7. Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak
I. Arloa kopurutan
Aurten 42 erreklamazio jaso da guztira arlo honetan, eta eragindako administrazioak gorabehera horiek eduki duten banaketa hau izan da:
– Tokiko administrazioa 20
– Foru administrazioa 14
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 9
Azpieremukako banaketari dagokionez, sailkapena honakoa da:
– Herri lanak eta azpiegiturak 11
– Garraioak 10
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 5
– Obrak egitea 4
– Nahitaezko desjabetzea 4
– Beste alderdi batzuk 4
– Kontratazio araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 4
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
61 | 18 | 38 | 17 | 21 | 0 | 5 |
Ekitaldi honetan jaso ditugun kexa gehienen izapidetze egoera arrazoizkoa da, gure jarduera, gutxi gorabehera, kexa guztien ehuneko hirurogeita hamarrean amaitu baitugu, aurreko ekitalditik izapidetzeke genituenez gain. Izapidetzeke daude, bereziki, laugarren hiruhilekoko kexak eta aurretik aurkeztutako batzuk, hainbat arrazoi direla eta ebatzi ez direnak. Orokorrean aipa dezakegu jasotako kexak erantzuteko eta ebazteko denbora hobetu dugula, bereziki esku hartu duten administrazioen lankidetza eta betetze maila handiagoa egon delako bai eskatu dugun informazioa epe laburragoetan jaso dugulako bai eskaini diguten lehen erantzunaren edukia nahikoa izan delako aurkeztutako kexen arrazoia kontrastatu eta baloratzeko.
Hala ere, atal honetan oraindik ere azpimarratu behar dugu erakunde honek duen beharra legebiltzarraren komisario gisa eta, beraz, aipamen berezia egin behar dugu hainbat administraziok eskaini diguten lankidetza falta. Urte honen hasieran, kudeaketa askoren ondoren, azkenik gure esku-hartzea amaitu behar izan genuen 2009ko ekitaldian hasitako espediente batean gure lana eraginkortasunez bete ahal izan gabe, honako ebazpen hau emanez:
Arartekoak askotan salatu izan ditu administrazio isiltasunaren praktikaren kalteak, herritarrak babesik gabeko egoeran kokatzen dituelako eta, gainera, jarduerarik bideratzen ez duelako berezko helburua administrazioak zer edo zer egitea denean, izan ere, bere asmoari buruzko administrazioaren asmoa ez ezagutzean, jarduera eza horren aurka erreakzionatzeko beste mekanismoak erabiltzea ekiditen edo zailtzen du.
Administrazio txarraren praktika horien ondorioz, gainera, administrazioaren jarduerak ordenamendu juridikoa urratzen dute edozein administrazio jarduera arautu behar duten printzipio orokorren mailan. Zehatzik, jarduera publiko oro zuzendu behar duen herritarrentzako zerbitzu beharraz ari gara (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3.2. artikulua). Herri administrazioek ez lukete helburu hori galdu beharko hartu beharreko erabakien hari gidari gisa.
II. Jarduera-plana
Gure ohiko jardueraren oinarrizko zati baten jatorria herritarrek aurkeztutako bakarkako kexetan kokatzen da. Gauzak horrela, jasotako kexak izapidetzea izan da gure jardueraren zati adierazgarriena eremu honetan. Espediente horiek ebazpen batzuk izapidetzea ekarri dute, hurrengo idatz zatian azalduko dugun moduan.
Gainera, kexa horietatik abiatuta, Ararteko erakundearen jarduera planak ofiziozko espedienteak hasteko asmoa dauka kexa horiek bakarkakoaren egoeratik harago doazen arazoak edo beste bitartekoen bidez –hala nola, komunikabideen bidez edota elkarteen bidez– ezagutzen dituzun arazoak islatzen dituztenean. Zentzu horretan, iaz herritarrei azpiegitura proiektu baten berri emateari eta publizitateari buruzko ofiziozko espediente baten hasiera aipatu genuen, aurten ebatzi duguna. Zentzu berean, beste azpiegitura proiektu baten agerpen publikoari buruzko ofiziozko espediente bat izapidetu dugu, biak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailekoak. Ofiziozko bi espediente horiei buruzko balorazioa hurrengo 4. epigrafean gaineratuko dugu.
Azkenik, EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasuna hizpide duen txosten berezia aipatu behar dugu, legebiltzarrean aurten aurkeztu dena. Txosten horrek EAEko garraioen sistema publikoaren gabeziak eta hutsuneak identifikatu ditu, mugikortasun murriztua duten pertsonen kolektiboarentzat lekualdaketek duten segurtasunari eta funtzionaltasunari dagokionez, txostenaren V. atalak biltzen duen aipamenaren arabera.
III. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan, izapidetu ditugun kexen artean, aurkezten duten eduki formal edo materialagatik nabarmendu nahi izan ditugunak zehazten ditugu eta, bereziki, berariazko ebazpena izan dutenak.
III.1. Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa
Administrazio jarduerari gero eta gardentasun gehiago eskatzen zaio eta gainera herri administrazioetan dagoen informazio publikoa eskuratzeko aukera dago. Hori horrela izanik, zaila da oreka bat mantentzea arrazoia azaldu gabe informazio publikoa eskuratu nahi duen pertsona baten eskubidearen erabileraren eta ordenamendu juridikoak interesdunaren baimenik gabe udal agiritegietan dauden datu pertsonalak eskaintzeko ezartzen dituen mugen artean. Beste batzuetan ere kontu honen inguruan hitz egin dugu, eta azpimarratu dun moduan, batzuetan, administrazio publikoak datu pertsonalen legezko debekuaren interpretazio murriztailea, arbitrarioa ez bada, erabiltzen dute, aitzakia gisa, eskatutako informazioa ukatu ahal izateko.
Unean ditugun bitarteko teknikoek neurri handi batean datu nominatiboen banaketa errazten dute agiritegi publikoetan dagoen informaziorako sarbidea adosteko eragindako datu pertsonalen konfidentzialtasunaren bermearekin. Horrek behar bat proposatzen du, hain zuzen ere, informaziorako sarbideak dokumentazioko kudeaketa politika ona eskatzen duela publiko orokorraren informazio beharrei aurre har diezaien, interesgarritzat jo daitekeen dokumentazioari modu irisgarrian publizitatea emateko tresna eskuragarriak erabiliz, hau da, informazioaren publizitaterako politika proaktiboa deitu izan dena.
Ondoren ofiziozko espedienteen atalean aztertuko dugun moduan, zenbaitetan, informazioa eskura jartzeko borondate formala egon arren, ez dira beharrezkoak diren erabaki praktikoak hartzen erabilgarritasuna eraginkorra izan dadin eta agiri publikoetarako irisgarritasunik handiena erraztu dezan. Nolanahi ere, hobekuntza eremu handia dago administrazio eta sail ezberdinetan sakabanatutako informazioaren sistematizazioa hobetzeko eta bertan esku hartu behar da lokalizazioa eta hedapena hobetzeko.
III.2. Herritarren eskubideak
Aurreko epigrafearekin lotuta, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide publikoa izateko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen zioen azalpenak azaltzen duenez, administrazio elektronikoaren garapen eskasaren aurrean, araudiak "ahalko" dutetik "beharko dutera salto egin nahi du. Hala eta guztiz ere, aldarrikatu zenetik lau urte igarota, eskura dagoen informaziora bitarteko elektroniko bidez sarrera errazteko beharrezkoak diren neurriak hartzea hasiberria da eta erabaki politiko egokiak eskatzen ditu zehaztutako helburuetan aurrera egiteko.
Kontu hau mahaigaineratu dugu hurrengo IV. epigrafean aipatuko dugun izapidetutako ofiziozko espedienteen ondorioz, espediente horietan legezko xedapen batzuen araudi eta garapen faltagatik sortutako arazoak antzematen dira. Zehazki, egoitza elektronikoko iragarki ohola dugu hizpide (11/2007 Legearen 12. artikulua), legezko edo arauzko xedapen bidez iragarki oholean argitaratu beharreko egintza eta jakinarazpenen argitalpena ordezkatu edo osatu ahalko duena. Herri administrazio bakoitzean iragarki ohol bat egoteak asko erraztuko lieke herritarrei izapidetzen ari den informazio publikoa eskuratzea, segurtasun juridiko oso handia eskainiz alegazioak aztertu eta aurkezteko epeei dagokionez, egun antzematen den sakabanatze edota faltaren aurrean.
Dagoeneko "Herritarrentzako informazioa eta parte-hartzea toki eremuan" izeneko 2005. urteko gure gomendio orokorrean azaltzen genuen: "Alde horretatik, udal gehienek web gunea dutela egiaztatu dugu; hala ere, erabilgarri dagoen informazioaren edukia oso ezberdina da, eta oraindik oso gutxi dira tresna berri hori izanda, beren ohiko jarduera ezagutarazteko baliabide gisa sistematikoki erabiltzen dutenak. Esate baterako, normalean web gunea ez da erakundeen "ediktu-ohol elektronikoa.". Gogoeta hori, informazio eta ezagutzaren teknologien arloan gaineratutako beste batzuekin lotzen dena, guztiz eguneratuta dago oraindik ere, izan ere, herri administrazioek, orokorrean, ez dute iragarki oholik euren egoitza elektronikoan sistematikoki eta modu egituratuan iragarki ofizial guztiak gaineratzeko, ezta ohikoaren osagarri gisa.
III.3. Nahitaezko desjabetzea
Bi kexa izapidetu ditugu, biak Arabako Foru Aldundiak desjabetutako lurrak itzultzeko eskaerari buruzkoak. Interesdunek 2008. urtean desjabetutako lurren zati bat itzultzea eskatu zuten N-102 errepidea hobetzeko eta egokitzeko proiektua burutzeko, bere garaian eragina sortu zuen helburura bideratu ez zen zatian. Interesdunek, inolako erantzunik jaso ez zutenez, behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zuten euren eskaera eta azkenik erakunde honetara jo zuten foru administrazioaren erantzun faltagatik. Egindako informazio eskaerari erantzunez eragindako foru sailak azaldu zigun jarduera okerra zuzendu zuela erreklamatzaileei behar bezala erantzunez.
Arlo materialean interesdunen planteamendua ukatzen zuen, itzulketa eskatzen zuen lurzatiaren gainontzeko azaleraren zati handi batek N-102 errepidearen zerbitzu-bideko plataformarekin eta horren jabari publikoko eremuarekin bat egiten zuelako eta bestalde, gainontzeko hori hegoaldean aipatutako zerbitzu-bide horren drainatze sistemaren zati den arekak mugatzen du, beraz, ez dago desafektatu daitekeen inolako azalerarik.
Laburbilduz, hiru urte erreklamatzaileei eskatzen zuten desjabetutako lurzatiaren zatiaren itzulketa ez zegokiela erantzuteko.
III.4. Herri lanak eta azpiegiturak
Aurten Lauros ibaiak zeharkatzen duen Asua-Katea Bidegurutzea eremuan gertatzen diren uholdeen arazo larriak azaltzen zituzten bi kexei buruzko gure esku-hartzea amaitu dugu. Ibai hori, ibilguarekin batera, aldatuta dago errepidea pasatzeko lanak eta euste hormak direla-eta. Eragindakoek eskumena duten administrazioen erantzun eta jarduera falta salatzen zuten. Gaiari buruzko informazioa eskatzen diegu Loiu eta Erandioko Udalei, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari ere eta Uraren Euskal Agentziari (URA).
Gai horren inguruan, eskumena duten administrazio guztiek, lurralde eremuan eragina jaso duten udal guztiak barne, ibilgua sedimentu eta landaretzarik gabe mantentzea beharrezkoa dela onartzen zuten, izan ere emariak gune horretatik husteko zailtasunak sortzen dituzte. Hala eta guztiz ere, ibilguaren mantentzea aldizka egiteko eta, horrela, emariak behar bezala hustu ahalko direla bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea zein administraziori dagokion adieraztean desadostasunak sortu ziren. Gainera, ez ziren ados jarri inguruko uholdeen sakoneko arrazoiei buruzko diagnosian.
Dagokion azterketa ikusita, Asua inguruan –Katea Bidegurutzea– Bilbao-Plentzia Errepidea kaleko uholde arazoei buruzko 2011ko azaroaren 3ko Arartekoaren ebazpena ematen dugu zera dio:
Loiuko eta Erandioko Udalek zein Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak parte hartzeko aukera izango dute.
Uraren Euskal Agentziak jakinarazi digu ebazpen horretan adierazitako moduan jarduteko asmoa dutela.
Bestalde, auzokideen elkarte baten kexa azpimarra dezakegu Irunen gizarte etxe bat eraiki izanagatik. Eragindako auzokideek proposatzen zuten eraikin berria gutxienez 30 metro urrundu behar zutela euren etxebizitzetatik (sotoan) maduren eremua izateagatik, eraikin zaharrak zirelako eta aurrekari gisa aldez aurretik izandako arazoak izateagatik. Irungo Udalak, araudi gisa, Barne Erreformako Plan Bereziaren aldaketan, sotorako aurreikusitako eraikuntza konponbidea gaineratu zuen, eraikuntza proiektuan zehaztu beharrekoa, aginduzko ikerketa geoteknikoarekin batera. Era berean, eragindakoen alegazioa kontuan hartu zuen, hau da, Planaren Ordenantzek Eraikuntzaren Proiektuan Jardute Protokolo bat eta Jarraitze Plan bat eransteko beharra.
III.5. Ondare erantzukizuna
Aurten ondare erantzukizunagatiko erreklamazio baten ebazpenean gertatutako atzerapenari zegokion esku-hartzea itxi dugu interesdunak erreklamazioa egin zuenetik horrelako prozedurak egiteko aurreikusitako epeak gainditu zirelako. Eskainitako datuen arabera, kexa izapidetzea erabaki genuen. Erreklamazioak Eusko Tren geltoki baten inguruan gertatutako erorketa baten ondorioz sortutako kalte pertsonal eta materialak zituen hizpide. Bertan herri lan publikoak burutzen ari ziren eta, interesdunaren arabera, zoladura egoera okerrean zegoen.
Bideratutako jardueretan zehar, erantzun faltaren hutsune formala konpondu zela jakin izan genuen. Ikuspuntu material batetik ere konponduta zegoen, izan ere, Euskal Trenbide Sareak, herriko udalarekin batera barne hartzen zuten administrazio gisa agertzen zenak, eragindakoaren eta lanen enpresa esleipendunaren arteko kalte-ordaineko erabaki bat lortu zela jakinarazi zigun.
III.6. Garraioak
Azken urteotan bezala, 2011 ekitaldian garraio zerbitzuari buruz jaso ditugun kexa gehienek, funtsean, bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzua eskaintzerakoan, nola hiriko zerbitzua izan hala hiri artekoa, sortutako arazoak izan dituzte hizpide.
Kexa horien bidez, herritar askok adierazi dute ez daudela ados garraio publikoko egungo eskaintzarekin kasuan kasuko txartelak izapidetzerakoan. Beren iritziz, oro har ez da nahikoa eta ez da behar bezala egokitzen egungo gizarteak dituen garraio premietara, ez ordutegiari eta maiztasunari dagokienez, ez geralekuei eta ibilbideetako erosotasun baldintzei dagokienez, ezta beste hainbat alderdiri dagokienez ere.
Kexa gehienak errepideko garraioari buruzkoak izan arren, trenbidearen erabiltzaileek egindako erreklamazioak ere jaso ditugu; gure eskumen eremua kontuan hartuta, erreklamazio horiek EuskoTren zerbitzuari edo metropoli trenbideari (Metro Bilbao) buruzkoak izan dira.
Halaber, bidaia-txartelak erosteko prozesuaren teknifikazioak gaitzespena sortu du eta halaxe sortzen jarraitzen du. Oro har, geltoki handietan izan ezik, EuskoTreneko geralekuetan txartelak erosteko zeuden leihatilak kendu egin dira eta, horien ordez, makinak jarri dira; hauen funtzionamenduak, batzuetan, arazoak sortzen dizkie erabiltzaileei. Kontua da, ordea, trenean sartzeko baliozko garraio titulua izan behar dela; hala izan ezean, salaketa egin daiteke eta horrek zigor espedientea hastea ekar dezake, bidaian zeharreko gehigarria izenekoa ordaintzen ez bada.
IV. Ofiziozko espedienteak
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko proiektuen agerpen publikoaren inguruan hasitako ofiziozko bi espedienteen izapidetzea amaitu dugu.
Zehazki, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2010eko azaroaren 23ko 224. zenbakia) Herrera eta Altza geltokien eta Altza/Pasaiaren geltoki berriaren arteko zabaltzearen informazio azterlana, baita horren ingurumen eraginaren gaineko azterlana ere jendaurrean aurkezten zuen iragarpena argitaratu zen. Iragarpenak azaltzen zuenez, beste bitartekoen artean, proiektua jendeak eskura zezakeen sailaren web orrian. Hala eta guztiz ere, agiri hori eskuragarri ez zegoela antzeman genuen, eta gaiaren inguruko informazioa eskatu genuen. Sailak erantzun zigun informazio azterlanaren bolumena zela-eta ezin izan zutela web orrialdean inplementatu baina berehala nahikoa zabala zen azterlan bat gaineratuko zutela.
Era berean, aurten «Donostialdeko metroari buruzko azterlan berriemailea. Lugaritz-Anoeta tartea» dela-eta ofiziozko beste espediente bat hasi genuen. Gure informazio eskaerari erantzunez azaldu zigutenaren arabera, 2011ko martxoaren 15ean web orrian erreferentziazko informazio azterlanaren oinarrizko zatia argitaratu zuten (memoria eta planoak). Ondorioz, epemuga bezala hauxe ezarri zen: web orrialdean azken aldiz argitaratu ostean 30 egun, gehi beste hilabete bateko luzapena atzerapenak direla-eta. Hala ere, antzeman genuen web orrialdean ez zegoela ebazpenaren testua, ez eta interesdunek alegazioak aurkezteko zeukaten epeari buruzko informazioa edo atzerapenak zirela-eta beste hilabeteko luzapenari buruzko zehaztasunik ere.
Sailak adierazi zigunez, erreferentziako bi espedienteetan, nolanahi ere, ezarritako epeetatik kanpo eta amaierako onespenaren ebazpena baino lehen aurkeztutako alegazioak ebazpen horretan kontuan hartuko dira. Hala eta guztiz ere, mota horretako planteamendu batek behar bezalako publizitatea eskatzen zuen proiektuaren azterketan interesa izan zezaketen pertsona guztien ezagutzarako eta ondorengo alegazioen aurkezpenerako, izan ere, hona izan ez balitz, segurtasun juridiko falta handiko arrazoia izan zitekeen. Sailak jendaurrean aurkezteko iragarkia argitaratu bezain laster egokia den dokumentazio hori haren web orrialdean jarri beharko luke, are gehiago, iragarkiaren argitalpenak berak adierazten duenean izapide hori burutzeko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izango dela; ebazpenaren azken argitalpenaren hurrengo egunean zenbatzen hasita baina ez du zehazten zein argitalpeni buruz ari den.
Laburbilduz, sailari jakinarazten diogu proiektu baten informazio publikoa iragartzen duenean egiten dituen aurreikuspenak bete behar dituela, web orrialdean egokia den dokumentazioa eskuragarri jarriz gainontzeko iragarkiekin batera eta/edo honako hau argi eta garbi zehaztuz: webean argitaratzeak adierazitako argitalpenen zati bat da. Arestian aipatu dugun iragarki taula elektronikoa arautzeak eta abian jartzeak, unean dagoen iragarki taula fisikoa ordezkatuz edo horren osagarri gisa, herritarren parte-hartzea eta dagokion informaziorako sarbidea erraztuko luke.
V. Ondorioak
Alor honetako kexa kopurua zertxobait murriztu da 2009. urteari dagokionez, eta murrizketa hori nabarmenagoa da erakundeak izapidetutako kexa guztien kopuruarekin parekatzen badugu, nabarmenki igo baitira. Gure jardueraren atal nagusia jasotako kexak izapidetzera zuzendu da, gure web orrian biltzen diren hainbat ebazpen eta gomendio eragin dituzten espedienteak izapidetzera.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bideratutako izapidetzearen ondorioz trenbide azpiegiturei buruzko bi proiekturen agerpen publikoaren inguruan hasitako ofiziozko bi espedienteetan izan dugun esku-hartzea amaitu dugu. Bertan interesa duen jendeari adierazi behar zaion informazioaren kudeaketa integratua ez egoteagatik eta administrazio elektronikoaren alorrean legezko xedapen batzuen araudi eta garapenik ez egoteagatik sortutako arazoak biltzen ziren. Sailak adierazi arren proiektua weban argitaratuko zuela, praktikan ez zen agertzen iragarpenik ezta aipatutako agiririk ere. Gainera, segurtasun juridiko falta sortzen zuen iragarpen elektronikoa osagarria, ordezkatzailea edo informatzailea besterik ez ote zen azaltzen ez baitzuen espedientearen azterketarako epeak zenbatzeari zegokionez eta, ondorioz, alegazioak aurkezteari zegokionez. Nolanahi ere, uneko bitarteko teknikoekin, egingarria eta beharrezkoa dela uste dugu dagozkion agiri teknikoak proiektu batean interesa duten pertsona eta taldeen eskura jartzea, bitarteko elektronikoen bidez eskuragarriak izan daitezen.
Horrela bada, herri administrazio ezberdinen egoitza elektronikoan iragarki-taula bat egoteak, legezko edo arauzko xedapen bidez iragarki taulan argitaratu behar diren egintza eta jakinarazpenen argitalpena ordezkatu edo osatuko lukeenak, asko erraztuko luke herritarren sarbidea izapidetzen ari den informazio publikora, segurtasun juridiko handia eskainiz azterketa epeei eta aztertu beharreko proiektuen alegazioak aurkezteari dagokionez, unean antzematen den sakabanatze edota faltaren aurrean. Zentzu horretan aipatzekoa da dagoeneko udalak daudela aurreikuspen hori garatu dutenak agiri publikoetarako sarbide gehiago errazteko, herri administrazioen araubide juridiko, ondasun eta zerbitzuen atalean azaltzen den moduan.
Azpiegitura eta herri lanen alorrean aipatzekoa da herri administrazioek hainbatetan alor material baten gainean eskumen pilatuak dituztela eta koordinazio eta lankidetza lana egin behar dutela sortzen diren arazoak konpontzeko. Antolamendu juridikoak mekanismoak ditu hitzarmenen edo antzeko formulen bidez administrazio ezberdinen arteko lankidetza prestatzeko. Tresna horien bidez sortzen diren arazo edo disfuntzioen konponbidea adostea posible izan beharko litzateke, nolanahi ere administrazioak elkarri erantzule egiten direneko egoerak gaindituz, ez batak ez besteak ez baitu behar bezala esku hartzen gaian.
Bestalde, lanen proiektuen izapidetze fase goiztiarrean eta, zehatzago, jarduera mota horri legezko estaldura ematen dion hirigintzako plangintzari dagokionean, interesdunen kezkak proposatu behar dira eta jarduten duen administrazioak kontuan hartu behar ditu, oinarria duten heinean. Zentzu horretan, esku-hartzean zaintza berezia eskatzen duten ingurukoengan eragina izan dezakeen proiektu bat bideratzeak duen zailtasuna bermatuta geratzen denean, interesekoa da plangintzaren arau mailan hainbat xedapen biltzea, hala nola, eraikuntza proiektuari Jardute Protokolo bat eta Jarraitze Plan bat eransteko beharra. Protokolo eta plan mota horiek tresna baliagarriak izango dira inguruko auzokideek aurreikusitako jarduera publikoarekiko duten kezka behar bezala bideratzeko.
Azkenik, garraio publikoei dagokienez, EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasuna hizpide duen txosten berezia aipatzen dugu, Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztua. Txosten berezi hori, herritar egoiliarren mugikortasun murriztuaren ikusmolde integraletik (herritarren % 37,3an ezartzen du), abiapuntua eta helmuga EAEn duen izaera erregularreko eta erabilera orokorreko garraio publikoaren sare guztiaren diagnosia egiten du Euskadiko hiru lurralde historikoetan. Azterketak hauek hartzen ditu: 15 trenbide linea; martxan dauden bi tranbia sistemak (Bilbon eta Vitoria-Gasteizen); Bilboko sistema metropolitarra; hiri lineak, hiri artekoak eta ibilbide luzekoak hartzen dituen errepidetiko sistema, eta, azkenik, hiru euskal aireportuak.