4.2. Osasunerako eskubidea
Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua
"1. Osasuna babestua izateko eskubidea onartzen da.
2. Aginte publikoen eskuetan dago osasun publikoa antolatu eta babestea, neurri prebentibo eta prestazio eta zerbitzu beharrezkoen bitartez. Legeak ezarriko ditu guztion eskubide eta betebeharrak, honi dagokionez.
3. Aginte publikoek osasunhezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola bultzatuko dituzte. Aisiaren erabilpen egokia ere erraztuko dute".
Herritar batzuk kexu dira osasun prestazioak ukatu zaizkielako prestazio horiek zerbitzu zorroan aurreikusita ez egoteagatik, zeren eta osasun sistema publikoaren erantzukizuna soilik iristen baita legeetan, erregelamenduetan eta bestelako garapen-tresnetan berariaz aurreikusitakora.
Gaixoen kezkagaiak ez dira soilik osasun asistentziaren ingurukoak: itxaron zerrendak bezalako alderdi instrumentalak, zerbitzuen kartera edo prestazioak lortzeko prozedurak, bestea beste.
Berriro ere pazienteek beren historia klinikoa eskuratzeko arazoak dituztela azaldu da kexetan.
Batzuetan zail gertatzen da oreka bat aurkitzea osasun administrazioak bere burua antolatzeko ahalmenaren eta erabiltzaileen eskubideen artean; esate baterako, familiako sendagilea edo sendagile espezialista aldatu nahi direnean. Ahal den neurrian, prozedura horiek malguagoak izan beharko lirateke eta, gainera, gaixoari ahal den informazio guztia eman beharko litzaioke.
Bestalde, garrantzitsua da Osakidetzak, inguruabar jakin batzuetan, gaixoei jakinarazi ahal izatea aukerarik badagoela euren egoerak bideratzeko beste mediku baten bigarren iritziari edo aldez aurretiko baimenei lotutako prozeduren bitartez.
Itxaron zerrendekin lotuta jasotako kexek zerikusia izan dute tratamenduekin, bereziki hauekin: ebakuntza kirurgikoak, tratamenduak, bereziki ernalezintasunari lotutakoak, espezialistei egindako kontsultak eta probak egitea.
Ebakuntza kirurgikoetarako itxaronaldiari dagokionez, kexak planteatzen dira ez soilik itxaronaldiaren iraupenarengatik, baizik eta, baita ere, ebakuntza kirurgikoa egingo den datari buruzko informazioa ez emateagatik.
Halaber, zenbait kexa aurkeztu dira ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak izapidetzerakoan gertatutako geroratzeengatik.
Gaixotasun kronikoak dituzten gizabanakoei dagokienez, jarduketa batzuk egin ditugu honako kasu hauetan: linfedema primarioek eta sekundarioek ukitutako pertsonak; metabolismoaren jaiotzetiko gaixotasunak dituzten pertsonak; prebalentzia txikiko gaixotasunak –gaixotasun arraro gisa ezagutzen direnak– dituzten pertsonak; ageneriek ukitutako pertsonak; fibromialgia, neke kronikoa, sentiberatasun kimiko anitza eta elektro-hipersentiberatasuna daukaten pertsonak; eta gaixotasun neuromuskularrak dauzkaten pertsonak.
Aurrerapen batzuk lortu dira kronikotasunaren garapenean. Halere, erakunde-laguntza handiagoa eman behar zaie gaixo horien elkarteei eta haien eskubideen alde lan egiten duten entitateei, eskaintzen dituzten zerbitzuak eta programak bermatu ahal izateko.
Azkenik, buru-gaixotasuna duten pertsonei dagokienez, deseatzekoa litzateke Buru Osasunaren Estrategian gaixoaren askatasuna murrizten duten neurriak lantzeko protokoloak direla-eta proposatutako ekintzak aplikatzea.
Buru gaixotasun larriak dauzkaten pertsonen tratamendu anbulatorio ez-borondatezkoa ez da soilik arauen ikuspegitik landu behar; izan ere, oso garrantzitsuak dira lan terapeutikoa, zerbitzuak eskuragarri egotea eta erkidegoan asertibitatez lan egiten duten tratamendu-ekipoak eskuragarri egotea.