5.1. Baliabidearen deskribapena: elkarrizketa
Azterlanaren bigarren fase honetan, metodologia kualitatiboarekin jarraitu zen, betiere kuantifikazioa saihestuz eta azalpen datuen bidez ezagutza espezifikoa lortzeko eta azaltzeko xedearekin aztertzen diren gertaerak erregistroetan idatziz. Informazioa bildu zen, helburuaren ezaugarriak landuz, arlo kuantitatiboa edo kantitateak neurtu barik.
Hala ere, ikerketaren bigarren une honetan elkarrizketa izan zen erabilitako funtsezko baliabidea. Horren bidez, fasea parte hartzen duten eragileen bizipen pertsonalei buruzko informazio argia eta espezifikoa bil daiteke, baita eguneroko lana eta Euskadiko presoen buruko osasunaren arreta soziosanitarioaren errealitateari buruzko gogoetak ere.
Testuinguru guztietan gizakiari buruzko informazioa biltzeko metodorik zaharrena izan daiteke elkarrizketa, gizakiaren antzinako gaitasunean eta eboluzio eskuraketan oinarritzen baita: hizkera. Teknikotzat jotzen dugu elkarrizketa, pertsona batengana eta haren kontaketara hurbiltzeko era zientifikotzat, zertarako-eta informazio jakin bat lortzeko aurrez ezarritako osagaien arabera.
Ondoren, azterlan kualitatibo honetan egin dugun bigarren faseko etapak aurkeztuko ditugu:
1. etapa: metodologia kualitatiboa DISEINATZEA, azterlaneko aldagaiak identifikatuz eta elkarrizketa gidoi bat sortuz.
Azterlan honen oinarriak ezartzeko arloak zehaztuko dira fase honetan; izan ere, EA
Eko espetxeetako presoen buruko osasunaren arreta zein den jakiteko funtsezko aldagaiak dira. Horrexegatik, hona hemen informazio bilketa horren gaineko arloak:
a) Espetxean dauden pertsonen buruko gaixotasunerako arretarako protokoloa.
b) Eskumenak Osakidetzari 2011n transferitu ondoren osasunaren arretan antzemandako aldaketak.
c) Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM) aplikazio maila zein den jakitea.
d) Presoei buruko osasunaren arloko arreta ematen dieten profesionalen beharrak eta proposamenak.
Azterlaneko arloak ezarri ondoren, ikerketa-talde bakoitzak jarraitutako elkarrizketa-gidoia egin zen (eranskina), betiere laneko metodologia bateratuz.
2. etapa: metodologia GARATZEA. Fase honetan, elkarrizketa erdi egituratuak egin ziren. Horrelako elkarrizketako dira ohikoenak, eta galdera-sortaren ordena zorrozki ez jarraitzea da ezaugarri nagusia. Alabaina, elkarrizketa eta informazio-bilketa ordenatzen eta zentratzen duen eskema bat dauka.
Azterlanak EA
E osoa hartzea planteatu zen eta, horrexegatik, baimena eskatu zitzaion Barne Ministerioari hiru lurralde historiko bakoitzean dauden hiru espetxeek parte har zezaten: Basauriko Espetxea (Bizkaia), Langraiz Okako Espetxea (Araba) eta Martuteneko Espetxea (Gipuzkoa). Espetxeen funtzionamenduaren egitura dela-eta, informazioa biltzeko lau talde homogeneo identifikatu ziren:
i. Espetxe bakoitzeko talde teknikoa.
ii. Oinarrizko arretako unitateko buruak (hemendik aurrera, OAUB).
iii. Espetxe bakoitzeko psikiatra aholku-emaileak.
iv. Toxikomanietan esku hartzeko taldeak espetxe bakoitzean.
Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak Martuteneko eta Arabako espetxeetako talde teknikoekin topaketak egiteko baimena ukatu duela-eta, ezinezkoa izan da azterketa zabalagoa egitea, espetxean lan egiten duten profesionalen ikuspuntua biltzeko. Basauriko (Bizkaia) espetxeko talde teknikoaren partaidetza izan dugu, ordea.
Bi elkarrizketagilek osatu zuten lan-taldea, elkarrizketaturiko eragile bakoitzak adierazitako ahalik eta argibide gehien aztertzeko. Gainera, lau pertsonako talde bat ere izan da, azterlanaren bigarren fase honetan bildutako informazioa aztertzeko eta sistematizatzeko.
Jarraian, espetxe bakoitzeko eta profesional talde bakoitzeko egindako elkarrizketak zehaztuko dira. Isilekotasuna eta haien izena inon ez zela agertuko ziurtatu zitzaion elkarrizketaturiko pertsona bakoitzari erabilitako ikerketa prozeduraren euskarri gisa.
Basauriko espetxea (5 elkarrizketa):
Talde teknikoa (Tratamenduko zuzendariordea, gizarte langilea, psikologoa).
OAUB.
Psikiatra aholkularia.
Osakidetzako psikiatra, sustantzien erabilerak eragindako nahasmendua duten pertsonei arreta emateko ardura duena.
Zaballako espetxea (4 elkarrizketa):
OAUB.
PAIEMen parte hartzen duen medikua.
Psikiatra aholkularia.
Toxikomanietan esku hartzeko taldea: Luz-Gizen.
Martuteneko espetxea (elkarrizketa 1):
OAUB.
Psikiatra aholkularia.
Erdi egituraturiko hamar elkarrizketei esker, hauexek ahalbidetu ziren:
Azterlaneko aldagai bakoitzari buruzko datu zehatzak lortzea.
Elkarrizketaturiko profesional bakoitzaren narrazioan sortu diren zenbait gai garrantzitsu sakontzea.
Buruko gaixotasuna duten presoen arretan parte hartzen duten profesionalen talde bakoitzaren irudipen espezifikoak lortzea.
Gizarte harremanak aztertzea eta errealitatea deskribatzea profesionalek bizi duten moduan.
Banaka hurbiltzea Euskal Autonomia Erkidegoan buruko gaixotasuna duten pertsonen arretan parte hartzen duen profesional talde bakoitzarengana.
3. etapa: lorturiko informazioaren AZTERKETA. Bi une izan zituen datuak aztertzeko prozesuak. Hasierakoan, elkarrizketa egin zuten elkarrizketagile-taldearen eskutik: kontaketarako tresna bakoitzaren transkripzioa egin eta ondorengo eztabaida-lana burutu zuten txosten hau egiteko ardura izan duen taldeko gainerako kideekin. Ondorengo azterketa prozesua, nukleo esanguratsu konpartituak eta errepikatuak ateratzeko, zertarako-eta buruko gaixotasuna duten presoen arretan egiten denari eta egin beharko litzatekeenari buruzko kezka nagusiak osatzeko.