3.1. Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXVI. Jardunaldiak
Herriaren Defentsaria eta autonomietako ordezkariak biltzen dituzten Herriaren Defentsarien Koordinazio Jardunaldiak eztabaida eta gogoeta foroak dira, erakunde horien funtzionamenduari eta helburuei lotutako interes komuneko gaiei buruzkoak eta Espainiar Estatuko defentsa-erakunde guztiek dituzten arazo sozialei buruzkoak.
Cartagenan Herriaren Defentsarien XXVI. Jardunaldiak egin ziren 2011ko ekainaren 6an, 7an eta 8an, Murtziako Herriaren Defentsariak antolatuta, eta "adineko pertsonen eskubideak" izan zen jardunaldien gai nagusia.
Jardunaldi hauetara arartekoa, arartekoaren ondokoa eta erakundearen beste ordezkari batzuk joan ziren. Jardunaldien gaiak aztertzeko egin ziren batzarretan parte hartu zuten.
Baterako hausnarketa horri esker, botere publikoei zuzendutako jarduera-proposamen batzuk onetsi ziren, Herriaren Defentsarien Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horien emaitza gisa.
Koordinaziorako XXVI. Jardunaldi horiek baino lehen, hiru tailer egin ziren hiru herriaren defentsarien egoitzetan.
Gaztela-Mantxako Herriaren Defentsariak Albaceten antolatu zuen tailerrean, adineko pertsonen eskubide sozio-ekonomikoak analizatu eta eztabaidatu ziren, eta botere publikoen nahikotasun ekonomikoa bermatzeko manua bete behar dutela azpimarratu zen –bereziki egungoa bezalako krisi ekonomikoko testuinguruetan–, kontuan hartzekoa baita ELGAren datuen arabera 65 urtetik gorako espainiarren %25 daudela pobreziaren mugaren azpitik, eta bereziki aipagarria da emakumeen kasua, askotan nahikoa ez den alarguntasun-pentsio bat besterik ez baitute izaten.
Bigarren tailerra, berriz, Palmako Uhartean egin zen, Kanarietako Herriaren Defentsa Bulegoan, eta adineko pertsonen eskubide sozio-sanitarioetan kontzentratu zen.
Bertan eztabaidatu zen adineko pertsonei osoki zuzenduriko gizarte- eta osasun-laguntzako baliabideak dituen "esparru sozio-sanitario" bat sortu eta garatu behar dela eta horretarako "mapa sozio-sanitarioak" sortu behar direla, baita autonomia erkidego desberdinetako arlo sozial eta sanitario guztietan historia kliniko elektronikoa homogeneizatu, zabaldu eta martxan jarri behar dela ere.
Hirugarren tailerra Alacanten egin zen, Valentziako Erkidegoko Sindikaturaren egoitzan, eta topaketan abenduaren 14ko 39/2006 legea (menpekotasunaren legea) adineko pertsonei nola aplikatzen zaien izan zuten hizpide. Egokia zen gai hau tailer bereizi batean jorratzea, batetik, eskubide subjektibo bezala eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen osaketagatik, eta, bestetik, autonomia funtzionalaren galera ehuneko handi batean zahartasunaren ondoriozko gero eta narriadura handiagoarekin lotuta dagoelako.
Herriaren Defentsarien Bulegoek oro har antzeman zuten lehenengo disfuntzioa izan zen gizarte-zerbitzuen sistema autonomikoen barruko tarteetako batean jasota dagoen menpekotasunaren legeak exijitzen dituen prestazioek eta zerbitzuek adineko pertsonei zuzenduriko eskaintza tradizionala inbaditu eta asebete duela, lehenagoko erabiltzaileek, menpekotasun-egoeran ez daudenek, ezin dituzte erabili eta, ondorioz, gizarte-larrialdi egoeratik kanporatuak izan dira.
Aldi berean adierazi zen legeak menpekotasun-egoeretarako estaldura eskaintzen duen arren ez duela autonomia pertsonala sustatzen, eta prebentzio-jarduera erabakigarria dela aldarrikatzen diren politika publikoen eraketarako.