2.2.7. Kultur jarduerak eta kirola
Kultur jarduerei buruzko esparruan, zenbait gurasok helarazi diguten kezka bat nabarmenduko dugu ia soilik: telebista-kate batzuek haur-ordutegian ematen dituzten programen ingurukoa, eta are zinemako zenbait filmen kalifikazioaren ingurukoa.
Duela urte batzuk gure Adingabekoei balioak transmititzea txosten berezian adierazi genuen bezala, gure adingabeek telebista asko ikusten dute, eta ordutegi askotan; are bideojokoen, Interneten edo telefonia mugikorraren kontsumoa aurrea hartzen ari zaiolarik ere. Ordutegi horietako asko haurrentzako babes berezikotzat hartzen dira; beraz, arreta handiz zaindu behar dira halako ordutegi-tarteetan ematen diren edukiak. Auzi horren inguruan periodikoki egiten ari diren jarraipenek eta azterketek, Arartekoan jarritako kexekin bat, erakusten dute ordutegi horien barruan ere ematen direla adingabeentzako desegokiak diren programak edo publizitatea, eta urratzeak nahiko ohikoak izaten direla, katearen arabera.
Erakunde honen iritziz, gainera, komunikabideek eta batez ere titulartasun publikokoek ez dituzte soilik haurrentzako eduki desegokiak saihestu behar, baizik eta modu aktiboan sustatu behar dute telebista-produktuen kalitatea; horretarako, berriro diogu, beharrezkoa da arlo horren inguruan dugun gaur egungo araupetzea aztertzea, bai eta beste lurralde batzuen esperientziak eta formulak aztertzea ere, haurren eskubideak defendatzean eta, zehazki, haurrei balioak transmititzean berme handiagoa izan dadin.
Kirolari dagokionez, umeen eta nerabeen esparruan egindako jarduketarik esanguratsuena Arartekoaren urriaren 27ko 6/2011 Gomendio orokorra da, haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuinguruan, hezkuntza parametroen arabera garatuko dela bermatzearen egokitasunari buruzkoa. Hain zuzen, kirolaren esparruan zenbait entrenatzailek adingabeekin dituzten jokabide eta jarrera batzuen inguruan hainbat forotan eta hainbat bidetatik (kexa partikularrak, gizarte- eta hezkuntza-erakundeekin egindako bilerak, adituekin egindako egiaztapenak…) adierazitako kezkaren argitan egin dugu gomendio hori. "Gehiegizkoak" izateagatik gaitzesgarriak diren jokabideez ari gara, eta, edonola ere, hezitzailetzat nekez joko ditugun jokabideez, izan ere, "pertsona mugara eramatea bere burua gaindi dezan eta bere ahalmena ustia dezan animatzeko" arrazoibidean oinarrituz, jokabide larderiazko, iraingarri eta laidogarrietan erortzen dira, neurriz kanpoko zigorrak jartzen dituzte, eta abar..
Gehienek onartzen dute, eta horrela xedatzen dute arau eta politika publikoek, adin horietako kirol-jardueraren helburuak hezkuntza duela oinarri. Kirol-diziplina bat ikastea eta diziplina horretan trebetasuna eta/edo gaitasun teknikoak garatzea baino harago doa; hain zuzen, lagungarri da neska-mutilen osoko hezkuntzarako, eta balio positiboetan oinarritutako hezkuntzan barneratzen da, garapen pertsonal eta sozial osasungarria lortzeko. Horrek esan nahi du kirol-jardueran bertan sartzen dela hezkuntza-aldagaia; eguneroko eta ohiko kirol-jarduera egiteko, zuzentzeko eta bideratzeko moduan txertatzen dira gure haur eta nerabeen osoko hezkuntzarako mesedegarri diren ereduak; balio positibo horiekin eta balio positibo horietan oinarrituz garatutako kirol-jarduera biziz bihurtuko dira gure adingabeen gaitasunen parte.
Euskal Autonomia Erkidegoan kirola eta, zehazki, eskola-adinean egiten den kirola arautzen duen arau-multzoak lehentasunezko ildo hezitzaile hori jasotzen du, eta kirol-modalitate hori egituratzen duten elementu guztietara eramaten saiatzen da. Hala eta guztiz ere, azken pausoan, onartezintzat edo behintzat gaitzesgarritzat eta, beraz, neurri batean zigorgarritzat joko diren jokabideak zehaztean, lehiaketaren uneak baizik ez ditu arautzen, eta ez du ezer esaten entrenamenduetan edo klubaren edo elkartearen barruan kirola egitean gerta daitekeenaz. Adierazi dugunaren beste erakusgarri bat Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen azterlana da; hain zuzen ere, 2011ko azaroan kirolean izaten diren indarkeriazko portaerei buruz argitaratutako txostenean, kirol-lehiaketen esparruko gertaerak aipatzen dira, han gertatutakoak entrenamenduetan egiten denarekin zerikusirik batere edukiko ez balu bezala.
Horregatik guztiagatik, Arartekoak euskal administrazio publiko eskudunei gomendatu die, ordenamendu juridiko eta administratiboak behartzen eta/edo baimentzen dituen horretan, zehaztu dezatela zein diren jokabiderik egokienak haurrekin eta nerabeekin kirol-praktika hezitzailea behar bezala garatzeko, eta zeha ditzatela kirolak lehentasunez izan behar duen eduki hezitzaile horren aurka doazen jokabideak, une, espazio eta testuinguru guztietan aplikatuko den diziplina-araubide baten bitartez.