1.2.4. Hezkuntza
Azken urteetan 16 eta 17 urteko gazteen eskolatze tasak modu nabarmenean gora egin du eta 16 urtera arteko derrigorrezko hezkuntza arrunt bilakatu da. Horren ondorioz, populazioaren bataz besteko prestakuntza maila igo da.
EAEk inguruko beste lurralde batzuekin alderatuz etekin maila handiagoak ditu zientzia, matematika eta irakurketa bezalako arloetan; izan ere, PISA proban lortutako ezegokitasun portzentajeak % 15 ingurukoak dira, estatu eta Europa mailan, aldiz, altuagoak dira. Dena den, oraindik ere jorratu beharreko erronkak daude.
2008. urtean, ikasketak behar baino lehen utzi zituzten gazteen portzentajea % 14,7koa zen eta mutil gehiago hartzen zituen barne (% 18, neskak, berriz, % 11). 2010. urterako Europa mailan ezarritako helburura heltzen ez den arren -% 10-, xede hori gertuen daukan autonomia erkidegoa da; izan ere, estatu mailan, ikasketak behar baino lehen uzten dituzten gazteen bataz bestekoa % 31ko da.
Lehen mailako hezkuntzari dagokionez, adin teorikoan etapa amaitzen dutenen portzentajea % 88koa da. Portzentaje hori handiagoa da zentro pribatuetan eta D ereduan ikasten dutenen artean (% 91 bi kasuetan). DBHko etapan portzentajea % 84koa da eta etapa horretan hasten dira sexuagatiko desberdintasunak; izan ere, neska gehiagok adin teorikoan etapa gainditzen dute (% 69, % 59ren aurrean). Batxilergoari dagokionez, 10 ikasle bakoitzeko 6k amaitzen dute adin teorikoan eta sexuaren araberako desberdintasun nabarmenak antzeman daitezke (nesken % 70ek adin teorikoan gainditzen dute, mutilen kasuan, berriz, % 55ek).
11-17 urte bitarteko euskal ikasleen % 15ek adierazi du ez zaiola eskola batere gustatzen eta, kasu honetan, sexuagatiko desberdintasuna oso adierazgarria da: eskola batere gustatzen ez zaien mutilen portzentajea % 21ekoa da, neskena, aldiz, % 8koa da. Zentzu horretan, adina ere faktore erabakigarria da, hazi ahala eskolarekiko atsekabea handituz doa. Hala, 11 eta 12 urteko adingabeen % 7,8k adierazi du ez zaiola eskola batere gustatzen baina 15 eta 16 urtekoen artean portzentajea % 21ekoa da.
Azken hamar urteetan hiru euskal lurraldeetan behar bereziak dituzten ikasleen proportzioa handitu egin da, hortaz, EA
E osoan eskolatuta dagoen ikasleriaren % 3,4 hezkuntza behar berezi eta/edo zehatzak dituen ikasle gisa tipifikatu da.
Haurrak eta nerabeak nahiko pozik daude eskolan euren parekoekin dituzten harremanekin nahiz eta gatazkak ere existitu, muturreko kasuetan, eskolako jazarpen edo bullying bilakatzen direnak. Arrisku egoera berezietan dauden haurrak txosten berezian jasotako datuen arabera, 2008/2009 ikasturtean 77 salaketa egon ziren guztira eta tratu txarrei lotutako 40 kasu identifikatu ziren. Txostenak agerian utzi du kasu mota horiek gehienbat bigarren hezkuntzan gertatzen direla. Horietan, eraso fisiko zuzenak, jazarpenarekin hasteko adinaren jaitsiera (baita lehen hezkuntzan ere) eta neskekin alderatuz (% 15), mutilen (% 18) portzentaje handiago bat erasoaren zati adierazgarriak dira. Halaber, aipatu beharra dago nerabezaroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak parekoen arteko jazarpen tresna berri bilakatu direla.