4.1. Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten berezia
Txosten hau bi ezaugarrik bereizten dute beste txosten berezietatik. Hasteko, Arartekoak bere baliabideekin egin du oso-osorik, zehazki Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Bulegoan sartuta dauden Arartekoko langileek. Bestalde, ez da hainbeste ikerketa berri edo zehatz baten emaitza, baizik eta Arartekoan urte askoan hainbat egoeraren inguruan egindako jarraipen-lan etengabearen emaitza. Egoera horiek denek izendatzaile komun bat daukate, ezaugarri partekatu bat: haurrei eragiten diete, eta, batez ere, eskubide aldetik ahulen diren haurrei eta nerabeei. Hortik izenburua: "Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak".
Haur eta nerabe guztiak, dituzten ezaugarri bereziengatik, arrisku berezian dauden biztanleriaren sektore bat dira. Gure kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 urtetik beherako biztanleria osatzen duten 158.000 neskak eta 167.000 mutilak, zenbaki biribiletan. Denak, hala izate hutsagatik. Alabaina, multzo horren barruan, arrisku-egoera berezietan dauden taldeak edo sektoreak bereiz daitezke eta bereizi behar dira.
Urte hauetan, Arartekoak lehentasunezko arreta eman izan die egoera txarretan edo premia berezikoetan dauden haur eta nerabeen sektoreei: arriskuan edo babesik gabe dauden haurrak, babeserako gizarte-zerbitzuetan hartu direnak (ia 2.000 azken urteetan); bakarrik dauden atzerritar adingabeak (azkenaldian, 1.000tik gora urteko); adingabe arau-hausleak (1.000-1.200 inguru azken urteetan); desgaitasunei loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak (12.000 inguru gaur egun), familiaren egoera sozioekonomikoari (zailago da zenbatzen) edo jatorriari (20.000 etorkin baino gehiago) edo etniari (ia 4.000 ijito inguru) loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak; osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeak (10.000 ingururi ematen zaie arreta urtean); droga-kontsumo problematikoak dituzten nerabeak (kopurua asko aldatzen da adinaren, sexuaren edo substantziaren arabera); eskola-jazarpena pairatzen duten adingabeak (hemen ere oso aldakorrak dira kopuruak, baina milaka eskola-umeri eragiten die)...
Begi bistakoa da haurrei eragiten dieten arazoak ez direla hemen bukatzen, badirela horiek bezain garrantzitsuak diren beste egoera batzuk ere. Arartekoak horiei eman dien arreta ez da izan hain sistematikoa, baina bai esanguratsua: joera homosexuala (lesbianak eta gayak) edo bisexuala eta transgenero edo transexual identitatea duten adingabeen egoera, genero-indarkeriaren egoeretan tratu txarrak pairatutako haurrak, teknologia berrien erabilera txarraren edo gehiegizkoaren ondoriozko arriskuak, komunikabideetan adingabeei emandako tratamendua... Sektore horiek, egoera horiek ere jaso dira txosten honetan; nahiz eta ez zaien jarraipen sistematizaturik egin urteetan zehar, ikusarazi egin nahi ditugu, eta jendeari arduraturik aurkeztu.
Hasieran esan dugun bezala, haurren arloan egindako aurreko txosten bereziekiko alde handiena da honako honetan sektore bakoitzari buruzko ikuspegi sintetikoago, globalago bat eman nahi dugula, ez hain zehatza; funtsean, eboluzio-ikuspegi bat (ez une jakin batekoa), zertan aurreratu den, zerbaitetan atzera egin ote den edo oraindik hobetzeko zer dagoen nabarmentzeko modua emango duena... Horrez gain, egoera guztietan sortzen diren harremanak aztertu nahi izan ditugu, horietako askok batean izan ditzaketen arazoak.
Beraz, sintesi-txosten bat da. Hemen, etengabe aipatzen dira gaur arte Arartekoak haurrei buruz argitaratu dituen ia txosten berezi guztiak edo haurrei berariaz eskainitako atalak dituztenak, eta lortutako informazioa aprobetxatu nahi izan dugu, urtez urte horietako bakoitzaren inguruan egindako jarraipenak baliatu.
Aukera horrek baditu bere arriskuak, eta baita mugak ere. Hala, esate baterako, oraingoan nahiago izan dugu aurreko txosten monografikoen luzera, sakontasuna eta zehaztasuna bera alde batera utzi, argitasunaren eta laburtasunaren mesedetan, eta are, beharbada, dibulgazio-balio handiago baten mesedetan. Halaber, erabilitako informazio-iturriak albait gehien murriztu nahi izan ditugu. Funtsean, erakundean bertan erabilgarri ditugun iturriak soilik erabili ditugu. Horri dagokionez, aipatu behar dugu aztertutako informazioaren denbora-muga 2009ko abendua dela; izan ere, txostena 2010ean zehar egin dugu. Ohar horrek badu garrantzia; izan ere, errealitate batzuk oso azkar aldatu dira ordutik, eta ez beti orduan erakusten zuten joerei jarraituz.
Hemen, Haur eta Nerabeen Bulegoaren jarduketak aurkeztean, sektore bakoitzaren errepaso txiki bat egingo dugu: lehendabizi, oinarrizko zenbait datu, funtsezko arazo batzuk eta gomendio edo hobetzeko proposamen batzuk nabarmenduko ditugu, eta, ondoren, ikuspegi orokorrago bat emango dugu, hala arazoena nola txostenak eskaintzen dituen balizko irtenbide bateratuena.
Arrisku edo babesgabezia larrian dauden adingabeei buruzko daturik esanguratsuenen artean, nabarmentzekoa da azken hamabost urtean hirukoiztu egin dela gizarte-zerbitzuek haurrei bigarren mailako arreta emateko ireki dituzten urteko espedienteen kopurua. Arlo honetan dauden arazoen edo hobetu beharreko alderdien artean, Arartekoaren ikuspegitik, lau hauek dira bereziki esanguratsuak:
Gomendioak (9 espezifiko kapitulu honetan) hobekuntza horiek lortzeko asmoz egin ditugu, nahiz eta beste kontu batzuk ere ematen dituzten aditzera, hala nola erreferentziako tutorearen figura, gizarte-txostenen kalitate teknikoa, prozedurak egitea edo hobetzea, eta abar.
Arrisku edo babesgabezia larrian dauden adingabeen artean, arreta berezia jarri behar diegu bakarrik dauden atzerritar adingabeei. Sektore hori ia ez zen existitzen duela urte gutxi batzuk arte, eta oso denbora gutxian aldatu egin du babesik gabeko adingabeentzako bizitegi-baliabideen sarea.
Hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe, arriskuan dauden biztanleen artean sektore horri eskaini behar izan dio dedikazio gehiago Arartekoak azken urteetan. Txostenean aitortzen da handia izan dela erakundeek harrera-baliabideak sortzeko egin duten ahalegina, nahiz eta lurraldeen artean alde handia izan. Alabaina, oraindik ere arazo asko dago konpontzeko. Arartekoak 2008. eta 2009. urteetan egindako esku-hartzeak aztertuta, ikusiko dugu alderdi hauekin lotuta egon zirela: adina zehazteko probekin, hezkuntzarako, defentsarako edo entzunak izateko zuten eskubidearekin, zentro jakin batzuen kokapena baztertzearekin, erkidegoen arteko lekualdatzeekin, tutoretzak hartzeko betebeharra ez betetzearekin...
Gomendio espezifikoei dagokienez, azterlan honetan hiru nabarmendu dira. Beharrezkoa dela:
Delituren bat egin duten eta neurri judizialak ezarri zaizkien adingabeei dagokienez, txostenean jaso diren datuen arabera, 12 urtean bilakaera hau izan da: 1998an 140 neurri hartu ziren, 2001ean 400 baino gehiago —urte horretan sartu zen indarrean Adingabeen Erantzukizunari buruzko Legea—, eta 2009an, berriz, 1.200 baino gehiago. Ingurune zabaleko neurriak guztizkoaren % 70 baino gehiago dira, eta barneratze-neurriak lautik bat dira. Gehikuntza horren ondorioz, jakina, handitu egin behar izan da arreta emateko baliabideen sarea.
Arlo honetako alderdi kezkagarrienen artean honako hauek nabarmentzen dira:
Gazte Justiziaren Sistema hobetzeko, zazpi gomendio espezifiko egin ditugu, batzuk oso orokorrak (hala nola gaur egungo arau-esparrua bere potentzialtasun osoan aplikatzea eta zerbitzuen arteko lankidetza hobetzea), eta beste batzuk oso zehatzak, hala nola ofiziozko txanda hobetzea, adingabeentzako polizia-bulego espezifikoak ezartzea eta medikazioaren erabilera eta kontrola hobetzea.
Hezkuntza-premia berezi edo espezifikoak dituzten ikasleei dagokienez, txosten honek bost azpikapitulu ere eskaintzen dizkie: bat desgaitasunen bati loturiko premiei, beste bat gizarte-egoera ahuleko ikasleei loturiko premiei, beste bat ijito-herriko ikasleei loturikoei, beste bat sasoiko langileei loturikoei eta beste bat etorkinei loturikoei. Horietako bakoitza bere ezaugarri espezifikoekin aztertu da, baina denak ikuspegi berberarekin: abiapuntuko desberdintasunak konpentsatzea; gizarteratzeko bidean albait gehien laguntzea. 35.000 ikasle baino gehiagori buruz ari gara —hau da, eskolatutako biztanle guztien % 10-11 inguru—, txostenean "gizarte-egoera ahuleko" gisa agertzen den taldea kontuan hartu gabe, eta banaketa oso desberdina da ikastetxeen artean.
Zorionez, euskal hezkuntza-sistemak duela urte asko egin zuen eskola-integrazioaren aldeko apustu irmoa, edo, nahiago bada, inklusioaren aldekoa. Eta horri baliabide eta programa ugari eskaini izan dizkio eta eskaintzen dizkio. Eskolatze-datuek eta eskolako arrakastari eta porrotari buruzko datuek, ordea, ekitaterik ezaren zantzu nabarmenak agertzen dituzte, eta, erakunde honen iritziz, gainditu beharra dago hori. Hori horrela, sektore bakoitzaren kasuistikan sartu gabe, txostenak 8 gomendio espezifiko egiten ditu alderdi hauen inguruan: konpentsazio, detekzio eta esku-hartze goiztiarrerako neurriak ezartzea, familiekin lankidetzan aritzea, ebaluatzea, aniztasuna izatea profesional-taldeetan ere, arkitektura-oztopoak behin betiko kentzea.
Haurren eta gazteen osasun mentalaren arloan, eta aurkeztutako kexekin eta egindako jarraipenekin bat etorriz, txostenean funtsezkotzat jotzen diren hiru alderdi nabarmentzen dira:
Eta, ondorioz, berriro ere nabarmendu nahi ditugu osasun-sistemari egindako gomendioetako batzuk, hala nola adingabeek baimena jakinaren gainean emango dutela bermatzeko, haurren arretari lehentasuna emateko, osasun-sistemaren eta gainerako sistemen arteko koordinazioa hobetzeko, adingabeen osasun mentaleko arazoei ematen zaien erantzuna hobetzeko eta adingabeen osasunerako eskubidea zenbateraino aplikatzen den "neurtzeko" jarraipen-elementu gisa osasun-adierazle jakin batzuk erabiltzeko gomendioak.
Eskola-eremuko bizikidetzari dagokionez, egindako jarraipenak hein berean ditu argiak (esate baterako, arau-esparruari edo protokoloen existentziari dagozkionak) eta ilunak (esate baterako, urtez urte berdinen artean mantentzen diren eskolako jazarpenaren eta tratu txarren datuei dagozkienak). Alde horretatik, sei gomendio azpimarratu ditugu, hala nola:
Azkenik, txostenak atal espezifiko bat eskaintzen dio errealitate ez oso ezagun bati: nerabe homosexualen (lesbianak eta gayak), transexualen eta bisexualen problematika. Oraindik ere intolerantzia, gaitzespena eta homofonia badirela agertzen duten datuekin batera, Arartekoak 2008an abian jarritako foroan agerian geratu zen hezkuntza afektibo-sexuala oraindik ere konpondu gabeko arazo bat dela gure eskola-sisteman, eta baita beste sistema batzuetan ere; horrek bide ematen du bereizkeriaz jokatzeko eta jendeak oro har horren berri ez jakiteko, eta zaildu egiten du sexu-aniztasuna onartzea. Egoera hori gainditzeko, hezkuntza-sistemari hiru gomendio espezifiko egin dizkiogu, batzuk oso orokorrak eta beste batzuk zehatzak: aniztasun afektibo-sexualari buruzko plan bat, horri heltzeko modua antolatu eta sistematizatuko duena; jarduketa konkretuak aniztasuna ikusarazteko eta homofobia erauzteko; haur eta nerabe lgtb-entzako tutoretzak.
Honaino, txostenean aztertutako sektore edo egoera batzuen errepaso txikia, ezinbestean laburra eta alderdi batzuk azpimarratzera mugatua. Auziari heltzeko modu horrek —sektorez sektore edo egoeraz egoera—, ordea, hainbat muga edo arrisku ditu, eta komeni da hori ez ahaztea: ez du ahalbidetzen ikuspegi global bat, egoeren artean izaten diren harremanak, horien artean batzuetan izaten den jarraipena eta gehiago edo gutxiago partekatzen dituzten arazoak agerrarazi eta nabarmenduko dituena. Areago, bide eman dezake pentsatzeko elkarrekin loturarik ez duten egoerak direla, elkarren artean inolako loturarik ez duten adingabeen taldeak direla. Baina hori ez da hala. Kasu askotan, gaur harrera-zentro batean dagoen nahiz eskola utzi duen edo eskolan porrot egiten ari den haur edo nerabe berbera bihar barneratze-zentro batean aurkituko dugu, edo aurrerago berriro arrisku-egoera berezi batean aurkituko dugu. Horrek agerian uzten du badirela benetako bazterketa-zirkuitu edo –bideak, horietako asko adingabeak hazteko eta bere premietarako oinarrizko euskarri eta laguntza gisa familiarik ez izateari lotuak edo familiak horretarako gaitasunik ez izateari edo soil-soilik porrot egin izanari lotuak.
Azterlanak honako honi erantzun nahi dio "begirada" horrekin: Badira arazo komunak, egoera batzuetan eta besteetan errepikatzen direnak? Zeharkako elementu-sorta moduko bat, alegia, aztertutako sektore guztiei edo askori eragiten diena eta adingabe horien premiei ematen zaien erantzuna baldintzatzen ari dena. Hala, agerian geratu da badirela errepikatzen diren elementu kezkagarri batzuk, adingabeekin egoera horietan egiten den esku-hartzearen izendatzaile komun moduko batzuk; kontu kezkagarriak dira ikuspegi bermatzaile batetik, hobetu beharrekoak eta benetako erronka direnak, hala pertsona horien eskubideak defendatzeko nola esku-hartze eraginkorrago bat lortu nahi badugu.
Sistema publikoek arrisku-egoera berezian dauden adingabeen premiei erantzuteko dituzten ahultasunak edo mugak dira horiek; dena dela, ez dira ahaztu behar auzi honetan oso garrantzitsuak diren beste elementu batzuk —giltzarriak aztertutako egoera askotan—, edo faktore estruktural jakin batzuk, kasu asko eta askotan arrisku-egoeren sustraian baitaude. Bereziki esanguratsuak iruditzen zaizkigun bost ahulguneak honako hauek dira:
Kausa edo ahultasunen analisi hori baliozkoa bada:
Eta arazo edo disfuntzio hauexei heltzen saiatu gara txosteneko gomendio orokorrenetan:
Txosten hori 2011ko maiatzaren 3an eman genion Legebiltzarreko lehendakariari, eta, egun horretatik aurrera, Arartekoaren ohiko harreman-sarean banatu zen, eta, zehazki, haurren esparruan lanean diharduten erakunde/entitateen artean. Horretan sakonduz, maiatzean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluko Haurren Arloko Kontseiluan ordezkaritza duten gizarte-erakundeak bilera batera gonbidatu genituen, txostenaren diagnostikoa eta gomendioak aurkezteko eta kontrastatzeko. Horren emaitza ekarpen interesgarri batzuk izan ziren. Hain zuzen, ekarpen horiek kontuan hartu ditugu dokumentu honen II. kapituluko edukiak lantzeko orduan.