Ararteko

  • RSS
  • Contactar
  • Buscador
  • Mapa Web
EUSKARA
  • A
  • A
  • A

Índice del libro

  • AURKEZPENA
  • + I. ATALA: Arau- eta antolaketa-testuingurua 13
    • 2015eko jarduera-esparrua
    • Arau- eta eskumen-esparrua
  • + II. ATALA: Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
    • Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
    • + Arriskuan dauden eskubideak:
      • Bizitzeko eta garatzeko eskubidea
      • Hezkuntzarako eskubidea
      • Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea
      • Familia babeslea izateko eskubidea
      • Osasunerako eskubidea
      • Adingabe arau-hausleen eskubidea
      • Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea
      • Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; genero-berdintasuna
  • III. ATALA: Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubidea: Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseilua
  • + IV. ATALA: Haurren eskubideak errespetatzeko kultura sortzen laguntzeko jarduerak
    • Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartzea ospatzea
    • Gizarte-eragileekiko lankidetza
    • Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
    • Ekitaldietan parte-hartzea
    • Adingabeentzako web gunea eta material didaktikoak
  • V. ATALA: Haur eta nerabeen eskubideen egoera baloratzea
  • VI. ATALA: Eranskinak

Buscador de informes

Índice de instituciones

  • Ir a p;gina inicial
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostena 2015
  • II. ATALA: Eskubideak urratzea? Kexak, kontsultak eta ekimen propioko jarduerak
  • Arriskuan dauden eskubideak:
Descarga en formatos libres:
  • RTF
  • XML

Arriskuan dauden eskubideak:

2015. urtean, adingabeen arloan Ararteko erakundeak egindako jardueraren ikuspegi kuantitatiboa osatzeko, antzemandako arazoak eta kezkak azaltzen dira, eta, zenbait kasutan, lortutako emaitzak edo ondorioak, zenbatutako kexen ehunekoak iradokitako hurrenkeran eta guztiak azaldutako egoeretan arriskuan dauden eskubideen inguruan bilduta.

Bizitzeko eta garatzeko eskubidea

6. artikulua

1 (Haurren eskubideei buruzko Hitzarmenekoa)

2. Estatu kideek bermatuko dute, ahalik eta gehien, haurraren biziraupena eta garapena.

Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemako prestazio ekonomikoei buruzko espedienteen titularren bizikidetza-unitateetan 18 urtetik beherako zenbat pertsona dauden jakiteko balioespenak eginez urteak eman eta gero, 2015ean ahalegin handia egin da eragindako haur eta nerabeak bizikidetza-unitate horietako zeintzuetan egon diren jakite aldera. Datu hori ezin izan da kasu guzti-guztietan eskuratu, eta erakunde honetan diru-sarrerak bermatzeko errentari eta etxebizitzarako prestazio osagarriari buruz aurkeztu diren espedienteen herenean baino zertxobait gehixeagoan (%37,38) informazio hori ez edukita ere, 260 dira urritasun ekonomikoko egoeran dauden adin txikikoak dituzten bizikidetza-unitateak (izan ere, prestazio horien onuradun izateak agerian jartzen du urritasun ekonomikoko egoera daudela), hau da, diru-sarrerak bermatzeko errentari eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoari buruzko espedienteen %34,74. Bada, bulego honek eta txosten honetan kontuan hartutako espedienteen %50 dira, funtsean, adin txikikoak dituzten bizikidetza-unitateak, aurreko atalean ikus zitekeen bezala.

2.1.1. Arauzko testuinguru soziala

Egiazki, Euskadin egindako beste ikerketa batzuetan eta testuinguru zabalagoei buruzko txostenetan jasotako datuek egiaztatu egin dute azken urteotan pobrezia eta desberdintasuna hazi egin direla, haurren artean bereziki:

• 2015ean argitaratutako Gipuzkoako Pobreziari eta Gizarte Bazterketari buruzko 2. Inkestan, pobrezia, oro har, 2012 eta 2014 urteen artean jaitsi egin dela egiaztatu da (biztanleriaren %16,8tik -120.000 pertsona- %15era igaroz -111.000 pertsona-). Hala ere, egoera okertu egin da adin txikikoentzat, emakumeentzat eta etorkinentzat.

• Bizkaiko Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Behatokiaren lehenengo txosteneko datuen arabera, Bizkaiko biztanleriaren %22,1 (249.716 pertsona) pobreziarako eta gizarte bazterketarako arrisku egoeran dago, lau urte lehenago baino puntu eta erdi gehiago.

• Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei buruzko Inkestako Moduluak Gizarte Premiei buruzko 2014ko Inkestan (pobreziaren adierazleak eguneratzen ditu urte horren arabera) emandako datuetatik nabarmendu beharra dago, hain justu ere, haurren taldea dagoela pobreziak eta eskasiak aurrera gehien egiten duen taldeen artean. Hots, haurren pobreziak gure lurraldeko biztanleria orokorraren pobreziak beste aurrera egiteaz gain (horixe izaki ikerketaren lehenengo eta oinarrizko ondorioa), 14 urtetik beherakoen arteko benetako pobrezia egoerek gainerako biztanleen artean baino azkarrago egiten dute aurrera. 14 urtetik gorako biztanleriaren pobrezia tasa, 2008. eta 2014. urteen artean, 1,4 puntutan areagotu den bitartean, igoera 3,9 puntutakoa izan da 14 urtetik beherako biztanleen artean (%7,3 2008an; %9,5 2012an; %11,2 2014an). Gainera, desberdintasun soziala handitu da.

• Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Borrokarako Europar Sarearen (EAPNaren) 4. txostenak, pobreziaren egoerari buruzkoak, nabarmendu du krisi garaian erregistratu den desberdintasunaren igoerak isla argia duela klase ertainaren murrizketan.

• Intermon OXFAMen 2015eko txostenak, hau da, “Europa gehiengoarentzat, ez eliteentzat, berehala alda dadila desberdintasunaren eta pobreziaren norabidea Europan” txostenak, Europar Batasunean pobreziarako arriskuan dauden pertsonen kopurua areagotu egin dela nabarmendu du, 123 milioi pertsona direlarik gaur, hots, Europar Batasuneko biztanleriaren laurdena, 2008an ziren 116 milioien aurrean. Errumaniako, Italiako, Espainiako, Lituaniako eta Letoniako haurren %30 baino gehiago bizi da pobrezia erlatiboaren atalasearen azpitik, Greziako haurren %40tik gora haur bezala.

Europar Batasuneko pobrezia, ordea, ez da eskasia arazoa, baliabideen (errenta eta aberastasunaren) banaketa kontua baizik. Credit Suisse-k kalkulatu du europar aberatsenen %1ak (Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeak ere kontuan hartuta) daukala kontinenteko aberastasunaren herena ia, eta, aldi berean, biztanleria pobreenaren %40k Europan dagoen aberastasun garbi guztiaren %1 baino gutxiago partekatzen duela. Bestela esanda: Europako zazpi milioi pertsona aberatsenek 662 milioi pobreenek adinako aberastasuna dutela (Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeak ere kontuan hartuta).

• Haurren laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren (UNICEFen) “Aukera bat haur bakoitzarentzat: ekitaterako agintza” txosteneko datuen arabera, 2015ekoak horiek ere, munduko pobreen erdia dira haurrak.

Arauzko testuinguruari dagokionez, erreferentzia adierazgarriena da Haurrengan inbertitzea: desabantailen zikloa haustea Gomendioa. Europar Batzordeak 2013an onartu zuen hori, herrialde europar askotan haurren pobreziaren eta bazterketaren zifrak hazten ari ziren une batean. Oro har, gainerako biztanleen pobreziaren zifren gainetik ari ziren hazten aipatutakoak, gure kasuan bezala.

Gomendioa honako gogoetetatik abiatu da:

• Ikusi dugun bezala, haurrek eta nerabeek pobreziarako edo gizarte bazterketarako arrisku handiagoa dute biztanleria orokorrak baino. Gainera, pobrezian eta gizarte bazterketan hazten direnek eskolan ondo ibiltzeko, osasun ona edukitzeko eta, bizitzako geroko faseetan, euren ahalmen guztia baliatzeko aukera gutxiago dute, egoera horretan ez dauden adinkideekin alderatuz gero.

• Esku hartzen ez badugu, ezer egiten ez badugu, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana transmititzen da. Hortaz, belaunaldien artean desabantailak transmititu daitezela saihestea ezinbesteko inbertsioa da Europaren etorkizunerako, eta epe luzerako onurak ekarriko dizkie bai haurrei, bai ekonomiari, bai gizarteari, oro har hartuta.

• Esku-hartze goiztiarra eta prebentzioa funtsezkoak dira politika eraginkorragoak egiteko; izan ere, sufrimendu dosi handiak ekiditeaz gain, merkeagoa izango da (gastu publikoari dagokionez) egoerak hain larriak ez direnean esku hartzea, pobreziaren eta gizarte bazterketa larriagoaren ondorioei arreta ematea baino.

• Jarduerak honako bi printzipioen arabera gidatuko dira:

- lehenik eta behin, kontuan hartu beharko da haurren interes gorena (gero hitz egingo dugu horri buruz), aldi berean, familiei laguntzeak duen garrantziari balioa emanez, haurrak zaintzeko arduradun nagusiak baitira horiek;

- haur guztien ongizatea sustatzeko politika unibertsalen eta gutxien dutenei laguntzeko ikuspegi espezifikoen arteko oreka egokiari eutsi beharko zaio.

• Prebentzio eraginkorrena hiru mugarri hauetan oinarritutako estrategia integratuen bidez lortuko da: baliabide egokietarako sarbidea; kalitatezko zerbitzuetarako sarbidea, arrazoizko prezioekin; haurrek parte hartzeko duten eskubidea.

• Hauen arteko konbinazioa behar du baliabide egokietarako sarbideak:

- gurasoek lan merkatuan parte har dezaten laguntzea. Horretarako, hainbat neurri aktibatu beharko dira; zailtasun handiagoak dituzten pertsonak (prestakuntza baxua edukitzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik) lan merkatuan sar daitezen eta bertan gera daitezen laguntzeari zuzendutakoak batzuk, eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiten laguntzeari bideratutakoak besteak;

- bizi-maila egokia ematea (bizitza duina ahalbidetuko duena), prestazioen konbinazio ezin hobearen bidez.

2.1.2. Arartekoaren jardunbidea herritarren eskarien aurrean

2.1.2.a) Erakunde honetan diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoei buruzko erreklamazioak aurkezten dituzten bizikidetza-unitateetan haur kopuru izugarria dagoela egiaztatu da. Bada, hausnarketaren oinarrian dago egitate hori, izan ere, aipatu gutxieneko sarrerak ukatzen edo kentzen direnean, haurren eskubideei eta interes gorenari eragiten baitzaie. Kontuan hartu behar da 2015ean, funtsean, prestazioen ukapena, etetea edo iraungitzea edo bidegabe jasotako prestazioen erreklamazioa izan direla kexen xedeak (xehetasun gehiagorako, ikus txosten orokorreko II.4. atala).

Hausnarketaren emaitza izan da Arartekoaren apirilaren 8ko 2/2015 Gomendio Orokorra, hau da, Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman.

Esan bezala, honakoa da gomendioa ekarri duen egoera eta bertan zehazki jorratu dena: haurrak dauden bizikidetza- unitateetan diru-sarrerak bermatzeko errenta (eta etxebizitzarako prestazio osagarria, lotuta dagoenean) eteten edota iraungitzen denekoa. Lanbidek ez du zirkunstantzia hori aintzat hartzen prestazioa eteteko edo iraungitzeko erabakia hartzean, eta, ondorioz, haurrak kargura dituzten familiak beharrizan oinarrizkoenei aurre egiteko diru-sarrerarik gabe geratzen dira zenbait hilabetez edo are urtebetez ere, horrek haurren eskubideetan eta euren garapen pertsonalean eduki ditzakeen ondorioekin. Gurasoak edo tutoreak prestazioaren onuraduna den bizikidetza-unitatea osatzeko betekizunak betetzeari uzten dion kasuetan, hala nola, behar besteko baliabideak dauzkanean (147/2010 Dekretuaren 8.3. artikulua), tartean dauden haurren interes gorenari, berez, ez zaio larriki eragiten, baina betekizunak betetzen dituzten bizikidetza- unitateek (baliabide urriak izaten jarraitzen dute) betebeharrak betetzen ez dituzten kasuetan (18/2008 Legearen 19. artikulua eta 147/2010 Dekretuaren 12. artikulua eta 2/2010 Dekretuaren 7. artikulua), haurren interes gorenari eragiten zaiola uste dugu.

Esan dugun bezala, haurren pobreziaren igoeraren harira garatu da eskari honen testuingurua (horren gaineko datuak eman ditugu, bai bulegoaren aurreko urteetako txostenetan, bai aurreko puntuan), bai eta familiei laguntzeko politikak ahulak direlako ere, politika unibertsalik eta irismen luzekorik ez dago-eta, edota diru-sarrerak bermatzeko sistemaren hein baterainoko eraginkortasunagatik, izan ere, hainbat ikerketaren arabera, benetako pobrezia egoeran dauden eta seme-alabak dituzten familien %73ra baino ez da iristen aipatu sistema (eskatzailea izan daitekeen biztanleria da hori), eta kasuen %30ean bakarrik ari da erabat eraginkorra izaten.

Hortik aurrera, erakunde honek egokitzat jo dituen gogoetak zabaldu ditu gomendio orokorrak, eta, batez ere, bi elementuren gainean oinarritu dira:

1. Esku-hartzea familiei laguntzeko politika publikoetan sartzeko beharra, egungoak baino asmo handiagokoak eta eraginkorragoak horiek, eta epe ertainerako eta luzerako xedeekin. 2014an hausnarketa sakon baten xede izan zirenez, eta horren aipamen ugari daude erakunde honen txostenetan, gogorarazi beharra dago familiei laguntzeko euskal politikentzako erronkek hurrengo kontuak hartu behar dituztela gogoan:

• Neurri unibertsalak, seme-alabak dituzten familia guztiei zuzendutakoak, eta honakoekin dutenak zerikusia:

- Inbertsio publiko handiagoa seme-alabak hazteak dakartzan kostuak konpentsatzeko. Kenkarien bidez, diru-laguntza zuzenen bidez edo “gauzen bidezko” laguntzen bidez (doako eskolako materiala, murriztutako garraioa eta abar).

- Familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko neurrietan sakontzea, hala nola, denborak - baimenak (amatasun-aitatasuna, eszedentziak eta lanaldi murrizketak), diru-laguntzak eta kontziliaziorako zerbitzuak.

• Babesgabetasun egoeran dauden edo zailtasun objektibo erantsiak dituzten eta familietan eragin handia duten politika sektorialetatik bideratu daitezkeen zailtasunak dituzten familiei laguntza ematearekin uztartu behar dira neurri horiek, adibidez, diru-sarrerak bermatzeko politikekin, gizarte zerbitzuekin, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin edo beste batzuekin.

Europar Batasunaren Haurrengan inbertitzea: desabantailen zikloa haustea gomendioak ezarritako ildoa da hori ere, zera gomendatu baitu bizi-maila egokia ahalbidetzen duten prestazio ekonomikoei dagokienez: “familien diru-sarrerei laguntzea prestazio egoki, koherente eta eraginkorren bidez, esaterako, zerga-pizgarriekin, seme-alabak kargura edukitzeagatiko familia-prestazioekin, etxebizitzarako sorospenekin eta gutxieneko sarreren sistemekin” eta “zuhurtzia erakustea familia-prestazioak gurasoen jarreraren edo haurrek eskolan duten asistentziaren mende daudenean, eta aipatu neurrien balizko eragin negatiboa ebaluatzea”. Hau da, familia-prestazioak gurasoen jarreraren edo haurrek eskolan duten asistentziaren mende daudenean, zuhurrak izatearen alde egin du Europar Batzordeak, neurrien balizko eragin negatiboa kasu bakoitzean ebaluatuz.

Zuhurtziaz hitz egiteak, jurisprudentziako doktrinak dioen bezalaxe, arrazoiketaz hitz egitea baitakar, kontzeptu banaezin gisa, arrazoiketak bermatzen du-eta arrazionalki eta ez arbitrarioki jokatu izana, zuhurtziazko egintzen gaineko kontrol egokia ahalbidetzearekin batera. Horrela, “behar besteko” arrazoiketa eskatuko litzateke, erabakiaren funtsezko eta oinarrizko irizpideak zeintzuk izan diren jakin ahal izateko. Funtsezko irizpide horien artean, erabateko garrantzia dauka neurriak eragindako haurrengan eduki dezakeen eraginak.

2. Adin txikikoaren interes gorena balioestea. Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak dioen bezala, bi artikulu daude hitzarmenean, elkarrekin irakurrita, 1989ko hitzarmenak ekarri zuen paradigma aldaketa markatu dutenak. Bi artikulu horiek estatutu berria eman diete haurrei: eskubideen subjektuak izatea, babesteko objektu bakarrik izan beharrean. Ondorioz, harreman berriak sortu dira helduen eta haurren artean: dinamika demokratikoa eratu da. Artikulu horiek 3.a (adin txikikoen interes gorena) eta 12.a dira. Lehenak erabaki guztietan haurren interesa kontuan hartzera behartu ditu erabakitzaileak, eta bigarrenak haurrei entzuteko betebeharra ezarri die estatuei, haurrentzat garrantzia duten erabaki guztiei dagokienez, eta iritzi hori kontuan har dezatela ezarri die, bai eta iritzi horrek hartuko den erabakian eragin ahal izatea ere.

Ikuspuntu horretatik, “adin txikikoaren interes gorena” kontzeptu juridiko zehaztugabea zehaztu da, eduki hirukoitza emanez: eskubide subjektibotzat, printzipio orokor interpretagarritzat, prozedurazko arautzat hartu da. Horrela, erabakiak interesdun haurrarengan edo haurrengan eduki ditzakeen ondorioen (positiboen zein negatiboen) balioespena egitea dakar interes gorena zehazteak. Kasu guztietan egin behar da, eta zirkunstantzia zehatzetan oinarrituta. Alabaina, laguntza emateko eta norberaren erabakimenean ez uzteko, kontuan hartu beharreko eta zenbait elementuren arabera balioztatu beharreko irizpideak txertatu dira bai Haurren Eskubideei buruzko Batzordearen 14. Ohar Orokorrean, bai duela gutxi onartu den eta haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoan.

Gainera, batzordeak eta lege berriek berretsi dutenez, erabakiek argi eta garbi jaso behar dute eskubide hori berariaz hartu dela kontuan, adin txikikoaren interes gorentzat zer jo den azalduz, erabakia zein irizpidetan oinarritu den azalduz eta haurraren interesak beste gogoeta batzuen aurrean nola balioetsi diren azalduz. Hori guztia ezin hobeto uztartu daiteke aurreko puntuan eskatutako behar besteko arrazoiketarekin.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta erregulatzen duen araudiak aintzat hartzen du prestazioaren titularren kargura adin txikikoak egotea prestazioaren zenbatekoa zehazteko unean, bai eta bizikidetza-unitatea balioestean ere, baina ez beste inon. Irizpide neurgailuen artean ez du adin txikikoen interes gorena sartu. Arartekoaren ustez, ordea, adin txikikoen interes gorena kontuan hartzeak diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ez etetea edo ez iraungitzea ekar dezake. Horrek ez du esan nahi, baina, bizikidetza-unitateak ez-betetzeak eginez gero, ordenamendu juridikoak ez dionik erantzun egokiturik eman behar adin txikikoak dauden kasuetan, izan ere, kontua ez da salbuespen sistema sortzea, aurrez aurre dauden interesak behar bezala neurtzea baizik.

Arartekoaren iritziz, betebeharrak ez betetzeak zigortzeko prozedura ekarri beharko luke (araudiaren araberakoa). Horrela, kasu horietan, prestazioa eteteak edo iraungitzeak adin txikikoaren interes gorenari eragingo diola uste denean, prestazioaren abonurako eskubideari eutsiko litzaioke; dagozkion izapideak egin ondoren, ordea, izapidea ekarri duen ez-betetzearekiko proportzionala litzatekeen zigorra hitzartuko litzateke. Modu horretara, haurrak kargura dituzten familiek bermatuta edukiko lituzkete oinarrizko beharrei aurre egiteko diru-sarrerak, eta erantzun proportzionala emango litzaioke betebeharraren ez-betetzeari.

Azkenik, gomendioak ezarri duenez, gurasoengan bestelako zailtasun erantsiak atzemango balira seme-alabei behar besteko ongizatea emateko orduan, zailtasun horien berri eman beharko litzaieke udaleko gizarte zerbitzuei, esku-hartze sozio-hezitzailea egitea komeni den ala ez baliozta dezaten. “Bestelako” hitza nabarmendu dugu, inoiz ez delako gaur bezain argi adierazi “gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen pobrezia egoera ezin izango dela kontuan hartu babesgabetasun egoeraren balorazioa egiteko orduan” eta “zirkunstantzien pilaketa edo material gabezia egotea arrisku adierazletzat joko dela, baina ez duela inoiz ekarriko familia ingurunetik banantzea” (Adin txikikoen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Legea, uztailaren 28ko 26/2015 Legeak moldatu duena).

Gomendio Orokorra bidali ondoren, horren betetze mailari buruzko informazioa eskatu zaio Lanbideri. Duela gutxiko kasu batzuetan, gomendioa balioesten ari direla jakinaraziz erantzun du organismo horrek, eta, beraz, prestaziorako eskubideari eutsi zaio. Arartekoak oso ondo baloratu du erabaki hori.

2.1.2.b) Badago haurrei eragin dien beste kexa bat, erakunde honen ebazpena ekarri duena. Kasu horretan, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria iraungitzea erabaki zuen Lanbidek, kexagileak eskubide ekonomikoak baliarazi ez zituela ulertu baitzuen, izan ere, Lanbideren ustean, kexagileak ez zuen seme-alaben mantenu-pentsioa aitortu zuen epaia betearaztea eskatu. Espedientean jaso zen dokumentazioak egiaztatu zuen kexagilearenak ez ziren arrazoiek galarazi zutela demanda jartzea. Zehazki, ofiziozko txandak esleitutako abokatuak gaixotasunagatiko baja hartu zuen, eta disfuntzioa egon zen abokatuaren baja ordezteko orduan.

Kexaren ezaugarriak zirela-eta, Arartekoaren esku-hartzea justizia administrazioaren eremuari (ikus txosten orokorreko II.5. atalaren 2.2. idatz-zatia) zein Lanbideri zuzendu zitzaien. Lanbideri adierazi zitzaion kexagileak eska zitzaiokeen diligentzia guztia erabili zuela bere eskubidea eta seme-alabena eraginkor egite aldera.

2.1.2.c) Hirugarren kexak erakusten du DBEak zer lotura duen seme-alabak zaintzeko bateragarritasun-neurriekin. Lanbidek prestazioa bertan behera utzi zion emakume bati, lanaldi murrizketa bat hartu zuelako. Interesdunak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zuen, lanaren osagarri gisa. 10 urteko alaba zeukan eta ez zeukan norekin utzi lanean zegoenean.

2014ko urtarrilean Lanbideren zegokion bulegoan informazioa eskatu zuen, lanaldi murrizketa bat hartzeak zer ondorio izan zitzakeen jakiteko, eta hauxe erantzun zioten: murrizketa-eskaerarekin batera bera artatzen zuten gizarte-zerbitzuen txosten bat aurkezten bazuen, murrizketa horrek ez ziola prestazioa etetea eragingo.

Erakunde honen ustez, txosten horrekin behar bezala egiaztatuta geratu zen interesdunak eskatutako lanaldi murrizketarako premia zeukala. Izan ere, bestela, pertsona bat kontratatu behar izango zukeen, eta murrizketarekin jasoko ez zuen soldata bera edo handiagoa ordaindu. Horregatik, zegokion ebazpena eman zen.

2.1.2.d) Bulego honen aurreko urteetako txostenetan ere aipatu dira jada ekonomia urritasun egoeran dauden familien etxebizitza beharrak betetzeko zailtasunak. Txosten horietan, desjabetzeen aurrean abiarazi diren neurriak eta ekimenak aipatu ditugu. Aurten, ordea, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja ematea, kasu batzuetan, etxebizitzarako prestazio osagarriaren kobrantzaren etetean edukitzen ari den eragina nabarmendu nahi dugu, eta, are, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileei bidegabe jasotako kobrantzak itzultzeko prozedurak hastea ere ekarri du.

Txosten orokorreko II.17. atalean (etxebizitzari buruzkoan) azaldu den bezala, Enplegu eta Gizarte Politika Sailari iaz iradoki zitzaion hobekuntzak sar zitzala Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan, eta, zehatzago, erregistroko alten ukapenak eta bajarako ebazpenak jakinarazteko moduan sar zitzala hobekuntzak, iragarki-tauletan argitaratzen baitira horiek, jakinarazpen pertsonalik egin gabe. Praktika horrek izugarri zailtzen du pertsonek beren interesen aurkako egintzen aurka erantzutea, eta, ondorioz, antzinatasuna galtzen dute, babestutako etxebizitza eskatzaile gisa.

2015eko irailean etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea sartu zen indarrean, eta garrantzi berezia eman dio antzinatasuna egiaztatzeko kontuari. Legearen laugarren xedapen iragankorrak aurreikuspen bat ezarri du, herri-administrazioak etxebizitzarako eskubidea pixkaka-pixkaka bermatzen joan daitezen, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, urtean 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateetatik hasita, hiru kide edo gehiago badituzte horiek eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta badaude, errentamendu erregimenean gutxienez lau urteko antzinatasunarekin. Agerikoa denez, bizikidetza-unitate horiek izaten dute haurrak urritasun ekonomikoko egoeran edukitzeko aukera handiagoa.

Hala, erregistroko antzinatasuna funtsezko betekizun bihurtzen da logelarako eskubidea bermatzeko, eta, horrek, gainera, administrazioaren jarduera berme formalekin guztiz adeitsua izatea eskatzen du, babestuko etxebizitza eskatzaile guztien eskaeraren bajarekin amai daitezkeen prozedura horietako guztiei dagokienez. Zentzu horretan, 2015ean hainbat ebazpen bidali dizkiogu eskudun sailari. Horien bidez, hartu dituen aurkako ebazpenak berrikusteko eskatu zaio, bai eta erregistroan pertsonen antzinatasuna mantentzeko eskatu ere. Era berean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko ebazpenen izapidetzea eta jakinarazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari egokitzeko eskatu zaio.

2.1.2.e) Eusko Jaurlaritzak, 2014an, “Haurren pobreziak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eskualdeko eraginari” buruzko txostena ekarri zigun. Txostenean ondorioztatu zenez, benetako pobreziaren eta gabezia larrien arteko loturak elikadura arazo larrietan dauka eragin handiena (EAEko haurren %5,9). Datu kezkagarria zen hori, eta, bestalde, une horretara arte genituen usteen guztiz aurkakoa zen; bada, datu horren eraginez, 2015ean errealitate horri adi egongo gintzaizkiola iragarriz amaitu genuen 2014ko txostena.

Xede horretarako, Euskal Herriko Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkarteko hainbat medikuren iritzia bildu dugu. Iritzi horiekin, euren osasun-zentroetan hautematen ari diren errealitatea arakatu dugu, pobreziari dagokionean oro har, eta elikadurari dagokionean bereziki. Horretaz gain, beharrizan horiek hautemateko adierazle objektiborik ba ote dagoen galdetu dugu Osakidetzan (haragi-arraina jaten den jakiteko adierazle eztabaidatuaren ildoan), eta, egotekotan, nolabait erabiltzen ote diren.

Langile horien osasun-zentroaren kokalekuaren arabera ezberdintasunak egon arren, bat egiten dute adieraztean pobrezia ez dela agerian jartzen ari malnutrizio arazoak areagotzeko joera duen biztanlerian. Baieztatu dutenaren arabera, posible da diru gutxirekin elikadura orekatua egitea, eta, agian, aldagai sozial eta kulturaletan aurkitu behar dira nutrizio ezegokirako arrazoiak (janaria prestatzeko ohituraren galera eta aurrez prestatutako jakien eta zabor janariaren gehiegizko kontsumoa, ezagutzaren transmisio falta familietan, zenbait jaki nola prestatu ez jakitea, edo erosketa nola egin ez jakitea eta abar). Horrek agerian jarri du heziketa programak azpimarratzeko beharra, izan ere, nahiz eta pediatria zerbitzuek familiak orientatzen dituzten elikadura ohitura egokiak har ditzaten, ez da nahikoa.

Euren ikuspuntutik begiratuta, nutrizioan zentratu baino, begirada zabaldu beharko litzatekeela uste dute; hau da, beste adierazle batzuetan jarri beharko litzateke arreta beharrizan egoerak hauteman ahal izateko. Honakoak dira artatzen dituzten haurren familietan hautematen dituzten arazo nagusiak:

• Pobrezia energetikoa: etxeetan berogailurik eta ur berorik ez egotea, eta, ondorioz, higiene okerragoa edukitzea. Hezetasun edo ke usaina duen arropa (etxeetan suak piztea...).

• Betaurrekoak behar izatea, batzuetan ezin baita itxaron gizarte behar larrietarako laguntzak ebatzi arte.

• Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (HHZP) 7 urtetik gorako haurrentzat eta behin betiko hortz-haginentzat da. Gero eta kasu gehiagotan, haurrek hortzetako arazo larriak (txantxarrak eta abar) dituztenean familiek ezin izaten dietela horiei aurre egin hautematen ari dira. Kasu batzuetan, akordioak egin dituzte UPV/EHUko Odontologia Fakultatearekin, arreta eman diezaioten biztanleriaren zati horri (eskoletara joaten dira azterketak egitera eta abar).

• Agintzen dizkieten sendagaiak erosteko ezintasuna. Batzuetan, ANESVADen laguntza jasotzen dute.

• Ezin ditzakete Osakidetzaren estalduratik kanpo geratzen diren tratamendu horiek eskuratu, baliabide gabezia dela-eta: eztularen kontrakoak, dermatitis atopikorako tratamenduak, asmaren aurkako medikazioa emateko kameratarako sarbidea.

• Arreta haur guztiei ematen bazaie ere, OTIa eduki, erroldatuta egon edo beraiek zein beren familiak bestelako irregulartasun egoeran egon gorabehera (lehen mailako arreta da eta ez dago murrizketarik), zailtasunak edukitzen dituzte espezialistarengana bideratu behar denean edo sendagaiak agintzeko orduan.

Arreta horretan, udaleko gizarte zerbitzuekin (lehen mailako arretarekin) harreman ona dagoela adierazi dute, eta, adierazi dutenez, “ahalegin guztiak egiten dituzte” familien eskasia egoerak arintze aldera.

Adierazleei dagokienez, adierazi dute ez dagoela adierazle espezifikoen sistemarik malnutrizio (edo desnutrizio) egoerak arrazoi ekonomikoengatik gertatu direla argi adieraziko duenik. Gero estatistikoki erabili ahal izango diren osasun egoerei buruzko informazioa erregistratzeko aukerei dagokienez, zera adierazi digute:

• Osakidetzaren estaldura publikotik kanpo geratzen dena ez da kontrolatzen. Adibidez, haur batek ikusmen urritasuna duela eta betaurrekoak behar dituela jasotzen da historialean, baina ez betaurrekoetarako sarbiderik duen ala ez; 20 aldiz erregistratu daiteke txantxarrak dituela, baina ez tratamendurik jasotzen duen ala ez...

• Badira historia klinikoan erregistratu ditzaketen “kategoria” jakin batzuk (desnutrizioa, esaterako), baina langile bakoitzaren erabakimenean geratzen da jaso ala ez jaso, eta ez daukate diagnostikoaren mailaketa zehazteko adierazle objektiborik -argiak eta langile guztiek partekatzekoak-, edo, are, ezta diagnostikoa bera zehazteko adierazlerik ere (adierazle honek, horko hori eta hango hura gehituta, balioztatutako egoeraren maila arina/neurrizkoa/larria den adierazten du).

Elikadura beharren artapenean berariaz jarduten duten elkarteekin (jantoki sozialekin, elikagaien bankuekin eta abarrekin) informazio hori alderatu eta osatu ahal izatea gustatuko zitzaigukeen, baina ezinezkoa izan da, eta 2016ra lekualdatu dira ekimen horiek.

2.1.3. Haurren pobreziari aurre egiteko neurrien segimendua

Bulegoaren 2014ko txostenean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak zabaldutako asmoetan aurrerapauso batzuk egin zirela adierazi zen. Euskadin haurren pobrezia jorratzeko asmoz eta Eusko Jaurlaritzak haurren pobreziari aurre egiteko neurriei buruz egindako legez besteko 146/2013 Proposameneko agindua betetzeko helburuz zabaldu ziren aipatu asmoak. Orduan jakinarazi genuen moduan, Euskadin haurren pobreziak duen errealitate soziala hobeto ezagutzeko jarduerak egin zituen 2014an (Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei buruzko 2012ko Inkestaren erabilera estatistiko zehaztua -pobrezia 14 urtetik beherakoen artean eta eskualdeka-, eta horren eguneraketa 2014an); hau da, diagnostiko osoagoa geneukan, eta bigarren talde batean sartu zirenak zeuden egiteko, honakoei buruzkoak: plan ezberdinek haurren pobrezia dela-eta hartu dituzten neurri guztiak taldekatzea eta koordinatzea, bereziki azpimarratuz gizarteratze aktiboa; espezialisten iritzi aditua biltzea beste neurri mota batzuk ezartzeko; eta “ekintzarako plan integrala” proposatzea, “egungo arriskuen multzoa murrizteaz gain, belaunaldien artean errepikatzea saihesteko”.

Horri buruz galdetu genion sailari, eta, berriro ere, egoeraren gaineko diagnostikoko datuak emanez erantzun zigun, ekintzen bigarren taldea aipatu ere egin gabe. Hala ere, familiei laguntzeko politiketan egindako aurrerapausoen inguruan galdetu genuenez, sailak berak emandako erantzunari esker jakin ahal izan genuen Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak proposamen bat egin duela familietan eta haurrengan inbertitzeko estrategia artikulatu dadin, Europako Batzordeak “Haurrengan inbertitzea, desabantailen zikloa haustea” gomendioan iradokitakoaren ildoan. Helburua erakundeen arteko estrategia hitzartzea da, egonkorra eta irismen handikoa, familia babeslerako eskubideari buruzko atalean nabarmenduko ditugun beste kontu batzuen artean (txosten honen 2.4. atala), haurren pobreziaren eta desberdintasunaren errepikapenaren prebentzioari erantzungo dion Haurren eta Familien aldeko Herri Hitzarmenaren bidez.

Hasierako proposamena dela adierazi du sailak, sailen eta erakundeen arteko eztabaidari irekita dagoena, eta eragile sozial nagusiekin ere eztabaidatu eta adostu beharko dena. Erakunde honek ondo baloratu du proposamenaren norabidea, baita berau egiteko metodologia parte-hartzailea ere, baina ezin diezaiokegu ekintza bultzatzeari utzi, izan ere, diagnostiko guztiek adierazi diguten bezala, desberdintasun sozialak eta eragindako pertsona kopuruak -haurrak gehienbat- ez diote hazteari uzten. Bada, arreta handiz jarraituko ditugu herri hitzarmen itxaropentsu eta asmo handiko horren aurrerapenak.

Hezkuntzarako eskubidea

28. artikulua

1. Estatu kideek haurrak hezkuntzarako duen eskubidea onartzen dute (…)

29. artikulua

1. Estatu kideek haurraren hezkuntza honetarako bideratu behar delakoan daude:

a) Haurraren nortasuna, gaitasunak eta ahalmen fisiko eta mentala ahal den guztia garatzeko;

b) Giza-eskubideei eta oinarrizko askatasunei eta Nazio Batuetako Agirian azaltzen diren printzipioei buruzko errespetua irakasteko haurrari;

c) Bere gurasoenganako, bere kultura-nortasunarenganako, bere hizkuntza eta baloreenganako, bizi den estatuko baloreenganako, jatorrizkoa duen estatuko baloreenganako eta bere zibilizazioa ez diren zibilizazioarenganako errespetua irakasteko haurrari;

d) Haurra, gizarte aske batean, elkar ulertzeko izpirituarekin, bakearekin, tolerantziarekin, sexuen berdintasunarekin, eta herri, talde etniko, nazional, erlijioso eta indigena jatorria duten guztiekin adiskidetasunez eta zentzuz bizitzen prestatzeko;

e) Haurrari ingurugiro naturalarekiko errespetua irakasteko.

2.2.1. Araudi- eta gizarte-testuingurua

2015ean, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren (LOMCEren) aurkako testuinguruan murgilduta jarraitu dugu. Une hauetan lege horren jarraitutasuna zalantzazkoa da, joan den abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren sortutako hauteskunde-egoera berriak azkenean izan dezakeen emaitza dela eta.

Edonola ere, EAEn “Heziberri 2020” egitasmoan aurreikusitako urratsak ematen jarraitu dute hezkuntzako arduradunek. Horrela, abenduaren azken egunetan, haur hezkuntzako eta oinarrizko hezkuntzako curriculumei buruzko dekretuak (oraindik argitaragabeak) onartuz amaitu dute urtea, eta, arduradun horien adierazpenen arabera, hezkuntzako eragile guztien parte-hartzea behar izan dute prozesu horretarako.

Dekretu horien aurkezpenean, alderdi berritzaileenak nabarmendu dituzte, hau da, lehenengo aldiz xedatu dute ikaslearen irteera profila, eta horixe erabili dute heziketa erronkak jorratzeko eta ildo estrategikoak ezartzeko orduan. Era berean nabarmendu da ikaslearen profilak ahalbidetu duela irakasleen profila zehaztea, kalitate handiko irakaskuntzara iristeko xedez.

Aldiz, 2015ean bai argitaratu dira luzaroan espero izan deneskola garraioa arautzeko dekretua eta Oinarrizko Lanbide Heziketari buruzko dekretua. Horiek ordezkatuko lituzkete iraganeko Hasierako Lanbide Trebakuntzarako Programak eta 2014-2015 ikasturteko Prestakuntza Iragankor Integratuko Programak.

2.2.2. Kexatzeko arrazoiak

Oro har, 2015ean kexatzeko izan diren arrazoiak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira. Ikuspegi zorrozki kuantitatibotik begiratuta, hona hemen kexa gehien sortzen duten gaiak: ikasleen onarpena, eskola garraioa, bekak eta beste laguntza batzuk. Lanbide-heziketari buruzko kexa asko egoteak itxuraz egiaztatzen du irakaskuntza horiek azken urteotan pixkanaka protagonismoa hartu dutela, baina argitu behar da kexa horien zati handi batek zerikusia zuela Administrazio eta Finantza arloko prestakuntza-ziklo zehatz bat ematearekin; gai hori azkenean behar bezala konpondu da.

2.2.2.a) Ikasleen onarpena

Ikasleak onartzeko prozesuarekin zerikusia duten kexak ikusita, oraindik ere ziur gaude hausnarketa bat egin beharra dagoela, plaza nahikorik ez dagoenean ikasleak onartzeko erabiltzen diren lehentasunezko irizpideen gainean. Hausnarketa hori behin eta berriz atzeratu da.

Irizpide horietako bat (beren seme-alabak onartzea nahi duten gurasoak ikasle ohiak izatea kontuan hartzen duena), zalantzan jarri du Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteak, eta gai horrexegatik agertu zen jarduneko arartekoa maiatzean Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordearen aurrean. Elkarte horrek bere kezka helarazi nahi izan dio erakunde honi, herri horretan ikasleak haur eta lehen hezkuntzako bi ikastetxeetan eskolatzeko baldintzak desberdinak direlako. Bere ustez, egoera horren ondorioz, berriz hausnartu behar dira erabilitako onarpen- irizpideak, bereziki lehen aipatu duguna: alegia, gurasoetako edozein ikasle ohia izatea. Irizpide hori da, hain zuzen, ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak libreki erabaki ditzaketenetako bat (gehienez ere 2 puntu), eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak emandako erantzunaren arabera, irizpideren bat zehazten duten ikastetxeetatik %68,31k erabiltzen dute (garrantzi handiagoa edo gutxiago emanez).

Gai horren gainean, laster emango dugu gure iritzia.

Erakunde honek, era berean, ez dio uko egin nahi urtez urte errepikatzen den egoera jakin bati aurkibidea aurkitzeari, hots, erroldako datuak gehiegi edo iruzur eginez erabiltzeari dagokion auzia, familiaren etxearen hurbiltasun irizpidea aplikatuta puntuatzea aitortzen baita. Ondorioz, xede horretarako ofiziozko espedientea irekitzeko erabakia hartu dugu 2015ean, gaiaren gaineko proposamen motaren bat egitea ahalbidetuko digulako itxaropenarekin.

Ikasleen onarpenari buruzko kexa batzuen harira egin ditugun kudeaketekin, beste behin ere erreparatu diogu Eskolatzeko Lurralde Batzordeek gai horren gainean egiten duten lanaren garrantziari, batez ere, gure hezkuntza sistemara lehen aldiz sartzen diren ikasleen kasuari dagokionean. Batzorde horien mende egoten da, neurri handi batean, ikasle horiek modu orekatuan banatzen direla ziurtatzea, eta horiei dagokie, era berean, ikasle horiek funts publikoekin sostengatutako itunpeko zentroetan eskolatzean, hezkuntza administrazioaren mendeko edozein zentrotako baldintza beretan egitea. Puntu horretan, era berean aipatu behar ditugu EAEra etorri berri diren familia batzuen kexak, izan ere, zail izaten dute euren seme-alabek A ereduan ikasten jarraitzeko duten nahia asetzea. Halere, aitortu beharra dugu, azkenean, kasu gehienetan, hezkuntza administrazioak balioetsi egiten duela horien nahia.

Nolanahi ere, ikasleen onarpenarekin zerikusia duten eta 2015ean jaso ditugun kexetatik zerbait nabarmentzekotan, urritasunen bat duten edo eskolatze prozesuan laguntza bereziak behar izan dituzten ikasleen izenean sustatu diren ekimenak aipatuko genituzke. Esanguratsuenak diren bi ekimenak txosten orokorraren II.2. kapituluan zehaztuta daude. Horietatik lehenengoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatu diogu areagotu ditzala administrazio prozedura erregulatu duen araudiak eskaintzen dituen aukerak, zegokion instantziaren aurrean urritasun aitortza epe barruan eskatu zuen ikasle baten urritasun egoera balioestea ahalbidetzeko xedez. Bigarrenean, berriz, hezkuntzako arduradunek agertu duten prestasuna egiaztatu ahal izan dugu, goi-mailako diseinu irakaskuntza artistikoetarako sarbidean urritasunen bat duten ikasleei plaza kopuru jakin bat gordetzea ahalbidetzeko beharrezko aldaketak sustatzeari dagokionez, lanbide heziketan eta unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialean gertatzen den bezala.

Hain zuzen ere, aipatu ditugun azken irakaskuntza ofizial horietan onarpenari buruzko erregularizazioa onartu da, eta hor ikusi ahal izan dugu lekuen erreserba ez dela %33ko edo hortik gorako urritasuna aitortuta duten ikasleentzat bakarrik aurreikusi, izan ere, ezintasunezko zirkunstantzia pertsonalei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat ere aurreikusi baitira, heziketaren erabateko normalizazioa lortze aldera eskolatze prozesuan baliabideak eta laguntzak behar izan dituztenentzat, alegia. Beste heziketa maila batzuetara ere tratamendu hori bera zabaltzeko aukera planteatzea eragin digu horrek, lanbide heziketaren alorrera, adibidez; erakunde honetan ildo horretako kexak jaso baititugu. Kasu horietan, urritasun maila hori aitortuta ez edukita ere, aurreko etapetan laguntzak jaso dituzten ikasleen izenean aurkeztu dira kexak, ikasketak lanbide heziketan jarraitu nahi dituzte-eta.

2.2.2.b) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak

Ezgaituek azaldutako arazoekin jarraituz (baina oraingoan beharrezko laguntzei buruzkoak), ez dugu albo batera utzi nahi jaso dugun eta oraindik ere izapidetze fasean dagoen kexa baten gaineko kezka. Kexa horretan, urritasuna duten eta lanbide heziketa egiten ari diren bi gazteren familiek jakinarazi digute euren seme-alabek zailtasun handiak dauzkatela heziketa programa osatzeko, praktikak enpresa batean egin behar baitituzte, laguntzeko langilerik eduki gabe.

Jasotako beste kexa askotan iradoki da zalantzan jartzen dela behar besteko laguntza ematen ote den. Heltze-atzerapena duten ikasleentzat ipinitako laguntzen kasua izan da hori, adibidez. Kasu horretan, izapidetutako kexa askotan bezala, sailak erakunde honen jardunbideari erantzunez eman duen informazioak ahalbidetu du kexagileen nahiak asetzea.

Hezkuntza-premia berezien atal honetan ez dira kanpo geratu, esaterako, curriculum anitzeko taldea baimentzeari eman zaion ezezkoaren ondorioz azaldutako kexak. Kasu horretan, eragindako familiek uste zuten etxe inguruan prestatzeko aukera ukatzen zitzaiela horrela. Egindako jardunbidean zehar, hezkuntzako arduradunek, aipatu baimena ematea zaildu duten arrazoien berri xehetasunez emateaz gain, zentroan jarraitzea erabakitzen duten eragindako ikasleei arreta pertsonalizatua eta indibiduala emateko asmoa erakutsi dute, eta, are, gaurko erantzuna berrikusteko konpromisoa agertu dute, zalantzarik gabe, ikasturte honetan aurkeztu diren kexek mugituta.

Esaten ari ginen bezala, hezkuntza administrazioa oso harbera agertu da erakunde honetan aurkeztu diren kexei irtenbidea emateko unean. Nolanahi ere, eta hainbat aldiz adierazi dugun bezala, hezkuntza-premia bereziei buruzko atal honetan, eta gure ikuspuntuaren arabera, garrantzitsua da albo batera ez uztea eskola inklusiboaren markoan 2012-2016 urteetarako onartu zen Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoaren ebaluazio eta segimendu lana. Gure aldetik eta lan horren adibide gisara, gaixotasun arraroak dituzten ikasleak hezkuntzan txertatzeko gomendioen segimendua egitea proposatu diogu geure buruari.

2.2.2.c) Lanbide heziketa

2.2.2. puntu honen hasieran aipatu dugunez, 2015ean areagotu egin da 2012. urtetik nabarmentzen ari garen joera: ugaritu egin dira lanbide-heziketako irakaskuntzei buruzko kexak, nahiz eta aurten jasotakoen erdiak baino gehiago arazo berari zegozkion. Azkenean, arazo hori konpondu zen.

Kexatzeko beste arrazoi bat hauxe izan da: Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko euskarazko heziketa eskaintzak.

Egindako kudeaketetan zehar, lanbide heziketako zuzendariak berretsi egin du, une honetan, sailaren konpromisoa egungo eskaintza progresiboki zabaltzea dela, dauden aurrekontu baliabideen arabera, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko eskaintza euskaraz bermatzeko Legez Besteko 2015eko apirilaren 15eko Proposamenari egindako erdibideko zuzenketan islatu den bezala. Edonola ere, eta institutuaren ibilbidea laburra izan arren, ikasleen hizkuntza premiak eta lehentasunak asetzeko prestasuna erakutsi du, eta, sailarekin zein institutuarekin harremanetan jartzeko dauden komunikazio-bide ezberdinak erabiliz, beraien eskariak helaraztera animatzen ditu ikasleak.

Egiazki, lanbide heziketaren irakaskuntzak dauzkan ezaugarrien ondorioz, zenbait espezifikotasun dauzka ikasleek ikasketak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egiteko aukera edukitzea bermatzeko beharrezko plangintzak. Horregatik da zaila, berez, hezkuntzako arduradunek aipatu duten ezarpen progresiboa zalantzan jartzea.

Nolanahi ere, eta aintzat hartuta arestian aipatu dugun parlamentu ekimenaren ildoan egin ahal zaizkien gomendioak jarraitzeko prestasuna agertu dutela arduradun horiek, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan euskararen presentzia areagotze bidean aurrera egiteari dagokionez, ahal den neurrian laguntzeko asmoa dugula erakutsi diegu, etorkizunera begirako plangintzan kontuan har daitezen ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleen lehentasun edo eskariak, kexa modura aurkeztu bazaizkigu horiek.

Bada beste gai bat txosten honen idazketa bukatzeko orduan oraindik konpontzeke dagoena: neska-mutil batzuen prestakuntza-beharrei ez zaie erantzun, Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak eta 2014-2015 ikasturteko Barneratutako Prestakuntza Iragankorreko Programak desagertu ondoren.

Bai foru aldundietako bakarrik dauden adingabe atzerritarren harrera zentroetara egindako bisitetan, bai gazte atzerritarrak artatzen dituzten gizarteratzeko erakundeekin egindako bileretan ere, kezka agertu digute gazte horiek prestatzeko eta gaitzeko gero eta aukera gutxiago daudelako. Egia da 16 urtetik beherakoei, derrigortutako eskolatze adinean daudenak, euskal hezkuntza sistemak kualifikazio profesionaletara errez heltzeko igarobidea ematen diela, baina ez da gauza bera gertatzen 16 urte baino gehiago dituztenekin.

Duela gutxira arte, Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak (edo 2014-2015 ikasturteko Barneratutako Formazio Iragankorreko Programak) gazte hauen formazio beharrei eta egoerei erantzun egokia ematen ari zien, baina abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak ezarritako eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuak erregulatutako Oinarrizko Lanbide Heziketaren sarrerak, sartzeko oztopo berriak ezarri ditu. Batez ere, DBHko lehendabiziko zikloa egin behar izanaren irizpideari buruz ari gara, edo, salbuespen gisa, DBHko bigarren maila egin izanari (irakasle taldearen txosten proposamena aurrekoari lotuta baitago), gazte hauek normalean betetzen ez duten irizpidea. Lege horrek, hala ere, hezkuntza administrazioei derrigorrezko eskaintzaz gain 17 urte baino gehiago dituzten pertsonentzako Oinarrizko Lanbide Teknikari titulua lortzeari zuzendutako formazio programak ezartzeko aukera ematen die.

Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek jaso du aukera hori, Euskadiko Oinarrizko Lanbide Heziketa arautu duen horrexek, alegia. Aurreko ataletan ere aipatu dugu, Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloen eskaintza deialdi espezifiko baten bidez eratzeko aukera ezarri baitu 16.2. artikuluan, 17 urtetik gorakoak diren eta bigarren hezkuntzan ikasketa egiaztaturik ez duten pertsonentzat.

Ildo berean mintzatu da bigarren xedapen gehigarrian, berariazko beharrizanak dituzten taldeen beharrei egokitutako lanbide heziketako prestakuntza eskaintzak ezartzeko eta eratzeko aukera ireki baitu, heziketa behar bereziak dituzten ikasleei jarraitutasuna emateko.

Nolanahi ere, aipatu prestakuntzaren xedea (emantzipazio eta gizarteratze prozesuak gauzatzea ahalbidetuko duen) enplegurako sarbiderako gaikuntza ematea denez, erantzunak bilatu ditugu lanbide prestakuntza formalaren azpisisteman zein enplegurako prestakuntzaren azpisisteman, hau da, Lanbiden. Beraz, horietara jo genuen behar horri, bai modu indibidualean, bai modu bateratuan zein koordinatuan, erantzuten ari ote ziren jakiteko asmoz.

Dena dela, honakoa da errealitatea: ikasturtea hasita, tradizionalki gazte horientzako programa egokiak garatu izan dituzten entitateek (Peñascal Fundazioa Bizkaian eta Gipuzkoan, ADSIS Fundazioa Bizkaian eta Araban...) jakinarazi digute gazte kopuru handi batentzat (60 baino gehiago Bizkaian, 80 inguru Araban eta 30 bat Gipuzkoan) ez dutela zer eskaini, eta, kasurik onenean eta ehuneko txikian, prestakuntza taldeetan, tailerretan eta ekintzetan sartzen dituztela, horien kostuak baliabide propioekin ordaintzen dituztelarik.

Lanbide Heziketako Zuzendaritzak aitortu egin du, Oinarrizko Lanbide Heziketarekin, euskal hezkuntza sistemak arazoa duela orain lehen arazorik ez zuen tokian, Hastapeneko Lanbide Gaitasuneko Programei oso erantzun eta balorazio ona ematen baitzieten zentroek beraiek eta prestakuntza jasotzen zuten neska-mutilek, bai eta bigarren hezkuntzako gainerako zentroek ere, erantzun egokirik ez zuten pertsona batzuentzako irteera aurkitzen baitzuten programa horietan. Are gehiago, Oinarrizko Lanbide Heziketa da Euskadik LOMCEri planteatu dizkion aurkako puntuetako bat. Edonola ere, 2015-2016 ikasturterako berau ezartzera behartuta egon direnez, jakitun dira aldaketa gauzatzeko izan duten presak galarazi egin diela “sistematik kanpo geratzen” zaizkien pertsona batzuen beharrei erantzutea.

Are gehiago, adierazi dute pertsona horien heziketa beharrei erantzutea ez litzatekeela lanbide heziketatik berariaz jorratu beharko, hezkuntza sistema osotik egin beharko litzatekeela baizik. Adibidez, beharbada Helduentzako Hezkuntza izan liteke erantzun horren zati, eta, horretarako, sarbiderako adina jaitsi beharko litzateke, eta (garrantzitsuena izaki) eskaintza eta lan egiteko modua berriz pentsatu eta eratu beharko lirateke. Azken batean, hezkuntza sistema “galduz”, kanpoan utziz eta baztertuz doan neska-mutil horiek bertakotzeko formulen inguruko hausnarketa orokorra egin beharko litzateke. Izan ere, hizpidean ditugun neska-mutil horiek daude horien artean, baina ez horiek bakarrik.

Enplegurako gaitzeko azpisistemak, a priori, malgutasun handiagoa dauka sarbiderako betekizunak, egutegia, curriculuma eta abar zehazteko unean, eta, are, lan merkatuan baliozkotasuna eduki dezakeen profesionaltasun ziurtagiriren bat itxuratu dezaketen heziketa moduluak eratzeko aukera ere eduki dezake. Bada, horri dagokionez, Lanbidek adierazi du ez dagoela inolako oztoporik urtero finantzatzen duen lanbide prestaketarako heziketa eskaintzan parte hartzeko, enplegu eskatzaile gisa izena emanda egoteko betekizuna salbu. Gizarte erakundeek azaldutako errealitateak islatu du, ordea, eskola horiek ematen dituzten entitateek oso gutxitan hautatzen dituztela, euren xedeen artean neska-mutil horien beharrizan soziolaboralen arreta daukatenean izan ezik.

Urteko azken urteetan jakinarazi digute, kontu horri irtenbideak bilatzen jarraitzeko hartu den konpromisoari jarraiki, 2016ko lehen hilabeteetan 17 urtetik gorakoentzako ikastaro/moduluak ezartzea aurreikusi dela, I. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzera bideratutakoak horiek. IVAP ari da curriculuma prestatzen, beraz, ikastaroak erregulatuko dituen eta azkenik eskola horiek emango dituzten entitateak (Hezkuntza Konpentsatoriorako Partzuergoak egokitzat jo dira, une honetan eskatzen den arintasuna ahalbidetzen baitute) aukeratuko dituen ebazpen baten bidez onartu beharko da. Finantzaketa Lanbidek egingo du.

Egiaz, albiste ona da hori, aipatutakoa abiarazi arte itxaron beharko badugu ere, balorazio osoagoa egiteko. Bereziki adi egongo gatzaizkio Araban eman ahalko den erantzunari, izan ere, 2012an bulego honen txostenean esan genuenez, “Pedro Anitua” Hezkuntza Konpentsatoriorako Partzuergoa desegin baitzen, eta, hortaz, modulu horiek eratzea zailduko litzateke, azkenik horiexek badira aipatu eskolak emateko baimenduko diren entitateak. Beste alde batetik, epe laburrerako irtenbidea da hori, eta arazoak egonkortasun handiagoko irtenbidea behar du. Badakigu hezkuntza administrazioa bilaketa horretan ari dela lanean.

2.2.2.d) Eskola-garraioa

2.2.1. puntuan esan dugunez, aurten azkenean onartu dute eskola-garraioa arautzen duen dekretua. Erregulazio berriaren lehen irakurraldiak pentsarazi diezaguke ez dela aurreko arauditik bereziki aldentzen, eta horregatik egiten dugu zalantza; hau da, jakin nahi dugu ea erregulazio berri horrekin erantzun hobeak eman ahal izango zaizkien garraioaren gaineko eskaerei, hala nola, baserri inguruetan pizten diren bezalakoei.

Une honetan, kezkatuta gaude hezkuntza administrazioa erregulazio berri horretaz baliatuko ote den eguerdietarako edo bi urtetik beherakoentzako garraio-eskaerei erantzutea saihesteko. Izan ere, familia askok seme-alabak etxetik hurbil eskolatzea erabaki badute ere, behin-behineko instalazioetara eraman behar izaten dituzte, eskolako eraikin berrietan aurreikuspen gabezia egoteagatik.

Azkenik, deigarria egin zaigu dekretu horrek garraio zerbitzutik erabat bereizitako kudeaketa planteatu izana hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat. Gure ustean, ezintasun fisikoari, psikikoari edo zentzumenezkoari lotutako premia bereziak dituzten ikasleak gizarteratzeko oztopo izan daiteke hori, eta, horregatik, erakunde honek lehen emandako ebazpenen kontrakoa da.

2.2.2.e) Eskola-jantokiak

Atal honi dagokionez, Hezkuntza Sailak oso arrazoizko jarrera erakutsi du proposamen berrien aurrean; besteak beste, gaixotasun metaboliko batek eragindako adin txikikoaren familiak egindako proposamena aipa dezakegu, jantoki zerbitzua erabiltzeko aukera aitortzeko eskatu baitzuen, baina etxean bertan prestatutako bazkaria jango zuen adin txikikoak.

Kasu horretan, hezkuntza administrazioak komenigarri ikusi du kudeaketa zuzeneko jantokietan auditoria, kalitate-kudeaketa eta aholkularitza teknikoa egiteko kontratatu den laguntza teknikoarekin kontsultatzea, eta, horren arabera, askoz ere gomendagarriagoa da, elikadura segurtasunari erreparatuta, premia berezietarako dieten hornikuntza catering enpresa batek egitea, bitarteko teknologiko egokiekin eta eskoletako menuak egiteko prestakuntza espezifikoarekin.

2.2.2.f) Bekak eta bestelako ikasteko diru-laguntzak

Bekei eta bestelako laguntzei dagokienez, aurreko urteetako arrazoi berberak agertu dira kexetan: administrazioaren atzerapena eskaerak ebaztean, atzerapenak aitortutako zenbatekoen abonuetan, laguntzen oinarri arautzaileen edukiarekin berarekin desadostasunak eta abar. Halere, kontu horien gaineko kexek jarraitzen duten arren, hobekuntza hauteman da aurreko urteetako egoerarekin alderatuta. Horrenbestez, azken hilabeteotan ikusi ditugun ahalegina eta prestasun ona ez alboratzera bultzatu nahi ditugu hezkuntzako arduradunak.

2.2.2.g) Eskolako bizikidetza

Aurten ere, kexa dezente egin dituzte eskola-bizikidetzari buruz ikasleen familiek. Horiek direla eta, Hezkuntza Administrazioaren berehala erantzun edo esku hartu behar izan du.

Arlo horretan, Bizikidetzarako Euskal Behatokiko kide garenez, horrekin dugun loturari eusten diogu, nahiz eta 2012. urteaz geroztik ez den deialdirik egin. Nolanahi ere, lankidetza estua eta hurbilekoa izaten jarraitzen dugu hezkuntza-komunitateetako bizikidetza hobetzeaz arduratzen diren eragileekin. Izan ere, parte hartzen dugu Talde Egonkorra: Eskola Segurua delako programan, alegia, sexu-joeragatiko diskriminazioaren kontra borrokatzearekin eta jazarpen homofoboa saihestearekin zerikusia duen, eta azken batean, eskolak aniztasunean elkarrekin bizitzeko toki seguru bezala sortzea helburu duen ekimenean.

Eskola-bizikidetzarekin lotutako kexak eta beste kexa batzuk bideratzean (horietan, gurasoek nahigabea eta kezka azaldu dizkigute,irakasle batzuen jokaeragatik), ondorio hau atera dugu berriro: guztiz garrantzizkoa dela familiekin komunikatzea. Irakasleen nahiz Hezkuntza Ikuskaritzaren eginkizuna funtsezkoa da familiak behar bezala artatuta senti daitezen eta hezkuntza administrazioan uste ona izan dezaten, are gehiago horrelako kontuzko kasuetan, non kaltetuak gerta baitaitezke beren seme-alabek ikasle gisa aitortuta dituzten eskubideak.

Abandonu, tratu txar edo indarkeriatik babestua izateko eskubidea

19. artikulua

1. Haurra gurasoen, legezko ordezkarien edo bestelako norbaiten kustodiapean dagoen bitartean, estatu kideek beharrezkoak diren legezko, administrazioko, gizarteko eta hezkuntzako neurri guztiak hartuko dituzte haurrak honakoak jasan ez ditzan: edozein modutako kalte edo gehiegikeria fisiko nahiz mentalak, arduragabekeria edo tratu zabarra, tratu txarrak edo esplotazioa, sexu gehiegikeriak barne.

20. artikulua

1. Aldi baterako edo betirako bere familiatik atera diren haurrek edo beren interesen arabera ingurune horretan egon behar ez dutenek estatuaren babes eta laguntza bereziaren eskubidea izango dute.

2.3.1. Araudi- eta gizarte-testuingurua

Txosten honetako 1.2. atalean (haurrei eragiten dieten politika publikoen arauzko testuinguruari buruzkoan) adierazi dugun bezala, 2015eko udan bi lege garrantzitsu onartu dira eta indarrean sartu. Horiekin amaitu da estatuko markoan haurren legedia eguneratzeko prozesu luze eta nekeza. Bi testu horiek txertatu dituzten aldaketa sakonen zati bat aipatu atalean azaldu dugu jada, baina haurren eta nerabeen babeserako eskubideak bermatzen dituzten sistemen hobekuntzari buruzko guztia hemen azalduko dugula agindu dugu. Horrela, honakoak dira uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak eta uztailaren 28ko 26/2015 Legeak babesaren eremuan sartu dituzten aldaketa nagusiak:

• Haurrak babesteko sistemako erakundeen aldaketa sakona:

- Printzipio gidariak: lehentasuna neurri egonkorrei aldi baterako neurrien aurrean, lehentasuna familia-neurriei instituzionalen aurrean, lehentasuna adostutakoei ezarritakoen aurrean, lehentasuna nazionalei nazioartekoen aurrean.

- Neurri guztiak berrikusteko eta horretarako epe zehatzak ezartzeko betebeharra.

- Arrisku egoeraren erregulazioa; berau zehazteko garapena eta prozedura; administrazioaren ebazpena, arrisku egoera adieraziz gurasoek uko egiten badiote esku-hartzeko proiektua sinatzeari edo gurasoek aipatu proiektuan aurreikusitako lankidetzan jarduten ez badute.

- Babesgabetasun egoeraren erregulazio hobea; horiek zehazten dituzten zirkunstantziak; borondatezko zaintza egoerarekiko mugaketa hobea; borondatezko zaintzaren mugak eta baldintzak.

- Familia-harreraren erregulazioa: harreraren formalizazioa, modalitateen sinplifikazioa, harrera berezitua eta profesionalizatua sartzea, hartzaileen egokitasunerako irizpideak, harreran hartutako haurren familia hartzaileen eskubideak eta betebeharrak.

- Jarrera nahasmendua duten adin txikikoentzako egoitza baliabideen erregulazioa.

- Adopzio irekiaren (eraketa-ebazpenean epaileak hitzartutakoaren) aitortza; adopziorako xedea duen zaintzaren erregulazioa; argitasun handiagoa eskumenen mugaketan.

• Genero indarkeriaren eraginpean dauden haurrak biktima gisa aitortzea, euren ikusgarritasunari lagunduz horrela, eta euren beharrizan partikularrak jorratzea erraztuz. Era berean, guraso-ahalaren erabilerari buruzko eta erruztatuaren mende dauden adin txikikoak harekin egoteko, harremanak edukitzeko eta komunikatzeko erregimenari buruzko erabakia hartzeko betebeharra jaso da, epaiak guraso-ahala ez etetea erabakitzen duen kasuetarako.

• Administrazioaren jardueraren printzipioak eta eskubide jakin batzuen erregulazioa behar berrietara egokitzea, hala nola, lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinek dituzten beharretarako egokitzapena.

Autonomia erkidegoaren eremuan ere, arauzko berrikuntzak aurkitu ditugu. 2015eko urriaren 7an, hiru foru aldundiekin eta EUDELekin egindako akordioaren ostean, urriaren 6ko 185/2015 Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen zerrendari buruzkoa. Dekretu hori ezinbestekoa da Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 8ko 12/2008 Legea eraginkor gara dadin, bai eta bertan adierazitako eskubide subjektiboari edukia emateko zein berau mugatzeko ere. Horrekin, arreta maila homogeneoa bermatu ahal izango da (estaldurari eta intentsitateari dagokionean) autonomia erkidegoaren lurralde osoan, prestazioa ematen duen erakundea dena delakoa izanda ere.

Dekretua 2016ko abenduaren 25etik aurrera abiaraziko da “eraginkorki”. Bada, 12/2008 Legeak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren mendekotzat jo dituen zerbitzuen banaketa zehaztu du dekretu horrek, irizpide geografikoen eta biztanleria irizpideen arabera, eta prestazioen benetako kostuari buruzko memoria ekonomikoa erantsi du.

Zera ezarri du zerrendak aipatu memorian dauden zerbitzu eta prestazio ekonomiko guztientzat:

a. Definizioa, eta, modalitateak egongo balira, baita horietako bakoitzaren definizioa ere.

b. Biztanleria hartzailea, sarbiderako betekizunak, eta, egongo balitz, prezioa edo tasa publikoa.

c. Prozedurazko xedapenak.

Babesgabe dauden haurren beharrei erantzuten dieten zerbitzuei dagokienez, kontu horiei buruzkoak dira honakoen fitxak:

• Informazio, balorazio, diagnostiko eta orientazio zerbitzua.

• Esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosozialerako zerbitzua.

• Mendekotasunaren, urritasunaren, bazterketaren eta babesgabetasunaren baloraziorako eta diagnostikorako zerbitzua.

• Egoitza zentroak babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoentzat.

• Familian esku hartzeko eta bitartekaritza lanak egiteko zerbitzuak.

• Familiekin esku-hartze sozio-hezitzailea edota psikosoziala egiteko zerbitzuak.

• Tratu txarrak eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei, adin txikikoei, adinekoei eta urritasunen bat dutenei arreta soziojuridikoa eta psikosoziala emateko zerbitzuak.

• Familia-harrera sustatzeko eta horri laguntza teknikoa emateko zerbitzuak.

• Adopzioa sustatzeko eta horri laguntza teknikoa emateko zerbitzuak.

Zerrendak egungo arkitektura instituzionala errespetatzen du; aldi berean, ordea, Gizarte Zerbitzuen plangintzan lurraldeak, mankomunitateak eta herriak elkarren urratsei egokitzen joan daitezela nahi du, behar berberei erantzun berberak eman ahal izateko horrela, betiere erakunde bakoitzaren kudeaketa autonomia errespetatuz. Helburua lan egiteko marko bakarra ezartzea da, arretarako eredu unibertsala eratu ahal izan dadin, gaur daudenak desagerraraziz. Bana lurralde historikoko.

Handik bi hilera, 2015eko abenduaren 1ean, ezinbesteko beste plangintza tresna bat onartu zen euskal herri-administrazioentzat: Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019.

Gizartearen premien diagnostikoaz, ildo eta xede estrategikoaz eta horiei lotutako ekintzez gain, honakoak bildu ditu egitasmoak:

• EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa. Besteren artean, estaldurak eta, beharko balitz, eskaini beharreko arreta orduak zehaztu ditu, bai eta beharrezko plaza kopurua edo erabiltzaileen kopurua edo 2017ko urtarrilaren 1erako artatu beharreko prestazio ekonomikoen hartzaileen kopurua zehaztu ere, eta, era berean, zerbitzuak ezartzeko egokien iritzitako biztanleria irizpideak ere zehaztu ditu.

 

• Memoria ekonomikoa. Beste alderdi batzuen artean, euskal herri-administrazioek egin beharreko gastu publikoaren balioespena jaso du, legeak ezarri duen eskumenen araubidearen arabera, aipatu estaldurak eta arreta orduak bermatu ahal izateko. Bestalde, sarreren balioztapena ere jaso du.

 

Tresna horiekin, sistema bakarrerantz jo nahi da, lurraldetako bakoitzaren errealitatetik abiatuta eta administrazio arduradun bakoitzaren kudeaketa aukerak errespetatuta, eta gizarte zerbitzuen sisteman indarrean dauden arauzko eta plangintzazko tresnen multzoak ezarritako mugek baldintzatuko dute sistema hori.

Babesik gabeko haurren bigarren mailako arretarako gizarte-zerbitzuek zer errealitatetan jarduten duten kontuan hartuta, erakunde honek beti aipatu izan ditu artaturiko adingabeen gaineko datu kuantitatiboak. Aurten, ordea, ez dugu hori egiterik izango, txostena ixteko unean oraindik ez baitugu jaso foru aldundiei eskatutako informazioa.

2.3.2. Pozik ez egoteko arrazoiak

Arlo honekin lotutako kexak egin dituzten pertsonek azaldutako gaiei dagokienez, aurten ere, kasurik gehienetan, gurasoak ez daude ados haurren zerbitzuek egindako balioespenekin (horietan ondorioztatu baita beraien seme-alabak babesik gabe daudela), guraso-agintea etetearekin eta foru-erakundeak haur horien tutoretza bere gain hartzearekin. Guraso horien ehuneko handi batek Arartekora jotzen du, haurra edo nerabea babesik gabe dagoela eta babesteko neurria hartu behar dela ezartzen duen foru-aginduaren kontrako errekurtsoa epaitegietan jarri ondoren. Horrek eragotzi egiten digu kexagileen eskaera nagusiaren gainean esku hartzea. Beste batzuetan, familiek administrazioaren erabakia jakin bezain laster jotzen dute gugana eta aholkuak eta informazioa eskatzen dizkigute, neurri hori azkenean bete ez dadin. Egia esan, gurasoen desadostasun-arrazoi nagusia dela eta –azken batean, beraien seme-alaben beharrei modu egokian erantzuteko dituzten arazoak balioestea- esku-hartzeko aukera mugatuak ditugu. Alde batetik, erakunde honek ez duelako balorazio-iritzirik ematen gai teknikoen gainean, adibidez, gurasoen gaitasunaz edo babesgabetasun egoeraz; eta, bestetik, kasu dezentetan administrazioaren erabakia bera epailearen balorazioaren zain egoten delako. Hala ere, eskaera horrekin batera, gai batzuk ere heltzen zaizkigu (balioztatze-prozesua, balioztatzeaz arduratzen diren pertsonek emandako arreta eta tratua, komunikazioa eta informazioa), eta horietan esku hartu dugu, eragindako administrazioari informazioa eskatuz eta beren jokamolde egokiaren arabera aztertuz.

Aurten beste kexa multzo bat osatzen dute prozesuaren zenbait unetan bigarren mailako arretarako gizarte-zerbitzuek egindako jarduerarekin ados ez daudela dioten familien kexek: desadostasunak proposatutako familiako esku-hartzearekin edo horren bizitasunarekin; desadostasunak proposatutako komunikazio-araubidearekin (seme-alabekin elkartzeko maiztasuna edo elkartze horiek ikuskatuak izatea), desadostasuna tutoretzapeko seme-alaben zaintza gauzatzearekin (egoitza-harreratik familia harrerarako aldaketak) eta abar. Jaso dugun beste kexa batean, herritar batek adierazi zigun ez zegoela konforme bere familiarekin egiten ari ziren familiako esku-hartzearekin, eta salatu zuen haurren zerbitzuak ez zituela kontrolatzen zerbitzu hori egiten duen enpresa esleipendunari emandako eskumenak.

Egia esan, gure jarduera amaitu ahal izan dugun kasu guztietan (bigarren kexa-multzo honetan nahiz aurrekoan), administrazioaren jarduera ez da okerra izan.

Ez da horrela izan Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen ama baten kasuan. Bere bi seme-alaba adin txikikoekin komunikazioa edukitzeko izaten ari zen zailtasunak zirela-eta eskatu zuen erakunde honen laguntza, Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean baitzeuden horiek, espetxeratu zutenetik. Txosten orokorreko III. atalean irakur daitekeen bezala, norabide bikoitzean egin zen Arartekoaren esku-hartzea. Aurretik, Adin txikikoen Kontseiluaren laguntza eskatu genuen, haurren tutoreak ziren heinean, haurrek amarekin harremana izatea haien intereserako egokitzat jotzen zuten jakiteko. Kaltegarritzat ez jotzeaz gain, guztiz komenigarria zela adierazi zigun, espetxeetako agintaritzari ere adierazi zioten bezala. Era berean jakinarazi zigun ama ezin ikusi izateak ezinegona eragiten ziela haien tutoretzapekoei. Hortik aurrera, zenbait kudeaketa egin ziren Espetxe Zaintzako Epaitegian, gure eskumenek mugak eduki arren, adin txikikoen eskubideak jokoan baitzeuden. Beste alde batetik, uste dugu Adin txikikoen Kontseiluak, tutoretza eginkizunak betez, Espetxe Zaintzako Epaitegiaren aurrean zentzu berean jokatu beharko zukeela, eta horregatik igorri genuen Arartekoaren 2015eko abenduaren 15eko Ebazpena. Ebazpen horren bidez, Arabako Foru Aldundiari gomendatu zaio gurasoak espetxean dituzten eta euren tutoretzapean dauden adin txikikoen eskubideak babestu ditzala Espetxe Zaintzako Epaitegiaren aurrean.

Familia-harrera neurriaren bidez zaintzen diren tutoretzapeko adin txikikoei eragiten dieten kexa batzuk ere jaso ditugu. Familia-harrera familia zabalean zein beste familia batzuetan egiten da. Jada aipatutako asegabetasunerako arrazoiez gaindi (desadostasuna bisitekin, ikuskapen motarekin eta abarrekin), harrera neurriaren segimendua egiteaz arduratu den taldeak egindako balorazioekiko eta horien edukiarekiko adostasunik eza adierazi dute kexetako batzuek. Harrerako ama baten kexa ere jaso dugu, eta, bertan, familia-harrera etetearekiko eta etete hori egiteko moduarekiko desadostasuna adierazi du. Xehetasun gehiagoz hitz egingo dugu kontu horri buruz familia-harreraren gaineko atalean.

2015ean, euren seme-alabekin bizikidetza berreskuratu nahi duten gurasoen kexak eta kontsultak ere jaso ditugu, haurren babesgabetasun egoera adierazi zenetik bi urtetik gora igaro ostean. Administrazioak guraso-ahala eta zaintzaren ardura eten zuenetik denbora igaro bada ere, familia guztiek adierazi dute oso gogoan dutela banantzeak ekarritako mina, eta seme-alabak etxera itzuliko direlako itxaropena bizirik dutela. Hala ere, esku hartu ahal izan dugun kasuetan, ez dugu balioetsi zegokion haurren zerbitzuak ezegoki jokatu duenik. Kasu guztietan, familian gutxi gorabehera egoten jarraitzen duten zailtasunen aurrean, edo aurrerapenak egon badira ere, haurren foru zerbitzuek ezegokitzat jo dute adin txikikoa etxera itzultzea, edo itzulera hori inoiz gertatuko ez dela balioztatu dute.

Jasotako beste kexa batzuk administrazio prozedura izenburupean sailkatu litezke. Txosten psikosozialak begiratu ahal izateko zailtasunei, interesdunek egindako eskaerei erantzuteko orduan atzeratzeari edo erantzun gabeziari edo seme-alabekin komunikatzeko ezarritako erregimenaren aldaketa ez jakinarazi izanari buruzko kexen inguruan ari gara. Kasu batzuetan, administrazioak berak zuzendu du bere jarduera; kasu gehienetan, ordea, ez dugu jarduera ezegokirik ikusi.

Puntu honetan, familia-harrerari buruzko kexa bat nabarmendu nahiko genuke. Bertan, herritar batek informazio falta salatu zuen, izan ere, ez zekien zeintzuk ziren esku-hartze familiar bereziturako programa batean parte hartzearekin Gipuzkoako haurren zerbitzuak bilatzen zituen xede zehatzak. Gure jardunbidearen ondoren, iradokizun bat bidali genuen. Horren bidez, programa zehatzari buruz egiten den ahozko aurkezpenarekin batera, familiek sinatu beharreko parte-hartzeko akordioa sartzeko adierazi genuen, parte-hartzearekin bilatzen diren helburua eta xede nagusiak ezagut ditzaten. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure iradokizuna onartu du, eta, hemendik aurrera, jardunbide egitasmoaren kopia emango die familia guztiei, kasuaren planarekin koherentzian bilatzen diren xede zehatzak jasoz, esku-hartzeko programan parte hartzeko akordioa sinatzeko unean.

Familia batek babes-neurri batekiko desadostasuna adierazi zuen kexa-espediente batean. Bada, bertan ageri zen dokumentazioaren azterketaren harira, ofiziozko jardunbide bat hasi genuela jakinarazi genuen iaz. Haurren zerbitzuan artatzen diren haurrek eta nerabeek entzun ditzaten duten eskubidea nola ari den bermatzen jakitea zen aipatu jardunbidearen helburua, bai eta euren iritzia emateko duten eskubidea bermatzen ari den eta iritzi hori nola balioesten duten jakitea ere. 2015. urte hasieran, iradokizun bat bidali genion Gipuzkoari. Iazko txostenean ondorio nagusiak aurreratu genituen.

Gerora, Arabako eta Bizkaiko egoera ezagutzeko jardunbideak abiarazi genituen. Arabako Foru Aldundiari dagokionez, gure esku-hartzea amaitzeko zain gaude. Ez da horrela Bizkaiari dagokionez. Administrazio horrek egindako jardueraren gaineko gure balorazioa positiboa da. Esku-hartzeko eskuliburuan berariaz jaso da langile guztiek dutela entzuteko betebeharra, elementu garrantzitsuenei dagokienez. Gainera, esku-hartzeko fase eta modalitate guztietako elementu eragileetan ere halaxe jardun behar dutela jaso da (balorazioan, premiazko banantzean, egoitza- eta familia-harreretan...). Beste alde batetik, kasuko koordinatzaileentzako jarraibideak, haurrekin komunikatzeko espazioak eta kexarako zein salaketarako sistema daude. Horrekin guztiarekin pentsatu dugu esku hartzen duten langile guztiek gogoan eta barneratuta dutela, une oro, prozesu horietan dauden haurrei eta nerabeei entzuteko betebeharra, eta prozeduretan, protokoloetan eta laneko jarraibideetan ere behar bezala dagoela sistematizatuta eta jasota.

Garrantzitsua da adieraztea ez dela inolako adin mugarik ezarri haurren eta nerabeen iritziak entzuteko eta kontuan hartzeko unean, ematen den informazioa nahikoa izaten dela eta modu argi eta ulergarrian ematen dela, komunikatzeko ingurunea zaintzen dela eta jakinarazi egiten zaiela nola balioetsi duten euren iritzia.

Azkenik, haur etorkinen aldi baterako lekualdatzeei buruzko kexa bakarraz informatu nahi genuke xehetasun handiagoz. Zuzentzat jo da tartean egon den administrazioaren jarduera; alabaina, kasuaren azalpena eta horri buruzko gogoetak interes orokorrekoak izan daitezkeela uste dugu.

Aipatu kexa Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkakoa zen, izan ere, ezezkoa eman zion haur etorkin bat lekualdatzeko aldeko txostena egiteari, eskolatzeko helburua zuen aldi baterako lekualdatze programan parte har zezan. Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzak eman behar du lekualdatzeko baimena, baina beharrezkoa da haurren zerbitzuak aldeko txostena idaztea. Honakoak dira txosten horren xedeak: haurrak egonaldiaren bitartean babesgabetasun arriskurik izango ez duela bermatzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzea, edo, adibidez, adin txikikoaren lekualdatzeak adopzioa helburutzat ez duela egiaztatzea, eta hartzaileak haurra jatorrizko herrialdera itzultzea errazteko konpromisoa duela ziurtatzea.

Jarraitu beharreko jardunbide prozedura onartu eta argitaratu du foru aldundiak 2015ean, programa mota horietan parte hartzeko baimena eskuratzeari begirakoa. Gobernuaren Ordezkariordetzarekin eta hainbat urtez programa horien garapenean parte hartu duten gizarte entitateekin adostu da prozedura hori, eta parte hartzeko adin mugak ezarri ditu, lekualdaketarako arrazoien arabera (eskolatzea, aisia eta aisialdia edo mediku tratamendua). Horrela, eskolatzeko lekualdaketen programan parte hartzeko ezarri den adin muga 12 urtekoa da. Lekualdatzeko baimena eskatu duen adin txikikoak 10 urte dauzka, hortaz, haurren foru zerbitzuak ez zuen lekualdaketarako aldeko txostena eman.

Kexagileak urteak daramatza lekualdaketen programetan parte hartzen, eta Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen bere kasuko zirkunstantzia bereziak zirela-eta –aurretiko harremana neskatoarekin eta horren jatorrizko familiarekin-, bai eta 2015-2016 ikasturteak zekarren aukeragatik ere, izan ere, ikasturte hori da, seguru asko, adin txikikoaren izeba ikasketak amaitzera Gipuzkoara joango den azkena (izeba eta kexagilea aspalditik bizi dira elkarrekin). Kexagilearen ustez, izeba eta iloba etxean elkarrekin bizitzeak haurra gizarteratzen lagun dezake. Beste alde batetik, haurra aurrerago lekualdatzeko aukera balioztatuta, hau da, 12 urte betetzean, aukera baztertu zuen, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak programan parte hartu ahal izateko ezarri duen beste irizpideetako bat da ez direla 60 urte bete dituzten familien eskaerak onartuko. Berak ez luke betekizun hori beteko, eskaera aurkezteko bi urte itxaronez gero.

Atzerritarren Araudia da, lekualdaketa horiei dagokienez, legezko erreferentzia markoa, eta horrek ez du inolako adin mugarik ezarri lekualdatu nahi duten haur atzerritarrentzat. Horregatik galdetu genuen zeintzuk ziren foru aldundiak onartutako prozeduran aipatu muga ezartzeko argudioak.

Haurren foru zerbitzuak balioetsi du 12 urteko adinak gehiago bermatzen duela adin txikikoaren interes gorena, lekualdatzen den adin txikikoak lekualdaketa onartzeko eta familiarekiko distantzia hobeto eramateko heldutasun nahikoa duela uste baita. Lekualdatutako haurren eskubideen ikuspuntutik begiratuta balioetsi da ikasturte osoan familiarengandik eta bere kulturatik eta ingurunetik banantzea ez dela heziketa jasotzeko justifikatu behar, eta ez diola adin txikikoaren interes gorenari erantzuten. Foru aldundiak uste du adin txikikoa zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta garrantzitsuagoa dela, bere garapenari dagokionez, familia ingurune egokian haztea, eta jatorrizko familian egotea lehenesten da. Azken batean, adin mugaketa hori egokia dela uste du, eta hobeto errespetatzen duela adin txikikoaren interes gorena. Gainera, haurren beste foru zerbitzuek eta beste autonomia erkidego batzuetakoek partekatzen duten irizpide teknikoa da hori.

Familia parte-hartzaileentzat ezarritako adin mugari dagokionez, foru aldundiari helarazi genion, haurrak eskolatzeko xedez lekualdatzen direnean aldi baterako (ikasturterako) izaten dela kontuan hartuta, eta haurrak 12 urterekin iristen direla, familia hartzaileek harreran hartutako haurren zaintzarekin bateragarria den osasun egoera eduki behar dutela, eta, funtsean, adin txikikoen zaintza epe ertainera edo epe luzera egitea eskatzen duen zaintza egonkorrerako neurria (adopzioa, familia-harrera) ez dela aintzat hartuta, ez genuela ulertzen zergatik ezin daitezkeen onartu 60 urteak beteta dituzten familien eskaerak. Beraz, irizpide hori malgutasunez balora zedila proposatu genuen, eta ez lukeela galarazi beharko eskaerak eta kasu bakoitzeko zirkunstantzia partikularrak aztertzea.

Adin irizpide hori moldatzeko edo malgutzeko prestutasuna erakutsi du foru aldundiak, 60 urte baino pixka bat gehiago dauzkaten pertsonek ere programa horiek sustatu ahal izan ditzaten, eta adin txikikoarekin aurretiko harremana egotea bezalako zirkunstantziak kontuan har daitezen, nahiz eta harreman hori ez izan aldi baterako beste egonaldi baten fruitu. Horrela, haurrak 12 urteko adina betetzean, kexagileak aldi baterako lekualdaketa susta lezake, haurra eskolatzeko xedez.

Erakunde honek balioetsi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, hau da, ezagutzen ez dituen eta zuzenean entzun ezin dituen haur etorkinak lekualdatzeko aldeko txostena igorri behar duenak, egoki jardun du adin muga ezartzean, adin txikikoaren interes nagusiari eta bizitzako lehen urteetan jatorrizko familiaren ondoan egotearen garrantziari erreparatuta, lekualdaketak haurraren ongizaterako baldintza onenetan egin daitezen.

2.3.3. Egoitzetako harrera

2.3.3.a) Egoitzetako harrera-sarearen egoera

Babes gabeko eta aterperik gabeko egoera larriei aurre egiteko, foru-zerbitzuek hainbat neurri antolatzen dituzte, besteak beste, etxebizitzan intentsiboki esku hartzeko planak, familia-nukleotik bereizteko neurriak eta harrera egiteko neurriak, bai senideren baten etxean bai egoitza batean. Haurrak modalitate horretan zaintzeko aukera ematen duen egoitza-baliabideen sarea etengabe eguneratzen ari da, gizarte-behar aldakorrei, eskaerei eta araudi-xedapenei erantzunez.

Araban, udako hilabeteetan, ugaritu egin dira portaera-arazoak dituzten adingabeen kasuak; horren ondorioz, guztiz bete da Sansoheta zentroa, eta plaza berriak jarri behar dira behar horiek dituzten nerabeak artatzeko. Horretarako, Estibalizko Behin-behineko Unitatea ezarri da, eta modulu bidez diseinatu da; horrela, pixkanaka gehitu daitezke libre dauden plazak, gehienez ere 15era iritsi arte. Beharren arabera erabakiko da baliabide horrek jarraituko duen ala ez.

Gipuzkoan 2015ean ez da aldaketarik egon egoitza-harrera sarean.

Txosten hau idazteko unean ez daukagu Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunik.

2.3.3.b) Egoitza-baliabideetara egindako ikuskapen-bisitak

Bulego honek Euskadiko egoitza baliabideen sareko hainbat programa bisitatzen ditu urtero, haur eta nerabeei ematen zaien arretaren kalitatea ezagutu, ulertu eta egiaztatzeko eta, azken finean, haien eskubideak bermatzen direla egiaztatzeko.

2015erako aurreikusi den bisita planak premiazko harrera programa du aztergai; zehazki, programa hori nerabeekin garatzen duten egoitza zentroak. Hala, ez da aurreikusi premiazko harrera emateko plazak eskaintzen dituzten harrera pisuetara bisitak egitea (baliabide horiek arautzen dituen dekretuan aurreikusitako formula, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetan ebatzia), ez eta 12 urtetik beherako haurrentzako Arabako premiazko harrera zentroa bisitatzea. Planean sartutako zentroak hauek dira:

Bideberria, bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako lehenengo harrera zentroa (Arabako lurraldean).

• Ibaia, familia erreferentzia duten 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako premiazko harrera zentroa (Arabako lurraldean baita ere).

• Zornotza, bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako lehenengo harrera zentroa (Bizkaiko lurraldean).

• Uba, bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako premiazko harrera zentroa (Gipuzkoako lurraldean).

Bisiten jarduera osatzeko, kasu guztietan, foru-sail eskudunetako haurren zerbitzuei eskatutako agiriak aztertu ziren, eta banan-banako bilerak egin ziren zerbitzu horietako arduradunekin. Bilera horietan, ondorio-ebazpenak eman baino lehen, zenbait gai jorratu ziren: ekipamendua, erabiltzaileak, familiekin egindako lana, profesionalen lantaldeak, e.a.

Bideberria zentrora egindako bisita (apirilaren 22an eta maiatzaren 13an), honako ebazpen honekin amaitu zen, oinarritzat hartuta ikusitakoa, aztertutako agiriak eta Arabako Gizarte Ongizate Saileko Foru Erakundeak emandako informazioa: 2015eko irailaren 29ko Ebazpena.

Arabako Foru Aldundiari hauxe gomendatu zitzaion:

• Arreta egokia eman diezaiela hartutako adin txikikoen beharrizanei, eta emantzipaziorako prestakuntzara eta bizitza autonomora zuzenduta egon dadila arreta hori. Xede horretarako, komenigarria da:

- Zentroan garatutako programen eta horietako bakoitzaren xedeen identifikazio argia.

- Zehaztutako metodologia ezartzea, heziketa ildoan batez ere.

- Eguneroko jardueren programa zehaztea eta garatzea. Bertan, espazio nagusia izan behar du enplegura bideratutako prestakuntza jarduerak (zentrotik kanpo zein barruan).

• Gizarte babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako eta nerabeentzako harrera egoitza baliabideak arautu dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuan behatutako langileen betekizunak betetzen direla berma dadila. Prestakuntzari dagokionez:

- Proposatutako lan-profiletara igarotzea erraztu dadila (hezitzaile laguntzaileak), horiek betetzeko eskatzen den prestakuntzarako sarbidea ahalbidetuko duten neurriak hartuta.

- Hezitzaile-taldeari proposatu diezaiola gatazka egoerak jorratzeko gaitasun berri eta hobeak emango dizkien heziketa jarduerak sartzeko etengabeko prestakuntza planetan.

• Adi egon dadila eta baliabideetako langileen lan gatazketatik babestu ditzala hartutako neska-mutilak (eta harrera sarea bera), ahal bezainbeste.

Foru aldundiak erantzun digu oso kontuan hartzen ari direla gure gomendioak, bai zentroa egiten ari den berrantolaketa prozesuan, bai zentroaren etorkizuneko norabidean.

Arabako premiazko beste harrera zentrora egindako bisitan (maiatzaren 14an), hau da, Ibaia Premiazko Harrera Zentroraegindakoan, familiako erreferenteak dituzten 12tik 18ra bitarteko nerabeentzako aurrekoaren kontrara, ez zen aurkitu foru zerbitzuari gomendioa bidaltzea eskatzen zuen konturik. Hala ere, egoitza-harreraren sareak duen okupazio maila altu-altuaren gaineko arretari eustea eskatu zen azken ebazpenean (argitaragabea), oinarrizko arazoari dagokionean bereziki, egoera hori denboran horrela mantentzeak neska-mutilen beharrei behar bezalako arreta ematea baldintzatudezake-eta. Datu batzuen harira egin zen aipatu gonbidapena, izan ere, datu horien arabera, Ibaia Premiazko Harrera Zentroan askotan luzatzen da egonaldia, babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako eta nerabeentzako harrera egoitzak erregulatu dituen dekretuan komenigarritzat jo denari dagokionez (60 egun), ikusi ahal izan genuen muturreko kasuren batean, urtebete egitera ere iritsi baitira. Horretarako arrazoiak bilatu behar dira, eta ez premiazko harrera programan egin beharreko balorazioan eta erabakian egon daitekeen atzerapenean (neska-mutilen beharrentzako babes-neurri edota baliabide egokiena bilatzeari dagokionean), egokitzat jotako baliabide horietako batzuetara bideratzeko zailtasunean baizik. Oinarrizko programako egoitza-harrera baliabide batera bideratutako neska-mutilen kasua litzateke hori, okupazio maila oso altua baitauka.

Era berean, Uba Harrera Zentrora (Gipuzkoa) maiatzaren 11n egindako bisitaren harira ere ez zen gomendiorik egin; kasu horretan ere, ordea, arreta eskatu genuen. Horrela, erroldari buruzko elementu batzuen gaineko arreta mantentzera bultzatu genuen foru aldundiko Gizarte Politika Saila, eta, horretarako, Arartekoaren urriaren 17ko 5/2011 Gomendio Orokorra gogorarazi genion.Udalek beren udalerrietako egoitzetan bizi diren etxerik gabekoak eta foru aldundiek tutoretzapean dauzkaten adingabeak udal erroldetan jasotzeko jarduerak egiteko betebeharra.

Bisitatuko azken zentroak, Zornotzako lehen harrerarako zentroak (ekainaren 3an), erakunde honen adierazpena merezi izan zuen, nahiz eta neska-mutilei ematen dieten arreta sozio-hezitzailearen balorazio orokorra ona izan. Instalazioak eta emantzipaziorako programetarako sarbidea hobetzeko xedez formulatu da Arartekoaren 2015eko urriaren 15eko Ebazpenean jasotako gomendioa. Lehenengo kontuari dagokionez, premiazkoa deritzogu dutxak hobetzeari, eta, bigarrenari dagokionez, aplikagarria da Arartekoaren ekainaren 17ko 5/2013 Gomendio Orokorrean azaldutakoa. Bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeak. Egun, eta Bizkaian familia erreferenterik ez duten adin txikiko etorkinei buruz, honakoa da indarrean dagoen irizpidea: 1) ez direla babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoentzako harrera-egoitzen sarean egongo 18 urtetik aurrera (131/2008 Dekretuak aukera hori eman du 3.2. artikuluan), oso kasuistika zehatzetan izan ezik; 2) Mundutik Mundura gizarteratzeko zerbitzuaren programara sartzeko, haurrak babesteko zerbitzuetan gutxienez urtebetez egon izana eskatzen dela. Horrek esan nahi du zentrora sartzen diren 17 urtetik gorakoek (egoiliarren ehuneko handia izaki horiena) erakunde honen iritziz ezinbestekoak diren euskarririk, beharren estaldurarik eta laguntzarik gabe amaitzen dutela zentroko egonaldia.

Amaitzeko, adierazi beharra daukagu, lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinei arreta ematen dieten hiru zentroetara egindako bisitetan (hau da, Ibaian izan ezik, beste guztietan), zentrotik kanpo egiten diren heziketa programetan neska-mutil horiek matrikulatzeko orduan egoten diren zailtasunak helarazi dizkigutela. Bulegoaren txosten honen 2.2.2.c) atalean xehetasun handiagoz jorratu dugu egoera hori. Zornotzako kasuan, bitartean, enpleguari oso bideratutako tailerrak eta prestakuntza ekintzak egiten dituzte, eta neska-mutilek parte hartu behar dute horietan, zentrora iritsi eta hurrengo egunetik aurrera. Bulego honek bat egiten du horretarako baliatutako irizpidearekin, hau da, garrantzitsua dela atzerapen handirik gabe ematea arreta neska-mutilek ekartzen dituzten bi asmo handiei: administrazio egoera erregularizatzeari eta lan egiteari, edo, behintzat, etorkizunean lan egin ahal izateko prestatzeari.

2.3.3.c) Baimendu gabeko absentzietarako protokoloa

Baimendu gabeko absentzia kasuetan jarduteko protokoloa 131/2008 Dekretua indarrean sartu eta urtebetera onartu beharko zatekeen; bada, adierazi beharra dago ez dugula aurten aurrerapenik egin delako berririk izan. 2015. urtearen hasieran, gomendio batekin amaitu genuen Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren aurreko jarduera; batetik, ahalik eta lasterren onar zezan baimendu gabeko absentzien protokoloa eta, bestetik, babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako harrera-egoitzetan gorputz miaketak egiteko jokaera komuna zehaztu zezan.

Gomendioari eman zion erantzunean, protokoloari buruzko behin betiko testua eta eranskinak eginda zeudela jakinarazi zigun sailak otsailean, eta behin betiko onartzeko eta erakunde bakoitzeko eskudun pertsonek sinatzeko zain zeudela horiek. Urteko lehen hiruhilekoan gerta zitekeela aurreikusi zen. Alabaina, txosten hau idazteko unean, eta guk dakigula, protokoloa ez da ez onartu, ez sinatu.

2.3.4. Familia-harrera

2015eko lehen egunetan, Euskadin harrera egin zaien haurren eta nerabeen arretari buruzko Arartekoaren 1/2015 Gomendio Orokorra argitaratu zen. Bulego honen 2014ko txostenean xehetasunez eman genuen horren edukiaren berri. Han jorratutako kontuetako batzuek, hala nola, harrera-familien eskaerek edo entzuna izateko eskubideak, beren isla eduki dute, eta bultzada izango dute hurrengo urteetan, udan haurrak babesteko estatuko legediaren aldaketak onartu eta indarrean sartu ostean, lehen aipatu dugun bezala.

Erreformaren berrikuntza nagusietako bat, familia-harrerari dagokionez, honakoa da: hartzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztu dira, eta hartzaileen estatutua deitu zaio horri. Era berean, familia-harreraren modalitateak berriro zehaztu eta sinplifikatu dira, eta, iraupenaren eta xedeen arabera, premiazko harrerak, aldi baterako harrerak edo harrera iraunkorrak izatera igaro dira. Hortaz, desagertu egin da adopzioaren aurreko familia-harrera kontzeptua, izan ere, adopzio neurriaren faseetako bat dela ulertu baita. Estatuko araudiak, bestalde, harrera berezituak eta harrera profesionalizatuak egiteko aukera sartu du haurrenak ez diren familiekin egiten diren harreretan.

Datozen urte eta hilabeteetan, beharrezkoa izango da autonomia erkidegoko araudia estatu mailan egindako legegintzako aldaketa handiei egokitzea.

Epigrafe hau amaitzeko, aurten jaso dugun herritar baten kexa aipatu nahiko genuke. Gehienetan, jasotzen ditugun kexek arestian aipatutako asegabetasun arrazoiak partekatzen dituzte: seme-alabekin elkartzeko maiztasunarekiko desadostasuna, bisita horiek gainbegiratzearekiko desadostasuna, familia hartzailea izateko egokitasun balorazioarekiko desadostasuna eta abar. Aurten, gainera, zaintzapean bi adin txikiko zituen familia-harrera eten izanarekiko desadostasuna agertu duen familia hartzaile baten kexa jaso dugu.

Errealitate bat agerian jarri duelako nabarmendu dugu kexa hori, nolabait berritzailea ere baden errealitatea baita; hots, babesik gabe dauden haurrak harreran hartzen dituzten familietan gertatzen diren banantze liskartiak, izan ere, Gipuzkoan behintzat, egoera horietan esku-hartzea bideratzeko prozedura idaztea pentsatu du haurren zerbitzuak.

Esku hartu dugun kasuan, bikote baten alde eratu zen bi anai-arreba gaztetxoren familia-harrera, eta normaltasunez garatu zen hainbat urtez. Bilakaera egokia ahalbidetu zuen horrek haurrengan. Bikotea banandu egin zen, ordea. Hala ere, hartzaileek haurrekin bizi izandako urte horietan guztietan erakutsitako jarduera onari eta euren artean sortu zen loturari erreparatuta, banantzea gertatu zen unean harrera ez etetea erabaki zuen haurren zerbitzuak, hau da, harrera horietako batekin mantentzea erabaki zuen, eta komunikazio erregimena ezartzea bestearekin.

Dena dela, egoeraren segimendu hurbila egitea balioetsi zen, erabakiaren zati gisa, bai eta harrera-familiaren egoera berriaren aurrean haurren ongizatea bermatzeko beharrezko laguntzak ematea ere. Alabaina, ahalegin horiek ez ziren eraginkorrak izan haurrak bikote hartzailearen gatazkatik babesteko.

Haurrak jasaten ari ziren min larria egiaztatuta, eta hartutako neurriak haurrak babesteko xedean huts egiten ari zirela ikusita, haurren foru zerbitzuak balioetsi zuen kexagilearekiko familia-harrera etetea beharrezko neurria zela bi haurren ongizatea bermatzeko.

Foru aldundiak prozedura bat idaztea aurreikusi du. Horren bidez, familia hartzaileen edo jardunbide horiekin zerikusia duten familien banantze edo dibortzio egoeretan kontuan hartu beharreko elementu garrantzitsuenak jaso nahi dira. Beraz, iradokizuna bidali diogu, familia-harrerarako programan parte hartzen duten bikoteen bizikidetza hausten den kasuetan zehaztasunez ezar ditzan bisiten erregimena, egonaldia, harreran hartutako adin txikikoekiko harremana edo komunikazioa, eta, beharrezkoa balitz, ordutegiak, espazio fisikoak edo bestelako edozein zirkunstantzia argigarri adieraziz.

Gure iradokizuna bere lan prozedurei txertatuko diela baieztatuz erantzun du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2.3.5. Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinentzako berariazko arreta

Txosten honetako 2.3.1. atalean esan bezala, aurten ez ditugu bildu gizarte zerbitzuek artatu dituzten eta babesik gabe dauden haurrei eta nerabeei buruzko datuak, hiru foru aldundiei eskatu dizkiegun arren. Ondorioz, ezingo dugu lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinei buruzko daturik eman (zenbat iritsi diren, zenbat hartu dituzten eta abar), aurreko urteetan ohikoa izan den bezala.

Gure arretaren xede izaten jarraitzen du lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinak harreran premiaz hartzeko jarduerarako protokolo komunaren egoerak. Gizarte babesik gabe dauden haurrentzako eta nerabeentzako egoitza baliabideak erregulatu dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian dago aurreikusita protokoloa.

2014ko urrian, estatuko protokolo markoa onartu zen behin betiko, eta, protokoloa egiteko orduan tartean egon ziren eragileek adierazitakoari jarraiki, protokolo autonomikoaren gainean erabakiak hartzeko hausnarketa aldia irekitzeko unea zen.

Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren hitzetan, protokoloa egitean eskuduna izaki, 2015. urtearen hasieran jada aurreikusita zegoen idazketa berrartzea, eta, horretarako, kontuan hartuko zituzten bai estatuko protokolo markoan ezarritako ildoak, bai Auzitegi Gorenaren 453/2014 Epaia. Erakunde honek, bestalde, Arartekoaren ekainaren 17ko 5/2013 Gomendio Orokorraren lehenengo puntuan jasotako kontuak ere aintzat hartzeko eskatu zion. Bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeak. Gomendio orokor horren segimendu xeheagorik egin ezean (2016an egitea aurreikusi da), egun daukagun informazioak adierazi du 2007ko protokoloa ordeztu duen protokolo berri batekin ari direla lanean Gipuzkoan, eta, antza, ez duela arazorik ematen. Bizkaian ikertutako bi kexetan adierazi da, bestalde, “Bizkaiko Probintzia Fiskaltzaren eta Haurren Zerbitzu honen egungo irizpideek baliozkotasuna eman diotela Fiskaltzaren dekretuan dokumentazioari buruz adierazi den datari”, nahiz eta kexagileek aurkeztutako errekurtsoak ebatzi dituzten epaietan etete-ebazpenak aurkaratu diren, aipatu Auzitegi Goreneko Lehen Salaren epaian jasotako jurisprudentziarekin bat eginez.

Bestalde, kexapare bat jaso dira, baina erakunde honek badaki egoerak bost gazteri eragin diela. Kexa horietan, Polizia Nazionalak tutoretzapean zeuden eta Gipuzkoako harrera-egoitzen sareko hainbat zentrotan bizi ziren adin txikikoak atxilotu zituela salatu da, eta dokumentazioa faltsutzeagatiko delitua egin izana leporatu ziela, kanporatzeko agindua irekiz. Akusazio horrek zerikusia dauka Gipuzkoako Sos Arrazakeria elkarteak aurkeztutako beste kexa batekin. Kexa horren edukiak zera dio, polizia nazionalak dokumentazioa faltsutzeagatiko salaketak jartzen dizkiela jatorriz Ghanakoak direnei, azken horiek baieztatzen dutenaren arabera, Ghanak Madrilen duen enbaxadan eskuratu badute ere pasaportea. Era berean, jatorrizko herrialdeko jaiotza-ziurtagiria eta horren benetakotasuna egiaztatzen duen enbaxadaren ziurtagiria erantsi dituzte. Aipatu salaketak kalte ugari eragin dizkie eragindakoei, izan ere, salaketa formulatu izanak eta zigor eginbidea ireki izanak pasaportea erabiltzea eragozten die eragindakoei, prozedura judizialari lotuta geratzen baita hori. Paradoxikoki, berriro ere enbaxadara jotzen badute pasaporte berria eskatzera, faltsutzat jotako pasaporteen berdin-berdinak jasotzen dituzte, eta, beraz, baliogabetze zirkulu berria hasten da.

Erakunde honetan kexa-espedientea egon den bi kasuetan, antzeko ebazpenak jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduerak, eta egoitza-harrera neurrien etetea jakinarazteko orduan hobekuntzak egin ditzala eskatu zaio (legezko forman). Paraleloki, erakunde hau hainbat eragilerekin ibiltzen da elkarlanean (Fiskaltzarekin, UPV-EHUko Nazioarteko Zuzenbide Sailarekin eta abarrekin); bada, kontsultak egin zaizkie, elkarrekin baloratu edo hausnartu dezagun administrazio dokumentazioa kentzearen eta zalantzan jarriko ez den beste bat eskuratzeko ezintasunaren ondorioz pertsona horiek pairatzen duten zaurgarritasun egoeraren gainean.

Atal honetan, Herriaren Defendatzaileari igorritako jarduera ere aipatu behar dugu, goian aipatutako tutoretzapeko bost adingabeen atxiloketaren harira Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak egindako informazio tratamenduari dagokiona, zehazki, horrek Gipuzkoan argitaratutako prentsa-oharrari buruzkoa. Aipatu prentsa-oharra ekainaren 10ean argitaratu zen, eta oihartzun mediatikoa eduki zuen. Bertan, immigrazioaren gaineko irudi sozialari eragin zioten baieztapenak egin ziren, eta, zehazki, lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen talde zaurgarriaren irudiari eragin zioten. Arartekoaren iritziz, prentsa-oharrean ez ziren poliziaren jardueraren gaineko datuak jasotzera mugatu, izan ere, errugabetasun-presuntziorako eskubidea urratu lezaketen balorazioak egin ziren. Egiaztatu ez ziren delituak egin izana aipatu zen oharrean, dei efektua egon zelako bezalako balorazioak jaso ziren, edota pertsona helduek burututako modus operandia izan zela adierazi zen. Erakunde honen aburuz, informazioaren tratamendua arretatsuagoa izan beharko litzateke, eta kontuan hartu beharko litzateke adingabeei buruzkoa izan daitekeela kontua eta adin txikikoaren interes gorenaren printzipioak agintzen duela hor. Era berean, Arartekoaren gomendio orokorra aipatu genuen, immigrazioari buruzko informazioaren tratamenduaren gainekoa: “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen mendeko polizi kidegoek jokaera-kodeak erabili behar dituzte immigrazioari buruz ematen duten informazioaren tratamendurako”.

Arartekoaren iritzia helarazi diogu Herriaren Defendatzaileari, zera esanez: auzitegiei dagokiela jokaeren prozedura egitea eta komenigarria dela irizpide arduratsu eta neurtua edukitzea etorkinen jarduerei buruzko poliziaren informazioari dagokionez, informazioa bereizkeriaren sorkuntzarako, erreprodukziorako eta berau sendotzeko tresna bihurtzea saiheste aldera.

2.3.6. Genero indarkeriaren eraginpean dauden haur eta nerabeak

Adierazi dugun bezala, 2015eko uztaileko lege aldaketak genero indarkeriaren eraginpean dauden haurrak indarkeria horren biktima zuzentzat aitortzea ekarri du, hainbeste desio zen bezala. Biktima estatusa esleituta, alde batetik, neurri zibilak eta penalak prozeduraren subjektu bat gehiagotzat hartzea bermatuko da, eta, bestetik, etxean indarkeriaren eraginpean egoteak bere izaeran eta garapenean duen eraginari buruzko balorazioa egitea ekarriko du, ondorioz, haur horien sufrimendurako erantzun espezifiko egokiagoak eratuz, amekiko esku-hartzeak zeharka ekarriko dienetik harago.

2014an, Emakundek eremu horretan egindako lanaren berri eman genuen, etxeko tratu txarrak eta sexu erasoak jasotzen dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakundeen Arteko II. Akordioaren Segimendurako Batzordeko erakundeen arteko talde teknikoaren markoan egindakoaren berri, hain zuzen ere. Erakunde honek modu egonkorrean hartzen du parte aipatu taldean. Urte hartan amaitutako diagnostiko partekatuari dagokionez, nabarmen aurreratu da lan egitasmoa eratzeko orduan. Lan egitasmo horrek aintzat hartuko ditu seme-alaben ikuspuntua eta eurekin egin daitezkeen balizko esku-hartzeak, bai aipatu II. akordioko protokoloetan, bai beharrezkoak izan litezkeen espazio guztietan. Lan hori 2016ko lehen hilabeteetan bukatzea aurreikusi da.

Haur eta nerabe horiek genero indarkeriaren biktima gisa dituzten beharren arreta ere FIOko Emakumeen Sarearen topaketen xede izan da. Vitoria-Gasteizen egin zen aipatu topaketa, ekainean, eta anfitrioi lanetan jardun zuen Ararteko erakundeak. Jardunaldi horien ondorioetan jaso dira jorratutako kontuen gaineko xehetasunak.

2.3.7. “Lapurtutako haurtxoak”

2015ean, aurreko hamarkadetan itxuraz lapurtutako edo irregularki banandutako haurtxoei buruzko kexak eta kontsultak jasotzen jarraitu dugu; hala ere, aurreko urteetan baino kopuru txikiagoan. Gogoratuko den bezala, kontu hori 2011ko gomendio orokor baten xede izan zen (uztailaren 13ko 1/2011 Gomendio Orokorra, 1960. eta 1970. hamarkadetan ama biologikoei haurtxoak lapurtu edo irregularki horiengandik banandu izanari eragiten dioten egitateak argitzeko neurriei buruzkoa), eta, urtez urte, horren segimendua egin dugu.

Gure herri-administrazioek gai horren inguruan emandako erantzunari buruzko berrikuntzarik ezagutu ez dugunez, dauden baliabideen gainean informatzea eta nahi zehatzetan orientatzea izan da demanda jarri dutenekiko jarduera. Zehaztasunez azaltzen dira auzi bidera jo gabe euskal epaitegietako Biktimen Arretarako Zerbitzura jotzeko aukerak, Eusko Jaurlaritzak bere egunean artikulatu zituen mekanismoetara sartzeko xedez; bai eta, jatorri biologikoa eta identitatea jakin nahi den kasuetan, Justizia Ministerioak ikerketarako prestatu zituen dispositiboaren funtzionamenduaren ezaugarriak azaldu ere (eragindakoek laborategi pribatuetan eskuratu dituzten eta gero aurkeztu dituzten ADNaren profilak Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren datu-basean txertatzeko aukera ematen dute, kointzidentzia genetikoak zehazte aldera).

Edonola ere, aipatu dugun gomendioaren xedea berreskuratuz

“...abian diren prozedura judizialak alde batera utzita, jarduera zehatzak jarri behar dira martxan egintzak zehatz-mehatz ezagutzeko, kaltetuei ordaintzeko neurriak proposatzeko, aplikatu ziren araudiak aztertzeko, orduz geroztik gauzatu diren araudi-aldaketak nahikoa izan ote diren baloratzeko eta, hala behar izanez gero, lege-aldaketak proposatzeko. Beraz, egintzak argitzea, kaltetuei ordaintzea eta, etorkizunean halako gertakaririk errepikatzea ekidite aldera, sistema juridikoa aztertzea ahalbidetuko duten ekintza ezberdinak gauzatzeko premia planteatzen du ebazpen honek”.

erakunde honek interesgarritzat jo du 2012ko martxoan Eusko Legebiltzarraren IX. legealdia amaitu zenean argitu gabe geratu ziren egitateak argitzeko asmoz eratu zen Legebiltzarreko Batzordearen lana berrartzea.

Familia babeslea izateko eskubidea

18. artikulua

1. Bi gurasoek dituzte betebeharrak haurra hazi eta hezteko garaian, eta estatu kideek indar guztiak jarriko dituzte printzipio horren onespena bermatzeko. Gurasoei edo, hala dagokionean, legezko ordezkariei dagokie haurra hazi eta garatzearen erantzukizuna. Estatuen ardura garrantzitsuena haurraren interesa izango da.

2. Hitzarmen honetan jasotako eskubideak bermatu eta sustatzeko, estatu kideek laguntza egokia emango die gurasoei eta legezko ordezkariei, haurra hazteko betebeharrean behar bezala joka dezaten; halaber, haurrak zaintzeko erakunde, instalazio eta zerbitzuen sorrera bultzatuko dute.

Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko.

2.4.1. Araudi-eta gizarte-testuingurua

Espainiar Estatuko eremuan familiei zuzenean eragiten dieten bi berritasun nabarmendu behar ditugu 2015ean: alde batetik, 2015eko maiatzaren 14ko Ministroen Kontseiluaren Akordioak onartutako Familiei Laguntzeko Plan Osoa 2015-2017, eta, bestetik, haurrak eta nerabeak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak familia ugariei buruzko gaietan burutu dituen aldaketak.

Familiei Laguntzeko Plan Osoari dagokionez, honakoak jaso ditu bere xedeen artean, bereziki aipagarriak izaki: familien babes sozial, juridiko eta ekonomikoan aurrera egitea, zahartzearekin eta jaiotza-tasa baxuarekin lotutako erronka soziodemografikoei aurre egitea amatasunari lagunduz, belaunaldi arteko eta familia barruko elkartasunari laguntzea, zaurgarritasun bereziko egoeran dauden familiei laguntzea, familiaren egoeran jatorria duten desberdintasunak erauztea.

Haurrak babesteko sistema moldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Lege berria dela eta, bosgarren azken xedapenean aldatu egin du familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulua. Horrela, familia ugariaren tituluaren indarraldia hedatu egin da, familia ugariko partaide izateko legez ezarri diren adin irizpideak betetzen jarraitzen badu seme-alabetako batek gutxienez, oro har ezartzen den titulua baino azpirago dagoen tituluko partaide izateko baldintzak betetzen dituzten seme-alaba guztien kopurua izan arren. Familia ugarietako adin txikiko seme-alabek familia ugariko kide izaera ez galtzea da kontua, anai-arreba nagusiek familia ugariko partaide izateko ezarri den gehienezko adina gainditzen dutenean.

Gainera, familiei dagokienez, 26/2015 Legeak laneko baimenen hedapena jaso du, etorkizuneko guraso biologikoak erditzerako presta daitezen eta etorkizuneko guraso adoptatzaileek eta hartzaileek adopzioaren eta harreraren prestakuntza administratiboa eta burokratikoa egin dezaten.

Autonomia erkidegoan, 2015ean, funtsean aldatu dira, Eusko Jaurlaritzaren bi dekretuen aldarrikapenaren bidez, familiei laguntzeko bi ildo nagusiak, hau da, seme-alabengatiko laguntza eta familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko laguntza deiturikoak. Horrela bukatu da familiei laguntzeko euskal laguntza guztiak errenta estandarizatuaren irizpidera egokitzea. Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 6. artikuluan dago jasota errenta estandarizatuaren irizpidea, eta 2012an garatu zen, familiako errentaren estandarizazio sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren bidez.

Horrela, alde batetik, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko dekretua moldatu duen martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldaketa nagusi gisa sartu du familiako errenta estandarizatuaren irizpidea aplikatzea seme-alabak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzen ildoetan, bai eta mendekotasun egoeran dauden edo osasun egoera larrian dauden senideak zaintzeko xedez eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileentzako laguntzetan ere, eta, bestalde, aipatu irizpidea aplikatu daitekeen laguntza ildo guztietara sartzeko atalase berberak egon daitezela ezarri du, hala nola, laguntzen onuradunei dagokien laguntzaren zenbateko zehatza zehaztuko duten alderdiak berberak izan daitezela.

Beste alde batetik, iaz ere adierazi genuen kontratazio egonkorrari laguntzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko neurriei buruzko abenduaren 20ko 16/2013 Lege Dekretuak, 1. artikuluaren bidez, hainbat aldaketa sartu zituela Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginean, eta, era berean, aipatu legearen 37. artikulua ere aldatu zuela. Horrela, norberaren zaintzapean dauden seme-alabek 12 urte bete arte heldu ahalko diete langile guztiek familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko neurriei. Horrekin, parekatu egin dira besteren kontura lan egiten duten langileen eta enplegatu publikoen eskubideak, lana eta familia bateragarri egiteko eskubideei dagokienez.

Bada, moldaketaren horren harira, seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketetan edo eszedentzietan diruz lagundu daitezkeen egoeren edukia ere legezko marko berriari egokitu nahi izan dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, legezko zaintzagatik lanaldi murrizketari heltzen dioten langileentzat benetan eragingarria izan dadin egindako aldaketa, diru-laguntzen gehieneko mugak ere aldatu dira, aipatu dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoak.

Bestalde, seme-alabak zaintzapean dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren helburua da seme-alabak dituzten familiak babesteko laguntza ekonomikoen erregulazio berria egitea. Familiako errenta estandarizatuaren irizpidea laguntzen ildo guztietara (eta laguntza horien babespean diruz lagundu daitezkeen egoera guztietara, seme-alabak zaintzapean edukitzeagatiko laguntzen kasurako) hedatzeak gidatuko du, nagusiki, aipatu erregulazioa. 2015eko apiriletik aurrera jaiotako seme-alabei aplikatuko zaie aipatu dekretua. Seme-alabak kargura edukitzeagatiko laguntzei, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzei eta nazioarteko adopzioagatiko laguntzei eragiten die horrek, eta ondorioak dauzka horien onuradunei dagokien laguntzaren zenbatekoan. Erregulazio berriak, laguntzak justizia materialeko irizpide egokiago baten arabera banatzen dituen arren, familia bakoitzaren benetako errentaren egoera hartzen baitu kontuan, oro har -aurreko 255/2006 Dekretuan jasotako erregulazioarekin alderatuta- laguntzen zenbatekoak murriztea ekarri du, eta errenta ertain baxuei (urteko 20.000 eta 30.000 euroko errentei) egiten die kalte bereziki.

Bestetik, era berean aipatu beharra dugu -euskal familia askotan itxuraz edukiko duen eragina dela-eta- Eusko Jaurlaritzak 2015ean aldarrikatu duen legea, hots, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legea. Xede bikoitza dauka legeak; batetik, adin txikiko seme-alaben interes gorena babestea, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea. Bada, legea gurasoen baterako erantzukizunaren printzipioaren bidez gauzatu nahi da, seme-alabak dituzten bikoteak banantzen diren kasuetan. Legez ezarritako aipatu printzipioak -besteren artean- zera dakar, organo judizialak zaintza partekatua hitzartzea seme-alaben zaintzaren erregimenari buruzko hitzarmenik ez dagoen banantze kasuetan, alde batek eskatzen badu eta adin txikikoaren interesaren aurkakoa ez bada, betiere legezko betekizunei jarraiki. Erakunde honek hainbat aldiz adierazi du horrelako erregulazio baten egokitasuna, bai haurren intereserako, bai emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorra ziurtatzeko. Itxaropena dugu lege horrek agerian utziko duela tradizionalki emakumeek burutu duten zaintzaren balioa, gizonek ere berdintasun baldintzetan euren gain hartzen duten neurrian. Erronka handia da hori gizarte osoarentzat, lehentasunezko xede sozial, ekonomiko eta kultural gisa txertatu behar baitu familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egitea.

2.4.2. Kexetan pozik ez egoteko azaldu diren arrazoiak

Seme-alabengatiko laguntzei buruzko euskal legeriaren babespean eskatu diren laguntzen ukapena dela-eta, kexak jasotzen jarraitu dugu 2015ean ere, baina ez aurreko urteetan bezainbeste. Horietan guztietan, arazo formalak planteatu dira, funtsean, aipatu laguntzak eskatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioari buruzkoak. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazioaren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.

Puntu horretan, aurreko urteetan egin dugun moduan, seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen emakida automatizatzeko egokitasuna berretsi behar dugu, eskaera-izapide baten mende egon beharrik gabe, gero eta konplexuagoa baita izapide hori interesdunentzat, eta, zalantzarik gabe, laguntza horiek jasotzetik baztertzen baititu, praktikan, laguntza horien onuradun izan daitezkeen pertsona asko.

Aurten protagonismo berezia hartu dute lana eta familia bateragarri egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin zerikusia duten kexek. Horien artean, garrantzi berezikoak iruditzen zaizkigun bi gai nabarmenduko ditugu:

Alde batetik, kexa-espediente bat izapidetu dugu. Bertan, agerian jarri da familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen dekretuaren 4.2. artikulua aplikatzeak sortutako balizko disfuntzioa, bigarren atalean berariaz salbuetsi baitu amatasunagatiko baimenaren aldian diru-laguntzak emateko aukera, zera ezarri duenean: “ezingo dira diruz lagundu amatasunagatiko edo aitatasunagatiko baimenarekin bat egiten duten aldiak”. Gure azterketaren pean dagoen kasuan, interesdunak lanaldi murrizketa zuen, eta adin txikiko semea zaintzeko jasotzen zuen laguntza jasotzeari uztea ekarri du xedapen horrek, bigarren semeaz erditu baita; izan ere, aipatu laguntza ez da bateragarria gozatu nahi duen amatasunagatiko baimenarekin, nahiz eta amatasunagatiko baimena lanaldi murrizketaren erregimenetik abiatuta gozatuko duen (lehenengo semea zaintzeagatik), eta Gizarte Segurantzaren prestazioa jasoz, murriztua hori ere, lanaldi osoarekin jarraituz gero jasoko zuenarekin alderatuta. Kontua Eusko Jaurlaritzaren balorazioaren mende utzi ostean, iruditu zaigu, kasu horretan araua hitzez hitz aplikatu bada ere, aipatu xedapena aurreikusi gabeko efektuak edukitzen ari dela kasu zehatzean. Efektu horiek direla-eta, zalantzarik gabe, arauzko xedapena amatasunagatiko bereizkeriazko efektuak eragiten ari ote den sakon aztertu beharrean gaude.

Bereziki aipatu beharreko beste kontu bat dakarkigu orain, haur baten amak erakunde honen aurrean azaldu zuena. Haurrak %33ko ezintasuna dauka, II. mailako mendekotasun egoeran dago eta gaixotasun larria dauka. Bada, lanaldi murrizketa zela-eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen ari zen laguntzak (orduan, %33koak) mantendu nahi zituen amak, adin txikiko semea zaintzeko xedez lanaldiaren %99 murriztu ondoren, haurra, gainera, minbiziak jo zuen-eta. Kasua zehazki aztertu ondoren (bereziki konplexua eta xehetasun ugarikoa zen), Arartekoak gomendioa bidali zion Eusko Jaurlaritzari (Arartekoaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena), interesdunak adin txikiko semea zaintzeko xedez eskatu zituen laguntzen ukapena atzera botatzeko eskatuz, familiako bizitza eta lanekoa bateragarri egiteko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren II. atalaren babespean.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren erantzuna positiboa izan da. Sailak bere adostasuna agertu du, diruz laguntzeari dagokionean, laguntzak erregulatzeko dekretuak lanaldiaren gehieneko murrizketa zehaztu ez duela esatean. Ondorioz, aurrerantzean, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketen barruan sartuko dira, Langileen Estatutuaren arabera, bai helburutzat legezko zaintza dutenak, bai minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat duten eta zaintzapean diren adin txikikoak zaintzeko direnak.

Era berean, laneko baimenak gozatzeari buruzko hainbat kexa eta kontsulta jaso ditugu, honako gaiekin zerikusia dutenak: ezkontideen eskubideak izatezko bikoteen eskubideekin parekatzea, seme-alaben zaintza, edo familiako beste betebehar batzuk, hala nola, eta gizonen kasuan batez ere, bikotekidearen erditzeko prestakuntzan laguntzea. Kasu askotan, eremu pribatuko kontuak izaten dira, eta erakunde honek ez du horien gaineko eskumenik, baina enplegu publikoaren arlorako ere azaldu dira. Erditzeko prestatzeko teknikak egiteko baimenen kontua dela eta, adierazi behar dugu ez Langileen Estatutuko 37.3. artikuluan, ezta ere haur eta nerabeen babes-sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen azken xedapenetatik 3.ean horretaz egin den aldaketan, ez da berariaz aipatzen eskubide hori onartzen zaien langileen sexua. Horrelaxe helarazi diogu eragindako erakundeari. Alabaina, erakunde publiko guztiek oraindik ere laneko baimen hori aitortzen ez dutela egiaztatu ahal izan dugu, seme-alaba edukitzekotan diren gizonei dagokienez.

Laugarren kexa-multzoak zerikusia du foru aldundiek familia ugarien gaineko legedia aplikatzeko moduarekin. Legedia horrek ezarri ditu familia ugaritzat jotzeko betekizunak, familia horietako kideei onura ekonomiko zenbaitez gozatzea ahalbidetzeko xedez. Testuinguru honetan aipamen berezia merezi du, gure aburuz, herritar batek azaldutako kontua. Hiru seme-alabaren aita dibortziatua da bera, eta zaintza partekatuko erregimenean daude horiek. Bizkaiko Foru Aldundiak, dibortzioaren ostean eta familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legea aplikatuta, gurasoetako bat hautatzeko beharra jakinarazi dio kexagileari, familia ugariko kide izaten jarraitzeari begira, eta, ondorioz, beste gurasoa aipatu titulartasunik gabe geratuko dela adierazi dio, familia ugaritik kanpo geratuko litzateke-eta. Herritar horrek uste du gurasoetako bat familia ugaritik kanpo uztean ez direla kontuan hartzen zaintza partekatuko kasuko baldintzak, hiru seme-alabekin bizikidetza eraginkorra gertatzen baita. Familia ugariei buruzko aipatu estatuko legedia aztertuta, eta egia izan arren aipatu xedapenak seme-alaben eta gurasoetako baten arteko bizikidetza eraginkorra eteten den dibortzioen kasuan gurasoetako bat hautatu behar dela eskatzen duela, familia ugariko tituluan partaide izateari begira, erakunde honen iritziz ez da kontuan hartzen zaintza partekatua, bi gurasoekin jarraitzen baitute seme-alabek bizikidetza eraginkorra edukitzen. Horregatik, eta eremu horretan dagoen legezko hutsunearen aurrean, zaintza partekatuaren instituzio berri samarrari dagokionean, kasu horietan aipatu xedapena ez aplikatzeko aukera aztertu beharko litzatekeela uste dugu, eta bi gurasoen titulartasunari eutsi beharko litzaiokeela, familia ugariko kide izaten jarrai dezaten, familia ugariei buruzko aipatu legearen 2.1. artikuluan jasotako arau orokorra aplikatuz. Horrelaxe helarazi diogu Eusko Jaurlaritzari, familia ugarien tituluen kudeaketan eskumena duten foru erakundeek xedapen hori aplikatzeko irizpide homogeneoa formulatu dezan –kontuan hartuta, era berean, gurasoak banantzen diren kasuetan familiako harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legearen duela gutxiko aldarrikapenaren bidez Eusko Jaurlaritzak adierazitakoa-.

Azken kexa multzoak ezaugarri komun bat dute: familiei laguntzeko politika publikoez 2014an aurkeztu genuen txosten berezian “era askotako familiak” deitu genituenekin lotura izatea. Horien artean, aipagarriak dira gai honekin zerikusia duten hainbat kexa: lesbianen bikoteek, biologikoa ez den amaren seme edo alabaren semetasuna edo alabatasuna inskribatzeko orduan, oraindik ere dituzten arazoak. Hainbat arazo juridiko sortzen dira arrazoi horregatik, eta guztiak Erregistro Zibilaren jarduerarekin lotuta daude. Uztailaren 13ko 19/2015 Legeak, Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren arloan administrazio-berrikuntza egiteko neurriei buruzkoak, aldaketa garrantzitsuak egin ditu erregistroaren gaineko araudian. Aldaketa horietako bat hauxe da: beste emakume batekin ezkonduta dagoen emakumeak baimena eman behar du (lege horren 44.5 artikulua) bere alde erabaki dadin bere ezkontidearengandik jaiotako seme edo alabaren semetasuna edo alabatasuna. Kexak eta kontsultak bi gairekin lotuta egon dira: lehena, ondorio horietarako, ospitaleek nola interpretatzen dituzten -2015eko urriaren 15etik aurrera, ospitaleetako langileek ume jaio berriak Erregistro Zibilean inskribatzeko aukera dago- maiatzaren 26ko 14/2006 Legeak, lagundutako giza ugalketarako teknikei buruzkoak ezarri dituen baldintzak; bigarrena, adierazpen hori eskatzea diskriminatzailea izan daitekeela senar- emazte heterosexualekin alderatuta, bada, horien kasuan, senarra aita dela uste izaten da.

Hala eta guztiz ere, ezin dugu alboratu egun indarrean dagoen araudiak –ama bien aldeko seme-alabatasuna legeak onartzekoa– ezartzen duena: hain zuzen, emakume horiek ezkonduta egon behar dute eta seme-alabek laguntza bidezko ugalketako teknikak erabiltzearen ondorioz jaioak izan behar dute. Bi baldintza horiek biltzen ez badira, ama biologikoaren bikotekidearen aldeko seme-alabatasuna ezartzea adopzio prozesuaren bidez baino ezin da egin, ezkontza zibilaren esparruan edo izatezko bikoteei buruzko erkidego mailako legeriari jarraiki. Ildo honetan, aipatu behar dugu, Estatuko legegilearen aukera denez, Arartekoaren erakundeak ez du eskumenik estatutu juridiko hura zalantzan jartzeko. Hala ere, jakin badakigu araudi horrek pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa kaltetzen duten disfuntzioak sor ditzakeela, nekez justifika daitekeen desberdintasuna eragiten baitu bikote heterosexualak eta sexu bereko bikoteak tratatzeko moduan. Kontu horrekin zerikusia duten kexa eta kontsulten kopurua igotzeak konpondu gabeko eta etorkizunean berriro aztertu beharreko arazoa dela erakusten du.

2.4.3. Banantze- eta dibortzio-prozesuetan haur eta nerabeei eman behar zaien arreta berezia

Banantze- eta dibortzio-prozesuei dagokienez, oraindik ere kexa asko jasotzen ditugu seme-alabak dituzten eta banandu diren pertsonengandik, gurasoak direla eta legeak esleitzen dizkien eskubideak eta betebeharrak betetzeko zailtasunak izaten dituztelako, adibidez, seme-alaben osasun-kontuei edo hezkuntza-bilakaerari buruzko informazioa lortzeko oztopoak jartzea; gurasoen baimenik gabe administrazio-egintzak burutzea, hala nola, errolda-aldaketa edo ikastetxez aldatzea; seme-alabekin lotutako ziurtagiriak ez ematea. Arrazoi horiengatik, erakundeak jada eman zuen bere iritzia azaroaren 15eko 8/2011 Gomendioan, baina, urtea joan eta urtea etorri, berriz gogorarazi beharra daukagu.

Horren erakusgarri da aurten hezkuntza arloan gertatutako kasu bat: banandutako guraso batek adierazi du bere alaben zaintza eman ez badiote ere, horien gaineko guraso-ahala aitortuta daukala, eta hainbat aldiz saiatu dela jakiten ea bere alabek ikasteko bekarik edo bestelako laguntzarik jasotzen duten, baina ez duela informazio hori eskuratzerik lortu.

Bere kexan eman zigun bertsioaren arabera, heziketa zentroaren beraren ezezkoaz gain, hezkuntza ikuskaritzak berak erantzun eskasa eman ziola zirudien, izan ere, azalpen gehiagorik eman gabe, “ohiko informaziorako eskubidea baino ez duela” adierazi baitzion horrek.

Kexa izapidetzen hasita zegoela egiaztatu ahal izan genuen, hain zuzen ere, Eskola Zentroen Zuzendaritzak 2011ko azaroan egindako jarraibideen edukiari heldu ziola hezkuntza ikuskaritzak lehenengo erantzunean, eta, jarraibide horien arabera, zentroak ezin zezakeela bekei buruzko inolako informaziorik eman argudiatu zuen, kexagileak azaldutakoari men egiteak datu pertsonalak tratatzeko beharrezko konfidentzialtasunari eragin ziezaiokeelako. Aipatu jarraibideak informazio-eskaerari eta eskola zentroa aldatzeari buruzkoak ziren, guraso bananduen edo dibortziatuen edo jada elkarrekin bizi ez diren izatezko bikoteen kasuetan aplikatzekoak.

Ondorioz, jarraibide horien edukia gorabehera, erakunde honek ohartarazpena egin behar izan zuen, adieraziz hezkuntza administrazioak orokorrean, eta, kasu horretan, hezkuntza ikuskaritzak zehazki, ezin zezaketela baztertu kexagileak egindako informazio-eskaera Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan herritarrei aitortzen zaien sarbiderako eskubidean babestuz, ezta ere lehen aipaturiko gomendioaren gogoetetan azaldutako arrazoibide juridikoak.

Hezkuntzako arduradunek, azkenean, kontuan hartu zituzten erakunde honen oharrak, eta hainbat aldiz eskatu zuen informazioa eman zioten interesdunari. Hala ere, komenigarria izango litzateke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jarraibide horiek berraztertzea, horiek interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak deuseztatzeko.

Kezka handiz ikusten ditugu gurasoen banantze- eta dibortzio-prozesuetan haurrek jasan behar duten egoerari buruzkokexak, haien izaera desberdina izan arren. Gai eta arlo askoren gainean formulatzen dira eta islatzen dute bikote-harremana hausteak dakartzan komunikatzeko zailtasunek eta gatazka askoko egoerek seme-alabengan izaten duten eragin larria. Hortaz, hainbat kexa aztertu ditugu, honako hauekin zerikusia dituztenak: administrazio-kudeaketak egiteko zailtasunak; familia-elkarguneen funtzionamenduari eta bertako profesionalen erabakiei buruzko salaketak; profesional horiek eta epaitegietako lantalde psikosozialek egindako txostenak, e.a. Ondorioz, alde biei eskatu nahi diegu, beste behin, arduraz joka dezatela eta, adingabeen interesa zaintzearren, komunikazioa lortzeko ahaleginak egin ditzaten, desadostasunik egonez gero epaiaren erabakia alde batera utzi gabe.

Azkenik, adierazi behar da zaintza partekatua erakunde honetara iristen diren gaietako bat dela oraindik ere, aurten kontsulta moduan bereziki, ekainaren 30eko 7/2015 Legea, gurasoak banantzen diren edo harremana hausten den kasuetako familia-harremanei buruzkoa onartua izan ondoren (txosten honen 2.4.1. atalean aipatu dugu hori).

2.4.4. Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak Arartekoaren txosten bereziaren jarraipena

2015eko azaroan Arartekoaren aipatu Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezia Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu ondoren, bertan jasotako gomendioetako batzuen (xehetasun handiagoz aipatu genituen horiek iaz Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako txostenean) eragina ezagutu nahi izan dugu, eta horren gainean duen jarrerari buruzko informazioa eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari horretarako. Zehazki, eta, alde batetik, zaurgarritasun egoeran dauden familiei buruzko euskal marko juridikoa garatzeko gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren jakin nahi izan dugu, bai eta erakundeen antolakuntza hobetzeari zuzendutako gomendioak abiarazteko neurriak hartu diren ere, familientzako informazio gailu integralak sortzeko asmoz foru aldundiekin elkarlanean aritzeari dagokionez, eta familientzako laguntza ekonomikoei buruzko hausnarketa estrategikoa zein egoeratan dagoen ere jakin nahi izan dugu. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa erabiltzea errazteko jarri dituen neurriei buruzko informazioa eskatu dugu.

Familietan eta haurtzaroan erakunde arteko inbertsiozko estrategia (udalen eta foru aldundien inplikazioarekin) egiteko proposamenari buruzkoa izan da Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak igorritako erantzunaren alderdi aipagarriena. Horrekin, familiei buruzko euskal politikak gizarte inbertsioaren paradigmari egokitzea bilatu nahi da, bai eta pertsonek nahi duten seme-alaba kopurua eduki dezaten oztopoak ezabatzeari egokitzea eta haurren pobreziaren eta desberdintasunaren prebentzioari egokitzea ere. Hau da, Haurren eta Familien aldeko Herri Hitzarmena deiturikoa lortu nahi da. Garrantzitsua da, gure ustez, estrategia eta hitzarmen horien bidez biztanleria zahartzetik eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituzten familietatik eratorritako beharrei ere adierazpena eta lekua egitea. Era berean aipatu da familiaren ongizateari zuzendutako baliabide eta prestazio guztiei buruz informatuko duen erakunde arteko atari publikoa sortzea estrategia horren markoan. Familientzako informazio gailu integralen eskariari erantzungo lioke horrek. Ondo baloratzen dugu erakunde arteko estrategiaren ekimena, baina garatu egin behar da oraindik. Halere, gure arreta bereganatuko du etorkizun hurbilean.

Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzak gurasotasun positiboa sustatzeko eremuan hartutako neurrien inguruan informatu gaitu. Erakunde honek oso ondo baloratu du Eusko Jaurlaritza eremu horretan edukitzen ari den lidergo gaituaren zeregin nabarmena, albo batera utzi gabe Eusko Jaurlaritzak hautematen dituen erronkak, gaur arte artikulatutako programak gizarteko beste sektore batzuetara (herrietara, hirugarren sektorera eta hezkuntza eremura) hedatzeari dagokionean, edota erditu aurreko fasera hedatzeari dagokionean, eta, gizonak zaintza-lanetan modu aktiboan inplikatuz, familia barruko eta generoko indarkeriaren prebentziora hedatzeari dagokionean.

Osasunerako eskubidea

24. artikulua

1. Haurraren eskubidea da osasun-mailarik altuena izatea eta gaixotasunak zaintzeko eta osasuna errehabilitatzeko zerbitzuak erabiltzea. Estatu kideek eskubide hori onartzen dute eta haur guztiek eskubide hori izateko eta zerbitzu horiek gozatzeko aukera izan dezaten lan egingo dute.

2.5.1. Euskal osasun sistemari egindako kexak

Araudi- eta gizarte-testuinguruari dagokionez, adierazi behar dugu uztailaren 21eko 147/2015 Dekretua onartu dela; horren bidez onetsi egin da pertsonek Euskadiko osasun sisteman dituzten eskubideen eta betebeharren adierazpena. Baina Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak errekurtsoa jarri dio arau horri.

Aurreko txostenetan, eta Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jaso genituen oharrak oinarritzat hartuta, eskatu genuen ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan ezarri zen erroldako urtebeteko muga berrikusteko; hau da, Estatuko Osasun Sisteman aseguratuta ez dauden edo haren onuradunak ez diren pertsonek osasun laguntza jaso ahal izateko.

Osasun Sailak argudiatu dituen egokitzeko araua aurkarazteko kautelazko neurriak ez dira apetaren araberakoak, baina gure zereginen ikuspegitik, urtebeteko errolda-muga handitzearen alde gaude, hori eskatzeko inguruabarrak indarrean baitaude oraindik. Gaur egun gertatzen den bezala, instrukzio batek ez du ematen xedapen orokor batek adina segurtasun juridiko hartzaileentzat; horregatik pentsatzen dugu ez dela baztertu behar aipatu dekretua egokitzeko aukera. Modalitate tekniko bereziak ager daitezkeela onartzen dugu, baina osasun laguntza jasotzeko eskubidea kolektibo horrek ere jaso beharko luke benetan lurraldean bizi direla egiaztatzen bada.

Egiaz, haur eta nerabeei dagozkien kexak askotarikoak izateagatik bereizten den arlo honetan, 2015. urtean kexarik gehienak atzerritarrek osasun-laguntza jasotzeko dituzten zailtasunekin lotuta daude. Laguntza eske osasun-zentro batera joan direnean gertatu dira ezagutu ditugun arazoak, legeak zehazki laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen duen egoeretan. Bereziki, osasun-laguntzarik ez izateagatik haurdunaldietan laguntzeko dauden eragozpenez mintzo gara.

Kexa horiek erradiografia orokorra ez direla onartzen dugun arren, kexek bai erakusten dute aplikatu beharreko arauek interpretazio okerrak eragin ditzaketela batzuetan; hau da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, bide desberdinetatik, bezeroei arreta emateko zerbitzuetara, onarpen zerbitzuetara eta fakturazio zerbitzuetara helarazten ari den irizpideak betetzen ez dituzten interpretazioak sortzen dira zenbaitetan.

Ildo horretan, laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko eskabide guztiak formalki onartu behar dira, jatorria aurreikusi gabe, aplikatu behar den araudi konplexuaren eta askotarikoaren arabera xehetasunez aztertu daitezen. Ohar hori ezinbestean egin behar zela uste dugu, kexa batzuetan ahoz jakinarazi baita eskabidea ez zela onartzen; eta, ondorioz, kasu horietan ezin izan dira kexak aztertu.

Kexa hauek ez dira antzuak, gaur egungo arau esparruaren arabera pertsona horien osasun laguntzako beharrizanei eman behar zaien arretari lotutako prestakuntza eta informazio alderdiak azpimarratzeko kontuan hartzen baitira. Kexetan arazoak dituzten osasun zentroak zehazten badira, horrek aukera ematen du osasun laguntza jasotzeko irizpideen gaineko prestakuntza handiagoa behar duten lekuak zeintzuk diren jakiteko.

Gainontzeko kexek gai hauekin dute zerikusia: lagundutako giza ugalketarako zerbitzuak, atzerapenak eta desadostasuna osasun-profesional batzuek emandako tratuarekin. Multzo horretan aipatzekoa da ume transexual bati Gurutzetako Ospitaleko Genero Unitatean eman zioten tratuarekin lotutako kexa bat (zehatz-mehatz azaldu dugu txosten orokorraren III.9 kapituluan, eta txosten honen dagokion atalean ere aipatu dugu).

Haur eta gazteen buru-osasunari dagokionez (bereziki aztertzen ari gara gai hori txosten honen hasieratik) aurten bakar-bakarrik adieraz dezakegu ez dagoela berrikuntza handirik horiek artatzeko abiarazi diren baliabideetan, eta horixe dela herritarren kexen arrazoi nagusia. Alabaina, oraindik ere dramatismo handiko egoerei buruzko deiak eta kontsultak jasotzen ditugu; horietan, buru-osasuneko arazoak dituzten haur eta nerabeen familiak aholku, orientazio eta, azken batean, laguntza bila dabiltza.

Aurten ere, buruko gaixotasuna duten pertsonen senideen elkarteek berriro diote beharrezkoa dela hezkuntza arloan buru-osasuneko arazoak dituzten haurrak antzematea eta artatzea (sarritan eskola-komunitatearen jazarpena eta onarpenik eza nozitzen dute), baita irakasleei prestakuntza eta laguntza ematea ere.

Gaixotasun kronikoa duten adingabeak direla eta,Euskadiko Zeliakoen Elkartearekin izandako bilera aipatu behar da. Bilera horretan, haurrei dagokienez, hobekuntzak eskatu zituzten gaixotasuna goiz antzemateko orduan. Bestalde, 2014ko abenduan, Hiru Hamabi 3/12 elkartearekin bildu ginen; elkarte hori helburu honekin sortu zen: hartutako kalte zerebrala duten haurren familiak elkartzen eta adingabe horiek nahiz beren familiek bizi dituzten gehitutako arazoak arintzen ahalegintzea. Bilera horren ondorioz, Osakidetzari informazioa eskatu zaio nahasdura neurologikoen arloan gaixo horiei ematen zaien arretaz. Haren erantzunean azaldutakoaren arabera (txosten orokorraren gaixotasun kronikoei buruzko III.4 kapituluan irakur daiteke), osasun arloan diziplina anitzen bitartez erantzuten zaie, pediatriako azpiespezialitate batzuek parte hartzen dutela eta haurren birgaitzen direla. Hala ere, ez da aurrera egin hezkuntza arloko artatze-lanean, baina Espainiako Herriaren Defendatzaileak gai honetaz iragarri duen azterlan monografikotik hausnarketa interesgarriak ondorioztatzea espero da.

Adingabe arau-hausleen eskubidea

40. artikulua

1. Lege penalak haustea leporatzen zaion haurrari edo hauste horren errudun izatea salatzen edo deklaratzen zaionari bere duintasun eta adorearen zentzua suspertu behar zaizkio, giza-eskubideak eta besteen oinarrizko askatasunak errespeta ditzan, eta haurraren adina eta birgizarteratzearen garrantzia gogoan izanik, haurrak gizartean funtzio konstruktiboa har dezan.

Nahiz eta Arartekoa sortu eta arautzeko legeak 13.1. artikuluan argi eta garbi azaldu ez dela sendetsitako epaiaren gai izan edo epailaritza-erabakiaren zain egon daitezen arrenkurak banaka aztertzen hasiko, alde batetik, adingabeen fiskaltzari eta, bestetik, adingabeen defentsan jarduten duten erakundeei, besteak beste, Arartekoari esleitutako haurren eta nerabeen eskubideak babesteko funtzioek bat egiteak berekin dakar, praktikan, bi instantzien artean sarritan informazioa eta kudeaketak trukatzeko komunikazio-kanal bat izatea.

Bestalde, 2015ean Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin zerikusia izan duten jardueretako batzuk jada azaldu ditugu txosten honen beste puntu batzuetan (adibidez, familia babeslea izateko eskubideari buruzkoa). Horrela, gure ustez herritarrei ardura zaizkien arloetara hobeto egokitzen den aurkezpena egin nahi izan dugu, eta ez hainbeste eragindako administrazioaren arabera antolatutakoa.

Araudi esparruari dagokionez, aipatu behar dugu 2015eko irailean 2014-2018rako Gazte Justiziaren IV. Plana aurkeztu dela. Aurreko planetan ezarritako ereduan sakontzen du eta ontzat jotzen dugu. Euskadi Estatuaren abangoardian dago arau-hausle adingabeak birgizarteratzean. Honako datu hauek adierazgarriak dira:

• Delitu bat egiteagatik Justiziarekin harremanetan jartzen diren adingabeen %80,4k ez du berriro legea hausten.

• Adingabeak tartean egonda, bitartekaritza judizialeko prozesuen %88,1 arrakastaz amaitu da. Delitua egin duten gazteen ia %90ek aitortu egin du, eragindako kaltearen kontzientzia hartu du eta aldeen artean adostutako jardueren bidez –neurri judizialen ordez– osatu du kaltea.

Hala ere, jasotako kexak aztertuta, Justizia administrazioan egoera hobetu daitekeela uste dugu, honako bi alderdi hauetan:

• Bitartekaritza judizialeko prozesuetan adingabeen biktimak diren gazteek behar duten arreta eta jabekuntza.

• Gurasoei informazioa ematea eta arau-hausleei entzutea, 14 urte baino gutxiago izateagatik, ez baitzaie aplikatzen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena. Txostena amaitzeko egunean, arloari buruzko ikerketa bat irekita dugu, eta horren inguruan gomendio orokorra emango dugu 2016an.

Poliziaren arloari dagokionez, herritarren eskubideen gaineko kexaren bat egin da: hain zuzen, poliziak lapurreta bat egin zen lekura eraman zuen adingabe bat, susmagarria baitzen, lekuko bezala identifikatu ahal izateko, adingabearen gurasoei eta Adingabeen Fiskaltzari ekintza haren berri eman gabe eta lekualdaketa hura zertzat hartuta egin zen eta zer arautan oinarritu zen argitu gabe.

Polizia bulegoetara urtero egiten diren ikustaldietan, oraingo honetan Muskizeko Ertzaintzaren eta Erandioko Udaltzaingoaren atxiloketa-zentroetara, berriro egiaztatu da ez dagoela adingabeak zaintzeko berariazko gelarik, goian aipatutako 5/2000 Lege Organikoak eskatzen duen moduan.

Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubidea

31. artikulua

1. Haurrak atseden eta denbora-pasako, jolas eta bere adineko aisialdi ekintzetarako eskubidea du, eta honekin batera, bizitza kulturalean eta artetan parte hartzekoa ere bai. Estatu kideek eskubide hori onartzen dute.

2. Estatu kideek errespetatu eta bultzatu egingo dute, haurrak bizitza kulturalean eta artistikoan parte hartzeko duen eskubidea, eta horretarako aukera egokiak eskainiko dizkiote berdintasunaren baldintzapean.

2.7.1. Eskola kirola

Jolaserako, atsedenerako eta arte eta kirol jardueretarako eskubideari buruzko kapitulu honetan, haur eta nerabeek kirola egitearekin lotuta daude, aurten ere, kexarik esanguratsuenak.

Alde batetik, gai honen gaineko kexak jasotzen jarraitu dugu: Espainiako Futboleko Errege Federazioak atzerrian jaiotako nerabeei federazioaren lizentzia emateko egiten dizkien agiri-eskakizun bereziak (ez bakarrik legez kanpoko egoeran daudenei, baizik eta atzerrian jaiotako nerabe guztiei) (ikusi txosten orokorraren II.1 kapituluko 2.2. puntua). Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzari adierazi genion kexa eragin zuten baldintza-eskakizunak zentzuzkoak izan daitezkeela beste testuinguru batzuetan, futbol klub handiek gehiegikeriaz jokatzea eragozteko balio dutelako, izan ere, jokaera horiek adingabearen interesaren kontrakoak direnez gero, berariazko prebentzio-tresnak erabiltzea justifikatzen dute. Baina jokaera horiekin zerikusirik ez duten kasuetan eskakizun horiek bereizketarik egin gabe ezartzeak –kasu honetan egin den bezala- ondorio argiro disfuntzionala sortzen du, adingabearen interesari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila Arartekoarekin bat etorri zen, eta beharrezko gestioak egin zituen adingabe horiek federatuta egon zitezen.

Beste alde batetik, gure herri administrazioek konpromisoa hartu dute kirolaren bidez lehiaz gainetik hezteko eta parte hartzeko konpromisoa sustatzeko haurrengan, erakunde honek gomendatu izan duen legez. Alabaina, urtean zehar foro desberdinetan eta bide desberdinak erabiliz adierazi digutenenez (kexa partikularrak, gizarte eta hezkuntza arloko erakundeekin bilerak, adituekin kontrasteak...), elkarte edo entrenatzaile batzuek dituzten jarrerak eta jokaerak kezkagarriak dira, eskola kirola egin baino lehenagoko adinetan (benjamin aurreko kirola) praktikatzen den kirolean. Entrenamendu eta partidu batzuetan adingabe batzuei protagonismoa emateaz ari gara, beste adingabe batzuen kaltean izaten da hori eta lehiarako gaitasun handiagoaren edo txikiagoaren irizpidea erabiltzen da. Erakunde honek badaki elkarte eta entrenatzaile gehienek beren lana zuzen betetzen dutela, haur eta nerabeen kirola praktika zuzentzeko. Hori dela eta, jarduera bat hasi dugu eta informazioa jaso dugu gai honen egoerari buruz Euskadi osoko 12 udalerritan egindako erakusketa baten bidez, eta, horretan oinarrituta, 2016an gomendio orokor bat egiteko asmoa dago.

2.7.2. Gazteen lonjak

Gutxituz joan dira gazteen lonjek sortutako zaratei buruzko kexak, 2013an iritsi baitziren puntu gorenera. Hala ere, horietakoren batek gomendioa ere eginarazi digu (2015eko otsailaren 25ko Ebazpena. Horren bidez, Ordiziako Udalari gomendatu zaio beharrezko neurriak har ditzala gazteen aisialdirako lokal batek sortutako eragozpenak ekiditeko.)

Iaz adierazi genuenez, horrelako kasu askotan ikusi dugu jarduera horien ingurumen-kontrola (ikuspegi horretatik mintzo gara orain) kaltetuek salaketak egin ondoren bakarrik egiten dela. Ez dago administrazio-plangintzarik kontrolatu beharreko jardueren gainean, ezta ere ingurumena zaintzeko eta ikuskatzeko programarik. Administrazioaren kontrol-lana eta esku hartzea kasurik garrantzitsuenetan soilik erabiltzen da, edo hirugarren interesdun batek presioa egiten edo esku hartzen duenean. Halako kasuetan, ingurumen-kontrola legezkotasuna berrezartzeko azken neurria izaten da, obeditzen ez duten edo beste bide batzuk erabiliz larderiatzerik ez dagoen jardueretan. Gai horri buruz, erakunde honek jarrera askoz prebentiboago eta proaktiboagoa izan du, edonola ere, eta 2014ko apirilean aurkeztutako agiri honetan jasota geratu zen: Oinarrizko dokumentua gazteen aisialdirako lokalei buruzko gogoetarako: Arartekoaren proposamenak administrazioaren esku-hartze egokirako.

Diskriminaziorik ez jasateko eskubidea: atzerritarren seme-alabak; LGTBI haurrak eta nerabeak; haur eta nerabe ezgaituak; genero-berdintasuna

2. artikulua

1. Estatu kideek Hitzarmen honetan aipatutako eskubideak errespetatuko dituzte eta bermatuko dute beren jurisdikziopean dauden haurrei aplikatuko zaizkiela, alde batera utzita haurren, gurasoen edo legezko ordezkarien arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, nazio-, etnia- edo gizarte-jatorria, ezintasun fisikoak, jaiotza edo bestelako edozein ezaugarri.

2.8.1. Atzerritarren seme-alabak

Bakarrik dauden adingabe edo gazte atzerritarrekin berariaz zerikusia duten jarduerak (txosten honen 2.3. atalean aipatu ditugu) eta hezkuntza-sistema formalaren arloan egindakoak ez ezik (2.2. atalean jasoak), atzerritarren seme-alabak izan dira kexetako protagonistak beste arlo batzuetan. Laburki azalduko ditugu jarraian.

Udal errolda kudeatzeari buruzko kexak jasotzen jarraitu dugu. Kexa horiek haurrei eragiten zieten. Batik bat gai hauek aipatzen dira: atzerapenak erroldatzeko orduan, Udaltzaingoak eskaeran idatzitako datuak egiaztatu behar dituelako. Horren haritik, 2015eko urtarrilean berrikuntza garrantzitsu bat gertatu da: Idazkariordetzaren 2015eko martxoaren 16ko ebazpena onetsi da. Horren bidez, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzaren eta Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Eskumenen Koordinazioaren Zuzendaritza Orokorraren 2015eko urtarrilaren 30eko ebazpena argitaratu zen. Azken ebazpen horren bidez, udal errolda kudeatzeko jarraibide teknikoak ematen zaizkie udalei. Jarraibide berri horiek kontuan hartu dituzte 1997ko jarraibideak onetsi zirenetik legerian izandako aldaketak, eta baita Erroldatze Kontseiluari egindako kontsultei buruzko txostenik garrantzitsuenak ere. Beste gauza batzuen artean, erakunde honen planteamenduaren ildo beretik, ondorengoa dio ebazpenak. 1.13 atalean:

“Si el Ayuntamiento no notifica dentro de los tres meses la resolución estimando o desestimando la solicitud, operará el silencio positivo y el ciudadano quedará a todos los efectos empadronado en ese municipio (artículo 43 de la Ley 30/1992), desde la fecha de su solicitud.”

Nolanahi ere, arau orokor gisa, pertsona batek erroldan alta emateko eskatzen duenean, udalek izen-ematea bestelako izapiderik gabe gauzatu behar dutela azpimarratu beharra dago (ebazpeneko 1.9 atala). Ondorioz, eskaeran ageri diren datuak benetakoak direla egiaztatzeko izapideak pertsona horrek egoitza udalerrian ezarriko duelako zalantza eragiten duten arrazoizko zantzuak daudenean bakarrik egingo dira. Sarritan datuak egiaztatu egiten direla ikus genezake, egoitza udalerrian izatearen inguruko arrazoizko zalantzarik ez badago ere. Izapidetzearen luzapena zalantzan jar dezaketen arrazoiengatik egiaztatzen da askotan.

Txosten honen osasun arloko 2.5 atalean aipatu dugunez, haurdun dauden emakume atzerritarrek zailtasunak aurkitu dituzte euskal osasun-sistemaren aldetik haurdunaldian arreta eta laguntza jasotzeko. Jakina denez, erditu aurreko aldietan, oso garrantzitsua da haurdun dagoen emakumearen eta haurraren osasun-egoera modu egokian aztertzea, etorkizunean osasun-egoera ona bermatzeko. Nolanahi ere, kasu horiek behar bezala konpondu dira.

Futbol federatua egiteko lizentziak lortzeko arazoak ere behar bezala konpondu dira. Lizentzia horiek lortzeko arazoak zeuzkaten familia atzerritarren seme-alabek (txosten honen 2.6 atalean eman dugu horren berri).

Bukatzeko, ezin dugu atal hau itxi haur eta nerabe asko pobrezian daudela berriro nabarmendu gabe. Haur eta nerabe horien familietan, familiaburua atzerritarra da eta, azterlan guztiek erakusten dutenez, gehienetan halaxe gertatzen da haur pobreen artean.

2.8.2. LGTBI Haurrak eta nerabeak

Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:

• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.

• Euskal gizarte osoan, bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.

• Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBTI haur eta nerabeen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.

2015. urtean hauxe gertatu da: lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen arloan egin den lanaren zati garrantzitsu batek haur eta nerabeen egoerarekin izan du zerikusia, batez ere transexualekin.

Adingabe transexualen edo arauz kanpoko genero-portaera dutenen familiek egindako eskaerak gai hauekin lotuta daude: haur horiei eta beren familiei arreta publikoa emateko esparrua hobeto egokitu dadila, batik bat osasun eta psikologia arloetako arretari eta hezkuntza arloari dagokienez. Eskaera horiek kexa moduan iritsi dira erakunde honetara; horien artetik, adierazgarriena iruditzen zaiguna azpimarratu dugu txosten orokorreko III.9 kapituluan, “nabarmendutako kexak” deritzan atalean, baina baita laneko bileren eremuan ere, hala nola Escuela Segura delakoaren esparruan (hurrengo paragrafoetan hitz egingo dugu horretaz) eta gizarte-erakundeekin egindako bileretan. Horrela, gure lurraldean berriki sortu den Chrysallis Euskal Herria adingabe transexualen familien elkarteak adierazi digunez, ezinbestekoa da neska-mutil horiek ikusgarri egitea, onartzea eta behar bezala artatzea, bizimodu normalizatua eta erabateko garapena izango dituztela bermatzeko. Jarrera kritikoa dute (eta horretan bat datoz beste erakunde eta elkartu gabeko familia batzuekin) Berdindu Familiak–en jarduerarekin (Berdindu LGBTI pertsonak artatzeko zerbitzuaren ataletako bat da hori), izan ere, itxuraz ez da betetzen ari familiek zerbitzu horretara jotzean dituzten itxaropenak.

Osasun arloan, familia batzuek adierazi digute ez daudela pozik Osakidetzako Genero Unitatean jaso duten arretarekin (2016ko lehen hilabeteetan mintzatuko gara horretaz), eta kezkatuta daudela ekainaren 28ko 14/2012 Legean, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoan aurreikusi zen medikuntza-gida atzeratzen ari delako.

Bestalde, jarraitu dugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak eta Berdindu zerbitzuak babesten duten “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” izeneko programan (2013an hasi zen), hau da, osaera mistoa (soziala-instituzionala) duen lan egiteko foroan, eskolan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzeko. Izan ere, Ararteko erakundeak –Haurren eta Nerabeen Bulegoaren bitartez eta LGBTI pertsonen eskubideen arloaren bitartez– erregularki parte hartzen du programa horretan, beste erakunde batzuekin batera (besteak beste, azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Foro horren eginkizuna, funtsean, honako hau da: adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko jarduerak eta protokoloak koordinatzea ikastetxeetan eta adingabeak tartean daudenean identitateari eta genero-rolei lotutako egoera eta jokabideen eremuan. Taldearen lanari dagokionez, ikastetxeentzako gidalerro eta gomendioen proposamena eztabaidatzen eta aztertzen ari da orain, euskal hezkuntza-sisteman aniztasun sexualari eskaini behar zaion arretarekin eta ikastetxean homofobia eta transfobia saihestearekin lotutakoa.

Jarduera horietatik guztietatik ondorio hau atera dugu: nahiz eta berdintasun formala gure sistema publiko osoan bermatuta egon, oraindik hobetzeko tarte handia dagoela zerbitzu publikoek haur eta nerabe horiei ematen dien arretan; era berean, egiteko bidea dagoela, eremu guztietan erabateko integrazioa lortzeko, baita ere aniztasun afektibo-sexuala eta genero-aniztasuna errespetatu eta ospatzeko.

Araudi esparruari dagokionez, abenduan onartu da Euskadin abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua, non arautzen baita transexualek Euskadin zer dokumentazio administratibo erabili ahal izango duten, harik eta Erregistro Zibilean beraien sexuaren zuzenketa egin arte. Dekretu horrek garatzen ditu Ekainaren 28ko 14/2012 Legeak. 7. artikuluan bildutako xedapenak. Dekretu horren bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek (adingabeek ere bai) honako eskubide hauek izango dituzte osasun eta hezkuntza arloan:

• Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.

• Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.

• Osasun arloan dokumentazio administratiboa egokitzeko eskubidea; salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren ardurapean dagoen osasun-historial konfidentzialean, dagokion pertsonaren inguruko beharrezko erreferentziak egingo dira;

• Ikastetxeko dokumentu administratiboak egokitzeko eskubidea, adibidez: ikasgelako zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, eta bestelakoak. Helburua hauxe da: aintzat hartzea ikaslea zer generorekin sentitzen den identifikatua, dekretu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako dokumentazio administratiboan adierazitakoari jarraikiz. Hala eta guztiz ere, ikaslearen espediente ofizialean, ondorio ofizialetarako erregistratuta dauden identitate-datuak mantenduko dira.

Euskal dekretu berri horrek hemendik aurrera ezarri duen agiria (identifikazio txartela) egiteko prozedura has dadin, interesdunak eskatu beharko du. Adingabea baldin bada, bere legezko ordezkariek eskatuko dute. Edonola ere, adingabeak entzuna izateko eta bere iritzia azaltzeko eskubidea izango du, haurren gaineko legerian ezarritakoaren arabera.

Bukatzeko, hemen aipatuko dugu Europako Kontseiluak 2015eko apirilean ateratako txostena Giza eskubideez eta pertsona intersexualez (Human rights and intersex people). Txosten horretan, gizon-emakume binarismoan sar daitekeen definizio biologikorik gabe jaio diren pertsona horien egoeraz ohartarazten da. Pertsona horiek jaiotzen diren unetik beretik eta, beraz, haurtzaro eta nerabezaro osoan gertatzen dira gizakiaren duintasunaren kontrako trabak eta erasoak; horiek larriki mugatzen dute beraien genero-identitatea eta, azken batean, beren nortasuna aske eta erabat garatzea. Horregatik, Ararteko erakundeari eta, bereziki, bulego honi ezinbestekoa iruditzen zaie Euskadin pertsona horien eskubideekiko sentikor bihurtzeko eta eskubide horiek defendatzeko lanean hastea.

2.8.3. Haur eta nerabe ezgaituak

Haur eta nerabe ezgaituei dagozkien aurtengo kexetan, bi gai aipatzen dira:

1. Donostiako autobus geltoki berrian ikusi diren irisgarritasun akatsak (zehazki azaldu dugu ezgaituei buruzko III.3 kapituluan). Garraio publikoaren balizko erabiltzaile gisa, beraiengan eragiten dute azpiegitura berri horren gabeziek.

2. Hezkuntza arloan: ikasle ezgaituek ikasketa jakin batzuk egin ahal izatea; ikasketa maila eta modalitate guztietan erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntzak eta baliabideak; eta eskola garraioa (gai horiek guztiak txosten honen 2.2 atalean aipatu ditugu).

2.8.4. Genero berdintasuna

Atal honetan laburki aipatzea merezi dute Nazio Batuen Emakumeen kontrako Bereizkeria Desagerrarazteko Batzordeak (CEDAW) argitaratu dituen azken oharrak, 2015eko uztailean Espainia aztertu ondoren. Garrantzi bereziko beste gai batzuen artean, haur eta nerabeengan bereziki eragina duten bi gai aipatuko ditugu hemen:

• Lehen kasuan, Batzordeak gomendatu zuen ez zedila onartu 16 eta 18 urte bitarteko neska eta emakumeentzako abortatzeko eskubideari buruzko legearen proiektua, traba gehiegi jartzen baitzituen gazteek haurdunaldia eten ahal izateko. Irailean, ordea, irailaren 21eko 11/2015 Lege Organikoa onartu zen, haurdunaldia beren borondatez eteteko ahalmena judizialki aldatua duen adingabe eta emakumeen babesa indartzeko.

• Bigarren gaitzat, asiloa eskatzen duten neskak babesteko sistema hobetu zedila eskatu zuen, mugetako kontroletan indarkeriarik ez dela erabiliko bermatuz, eta asiloa emateko prozedura eragingarria eta alderdikeriarik gabea ezar zedila.

Licencia de Creative Commons
Esta obra está bajo una licencia Attribution 3.0 Unported de Creative Commons.

XHTML 1.0 Strict
Nivel Doble-A de Conformidad con las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 (WCAG 1.0)