4. Herrizaingoa
I. Arloa kopurutan
2011. urtean, Herrizaingoaren arloan 188 erreklamazio jaso zituen Ararteko erakundeak, alegia, epe horretan izapidetu diren erreklamazioen %10,11. Erreklamazioen sailkapena, kasuan kasuko herri-administrazioari eta ukitu diren arloei dagokienez, honako hau izan da:
Administrazioka:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 95
– Tokiko administrazioa 84
Azpiarloen arabera:
– Trafikoa 96
– Herritarren eskubideak 66
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 21
– Herritarren segurtasuna 5
Aurten bideratu diren erreklamazioen −2011n jaso ziren kexak nahiz 2011ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak− tramitazioaren xehetasunei dagokienez, txosten hau idatzi denean, hauxe da arloaren egoera:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
245 | 88 | 121 | 56 | 58 | 7 | 36 |
Horrez gain, ofizioz 7 espediente izapidetu ditugu ondorengo gai hauei buruz:
– Atxiloketa-zentroak 3
– Herritarren eskubideak 2
– Herritarren segurtasuna 1
– Trafikoa 1
Kexa kopurua 2010. urtekoa baino handiagoa izan da. Aurreko urtetan bezala, horietako gehienek Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari egin diote erreferentzia, bai eta Bilboko Udalari ere. Halaber, honako udal hauek hizpide eduki dituzte: Donostia eta Gasteiz, eta, neurri txikiagoan honako hauek ere: Arrigorriaga, Barakaldo, Durango, Etxebarri, Gernika, Getaria, Getxo, Hondarribia, Irun, Karrantza eta Muskiz, horietako batzuek soilik kexa bat jaso dute.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jaso dituen kexak modu nabarmenean ugaritu dira, Bilboko Kukutza gaztetxea barne hartzen zuen higiezinaren utzaraztea eta ondorengo eraispenaren aurkako protestetan Ertzaintzaren jarduerak eragin dituen banakako kexa anitzen ondorioz (50 baino gehiago). Dena den, udalen gainekoak eta trafikoko azpiarloari buruzkoak gutxitu egin dira 2010. urtearekin alderatuz, azken kasu horretan funtsezko aldaketarik antzeman ez den arren. Izan ere, 2010eko kexen zati handi bat ibilgailuak alokatzen dituen enpresa bati lotutakoak ziren, administrazioaren hainbat zigor zalantzan jarri zituen enpresa hain zuzen.
Ohikoa denez, atal honetan jasotzen ditugun datuek ez dituzte barne hartzen ebatzi ezin izan ditugunak, hau da, Herriaren Defendatzailearen eskumen-esparrutik kanpokoak izateagatik edo ukapenerako ustezko legaletakoren baten barrukoak izateagatik gaian esku hartu ezin izan dugunean.
Poliziaren funtzioaren gauzatzeari lotutako kexek errepikatu diren kontuak mahaigaineratu dituzte, hala nola, indarkeriaren erabilera eta horren gaineko kontrola, epailearen lehenengo kalifikaziotik arau-haustetzat jo diren jokabideengatik atxilotzea, poliziaren uniformean polizia-agentea identifikatzen duen zenbakia edo erreferentzia ez eramatea, ustez desegokiak izan diren jardunbideen barruko ikerketak, atestatuen eta administrazio salaketen edukia, eragin duten gertakariei dagokienez, eta salaketa bat hartzeari uko egin izana. Halaber, modu zehatzean jatorri atzerritarreko pertsonengan eragina duten zenbait arazo ere mahaigaineratu dira, adibidez, ezagutza-saioak osatzeko hitzordua ematea, arrazan oinarritutako identifikazio kontrolak, poliziaren prentsa-oharretan ustezko gaizkilearen nazionalitateari buruzko erreferentziak sartzea, ostalaritzako establezimendu publikoetan sartzeko mugaketak eta atxiloketaren luzapena. Aipatutako kontu gehienak honako gomendio honetan jorratu ditugu: urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorra, "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" gaiari buruzkoa. Modu berean, izaera pertsonaleko datuen babesaren inguruko zenbait kontu mahaigaineratu dira, baita kontu berriak ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskatzen diren baldintzen betetzea kontrolatzeko poliziaren esku-hartzea, besteak beste. Horiek guztiak, dagozkion arloetan xehetasun handiagoarekin jorratu dira ("Informazio eta ezagutza teknologiak eta datuen babesa" eta "Gizarte bazterkeria egoeran dauden edo arriskua duten pertsonak").
Trafiko izeneko azpiarloan, kexa gehienek zigortzeko araubidea eduki dute hizpide eta prozeduraren izapidetzeari lotutako gaiak aipatu dituzte, horixe baita azken urteetako joera.
2011. urtean desegokia izan den jarduera bat antzemanez amaitu ditugun kexa ia guztien kasuan, administrazioak harberak izan dira gure balorazioarekin eta euren jardunbidea zuzendu dute.
II. Jarduera-plana
II.1. Ikuskapen bisitak
2011. urtean Ertzaintzaren Arkauteko atxiloketa-zentroa bisitatu dugu, Terrorismoaren aurkako atalaren zein Informazio Atalaren menpe dagoen zatia hain zuzen, bai eta Ertzaintzaren Basauriko polizia-etxea eta Udaltzaingoaren Getxoko polizia-etxea ere.
Hiru atxiloketa-zentroetako instalazioak, oro har, egokiak dira duten eginkizunerako, aurreko bisitaldietan antzeman genituen arazoak mantentzen diren arren. Halaber, horietako ezeinek ez dauka adingabeak zaintzeko gela zehatzik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak xedatzen duen moduan (17.3. artikulua). Hala ere, Getxoko Udalak azaldu zigun, bisitaldia egin ostean, mota horretako gela bat egokitu zutela.
Hiru zentroek atxiloketa grabatzeko bideo-grabaketa sistema daukate. Ertzaintzan ematen du sistema 2006ko ohiko txostenean aztertu genuena dela (I. kapitulua, 7.1. atala), gure ikuspuntuaren arabera, mekanismo horrek eraginkorra izateko eduki behar dituen baldintza guztiak betetzen ez zituela ulertu genuen arren eta urriaren 6ko 81/1999 Gomendioan hala adierazi bagenuen ere (1999ko ohiko txostena, II. kapitulua, 7.2.A atala). Udaltzaingoaren polizia-etxea ere ez da gomendioan azaldutakoari guztiz egokitzen.
Ezein zentrok ez du gaineratu atxiloketak bideoz grabatzeari buruzko proposamen berririk, "Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak" izenekoan (2010eko urteko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrean, "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" gaiari buruzkoan jasotakoa hain zuzen.
Ez dute bermatzen grabatutako materiala, grabatutako jardunen ondoriozko erantzukizun administratibo eta penal posibleak preskribatzeko gehienezko epealdia errespetatzeko nahikoa denboraz gordeko dela eta, orobat, ez dute kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeaz arduratzen diren erakundeek (Ararteko erakundeak, besteak beste) esku hartzeko duten epea, beraz, hori guztia defendatzen ditugun irizpideetatik aldentzen da.
Gaur egungo kontserbazio epea ez da nahikoa eta aurten ere kontu hori agerian utzi da Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako eta Informazioaren Atalaren menpe dagoen zentroan egindako bisitaldian zehar. Izan ere, grabaketa bat ikusi nahi izan genuen (2011ko urtarrilean egindako atxiloketa batena hain zuzen ere) baina modu automatikoan ezabatu zuten 3 hilabeteko epea pasa eta gero, gure solaskideek azaldutakoaren arabera, hori baita atal horretako zentroetan jarraitzen den irizpidea.
Ertzaintzako bi zentroek adingabeentzako atxiloketen erregistro-liburu zehatza daukate (uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuaren 3.5. artikulua). Udaltzaingoaren zentroak ere badauka.
Arkauteko zentroan bisitaldia egin arte, 2011. urtean Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako eta Informazio Atalak epailearen bilaketa-agindurik gabe egindako atxiloketak inkomunikatutako atxiloketak izan ziren, beraz, berriro ohartarazi behar dugu, inkomunikatutako atxiloketek irauten duten bitartean, Prozedura Kriminalaren Legearen 520 bis artikuluak horren inguruan xedatzen dituen mugaketak ezin direla modu sistematikoan aplikatu.
Atxiloketen zenbait erregistro berraztertu genituen eta egiaztatu genuen, oro har, hiru zentroetan ondo beteta zeudela.
Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako eta Informazioaren Atalaren menpe dagoen zentroan 2010. urtean egin genituen oharrak aintzat hartu dituzte; ondorioz, atxiloketa-liburuak auzitegiko lehen azterketa eta jarduera bakoitzean parte hartzen duten polizia-agente guztiak jasotzen ditu, izapideak modu orokorrean erregistratu ez daitezen, baizik eta zertan dautzan azalduz. Hala eta guztiz ere, urte horretan agerian jarritako zenbait gabezi berriro ere hauteman genituen. Inkomunikatutako atxiloketetan atxilotuaren familiari ematen zaion informazioari eta informazio hori erregistratzeko moduari dagokionez, egiaztatu ahal izan genuen ez dituztela guk egindako gomendioak kontuan hartu.
Halaber, Basauriko Ertzaintzaren atxiloketa-zentroan bat ez etortzeak antzeman ditugu atxiloketa-liburuan eta bideo-grabazio sisteman jasotako orduetan, baita eginbidea gauzatzerakoan ere. Antza, horiek guztiak atxiloketaren erregistro desberdinen arteko ordutegi-sinkronizaziorik ezaren ondoriozkoak dira eta uste dugu gabezia hori konpondu egin beharko litzatekeela.
Modu berean, zentro horretan zein Udaltzaingoaren zentroan zenbait gabezi hauteman ditugu atxiloketa-liburuetan eta, horiek direla-eta, hobekuntzak proposatu ditugu.
Ertzaintzaren bi zentroetan kontsultatu genituen eskubideen informazioari buruzko aktetan oraindik ere ez da islatzen atxilotutako pertsonari egozten zaizkion ekintzen berri eman zaion ala ez (Prozedura Kriminalaren Legeko 520. art.). Horrez gain, mota horretako disfuntzio bat antzeman dugu Udaltzaingoaren zentroan.
Hiru zentroetan ez zaio atxilotutako pertsonari abokatu baten laguntza lehenengo momentutik eskaintzen, soilik eskaintzen baita izapide zehatz batzuen kasuan eta hori egin genituen gomendioetatik aldentzen da.
Basauriko Ertzaintzaren zentroan eta Udaltzaingoaren zentroan, oro har, soilik jasotzen da atxilotutako pertsonari egin zaion gorputz-miaketa mota baina ez da zehatzen zertan datzan, ezta modu horretan egiteko arrazoiak ere. Azken hori ere ez dator bat gure gomendioekin.
Azpimarratu beharra dugu Getxoko Udalak jarrera harbera eduki duela bisitaren ondorioz abian jarri genuen ofiziozko jardueraren bitartez helarazi genizkion gogoetei dagokienez eta hori oso positibotzat jo dugu.
II.2. Txosten berezien jarraipena
III.2.1. Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak (1991)
Atxiloketa-zentroetako bisitaldiak txosten honen jarraipena egiteko baliagarriak dira, beraz, alderdi horri dagokionez, gure balorazioa aurreko II.1. goiburuan islatutakoarekin bat dator.
II.2.2. San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako esku-hartzea (1998ko ohiko txostena, I.1. kapitulua, 1.6. atala)
Txosten horrek barne hartzen dituen gomendioetako askok izaera orokorra daukate, beraz, alor horretan jasotzen ditugun kexak aztertzerako orduan parametro saihestezin bihurtzen dira. Horrela, jarraipena zeharka egiteko aukera ematen digu.
Urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrean, "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" gaiari buruzkoan, aztertu dugu horietako batzuk gaur egun betetzen ote diren eta arreta berezia jarri dugu, gure ustez, arazo gehien eragiten dituzten horietan, hala nola, poliziaren zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko datuak biltzea, indarkeriaren erabileraren barruko kontrola, hasiera batean auzibidean arau-hauste gisa kalifikatutako ez-zilegitasun penalen ondoriozko atxiloketak eta jarduerak arrazoitzea eta erregistratzea.
II.3. Gomendio orokorren jarraipena
Poliziaren ustezko gehiegikeriei buruz izapidetu ditugun kexek ondorengo gomendio orokorraren jarraipena egiteko aukera eman digute: "Polizia gorputzek agenteek gauza ditzaketen ekintza irregularren aurreko kontrol-instrumentuak ezarri behar dituzte" (2003ko ohiko txostena, VI.2. kapitulua).
Horren betetzearen inguruan ikusi ditugun arazoak, oro har, aurreko urtetan agerian utzi ditugun arazoekin bat datoz. Atzerapenak barruko ikerketen hasieran, horien edukiak –kasu askotan eskasa– eta poliziaren jarduerari lotutako auzi penalaren izapidetzearen ondoriozko ikerketarik ezak antzeman ditugun gabeziarik garrantzitsuenak izaten jarraitzen dute. Poliziaren jarduerak gainbegiratzeko gainontzeko mekanismoetan ere ez-betetzeak gertatu dira. Honako gomendio honetan kontu horiei buruzko informazio zehatzagoa topatu daiteke: urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrean, "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" gaiari buruzkoan.
Era berean, atxiloketa-zentroetan egindako bisitaldiek ikerketa honetan jasotako gomendioen jarraipena egiteko aukera eman digute "Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak" (2010eko urteko txostena), bai eta "Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan" gomendio orokorrean jasotakoen gainekoa ere (2001eko urteko txostena). II.2.1. epigrafean jarraipen horren emaitza modu laburtuan jaso dugu.
II.4. Gomendio orokor berriak
Aurten urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorra "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" egin dugu; bertan, Ararteko erakundeak alor horretan antzeman dituen gabezi nagusiak aztertu dira eta zuzentzeko neurriak proposatu dira. Agiriak hainbat gai jorratzen ditu eta 30 gomendio barne hartzen ditu. Laburpena IV. kapituluan ikus daiteke eta testu osoa web orrian kontsultatu daiteke.
III.5. Ofiziozko jarduerak
Ofiziozko zenbait jarduera burutu ditugu; horien artean, Bilboko Kukutza gaztetxearen utzaraztean Ertzaintzaren esku-hartzearen inguruabar zehatzak ezagutzera zuzenduta dagoena nabarmendu daiteke. Txostena itxi zen unean gure esku-hartzea oraindik ez zegoen amaituta.
III. Kexarik aipagarrienak
III.1. Behar bezala ikertu ez den eta legearen estaldurarik ez duen ustezko poliziaren zaintza
Ertzaintzako kide batek gure esku-hartzea eskatu zuen hari lotutako ustezko zaintza jarduera batzuen ondorioz. Azaldutakoaren arabera, zerbitzuan zeuden polizia kidego horretako beste kide batzuek burutu zituzten, epaiaren edo poliziaren ikerketa baten babesik gabe eta euren nagusiek jakin barik. Azaldu zuen zaintza poliziaren erregistroan jasotako ordua eta zegokion poliziaren jarduera hasi baino lehen burutu zela eta haren kexaren oinarri ziren frogak helarazi zizkigun. Haren ustez, frogek egiaztatzen zuten salatutako jarduerak ez zirela erregistratu eta erregistro ofizialek soilik jaso zutela poliziaren ikerketaren zati bat eta horrek, bere ustez, eragin zuen jasotako gertakarien bertsioa zehaztugabea izatea, gertatutakoa modu larrian eraldatuz eta polizia-agenteen benetako jarduera ezkutatuz. Bestalde, erreklamatzaileak azaldu zigun hainbat bider eskatu ziola Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari salatutako gertakariak ikertu zitzan, eskura zituen frogak helaraziz baina haren eskaerek ez dute erantzunik jaso.
Herrizaingo Sailari interesdunak bidali zizkigun datuak helarazi genizkion eta adierazi genion salatutako gertakariak oso modu zehatzean eta luzamendurik gabe ikertu behar zituela. Era berean, azaldu genion bidalitako frogak aztertu eta baloratu eta bere esku zeuden ikerketa-aukera guztiak agortu behar zituela gertatutakoa argitzeko eta kexak hizpide duen poliziaren jardueraren legezkotasunak sortutako zalantzak argitzeko.
Sail horrek bidali zigun informazioa ikusita, uste dugu ez duela bete ustezko poliziaren jarduera irregularrak salatzen dituzten kexak ikertzeko beharraren inguruan egin genuen gomendioa. Zehatz-mehatz uste dugu ez dituela bere esku dauden ikerketa-aukera guztiak agortu gertakariak argitze aldera; izan ere, erreklamatzaileak aurkeztu zituen zenbait froga ez zituen aintzat hartu –gure ustez, froga horiek gertakariak argitzeko garrantzitsuak ziren– eta ez digu azalpen egoki eta sinesgarririk eman kexak poliziaren jardueraren zuzentasunaren inguruan mahaigaineratu zituen zalantzen gainean. Horrek guztiak justifikaziorik ez zeukala uste dugu.
Kexa eragin zuten gertakariei lotuta bi bider haren laguntza eskatu genuenean Herrizaingo Sailak adierazi zuen jarrera kontuan hartuta, gaiaren inguruan esku hartzeko genituen aukerak agortuta zeudela ulertu genuen eta gure esku-hartzea amaitutzat jo genuen, aipatutako sailari azalduz erreklamatzaileak aurkeztu zituen froga guztiak zehaztasunez, zorroztasunez eta modu inpartzialean aztertu behar zituela, froga horiek poliziaren jardueraren zuzentasunaren gainean islatzen zituzten zalantza oinarrituak argitzea aldera. Modu berean, adierazi genuen polizia-agenteen jardueraren azterketa zehatza egin behar zuela kexak mahaigaineratzen zituen alderdietan jasotako jarraibideen egokitasunaren ikuspuntutik eta interesdunak bidali zizkion ikerketa eskaerei erantzuna eman behar ziela. Halaber, errepikatu genuen beharrezko mekanismoak ezarri behar direla atestatuetan eta gainerako polizia-erregistroetan dagokion jarduketaren edukia albait zehatzen jasoko dela bermatzeko, eta, horretarako, gure iritziz, beharrezkoa da jarduketa osorik jasotzea eta gertatutakoa desitxura dezaketen azalpen partzialak saihestea.
III.2. Baimena emateko eskumenik ez zuen udaleko alor batek emandako baimenarekin oinezkoentzako eremu batean aparkatzeagatiko zigorra
Gidari batek kexa bat aurkeztu zuen Bilboko Udalak zigor bat ezarri ziolako haren ibilgailua Alde Zaharreko oinezkoentzako gune batean modu okerrean aparkatu zuelako; izan ere, Udaltzaingoko polizia-agente batek ez zuen balioduntzat jo ibilgailuak zeukan aparkatzeko baimena eta salaketa ezarri egin zion.
Baimena udaleko barrutiko zentroak eman zion zentro horrek antolatutako erakusketa bat osatzen zuten argazki batzuk lekualdatzeko beharraren aurrean eta, ustez, toki horretan aparkatu ezin den ordutegian aparkatzeko baimena ematen zuen. Baimenaren agirian udalaren idazpurua eta zigilua ageri ziren, bai eta ibilgailuaren matrikula ere.
Udalak interesdunak agiriaren baliozkotasuna eta aparkatzearen legezkotasuna defendatzeko egin zituen alegazioak gaitzetsi zituen, baimena hori egiteko eskumenik ez zuen udaleko organo batek eman zuela argudiatuz.
Erakunde honen ikuspuntutik abiatuta, garrantzitsuena da interesdunak zigorra ezarri dion udalak berak emandako baimen bat zeukala eta baimen hori ezin zela alde batera utzi aparkatzeko baimena zuen edo ez baloratzerakoan, baimena eman duen udaleko arloa edozein dela ere. Baimenaren baliozkotasuna ukatzea eskumenik ez zuen udaleko atal batek eman zuelako, gure ustez, hauxe eragiten du: interesdunari berarekin zerikusirik ez duen administrazioaren disfuntzio baten ondorioak egoztea.
Udalak gure balorazioa onartu zuen eta zigorra indargabetu egin zuen.
IV. Ondorioak
V.1. Alor horretan aurkeztutako kexa kopurua handitu egin da 2010. urtearekin alderatuz eta azken urtetako kopururik altuena da. Aurten ere, kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila eta Bilboko Udala izan dira.
V.2. 2011. urtean desegokia izan den jarduera bat antzemanez amaitu ditugun kexa ia guztien kasuan, administrazioek euren jarduera zuzendu egin dute.
V.3. Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Ararteko erakundearekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Azpimarratu behar dugu berriro ere Bilboko Udalak berehala erantzuten diela gure eskaerei eta harmena adierazten duela helarazten dizkiogun gomendioen aurrean, batez ere, trafikoaren arloan. Halaber, Getxoko Udalak ere prestutasuna eta jarrera laguntzaile eta harbera erakutsi du Udaltzaingoaren atxiloketa-zentrora egindako bisitaldiaren ondorioz abian jarri dugun ofiziozko jardueran.
Dena den, zenbait zailtasun topatu ditugu gure funtzioak modu egokian garatu ahal izateko. Hala, Herrizaingo Sailak 2011. urtean Terrorismoaren Aurkako eta Informazioaren Atalaren atxiloketa guztien grabazioa gorde zitzan egin genion eskaera ez du aintzat hartu eta, hori dela eta, ezin izan ditugun horietako batzuk ikusi.
V.4. Trafikoko azpiarloan kexek zigortzeko araubidea eduki dute hizpide batez ere. Horren inguruan beste urte batzuekin alderatuz, antzerako kontuak mahaigaineratu dira, hala nola, jakinarazpenei eta ustez arau-haustea egin duen ibilgailua gidatzen zuen pertsonaren identifikazioari lotutakoak, bereziki, titulartasuna pertsona juridikoen esku zegoen kasuetan.
V.5. Poliziaren funtzioaren gauzatzeari lotutako kexek errepikatu diren kontuak mahaigaineratu dituzte, hala nola, indarkeriaren erabilera eta horren gaineko kontrola, epailearen lehenengo kalifikaziotik arau-haustetzat jo diren jokabideengatik atxilotzea, poliziaren uniformean polizia-agentea identifikatzen duen zenbakia edo erreferentzia ez eramatea, ustez desegokiak izan diren jardunbideen barruko ikerketak, atestatuen eta administrazio salaketen edukia, eragin duten gertakariei dagokienez, eta salaketa bat hartzeari uko egin izana. Halaber, modu zehatzean jatorri atzerritarreko pertsonengan eragina duten zenbait arazo ere mahaigaineratu dira, adibidez, ezagutza-saioak osatzeko hitzordua ematea, arrazan oinarritutako identifikazio kontrolak, poliziaren prentsa-oharretan ustezko gaizkilearen nazionalitateari buruzko erreferentziak sartzea, ostalaritzako establezimendu publikoetan sartzeko mugaketak eta atxiloketaren luzatzea.
V.6. Urriaren 28ko 7/2011 gomendio orokorrak "Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema" izenekoak, aipatutako hainbat kontu aztertzen ditu, baita gabeziak dituzten beste batzuk ere, atxiloketen zenbait alderdi eta beste berme batzuk besteak beste.
V.7. Herrizaingo Sailak eta gainontzeko polizia kidegoek grabatzen diren jardunen ondorioz eragin litezkeen ustezko erantzukizun administratibo eta penalen gehienezko preskripzio epean atxiloketen grabazioak gordetzea bermatzeko epe bat ezarri behar dute eta horrek kontuan hartu behar du giza eskubideak bermatzen dituzten erakundeen esku-hartzea, hala nola, Ararteko erakundearena. Horrez gain, beharrezkoa da grabatutako materiala esparru horietan esku-hartzea burutu bitartean gordeko dela bermatzea.
V.8. Bisitatu ditugun Ertzaintzaren bi atxiloketa-zentroek adingabeentzako atxiloketen erregistro liburu zehatza daukate. Hala ere, oraindik ez daukate pertsona horiek zaintzeko gela zehatzik eta hori zuzendu beharko litzateke.
V.9. Atxiloketari lotutako erregistroek eta gainerako dokumentuek fideltasun eta zehaztasun osoz islatu behar dute jarduera nola gauzatu den. Arreta handiz bete behar dira eta horien edukian desadostasunik ez dagoela ziurtatu behar da. Eskubideen informazioari buruzko aktetan jasota geratu behar da pertsona atxilotuari leporatzen zaizkion gertakariak zeintzuk diren jakinarazi zaiola.