14. Lana eta gizarte segurantza
I. Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 24 erreklamazio jaso dira guztira. Kexa horiek azpiarloetan sailkatu ahal dira:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 14
– Laneko osasuna 4
– Laneko administrazioa 2
– Beste alderdi batzuk 2
– Lana sustatzeko neurriak 1
– Gizarte Segurantza 1
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
22 | 6 | 15 | 5 | 8 | 2 | 1 |
II. Araudi-testuingurua
2011. urtean lan eta gizarte segurantzako ikuskaritzak betetzen dituen ikuskaritzako funtzio publikoaren alorreko zeregin eta zerbitzuen eskualdaketa adostu da (138/2011 Dekretua, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an onartutako akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lan eta gizarte segurantzako ikuskaritzak betetzen dituen ikuskaritzako funtzio publikoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak) bai eta, enplegu-erregulazioko espedienteen arloan, funtzioak zabaltzea ere (139/2011 Dekretua, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, gehitu egiten dira Estatuko Administrazio Orokorrak, maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-erregulazioko espedienteen arloan eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuak).
Urriaren 13ko 3/2011 Legea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa, onartu egin da. Horren helburuetako bat zerbitzu horren, foru aldundien eta enpleguko politika aktiboen arloan ekintzak garatzen dituzten tokiko erakundeen artean koordinazio, lankidetza eta laguntza eredua ezartzea da.
Halaber, azaroaren 24ko 4/2011 Legea azpimarratu behar da, gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko legea aldatzen duena. Beste alderdi batzuen artean, gizarteratze hitzarmenak arautzen ditu, gizarteratzeko eta laneratzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekintzak abian jartzeko tresna gisa, laneratzeko heziketa eta prestakuntza bereziki azpimarratuz. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarriari dagokienez, interesdunak Eusko Jaurlaritzari eskaera egin eta hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoan aurkeztu eta gero burutuko dira.
III. Kexarik aipagarrienak
Alor horretan jaso ditugun kexek laneko bitartekaritzarekin, lana sustatzea eta laguntzearekin eta enplegurako prestakuntza profesionalarekin zerikusia izan dute, horiek baitira 2010. urtean gain hartutako eskumenak.
Ardura duten zerbitzuen funtzionamenduari lotuta egondako zenbait arazo honela azaldu daitezke: gure autonomia erkidegoak orain dela gutxi zenbait funtzio hartu ditu bere gain. Beraz, egoeraren araberako arazotzat jo daitezke. Hori behin onartuta, zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez herritarrek aurkeztu dituzten kexak justifikatuta daudela esan dezakegu. Hala ere, kexa horiek ez dira antzuak izan behar; izan ere, arduradunei kexak eragin dituzten inguruabarrak ezagutzeko aukera eman diete eta, beraz, oinarrituta daudenean, zerbitzua hobetzeko baliagarriak izan daitezke.
Prestakuntza jarduerari dagokionez, hautagai batek prestakuntza ikastaro batean izena emateko topatu zuen arazoaren berri eman zigun. Bulego batean ikastaroa ezagutzen ez zutela esan zioten eta, ondoren, beste bulego batean ikastaroa beteta zegoela esan zioten. Hala eta guztiz ere, ikastaroa iragartzen jarraitu zuten.
Lanbidek emandako informazioari jarraiki, onartu zuen kasu horretan hautagaiari emandako informazioan koordinaziorik eza egon zela. Arazoak eskualdatutako eskumenak gauzatu ahal izateko gain hartutako zerbitzuen "aplikagarrian" integratu gabeko kudeaketekin zerikusia izan zuen.
Kexa horrek eta izena eman zuten pertsonen laneko kalifikazioan akatsak barne hartzen dituzten espedienteei buruzko beste kexa batzuek lehen deskribatu dugun egoera erakutsi digute, hau da, orain dela gutxi funtzioak gain hartzearen ondoriozko arazoa.
Lan eskaintzen kudeaketaren barruan, zenbait pertsonek desadostasuna adierazi dute euren curriculum vitae ebaluatzeko igarotako gehiegizko denboraren ondorioz.
Halaber, Lanbidek zenbait lan eskaintzen betekizunei dagokienez egin duen interpretazioak eragin dituen kexak ere jaso ditugu. Zehatz-mehatz pertsona baten eskaerari buruz ari gara, ez baitzuten izapidetu eskaintzak eskatzen zuelako lantokia zegoen lekuan bizitzea eta interesduna beste leku batean bizi zen. Haren desadostasuna mahaigaineratu zuen pertsonak, aldez aurretik, Lanbideri azaldu zion ez zeukala inolako arazorik eskatutako baldintza betetzeko, hau da, lana zegoen tokian bizitzeko.
Hasiera batean, egoitzari buruzko baldintza horretara egokitzeko erraztasuna aintzat hartuta, "a priori" baztertzailea ez den baldintzatzat jo daiteke, baina, ondoren baztertzaile bihur daiteke, enpresak eskaintza aztertu eta gero, alegia
.
Ikuspuntu horretatik, ulertu genuen kexa oinarrituta egon zitekeela eta, ondorioz, administrazioari kexaren berri eman genion; izan ere, arrazoiketa hori oinarritzat hartuta, "a priori" baztertzailea ez den baldintza gisa kalifikatu daitekeen betekizun baten aurrean gaude.
III.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Zenbait kexek mahaigaineratu dituzte kexagileen aburuz laguntzen eta diru-laguntzen deialdien ebazpenetan atzerapenak zirenak. Zenbait kasutan, deialdietan ezarritako epeek itxaronaldiak justifikatu dituzte eta, beraz, ez ziren atzerapenak. Hala ere, beste kasu batzuetan kexak izapidetu bitartean ebatzi badira ere, kexak oinarrituta zeuden.
Lanbiden alta emateko prozedurari dagokionez, pertsona batek azaldu zuen interneten kontsultatu zuenean egiaztatu zuela bajan eman ziotela. Azaldu ziotenaren arabera, lan-kontratu bat lortzean baja ematen da eta izena emanda duten pertsonei ez zaie horren berririk ematen. Horrez gain, agerian utzi zuen berriro alta emateko derrigorrez norbera joan behar dela Lanbideko bulego batera.
Lehenengo alderdiari dagokionez, interesdunari azaldu genion alta ematerako orduan pertsonei zerbitzuan izena emateak barne hartzen dituen eskubide eta betebeharren berri ematen dietela. Bigarren alderdiari dagokionez, ondoren egiaztatu ahal izan genuen neurriak hartu zituztela interesduna bera bulego batera joan gabe.
Deialdiak iragarritako laguntzen eremuan (2011ko martxoaren 3ko Erabakia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutakoa; honen bidez, kotizaziopeko prestaziorik jasotzen ez duten eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko langabeak kontratatzea bultzatzeko laguntzen deialdia onartzen da), pertsona batek azaldu zigun haren ustez oinarrien ez-betetze bat zena. Adierazi zuen aipatutako erabakiaren 5. artikuluak honako hau ezartzen duela: enpresek diru-laguntza jasotzeko eskubidea daukate kontratatutako pertsonak ez badu kontratua egin den unean ordaindutakoaren araberako prestaziorik jasotzen. Hala ere, interesdunak azaldutakoaren arabera, ez zen une hori aintzat hartu baizik eta eskaintza egin zen unea.
Kexagileak ulertu zuen ordaindutakoaren araberako prestazioa jasotzen zuenez, baldintza bete ahalko zuela baja emanez.
Aginduak zera dio: "Diru-laguntzarako eskubidea sortuko du erakunde onuradunek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatutako pertsonak kontratatzeak, (...) Pertsona horiek, gainera, honako bi baldintza hauetako bat bete behar dute kontratazioa egiten den unean:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzea, gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren modalitatean zein laneko diru-sarreren errenta osagarrian.
b) Kotizaziopeko langabezia-prestaziorik jasotzen ez duen langabea izatea".
Agindua modu hertsian irakurriz gero pentsa daiteke ordaindutakoaren arabera prestazioa jasotzeko eskubidea daukan pertsonak borondatez jasotzeari uko egiten badio baldintza bete ahal duela.
Irakurketa hori egin daiteke baina, hala ere, agindua interpretatzean kontuan hartu behar da deialdiaren helburua halako egoeratan nahigabe daudenei laguntza eskaintzea dela.
Balorazio hori kexa aurkeztu zuen pertsonari helarazi ostean, beharrezkotzat jo genuen administrazioari deialdiaren inguruko zenbait alderdiren gaineko informazioa eskatzea.
Alde batetik, aginduak dio kontratua egiten den unean baldintzak bete behar direla baina aurrerago xedatu du erakunde onuradunen eskaerak ebazteko, Lanbidek, hautagaitzak baloratzen dituenean (hori kontratua egin baino lehen egiten da) deialdiaren baldintzan bete behar direla kontuan hartuko duela. Hautagaitza aldez aurretik hautatu zuten azken xedapen horren interpretazioa oinarritzat hartuta.
5. artikuluko bi atalak, hau da, 1. eta 2. atalak, agindu beraren barruan jaso behar direnez, horien irakurketak ezin ditu kontraesankor bihurtu, baldintzak bete behar diren unearen inguruan lehenengoak ondorio bat eragiten duen arren eta bigarrenak beste ondorio bat eragiten duen arren. Egia esan, lehenengo atalak kontratua egiten den uneari egiten dio erreferentzia eta bigarrenak, lehenengoa ñabartu gabe, dio erabakia Lanbidek aldez aurretik dituen datuak oinarritzat hartuta hartuko dela, hau da, laguntzen onuraduna den erakundeak eskaera egiten duenean Lanbidek dituen datuak erabiliz.
Aurrekari horiekin beharrezkoa iruditu zitzaigun idazketa berri bat sustatzea, oraingoak sortu dituen zalantzak alde batera uzten dituena.
Deialdiaren egokitasunetik harago joateko asmoz, administrazioari honako hau baloratzeko eskatu genion –kexa hori aurkeztu zuen pertsonak mahaigaineratu zuen borondatezko bajaren kasu zehatzetik kanpo–: beste kasu batzuetan deialditik kanpo geratu daitezkeela eskaera egiten duten unean baldintzak betetzen ez dituztenak baina kontratua egiten den unean, berriz, betetzen dituztenak, une batetik bestera igarotzen den denboraren arabera. Kasu horiek deialdiaren zerizana beteko lukete.
Haren erantzunean, administrazioak azaldu zigun kasuistika mugagabea izan daitekeela eta egoera guztiak barne hartzea ezinezkoa dela. Aurkeztutako eskaintzen kudeaketa eraginkorrak hautagaiak bilatzeko zenbait parametro edo baldintza definitzeko betebeharra ezartzen du; betiere, denborari dagokionez, une zehatz edo jakin bati lotutakoak. Kasu horretan, enplegu bulegoak eskaera kudeatzen duen unea hautatu zen, hau da, ondorengo kontratua formalizatu baino lehen.
Gogoeta hori abiapuntutzat hartuta, Lanbidek, laguntzen deialdiaren gaur egungo idazketaren ondorioak ikusita, hurrengo deialdietarako, jasotako iradokizunak kontuan hartuko dituela hitza eman du, sortutako nahasketak eta desadostasunak saiheste aldera.
III.2. Laneko administrazioa
Atal horretan arazo honen berri eman zuen kexa bat sartu dugu: enpresa bateko batzarrean (Araban) enpresa batzordeko ordezkariak ordezkatzea erabaki zuten. Aurreko batzordekoak kexa bat aurkeztu zuten erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu zelako eta laneko administrazioak aldaketa onartu zuelako mahaigaineratutako epai-erreklamazioaren inguruko erabakia jakin aurretik.
Kasu horrek aurreko urtean (Bizkaian) izapidetutako espediente baten antza dauka. Azken horretan, sindikatuen arteko akordio bat oinarritzat hartuta –oraingo kexan ez bezala–, batzarrean adostutako aldaketaren aurka errekurtso bat aurkeztu zen baina laneko administrazioak egiteke zeuden aldaketak (kautelazko etetea) burutu aurretik epaia eduki arte itxaron zuen. Gure informazio eskaeran hori aipatu genuen.
Erantzunean administrazioak Bizkaia izenarekin aipatu dugun espedientean jasotakoa ez bezalako iritzia helarazi zigun. Hau da, lurralde horretan adostutakoaren aurka, Arabako kexan aldaketa ez dute utzi epailearen erabakiaren zain.
Administrazioaren erabakia kexa aurkeztu eta gutxira eman zen epaiaren autoan oinarritu zen. Bertan zera xedatu zen "Eskatzaileek eskatutako kautelazko neurria ez da onartuko".
Interesdunei laneko administrazioarekin egindako alderaketa horren berri eman genien eta lan-arloko epaitegiaren autoa jakinarazi genien, horrek kautelazko eteteari buruzko nahia ebazteaz gain, gaia gure jarduteko eremutik kanpo utzi baitzuen.
III.3. Laneko osasuna
Atal honetan amiantoari lotutako zenbait kexa jaso ditugu.
Arazo horri dagokionez, iaz espediente bat ireki genuen gure helburuak diseinatzeko aurreikuspenak ezagutzeko, laneko gaixotasun horri aurre egite aldera.
Arartekoaren erakunde honetan, ASVIAMIE Euskadiko amiantoaren biktimen elkartearekin izandako bilera batean, pertsona horiei eragiten dieten askotariko egoerengatik duten kezkak entzuteko aukera izan genuen. Hori dela eta, gure jarduera elkarte horrek hala eskatuta abian jarri genuen espediente berriari esker bideratu dugu.
2011-2014 Osasuneko eta Gizarte Segurantzako Estrategiak arazo hori jorratzeko beharra barne hartzen du. Hala, lanaren osteko zainketa burutzeko datu fidagarririk ez dagoenez, agerian utzi den helburuetako bat gaur egungo programa hobetzea da. Zainketari lotuta ere, antzeman dugu OSALANek aurrera pausuak eman dituela produktu horren eraginpean dauden langileen erregistro ofizial bat eratze aldera.
ASVIAMIEk azaldu digun alderdi garrantzitsu bat lanaren osteko osasunaren zainketari lotuta dago, zehatz-mehatz, zainketa hori jasotzeko beharra eduki dezaketen pertsonen identifikazioa ahalbidetzen duen informazioa edukitzeko nahiari lotuta.
Kexa horiek aditzera eman zuten kezka mahaigaineratzeko, egokia iruditu zitzaigun bilera bat antolatzea OSALANeko zuzendariarekin, kexetan adierazitako kezkaren berri eduki zezan. Bilera horretan jakinarazi genion gure ustez ez dagoela informazio nahikorik gizarte eragileen eskutik, organismo horren bidez burutzen ari diren jardueren gainean.
Ondoren, OSALAN aipatutako elkartearekin bildu zen organismo horretatik burututako eta aurreikusitako jardueren berri emateko, arazoari aurre egiteko eta euren aldez aurretiko baimena eduki barik banakako langileen kasuetan ofizioz esku hartzeko egon daitezkeen mugak azaltzeko, hala nola, lanaren osteko kontrolak egiteko.
OSALANen ustez, amiantoaren inguruko planaren aurkezpenak bultzatu dezake eragindako pertsonen interesa piztu dezake eta organismo horretara jotzera bultzatu ditzake.
Alor horretan gauzatutako beste jarduera batek Santurtziko zentral termikoaren eraisketarekin zerikusia dauka.
Kexa batek martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak arautzen dituen alderdiei lotutako zenbait kontu mahaigaineratu zituen. Dekretu horren bitartez, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua barne hartzen duten lanetan aplikagarriak diren segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezarri dira eta amiantoaren eraginpean egoteko arriskua barne hartzen duten lanek bete behar dituzten baldintzak arautu dira.
Hasiera batean, pentsatu genuen alderdi horiek aintzat hartu zirela; izan ere, enpresek amiantoa kentzeko lanak gauzatzeko aurkeztu behar duten laneko plana onartzeko betekizunak dira. Gogoeta hori abiapuntutzat hartuta eta kexaren bidez helarazi zizkiguten zalantzei erantzuteko asmoz, informazioa eskatu genuen.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak esan zigun OSALANek laneko planari buruzko txosten tekniko bat egin zuela eta zenbait teknikok obran bi bider bisitaldia egin zutela betetzen zela frogatzeko; besteak beste, kaleko arroparen bereizketa egiterakoan kutsadura kentzeko unitateak ote zeuden egiaztatuz. Horrez gain, erantzunean gaineratu zen laneko eta gizarte segurantzako ikuskaritzak OSALANeko teknikariekin batera obran beste bisitaldi bat egitea aurreikusita zegoela.
Ikuskapen bisitaldi horren gaineko txosten zehatz batean xehetasunez jaso ziren alderdi hauek: hoditeriaren estalkia kentzeko lanak eta bi burbuilen eraikuntza enpresaren eskutik, sorkuntza eremuan, amiantoa duen materiala kentzeko.
Amiantoa kentzeko lanak burutu ahal izateko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko datu horiek ikusita, kexa oinarririk gabe geratu zen. Kexagileari horren berri eman ostean, espedientea artxibatu egin genuen.
IV. Ondorioak
Agerian jarri den moduan, administrazioak erabilitako irizpideekin desadostasuna adierazten duten kexez gain, funtzionamenduari lotutako beste batzuk ere jaso ditugu.
Azken horietan laneko bitartekaritzarekin, lana sustatu eta laguntzearekin eta lanerako prestakuntza profesionalarekin (hau da, orain dela gutxi gain hartutako eskumenekin) zerikusia duten gaiak jorratu direla aintzat hartuta, arrazoi horien ondoriozko kexak ahaztuta daudelakoan gaude eta espero dugu alor horretan hartutako neurrien emaitza positiboak ikusi ahal izatea.
Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko legea aldatu duen azaroaren 24ko 4/2011 Legeak diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eskuratzeko xedatu dituen funtzioak bere gain hartu ditu. Legeak laneratzeko heziketa eta prestakuntza bereziki azpimarratzen ditu. Zeregin hori herritarren beharren kudeaketa aurrera eramateko beste erronka garrantzitsu bat izango da.