Ararteko erakundea herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko tresna gisa taxututa dago, haiek Euskal Herriko administrazio publikoekin duten harremanean.
Bere helburu nagusia, hortaz, herritarrei kalitaterik handienarekin zerbitzua egitea da, bai denborari bai formei begira, erraz eta gardentasunez, herri-administrazioekin harremanetan jarriz, herritarren eskubideak baliarazteko asmoz.
Printzipio horiek agertzen dira azken hamarkadetan sendotzen ari diren kudeaketa publikoko eredu askotan, eta erreferente berezi dute Europar Batasunaren oinarrizko Eskubideen Kartaren 41. artikulua. Artikulu horrek administrazio ona izateko eskubidea ezartzen du.
Eskubide hori beteko bada, Arartekoaren eguneroko jardunean txertatu beharra dago, konpromiso batzuk hartuz, bere betekizunak hobeto burutu ahal izan ditzan eta, gainera, euskal herritarrek antzeman ahal izan dezaten.
Arartekoak eman behar duen zerbitzu on hori lortzeko eskubidea bermatze aldera, hainbat tresna erabil daitezke. Horien artean, ondorengo hauek jotzen dira egokitzat:
- • Lehenbizikoari "zerbitzurako eta administrazioaren jardunbide egokirako Arartekoaren konpromisoak" deituko diogu. Barrurantz bideratuta dago, Ararteko erakundeari eta bertako langileei begira. Tresna horretan zerbitzuak egiteko antolaketa-eredu bat ezarri da, administrazioaren jardunbide egokiaren printzipioen arabera, eta arreta berezia eskaintzen die herritarren eskubideekin zerikusia duten konpromisoei; horrela, aurrera egin dezake bere eginkizunak betetzean lortu nahi duen kalitateko eredua lortzen.
– Horren bitartez ahalbidetzen dira administrazio onaren oinarrizko ezaugarriak: eskuragarritasuna, gardentasuna, bizkortasuna, sinplifikazioa, etengabeko hobekuntza, erantzukizuna, adeitasuna, lankidetza eta parte-hartzea.
- • Bigarren tresna zerbitzu-karta da, herritarrei begira egina. Horren bitartez, herritarrei jakinarazi nahi zaie Arartekoak zer zerbitzu egiten dituen, nola egiten dituen eta erakundeko kide guztiek zer konpromiso hartu dituzten herritarrekiko harremanetan eta beren lana egitean, kalitatearen eta ebaluaketaren gaineko estandarrei jarraiki.
– Hain zuzen ere Arartekoaren zerbitzuen erabiltzaileak dira ebaluaketa-sistemaren zutabe nagusietako bat; gainera, herritarrek parte hartzeko mekanismoak ezarri dira, Arartekoa sortzeko arrazoiarekin −pertsonak defendatzea− bat etorriz.