6.1. Gizarte-eragileekiko lankidetza
Arartekoak, eta zehazkiago Haur eta Nerabeen Bulegoak, dokumentu honetako lehenengo kapituluan adierazi bezala, bere jarduketa-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari. Bai haien eskubideak jendarteratuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera arazotsuetan dauden adingabeen sektoreentzat diren baliabide jakin batzuk kudeatuz.
Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan, informazio-eskaerak eta abar.
UNICEF, Save the Children eta Amnesty Internationalekin egindako alde biko bileretan, helburutzat hartu da haurren eta nerabeen errealitatearen inguruan elkar aberastea, bai eta lankidetzarako ildoak, arloak eta proiektu zehatzak aztertzea ere. Horietako batzuk aipatzearren, adieraziko dugu Unicefen Hiri Adiskideak programa adingabeei beren eremurik hurbilenekoan ahotsa emateko apustu serio bat iruditzen zaigula, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben errealitatearen gaineko kezka Save the Children-ekin konektatzeko lotura garrantzitsua izan dela, eta, gisa berean, babesik gabe dauden adingabeentzako zentro terapeutikoen egoeraren gaineko kezka Amnesty Internationalekin konektatzeko.
Informazio eta Komunikazio Teknologien eremuan, segur aski adingabeek tresna horiek modu seguruan erabil ditzaten erakunde honek egin duen sustapen-lanaren ondorioz, hainbat modutara aritu gara elkarlanean Komunikazioaren Teknologiaren Institutu Nazionalarekin, EDE Fundazioarekin, Protégeles Elkartearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko kolaboratzailearekin, Espainiako Safer Internet Centre elkartearen kudeatzailearekin eta Europako Batzordeak sustaturiko haurren zibersegurtasunaren gaineko erreferentzia-zentroarekin, CTIC Fundazioarekin, eta abar.
Dagokion arloak desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteekin eta federazioekin egin dituen bileren osagarri, harremanetan egon gara Fekoor-ekin eta arreta gabezia eta hiperaktibitatea duten haurren terapeutekin, eskuarki kexa edo kontsulta baten ondorioz.
Jadanik aipatu dugun Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten bereziaren aurkezpen eta zabalkundeak —haurren eta nerabeen munduari loturiko Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte guztiei bidali genien— bide eman zigun maiatzean Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluko Haurren Arloko Kontseiluan ordezkatutako erakundeekin errealitate hori kontrastatzeko (AVAIM, APNABI, IRSE Araba , EGK-ko Astialdi Foroa, Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargoa, Psikologoen Elkargo Ofiziala, Hirugarrendar Kaputxinoak, Unicef). Zati handi batean babesik gabe dauden haurren errealitateari buruz jardun bagenuen ere, desgaitasunen bat duten adingabeez edo diagnostiko azpiklinikoa duten portaera-nahasmenduez ere aritu genuen.
Aurreko kapituluan aipatu dugun Haur eta Nerabeen Kontseilua berritzeko prozesuaren ondorioz, berritzeguneekin, zuzendaritzekin, irakasleekin eta gurasoekin ditugun harremanak berritu edo ezarri behar izan ditugu; modu berean, foroetan, jardunaldietan eta biltzarretan parte hartzearen ondorioz, harremanetan egon gara haurren arloko beste erakunde batzuekin —Haurren Erakundeen Plataforma— eta ikerketa-taldeekin —Droga-mendekotasunen Deustuko Institutua—. Azken atal honetan, eskola-jazarpenari buruzko estatuko ikerketa-talde batekin izan dugun kolaborazioa nabarmendu behar dugu. Hain zuzen, artikulu hau idatzi dugu: Begirada bat eskolako jazarpenari, ikuspegi bermatzaile batetik: Arartekoak eskolako tratu txarren inguruan egindako jarraipena.