11. TALDE TERRORISTEN BIKTIMAK
1. Arloa zenbakitan
2015ean ez da jaso talde terroristen biktimen arloarekin lotutako kexarik.
2. Araudi- eta gizarte-ingurunea
2.1. Bake eta askatasunezko bizikidetzarako eskubidea. Parte hartzeko eskubidea
Uztailaren 29an onetsi zen 157/2014 Dekretua, Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzen duena.
2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planak batzorde horren sorrera aurreikusten du eta “erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarrekintza sustatzeko” eginkizuna egozten dio.
Batzordearen osaketan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, euskal udaletako, Euskadiko Eskola Kontseiluko, UPV/EHUko, EITBko, Emakundeko eta Ararteko erakundeko zenbait sailek parte hartzea aurreikusita dago. Era berean, bakea eta bizikidetza sustatzen lan egiten duten elkarte eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte, baita Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko lehendakariak ere.
Arartekoaren ordezkari batek parte hartu du Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordeak 2015ean egin dituen bileretan.
2.2. Memoriarako eta egiarako eskubidea
Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legeak 7. eta 8. artikuluetan egiarako eta memoriarako eskubideak aitortzen dizkie terrorismoaren biktimei.
Manu horietan egiaren aitorpen publikorako eskubidea aitortzen da, eta EAEko botere publikoei berariaz agintzen zaie “bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin” sustatzeko.
Biktimek eurek zein biktimen elkarteek adierazi dutenez, biktimen lekukotasunen bidezko memoria giltzarri da terrorismoaren amaieran biktimen eskubideak errespetatu daitezen.
Hona hemen Memoriaren tratamendurako funtsezko tresnetariko bi, legez sortuak eta 2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planean iraganaren kudeaketarekin lotutako ekimen gisa aurreikusiak: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua – Gogora– eta Terrorismoaren Biktimen Memoriala. Biak ere 2015. urtean gauzatu dira.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Gogora, 4/2014 Legeak sortu zuen, eta Memoriaren egunean, azaroaren 10ean, inauguratu zen ofizialki. Bilbon du egoitza eta memoriaren arloko politika publikoak koordinatzeko ardura du. Oroitzapen, kontserbazio, ikerketa, prestakuntza, parte-hartze, hedapen, integrazio, kontsulta eta zabalkunde jarduerak sustatzen ditu.
Institutu hori hortxe egotea eta helburuak eta edukiak zehazteko garaian haren jarduketak adostasun soziopolitiko zabalean oinarrituta egotea funtsezko inguruabarrak dira memoriari buruzko politika publikoak biktimen eskubideak errespetatu ditzan.
Pozgarria da, halaber, ikustea nola azkenean ere abian jarri den Terrorismoaren Biktimen Memoriala, Terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko eta haiei babes osoa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeak sortua, Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentro Nazional gisa. Lege horrek berorrek helburu hau esleitzen dio: “terrorismoari aurrea hartzea, terrorismoaren biktimek islatzen dituzten balio demokratiko eta etikoak zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa eraikitzea, eta herritar guztiei kontzientzia harraraztea askatasuna eta giza eskubideak defendatzeko eta terrorismoari aurka egiteko”.
Memorial horrek Gasteizen du egoitza. Dagoeneko inauguratu dute, eraikina egokitzeko obrak hasi dira, eta “Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa” fundazioa eratu da. Fundazio horren patronatuan egongo dira, besteak beste, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkariak, beste erakunde batzuen ordezkariak eta terrorismoaren biktimen ordezkariak.
Hainbeste atzeratu den memorial hori abian jartzea oso garrantzitsua izango da, arestian aipatutako Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren sorrerarekin batera, memoriaren arloko politika publikoak garatzeko.
Arartekoak azpimarratu egin du, bai terrorismoaren biktimentzako erakunde-arretari buruzko txostenean bai urteko txostenetan, EAEko udal askok oraindik ez dutela biktimen omenezko ekitaldirik antolatu, euren udalerrietan atentatu hilgarriak jasan dituzten arren.
“1960tik 2010era bitartean, euskal kasuan, bizitzeko eskubidearen aurka egindako urratzeen udal erretratuak, herriz herri” izeneko dokumentua prestatu du Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak. Oso tresna garrantzitsua da terrorismoaren biktimak oroitzeko.
Dokumentu hori Memoriaren Ma
pa deituaren osagarri da. Memoriaren Ma
pa 2014an amaitu da, eta udalek bera erabili behar dute oroimenezko ekitaldiak antolatzeko, biktimak aintzat hartuta sentitu daitezen.
Abian jarritako tresnen arteko adostasun- eta koordinazio- irizpideetan oinarritutako memoria etiko baten bila egin beharreko urratsek terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko balio beharko lukete; ez terrorismoaren biktimak bakarrik, baita beste indarkeria mota batzuen biktimak ere.
Aipagarria da, halaber, terrorismoaren biktimentzako ordaina adierazten duen eduki sinbolikoa edukitzeagatik, Iñigo Urkullu lehendakariak 2015eko ekainaren 5ean, Donostian, “Terrorismoaren biktimak eta gizartea” jardunaldian egindako hitzaldia. Bertan autokritikoa egin zuen “erakundeen arreta falta” dela eta, eta terrorismoaren biktimei barkamena eskatu zien arreta falta horrengatik.
“Okerren zuzenketak eta bakarkako zein taldeko barkamen eskeak bakezko eta bidezko elkarbizitza baterako duten esanahiaz jabetuta, konpromisoa hartzen dugu biktimen memoria eta ohorea albora ez uzteko, etorkizunari begira jarrita iragana ez ahazteko”, esan zuen lehendakariak.
Hauxe gehitu zuen: “Indarkeriaren amaierak ezin du berekin ekarri orria pasatzea gertatutakoaren gaineko argitasunik, aitorpenik eta berariazko kritikarik gabe. Gobernua indarkeriari edo giza eskubideen urratzeei buruzko edozein historia justifikaturen aurka dago eta beti egongo da aurka”.
Jardunaldietan parte hartu zuten 120 biktimek txalotutako hitz horiek gida moduan erabili behar dira EAEko erakundeek terrorismoaren biktimen memoriari buruz darabiltzaten politiketan.
2.3. Justiziarako eskubidea
Justiziarako eskubidearena terrorismoaren biktimen eta euren elkarteen aldarrikapen sakonenetarikoa izan da.
Erakundeek terrorismoaren biktimei ematen dieten arretari buruzko txostenean terrorismoaren biktimen hainbat lekukotasun jaso dira. Lekukotasun horietan “justiziaren beharrizana eta Zuzenbidezko Estatuak ondo funtzionatuko duen konfiantza” aldarrikatzen dira.
Eskubide hori aitortzen da Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legearen 3. artikuluan. Lege horren zioen azalpenean bertan aitortzen denez, “eskumen-arrazoiak direla-eta, artikulu horrek bere edukia mugatzen du justizia-eskubidearen osagarrizko alderdiak arautzera, Autonomia Estatutuari baitagokio funtsean hori arautzea”.
Horren haritik azpimarratu beharra dago Gorte Nagusiek Delituen Biktimen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legea onetsi dutela. Horrela lege-testu bakar batean batu nahi izan da “biktimen eskubideen katalogoa, batetik Europar Batasunak gaiari buruz eman dituen zuzentarauen transposizioa eginez eta bestetik Espainiako gizartearen eskari berezia jasoz”. Lege hori terrorismoaren biktimei aplikatuko zaie, besteak beste. Arau horrek zigor prozesuan eta zigorren betearazpenean parte hartzeko eskubidea aitortzen die biktimei.
Abenduaren 11ko 1109/2015 Errege Dekretuaren bidez lege hori garatu egin da.
Terrorismoaren biktimek justiziarako duten eskubideari dagokionez, elkarteek salatu egin dute, terrorismoaren biktimen zenbait elkartek sortutako Inpunitatearen Aurkako Behatokiak 2011n emandako txosten baten bitartez, hilketa terroristekin lotutako hirurehun kasu baino gehiago daudela ebatzi gabe, eta horietariko batzuk honezkero preskribatuta daudela.
Aldarrikapen hori planteatzen jarraitzen dute COVITE bezalako erakundeek. Hain zuzen ere elkarte horrek 2015ean aurkeztu du Agujeros del sistema. Más
de 300 asesinatos de ETA sin resolver” izeneko liburua.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Arartekoak betiere oso balorazio positiboa egin dio terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioek betetzen duten funtsezko eginkizunari, eta aitortu egiten du erakunde horiek ezinbesteko jarduletzat hartu behar direla biktimen eskubideen aldarrikapenean.
Funtsezkoa da, halaber, bizikidetzaren eta bakearen balioen alde lan egiten duten elkarte eta erakundeen jarduna.
Ararteko erakundearen ordezkariak terrorismoaren biktimen eskubideei buruz eztabaidatzeko edo pertsona horiei dagokienez politika publikoak gidatu behar dituzten printzipioak aldarrikatzeko egindako hainbat ekitaldi, foro eta mintegitara joan dira 2015ean.
Ararteko berriak, Ma
nuel Lezertuak, terrorismoaren biktimengandik hurbil agertu da jendaurrean, eta kargua hartu eta gero biktimen aitormenez egin ditu bere lehenengo egintzetariko batzuk.
Ildo horretan bilera egin du Ma
ría del Ma
r Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariarekin. Elkarrizketa horretan biktimen intereseko gaiak jorratu ziren eta Arartekoak konpromisoa hartu zuen biktimen eskubideen defentsan lanean jarraitzeko. Fernando Buesa Fundazioko lehendakari Natividad Rodriguezekin ere bildu da Arartekoa, biktimen egoerarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiteko.
Beste alde batetik, Arartekoa Fernando Buesa Fundazioaren XIII. Mintegian izan zen. “Hauxe zen bakea. Gizarteak trauma kolektiboaren ondoren” izenburuaren pean, urriaren 29an eta 30ean egin zen.
COVITEk antolatutako “Indarkeriazko erradikalizazioa, ETAren aurkako borrokatik terrorismo yihadistaren prebentziora” izeneko jardunaldietan ere izan zen, Donostian, azaroaren 26an eta 27an.
3.2. Lankidetza Herriaren Defendatzailearekin
Herriaren Defendatzailea terrorismoaren biktimen egoerari buruzko txosten bat egiten hasi da.
Ararteko erakundeak laguntza eskaini dio txosten hori egiteko. Gaian adituek ere parte hartuko dute txostenean.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Poztu egin behar gara, 2011n ETAk indarkeriaren “behin betiko etena” iragarri zuenez geroztik jarduera terroristarik ez izateak berekin ekarri duelako 2015ean Euskadin herritarren bizitzarako, askatasunerako eta segurtasun pertsonalerako eskubidearen urratze bakar bat ere gertatu ez izana talde terroristen ekintzen ondorioz.
Terrorismoaren Biktimen Memoriala eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua –Gogora– ma
rtxan jartzeak lagundu egingo du terrorismoaren biktimen memoriarako eta egiarako eskubideak eraginkorrak izan daitezen.
Halaber, Biktimen Estatutuaren onespenak bide emango du terrorismoaren biktimen justiziarako eskubidea nola gauzatu sakonago aztertzeko.
1 Termino horren bitartez ikuspegi zabala eman nahi zaie genero-identitatea bizitzeko modu desberdinei, genero hori jaiotakoan esleitutako sexuarekin bat ez datorrenean. Barne hartzen ditu bai sexua berriz esleitzeko medikuntza-prozesua burutu eta/edo hormona bidezko terapia egin nahi dituzten pertsonak, baita halako prozesurik gabe genero-identitatea beste modu batera bizitzea erabaki duten pertsonak ere. Gure ustez, haurrei edo adingabeei buruz hitz egiten dugunean, kontzeptu horrek hobeto deskribatzen du haurtzaroan eta nerabezaroan bizitzen den identitate-eraik
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko