VII) Ondorioak
Aurreko kapitulu guztietan aipaturiko problematika, premia, erantzun eta baliabide guztiak orri gutxi batzuetan biltzeak dakarren mugarekin, interes gorenekotzat dauzkagun hainbat alderdi nabarmentzeko asmoz heldu diogu atal honi, eta, kasuan-kasuan, astiroago irakurtzera animatuko dugu.
Izapidetutako kexei dagokienez, 2011. urtean kudeatutako kexen kopurua kontuan hartuta, baiezta dezakegu hezkuntza-arloa dela pisu erlatibo handiena duten arloetako bat, Haur eta Nerabeen Bulegoaren jardun osoa kontuan hartuta.
Kexa horiek ikertzean, bereziki azpimarratu izan direnak, hezkuntza administrazioa bultzatu nahi izan dugu hezkuntza programaren egokitzapen eta hobekuntza jarraitua egiten jarrai dezan unibertsitatetik kanpoko sarea antolatzeko eta planifikatzeko ezarri diren irizpideak (adierazpenak) eraginkortasunez lortu arte. Garrantzitsua da irizpide horien artean hezkuntza eragile guztien partaidetza herritarren hezkuntza beharrizan errealen planifikazio demokratiko eta egokia sortzeko prozesuan bermatzen saiatzeko konpromisoa gaineratu izana. Hala eta guztiz ere, beldur gara irekia izan daitekeen hizkuntza ereduen eskaintzak ez ote duen arriskuan jarriko hezkuntza sistemarako sarbidea berdintasuneko baldintzetan familiek aukeratutako hizkuntza eredua kontuan hartuta.
Hain zuzen ere, erabateko aukera berdintasuna bermatzeko beharra dela-eta hezkuntza administrazioak kontu handia izan behar du ikasleak onartzeko prozesuak kudeatzean, plaza nahikorik ez dagoen kasuetarako ezarritako lehentasuneko irizpideak erabat aplikatzen direla egiaztatuz (familien benetako egoitza) eta diskriminazioa eragin dezaketen edo beharrezkoak diren helburuetan -familiaren eta laneko beharrak bateratzea, adibidez- lagundu ezin duten beste horien aplikazioa berraztertuz edo berriz hausnartuz. Era berean, egokia litzateke hezkuntza administrazioak ikasleak onartzeko prozesu horien ebazpen mekanizatua bideratzen duen aplikazioa berraztertzea, ahal den heinean, tratu berdintasun hori burutzeko (bigarren eta hirugarren aukerak esleitzea). Ohiko epeetatik kanpo, eskolatzeko lurralde batzordeen proposamenak, ahal duten neurrian, familien borondatearen araberakoak izan beharko lirateke.
Komenigarria da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak, albait lasterren, haur hezkuntzako lehen zikloko errealitatearen inguruan egiteke dagoen diagnosia amaitzea. Horri esker, hezkuntza administrazioaren mendeko zentro publikoetako bi urteko geletan gertatzen diren hainbat errealitateen inguruan behar bezala esku hartu ahalko litzateke.
Haurreskolak Partzuergoaren mendeko haur-eskolen eremuan hartzen ari diren antolamendu erabakiekiko (taldekatzeak) gure kezka azaltzen dugu, baita Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak (Haur Etxea) sustatu duen zerotik hiru urte bitarteko haurtzaroarekiko arreta plan berriak eskain ditzakeen ondorioekiko ere.
Garraio eta jantokiko zerbitzu osagarriei dagokienez, eskola‑garraioaren kasuan batik bat, gure ustez, hezkuntza Administrazioak ez du baztertu behar zerbitzua lortzea ahalbidetzen duten irizpideen aplikazio malguago bat, baina ez arbitrarioa, egiten saiatzeko aukera, horren bidez ikasleei arreta hobea eskaintzea lor baldin badaiteke, baina, jakina, eskola maparen berrikuspenaren bidez zerbitzuaren antolamendu aukerak hobetzen saiatzeko ahaleginei kalterik egin gabe.
Jantokiei dagokienez, aurrekontu erabilgarritasun aukera guztiak erabili behar direla uste dugu jantokiko kuoten murrizketa kudeaketa zuzeneko jantoki zerbitzurik ez duten eta eguerdiko garraio zerbitzurik ez duten hezkuntza zentro publikoetan derrigorrezko ikasketak egiten dituzten ikasle garraiatuei ere eskaintzeko.
Hezkuntza-premia berezien alorrean berriro ere azpimarratu beharko genuke beharrezkoa dela ahaleginak areagotzea hezkuntza zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa eskaintzera bideratutako jardunbide egokiak zehazteko. Horrek, aldi berean, hezkuntza premia bereziak dauzkaten adingabeei emandako hezkuntza erantzunaren jarraipen egokia eta ebaluazio aproposa eta familiekiko lankidetza handiagoa bermatuko ditu. Aniztasunaren arretarako hurrengo plan estrategikoa, eskola inklusibo baten esparruan, jarduera dinamika horiek finkatzeko edo ezartzeko ahalegin garrantzitsua izango delakoan gaude.
Eskola bizikidetzaren alorrean, burokratizazioa ekiditen saiatzeko eta praktika onak ezartzen sakontzeko beharra azpimarratzen dugu. Azken horien artean, familiekiko lankidetza handiagoa gaineratu behar da nahitaez. Onartutako gida berriak lagunduko duelakoan gaude.
Unibertsitate mailan, pasa den deialdiko esperientziak unibertsitatearen eta batxilergoa eskaintzen duten zentroen artean beharrezkoa den koordinazioa handitzera eraman behar gaitu ariketak batxilergoaren c
urriculumera egokitu daitezen.
Era berean, Unibertsitatean Sartzeko Gidan dagoen informazioa zabaltzeko komenientzia kontuan hartu behar da eta administrazio hobera bideratutako praktika berriak aztertu behar dira.
Babesik ez duten haurrentzako gizarte-zerbitzuen eremuan, lehenik eta behin adierazi behar dugu, iaz egin genuen bezala, beharrezkoa dela familiei laguntzea beren guraso-eskumenak garatzeko orduan. Nahiz eta egia den dokumentu honetan nagusiki bigarren mailako arretaren esparruko gizarte-zerbitzuen jarduna ikusarazi dugula, hau da, babesgabezia-egoerak bereziki larriak direnean eta, beraz, familia-nukleoa hein handi batean jadanik banandu denean esku hartzen duten zerbitzuena, orain zabaldu egin nahi dugu ikuspegia, eta hain justu ere aurreko etapetan, ezer gertatu aurretik edo egoera larriagotu aurretik, prebenitzeko eta arreta goiztiarra emateko asmo argiarekin familientzat dauden laguntzen balioa nabarmendu. Oraindik ez da behar beste adierazi nola eragiten duten haurrak eta nerabeak garatzen diren ongizate- eta kohesio-baldintzetan hezkuntza-ereduen inguruan orientatzeko eta aholkatzeko denbora luzean egindako lanak, zailtasun hasi berrietan lagun egiteak, berezko eta komunitateko eremuan esku hartzeak; izan ere, argiro desaktibatzen edo minimizatzen dituzte babesgabeziaren ondoriorik larrienak.
Hala, azpimarratu nahi dugu indartu egin behar dela udal gizarte-zerbitzuek bai prebenitzeko eta bai familian eta komunitatean esku hartzeko egiten duten ahalegina. Bestalde, foru aldundietako haurrentzako gizarte-zerbitzuak animatu egin nahi ditugu familiekin —bai itxuraz berregitura daitezkeen familiekin eta bai harrera- edo adopzio-familiekin— egiten duten lana indartzera. Familia-harreraren kasu konkretuan, uste dugu pauso bat gehiago eman behar dela banantze-neurri hori arautzeko, eta orain arte zehaztu ez diren alderdiak argitu behar direla, hala nola harrera-familien eskubideak eta betebeharrak zein diren, eta betekizunak, gidalerroak eta prozedurak ezarri behar direla inplikatutako pertsona guztien eskubideak bermatzeko: haurrak eta familiak. Hori gertatu bitartean, ezinbestekoa da harrera-prozesuetan lagun egiten dieten hezitzaile-taldeak handitzea eta egonkortzea.
Babesteko gizarte-zerbitzuetan arreta eman zaien neska-mutilen prozesuko beste une kritikoa emantzipazioa da. Legezko adin-nagusitasunera iritsita, nekez imajina ditzakegu pertsona beregain gisa, ez baitira benetako autonomia ematen duten elementuen jabe: lana, baliabide ekonomikoak eta egoitza-baliabideak. Beste gazte batzuei familiak ematen die emantzipatzeko bidean behar duten euskarria, baina gazte hauek familiarik ez dutenez, administrazioak ardura handiz zaindu beharko du bide hori egoki egin dadin. Eta, horretarako, batez ere koordinazio eta lankidetza ona behar dira zerbitzuen, sailen eta erakundeen artean.
Emantzipazio-prozesu hori ez dagoela oso egituratua bakarrik dauden atzerritar adingabeek nabaritzen dute gehien, laguntza-sare urria aurkitzen baitute. Nahiz eta gure erkidegora iristen diren adingabeen kopuruak 2011. urtean ere 2009an hasitako beheranzko joerari eutsi dion, erakunde hau erne dago adingabe horien eskubideak behar bezala bermatzen ari ote diren, aurreko urteetan arlo horretan egindako gomendioen argitan. Horri dagokionez, berriro ere nabarmendu behar dugu beharrezkoa dugula jada premiazko harrera egiteko protokolo bat, horrek argituko baititu erantzukizunak eta jarduketa-ildoak, eta, aldi berean, koherentzia eta arintasuna emango baitizkio harrera-prozesuari.
Bestalde, espero dugu etorkizunean orain arteko ohitura aldatzea eta foru baliabideetatik irteten direnei tutoretza edo egoitza-harrera utzi dutela dioen agiria ematea; izan ere, aurten hainbat kexa izan da horren inguruan.
Atal hau amaitzeko, aitortu nahi dugu hainbat hobekuntza sumatu dugula babesteko gizarte-zerbitzuen funtzionamenduan, hala nola: eragileek adostu eta partekatutako tresna baten bidez egitea balorazioa —horri esker, arreta faserik goiztiarrenetan emateko besteko ñabardurarekin detekta daitezke babesgabezia-egoerak—, eta bizitegi-harrerako zerbitzuetan ematen den arreta; izan ere, aurten zuzenean ikusitakoaren arabera, oraindik ere hobetzen jarraitzen dute, eta, agian interesgarriena, premiak aldatu ahala, egokitu egiten dute eman beharreko erantzuna.
Familia-politikari dagokionez, euskal botere publikoek, oro har, jabetu behar dute garrantzitsua dela familientzako laguntzak gehitzea; izan ere, beharrezko babesa ematen dute premia-egoeretan, eta, alde horretatik, kasu askotan osatu eta ordezkatzen dituzte ongizate-estatuaren funtzioak. Herritarren kexek eta elkartegintza-sareak agerrarazi dute familientzako laguntza publikoak ugaritzeko behar hori, batez ere zailtasun bereziak dituztenentzat, hala nola familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta beren baitan mendekotasun- edo gaixotasun-egoera bereziren bat duten kideak dituzten familientzat. Uste dugu, gaur egun dauden zuzeneko laguntzez gain, beharrezkoa dela gaur egungo zerga-sistema berrikustea ere, familia-egoera guztietarako laguntza publikoa egituratzeko benetako tresna bihur dadin.
Egokitzat jotzen dugu Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planaren (2011-2015) zeharkako ikuspegia, bai eta komunitate-zerbitzuen eskaintza handiago bat sortzeari begira familiei laguntzeko modu berrietarantz bideratzea ere. Positibotzat daukagu, halaber, plan horretan estrategiak, helburuak eta neurriak sartzea ere, erakunde honen Adingabekoei balioak transmititzea txosten bereziko gomendioetan proposatutako ildoan aurrera egiteko. Nolanahi ere, beharrezkoa da arlo honetan erantzukizunen bat duten euskal erakunde guztiek beren ahaleginak koordinatzea, haien aurreikuspenak eraginkorrak izan daitezen.
Adi jarraitzen diogu nerabeek gurasoen aurka egiten duten indarkeriaren bilakaerari, hala gertakariaren azalpenarekin eta diagnostikoarekin zerikusia duen arloan, nola hainbat instantzia administratibo eratzen ari diren arretaren eta esku-hartzearen arloan. Jardunbide ontzat dauzkagu ezagutu ahal izan ditugunak, eta berriro diogu beharrezkoa dela prebenitzeko eta fase goiztiarretan arreta emateko ahalegina areagotzea.
Profesionalen eta gizarte-erakundeen antzera, gu ere kezkatuta gaude genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabak gerta litezkeen egoerarekin; izan ere, oraingoz, ez dira hartzen indarkeria horren zuzeneko biktimatzat, berariaz eraso egin ez bazaie. Diagnostikoan sakontzearen alde egiten dugu (zenbat haurri buruz ari gara? Zein dira etxean indarkeriaren eraginpean egoteak dakarren ondorearen ebidentziak?) eta zuzeneko biktimatzat hartzearen alde, besteak beste sentsibilizazioaren, prebentzioaren, arretaren eta erakunde arteko koordinazioaren arloan dagozkion esku-hartzeak egituratzeko abiaburu gisa.
Bestalde, erne egongo gara dagokien administrazioek beharrezko neurriak har ditzaten banandutako eta dibortziatutako gurasoei, seme-alaben zaintza izan zein ez izan, beren seme-alaben gaineko informazioa (osasun-egoera, eskola-eboluzioa eta abar) jasotzeko eskubidea aitor dakien, bai eta irakasleekin hitz egiteko eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatean laguntzeko eskubidea aitor dakien ere, gainerako aita-amek dituzten baldintza eta arreta berberekin.
Kontuan hartuta gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean jasotako deribazio judizial bidezko familia-elkarguneen erantzukizun publikoa hartu dela, horien funtzionamendua hobetu dela eta eskumena ere aldatu dela —Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren erantzukizuna dira 2012. urtearen hasieratik—, baikor gara, eta uste dugu hobeto txertatuko direla sistema judizialean, eta, ondorioz, eraginkorragoak eta efizienteagoak izango direla baliabide horiek, egunez egun erakusten baitute baliagarriak direla haurrek beren gurasoekiko harremanari eusteko duten eskubidea bermatzeko, are adostasunik gabeko banantzeetan.Arretaz jarraituko dugu zer bilakaera duten.
Osasun-arloan eta mendeko adingabeentzako arretan aurrerapenak izan dira kronikotasunaren estrategiaren garapenean. Alabaina, beharrezkoa da erakundeek laguntza handiagoa ematea gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen, pertsonen elkarteei eta pertsona horien eskubideen alde lanean diharduten gizarte-erakundeei, eskaintzen dituzten programen eta zerbitzuen egonkortasuna bermatzeko; izan ere, egiaztatuta geratu da baliagarriak direla gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen taldeentzat.
Aurreko urteetan adierazi izan dugu Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseiluak ez zuela jarduten. Bada, hori jadanik amaitu da, eta garrantzi handiko dokumentuak onartu ditu arreta-mota hori, mendeko pertsonen problematikari heltzeko ezinbestekoa, ezartzeko eta hobetzeko. Bereziki nabarmendu behar dira erakunde horrek onartutako Arreta Goiztiarraren Ereduan egin diren hobekuntzak, hau da, onuradunen adina 6 urteetara luzatu izana. Aurten Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten bereziko gomendioetako batean eskatzen zen bezala.
Eskuarki, linfedemak, metabolismoaren sortzetiko gaixotasunek eta prebalentzia baxuko beste gaixotasun batzuek erasandako pertsonek ematen zaien arretari buruz duten pertzepzioa ez dator bat Osakidetza- Euskal Osasun Zerbitzuak emandako informazioarekin. Hori oso tresna baliagarria da osasun-administrazioak bere antolaketa-aurreikuspenen aplikazio praktikoa kontrolatu ahal izan dezan eta bidezko neurri zuzentzaileak hartu ahal izan ditzan.
Gizarte- eta osasun-sistemek premiazko jarduketak egiten dituzte osasun mentalaren arloan dauden tarteko azpiegituren urritasuna konpontzeko, eta bereziki nabarmendu nahi dugu mugako nortasun-nahasmenduari ematen zaion arreta, batez ere gazteei eragiten dien gaitza baita. Guztiz baliozkoa iruditzen zaigu inplikatutako alderdi guztientzako laguntza-kate gisa eta segurtasun-bermeekin planteatutako tratamendu asertibo-komunitarioko programen aldeko apustua, Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareak egindakoa.
Haur eta nerabeekin egindako arte- eta kirol-jardueren esparruan, horien ahalmen hezitzailea nabarmendu nahi dugu; hain zuzen, diziplina horiei (musika, pintura, adierazmena, estola-kirola…) berez dagozkien trebetasun eta gaitasun teknikoak ikasi eta garatze soilaz harago doa, eta neska-mutilek osoko hezkuntza izan dezaten laguntzen du; gainera, balio positiboetan oinarritutako hezkuntzan barneratzen da, garapen pertsonal eta sozial osasungarria izan dezaten.
LGTBen elkarteek helarazi dizkiguten arazoen artean, jazarpen homofobiko eta transfobikoa nabarmentzen da, duen larritasunagatik; izan ere, batzuetan, oharkabean pasatzen da berdinen artean detektatutako tratu txarren jatorri edo arrazoi gisa. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako aniztasun afektibo-sexuala kudeatzeko lan-plana berri ona da, eskola-jazarpenaren aurkako protokoloan jazarpen homofobikoa detektatzeko tresnak gehitzea planteatzen baitu, eta, aldi berean, irakasleekin prestakuntza arloan lan egiten baitu ikasgeletan detekzioa hobetzeko, baina, dena dela, adi jarraituko diegu planaren ezarpenari eta emaitzei.
Beste behin, adierazi behar dugu beharrezkoa dela hezkuntza-erakundeek beharrezko estrategiak jorratzea, eskola leku ziur bat izan dadin, adingabeei joera sexuala eta genero-identitatea modu aske eta bete-betekoan garatzeko babesa bermatuko diena, eskolako bizikidetza-eredu baketsu eta aniztasunaren integratzaile batean. Espero dugu 2011n eta 2012an modu berezian laguntzea egiteko horretan, Europako Rainbow proiektuan izango dugun parte-hartzearen bidez; hain zuzen ere, proiektu horren xedea da hezkuntza aldetik esku-hartzeko tresnak sortzea eskolaren esparruan jazarpen homofobiko edo transfobikoaren aurka borroka egiteko.
Aurreko paragrafoetan arloko arreta-sistemen inguruan egindako gogoeten azken ohar gisa, eta ikusirik horietan aurrerapenak eta hobekuntzak izan direla, uste dugu orain dugula garaia horiek guztiek izango duten erronketako bati buruz hitz egiteko —jadanik azaldu eta justifikatu dugu hori 2011n aurkeztutako Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten berezian—: arreta elkarguneetan, mugako edo sistemen artean partekaturiko lurraldeetan, erantzun konplexuetan eta erakunde artekoetan, instituzio artekoetan, diziplina artekoetan emateko erronka. Izan ere, gure adingabeak osoki garatzeko eta haiek gizartean parte hartzeko bideak izan daitezen, beharrezkoa da horretan konprometitutako eragile eta instantzia guztiek elkarrekin eta modu integratuan lan egitea.
Horrez gainera, beharrezkoa da Haurren Eskubideen Hitzarmeneko 12. eta 13. artikuluei leku ematea; hain zuzen, adingabeek beren iritzia adierazteko eta informazioa jasotzeko eta emateko eskubidea dutela gogorarazten digute artikulu horiek. Haur eta Nerabeen Kontseiluaren esperientzia oinarritzat hartuta, jadanik harekin hasi baikinen bidea egiten, eta Eskubideen uhartea 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzako web gunea argitaratu dugularik, aurrera egitera animatzen dugu, parte hartzeko bide erreal eta egonkor gehiago eratuta, horri denbora gehiago eskainita eta mekanismo egokiak, metodologia erakargarriak eta halakoak ezarrita, adingabeek beren bizitzari eragiten dioten arloetan parte hartuko dutela bermatzeko.
Azkenik, ezin dugu ondorioen kapitulu hau amaitu haurren pobrezian arreta jarri gabe. Ekonomia- eta enplegu-krisiak 2007 arte beren oinarrizko premiak beteta zeuzkaten eta erdi mailako klasearen edo erdi-behe mailako klasearen artean zeuden gizarteko sektoreak harrapatu ditu. Politika publikoetako adituak bat datoz tradizionalki pobrezia pairatzeko arrisku handiena izan duten nukleoei —horien artean jadanik bazeuden haurrak— etiketarik gabeko pertsona (eta familia) samalda bat gehitu zaiela, gizarte-gastuak murriztu direla eta. Hala, nahiz eta ez daukagun datu espezifikorik Euskal Autonomia Erkidegoaren inguruan, Europako, estatuko eta are aldameneko autonomia-erkidegoetako erakundeen datuek diote izugarri hazi dela haur-pobreziaren tasa.
Denboran zehar egindako azterketek erakusten dutenez, haurrek helduek baino pobrezia-arrisku handiagoa dute, eta, areago, arrisku hori handiagoa da haurren talde jakin batzuetan. Pobrezia horrek berekin dakar infraetxeak sortzea, elikadura egokia bermatua ez izatea, hezkuntza eta aisialdiko jarduerarik ezin egin izatea, ikasketak garaia baino lehenago utzi behar izatea. Beraz, haur horiek arrisku-egoera izugarrian daude oinarrizko eskubideak —hala nola bizi-maila egokia, hezkuntza eta osasuna izateko eskubidea— aukera-berdintasunean baliarazteko orduan. Horregatik, gogorarazi behar dugu botere publikoak behartuta daudela haurrak bereziki babestera, eta haur-pobreziari aurre egiteko oinarrizko tresna direla gizarte-prestazioak, hala ekonomikoak nola zerbitzuetakoak —zenbaitetan zuzenean haiei eskaintzen zaizkie, eta beste batzuetan haien familiei—.