Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional edota baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:
• Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua.
• Lanbide Heziketako sailburuordea, Lanbide Heziketako zuzendaria eta Ikastetxeen zuzendaria.
• Hezkuntza Ikuskaritza.
• Euskadiko Eskola Kontseilua
• Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Gizarte Garapenerako zuzendaria.
• Berdindu zerbitzua.
• Biltzen zerbitzua.
• Hiru foru aldundien Gizartekintza / Gizarte Politika / Gizarte Zerbitzuak sailetako haurren zerbitzuetako arduradunak
(+ zenbait zerbitzu, programa eta baliabidetako arduradunak).
• Emakunde. Erakundearteko Talde Teknikoa.
• Euskal Herriko fiskal nagusia eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalburuak.
• EHUko Nazioarteko Zuzenbideko Saila.
Bilera horietako batzuetan edo, hain zuzen ere, horien ondorioz, Arartekoak zuzen-zuzenean ezagutu ditu politika publikoak eraginkor bihurtzeko plan, protokolo, estrategia eta bestelakoen proposamenak; horrez gainera, erakunde eskudunei iritzia eskatu ahal izan die egoera kezkagarri jakin batzuen inguruan —arretaren premia duten behar gisa azaldu zaizkie—, eta esku hartzean ezinbesteko eskubideak bermatu behar direla zehaztu.
Politika publikoetan herritarren eskubideak hobeto babestu eta zaintzeko lankidetza-ildo horretan, Eskolako Bizikidetasunerako Behatokiaren batzarreko kide da Haur eta Nerabeentzako Bulegoa, nahiz eta 2015ean ere ez dioten deitu. Hori bai, Escuela Segura talde egonkorrak lan interesgarria egin du aurten. Talde horretan, bulego honek gure ikastetxeetako aniztasun afektibo-sexualaren gaineko kezkak partekatzen ditu beste gizarte- eta hezkuntza-eragile batzuekin. Era berean, lan interesgarri bat hasi da genero-indarkeria jasateko arriskuan dauden haurrei behar bezalako arreta emateaz. Oraindik bukatzeko dago, Emakundeko Erakundearteko Talde Teknikoa buru duela, eta prozesu horretan guztiz parte hartzen ari gara.
Ohiko ildoari jarraiki, oso harreman ona dugu herriaren beste defentsa-erakunde batzuetako haur eta nerabeen sailekin, horiekin maiz trukatzen baititugu informazioa, irizpideak eta iritziak. Aurten bisitan etorri zaizkigu Valentziako Erkidegoko Síndic de Greuges erakundeko arduradunak, gure bulegoaren eta, bereziki, Haur eta Nerabeen Kontseiluaren jardueraz galdezka. Gainera, ekainean, Ararteko erakundea anfitrioi izan zen Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioko Emakumearen Defentsa-erakundeen Sarearen Europako Eskualdeak egin zuen Topaketan. Gai hau lantzeko bildu ziren: Genero indarkeria: etenik gabeko gaitza.
Bulegoaren presentziak ikusgai egin zituen, eta ezagutarazi, genero-indarkeria pairatzeko arriskuan dauden haurren arazoak.