I. ATALA: Arau- eta antolaketa-testuingurua 13
Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2015. urtean zehar garatu duen jarduera erakundearen ardatz estrategiko nagusiei jarraiki bideratu da, bai eta 2010-2014 denboraldirako bulegorako marraztu diren jarduera ildoak kontuan hartuta ere. Plangintzaren aukera horiek gizarte- eta arau-testuinguru jakin batean gertatzen dira. Plangintza erantzunak ematen saiatzen da baina testuinguruak egiteko modu zehatza mugatu eta baldintzatu egiten du.
2015eko jarduera-esparrua
2015. urtea biziki markatu du erakundearen titulartasuna aldatzeak. Aurreko titularraren agintaldia 2014ko urrian bukatu eta gero, elkarri lotutako hainbat gertakariren ostean, titular berriak azaroaren bukaeran hartu zuen benetan kargua. Horrek garrantzi berezia izan du estrategia-plangintzaren arloan, atzeratu egin baitu berriz gogoeta egitea, aurreko planaren (2010-2014) ardatzak eta lan-ildoak luzatuz. Plan hura zehazki azaldu zen 2010. urteko txostenean.
Erakundearen gainontzeko eremuetan bezala, Haur eta Nerabeentzako Bulegoak adingabeek aurkezten dituzten edo eurengan eragina duten kexak eta eskaerak jaso eta aztertzen ditu. Kexak eta eskaerak modu zuzenean edo legezko ordezkarien bitartez aurkeztu ditzakete. Lan hori modu batean norbaitek (pertsona batek, kolektibo batek) edo zerbaitek (komunikabideen bitartez edo beste bideren bitartez ezagutu den eskubideen urraketa posible bat) aurkezten digunaren aurrean “erreakzionatzean” datza eta lan-ildo proaktiboagoen bidez osatzen da. Azken horien artean jarduera hauek daude: sarean, modu kolektiboan eta lankidetza erabiliz egindako lana sustatzera eta haurren eskubidearen kultura zabaltzera zuzendutako jarduerak, bereziki, adingabeen parte hartzea eta euren ahotsa entzunarazteko aukera bultzatzen dituztenak.
Ararteko erakundeak gain hartu duen “matrize-eredua” dela-eta, eremu materialetan espezializatutako sektore-arloak zeharkako begiradek osatzen dituzte, kasu honetan, haurren eta nerabeen eskubideenak. Horren xedea elkar aberastea eta lan koherente eta sinergikoa lortzea da. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa berezko langileen hornidura txikiarekin egituratu da, haurrei eta nerabeei maiztasun handiarekin eragiten dieten gaien arloko aholkularien laguntzarekin batera.
2015eko jarduera planak (esan dugunez, 2010-2014 aldirako estrategiaren esparruan azaldutakoa) han azaldutako lan-ildoak zehaztu ditu, esku artean dugun denboraldirako. Plan hori gure bidaia orria da eta horri esker adierazitako bidean zehar aurrera egin dezakegu ahaleginak batuz eta gure helburuak ahalik eta modu eraginkorrenean lortzeko beharrezkoak diren sinergiak sortuz. Ondorengo kapituluetan aipatuko diren jarduerak plan horren emaitza dira.
Arau- eta eskumen-esparrua
Haurren eta nerabeen eskubideak duela gutxi aitortu dira. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonatzat, nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearekin eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearekin batera hain zuzen.
1990. urtean Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH)berretsi zuen, 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen (NBE)batzarrak hartu zuena. HEH modu unibertsalean onartu den haurren eskubideen katalogoa da; aldi berean, estatuek errespetatzeko, bermatzeko eta betearazteko dauzkaten betebeharrak ezartzen dituena.
Konbentzioak, lehenengo bi artikuluetan haurren arloan erakundeen ekintza guztiak bideratu behar dituzten funtsezko bi printzipioak ezarri zituen: bereizkeriarik ezaren printzipioa eta adingabearen interes gorena. 6. artikulutik aurrera, lau eskubide multzo handi zerrendatu dira: Hornidura, hau da, zenbait baliabide eta zerbitzu edukitzeko, jasotzeko edo eskuratzeko aukera izateko eskubidea, haurren eta helduen artean baliabideak banatzekoa; Sustapena, alegia, erabat garatzeko eta osasun eta hezkuntza maila gorenak izateko eskubidea; Babesa, hots, gurasoen eta profesionalen zainketak jasotzeko eskubidea eta ekintza eta praktika neurrigabeak jasan behar ez izatea; eta Parte-hartzea, hau da, gauzak egiteko eskubidea, nork bere kabuz adierazpenak egiteko eta banaka zein taldean hitza izateko eskubidea.
Horrez gain, beste bi premisa hauek kontuan hartu behar dira: eskubideen zatiezintasuna eta euren arteko lotura eta haur guztien ongizatea zaintzeari dagokionez gurasoen, familia ingurunearen, erakundeen eta gizartearen ardura partekatua.
Aukerakoak baziren ere (hautazkoak) Espainiak ere sinatu eta berretsi ditu Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko bi protokoloak. Protokolo horietan babes kontuak aipatzen dira batez ere:HEHren Hautazko Protokoloa, gatazka armatuetan haurren parte hartzeari buruzkoa; HEHren Hautazko Protokoloa, haurren salmenta, haurren prostituzioa eta pornografian haurrak erabiltzearen gainekoa; eta HEHren III. Hautazko Protokoloa, komunikazio prozedura baten ingurukoa. Azken protokolo horrek mekanismo bat ezarri du haurrek edota euren ordezkariek salaketa jarri ahal izan diezaioten beren eskubideak babesten espezializatutako nazioarteko batzorde bati, eskubide horiek urratuak izan direla uste badute. Beraz, modu zabalago eta indartsuagoan onartu dute haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu direla.
2015eko urriaren 1ean amaitu zitzaion Estatuko Administrazioari Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena Espainian Aplikatzeko V. eta VI. txostenak aurkezteko epea. Txosten horietan, hitzarmenaren betetze maila jaso behar da, baina lehenengo bi protokolo fakultatiboena baino ez, hirugarrena 2014ko apirilean sartu baitzen indarrean. Txosten hori egiteko, Autonomia Erkidegoen arteko Haurrei buruzko Batzordean dauden autonomia erkidegoei eskatu zaie informazioa, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoari.
Bestalde, gizarte zibilak aurten hasi ditu txosten osagarria egiteko lanak, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko 45. artikuluan xedatutakoari jarraiki, izan ere, txosten osagarriak egitea ahalbidetzen baitie aipatu artikuluak haurrei buruzko erakundeen nazio koalizioei, hau da, estatu partaideek Haurren Eskubideei buruzko Batzordeari zuzendutako txostenen txosten osagarriak egiteko aukera ematen die.
Haurren eskubideei begirako nazioarteko erreferentziazko ituntzat aipatu dugu, halabeharrez, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH); bada, ezin dezakegu ahaztu, halere, haurrak ez direla HEHn bakarrik ageri, Espainiak berretsitako eta sinatutako nazioarteko beste zazpi itunetan ere engaiatutako eta eragindako haur eta nerabeak baitaude:
• Eskubide Zibil eta Politikoak haurrenak ere badira.
• Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalak haurrenak ere badira.
• Arrazagatiko bereizkeriak haurrak ere kolpatzen ditu.
• Tortura motaren bat jasaten duten haurrak daude.
• Emakumea izateagatik bereizkeria jasaten duten neskatilak daude.
• Urritasunen bat duten haurrak daude.
• Behartutako desagertzeak pairatzen dituzten haurrak daude.
Ondorioz, beharrezkoa da nazioarteko zazpi itun horien edukia ezagutzea, bai eta horien segimenduak egiten dituzten batzordeen jarduera ezagutzea ere. Beharrezkoa da itun horiek diotenaren berri edukitzea, horietan eragin ahal izateko. Nolanahi ere, horixe da aipatu batzordeek jada hartu duten ikuspegia, eta hainbat lan elkarrekin egiten hasi dira. Honakoa da adierazgarri argiena: “Emakumeen Aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Batzordearen 31. Gomendio Orokorra eta Haurren Eskubideei buruzko Batzordearen 18. Ohar Orokorra, praktika kaltegarriei buruzkoa, elkarrekin hartutakoak horiek”, 2014. urtearen amaieran. Bertan, genitalen mutilazio femeninoa, haurren ezkontza edo behartutako ezkontza, poligamia eta “ohorezko” arrazoiengatik egindako delituak jorratu dira.
Nazioartean, gogoan izan behar da badaudela Espainiak hainbat hitzarmen berretsi dituela –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazioarteko Lan Erakundeak, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren gaineko Konferentziak, besteak beste-, adingabeei dagozkien sektore-gaietan:haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar.
Europar Batasunaren esparruan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena.
Halaber, aipatzekoa da Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia). Gutun horrek, adingabeei dagokienez, haurrak entzunak izateko eskubidea, haurren interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea aldarrikatzen ditu. Garapenean, bi gertaera gogoangarri: lehenbizikoa, «Haurren Eskubideen gaineko Europar Batasuneko Estrategiarantz» izeneko jakinarazpena, Europako Batzordearena (2006), zeinak hainbat egitura ezarri baititu EBko erakundeek haurren eskubideei lotutako arazoei aurre egiteko duten ahalmena indartzeko, eta egintzetan oinarritutako politiken zimenduak finkatu baititu, interesdunekiko elkarrekintza arintzeko asmoz; eta, bigarrena, Haurren Eskubideen Aldeko EBko Agenda (2011), zeinak batez ere eremu jakin batzuetan jartzen duen arreta, EBk eremu horietan benetako balio gehigarria ekar dezakeelako, adibidez, haurrentzako justizia eskuragarri egiteko arloan, egoera zaurgarrietan dauden umeak babestuz eta Europar Batasunaren barruan zein kanpoan haurrengan eragina daukan indarkeriaren kontra borrokatuz.
Azkenik amaitu da Espainiako legedia osoa haurrak eta nerabeak babesteko gaietan eguneratzeko asmoz abiarazi zen prozesu luze eta asmo handikoa, aurreko urteetan aipatu dugun horixe, haurren eta nerabeen babes-sistema aldatu duten uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa eta haurren eta nerabeen babes-sistema aldatu duen uztailaren 28ko 26/2015 Legea onartu eta indarrean sartzearekin.
Arauzko bi tresna horien bidez, aldaketa handiak egin zaizkie adin txikikoen babesa arautzen duten lege nagusiei: Adin txikikoen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legea, Kode Zibila eta beste batzuk, unean uneko aldaketetan. Haurrei eta nerabeei eragiten dieten jarduera publiko guztiak “blaitu” behar dituzten eskubideen eta printzipioen ingurukoak dira aldaketa horien berrikuntzen zati bat. Hauei buruzkoak dira:
• Adin txikikoaren interes gorenaren printzipioaren edukiaren garapena, Haurren Eskubideei buruzko Batzordearen 14. Ohar Orokorrean jasotakoaren ildoan. Ikuspuntu horretatik, “adin txikikoaren interes gorena” kontzeptu juridiko zehaztugabea zehaztu da, eduki hirukoitza emanez: a) eskubide subjektibotzat, b) printzipio orokor interpretagarritzat, c) prozedurazko arautzat hartu da. Horrela, erabakiak interesdun haurrarengan edo haurrengan eduki ditzakeen ondorioen (positiboen zein negatiboen) balioespena egitea dakar interes gorena zehazteak. Kasu guztietan egin behar da, eta zirkunstantzia zehatzetan oinarrituta. Halere, norberaren erabakimenean ez uzteko, kontuan hartu beharreko eta zenbait elementuren arabera balioztatu beharreko irizpideak txertatu zaizkio legegintzako testuari.
• Adin txikikoek entzun ditzaten eta euren iritzia kontuan hartu dadin duten eskubidearen gaineko garapen zehatzagoa. Kontuan hartu beharreko irizpideen artean, euren nahiak, sentimenduak eta iritziak aintzat hartzea dago sartuta. Beharrezko egin da esaten digutena entzutea. Erabaki guztietan, une oro. Horretarako, eskubide hori erabiltzea ahalbidetuko dion informazioa jaso beharko du haurrak, hizkera ulergarrian eta formatu irisgarrian, bai eta bere zirkunstantziei egokitutako formatuetan ere. Aintzat hartu beharko dira espazioak, bai fisikoak, bai denborazkoak, informatzeko eta haurren ahotsa jasotzeko unean. Eta argi eta garbi adierazi beharko da hori hartutako erabakietan.
Sarritan nabarmendu den bezala, hitzarmeneko 3. artikuluak (adin txikikoen interesari buruzkoak) eta 12. artikuluak (estatuei haurrei entzuteko betebeharra ezarri dienak, haurrentzat garrantzia duten erabaki guztiei dagokienez) markatu dute 1989an onartutako testuak ekarri zuen paradigma aldaketa, testu horren aurreko formulazioekin alderatuz gero. Bi artikulu horiek eskubideen subjektu estatutu berria eman diete haurrei, eta, ondorioz, harreman berriak sortu dira helduen eta haurren artean: dinamika demokratikoa eratu da.
Gogoeta horretatik abiatuta, adin txikikoaren interesak haur GUZTIEN eskubideekin dauka zerikusia, horien bizitzetako eremu GUZTIEI eragiten die, eta, hortaz, eragingo dieten erabaki GUZTIETAN da aplikagarria: eremu ekonomikoan, bizitegi eremuan, osasun eremuan... Legeak eta arauzko garapenak egiteko prozesuan, diren eremuak direla horiek, nahitaezko txostena egin behar da, egiten ari den arauak haurrengan eduki dezakeen eraginari buruzkoa.
Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak haurrekin eta nerabeekin ohiko harremana duten langile guztiei ere eragiten die (hezkuntza sistemako irakasleei, pediatriako eta erizaintza pediatrikoko langileei, hezitzaileei, aisialdiko jardueretako eta jarduera sozio-hezitzaileetako langileei eta abarri). Berriki erregulatu da aipatu erregistroa, eta horrek igorri beharko du, 26/2015 Legearen hamazazpigarren azken xedapenean aurreikusitakoarekin bat eginez, eta esan bezala, adin txikikoekin ohiko harremana edukitzea dakarren lanpostu bat beteko duen pertsona oro bertan erregistratuta ez dagoelako ziurtagiria. Haurrak sexu-esplotaziotik eta sexu-gehiegikeriatik babestea da horren xede nagusia, eta Lanzaroteko Hitzarmenean hartutako konpromisoari erantzuten dio (Europako Batzordearen hitzarmena da, haurrak sexu-esplotaziotik eta sexu-gehiegikeriatik babesteko helburua duena, eta 2007ko urriaren 25ean Lanzaroten egin zena), eta helburu hauek lortzeko tresna eragingarria izatea nahi da:
• adin txikikoen prebentzioa eta babesa, sexu-delituei dagokienez, arau nazionalekin eta nazioez gaindikoekin bat etorriz, eta gure inguruko beste herrialde batzuetako erregistro-sistemei jarraiki.
• adin txikikoekin ohiko harremana edukitzea dakarten lanbideetara eta jardueretara sartzeko asmoa duten eta horietan lan egin nahi duten pertsonek errege dekretu horrek aipatutako delituengatiko kondenarik ez dutela jakiteko sistema garatzea, bai Espainiari dagokionean, bai beste herrialde batzuei dagokienean.
• sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituen egileen gaineko ikerketa eta identifikazioa erraztea, sexu-esplotazioa xede duen gizakien salerosketa eta pornografia barne hartuta.
8/2015 eta 26/2015 Legeek, gainera, aldaketa ugari eta garrantzitsuak sartu dituzte babesgabetasun egoeran dauden haurren eta nerabeen babeserako eskumena duten sistemetan. Berariaz eremu horri eragiten diotenez, txosten honen 2.3. atalean azalduko dira xehetasunez, abandonuaren, tratu txarren eta indarkeriaren aurrean babes gaitzatelako eskubideari buruzkoa baita.
Espainiako Estatuaren lurralde- eta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, “Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera” izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.
Pentsa daitekeenez, lege hori eta dagozkion garapenak berriz aztertu beharko dira, 2015ean onartu diren legeek egindako aldaketa sakonen argitan. Aldaketa horiek aurreko paragrafoetan aipatu ditugu.
Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmendu ditugu dokumentu honen II. eranskinean. Arloko araudi horretan 2015ean egindako balizko berrikuntzak txosten honetako II. kapituluan azalduko dira, arlo bakoitzeko azalpenean.