1.1. 2010-2014 Jarduera-esparrua
Haur eta Nerabeen Bulegoaren 2010-2014 jarduketa-esparruan, iazko urteko txostenean aurkeztu zen horretan, esku-hartze ildo nagusiak nolabaiteko zehaztasunez azaltzen ziren. Hala, erakundearen gainontzeko eremuetan bezala, bulegoak adingabeek aurkezten dituzten edo eurengan eragina duten kexak eta eskaerak jaso eta aztertzen ditu. Kexak eta eskaerak modu zuzenean edo legezko ordezkarien bitartez aurkeztu ditzakete. Lan hori modu batean norbaitek (pertsona batek, kolektibo batek) edo zerbaitek (komunikabideen bitartez edo beste bideren bitartez ezagutu den eskubideen urraketa posible bat) aurkezten digunaren aurrean "erreakzionatzean" datza eta lan-ildo proaktiboagoen bidez osatzen da. Azken horien artean jarduera hauek daude: sarean, modu kolektiboan eta lankidetza erabiliz egindako lana sustatzera eta haurren eskubidearen kultura zabaltzera zuzendutako jarduerak, bereziki, adingabeen parte hartzea eta euren ahotsa entzunarazteko aukera bultzatzen dituztenak.
Ararteko erakundeak gain hartu duen "matrize-eredua" dela-eta, eremu materialetan espezializatutako sektore-arloak zeharkako begiradek osatzen dituzte, kasu honetan, haurren eta nerabeen eskubideenak. Horren xedea elkar aberastea eta lan koherente eta sinergikoa lortzea da. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa berezko langileen hornidura txikiarekin egituratu da, haurrei eta nerabeei maiztasun handiarekin eragiten dieten gaien arloko aholkularien laguntzarekin batera. Horiek guztiak, arartekoak, arartekoaren ondokoak, gizarte harreman, ikerketa eta modernizazioko zuzendariak eta idazkari nagusiak Haur eta Nerabeentzako Bulegoko Aholkularien Kontseilua osatzen dute eta jarduketa-esparru orokor hori abiapuntutzat hartuta, urtero egiten diren lanerako planen definizioan eta konpromisoan eginkizun nabarmena daukate.
2011ko Jarduketa Planak, esku artean dugun denboraldirako, lehen aipatu ditugun lan-ildoak zehaztu ditu. Plan hori gure bidai orria da eta horri esker adierazitako bidean zehar aurrera egin dezakegu ahaleginak batuz eta gure helburuak ahalik eta modu eraginkorrenean lortzeko beharrezkoak diren sinergiak sortuz. Ondorengo kapituluetan aipatuko diren jarduerak plan horren emaitza dira: