Herritarrek beren eskubideak urratu direlakoan edo indarreko legea bete ez delakoan administrazio publikoen aurka aurkezten dituzten kexen gainean ebaztea da Arartekoaren oinarrizko eginkizunetako bat.
Bere funtzio adierazgarria hori izanik, Ararteko erakundeak administrazioaren kontrol eta orientazio jarduera proaktibo ugari burutzen ditu asmo orokorreko beste tresna batzuen bidez. Horien helburuak administrazioaren jardueran praktika onak edo aldaketak proposatzea, esparru jakin bateko herritarren eskubideen betetzeari buruzko ikerketa eta eztabaida sustatzea edo horien hedapena bultzatzea dira.
Kapitulu honetan 2016. urtean zehar bideratutako jardueren emaitzaren laburpena gaineratu dugu eta Arartekoaren web orrira bidaltzen ditugu horien inguruko informazio zehatzagoa nahi dituztenak.
1. Gomendio orokorrak
2. Ikerketa bekak
3. Txosten bereziak
4. Udako ikastaroak
5. Arartekoaren jardunaldiak
6. Arartekoaren argitalpenak
7. Aldizkari digitala
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Hala ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2016. urtean, 3 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke (http://www.ararteko.eus).
1.1.Arartekoaren 1/2016 Gomendio orokorra, urtarrilaren 26koa.
Euskadiko energia-pobreziari buruzko gizarte-eztabaidarako oinarriak.
XXI. mendean murgilduta bagaude ere, Euskadin jende askok oraindik benetako arazoak dauzka hilabete hotzetan bere etxean tenperatura egokia mantentzeko. 2014. urtean, 235.000 pertsonak baino gehiagok izan dute arazo hori, nahiz eta 2008an ez ziren 90.000ra iristen. Fenomeno horri energia-pobrezia deritzo. Baliabide ekonomiko nahikoak ez izateak sortzen du, baina baita ere etxebizitzaren baldintza objektibo txarrek edo energia-baliabideen gehiegizko prezioak.
Euskadin energia-pobrezia ezagutu eta prebenitu dadin sustatzeko, Arartekoak gomendio orokor bat egin zuen. Bertan, zenbait proposamen egin genizkien euskal administrazioei, orain dauden politika publikoei eta gizarte-ekimenei lagun diezaieten, fenomeno horrek gure erkidegoko milaka herritarrengan dituen ondorioak gutxitzeko eta arintzeko.
Energia-baliabideen eskasia ez dago lotuta pertsonen egoera ekonomikoarekin bakarrik. Energiaren beharra estu lotuta dago etxebizitzen baldintza objektiboekin (etxebizitza mota, bere materialak, isolamendua edo aurrezpena eta energia-eragingarritasuna lortzeko neurriak). Energia-zerbitzuez hornitzeko merkatuaren baldintzekin ere lotuta dago (zerbitzuaren kostuak edo energia-iturriak eskuratzeko sistema zentralizatua edo deszentralizatua den). Horrela, energia-pobreziak ez die eragiten errentarik txikieneko pertsonei soilik, baizik eta gehiegizko energia-gastua egiteko arriskuan dauden beste talde batzuetara ere heda ditzake bere ondorioak. Arrisku hori eraikuntza-baldintza txarrek edo energiaren gehiegizko kostuak eragiten dute.
Erkidegoko araudiak agintzen die botere publikoei energia-pobrezia prebenitzeko eta horren ondorioak arintzeko estrategia bat presta dezatela. Estrategia horretan aintzat hartu behar dira orain arte gai horretaz egindako arauetan ezarri diren printzipioak eta zerbitzu publikoa egiteko betebeharrak.
Gizarte-bazterketa modu hori desagerrarazteko neurri publiko edo itunduetan, honako arlo hauek hartu behar dira kontuan:
1. Energia-sektorearen eta kontsumitzaile ahulenen erregulazio-eremua.
1.1. Euskadin energia-pobreziaren kontra borrokatzeko plan bat ezartzea.
1.2. Energia-pobrezia pairatzeko arriskuan dauden energia-kontsumitzaileak definitzea.
2. Energia-kontsumitzaile ahulenak babesteko neurriak.
2.1. Talderik ahulenei energia-hornidura bermatzea.
2.2. Informazio egokia jasotzeko eskubidea, energia- kontsumitzaile ahulenaren ikuspegitik.
3. Energia-pobreziak eragindako etxe eta eraikinetan energia-eragingarritasuna hobetzeko neurriak.
3.1. Energia-ikuskapenak bezerorik ahulenentzat.
3.2. Babes publikoko etxebizitza multzoaren energia- eragingarritasuna aztertzea.
3.3. Energia berriztatzeko laguntzak talderik ahulenentzat.
4. Energia-pobreziaren ondorioak arintzeko gizarte-neurriak.
4.1. Gizarte larrialdietako laguntzak, energia-pobreziak eragindako etxeetan energia eragingarria izan dadin.
4.2. Laguntzak energia-aurrezpenarekin uztartzea.
1.2.Arartekoaren 2/2016 Gomendio orokorra, otsailaren 16koa.
Eskola kirolean hasi aurreko adinetan kirol jarduera hezkuntza-balioetan oinarritu beharra, eta ez lehiakortasunean.
Zenbait bide erabiliz (norbanakoen kexak, gizarte- eta hezkuntza-erakundeekin egindako bilerak, adituekin egiaztatzea…), kezka adierazi diote Arartekoari klub edota entrenatzaile batzuek duten portaeragatik eta jarreragatik, eskola-kirolaren aurreko adinetan neska-mutilek egiten duten kirolaren esparruan.
Zehazki, entrenamenduetan eta partidetan, protagonismoa ematen zaie adingabe batzuei beste batzuen kaltetan, lehia-errendimendu handiagoa edo ap
alagoa izateko irizpidea aintzat hartuta.
Arartekoak badaki klub eta entrenatzaile gehienek erabat egoki burutzen dutela neska-mutilen eta nerabeen kirol-jarduera zuzentzeko eginkizuna. Hala ere, hori beti hala izango dela ziurtatzeko, komenigarria iruditu zaio tokiko administrazioei gomendio orokor bat egitea, gogoraraziz beraien herriko kirol-klubei laguntzak emango bazaizkie, haiek arlo horretako legezko xedapenak bete behar dituztela.
Horretarako, gure erkidegoko 12 udalerrik osatutako lagin baten informazioa bildu zen. Udalerri horiek ez dira aukeratu berorietan horrelako arazoak antzeman direlako, baizik eta, gure ustez, adierazgarriak izan daitezkeelako, kontuan hartuta lurralde-banaketa, biztanleria eta egindako kirol-jarduera.
Udalerri horiek denak ados egon ziren erakunde honek azaldutako arrazoibidearekin. Gainera, horietako batzuek egiaztatu zuten oso zaila dela horrelako portaerei kasu askotan banakakoak heltzea. Prest daude gai horretaz hausnartzeko, horrelako portaera desegokiak eragozteko bideak bilatzeko eta, gertatzen badira, horiek antzemateko eta esku hartzeko bideak jartzeko.
6/2011 Gomendio orokorrean (Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuingurutan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna) Arartekoak jada adierazi zuen zer irizpidek nagusitu behar duten neska-mutilak kirol bat egiten hasten direnean.
EAEko kirola erregulatzen duen araudian ere agertzen da orientabide hori, eta emaitzen eta lehiakortasunaren gainetik lehenesten da.
Kirolaren Euskal Planak (2003-2007) honako hau zehazten du eskola-kirolaren helburu nagusitzat: “aukera eman behar dio haur kirolariari hezkuntza garapena osatzeko”.
Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko legeak hauxe ezartzen du: “Haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna lehenbiziko baliotzat sustatzea”.
Horregatik, gomendio honen bitartez, Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eskatzen die beraien udalerrietan neska-mutilentzat antolatzen dituzten kirol jardueretan, batez ere eskola-kirolaren programan sartutakoen aurreko adinetan, hezkuntza eta partaidetza irizpideetan oinarritu daitezela, eta ez lehiakortasun irizpideetan, eta, beharrezkoa bada, hori betetzeko baldintzapean jar dezatela udaletik jasotzen duten laguntza, bai instalazioak uzteko orduan, bai diru-laguntzak emateko edo sustatzeko orduan.
1.3.Arartekoaren 3/2016 Gomendio orokorra, otsailaren 25ekoa.
Babestutako etxebizitza eskatzaileen erregistroko bajak norbanakoari jakinarazteko beharra, etxebizitza duina edukitzeko eta gizarte bazterketarako arriskua saihesteari begirako prestazio ekonomikoetarako eskubide subjektiboan duen eraginagatik.
Etxebizitza behar duten pertsonei, oro har, Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea eskatzen zaie, alokairuko programa publikoetan sartuta dauden etxebizitza babestuak edo etxebizitza libreak eskuratu ahal izateko.
Azken urteotan, Ararteko erakundeak zenbait alditan adierazi du Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroaren jarduera hobetu behar dela, zehazki, izen-emateen ukapenak eta erregistroan baja emateko ebazpenak egiteko modua.
Herritarrek kexa asko azaldu dizkigute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako bermeekin banan-banako jakinarazpenik egin ez delako. Kexa horiek gure urteko txostenetan aipatu ditugu, hurrenez hurren.
Gaur egun, elkarrekin uztartuta daude bi eskubide subjektibo: etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) jasotzeko eskubidea (Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda). Hori dela eta, Arartekoak gomendio orokor hau egin du, bizilekurik gabe edota gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei eta familiei oinarrizko bi eskubide horietako edozein gauzatzea bidegabeki mugatu ez dakien.
Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eskatzen zaio:
- Banan-banan jakinaraz daitezela Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroan egiten diren inskripzio-ukapenak eta baja-ebazpenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.
- EPOa edo beste edozein diru-laguntza etetea erabaki eta, jarraian, oker jasotako prestazioak itzultzeko prozedurak hasi baino lehen, Lanbidek egiazta dezala ea behar bezala jakinarazi diren Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroko baja-ebazpenak.
2.1. Arartekoaren ikerketa beka 2016-2017 aldirako
Joan den abenduan, Arartekoak ikerketa-beka bat eman du, 2016-2017 aldirako, honako izenburuko proiektua egiteko: “EAEn errefuxiatua naiz. Nor naiz eta zer eskubide ditut?”. Proiektu hori Casilda Zarauz, Sofía Lucas eta Simona Sobotovicoca ikertzaileek aurkeztu dute.
Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatu dute Hautaketa Batzordea, eta, haien ustez, proiektu horretan zenbait baldintza biltzen dira: adibidez, proiektuaren diseinu egokia eta ikerketa horren erabilgarritasuna, errefuxiatuen arazoak kezka eta ardura sortzen baitizkio Ararteko erakundeari.
Deialdia abuztuan egin zen eta 20 proiektu aurkeztu ziren. Ikerketa-bekaren zenbatekoa 22.000 eurokoa da eta 10 hilabete iraungo du.
Ararteko erakundeak hainbat urtez iragarri izan ditu ikerketa-bekak giza eskubideen arloan. Horrela, bere eginkizunekin bat etorriz, diziplina arteko ikerlana bultzatu nahi izan du giza eskubideen arloan, gure autonomia erkidegoaren lurralde esparruan. Beka horien helburua da giza eskubideak Euskadin zenbateraino ezartzen diren ikertzea, egoerarik txarrenean dauden gizarte-taldeetako bati dagokionez.
2.2. 2015ean iragarritako Arartekoaren ikerketa-beka
Arartekoaren aurreko deialdian, “Pertsonen salerosketak EAEn duen eragina aztergai” izenburuko proiektuak jaso zuen beka, Izaskun Orbegozo ikertzaileak aurkeztutakoak. Horren prestaketa-lana oso aurreratuta dago, bukatzear, eta datozen hilabeteetan argitaratuko da.
3.1. 2016an argitaratutako txostena
3.1.1. Udal gizarte zerbitzuen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak
Ez da berria Arartekoak lehen arretarako gizarte zerbitzuei eskaintzen dien ardura. Herritarrei egunero erantzuteko beharrezkoa den ezagutza eta jarraipen-lanaz gain, jada 1999an eta 2010ean bi txosten berezi aurkeztu zizkion Eusko Legebiltzarrari. Orduz geroztik, ordea, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, dudarik gabe, gizartean, politikan eta araudian:
- Krisi ekonomikoa sendotu da, pobrezia eta gizarte-bazterketa areagotuz.
- Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu zaio Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) kudeaketa.
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua onartu da, baita Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa ere. Azken horren barruan agertzen da gizarte zerbitzuen mapa.
Aldaketa horiek denek eragin nabarmena izan dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, oro har, eta oinarrizko gizarte zerbitzuetan, bereziki.
Behin puntu horretara iritsita, Ararteko erakundeak oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko analisia eguneratzeko aukera aztertu zuen, eta orain udal gizarte zerbitzu guztietara hedatu du azterketa hori, zerbitzu horien premia duten pertsonen beharrei eta eskaerei modu egokian erantzuteko orduan dituzten arazoen ikuspegitik.
Helburu horrekin eta ikuspegi horretatik begiratuta, txostenak hauxe eskaintzen du:
- Udal gizarte zerbitzuen eskaintzari, zerbitzu horietan diharduten langileei eta zerbitzuak finantzatzeko gastuari buruzko azterketa kuantitatiboa, azken urteotan zer bilakaera izan duen jakiteko.
- Gai hauen gaineko azterketa kualitatiboa: udal gizarte zerbitzuen egungo egoera, beraien aurrerapenak eta mugak, finantzaketa, antolaketa, erakunde arkitektura, e.a.
- Beste autonomia erkidego batzuetako udal gizarte zerbitzuen edo lehen mailako arretarako ereduaren analisia.
- Ondorioak eta gomendioak, agerian jarri diren arazoak konpontzeko.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman eskumenak dituzten administrazioko 3 mailei egin zaizkie gomendioak, ez udal erakundeei bakarrik. Horiek zenbait gairen arabera multzokatuta daude.
Lehenbiziko biak orokorrentzat jo litezke. Lehenengoak gogorarazten du edukiz jantzi behar direla Gizarte Zerbitzuen Legeko funtsezko osagaiak, zehazkiago, gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa, erkidegoko eredua eta arreta jasotzen jarraitzeko printzipioa. Bigarren gomendioak, berriz, denboran barrena ahalegin jarraitua egiteko eskatzen du, gizarte zerbitzuen sistema unibertsal bat guztiz heda dadin 2020tik harago, data hori hartu baita aintzat administrazioek onartu eta agindu duten Plan Estrategikoko denbora-mugan.
Gomendioen bigarren multzoan, udal gizarte zerbitzuetako arlo eta sailetan esku-hartzeko lana aipatzen da. Eskatzen da arduradun politiko eta teknikoek onar dezatela gizarte-lana eta horren eragina garrantzitsuak direla, ez bakarrik norberaren ongizatean, baizik eta baita ere gizarte-kohesioan eta ekonomia- eta kultura-oparotasunean.
Multzo horretan bertan, bereziki nabarmentzen dira edonork bere bizi-prozesuan arreta jasoko duela bermatzeko hobekuntzak, etenik edo luzapenik gabe, baita ere pertsonen eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeen partaidetza. Horretarako beharrezko baldintzatzat jotzen da diziplina anitzeko lantaldeak taxutzea, behar bezainbat adituk osatutakoak, eta esku hartzeko eredu komunak garatzea. Garapen hori koordinazio-egitura batean antolatuko da, oinarrizko gizarte zerbitzuei lankidetza, hausnarketa, informazioa eta laguntza teknikoa emateko.
Gomendio gehien (7) dituen multzoa udal gizarte zerbitzuek garatu beharreko programa eta zerbitzuekin lotuta dago. Legearen katalogoan udal eskumeneko zerbitzu gisa bildutako ia zerbitzu guztientzat proposamen bat egiten da etxeko laguntza, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea, esku-hartze psikosoziala, zaintzaileei laguntzea, eguneko arreta eta egoitzakoa . Horrez gain, auzolana eta prebentzio-lana sustatu behar direla adierazten da, eta sakon hausnartu behar dela zerbitzuak zuzenean egitearen ordez ematen diren prestazio ekonomikoen erabilera.
Udalen kudeaketa eta finantzaketa hobetzeko egin diren bi gomendioen bitartez, alde batetik, udalen arteko lankidetza bultzatu nahi da, udalaren ardurapeko eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoko zerbitzuak garatzeak berez dakarren zailtasunari aurre egiteko, eta, bestetik, bermatu nahi da udal aurrekontuetan beharrezko baliabide ekonomikoak jarriko direla herritarrei udal eskumeneko gizarte zerbitzuak eskaintzeko.
Arauak garatzeari eta sistema antolatzeari buruzko gomendioek bereizgarri bat dute: Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan bereziki azaltzen diren gaiei dagozkie. Plan hori txosten hau egiten ari ginela onartu zen, 2016-2020 aldirako.
Multzo horretan gomendatzen da jardun dadila, informazio-sistema garatzeko, ezagutzaren kudeaketa-jarduerak bultzatzeko, prestazio eta zerbitzuen zorroa behar bezala eguneratuta edukitzeko, Gizarte Zerbitzuen Legean xedatutako araudi-garapenaz arduratzen den sailaren baliabideak indartzeko eta euskal udalerriak biltzen eta ordezkatzen dituzten elkarteen ekintza-ahalmena sendotzeko, beraien ordezkaritza-lana eta trebakuntza teknikoa hobetu ahal izan ditzaten.
Azken multzoan lankidetzari eta koordinazioari buruzko 5 gomendio egiten dira. Lehenengoak proposatzen du lankidetza protokoloak edo hitzarmenak egin daitezela, baita ere lehen mailako arretaren eta bigarren mailakoaren arteko desadostasunak konpontzeko mekanismo eragingarri bat. Beste 3 gomendio, berriz, diru-sarrerak bermatzeko sistemarekin eta osasun nahiz hezkuntza sistemekin koordinazioa hobetzeko egin dira, horiekin osoki garatutako jarduerak partekatzen baitira. Multzo honetako azken gomendioak hirugarren sektorearekin du zerikusia, eta, funtsean, berriki onartu den Hirugarren Sektoreari buruzko Legean onartutako konpromisoak bete daitezen eskatzen du.
3.1.2. Udal gizarte zerbitzuen egoera Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak izenburuko txostena eguneratzea
Atal honetan, Euskadiko Autonomia Erkidegoko foru aldundiek eta udalek gai horretan eman berri dituzten aurrerapauso garrantzitsuak aipatzen dira. Funtsean, gizarte zerbitzuen mapak eginez eman dituzte aurrerapauso horiek eta Arartekoak uste du garrantzitsua dela informazio hori ematea.
Halaber, Arartekoaren txostenean jasotako datu kuantitatibo batzuk eguneratu dira (2015ean zegoen azkenengo eragiketa estatistikoan oinarrituta egindakoak, 2013ko datuekin). Izan ere, 2014ko gizarte zerbitzuen eta gizarte-ekintzako estatistika berria dago eskuragarri.
Aurretiazko kontu gisa, adierazi beharra dago gizarte zerbitzuen inguruko estatistika ofizialetatik abiatuz eskuragarri dauden datu kuantitatiboek oso informazio erabilgarria ematen dutela Euskadiko Autonomia Erkidegoko udal gizarte zerbitzuen tamainen bilakaerari buruz. Hala eta guztiz ere, bi urteko desfasea egon denez horren eraketan, udalak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroaren Dekretuan (2015eko urrian onartutakoa) eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan (2015eko azaroan onartutakoa) xedatutakora egokitzearen ondorioz 2016an eta 2017an egondako eraldaketen eragina ez da hautemangarria izango, gutxienez, bi urte barru arte.
Hortaz, adierazitako mugapen hori kontuan hartuta, udalek finantzatutako gizarte zerbitzuek 2014ra arte izandako bilakaeraren datuek, edonola ere, egoera hauek nabarmendu dituzte:
• Lurraldeen arteko desberdintasunak. 2014ko datuak sartu dira gizarte zerbitzuetan egindako udal gastuaren serie historikoetan; hala, datu horiek ez dute nobedade handirik erakusten hiru lurralde historikoen artean desberdintasunak mantentzeari dagokionez. Udalek biztanle bakoitzeko egiten duten gastua gizarte zerbitzuetan Araban (141,7) da; Bizkaiko udalek (88,2) eta Gipuzkoako udalek (77,3) baino askoz gehiago. Horrez gain, oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileei dagokienez dauden desberdintasunak nabarmenak dira.
• Krisiaren eragina eta susperraldiaren hasiera. 2008tik 2013ra arte, gizarte zerbitzuen udal gastua % 5 murriztu zen Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Murrizketa hori askoz handiagoa izan zen Bizkaian; izan ere, beste bi lurraldeetan baino % 12 gehiago murriztu zen gastua. Araban eta Gipuzkoan, txostenean adierazi zen bezala, esan daiteke gastua gelditu zela. Egoera horren aurrean, 2014ko datuak positiboak direla esan daiteke. Izan ere, lehenengo aldiz 2009tik, lurralde guztietan erregistratu dira udal gastuaren gehikuntza positiboak aurreko urtearekin alderatuz. Halaber, 2014an, lehenengo aldiz krisia hasi zenetik, areagotu zen udalek gizarte zerbitzuetara bideratzen duten proportzioa egindako gastuaren zenbateko osotik. 2014an, proportzio hori % 8,8koa zen; 2013an % 8,3koa eta 2008an, % 8,6koa.
• Udalerri txiki eta handien arteko desberdintasunak. Analisi osagarri bat egin da udalek gizarte zerbitzuetan gastatzen dutenaren inguruan, udalerrien tamainaren arabera. Analisi horrek, lurraldeen artean dauden desberdintasunak gorabehera, erakutsi du harreman positiboa dagoela gizarte zerbitzuetako biztanle bakoitzeko batez besteko gastuaren eta udalerriaren tamainaren artean. 2013an, –analisi hori egin daitekeen azkenengo urtea– Euskadiko Autonomia Erkidegoko 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien biztanle bakoitzeko batez besteko gastua (114 €) 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriena baino 2,5 bider handiagoa izan zen (45,9 €); 10.001 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrien gastua baino 1,8 bider handiagoa (63,7 €) eta 20.001 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerriena baino 1,5 bider handiagoa (77,6 €). Bilakaeraren ikuspuntutik, esan daiteke urteak pasa ahala desberdintasun horiek areagotu direla: 2003tik 2013ra arte, udalerri txikiek (10.001 biztanle baino gutxiagokoak) eta ertainek (10.001 eta 50.000 biztanle bitartekoak) gastua 3,6 eta 18,2 euro areagotu dute pertsona bakoitzeko. Hala, gizarte zerbitzuetako udal-gastua 40,2 eurotan handitu da pertsona bakoitzeko 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien kasuan.
Lurralde historiko bakoitzeko foru aldundiek eta udalek zenbait aurrerapauso eman dituzte azkenengo hilabeteetan udal eskumeneko gizarte zerbitzuen zabaltzea planifikatze aldera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen 2015-2017 Plan Estrategikoan ezarritako irizpideen arabera. Hauek dira aurrerapauso garrantzitsuenak:
2015eko amaieratik, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gizarte-zerbitzuen zorroaren eta plan estrategikoaren Dekretua onestearen ondorioz, lurralde bakoitzeko foru aldundiek eta udalek batera lan egin dute gizarte zerbitzuen lurralde-mapen eraketan. Gaur egun arte, eta udal eskumeneko gizarte zerbitzuei dagokienez, lurralde historiko bakoitzean definitu eta adostu dira lehen mailako arretako zentro eta zerbitzuen kasuan bermatu beharreko estaldurak, plan estrategikoaren, arlo geografikoaren eta eskualdearen arabera.
Araban: 2016ko uztailaren 22an Gizarte Zerbitzuen Mapa onetsi zenetik, eta erakunde bakoitzaren eskumenak eta bakoitzak benetan ematen dituen zerbitzuen arteko doitzea argitzearen ondorioz, honako aurrerapauso hauek eman dira:
• 2016ko abenduaren 1ean, foru aldundiak eta Gasteizko Udalak akordio bat sinatu zuten; horren bidez, bi erakunde horiek eskumenen transferentzia-berrantolaketa egin nahi dute gizarte zerbitzuen arloan. Akordio horrek –“Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak berrantolatzeko esparruko lankidetza hitzarmena” izenekoa– aurreikusten du Gasteizko Udalak etxez-etxeko laguntza eta zaintzaileentzako laguntza zerbitzuen eskumena hartuko duela bere gain. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak bere eskumeneko zenbait zentro eta zerbitzu finantzatuko ditu, orain arte udalak kudeatu eta finantzatu dituenak.
• Arabako landa-eremuko udalak eta foru aldundia kudeaketa-formula baten garapenean lan egiten ari dira; formula horrekin, foru erakundeak udal eskumenekoak diren zerbitzuak eta prestazioak ematen jarraituko du hiriburutik kanpo.
Bizkaian: udal gizarte zerbitzuak araudi-esparru berrira egokitzeko planifikazio-prozesua 2016ko hasieran hasiko da eta EUDELek sustatuko du Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Prozesu honen mugarri nagusiak hauek izan dira:
• 2016ko urtarriletik aurrera, EUDELek Bizkaiko udalerriek eta mankomunitateek eskatuta antolatutako 27 bilera egin ziren guztira, Bizkaiko maparen zonifikazio-proposamenaren eta hori eremu geografiko bakoitzean kokatzearen inguruko erabakiak hartzea errazteko. Ap
irilaren 29an, EUDELeko Bizkaiko Lurralde Batzordeak oniritzia eman zion adostutako zonifikazioari.
• Bi hilabete beranduago, 2016ko ekainaren 21ean, Bizkaiko gizarte zerbitzuen erakunde arteko mahaiak onetsi zuen zonifikazio hori; udaletako eta foru aldundietako ordezkariek osatzen dute mahai hori. Organo horren esparruan, arlo eta eskualdeko lurralde-eremuetako udalerri bakoitzak udal gizarte zerbitzuei dagokienez 2017rako bete behar dituen helburuak ere adostu ziren, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan ezarritako mugapen geografikoarekin bat etorriz.
• Hauek dira Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapan dauden edukiak: mapak gizarte zerbitzuen zonifikazio geografikoarekin lurralde-maila desberdinetan; arlo eta eskualdeko eremu demografikoei esleitutako udal gizarte zerbitzuetako helburuak 2017rako eta Ez-ohiko Funtsa banatzeko irizpideak, udalei udal gizarte zerbitzuak planifikatzeko egindako zenbait gomendiorekin batera. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzea Bizkaian. Dokumentu honek oinarrizko gomendio batzuk jasotzen ditu udal gizarte zerbitzuen planifikazioari dagokionez, indarreko araudira egokitzeko prozesu honetan aurrera egite aldera. Bertan jasotako gomendioen artean, mugapen geografiko bakoitzeko udalerrien artean dauden zerbitzuak aztertzeko edo 2017ko proiekzioak berrikusteko gomendioa agertzen zen, baita etorkizunean, hala badagokio, prestazioa taldekaturik emateko erabakiak hartzeko gomendioa ere.
Gipuzkoan: Foru Gobernu Kontseiluak onetsi zuen Gipuzkoako Gizarte-zerbitzuen 2015-2017 Eperako Mapa 2015eko ekainaren 2an. Dokumentu honetan, Gipuzkoako errealitatera eramaten dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen 2015-2017 Plan Estrategikoan ezarritako planifikazio-irizpideak; bertan, lurralde-maila bakoitzean lortu beharreko estaldurak proposatzen dira, bai foru eskumeneko bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuentzat, bai, partzialki, udal eskumeneko lehen mailako arretako zerbitzuentzat.
Gizarte Zerbitzuen Lurralde-mapa onetsi zenetik, lurraldean udal gizarte zerbitzuen plangintzan eragina izan duten aurrerapauso nagusiak hauek izan dira:
• Batetik, aipatu behar da Gipuzkoako gizarte zerbitzuen erakunde arteko mahaiaren (2016ko uztailaren 13an eratutakoa) esparruan egindako lana foru aldundiaren eta udalen arteko baterako jarduketen planifikazioa diseinatzeko, gizarte zerbitzuen arloan eta Gizarte Zerbitzuen Maparen lurralde-antolaketari dagokionez. Orain arte, organo hori bitan bildu da. 2017ko urtarrilaren 25ean egindako azkenengo bileran, besteak beste, honakoa aztertu zen: gizarte zerbitzuen finantzazioa 2017-2019 eperako; eskumenen doitze berritik eratorritako aurreikuspenak eta gizarte zerbitzuen erakunde arteko funtsaren banaketa.
• Erakunde arteko mahaiaren erabakien paraleloan, lurraldeko zenbait udalerri udal-mapak egiten ari dira edota negoziazio-prozesuan, eskualdea edo arloa mugapen geografikotzat duten zentro horiek zabaltzeko, Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoak xedatutakoaren arabera.
Aurrerapauso horiek eragina dute Gizarte Zerbitzuen planifikazioan eta diseinu globalean; hala ere, 2016an, ez dute islarik izan herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuetan. Hortaz, 2017an, horren abiaraztearen segimendua egingo da, udal gizarte zerbitzuen inguruko ez-ohiko txostenak duen informazioa eguneratzen jarraitzeko.
3.2. 2016. urtean egiten ari diren txosten bereziak
2016. urtean aurrera egin da hiru txosten berezi berri prestatzen:
3.2.1. EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa
Azterlan hori laster argitaratuko da eta, horren bidez, ezgaituek erabat gizarteratu eta gizartean parte hartzeko Arartekoari funtsezkoa iruditzen zaion gai bat jorratu nahi da: Euskal Herriko ospitaleen irisgarritasuna.
Irisgarritasunari buruzko araudia zenbateraino betetzen den aztertu nahi da eta Euskal Herriko ospitale sistemaren gabeziak identifikatu nahi dira, ezgaituen joan-etorrien segurtasunari eta eraginkortasunari dagokienez.
Antzemandako akatsetan oinarrituta, lehentasunezko ekintza-plan bat ezarri beharko litzateke, eta Euskal Herriko ospitale sistemaren irisgarritasunari buruzko diagnostikoa lortu eta gero, beharrezko gomendioak egin beharko litzaizkieke eragindako administrazioei, irisgarritasun arloko araudia bete dezaten eskatzeko eta, hala, ezgaituek diskriminatuak ez izateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea benetakoa eta eraginkorra izango dela bermatzeko.
Azkenik, emaitzak jendaurrean hedatuz, erakundeak, enpresak eta gizartea kontzientziatzea sustatu beharko litzateke, behar adinako bultzada lortzeko beharrezko neurri eta ekimenak abiaraz daitezen, irisgarritasun-arazo handieneko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
3.2.2. EAEko bitartekotzarako zerbitzu eta programa publikoak ezarri, finkatu eta ikuskatzea
Arartekoa pertsonen eskubideak babesteko Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak eta administrazio horietakoren baten mendeko erakunde publikoak) jarduera eta politika publikoei dagokienez. Zeregin hori betetzean, hurbiletik aztertu du EAEn bitartekotzak izan duen bilakaera eta sendotzea, eta sistema alternatibo hori sustatu du gure lurraldeko herritarren gatazkak konpontzeko.
Ohiko justiziaren formula alternatibo edo osagarri gisa bitartekotzarako programa eta zerbitzuak eta bitartekotza bera finkatu ostean, Arartekoaren ustez, iritsi da bitartekotzaren ezarpena ebaluatzeko unea, hasierako diseinuetatik abiatuz eta operadore juridiko eta erabiltzaileen artean izan duen eraginkortasuna eta onarpena aztertuz. Horretarako, kontuan hartuko dira urteotan gertatu diren legegintza berrikuntzak eta Estatuan eta nazioartean izandako beste esperientzia batzuk, baita estatistika emaitzak ere.
2016ko bigarren seihilekoan hasi zen txosten berezi horren bidez, informazio kontrastatu eta objektiboa eman nahi dugu bitartekotza zerbitzu publikoen jardueraz, baita horiek euskal herritarrei ekartzen dizkieten onurez ere. Era berean, lortutako emaitzak gatazkak modu baketsu eta eragingarrian kudeatzeko baliagarriak ote diren balioztatzen saiatuko gara. Azkenik, baldin eta, azterlan horretan, hobekuntzak egin behar direla ondorioztatzen bada, zenbait gomendio egingo dira.
3.2.3. Euskal Herria energia-eredu iraunkorrago eta karbono gutxiagoko batera igarotzea
Txosten hori 2016ko azken hilabeteetan hasi da. Bertan, zenbait oinarri proposatu nahi dira gai hauek hausnartzeko: alde batetik, Euskadiko oraingo energia-eredua, eta, bestetik, zer jarraibide izan daitezkeen gomendagarriak Euskadi energia-eredu iraunkorrago batera igarotzeko.
Energia-estrategia iraunkor baten oinarrizko zutabeak abiapuntu hartuta (energiaren kostua eta prezioa, hornidura ziurtatzea, ingurumenean eta kliman duen eragina, gizarte-eragina eta herritarren onargarritasuna), txostenean azaldu nahi da gai horiek zer egoeratan dauden Euskal Herrian, aurre egin beharreko erronka nagusiak aipatuz. Era berean, zenbait gomendio egin nahi zaizkie gai horretan esku hartzen duten eragile nagusiei.
Iazko uztailaren 7 eta 8an, EHUko XXXV. Uda Ikastaroetan, Manuel Lezertua arartekoak honako ikastaro hau egin zuen:
“Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak”.
Arartekoak, pertsona guztien eskubideen defendatzailea denez, asilo eta babes eskubidea bultzatu nahi du ikastaro honen bitartez. Eskubide hori bermatzen dio Nazioarteko Zuzenbideak jazarpena pairatzen duen edonori, baldin eta, arrazoi horregatik, bere bizia edo osotasuna, edo bere familiarena, arriskuan badaude.
Azken hilabeteotan, bigarren mundu gerratik hona izan den asilo-eskaerarik jendetsuena eta handiena ikusten ari da Europa. Horrek inoiz izan ez diren erronkak sortzen ditu, ap
arteko egoeretan asilo eskubidea modu eragingarrian beteko dela bermatzeko. Ikastaro honetan aztertu eta eztabaidatu nahi zen zenbaterainokoak diren sortzen ari diren arazoak, eta zer-nolako erantzunak ematen ari diren (edo ematen ari ez diren) Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde.
Asilo eskubidearen norainokoa eta hori osatzen duten arauen interpretazioa ez datoz bat Europako estatuetako legerian eta jurisprudentzian. Gainera, eztabaida pizten ari da errefuxiatuak artatu eta babesteko zereginari buruz, estatuen artean desberdintasunak baitaude nazioarteko konpromisoak beren gain hartzeko orduan.
Jurista adituen mintzaldien bitartez, asilo eskubidearen edukia aztertu zen ikastaro honetan, bai ikuspegi teorikotik, bai eskubide hori arautu eta gauzatzearen ikuspegitik ere.
Orobat, ikastaroan gai hauek aztertu eta alderatu genituen: Europako Parlamentuak –Europako herritarren ordezkari gorena denez– zer ekimen abiarazi dituen, eta talde politikoek zer iritzi duten egungo egoeran asilo eskubidea baliatzeak sortu duen erronkari eman beharreko erantzunaz; gizaldeko erakundeek zer ikuspegi duten, zer neurri hartu dituzten edo zer ekimen bultzatu dituzten jazarpen-pairatzaileak babesteko eta haien sufrimendua arintzeko.
Horrekin batera, zuzen-zuzenean ezagutu nahi genuen errefuxiatuak hartzeko zer egitarau eta neurri zehatz onartu dituzten euskal administrazioek eta Euskadin kreditatuta dauden gizarte erakundeetakoren batek, haien arduradunen testigantzaren bidez.
5.1. “Europako Zuzenbide Penala azaleratzen ari da”
Arartekoak EHUrekin lankidetzan antolatutako hitzaldia
Arartekoak gonbidatuta, martxoaren 4an hitzaldi bat eman zuen Bilbon Peter Jozsef Csonkak -Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Nagusiko kontseilaria eta Europako Estatutu Fiskaleko erredaktore taldeko koordinatzailea da bera-. Topaketa hori Arartekoak antolatu zuen, EHUrekin elkarlanean, izenburu honekin: “Europako Zuzenbide Penala azaleratzen ari da”.
Peter Csonka aditua da alde anitzeko hitzarmenak egiten, baita Europako Zuzenbidean eta Zuzenbide Konparatuan ere, eta eskarmentu handia du, nazioarte mailan, giza eskubideekin lotutako gaietan.
Ekitaldi horretan, unibertsitateko, Fiskaltza eta justizia administrazioko, Eusko Jaurlaritzako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak izan ziren.
5.2. “Fiskaltzaren eginkizuna ingurumena kontrolatu eta babestean”
Arartekoak, Euskal Herriko Fiskaltzarekin lankidetzan, jardunaldi bat antolatu zuen Bilbon 2016ko ap
irilaren 8an, jakin nahi baitzen Fiskaltzak zer ekimen zuzendu dituen ingurumenaren kontrako delituak ikertu eta esestearen arloan.
Topaketa horreni bidez, Arartekoak jendea sentikorrago bihurtzen lagundu nahi du gizartean gero eta garrantzi handiagoa duen errealitate baten gainean: ingurumena babestea.
Manuel Lezertua arartekoak eta Juan Calparsoro Euskal Herriko Auzitegiko fiskal nagusiak hasi zuten jardunaldia. Gero, ingurumen-eskubideak aitortzearen arloan, Arartekoak eta beste gizarte-erakunde batzuek zer lan egiten duten ezagutu ahal izan zen, eta gai horretako aditu batzuek ekarpenak egin zituzten.
Aditu horien artean izan zen Antonio Vercher, Auzitegi Goreneko fiskala eta Ingurumen eta Hirigintza arloko koordinatzailea baita. Ponentzia bat eman zuen Fiskaltzak ingurumena kontrolatu eta babestean duen eginkizunaz.
Ondoren, mahai-inguru bat egin zen, Arantza Lezamiz kazetari eta ingurumen arloko heziketako masterdunak moderatuta. Bertan, gure autonomia erkidegoko errealitatetik abiatuta, beren ekarpenak egin zituzten Xabier Caño abokatuak (ingurumen arloan aditua), Carlos Barcinak (Ararteko erakundearen ingurumen arloko koordinatzailea); eta Ekologistak Martxan eta Eguzki bezalako elkarte ekologistetako zenbait ordezkarik.
5.3. “Emakumeak eta adingabeak sexurako salerostea”
Arartekoak eta Emakundek antolatuta, azaroaren 10ean, emakume eta adingabeak salerosteari buruzko jardunaldi bat egin zen, Gasteizko Europa jauregian.
Jardunaldia Emakundek urtean behin antolatzen duen Berdintasunerako gunearen ekintzetako bat izan zen, eta indarkeria mota hori desagerrarazteko lan egiten duten profesionalek hartu zuten parte.
Jardunaldiaren helburuak honako hauek ziren:
• Fenomeno unibertsala den eta emakumezkoen eta neskatoen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salerosketaren kausak zein diren aztertzea.
• Pertsonen salerosketari Espainiako estatuan eta nazioartean zein lege ap
likatzen zaizkion ezagutzea.
• Salerosketak biktimen bizitzan duen eragina ulertzea.
• Salerosketaren biktima izan diren emakumeak eta neskatoak artatzean egun zein erronka ditugun identifikatzea.
Ekitaldia Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Manuel Lezertua arartekoak hasi zuten.
Bertan, arartekoak esan zuenez, “fenomeno honek ikaragarrizko hedadura du, nekez neur badaiteke ere, eta gure gizarteko pertsonarik ahulenei eragiten die gogorkien, bereziki emakumeei eta neska-mutikoei”.
Lezertuak hauxe gaineratu zuen: “ildo horretan, emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen garratza da, eta, dudarik gabe, munduan emakumeen eta gizonen artean oraindik dagoen desberdintasun orokor eta egiturazkoaren beste adierazpen bat”. Gainera, adierazi zuen jardunaldia abiapuntu izatea espero zuela, gizartea eta erakundeak sentikorrago bihurtzeko, lanbide- eta lurralde-ikuspegi desberdinetatik, baita esku hartzeko diziplina edo eremu desberdinetatik ere iritziak trukatzeko, eta geroan elkarrekin lan egiteko oinarriak ezartzeko.
Gianluca Espositok –Europako Kontseiluaren zerbitzuburuak– esparru-ponentzia bat aurkeztu zuen, non gizakien salerosketaren kontrako borrokaz Europako Kontseiluak 2005ean sinaturiko Hitzarmenaren berri eman zen. Bestalde, Inmaculada Montalbán Andaluziako Auzitegi Nagusiko magistratuak eta Luis Lafont fiskalak –salako fiskalari, atzerritarren arloko koordinatzaileari atxikia– hizpide izan zuten gai horrek Espainian eta nazioartean bizi duen egoera.
Jardunaldi horretan, gaia generoaren eta giza eskubideen ikuspuntutik ere aztertu zen, lehen mahai-inguruan; baita poliziaren ikuspegitik ere, poliziako hainbat adituk osatutako beste mahai-inguru batean.
Ondoren beste bi mahai-inguru egin ziren: bata, delitua pertsegitzeko gaur egun dauden erronkez, eta, bestea, gizakien salerosketaren biktimekin gizartean esku hartzeaz.
5.4. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 68. urtemuga ospatu du Arartekoak
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta, abenduaren 9an, Arartekoak, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunak eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak hitzaldi bat antolatu zuten Bilbon. Hitzaldi hori Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak eman du, izenburu honekin: “Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia, eskubide sozialen arloan”.
Bere mintzaldian, Raimondik hauxe esan zuen: eskubide zibil eta politikoak lehen belaunaldiko eskubidetzat jotzen dira eta babes jurisdikzional zabala dute; aldiz, eskubide ekonomiko eta sozialek, hau da, historikoki eskubideen bigarren belaunaldia osatu dutenek, ez dute horrelako babes sendorik. Nabarmendu zuenez, “Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ere ez die arreta handiegirik eskaintzen”.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak zenbait eskubide ekonomiko eta sozial aipatu ditu, hala nola askatasun sindikala, jabetzarako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea edo bizitza pribatua errespetatua izateko eskubidea.
Arartekoak efemeride hori nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideen Egun Unibertsalean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 68. urtemugan. Agiri hori mugarria da nazioarteko Zuzenbidearen historian. Lege- eta kultura-tradizio ezberdinak dituzten munduko eskualde guztietako ordezkariek prestatu zuten Aldarrikapena, eta planetako herri eta nazio guztientzako eredu komun izendatu zuten. Aldarrikapenean lehen aldiz aipatu ziren banan-banan, nazioartean, gizaki guztiei datxezkien oinarrizko eskubide eta askatasunak.
6.1. 2015eko ekainean egin ziren
XXXIV. Uda Ikastaroetako ponentziak
EHUren Uda Ikastaroen XXXIV. edizioan, Arartekoak honako jardunaldi hau egin zuen 2015eko ekainaren 19an Donostiako Miramar jauregian: “Euskal gazteen zailtasunak beren hiritar eskubideak egiaz baliatzeko, batez ere bizimodu autonomoa egiteko proiektua eraikitzearekin lotutakoak”.
Jardunaldi horretan, Espainiako Konstituzioak ezarritako oinarrizko eskubideak abiapuntutzat hartuta (besteak beste, gizarte- eta ekonomia- politika zuzentzeko printzipioak, gizartean parte hartzeko eskubidea, lanerako eta soldata nahikoa jasotzeko eskubidea), egungo egoeraren erradiografia egin nahi zen, baita ere Konstituzioko xedapenaren eta Euskadiko gazteen benetako egoeraren artean dagoen desorekarena.
Horretarako, gaiok aztertu ziren: lanak gizarteratzeko eta norberaren autonomia lortzeko duen betekizuna, euskal administrazioaren ekimenak eta, guretzat garrantzitsuena, gure gazteek (zuzenean mintzatuz edo parte hartzen duten elkarteetako ordezkarien testigantzen bitartez) egingo dituzten bizitzaren deskribapenak
Argitalpen hori 2016ko maiatzean atera zen, eta bertan bildu ziren ikastaroan azaldutako ponentziak.
6.2. 2016ko uztailean egin ziren
XXXV. Uda Ikastaroetako ponentziak
Kapitulu honen 4. atalean azaldu denez, 2016ko uztailean, honako ikastaroa egin zen Donostiako Miramar jauregian, Arartekoak antolatuta: Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak.
Ikastaro horretan, arretaz aztertu eta eztabaidatu nahi zen sortzen ari diren arazoen norainokoa, baita ere Europako, Espainiako edo Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunderen erantzuna egoera horren aurrean. Zehazki, asilo eta babeserako eskubidea Europan modu egokian betetzen ari den aztertu zen.
Argitalpen hori joan den abenduan atera zen, eta bertan bildu ziren ikastaroan azaldutako ponentziak.
Arartekoak etengabe egiten du ap
ustu berriztatzearen alde, baita herritarrei gure lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2016an “e-albisteak” aldizkari digitala sendotu da. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Informazio eguneratua eskaintzeaz gain, aldizkari digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere. 2016an 25.000 bidalketa inguru egin ditugu.