V.ATALA.Gizartearekiko harremanak eta erakundeen arteko lankidetzarako jarduerak
1.Gizarte erakundeekiko harremanak
Gobernuz kanpoko erakundeak eta antolatutako gizarte zibila, Arartekoaren ustez, euskal gizartearen arazoen begiak eta belarriak dira. Haien informazioari esker, jardunak hasten ditu ofizioz eta politika publikoen ebaluazio egiazkoagoa egiten du Arartekoak.
Arartekoaren erakundean beti baloratzen dugu elkarte horiek eta boluntarioek egiten duten lana. Gizarte esku hartzeko hirugarren sektorea, une honetan, Euskadin pertsonen eskubideen gizarte sistemaren bideragarritasunaren zutabeetako bat da. Orain bizi dugun krisialdi ekonomiko eta sozialean inoiz baino argiago ikusten dugu haien lana zein garrantzitsua den. Era berean, inoiz baino babes publiko handiagoa behar dute haiek beren baliabide ekonomikoei eusteko, horiei esker esku hartzen baitute gizartean. Bidezkoa da hori aitortzea eta gizartearen eta erakundeen aurrean hala aldarrikatzea. Gizarteak eta erakundeek laguntza eman behar diete egunetik egunera eta trukean ezer eskatu gabe beren lanarekin gizartearen eta baztertuen edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen arazorik larrienak beren gordintasun osoan ager daitezen galarazten dutenei. Bazterketa gero eta zifra kezkagarriagoak lortzen ari da, eta gizarte-baliabiderik sekula jaso ez zuten pertsona askori eragiten ari zaie pixkanaka; horrela, eraldatzen ari da krisialdia piztu arte zegoen profila, hau da, pobrezia handian zeuden pertsonena.
Arartekoa pertsonek eta pertsonentzat asmatutako erakundea da, euskal administrazioak kontrolatzeko funtzioa herritarren arazoen arabera betetzen baitu. Horrek Arartekoak hiru planotan jardutea dakar:
Eginkizun horiek bete eta lortu nahi diren helburuak lortu ahal izateko, gizarte-elkarteak ezinbesteko lankideak dira. Horregatik, Ararteko erakundeak 2013an hasi dituen hausnarketa estrategikoko prozesu guztietan (aliantzak kudeatzea, eragina ebaluatzea eta estrategia-plana), haien ikuspegia aintzat hartu da, hobetu beharreko alderdiei eta Arartekoaren lana egiteko moduari dagokienez.
1.1. 2013. urtean erakundearekin bilerak egin dituzten elkarteak eta taldeak
2013. urtean, Arartekoak gizarte eragileekiko harremana zaintzen jarraitu du bere ohiko jardunean. Batez ere, egoera txarrean dauden pertsonei laguntzeko edo askotariko gizarte arazoak konpontzeko lanean aritzen diren elkarte, erakunde eta taldeekin: giza eskubideen aldeko taldeak, atzerritarrei, presoei edo baztertuta daudenei laguntzekoak, etxerik gabekoei laguntzekoak eta abar.
Urte hauetako esperientziak erakutsi digu, izan ere, erakunde eta talde ugari giltzarriak izan daitezkeela gure gizarteko sektore baztertuen edo oso ahulen eta Arartekoaren eta halako erakundeen arteko bitartekari lanetan; hala, beren eskubideen eta gatazkak konpontzeko bideen jakitunago egin ditzakete, beren aldarrikapenak adierazteko laguntza eman, administrazioei herritarrentzako zerbitzu arretatsua eman dezaten eskatu, eta, modu horretan, erakundeetan konfiantza handiagoa izateko eta gizarte kohesio handiagoa lortzeko modua egin.
Hala, 2012. urtean, Arartekoak lankidetza harremanak izan ditu, estuagoak edo ez hain estuak, honako elkarte, erakunde eta gizarte talde hauekin:
Txosten honetako III. ataleko arreta publikoko kolektiboen arloetako ataletan, erakunde horiekiko lankidetzari buruzko erreferentzia zabalagoak daude.
2.Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
2.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldiak
Iñigo Lamarca arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXVIII. Jardunaldietan parte hartu du, Lanzaroten, urriaren azken egunetan.
Foro horrek urtero biltzen ditu autonomia erkidegoetako defendatzaileak eta Espainiako defentsa-erakundea, honako xede hau lortzeko: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien jarduera eta helburuekin zerikusia duten alderdiez eztabaidatzea, baita gai eta arazo komunak jorratzea ere.
Oraingo edizio honetan, Ezgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Ituna Espainian nola ezartzen den analizatu dute herriaren defendatzaileek. Halaber, urtean barrena egindako prestakuntza lantegietan ateratako ondorioak aztertuko dituzte.
Aurretiazko lan horretan, hainbat gai landu dira: Espainiako eta autonomia erkidegoetako legeria nola egokitzen den Ezgaituen Eskubideei buruzko Hitzarmenera; enplegua eta zerga sistema; irisgarritasuna eta oztopo fisikoak eta komunikaziozkoak kentzea.
Jardunaldiok hiru gai nagusiren inguruan egituratu dira eta gai bakoitza dagokion lan-mahaian jorratu da. Lehenbizikoan, ezgaituen egoeraz mintzatu dira, ezgaituak legearen aurrean aintzatespen bera izateaz, eta gaitasun juridikoaren irudiaz; horiez gain, beste alderdi batzuk ere izan dira hizpide: osasunerako eskubidea, sendagaiak doakoak izatea eta Osasun Sistema Nazionalaren beste prestazio eta laguntza batzuetarako sarbidea.
Bigarren lan-mahaian, eztabaida-gai izan dituzte hezkuntza inklusiboa, gaikuntza eta errehabilitazioa, bizi-maila egokia eta gizarte-babesa. Hirugarrenean, berriz, batez ere irisgarritasunean eta unibertsitateko irakaskuntzen diseinu unibertsalean jarri da arreta, baita ere 2010-2020 aldirako Ezgaitasunaren gaineko Europako Estrategian.
Jardunaldi horietan erabaki zen 2014ko edizioa Euskadin egingo dela, irailean, Ararteko erakundeak antolatuta.
2.2. Nazioarteko harremanak
– Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren urteko Batzarra
Iñigo Lamarca arartekoak Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) Urteko Batzarrean parte hartu zuen azaroaren 7an, Puerto Ricoko San Juanen, baita “Ombudsmanaren eginkizun berria”ri buruzko Nazioarteko Mintegian ere.
Arartekoak egiten duen lana azaldu du Lamarcak, bereziki gizarte-erakundeekiko harremanetan, gizarte-errealitatearen diagnostikoa egitean eta politika publikoak ebaluatu eta hobetzean.
Biltzar horrexetan, Emakumeen defendatzaileen FIOren sarea elkartu da, Arartekoa parte-hartzaile dela, eta Federazioaren XVIII. Biltzar Orokorra egin da. Arartekoa Zuzendaritza Batzordeko partaide da, espainiar Estatuko herriaren defendatzaileen ordezkari gisa.
FIOk bere baitan hartzen ditu Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetako edo estatuko defentsa-erakundeekin batera.
– NBEko adituen bilera, “Giza eskubideak krisi garaian” hizpide hartuta
Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi mandatariak 2013ko uztailaren 1ean antolatu zuen adituen bilera batera gonbidatu zuten Ararteko erakundea, oraingo ekonomia-krisialdian giza eskubideak zer egoeratan dauden baloratzeko.
Vienan bildu ziren Nazio Batuetako zenbait aditu independente, giza eskubideen nazioarteko batzordeetako kide batzuk, gizarte zibilaren zenbait ordezkari eta finantza-erakundeetako eta giza eskubideen arloko Estatuko erakundeetako hainbat partaide, politika ekonomikoaren, finantza-erregulazioaren, krisi ekonomikoaren eta giza eskubideen arteko erlazioa aztertzeko asmoz.
Arartekoaren ordezkaritzak, bere mintzaldian, honako azterlanean egindako gomendio nagusiak azaldu zituen: “Giza eskubideak politika publikoen oinarri gisa krisi garaian” (2012). Gomendio horien artea
n, hauexek azpimarra daitezke: nazioarteko estandar bermatzaileenen arabera bermatu behar da eskubide guztien edukia; berdintasuna defendatu behar da, demokrazia-printzipio eta ekonomia-eragile bezala; informazio publikoa eskuratzeko eta herritarrek modu aktiboan parte hartzeko eskubidea bermatu behar da; eta botere publikoei gomendatzen zaie ebalua dezatela zer-nolako eragina duten beren politika publikoek herritarren batez ere talderik ahulenen eskubideetan.
– Nazioarteko II. Biltzarra: “Ombudsmana eta demokrazia”
Iñigo Lamarca arartekoa Madrilera joan zen 2013ko irailaren 26an, Ombudsmana eta demokrazia deritzan Nazioarteko II. Biltzarrean parte hartzera. “Ombudsmana eta demokrazia: protagonisten ikuspegia” izeneko ponentzia eman zuen.
Halaber, Arartekoaren ondokoa, Julia Hernandéz andrea, kongresu horretara joan zen eta bertan “Ombudsmanak demokrazioaren birsokuntzara egindako ekarpena”ri buruzko komunikazio bat aurkeztu zuen.
Biltzar hori Iberoamerikan Herriaren Defentsa-erakundeei Laguntzeko Eskualdeko Programaren barruan egingo da. Proiektu horretan, Alcalako Unibertsitatea elkarlanean aritu da Espainiako Herriaren Defendatzailearekin (30 urte bete ditu jardunean), Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioarekin (FIO) eta Lankidetzarako Alemaniako Agentziarekin.
Topaketa horren helburu nagusia Iberoamerikako Ombudsmanaren erakundea sendotzea da.
– Hakamada Iwao kasuari buruzko apelazioak
Arartekoak, hilero, apelazioak igortzen dizkie Japoniako hainbat agintariri (Justizia ministroa, lehen ministroa, fiskal nagusia eta espetxeko zuzendaria), Hakamada Iwaoren egoeraz duen kezkaren berri adierazteko. Hakamada Iwaok 77 urte ditu gaur egun eta horietatik 44 kartzelan daramatza noiz hilko zain. Seguru asko heriotzako korridorean denbora gehien daraman pertsona izango da mundu osoan.
Hakamada 1968ko irailean errudun jo eta heriotzara kondenatu zuten. Epaiketan adierazi zuenez, poliziak jo eta mehatxatu egin zuen aitorpen bat sinatzeko; hori guztia poliziak 20 egunez interrogatu ondoren. Galdeketetan ez zuen abokaturik izan. Hakamada kondenatu zuen epaileetako batek 2007an publikoki adierazi zuen bere ustez Hakamada errugabea zela, baina bozketan gutxiengoa zela. Amnesty Internationalentzat kezkagarria da 1980an, heriotza zigorra berretsi eta hilabete gutxira, Hakamada bere pentsaeran eta jokaeran gorabeherak erakusten hasi izana. Kartzelako agintariek ez diete ez bere legezko ordezkari ez familiakoei Hakamadari buruzko txosten medikorik ematen. Japoniako legediak dio buruko gaixotasunen bat duten presoak ez direla exekutatuko.
Arartekoak igortzen dituen apelazioak Gipuzkoan Amnesty Internationalen Taldeak Hakamada Iwaoren kasuari buruz bultzatako kanpainan sartzen dira, beste herrialde batzuetako Amnesty Internationalen taldeekin koordinazioan.
– Noxolo Nogwazaren kasuari buruzko gestioak
Amnesty Internationalen sexu gutxiengoen atalarekin elkarlanean, Arartekoak bi komunikazio bidali dizkie Hegoafrikako polizia agintariei, Noxolo Nogwazaren erailketa iker dezaten. LGTBen eskubidearen eta duintasunaren defendatzailea zen bera eta2011ko apirilean hil zuten.
Azkenik, nazioarteko hainbat eremutan hasitako ekintza anitzei esker, epaile hegoafrikar batek adierazi du erailketaren erantzuleak izan badirela eta ikerketak aurrera egin behar duela. Kasu hori Epaiketa Publikoen Zuzendariaren bulegora igorri dute: organo independentea da eta fiskal bat izendatu du Noxoloren familiaren alegazioak entzuteko.
3.Arartekoak sinatutako hitzarmenak
– Hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Iñigo Lamarca arartekoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2013ko urriaren 8an, teknika eta bitarteko telematikoen, informatikoen eta elektronikoen erabilera eta aplikazioa sustatzeko bi erakundeen arteko harremanetan.
Gobernuak eta Arartekoak konpromisoa hartu dute bien arteko agirien trukean eta harremanetan ziurtagiri elektronikoak erabiltzeko.
Hitzarmena abian jartzen denean, Jaurlaritzak Arartekoarekin dituen hartu-emanen eraginkortasuna eta arintasuna hobetuko dira. Hobekuntza garrantzitsua da kalitatezko zerbitzu publikoak bidezko epeen barruan eman ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak zein Arartekoak balio eta eraginkortasun juridiko bera emango diete sinadura elektroniko aurreratua daukaten agiri elektronikoei zein eskuz egindako sinadura duten agiriei.
– Hitzarmena GSIA elkartearekin
2013ko irailaren 15ean, hitzarmen bat sinatu zuten Arartekoak eta Haurren eta Nerabeen Soziologiaren Taldeak (GSIA elkartea). Horren helburu nagusia jarduera hauetan zehazten da:
Gizartea sentikorrago bihurtzea haur eta nerabeen eskubideen gainean. Eskubideok Nazio Batuen Haurren Eskubideen Hitzarmenean aitortuta daude.
Haurren eskubideen eta haurren soziologiaren arloetan, profesionalak, gizarte-ikertzaileak eta etorkizuneko profesionalak etengabe trebatzea.
Txostenak, azterlanak eta ikerketak egitea haurren eta nerabeen egoeraz eta bizi-baldintzez.
4.Beste jarduera batzuk
Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
Urtarrilean, ASVE Asociación Solidaridad Vasco-Ecuatoriana deritzan elkarteak “Araba bizia” izeneko ekitaldia antolatu zuen, krisi garaiko bizikidetzaz eztabaidatzeko. Arartekoak bertan parte hartu zuen, Arabako gizarteko beste sektore batzuetako ordezkariekin batera.
Otsailaren 7an Donostiako Rotary Club-en egindako afari-solasaldi batean izan zen. Bertan, krisi garaiko gizarte-eskubideak izan ziren hizketa-gai.
Martxoan Sabadellgo Síndic municipal de Greugesekin eta Panteres Grogues elkartearekin bildu zen, Rainbow europar proiektuen berri emateko.
Apirilaren 10ean, Andaluziako Herriaren Defendatzaileak eta Arartekoak Krisi Ekonomikoari eta Eskubide Sozialei buruzko alde biko II. Topaketa egin zuten, Sevillan. Gizartea babesteko sistemari eta adin txikikoei dagozkien berariazko gaiak jorratu ziren bertan.
Maiatzaren 10ean, arartekoak “Gizarteratzeko ditugun erronkak” izenburuko hitzaldia eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Gipuzkoako Berritzeguneen bitartez, antolatu zituen jardunaldi hauetan: Hezkuntza Berriztapen Proiektuen XII. Jardunaldiak: eskola inklusiboak eraikitzen proiektuen bidez.
Maiatzaren 16an, arartekoak hitzaldi bat eman zuen Bartzelonan lesbiana, gay, bisexual eta transexualen (LGBT) eskubideen arloan egin diren aurrerapauso eta atzerapausoez. Hitzaldi hori GAG, ACATHI eta FLG erakundeek antolatu zuten eta Bartzelonako Udalaren laguntza izan zuen.
Ekainaren 1ean, Gesto por la Paz koordinakundeak Bilbon egin zuen agur ekitaldian parte hartu zuen.
Era berean, ekainean, HURKOA fundazioak antolatutako ikastaroan esku hartu zuen, honako izenburuko ponentziarekin: “EAEn buru-osasunari ematen zaion arreta, erronkak eta aukerak”.
Transexualen Espainiako Elkarteak (AET-Transexualia) hainbat sari banatzen dizkie transexualen alde egindako lanagatik nabarmentzen diren pertsonei eta erakundeei. Sari horietako bat jaso zuen arartekoak uztailean, Madrilen, norberaren konpromisoari emandako saria, hain zuzen.
Irailaren 19an, Sartu Fundazioak bere 25. urteurrena ospatzeko antolatu zituen jardunaldiotan parte hartu zuen: “Gizarte inklusibo baten erronka”. Arartekoak hitzaldi hau eskaini zuen: “Krisi garaian, giza eskubideak inklusio-politikaren oinarri”.
Irailaren 27an, Espainiako Herriaren Defendatzailearen 30. urtemuga oroitzeko ekitaldira joan zen eta ponentzia hau eman zuen: “Giza eskubideak babesten dituzten erakundeen geroko erronkak”.
Urriaren 4an Donostiako Udalak antolatutako jardunaldi hauetan parte hartu zuen: “HERRITARRAK ETA PARTAIDEtzA POLITIKOA. Beharrezkoa al da herritarrek udal esparruan zuzenean parte hartzea?”. Arartekoak ponentzia hau eskaini zuen: “Partaidetza politikorako eskubidea bermatzea”.
Urrian, Helduen Hitza-La Voz de los Mayores elkartearen ekimenez, arartekoak hitzaldi hau eman zuen Donostiako Aieteko Kultura etxean: “Adinekoak gizarte berri baten aurrean”.
Azaroan, “Hirugarren sektorea Estatu sozial berriaren euskarri” izenburuko ponentzia eman zuen Boluntariotzaren Udazkeneko XVIII. Eskolan. Eskola hori Espainiako Boluntariotzaren Plataformak antolatu zuen, Madrilgo Erkidegoko Boluntariotzaren Erakundeen Plataformarekin (FEVOCAM) elkarlanean.
Abenduan, Patologia Dualari buruzko Euskadiko IV. Jardunaldiak itxi zituen. Jardunaldiok Galdakao-Usansolo ospitaleak antolatu zituen Bizkaiko Buru Osasunaren Sarekoa baita.
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak:
Maiatzaren 30ean, genero-indarkeriaren kontrako II. Biltzar Nazionalean esku hartu zuen Bilbon.
Ekainean, Emakumeen Eskubideen Auzitegiari buruzko saioetan parte hartu zuen. Saio horiek Bizkaiko Abokatuen Elkargoak antolatu zituen.
Irailaren 25etik 27ra Ombudsmana eta demokrazia deritzan Nazioarteko II. Biltzarra egin zen Madrilen. Bertan, autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen aldeko hitzaldi hau eman zuen: “Más es más”.
Azaroaren 11n eta 12an, “Generoagatiko jazarpena eta asilo eskubidea. Emakumeak joan-etorrian” gaiari buruzko II. Biltzarra egin zen Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Hango mahai-ingurua aurkeztu zuen eta moderatzaile-lanak egin zituen. Biltzar horren bidez, salerosketaren biktima diren eta Espainiara iristea lortzen duten Saharaz hegoaldeko emakumeen errealitatea aztertu nahi zen.
Azaroaren 26 eta 27an, Valedor do Pobok honako jardunaldi hau antolatu zuen Santiagon: Nerabeen arteko genero-indarkeria. Teknologia berriak tresna gisa. Arartekoaren ondokoa bertan izan zen.
Orobat, abenduaren 3an, Bilboko Arenalean izan zen, Ezgaituen Nazioarteko Egunean. Ekitaldi hori Ezgaitu Fisikoen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (FEKOOR) antolatu zuen.