Adingabeentzako web gunea eta material didaktikoak
Eskubideen uhartea web-orria, 2011. urtetik abian dena, lehen hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako web-atari bat da (6 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutakoa). Web-orri horrek bi helburu ditu: batetik, erakundea neska-mutilengana gerturatu nahi dugu, denek ezagut dezaten –ahalik eta modurik gertukoenean eta iristerrazenean–, giza eskubideen eta haurren eskubideen inguruan hitz egitean erreferente bat den aldetik; eta bestetik, neska-mutikoen artean haurren eskubideak hedatu nahi dira, bai eta gai horren inguruan neska-mutikoak sentsibilizatu ere.
Hauek dira web-orriko atalak: Itsasargia, non neska-mutilek beren eskubideen berri izateko informazioa aurki dezaketen. Botila atalean, haurren eskubideen mapa jasotzen da, eta ipuin bizidunak eta liburu elektronikoak (e-book) ditu. Zurezko upelean edo SOS espazioan, neska-mutilek informazio interesgarria aurki dezakete, baldin eta laguntza behar badute. Arrainontzi atalean, parte hartzera animatzen zaie, eta estekak eta jolasak daude horretarako. Azkenik, Itsaspekoa atala dugu, gurasoei eta oro har hezitzaileei zuzendutako espazio bakarra web-orri horretan.
Eskola 2.0. delakoaren Eskola Bakegunean sartuta dago gure web-orrirako esteka, eta horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako ikasle guztien eskura dago.
2015. urtean, web-orriak 21.000 bisita baino gehiago jaso zituen, eta aurreko urteetan gertatu zen legez, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zen egunaren, azaroaren 20aren, urteurrenaren oroitzapenaren ondoko egunetan bisita ugari egin ziren.
Berriro ere, jolasak eta haurren eskubideei buruzko informazio zehatza jasotzen duten atalak bisitatu dira gehien, batez ere eskubide bakoitzari buruzko istorio eta ipuin bizidunak dauzkan mapa kokatuta dagoen atala.
Material didaktikoei dagokienez, aurten bideo bat egin eta ohiko kanaletan sartu dugu (Arartekoaren web orria, Youtube kanala). Bideo hori jada aipatu dugu aurreko kapituluan (“Gure haur eta nerabeen ahotsa”), bada Haur eta Nerabeen Kontseiluko neska-mutilek egin dute, helburu honekin, lehen esan dugunez: hezkuntzarako eskubidea zer den eta zer ondorio dituen hauei txikienei azaltzea.