1.Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
Nazio Batuen erakundeko Batzar Orokorrak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa (azaroaren 20a) onartzearen omenaldia Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin (azaroaren 25a) batera egin zen 2016an, eta azaroaren 10ean Gasteizen egindako Jardunaldia: emakume eta adingabeak sexurako salerosketa jardunaldian gorpuztu zen.
Jardunaldiaren helburu nagusia herritarren sentsibilizaziorantz bideratu zen, gizakien salerosketari dagokionez; gaitz horrek batez ere eta modu dramatikoan emakume eta adingabeei eragiten die, aski ezagutzen ez den neurrian. Aurkezpenean aurreratu zen moduan, gaur egun milioika emakumek, gizonek eta haurrek etxetik ihes egin behar izaten dute premia ekonomikoa, gatazkak, gerra edo mota askotako jazarpena dela medio. Testuinguru horretan, gizakien salerosketan aritzen diren trafikatzaileen eskuetan erortzeko arriskua izaten dute askok; horrelako trafikatzaileek ez daukate inolako muga moral edo etikorik, pertsonen bizitzak salerosten dituzte, salgai huts gisa hartuz, esklabo gisa saltzen dituzte eta bizitza autonomia krudeltasunez kentzen diete, baita babesteko edozein gaitasun ere, giza eskubideak sistematikoki eta modu higuingarrian urratuz. Dimentsio izugarriak dituen fenomeno bat da, nekez kalkula daitekeena, gure gizarteko pertsonen ahulenei eragiten die modurik latzenean, bereziki emakumeei, baita neskato eta mutikoei ere. Gizakien salerosketak agerian uzten du gizakiak arbitrarioki nola banatzen gaituen munduan daukagun jaioterriaren arabera, pobre edo aberats izatearen artean.
Jardunaldiak abiapuntu bat izan nahi zuen, Euskaditik Europako Batasunaren estrategia pertsonen salerosketa deuseztatzeko (2012-2016) ekimenaren helburuetan ekarpena egiteko abiapuntua, zehazki alor hauetan:
• gaiaren funtsezko garrantzia hedatzea, eta gaitz honek dakartzan giza ondorio larrien berri ematea Euskadin, horrela, gure gizartea eta gure erakundeak sentsibilizatzen laguntzeko, gaitz hori desagerrarazteko beharrari dagokionez;
• hausnarketa prozesu sakonagoa abiatuz eta gaiaren egoerari argia emateko ahalegina eginez, dimentsio guztietan: ideologikoa, giza arlokoa, soziala, juridikoa eta poliziala;
• ikuspuntu profesional eta lurraldeen ikuspuntuetatik iritziak trukatuz, baita esku-hartze esparru edo diziplinetatik ere, denak gizakien salerosketaren aurkako borrokan inplikatutakoak eta bereziki biktimei arreta eman eta babestuz;
• etorkizuneko lankidetzarako oinarriak finkatzea, fenomeno izugarri honi buruzko ezagutza areagotzeko eta biktimei laguntzeko erantzun eraginkorrenei dagokienez, eta, azken finean, gizakien salerosketako edozein merkataritza modu desagerrarazteko.