12. Arartekoaren 12/2011 Gomendio orokorra, abenduaren 28koa. Demokrazia eta herritarrek parte hartzea. Bereziki, ingurumen-prozesuetan parte hartzea.
I. Aurrekariak
Herritarrek gai publikoetan parte hartzea demokraziaren funtsa da. Demokrazia ordezkatzailea eredu hegemonikoa izan da estatu liberalik gehienetan, zuzeneko demokrazia dagoen salbuespen gutxi batzuekin. Denboraren poderioz, eredu horrek krisian sartzeari ekin dio. Hautatutako ordezkariei boterea emateak herritarrak eta erakunde publikoak elkarrengandik urruntzea ekarri du. Horrez gain, gizarte estatu bat ezartzean eratorri diren arazo publikoak gehitzeak eta arazo publikoak kudeatzen dituen herri-administrazioak eredu burokratiko eta hierarkizatua edukitzeak etengabean gardentasun demandak eta herritarren eta gizarte zibilaren partaidetza handiagorako demandak eragin ditu.
Azkenaldian, EBko politikak garatzeko gobernantza eta administrazio egokirako eskubidea oinarri dituzten gobernu onaren printzipioak ari dira planteatzen Europako erakundeak. Proposamen horien bitartez lortu nahi da herritarrek konfiantza izan dezaten berriz ere erabaki-prozesuetan eta horiei legezkotasun handiagoa eman nahi zaie. Parte hartze politikoa hobetzeko formulak zuzeneko demokraziaren eta demokrazia ordezkatzailearen eremuan planteatu dira. Gainera, esan behar dugu arazo publikoetan parte hartzeko hirugarren espazio bat dagoela. Gomendio hau espazio horri buruzkoa da: demokrazia parte hartzaileaz ari gara. Eremu honetan, herritarrek administrazioaren jardunetik ondorioztatzen diren erabakietan parte hartzeko aukera planteatzen da. Erabaki horiek ez dakarte herriaren subiranotasunaren baliatzea. Erabakiak eta xedapenak dira baina gure bizitzaren oinarrizko alderdietan –adibidez, hirigintza, lurralde antolamendua edo ingurumena– oinarrizko eragina dute.
Ingurumenean izan da, hain zuzen ere, kolektibo eta eragile sozialek parte hartze gehien eskatu duten arloetako bat. Eremu honetan, nazioarteko tresna juridikoek (Rioko Gailurra eta Aarhuseko Hitzarmena) ingurumenean eragina daukaten erabakiak hartzerakoan parte hartzearen alda
gaia sartzeko balio izan dute. Ingurumenerako NBEren 21 Agendaren babesean tokiko batzordeek sortutako gizarte ondarea dago.
Gomendio honen xedea gure ordenamendu juridikoan, bereziki, ingurumen arloko erabakietan, herritarren parte hartzearen gaineko hainbat hausnarketa egitea da. Horretarako, azken urteetan gai honen inguruan erakunde honen esperientzia kontuan hartuko dugu.
II. Parte hartzeko eskubidea gure antolamendu juridikoan
Espainiako Konstituzioak parte hartzearen printzipioa sartzen du Atariko Tituluan. 9.2 artikuluak azaltzen du botere publikoei dagokiela bideak jartzea herritar guztiek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartu ahal izateko. Konstituzioak administrazio parte hartzearen eskubidearen edukia 105. artikuluan aipatzen du. Xedapen honek ezartzen duenaren arabera, herritarrek administrazio xedapenak egiteko prozeduran (zuzenean edo elkarteen bidez) entzunak izateko eta interesdunek administrazio egintzak egitean entzunak izateko duten eskubide honen edukia arautuko du legeak, bidezkoa denean, interesdunari entzunaldia emango zaiola bermatzen.
III. Parte hartzeko eskubidea Arartekoaren lanean
Azken urteetan, erakunde honek zenbait aldiz aztertu ditu hirigintzari eta ingurumenenari lotutako gaietan parte hartzeak sortzen dituen arazoak. Hasitako prozesuetan parte hartzeko eragozpenak, erantzun formalen gabezia edo motibazioaren akatsak izan dira erakunde honek aztertu dituen kasuetako batzuk. Bestalde, zenbait elkarte kezkatuta agertu dira, beraien ekarpenei ematen zaien balio txikiagatik. Herri-administrazio batzuek, erabakiak hartzeko orduan, interes kolektiboak defendatzen dituzten elkarte edo taldeak interesduntzat jo beharrean, erabateko mesfidantza erakusten dute haien aurrean. Erreklamazio hauek, batez ere, ingurumenari eta hirigintzari eragiten diete, eta, neurri txikiagoan, tokiko eremuko gaiei.
IV. Parte hartzea ingurumeneko prozesuen barruan
Gure ordenamendu juridikoak ingurumeneko parte-hartzea gaineratu du nazioarteko tresna juridiko ezberdinak oinarri izanik eta ingurumeneko demokrazia finkatuz joan dira funtsezko hiru pilareetan oinarrituta: informazioa, parte hartzea eta justiziarako sarbidea. 1992an Rioko Adierazpena onartu zuen Nazio Batuen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Biltzarrak eta Aarhuseko Hitzarmenak ingurumena babesteko munduko sistemaren oinarriak ezarri dituzte, garapen iraunkorreko eredu batean oinarritua.
V. Parte hartzearen printzipioak
Azaldutako araudiarekin bat etorriz, eta gai honetan interesgarria den ebazpen judizialen bat kontuan izanik, herritarren parte hartze zuzenerako kontuan izan behar diren zenbait printzipio azal ditzakegu: Honako printzipio hauek dira: unibertsaltasuna, proaktibotasuna, laguntza, neutraltasuna, erabakitasuna, parte-hartze erreala eta eraginkorra, gardentasuna, segurtasun juridikoa eta adiskidetzea.
VI. Gomendioak