2. Arartekoaren 2/2011 Gomendio orokorra, abuztuaren 8koa. Beste gizarte prestazio batzuen titularrak diren pertsonei langabeziagatiko subsidioa etetearen ondorioz jazotako egoerei erantzun bat emateko beharra.
I. Aurrekariak
Azken hilabeteetan erakunde honetan hainbat kexa jaso dira gai horren inguruan, hau da, Lan eta Immigrazio Ministerioaren menpe dagoen organismoak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak hain zuzen ere, langabeziako subsidioa jasotzeko eskubidea zenbait pertsonari bertan behera utzi izanagatik. Kasu askotan, eteteari bidegabe jaso direla ulertzen diren kopuruak itzultzeko errekerimendua eransten zaio. Ebazpena honako hau aipatuz arrazoitzen da: subsidioaren titularraren errentek laguntza hori jasotzeko eskubidea edukitzeko ezarrita dagoen muga gainditzen dute, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75, hilabetean, bi ordainketen zati proportzionala alde batera utzita (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 215.5 artikulua –aurrerantzean GSLO–).
Mahaigaineratutako kasuetan, eragindakoei zenbatzen zaizkien errenten jatorria da premia egoeran dauden bizikidetasun edo familia unitateei erantzuna emateko EAEko laguntza-prestazio ekonomiko bat edo bi jasotzea. Hain zuzen ere, honako hauek dira: diru-sarrerak bermatzeko errenta, batzuetan etxebizitzarako prestazio osagarriak osatzen duena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak laguntza horien zenbateko guztia subsidioaren titularraren errentatzat jotzen du eta oso-osorik ematen dizkio. Hala, uste du pertsona horrek laguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko ezarrita dagoen baliabide muga gainditzen duela. Horren ondorioz, etetea eta itzultzeko errekerimendua.
Jarduera hori Estatuko Administrazio Orokorreko organo bati dagokio, Arartekoaren jarduteko eremua gainditzen baitu. Hala ere, erakunde honi iruditzen zaio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak arauaren inguruan egindako interpretazioa injustizia materialeko egoera bat sortzen ari dela eta beharrezkoa izango litzatekeela interpretazio hori gehiago bat etortzea prestazio autonomiko horien izaerarekin edo egoera horiek barne hartzen dituen arauzko egokitzapena egitea.
II. Oinarriak
II.1. Langabeziagatiko subsidioa GSLOn xedatuta dago (203. artikulua eta hurrengoak). Prestazio ekonomiko bat da, laguntza izaera duena, egoera jakin batzuetan dauden langabeentzat; egoera horietako bat familia erantzukizunak edo ardurak edukitzea. Arauan (215.2 artikulua) xedatutakoari jarraiki, honako hauek familia erantzukizuntzat joko dira: "tener a cargo cónyuge, hijos menores de veintiséis años o mayores incapacitados, o menores acogidos, cuando la renta del conjunto de la unidad familiar así constituida, incluido el solicitante, dividida por el número de miembros que la componen, no supere el 75 por 100 del salario mínimo interprofesional, excluida la parte proporcional de dos pagas extraordinarias". 2011. urtean muga hori hilero-hilero 481.05 eurokoa da.
II.2. Mahaigaineratutako kasuetan, subsidioaren titularrari harenak bailiran ematen ari zaizkio laguntzarako prestazioen diru-sarrerak eta onuradunak familia-bizikidetasuna osatzen duten kideak dira eta ez da aintzat hartzen unitate hori osatzen duen kide kopurua. Ikuspegi hori arauaren interpretazio murriztailea da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2011ko maiatzaren 4ko epaian, herritar batek mahaigaineratutako errekurtsoa balioesten du, kontuan hartuta, herritar horri Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak esleituta zuen subsidioa jasotzeko eskubidea eten ziola kotizazio gabeko bi prestazio ekonomikoren zenbatekoa oso-osorik egotzi ziotelako, horietako bat diru-sarrerak bermatzeko errenta. Auzitegiak gogora ekartzen du diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularraren betebeharra dela familia-bizikidetasun osoaren premiei erantzuna ematea. Hortaz, ez zaio banakako errenta gisa bakarrik eman. Hala, arrazoia herritarrari ematen dio.
Auzitegi Nagusiak (2009ko urriaren 28ko epaian) langabeziagatiko subsidioari "prestacional con componente asistencial" izaera ematen dio. Horren harira, hauxe dio "carencia de rentas" baldintzaren interpretazioari buruz: "debe dar satisfacción al principio de "suficiencia" que impera en materia de protección de desempleo y que comporta un nivel de ingresos que permita una vida adecuada y digna". Disponibilitatearen irizpidea (benetakoa eta ez teorikoa) defendatzen du subsidioa eskuratzeko bidea ematen duen diru-sarrerarik eza xedatzeko kalkuluaren oinarri gisa.
II.3. Eragindakoek jasotzen dituzten prestazio autonomikoak diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria dira eta biak diru-sarrerak bermatzeko errentari eta gizarteratzeari buruzko abenduaren 23ko 18/2008 Legean xedatzen dira. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren xedea da familia-unitatea osatzen duten kideen oinarrizko premiei erantzuna ematea eta prestazioaren zenbatekoa kideen araberakoa da. Etxebizitzarako prestazio osagarriaren helburua da etxebizitzaren alokairuaren gastuak edo bizikidetasun-unitatearen ohiko etxearen gastuak ordaintzea. Hortaz, ez dira prestazio pertsonalak edo titularraren berezko prestazioak; bai, ordea, familia prestazioak, titularra nor den alde batera utzita. Izan ere, familia berean subsidioaren titularra eta laguntza autonomikoaren titularra desberdinak direnean, ez da jazotzen aipatu ondorioa.
II.4. Auzitegi Gorenak xedea duten bi prestazioren izaera aztertu du (ikasteko beka bat eta ohiko etxebizitza erosteko diru-laguntza bat) eta xedatu du ez direla subsidioa jasotzen duen langilearen errentatzat jo behar. Hurrenez hurren 2010eko azaroaren 16ko eta 2002ko apirilaren 19ko epaiak dira eta, gure ustez, epaien oinarriak etxebizitzarako prestazio osagarriari eta diru-sarrerak bermatzeko errentari aplikatu ahal zaizkie. Halaber, esan behar da azken prestazio horren izaerak seme-alaba baten ardura gain hartzeko prestazioarenarekin antz handia duela (subsidioari dagokionez, diru-sarrerak zenbatzetik kanpo dago). Izan ere, bien xedea iraupenari erantzuna ematea da, kasu batean, seme-alabarenari eta, bestean, familiarenari.
II.5. Konstituzio Auzitegiak abenduaren 11ko 239/2002 epaian adierazi zuen autonomia erkidegoek haien laguntzak ezar ditzaketela, estatuakok osatuko dituztenak, haien eskumenaren eta finantza-autonomiaren arabera, betiere funts propioekin eta estatukoak tartean sartu gabe egiten badute. Horri jarraiki, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ez lituzke zenbatu behar hizpide ditugun euskal laguntzak subsidioaren ondorioetarako.
II.6. Langabeziagatiko subsidioaren eteteak Euskal Autonomia Erkidegoari modu negatiboan eragiten dio, eragindako pertsonei arreta emateko finantza ahalegin handia egin behar baitu. Alde batetik, diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa igo eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ordaintzeari utzitako zenbatekoak ordeztu. Bestetik, subsidioa eteteak erretiratzeko Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak etetea dakar eta horrek erretiroko etorkizuneko pentsioaren zenbatekoa murriztu dezake eta agian EAEk osatu beharko du diru-sarrerak bermatzeko errentaren bitartez.
II.7. Gizarte zerbitzuek, herritarrei informazioa eman eta orientatzeko duten betebeharra aintzat hartuta, gai honek eragiten dien herritarrei lagundu ahal zien, gure ordenamendu juridikoak aitortzen dituen eskubideak behar bezala defendatuz.
III. Ondorioa
EAEk, gizarte arretaren arloan duen eskumen esklusiboa oinarritzat hartuta, zenbait kasutan, langabeziako subsidioa jasotzeko eskubidea duten pertsonen laguntza osatzen du beste gizarte prestazio autonomikoen bidez, hala nola, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta, hala badagokio, etxebizitzarako prestazio osagarria. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak prestazio horien zenbatekoa subsidioaren titularrari bakarrik egozten dizkio errenta edo haren diru-sarrera gisa, kontuan hartu gabe prestazio autonomiko horien onuradunak familiak direla. Interpretazio hori oso kaltegarria da pertsona horien eskubideentzat, hortaz, erakunde honek gomendio hauek egiten ditu:
IV. Gomendioak
1. Eusko Jaurlaritzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrean langabeziagatiko subsidioa jasotzeko diru-sarrerarik ezaren baldintza zehazteko gizarte prestazio autonomikoak (diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria) zenbatzen dituen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren interpretazioa aldatzeko gestioak abiarazi beharko lituzke.
2. Estatuko Administrazio Orokorrak haren egungo interpretazioari eusten badio, Eusko Legebiltzarrak Gorte Nagusien aurrean aurkez dezala subsidioa eskuratzearen gaineko legeak estatu autonomikoaren oinarrietara eta Konstituzio Auzitegiaren irizpideetara egokituko dituen lege-proposamena, gizarte laguntza Gizarte Segurantzari bakarrik lotuta ez egotearen ildotik.
3. Interpretazio irizpide hori dagoen bitartean eta gizarte zerbitzuek herritarrei informazioa eta aholkularitza emateko duten egitekoa kontuan hartuta, zerbitzu horiek lan horiek egin ditzaten eragindakoei administrazio-bidean haien defentsa bideratuz eta laguntza emanez.