2.2. A1 Linea-Bilbo Abando-Santurtzi
A-1 lineak Bilboko itsasadarreko ezkerraldea egiten du, eta Bizkaiko hiru aldiriko lineetatik jende gehien duena da.
Trenbide bikoitzeko trazatu bat da, eta horrek zirkulazioaren bi noranzkoetan trafikoa independentea izatea ahalbidetzen du. Hartatik, aldiriko trenez gain, Bilboko Portura doazen merkataritzako trenak ere igarotzen dira.
Irisgarritasunaren ikuspegitik aztertuz gero, A1 lineak heterogeneotasun nabarmena ageri du geltokien diseinuan eta hiriburu bizkaitarrari zerbitzua ematen dioten ekipamenduen egoeraren –modernoak eta funtzionalak– eta korridoreko gainerako instalazioek bizi duten egoeraren –zaharkituak eta oztopoekin– artean.
2.2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Kanpoko irisgarritasunean ikusi denez, garraio ekipamendura sartzeko ibilbideetan mugak dituzten oinezko inguruneak daude linearen trazatua igarotzen den udalerrietan.
Muga horiek hurrengoak bezalako oztopoei buruzkoak dira: egokitu gabeko eskailera tarteak eta arrapalak, malda malkartsuak, trafiko biziko inguruneak, eta abar. Horiek arriskuan jarri dezakete mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorriaren funtzionaltasuna eta baita bere segurtasun propioa ere.
Halaber, beharrezkoa da orokorrean aipatzea hiri zoladuraren gainean ez dagoela ukimen elementurik, gidatzeko zerrendarik, ikusmen urrituei garraio ekipamenduak topatzen laguntzeko.
2.2.2. Barruko irisgarritasuna
Azpiegituraren barruko irisgarritasunari buruz zera azpimarratzen dugu:
2.2.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Orokorrean, geltokiko atondorako sarbidea kaletik egiten da komunikazioa errazten duten espazio garbien bitartez. Hala eta guztiz ere, ekipamendu batzuk oztopoak ageri dituzte eraikinera sartu ahal izateko: mailak, ate estuak, egokitu gabeko arrapalak, eta abar.
2.2.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
ADIFek Bizkaian dituen aldiriko korridoreen –A1 eta A2– ezaugarria da instalazio gehienetan pertsonak trenbideen gainazaletik ibili beharra saihesten duten elementu mekanikoak edota eraikuntzakoak edukitzea. Inguruabar hori nabarmenki ezberdina da ADIFek Gipuzkoan eta Bizkaiko A-3 linean bertan dituen azpiegituretan gertatzen denaren aldean, izan ere, bi kasu horietan derrigorrez gainazaletik erabili beharreko trenbide-pasagune ugari dago.
Aitzitik, geltoki guztiek ez dituzte joan-etorriaren unibertsaltasuna bermatzeko elementu guztiak –igogailuak eta arrapala egokituak–, beraz, segurtasunaren bermerako gainazaleko pasabideak kendu behar badira ere, joan-etorria baldintzatzen duten oztopoek berean jarraitzen dute.
Zehazki, A1eko sei geltokitan gertatzen da adierazitako hori: La Iberia, Lutxana, Olabeaga, Sestao, Peñota eta Barakaldok eskailerez eratutako igarobideak bakarrik dituzte (azpikoak edo gainekoak) nasa batetik bestera joateko.
Orokorrean, geltokien barrualdeko atondoa oztopoetatik libre dago, eta horrek behar besteko maniobrak egiteko aukera ematen du horren bitartez joan-etorri autonomoa bermatzeko. Aitzitik, espazio horiek ere ez dute ukimen zerrendarik horien bitartez ikusmen urrituak eurei zuzendutako interes puntu eta elementuetara bideratzeko.
Geltoki garrantzitsuenetan ageri diren irekiera eta itxiera automatikoko ateek, gehienetan, seinaleztapen horizontaleko bandak dituzte kontraste kromatiko nabarmenarekin.
2.2.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, ikusi ahal izan da zoladurak ezaugarri onak ageri dituela trinkotasunaren, gogortasunaren eta irristatzeen aurkako propietateen aldetik, bai eraikinen barruan, bai nasetan. Aitzitik, modu berean egiaztatu da Lutxanako eta Portugaleteko geltokiek kontserbazio okerragoko zoladura dutela, mugitzeko arazoak dituen pertsonaren (makuluekin, bastoiekin, eta abarrekin ibiltzeagatik) joan-etorria galarazten duten hondatutako zonekin.
Bestalde, beharrezkoa da aipatzea ia geltoki guztiek ageri dituztela gabeziak nasetako segurtasun seinaleztapenean: ez dago botoirik, ez zerrenda kromatikorik, ezta hankaz ukitzearen bitartez gida izango den elementurik ere.
2.2.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Informazioa emateko eta txartelak saltzeko leihatilak ez daude egokituta irisgarritasunerako araudiak jarritako parametroei jarraiki.
2.2.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Linean instalaturik dauden makina txartel-baliogabetzaile guztiek dute mugikortasun urriko pertsonentzako berariazko baliogabetze gune bat. Gune horretako igarobide zabalera handiagoa da gainerako gailuetan ikusten denaren aldean. Gailu hauen artean igarotzeko finkatu den denbora kontrolatu egin behar da, mugitzeko zailtasunak dituen pertsona igarotzea errazte aldera.
Eserlekuei dagokienez, lineak modelo ugari ditu, nahiz eta bakar batek ere ez dituen oso-osorik betetzen araudiak exijitutako parametroak. Ez dira betetzen beso-euskarriak edo bizkarra falta dutelako edo lurzoruarekiko garaiera desegokian daudelako (<0,45 m).
Euskarri iskiatiko osagarriak daudenik ere ez da ikusi, ezta mugikortasun urriko pertsonentzako berariazko eserleku erreserbarik ere.
Bizkaian autosalmentarako jarritako makinak Gipuzkoan instalatu direnen modelo berdinekoak dira, eta horiek aztertu dira jada txosten honetan.
2.2.2.6. Komunak
Bilbo Abandoko geltokian izan ezik, ez da komun publiko egokiturik ikusi.
2.2.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Geltoki guztietan, Peñota eta Sestao artean daudenak salbu, trenen iritsierari eta irteerari buruzko informazioa ematen da informazio teleadierazgailuen bitartez eta megafoniatik esatearen bitartez.
Gainerako instalazioetan, bidaiariarentzako informazioa informazio estatikoko panelen bitartez ematen da, eta horien kokalekua eta formatua ez da irisgarria pertsona talde guztientzat.
Arrazoiak hauek dira:
– Panelen kokalekuak ez du errazten mugikortasun urriko pertsona hurbiltzea, batez ere pertsona horrek gurpil aulkia erabiltzen badu.
– Irakurketarako plano bisualak eta edukien tamainak irakurtezin bihurtzen dituzte panelak gehienetan.
– Ez dago Braillen edota goi-erliebean idatzitako informaziorik.