9. Arartekoaren 9/2011 Gomendio orokorra, azaroaren 29koa. Gizarte prestazioak jasotzeko eskubidea bertan behera uztearen eta horretarako erabilitako moduen ondorioak. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria.
I. Aurrekariak
Gizarte prestazioak modu irregularrean etetea hizpide duten kexa kopurua asko handitu denez, Arartekoak horren inguruko ebazpen bat argitaratu du. Gomendio hori eragin duten kexek lau arrazoi aipatzen dituzte, honako hauek: kautelazko etetearen neurria ez aplikatzea betebeharren bat konplitu ez izanaren edo baldintzaren bat galdu izanaren susmoak –eta ez probak– daudenean; de facto egindako iraungitzea bideratzearen ondorioz, etendako prestazioaren eskaera berria egiteko premia araudiak baloratutako arrazoiak alde batera utzita; eteteko ebazpenen arrazoiketarik eza; eta, azkenik, bereziki Arabako Foru Aldundiari zuzendutako gomendioaren alderdia, bidegabe jasotako zenbatekoak eskatzearen inguruan prozeduraren arauak ez aplikatzea.
II. Oinarriak
Arartekoaren ustez, askotan prestazioa eteteko neurrira jotzen da jasotzaileek baldintzaren bat betetzen ez dutela pentsatzen denean, pertsona horiei alegazioak aurkezteko aukerarik eman gabe (147/2010 Dekretuaren 53. artikulua eta hurrengoak eta 2/2010 Dekretuaren 31. artikulua eta hurrengoak); kasu horietarako indarrean dagoen araudiak kautelazko etetea aplika dadin xedatzen du (gehienezko iraupena hiru hilabete, eta neurria aplikatzeko arrazoirik ez zegoela egiaztatuz gero, jaso gabeko zenbatekoen errenboltsorako eskubidea) eta, hortaz, ez ditu etete irmoaren ondorio larriak (18 hileko iraupena duena, jaso gabeko zenbatekoen errenboltsorako eskubiderik gabe, 147/2010 Dekretuaren 45. artikulua eta 2/2010 Dekretuaren 26. artikulua).
Horrez gain, antzeman dugu askotan prestazioa berrabiarazten denean, prestazio hori eteteko arrazoiak desagertzen direnean, jasotzaileek eskaera berri bat egin behar dutela, kontuan hartuta araudiak xedatzen duela prestazioa ordaintzeari berriro ekingo zaiola etetea eragin zuten arrazoiak indargabetzen direnean (147/2010 Dekretuaren 45. eta 46. artikuluak eta 2/2010 Dekretuaren 26. eta 27. artikuluak); horrek esan nahi du pertsona horiek hilabete batzuetan ez dutela prestazioa jasoko dagoeneko baldintza guztiak betetzen badituzte ere.
Gomendioaren hirugarren alderdi garrantzitsua etetea jakinarazteko baliatzen diren idazkien arrazoiketarik ezari buruzkoa da; idazki-ereduak erabiltzearen ondorioz, oro har, kasu bakoitzaren gaineko erreferentzia zehatzak falta dira. Beraz, kasu gehienetan prestazioa jasotzeko eskubidea eteten dieten pertsonek ez dakite zergatik eten zaien aipatu prestazioa (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak modu ez formalean arrazoi horiek jakinarazten dituen kasuetan izan ezik).
Azkenik, Arabaren kasuan, bidegabe jaso ahal izan diren zenbatekoen kobrantza arautzeko berariazko prozedura-arauak betetzearen inguruan erabateko gabezia antzeman da (147/2010 Dekretuaren VI. kapitulua eta 2/2010 Dekretuaren IV. kapitulua); horren eta aurretik aipatutakoaren ondorioz, bazterkeria egoeran dauden pertsonek hainbat zenbateko itzuli behar dituzte (batzuetan 20.000 euro baino gehiago, erreklamazioko gutxi gorabehera 5.000 euro), eteteko arrazoien berri izan gabe eta kasuan kasuko alegazioak aurkeztuta defendatzeko aukerarik eduki gabe.
III. Gomendioak