III) Gomendioen jarraipena
Arartekoak urtez urte jarri du arreta berezia beren eskubideak arrisku berezian dituzten haur eta nerabeen sektore edo taldeetan, egoera ahulagoan dauden taldeetan. Eusko Jaurlaritzarentzako urteko txostenetan aurkeztutako informazioaren zati garrantzitsu bat, haurrei eta nerabeei dagokienez, egindako txosten berezien jarraipena izan da.
Apirilean, Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten berezia aurkeztu genuen (horri buruz xeheki jardungo dugu txosten honetako V. kapituluan). Horren helburu nagusia da azken hamalau urteetan Arartekoak haurrei eta nerabeei buruz egindako txosten berezietan aztertutako errealitateak biltzea eta izan duten eboluzioari behatzea. Azken txosten horretan, txosten berezi haietan egindako berrehun bat gomendio haien berrikuspen xehatu bat egin da. Kontuan hartuta berriki aurkeztu dela, bidezkotzat jo dugu zentzuzko denbora-tarte bat pasatzen uztea, dagokien administrazioek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak har ditzaten, iradokitako doikuntzak eta aldaketak egin ditzaten, eta, azken batean, aurrera egin ahal izan dadin gomendioetan proposatutako bidean. Hala, 2011. urtean ez da aurkeztuko Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txostenean jasotako gomendioen jarraipenari buruzko informaziorik (aldi berean orain arte egindako gomendioak biltzen dituena), babesik gabe dauden haurrentzako arretari buruzko adierazle nagusiei buruzko informazioa alde batera utzita; izan ere, joerak —batez ere bakarrik dauden adingabe atzerritarrei dagokienez— azkar aldatzen dira, eta komenigarri iritzi genion informazioa eguneratuta edukitzeari. Horri buruz informazio zehatza eman dugu aurreko kapituluan.
Bestalde, aurten hurrenez hurren 2009an eta 2010ean argitaratutako bi txosten berezitako gomendioen jarraipena egiten hasi gara: Adingabekoei balioak transmititzea txostena eta EA
Eko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan txostena. Horri buruz hurrengo orrialdeetan jardungo dugu.
3.1. Adingabekoei balioak transmititzea
Arartekoaren Adingabekoei balioak transmititzea txosten berezia 2009ko azaroaren 25ean aurkeztu genuen Eusko Legebiltzarrean. Txosten horretan, nagusiki, honako hau aztertzen da: gure erkidegoko adingabekoek zenbateraino hartzen dituzten beren gain oinarrizko balio batzuk, horietako asko bizikidetzari eta giza eskubideekiko errespetuari lotuak, bai eta gizarte-eragileek balio horiek transmititzeko eta eraikitzeko zer indar, pisu eta eragin duten ere.
Txostenak hainbat oinarrizko balio azpimarratzen ditu, bereziki:
Erakunde honi dagokion eskubideen defentsaren ikuspegitik, txostenak zortzi kontu jo zituen kezkagarrientzat:
Txostenak elementu baikor asko ere azpimarratzen zituen. Horrela, adibidez:
Txostena hogei gomendio eginez amaitzen da. Hain zuzen, gomendio horiek hartzaileen arabera egituratzen dira: gizarte osoa eta gizarteko erakundeak, familiak, komunikabideak, hezkuntza-sistema...
Jarraipena egiten hasteko eta txostenean jasotako gomendioen ildoari zenbateraino ekin zaion jakiteko, azaroan informazioa eskatzeko idazki bana bidali genien auziak zuzenen eragiten zien hiru administrazio hauei: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari (aurrerantzean, Hezkuntza Saila); Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari eta Kultura Sailari.
Hezkuntza Sailari, gure gomendioetako gehienak hezkuntza-sistemari zuzenduta zihoazen aldetik, honi buruzko informazioa eskatu genion:
Txosten hau amaitu genuen unean, ez genuen informazio hori jaso izanaren berririk.
Txostenak guztiz argi agertzen duen beste kontu bat da familiak pisu handia duela balioen transmisioan. Nahiz eta erronka handia izan erakundeentzat familia bezalako eremu pribatu batean eragitea, erakunde honek uste du familiei beren eginkizun sozializatzaile eta hezitzailean laguntzeko ahalegin oro, zalantzarik gabe, haurren eta nerabeen eta, azken batean, beroriek partaide diren gizartearen mesedetan izango dela.
Gomendioen jarraipena egiten hasi ginen unean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila —familia eta komunitate arloko politikaren arduraduna— Haur eta Nerabeen I. Plana eta Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana (2011-2015) egiten ari zen (azken hori 2011ko abenduaren 27ko Gobernu Kontseiluaren bileran onartu zuten). Horregatik, informazioa eskatu genion sail horri, bi planak egiteko orduan Arartekoaren gomendioak, bai erakunde guztiei zuzendurikoak eta bai familiei buruzkoak, kontuan zenbateraino hartu ziren jakiteko. Bestalde, gomendioak betetzeko zer ildo estrategiko eta zer jarduketa zehatz aurreikusi zituen ere galdetu genion.
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak, erakunde arteko bi planen sustatzaileak, bere erantzunean hau adierazi zuen: familiekin sentsibilizazioa eta prestakuntza landuz eta beharrezko tresna eta baliabideak eskainiz lan egitearen alde egin dugu, hezkuntza eta balioen transmisio egokia bermatzen saiatzeko, bai eta erantzukidetasunean oinarritutako garapen pertsonal bete-betekoa bermatzen saiatzeko ere.
Familiei Laguntzeko III. Planaren lau ildo estrategiko handietako bigarrenak bost helburu handi ezartzen ditu. Laugarren eta bosgarren helburuek erakunde honek bere gomendioetan planteatutako kontuetako zenbait jorratzen dituzte. Hala, Planak hauxe ezartzen du helburu gisa: herritarren kontzientzia sustatzea, erantzukidetasunari, familien barruko harreman arduratsuei eta familian izateko, bizitzeko eta sentitzeko esperientzien aniztasunarekiko errespetuari dagokienez. Kanpainak eta programak eratzea ere aurreikusi da, hainbat ingurunetatik bateragarritasunaren eta erantzukidetasunaren inguruan sentsibilizatzeko, prestatzeko eta informatzeko, (eskola inklusiboa, gizarte-zerbitzuak, familiak, osasuna), bai eta balioen, aniztasunaren eta abarren inguruan sentsibilizatzeko, prestatzeko eta informatzeko ere.
Ezarri den beste helburu batek —familia-proiektuak garatzeko behar diren guraso-eskumenen garapena indartzea— alderdi hauek barne hartzen ditu: zaintzaileak prestatzeko programak, gurasotasun positiborako tresnen eta programen garapena, arrakala digitala eta IKTen arriskuak saihesteko programak, aitatasun aktiborako eta erantzukidetasunerako programak, familiei arreta psikosoziala emateko zerbitzuak eta abar.
Sailak sustatutako bigarren plana, Haur eta Nerabeen Erakunde arteko I. Plana —prestatzen ari ziren txosten hau idazten ari ginenean—, lau ardatzen inguruan egituratu da: sustapena, prebentzioa, babesa eta parte-hartzea.
Sustapenaren ardatzean, "Eskubideak eta betebeharrak" kanpainari eustea aurreikusi da; hain zuzen, sailak jakinarazi duenez, adingabekoen eskubideak zabaltzeko eta sustatzeko garrantzia nabarmentzen du, erantzukidetasun pertsonal eta sozialaren ikuspegitik.
Bestalde, prebentzioaren ardatzean, honako hau proposatzen da: balio positiboetan oinarritutako hezkuntza lantzea, berdintasuna eta tratu ona sustatzea, aisialdia modu hezigarri eta integratzailean erabiltzea, gurasotasun positiboa lantzea...
Bi planek agertu dute erakunde publiko guztiak inplikatzeko beharra, eta erakundeen eta gizarte-sektorearen artean lana modu koordinatuan egiteko beharra —haur eta nerabeen planaren kasuan—.
Kontuan hartuta dokumentu horiek 2011. urtekoak direla, ezin ditugu oraindik aurreikusitako lanaren emaitzak ebaluatu; izan ere, 2012. urtean hasiko dira garatzen, eta ordutik aurrera jadanik baloratu ahal izango da zer garapen izan duen. Nolanahi ere, erakunde honek oso positibotzat dauka haurren eta familien arloko jarduketak planifikatzeko lana. Gure gomendioetan adierazi izan dugun bezala, plan edo konpromiso publikoak izateak ugaritu egiten ditu Administrazioaren jarduketak sozialki kontrolatzeko aukerak, eta arlo horretan jardutea errazten die eskubideak kontrolatu eta defenda ditzaketen eta kontrolatu eta defendatu behar dituzten erakundeei. Era berean, plan horietan jasotako ebaluazioaren aurreikuspenak ikusita, baikor gara etorkizunean haren eraginkortasunaren eta efizientziaren inguruan egingo den balorazioari dagokionez.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari informazioa eskatu genion, txostenean adierazten zelako balio klasikoak sozializatzeko edo transmititzeko eragileekin batera (familia, eskola-ingurunea, berdinen taldea) komunikabideek edo teknologia berriek gero eta indar handiagoa dutela, eta EITB sail horri atxikitako erakunde publiko bat delako.
Txostena ikusita, ondorioztatu daiteke Euskadiko haurrek telebista erruz ikusten dutela, hainbat ordutegitan. Horietako asko haurrak bereziki babesteko ordutegiak dira. Horrek esan nahi du ordutegi horietan eskaintzen diren edukien hautapen arduratsua egin behar dela. Dena den, gai horren inguruan aldian-aldian egiten diren ikerketek frogatu dute ordutegi horien barruan ere adingabeentzat desegokiak diren programak edo iragarkiak eskaintzen direla.
Telebistako produktuen kalitatea da hain zuzen ere Ararteko erakundeak dituen kezketako bat. Erakunde honen aburuz, komunikabideek, titulartasun publikoa dutenek bereziki, desegokiak diren edukiak saihesteaz gain, telebistako produktuen kalitatea modu aktiboan sustatu behar dute. Hizpide dugun txostenak agerian utzi du gizarte komunikabideek duten garrantzia sexuen arteko berdintasuna, desberdintasunen onarpena eta errespetua (jatorria, etnia, sexu-joera...), indarkeriaren erabileraren gaitzespena, ingurumenaren zaintza, etab. bezalako balioak transmititzerakoan.
Bestalde, txostenean honako hau ere aipatu zen: ezarritako legebiltzarreko parte-hartze, kontrol edo jarraipen organoen erregulazioan ez dela inolako berariazko erreferentziarik egin haurren eskubideen babesaren inguruan eta ematen duela legeak organo horientzat ezarri dituen antolaketaren eta funtzioen barruan eginkizun horiek sartzea zaila dela. Dena den, txostenaren gomendioetan beste zenbait formula aipatu ziren, hala nola, zenbait autonomia erkidegotan sortutako ikus-entzunezko kontseiluak. Horien eginkizunen artean, haurren eskubideen babesa berariaz gaineratu da. Horri esker, ikus-entzunezko kontseilu horiek nolabaiteko aukera daukate zenbait arlotan esku-hartzeko eta irizpideak ezartzeko –programazioaren ikus-entzunezko seinaleztapena, adingabeei buruzko datuak zabaltzeko zuhurtasuna, ordutegi jakin batzuetan zenbait eduki emateko debekua...-. Horrez gain, hori betetzen dela bermatzeko mekanismoak ere dituzte –ikuskatzeko, arautzeko eta zigortzeko boterea, programazioari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteko ahalmena...-.
Hedabideei buruz txostenean agertzen diren hiru gomendioak direla eta, honako informazioa eskatu zen:
EAE osoan edo zati batean programak ematen dituzten komunikabideentzako (hala nola, tokiko telebistak) araudi zehatza ezartze aldera, aurrerapenak egin diren edo aurreikusi diren.
Txosten hau amaitu genuen egunean artean ez genuen informazio hori jaso izanaren berririk.
3.2. EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan txosten bereziaren jarraipena
2010eko apirilaren 10ean, EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan txosten berezia aurkeztu genion Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, eta geroago, 2010eko ekainaren 23an, euskal ganberako Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeari aurkeztu zitzaion.
Txostenean, erakundeek nerabeen kontsumoaren errealitate horri nola erantzuten dioten aztertzen da, horri buruz azken urteetan gure erkidegoan egin diren azterlan ugarietako datuak abiapuntutzat hartuz.
Bertan, argiro nabarmentzen dira behintzat hobetzeko beharra duten bi arlo handi:
Txosten bereziaren jarraipena egiten hasteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari alderdi hauen gaineko informazioa eskatu genion:
Txosten hau amaitu genuen egunean artean ez genuen informazio hori jaso izanaren berririk.