2.Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
2.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldiak
Iñigo Lamarca arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldietan parte hartu du, Lanzaroten, urriaren azken egunetan.
Foro horrek urtero biltzen ditu autonomia erkidegoetako defendatzaileak eta Espainiako defentsa-erakundea, honako xede hau lortzeko: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien jarduera eta helburuekin zerikusia duten alderdiez eztabaidatzea, baita gai eta arazo komunak jorratzea ere.
Oraingo edizio honetan, Ezgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Ituna Espainian nola ezartzen den analizatu dute herriaren defendatzaileek. Halaber, urtean barrena egindako prestakuntza lantegietan ateratako ondorioak aztertuko dituzte.
Aurretiazko lan horretan, hainbat gai landu dira: Espainiako eta autonomia erkidegoetako legeria nola egokitzen den Ezgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmenera; enplegua eta zerga sistema; irisgarritasuna eta oztopo fisikoak eta komunikaziozkoak kentzea.
Jardunaldiok hiru gai nagusiren inguruan egituratu dira eta gai bakoitza dagokion lan-mahaian jorratu da. Lehenbizikoan, ezgaituen egoeraz mintzatu dira, ezgaituak legearen aurrean aintzatespen bera izateaz, eta gaitasun juridikoaren irudiaz; horiez gain, beste alderdi batzuk ere izan dira hizpide: osasunerako eskubidea, sendagaiak doakoak izatea eta Osasun Sistema Nazionalaren beste prestazio eta laguntza batzuetarako sarbidea.
Bigarren lan-mahaian, eztabaida-gai izan dituzte hezkuntza inklusiboa, gaikuntza eta errehabilitazioa, bizi-maila egokia eta gizarte-babesa. Hirugarrenean, berriz, batez ere irisgarritasunean eta unibertsitateko irakaskuntzen diseinu unibertsalean jarri da arreta, baita ere 2010-2020 aldirako Ezgaitasunaren gaineko Europako Estrategian.
Jardunaldi horietan erabaki zen 2014ko edizioa Euskadin egingo dela, irailean, Ararteko erakundeak antolatuta.
2.2. Nazioarteko harremanak
– Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren urteko Batzarra
Iñigo Lamarca arartekoak Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) Urteko Batzarrean parte hartu zuen azaroaren 7an, Puerto Ricoko San Juanen, baita “Ombudsmanaren eginkizun berria”ri buruzko Nazioarteko Mintegian ere.
Arartekoak egiten duen lana azaldu du Lamarcak, bereziki gizarte-erakundeekiko harremanetan, gizarte-errealitatearen diagnostikoa egitean eta politika publikoak ebaluatu eta hobetzean.
Biltzar horrexetan, Emakumeen defendatzaileen FIOren sarea elkartu da, Arartekoa parte-hartzaile dela, eta Federazioaren XVIII. Biltzar Orokorra egin da. Arartekoa Zuzendaritza Batzordeko partaide da, espainiar Estatuko herriaren defendatzaileen ordezkari gisa.
FIOk bere baitan hartzen ditu Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetako edo estatuko defentsa-erakundeekin batera.
– NBEko adituen bilera, “Giza eskubideak krisi garaian” hizpide hartuta
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi mandatariak 2013ko uztailaren 1ean antolatu zuen adituen bilera batera gonbidatu zuten Ararteko erakundea, oraingo ekonomia-krisialdian giza eskubideak zer egoeratan dauden baloratzeko.
Vienan bildu ziren Nazio Batuetako zenbait aditu independente, giza eskubideen nazioarteko batzordeetako kide batzuk, gizarte zibilaren zenbait ordezkari eta finantza-erakundeetako eta giza eskubideen arloko Estatuko erakundeetako hainbat partaide, politika ekonomikoaren, finantza-erregulazioaren, krisi ekonomikoaren eta giza eskubideen arteko erlazioa aztertzeko asmoz.
Arartekoaren ordezkaritzak, bere mintzaldian, honako azterlanean egindako gomendio nagusiak azaldu zituen: “Giza eskubideak politika publikoen oinarri gisa krisi garaian” (2012). Gomendio horien artean, hauexek azpimarra daitezke: nazioarteko estandar bermatzaileenen arabera bermatu behar da eskubide guztien edukia; berdintasuna defendatu behar da, demokrazia-printzipio eta ekonomia-eragile bezala; informazio publikoa eskuratzeko eta herritarrek modu aktiboan parte hartzeko eskubidea bermatu behar da; eta botere publikoei gomendatzen zaie ebalua dezatela zer-nolako eragina duten beren politika publikoek herritarren batez ere talderik ahulenen eskubideetan.
– Nazioarteko II. Biltzarra: “Ombudsmana eta demokrazia”
Iñigo Lamarca arartekoa Madrilera joan zen 2013ko irailaren 26an, Ombudsmana eta demokrazia deritzan Nazioarteko II. Biltzarrean parte hartzera. “Ombudsmana eta demokrazia: protagonisten ikuspegia” izeneko ponentzia eman zuen.
Halaber, Arartekoaren ondokoa, Julia Hernandéz andrea, kongresu horretara joan zen eta bertan “Ombudsmanak demokrazioaren birsokuntzara egindako ekarpena”ri buruzko komunikazio bat aurkeztu zuen.
Biltzar hori Iberoamerikan Herriaren Defentsa-erakundeei Laguntzeko Eskualdeko Programaren barruan egingo da. Proiektu horretan, Alcalako Unibertsitatea elkarlanean aritu da Espainiako Herriaren Defendatzailearekin (30 urte bete ditu jardunean), Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioarekin (FIO) eta Lankidetzarako Alemaniako Agentziarekin.
Topaketa horren helburu nagusia Iberoamerikako Ombudsmanaren erakundea sendotzea da.
– Hakamada Iwao kasuari buruzko apelazioak
Arartekoak, hilero, apelazioak igortzen dizkie Japoniako hainbat agintariri (Justizia ministroa, lehen ministroa, fiskal nagusia eta espetxeko zuzendaria), Hakamada Iwaoren egoeraz duen kezkaren berri adierazteko. Hakamada Iwaok 77 urte ditu gaur egun eta horietatik 44 kartzelan daramatza noiz hilko zain. Seguru asko heriotzako korridorean denbora gehien daraman pertsona izango da mundu osoan.
Hakamada 1968ko irailean errudun jo eta heriotzara kondenatu zuten. Epaiketan adierazi zuenez, poliziak jo eta mehatxatu egin zuen aitorpen bat sinatzeko; hori guztia poliziak 20 egunez interrogatu ondoren. Galdeketetan ez zuen abokaturik izan. Hakamada kondenatu zuen epaileetako batek 2007an publikoki adierazi zuen bere ustez Hakamada errugabea zela, baina bozketan gutxiengoa zela. Amnesty Internationalentzat kezkagarria da 1980an, heriotza zigorra berretsi eta hilabete gutxira, Hakamada bere pentsaeran eta jokaeran gorabeherak erakusten hasi izana. Kartzelako agintariek ez diete ez bere legezko ordezkari ez familiakoei Hakamadari buruzko txosten medikorik ematen. Japoniako legediak dio buruko gaixotasunen bat duten presoak ez direla exekutatuko.
Arartekoak igortzen dituen apelazioak Gipuzkoan Amnesty Internationalen Taldeak Hakamada Iwaoren kasuari buruz bultzatako kanpainan sartzen dira, beste herrialde batzuetako Amnesty Internationalen taldeekin koordinazioan.
– Noxolo Nogwazaren kasuari buruzko gestioak
Amnesty Internationalen sexu gutxiengoen atalarekin elkarlanean, Arartekoak bi komunikazio bidali dizkie Hegoafrikako polizia agintariei, Noxolo Nogwazaren erailketa iker dezaten. LGTBen eskubidearen eta duintasunaren defendatzailea zen bera eta2011ko apirilean hil zuten.
Azkenik, nazioarteko hainbat eremutan hasitako ekintza anitzei esker, epaile hegoafrikar batek adierazi du erailketaren erantzuleak izan badirela eta ikerketak aurrera egin behar duela. Kasu hori Epaiketa Publikoen Zuzendariaren bulegora igorri dute: organo independentea da eta fiskal bat izendatu du Noxoloren familiaren alegazioak entzuteko.