1. Arloa kopurutan
2015ean, 40 kexa-espediente jaso dira arlo honetan, alegia, erakundeak ekitaldi honetan zehar jaso dituen kexa guztien %1,99.
Kexa horiek honako administrazio hauei dagozkie:
• Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra
(Eusko Jaurlaritza) ............................................................................18
• Foru administrazioa ..........................................................................4
• Tokiko administrazioa .......................................................................1
Azpiarloak, berriz, honakoak izan dira:
• Merkataritza, turismoa eta kontsumoa ...........................................12
• Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria .............................9
• Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak .......................................7
• Administrazioaren funtzionamendua eta
administrazioaren prozedura .............................................................4
• Beste alderdi batzuk ........................................................................3
• Telefonia zerbitzuak ........................................................................3
• Energiaz (elektrizitatea eta gasa) hornitzeko zerbitzuak .................2
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Arlo honi dagokionez, ekitaldi honetan azpimarratzekoa da Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen ebazpen batekin ados ez zegoen herritar batek aurkeztutako kexa. Ebazpen horren bidez, hain zuzen, berretsi egin zen jolas-ontziak gobernatzeko titulazioak lortzeko 2015eko azterketa arruntetarako deialdiaren barruan egindako proba teorikoan pertsona horrek jasotako kalifikazioa – “ez gai” (Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Nekazaritzako zuzendariaren ebazpena, 2014ko azaroaren 24koa).
Laburbilduz, bi kontuk eragin dute kexagilearen ezinegona: alde batetik, herritarra ez zegoen ados ebazpenean erabilitako arrazoiekin, probako galdera batzuen kasuetan epaimahaiak ontzat emandako erantzunei dagokienez; bestalde, herritarrak probaren formari eta lortutako emaitzei buruzko iritzia epaimahaiarekin azaltzeko eskatu zuen, baina sailak ez zion erantzun eskaerari, eta erantzunik ezak defentsa-gabezia sortu zitzaion kexagileari.
Gure ustez, gardentasun-printzipioa eta egintza administratiboak arrazoitzeko betebeharra betetze aldera, Administrazioak bermatu behar die prozesu horietan parte hartzen duten pertsonei puntuazio jakin bat emateko arrazoiei buruzko argibideak jasotzeko eskubidea. Horregatik, kexagileak aurkeztutako dokumentuak aztertu ditugu eta berak zalantzan jarritako erantzunak epaimahaiak ontzat jotzeko, hau da, azken finean, proban esleitutako puntuazio orokorra erabakitzeko arrazoiak jakinarazi zitzaizkiola egiaztatu dugu.
Azaldutako bigarren kontuari dagokionez, hau da, kexagileak bere iritziak epaimahaiaren aurrean aurrez aurre egiaztatzeko aukerarik ez zuelako babesik gabe geratu izanari dagokionez, zera egiaztatu dugu: kexagileak epaimahaiarekin bildu ez bazen ere, prozesuan zehar bazuen aukera kide anitzeko organoaren erabakien aurka egiteko eta horiek ezezteko, hortaz, omisio horrek ez zuen eragin alegatutako defentsa-gabezia.
Aurreko guztia dela eta, jakinarazi genion kexagileari kontu horretan gure esku-hartzea babesteko elementurik ez genuela eta kexa-espedientea itxi eta artxibatzea erabaki genuela.
2.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Konpainia pribatuek eskaintzen dituzten zerbitzuen jardueren ondoriozko hainbat kontsulta jaso ditugu. Pertsonentzat oso garrantzitsuak diren zerbitzu orokorrak eta interes publikokoak dira, hala nola, energia-hornidura, gas-hornidura eta telefonia, enpresa pribatuek kudeaketa-sistema batzuen bitartez ematen dituztenak. Inguruabar horrek mahai gainean jarritako kontuan esku hartzea galarazten badigu ere, erakunde honek uste du kudeaketa horrek ez duela zerbitzuak eman bitartean urratu daitezkeen oinarrizko eta funtsezko eskubideen galera eragin behar.
Horregatik, mahai gainean jarritako gai zehatzaren inguruan egoki iritzitako informazioa helarazi ondoren, kexa horiek aurkeztu zituzten interesatuei jakinarazi diegu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eta Kontsumobide direla kexa horiek izapidetzeaz arduratzen direnak eta, legeak hala aginduta, une honetan, gure esku hartzeko ahalmena jarduerak ordenamendu juridikoarekin bat etortzen ote diren aztertzera mugatzen dela.
Adibide bat aipatzearren, Correos y Telégrafos SA posta- operadorearean jarduerari buruzko kexa aurkeztu zuen pertsona bat bideratu dugu bulego horietara. Halaber, jakinarazi diogu, posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen 10. artikuluaren arabera, posta-operadoreen bezeroek zerbitzu horiek ematean sor daitezkeen eztabaidak enpresari berari ez ezik, Kontsumoko Arbitraje Batzordeari ere jakinarazi ahal izango dizkiola, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu bategina eta beste lege osagarri batzuk onartzen dituen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat.
Era berean, beste herritar bati bulego horietara jotzea iradoki diogu. Izan ere, pertsona horrek ondoeza adierazi digu, Orange telefonia-enpresak bere semeari –telefonoaren erabiltzailea den adingabeari– deitzen ziolako, produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko. Herritarraren iritziz, halako deiak ez egiteko eskatu beharko zaie enpresa horiei. Hori dela eta, telefonia-konpainiara jo zuen, gai horretaz galdezka, baina ez zuen erantzunik jaso.
Halako deiak egitea hasiera batean legezkoa dela jakinarazi diogu. Hala ere, praktika batzuk debekatuta daude, eta komenigarria izango litzateke deiak jasotzen dituen pertsonak praktika horiek ezagutzea, zirikatzea geldiarazteko, abenduaren 30eko 29/2009 Legeak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa hobetzeko lehia desleialaren eta publizitatearen lege-araubidea aldatzen duenak, babesten baititu kontsumitzaileak telefono bidezko marketinetik. Lege horrek desleialtzat jotzen du telefonoz, faxez edo urrutiko beste komunikabide batzuen bidez nahi ez diren proposamenak behin eta berriz egitea, salbu eta kontratuzko eginbideren bat betearazteko legez justifikaturik dagoen kasuan eta neurrian.
Jakinarazi genion, legearen arabera, komunikazio horiek egiteko orduan, enpresaburuak edo profesionalak komunikazioetan erabiliko dituen sistemek kontsumitzaileari aukera eman beharko diotela enpresaburu edo profesional horrengandik proposamenak jasotzen jarraitzearen kontra dagoela jasota uzteko. Halaber, herritarrak deirik jaso nahi ez duela adierazten badu, enpresak bere eskaria erregistratu eta aintzat hartu beharko luke eskaria, eta berriro ez molestatu.
Bestalde, esan behar da erakunde honek ohiko okupazioko etxebizitzetan leihoak ordezkatzeko inbertsioetarako diru- laguntzak emateko jarraitu zen prozeduraren inguruko hainbat kexa jaso dituela. Hain zuzen, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) argitaratu du laguntza horiei buruzko deialdia.
Ildo honetan, herritarrek salatzen zuten aurreikusitako diru-saila deialdia argitaratu eta handik hiru egunera agortu izana, diru- laguntzak emateko irizpidea –eskaerak onartzeko erregistro berezian ezarritako ordena oinarri hartu izana–, baita beharrezko dokumentu guztiak ez zituzten eskaerak onartu izana ere.
Laguntzak emateko erabakia arautua da. Horrek esan nahi du, erabaki hura hartu aurretik, laguntzak emateko oinarrietan ezarritako arauak onartu behar direla. Gainera, oinarriak dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar dira.
Egiaztatu genuenez, ohiko okupazioko etxebizitzetan leihoak ordezkatzeko inbertsioetarako 2015. urteko laguntzen deialdia Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak 2015eko abuztuaren 7an emandako ebazpenaren bidez (EHAA, 169/2015 zk., irailaren 7koa) argitaratu zen.
Oinarri horietako 3. puntuan, honako hau ezarri zen: “Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian (aurrerantzean EHAA) oinarri hauen iragarkia argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da diru-laguntza programa honetara eskabideak aurkezteko epea, eta programari esleitutako diru-saila agortu arte zabalik egongo da”. Gainera, adierazi zen EEEko web orrian emango zela eskura daitekeen aurrekontuaren berri. Halaber, honako hau aipatu zen: “Programa honen arabera, diru-laguntza eskabide osoak aurkeztuta eta bideratzen egongo diren arren, bazter egingo dira, baldin eta esleitutako aurrekontua amaitzen bada, EEEko zuzendari nagusiak emango dituen ebazpenen bidez”. 2015eko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez (EHAA, 182/2015 zk.), diru-laguntzak emateko aurrekontua agortu egin zela jakinarazi zen.
Oinarrien 8. puntuan laguntzak eskatzeko prozedura ezarri zen eta interesatuek aurkeztu beharreko dokumentuak zehaztu ziren. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak ezarritakoarekin bat, 9. puntuak aipatzen zuenez, eskabidea osatu gabe aurkeztuz gero edo akatsak egonez gero, eskatzaileak 10 laneguneko epea izango zuen horiek zuzentzeko, komunikazioa jaso zen egunetik zenbatzen hasita.
Bukatzeko, diru-laguntzak jasotzeko eskabideak ebazteari dagokionez, adierazi zen prozedura hori lehia edo konkurrentzia jarraitua izango zela, eta, beraz, eskabideak aurkezten ziren hurrenkeraren edo ordenaren arabera aztertu eta bideratuko zirela espedienteak, eta modu egokian formulatuak eta beteak egongo ziren heinean eta hurrenkeran bideratuko zirela.
2.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
Aurreko urteetan bezala, Autonomia Erkidegoko herritarrek banku erakunde eta aseguru-etxeen jarduerarekiko desadostasuna helarazi diote erakunde honi.
Berez, Arartekoaren erakundeari dagokion jarduera-eremua ez da hori, finantza-erakundeen eta aseguru-etxeen jarduera kontrolatzea erakunde hau sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeak esleitutako kontrol ahalmenetatik kanpo geratzen baita. Hala ere, pertsona horiei erreklamazioa aurkezteko eskura dituzten bideen inguruko orientabideak ematen saiatzen gara, haien kexak organo eskudunen aurrean aurkezteko aukera izan dezaten.
Jurisdikzio zibileko justizia-organoetan salaketa jartzeko aukera izateaz gain, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetara (KIUB) eta Kontsumobidera ere jo dezakete. Bertan, zerbitzu horien kontsumitzaile eta erabiltzaile izateagatik dagozkien eskubide eta beharrei buruzko informazioa jasoko dute.
Era berean, kontuan izan behar da banku-erakundeek zein aseguru-etxeek badutela barruko zerbitzu bat, erreklamazioak egiteko. Banku-erakundeen kasuan, Espainiako Bankuaren Erreklamazio Zerbitzua dago, izan ere, horren ardura da neurrigabeko jarduerak saihestea eta bankuei buruzko indarreko araudia edozein unetan bete dadila zaintzea.
Aseguru eta pentsio-planei dagokienez, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Orokorra arduratzen da sor daitezkeen gatazkak ebazteaz. Doako eta epaitegiz kanpoko prozedura da. Hala ere, ez ditu ebazten aseguruen arloan sor daitezkeen arazo guztiak. Hori dela eta, komenigarria izaten da zerbitzu horrek eskaintzen duen informazioaz galdetzea.
Azkenik, kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak esleituta dituela zenbait fiskalizatze- ahalmen, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei (BGAE) dagokienez. Arartekoak azter ditzake ebazpen horiek, EAEko organo batek emandakoak direlako.
Arlo honetan jorratzen diren gaiei dagokienez, esan beharra dago herritarrek erakunde honetara jotzen dutela, kontu korronteak mantentzeagatik bankuak komisioak kobratzea arrunt bilakatzeagatik haserrea adierazteko. Hain zuzen, bankuek ez dute kontuan izaten jasotako ordainsariak nahikoak ez izatea dela lansaria duten bezeroei komisiorik ez kobratzeko ezarritako epealdian batez besteko saldoak ez lortzeko arrazoia. Horregatik kexatzen dira herritarrak.
Jaraunsleek banku-erakundeetan gordailututako kausatzailearen ondasunak eta eskubideak erabiltzeko izaten dituzten zailtasunak ere bihurtzen dira kexen arrazoi.
Dena den, oraindik ere hipoteka-maileguak ordaintzeari aurre egiteko zailtasunek eragiten dituzte kexa gehienak. Arazo horiek dituzten pertsonak kezkatuta daude hipoteka betearazteko prozesuak gurasoei ere ez ote dien eragingo, sinatu duten hipoteka-maileguaren kontratua betetzea beraien ondasun higiezinekin bermatu dutelako. Era berean, interesa erakutsi digute errentamendu babestuaz baliatzeko, halako sustapena agertuz gero.
Azkenik, behin eta berriro jasotzen ditugu langabezian dauden herritarren kexak, enpresako BGAE batzuetan metatutako eskubideak berreskuratu ezin dituztelako. Otsailaren 23ko 5/2012 Legeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzkoak, gaitzen du BGAEaren bitartez erreskatatzea, besteak beste, iraupen luzeko langabeziaren kasuan. Izan ere, oso luzea da kontingentzia edo kasuen zerrenda. Hala ere, ez du ezartzen funts horiek erreskatatzeko beharrik, eta ez du erreskatatzeko biderik ematen, kontingentzia hura ez bada aurreikusi eragindako BGAE jakin bat arautzen duten estatutuetan.
2.4. Beste esku-hartze batzuk
Euskal Herriko trantsizio energetikoa. Eredu energetikoak hiru xede bermatu behar ditu: horniduraren segurtasuna, iraunkortasun ekonomikoa eta ingurumen-iraunkortasuna. Xede horiek arazoak sortzen dituzte gaur egun. Gure sistema gune ezegonkorretan dauden herrialdeetatik datozen energia iturrien mende dago, sistema energetikoaren kostuetatik eratorritako prezio altua du, eta gainera, karbonoaren isuriak zorrozki eta hamarkada gutxitan murrizteko beharra dago. Ondorioz, karbonoaren igorpen txikiko eredu bat bilatu behar da nahitaez. Gizartearen eta gobernantzaren eredua ere aldatu egin da. Energiaren inguruko politikaren barruan hartzen diren erabakiak energia alorreko eragileen, botere publikoen eta herritarren artean adostea eskatu beharko litzateke.Badago gizarte-mugimendu bat, ordezkaritza sozial eta politiko zabalekoa, energia-eredu iraunkor hori lortzea xede duena.
Eredu energetiko berri hori eraikitzeko, hiru funtsezko zutabe hartu behar dira kontuan: Eredu energetiko segurua eta kalitate onekoa. Eredu iraunkorra, aurreztea, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriko iturriak oinarri dituena. Eredu gardena, parte hartzekoa eta deszentralizatua.
Gai horiek une berezian jartzen dira mahai gainean, hain zuzen, nazioarteko eta Europar Batasuneko eremuan hartutako konpromiso eta hitzarmenak berotegi-gasen isuriak murrizteko, aurrezpen eta eraginkortasun energetiko eta energia berriztagarriko iturrietatik datorren energiaren kontsumoaren kuotak ezartzeko zuzenduta daudenean. Europar Batasunak 2030. urteari begira egindako dokumentuan 2050 baino lehen, 1990eko mailekin konparatuta, %80ko jaitsiera lortu behar dela ezartzen du. Epe laburragoan, 2030. urtean, 1990eko mailekin alderatuta, berotegi-efektuko gasen isuriak %40 murriztea aurreikusten da. Era berean, energia berriztagarrien aprobetxamendua areagotzea –energia-kontsumo osoaren %27raino– eta energiaren %27 aurreztea lortu nahi da.
Horiek horrela, kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, hain zuzen, egungo Euskadiko Energia Estrategia berrikusteko eta 2025. urteari begira egokitzeko. Plangintza estrategikoko tresna horrek helburutzat ezartzen du berotegi-gasen isuriak 2030. urtera arte gutxienez %40, eta 2050erako gutxienez %80 jaistea, hori guztia, 2005. urtea abiaburutzat hartuta.
Halaber, kontsumitutako energia berriztagarria %40 areagotzea helburu gisa jasota dago dokumentu horretan.
Adierazle bi horiei dagokienez, esan dezakegu, Kyotoko hitzarmena sinatu zen urtetik 2013ra bitartean, Euskadiko 2013ko isuriak Kyotoko oinarri-urtekoak baino %10 edo %25 (2005. urtea oinarri hartuta) txikiagoak izan direla.
Bestalde, energiaren kontsumo orokorrari dagokionez, 2014an, %7 izan da iturri berriztagarrikoa. Energia berriztagarriaren aprobetxamendua 433 ktbp-ekoa izan da urte hartan. Kopuru horretatik %67,8 biomasari dagokio, %15 bioerregaiei, %8,6 hidroelektrikoari eta %6,9 eolikoari.
Testuinguru horretan, 2016an zehar, jarduera bat abiatuko dugu, Euskadin gaur egun dagoen eredu energetikoari buruzko hausnarketa egiteko, eta euskal eredu energetikoa iraunkorrago eta hipokarboniko bihurtzeko aholkuak biltzeko.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. 2015. urtearen hasieran argitaratu zen 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukeraren mekanismoarena, finantza-karga murriztekoa eta gizarte-arloko beste neurri batzuena. Lege-proiektu gisa izapidetu ondoren, uztailean, uztailaren 28ko 25/2015 Legea, bigarren aukeraren mekanismoarena, finantza-karga murriztekoa eta gizarte-arloko beste neurri batzuena argitaratu zen. Lege horrek, konkurtso-arloan, kargak dituzten fede oneko zordunei bigarren aukera emateko posibilitatea ezartzen du, eta, lehen aldiz, pertsona fisikoak hartzen ditu barne. Gainera, legeak Praktika Egokien Kodeak babestutako kolektiboan barne hartzen ditu hipoteketako zoru-klausuletatik kanpo geratzen direnak, eta bi urte luzatzen du etxegabetzeen etenaldia, 2015eko maiatzean amaitu zena.
Gure Autonomia Erkidegoan, aipatu beharra dago duela gutxi onartu den urriaren 27ko 203/2015 Dekretua, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duena.
Halaber, jaso behar da Eroski sozietate kooperatiboaren batzar orokorrak onartutako EROSKIren mendeko finantza- ekarpenak (EMFE): borondatez trukatzeko eskaintza argitaratu dela. Horren bidez, finantza-produktu horretan inbertitu zuten pertsonen egoerari erantzuna ematen saiatzen dira.
3.2. 2015ean nazioarteko zein Europako organo judizialek ebazpen ugari eman dituzte, bankuetako bezeroek –kontsumitzaile eta erabiltzaileek– salatutako praktika batzuen inguruan. Ezin dugu ahaztu finantza-produktuak erosten edo banku-zerbitzuak kontratatzen dituzten pertsonak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak direla, ondorio guzietarako. Hori dela eta, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari dagokionez indarrean dagoen legeriaren babespean daude.
Ebazpenen zerrenda osoa emateko asmorik gabe, horietako batzuk nabarmendu nahi ditugu, krisialdiko urte horietan zehar euskal herritarrek aurkeztu dizkiguten gaiak lantzen dituzten heinean.
Honi dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2015eko urtarrilaren 13ko Epaia (Zibileko Sala) aipatu behar dugu. Horren bidez, auzitegi horrek birformulatu du bere doktrina, ondasun higiezina hipotekaren bidez esleitu eta gero eskualdatzean bidegabeko aberastearen inguruan. Horrela, Auzitegi Gorenak dio: “el enriquecimiento injusto sólo podría advertirse cuando, tras la adjudicación, y en un lapso de tiempo relativamente próximo, el acreedor hubiera obtenido una plusvalía muy relevante, pues este hecho mostraría que el crédito debía haberse tenido por satisfecho en una proporción mayor, y al no serlo, el acreedor obtiene un enriquecimiento injusto con la plusvalía, o por lo menos con una parte de la misma. En este hipotético caso, que no es el que nos corresponde juzgar, la aplicación del enriquecimiento injusto se fundaría en su configuración como principio general de Derecho y en su proyección técnica respecto del necesario control causal de las atribuciones y desplazamientos patrimoniales en el curso de las relaciones jurídicas.”
Dena den, aipatu behar da, hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen bidez erreforma egin ondoren, exekuziopeko zordunari aitortzen zaio, exekutatutako ondasuna saldu eta hartzekodunari esleituta, saltzean lortutako gainbalioaren ehuneko bat jasotzeko eskubidea.
Era berean, ezin da aipatu gabe utzi Auzitegi Goreneko Zibileko Lehenengo Salak 2015eko urriaren 21ean emandako epaia. Horren bidez, auzitegiak onartu ditu banku-erakundeek merkaturatutako finantza-produktu arriskutsuak erosi dituzten pertsonen salaketa kolektiboak. Horrela, malgutu egin du akzioen metaketa delako kontzeptu juridikoari loturiko jurisprudentzia-irizpidea.
Halaber, 2015eko azaroaren 25eko epaia aipatu behar da. Horretan, auzitegiak kontratuaren erabateko deuseztasun absolutua deklaratu du, “revolving” kreditu baten lukuruzko izaera onartu ondoren. Izan ere, kreditua finantza-erakunde batek kontsumitzaile bati eman zion, UTB %24,6koa den interes- tasa ordaingarriaren truke. Hitzartutako interes-tasa, diruari dagokion interes-tasa arrunta baino askoz ere handiagoa izateaz gain, neurrigabea zirudien, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta (kontsumorako kreditua).
2015ean, Auzitegi Goreneko Lehenengo Salak eutsi dio zoru-klausulen deuseztasuna deklaratu zuen doktrinari. Izan ere, gardentasun-ezagatik deuseztatu ziren klausula horiek, baina auzitegiak zehaztu duenez, kasaziopean jarritako aurkaratze-akzio indibidualei dagokienez, dagoeneko ordaindu diren zenbatekoak itzultzeko beharrak 2013ko maiatzaren 9tik aurrera izango ditu ondoreak. Nabarmentzekoa da epai horiek jasotzen duten berezitasuna. Izan ere, ez dituzte zehazten zoru-klausulen gardentasun-ezagatik deuseztasunari buruzko adierazpenaren ondorioak, edo, bestela esanda, kobratutakoa itzultzeko mugak.
Esan behar da Estatuko hainbat auzitegik epaitu aurreko arazoak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian aurkeztu dituztela. Bertan, Kontseiluak 1993ko apirilaren 5ean emandako 93/13/CEE Zuzentarauaren 6.1 artikuluak xedatzen duen abusuzko klausulekin ez lotzearen printzipioarekiko bateragarritasunari buruzko iritzia eskatu da, klausula horien eraginkortasunik ezaren ondorioak mugatuta, Auzitegi Gorenak zoru-klausulen arloan duen jurisprudentzia dela eta.
Eremu komunitarioan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (Lehenengo Sala) bere 2015eko urtarrilaren 21eko epaian, C482/13, C484/13, C485/13 eta C487/13 auzi metatuak2, zera adierazi zuen:“el juez nacional debe examinar una cláusula de un contrato relativa a intereses de demora calculados a partir de un tipo inferior al previsto por la disposición transitoria segunda de la Ley 1/2013, la fijación por ley de ese límite máximo no impide a dicho juez apreciar el carácter eventualmente abusivo de tal cláusula en el sentido del artículo 3 de la Directiva 93/13.De este modo, no cabe considerar que un tipo de interés de demora inferior a tres veces el interés legal del dinero sea necesariamente equitativo en el sentido de la mencionada Directiva.
Por otra parte, en el supuesto de que el tipo de interés de demora estipulado en una cláusula de un contrato de préstamo hipotecario sea superior al establecido en la disposición transitoria segunda de la Ley 1/2013 y deba ser objeto de limitación en virtud de esa disposición, tal circunstancia no es óbice para que el juez nacional pueda, además de aplicar esa medida moderadora, extraer del eventual carácter abusivo de la cláusula en la que se establece ese tipo de interés todas las consecuencias que se derivan de la Directiva 93/13, procediendo, en su caso, a la anulación de dicha cláusula.”
Ideia hori berriz ere aipatu du 2015eko ekainaren 11ko Autoan. Zehazki, zera dio:“cuando el juez nacional haya constatado el carácter «abusivo» —en el sentido del artículo 3, apartado 1, de la propia Directiva 93/13— de una cláusula de un contrato celebrado entre un consumidor y un profesional, la circunstancia de que tal cláusula no haya llegado a aplicarse no se opone por sí sola a que el juez nacional deduzca todas las consecuencias oportunas del carácter abusivo de la cláusula en cuestión.”
Halaber, epaitu aurreko beste prozedura batean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (Lehenengo Sala), bere 2015eko urriaren 29ko epaiaren bidez, C8/14 auzia, erabaki du 1/2013 Legearen laugarren xedapen iragankorra 3 ez dagoela bat eraginkortasunaren printzipioarekin, “habida cuenta del desarrollo, de la particularidad y de la complejidad del procedimiento y de la legislación aplicable, existe un riesgo elevado de que ese plazo expire sin que los consumidores afectados puedan hacer valer de forma efectiva y útil sus derechos por la vía judicial, debido en particular al hecho de que ignoran o no perciben, en realidad, la amplitud exacta de esos derechos”.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Esan bezala, berez, hori ez da Arartekoaren erakundeari dagokion jarduera-eremua, finantza-erakundeen eta aseguru-etxeen jarduera kontrolatzea erakunde hau sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeak esleitutako kontrol ahalmenetatik kanpo geratzen baita. Hala ere, saiatzen gara herritar horiei orientabideak ematen, haien erreklamazio eta kexak organo eskudunen aurrean aurkezteko aukera izan dezaten.
4.1. Oro har, azpimarratu behar da oso gutxi direla arlo honetan aztertu diren kexak. Hala ere, horien guztien artean nabarmendu behar ditugu funtsezkotzat jo ditzakegun zerbitzuen erabiltzaileek aurkeztutako kexak, hala nola, gas eta elektrizitate-hornidurarekin edo telefoniarekin loturikoak. Zerbitzu horiek enpresa pribatuek ematen dituzte, baina interes orokorreko zerbitzuei dagokienez, herri administrazioak arduratzen dira aginduzko kontrolak egiteaz.
Honi dagokionez, mahai gainean jarritako kasu gehienetan, azaldutako kontuari loturiko lege-esparruaren berri eman diegu kexagileei, eta beraien eskubideak defendatzeko nora jo dezaketen jakinarazi diegu.
4.2. Maiz jasotzen ditugu Autonomia Erkidegoko herritarren kexak, erakunde ekonomiko eta finantza-erakundeekiko harremanetan sortzen zaizkien arazoei buruz. Hala ere, aurrerapen handiak egin dira, bai arau-mailan, baita nazioarteko zein Europako organo judizialek emandako ebazpenen bidez ere. Organo horiek beraien iritzia eman dute bankuetako bezeroak diren kontsumitzaile eta erabiltzaileek salatutako praktiken inguruan. Ezin dugu ahaztu finantza-produktuak erosten edo banku-zerbitzuak kontratatzen dituzten pertsonak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ere badirela, ondorio guzietarako. Hori dela eta, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari dagokionez indarrean dagoen legeriaren babespean daude.
Estatu mailan, uztailaren 28ko 25/2015 Legea onartzeari esker, konkurtso-arloan, kargak dituzten fede oneko zordunei bigarren aukera emateko posibilitatea ezarri du, eta, lehen aldiz, pertsona fisikoak hartu dira kontuan. Gainera, legeak Praktika Egokien Kodeak babestutako kolektiboan barne hartzen ditu hipoteketako zoru-klausuletatik kanpo geratzen direnak, eta bi urte luzatzen du etxegabetzeen etenaldia, 2015eko maiatzean amaitu zena.
Bestalde, esan behar dugu Auzitegi Gorena salaketa kolektiboen alde egiten duela, banku-erakundeek merkaturatutako finantza-produktu arriskutsuak erosi dituzten kexagileen kasuetan. Horrela, malgutu egiten da akzioen metaketa delako kontzeptu juridikoari loturiko jurisprudentzia-irizpidea. Halaber, auzitegiak kontratuaren erabateko deuseztasun absolutua deklaratu du, “revolving” kreditu baten lukuruzko izaera onartu ondoren. Izan ere, kreditua finantza-erakunde batek kontsumitzaile bati eman zion, UTB %24,6ko interes-tasa ordaingarriaren truke. Hitzartutako interes-tasa, diruari dagokion interes-tasa arrunta baino askoz ere handiagoa izateaz gain, neurrigabea zirudien, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta (kontsumorako kreditua).
Era berean, 2015ean, Auzitegi Goreneko Lehenengo Salak eutsi egin dio zoru-klausulen deuseztasuna deklaratu zuen doktrinari. Izan ere, gardentasun-ezagatik deuseztatu ziren klausula horiek, baina auzitegiak zehaztu duenez, kasaziopean jarritako aurkaratze-akzio indibidualei dagokienez, dagoeneko ordaindu diren zenbatekoak itzultzeko beharrak 2013ko maiatzaren 9tik aurrera izango ditu ondoreak. Nabarmentzekoa da epai horiek jasotzen duten berezitasuna. Izan ere, ez dituzte zehazten zoru-klausulen gardentasun-ezagatik deuseztasunari buruzko adierazpenaren ondorioak, edo, bestela esanda, kobratutakoa itzultzeko mugak.