Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2017
AURKEZPENA
Aurkeztera goazen agirian bilduta daude Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2017. urtean egindako jardueraren elementurik esanguratsuenak. Gogorarazi nahi dugu, aurten ere, erantsitako txostenaren formatua daukala, hau da, osotasun integratu baten (Arartekoak Legebiltzarrarentzako egin duen 2017. urteko txostena) zatia izanda ere, modu independentean irakur daitekeen agiria egin dugu. Horrela, erakundearen antolaketarekin eta funtzionaltasunarekin lotutako errealitatea islatzen du, talde bereziki ahul horri dagokionez: Ararteko erakundearen jardueraren zati bereizezina izanda, haien eskubideak bermatzeko kezka, interesa eta jarduerak zeharkako ikuspuntu batetik egiten dira. Ikuspuntu horrek adingabearen interes gorenari ematen dio lehentasuna, eragindako eremua edo bizitzaren alderdia edozein dela ere. Azaldutakoaren ildoan, testuan zehar txosten orokorreko zatiak eta atalak aipatu egiten dira eta, modu berean, txosten orokorrean Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenari erreferentzia egiten zaio, bai kasu batean, bai bestean, garrantzi edo zehaztasun handiagoko gogoetak egiten diren bakoitzean.
Informazioa bost kapitulutan egituratuta dago, eta seigarren kapituluan eranskinak eta arloko araudia agertzen dira. Lehe-
nengoan, haur eta nerabeen eskubideen gaineko araudi-testuingurua azaltzen da, horretan jarduten baitu bulegoak.
kapituluan, guztien artean luzeena, Ararteko erakundearen berezko jardueratik abiatuta, ikusitako arazo nagusiak aipatzen dira, arriskuan ikusitako eskubideen inguruan bilduta. Abian jarritako jarduerak eta herritarrek aurkeztu dituzten kexen; egindako ikuskapen bisitaldien; ofiziozko ikerketen; arduradun publikoekin eta gizarte erakundeekin izandako bileren; foroetan, batzarretan eta profesionalen topaketetan parte hartu izanaren ondorioz lortutako ikaskuntzak errepasatzen dira.
kapituluan zehazki azaltzen da zer-nolako jarduera burutu duen haur eta nerabeentzako gure partaidetza-organoak: Haurren eta Nerabeen Kontseiluak.
kapituluak haurren eskubideei dagokienez, errespetuan oinarritutako kultura sortzen laguntzeko zenbait jarduera bildu ditu.
Azkenik, V. kapituluak ixten du agiria. Bertan, haur eta nera- been eskubideen egoeraren balorazioa egiten da, laburpen gisa.
Atala
ARAUDI-TESTUINGURUA
Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2017. urtean egin duen jarduera erakundearen ardatz estrategiko nagusiei jarraiki bideratu da, eta gizarteeta arau-testuinguru jakin batean. Testuinguru horri erantzuten saiatzen da, baina testuinguru horrek mugatu eta baldintzatu egiten du hori egiteko modu zehatza.
Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonatzat, nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin batera hain zuzen.
1990. urtean Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) berretsi zuen, 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen (NBE) batzarrak hartu zuena. HEH modu unibertsalean onartu den haurren eskubideen katalogoa da; aldi berean, estatuek errespetatzeko, bermatzeko eta betearazteko dauzkaten betebeharrak ezartzen dituena.
Konbentzioak, lehenengo bi artikuluetan haurren arloan erakundeen ekintza guztiak bideratu behar dituzten funtsezko bi printzipioak ezarri zituen: bereizkeriarik ezaren printzipioa eta adingabearen interes gorena. 6. artikulutik aurrera, lau eskubide multzo handi zerrendatu dira: Hornidura, hau da, zenbait baliabide eta zerbitzu edukitzeko, jasotzeko edo eskuratzeko aukera izateko eskubidea, haurren eta helduen artean baliabideak banatzekoa; Sustapena, alegia, erabat garatzeko eta osasun eta hezkuntza maila gorenak izateko eskubidea; Babesa, hots, gurasoen eta profesionalen zainketak jasotzeko eskubidea eta ekintza eta praktika neurrigabeak jasan behar ez izatea; eta Parte-hartzea, hau da, gauzak egiteko eskubidea, nork bere kabuz adierazpenak egiteko eta banaka zein taldean hitza izateko eskubidea.
Horrez gain, beste bi premisa hauek kontuan hartu behar dira: eskubideen zatiezintasuna eta euren arteko lotura eta haur guztien ongizatea zaintzeari dagokionez gurasoen, familia ingurunearen, erakundeen eta gizartearen ardura partekatua.
Aukerakoak (hautazkoak) baziren ere, Espainiak ere sinatu eta berretsi ditu Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko bi protokoloak. Protokolo horietan babes kontuak aipatzen dira batez ere: HEHren Hautazko Protokoloa, gatazka ar-
matuetan haurren parte hartzeari buruzkoa; HEHren Hautazko Protokoloa, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurrak erabiltzearen gainekoa; eta HEHren
III. Hautazko Protokoloa, komunikazio prozedura baten in- gurukoa. Azken protokolo horrek mekanismo bat ezarri du haurrek edota euren ordezkariek salaketa jarri ahal izan diezaioten beren eskubideak babesten espezializatutako nazioarteko batzorde bati, eskubide horiek urratuak izan direla uste badute. Beraz, modu zabalago eta indartsuagoan onartu dute haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu direla.
2017an, Haurren Eskubideen Batzordeak HEHn ezarritako eskubideak Espainiako Estatuan zenbateraino bete diren aztertzeko prozesuaren zati handi bat egin du.
Jakina denez, nazioarteko hitzarmen hori sinatu zuten estatu kide guztiek hitzeman dute zenbait neurri abiaraziko dituztela beraien herrialdetako haur eta nerabeek beren eskubideak egiaz balia ditzaten, eta Haurren Eskubideen Batzordeak egiten dituen jarraipen-lanetan lagunduko dutela. Horretarako definitu den prozesuak ezartzen duenez, estatu kideek batzordeari txostenak bidali behar dizkiote, lau urtean behin, eta horrek, aztertu ondoren, ohar batzuk egingo ditu, zeinak kasuan kasuko herrialdearentzat gidari izango diren, hurrengo aldirako.
Bulego honen 2016ko txostenean iragarri zenez, urte hartako maiatzean, Espainiako Gobernuak, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren bitartez, Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren
eta VI. Aplikazio Txostena eta Aukerako Protokoloak aurkeztu zituen (lehendabiziko biak, hirugarrena 2014ko apirilean sartu baitzen indarrean); bertan erreforma nagusiak jaso ziren, 2010ean Haurren Eskubideen Batzordeak emandako gomendioei erantzunez, eta, oro har, Espainian haurren eta nerabeen eskubideen egoera aurkeztu zen. Autonomia Erkidegoetatik iritsitako informazioa Haurtzaro eta Familien Erkidegoen arteko Batzordetik eta Haurtzaroaren Behatokitik jaso zen, ordezkatutako gizarte zibilaren eta erakunde publikoen ekarpenekin.
2017ko martxoan amaitu da Estatu Kideak igorritako txostena osatzeko dokumentua aurkezteko epea. Txosten osagarria gizarte-erakundeei eta haur eta nerabeen eskubideak defendatzen diharduten antolakundeei enkargatu zaie. Arar-
tekoak prozesu horretan parte hartu du eta honako hau igorri du: “Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena Ezartzeko V. eta VI. Txostenen Txosten osagarria eta horren aukerako protokoloak. Euskal Autonomia Erkidegoa”. Arartekoaren ekarpena, Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena zenbateraino betetzen duen jakiteko asmoz Haurren Eskubideen Batzordeak egiten duen jarraipen-lanari, eta, azken batean, haur eta nerabeek beren eskubideak egiaz baliatzen ote dituzten ebaluatzeari, EAEko egoerara eta euskal administrazioen jarduerara mugatzen da. Eskumen asko eta garrantzitsuak transferituta dituzten autonomia-erkidegoek osatutako estatu batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoa autonomia maila handienetako bat duen horietakoa da, erakunde honek honako hau iritzi du: helarazitako informazioa interesgarria gerta daitekeela Espainiako Gobernuko Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak egindako txostena osatzeko, zenbait errealitateri buruzko xehetasun gehiago ematen duelako eta Euskadiko errealitateari lotutako ekimenak nahiz balorazioak jasotzen dituelako.
Txostenaren edukia ez da ondorioztatzen hura prestatzeko berariaz egindako ikerketa batetik, batzordeak jarraipena egiteko ezarritako denbora-tarteari dagokion epean Arartekoak esku hartutako alor, gai eta egoerei buruzko informazioa jasotzen du baizik. Arartekoak oinarritutako iritzia du alor, gai eta egoera horiei buruz. Txostenaren xedea ez da, beraz, Euskadin euskal haur nahiz nerabeen eskubideei lotuta gertatzen denari buruzko azalpen-balorazio orokor bat egitea, baizik eta aurreko paragrafoan aipatutako helbururako adierazgarrienak diren elementu batzuk aurkeztea.
Prozesu horren baitan, ekainean, Ararteko erakundearen ordezkariak Haurren Eskubideen Batzordeak Genevan antolatutako Task Force delakoaren aurresaiora joan dira. Topagune horretan, Batzordeko lantaldeak estatu kideek egindakoa osatzeko txostenak igorri dituzten erakundeekin hitz egiten du. Informazio hori guztia aztertu eta baloratu ondoren, uztailean, “gai zerrenda” igorri du Batzordeak, estatuari zenbait gairi buruzko informazio osagarria eskatzeko. Urrian igorritako informazio-eskaera horri Espainiako estatuak eman dion erantzuna aztertuta, 2018ko urtarrilaren 22an, Espainiarekin Genevan aurrez aurreko saioa egiteko asmoa dago, Haurren Eskubideen Batzordearen 77. bileraren baitan.
Haurren Eskubideen Batzordeak sustatzen duen beste ekimen bat, jakina denez, ohar orokorrak ematea da, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa ezarri behar den hainbat esparrutan, interpretazio egokia egiteko orientabideak eskaintze aldera. 2017an hiru ohar berri onetsi dira, horietako bi beste batzorde batekin batera; horiek aurrerago aipatuko ditugu.
21. Ohar Orokorrak, Haurren Eskubideen Batzordeak bakarka egindakoak, kaleko haurrengan jartzen du arreta. Azterlan horren bidez, Batzordeak kaleko haurren inguruko estatu mailako estrategia zabalak eta epe luzerakoak garatzeko orientazioa, oinarri sendoa duena, eskaini nahi die estatu kideei, giza eskubideen ikuspegi osatua erabiliz eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentziora egokituta egongo diren bideak
–prebentziozkoak zein erantzuna ematekoak– aintzat hartuz.
Egiaz, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak ez du kaleko haurrei buruzko berariazko aipamenik egiten, baina bere xedapen guztiak haur horien egoerari aplika daitezke; izan ere, haien kasuan artikulu gehienak urratzen dira.
Haurren eskubideei begirako nazioarteko erreferentziazko ituntzat aipatu dugu, halabeharrez, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH); bada, ezin dezakegu ahaztu, halere, haurrak ez direla HEHn bakarrik ageri, Espainiak berretsitako eta sinatutako nazioarteko beste itun batzuetan ere engaiatutako eta eragindako haur eta nerabeak baitaude.
Ondorioz, beharrezkoa da nazioarteko itun horien edukia ezagutzea, baita, horietan esku hartu ahal izateko, jarraipenak egiten dituzten batzordeen jarduera ezagutzea ere. Horixe da aipatu batzordeek jada hartu duten ikuspuntua; izan ere, hainbat lan lan elkarrekin egiten hasi dira. Horren adibide dira aurreko puntuetako batean aipatutako bi ohar orokorrak, Haurren Eskubideen Batzordeak eta Langile Migratzaile Guztien eta Horien Familiakoen Eskubideak Babesteko Batzordeak (CMW, ingelesezko siglen arabera) elkarlanean landutakoak. 22. eta 23. Ohar Orokorrek (CMW-rentzat 3. eta
4. oharrak dira) haur eta nerabeen eskubideak nazioarteko migrazioaren testuinguruan aztertzen dituzte eta aldi berean onetsi dira; izan ere, berezko eskubidez dokumentu bereiziak izan arren, elkarren osagarri dira eta biak batera interpretatu eta aplikatu behar dira.
Batzordeek aitortzen dute nazioarteko migrazioak munduko eskualde guztietan eta gizarte guztietan duela eragina; gainera, gero eta gehiago, milioika haur eta nerabek fenomeno horren ondorioak pairatzen dituzte. Haien iritziz, migrazioa pertsonentzat, familientzat eta herrialdea (jatorrikoa, iraganbidekoa, helmuga eta itzulerakoa) baino zabalagoak diren komunitateentzat positiboa izan daiteke, hala ere, migratzeko arrazoiak, bereziki seguruak edo arauzkoak ez diren inguruabarretan migratu beharra giza eskubideen urraketekin zuzenean erlazionatuta daude askotan. Testuinguru horretan, Ohar Orokorrak haur eta nerabe migratzaile guztiei dagozkie, hau da, familiarekin edo ohiko zaintzaileekin migratu direnei, bakarrik daudenei edo familiatik bereizi, jatorriko herrialdera itzuli, gurasoak migratu direnean, iraganbideko herrialde batean edo helmuga-herrialdean jaio direnei edo, guraso biak edo horietako bat beste herrialde batera joan bitartean, jatorriko herrialdean geratu direnei, migrazioari edo bizitokiari dagokionez, beren egoera edo gurasoen egoera edozein dela ere. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotako printzipioak –inor ez diskriminatzeko– behartzen ditu estatu kideak konbentzioan adierazitako eskubideak haur guztien kasuetan errespetatzera eta bermatzera, egoera arautuan zein irregularrean dauden etorkinak direla, asilo-eskatzaileak, errefuxiatuak, herrigabeak edo pertsonen salerosketaren biktimak direla, baita jatorriko herrialdera itzuli edo kanporatzean ere, haurraren, bere gurasoen edo tutoreen nazionalitatea eta egoitza-egoera edozein dela ere, edo aberrigabezia egoeran daudenean ere.
Ohar Orokorrak “nazioarteko migrazioaren testuinguruan haurren eskubideei dagozkien printzipio orokorretan” jartzen du arreta; halaber, nazioarteko migrazioaren testuinguruan haurren eskubideak erabat babesteko hartu behar diren
lege-neurriei, politika publikoei eta beste neurri orokorrago batzuei buruzko orientazio baimenduna ematen saiatzen da.
Ohar Orokorrak, aldiz, banan-banan azaldu ditu erreferentzia diren konbentzio bien xedapenak, nazioarteko migrazioaren testuinguruan haurren eskubideei lotutako betebehar zehatzak “jatorriko, iraganbideko, helmugako eta itzulerako herrialdeetan” ezarri dituztenak.
Nazioartean, gogoan izan behar da badaudela Espainiak hainbat hitzarmen berretsi dituela –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazioarteko Lan Erakundeak, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren gaineko Konferentziak, besteak beste-, adingabeei dagozkien sektore-gaietan:haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar.
Europar Batasunaren esparruan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena.
Halaber, aipatzekoa da Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia). Gutun horrek, adingabeei dagokienez, haurrak entzunak izateko eskubidea, haurren interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea aldarrikatzen ditu. Garapenean, bi gertaera gogoangarri: lehenbizikoa, «Haurren Eskubideen gaineko Europar Batasuneko Estrategiarantz» izeneko jakinarazpena, Europako Batzordearena (2006), zeinak hainbat egitura ezarri baititu EBko erakundeek haurren eskubideei lotutako arazoei aurre egiteko duten ahalmena indartzeko, eta egintzetan oinarritutako politiken zimenduak finkatu baititu, interesdunekiko elkarrekintza arintzeko asmoz; eta, bigarrena, Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agenda (2011),
zeinak batez ere eremu jakin batzuetan jartzen duen arreta, EBk eremu horietan benetako balio gehigarria ekar dezakeelako, adibidez, haurrentzako justizia eskuragarri egiteko arloan, egoera zaurgarrietan dauden umeak babestuz eta Europar Batasunaren barruan zein kanpoan haurrengan eragina daukan indarkeriaren kontra borrokatuz.
Haurrak eta nerabeak babestearen arloan, Espainiako legeria sakon eguneratu zen 2015ean. Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan (Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa), abenduaren 28ko 54/2007 Legean (Nazioarteko Adopzioari buruzkoa), abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan (Genero-indarkeriaren aurka babes osoa emateko neurriei buruzkoa) eta Kode Zibilean funtsezko aldaketak egin ziren, garrantzitsuak, haur eta nerabeen eskubideak bermatzeari dagokionez.
Espainiako Estatuaren lurraldeeta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, “Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera” izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.
Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmendu ditugu dokumentu honen II. eranskinean. Arloko araudi horretan 2017an egindako balizko berrikuntzak txosten honetako II. kapituluan azalduko dira, arlo bakoitzeko azalpenean.
Atala
ESKUBIDEAK URRATZEA?
KEXAK, KONTSULTAK ETA EKIMEN PROPIOKO JARDUERAK
Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jardueraren zati handi bat, ez guztia ordea, kexaeta kontsulta-espedienteak bideratzean datza, hau da, espediente horiek ikertu, aztertu eta baloratzean. Kexaeta kontsulta-espedienteen analisiari hurbiltzeak batik bat helburu diagnostikoa du bulegoaren berariazko agiri honetan. Bere oinarrizko helburua, jarduera horren datuak adierazteaz gain, egoera kezkagarriak hautematea da, eta espediente horietako bakoitza gure haurrak mugitzen diren errealitatearen sentsore gisa ulertzea. Beraz, interesa izaera kualitatiboaren bidez gehiago zehaztuko da izaera kuantitatiboaren bidez baino, baina edonola ere, interes garrantzitsua du.
Neska-mutilen eta nerabeen edo
haiei buruzko kexaespedienteak: gerturatze kuantitatiboa
2017an, 492 kexa-espedientetan aipatu da argi eta garbi haurren eta nerabeen presentzia edo inplikazioa, alegia, Ararteko erakundeari egindako kexa guztietatik ia %16,37tan. Zenbaketa horretan sartuta daude, batetik, alde batek eskatuta bideratu diren kexa-espedienteak (478): norbanakoek edo elkarteek azaldu dituzte, horretarako ezarritako bideren bat erabiliz (bulegoak, weba, posta elektronikoa); eta bestetik, erakundeak bere kabuz hasi dituen ofiziozko espedienteak (14), haur eta nerabeen talde batzuk ahultasun egoeran daudela edo beraien premiei behar bezala erantzuten ez zaiela susmatzen denean, egoera horiek aztertzeko eta horien bilakaera ikusteko.
Alde batek eskatuta bideratu diren kexa-espedienteetan, erakunde honek bi kasuok zenbatzen ditu:
Nerabeek eta gazteek zuzenean egindako kexak.
Neska-mutilen edota nerabeen ordezkariek egindako kexak. Oso ehuneko handian, pertsona hori adingabearen aita edo ama izan ohi da, baina batzuetan senideak eta hezitzaileak ere bai.
Edonola ere, kexa nork egiten duen ikusita, hasteko, hauxe esan behar dugu: iaz bezala, 2017an ez du kexa bakar bat ere egin haur edo nerabe batek zuzen-zuzenean. Horrela, kexen %100 helduek egin dituzte eta neska-mutilengan eragina duten egoerak azaldu dizkigute. Kexa horietatik 5 gizarte-erakundeek egin dituzte (norbanakoen egoerak azaldu dituzte) eta beste 22 kexa elkarteek egin dituzte, baina pertsona-talde baten ordezkari gisa; horregatik, adingabe gehiagori eragiten diete.
Gaikako esparruen araberako espedienteen sailkapena (horren azterketa xehatua txosten honetako 2.2. ataleko muin nagusia osatzen du), ondorengo grafikoan islatutakoa da:
grafikoa.
Alde batek eskatuta bideratu diren kexen banaketa, gai-esparruaren arabera
Bizi-maila egokia: diru-sarrerak eta etxebizitza ................................. 248 (%51,9)
Hezkuntza.........................................................................................................................................................................................................................................................97 (%20,3)
Babesa..............................................................................................................................................................................................................................................................................35 (%7,3)
Familia........................................................................................................................................................................................................................................................................ 29 (%6,1)
Osasuna .....................................................................................................................................................................................................................................................................25 (%5,2)
Beste alderdi batzuk...................................................................................................................................................................................................16 (%3,3)
Justizia ........................................................................................................................................................................................................................................................................12 (%2,5)
Mendekotasuna eta ezgaitasuna .................................................................................................................................11 (%2,3)
Jolasa, kirola eta kultura.................................................................................................................................................................................... 5 (%1,1)
GUZTIRA
Iturria: guk geuk egina
Ofiziozko ikerketetan, honelako arazoak aztertzen dira: norbanakoaren kasua gainditu eta, erakunde honen ustez, haurren eskubideren bat arriskuan egon daitezkeen egoerak. 2017an, ikerketa gehienak babesik gabeko haurrentzako gizarte-zerbitzuen arlokoak izan dira (11), beste 2 hezkuntza arlokoak, eta, azkena, udaltzaingo baten jarduera bati buruzkoa.
Arriskuan dauden eskubideak
2017. urtean, adingabeen arloan Ararteko erakundeak egindako jardueraren ikuspegi kuantitatiboa osatzeko, antzemandako arazoak eta kezkak azaltzen dira, eta, zenbait kasutan, lortutako emaitzak edo ondorioak, zenbatutako
Garatzeko behar duten bizi-maila izateko eskubidea
artikulua1
(Haurren eskubideei buruzko Hitzarmenekoa)
Haur guztiek dute beren garapen fisikoa, mentala, izpirituala, morala eta soziala bultzatuko duen bizitza-maila izateko eskubidea, eta estatu kideek hori onartzen dute.
Gurasoek edo haurra zaintzen dutenek haurrari bere garapenerako beharrezkoak diren baldintzak eman behar dizkiete, beti ere bere ahalbide eta diru-baliabideen arabera.
Estatu kideek, estatuko baldintzen eta dituzten baliabideen arabera, guraso edo haurren erantzukizuna dutenei laguntza emango diete eskubide hau bermatu dadin, eta beharrezkoa bada laguntza materiala eta laguntza-programak bideratuko dituzte, batez ere elikadura, jantzi eta etxebizitzaren arloan.
Nekez zehaztu daiteke zenbat haur eta nerabe bizi diren prekariotasun ekonomiko edo pobrezia egoeretan, eta nekez zehaztu daiteke, halaber, zenbat haur eta nerabe dauden oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituztela dioten familien espedienteetan. Beste urte batez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaile guztietatik, seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateen ehunekoaren estimazioa ezartzen bazaie erakunde honek prestazio ekonomiko horren gainean bideratu dituen espedienteei, ondorio hau ateratzen dugu: 217 familia zailtasun ekonomiko larriko egoeran bizi direla, eta horietako gehienetan adingabe bat baino gehiago dagoela. Kopuru horri etxebizitza arloko 31 espediente gehitu behar zaizkio; espediente horietan adierazten denez, haurrak daude tartean, eta haiek bizi diren eraikinek gabezia garrantzitsuak dituzte (hori beren bizimoduaren baldintza materialen funtsezko zatia da).
2018ko lehenengo egunetan, datu oso interesgarriak eman dira aditzera, Euskadin pobrezia errealeko egoeran bizi diren haur eta nerabeei buruz. “Pobreza y privación en la población menor. Enseñanzas generales a partir del caso vasco” izenburuko artikuluan, Luis Sanzo soziologoak aurkeztu du Espainian eskura daitekeen lehenengo informazioa, adingabeen kolektiboak pairatzen duen gabetasunari dagokionez. Datu horiek jasotzeko, Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkesta 2016 (PGDI-2016) delakoan, gabetasunari buruzko hamahiru aldagai gehitu dira, bigarren mailakoak, Europako Estatistika Sistema (ESS)
kexen ehunekoak iradokitako hurrenkeran eta guztiak azal
dutako egoeretan arriskuan dauden eskubideen inguruan bilduta.
1 II.2 kapituluaren atal bakoitzaren goiburuan aipatutako artikuluak Haurren eskubideei buruzko Hitzarmenekoak dira (Nazio Batuak, 1989).
eguneratzean, hain zuzen ere, European Union – Statistic on Income and Living Conditions (EU-SILC) eguneratzean zehaztu direnak, eta 1 eta 15 urte bitarteko adingabeei aplika dakizkiekeenak.
Oro har, datuok pobreziak eta prekarietateak EAEko haur eta nerabeengan duten inpaktu handia erakusten dute. Horien arabera, pobreziari loturiko gabeziak eta ongizate-gabeziaren beste forma batzuk, baita larrienak ere, ez dira desagerrarazi adingabeen artean, gure lurraldean dagoen diru-sarrerak bermatzeko sistema Europar Batasunaren mailan garatuenen parekoa izan arren.
Ildo horretan, Euskadiko 1 eta 15 urte bitarteko adingabe guztiak aintzat hartuta, 2016an, % 10,4k jasaten dituzte oraindik oinarrizko gabezia arazoak; egoera larrienak bakarrik kontuan hartuta, % 3,5 dira. Gabezia oso larri horiei dagokienez, % 2,3k ez du egunero proteinetan aberatsa den jatordu bat egiteko aukerarik; % 1,5-1,6k ez dute egunero barazkirik edo fruitu freskorik jaten; beste hainbestek ez du zapata egokirik. Oinarrizko arazoei dagokienez, hain larriak ez badira ere, adingabeen % 5,5ek ez dute arropa berria izateko aukerarik, eta % 5,6k ezin dituzte egoera bereziak ospatu.
Gabezia batzuk, oinarrizko beharrekin zerikusirik ez badute ere, nabarmenak dira eta eragin are handiagoa dute Euskadiko haur eta nerabeengan. Adingabeen % 8,4-9,5ek ezin dituzte lagunak jolastera edo jatera gonbidatu eta ez dute ordaindu behar diren eskolaz kanpoko jarduera sozialetan parte hartzeko aukerarik. Etxetik kanpo astebeteko oporraldi bat ezin egin izatea da gabezia zabalduena, adingabekoen
% 17,1 baitaude egoera horretan.
Laburbilduz, inkestatik ondoriozta daiteke autonomia-erkidegoko babes-sistemak desberdintasunak murriztu eta arazoen eragina, batez ere, arazo larrienen eragina, arindu egiten badu ere, erraz ikusten dela pobreziak haurrengan duen eragin bereizgarri eta erabakigarria. Hori guztia dela eta, berriz ere, Arartekoak bere egiten du ikerlanaren egileak esandakoa, hain zuzen, “gizarteak konturatu behar du pobreziak eta ongizate-gabeziaren beste forma batzuek benetan zer esan nahi duten, haur eta nerabeen belaunaldi berriek izango duten aukera-berdintasunari dagokionez”.
Araudi testuinguruari dagokionez, 2017an ez da berrikuntza esanguratsurik izan. Hala ere, atal honetan aipatzekoa da Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta Hobetzeko Oinarrien Dokumentua, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duena, Gobernuaren iritziz, prestazioa hobetzeko, epe labur eta ertainean hartu behar diren neurrien proposamen zehatzak planteatu dituelako. Horietako batzuk, gutxienez, prestazioak arautzeko dekretuetan sartu beharko dira.
Bertan, egungo sisteman egin behar diren funtsezko aldaketa batzuk planteatu dira (neurri batean edo bestean, bizikidetza-unitatean haur eta nerabeak egoteari loturikoak), hala nola: helbide berean denbora baterako erroldatu diren pertsonei lotutako bizikidetza-unitateak zehaztea, salbuespenak salbuespen; zenbatekoa zehaztea, honako sistema hau oinarri hartuta: oinarrizko zenbatekoa eta banako osagarri ezberdinak, batez ere adingabeak aintzat hartzen di-
tuztenak; aurretiko erroldatze-aldia moldatzea, seme-alaba adingabeak dituzten familia-unitateen kasuan; ondarearen balorazioari dagokion aldaketa; bidegabe jasotako prestazioak erreklamatzeko 24 hilabeteko preskripzio-epea ezartzea, doluaren edo iruzurra egiteko asmoaren kasuetan izan ezik; toki batean benetan bizi dela egiaztatzeko moduak; enplegurako pizgarriak mugarik gabe jasotzeko aukera eta modalitate horri loturiko beste proposamen batzuk; zigor-erregimena argitzea, Gizarte Zerbitzuek eta hirugarren sektoreak parte hartzea, baita beste proposamen berritzaile batzuk ere, hala nola Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari zerga-politikak eta diru-sarrerak bermatzeko politikak bateratzeko neurriak helarazteko aukera (…). Edonola ere, proposamenak eta asmoak planteatzen dituen dokumentua izanik, Arartekoak arretaz jarraituko du proposatutakoa gauzatzeko prozesua, horren balorazioa egiteko.
Onartu behar da Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak eragin positibo handia duela EAEn pobrezia maila eta egoera ekonomiko txarren kopurua murrizteko. Horrexegatik, agian, txosten honetan ezin ditugu aipatu gabe utzi Arartekoaren esku-hartzea eskatzen duten familiek planteatzen dituzten arazo batzuk, behar oinarrizkoenak estali ahal izateko. Aurreko urteetan bezala, atal honen hasieran kexa aipagarrienak azalduko ditugu, Arartekoak arlo horretan egin dituen esku-hartze guztietatik (eta asko izan dira) bizikidetza-unitatean adingabeak daudela berariaz aipatzen duten horiek eta/edo Lanbidek hartutako neurriak haiengan izan duen eraginari buruzkoak hautatuta.
Kexa horietatik lehenengoan, Lanbidek pertsona batek jasotzen zuen diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa etetea erabaki zuen, prestazioaren zenbatekotik dibortzio-epaian ezarritako mantenu-pentsioaren zenbatekoa kendu ondoren. Izan ere, mantenu-pentsioa kexagilearen bi seme-alabak mantentzekoa zen, baina, egiaztatu zenez, ez zuen pentsio hori de facto jasotzen.
Arartekoak, kasuaren inguruabarrak aztertu ondoren, eta interesdunak mantenu-pentsioa kobratzeko ahal zuen guztia egin zuela egiaztatuta, ebazpena berrikusteko gomendatu zion Lanbideri (2017ko martxoaren 3ko ebazpena). Gomendioa onartu egin zuten.
Bigarren kexan, diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungitzeko arrazoia honako hau zen: bizikidetza-unitateko kide batek helduen hezkuntza zentroan matrikula egin ez zuenez, laneratzeko ibilbide pertsonala bete ez izana. Arartekoaren arabera, ez-betetzearen balorazioa ez zen zuzena, pertsona horrek matrikula egin eta hartutako konpromisoa bete ahal izan zuelako. Arartekoak gomendatu zion Lanbideri berriz azter zezan diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungitzeko erabakia, proportzionaltasun-printzipioa aplikatze eta adingabearen interes gorena babeste aldera (Arartekoaren 2017ko maiatzaren 18ko ebazpena). Gomendioa ez zen onartu.
Hirugarren kexan azaltzen denez, hiru seme-alaba zituen emakume bati DSBE/EPO iraungi zitzaizkion, behin baino gehiagotan bere jaioterrira joan zelako eta bertan 90 egun baino gehiago igaro zituelako, senarrarengandik dibortziatu ahal izateko; hori guztia, gizarte-zerbitzuen txostena –senarrak abandonatu egin zuela egiaztatzen zuena– aurkeztu zuen arren. Arartekoak, bere 2017ko uztailaren 6ko ebazpenean, baieztatu zuen Lanbidek ez zituela behar bezala aintzat hartu egindako bidaiak justifikatzen zituzten inguruabarrak. Hori dela eta, prestazioak iraungitzeko ebazpena berrikusteko gomendatu zuen.
Azkeneko kexan, Lanbidek erabaki zuen hiru adingabe ardurapean zituen familia bati diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak iraungi behar zitzaizkiola, familiak babes ofizialeko etxebizitza baten eskaintza onartu ez zuelako. Izan ere, jokabide horrek eskubide ekonomiko bat baliatzeko betebeharra urratzea ekarri zuela ulertu zuen Lanbidek. Arartekoa ez zegoen ados erabaki horrekin. Izan ere, erakunde honen arabera, jokabide horrek ez zuen urratu diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrari dagokion betebeharra, eta etxebizitzarako prestazio osagarrian soilik eragina izan behar zuen. Hori dela eta, ebazpena berrikusteko iradoki zuen, araudian nahikoa babesik ez zuelako eta honako printzipio hauek hausten zituelako: proportzionaltasuna, adingabearen interes gorena eta segurtasun juridikoa (Arartekoaren 2017ko irailaren 21eko ebazpena).
Dena den, egoera hori eta antzekoak otsailean aurkeztutako 2017ko Diagnostiko-txostenean, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak hobeto kudeatzeko proposamenak jasotzen dituenean, aztertu dira. Azterlanak prestazio horien kudeaketan izandako aurrerapausoetako batzuk jaso ditu; aldi berean, agerian utzi du hobekuntzak egiteko beharra. Horrez gain, araudia izatearen garrantzia nabarmendu du, batez ere, titularren eta bizikidetza-unitateko kideen betekizunak eta betebeharrak argitzeko, eta, titularra izateko baldintzak eta betebeharrak betetzen ez direnean, neurrizko erantzuna, egokia, emateko, adingabearen interes gorena bereziki kontuan hartuta. Ateratako ondorio nabarmenen artean, adierazi da beharrezkoa dela proportzionaltasun-printzipioa txertatzea, hain zuzen ere, betekizunak betetzen dituzten pertsona asko sistematik kanpo geratzea saihesteko. Izan ere, batzuetan, pertsona horiek kanpo geratzen dira axolagabekeria-jokabideengatik eta ez betekizunak galtzeagatik edo horiek ez betetzeagatik. Kontu hori estu lotuta dago zehapen-araubidea arautu eta aplikatzeko proposamenarekin; hori eta adingabearen interes gorena kontuan hartzeko betebeharra Arartekoaren apirilaren 8ko 2/2015 Gomendio Orokorraren gai nagusiak dira. Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman.
Bestelako kontuei dagokienez, Arartekoak pobrezia errealeko egoeran, pobrezia arriskuan edo ongizate-gabezian dauden haur eta nerabeen kasuetan esku hartzen duenez, ezin du jarduera horri buruzko atala amaitutzat eman etxebizitza arloan egindako jarduketak aipatu gabe. Arlo honetan igorri-
tako ebazpen guztietan gogorarazten denez, “duela hainbat hamarkadatik, bai 1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (25.1. artikuluan), bai 1966ko abenduaren 16ko Ekonomia-, gizarteeta kultura-eskubideen Nazioarteko Ituna (11.1. artikuluan), edo Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak 2000ko abenduaren 7an onetsitako Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Karta (34.3. artikuluan), iritzi berekoak dira: etxebizitzak eragin handia du gizartean, pertsonen eta familien bizi-baldintzak hobetzen dituelako”.
Seme-alabak dituzten familiekin egindako esku-hartzeei dagokienez, bi kontu dira ohikoenak. Lehenengo kasuan, babes publikoko etxebizitza bat errentan hartua duten pertsonek azalera handiagoko pisu bat esleitzea eskatzen dute, beren bizikidetza-unitatearen osaera aldatu egin delako eta oraingo etxebizitzak legez ezarritako gutxieneko ratioa (pertsonako 15 m2) betetzen ez duelako. Gehienetan seme-alabak jaio direlako gertatzen den gainokupazio handiko egoerez ari gara. Arartekoak aurreko urteetako txostenetan dagoeneko ohartarazi duenez, eskaera horien kopurua gehitzen ari da eta “etxebizitza-ibilbideei” buruzko araudi berria ezarri beharko litzateke, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 39. artikuluan agindutakoaren babesean. Etxebizitza babestuak eskuratzeko ibilbideak gauzatu beharko lirateke, alokairu sozialeko etxebizitzak errentariek eta beren familiek bizitza etapa desberdinetan izan ditzaketen beharretara egokitzea lortzeko. Etxebizitza horietan bizi diren haurrek tokia eta nahiko onak diren baldintza materialak izan behar dituzte, bere garapena arrisku handian ez jartzeko.
Bigarren taldeari dagokionez, kexa guztiek aipatzen dituzte babes publikoko etxebizitzetan, alokairu-araubidekoetan, antzematen diren akatsak. Arazoak hain dira larriak, non eragin kaltegarria izaten duten etxebizitza horietan bizi diren pertsonen, askotan, adin txikiko haurren, osasunean eta bizi-baldintzetan. Egoera horren aurrean, Arartekoaren erantzuna laburra izaten da, hau da, etxebizitza duina izateko eskubidea betez, akatsak konpontzea eskatzen du.
Bukatzeko, erakunde honek gai horri buruzko kexarik jaso ez badu ere, aipatu behar da Arartekoa kezkatuta dagoela hipoteka betearazi dieten pertsonen eta etxetik botatakoen kopuruak EAEn 2017an gora egin duelako; izan ere, hala jasotzen du Botere Judizialaren Kontseiluak bere Krisi ekonomikoak organo judizialetan daukan eraginari buruzko txostenean. Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordearen 2017ko uztailaren 21eko irizpenean irakur daitekeenez, bi helduk eta bi seme-alaba adingabek osatutako bizikidetza-unitate baten eskubidea –etxebizitza egokia izateko– urratutzat jo da, Espainiako estatuak, ezta autonomia-erkidegoko agintariek ere, ez dutelako bermatu beste bizitokirik etxebizitza utzarazteko prozedura judiziala amaitu ondoren; izan ere, irizpenaren arabera, “etxea uzteko aginduak ez luke eragindakoak bizitokirik gabe geratzea ekarri beharko. Hori dela eta, beste bizitoki bat eskuratzeko baliabiderik ez badute, estatu kideek abian jarri beharko lituzkete behar diren neurri guztiak, ahal dela, pertsona horiei beste etxebizitza bat emateko”. Gainera, “estatu kideek arreta berezia jarriko dute honako hauei eragiten die-
ten utzarazpen kasuetan: emakumeei, haurrei, adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei, eta diskriminazio sistemikoa jasaten duten pertsona edo taldeei edo zaurgarritasun egoeran daudenei”.
Ildo horretan, Auzitegi Gorenak honako doktrina hau ezarri du: seme-alabak dituzten familien kasuetan, epaileak baimendu behar du utzarazpenagatik edo okupatzeagatik etxea husteko agindua. Azaroaren 23ko epaiak, Administrazioarekiko Auzien Salako Hirugarren Atalarenak, indargabetu du Madrilgo Auzitegi Nagusiaren epaia. Izan ere, azken horren arabera, etxera sartzeko autoa ondo oinarritua zegoen, eskualdeko gobernuak etxea utzarazteko izapide guztiak bete zituelako; gainera, “planteatutako gizarte arloko kontuak administrazio-organo eskudunek –udalerri edo autonomia-erkidego mailakoek– ebatzi beharko lituzkete, baina ez etxera sartzea baimentzeko prozedura honetan”. Auzitegi Gorenaren iritziz, argudio hori administrazioarekiko auzien salako epaileen betebeharra “kontuan ez hartzea” da; izan ere, aztertu eta ongi neurtu beharko lituzkete beren erabakien eraginpean gera daitezkeen eskubide eta interesak. Hortaz, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Legearen, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren eta Espainiako Konstituzioaren babesean, Auzitegi Gorenak erabaki du epaileak, etxe bat utzarazteko baimena eman aurretik, “adingabeen eskubide eta interesak, osorik eta modu eraginkorrean, babestuta daudela bermatu” behar duela.
2015. urteari buruzko bulegoaren txostenean haurtzaroan eta familietan inbertsio estrategia bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren iragarkia jaso zen, erakundeen arteko estrategia bat, egonkorra eta irismen handikoa, Familia eta Haurtzaroaren aldeko Herri Hitzarmen baten bitartez, besteak beste, haurren pobrezia eta berdintasunik eza transmititzea prebenitzeko. Bi urte igarota, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Aniztasunaren Zuzendaritzak helarazi dio Arartekoari familian eta haurrengan inbertitzeko itun sozial handiaren oinarriak ezartze aldera lantzen ari den dokumentuaren zirriborroa. Puntu honetan zehaztu behar da haurren pobreziarekin lotura zuzena duten helburu eta neurriak aipatuko direla hemen; hala ere, ituna eta estrategia berriz aipatuko dira txosten honen 2.4. atalean, familia guztiei eman behar zaien laguntzan arreta jartzen duenean.
Dokumentua aztertuta, hasteko, positibotzat eman behar da zuzendu nahi den errealitatearen diagnostikoa, ez baitu haurren pobreziaren gainean irakurketa erredukzionistarik egiten, baizik eta, bulego honen aurreko txostenetan azaldutakoaren ildoan, gizarte desberdintasunak areagotzearen, pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzearen eta prekarietate egoera horiek haur eta nerabeengan izaten dituzten ondorio bereizgarrien testuinguruan aztertzen du. Haurrak eskubide-subjektutzat hartzea eta haurtzaroari bideratutako inbertsioaren paradigma, erakunde honen iritziz, abiapuntu egokiak dira. Estrategia garatzeko lerroei dagokienez, hain-
bat proposamen egin dira eta horiek gauzatu bitartean, Arartekoak jarraipena egingo du:
Gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatu seme-alabak dituzten familia guztiei eta haur-pobrezia prebenitu.
Gurasoek seme-alabentzako beharrezkoa duten bezain besteko astia izatea erraztu, familien premiei aurre egiteko denbora sozialaren antolaketa egokiago bat, eta antolaketa sozial erantzunkidea bultzatu.
Gazteen emantzipazio eta bizimodu-proiektu autonomoei lagundu, modu horretan, familia-unitate berriak sortzea errazteko, eta horren desira duten kasuetan, ondorengoak izateko.
Haur guztiek arreta-zerbitzu irisgarri, arrazoizko preziokoak eta kalitatezkoak jasotzea erraztu.
Hezkuntza-politikak berriz orientatu eta eskola-sistema inklusibo eta koedukatzailea, ekitatea bermatuko duena eta desabantaila sozial eta ekonomikoan dauden ikasleen zailtasunak orekatuko dituena, eraikitzen sakondu
Gurasotasun positibo, haur-osasun, gatazken prebentziorako programak sendotzea, modu horretan sendotzeko gurasoeta hezkuntza-gaitasunak, aztura osasungarriak sustatu eta familien baitan gerta daitezkeen gatazken konponketa erraztuz.
Aukera-berdintasunean, haur eta gazte guztiei eskaintzea gizarte-hezkuntzako, kirol, kultur eta aisialdirako baliabide eta ekipamenduen eskaintza zabalago bat.
Familiaeta haurtzaro-politiken gobernantza hobetzea eta gizarte-hezkuntzazko gune erreal baten garapena.
Lerro horiek irakurrita ondorioztatzen da ezinbestekoa dela gizarteeta erakunde-eragileek parte hartzea; gainera, dokumentuak dagoeneko aipatu duen zailtasuna gehitu behar zaio: “pobrezia, desberdintasun edo desabantaila sozioekonomikoak bezalako funtsezko dimentsio anitzeko fenomeno batzuen haurrenganeko eraginek ez dute epe motz, ertain eta luzean berariazko eskumen edo administrazio-erakunde baten laguntzarik, eta horren ondorioz jarduten da modu zatikatu eta partzial batean”. Honako formula hau proposatzen da: “familiaeta haurtzaro-politiken gobernantza egokiagoa (...), eta esparru horretan, gizarte-hezkuntzako politiken integrazio hobeagoa, lurralde eta tokiko mailako gizarte-zerbitzu, hezkuntzaeta osasun-zerbitzuak bereziki aldeztuz”.
Arartekoak hainbat ebazpen, txosten eta azterlanetan azpimarratu du gizarte-hezkuntzako politikak integratzeko, goian aipatutako sistemek lana partekatzeko eta komunitatean, hurbiletik eta prebentzio gisa aritzeko beharra, hori guztia gakoa baita pobreziari, babesgabetasunari eta, hitz batez, desabantaila sozialeko egoerei aurre egiteko.
artikulua
1. Estatu kideek haurrak hezkuntzarako duen eskubidea onartzen dute (…).
29. artikulua
Estatu kideek haurraren hezkuntza honetarako bideratu behar delakoan daude:
Haurraren nortasuna, gaitasunak eta ahalmen fisiko eta mentala ahal den guztia garatzeko;
Giza-eskubideei eta oinarrizko askatasunei eta Nazio Batuetako Agirian azaltzen diren printzipioei buruzko errespetua irakasteko haurrari;
Bere gurasoenganako, bere kultura-nortasunarenganako, bere hizkuntza eta baloreenganako, bizi den estatuko baloreenganako, jatorrizkoa duen estatuko baloreenganako eta bere zibilizazioa ez diren zibilizazioarenganako errespetua irakasteko haurrari;
Haurra, gizarte aske batean, elkar ulertzeko izpirituarekin, bakearekin, tolerantziarekin, sexuen berdintasunarekin, eta herri, talde etniko, nazional, erlijioso eta indigena jatorria duten guztiekin adiskidetasunez eta zentzuz bizitzen prestatzeko;
Haurrari ingurugiro naturalarekiko errespetua irakasteko.
Azkenengo hilabeteetan, hausnarketa prozesua hasi da hezkuntzaren arloan. Prozesua amaitutakoan hezkuntza-itun bat egitea espero da, zeina etorkizuneko EAEko Hezkuntzari buruzko Legearen aurrekaria izango den, “Heziberri 2020” planari amaiera emateko moduan.
Prozesu horretan, nabarmentzekoa da duen izaera parte-hartzailea. Bada, hezkuntza eredu berria zehazteko xedez erabakigarritzat jo diren eztabaidaeta hausnarketa-eremuak ezarri dira prozesua bera ordenatzeko.
Arartekoak badaki hainbat balorazio kritiko jaso dituela prozesu horrek. Alabaina, zati batean, hezkuntzako, gizarteko eta politikako askotariko eragileek hezkuntzaren arloan dagoen erronka handia lortzeko duten kezkaren eta interesaren isla baino ez dira kritika horiek, eta, gure ustean, sindikatuek azken asteotan egin dituzten mobilizazio handiak ere horixe izan dira, hezkuntzaren inguruko kezkaren eta interesaren isla. Hori dela-eta, balorazio kritiko horiek behar bezala balioetsiko direla uste dugu; izan ere, gure azken txostenetan adierazi dugun bezalaxe, erakunde honek uste
du inplikatuta dauden guztientzat izan behar duela utziezina benetako hezkuntza-ituna lortzeak.
Txosten honetan, haur eta nerabeen beharrei hezkuntza-administrazioak ematen dien erantzunari buruzko atalean, ohiko eskemari jarraiki, honako gai hauen inguruan biltzen da erakunde honen 2017ko jarduera: ikasleak onartzea, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak artatzea, lanbide heziketa, eskola garraioa, eskola jantokia, bekak eta bizikidetza.
2.2.2.a) Ikasleak onartzea
Bigarren urtez jarraian, Ararteko erakundeak azpimarratu egin nahi du Hezkuntza Saileko arduradunek jarrera irmoa daukatela ikasleak onartzeko prozesuan erroldako datuak gehiegi erabil ez daitezen. Erakundeak jaso duenez, familia batzuek kexa gisa adierazi baitiote, Hezkuntza Sailak ez du zalantzarik egin hasiera batean bizilekuaren gertutasunarengatik aitortutako puntuatzeak berrikusteko orduan, eragindako beste familia batzuek erreklamazioak eta salaketak aurkeztu dituztenean. Oraingo honetan, Bizkaiko lurralde historikoan (Sopuertan) zentratu dira jasotako kasu gehienak.
Hala ere, Ararteko erakundeak desadostasun handiak eduki ditu eskolatze berantiarreko kasu batzuk kudeatzeko moduarekin. Halaxe adierazi da Arartekoaren 2017ko azaroaren 6ko gomendioan, alaba adingabea B ereduko itunpeko bi zentrotan eskolatzea eskatu zuen familiaren inguruan. Erakunde honen ustean, eskolatze-batzordeek ezin ditzakete erabili familiek adierazitako nahiarekin bat egiten ez duten eskolatze-irizpideak (zehazki, ereduaren hautuari dagokionean), eta, era berean, ezin dezakete tratu desberdinik eman erabilgarri dauden plazen ratioa handitzeko duten ahalaren erabilera arbitrarioaren edo ezegokiaren ondorioz. Horri buruz, adierazi beharra daukagu kezkatuta gaudela, balitekeelako ratioa handitzeko aukera (adibidez, anai-arreben taldeari eusteko erabiltzen dena) gaizki erabiltzen egotea.
Iaz adierazi genuenez, 2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana onartu zen. Plan horrek ikasleak onartzearekin zerikusia duten proposamen batzuk biltzen ditu. Egiaz, Gasteizen kasua jarduera onen eredu gisa azaltzen da bertan, eta eredu horri jarraitutasuna eman nahi zaiola esaten da. Horretarako, ardatz estrategiko bat ezarri nahi da, eskolaren eragina duten eremuak, eremu bakoitzean dauden lekuen proportzioa (hezkuntza sareen arabera) eta hezkuntza sare horiek ikasle autoktonoak eta immigranteak eskolatzeko orduan duten eragina aztertzeko; hori guztia, ikasle immigranteak sareen artean (baita sare berean ere) eta eskola-eraginaren eremuan modu inklusibo eta orekatuan eskolatzea bultzatzeko azken helburuarekin.
Horrek ez du eragotzi, ordea, Arartekoak matrikulazio-datuen jarraipena egiten duten hezkuntza-eragile batzuen
kezka jasotzea. Horregatiik, ofiziozko espediente bat irekitzea erabaki da, bai datu horien errealitatea egiaztatzeko, bai hezkuntzako arduradunei beren iritzi arrazoitua eskatzeko, ikasle etorkin gehiegi pilatzen diren kasu guztietan hezkuntza-erantzun hobea ematen lagundu dezaketen neurri osagarri edo gehigarriak falta direla dioen kritikari buruz. Dena den, analisi horretan aintzat hartu beharko dira ikerketetan eta adituek ateratako ondorioak. Horiek diotenez, bizikidetasun-arazoak edo, areago, etorkinen familietako haur gehiegi dituzten ikastetxeen errendimenduak sortutakoak ez dira hain egiazkoak, baldin eta ez bada kontuan hartzen ikastetxe horietako pilaketa orokorrak duen eraginaren traba.
2.2.2.b) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak
Atal honi dagokionez, Arartekoak nabarmendu egin behar du hezkuntzako arduradunek jarrera harkorra agertu dutela lanbide-heziketako ikasketak egin nahi zituzten eta ezgaitasunen bat zeukaten ikasleen inguruan egindako bi jarduerarekin.
Horietako baten berri eman da jada 2. atalean, non kexarik aipagarrienak sartu diren (2.2. Ezgaitasunen bat duen gazte batek lanbide-heziketako goi-mailako ikasketa gehiago egin nahi ditu).
Azkenik onartu den Arartekoaren 2017ko apirilaren 25eko gomendioan zehaztu da bestea. Horren bidez, lanbide-heziketako ikasketetan gordetzeko plazen egungo ehunekoak igotzearen komenigarritasuna berriz azter dadila eskatu du erakunde honek, ezgaitasuna duten ikasleak gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko, eta, edonola ere, ikasketa horiek egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozesua arautzeko emango diren urteko aginduetan esanbidez aurreikus dadin gorantz biribiltzeko sistema bat, gordetako plazen ehunekoa ezgaitasuna duten ikasleen alde bete dela jotzeko.
Ezin da gauza bera esan erakunde honek aurrerago (2016ko apirilaren 5eko ebazpenean) planteatutako iradokizunari buruz. Horren bidez, ezgaitasunen bat daukaten ikasleek erdi-mailako eta goi-mailako prestakuntza zikloetara sarbidea izateari lagundu nahi zitzaion, aurreko eskolatze-fasean erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntza eta baliabideak behar izan dituzten ikasleei ere ezarritako erreserba handituz. Azkenik, hezkuntzako arduradunek eman duten erantzuna ikusita, iradokizuna onartu ez dela balioetsi du erakunde honek.
Beste kontu batzuetara igaroz, era berean nabarmendu behar da hezkuntzako arduradunek oro har jarrera laguntzailea eduki dutela eta eragindako familiak eta ikasleak goiz asebetetzea ahalbidetu duela horrek. Adibide gisara, Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak sustatutako kexa eta Gorbeialde hezkuntza bereziko zentroaren inguruan hartu den erabakia aipatuko ditugu. Erabaki horren bidez, jarraibide egokiak emango dira fisioterapeutek arnas-fisioterapia egin dezaten eta heziketa-laguntzaileek, zunda gastrikoaren edo ponpa dosifikatzailearen bidez, elikadurarekin
zerikusia duten lanak egin ditzaten. Zalantzarik gabe, balorazio positiboa merezi duten lehenengo erantzunetakoak dira horiek; hala ere, baliteke ikasleek merezi duten arreta osoa ziurtatzeari begirako neurri berriekin osatu behar izatea. Erakunde honek ez dio uko egin horren inguruan lan egiten jarraitzeari.
Lanbide heziketa
Lanbide heziketari dagokionez, aurten Arartekoak kexa ugari jaso ditu, baina, hala ere, ez ditu Haur eta Nerabeentzako Bulegoak zenbatu, izan ere, ez zegozkien haur eta nerabeei, pertsona helduei baizik. Horiek helduen ikasketak egiten ari ziren edo egin zituzten, eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan graduatu titulua ateratzeko moduan zeuden. Azaldutako arazoei buruzko informazioa behar bezala kontatuta dago txosten orokorraren II.2 kapituluan.
Bestalde, aurten ere oraindik ez da behar bezala konpondu zer erantzun emango zaien neska-mutil jakin batzuen prestakuntza-beharrei, 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri ondoren eta 2014-2015 ikasturteko hasierako lanbide prestakuntzako programak eta prestakuntza iragankor bateratua emateko programak kendu ondoren.
Hezkuntza-sistema formal eta arautuaren erantzuna, agian, Euskadin Oinarrizko Lanbide Heziketa arautzen duen dekretua garatzetik etor liteke. Dekretu horretan aintzat hartzen da egiaztaturiko bigarren mailako ikasketarik ez duten 17 urtetik gorako pertsonentzat Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzeko aukera, berariazko deialdi baten bitartez; baita ere behar bereziak dituzten taldeen beharretara egokitutako lanbide heziketako prestakuntza-eskaintzak ezarri eta abiarazteko aukera (bigarren xedapen gehigarria). Nolanahi ere, guk dakigula, ez da zentzu horretan urratsik egiten ari. Orain arte eman diren erantzun urriak enplegurako prestakuntza azpisistematik etorri dira, profesionaltasun ziurtagiriekin lotutako prestakuntza batzuen bitartez.
Eskola-garraioa
Jakina denez, eskola-garraioa zerbitzu osagarria da, eta betekizun jakin batzuk bete behar izaten dira zerbitzu horiek aitortzeko; hala nola, hezkuntza-administrazioak adierazi izana itunpeko zentroetan eskolatzeko, eskaintza publiko nahikorik ezean.
Oro har, baldintza mota horiek ez dute arazo handirik sortzen. Dena dela, oso polemikoak izatera irits daitezke, hezkuntza-administrazioak eskolatze hori bere jarraibideak jarraituta egin dela onartzen ez duenean. Kasu mota horiek argitzeko, interesgarri iritzi diogu Arartekoaren 2017ko maiatzaren 4ko gomendioa aipatzeari. Bertan, A ereduko zentro itundu batean eskolatu zen adingabe bat, familiak egindako hautua asebetetzeko ezintasunaren aurrean.
Eskola-jantokiak
Arlo honi dagokionez, garrantzitsua da kexa-multzo bat nabarmentzea. Horietan, erlijio musulmana jarraitzen duten ikasle erabiltzaileak eta jantoki zerbitzua daukaten zentroetako menuen elikadura ezaugarriak lotzen dira. Banakako kexen harira jorratu den eta EAEko hezkuntza-administrazioari ezezaguna ez zaion gaia bada ere, taldean aurkeztu direlako dira bereziak kexa horiek; izan ere, hainbat herritako komunitate islamikoek nahiz Euskal Herriko Islamiar Federakundeak aurkeztu dituzte. Erantzunetan gogorarazi egin zaie “txerririk gabeko menua” izenekoa jasotzen dela ezar daitekeen araudian bazkaltiarrei eskaintzen zaizkien menu berezien artean. Hala ere, hori horrela izanik ere zerbitzuan okerrak atzemanez gero, kasu zehatzak behar beste zehazteko eskatu zaie, Hezkuntza Sailari berari erreklamazioa jarri ostean esku hartzeko aukera aztertzeari begira.
Bekak eta bestelako ikasteko dirulaguntzak
Ikasteko beken eta laguntzen arloko administrazio-prozedurek herritarren kexa-espediente ugari jasotzen jarraitzen dute. Urterik urte gai horren inguruko kezka dagoela erakusten du horrek.
Dena dela, termino kualitatiboetan begiratzen badiogu kontuari, partikularrek kexak jartzeko arrazoiak errepikatu egiten dira; hau da, hezkuntza-administrazioaren erabakiekiko desadostasunetan biltzen dira, bai eta ebazpena emateko atzerapenetan ere, non protagonismo berezia duten gora jotzeko errekurtsoen gaineko berariazko ebazpena idazteko orduan gertatzen diren atzerapenek.
Zehatzago jarrita, aurreko ekitaldietan bezalaxe zaurgarritasun-maila handia duten pertsonengandik datozen kexak jasotzen jarraitzen dugu. Pertsona horientzat, hizkuntza-gaitasunean eta betekizunen ulermen zuzenean dauzkaten zailtasunen ondorioz, zaila izaten da beren eskubideak egoki erabiltzea. Espediente mota horietan, legezko aurreikuspenetara egokitzeko beharra baztertu gabe, trataeran sentsibilitate berezia bilatzean jartzen da enfasia.
Gai horrekin lotuta, Ararteko erakundeak ijitoen elkarteekin aldizka egiten dituen bileretako batean, elkarte horietako ordezkari batzuek kezka handia agertu zioten hezkuntza-administrazioak ikasketa-bekak eta bestelako laguntzak kudeatzeko duen moduaz, zehazki, laguntza horiek eskatzen dituzten familien errenta kalkulatzeko moduaz, baldin eta familia horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpenik egin ez badute eta bestelako prestazio edo gizarte-laguntzarik (DSBE) jasotzen ez badute. Era berean, kezkatuta agertu ziren, jantoki-zerbitzua erabiltzeagatiko kuotak aurretiaz ordain ditzaten eskatzen zaielako ustez bekak jasoko dituzten ikasleei. Horren ondorioz, erakunde honek ofiziozko espediente bat irekitzea erabaki du gai horren gainean; urtea bukatu den unean, oraindik amaitzeko dago.
Eskolako bizikidetza
Ikastetxeetako bizikidetzari loturiko arrazoiak salatzeko Arartekoan aurkeztutako kexak oso gutxi izan dira aurten, eta kasu partikularra aipatu duten horietan, hezkuntza-administrazioak behar bezala bideratu du egoera. Hala ere, kasu bat baino ez egon arren, haur eta nerabeen eskubideen egoeraren berri emateko asmoz egindako txostenean aipatu beharko litzateke.
Horrexegatik, Arartekoak ondo deritzo Bizikasi ekimenari (2017-2020). Izan ere, horren bidez, Hezkuntza Sailak beste aurrerapauso esanguratsu bat eman nahi du ikastetxeetako elkarbizitza hobetzeko eta eskola jazarpena desagerrarazteko bidean. Sailburuaren hitzetan, ekimena aurkezteko ekitaldian, “Bizikasi ekimenak lehentasunezko helburu bat du: ikastetxea biolentziarik gabeko gune bihurtzea. Ikastetxeak garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea, eta espazio horretan, eskola komunitateko kide guztiek ezagutzaren eta denboran iraungo duen konpromiso partekatuaren bidez, gune hori elkarbizitza positiborako eta jazarpen egoerekiko tolerantziarik izango ez duen testuinguru seguru bihurtzea. Bizikasi, jazarpen egoerei aurrea hartzeko sortu da, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaintzeko. Baina baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleekin ere”. Horretarako, prebentziozko neurriak jasotzen ditu, baita esku hartzeko eta ebaluazioa egiteko neurriak ere. Prestakuntza-lanak burututa, Sailburuordearen Ebazpenak, urtero ikasturtea antolatzeko gidalerroak ezartzen dituenak, 2017-2018ko ikasturte honetarako, argibide zehatzak jaso ditu, ekimena Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan zein Bigarren Hezkuntzako Institutuetan ezartzeko.
Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak interesez jarraituko ditu asmo handiko proiektu horren garapen eta emaitza.
Bestelakoa den arren, neurri batean ikastetxeko bizikidetasunarekin lotuta dagoenez gero, hemen bildu dugu Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publiko bateko Gurasoen Elkarteak egin duen kexa, Bilboko Udaltzaingoko hiru agentek ikastetxean izandako jarduerari buruz. Elkartearen ustez, udaltzainek jarduera -irakasle batzuk geletara laguntzea onartu zutenez zen ez hezitzailea ez egokia izan. Esaten zenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere hala onartu zuen. Halaber, agerian uzten zuen udaltzainak geletan egoteak haurrengan eskolara joateko beldurra sortzeko baino ez zuela balio. Bilboko Udalak azaldu zuen eskola-absentismoko balizko kasu batez galdetzera joan zirela udaltzainak ikastetxera eta zuzendariak eta beste hezkuntza-arduradun batek, une hartan ikasleen arteko harreman arazoak eta balizko eskola-jazarpeneko kasu baten agerpena aztertzen ari zirenek, laguntzeko eskatu zietela. Arartekoaren ustez, polizia-arduradunek argitu behar dute zein izan zen udaltzainen jardueraren eduki zehatza eta zein lege-gaikuntzaren babespean egin zen, eta zehaztu jarduerak babesa aurki zezakeen Udaltzaingoak legez esleituta dauzkan eginkizunetan. Analisi honetan kontuan hartu behar da Hezkuntza Sailak gertatutakoaz egin duen balorazioa, eta kontuan izan behar
da, halaber, hezkuntza-sistemak badituela baliabideak eta neurriak, agenteen jarduketa eragin zuena bezalako egoerei aurre egiteko, hortaz, ez dirudi kexan salatutakoa bezalako Udaltzaingoaren jarduerak beharrezkoak direnik. Arartekoaren ustez, bestalde, kasu horretan gertatutakoak agerian uzten du eremu horretan jarduteko jarraibideak ezarri behar direla, eta udaltzainei horri buruz irakatsi. Bilboko Udalak, ordea, gogoeta horien eta ildo horretatik jardutearen aurkako iritzia agertu du.
Halaber, Ertzaintzak ikastetxeetara jotzen du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak sustatutako programaren baitan. Izan ere, ertzain boluntario batzuk, berariazko prestakuntza eta baliabideak jaso dituztenak, bisita eskatu duten ikastetxeetara joaten dira eskola-jazarpenari buruzko hitzaldiak ematera. Horrez gain, Arartekoaren erakundeko langileek Galdakaoko ertzain-etxera egindako bisitan, Basauriko udalerrian abian jarritako esperientzia pilotuaren berri izan dugu. Hain zuzen ere, hango ikastetxean, zuzendaritzaren ondoan, bulego bat ireki da, non beti egoten baitira agenteak ikasleek egin nahi duten edozein galderari erantzuteko prest. Dirudienez, esan digutenez, formula horri esker, eskola-jazarpen kasu ezezagun batzuk detektatu dira.
19. artikulua
1. Haurra gurasoen, legezko ordezkarien edo bestelako norbaiten kustodiapean dagoen bitartean, estatu kideek beharrezkoak diren legezko, administrazioko, gizarteko eta hezkuntzako neurri guztiak hartuko dituzte haurrak honakoak jasan ez ditzan: edozein modutako kalte edo gehiegikeria fisiko nahiz mentalak, arduragabekeria edo tratu zabarra, tratu txarrak edo esplotazioa, sexu gehiegikeriak barne.
20. artikulua
1. Aldi baterako edo betirako bere familiatik atera diren haurrek edo beren interesen arabera ingurune horretan egon behar ez dutenek estatuaren babes eta laguntza bereziaren eskubidea izango dute.
Bulegoaren 2016ko txostenean iragarri zenez, 2017an, maiatzaren 9ko 152/2017 Dekretua onartu da, arriskueta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresnaren eguneraketa onesten duena-.
Haurrei buruzko autonomia-erkidegoko araudia halabeha- rrez eguneratzeko lanei dagokienez, 26/2015 Legea, uztailaren 28koa, eta 8/2015 Lege Organikoa, uztailaren 22koa,
onartu ondoren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak baieztatu du aurreikusitako lan-plana aurrera doala:
Familia-harrera arautzen duen dekretu-proiektua izapidetze-fase aurreratuan dago jada eta 2018an onartuko dela aurreikusten da.
Foru aldundiek jarraitu beharreko jardun-prozedura komun bat arautzeko dekretuari dagokionez, Atzerritartasun Erregelamenduak adingabeen babesaren arloan eskuduna den erakunde autonomikoari agintzen dion txostena emateko, adingabeak aldi baterako atzerrira joateari dagokion programa humanitarioaren haritik, jendaurrean jartzeko izapidean dago eta, hori ere, 2018an onartuko dela aurreikusten da.
Adopzio prozesuekin zerikusia duten dekretuak izapide bidean daude, baina oso lotuta daude Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioko Haurrei buruzko Autonomia Erkidegoen arteko Batzordeko lantalde teknikoak egiten duen lanari. Bestalde, 277/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituena, ondoriorik gabe geratuko da Nazioarteko Adopziorako Antolakunde Laguntzaileei buruzko dekretu arautzaile berria, une honetan estatuaren eskumenekoa, onartu bezain laster. Igaroaldi horrek Euskadin ez du kalterik eragiten, egun arte ez baita nazioarteko adopziorako erakunde laguntzailerik izendatu.
Otsailaren 18ko 3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa aldatzeari dagokionez, aurreikuspenak bere horretan jarraitzen du, hau da, lege-proiektua 2019ko lehenengo lauhilekoan bidaliko da Gobernu Kontseilura.
Haurrei buruzko arauditik eratorritako eguneratzeaz beste arrazoi batzuk direla medio, gizarte-heziketarako es- ku-hartzea arautzeko dekretuaren balizko garapena ere interesatzen zaio Arartekoari. Urriaren 6ko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretua onartuta, hurrengo urratsa zorroan dagoen zerbitzu bakoitza arautzea da, bertan jasotako deskribapen-fitxekin bat. Haurren arloan, premiazkotzat jotzen da gizarte-heziketarako esku-hartzearen zerbitzuak arautuko lituzkeen dekretua garatzea. Zerbitzuok udalerrien eskumenekoak direnez, gaur egun nahiko heterogeneoak dira. Familia Politika eta Aniztasunaren Zuzendaritzak emandako erantzuna ikusita, dekretua epe labur-ertainean garatzeko asmorik ez dagoela ematen du.
Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuaren azken xedapenetan jasota dauden protokoloak garatu eta zabaltzeko mailari dagokionez, egoera hauxe da:
Ez da aurrera egin bakarrik dauden adingabe atzerritarren premiazko harrerarako jardun protokolo komun bat prestatzeko lanean (seigarren xedapen gehigarria) eta gelditu zen puntuan jarraitzen du –oso fase
aurreratuan–. Estatu mailako protokolo markoa, berriz, onartu zen dagoeneko. Kapitulu honetan –familiarik gabe dauden adingabeen arretari buruzko atalean– azalduko bada ere, Arartekoaren iritziz, komenigarria izango litzateke aurrera jarraitzea, euskal erakundeek adostutako prestakuntza-lanak oinarri hartuta, horiek hobeto bermatzen baitute adingabe horien eskubideak benetan betetzea.
Baimenik gabeko absentzietan jarduteko protokolo komuna (zazpigarren xedapen gehigarria) dagoeneko sinatu da eta zabaltzen hasi da. Esan beharra dago Ertzaintza dela protokolo horren jabea eta bertan jasotakoa betetzeko betebeharra duena.
Orain arte bezala, ez da ikusi gorputz-miaketei buruzko protokolo bat lantzeko interesik, urteko txostenak egiteko xedez burututako jarraipenen baitan, sailak, Arartekoaren aurrean, 2010ean horretarako konpromisoa hartu zuen arren. Izan ere, miaketa horiek, dekretuaren aldaketaren bidez arautuak izan beharrean, protokolo baten bidez arautzea gomendatu zuen Arartekoak. Lehenengo ideia berreskuratuz, agian, dekretua aldatzen denean, horretan sar daitezke miaketak, indarrean dagoen haurrei buruzko araudira egokitzeko.
Azkenik, jakinarazi behar da araudiak haur eta nerabeengan duen eraginari buruzko txostenak, lehenago aipatutako haurren arloko legedian agindutakoak, lege-aurreproiektuekin eta erregelamendu proiektuekin batera aurkeztu behar direnak (Adin Txikikoen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 22. quinquies artikulua), ez direla egiten. Arartekoak iradokitzen duenez, abenduaren 22ko 8/2003 Legea (xedapen orokorrak egiteko prozedurarena) aldatzeko prozesua hastea –kudeatzeko ahalegina eta behar den denbora luzea direla eta– ez dela komeni erabakitzen bada, baita aldaketa egitea behin-behingoz erabakita ere, generoaren eraginari buruzko txostenen kasuan bezala jokatu ahal izango litzateke. Izan ere, kasu hartan, Jaurlaritzako sail guztientzat gidalerro batzuk ezartzea erabaki zen, eta gero, foru aldundiek beren mailara ekarri zituzten. Edonola ere, hartuko den bideak, edozein dela ere, gidalerroak egiteko, aurretiko azterketa beharko du.
Arlo honekin lotutako kexak egin dituzten pertsonek azaldutako gaiei dagokienez, aurten ere, kasu askotan, gurasoak ez daude ados haurren zerbitzuek egindako balioespenekin (horietan ondorioztatu baita beraien seme-alabak babesik gabe daudela), guraso-agintea etetearekin eta foru-erakundeak haur horien tutoretza bere gain hartzearekin. Guraso horien ehuneko handi batek Arartekora jotzen du, haurra edo nerabea babesik gabe dagoela eta babesteko neurria hartu behar dela ezartzen duen foru-aginduaren kontrako errekurtsoa epaitegietan jarri ondoren. Horrek eragotzi egiten digu kexagileen eskaera nagusiaren gainean esku hartzea. Beste batzuetan, familiek administrazioaren erabakia jakin bezain laster jotzen dute gugana eta aholkuak eta informazioa eskatzen dizkigute, neurri hori azkenean
bete ez dadin. Egia esan, gurasoen desadostasun-arrazoi nagusia dela eta –azken batean, beraien seme-alaben beharrei modu egokian erantzuteko dituzten arazoak balioesteaesku-hartzeko aukera mugatuak ditu Arartekoak. Alde batetik, erakunde honek ez duelako balorazio-iritzirik ematen gai teknikoen gainean, adibidez, gurasoen gaitasunaz edo babesgabetasun egoeraz; eta, bestetik, lehen esan bezala, kasu dezentetan administrazioaren erabakia bera epailearen balorazioaren zain egoten delako.
Kexa ugari egin dira, halaber, lehen eta bigarren mailako arretarako gizarte zerbitzuek egindako esku-hartzearen gainean, prozesuaren hainbat unetan: desadostasunak familian egin den esku-hartzearekin edo horren bizitasunarekin, desadostasunak proposatutako komunikazio araubidearekin (seme-alabak ikusteko topaketen maiztasuna, edo topaketak gainbegiratzearekin), desadostasuna tutoretzapeko seme-alaben zaintzarekin (egoitzako harreratik familia harrerara igarotzea), etab. Aurreko urteekin alderatuta, multzo honetan gehitu egin dira banantze gatazkatsua bizi duten pertsonen kexak. Erakunde honek jakin duenez, desadostasunak ez dira mugatzen, askotan, gizarte-zerbitzuen jarduerara, baizik eta ondorioak dituzte hezkuntza-sisteman (ikastetxeak, Ikuskaritza…), osasun sisteman (pediatria zerbitzuetako profesionalak) eta beste batzuetan. Horietan guztietan ikusi da nekez lortzen dela gurasoen gutxieneko lankidetza, izan ere, proposatutako esku-hartze aukera guztiak baztertzen dituzte, jokaera horrek seme edo alabarengan eragiten duen kalteaz ohartu gabe.
Lehenengo kexa multzoan zein bigarren multzo honetan gure esku-hartzea bukatu ahal izan dugun kasuetan ondorioztatu dugu administrazioaren jarduna ez dela okerra izan.
Arreta merezi du Arartekoak ofizioz hasitako jarduera batek. Atzerritar kopuru handi batek hala eskatuta hasi zuen jarduera hori, izan ere, haien ustez, haurrentzako gizarte-zerbitzuek gehiegi esku hartzen ari ziren beren familietan, eta, batzuetan, ulertzen ez zituzten banantze-neurriak ezartzen zituzten. Kasu horiek guztiek zerbait zuten komunean: gaztelaniaz ulertzeko eta komunikatzeko gaitasun urria. Arartekoko langileek hori egiaztatu ahal izan dute, bai interesdunak kexak jartzera etorri direnean, bai horiekin arreta bulegoetan biltzean.
Kasu horietan kexagileek ez zuten ulertzen zer gertatzen ari zen, eta horrek areagotu egiten zuen Arartekoak lehendik zuen kezka. Izan ere, arduratuta geunden erakunde honek burututako ikerketa prozesuetan tartean diren atzerritarrek, batzuetan, hizkuntza ezagutzari dagokionez, oinarrizko maila dutelako. Egiaztatu denez, askotan, pertsona horiek ulertzen ez dituzten agiriak onartu eta sinatzen dituzte, eta gero, espero ez dituzten ondorio larriak ekartzen dizkie horrek. Azaldu digutenez, gizarte-, osasunedo hezkuntza-zerbitzuetako profesionalekin bilerak izaten dituzte, edo langile horiek etxean bisitak egiten dizkiete, eta ezer gutxi ulertzen dute egoera horietan. Batzuetan, hizkuntza ez jakiteaz gain, adibidez, ez dituzte ezagutzen seme-alabak zaintzeari loturiko kulturaeta lege-ereduak, gure gizartean bete behar direnak. Izan ere, entzuten da ez dutela ulertzen gizarte-zerbitzuek egiten duten balorazioa, besteak beste, honako hauei da-
gokienez: gorputz-zigorrak ematea, haien iritziz, jokabide desegokiak zuzentzeko modua delako; edo 12 urteko neskek anai-arreba txikiak zaintzea, ama etxetik kanpo lanean ari denean (haien erantzukizunetako bat dela pentsatzen baitute). Azaldu beharra dago Arartekoak ez duela esaten gure gizartean ditugun kulturetako heziketa-eredu guztiak errespetatu eta “egokitzat” jo behar direnik. Ordenamendu juridikoak haur eta nerabeei aitortzen dizkien eskubideak; horiexek ditu oinarri erakunde honek ontzat hartzen duen ereduak. Hortaz, neska-mutilen osasuna eta garapen integrala kaltetzen dituzten praktikak errotik kendu behar dira edozein testuinguruan. Hala ere, kontu bat nabarmendu nahi dugu: baliteke pertsona horiek, hitzak ulertu arren, beren ekintzen zenbaterainokoa edo esanahi eta ondorio guztiak ez ulertzea. Erakunde honen iritziz, egoera horietan ondo egiaztatu behar da interesdunak behar bezala ulertu dituela bai esaldiak, bai testuinguru orokorra, baita bere egitateek izan ditzaketen ondorioak ere.
Arartekoak behar hori aztertu zuen igorritako gomendio orokorrean: “Etorkinei beren eskubideez baliatzean laguntzeko, administrazioaren ardura zerbitzu publikoen hizkuntza erabilgarritasunaren bermeari dagokionez”. Bertan azpimarratu zen, hizkuntza ofizialak ezagutzen ez zituzten pertsonen kasuan, funtsezkoa zela zerbitzu publikoak erabiltzerakoan berdintasuna bermatzea, eta horretarako, administrazioarekin etorkinen elkarrekintzarako bidea emango zuen hizkuntza aniztasuneko interpretazioa arin eta eraginkortasunez antolatu behar zela. Izan ere, gure gizarteak integratzen saiatu nahi badu, hizkuntza ofizialak menderatzen ez dituzten etorkinak beren eskubideez behar bezala baliatzea baldintzatzen du hizkuntza erabilgarritasun egokiak.
Gomendioak Europako Batzordearen Komunikazio hau aipatu zuen: “Eleaniztasunarentzat estrategia esparru berria” (COM (2005) 596 final). Komunikazioak, III.6. puntuan, zuzen-zuzenean lotzen ditu zerbitzu publikoen hizkuntza erabilgarritasuna eta etorkinek giza eskubideez baliatzeko dituzten benetako aukerak.
“Los intérpretes colaboran asimismo con el funcionamiento de las instituciones en las sociedades multilingües. Asisten a las comunidades inmigrantes en juzgados, hospitales, servicios policiales y de inmigración. Los intérpretes, cuando están debidamente formados, contribuyen así a salvaguardar los derechos humanos y democráticos”.
Gomendioan azaltzen den beste kontu interesgarri batek gizarte-ikuspegiarekin eta prestakuntzaren premiarekin du zerikusia. Izan ere, prestakuntza interprete lanean arituko direnek behar dute, baina baita beraiekin batera lan egingo duten zerbitzu publikoetako langileek ere, beren zeregina betetzeko orduan kultura anitzeko ikuspuntua izateko. Hori dela eta, administrazioak horretarako bitarteko egokiak eman behar ditu.
Oinarri hori hartuta, Arartekoak galdetu zien foru aldundiei gizarte esku-hartzeak egitekotan, zer-nolako neurri bereziak hartzen ziren, tartean kultura aniztasuna zegoenean. Hain zuzen ere, ea foru aldundiek badituzte itzultzaile/interprete/
kulturen arteko bitartekaririk edo egoera batean horrelako zerbitzuetara jotzen duten, eta ea, bai kasua koordinatzean, bai familian esku hartzeko programetan, zuzeneko arreta eman dezakeen, hau da, arabieraz, errumanieraz, Brasilgo portugaleraz edo familia horiek erabiltzen dituzten hizkuntzetako batean hitz egiteko gai den profesionalik duten.
Foru zerbitzuek ikusten dute kontinente guztietatik etorritako familiak gero eta gehiago direla. Errealitate desberdinetatik datoz eta askotariko kultura jardunbideak dituzte. Hori dela eta, zerbitzuak egoerara moldatzera eta irizpideak egokitzera behartuta daudela ikusi dute. Hala ere, bat datoz Arartekoarekin eskatzen zaien egokitzeko prozesu hori, etengabea eta hainbat norabidetan egin behar dena, inoiz ezin dela haur eta nerabeen eskubideen gainetik jarri. Hemendik aurrera, erabiltzen dituzten neurrien berri ematen dute:
Informazio-liburuxkak eta dokumentuak hainbat hizkuntzatan idazten dituzte.
Dokumentu garrantzitsuenak itzuli egiten dituzte (zitazioak, babes-neurriei buruzko foru aginduak eta abar).
Familiei interprete lanak egin ditzakeen konfiantzako pertsona batekin etortzeko aukera ematen diete. Kasu horietan, hala ere, zaila izaten da egindako itzulpenaren kalitatea egiaztatzea.
Telefono bidezko interpretazio-zerbitzua erabiltzen dute, mugikorrez eta esku libreko biaurikularrez osatutako gailuaren bidez teleitzulpena edo interpretazioa denbora errealean egiteko aukera ematen duena. Zerbitzuak 51 hizkuntzatarako itzulpenak eskaintzen ditu, urte osoan zehar.
Unean uneko kasuetan, gehienbat, kasu konplexuetan itzultzaileen laguntza eskatzen dute.
Esku-hartze zuzeneko profesionalei dagokienez, zerbitzu batzuetan arabieraz dakiten langileak daude (batez ere, egoitzetan); esku-hartzeak ingelesez edo frantsesez ere egin daitezke; gainera, behin hezitzaile txinatar bat kontratatu dela aipatzen dute. Hala ere, foru aldundiek adierazten dute zaila izaten dela beharrezko prestakuntza teknikoa (gizarte-hezkuntza, psikologia eta abar) duten eta hizkuntza horiek dakizkiten pertsonak aurkitzea.
Langile batzuek (batez ere, kasuen koordinatzaileek) kulturen arteko bitartekaritzari buruzko prestakuntza jaso dute; gainera, Eusko Jaurlaritzako Biltzen zerbitzura jotzen da, unean-unean kultura jardunbide ezezagunei buruzko aholkuak eskatzeko eta taldeentzako prestakuntza-plana taxutzeko.
Elementu horiek guztiak ikusita, Arartekoak ezin du esan deskribatutako esku-hartzeak okerrak direnik edo administrazioak behar horrekiko sentsibilitaterik eza erakusten duenik. Hala ere, ematen du gaur egun erabiltzen diren interpretazio-baliabideak ez direla nahikoak gizarte-zerbitzuetan sortzen diren interpretazio behar guztiei erantzuteko eta,
beharbada, ezinbesteko bihurtzen da kalitatezko hizkuntza-interpretazioa egiteko gai izango diren profesionalak izatea. Dena den, hiru foru aldundiek esandakoa nabarmenduz, hau da, egoera horietan esku-hartzeak, hizkuntza eta kultura aldeak direla medio, ez direla errazak izaten, berriz azpimarratu behar da hausnarketan eta jardunbideak kultura errealitate desberdinetara egokitzeko bidean aurrera egiteko premia.
Gainerako kexetan agertutako gaiei kapitulu honetan toki berezia ematea erabaki dugu, hortaz, hurrengo ataletan azalduko dira.
Bai abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, gizarte-zerbitzuei buruzkoak, bai otsailaren 18ko 3/2005 Legeak, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoak, udalerrien eta foru aldundien artean banatzen dituzte babesik gabe dauden edo egoera horretan geratzeko arriskuan dauden haur eta nerabeei eman beharreko arretari loturiko eskumenak. Lehenengoen eginkizunak ordainezina den prebentziozko lana egitea eta hasiera-hasierako faseetan esku hartzea dira, babesgabetasun maila, balorazio teknikoaren arabera, larritasun egoeraraino iristen ez denean.
Aztertutako kexek eta gaiari buruzko hausnarketa guneetan parte hartzeak egiaztatzen dute Arartekoak 2016an aurkeztu zuen txosten berezian egindako azterketa. Txostena udal gizarte-zerbitzuei buruzkoa zenez, ez ditugu berriz errepikatuko bertan jasotako gomendioak. Hala ere, azken hilabeteotan Bilbon jazotako gertakari larriek, adingabe batzuekin zerikusia dutenek, zalantzan jarri dute haurrak babesteko sistema osoa eta horren inguruko eztabaida publikoa bultzatu dute. Hortaz, Arartekoak berriz azpimarratu behar du gizarte-heziketarako esku-hartzearen garrantzia. Izan ere, esku-hartze hori bereziki garrantzitsua da gizarte mailako desabantaila duten pertsonen kasuetan eta gurasotasun zailtasunak daudenean.
Aipatu egitateak eragin dituzten adingabe bakoitzak eragindako kaltearen oinarrizko erantzukizuna baztertu gabe, ezinbestekoa dirudi, apur bat gorago begiratuz, haur horien jatorri-inguruneetako baldintza sozioekonomikoei erreparatzea. Familia erreferente ahulak, harreman urria hezkuntza sistema formalarekin, bazterreko gizarte-egoerak... hitz batez, desabantaila sozialean dauden gazteak. Hainbat azterlanek ezarri dute egoera horien, bizi-baldintzen, babesik gabe geratzeko arriskuaren eta delitu jokabideen arteko korrelazioa.
Komunitate lana, bai eta gizarte kohesioa sustatzeko eta desparekotasunei aurre egiteko lana ere, hainbat sistema eta gizarte eragileren eginkizuna da, ez bakarrik gizarte-zerbitzuena. Hala ere, horien eginkizuna besteena bezain garrantzitsua da. Baliteke gizarte desparekotasunak dakartzan erronkei aurre egiteko erantzun integralagoak eta hobeak mahaigaineratu behar izatea. Gauzak horrela, familien segurtasun, hezkuntza, justizia mailan edo seme-alabak hezteko familiei eman behar
zaien laguntzaren mailan egin beharrekoarekin batera, gizarte-heziketarako esku-hartzea, kalean eta zailtasun handienak dituzten familietan, inbertsioa da eta horren onuradun nagusiak haurrak izango dira, ez baitute “aurrera” egingo babesa galtzeko bidean eta dagozkien eskubideak –inork kalte egin ez diezaiena eta guztiz garatzekoa– urratzeko bidean. Inbertsioaren beste onuradun bat, zalantzarik gabe, gizartea izango da, segurtasunaren aldetik, bai, baina batez ere gizarte-justizia eta duintasunaren aldetik.
Esandakoaren harira, aintzatetsi behar da udalerri batzuek arlo horretan egindako ahalegina; horietako batzuk, gainera, jardunbide egokitzat eman dira UNICEF-en azken txostenean: “Adingabea hartzea: bizitzako aukera”.
Babesik gabeko eta babesgabetasun egoera larriei erantzuteko, foru zerbitzuek zenbait neurri artikulatu dituzte, etxean esku-hartze intentsiboko planetatik, familia nukleotik banatu arte, harrera barne, familia batean zein egoitza batean. Beste urte batez berrets daiteke modalitate horretan haurren zaintza ahalbidetzen duen egoitza baliabideen sarea etengabe eguneratzen dela, gizarte beharrizan aldakorrei, araudien xedapenei eta eskaerei erantzunez; horrek esan nahi du administrazio arduradunek giza esfortzu eta ahalegin ekonomiko handiak egiten dituztela.
Txosten hau ixterakoan foru aldundiek babesik gabe dauden haurrentzat jarritako gizarte-zerbitzuetan hartutakoei buruzko datuak eskuratzea ezinezkoa izan da; hala ere, bideratutako kexak direla eta, egoitza-baliabideetako batzuetan egindako bisitaldietan eta zerbitzuetako teknikariekin eta arduradunekin partekatutako foro eta guneetan jasotako informazioa ikusita, esan daiteke iazko txostenean deskribatu genuen sarearen okupazio maila oso altuak bere horretan jarraitu zuela, eta horretaz gain, gora egin duela. Aipamen berezia merezi dute familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrentzako zentroak; izan ere, hiru lurraldeetan gainezka daude, neurri berdinean ez bada ere. Gai horri buruz txosten honen 2.3.5. puntuan hitz egingo da berriro.
Okupazio maila oso altuen kontuari helduz, 2016an dagoeneko esan bezala, badirudi egoera hori ez dela oztopo egoitza-plaza bat esleitzeko, beharrezkoa izanez gero. Alabaina, zaildu egiten du egoitza-baliabideen sarea egoki kudeatzea; izan ere, programa guztietan plaza hutsak edukitzea eskatzen da, haur bati plaza esleitzerakoan hainbat faktore hartu behar baitira kontuan: haurraren adin, sexu, bizileku eta beharrizanetara hoberen egokitzen den programa zein izango den, ea neba-arreba ugari ote diren eta abar.
Sarea ia-ia gainezka egotea eta adingabeen askotariko beharrak asetzeko zailtasunak direla eta, Gipuzkoan hainbat aldaketa egin dira: urtean zehar, oinarrizko programako zenbait zentrotan 9 plaza gaitu dira, eta beste 4, Ubako larrialdiko harrera zentroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, plaza horiek egoerari aurre egiteko gaitu dira; izan ere, dagoeneko abian daude administrazio prozesuak 2018an oinarrizko programako bi zentro berri irekitzeko (8
plaza 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, eta beste 8, 13-17 urte bitarteko nerabeentzat). Halaber, gainerako zentroetako batean garatzen den programa aldatu egingo da (13-17 urte bitarteko nerabeentzako oinarrizko programan 8 plaza berri sortuz) eta Ubako zentroko plazen kopurua igo egingo da berriro.
Araban, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak kudeatzen ditu adingabeentzako egoitza-baliabide guztiak, lurraldean daudenak, ordu arte Gasteizko Udalak kudeatu zituen hiru egoitzak erakundearen eskuan utzi dituenetik.
Bizkaian, Gizarte Ekintza Sailak jakinarazi du zentroen okupazio mailak aldatuz joan dela urtean zehar, baina, batezbestekoa kontuan hartuta, % 100 gaindu egin duela dauden programa guztietan. Adierazi dutenez, azken urteotan, ez bakarrik 2017an, eskariaren igoerak eta egoitza zentroetan arreta emateko premia areagotzeak baldintzatzen zuten zentroen funtzionamendua; egoera horri aurre egiteko, baliabide berriak sortu dira, aurrekontuaren mugak gorabehera. Hain zuzen ere, 2017an, jokabide arazoak dituzten nerabeentzako zentro berri bat ireki da (10 plaza), baita 8 baliabide berri ere (5 emantzipaziorako prestakuntzakoak + 3 emantzipaziokoak), 142 plaza eskaintzen dituztenak, bakarrik dauden adingabe atzerritarrei arreta emateko.
Adingabe batzuen kasuetan egoitza-harrerako neurria ezartzeko zailtasunek bultzatu dituzte administrazioak beste eredu batzuk bilatzera, hezkuntzako esku-hartzea eraginkortasun handiagoz egin ahal izateko. Kasu gehienetan, eutsi egin zaio babes-neurriari, baina zaintzari dagokionez, familiak egiten du; izan ere, horrela da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an martxan jarri zituen Bertatik eta Kaletik programetan. Eguneko zentroek ere xede horrekin sortu dira, lehenengoa 2014an, eta Araba aitzindaria izan da modalitate hori erabiltzen. 2017an, beste bat ireki da. Gipuzkoak ere bere lehenengo eguneko zentroa 2018an irekitzeko asmoa du, tutoretzapeko 12 adingaberi zerbitzua emango diena.
Eskariak gora egitea eta egoitza plazak edo horri lotutako programak areagotzeak, logikoa denez, hezitzaile kopurua areagotzea dakar, baina ondorioz, baita kasuak koordinatzeari lotutako profesionalen kopurua ere.
Egindako esfortzua sakon aztertuz, erakunde honek, nolanahi ere, administrazio arduradunak animatzen ditu baliabideen okupazio mailak arretaz zaindu ditzan eta beharrizan aldakorren aurrean egokitzeko praxi onei euts diezaien, duela zenbait urtetik nabarmendu dugun moduan.
Atal hau bukatutzat eman baino lehen, jakinarazi behar dugu 2017an amaitu egin zela aurreko urtean, komunikabideetan agertutako albiste larrien ondoren hasitako ofiziozko jarduera, Arabako Foru Aldundiko haurrentzako zerbitzuen tutoretzapean edo zaintzapean zeuden zenbait adingaberi eragiten zien prostituzio jarduerei dagokienez. Gazteak Sansoheta zentroko egoitza harreran zeuden. Arartekoaren 2017ko urriaren 23ko Ebazpenean xehetasunez eta arrazoituz azaldu denez, Arartekoak ebatzi zuen foru erakundeak ez zuela gaizki jardun. Izan ere, dagozkion polizia-erakundeen
aurrean salaketa jarri zuen eta egoeraren berri izan zuen unean Fiskaltzan jakinarazi zuen, bai apirilean, baita urrian ere, bere zaintzapean edo tutoretzapean zeuden adingabe batzuk delitu baten biktima izaten ari zirela; gertakariak argitzeko bere ardurako eremuetan ikertu zuen; neska-mutilak babesteko eta horiek ikasteko hezkuntza jarduerak aktibatu zituen; poliziarekin lankidetzan aritu zen, familiei berri eman zien eta biktimen identitatea gorde zuen. Eragin pedagogikoa izan dezan eta balorazioaren testuingurua hobeto ulertzeko balio dezan, ebazpenak atariko gogoeta batzuk jaso ditu:
gogoan izan behar da pertsona helduek adingabeen aurka egindako abusuen kasu baten aurrean gaudela; hedabide batzuek ez dute horrela azaldu; 2) legea urratzeagatik kondenatutako adingabeen sozio-hezkuntza baliabideak eta babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen egoitza baliabideak, Sansohetako zentroa bezalakoak, argi bereizi behar dira; 3) babesgabetasun egoeran dauden haurren zerbitzuetako langileen eta baliabideen lana hezkuntza eremukoa da, batez ere.
Babes-neurri horri dagokionez, foru zerbitzuek egindako esfortzua nabarmendu behar da, haurraren intereserako egokitzat jo den kasu guztietan, eta aukera egon bada, neurri hori artikulatzeko egindakoa. Jarraian familia egokiak eta beharrizanak betetzeko familia kopuru nahikoa aurkitzeko dauden zailtasunak nabarmendu behar dira, bereziki neba-arreben taldeetan, neskato eta mutiko zaharragoen kasuan eta abar.
Dirudienez, uztailaren 28ko 26/2015 Legean jasotako definizioek arazo larria sortzen dute harrera kasu zailagoetan, hain zuzen ere, harrera espezializatua eta harrera profesionalizatua zehazteko orduan. Lehenago, Euskadin “familia harrera profesionalizatuaren programa” zeritzona erakunde batekin sinatutako kontratu publikoaren bidez kudeatzen zen; harreragileek kontratu bat sinatzen zuten erakunde horrekin, ekonomikoki mendekoa den langile autonomo gisa (TRADE delakoa). Hala ere, aipatu legearen 20. artikuluak xedatzen du harrera profesionalizatuak, espezializatuak ez bezala, “harreragileak edo harreragileek erakunde publikoarekin lan harremana izatea” eskatzen duela, nekez onar daitekeen betekizuna. Testuinguru horretan, Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzatik zenbait salaketa jaso dira. Izan ere, ikuskatzaileen arabera, harreragileen eta harrera profesionalizatuaren programa kudeatzen duen erakundearen arteko harremanak lanekoa izan behar du, erabaki horrek dakartzan ondorioekin. Une honetan, beste gauza bat ebazten duten bi epai daude, Donostiako lan-arloko epaitegiarena (horren arabera, lan-harremana zen) eta Gasteizko epaitegiarena (ekonomikoki mendekoa den langile autonomoaren figurarekin bat zetorrena). Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak gaitzetsi egin zuen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Arabako epaitegiaren epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa; izan ere, onartu egin zuen merkataritza-harremana eta TRADE motako autonomoa izatea. Gipuzkoako epaitegiak emandako epaiaren aurkako errekurtsoa, berriz, abian da. Dena den, ziurgabetasun juridiko horren ondorioz,
zailtasun bereziak dituzten haur eta nerabeak hartzeko programa gelditu egin da.
2017an Arartekoaren iritzipean utzi diren eta familia-harrerarekin zerikusia izan duten kontuei dagokienez, aipatu beharra dago honako gai hauek agertu direla:
Harreragilea izateko egokitasunari buruzko balorazioak: horiei dagokienez, atzerapen luzeak salatu dira (azkenean, kasuaren konplexutasunak justifikatu ditu atzerapen horiek); harreragilea izateko egokitasunik eza adierazi duten balorazioak (horien aurka errekurtsoak jarri dira epaitegian).
Desadostasuna eskainitako laguntza-neurri osagarriekin.
Harrera-familiaren adostasunik eza hartutako adingabeari eragiten dioten erabakiekiko.
Hala ere, kasu horietako batean ere ez da ondorioztatu administrazioaren jarduna Zuzenbidearen aurkakoa izan denik.
2016ko azken hilabeteetan, eta are gehiago 2017ko udatik aurrera, Euskadira familiarik gabe heldu ziren adingabe atzerritarren kopurua nabarmen igotzea antzeman zen. Txosten hau ixteko egunera arte, ez zaizkigu heldu foru aldundiei eskatutako datuak, urtean zehar artatutako bakarrik dauden adingabe atzerritarrei dagokienak; hala ere, Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak espediente baten izapidearen baitan emandako datuek etorrera kopuru handia erakusten dute, are gehiago, gurea baita adingabe horiek gehien aukeratutako lurraldea. Izan ere, 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 28ra bitartean 711 pertsona iritsi ziren lehen harrerako zentrora; zenbateko horrek erraz gainditzen du 2015. urte osoan erregistratutakoen (180) edo 2006an etorritakoen kopurua (471); beste urteen aldean, 2006an Bizkaira iritsi ziren adingabe atzerritarren kopururik handiena zen.
Galdetutako profesionalek adierazi dutenez, nerabe gehienak Marokokoak direla eta batzuek laguntza-sare bat dutela. Taldeak jasotako datuak ikusita, uste dute nerabe horiek baliabide ekonomikoak dituzten familietakoak direla, aurreko garaietan ez bezala, eta familiaren migrazio-proiektua burutzen ari direla.
Iritsi diren adingabeen kopurua, handia eta aurretik ikusi ezin dena, agerian utzitako zailtasunak edo haurrak babesteko zerbitzuetan antzemandakoak (zerbitzu horiek haurrak ahalik eta baldintza onenetan artatzeko jarri dira), egoitzen sarearen gainokupazioari buruzko datuak (batez ere, zentroetako batzuetan)..., horiek guztiek bultzatu zuten Arartekoa hiru lurralde historikoetako lehen harrerako zentroak bisitatzera, beren egoera lehen eskutik ezagutzeko. Hain zuzen ere, azaroaren 15ean eta 28an Gasteizko Bideberria I zentroa eta Donostiako Uba zentroa bisitatu ziren. Zornotzako zentroari
jarraipen berezia egin zaio urte osoan zehar: hiru aldiz bisitatu da eta arduradun tekniko eta politikoekin hainbat bilera egin dira, besteak beste, dokumentuak trukatzeko.
Bideberria I zentroa bisitatzeko jarduketan, dagoeneko 2018an argitaratutako Ebazpenaren bidez amaitutzat jo zenean, Arartekoak egiaztatu zuen gazteen kopurua (28) lehen harrerako zentro horretan dauden plazen kopurua (15) baino handiagoa zela. Hala ere, eta gehiegizko okupazioa gorabehera, adingabeei arreta emateko baldintzak ez ziren txarrak. Ostatuari eta janariari dagokienez, administrazioa gai izan zen oinarrizko beharrak betetzen jarraitzeko, zentroan bizi ohi diren beste gazteen kasuan egiten duen bezala; langileen taldea handitu egin zuen eta gai zen zentroaren eginkizuna betetzeko, hau da, orientabideak eta heziketa emateko. Dena den, galdetutako pertsona guztien iritziz, bistakoa zen toki batean ia 30 nerabe elkarrekin egoteak eta sartuko direnen kopurua aurretik ikusi ezin izateak eragin txarra duela ematen zaien arretaren kalitatean.
Ubako zentroa bisitatzean, Arartekoak 33 nerabe atzerritar zenbatu zituen, 31 pertsona hartzeko dagoeneko zabaldu zen espazioan. Gainera, berriz zabaltzeko asmoa zegoen, beste 4 plaza gehitzeko. Zabalkuntza horrek espazioak berregituratzeko eta langile gehiago kontratatzeko beharra ekarri zuen. Jarduketa amaitzeko ebazpenean –txostena aurkeztuko den egunerako dagoeneko argitaratua izango da– Arartekoak iradoki zion Gipuzkoako Foru Aldundiari jarrai zezan zentroaren okupazio maila eta baldintza horietan ematen den arretaren kalitatea kontrolatzen.
Zornotzako zentroaren inguruan, eta beraz, Bizkaian bakarrik dauden adingabe atzerritarrei ematen zaien arretaren inguruan irekitako espedientearen konklusioa ere ezagutzera emango da 2018ko lehen hilabeteetan.
Aurreko espediente bakoitzean jasotako gogoeta partikularrez gain, guztientzat komunak diren bi iritzi eman ditu Arartekoak:
Lehenik, azpimarratzekoak dira, alde batetik, administrazio eskudunen beharrezko neurriak ezartzeko egin duten ahalegina, eta bestaldetik, egoera honetan, gazteen kopurua etengabe igotzen denean, behar bezalako arreta emateak berekin dakarren zailtasuna. Izan ere, baliabide publikoak eraginkortasunez erabiltzeko beharraren aldetik, nekez izango da iraunkorra zentroak irekita mantentzea (gazteen zain edo erabiltzeko prest); hori dela eta, dauden baliabide gehienak ez dira aldatzen (plaza libre batzuk eduki arren).
Bigarren gogoetak migrazio prozesuekin du zerikusia, horien baitan gertatzen baita gazte horiek toki batetik bestera joateko joera. Fenomeno hori tokiko maila baino askoz harago doa eta ikuspuntu zabalagoa eskatzen du; izan ere, mundu mailan gertatzen ari da, konplexua da eta eragile asko ditu. Mundu mailakoa izatea ezin da inola ere argudio gisa erabili gure lurraldera heltzen diren gazteei arreta emateko ardura alde batera uzteko; hala ere, gorantz begiratu eta hausnarketa zabalagoa oinarri hartuta jokatu be-
har da, eta horretan foru administrazioek parte har dezakete.
Erakunde honen eskumenen muga errespetatuz, Arartekoak ez du proposatzen autonomia-erkidegotik kanpo egin beharreko jarduketarik (horiek ere egin behar direla jakinda ere). Alabaina, erantzun horretan Euskadi osoa gizarte gisa azaltzen dela konbentzituta eta euskal erakunde guztiek erantzun solidarioa emateko lanean dihardutela jakinda, etorkinei abegi ona egiteko prest, bidezkoa da bakarrik dauden adingabe atzerritarren beharrizanak betetzeari autonomia-erkidegoaren ikuspegitik heltzea, tartean dauden erakunde guztien artean partekatutako hausnarketa abiapuntu. Testuinguru horretan kokatu behar dira baliabideak gainezka dituzten lurraldeen balizko erantzun solidarioa; harrera egiteko protokolo komunari buruzko akordioa, 131/2008 Dekretuak agindutakoa, estatu mailako protokolo markoaren mugen gainetik egongo dena; seguru asko, hausnarketan azaleratuko diren beste gai batzuk.
Joera berak bultzatu du erakundea Euskadin errefuxiatuen egoera dela eta antolatutako ekimenetan modu intentsiboan parte hartzera. Izan ere, errefuxiatuen artean, haur eta nerabe asko daude, batzuk familiekin eta beste batzuk hurbileko seniderik gabe. Datu hori txosten honen
2.8.1 puntuan ere aipatu arren, haur eta nerabe errefuxiatu eta migratzaile horien guztien egoerari eman beharreko erantzunaren bilaketa, pertsonen eskubideak oinarri dituena, jasota utzi da beste autonomia-erkidego batzuetako herriaren defendatzaileekin batera egindako agirietan (ikus adierazpen instituzionala, gogoetak eta proposamenak sintetizatu zituena). Izan ere, ACNUR-ekin bilerak egin ziren, baita arlo horretan diharduten gizarte-erakundeekin eta Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin.
Haur eta nerabe migratzaileen eskubideak, batez ere, familiarik gabe dauden horien egoera, aztergai izan ziren Haur eta Nerabeentzako Defentsak eta Greziako UNICEF-ek antolatutako topaketan “Safeguarding and protecting the rights of children on the move: the challenge of social inclusion”. Erakunde honetako teknikariek parte hartu zuten, gogoetak eta Euskadiko egoera eta jardunbide egokiaren berri emateko. Bai topaketara joan aurretik, bai Atenasen egon bitartean egindako lan handia gomendioetara ekartzen saiatu ginen, eta erakunde parte-hartzaile guztiek konpromisoa hartu zuten 2018an gomendio horiek zabaltzeko eta bakoitzak bere lurralde eta eskumen-eremuetan lan egiteko.
Atal hau amaitzeko, bakarrik dauden gazte atzerritarrei laguntzeko eta haien gizarteratzea errazteko emantzipazio-programei dagokienez, Bulego honen 2016ko txostenean lerroalde batzuk eskaini zitzaizkion hiru lurraldeetako egoera deskribatzeko. Hemen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Gizarteratze Zuzendaritzak jakinarazitakoaren berri eman nahi dugu: foru aldundien mailako proposamena babes-sistema uzten duten gazteekin esku hartzeko (ez gazte atzerritarrekin soilik, haien kopurua nabarmena bada ere).
Gazteei arreta emateko programa osatua, egiaztapena amaitzeko fasean, esku hartzeko oinarrizko ildo bi proposatzen ditu: batetik, bazterketa prebenitzekoa, esku-hartze maila altua duena, egoera konplexuan dauden gazteentzat; eta bestetik, emantzipatzeko prozesuetan laguntzekoa, gaur egungo Helduz eta Mundutik-Mundura programak barnean hartuko dituena. Bigarren horrek prozesuari laguntzeko prestazio ekonomiko izango luke. Eredu berri hori oraindik ofizialki aurkeztu ez denez, Arartekoak programaren aurkezpenerako uzten du bere balorazioa, azkenean zehaztu eta garatuko denaren inguruan. Hala ere, trantsizio fasea –oraingo programetatik eredu berrira pasatzeko– beharrezkoa izango dela dagoeneko esanda, eta hori luze jo dezake, prozesu konplexua delako, erakunde honek berriz azpimarratu behar du igarotze prozesu hori ahalik eta ondoen zaintzeko beharra; zerbitzu eta prestazioak kentzea saihestu behar da, horiek ordezkatuko dituztenak nahiko ondo ezarri arte.
Aipatu proposamena aurkeztu zen bileran, Gizarteratze Zuzendaritzako buruak gizarte-bazterketak faktore anitzeko egoera dela kontuan hartuta burutu ziren jarduera osagarrien berri eman zuen. Izan ere, gazte horien egoera berezia ikusgai jarri da eta honako hauetan aintzat hartzea proposatu da: Gizarteratzeko Plan berrian, diru-sarrerak bermatzeko errentaren erreforman, Etxebizitzaren Legea garatzeko dekretuan, enplegua sustatzeko edo gazteentzako komunitate-dinamizazioa bultzatzeko foru mailako programetan eta abarretan. Baztertuentzako gizarte-zerbitzuak ez diren esparruetan burutzeko esku-hartze horien harira, erakunde parte-hartzaileek azpimarratu dituzte prestakuntzaren garrantzia eta sistema uzten duten gazteei zuzendutako eskaintzaren urritasuna, batez ere, atzerritarren kasuan. Peñascal-ek eta Adsis-ek ikastaro batzuk eskaintzen dituzte, baina matrikula egiteko epeak arazo handi bihurtzen dira. Oinarriko Lanbide Heziketak hezkuntza-sistema formalean ezarritako egutegiari jarraitzen dio, ikasturtearen arabera antolatutakoari, alegia; Lanbideko ikastaroak ere, praktikan, azken hiruhilekoan aktibatzen dira; ordurako deialdia ebatzi gabe dagoenez, erakundeek ezin izaten dituzte ikastaroak martxan jarri. Urtea amaituta ere ezin dira hasi, finantzaketa aurrera doan urteko aurrekontuari dagokiolako; ondorioz, urtarriletik irailera bitartean ez dago prestakuntza-ikastaroetan izena emateko edo horretan hasteko aukerarik. Arazo horretan arreta berezia jarriko du Arartekoak 2018an, Hezkuntza Sailak oinarrizko lanbide-heziketan sartzeko zailtasun handiagoak ekar ditzaketen mugimendu batzuk iragarri dituela kontuan hartuta.
2017an, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua egin da, genero-indarkeriaren aurkako Estatu Ituna, Diputatuen Kongresuak 2017ko irailaren 21ean adostu zuena, sinatu delako. Adostasun politiko zabala eragin zuen itunaren bidez lortu nahi izan da, alde batetik, estatuko aginte publiko guztiek modu aktiboagoan parte hartzea emakumeek emakume izateagatik jasaten duten edozein indarkeriaren kontrako borrokan, eta bestal-
detik, hainbat sektorek aspalditik aldarrikatzen dituzten eta premiazkotzat jotzen dituzten neurriak abian jarrita, bide zail horretan aurrera egiteko oinarriak ezartzea.
Itun horrek indarkeriaren biktimatzat hartu ditu genero-indarkeriaren eraginpean dauden haurrak. Itunaren ardatzak hainbat kontu garrantzitsuren inguruan garatu dira, hala nola: sentsibilizazioa eta prebentzioa; erakundeen erantzuna hobetzea; biktimei eman beharreko laguntza ahalik eta onena lortzea; biktimak diren haurrak babestea; tartean dauden eragileen prestakuntza bultzatzea; gizartean fenomenoaren inguruko ezagutza zabaltzea; emakumeen aurkako beste indarkeria batzuk aintzat hartzea; eta konpromiso ekonomikoa, eraginkortasunez aurrera egiteko.
200 neurri baino gehiago onartu dira eta horien artean honako hauek dira nabarmentzekoak:
genero-indarkeriaren definizio berria, Istanbulgo Hitzarmenak (Europako Kontseiluaren Hitzarmena, genero-indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta horien kontra borrokatzeari buruzkoa) aipatzen dituen indarkeria mota guztiak barnean hartzen dituena, hau da, indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualaz gain, bortxaketa, emakumeen sexu organoen erauzketa, ezkontza behartuak, sexu-jazarpena eta generoarekin zerikusia duten jazarpenak, abortua eta antzutze behartua;
indarkeria matxista jasaten duten emakumeen seme-alabak babesteko neurriak, haur horiek biktima zuzenak direlako; biktimak diren emakumeen arrisku-balorazioan sartzea eta indarkeria matxistaren biktimatzat jotzea, bikotekideak edo bikotekide ohiak haurra erail badie;
hainbat neurri judizial osagarri, biktimei laguntzeko eta horiek babesteko orduan eraginkortasun handiagoa lortzea helburu dutenak, poliziaren babesa hobetzea, arloan espezializatuak diren unitate gehiago jarriz.
Arloan egindako aurrerapauso adoregarria bada ere, neurri horiek guztiak eraginkortasunez aplikatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da oraindik onartu gabe dagoen diru hornidura; gainera, horretarako behar diren lege-neurriak ezartzeko prozedura oraindik ez da hasi. Guztiak ados daude datorren urtean halabeharrez abian jarri behar direla.
Bestalde, polizia-etxe eta atxiloketa zentro batzuei egindako bisitaldietan, erakunde honek egiaztatu du genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeen seme-alabei dagokien biktima-estatutuaren inguruko kontzientzia areagotu egin dela eta horri loturiko neurri batzuk hartzen direla esku-hartzeetan. Izan ere, Galdakaoko ertzain-etxean azaldu digute genero-indarkeriarekin zerikusia duten esku-hartzeetan: galdetzen dela ea biktimak adin txikiko seme-alabarik duen, eta datua jasotzen dela; eginbideak egokitzen ari direla, haurrak biktima gisa hartzeko; salaketa jartzen duen pertsonak seme-alabak baditu, eta etxean geratu badira, uniformerik gabeko patruila batek polizia-bereizgarririk ez duen ibilgai-
luan bertara joaten da haien bila; beste bizitoki bat bilatzen da, bai hurbileko familian, bai, halakorik ezean, gizarte-zerbitzuen bitartez…
Genero-indarkeria jasaten duten haur eta nerabeei dagokien beste kontu bat, oso eztabaidagarria, kautela-neurriak eta segurtasun-neurriak dira. Epaileek horien inguruan erabakitzeko betebeharra dute, Genero-indarkeriaren aurkako babes osoko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 61. artikuluan haur eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoaren bidez egindako aldaketari jarraikiz. Espainia osoan beren amei tratu txarrak ematen zizkieten gizonezkoek, gehienetan, beren aitek, eraildako haurren kopuruak (8) ezin du inor epel utzi, are gehiago, egintza hori indarkeriaren adierazpenik muturrekoena dela kontuan hartzen bada; hala ere, beste indarkeria mota batzuk ere badaude, haur horien osasuna, ongizatea eta garapena argi eta garbi baldintzatzen dituztenak. Epailetzak adierazitako iritzi batzuen arabera, seme-alabekin egoteko eskubide absoluturik, aitari dagokionik, ez dago. Hori dela eta, organo judizialek kontuan izan beharko lukete adingabearen interes gorena babestea dela garrantzitsuena; haurrari kalte egin diezaiokeen norbaitekin egotea horren kontra dago. Ardura handia da, baina erasoren bat egon daitekeelako zalantzarik txikiena dagoenean, egokiena izango litzateke, kautelazko neurri gisa, adingabearen eta akusatuaren arteko harremanak bertan behera uztea, eta epaia eman ondoren, behin betiko neurriak hartzea. Kautela-neurriei dagokienez, hobe da gehiegi babestea, beste biktima bat hil dela ikustea baino.
Sexu-abusua, oro har, sexu-indarkeria ez da 2.3 atal honek aipatutako gizarte-zerbitzuek soilik kudeatu behar duten kontu bat. Hala eta guztiz ere, argi dago indarkeria horrek haurrek eta nerabeek babestuak izateko duten eskubideen aurka egiten duela; atala iragartzen duten Haurraren Eskubideen inguruko Konbentzioaren artikuluek eskubide horiek aipatzen dituzte. Umearen Eskubideen Batzordeak, hala ere, haurren kontrako sexu-abusua haurrenganako tratu txar larria dela gogorarazten du, haurrak eskubideak dituzten subjektu gisaren ikuspuntutik jorratu behar dena. Hau da, abordatze hau biktimatzat hartzetik harago doa eta duintasunaren eta osotasun fisiko eta psikologikoaren errespetutik abiatzen da, eskubideen titular gisa.
Bere azken txostenean, atal orokorrean nahiz Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren separatan, Arartekoak agerian utzi zituen gure epaitegietan antzemandako gabeziak, biktima edo lekuko gisa izan, balizko sexu abusuen kasuan agertzen diren haurrek jasotzen duten arretari dagokionez. Gai hori 2017an Eusko Legebiltzarrean landu zen, ikuspegi zabalagotik begiratuta, Save the Children antolakundeak bertan “Ikusi nahi ez duten begiak” txostena aurkeztu zuenean. Txostenean, GKE ospetsuak Espainian adin txikikoek jasaten dituzten sexu-abusuak prebenitu, antzemateko eta biktimak babesteko sistemaren akatsak salatu zituen, eta kapituluetako batek berariaz Euskadiko egoera azaltzen zuen. Txostenaren ondorioak erakunde honek bere garaian azal-
du zituen kezkekin bat datozenez, gogorarazi behar dugu dauden protokoloen ildoan sakondu eta aurrera egin behar dela, horiek, zalantzarik gabe, norabide zuzenean egindako urratsak direlako, batez ere, hiru zentzu hauetan:
Justizia sistema haurrentzat atseginagoa lortzea, adin desberdinetara egokitutako esparruak eta berariazko prestakuntza duten langileak (bai epaileak, bai fiskal, abokatu eta talde psikosozialeko langileak) dituena, lekukotzak jaso eta interpretatzeko prozesuan adin txikikoekin harreman hobea lortze aldera.
Auzitegi Medikuntzako Institutuaren, talde psikosozial judizialen eta adingabeei aldez aurretik eratutako frogak egiteaz arduratzen diren epaitegien arteko koordinazioa hobetzea, hori guztia, nahikoa den eta aldi berean bigarren mailako biktimizazioa saihesten duen instrukzio-jardueraren zerbitzura.
Prebentzio eta arreta arloetan esku hartzen duten gizarte-, osasun-, hezkuntzaeta justizia-zerbitzuetan, prestakuntza hobetzea, batez ere, sexu-abusuen biktimak izan diren adingabeei ematen zaien arreta goiztiarrari dagokionez.
18. artikulua
Bi gurasoek dituzte betebeharrak haurra hazi eta hezteko garaian, eta estatu kideek indar guztiak jarriko dituzte printzipio horren onespena bermatzeko. Gurasoei edo, hala dagokionean, legezko ordezkariei dagokie haurra hazi eta garatzearen erantzukizuna. Estatuen ardura garrantzitsuena haurraren interesa izango da.
Hitzarmen honetan jasotako eskubideak bermatu eta sustatzeko, estatu kideek laguntza egokia emango die gurasoei eta legezko ordezkariei, haurra hazteko betebeharrean behar bezala joka dezaten; halaber, haurrak zaintzeko erakunde, instalazio eta zerbitzuen sorrera bultzatuko dute.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko.
Familia babestean zuzeneko eragina duten lege, araudi eta beste tresna batzuen testuinguruari dagokionez, bai estatu mailan, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren mailan, lehen-
dabizi, iragarritako Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Haurtzaroko Estrategiaren egoera aipatu behar da.
2017an, Eusko Jaurlaritzak familietan eta haurrengan inbertitzeko erakundeen arteko ituna sinatzea bultzatu du. Horren bidez, politika multzo koordinatu bat antolatu nahi da, alde batetik, jaiotza-tasa baxuei erantzuteko eta familia sortu eta nahi beste seme-alaba izateko asmoa duten pertsonek behin eta berriz topatzen dituzten oztopoak gainditzeko; bestaldetik, politika horien bidez, aurre egin nahi zaie seme-alabak dituzten familien zailtasun ekonomiko handiei –horien adierazle nagusienetako bat haurren pobrezia da– eta, berdintasunik eza belaunaldi batetik bestera pasatzea gelditzekotan topatzen diren zailtasun gero eta handiagoei. Euskal erakunde nagusien konpromisoa
–estrategia bat garatzeko– jasotzen du itunak. Estrategia horrek barnean jasoko lituzke familien eta haurren egoeran eragina duten politika guztiak: seme-alabak dituzten familientzako prestazio ekonomikoak; lana eta familia erantzunkidetasunez bateratzeko eta ordutegiak arrazionalizatzeko politikak; haurrak zaintzeko zerbitzua; hezkuntza-berdintasuna; gurasotasun positiboa; babesik gabe geratzeko arriskuan edo babesik gabe dauden haurrei zuzendutako gizarte-zerbitzuak; ohitura osasuntsuak bultzatzea; gizarteeta hezkuntza-arloko zerbitzu, sare eta instalazioak garatzea eta abar. Itunean jasotako konpromisoak hainbat plan eta garapen-arau bidez gauzatuko dira, batez ere, 2018ko lehen seihilekoan landuko den EAEko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planean.
Bestalde, azpimarratzekoa da martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua erreformatzen ari direla, 2017an hasita. Dekretu hori seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzekoa da eta diru-laguntzen zenbatekoa handitzea du xede, bigarren seme edo alabaren hirugarren urtean jasoko den laguntza berri bat gehituta. Erreforma horrekin, gainera, lortu nahi da diru-laguntza horien kudeaketa hobetzea, egoera berezi iragankorrak (eskaera egin denetik diru-laguntza eman arteko aldian zaintza galtzea) aintzat hartzea, eta horrela, diru-laguntzak jasotzeko aldiak zaintzaren benetako iraupenari egokitzea; era berean, aldatu nahi da, adopzio eta tutoretza kasuetan, diru-laguntzak eskatzeko hasiera, aipatutako dies a quo edo hasierako eguna, adopzio edo tutoretzari buruzko epaian ezarri beharrean, haurra adoptatzeari edo tutoretzan hartzeari buruzko inskripzioa erregistroan egin eta hurrengo eguna izan dadin beti (Erregistro Zibilean edo, hala badagokio, bulego kontsularrean). Horrez gain, erreformaren bidez, bikote hausturan, bitartekaritzaren alde apustu irmoa egin nahi da, indarkeriarik gabeko gatazkak konpontzeko modua da eta.
Arartekoak ohar batzuk egin ditu, 30/2015 Dekretuaren erreformari dagokionez. Horietan, erakunde honek dekretua indarrean egon den bitartean antzemandako gabeziak azpimarratu ditu. Horiek guztiak lehenago azaldu dira gure ebazpenetan, baita Arartekoak Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako txostenetan ere, araudia aplikatzen zen bitartean.
Azkenik, beste alde batetik, Espainiako Gobernua familia ugariak babesteko 40/2003 Legearen erreforma egiteko oinarriak ezartzea bultzatzen ari dela azpimarratu behar
da. Horretarako, hainbat autonomia-erkidegorekin batera, parte hartzeko lan-prozesu bat antolatu du. Eusko Jaurlaritzak modu aktiboan parte hartzen du ekimen horretan, eta erakunde honek helarazi dizkion arazoetako asko azaltzen ditu.
Familiei laguntzeko diru-laguntzekin zerikusia duten arazoak
Aurten ere zenbait kexa jaso dira seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak (martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua) eta familia eta lana bateragarri egiteko diru-laguntzak arautzeko araudiaren babesean (ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua) egindako diru-laguntzen eskaerak ukatzeari edo artxibatzeari buruz. Horietan guztietan, arazo formalak planteatu dira, funtsean, aipatu laguntzak eskatu ahal izateko aurkeztu behar den dokumentazioari buruzkoak. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazioaren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.
Oro har, azpimarratu behar da, dekretu bien ondoriozko diru-laguntzen kudeaketan, diru-laguntzak jasotzeko baldintza materialak betetzen dituzten pertsonei ukatzea eragiten duten prozedura-arazo ugari antzeman dituela Arartekoak (gehienetan, eskaerak artxibatu direlako edo onartu ez direlako). Herritarrek aurkeztutako eskaeren bidez hasten diren prozedurek sortzen dituzte arazoak: hain zuzen ere, horrela gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan benetan bizi izandako denbora egiaztatzearen kasuan. Izan ere, askotan, eskatzaileek behar ez bezala egiaztatzen dute betekizun hori, besteak beste, ez dakitelako, edo udalek igorritako errolda-ziurtagiriek erroldatutakoen egungo egoera bakarrik adierazten dutelako, EAEn izandako erroldatze guztiak zerrendatu gabe; zerrenda hori, askotan, ezinbestekoa da EAEn bizi izandako aldia egiaztatzeko, eta horrela, diru-laguntza horiek eskuratu ahal izateko. “Errolda-ziurtagiri historikoak” deritzenek bakarrik jasotzen dituzte erroldatzeari buruzko datu guztiak. Horiek eskuratzeko, eskatzaileek udaletan berariaz eskatu behar dituzte, bestela, egungo egoerari buruzko agiriak baino ez baitituzte jasoko. Gauzak horrela, Arartekoak uste du administrazio jarduleak berak hartu beharko lukeela administrazio-agiri horiek lortzeko ardura (horrela izango da, derrigorrez, 2018ko urritik aurrera, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz). Izan ere, Eusko Jaurlaritza horrela jokatzen hasi da dagoeneko beste agiri batzuk egiaztatzeko orduan, adibidez, diru-sarreren egiaztagirien kasuan (foru-ogasunetan zuzenean jasotzen diren ziurtagiri fiskalak; polizia-agintariek eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzek, atzerritarren gaietan eskudunek, igortzen dituzten egoitza-baimenak). Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, oraindik ez dago udal
dokumentazio hori zuzenean ekartzeko aukerarik, hortaz, jarraituko da eskatzaileei eskatzen, 2018ko urrira arte behintzat. Handik aurrera, administrazio publikoak behartuta egongo dira horietako edozeinetan dauden dokumentu guztiak ematera.
Dena den, Arartekoak aspalditik aldarrikatzen du –eta hori hainbatetan helarazi diogu Eusko Jaurlaritzari– komenigarria izango litzatekeela seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak eskuratzeko izapideak erraztea, diru-laguntza automatikoki eman dezan, diruz lagun daitekeen egoera bat gertatzen denean (jaiotza, adopzioa, adingabea hartzea). Ondorioz, administrazio jarduleak berak jaso beharko luke diruz lagun daitezkeen inguruabarrak egiaztatzeko behar den administrazio-dokumentazio osoa. Horrek izapideak arindu eta onuradun izan daitezkeen pertsonek diru-laguntzak eskuratzea erraztu egingo luke. Eusko Jaurlaritzak aipatu du gaur egun ezinezkoa dela diru-laguntzak lortzeko izapidea automatizatzea, horretarako baliabiderik ez dagoelako.
Arartekoaren ustez, ezinezkoa den bitartean, behintzat, diru-laguntza lerro biei dagokienez, argiagoa eta herritarrentzat ulergarriagoa den informazio-politika bat eskatu beharko litzateke. Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du Arartekoak salatutako arazoak konpontzen saiatzeko. Horretarako, Zuzenean zerbitzuak informazio argiagoa eta zehatzagoa emango du eta hobeto azalduko ditu akatsak zuzentzeko errekerimenduak, hasierako eskaerari ez bazaio erantsi betekizunak egiaztatzeko behar den dokumentazio osoa. Era berean, hobetu egingo da gai horri buruzko informazio orokorra, Eusko Jaurlaritzak bere informazio-webgunean eskaintzen duena.
Familia ugariak
Familiei laguntzeko politiken inguruan egindako kexen artean, oraindik ere nagusi dira familia ugarien egoeraren gainekoak; horietatik gai batzuk nabarmenduko ditugu, gure ustez oso garrantzitsuak baitira.
Lehenbizikoak Estatuko legedia ezarri eta kudeatzearekin du zerikusia bereziki, familia ugariaren titulua izateko bete behar diren legezko baldintzak interpretatzearekin; eginkizun hori foru aldundiei dagokie.
Aipatutako espedienteetan, iaz bezala, nabarena izan da dibortzioagatik edo banantzeagatik bikotea apurtzen denean familia ugariaren titulua guraso bati edo besteari esleitzearen inguruko kexa eta kontsulten kopurua. Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2.2.c) artikuluak ezartzen du beharrezkoa dela bi gurasoetako bat aukeratzea familia ugariko kidearen izaera mantentzeko. Horrenbestez, beste gurasoak titulartasuna galduko luke eta familia ugaritik kanpo geratu litzateke. Gurasoen arteko adostasunik ez badago, bizikidetzaren irizpidea hartuko da kontuan, hau da, familia ugariaren titulartasuna esleitu beharko zaio judizialki zaintza duen gurasoari –aitari edo amari–. Ukitutako herritarrentzat zaila da arau hori ulertzea, batez ere, kasu batzuetan. Izan ere, kasu horietan, zaintza ofizialki gurasoetako bati
esleitu arren, bisiten araubidea zabala da eta bi gurasoek dute erantzunkidetasuna, seme-alaben heziketa eta zaintzari dagokionez. Beraz, bi gurasoetako bat familia ugariaren onuretatik baztertzen duen arau hori ez da bidezkoa. Arazoa are larriagoa da, ahal dela, estatu mailako erregulazioak jasotzen ez duen zaintza partekatuaren araubidea esleitzen denean judizialki.
Arlo horretako legedian hutsunea dagoenez, batez ere zaintza partekatuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du halako kasuetan (irizpide homogeneo gisa) gurasoek txandaka izango dutela familia ugariaren titulua (urtero aldatuko da). Formula horrek, oraindik ere, herritarren atsekabea sortzen du, arauketa horrekin ez baitira zaintza partekatuaren aukera hautatu duten gurasoen legezko itxaropenak asetzen. Izan ere, zaintza partekatua aukeratzen duten gurasoek familiei laguntzeko neurri desberdinen onurak izaten jarraitu nahi dute zaintza partekatuaren araubidea indarrean dagoen bitartean.
Arartekoaren erakundeak, 2017an, Eusko Jaurlaritzan planteatu du familien egoera berriak aintzat hartzen ez dituen estatuko legeria aplikatzeak disfuntzioa sortzen duela, eta, gainera, diskriminazio-iturri bihur daitekeela bikote berria osatu ondoren jaiotako seme-alaben kasuetan (banandu edo dibortziatu ondoren berriz osatutako familietan); izan ere, gurasoei bezala, azken horiei ere urtero txandakatzearen irizpidea aplikatuko zaienez, urte batean familia ugarien onurak izaten dituzte, hurrengo urtean, aldiz, baztertuta geratzen dira.
Arazo horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erantzun dio Arartekoari bat datorrela egindako diagnostikoarekin eta era aktiboan lanean ari dela iragarritako erreformak, familia ugariak babesteko 40/2003 Estatuko Legearenak, aintzat har ditzan disfuntzio horiek. Erreforma horren oinarriak autonomia-erkidegoetan eztabaidatzen ari dira. Azpimarratu behar da Eusko Legebiltzarrak 2015ean seme-alaben zaintzan erantzunkidetasunari buruzko lege bat aldarrikatu zuenetik (7/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoa), zaintza partekatua lehentasunezko irizpidea dela bikotekideak banatzen edo dibortziatzen direnean. Horrek esan nahi du zaintza modalitate hori hedatu egin dela euskal familietan, gurasoak banantzen direnean. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, estatuko legearen erreformari egindako ekarpenetan, dagoeneko ohartarazi dute kontu horretaz eta aldatu behar den horietako bat dela uste dute.
Hemen beste zerbait ere adierazi behar da, soil-soilik familia ugariei eragiten ez badie ere: zaintza partekatuaren araubidetik eratorritako ondorioak beste arlo batzuetan ere agerian jartzen ari dira, eta arlo horietatik ere iritsi zaizkigu kexak eta kontsultak: hezkuntza (eskola-garraioa, adibidez), gizarte-zerbitzuak (mendekotasuna duen mutiko edo neskato baten zaintzailea) edo erroldatzea. Administrazioa borondate handiz eta erantzun egokiak gauzatzeko asmoz jarduten ari da, baina espero izatekoa da erantzunak errealitate berri horri doitzeko lanak datozen urteetan jarraitzea.
Familia ugaria izateari dagokionez, beste kexa-espediente bat aipatu behar da, ondorio juridikoak Europa mailan izateagatik. Izan ere, Frantzian bizi zen familia bati ez zitzaizkion onartu familia ugariaren titulua lortzeko prozesuan eskatutako dokumentuak, atzerrian igorritako agiriak aurkeztu zituztelako. Familiako aitak Gipuzkoan lan egiten du. Kasu horretan, aplikagarria den estatuko legediak onartu zion familiari titulua izateko eskubidea, baina bi seme-alaba zituen familia bat zenez (horietako bat ezgaitasuna du), ezinbestekoa zen semearen ezgaitasuna egiaztatzea. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen baliozkotzat hartu Frantzian igorritako agiria (ezgaitasunaren balorazioari buruzkoa), eta ez zien utzi ezgaitasunaren balorazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten, egoiliarrak ez zirelako. Hortaz, praktikan, betoa jarri zion familia horrek familia ugariaren titulua izateari. Gipuzkoako Foru Aldundian erabakia hartu aurretik egindako hainbat gogoeta aurkeztuta, txosten hau amaitzerakoan, informazioa jaso dugu, bai kexa hori aurkeztu zuen herritarrarengandik, baita Gipuzkoako Foru Aldunditik ere. Egiaztatu digutenez, zuzendu egin zuten lehenengo erabakia, eta onartu zuten Frantzian igorritako agiria, adingabearen ezgaitasuna egiaztatzen zuena. Ondorioz, familia ugariaren titulua esleitu zitzaion familiari. Horrez gain, horren berri Eusko Jaurlaritzari eman diogu, etorkizunean antzeko arazoak saihesteko. Eusko Jaurlaritzak gogoan hartu du arazoa eta gaia autonomien arteko lantaldeetan jorratzeko asmoa duela jakinarazi digu. Lantalde horiek, hain zuzen, 40/2003 Estatuko Legea aldatzeko sortu dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, gai hori oso interesgarria eta Europa mailan garrantzitsua da, azken finean, Europar Batasuneko beste estatu batean igorritako dokumentuen balioa onartzearekin zerikusia duelako. Dokumentu hori gabe ezinezkoa da legeak egoiliarrak ez diren langileei aitortu dien eskubide bat gozatzea.
Erakunde honek 2017an jaso duen hirugarren gaia hauxe da: umezurtz-pentsioa jasotzen duten seme-alaben diru-sarreren mugatzat jotzen den parametro ekonomikoa, familia ugaria osatzen dutela esateko. Aipatutako familia ugariak babesteko 40/2003 Estatuko Legearekin bat, mendekotasun ekonomikoa dagoela joko da, baldin eta seme-alaben diru-sarrerak ezarritako muga baino handiagoak ez badira. Horretarako, bereizi egingo dira, alde batetik, lanerako ezinduak diren seme-alabak, balizko pentsioa dela eta, urtean, Eragin Anitzeko Errenten Adierazle Publikoa (IPREM) baino diru-sarrera txikiagoak jasotzen dituztenak (kotizatu gabeko baliaezintasun-pentsioa jasotzen ez badute; kasu horretan, mugak ez du balio); eta bestaldetik, gainerako seme-alabak. Azken horien urteko diru-sarrerak ezin dira lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak izan. Umezurtz geratu diren eta gurasoetako baten heriotzagatik umezurtz-pentsioa jasotzeko eskubidea duten seme-alabak bi kasu horietako zeinetan sartu behar diren planteatu da. Kasu horiek ez dute berariaz aipatzen egoera hori. Erakunde honen iritziz, lanbide arteko gutxieneko soldataren mugan (altuagoan) sartu beharko litzateke, eta ez IPREMekoan (baxuagoa da eta lanerako ezintasuna duten seme-alabei bakarrik aplikatuko litzaieke). Eusko Jaurlaritzaren iritziz, mugatzat IPREM jo behar da kasu guztietan (laneko errentatik datozen diru-sarreren kasuan izan ezik); hortaz, ez dago lanbide arteko gutxieneko soldataren muga
umezurtz-pentsioetatik datozen diru-sarrerei aplikatzerik. Aitortu dute IPREMeko muga baxuegia dela, eta ondorioz, umezurtz asko bidegabe baztertuta geratzen direla, familia ugaria izateko eskubidea aitortzeko orduan. Izan ere, gurasoetako bat hiltzen denean, umezurtz-pentsioak jaso arren, nabarmen gutxitu egiten dira familiaren diru-sarrerak. Estatuko legeria interpretatzeko arazoa azalduta, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du helarazten dizkiogun gogoetak aintzat hartzeko eta autonomien arteko batzordean eta lantaldeetan azaltzeko, familia ugariak babesteko 40/2003 Legearen erreforma bultzatze aldera.
Familia ugariei buruzko atal hau amaitzeko, jakinarazi beharra dago Arartekoaren 2017ko urtarrilaren 25eko ebazpenaren bidez, amaitu egin zela Bulego honen 2016ko txostenean dagoeneko azaldu zen kexa-espedientea, haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bosgarren xedapen iragankorraren interpretazioari buruzkoa. Xedapen horrek Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulu berriaren ondorio batzuen atzeraeraginezko hedapena egiten du , 2015eko urtarrilaren 1etik eta legea indarrean jarri zen egunera (2015eko abuztuaren 17a) bitartean titulua galdu duten familia ugariei hezkuntza arloko matrikulazioak eta azterketak egiteko hobariak eskuratzeko aukera bermatze aldera.
Guraso bakarreko familiak
Guraso bakarreko familien kexa partikularrak asko ez badira ere, beren zaurgarritasun egoera bereziak badu tokia erakunde honen jardueran. Planteatzen dituzten arazoak hainbat jardunaldi, eztabaidagune eta topaketatan helarazi zaizkio Arartekoari, hala nola MSPE (bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeen elkartea) eta Euskadiko Ama Bakarreko Familien Elkartea bezalako elkarteekin egindakoetan. Hain zuzen ere, azken horrek antolatutako jardunaldia, guraso bakarreko familiei buruzkoa, aurkezterakoan, Arartekoak aukera izan zuen berriz ere azpimarratzeko euskal ordenamendu juridikoak familia horien estatus berezia jaso beharko lukeela, babes-neurri berezien onuradunak izateko aukera izan dezaten.
Deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneak
Familia-elkarguneen xedea batez ere gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak aldi batean sustatzea eta bermatzea da, senar-emazteak banantzeko, dibortziatzeko, ezkontza baliogabetzeko edo, izatezko bikoteen kasuetan, auzibidean erabaki behar diren neurriak arautzeko prozesuen ondoriozko egoeretan, aldeak ados jartzea ezinezkoa izan denean. Elkargunea espazio neutroa eta egokiena da diziplina anitzeko talde teknikoaren laguntzaz, segurtasuna eta ongizatea guztiz bermatuta, familiako kideak elkartzeko. Hori erabiltzeko aukera, kasu guztietan, ebazpen judizialaren bidez erabakitzen da.
2013an, Arartekoak 1/2013 Gomendio Orokorra igorri zuen, elkarguneen funtzionamenduaren inguruan. Bertan, zenbait proposamen planteatu zituen zerbitzu horiek hobetze aldera. 2016 eta 2017an zehar, ofiziozko jarduera bat burutu zen, zerbitzuetan egindako aurrerapenak eta bere horretan jarraitzen duten zailtasunak ezagutzeko. Horren baitan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon dauden elkarguneak bisitatu ziren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin bilera egin zen, horixe baita deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneen arduraduna.
Oro har, Arartekoaren balorazioa, gomendio orokorrean adierazitako aldeak hobetzeko aurrerapausoei dagokienez, positiboa da, oraindik ere zailtasun batzuk konpondu gabe badaude ere. Erakunde honek jarraitu egingo du kontu horietan arreta jartzen.
Planteatu ziren gaiei dagokienez, lehenengoak 2013an zerbitzuak betetzeko arriskuaz ohartarazten zuen; zentroen tamaina behar bezala egokitzea eta lurraldean eskari eta premiaren arabera kokatzea gomendatzen zen. Horri dagokionez, gaineratu beharra dago urtean zehar, Arartekoak behin baino gehiagotan gogorarazi zuela familia-elkargune berriak sortzeko beharra, daudenetatik urrun bizi diren familien kexak jaso zituelako. Kexagileek, alde batetik, etxetik dagokien familia-elkargunera joateko beharraren ondoriozko eragozpenak aipatzen zituzten; bestaldetik, joan-etorri horiek eragin ditzaketen zailtasunak planteatzen zituzten. Izan ere, garraio publikoa erabili behar izanez gero, horren maiztasuna nahikoa ez denean, normala izaten da guraso biak eta ardurapeko adingabea garraiobidean topo egitea. Arazo horiek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzera heldu ziren, eta horrek, ekainean, Eusko Jaurlaritzari egoeraren azterketa eskatzea erabaki zuen, “EAEko hainbat eremutan horrelako gune berriak irekitzeko aukera eta hornitzeko behar diren baliabide materialak zehazteko”.
Araban, Arartekoak Gasteizko familia-elkargune berria bisitatu zuen, etorkizuneko beharrizanak edo gero eta eskari handiagoari aurre egiteko asmoz pentsatu eta ireki zena. Aurreko kokapenean antzemandako irisgarritasun-arazoak gainditu egin ziren.
Bilboko familia-elkargune berria irekitzeari esker, konpondu egin ziren lehen antzematen ziren arazoak: irisgarritasunik eza, instalazioen egoera txarra, ihes egiteko arriskua (bisitarako eskubidea zuten presoak zaintzeko profesionalak bertan egon behar izaten zuten, presoaren pribatutasunerako eskubidea urratuz); halaber, hobetu egin da kudeaketa, batez ere, batzuetan, trukeak, bisitak eta abar batera gertatzen zirenez, instalazioak jendez gainezka egoten zirenetan. Gainera, egungo zerbitzuetatik urrun dauden udalerrietan bizi direnen beharrei aurre egiteko edo dauden zerbitzuei lan karga kentzeko, familia-elkargune berriak irekitzeko asmoen inguruko galderari erantzunez, Justizia Zuzendaritzak jakinarazi du kudeaketak egiten ari direla Bilboko familia-elkargunearen “antenak” deitu dietenak Durango eta Gernikan jartzeko, eta horrela, zerbitzua Busturialdea, Durangaldea, Lea-Artibai, Lea-Ibarra eta Arratia eskualdeetara hurbiltzeko. Enkarterrietan Barakaldoko familia-elkargunearen antena
bat dagoela kontuan hartuta, Bizkaian dagoen zerbitzua nahikoa izango litzateke.
Gipuzkoan, instalazio berri baten bila dabiltza Donostian familia-elkargunea eta Tolosan horren antena bat jartzeko. Arduradunen arabera, azken hori irekitzeko fasea oso aurreratua dago eta lehenengoak duen lan karga gutxitzen lagunduko du. 2018an, dena den, bultzadari eutsi behar izango zaio, proiektu horiek guztiak behar bezala burutzeko.
Familia-elkarguneen eta familiak zerbitzu horietara bideratzen dituzten epaitegien arteko koordinazio eta elkarlanari dagokienez, zerbitzuetako arduradunek gehien nabarmentzen duten kontua aldagarritasuna da, epaitegi bakoitzaren araberakoa. Batzuetan, deribazio-fitxak ere ez dira behar bezala bidaltzen; beste batzuetan, berriz, informazioa, komunikazioa eta txostenak –arruntak zein egoera bereziei buruz igorritakoak– hartzeko prestutasuna ezin hobeak dira.
Txostenekin, zerbitzua (bilketarako delegazioak barne) erabiltzen dituzten pertsonekin, elkarbizitza-arauekin, bisitak aldatu, bertan behera utzi edo etetearekin eta tartean babeseta/edo urruntze-agindu bat duten bisita/trukeak egiteko protokoloarekin zerikusia duen guztia Justizia Zuzendaritzako buruaren 1/2017 Zirkularrean, EAEko deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneen funtzionamendu-arauei buruzkoan, jasota utzi da, lehenago aipatutako gomendio orokorrean aipatutako kontuetako batzuei helduz. Halaber, funtzionamendu-irizpideen homogeneizazioak erantzun egin die herritarrek erakunde honetan duela gutxi aurkeztutako erreklamazio batzuei.
24. artikulua
1. Haurraren eskubidea da osasun-mailarik altuena izatea eta gaixotasunak zaintzeko eta osasuna errehabilitatzeko zerbitzuak erabiltzea. Estatu kideek eskubide hori onartzen dute eta haur guztiek eskubide hori izateko eta zerbitzu horiek gozatzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.
Arlo soziosanitarioan, Bizkaian, arreta goiztiarreko zerbitzu publikoaren prestazioa arautu da urriaren 24ko 125/2017 Foru Dekretuaren bidez. 2016an, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretua onartu zen. Foru dekretuak oinarrizko arauak ezartzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde horretan arreta-zerbitzua antola dezan, baita esku-hartzearen koordinazioa ere, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistemen arloetan.
Dekretuak funtsezko aldaketa jasotzen du zerbitzua emateko moduari dagokionez, hain zuzen ere, Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeetara iristeko bideari dagokionez. Lehenago, sarbide hori banakako diru-laguntzen bitartez
antolatzen zen: prestazio horiekin laguntzaren titularrak zerbitzua merkatuan “erosten” zuen. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, herritarrak behar bezala baimendu eta homologatu diren zerbitzuen zerrendatik ondoen egokitzen zaion zerbitzua aukeratu ahal izango du. Arartekoaren iritziz, aldaketa hori bat dago erakunde honek hainbatetan aipatutako norabidearekin, zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoen erabilera eta ondorioei dagokienez, prestazio ekonomikoak behin-behineko konponbide gisa –prestazio eta zerbitzuen zorroan jasotako zerbitzua jarri arte– sortzen dituzten lege arautzaileetan jasotako printzipioak ahaztu gabe.
Aurten ere, aurkeztutako kexa ugarik zer ikusia izan dute atzerritarrek osasun-arreta jasotzeko dituzten zailtasunekin. Txosten honetan, aipatu ditugunak haurdun dauden emakumeek eta adingabeek osasun-arreta jasotzeko dituzten arazoetan oinarrituta daude.
Arlo honetan, iazko txostenak jaioberriak diren adingabe atzerritarren arazoa konpontzeko burututako hainbat esku-hartze jaso zituen; izan ere, zailtasunak dituzte prestazio osagarriak eskuratzeko, esaterako farmazia-prestazioa, haien eskubidea oraindik eztabaidatu ez bada ere. Hasitako jarduketak osatzeko, Arartekoak informazioa eskatu zion Osakidetzari, Osasun Sailak hartutako neurriak profesionalei jakinarazteko erabili ziren bideak ezagutzeko. Erantzun zigutenez, administrazio eskudunak osasun-laguntzarako eskubidea onartzeko eskatzen duen dokumentazioa gurasoen jatorriko herrialdetik jaso arte, paperezko errezeta erabiltzen da.
Osakidetzak emandako informazioaren arabera, medikuek Osasun Sailaren aginduaren berri jaso bazuten ere, segurtasun handiagoa izateko, mezu elektroniko bat bidali zitzaien mediku-zuzendaritza guztiei, agindu hori hartzaile guztiek jaso zutela berriz ere ziurtatzeko.
Paperezko errezeta erabiltzeari dagokionez, Osakidetzak jakinarazi dio Arartekoari errezeta horiek historia klinikoan jasotzea ez dela arazoa, medikuek ohar guztiak sistema informatikoan (PRESBIDE) jartzen dituztelako, eta horrela, guztia historia klinikoan jasota geratzen delako. Hala ere, farmazian aurkezteko, paperezko errezeta inprimatu egin behar da, gaixoak osasun-txartel indibidualik ez duenez, farmaziako langileak errezeta sisteman ikusi ezin duelako.
Edonola ere, haur horiei arreta farmakologikoa ematea eguneroko bizitzan nola konpontzen den ezagutzera emanez, galdetu behar da zer-nolako eragina duen horiek dokumentatzeko eskatzeak (enbaxada edo kontsuletxeetara joan-etorrien gastuak kontuan hartuta), gehienetan, familia-ekonomia oso ahulak direla jakinda. Hortaz, ea eman daitezkeen beste bide batzuk, automatizatuak eta merkeagoak, adingabe horiek bertako haur eta nerabeek dituzten baldintza berdinetan osasun arreta eskuratzeko eskubidea betez.
Kexetan askotan agertzen den beste kontu bat bigarren iritzia jasotzeko edo familiako medikua, ospitalea edo mediku espezialistak aldatzeko eskaerak dira. Eskubideen esparru horri dagokionez, iazko txostenean aipatu ziren osasun mentaleko zentroa aldatzeko eskaera bat ukatzea dela eta hasitako jarduketak. Kexagileak etxetik hurbilago egon nahi zuen, eskatu zuen zentroa bere etxearen aurrean dago eta.
Arartekoaren 2017ko apirilaren 10eko ebazpenean jasotzen den azterketaren ondorioz, erakunde honek gomendatu dio Osakidetzari ez dezala uka zentroa aldatzeko eskubidea erabiltzea osasun mentaleko zentroa izateagatik eta, aitzitik, azter dezala interesdunaren eskaerak, hurbiltasunean oinarritutakoak, ondoriorik edukiko lukeen baliabideak planifikatzeko edo semearen laguntza-jarraitutasuna bermatzeko orduan.
Onartu ez den gomendioaren arabera, ez da zentroz aldatzeko aukera izateko eskubidea zalantzan jarri behar, kasu honetan osasun mentaleko zentro bat dugulako hizpide. Arartekoak espero du espediente horren ildoan egindako gogoetak ez direla alferrik izango.
Tratamenduak jasotzeko eta/edo ebakuntza egiteko itxaronaldietako itxarote-zerrendei, denborei eta informazioari buruzko erreklamazioak haur eta nerabeei dagozkie, gainerako herritarrei bezala. Zuzenean ez bada ere, txosten honetan jasotzen dugu kontu horiek lagunduriko giza ugalketaren programetan sartzerakoan izaten duten garrantzia berezia, are gehiago, emakumea gehieneko adinera heltzen denean, hortik aurrera jaitsi egiten baita tratamendua arrakastatsua izateko probabilitatea. Kexa horietako bat xehetasunez azaldu da txosten orokorraren II.12. kapituluan.
Elikadura portaeraren nahasmenduren bat duten pertsonei laguntzeko elkarteek azaldutako zenbait konturen gaineko jarraipena egite aldera, Arartekoa aldizka biltzen da hiru lurralde historikoetako ACABE elkartearekin eta Osakidetzarekin. Bilera horietan, behin eta berriro mahaigaineratzen dira funtsezko zenbait gai, hala nola jangela terapeutikoak eskaini beharra dagoela, eta oso garrantzitsua dela behar adina langile asistentzial egonkor izatea; izan ere, langile horiek izan ezean, gerta liteke zerbitzuek ez funtzionatzea.
Aurten egindako bileretan, Osakidetzak lehenengo ideia batzuk aurkeztu ditu Donostian elikadura nahasmenduak tratatzeko unitate asistentzial berezia abian jartzeko proiektuari lotuta. Besteak beste adierazi du unitate horrek, aurreikuspenen arabera, 12-14 pertsona artatuko lituzkeela aldi berean, eta tratamenduak hiru hilabete inguruko iraungo lukeela.
Hainbat kexa aurkeztu dira, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua tratatzeko Elvanse (Lisdexanfetamina) sendagaia preskribatzea onetsi izanari lotuta hartutako neurriak direla eta.
Sendagai jakin batzuetarako ezartzen diren jarraibide berezietan oinarrituta, horiek preskribatzeko edo/eta emateko
baldintza mugatuak izan behar dituztela jotzen baita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Osasun Sistema Nazionalaren Oinarrizko Zorroaren Zuzendaritza Orokorrak ezarritako jarraibideak betez, agindu zuen 18 urtetik gorako pertsonei Elvanse botika ematea onets ez zedin. Kexagile guztiak adin-nagusitasunera heldu baino lehen hasi ziren gaitz horren aurkako tratamendua jasotzen, baina, gaixotasuna dagoeneko gainditu dutenei berariaz eragiten dien arazoa denez, interesa dutenek txosten orokorreko III.4 atalera jo dezakete.
Atal hau amaitzeko, esan beharra dago Arartekoa, hainbat topaketa, jardunaldi eta ikastarotan parte hartzen duenean, arloko profesionalekin eta elkarteekin harremanetan dagoela. Hala, Arartekoarekin adierazpen instituzionala partekatzera eta Familien Nazioarteko Eguna ospatzera gonbidatu ziren antolakundeetako bat FEDEAFES izan zen. Era berean, ASAFES-ek, COEGI-k edo osasun-administrazioak berak antolatutako ekitaldietan ere (ikus txosten honen IV.5. kapitulua) Arartekoaren erakundeko teknikariak eta/edo arduradunak lankidetzan aritu dira eta parte hartu dute.
2016an, hasitako ofiziozko ikerketa baten berri eman zen, adingabeek edari alkoholdunak eskuratzea kontrolatzeko, udal batean burutu zen jarduketaren inguruan. Urte hartan onartutako adikzioen legeak argi esaten zuen osasun publikoko arazoa zela. Ofiziozko esku-hartzea zenbait udalen aurrean egin zen arren, azterketa orokorra egiteko helburua zuen. Esku-hartze hori burutu da zenbait herritarrek, intentsitate eta formatu desberdinekin, adierazi dutelako kezkatuta daudela nerabeen edari alkoholdunen kontsumoa dela-eta. Halaber, adierazi dute harrituta daudela, dirudienez, oso erraz eskuratzen dituztelako, adingabeei alkohola saltzea debekatuta egon arren.
2017an, Arartekoak amaitutzat jo zuen bere jarduera, udal jakin batzuek zuzendutako ebazpenak emanez. Hala ere, gogorarazi zien EAEko udal guztiei legeak ezarritako betebeharrak dituztela, beren udalerrietan adingabeei alkohola saltzea kontrolatzeari dagokionez. Udal batzuek Arartekoari erantzun diote jadanik; hala, burutzen ari diren prebentziozko jarduketen berri eman diote eta helarazi diote ahal duten heinean adingabeei edari alkoholdunak saltzea eta hornitzea kontrolatzera bideratutako jarduketak areagotu nahi dituztela.
Adingabeen alkohol-kontsumoa ere kexa baten arrazoia izan da, kasu horretan, “ordena publikoa” aipatuz, kale-edanak eragiten dituen arazoak direla eta. Kexa horren bidez, Ermuko kale batean bizi diren herritarrei sortzen zaizkien askotariko eragozpenak salatu ziren. Hasieran udalak eman zuen informazioak agerian uzten zuen bazegoela kexan azaltzen zen arazoa eta, zirudienez, 2012tik zetorrela, baita udal administrazioak hura ezagutzen zuela eta ordura arte egindako jarduerek konpontzeko balio izan ez zutela ere. Kexaren ondorioz, udalak ordura arte zeudenak osatzeko neurriak hartu ditu, eta erakunde honek arazoa konpontzeko egokiak direla adierazi du.
Arreta goiztiarra emateko euskal ereduaren ezaugarria haurren beharrei modu integratzailean heltzea da, osasun-, hezkuntzaeta gizarte-zerbitzuen sistemen elkargunea abiapuntu. Txosten honetan, Arartekoaren jarduera arreta goiztiarrari dagokionez atal honetan azaltzea erabaki da, hala ere, gaiaren izaera partekatua dela eta, gizarte-zerbitzuen jarduerari buruzko atalean, baita hezkuntzari buruzkoan ere, jaso liteke.
Arreta goiztiarreko zerbitzuari buruzko kexa gehienek aurkeztutako erreklamazioei ez erantzutea (ikerketa egin bitartean zuzendu zirenak) nahiz hasteko iragarritako atzerapenak (azkenean gertatu ez zirenak) salatu zituzten. Azkeneko batean, antza, zalantzan jartzen zen zerbitzua jasotzeko muga-adina era zibilean zenbatzeko modua, baina ikerketari esker jakin ahal izan zen proposatutako esku-hartzea beste zio batzuengatik amaitu zela, eta zuzenbidearen araberakoak izan zirela zio horiek.
Bizkaian, arreta goiztiarreko zerbitzu publikoaren prestazioa urriaren 24ko 125/2017 Foru Dekretuaren bidez arautu da. 2016an Euskadirako arreta goiztiarreko esku-hartze integrala arautzeko dekretua onartu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak arreta antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen ditu foru dekretuak, baita esku-hartzearen koordinazioa ere, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistemen eremu horretan, lurralde horretan. Dekretuan jasotako berrikuntza nagusienetako bat hauxe da: esku-hartze zerbitzuak edo zerbitzu terapeutikoak (logopedia, psikomotrizitatea, estimulazio orokorra…) dagoeneko ez dira familiei zerbitzu pribatuak eskuratzeko ematen zaizkien banakako diru-laguntzen bitartez gauzatzen, baizik eta Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeen sare bat sortu da, Bizkaiko Foru Aldundiak behar bezala baimendu eta erregistratu dituen taldeez osatua, eta talde horiek adingabearen arreta pertsonalizatuko planean ezarritako arreta terapeutikoa ematen diote. Foru erakundeak beharrezko Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak garatzeko asmoa du, tamaina eta kokapen egokiak kontuan hartuta, kalitatea eta hurbiltasuna irizpide, zerbitzu terapeutikoa eskaintze aldera. Arartekoak ondo deritzo aldaketari, horren helburua baita aldarrikatu den zerbitzu propioak sistema publikoaren bidez ematea, eta, araudiarekin bat, zerbitzuak denboraldi batean ordezkatu beharko lituzkeen prestazio ekonomikoak baztertzea.
40. artikulua
1. ege penalak haustea leporatzen zaion haurrari edo hauste horren errudun izatea salatzen edo deklaratzen zaionari bere duintasun eta adorearen zentzua suspertu behar zaizkio, giza-eskubideak eta besteen oinarrizko askatasunak errespeta ditzan, eta haurraren adina eta birgizarteratzearen garrantzia gogoan izanik, haurrak gizartean funtzio konstruktiboa har dezan.
Nahiz eta Arartekoa sortu eta arautzeko legeak 13.1. artikuluan argi eta garbi azaldu ez dela sendetsitako epaiaren gai izan edo epailaritza-erabakiaren zain egon daitezen arrenkurak banaka aztertzen hasiko, alde batetik, adingabeen fiskaltzari eta, bestetik, adingabeen defentsan jarduten duten erakundeei, besteak beste, Arartekoari esleitutako haurren eta nerabeen eskubideak babesteko funtzioek bat egiteak berekin dakar, praktikan, bi instantzien artean sarritan informazioa eta kudeaketak trukatzeko komunikazio-kanal bat izatea.
Bestalde, Lan eta Justizia Sailarekin zerikusia izan duten jardueretako batzuk jada azaldu ditugu txosten honen beste puntu batzuetan (adibidez, familia babeslea izateko eskubideari buruzkoa). Horrela, gure ustez herritarrei ardura zaizkien arloetara hobeto egokitzen den aurkezpena egin nahi izan dugu, eta ez hainbeste eragindako administrazioaren arabera antolatutakoa.
Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako Euskadiko Gazte Justiziaren IV. Planaren (2014-2018) tarteko ebaluazioan garrantzi bereziko datuak jaso dira, Arartekoak arlo horretan egindako esku-hartzeei dagokienez:
Alde batetik, berrerortze kasuen kopuruak behera egin du. % 16,7koa denez, lehenengo plana amaitzerakoan (2003-2007) erregistratu zena baino hamaika puntu txikiagoa da eta horrek egiaztatu egiten du erakunde honen iritzi positiboa hezkuntza arloko esku-hartzeen eraginkortasunari buruz.
Bestalde, adingabeek egiten dituzten delituak gero eta gehiago eta gero eta larriagoak dira. 2017an,
% 15ean igo dira Fiskaltzak arrazoi horiek direla medio ireki zituen atariko eginbideak, hau da, eutsi egin zaio azken urteetako gorako joerari, eta horrek, erakunde honen iritziz, justifikatu egiten du egoerari aurre egiteko behar diren giza baliabide gehiago jartzeko eskera.
Bestalde, bitartekaritza-prozesuak ere gero eta gehiagotan izapidetzen dira gure adingabeen epaitegietan. Kasu horien % 84 arrakastaz amaitu ziren, eta hori urratzaile gazteari ematen zaion arretaren ikuspegi hezitzailean laburbiltzen da, baita biktimaren egoera leheneratzean ere. Kaltegileak eragindako kaltearen erantzukizuna bere gain hartzen duen neurrian, bere jokabideari justizia leheneratzailearen ikuspegitik helduta, biktimak jasandako kalteagatik ordain morala eta materiala jasoko du. Hori horrela dela baieztatu du Arartekoak urtean zehar egindako hainbat esku-hartzetan, agerian utzita gure epaitegietan zerbitzuak ematen dituzten bitartekaritza taldeen lan egokia, baita Fiskaltzak prozesu osoan egiten duen lanaren garrantzia ere. Bestalde, esperientzia berean, biktimak arreta desegokia jaso zutela esan zuten, hasiera batean, egitatearen garrantzia txikia zenean, erreparazioa jasotzeko, jurisdikzio zibil arruntera bideratu izan zirenean.
2017ko otsailean, iazko bulego honen txostenean iragarri zen bezala, azterlan bat aurkeztu zen gurasoei informatzearen eta haur arau-hausleei entzutearen gainean; haur horiei, 14 urte bete gabe dituztenez gero, adingabeen erantzukizun penala arautu zuen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 3. artikulua ikusita, adingabeak babesteko arauetan xedatutakoa ezartzen zaie. 2015ean eta 2016an egindako esku-hartzean, Arartekoak informazioa eskatu zien gaian nahastutako erakunde eragileei, proposamenak aurreratu zituen, azter zitezen, eta bilerak egin zituen proposamenak kontrastatzeko. Emaitza, aipatutako agirian jasota dago; bertan bildu eta partekatu dira jasotako informazioa eta iritziak, adingabe horiei dagokienez Euskadin agintariek baliatzen dituzten prozedurak hobeto ezagutzen laguntzeko (hiru lurralde historikoetan ñabardura desberdinak dituzte), eta ahulgune nagusiak argiago ikusteko. Proposamenei dagokienez, hasieran Arartekoak egindakoak eta beste eragile batzuek gero igorritakoak, azterlan horretan azaltzen dira, hala nahi izan dutenek egindako balorazioekin batera. Egiaz, gai hauen gaineko hausnarketak dira azterlanaren ardatz: erregistro datuak eta sistema, prozesu-denbora atzeratzea, adingabeen gurasoek edo ordezkariek jasotako informazioa, haurren hitza aditzea, entzuteko prozedura, erakundeen artean bidali edota partekatu den informazioa, udal gizarte zerbitzuen jarduera eta udaltzaingoen partaidetza.
Polizia eremuari dagokionez, txosten nagusiaren II.13. atalean herritarren eskubideei eta poliziaren eginkizuna betetzeari buruzko kexaren bat jaso da. Adingabeak tartean zeuden, baina ez arau-hausle gisa. 2017an eremu horretan izapidetutako ofiziozko jarduketak, aurreko urteetan bezala, atxiloketa zentroen egoera aztertzeko helburuarekin burutu dira. Horrez gain, Arartekoak atxiloketari buruz eta polizia-jardueretako berme-sistemari buruz egindako gomendioak betetzen ote diren aztertu da.
Erakunde honek bisitatu dituen instalazioetan (Galdakaoko ertzain-etxea eta Laudioko Udaltzaingoa) gabezia batzuk antzeman dira. Ez batean ez bestean ez dago adingabeen zaintzarako gela berezirik, adingabeen erantzukizun penala arautu duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak bere
eta lehen aipatutako urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 17. artikulua). Bestalde, dirudienez, Udaltzaingoak atxilotzen dituen helduak ziega-geletan sartu ez arren eta adingabeak ere ziega-eremuan sartu ez arren, uste dugu, zentro horretan ziega-gelak dauden eta, ondorioz, esleituta daukaten eginkizunerako erabiltzeko aukera dagoen bitartean, eginkizun hori era egokian bete ahal izateko moduan egon behar luketela.
Udaltzaingoak ez dauka adingabeen atxiloketak jasotzeko berariazko erregistro-libururik, ezta adingabeak identifikatzeko kasuak jasota uzteko erregistro berezirik ere, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak adingabeen identitatea jasotzen duten polizia-erregistroetarako ezartzen duen konfidentzialtasun-araubidea betetzea bermatzeko.
31. artikulua
Haurrak atseden eta denbora-pasako, jolas eta bere adineko aisialdi ekintzetarako eskubidea du, eta honekin batera, bizitza kulturalean eta artetan parte hartzekoa ere bai. Estatu kideek eskubide hori onartzen dute.
Estatu kideek errespetatu eta bultzatu egingo dute, haurrak bizitza kulturalean eta artistikoan parte hartzeko duen eskubidea, eta horretarako aukera egokiak eskainiko dizkiote berdintasunaren baldintzapean.
Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubideari buruzko kapitulu honetan, 2017an jaso diren kexek haur eta nerabeen kirol jarduerarekin izan dute zerikusia eta aurreko urteetan planteatu ziren arazo berberak salatu dituzte.
Konpondu gabe daude beste herrialde batzuetan jaiotako adin txikikoen arazoak, kirol federatuan izena emateko. Bai euskal familiek adoptatutako haurren kasuetan, bai Euskadin bizi diren familia etorkinen seme-alaben kasuetan gertatzen da. Aurreko txostenetan esan bezala, FIFAk futbol-klub handiek gehiegikeriazko praktika zehatz batzuk egitea saihesteko ezarritako prebentziozko-neurria kasuak bereizi gabe aplikatzeak eragin disfuntzionala sorrarazten du adingabeen interes nagusian. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritza arduraz aritu da lankidetzan Arartekoarekin urtean zehar salatutako kasu guztiak ebazteko. Hala ere, arazoa behin eta berriz agertzen denez, aipatu sailak EAEko kirol federazioetan, futbol arlokoetan batik bat, beste urrats bat emateko beharra planteatu behar dugu, txosten hau arazo hori aipatu behar duen azkena izan dadin.
Eskola-kirolaren eremuan, 2017an Gipuzkoan aplikatzeko onartu den erregulazio berria aipatu behar dugu. Izan ere, Arartekoak azken urteotan jaso dituen kexa gehienek lurralde horrekin izan dute zerikusia. Kexa horiek abiapuntu hartuta emandako gomendioak erakunde honen ekarpena izan dira araudi berria sortzea ekarri zuen hausnarketa-prozesuari. Prozesuan parte hartu genuen eskola-kirolaren heziketa izaera berresteko eta batez ere adingabeen interes eta beharrizanei erantzun behar diela gogorarazteko. Eginkizun hori betetzean, goizegi espezializatzea saihestu, epe laburreko emaitzaren gainetik trebatze prozesua lehenetsi eta neska-mutil guztiei kirolean hasteko aukera bermatu behar du eskola-kirolak. Funtsean, bi araudi izan ditugu gogoan:
02-113/2017 Foru Agindua, abuztuaren 28koa; Arartekoan aurkeztutako kexei begira, horren garrantzia, funtsean, ikasleak kluben eta herri desberdinetako taldeen artean mugitzea arautzean datza.
02-118/2017 Foru Agindua, irailaren 25ekoa, kirol teknifikazioko unitateak arautzen dituena. Adin txikikoek, normalean gehien egiten den kiroletako batean lehiatzen diren klubei lotuak dauden eskola espezializatuetako batean kirol diziplina jakin bat aukeratu eta trebatzen hasi ahal izateko, ikastetxean askotariko kirolak egin behar dituzte. Derrigortasun horren inguruko eztabaidan kokatu zen agindua onartzeko erabakia.
2. artikulua
1. Estatu kideek Hitzarmen honetan aipatutako eskubideak errespetatuko dituzte eta bermatuko dute beren jurisdikziopean dauden haurrei aplikatuko zaizkiela, alde batera utzita haurren, gurasoen edo legezko ordezkarien arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, nazio-, etniaedo gizarte-jatorria, ezintasun fisikoak, jaiotza edo bestelako edozein ezaugarri.
2017. urte honetan, Arartekoak batez ere euskal lurraldera bakarrik –senide zuzenik gabe– heltzen diren haur eta nerabe atzerritarrengan jarri du berariazko arreta. Txosten honen 2.3. atalean eman da esku-hartze horren berri. Hala ere, atzerritarren seme-alabak beste eremu batzuei loturiko kexetan azaldutako egoera batzuen protagonista izan dira edo horien eragina jasan dute. Horien berri, gutxi gorabehera, hemen emango dugu.
Euskadin pobretasunari eta gizarte-desberdintasunei buruz egindako azterlanek oraindik ere erakusten dute haur eta nerabe ugarik pobrezia egoera bizi dutela, eta gainera, haur pobreen populazioan gehien agertzen den profila atzerrita-
rra buru duen familietan bizi diren haur eta nerabeak direla. Bestalde, jasotako kexak aztertuz gero, egiaztatzen da badaudela pertsona batzuei (eta bide batez, pertsona horien familietan dauden seme-alabei) atzerritarrak izateagatik bereziki eragiten dieten elementu bereizle batzuk, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemara sartzea oztopo bihurtzen direnak. Zailtasun horiek Arartekoak egindako diagnostiko-txostenean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren prestazioak hobeto kudeatzeko proposamenen artean, jaso dira eta xehetasun handiagoz txosten orokorraren II.4. eta III.7. ataletan (hurrenez hurren, gizarteratzeari eta etorkinei buruz) azaldu dira. Izan ere, zailtasunok honako hauekin dute zerikusia: prestazioak ukatzea, eskatzaileak jatorrizko herrialdean igortzen den dokumentazioa aurkeztu ezin duelako; eskatzaileari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak direla medio, pasaportea berritzeko arazoak daudelako; edo, familia elkartzeko eskaera ukatuta (hain zuzen ere, baliabide ekonomiko nahikoak dituela ez egiaztatzeagatik), bizikidetza-unitateari buruzko baldintza bete ezin duelako.
Hezkuntzaren esparruan, txosten honen 2.2. atalean, jakinarazi dugu ofiziozko jarduketa hasi dugula matrikulazio datuak aztertu eta hezkuntza arloko arduradunekin egiaztatzeko, eta irizpen arrazoitua eskatzeko, hainbat hezkuntza-eragilek adierazitako kritikari dagokionez. Hain zuzen ere, eragile horiek kritikatu dute ez direla abian jarri neurri osagarriak edo gehigarriak ikasle etorkinen pilaketaren arazoa duten ikastetxe guztietan hezkuntzaren aldetik hobeto erantzuten laguntzeko.
Goian aipatutako atalak, halaber, elkarte islamiko batzuen eskaera jasotzen du, eskoletako menuei buruz. Horrez gain, familia atzerritarren zailtasunak aipatzen ditu: gure hizkuntza nahiko ondo ez dakitenez, ezin dituzte behar bezala ulertu ikasteko bekak eta beste laguntza batzuk eskatzeko baldintzak eta inprimakiak.
Babesgabetasun egoeran dauden haurrak artatzeko gizarte-zerbitzuei dagokienez, 2.3. atalak gaztelaniaz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasuna mugatua duten familia atzerritarrekin hezkuntzako esku-hartze profesionala egiteko zailtasunen berri eman du.
2.5. atalean, osasunari buruzkoan, azaldu da Osasun Sailak nola gainditu dituen zailtasunak, atzerritarren seme-alabek, EAEko ospitaleetan jaio direnek, prestazio farmakologikoak jaso ditzaten, beren dokumentazioa dagozkien enbaxada eta kontsuletxeetan izapidetzen den bitartean.
Oraindik ere heltzen dira futbol federatua egiteko lizentzia lortzeko arazoei buruzko kexak. Arazo horiek atzerrian jaiotako neska-mutilek izaten dituzte (besteak beste, atzerriko nazionalitatea daukaten familietako seme-alabak), txosten honen 2.6. atalean azaldu bezala.
Azkenik, jakinarazi nahi dugu 2017an zehar jarduera intentsiboa garatu dela errefuxiatuen egoerari dagokionez. Tartean haur ugari daude, batzuk senideekin eta beste batzuk bakarrik. Era berean, aipatzekoak dira ACNUR-ek Espainian duen ordezkariarekin eta errefuxiatuak hartzeko lanean di-
harduten antolakundeekin egindako bilerak, hainbat autonomia-erkidegotako herriaren defendatzaileek –pertsona errefuxiatuen krisi humanitarioa dela eta– egin duten adierazpena eta gai horri buruzko Europa mailako ikerketa eta eztabaidaguneetan parte hartzea (ikus txosten orokorraren
kapitulua). Esparru horietan guztietan, haur eta nerabe migratzaileen egoera ikusgai jarri da eta horretan arreta berezia jarri da.
Arlo honetan egindako jardueraren ondorioz, Arartekoak harreman ugari izan ditu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin. Bilera horiek, hain zuzen ere, EAEko Administrazio Publikoen lankidetza-proposamenak ezagutzeko antolatu dira, errefuxiatuei harrera emateko xedez. Gainera, birkokapen programetan parte hartzeko baldintzei dagokienez, ezarritako mugak baloratu dira, batez ere, Greziako eta Italiako errefuxiatuen esparruetan dauden pertsonen jatorria dela eta. Izan ere, pertsona horiek ez lituzkete ezarritako baldintzak beteko, Turkiarekin sinatutako akordioaren ondorioz, Greziara heltzen direnen kopurua neurri handi batean jaitsi delako.
Txosten orokorraren III.8. atalean azaldutakoarekin bat etorriz, arlo honetan egin ditugun jarduerek, laburbilduz, hiru helburu hauek dituzte:
Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo eta sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.
Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI haur eta nerabeen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
Izan zuen garrantzi publikoa dela eta, LGTBI eskubideen defentsarako elkarte ezberdinek planteatutako gaia aipatu beharra dugu, erakunde honen esku hartzea eskatu zute- nak ustez diskriminatzailea zen eta adingabe transexualen duintasuna urratzen zuen publizitatea zuen autobus batek (“Hazte oír” izeneko elkarte batek sustatutakoa) Euskadiko udalerrietako kaleetatik ibiltzea galarazteko.
Esku hartze eskaria jaso ondoren, Arartekoak ezagutu zuen Madrileko Fiskaltza Probintzialak zegokion Lehen Instantziako Epaitegiari dagoeneko eskatu ziola autobus horren jarduerak “bake publikoaren alterazio delitua eta pertsonen artean intseguritatea edo beldurra sortzekoa” sortzen zuen erabakitzeko. Fiskaltzaren erabaki horren ondorioz, autobu-
sa Madrilen gelditu zuen, kautelaz, zegokion epaitegiak, eta hori dela eta Arartekoak ez esku hartzea erabaki zuen. Gainera, gai horrek adierazpen askatasunaren mugak argitzea eskatzen zuen, Konstituzioan ezarritako oinarrizko eskubidea dena, eta amorru delitua, zigorgarria den jokabidea, edozelan ere eskumena duten epai organoei dagokien lana.
Honekin guztiarekin, Arartekoak uste izan zuen autobus honen agertzearekin batera sortutako eztabaida dagokion testuinguruan kokatzea garrantzitsua zela, gertakari hauen azpian dagoen gaiaren benetako hedapenaren kontzientzia hartuz, batez ere haurrak kaltetzen dituena, eta haur horiek banakako garapen zoriontsua izateko duten eskubidea, heldutasunera egoera osasuntsu eta orekatuan heltzeko aukera ematen diena, osotasun fisiko eta emozionalarekin. Arartekoak adierazpen gehiago egin ditu genero identitate anitza bizi duten edo adierazten duten haurren egoera eta beharren inguruan, giza garapenari eta haurtzaroan eta nerabezaroan adierazpenen eta identitateen banakotasuna errespetatzeak behar duen sakontasunarekin, aintzat hartuta adingabearen interes gorena, haur hauek adierazitako eskari anitzak entzun eta egoki bideratzen direla bermatzeko, eta euren banakako ibilbidean laguntza profesionala eta espezializatua bermatuz. Haurtzaroaren eta nerabezaroaren berezko garapen izaerak, eta etapa horiek pertsonen identitatea osatzean duten garrantziak, diagnostiko azkar edota itxien saiakera oro ekiditera behartzen dute, kategoria finkoen arabera, atzera egin ezinezko prozesuetara eraman ditzaketenak. Mezu murritzaileek ez diete haur hauei laguntzen; aniztasuna bizitzaren adierazpen bat da eta giza aberastasunaren adierazle izugarria, gizarte osoak ospatzen ikasi behar duena, ez iraintzen.
2017an emakumeen arteko bikoteen barruan jaiotako se- me-alaben filiazioa legearen arabera zehazteari lotutako kontsultek jarraitu dute, horietako batek lagundutako ugalketa teknikoak erabiltzen dituenean, eta Gizarte Se- gurantzaren sistemetan jasotzen duten tratuari lotutakoak. Erakunde honen eskumen eremutik kanpo dauden administrazioen jardunak direnez, Arartekoak Espainiako Herriaren Defendatzailearen bidez arazo hauek konpontzeko izapidetzea bideratu du, baina zailtasunek jarraitzen dutenez, Arartekoak kontsulta hauek egiten dituztenei informazioa eta aholkua ematen saiatzen da, euren jardunak bideratuz, modu honetan, ahal den neurrian, askotan anbiguoa den legedi bat ezartzearen ondorioak ez pairatzeko. Azpimarratu dugun kasuan, herritar batek legeak bi emakumeez osatutako ezkontzak ustez diskriminatzeagatik duen ardura azaldu du, lagundutako ugalketa tekniken bidez jaiotako seme-alabaren filiazioaren erregistroari dagokionean alde batetik, eta bestetik, etorkizuneko alabaren egoerarekin lotuta, erditu ez duen emakumearekin izango duen legearen araberako loturari dagokionez, baita Gizarte Segurantzak erditu ez duen ama horri amatasun baimena aitortzeari dagokionez ere (legearen arabera, aitatasuna), alaba jaio ondoren.
Erditu ez den amak haurra jaio aurretik Erregistro Zibilean agertu beharraz eta Erregistro Zibilean lagundutako ugalketa klinikak emandako egiaztagiri bat aurkeztu beharraz Arartekoak 2010ean gomendio orokor bat egin zion Eusko Jaur-
laritzari; gaia aztertu ondoren, eskatu zion legezko irizpide hori zabaldu zezala lagundutako ugalketa teknikak egiten dituzten Euskadiko ospitale eta klinika guztietan, eragindako emakume guztiek horren berri izan zezaten, haurra jaio aurretik neurri egokiak hartu ahal izateko, eta gero adopzio prozedurarik egin beharrik ez izateko. Horrekin guztiarekin, 2011n Erregistro zibilaren Legearen 44.3. artikuluak lagundutako ugalketa klinikak igorritako dokumentu bat Erregistro Zibilean aurkezteko irizpidea ezarri zuen, bikoteko emakumeetako batek lagundutako ugalketa prozesu bat egin zuela egiaztatzen zuena. Modu honetan, dokumentu hori aurkezteak erregistroan izena egoki emateko ezinbestekoa zela ematen zuen.
Hala ere, duela gutxi, 2017ko otsailean, Justizia Ministerioak Erregistro eta Notarioen Zuzendaritza Orokorraren (ENZO) bidez, erakunde honek gai honen inguruan 2010. urtean egindako gomendio orokorraren ildotik, bi emakumez osatutako bikote baten alde agertu da, legeak euren hirugarren umearen ama zirela aitortzeko aldarrikatzen zutenak, lagundutako ugalketa klinikaren egiaztagiririk aurkeztu behar izan gabe. ENZOren ebazpenak 2011ko Erregistro Zibilaren 20/2011 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako dokumentuaz ari da, eta aitortu du “legegilearen asmoa emakumez osatutako bikote baten barruan jaiotako haurren filiazioa zehaztea erraztea izan dela adierazi behar da, lagundutako ugalketa teknikak erabili dituzten edo ez alde batera utzita”. Ebazpen honek haurdunaldi aukera gehiago irekitzen ditu, orain arte Espainian emakumeentzat posible ez zirenak. Garrantzi handikoa da ENZOren jarrera berria eremu honetan, zalantzarik gabe adierazitako 7. artikuluaren exijentzia murriztea ekartzen duena, erditzen ez den amak bere bikoteak erditutako seme-alaben filiazioari dagokionez onarpena iragartzeko aurretik bertaratu behar izateari dagokionez.
Erditzen ez den amaren eta etorkizuneko alabaren lotura legalari eta Gizarte Segurantzaren eremuko amatasun/aitatasun prestazioei buruz herritarrek azaldu dituzten kezkak direla eta, Arartekoak honako hau argitu behar izan du:
Erditzen ez den amaren eta seme edo alabaren arteko lotura legalari dagokionez, erditzen den amarena bezalakoxea izango da -haurra Erregistro zibilean bien seme edo alaba bezala inskribatu ondoren-, eta ondorio guztietarako, hau da, ikuspuntu zibiletik, bi amek guraso ahala maila berean izango dute (horrek eurentzat eta euren seme-alabentzat dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin).
Gizarte Segurantzaren prestazio eta baimenei dagokienez, erditzen ez duen amak aitak Gizarte Segurantzaren eremuan jasotzen duen tratu bera jasoko du, 295/2009 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraiki. Dekretu horrek Gizarte Segurantzaren sistemaren amatasun, aitatasun, haurdunaldi arriskua eta edoskitze naturaleko arriskurako prestazio ekonomikoak erregulatzen ditu.
Emakumez osatutako bikoteetan ematen den desoreka terminologikoari dagokionez (amatasuna/aitatasuna) erakunde honek Espainiako Herriaren Defentsa Erakundeari kexa bat helarazi dio, ama diren emakumez osatutako bikoteen kasuan aitatasun adierazpenak duen hizkera ez egokia eta
sexista salatzen zuena. Esku hartu ondoren, seme-alaba bat jaiotzen denean prestazioak eskatzeko inprimakien alderdi batzuk aldatu dira, zehazki A gurasoari eta B gurasoari erreferentzia eginez, aita eta ama adierazi beharrean. Aitzitik, inprimakietan bertan jasotako beste erreferentzia batzuk ez dira aldatu; hala nola, amatasunagatiko prestazioei eta aitatasunagatiko prestazioei egiten zaien aipamena; izan ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta horren garapen-araudian ezartzen dena kopiatuz jaso behar da aipatu izendapena, eta ez aipatu legea, ez horren araudia, ez daude alderdi horretan aldatuta.
Bestalde, LGBTI haur eta nerabeei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzarekin eta Familia Politika eta Aniztasunaren Zuzendaritzarekin egindako bileretan jorratutako gaien berri emango da jarraian:
Berdindu zerbitzua berritu egin da, beste bi urtetarako (2018-2020). Programak jasotzen ditu, batetik, banakako arreta, Berdindu Pertsonak / Ibiltari protokoloaren bitartez; eta bestetik, errealitate horri ikastetxeetan eman behar zaion arreta, Berdindu Eskolak zerbitzuaren bitartez. Berdindu Familiak zerbitzuari dagokionez, une batean zalantzan jarri zen eta berriro definitu egin zen. Egun, LGBTI arloan diharduen elkarte bat, hezkuntzan esperientzia duena, arduratzen da zerbitzu horren kudeaketaz, sailarekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Familiekin egiten diren bilerez gain, sare sozialei loturiko jarduera ere egiten hasi da. Dagoeneko irekita dago zerbitzua 2018ko urtarriletik aurrera kudeatzeko deialdia, esku-hartzeetan etenaldiak eragin gabe.
Ez dago zalantzarik “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko programa egokia dela eta mantendu nahi dela, nahiz eta 2017an, urte osoan zehar, jarduerarik ez izan. Saila helarazitako informazioaren arabera, programa Hezkuntza Sailetik bultzatzen zuten pertsonen kontu partikularrek eragin dute. Arartekoaren iritziz, 2018an berriz ekin beharko zaio erakundeen arteko talde horrek hasitako lanari, garrantzi handikoa baita LGBTI haur eta nerabeen beharrizanei –hezkuntza arloan– erantzun egokiak emateko.
Genero-adierazpen edo -identitate anitza duten edo ge- nero-jokaera ez normatiboak dauzkaten haur eta nerabeei dagokienez, Arartekoa bat dator diseinatu nahi den arreta ereduaren inguruan hausnarketa patxadatsuagoa egin behar dela. Erakunde honen iritziz, Euskadin oraindik ez dago arreta eredurik, haurren berezitasuna eta beharrizanak kontuan hartzen dituenik. Agerikoa da beharrizan horiek eta helduenak oso desberdinak direla. Adostasuna dago diseinua haurrak eta beren banakako garapena errespetatuz egin behar dela. Planteatu egin da ea komeni den gai horri buruzko bilera monografikoak egitea, Arartekoaren erakundeko arduradunekin eta tartean dauden administrazioetako arduradunekin, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailaren, Osasun Sailaren eta Emakunderen ordezkariekin.
Bulego honen 2016ko txostenak Arartekoaren 2016ko otsailaren 12ko ebazpenaren berri eman zuen. Horren bidez, Osakidetzari gomendatu zitzaion elkarrizketarako bideak ezar zitzala eta zabal erantzun ziezaiela genero-identitate eta genero-adierazpen anitzeko adingabeak dituzten
familien kezka eta informazio-eskaerei. Halaber, gomendatu zitzaion kontuan har zitzala zenbait jardunbide eta printzipio, pertsona transexualak artatzerakoan, baita, gai horri dagokionez, euskal legerian xedatutako gida klinikoa egiterakoan ere. Horri buruzko galderari erantzunez, Familia Politika eta Aniztasunaren Zuzendaritzak hausnarketa gune lasaiak antolatzeko ideiaren aldeko iritzia adierazi du. Gune horietan eztabaidatu ahalko litzateke nola heldu gai horri haur eta nerabeekin. Halaber, Eskola Seguruaren espazioa testuinguru egokia izan liteke, baita bultzatzailea ere, gaiaren inguruko eztabaidagune zabalago bat sortzeko.
Azkenik, zuzendaritzak jakinarazi du LGBTI arloko erakundeetako batzuetan, Berdindu zerbitzua erabiltzen dutenetan, sexu-orientazioari eta genero-identitateari buruzko prestakuntza ematen zaiela Administrazioan lan egiten duten profesionalei, hala nola irakasleei (eskaria Berritzeguneek kudeatzen dute) edo Ertzaintzako agenteei (borondatezkoa da edo Arkauteko prestakuntza programaren baitan ematen da), diskriminazioa antzemateko hiru begiraden logikari jarraikiz: etnia edo jatorriagatik, generoagatik eta sexu-orientazioagatik / genero-identitateagatik.
Ezgaitasunen bat daukaten haurrei eta nerabeei eragiten dieten egoerak txosten honen aurreko kapituluetan azaldu dira dagoeneko, batez ere, hezkuntza arloari (2.2. atala) eta osasunari (2.5.5.) buruzkoan, arreta goiztiarrari dagokionez. Ildo horretan, aipatzekoa da, osasunerako eskubidearen bermearekiko zerikusia duenez, Eusko Legebiltzarrean irailaren 12an aurkeztutako txosten berezia, “EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa”. Horri buruzko informazio zabala txosten orokorraren III.3 kapituluan ematen da. Euskadiko ospitaleen egoera –irisgarritasunari dagokionez– ezagutu eta aztertzeko asmoz egindako dokumentu horretan azaldutako errealitateak berdin eragiten die bai adin txikikoei, bai helduei, euskal osasun-sistemaren erabiltzaile diren heinean.
Txostenean nabarmendu dira, alde batetik, abenduaren 4ko 20/1997 Legea, irisgarritasuna sustatzekoa, indarrean jarri zenetik egindako aurrerapausoak, eta bestaldetik, oraindik antzeman daitezkeen gabeziak honako esparru hauetan: ospitaleetarako sarbideen ibilbideak; ospitale-esparruaren barrualdeko ibilbideak; zentroak osatzen duten atalen barrualdean barne-mugikortasuna eta ikusmeneta entzumen-desgaitasuna dutenentzako komunikazioaren irisgarritasuna. Irisgarritasunari buruz egindako diagnostikoa xehe-xehe azalduta, irudi eta guzti, txostenak atal batean ondorioak laburbildu eta gomendio sorta bat formulatzen du, batzuk orokorrak eta beste batzuk hiri-inguruneen eta garraio-sistemen gainean ardura duten euskal administrazioei zuzendutakoak. Gomendio gehienak ospitale-sistemaren arduradunei zuzenduta daude.
Ezgaituak garraiatzeari dagokionez (nahiz eta, berriro ere, adingabeei soilik ez eragin), APDEMA elkarteak egindako kexa bat aipatu behar dugu, Euskotrenek ezgaitasun inte-
lektuala duten pertsonen (batzuetan, haur eta nerabeak) laguntzaileei garraio titulua izatetik salbuetsita egotea ukatzearen ondorioz. Zentzu honetan, Euskotrenen Kontratazio Baldintza Orokorren 7.1. artikuluak hauxe dio: “Ez dute garraio titulurik behar titulua daraman pertsona nagusiak lagundutako 5 urtetik beherako haurrek, pertsona itsuekin doazen laguntzaileek edo mugikortasun murriztua izanik gurpil aulkia duen pertsonarekin joan behar duen laguntzaileak”.
Euskotrenen kontratuetako baldintza orokorren 7.1. artikuluan jasotako salbuespena ekintza positiboko neurri gisa hartzen da, ezgaitasuna duten pertsonek garraioa berdintasunezko baldintzetan erabiltzeko aukera izan dezaten.
Aitzitik, Arartekoaren ustez badaude ezgaitasun fisikoaz edo zentzumen-minusbaliotasunaz besteko ezgaitasunak dituzten kolektiboak. Kolektibo horiek 7 puntuko edo gehiagoko ezgaitasun-maila onartuta dute, garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunak baitituzte. Hala ere, neurri horretatik bazter geratzen dira, eta hori bereizkeriatzat har daiteke, ezgaitasuna duten pertsonentzako ekintza positiboko politika publikoetatik at geratzen baitira.
Ildo horretan, azpimarratu behar da, agerikoa bada ere, ukaezina dela adimen ezgaitasuna duten pertsonek hirugarrenen laguntza behar dutela segurtasunez mugi daitezen bermatzeko.
Arrazoi hori dela eta, ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatze aldera, Arartekoak Euskotrenera jo zuen kexa honen xedeari buruz duen arrazoitutako iritzia eskatze aldera.
Arartekoak egindako eskaerari erantzunez, Euskotreneko zuzendari nagusiak honako hau jakinarazi zuen: enpresako kontratuetako baldintza orokorrak berrikusteko eta berregiteko prozesu batean murgilduta zeudela, eta onura hori beste kolektibo batzuetara zabaltzeko aukera aztertzen ari zirela.
Aipatu behar da gai hori Arartekoak Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin aztertu zuela ere Donostian bizi den herritar batek egindako kexa dela eta. Haren bidez, Donostiako errepidetik bidaiatzen duten pertsonen hiri barruko garraio publikoko zerbitzuaren araudi berriarekin ados ez zegoela zioen, eta araudi horren
artikuluak ere hau zioen: adimen ez gaitasuna duten pertsonek ezin zutela doako tarifa baliatu.
Arartekoak egindako informazio eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendari nagusiak (Euskotrenek bertan parte hartzen du) txosten zehatz bat igorri zigun; bertan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako araudiaren proposamenari buruzko aurreiritzi eta irizpen zehatzak era laburrean azaldu ondoren (2014ko azaroaren 6an Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan onartua), Arartekoari ezgaitasuna duten gainerako kolektiboei laguntzailea doan eskaintzeko dagoen aukeraren berri eman zion, honako helburu honekin: aldez aurretik positiboa den neurri hori ez dadin haietako norbai-
tentzat baztertzailea izan. Arartekoak EAEko garraiobide publiko ezberdinetan neurri hori hartu dutela egiaztatzeko asmoa du.
Atal hau amaitzeko, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak bat egiten du txosten orokorraren III.03 atalean, 4.7 puntuan adierazitako beharrarekin, alegia, honetaz ohartu behar dugula: ezgaituen (baita adingabeen ere) eskubideak bermatzeko lan egingo bada, euskal herri-administrazioek etengabe izan behar dutela erakunde-agendan aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia, konstante bat izan dadin eurengan eragina duten politika publiko guztiak gauzatzean eta planifikatzean.
Zentzu honetan ere, erabakigarria da herri-administrazioek gizartearen kultura-arloko eraldatzeari zuzendutako sentsibilizazio-, sustapeneta prestakuntza-jarduerak gara ditzaten, aukera berdintasuna eta bereizkeriarik eza kontuan hartuta, baita egoera horren, arrazoien eta ondorioen ezagutza handiagorako aukera eman dezaten ere.
2017an, Arartekoak ijitoen eskubideak babesten lan egiten duten gizarte erakundeekin bilera egin du, pertsona horien egoerari eta parte hartze sozial, kultural eta ekonomikorako zailtasunari buruzko kezkak partekatzeko. Bileran, haur eta nerabe ijitoei zuzenean eragiten dieten arazoetako batzuk jorratu dira. Beste urte batez, kezka gehienek Lanbidek di- ru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko moduarekin izan dute zerikusia, baita familia ijito batzuek etxebizitza duina edukitzeko zailtasunekin ere. Txosten honen 2.1. atalean dagoeneko aipatu denez, kontu horiek eragin nabarmena izaten dute familia horietan dauden haurren garapen-aukeretan, batzuetan, haur horiek urritasun handiko baldintza materialetan hazten direlako. Arartekoak arlo horietan egiten dituen jarduketak txosten orokorraren III.06. kapituluko 2. atalean azaldu dira hobeto.
Hezkuntza arloari dagokionez, erakundeek bekak eta beste ikasketa-laguntza batzuen kudeaketari –hain zuzen, laguntza horiek eskatzen dituzten familien errenta zehazteko moduari– loturiko zailtasunak aipatu dituzte, familia horiek ez baitute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenik aurkezten, ezta gizarte-prestaziorik jasotzen ere. Gai horren inguruan Arartekoak ofiziozko jarduera bat ireki du, txosten hau ixteko egunean amaitu gabe zegoena, txostenaren 2.2. atalean (hezkuntzarako eskubideari buruzkoan) dagoeneko aipatu den bezala.
Antolakundeek adierazi duten beste kezka bat, eta Arartekoa bat dator, euskal hezkuntza sistemak bereizgarritzat jotzen duen eredu inklusiboan antzemandako zailtasun edo mugei buruzko hausnarketa patxadatsua baina sakona egiteko beharra da. Eskola porrotaren eta eskola uztearen aurkako borroka, baita prestakuntza akademiko eta profesionala hobetzea ere, funtsezkoak dira ijitoen etorkizunerako. Ahaleginak egin arren, emaitzak oraindik ez dira nahikoak, hortaz, beharrezkoak dira hobetu behar diren esparruak aurkitzea eta, Hezkuntza Sailaren aldetik, neurri egokiak
abian jartzeko konpromiso irmoa. Gizarte-heziketarako esparruaren eragina agerikoa da; era berean, begi-bistakoa da ikasleen bereizteari edo hizkuntz ereduari buruzko hausnarketa egin behar dela.
Hezkuntza arloa utzi gabe, historian zehar gutxiengo etniko horrek jasan izan duen diskriminazioaren aurkako borrokan aurrera egiten ari delako seinale, jakinarazi behar da irailean Diputatuen Kongresuak aho batez onartu egin zuela ijito herriaren historia eskola-kurrikulumetan sartzea, elkarrekin bizitako mendeetan zehar bere presentzia eta bizitza sozial eta kulturari egindako ekarpena aintzat hartuz.
Bestalde, Bulego honen 2016ko txostenean aipatu zen dagoeneko gizarte-bazterketa egoeran zegoen ijito-familia batek, Gasteizko etxebizitza bat okupatu ondoren, auzo harreman txarrak zituelako esku-hartzea hasi izana. Erroldatzeko eta familiako adin txikikoak eskolatzeko arazoak gainditu arren, orduan jakinarazi genuenez, auzokideen aldetiko arbuioak jarraitzen zuen. 2017an egindako esku-hartzea, familia osoa eta ez bakarrik adingabeak xede izan duena, xehetasun handiagoz azaldu da txosten orokorraren
kapituluan, ijitoei eta gainerako kultura gutxiengoei buruzkoan. Esku-hartzea amaitzeko ebazpenean, dena den, Arartekoak aintzatetsi zuen Gasteizko Udalak lan handia egin zuela auzotarren beldurra eta eskaera aintzat hartuko zituen erantzuna emateko, familiaren gizarte-beharrak alde batera utzi gabe. Halaber, azpimarratu zuen komunitatean egin beharreko prebentzio-lanaren garrantzia eta gogorarazi zuen lurralde nazionalean zehar ibiltzeko eta bizitokia libreki aukeratzeko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasotakoa. Ebazpenak, gainera, hausnarketa egiteko gonbidapena luzatzen du: auzokoek adierazitako gaitzespen borobilak ea zer-nolako ondorio izan dezake eragindako haurren garapenean.
Azkenik, Arartekoak berriro adierazi du Gasteizen komunitateko esku-hartze soziala indartu behar dela, batik bat, auzo jakin batzuetan, eta azpimarratu du oso garrantzitsua zela komunitate-bitartekaritzako programak garatzea. Bestalde, adierazi du hausnar egin behar dela, gizarte demokratiko bati dagokion bezalaxe, gutxiengoen eskubideak errespetatzean oinarritutako bizikidetza hobetzeko asmoz ezarrita dauden mekanismoak erabiltzeko egokitasunaz. Arartekoaren iritziz, beldurrak desagertzea eta zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko bati dagozkion betekizunak sendotzea ahalbidetuko dute aipatutako neurriek.
Hedabide batzuek gatazka hori nola tratatu duten ikusita, aurten ere gai horretaz hitz egin behar dugu. Albiste batzuetan informazioa emateko helbururik ikusten ez denez gero, gizarteak arbuioz begiratzen die ijitoei. Horrek ez die laguntzen gure ordenamendu juridikoarekin bat datozen jokabideei eta jarduketei, eta ez dio mesederik egiten gizabanakoaren eta gizakiek osatzen duten taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragileak izatea lortzeko baldintzen sustapenari; era berean, ez ditu herritar guztiek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko oztopoak edo zailtasunak kentzen. Informaziorako eskubidea estu-estu lotuta dago egiatasunari eta interes orokorra kontuan hartu behar du. Gauzak horrela, informazio jakin batzuek kalte
handia egiten diete elkarbizitzan, diskriminazioaren aurkako borrokan eta gizarteratzearen arloan egindako aurrerapenei, eta eraginik gabe uzten dituzte interes orokorreko politika publiko jakin batzuk, horietan lan handia egin eta dirua inbertitu arren. Hori dela eta, Arartekoak nabarmendu nahi du gizarte-eragile publiko bakoitzaren garrantzia gutxiengoen eskubideak errespetatzen dituen eta bazterturiko taldeek gizartean aurrera egitea laguntzen duen gizarte justua eta bateratua eraikitzean.
Bukatzeko, Urumea ibaiertzean kokatutako kanpamenduan gizarteratzeko egin den erakunde arteko proiektua amaitu
da, eta hemen bildu da horren gaineko informazioa. Osatu egin da 2012an hasitako gizarteratzeko prozesua, familiei pixkanaka beste toki batean ostatu ematea eta beren txabolak eraistea ahalbidetu duena. Guztira, 91 familia izan dira eta, hasiera batean, Astigarragan eta Hernanin instalatu dira.
Arartekoaren iritziz, egindako esku-hartzeari esker, eragindako familiek aukera izan dute gizartean integratzeko eta lan-munduan sartzeko, baita beren seme-alaben gizarteratzea bultzatzeko ere. Eta hori egoerarekin zerikusia izan duten hainbat herri-administraziok borondatea erakutsi eta koordinaturik jardun dutelako izan da posible.
Atala
ENTZUNA IZATEKO ETA BERE IRITZIA KONTUAN HARTUA IZATEKO ESKUBIDEA: ARARTEKOAREN HAUR ETA NERABEEN KONTSEILUA
artikulua
1. Iritzi propioa izateko gai den haurrari Estatu kideek iritzia askatasun osoz azaltzeko aukera bermatuko diote, haurrari berari dagozkion gai guztietan, eta beti bere adin eta heldutasunaren arabera.
13. artikulua
1. Haurrak adierazpen askatasuna izango du, muga politikoak kontuan izan gabe; eskubide horren barruan sartuko dira edozein ideia edo informazio bilatu, jaso eta zabaltzea, bai ahoz, idatziz edo inprimakiz, modu artistikoan edo haurrak aukeratzen duen edozein modutan.
Haurren Eskubideen Hitzarmenak, Nazio Batuek 1989an onarturikoak, 18 urtetik beherako adingabeei informaziorako eta parte-hartzeko eskubidea aitortzen die, bai eta eragiten dieten arlo guztietan beren iritzia emateko eta beren iritzia kontuan hartua izateko eskubidea ere. Geure eginez haurrentzat eta nerabeentzat lan egitea garrantzitsua bada hein berean edo gehiago izango dela haiekin lan egitea, haien ahotsa, iritzia eta ikuspegia entzutea, parte hartzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak emateko bideak eskaintzea, 2010ean, Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseilua eratu zen, funtzio nagusi Arartekoari bereziki adingabeei zuzenean eragiten dieten kontu edo ekimenen inguruan aholku ematea zuela.
Haur eta Nerabeen Kontseiluak neska-mutilen begirada gaineratu nahi du Arartekoaren proposamenetan, haiekin ekimenak, material didaktikoak, proiektuak eta bestelakoak kontrastatu, eta haurrentzat edo nerabeentzat interesgarri diren edo haien eskubideen defentsari eragiten dieten alderdiei buruzko iradokizunak bildu. Erakundea gure haurren eta nerabeen ahotsa entzuteko eta parte hartzeko esperientzia eskaintzeko —behintzat horietako talde bati— apustu argia da.
Adingabeek erakundean modu egonkorrean parte hartzeko eta egoteko bide hori lehenago erabili diren (eta aurrerantzean erabiliko diren) beste bide batzuen osagarri da; halakoak dira, esate baterako, azterlanak, txostenak, foroak eta bestelakoak, bai eta bizitegi-baliabideetan harrera egin
zaien neska-mutilei egindako elkarrizketen esparruan sortutako eztabaida-taldeak ere.
Kontseilua hiru lurralde historikoetako DBHko 24 neska-mutilek osatzen dute. Neska-mutil horiek parte hartzeko barne-dinamiketan esperientzia duten hainbat ikastetxek proposatuta izendatu dira. Parte-hartzaileak hautatzeko eskakizunak hauek dira: gaitasun kritikoa izatea eta hausnartzeko, sortzeko eta berdinen artean eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko prest egotea, eta, batez ere, kontseiluan parte hartzeko eta inplikatzeko gogoa izatea. Nork bere iritzia adierazteko askatasun osoa izatea eta Arartekoak konfidentzialtasuna bermatzea dira kontseiluaren funtzionamenduaren oinarrizko arauak.
2014an, kontseiluak ikasturte osoan zehar egin beharreko lanaren haria izateko gaiak jorratzea erabaki genuen. Horrela, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 25. urteurrenak eraginda, kontseiluaren lanak hitzarmenean aintzat hartutako haurren eskubideak zabaltzen eta sustatzen lagundu ahal izatea jarri genion geure buruari helburutzat, egunerokotasunetik aztertuta eskubide horiek, bizi dugun eta egun normaletan gertatzen zaigun horretatik abiatuta. Dinamikaren arrakasta ikusita, formula berberari eutsi diogu Kontseiluak datozen ikasturteetan egin beharreko lanerako.
Gure xedea bikoitza da: alde batetik, gure kontseiluan parte hartzen duten neska-mutilek giza eskubideak eta eskubide zehatzen bat ezagutzea bilatzen dugu, eta horien gainean sakondu eta hausnartu dezatela; eta, bestetik, euren hausnarketak ikus-entzunezko produktu batean isla ditzatela nahi dugu, beren ideiak eta mintzaira erabilita, berdinen artean eta parte-hartzaileak baino gazteagoak diren neska-mutilen artean eskubideen kultura zabaltzeko balio dezan.
Hurrengo paragrafoetan, 2017ko saioetako lana laburbilduko dugu.
Urteko lehenengo bilera Donostian izan zen, otsailaren 18an, Aieteko Jauregian kokatutako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean.
Aurtengo lehen bilera honetan, ekin genion neska-mutilek ikastaro horretan garatzeko aukeratu zuten gaia jorratzeari:
entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea.
Metodologia dinamikoa eta bisuala erabiliz (kontzeptuak kartoizko adreiluekin eta helioz beteriko globoekin eraikuntza egiten) kontseilariek elkarrekin hausnartu zuten beren bizitzan hainbesterako eragina duen oinarrizko eskubide horren gainean. Eskubidea agerian jartzen den eguneroko esparru edo testuinguruak –familia, ikastetxea, lagun taldea eta bikotea, eta testuinguru zabalagoak, hala nola gizartea edo politika– sakonki aztertu zituzten eta hobekuntza-proposamenak bota zituzten eskubidearen presentzia areagotzeko.
Urteko bigarren topaketa, 2016/2017 ikasturteko azkenengoa, Bilboko Kastrexana gazte ostatuan egin zen, ekainaren 10ean.
Kontseiluak ikastarorako proposatutako betebehar luze eta zirraragarrienari eskaini zion egunaren zati handiena: haur eta nerabeen eskubideak –kasu honetan, entzunak izateko eta beren iritzia kontuan hartua izateko eskubidea– hedatzeko ikus-entzunezko materialerako gidoia prestatzea, eszenak entseatzea eta materiala grabatu eta muntatzea. Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren artikulu garrantzitsuenetako bat da hura eta baita berritzaileenetako bat ere; izan ere, historian lehen aldiz zehazten du neska-mutilak eskubideak dituzten subjektu direla eta ez soilik babesa behar duten objektu. Horrek esan nahi du, funtsean, ahotsa dutela eta haiei eragiten dieten gai guztien gainean erabakiak hartzeko orduan kontuan hartu behar direla.
Harreman demokratikoagoak elikatzen dituen dinamika horretan guztiok irabaziko dugu: mutilak eta neskak, gaur egungo pertsona gisa aitortuko baitira eta entzute nahiz
errespetuan oinarritutako harremanetan jardungo dute; gizartea, orain arte isilarazita zegoen herritar-zati baten iritzia nahiz ikuspegia aberastuz.
Ikastaroan zehar egindako lana amaitzeko egindako bideoan Kontseilua osatzen duten neska-mutilek zuzenean hitz egiten dute eta biribiltasunez aldarrikatzen dute: Entzun! Neska-mutilen hausnarketa prozesuaz eta lan guztiaren amaierako emaitzaz oso harro gaude.
Ikasturteko azken saio horretan kontseilari batzuk ere agurtu genituen; izan ere, bi urte eman eta gero, gurekin egindako ibilbidea bukatu zuten, eta neska-mutiko berriei lekua utzi diete.
2017. urteko azken bilera, 2017/2018 ikasturteko lehenengoa, azaroaren 25ean egin zen, Gasteizko Montehermoso jauregian, eta hamahiru kontseilari berrien lehen harremana izan zen.
Kontseilu berriaren lehenengo bileran, ikastaroan heziketa afektibo-sexuala lantzeko proposamena egin zitzaien parte-hartzaileei. Horrela, heziketa afektibo-sexualaren inguruko hausnarketa gunea sustatu nahi dugu, parte-hartzaileak, euren eguneroko bizitzan, aldaketaren eragile bihur daitezen eta elkarrekin landutako ezagutzak eta gogoetak nahi duten tokira eraman ditzaten. Erakunde honi interesatzen zaio neska-mutilekin haurren sexu-abusuei buruz hitz egitea, zeharka eta prebentzio moduan bada ere, erakundea kezkatzen duen gaia delako eta hurrengo urteetan aztergaia izango delako.
Ikastaroaren hurrengo saioetan, 2018. urtean zehar egingo direnetan, gai horietan sakonduko dute.
artikulua
Estatu kideek hitz ematen dute Hitzarmenaren printzipio eta arauak jakinaraziko dizkietela modu eraginkor eta egokietan bai helduei bai eta haurrei ere.
2017an, fruitua eman dute Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoa European Network of Ombudspersons for Children ENOC sareko kide bihurtzera bideratutako ahalegin guztiek.
Haurrentzako Defentsa-bulegoen Europako Sarea 1997an sortu zen eta, gaur egun, Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak defendatzeko 42 erakundek osatzen dute. Sarearen helburu nagusiak:
Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena ahalik eta modu osatuenean ezar dadin sustatzea.
Taldeko ekintzari sostengua ematea, Europako herrialdeetako politika publikoetan haur eta nerabeen eskubideak kontuan har daitezen.
Informazioa, ikuspuntuak eta estrategiak partekatzea.
Haur eta nerabeentzat eraginkorrak diren bulego burujabeak gara daitezen bultzatzea.
Haurrek eta nerabeek parte hartzeko organoa ere sortu da, ENOC sareari atxikitakoa: ENYA –European Network of Young Advisors– ekimena, ENOCen jardueran haur eta nerabeen partaidetza bultzatzeko. Horrela, haur eta nerabeei aukera ematen zaie entzunak izateko eta beren iritzi eta proposamenak beren herrialdeetatik haratago ezagutarazteko.
Sareak urtean behin Biltzar Nagusian biltzen da, kideek proposatutako eta adostutako gaiak eta edukiak lantzeko. Urteko biltzarra aprobetxatuz, herriaren defendatzaileek to-
paketa luzatu egiten dute, eduki horiei buruzko informazioa partekatzeko, elkarrizketan aritzeko, esperientziak eta gogoetak trukatzeko.
Sareko kide bihurtu eta gero, irailean, Helsinkin antolatutako ENOCen 21. urteko konferentzian eta biltzar nagusian parte hartu zuen Bulegoak. Finlandiako Haurren Defentsa-erakundeak antolatuta, aurten honako gai honi heldu zaio: “Harremanen eta sexualitatearen arloko heziketa: haurrek informazioa jasotzeko duten eskubidea gauzatzea”. Gaia Osasunaren Mundu Erakundearen 2010eko erreferentzia-dokumentua abiapuntu hartuta landu da eta amaitzeko, baterako aitorpena eman da. Konferentzia elkartzeko eta hausnartzeko gunea izan da eta Europako hainbat herrialdetan bizitako esperientziak ezagutzea ahalbidetu du. Laneko egitarauan sartu da Helsinki inguruko ikastetxe eta haurtzaindegi batzuk bisitatzea.
Kide guztiek urtean zehar partekatzen duten jarduera orokor horretaz gain, ENOCek, interesdunek osatzen dituzten gaikako lantaldeen bitartez, sustatu eta ahalbidetu egiten du herriaren defendatzaile batzuei eragiten dieten gai eta arazoei buruzko lana. Adibidez, haur eta nerabe migratzaileei buruzko lantaldea osatu da eta Arartekoa parte-hartzaile aktiboa izan da. Azaroan Atenasen egindako topaketak Safeguarding and protecting the rights of children on the move: the challenge of social inclusion izenburua zuen eta Greziako Ombudsman eta UNICEF Greziak antolatu zuten. Prestakuntza-lan handia egin ondoren, hau da, erakunde parte-hartzaileen lurraldeetan informazio sistematizatua bilduta, gomendio asko onartu egin ziren (oraindik ez dira argitaratu). Erakunde parte-hartzaileek konpromisoa hartu zuten gomendio horiek dagozkien eskualdeetan zabaltzeko.
Aurreko atalean aipatutako helburuak –informazioa, ikuspuntuak eta estrategiak partekatzea– haur eta nerabeei buruzko bilera egitea bultzatu du, autonomia-erkidegoetako herriaren defendatzaileekin, batik bat, Haurrentzako Bule-
gorik edo antzeko organorik duten horiekin. Horiek horrela, Síndic de Greuges de Catalunya-ren, Andaluziako Herriaren Defendatzailea-ren haur eta nerabeen atalak eta Arartekoaren erakundekoa Bilbon bildu ziren, oso intentsiboa eta emankorra gertatu zen lan-mintegian.
Aldian-aldian egin nahi den lehenengo topaketa horretan, denbora luzea eman zen babesik gabeko edo babesik gabe geratzeko arriskuan haurrek administrazio publikoetan jasotzen duten arreta aztertu eta baloratzen. Izan ere, hutsuneak edo funtzionamendu txarrak antzeman ziren eta autonomia-erkidego bakoitzean erabiltzen diren jardunbide egokiak lehen eskutik ezagutzeko aukera egon zen. Bigarren eduki multzoan, antzemandako premiak eta azken urteotan egindako jarduketak jorratu ziren, elkarrengandik ikasteko asmoz.
Arartekoak eta, dagozkion kontuetan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak, bere ekintza-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari, bai haur eta nerabeen eskubideak dibulgatuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera ahulean dauden adingabeen sektoreentzat diren baliabide jakin batzuk kudeatuz.
Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan eta abar.
Arartekoa harremanetan egoten da haur eta nerabeen eskubideak defendatzen dituzten erakundeekin, hala nola Save the Children eta UNICEF, Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordea eta, estatu mailan, Haurren Erakundeen Plataforma bezalakoekin. Harreman horiek ohikoak eta jarraituak dira.
Bestalde, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak haur eta nerabeen bizitzako arlo guztiei buruz landutako ikuspegiarekin bat, Arartekoaren erakundean bereizita dauden atal desberdinekin batera lanean ari da, adingabeen egoera edo arazoei ikuspuntu osagarrietatik heltzeko. Izan ere, desgaitasun, mendetasun eta osasun arloetako koordinatzaileak dagozkien sektoreetako erakundeekin harremanetan daude, eta batzuetan, aurten bezala, ACABE, Ausartak Elkartea eta Munduko Medikuekin ere, haur eta nerabeen osasunarekin eta autonomiari laguntzeko beharrekin zerikusia duten gaiei heltzen diete.
Ildo beretik, familia arloko arduradunak arlo horretako erakundeekin harremana dauka, aurten, Hirukide, Kidetza eta MSPE (bikotekiderik gabe ama izatea aukeratu duten emakumeen elkartearekin).
Hezkuntza atala Urduñako Eskola Publikoko guraso elkartearekin bildu da.
Ijito herriaren erakundeekiko bileran, Gao Lacho Drom, Kamelamos Adiquerar, Kale Dor Kayico, AMUGE, Ijitoen
Idazkaritza fundazioa, Sin Romi, I Romi bezalako elkarteen ordezkariak agertu ziren. Horrez gain, ohikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluko Idazkaritzarekin harremanetan egotea.
Babesik gabe dauden haurrei dagokienez, 2017an, batzuetan, egoitza-baliabideetan egindako bisitaldien markoan edo beste arrazoi batzuk direla medio, Urgatzi, Zabalduz eta Landalan elkarteekin bilerak egin dira.
Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional eta/ edo baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia. Giza Eskubideen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua.
Gizarte Politiketako Sailburuordetza.
Familia Politika eta Aniztasunaren Zuzendaritza.
Biltzen zerbitzua.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.
Hezkuntzako Ikuskaritza.
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetza.
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua.
Gizarteratze Zuzendaritza.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Gazteria zuzendaria.
Hiru foru aldundietako Gizarte Ekintza / Gizarte Politika / Gizarte Zerbitzuen sailetako haurren zerbitzuetako arduradunak (baita zerbitzu, programa eta baliabide batzuetako arduradunak ere).
Emakunde. Erakundeen arteko talde teknikoa.
Beasain, Lazkao eta Gasteizko udalak.
Bilera horien testuinguruan, edo, hain zuzen ere, bilera horien ondorioz, Arartekoaren erakundeak politika publikoak eragin dituzten planak, protokoloak edota estrategiak berta-
tik bertara jakin ditu, eta zenbait egoera kezkagarri erakunde eskudunei jakinarazi dizkie, artatu beharreko beharrizan gisa formulatuta, edo esku-hartzean eskubideak bermatzea zehazte aldera.
Arlo honi dagokionez, aipatu behar da Arartekoak gonbidapena jaso duela dekretu batzuk lantzeko prozesuaren baitan egiten den entzunaldi-izapidean parte hartzeko. Erakundeak gonbidapenari eman dion erantzuna hemen jaso dugu. Ondo jakina denez, 3/1985 Legeak, erakunde hau arautzen duenak, eginkizunen artean ez du jasotzen dekretuak informatzea. Hala ere, argi dago araudi berri bat lantzeko unea aukera paregabea dela euskal politika publikoak egituratzen dituzten neurriak eraikitzen eta hobetzen laguntzeko. Hori guztia dela eta, araudiaren zirriborroari buruzko txostenik igorri gabe, lantzen ari den arau-proiektuari buruzko edo horri loturiko kontu batzuk helarazten dira, herritarren kexak izapidetzean, ofiziozko ikerketetan edo lan-eztabaidaguneetan antzeman, aztertu eta jaso direnak. Hitz batez, Arartekoak gaiaren inguruan orain arte adierazi dituen iritzien bilduma.
Formatu apur bat desberdinean, aurrez aurreko bilera asko, mintegi moduan, eskatzen dituen hausnarketa prozesua denez, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak, aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiarazi zuen eskola-kirolaren eredua berrikusteko lanetan parte hartzen jarraitu du. Berriz ere, dagokien eginkizuna betez, ekarpenak ez dira ereduak izango duen itxura zehatzari buruzkoak, baizik eta haur eta nerabeen eskubideen ikuspegia sartzean jartzen da arreta.
Elkarte eta erakundeekin kolaboratzeko marko horretan zein Arartekoaren erakundeak berak gidatutako ekimenak izateagatik, arartekoak berak edo erakundeko langileek adingabeei lotutako hainbat foro eta topaketan parte hartu izana nabarmendu behar da, gure erkidegoan zein gure erkidegotik kanpo. 2017ko parte hartze nabarmenenak eta orain arte dokumentu honetan aipatu ez direnak honako hauek dira:
ü COEGI. Haurren eta nerabeen buru desoreka larria: laguntza osatua izateko beharrezko baliabideak. Donostia.
ü Diputatuen Kongresuko Haurren Batzordea. Haurrak babesteko sistemaren erreforma eta dagozkion erronkak. Madril.
ü ASAFES. Profesionalentzako topaketa teknikoa. Buru gaixotasun bat duten nerabeen eta beraien familien errealitatea Arabako Lurralde Historikoan. Gasteiz.
ü Gure Sarea Elkartea-EHU. Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten. Leioa.
ü Bizkaiko Foru Aldundia. Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saila. Giza salerosketari buruzko mintegia. Bilbo.
ü Caritas Gipuzkoa. Babesik gabeko haurrak eta heziketa. Donostia.
ü Erandioko Udala. Bitartekaritzari buruzko istorio bat.
Erandio.
ü UNICEF Euskadi – Gasteizko Udala. Berdintasuna haurtzaroan. Gasteiz.
ü Urgatzi taldea. Haurtzaro babestua. Posible al da beste Ikuspegi bat? Bilbo.
ü ABIPASE. Gurasoen erantzunkidetasuneko V. jardunaldiak. Bilbo.
ü Gasteizko Udala. Adituen taldean parte hartzea Gasteizko Haur eta Familientzako II. Planari loturiko azterketa-diagnostikoa.
ü Osakidetza. Arabako Buruko Osasun Sarea. Sarearen planifikazio estrategikoa lantzeko World Café-n parte hartzea. Gasteiz.
Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu izanaren ospakizunaren karira, azaroaren 20an, Arartekoak adierazpen instituzionala eman zuen eta gogorarazi zuen neska-mutilak, batez ere, GAUR EGUNGO herritarrak direla, oraina bizitzeko eta gizarte honetan erabat parte hartzeko eskubidea duten pertsona osoak. Arartekoaren iritziz, “modu bakarra dago bizikidetzarako komunitate zuzen eta elkartasunezkoa eraikitzeko: Euskadi deitzen dugun lurralde honen historia orain partekatzen ari garen GUZTION balioa aintzat hartzea”.
Atala
HAUR ETA NERABEEN ESKUBIDEEN EGOERA BALORATZEA
2017an, haurren eta nerabeen presentzia edo tartean egotea argi eta garbi aipatu duten kexei dagokienez, guztira 492 espediente izan dira, hau da, Arartekoan aurkeztutako kasu guztien % 16,37. Zenbaketa horretan sartuta daude, batetik, alde batek eskatuta bideratu diren kexa-espedienteak (478), norbanakoek edo elkarteek aurkeztutakoak, horretarako ezarritako bideetako bat erabiliz (bulegoak, webgunea, posta elektronikoa); eta bestetik, erakundeak bere kabuz hasi dituen ofiziozko espedienteak (14), haur eta nerabeen talde batzuk ahultasun egoeran daudela edo beraien premiei behar bezala erantzuten ez zaiela susmatzen denean, egoera horiek aztertzeko eta horien bilakaera ikusteko.
Martxoan, erakunde honek, Espainiako estatuak (eta administrazio guztiek, autonomia-erkidegoko, foruko eta tokikoek barne) zenbateraino betetzen duen (duten) Haurren Eskubideen Konbentzioa jakiteko egindako jarraipenaren baitan, txosten bat aurkeztu zion Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordeari. Haurren eta nerabeen bizitza garatzen den eremu desberdinen azterketa kualitatiboa, beren eskubideen ikuspegitik, txosten horri loturik azalduko da aurten. Arartekoak aurkeztutako txostenean, Espainiako
V. eta VI, txostenak osatzekoan, baloratu dira Batzordeak Estatuari azken Oharrak helarazi zizkionetik (2010) Euskadin arlo horretan egindako aurrerapausoak eta egin gabe dauden erronkak. Hori dela eta, balorazioari buruzko kapitulu hau toki egokia da aipatu txosteneko eduki nagusien sintesi bat aurkezteko. Aldi berean, kapitulu honetan jasoko dira Bulegoaren txostenek normalean aipatzen ez dituzten kontu batzuk. Egiturak ere Batzordeak proposatutakoari jarraitzen dio.
Ezartzeko neurri orokorrak
Legeria
2010-2017 aldian lege autonomiko garrantzitsu batzuk onartu ziren, hala nola Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea, Etxebizitzaren Legea edo Adikzioen Legea. Hala ere, ahalegin handienak lehendik onartuak ziren legeak garatze-
ko egin dira. Izan ere, horietako batzuek, nahiz eta haur eta nerabeentzat garrantzi berezia izan, garatu gabe zeuden eta, hortaz, ez zuten babestutako eskubidea eskuratzeko modua zehazten, ezta benetan betetzea bermatzen ere.
Legegintza esparruan, aipatu behar da euskal legedia oraindik ez dela eguneratu, uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa eta uztailaren 28ko 26/2015 Legea indarrean jarri arren; bi lege horiek haur eta nerabeak babesteko sistema aldatzen dute. Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea eguneratzeko prozesua 2019an abiatuko dela aurreikusita dago; dena den, nabarmengarria da aipatu euskal legediak (eta ondorengo garapenak) dagoeneko jasotzen zituela gero estatuko legeetan (egun indarrean daudenetan) sartu diren gaietako asko.
Denbora askoz gehiago behar izango da 8/2015 Lege Organikoan jasotako printzipioa –haurraren interes gorenari buruzkoa– babesaren gaiarekin zerikusi gutxiago duten beste legedi batzuetan sartzeko. Horrelako legeak idazteko orduan printzipio hori aintzat hartu ez izana ez dirudi oso koherentea Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin. Haur eta nerabeen eskubideak gauzatzeko oztopo nagusia, hala ere, ez da legeak formulatzeko moduaren ondorioa, baizik eta horretarako bideratutako baliabideak eta aurrekontuko diru-hornidurak.
2.2. Baliabideen esleipena
Zaila da jakitea zehazki zein den autonomia-erkidegoko eta tokiko aurrekontuetan haurren arloan jarduteko esleitutako zenbatekoa. Hezkuntzaren edo familiaren arloetan esleitutako diru-kopurua zenbatzea erraza bada ere, badaude beste baliabide asko idazpen orokorretan sartuta, hala nola Osasunean, Gizarte zerbitzuetan, Kulturan eta abar, eta horiek ez dira erraz identifikatzen.
Edonola ere, dirudienez gaindituta dagoen estualdi ekonomikoan, haur eta nerabeen kontuetara bideratutako baliabideak ez dira beste adin talde batzuen beharrizanetara bideratutakoak baino gehiago murriztu. Baina aldi berean ez dira proportzionaltasunez igo, haur eta nerabeen artean dauden pobrezia tasak -gizartearen aldeanhandiagoak izan arren.
Datuak
Euskadin dagoen Haur eta Nerabeen Behatokiak, 2010ez geroztik, eguneratua mantentzen du EAEn haurren eta nerabeen errealitateari jarraipena emateko adierazle-sistema, askotariko arloekin (familia, hezkuntza, osasuna eta abar) zerikusia duten bigarren mailako iturrietatik (estatistika iturri ofizialak) eskuratzen diren adierazleen kopuru nabarmenak osatutakoa. Adierazleak hautatzerakoan aintzat hartu da, besteak beste, datuek aldian-aldian jasotzeko modukoak izan, eta estatu eta Europa mailako errealitateekin analisi konparatiboak egitea ahalbidetu behar dutela. 2016an, adierazleen multzoa berrikusi egin zen, alde batetik, ea erkatzeko modukoak ziren ikusteko, eta bestetik, horien kopurua murrizteko, argi baitzegoen gehiegi zirela behar bezala kontrolatzeko. Une honetan, sistemak 110 adierazle ditu eta kopuru hori oraindik gehiegizkoa dela ematen du, sistema eraginkorra izateko. Adierazle horien bidez jasotako informazioa 2018ko bigarren seihilekoan berriz eguneratuko dela aurreikusita dago.
Konparagarritasunaz gain, adierazle-sistemak beste arazo batzuk ere baditu: alde batetik, gaurkotzea, estatistika eragiketa garrantzitsuenen aldizkakotasunaren ondorioz ez baita posible beti azken datuak eskuratzea; eta bestetik, informazioaren iturritzat jotzen diren estatistika eragiketa horiek adinaren arabera sailkatzea, batzuetan sailkapena ez baita nahikoa edo ez da berdin egiten. Arazo horren berri estatistika ofizialak lantzeaz arduratzen den autonomia-erkidegoko sailari eman beharko litzaioke.
Haur eta nerabeei buruzko plan baten premia
Euskadik ez du plan berezirik haur eta nerabeei dagokienez. Hala ere, honako hauek badaude: Familiei laguntzeko Plana, EAEko haur eta nerabe guztiei eragiten dieten sektoreko planak –adibidez, hezkuntza arlokoa–, edo haurrentzako planak, hau da, foru aldundietako gizarte-zerbitzuen plan estrategikoak, babesik gabe geratzeko arrisku larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak barnean hartzen dituztenak. Oro har, plan horiek helburuak zehaztu, neurriak ezarri eta adierazleak formulatu egiten dituzte. Batzuetan, arduradunak izendatzen dituzte, baita aurrekontu-baliabide espezifikoak esleitu ere.
Haur pobreziari dagokionez, azken urteotan egindako azterketen arabera, haur eta nerabeei buruzko plan osatu bat aldarrikatzen zutenak gero eta gehiago zirenez, Eusko Jaurlaritzak (2015. urtearen amaieran) familietan eta haurtzaroan inbertitzeko estrategia bat iragarri zuen, erakundeen artekoa, egonkorra eta irismen handikoa, haurren eta familien aldeko herri-itun baten bitartez. Arartekoak 2017an jakin duenez, ituna itxura hartzen ari da. Besteak beste, haur pobrezia prebenitzea eta berdintasuna berrezartzea ditu helburu. Arartekoa erne egongo da ikusteko ekimena nola gauzatzen den eta ea haurren arazo nagusiei erantzuten dien ala seme-alabak dituzten familiei laguntzeko beste plan bat den, haurrak babesaren xedetzat hartzen dituena.
Koordinazioa
EAEko politikaeta administrazio-egitura dela eta, ezinbestekoa da Euskadiko Administrazio Orokorra lurralde historikoekin elkarlanean eta koordinaturik aritzea, batez ere, eskumenak hiru erakunde mailen artean banatuta dituzten sistema publikoetan (horien baitan daude haurrak babesteko sistemak). Zailtasun eta/edo disfuntzio horietako batzuk 2016ko txosten berezian jaso dira, hain zuzen, udal gizarte zerbitzuen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak. Gomendioen atalean proposamen bat emateko saiakera jaso da.
Sistema publikoaren arlo desberdinen arteko koordinazioari dagokionez, aurrerapausoak eman dira “partekatzen” diren esparru batzuen egituratzeko bidean, hala nola arlo soziosanitarioan, edo gizarteeta hezkuntza-arloko lankidetza-protokoloak lantzean; azken horiek, oro har, lidergoari dagokionez, ahultasuna dute ezaugarri, baita baliabideak esleitzeko zailtasunak ere.
Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren zabalkundea eta eskubideak sustatzea
Erakunde honen esperientziaren arabera, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak jarraitzen du Euskadin ezezagun handia izaten, bai haur eta nerabeen artean, baita helduen artean ere. Datu adierazgarria da konbentzioaren euskarazko bertsio ofizialik ez izatea, eskualdeko hezkuntzaren portzentaje handia hizkuntza horretan ematen den arren. Arartekoak Eusko Jaurlaritzan haurrei buruzko politiketan eskuduna den sailari helarazi dio konbentzioaren euskarazko itzulpen ofiziala izateko premia.
Printzipio orokorrak
Nabarmenak dira diskriminazioaren aurkako borrokan egindako aurrerapenak. 2015ean, abian jarri zen Eusko Jaurlaritzak sustatutako Eraberean sarea, arraza, etnia edota nazio jatorriak, zein sexu-orientazioa eta -identitateak eta genero identitateak eragindako diskriminazioari aurre egiteko. Hasiera batean, barnean hartzen ditu haur eta nerabeak, baina, egia esateko, ibilbidearen lehenengo urtean, salatutako 24 kasuetako batek ere ez zituela adingabekoak aipatu.
Haur eta nerabe ijitoei eragin dieten Arartekoaren jarduketetan, aurten, berriz ere, izendatzaile komun bat egon da; izan ere, jarduketa horiek guztiek izan dute zer ikusia bizikidetza-gatazkekin edo auzokideekiko harremanekin. Oro har, egoera konplexuak dira, gizarte bazterketa eta marjinaltasun handia oinarri dutenak, eta urteetako bilakaera izan dutenak. Horiei lotuta, esku-hartze anitz egin dira, eta askotariko ondorioak izan dituzte horiek. Familia horietako haur eta nerabeei dagokienez, begi-bistakoa da normalean haurren babesgabetasun egoeretarako erabiltzen diren neurriak ez direla eraginkorrak.
Beraz, beharrezkoa da elkarrekin hausnartzea lankidetzako erantzun desberdinen inguruan; erantzun horietan, erakundeeta gizarte-eragile desberdinek elkarrekin lan egingo dute partekatutako helburuetatik abiatuz.
Aldi berean, premiazkoa da hedabideek ematen duten ijitoen eta, zehazki, haur eta nerabe ijitoen irudiaren inguruko gizarte-hausnarketa egitea. Haurrak biktima gisa hartu ohi dira eta nerabeak hausle gisa; tratamendu hori asko areagotzen da. Izan ere, neska eta mutil ijitoen kasuan, oso gutxitan ematen dira horien inguruko berriak modu positiboan eta ez dira eskubide-subjektutzat hartzen.
Amaitzeko, diru-sarrerak bermatzeko sistemari eta etxebizitzaren esparruari buruzko kexek agerian utzi dute ijito familietan bizi diren haurren bizi-baldintzen zailtasuna. Azterlan ugarik erakusten dutenez, gabetasun egoerak, urritasun ekonomiko eta materialari lotuta, eragin nabarmena izaten du haur horien garapen-aukeretan eta aukera-berdintasunean.
Hezkuntzaren esparruan, egindako ahaleginak gorabehera, ekitateari dagokionez, emaitzak ez dira nahikoak. Eskola porrotaren eta eskola uztearen aurkako borroka, baita prestakuntza akademiko eta profesionala hobetzea ere, funtsezkoak dira ijitoen etorkizunerako, eta horrek hobetu behar diren aldeak antzematea eta Hezkuntza Sailaren konpromiso irmoa –neurri egokiak abiarazteko– eskatzen ditu. Arartekoak, bere aldetik, oraindik ez du itxi bekak eta beste ikasketa-laguntza batzuk eskuratzeko zailtasunei buruzko ofiziozko ikerketa, eta arretaz jarraitzen die gizarte-bereizkeriaren eta horri loturiko desabantailaren arazoei.
Aipagarria da azken urteotan sexu orientazio edo genero portaera ez normatiboak dituzten haur eta nerabeak eta beren familiak ikusarazteari eta haiei ematen zaien arretari dagokienez egindako aurrerabidea. Arartekoaren erakundean kezkatuta gaude laguntza publikoak zehatzeaz, haurren eskubideei hobeto egokituak izan daitezen. Laguntza horiek, oro har, 14/2012 Legearen babesean ezarri dira, pertsona heldu transexualentzat. Era berean, kezkatuta gaude genero-adierazpen edo -identitate anitzak dituzten edo genero-jokabide ez arautuak bizitzen ari diren haurrek gutxietsita dituztelako beren eskubideak, baita pertsona gisa modu askean eta erabat garatzeko ahala ere, helduak ados ez jartzearen edo behar bezalako orientabiderik ez edukitzearen ondorioz (senideak, ikastetxea eta/edo herri-administrazioak). Horregatik, Arartekoak uste du funtsezkoa dela arlo honetan esku hartzeko eskumena duten erakundeen arteko estrategiak adostea eta irizpide argiak ezartzea, euren jardueren oinarri haur eta nerabeen interesa eta eskubideak hartuz, hori guztia, haurrak babesteko legeek eta araudiak ezarritakoari jarraiki (adingabearen interes gorena, bere iritzia emateko eskubidea, etab.), eta LGBTIren eskubideak babesteko nazioarteko eta hemengo tresnetan jasotako printzipioekin, edota emakumeen eta gizonen berdintasunerako legedian ezarritakoarekin bat eginez.
Adingabearen interes gorenaren printzipioa eta entzuna izateko eskubidea, horiexek dira, haurrak eskubide-subjektutzat hartzeari dagokionez, Haurren Eskubideen Batzordeak proposatutako paradigma aldaketaren gako nagusiak. Gauzak horrela, hala ere, haur eta nerabeei eragiten
dieten erabakiak hartzen diren esparruetan ikuspegi hori ez da behar bezala aintzat hartzen.
Eskubide horiek ez dira ezagunak, ez dira aplikatzen eta ez daude araudietan jasota, alde batera utzita, agian, gizarte zerbitzuen sistema eta, bereziki, babesgabe dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak, eremu horietan sarriago hartzen baitira kontuan aipatutako planteamenduak. Ondorioz, profesionalak ere ez dira gai horiei behar bezalako arreta emateko.
Entzuna izateko eskubidea dela-eta, oraindik ere zorrotzegi jarraitzen zaie “izatekotan, 12 urtetik aurrera” dioten xedapenei; hots, 12 urtetik aurrera entzuten zaie haurrei. Gainera, haurra entzuteko betebeharra aintzat hartzen denean ere, normalean, denborari eta tokiari dagokienez, heldua balitz bezala egiten da, horrek entzunaldiaren kalitatean –eta beraz, haurraren iritzi eta/edo erabakian– izaten duen eragina kontuan hartu gabe. Ez da haurren garapen ebolutiboaren ondoriozko desberdintasunen araberako egokitzapenik egiten, eta haurra zenbat eta txikiagoa den, egoera orduan eta larriagoa izaten da.
Gauzak horrela, eskubide horiek –batez ere, legedian 2015ean izandako aldaketan xedatutako lege-betebeharra– zabaltzeko ahaleginak areagotu behar dira. Aldi berean, ezinbestekoa dirudi arlo eta sistema publiko desberdinetan (justizia, osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, diru-sarrerak bermatzeko sistema, kultura eta abarretan) lanean diharduten profesionalei prestakuntza –oinarrizkoa eta aurreratua– ematea.
Azken urteetan, zenbait mugimendu sortu dira; horietan, udal mailako gai publikoen inguruko erabakiak hartzerakoan, neska-mutilen ahotsa hartzen da kontuan. Askotariko ekimenen inguruan (batzuk UNICEFek sustatutako Haurren Lagunak diren Hirien Sarearen baitan eta beste batzuk Tonuccik sustatutako Haurren Hirien Sarean, Euskadin “Umeen Hirien Sarea” izena hartu duenean), udal batzuk haur eta nerabeek parte hartzeko organo eta dinamikak prestatzen hasi dira. Gutxi dira oraindik eta hasi berri daude baina benetako interesa dutela erakutsi dute, eta denborak aurrera egin ahala egonkortzen joateko beharrezkoak diren baliabideak dituzte. Bestalde, udal horietako batzuk lurraldeko handienak direnez, esperientzia areagotu egiten da eta erreferentzia bihur daitezke.
Horregatik guztiagatik, berriz ere eskatzen ditugu parte hartzeko bide erreal eta egonkor gehiago; haurrak eta nerabeak entzutera bideratutako denborak; mekanismo egokiak; metodologia erakargarriak eta abar. Horiek bermatu behar dute adingabeek horien bizitzan eragina duten eremu desberdinetan parte hartzen dutela.
Eskubide eta askatasun zibilak
Arartekoaren txosten berezian (E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea) ondorioztatu denez, haur eta nerabeek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko orduan topatzen duten oztopo nagusia beren familien eko-
nomia-egoera da, hortaz, gizarte-zailtasunak dituzten familietako haurren kasuetan arrakala digitala agertzeko arriskua antzeman daiteke. Duela gutxi argitaratutako UNICEFen txostenak, “Arrakala digitalaren haurrak Espainian”, baieztatu du gaur egun hori horrela dela, ondorioztatu baitu arrakala digitalaren eragina jasaten duten haur eta nerabeak ijitoen eta etorkinen komunitatekoak, desgaitasuna dutenak, LGBTI kolektibokoak eta babes-zentroetan bizi diren haurrak direla. Aldi berean, “ziberjazarpenaren” eta Interneteko gorrotoaren diskurtsoaren biktima nagusiak dira Espainian. Txostenaren arabera, haurren arteko Interneten erabileran pisu handiena duen aldagaia hileroko diru-sarrerak dira, hau da, familien estatus sozioekonomikoa.
Teknologia horiek erabiltzeak berekin dakarren arriskuari dagokionez, lehenago aipatutako txostenean Arartekoak gomendatu du Interneten erabilera segurua sustatu behar dela, ikuspegi global eta barneratzailetik: 1) adingabeekin zein hezkuntza komunitateko gainerakoekin (irakasleak, gurasoak) lan egin behar da, hedapena, sentsibilizazioa eta prestakuntza abiapuntu izanik; 2) garatzaile, eduki sortzaile eta webaren garapenean, arlo publikoan zein pribatuan parte hartzen duten bestelako profil, erakunde eta organismoren aldetik web seguruago bat sortzeko konpromisoa bilatu behar da. Laburbilduz, oreka aurkitu behar da, alde batetik, gizarte sareen berrikuntzaren eta aukera paregabeen, eta bestetik, pertsona guztien eskubideak bermatzeko beharraren artean. Horretarako, ezinbestekoak dira informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra. Hitz batez, heldutasun digitala behar da, pertsona guztiek gailu mugikorren, Interneten eta gizarte sozialen aukera izugarriak beren pribatutasuna, intimitatea eta irudia arriskuan jarri gabe erabili ahal izateko eta benetako komunitate digitala eraikitzeko bidean elkarrekin aurrera egiteko.
Komunikabideei dagokienez, Arartekoa kezkatzen duena ez da haur eta nerabeek informazioa eskuratzea
–gehienetan egokia baita–, informazio hori erabiltzeko modua baizik. Eztabaidagune, topaketa eta lan-mintegietan behin eta berriz egiaztatu da haurrek komunikabideetan duten ikusgarritasun eskasa eta sentsazionalismorako joera kezkagarria. Albiste gehienek arrisku batean egon diren edo kalte baten biktimak izan diren haurrak aipatzen dituzte (eskola-jazarpena, sexu-abusua, alkoholaren eta haxixaren kontsumoa –gehiegizkoa eta goiztiarra–, sare sozialen erabilera arduragabea…) edo, besterik gabe, jokabide negatiboei eta delituak egiteari buruzkoak dira. Oso eskasak dira, informazioaren kopuruari eta garrantziari dagokienez, beren bizitzako subjektu aktibo eta arduratsua diren haur eta nerabeei buruzko albisteak.
Haurren eta nerabeen aurkako indarkeria
Urteak eman ditugu errepikatzen beharrezkoa dela haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusuei behar bezala aurre egitea. Hala, dirudienez, azken bi urteotan, beharrezko baldintzak eman dira, gutxienez, orain arte demanda horien berri ez zuten zenbait eremutatik erantzun egokiak eskatzen hasteko. Fiskaltzak berak, 2016ko txostenean, ohartarazi
zuen gero eta kezkatuago zegoela adingabeek Internet eta teknologia berrien bitartez pairatzen duten sexu-jazarpena dela eta. Kezka hori eta hezkuntzaren arloan egondako kasu batzuk direla eta, 2016an, honako protokolo hau ezarri egin da: Hezkuntza-arloko prebentzioeta jardun-protokoloa, gerta daitezkeen haurren eta nerabeen babesgabetasun, tratu txar, sexu-jazarpen eta sexu-abusu egoeretarako eta hezkuntza-arloaren eta adingabeak babesteko esku hartzen duten agenteen arteko lankidetza eta koordinaziorako (orain dela gutxi ezarritakoa).
Nolanahi ere, honako arlo hauek asko hobetu eta garatu daitezke: detekzioa, diagnostikoa, esku-hartze judiziala nahiz soziala, biktimak lehengoratzeko tratamendua eta, horren ondorioz, baita prebentzioa, profesionalen prestakuntza, eta pertsonen, taldeen eta zerbitzuen arteko koordinazioa ere. Eta beste guztien gainetik, konbentzituta egon behar da haur eta nerabeei entzutea –zentzu zabalagoan– gakoa da abusuaren kontra egiteko.
Genero-indarkeria jasateko arriskuan dauden haur eta nerabeei dagokienez, esan beharra dago 2016an amaitu zela Emakundek gai horren inguruan 2014an hasitako lana. Arreta emateko zailtasun, hobekuntza-arlo, programa, zerbitzu eta bestelako baliabideei buruzko diagnostiko partekatua oinarri hartuta, lanerako plan bat adostu zen, sentsibilizaziorako, prestakuntzarako, eta etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen arteko II. Akordioan dauden protokoloak hobetzeko jarduerak jasotzen zituena, eta seme-alaben
ikuspegia eta haiekin egin daitezkeen esku-hartzeak barnean hartzen zituena. Erakundeen arteko akordio horretan parte hartu zuten eragile guztiek lanerako plana 2016an onetsi arren, garapen-fase hasiberrian dago oraindik.
2017an Diputatuen Kongresuan genero-indarkeriaren aurkako Estatu Ituna onetsi izana arloan egindako aurrerapauso adoregarria bada ere, bertan jasotako neurri guztiak –horietako batzuek haurrak biktimatzat jotzen dituzte eta haiek babesteko eta ongizatea berreskuratzeko urratsak ezartzen dituzte– eraginkortasunez aplikatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da oraindik onartu gabe dagoen diru-hornidura; gainera, horretarako behar diren lege-neurriak ezartzeko prozedura oraindik ez da hasi. Hortaz, premiazkoa da garapen horietan erabakitasunez aurrera egitea.
Emakumeen genitalen mutilazioari dagokionez, Euskadin, horrelako praktikak egiten dituzten herrialdeetatik etorritako pertsonak 11.000 inguru dira. Herrialde horietatik datozen 0 eta 14 urte bitarteko 800 neskek osatzen dute arrisku taldea. Emakunde Istanbulgo Hitzarmena Espainian indarrean jarri baino lehenagotik (2014ko abuztuaren 1ean) bultzatzen ari den prebentzio-programari jarraikiz, kasu
horietako bakoitzean, neskak edo nerabeak benetan duen arrisku zehatza aztertu beharko da, bultzatzaileen hitzetan, alarmismorik eta “arduragabekeriarik” gabe.
Onartutako ereduak giza eskubideak, generoa eta haurren eskubideak uztartzen ditu, eta esku-hartze profesionalaren oinarrizko printzipioa neska adingabeen interes gorena da. Printzipio hori betez, esku-hartzeak, neskak mutilazioak beren osotasun fisiko/psikikoan eta osasunean dituen on-
dorio kaltegarrietatik babesteaz gain, bigarren mailako biktimizazio-prozesuak leuntzea du helburu, eta horretarako gutxiengoko esku-hartze, lastertasun eta espezializazioaren irizpideetara egokitzen da. Eredua ezartzeko bidean aurrera eginda, txosten hau idazterakoan, Euskadin egina dago EGMaren diagnostikoa eta osasun-, hezkuntzaeta gizarte-zerbitzuetako langileei prestakuntza eman zaie (kasuaren arabera, sentsibilizazioa edo espezializazioa hobetzeko). Bestalde, immigrazio arloko langileek eta udal zerbitzuek asmo handiko edo ez hain handiko programak garatzen dituzte, emakume etorkinei zuzendutakoak, eta erreferentziazko zein jatorrizko komunitateekin lotura estua dutenak.
Etorkizunari itxaropentsu begira dakioke; erakunde honen iritziz, oraindik bide luzea geratzen bada ere, egokia da hartutako norabidea.
Familia ingurunea eta beste zaintza modalitate batzuk
Familiei laguntzeko politikak, EAEn abian daudenak, xehetasunez aztertu ditu Arartekoak 2014ko txosten berezian (Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak). Bertan, gurasoek seme-alabak hazi eta hezteko behar dituzten laguntzak edukitzea eta horiek nahikoak izatea bermatzeko gomendio nagusiak zehaztu dira. Urte hartatik aurrera, aldaketa txikiak egin dira haurragatik diru-laguntzak eta lan-bizitza eta familia bateratzekoak arautzeko dekretuetan, eta eutsi egin zaio gurasotasun positiboaren ildoko bultzadari. Hala ere, gertaerarik garrantzitsuena iragarritako “Familia eta haurtzaroaren inbertsiorako euskal estrategia” dela ematen du. Estrategia gauzatze aldera, 2017an, Eusko Jaurlaritzak familietan eta haurrengan inbertitzeko erakundeen arteko ituna sinatzea bultzatu du. Horren bidez, politika multzo koordinatu bat antolatu nahi da, alde batetik, jaiotza-tasa baxuei erantzuteko eta familia sortu eta nahi beste seme-alaba izateko asmoa duten pertsonek behin eta berriz topatzen dituzten oztopoak gainditzeko; bestaldetik, politika horien bidez, aurre egin nahi zaie seme-alabak dituzten familien zailtasun ekonomiko handiei eta berdintasunik eza belaunaldi batetik bestera pasatzea gelditzekotan topatzen diren zailtasun gero eta handiagoei. Itunak euskal erakunde nagusien konpromisoa (estrategia bat garatzeko)
jasotzen du. Estrategia horrek barnean jasoko lituzke fa-
milien eta haurren egoeran eragina duten politika guztiak: seme-alabak dituzten familientzako prestazio ekonomikoak; lana eta familia erantzunkidetasunez bateratzeko eta ordutegiak arrazionalizatzeko politikak; haurrak zaintzeko zerbitzua; hezkuntza-berdintasuna; gurasotasun positiboa; babesik gabe geratzeko arriskuan edo babesik gabe dauden haurrei zuzendutako gizarte-zerbitzuak; ohitura osasuntsuak bultzatzea; gizarteeta hezkuntza-arloko zerbitzu, sare eta instalazioak garatzea eta abar. Itunean jasotako konpromisoak hainbat plan eta garapen-arau bidez gauzatuko dira, batez ere, 2018ko lehen seihilekoan landuko den Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planean.
Dena den, asmo handiko proposamen horren balizko emaitzak lortzen diren bitartean, Arartekoak hauxe adierazi nahi du berriro: ezinbestekoa da euskal erakundeek familiei eskainitako laguntza gauzatzea eta bitarteko eta baliabide ekonomikoak ematea, bere gain hartzen duten funtseko gizarte-eginkizuna betetzea errazteko. Horretarako, neurri publikoak sustatu behar dira, honako hauek bermatzeko:
Familiak duen balioa babestu, aitortu eta bultzatzea, izan ere, arreta materiala, zainketak eta giza-afektibitatea elkartasunez trukatzen diren belaunaldien arteko esparrua da, eta bertan laguntzen zaie eta biltzen dira belaunaldi eta adin ezberdineko pertsonak bizi-bilakaera osoan.
Familiek baliabide nahikoak jasotzeko eskubidea, gizartean duten zeregin garrantzitsua bete ahal izan dezaten, familia-kide guztien duintasuna bermatuz. Familien ongizatea hobetzeko asmoz, diru-laguntza eta zerga-neurri gehiago eman daitezen sustatzea, batez ere familia horietan seme-alabak edo gaixoak edo mendekotasuna duten pertsonak baldin badaude.
Gurasoek seme-alabak hazi eta hezteko duten betekizuna aitortu eta babestea eta laguntza berezia ematea seme-alabak dituzten familiei, arrazoi ezberdinak direla medio premia handiagoak dituztenei: guraso bakarreko familiak, homoparentalak edo familia ugariak. Haurrik gabeko gizartea etorkizunik gabeko gizartea da, eta horregatik, oraingo egoeran oso beharrezkoa da familia horien alde irmoki apustu egitea. Testuinguru horretan, presakoa da guraso bakarreko familiei estatus berezia ematea, beren premia bereziei behar bezala erantzuteko.
Adineko pertsonek osatzen duten familiak eraginkortasunez babestea eta behar dutenean haiei laguntzea, eta beren seme-alabei eta bilobei ematen dieten sostengua gizarte-balio garrantzitsua dela aitortzea.
Familiek gaixotasun fisiko edo mental bat edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen egiten duten lana aitortzea eta bereziki babestea. Izan ere, familia horiei laguntzeko, ezinbestekoa da agintari publikoek gehiago edo biziago esku hartzea eta beharrezko neurriak ezartzea, pertsona horiek arreta duin eta hurbila jasoko dutela bermatzeko, autonomia maila ahalik eta handiena izatea ahalbidetuz.
Haurren pobretasuna bukarazteko behar diren baliabideak jartzea; horretarako, familia-pobretasuna desagerrarazi behar da, eta gizartean, ekonomian eta hezkuntzan zenbait neurri ezarri behar dira, pobrezia belaunaldi batetik bestera transmititzea saihesteko.
Zenbait neurri abian jartzea, gazteei hezkuntzatik lanerako bidea errazteko, egonkortasun ekonomikoa eta lana lor ditzaten, familia berrien proiektuak eta haien egonkortasuna ahalbidetzeko.
Neurri gehiago hartu eta bultzatzea, familia eta lana bateragarri egiteko eta gizon-emakumeek familia-erantzu-
kizunak partekatzeko. Diru-laguntzak emateaz gain, balioak aldatzea eta ekonomiaeta enplegu-egiturak pertsonen beharretara egokitzea bultzatu behar dira.
Familiei laguntzea oso modu eraginkorra da pertsona bakoitzari bere bizi-garapenean laguntzeko, edozein adin eta egoeratan. Azken batean, funtsezko baldintza da gizarte-justizia lortzeko, eta botere publikoek hori bilatu behar dute, eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz.
Adingabearen interes gorena eta bere eskubidea –garapenean guraso bien laguntza izateko–, bikotea hautsi denean ere, erakunde honen argudio nagusia izan da honako gai hauei buruzko gomendio orokorretan: gurasoen erantzukizun partekatua (2010), banandutako gurasoei informazioa emateko beharra (2011) eta familia-elkarguneak (2013). Gomendio horiek guztiak sistema publikoetan (hezkuntzan, osasun sisteman, erroldatzean) askotariko disfuntzioak –banantze edo dibortzio kasuetan– antzeman ondoren eman
dira. 2017an berriz ekarri behar da gogora dokumentu horietan esandakoa, oraindik ere sistema publiko desberdinetako profesionalek ez baitituzte bereizten zaintza eta guraso-ahala, eta ez dute batere argi nola jardun behar den gurasoek seme-alaben zaintza partekatzen dutenean.
Erakunde honek jarraitzen du adingabeen lapurretei buruzko kasuen berri izaten, non lapurreta gurasoetako batek egiten duen, haurra beste estatu batera eramateko. Arartekoak zuzenean esku hartzeko dituen aukerak eskasak dira, baina kasuak jasotzen dira, kexagileei orientabideak eta laguntza emateko.
Erakunde honen iritziz, ezinbestekoa da kasuak banan-banan aztertzea eta kontuan hartzea haurren bizitzan dagoeneko finkatu den egoera bat dela eta aldaketak ondorioak ekarriko dituela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia berrienak defendatzen duen moduan. Hala ere, gaiaren inguruan sortzen diren kezka eta eztabaida hauxe da: ea interpretazio horrek indargabetzen duen Hagako Ituna, jatorriz legez kontrakoa den egoera bat horren ondorioak direla eta legezko ez bihurtzea bermatu nahi duena. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, balizko ondorio horiek desagerrarazteko bidea auzitegien esku-hartze azkarra eta eraginkorra da, hain zuzen, emandako epaiak betearaztea eta nazioarteko mailan horretarako dauden baliabideak ahalik eta lasterren abian jartzea. Hala ere, justiziaren erritmoa, gaur egun behintzat, motelegia da hori lortzeko.
Aldi baterako edo betirako bere familiatik atera diren haurrei dagokienez (bakarrik dauden adingabe atzerritarrak barne), 2016. urtearen amaieran –2017ko daturik ez dagoenez– 1.827 ziren Euskadin, horien % 44 familia harreran eta gainerako % 56a egoitza-harreran. Adingabe horietaz gain, 4.491 zenbatekora iritsi arte, foru aldundietako gizarte-zerbitzuek babesik gabe geratzeko arrisku larrian zeuden haur eta nerabeak artatu zituzten, familian esku hartzeko plan intentsiboen bitartez.
Eremu horretan, Arartekoan azaldutako desadostasunaren edo atsekabearen arrazoiak, oraindik ere, eta batez ere, seme-alaben babesgabetasun-egoera adierazteko, gura-
so-ahala eteteko eta foru-erakunde batek tutoretza hartzeko neurria ondorioztatzeko orduan haurren zerbitzuek erabiltzen duten balorazioarekin dute zerikusia. Eskaera horien ehuneko handia dagoeneko bide judizialera bideratu da, baina horiekin batera beste kontu batzuk heldu zaizkigu, hala nola, balioztatze-prozesuarekin, emaitzak komunikatzeko bidearekin eta emandako informazioarekin zerikusia dutenak. Horietan, erakunde honek, oro har, ez du okerrik ikusi administrazioaren jardueretan.
Multzo horretaz gain, nabarmen igo egin da adostasunik gabeko banantzeari buruzko erreklamazioen kopurua. Kasu horietan ohikoa da desadostasunak ez direla bakarrik gizarte-zerbitzuen jarduerara mugatzen, baizik eta bikotearen seme-alabak artatzen dituzten ikastetxeetara eta osasun zerbitzuetara iristen dira. Kasu horietan guztietan ikusi da zaila dela gurasoen partetik gutxieneko kolaborazioa lortzea, proposatutako esku-hartze aukera guztiak baztertzen dituztelako, horrek seme edo alabarengan eragiten duen kaltea ahaztuz.
2017an, administrazioek beste kultura testuinguru batzuetatik etorri diren eta hemengo hizkuntza maila oso baxua duten familietan esku hartzeko hartutako neurriek erakarri zuten arreta berezia. Egindako azterketa kontuan hartuta, Arartekoak ezin du esan deskribatutako esku-hartzeak okerrak direnik edo administrazioek behar horrekiko sentsibilitaterik eza erakusten dutenik. Hala ere, ematen du gaur egun erabiltzen diren interpretazio-baliabideak batzuetan ez direla nahikoak gizarte-zerbitzuetan sortzen diren interpretazio behar guztiei erantzuteko eta, beharbada, ezinbesteko bihurtzen da berme handiagoko hizkuntza-interpretazioa egiteko gai izango diren profesionalak izatea. Administrazioek inguruabar horietan –hizkuntza eta kultura aldeak direla medio– esku hartzea zaila dela adierazi dute. Hori kontuan hartuta, berriz azpimarratu behar da ezinbestekoa dela, hausnarketa egin ondoren, jardunbideak gure gizartean dauden kultura desberdinetara egokitzeko bidean aurrera egitea.
Foru aldundiek emandako datuen arabera, egoitza-harre- rako baliabideen sarearen gehiegizko okupazioak, dagoeneko iaz aipatutakoak, bere horretan jarraitu du, baita gora egin ere. Hori horrela izan da, batez ere, familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrentzako zentroetan; izan ere, hiru lurraldeetan gainezka daude, neurri berdinean ez bada ere. Badirudi egoera hori ez dela oztopo egoitza-plaza bat esleitzeko, beharrezkoa izanez gero; hori bai, zaildu egiten du baliabidearen kudeaketa egokiena, haur edo nerabe bakoitzaren beharretara egokitua.
Beharrak gero eta gehiago direnez, foru aldundiek, egoerari aurre egiteko, baliabideetan aldaketak egin, zentro berriak ireki eta programa eta zerbitzuak dibertsifikatu egiten dituzte. Egindako esfortzua sakon aztertuz, erakunde honek, nolanahi ere, administrazio arduradunak animatzen ditu baliabideen okupazio mailak arretaz zaindu ditzan eta beharrizan aldakorren aurrean egokitzeko praxi onei euts diezaien, duela zenbait urtetik nabarmendu dugun moduan.
Horrez gain, foru-administrazioak, hartutako banatzeko neurriak abian jartze aldera, saiatzen dira haurra beste familia batean geratzeko aukerak aurkitzen, adingabearen interesaren aurka ez bada. Halaber, aipatu beharra dago zailtasunak
dituztela familia egokiak eta –premia ikusita– nahikoak aurkitzeko; gainera, harrera profesionalizatua duela gutxi bertan behera uztea erabaki da, ziurgabetasun juridikoaren arazoak direla medio. Arartekoaren iritzipean utzi diren kontuei dagokienez, aurreko bi urteetako kontuen ildoan, honako hauek agertu dira: harreragilea izateko egokitasunari buruzko balorazioak, eskainitako laguntza-neurri osagarriak eta harreran dagoen adingabearen inguruan hartutako erabakiak.
Hausnarketa eskatzen duen aldagaietako bat, Arartekoaren iritziz, hauxe da: haurrak eta nerabeak familiatik banatzeko neurriak “betirakotzeko” arriskua, eta horri lotuta, esku-hartzeen eraginkortasuna ebaluatzea. Egoera gehienetan egiten den lan ona gutxietsi gabe, kontuan izan behar da familia egoerek askotariko kausak izan ditzaketela, eta zaila dela familia-ingurune egokia eta adingabeei eragindako kaltea konpontzea bermatzen dituzten “emaitzak” lortzea. Hori guztia dela eta, zehaztu behar dira –ahal bada, ebidentziak aipatuta– emaitza hobeak eman ditzaketen programa horiek.
Haurrak adoptatzeko eskaerek behera jarraitzen dute, batez ere, nazioarteko adopzioari dagokionez. Ondorioz, egindako adopzioen kopurua ere jaitsi egiten ari da. Ez da arazorik antzeman adopzioa eratzeko prozesuei dagokienez, salbu Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaile batzuen lana kontrolatzeko zailtasunek eragindako disfuntzio batzuk. Izan ere, erakunde horiek beste autonomia-erkidego batzuek baimendu dituzte, baina euskal familiek haien laguntza behar izaten dute herrialde batzuetan adopzioa izapidetzeko. Hori bai, 2017an, kexak jaso dira adopzioen jarraipena egiteko prozesu batzuei buruz, kexagileen ustez gehiegizkoak direlako, edo, berriz ere, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzailearen jarduketa egokia ez delako.
Arartekoan halako erreklamaziorik jaso ez bada ere, profesional talde batzuek eta gizarte-zerbitzuek jakinarazi dute gero eta laguntza-eskaera gehiago jasotzen dituztela heziketan sortzen diren arazoak konpontzeko gai ez diren familia adoptatzaileengandik. Arazo horiek –jokabide oso agresiboak eta antzematen den loturak haustea– nerabezaroan agertzen dira batez ere. Dirudienez, horretarako sortutako berariazko programek emaitza itxaropentsuak ematen dituzte.
Atal hau ezin da amaitutzat jo, alde batetik, babesgabetasun egoeren hasierako faseetan beharrezkoa den esku-hartzea, eta bestetik, gizarte-heziketarako esku-hartzearen eginkizun garrantzitsua (batez ere, gizarte-desabantailako egoeretan eta gurasoen zailtasunetan) aipatu gabe. Komunitate lana, bai eta gizarte kohesioa sustatzeko eta desparekotasunei aurre egiteko lana ere, hainbat sistema eta gizarte eragileren eginkizuna da, ez bakarrik gizarte-zerbitzuena. Hala ere, horien eginkizuna besteena bezain garrantzitsua da. Baliteke gizarte desparekotasunak dakartzan erronkei aurre egiteko erantzun integralagoak eta hobeak mahaigaineratu behar izatea. Gauzak horrela, familien segurtasun, hezkuntza, justizia mailan edo seme-alabak hezteko familiei eman behar zaien laguntzaren mailan egin beharrekoarekin batera, gizarte-heziketarako esku-hartzea, kalean eta zailtasun handienak dituzten familietan, inbertsioa da eta horren onuradun nagusiak haurrak izango dira, ez baitute “aurrera” egingo babesa galtzeko bidean eta dagozkien eskubideak –inork kalte egin ez diezaiena eta guztiz garatzekoa– urratzeko bidean.
Inbertsioaren beste onuradun bat, zalantzarik gabe, gizartea izango da, segurtasunaren aldetik, bai, baina batez ere gizarte-justizia eta duintasunaren aldetik.
Bukatzeko, aipatu behar da batzuetan arazoak antzeman direla babesgabetasun egoerak detektatzeko. Hori dela eta, alde batetik, areagotu beharko lirateke askotan haurrekin eta nerabeekin harremanetan egoten diren profesionalen (hezkuntza, osasun, kirol, aisialdi arloetan) sentsibilizazioa eta prestakuntza, eta bestetik, zenbait protokolo ezarri beharko lirateke: aholkuak emateko, jakinarazpenak egiteko eta baliabideetara bideratzeko. Azken arazoa, baina ez horregatik txikiagoa, prozesuetan atzerapenak gertatzea (askotariko arrazoien ondorioz: zerbitzuen arteko koordinazioa eta informazioa helarazteko modua, profesionalen ratioak, prozedura bera eta abar). Atzerapen horien ondorioz, haur edo nerabearen babesgabetasun egoera areagotzea eta kalte handiagoa eragitea gerta daitezke.
Ezintasuna, oinarrizko osasuna eta ongizatea
2017an, Arartekoak txosten monografikoa egin du euskal ospitaleek desgaitasuna duten pertsonei ematen dieten irisgarritasunaren inguruan. Horri dagokionez, esan behar da ezintasuna duten haurrei helduei bezala edo neurri handiagoan eragiten dietela honako arazo hauek: beste pertsona batzuekiko mendetasuna eta irisgarritasun gabeziak, bai instalazioetan (etxebizitzan, ikastetxean, osasun-zentroetan, bizitza sozial eta kulturalari loturiko guneetan eta abar), bai hiri-ingurunean eta garraiobideetan. Horrela, txosten orokorraren ondorioetan adierazi den bezala, uste dugu premiazkoa dela botere publiko guztiek haien jardueren premisa gisa irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua gain har dezaten, herritar guztien beharren aniztasunari erantzuten dion ingurunea sortzeko. Horretarako, jendea biltzen den eraikin, establezimendu eta instalazioetan irisgarritasuna bermatzen duten ezinbesteko neurriak, lurraldea antolatzeko tresnak, hirigintzako planak eta urbanizazio-proiektuak abian jarri behar dituzte.
Bestalde, nahitaezkoa da ezgaitasunen bat duten pertsonek haien eskubide guztiak baliatzeko eta gizartean guztiz parte hartzeko aukera emango dien ekintza positiboaren neurriak hartzen sakontzea. Izan ere, txosten honetan aurkeztutako demandek eta ebazpenek ekintza positibo horiek hartzen dituzte kontuan; ekintza horiek hezkuntzaren eremuari eta osasunaren eta aisialdi-denbora librearen eremuei dagozkie.
Haur eta nerabe guztiek dute euskal osasun sistema erabiltzeko aukera, salbuespenik gabe, unean uneko kasu batzuk baztertuta (haur atzerritar batzuen kasuak, berehala bideratzen direnak). 2016an, hala ere, osasun arloko profesionalek ohartarazi zuten euskal ospitaleetan jaiotako atzerritarrek (jaioberriek) arazoak izaten dituztela osasun laguntza osoa –farmaziakoa barne– jasotzeko eskubidea haur nazionalen kasuetan bezala gauzatzeko. Osasun Sailak neurri bat hartu du egoera konpontzeko, baina automatizatua ez dagoenez, beren eraginkortasuna txikiagoa izan daiteke
neurri hori aplikatu behar duten pertsonek horren berri izan ez dutelako. Hortaz, erronka zera da: osasun-zentroetan neurriaren berri ematea eta informazioa zabaltzea.
Zailtasun handiagoak haur eta gazteen buru-osasunaren arloan antzeman dira. Denborari begiratuta, hain zaurgarria den kolektiboa –buru patologia duten pertsonak, eta horien artean, haur eta nerabeak– babesteari eta eman behar den arretari dagokienez, onartu behar da Euskadin bilakaera nabarmena (baina ez nahikoa) izan dugula. Badaude haur eta gazteentzako adimen-osasuneko zentroak eta ospitaleratze-unitateak, espektro autistaren nahasmendua duten adingabeentzako baliabide bereziak, Lehen Haurtzaroko Gaixotasun Mental Larriak tratatzeko programak eta heziketaeta terapia-zentroak. Hala eta guztiz ere, ematen den arretan oraindik ere antzematen dira gabeziak, bete gabeko beharrak eta hutsuneak. Arartekoak jaso dituen eskari nagusien artean honako hauek daude: gaixotasuna goiz antzemateko beharra nabarmentzea, tratamendua ahalik eta azkarren hasteko eta horrela gaitzaren bilakaera hobetzeko; mugako nortasunaren nahasmendua tratatzeko unitate bereziak sortzea; hobekuntzak elikadura-portaeraren nahasmenduen tratamenduan; arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua diagnostikatzeko arazoak gainditzea; eta talde psikoterapia garatzea.
Era berean, beharrezkoa da diagnosi-irizpideak eta jarduteko gidak adosteko lanarekin jarraitzea, aldakortasun klinikoa murriztu eta arretaren kalitatea hobetze aldera. Halaber, erakunde honen ustez, nahitaezkoa da osasun, hezkuntza, zuzenbide arloko eta gizarte zerbitzuetako eta komunikabideetako profesionalentzako berariazko prestakuntza neurriak sustatzea, estigmarekin eta buruko osasun arazoak dituzten haur, nerabe eta gazteen bereizkeriarekin amaitzeko.
Atalari amaiera emateko, azpimarratu nahi da arlo horretan jardun behar duten sistema publikoek eta maila desberdinek, osasun mentaleko arazoak dituzten haur eta nerabeei arreta osatua eta diziplina anitzekoa emateko, nahitaez, behar bezala koordinaturik egon eta laguntzaren jarraitutasuna bermatu behar dutela. Zentzu horretan, beharrezkoa da erakunde arteko koordinazio eremu egonkorrak sortzea eta erakunde arteko koordinazio hori behar bezala arautu eta protokolizatzea eta, dagoeneko tresna juridiko horiek dituzten egoeretan, behar bezala betetzen direla bermatzea. Gainera, diziplinarteko taldeetan diharduten profesional batzuen arabera, “kasu konplexuetan –hau da, sistemen “zirrikituetan” galtzen diren horietan– soluzio batek funtzionatzeko modu bakarra guztiek
–pertsonek eta erakundeek– beren aldetik apur bat gehiago jartzea da”; horrela, segurtasun sare itxiago bat sor daiteke.
Koordinazio soziosanitarioaren arloan, nabarmentzekoa da arreta goiztiarraren eredua, azken urteotan ezarritakoa. Eredu horretan, arreta emateko prozesuan, osasun-, hezkuntzaeta gizarte-zerbitzuen sistemek hartzen dute parte, esku-hartzearen hasieratik eta prozesu osoan zehar, eta erantzun ahalik eta osatuenak ematen saiatzen dira. Beste aurrerapauso bat arreta goiztiarra eredu horrekin bat arautzen duen dekretua onartu izana izan zen 2016an. Horrekin bermatu da arreta goiztiarra 6 urtetara ematea (eta ez, lehen gertatzen zen bezala, 3 urtetara bakarrik). Dena den, desgaitasun, mendetasun edo garapen-nahasmenduak di-
tuzten haurren arreta ezin da ulertu, ez badira aipatzen esparru osagarri garrantzitsuak, euskal administrazioek beren gain hartzen dituztenak, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak mendeko pertsonei aitortzen dizkien eskubideak bermatzeko xedez. Arazo batzuk antzeman dira tratamenduak hasteko atzerapen txikiak egon direlako, baina horrez gain, Arartekoak ez du jaso zailtasun handien berri.
Amaitzeko, mendekotasuna sortzen duten substantziak nerabeen artean kontsumitzea aipatuko da. Gai horren inguruko lana Euskadin duela hainbat hamarkada hasi zen (droga-mendekotasunei buruzko lehen legea 1988an onartu zen eta duela gutxi burutu da Adikzioei buruzko VI. Plana). Eskaintza kontrolatzeko neurriak eta eskaria murriztekoak uztartzen dituzten irizpide bateratuak hartu zituen oinarri, nazioarteko estrategia eta postulatuekin bat. Nerabeen kontsumoei buruzko datuei dagokienez, substantzien kontsumoan ez da igoera nabarmenik ikusi (cannabisaren kontsumoak zertxobait gora egin du), baina alkoholak jarraitzen du EAEko nerabeen artean gehien erabiltzen den eta hedatuena den substantzia izaten. Gizartearen ustez, nerabeek gero eta alkohol gehiago edaten dute; hala ere, azterketa askoren arabera, orain dela hamar urte alkoholaren kontsumoa handiagoa zen; edaten hasteko adinari dagokionez, lehen bezala, 13,5 urterekin hasten dira, gehienetan kontsumo esperimentalak izaten diren arren. Baina aditu guztiek adierazi duten bezala, ezin da ematen den markoaren testuingurutik, jasotzen duen gizartetik eta eusten duten baloreetatik kanpoko alkoholaren kontsumoaren irakurketa egin. Zaila da alkohol kontsumoaren murrizketa edo mantentze terminoetan prebentzio emaitzak lortzea gizarte osoa denean kontsumo hori babestu, justifikatu, baimendu eta sustatu ere egiten duena. Arartekoak esparru horretan egin dituen azken esku-hartzeetan, gogorarazi die euskal udalei alkohola adingabeei saltzea kontrolatzeko betebeharra duela.
Gizarte eta ekonomiaren egonkortasunik eza bizi diren haur eta nerabeen egoera izan da azken urteotan erakunde honek izandako kezka nagusietako bat. Testuinguru guztietan bezala, Euskadin ere, biztanleria osoaren pobrezia-adierazleak gainditzen ditu haurren pobreziak, eta horiek baino azkarrago egin du gora. EAEko estatistika-eragiketen adierazleei erreparatuta, 14 urtetik gorakoen populazioan mantentze pobrezia (oinarrizko beharrak betetzea) 1,4 puntu igo da 2008tik 2014ra (% 3,7tik % 5,1era). 14 urtez azpikoen populazioan, aldiz, tasa hori 3,9 puntu igo da (2008an % 7,3koa zen, 2012an % 9,5ekoa, eta 2014an
% 11,2koa). Gainera, pobreziak askoz eragin handiagoa du guraso bakarreko familietan eta atzerritarren familietan.
Bestalde, aldi baterako aldagaiak sartzeak ere errealitate biribila bat agerian utzi du: pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela. Europako Batzordeak Haurtzaroan inbertitzea: desabantailen zikloa apurtzea gomendioan dioenez, zerbait egin ezean, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana igaroko da, jarauntsi txar bat bezala. Hori oinarri hartuta, itxaropentsua da Euskadiko Familia eta Haurtzaroaren Inbertsiorako Estrategia iragartzea, besteak beste, haurren pobreziari aurre egiteko premiazko plan baten eskakizunei erantzutea helburu duena. Dena den, horrek epe ertain eta luzeko ondorioak izango ditu.
Epe laburrean, zalantzarik gabe, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak kontrolatzen du pobrezia maila, eta diru-sarrera nahikorik edo batere ez duten familiei laguntzen die, hain zuzen ere, eskubide subjektibo gisa sortu diren diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren bitartez. Hobetzeko modukoa izan arren, bidezkoa da sistema horren balioa nabarmentzea eta kohesio sozialean, baita pertsonen eta komunitateen ongizatean ere, dituen ondorio positiboak azpimarratzea. Zenbait azterlanek adierazi duten bezala, sistema horri esker, pobretasun-egoeran dauden familien herenaren egoera hobetzen da eta pobretasun-atalaseak gainditzen dituzte (marjina handiarekin ez bada ere). Hala, beste heren bat muturreko pobretasun-egoeratik atera daiteke sistema horri esker.
Egungo pobretasun-egoerei erantzuteko hartutako neurriei dagokienez, ezin dugu ahaztu euskal udalek egindako ahalegina. Izan ere, horiek, gizarte-larrialdiko laguntzen edo beste udal prestazio ekonomiko batzuen bidez, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan antolatutako gizarte zibilaren laguntzarekin, diru-sarrerak bermatzeko errentaren baliabidea osatzen dute eta konponbide zehatzak ematen dituzte agertzen diren zaurgarritasun egoera zehatzetan.
Dena den, 2016ko Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkestan lehen aldiz sartutako gabezia-adierazleen azken azterketaren arabera, pobreziak eta prekarietateak inpaktu handia du EAEko haur eta nerabeengan. Horren arabera, pobreziari loturiko gabeziak eta ongizate-gabeziaren beste forma batzuk, baita larrienak ere, ez dira desagerrarazi adingabeen artean, gure lurraldean dagoen diru-sarrerak bermatzeko sistema Europar Batasunaren mailan garatuenen parekoa izan arren. Ildo horretan, Euskadiko 1 eta 15 urte bitarteko adingabe guztiak aintzat hartuta, 2016an, % 10,4k jasaten dituzte oraindik oinarrizko gabezia arazoak; egoera larrienak bakarrik kontuan hartuta, % 3,5 dira (egunero proteinetan aberatsa den jatordu bat egiteko aukera, egunero barazki edo fruituak jateko aukera, zapata egokiak edukitzea –2 pare baino gehiago–). Hori guztia dela eta, berriz ere, Arartekoak bere egiten du ikerlanaren egileak esandakoa, hain zuzen, “gizarteak konturatu behar du pobreziak eta ongizate-gabeziaren beste forma batzuek benetan zer esan nahi duten, haur eta nerabeen belaunaldi berriek izango duten aukera-berdintasunari dagokionez”.
Euskadiko Familia eta Haurtzaroaren Inbertsiorako Estrategiak honako formula hau proposatzen du dimentsio anitzeko fenomenoa den haur pobreziari (edo berdintasunik ezari) erantzuteko: “familiaeta haurtzaro-politiken gobernantza egokiagoa (...), eta esparru horretan, gizarte-hezkuntzako politiken integrazio hobeagoa, lurralde eta tokiko mailako gizarte-zerbitzu, hezkuntzaeta osasun-zerbitzuak bereziki aldeztuz”.
Arartekoak hainbat ebazpen, txosten eta azterlanetan azpimarratu du gizarte-hezkuntzako politikak integratzeko, goian aipatutako sistemek lana partekatzeko eta komunitatean, hurbiletik eta prebentzio gisa aritzeko beharra, hori guztia gakoa baita pobreziari, babesgabetasunari eta, hitz batez, desabantaila sozialeko egoerei aurre egiteko.
Hezkuntza, jarduera ludikoak, artistikoak eta kirol-jarduerak
Euskal hezkuntza-sistemak harrotasunez agertzen da sistema sendo gisa, emaitza onak lortzen dituena eta ikasleen inklusioa helburu duena. Izan ere, Euskadi da ikasle baten hezkuntzan gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa (2012an, 4.500 euro ikasleko). 2007 eta 2012 urteen bitartean, inbertsioa murriztu egin da (888 euro gutxiago ikasleko), estatuko batezbestekoa baino gutxiago. Halaber, gainerako autonomia-erkidegoetan baino azkarrago leheneratzen ari dela ematen du. Murriztutako aurrekontu-idazpenei dagokienez, eskolaz kanpoko ekintzak eta gehigarriak izan dira, osabidezko hezkuntza eta unibertsitatez kanpoko bekak.
Garaia baino lehen eskola uzteari dagokionez, datu onak ditu: 2015ean % 9,7koa izan da. Azken boladan egindako hainbat ebaluazioren bitartez jasotako datuak, emaitzei eta gaitasunei dagokienez, onak izan dira. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak 2015ean egindako ebaluazio diagnostikoan desberdintasun maila igotzea aipatu zen: euskal eskolak lehen baino apur bat okerrago orekatzen zituen ikasleen jatorrizko ingurunearen indize sozioekonomiko eta kulturalaren ondoriozko desberdintasunak.
Azken urteotan, “ghettoak” eratzea edo etorkinen familietako haurrak ikastetxe batzuetan pilatzea gertatu da, bai sare publikoan, bai itunpeko zentroetan, baina batez ere horietako lehenengoan. Hain zuzen, haur horiek zentro horietan matrikulatzeko orduan matrikulatze-prozesua arautzen duten irizpide orokorrak betetzen dira, eta horrek gure hirien edo lurraldearen antolaketara ere hedatzen du fenomenoa (eta, hortaz, benetako soluzioak bilatzeko gaitasuna). Eskolatzeko lurralde batzordeek ikasle etorkinak eskola-esparru batean dauden ikastetxeen artean intentzio onez banatzeak ez du ezertarako balio, hurrengo ikasturtean gurasoek etxetik hurbilen dagoen ikastetxera lekualdatzeko eskaera aurkezten badute. Ikasleak onartzeko orduan “ikasle ohia” bezalako irizpideak erabiltzearen ondorioa da aintzat hartzeko beste aldagai bat. Edonola ere, atzerritarren familietatik datozen ikasle asko ikastetxe batzuetan egotearen ondorioak aztertzeko orduan, ezin da ahaztu horrela gizarte-desabantaila duten haurrak zentro batean pilatzen direla, aztertutako zentro gehienetan gertatzen den bezala.
Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen arreta, dirudienez, ondo antolatuta dago derrigorrezko eskolatzearen etapa guztietan, sistemak eskaintzen duenaren eta familiek eskatzen dutenaren artean alde bat badago ere, batez ere, adimen gaitasun handiko ikasleen eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dutenen kasuetan. Azken bolada honetan, laguntza-eskaerak derrigorrezkoaren ondorengo ikasketei lotuta daude; izan ere, gazte horiek, ikasketa maila horretara iritsita, ez dute beti laguntza berdinak topatzen.
Lanbide heziketako ikasketei dagokienez, erakunde honetan aurkeztutako kexek agerian utzi dute horrelako ikasketak egiteko nahia gero eta handiagoa dela (seguru asko, krisialdian lan-merkatura sartzeko zailtasunen ondorioz). Eskari
horri eta ez zaio beti erantzuna ematen, lehentasun eta hurrenkera aplikatzen direlako; ikasturte honetan Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (LOMCE) sartutako zenbait aldaketek eragina izan dute erdi mailako lanbide heziketako zikloetara sarbidea izateko baldintzetan.
Lege horrek, gainera, eragin negatiboa izan du “gizarte-desabantaila” duten haurrentzako prestakuntza-eskaintzan. Oinarrizko Lanbide Heziketa ezartzeak, eta jarraian, Euskadin ibilbide luzea eta finkatua izan duten hastapeneko lanbide gaitasuneko programak desagertzeak, arazo bihurtu dute ordura arte ondo funtzionatu zuen sistema. Ez Hezkuntza Sailak, ez enplegurako prestakuntzaren azpisistemak ez diete aukerarik eskaintzen bigarren mailako ikasketarik ez duten 17 urtetik gorako gazteei.
Hezkuntzari loturiko gastua ordaintzen laguntzeko bekei eta bestelako laguntzei dagokienez, horretarako bideratutako aurrekontu-partidak murrizteaz gain, lehen esan bezala, aipatu beharra dago asmo handiko “testuliburuen programa solidarioa” bertan behera utzi dela. Derrigorrezko hezkuntza maila guztietara iristeko asmoz sortu zen arren, ez da lortu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken bi urteetan ezartzea eta programaren etorkizuna kolokan dago.
Eskolako bizikidetzari dagokionez, ezaguna da arazo horiei heltzeko Euskadin egindako ibilbidea. Izan ere, hainbat programa eta tresna sortu dira, irismen zabalekoak: berdinen arteko tratu txarreko egoeraren aldizkako jarraipena, ikastetxe guztietan bizikidetza planak ezartzea, jazarpen-egoeretan edo jazarpen sumoaren aurrean jarduteko protokoloak, bizikidetzaren behatokia… Dena den, errealitateak erakusten du berdinen arteko tratu txarrak, eskola-jazarpena, ez dela desagertu eta hartutako norabidean aurrera egin behar dela. Erakunde honen iritziz, prebentzioak jarraitzen du erronka handia izaten, eta ikastetxeak gune seguruak, aniztasuna errespetatzen dutenak bihurtzea lortu behar da, non ez baitira onartzen indarkeria, jarrera iraingarriak edo, hitz batez, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztien eskubideen aurkako jokabideak. Dirudienez, helburu horiek ditu Hezkuntza Sailak 2017an aurkeztu zuen ekimen berriak
–Bizikasi–. Izan ere, programa horrek behar den arreta jartzen du, baita tresna praktikoak ere, elkarbizitzarako arazoak agertzen direnean, kasuei heltzeko eta horiek konpontzeko. Arartekoak arretaz jarraituko ditu asmo handiko programa hori ezartzeko prozesua eta emaitzak.
Ekonomia-krisiak eragindako familiek diru-sarrerarik ezari edo murrizteari aurre egiteko erabilitako estrategietako bat aisialdi eta kultura jardueretan parte hartzea saihestea izan da. Familia horietan dauden haurren kasuan, gutxiagotan parte hartu izan dute eskolaz kanpoko ekintza, jarduera ludiko eta jolas-jardueretan, eta hortaz, murriztu egin da gizarte-bizitzan parte hartzea. Oraindik ere, ikerketa batzuen arabera, haur batzuek ez dute jarduera sozialetan, aisialdi, kultura eta kirol jardueretan parte hartzen, familiek ordaindu ezin duten kostu ekonomikoa dutelako (haur pobreen
% 48,3 eta % 55,3 bitartean eta ongizate-gabezian bizi diren biztanleen % 14,2 eta % 25,6 bitartean). Jarduera horietan parte ez hartzeak, baztertuta geratzeak, eragin handia izaten du haur eta nerabe horien garapen osoan eta, berriz ere, agerian uzten ditu pobreziaren ondorioak, aukera-berdintasunari dagokionez.
Kirol jarduerei dagokienez, erakunde hau bat dator uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuak Euskadiko eskola-kiroleko jarduera guztiei ezartzen dien hezkuntza izaerarekin. Kirola haurraren heziketaren osagai berezkotzat eta balio positiboak transmititzeko bidetzat jotzea koherentea da adin horietako haurrei zuzendutako kirol teknifikazioaren eskaintza eskola-kiroleko eskaintzarekin koordinaturik egotearekin. Hala, adin horietan kirol modalitateen eta ibilbideen arteko nolabaiteko oreka lortu nahi da eta adingabeek goizegi kirol bat aukeratzea saihestu nahi da, izan ere, horrek beste kirol batzuk ezagutzeko aukera galarazten du eta, horrenbestez, ez dute kirola jolas eta balioak ikasteko aukera gisa ulertuko.
Babes-neurri bereziak
Euskadira familiarik gabe etorri diren adingabe atzerritarren kopurua nabarmen igo da 2017an (batez ere, Bizkaian); horrela hautsi egin da iaz arte ikusten zen beheranzko joera. Kasu batzuetan zailtasun handiekin bada ere, babesik gabeko haurrentzako gizarte-zerbitzuek, foru aldundietakoek, ahalegin handia egin dute, adingabe guztiei arreta berehala emateko –egun, behin-behineko zaintza–. Arreta
horrek adina zehaztu arte (dokumentuen edo Fiskaltzaren dekretuaren bidez) irauten du; gero, adinaren arabera, tutoretza hartzeko prozedura hasi edo egoitza-baliabidea uzteko prestaketak egiten dira.
Aurreko urteetan, adingabe horiei harrera eta arreta ematean antzemandako askotariko arazoak adigabeek eurek Arartekoan aurkeztu zituzten kexa askoren arrazoi bihurtu ziren. Administrazioak bere protokolo, programa, baliabideak eta esku-hartzea hobetu ahala, kexen kopurua jaisten hasi zen. Izan ere, aurreko idatz-zatian aipatu bezala 2017an etorri ziren adingabeen kopurua igo arren, batek ere ez du esku hartzeko eskaerarik aurkeztu. Hala ere, Arartekoa harrera-baldintzak gero eta okerragoak izan zitezkeela kezkatuta zegoenez, hainbat bisita egin zituen lehen harrerako zentroetan (premiazko harrerako zentroetan). Ondoren, gomendioak edo iradokizunak helarazi zizkien administrazioei, plaza gehiago eskatuz, gazte horiek guztiak duintasunez artatzeko eta dagozkien garapen osatua eta hezkuntza-laguntza izateko eskubideak bermatzeko. Halaber, ebazpenetan Arartekoak bere iritzia adierazi zuen: komeni dela EAE osoaren mailan jardutea familiarik gabe dauden adingabe atzerritarren beharrei erantzuteko, parte hartzen duten erakunde guztien arteko hausnarketa oinarri hartuta.
Gazteak (gehienetan, mutilak) heltzen hasi ziren lehenengo urteetan antzemandako zailtasunak, esan bezala, pixkanaka konpondu egin dira. Gaur egungo egoerari buruzko datu batzuk Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordeari aurkeztutako txostenean jaso dira. Izan ere, txosten horretan oinarritu da atal honetako balorazioa. Dena den, bertan aipatu den bezalaxe, hasieran, arazoak heltzeko eta harrera emateko unean agertzen ziren; azken urteotan, aldiz, gizarteratzeko prozesuetan eta, adin-nagusitasunera iritsita, emantzipatzen laguntzeko prozesuetan ikusten dira zailtasunak, hala nola lana edo etxebizitza eskuratzeko orduan; gazteen eskura dauden formakuntza-programak eta lanbide-prestakuntzako
programak murriztea; prestazio ekonomikoen eta gizarteratze zerbitzuek kudeatzen dituzten programen ahultasuna.
Arartekoak hainbatetan azaldu duenez, administrazio publikoek jarraipena egin eta lagundu beharko liekete gazte horiei, adin-nagusitasunera iritsita egoitza-baliabideak uzten dituztenean, oso gazte, helduen laguntzarik gabe, ahultasun egoeran geratzen direlako. Horrek esan nahi du indartu behar direla irteera eta emantzipazio programak, batez ere, autonomia pixkanaka lortzeko programak. Horien inguruan, hain zuzen ere, hausnarketa eta proposamenak egin dira 5/2013 Gomendio Orokorrean (Bakarrik dauden adingabe/ gazte etorkinen arretarako bermeak). Programa batzuk abian badaude ere eta arlo horretan aldaketa nabarmenak aurreikusi badira ere, oraindik handia da hobetzeko tartea.
Espainiako estatuaren erabaki guztiak, Europar Batasuneko herrialdeen jardueraren baitan, nazioarteko babesaren eskatzaileak eta errefuxiatuak birkokatzeko eta birfinkatzeko programekin zerikusia dutenak, autonomia-erkidegoen iritzia kontuan izan gabe hartu dira. Espainiako asilo-sistemari buruzko araudia ez dago Europako sistemara egokitua, eta gainera, autonomia-erkidegoek ez dute erabakiak hartzeko ahalmenik. Horrek guztiak eragozten du Europar Batasunaren aurrean hartutako konpromisoak betetzean jarrera aktiboa izatea. Izan ere, konpromiso horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioaren ingurukoak dira, Europan babesa eskatzen duten eta drama humanitarioa bizitzen ari diren pertsonekikoak. Gaur egun, Espainiako
Gobernuaren eta autonomia-erkidegoen arteko komunikazioa eskasa da eta harreraren kudeaketa gobernuz kanpoko erakundeen bitartez egiten da (CEAR, GURUTZE GORRIA, ACCEM eta beste). Hala ere, pertsonen beharrak (ikasketak, osasuna, gizarteratzea, laneratzea eta abar) betetzeko, autonomia maila eskumeneko baliabide eta zerbitzu publikoen mailatik egin behar da. Pertsonek beharrizan osatuak izaten dituzte, eskumen-banaketa kontuan hartu gabe.
Autonomia-erakundeek, EAE barne, Europan errefuxiatuak dauden pertsonen egoerarekiko jarrera azaldu eta harrera emateko borondatea helarazi diote Espainiako Gobernuari. 2017an, autonomia-erkidegoetako herriaren defendatzaileek jendaurrean diagnostiko partekatua azaldu dute, Espainiako Herriaren Defendatzaileak 2016an egin zuen moduan. Azken adierazpenean jasotako ondorio eta proposamenekin batera, autonomia-erkidegoetako herriaren defendatzaileek adierazi dute, besteak beste, konbentzituta daudela “ezinbestez ebaluatu behar dela zergatik orain arte ezin izan zaien harrerarik eskaini Europan asilo eta babes humanitario subsidiarioa eskatu dutenei, eta galdegin dute aparteko beste estrategia batzuk diseina daitezela, Europak aurrez aurre duen giza hondamendiari aurre egiteko”. Azken helburu hori hobeto zehaztu eta gauzatzeko, besteak beste, erakundeen arteko mahaiak eta errefuxiatuak hartzeko jarduera-planak abian jartzea proposatu da, arlo horretan lanean diharduten gizarte-erakundeen partaidetza aurreikusiko dutenak. Euskadin dagoeneko errealitate bihurtu da, orain beharrezkoa da pertsonak heltzea.
EAEn, azken urteotan hasi dira entzuten gizakien salerosketan haur eta nerabeak tartean egoteari buruzko albisteak, oraindik kasu oso gutxi izan arren. Salerosketaren biktimei laguntzeko protokoloak egon badaude ere, batez ere Ertzaintzan (autonomia-erkidegoko Polizian) eta gizar-
te-zerbitzuetan, “emakume biktimaren” ikuspegitik egin dira; ondorioz, babesik gabe dauden emakumeei laguntzeko erakundeek bideratzen dituzte protokolo horiek. Gauzak horrela, arreta publikoan sartzen dira neska nerabeak, baina ez mutil nerabeak, ezta emakumeen seme-alabak ere, salerosketa-sareek emakumeak herrialdean sartzea edo horiek kontrolatzea errazteko erabil ditzaketeenak.
Pixkanaka agerian jartzen ari da haur eta nerabe horien presentzia eta beren eskubideak urratzea; hala ere, haurren eskubideei buruzko hausnarketa –hasierako urratsa– falta da oraindik, haur eta nerabe horien presentziaz konturatzeko, haien beharrak aintzat hartzeko, eta, aldi berean, adingabearen interes gorenaren ikuspegia kontuan hartzen duen erantzuna prestatzeko.
Legearekin arazoak dituzten adingabeak
Hasteko esan beharra dago Arartekoak justizia-administrazioaren eremuan egiten duen esku-hartzean, mugaketa argi bat dagoela, hain zuzen ere, erakundea arautzen duen legean. Izan ere, lege horretan ezartzen da erakundea ez dela sartuko gai batzuetan, horien inguruko epai irmoa eman bada edo egoitza-judizialean badaude. Hala ere, Arartekoak interesa ager dezake Justizia Sailarekin zerikusia duten jarduketen gainean, hain zuzen ere, administrazio horrek baitu eskumena ezarritako neurri judizialak betearazteko baliabideak kudeatzeko eta legearekin arazoak dituzten adingabeei arreta emateko.
Euskadiko gazte-justiziaren sistemak, hura berariaz arautzen duen legean xedatutako printzipioak eta gidalerroak betetzen dituenak, bokazio hezitzaile eta leheneratzaile nabarmena du. Orientazio egoki horren ondorioak, Arartekoaren iritziz, Euskadiko Gazte Justiziaren IV. Planaren (2014-2018) tarteko ebaluazioan jasotako datuetan ikus daitezke: alde batetik, berrerortze kasuen kopuruak behera egin du (adingabeek egiten dituzten delituak gero eta gehiago izan arren), eta bestetik, bitartekaritza prozesuak gero eta ugariagoak dira Adingabeen Epaitegietan eta horien % 84 arrakastaz amaitu dira.
14 urtez azpiko haurrei ezin zaie deliturik egotzi. Kasu horiei dagokienez, 2017an, Arartekoak ofiziozko esku-hartze bat burutu zuen, halako kasuetan adingabeak babesteko sistemaren jarduera hobeto ezagutzeko eta, beharrezkoa izanez gero, hobekuntzak proposatzeko. Esku-hartzearen ondorioz sortu den dokumentuak -kasu horretan ez da gomendio gisa formulatufiskaltza bulegoetan eta foru eta udal gizarte-zerbitzuetan jasotako iritziak bildu eta partekatzen ditu.
Poliziaren eremuan, kexaren bat jarri da poliziaren eginkizuna gauzatzeari dagokionez; baliteke eginkizun hori gauzatzean, noizbait, adingabeen eskubideak arriskuan jarri izana. Horri dagokionez, adierazi behar da egiaztatu berri dela Ertzaintzaren atxiloketa-zentroetan adingabeak zaintzeko gela berezirik ez dagoela eta adingabeentzako atxiloketa-liburu espezifikoei dagokienez jardunbide desberdinak daudela; urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren Araudiak eskatzen ditu horiek.