendioak egin ditu.
4.2. EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten bereziaren segimendua
Txosten berezian jasotako datuak 2007, 2008, 2009 eta 2010. Urteei zegozkien. 2011ko ohiko txostenean, berriz, ekitaldi hartako datuak aipatu genituen. Jarraian, labur aztertuko ditugu 2012. urtearen gaineko datuak.
Txosten berezian behin eta berriro azpimarratu genuen legez, oraindik ere arazoak ditugu mendetasuna artatzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko arloan azterketa kuantitatibo fidagarria egin ahal izateko. Horrexegatik gomendatu genuen txosten horretan aldi oro indarrean dagoen informaziorako sistema integratua sortzeko urratsak eman behar zirela.
Eskuragarri ditugun iturri ezberdinek –IMSERSOren menpeko Autonomiarako eta Mendetasunari Laguntzeko Sistemaren informazio-sistema (AMLSIS), Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia– eman dizkiguten datuak ez datoz guztiz bat. Bereziki kezkagarria da zer-nolako aldea dagoen Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen eta, aurten, elkarren arteko koherentzia gordez, IMSERSOk eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aurkeztu dituztenen artean. Horrek berriz ere zehaztasunik ez edukitzera garamatza, eta ondorioz, kasu bakoitzean fidagarrien gerta daitezkeen datuak erabili behar ditugu edo, bestela, iturri bakoitzak ematen dien tratamendua kontuan hartuta gai honen inguruan gertatzen den bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen lagunduko digutenak.
4.2.1. Foru Aldundiek 2007ko urtarrilaren 1etik 2012ko azaroaren 1era bitartean emandako datuen arabera, EAEn guztira 195.800 eskari jaso dira 133.065 eskatzaileren mendetasun-egoera aitortzeko. Hona hemen datu horien lurraldekako banaketa:
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Hona hemen kasu bakoitza baloratu ondoren mendetasun-egoera bakoitzari ematen zaion sailkapena (0 graduan sartzen dira autonomotzat jotzen diren pertsonak).
Araba
Bizkaia
Gipuzkoa
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
(*) Bizkaiko Aldundiak emandako datuak ez datoz bat eskatutakoarekin (baloratutako pertsonak) eta graduen araberako balorazioi buruzkoak dira. Hori dela-eta, ezin dugu EAE osorako analisirik egin, ofizialki mendetasuneko egoeran dauden pertsonei eta haiek osatzen duten euskal biztanleriaren ehunekoari dagokienez. Halaber, ez dago lurraldekako konparaziorik egiterik.
Lurraldez lurraldeko biztanleriari dagokionez, Gipuzkoan mendetasuneko egoera onartu zaien pertsonen tasa 36,45 da, 1.000 biztanleko. Araban tasa hori % 32,37 da; lurralde horretan, ehuneko hori murriztu egin da aurreko urtearen aldean.
Mendetasuneko egoeran dagoen pertsonaren sexuari dagokionez, EAE osoan, gehiengoa emakumeak dira oraindik (mendetasuneko egoeran baloratutako pertsonen % 63 baino gehiago emakumeak dira).
Mendeko biztanleriaren graduazioari dagokionez, esan behar dugu Gipuzkoan % 32,09 mendetasun handikoak direla (III gradua), % 35,82k mendetasun larria dute (II gradua) eta gainerako % 32,09k mendetasun neurritsua (I gradua). Araban, ehuneko horiek % 29,50, % 38,62 eta % 31,88 dira, hurrenez hurren. Joan den urteari dagokionez, II graduan baloratutako mendeko biztanleen ehunekoaren goranzko joera ikusi dugu, mendetasun handikoen proportzioaren kalterako.
Graduazioa eta sexua aldagaiak gurutzatzen baditugu, ondorioztatu behar dugu emakumeen taldean mendetasun handikoen –egoerarik larriena– ehunekoa gizonezkoei dagokienez baino sei puntu handiagoa dela eta, aldi berean, balio hori aurreko urtean baino puntu bi handiagoa dela.
4.2.2. IMSERSOk eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako datuei esker 2011 urtearekiko egon den bilakaerari buruzko zenbait ondorio atera daitezke.
Iturria: AMLSIS eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.
* Administrazioak eskatzailearen mendekotasunaren balorazioaren gainean emandako irizpena, hura autonomotzat jotzen duena edo, bestela, bere mendekotasunaren gradua eta maila zehazten dituena.
** Ezin da lurraldez lurraldeko daturik eman, izan ere, IMSERSOk ez ditu bereiz adierazi eta sailak eman duen informazioan ez da inolako daturik agertzen uztailean egindako nomenklatura aldaketaren ondorengo mailaketa berriez.
Prestaziorako eskubidea izanda dagoeneko prestazioren bat esleituta duten pertsonen ehunekoak hobekuntza txikia izan du eta, beraz, 2011n 2010aren aldean erregistratu zen hobekuntza handiko joera hautsi da. Hortaz, 2012an prestaziorako eskubidea izanda arretaren zain dauden pertsonak % 15,47 dira (% 15,63 ziren iaz).
1.000 biztanleko izapidetutako espediente kopurua handitu eginda Araban (33,53tik 35,37ra 2012an) eta Gipuzkoan (45,88tik 46,61era 2012an), eta murriztu egin da Bizkaian (2011ko 34,55etik 2012ko 32,65era). Gipuzkoako lurraldea da, bere biztanleriarekiko proportzioan, lan bolumenik handiena erregistratu duena, berriz ere.
Ebazpen maila (irizpenen proportzioa espediente kopuruarekiko), iaz nabarmen hobetu ondoren (2010eko % 92,40etik 2011ko % 96,01era), apur bat okertu da aurten (2011ko % 96,01etik, emandako irizpideen % 95,93a hasitako espediente kopuruarekiko, 2011n).
Aurreko urtearen aldean, 1.000 biztanleko prestaziorako eskubidea duten pertsonen tasa murriztu egin da, baita prestazioak esleituta dauzkaten pertsona onuradunei dagokiena.
EAE osoan, pertsona onuraduneko prestazio ratioak, 2011n 1,15etik 1,19ra hazi ondoren, berdin iraun du. Lurraldez lurralde, Gipuzkoak eta Bizkaiak apur bat hobetu dute eta Araban jaitsiera txikia gertatu da, oraindik ere ratiorik onena badauka ere.
4.2.3. Prestazio motari eta haien banaketari dagokienez, bildutako datuetan kontraesanak daude. Hala ere, IMSERSOk eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandakoei kasu eginez gero, honako ondorioak atera ditzakegu:
4.2.4. Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak (20/2012 ELD) norberaren autonomiaren sustapenari eta mendetasunaren babesari ekarri dien okerragotzea ikusita, aurten 6.3, 7, 8, 11.6, 11.7 eta 11.13 gomendioen jarraipena egin dugu, aipatu 20/2012 ELDn atzerapen argia izan duten alderdiak hobetzeko iradokizunak dakartzatelako. Ondorio nagusiak azpimarratuko ditugu:
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an 2. mailako I graduan baloratutako pertsonak sisteman sartzea bermatu du eta hurrengo urteetan ere halaxe egingo du. 2013an, ordea, 40 puntutik beherako puntuazioa daukatenek (1. mailako I gradua) ez dute prestazio ekonomikoetarako eskubiderik izango. Prestazio ekonomikoen zenbatekoak ezartzeari dagokionez, foru erakundeak erabaki du ez duela murrizketarik egingo baina, mailak desagertu direnez gero, graduaren eta balorazioan lortutako puntuazioaren araberako zenbatekoak ezarri ditu. Iragarri digunez, 2013an prestazio ekonomikoak arautzen dituen foru dekretuan aldaketak egingo dira, graduen araberako sailkapen berriari, laguntza pertsonalaren graduazio guztietarako zabaltzeari eta pertsona zaintzaileen hitzarmen bereziaren izaera berriari egokitzeko. Bestalde, aurreratu digunez, erreforma horren bidez hartuko diren neurri guztietan gure zortzigarren gomendioa aintzat hartuko da. 11.7 gomendioari jarraituz, foru erakunde horrek ez du prestazio ekonomikoen ordainketaren atzeraeragina indargabetu eta oraindik ere eskabidea aurkezteko dataren ondorengo lehen egunetik sortuko da prestazioa. Gainera, praktikan, 11.6 gomendioaren edukia betetzen du.
2012an Bizkaiko Foru Aldundiak mendetasuneko 2. mailako I graduan baloratutako pertsonen FIZPEari eutsi dio. Jakinarazi digunez, 2013rako ere eutsiko diote. I graduan baloratutako pertsonek adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen eguneko egoitzak erabil ditzakete. 2012an prestazioen zenbatekoak ez dira murriztu eta, esan digunez, 2013rako ere berdin jarraituko dute. Aldundiak informatika hobekuntza batzuen berri eman digu. Haien bidez baloratzeko eta baliabideak esleitzeko prozedurak prozedura bakarrean bateratu nahi dira, haien izapidetzea bizkortzeko. 2013rako 11.6 gomendioa bete nahi du. Eskabidea aurkezteko unerako atzeraeragina ez dio prestazio bakar bati ere aplikatzen eta, beraz, ez du 11.7 gomendioa bete.
Zaintzaileek emandako arretaren kontrolari dagokionez (11.13 gomendioa), etxeko arreta jasotzen duten mendetasun handiko pertsonen egoerari buruz konparazio-azterlanaren ondorioen berri eman digu. Egoitza zentroetan zeudenen aldean, emandako zaintzen adierazleetan ez zegoen alde handirik, eta beraz, mendetasun handiko pertsonek etxean ere arreta egokia jasotzen dutela ulertu dute. Bestalde, mendetasun gradu txikiagoetako mendeko pertsonen eta haien zaintzaileen jarraipen lanak ere egin ditu, eta inguruaren eta zaintzailearen egoeraren RAI screener + eskalako zaintza-adierazleak neurtu dituzte horretarako (gizarte egoerari buruzko txostena eginez eta gainkarga neurtuz –Guberman eskala–).
Arabako Foru Aldundiak 20/2012 ELD indarrean sartu zen egunean III eta II graduetarako zeuden (zerbitzuen eta prestazioen arteko) bateragarritasunei eusten jarraitu du, baina data harrez geroztik prestazio eta zerbitzu guztien bateraezintasuna ezarri du –telelaguntzari dagokionez izan ezik– 2. mailako I gradurako. 2012an mendetasuneko 2. mailako I graduan baloratutako pertsonen FIZPEari eutsi dio. Araudia laguntza pertsonalaren prestazioa gradu guztietara zabaltzeko egokitu du, 40 puntuz azpiko puntuazioa lortu dutenentzat izan ezik (lehengo 2. mailako I gradua). Prestazio ekonomikoen zenbatekoei dagokienez, ez da murrizketarik egin mendetasuneko egoera aurreko graduazioaren arabera onartuta zutenentzat. Graduazio berrien arabera baloratutakoei (40 puntuz azpiko III gradua, II gradua eta I gradua, eta I gradua 3 urtez azpikoei dagokienez), ordea, oso murriztu zaizkie prestazioak, eta 20/2012 ELDn finkatutako zenbatekoak ezarri dira. Kasu bietan, zenbateko askoz handiagoak xedatu ditu beste betekizunez gain lurralde historikoan 3 urtetik gorako erroldatzea frogatzen dutenentzat. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren intentsitateak oso gutxitu dira, 20/2012 ELDk ezarritako zentzuan. Eskabidea aurkezteko unerako atzeraeragina ez dio prestazio bakar bati ere aplikatzen eta, beraz, ez du 11.7 gomendioa bete. Praktikan, 11.6 gomendioaren edukia betetzetik gertu dago.
Profesionalak ez diren zaintzaileek emandako arretaren kontrol eta jarraipen neurriak bultzatzeari dagokionez (11.13 gomendioa), jakinarazi digunez, jarraipen berezia egin du babesgabetasun arrisku egoeretan eta hausaz hautatutako zenbait kasutan, besteak beste, honako faktoreak batzen direnean: “mendetasun gradu altua, antzinatasun handiagoa prestazioan, errolda aldaketak, adineko zaintzailea edota zenbait prestazioren aldibereko erabilera”. 2012an Sailak egin duen Arabako LHko familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren garapena azterlanaren berri eman digu. Azterlan horretan ondorioztatu denez, gogobetetasun maila handia dago zaintzaile profesionalek emandako arretari buruz eta ematen duten tratua egokia da zaindutako pertsonen premietarako. Azterlan horretan zenbait egoeraren jarraipena eta behaketa egin beharra gomendatu da. Egoera horietan, besteak beste, adineko zaintzaileak, mendetasuna duen pertsona bat baino gehiago bizi diren bizilekuak edota bizilekuan zaintzen duten pertsonarekin baino bizi ez diren mendeko pertsonak sartu dira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. 65 urtez gorako pertsonek talde oso heterogeneoa osatzen dute. Talde horrek bizi proiektua autonomiaz gara dezaketenak (% 80) eta mendetasuneko egoeran egonda arreta behar dutenak (% 20) biltzen ditu.
Adineko pertsonek ekarpen ukaezina egiten diote gizarteari eta, dauden estereotipoen aurrean, zaintzak ematen dituen taldea osatzen dute.
5.2. Zahartze aktiboaren alde egin nahi duten urrats batzuk ikusi ditugun arren, berriz esan behar dugu politika publikoek adineko pertsonen giza eskubideen aitortzan eta independentzia, partaidetza, duintasun, laguntza eta autorrealizazio printzipioetan oinarritutako kontzepzio horren isla zintzoa izan behar dutela. Azken helburua pertsona orok ongizate fisiko, sozial eta psikoafektiborako duen ahalmena bere bizi ziklo osoan gauzatzea, eta gizartean bere premien, desiren eta gaitasunen arabera parte hartzea da, behar duenean, babesa, segurtasuna eta zaintza egokiak jasoz. Bultzatzea komeni den neurriak zehaztuta daudenez gero –teoria mailan–, azpimarratu behar da gure herri-administrazioek haiek abiarazi behar dituztela orain.
5.3. Norberaren autonomiaren sustapenari eta mendetasuneko egoeraren arretari dagokienez, gure ustez funtsezkoa da euskal herri-administrazioek daukaten eskumena erabil dezatela, AMLLko 7 eta 11.2 artikuluen arabera, dagokion taldearentzako babes maila gehigarriak ezartzeko, batez ere, Estatu mailan egindako lege aldaketak ikusita, politika horietan atzerakada nabarmena ekarri baitute. Hori osatzeko, Euskadiko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea eta haren arauen garapena ezarri behar dira.
Estatu mailan eskubideak murrizteko hartutako neurri batzuek aipatu dugun atzerakada ekarri dute, baina aipatu eskumenaren erabilerari esker arindu egin dira, gehiago Gipuzkoako lurraldean beste bietan baino. Araban, Estatuaren ildoari jarraituz, hartu diren neurri batzuk, hala nola etxez etxeko laguntza zerbitzuko intentsitateak murriztea edo lehen 2. mailako I gradua zeritzonarentzako bateraezintasun araubide berria, kezkagarriak dira.
2012ko norberaren autonomiari eta mendetasunari buruzko estatistika datuek EAE osoan egoerak okerrera egin duela ohartarazi digute. Aurreko urteetan goranzko joera izan ondoren, aurten zenbait adierazle, hala nola prestazioetarako eskubidea duten onuradun kopurua, prestazioak dituzten onuradun kopurua edo ebazpen maila, gutxitu egin dira.
Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legea gure erkidegoari gizarte laguntza kontuetan emandako eskumen esklusiboaren adierazpen argia da. Hura eta AMLLn aurreikusitako babes maila gehigarriak ezartzeko eskumen gehigarria erabiltzeak esparru nahikoa eman digute azken urteetan gure herri-administrazioek gizarte zerbitzuen alde egindako lan kementsua egiten jarraitzeko, arretaren hazkundeko eta hobekuntza iraunkorreko ibilbide horretan interferentziarik gertatu barik.
5.4. Izapidetu ditugun kexa-espedienteen izaerak ohartarazi digunez, pertsona bere etxean geratzea bilatzen duten neurri guztiak (etxez etxeko laguntza, laguntza produktuak, etxebizitzaren egokitzapena, eguneko zentroak, aldi baterako eta asteburuko egonaldiak egoitzetan eta eguneko zentroetan, bono-taxi zerbitzua, zaintzaileei laguntzeko programak, etab.) indartu behar dira; izan ere, mendetasunari aurre egiteko bizimoduei dagokienez adineko pertsonak horixe nahiago dutela egiaztatu da.
Pertsona bere etxean geratzea ahalbidetzen duten zerbitzuei buruz jasotako kexen proportzio handiagoa eta haien emaitza kontuan izanda, gure administrazioek adoretu behar lukete haien funtzionamendu onari eta haiek eskuratzeko betekizunen malgutzeari arreta handiagoz erreparatzeko, eta zaintza lana emakumeen eta gizonen artean zuzentasunez banatzea sustatzeko.
Aurten, berriz ere, familia inguruko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren prebalentzia handitu da. Gure administrazioek, mendetasun handiko zein mendetasun larriko edo neurritsuko egoeretan, zaintza horiek duten kalitateari eta egokitasunari buruz egun dituzten azterlanek eta jarraipenek eman dituzten ondorioak ez dira haien egokitasunaren oso aldekoak.
Horrekin batera, familiak eta gertuko inguruneak –emakumeak gehienak– egindako lanaren garrantzi ukaezina onartu du FIZPEk. Hori dela-eta, gure herri-administrazioek Estatu mailan zaintzaileen Gizarte Segurantzarako kotizazio osoa haien kargura izateko hartutako neurri hain kaltegarria konpondu behar dute, haren ordainketa bermatuko duten neurriak hartuz.
5.5. Egoitza arretan zenbait gabezia atzematen dira oraindik. Gure erakundeetan aurrera egin behar da pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta gerontologikoaren eredua ezartzen, zerbitzuen adineko erabiltzaileen autodeterminazioari eginkizun nagusia eman dielako. Pertsona bakoitza eta haren bizi proiektua arretaren eta, beraz, erakundearen eta laguntza prozesuen erdigunea dira. Izaki bakarra den aldetik pertsonaren duintasuna, haren eskubideak, haren lehentasunak errespetatzea eta norberaren ongizatea bilatzea funtsezko balioak dira arreta eredu horretan, baita adimenaren andeatze larriko egoeretan ere. Printzipio horiek ezartzeko sentsibilizazioa eta prestakuntza behar dira, eta rol profesional berriak pentsatu behar dira, antolakuntza sistema batzuk berrikusi eta begirada berri horren araberako esku-hartzeak diseinatu.
12. Talde terroristen biktimak
Aurrekariak
Urte askotan zehar, indarkeria terroristaren ekintzek Euskadin pertsona askoren giza eskubideak eta, zehazkiago, bizitzarako, segurtasun fisikorako eta askatasunerako eskubideak, oso larriki urratu zituzten. Milaka herritar mehatxatu eta estortsionatzen zituzten eta hilketak gertatzen ziren ekintza terroristaren ondorioz.
Arartekoak beti indarkeria terroristarekin loturiko egintza guztien aurka erabat dagoela islatu du eta terrorismoaren biktimengandik hurbil dagoela adierazi du. Hori dela-eta, poztasun handia sentitu dugu 2012an, 2011n ETA talde terroristak “ekintza armatuaren behin betiko etetea” izendatu zuena iragarri ondoren, inolako hilketari pairatu behar izan ez dugulako ekintza terroristaren ondorioz.
1. Arloa kopurutan
Aurreko urteetan gertatu den bezala, oso gutxi dira terrorismoaren biktimen arloan izandako kexak, 2 baino ez dira aurkeztu.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Terrorismoaren biktimen ordain osorako eskubidea
Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legearen onespenak, Gorte Nagusiek aho batez onartutakoak, erantzuna eman zion terrorismoaren biktimen elkarteek behin eta berriz adierazitako aldarrikapenetako bati. Haren lehen azken xedapenak arauzko garapenerako antolaketa ezartzen du. Erregelamendu mailako arau hori beharrezkoa da legearen helburuetako batzuk bete ahal izateko eta, bereziki, terrorismoaren biktima guztien tratu zuzena bermatzeko, atentatuak edozein unetan eta lekutan gertatuta ere. Hori dela-eta, errege dekretu honen onespena ere terrorismoaren biktimen aldarrikapenerako arrazoi da.
2012ko azaroaren 7an Herrizaingoko Idazkariordearen ebazpena eman zen. Horren bidez, Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legea garatzeko araudia onesten duen Errege Dekretuaren proiektua burutzeko interesa zutenei entzunaldiko izapidea irekitzea adostu zen.
Errege dekretuaren proiektuak legearen hainbat xedapen garatzen ditu: ekintza terrorista baten ondoriozko heriotza edo kalteengatiko ordainak; kalte materialak ordaintzeko laguntzak; osasun arreta eta arreta psikosozialerako laguntzak; hezkuntza eta etxebizitzaren arloko laguntzak; baita ezohiko laguntzak emateko aukera ere. Gainera, terrorismoaren biktimekiko ohorezko onespenen araudia gaineratzen du.
Espero izan dezakegu, beharrezkoak diren izapideak bete ondoren, 29/2011 Legea garatzeko errege dekretu hori nahiko azkar onartuko dela haren xedapenak burutu ahal izateko.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretua onartu zuen. Dekretu horrek biktima horien sufrimendua konpontzeari buruzko Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak onartutako martxoaren 31ko 61/2011 Legez besteko Proposamena betetzen zuen. Dekretu horrekin biktima horien eskubideak onartu eta sortutako sufrimendu bidegabea konpondu nahi da, bizikidetza finkatzen lagunduko duena.
2.2. Terrorismoaren biktimek partaidetza eskubidea
Jakina den moduan, terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legeak, 6. artikuluan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren sorrera xedatzen du, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuaren bidez gauzatu zena. Organo hori, herri administrazioen eta gizarte zibilaren ordezkarien artean paritarioki osatuta dagoena, erregulartasunez bildu da 2012an zehar eta terrorismoaren biktimengan eragina duten kontu interesgarriak eztabaidatzeko aukera ematen du.
Garrantzitsua iruditzen zaigu legez onartutako parte hartzeko eskubidea betetzen duen foro hori egotea.
2.3. Memoriarako eskubidea
Terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa egiteko 4/2008 Legearen aginduetako batek, 8.1. artikuluan jasotakoak, botere publikoek “memoria kolektiboa finka dadin” sustatuko dutela xedatzen du.
2012ko azaroaren 10ean Terrorismoaren biktimak gogoratzeko hirugarren eguna ospatu zen. Egun hori aukeratu zen karga sinboliko handia duelako, izan ere, ekintza terrorista baten ondorioz hildakoak edo zaurituak izan ez dituen egun bakarra da.
Egun horren ospakizuna erakunde-unitaterik gabe egin zen. Memoria kolektiboak “bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen laguntzeko” beharrezkoa da erakunde publikoen, alderdi politikoen eta biktimen elkarteen arteko adostasunak bilatzea desakordioek eta desadostasunek helburu horiek lortzea eragotzi ez dezaten.
Bestalde, helburu horiek lortzeko garrantzitsua da ere memoriarako eskubidearen erabilera udal esparruan, herritarrekiko hurbilagoa baita.
Azpimarratzekoa da 2012ko ekainaren 7an Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko Lege Proposamena kontuan hartzearen alde bozkatu zuela. Hauteskundeen deialdiak ez-legezko proposamen horren izapidea amaitzea eragotzi zuen.
Giza eskubideen urraketa larriak egon diren herrialdeetan memoriarako institutuak edo zentroak egotea tresna oso eraginkorra bihurtu da memoria oinarri izanda bizikidetza finkatzeko.
2.4. Bakean eta aske bizitzeko eskubidea: komunikabideen eta terrorismoa prebenitzeko hezkuntzaren bidez terrorismoa deslegitimatzeko biktimen interesa
Bakerako, askatasunerako eta bizikidetzarako eskubidea 4/2008 Legeko 9. artikuluan aintzatesten da, eta terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikoaren ideiari loturik ageri da.
4/2008 Legeak berak botere publikoei eskatzen die jar ditzatela martxan “terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikorako neurri aktiboak (…), Zuzenbide Estatu demokratikoaren zilegitasuna gizartean sustatuz eta, gure askatasunen eta bakezko elkarbizitzaren berme gisa, elkarbizitza integratzailerako arauetan antolatuz”.
2010. urtean Bizikidetasun Demokratikoa eta Indarkeria Deslegitimatzea Plana (2010-2011) onartu zen eta horren bidez Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Plana Birformulatu zen.
Urtarrilaren 11ko 1/2011 Dekretuak Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortu zuen. Aholku Batzorde horren osaera askotarikoa da, izan ere, herri administrazio eta erakundeetako ordezkariek zein gizarte zibil antolatuko ordezkariek osatzen dute. Zehazki, kontseilu honen parte dira Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako zenbait kide; kide bat foru aldundi bakoitzeko eta hiru kide euskal herriak ordezkatuz; bakerako eta giza eskubideen aldeko hezkuntzan lan egiten duten elkarte eta erakundeetako lau ordezkari; Euskadiko Eskola Kontseiluko lau kide; UPV/EHUko ordezkari bat; EITB ordezkatzen duen kide bat; eta Arartekoko ordezkari bat.
2012an zehar kontseilu hori hainbatetan bildu izan da, bai osoko bilkuran bai sortutako lan-batzorde ezberdinetan, eta topaketa horien emaitza gisa, kontrako botorik gabe, “Euskadiko bizikidetza demokratikoaren alde. Elkarrekin askatasunean, bakean eta justizian bizitzeko proposamenak” izeneko agiria onartu zen. Agiri honek honako puntuak ditu:
3. Kexarik aipagarrienak
Jadanik adierazi dugu terrorismoaren biktimek oso kexa gutxi jarri dituztela. 2012an, 2 kexa baizik ez ditugu jaso.
Horietako batean prozedura kontu bat azaltzen zen eta, aztertu ondoren, gerora sortutako ez onartzea zegoela kontsideratu zen, erreklamatzailea terrorismoaren biktima ez zelako.
Bestalde, “jazarpen indarkeria” izenekoa pairatu duen pertsona batek -horren ondorioz Euskal Herria utzi eta autonomia erkidego honetatik kanpo bizi behar izan zuen- Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, eskatu zituen laguntzak ukatu zizkiolako. Urteko Txosten hau itxi zen unean ebazteke zegoen.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioek funtsezko zeregina izan dute biktimen eskubideen defentsan eta euren beharrak eta aldarrikapenak ezagutu daitezen lagundu dute.
COVITE elkartearekin bilerak izan ditugu eta bertan terrorismoaren biktimen egoeran eraginda duten hainbat kontu jorratu dira. Horrez gain, harremanetan egon gara zenbait fundaziorekin, hala nola Fernando Buesa Fundazioarekin, eta hainbat elkartek eta fundaziok antolatutako ekitaldi batzuetan izan gara.
4.2. Bilerak herri-administrazioekin
Ararteko erakundeak, 2012an zehar, hainbat bilera izan ditu Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin zein Justizia Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin eta bertan terrorismoaren biktimen zein euskal gizarte guztiaren eskubideak bermatzera zuzendutako hainbat jarduera aztertu ditu, bizikidetza demokratikoa finkatzera zuzendutako neurrien esparruan. Zentzu horretan, Bizikidetzarako eta Memoriarako Komisionatuarekin ere bilerak izan dira.
Gainera, dagoeneko aipatu den moduan, Ararteko erakundeko ordezkari batek Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen bileretan parte hartu du.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Bereziki aipagarria da, zorionez, 2012an zehar, ETAk “indarkeriaren behin betiko etetea” aitortu ondoren, bizitza, segurtasun fisikoa, askatasuna edo norberaren segurtasunerako eskubidea urratu ez izana ekintza terroristen bidez.
Egoera horrek ETAren mehatxua eta estortsioa pairatu izan duten milaka pertsonen bizi baldintzak hobetu ditu.
5.2. Arauen esparruan positiboki baloratu da 107/2012 Dekretua onartu izana, horri esker sufrimendu bidegabe baten biktimen eskubideak onartu eta konpontzeko eta bizikidetza finkatzeko aukera egongo baita.
Bestalde, terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko eta haiei babes osoa emateko 29/2011 Legearen arauzko garapena behin betiko gauzatu behar da, horri esker haren xedapenak bideratu ahalko baitira.