1. GIZARTE ERAKUNDEEKIKO HARREMANAK
Gobernuz kanpoko erakundeak eta antolatutako gizarte zibila, Arartekoaren ustez, euskal gizartearen arazoen begiak eta belarriak dira. Haien informazioari esker, jardunak hasten ditu ofizioz eta politika publikoen ebaluazio egiazkoagoa egiten du Arartekoak.
Arartekoaren erakundean beti baloratzen dugu elkarte horiek eta boluntarioek egiten duten lana. Gizarte esku hartzeko hirugarren sektorea, une honetan, Euskadin pertsonen eskubideen gizarte sistemaren bideragarritasunaren zutabeetako bat da. Orain bizi dugun krisialdi ekonomiko eta sozialean inoiz baino argiago ikusten dugu haien lana zein garrantzitsua den. Era berean, inoiz baino babes publiko handiagoa behar dute haiek beren baliabide ekonomikoei eusteko, horiei esker esku hartzen baitute gizartean. Bidezkoa da hori aitortzea eta gizartearen eta erakundeen aurrean hala aldarrikatzea. Gizarteak eta erakundeek laguntza eman behar diete egunetik egunera eta trukean ezer eskatu gabe beren lanarekin gizartearen eta baztertuen edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen arazorik larrienak beren gordintasun osoan ager daitezen galarazten dutenei. Bazterketa gero eta zifra kezkagarriagoak lortzen ari da, eta gizarte-baliabiderik sekula jaso ez zuten pertsona askori eragiten ari zaie pixkanaka; horrela, eraldatzen ari da krisialdia piztu arte zegoen profila, hau da, pobrezia handian zeuden pertsonena.
Arartekoa pertsonek eta pertsonentzat asmatutako erakundea da, euskal administrazioak kontrolatzeko funtzioa herritarren arazoen arabera betetzen baitu. Horrek Arartekoak hiru planotan jardutea dakar:
• Salatutako administrazioak indarrean dagoen legeriaren arabera jardun duen egiaztatzea.
• Administrazioetan jardunbide egokia bultzatzea, herritarren eskubideei arreta hobea emateko eta tratu hobea eta eraginkorragoa emateko.
• Kasuan bitartekari lana egitea. Izan ere, askotan, administrazioak zuzen jokatu duen arren, gure esku hartzearekin, hurbileko tratua emanez, errealitatearen edo jardun den kasu zehatzaren ikuspegi ezberdina eskainiz edo araua modu malguagoan interpretatuz, pertsonen arazo zehatzak konpondu ahal izaten dira, edota berdintasun ezeko, babesik gabeko eta bidegabeko egoerak eragozten dira.
Eginkizun horiek bete eta lortu nahi diren helburuak lortu ahal izateko, gizarte-elkarteak ezinbesteko lankideak dira. Horregatik, Ararteko erakundeak 2013 eta 2014an hasi dituen hausnarketa estrategikoko prozesu guztietan (aliantzak kudeatzea, eragina ebaluatzea eta estrategia-plana), haien ikuspegia aintzat hartu da, hobetu beharreko alderdiei eta Arartekoaren lana egiteko moduari dagokienez.
2015. urtean erakundearekin bilerak egin dituzten elkarteak eta taldeak
2015. urtean, Arartekoak gizarte eragileekiko harremana zaintzen jarraitu du bere ohiko jardunean. Batez ere, egoera txarrean dauden pertsonei laguntzeko edo askotariko gizarte arazoak konpontzeko lanean aritzen diren elkarte, erakunde eta taldeekin: giza eskubideen aldeko taldeak, atzerritarrei, presoei edo baztertuta daudenei laguntzekoak, etxerik gabekoei laguntzekoak eta abar.
Urte hauetako esperientziak erakutsi digu, izan ere, erakunde eta talde ugari giltzarriak izan daitezkeela gure gizarteko sektore baztertuen edo oso ahulen eta Arartekoaren eta halako erakundeen arteko bitartekari lanetan; hala, beren eskubideen eta gatazkak konpontzeko bideen jakitunago egin ditzakete, beren aldarrikapenak adierazteko laguntza eman, administrazioei herritarrentzako zerbitzu arretatsua eman dezaten eskatu, eta, modu horretan, erakundeetan konfiantza handiagoa izateko eta gizarte kohesio handiagoa lortzeko modua egin.
Hala, 2015. urtean, Arartekoak lankidetza harremanak izan ditu, estuagoak edo ez hain estuak, honako elkarte, erakunde eta gizarte talde hauekin:
• Argilan
• ADAP elkartea
• Afro elkartea
• ARRATS elkartea
• Arabako zeliakoen elkartea
• Euskadiko zeliakoen elkartea
• Sestao Activo auzo elkartea
• Turruntero auzo elkartea
• SARTU elkartea
• Euskal Herriko Lehen Mailako Pedriatria Elkartea
• Berriztu
• Bidesari
• Biltzen
• Chrysallis Euskal Herria
• Sorgin eta anitzak kolektiboa
• Gipuzkoako Abokatuen elkargoa-JPT
• Bizkaiko Gurutze Gorria
• Gipuzkoako Gurutze Gorria
• Elkartu
• Erroak
• ESEN Espetxe Sarea
• Etorkintza
• Etxerat
• FEDEAFES. Buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioa
• FEKOOR. Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonak
• EDUCO fundazioa (haurren aldeko lankidetza eta hezkuntza)
• Fernando Buesa fundazioa
• Terrorismoaren biktimen fundazioa
• Gizakia
• Goiener
• Greenpece Euskadi
• Eroski Taldea
• Hizkuntz Eskubideen Behatokia
• Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua
• IRSE
• Itxarobide
• Kima berdea
• Lur Gizen
• Mugarik gabe
• Mutriku Natur Taldea
• Donostiako Iraunkortasunaren Behatokia
• Bizkaiko Kartzela Pastoraltza
• Con A plataforma
• Euskal alderdi sozialistaren hauteskunde plataforma
• SIMI (Stop Impunidad Maltrato Infantil) plataforma
• Muskiz Bairen alde
• Gipuzkoako Gizaki Helburu
• Salhaketa
• Save the Children
• SIDALAVA
• SIIS
• ESK-Independenteak sindikatua
• Bizkaiko SOS arrazakeria
• Zubiko
Txosten honetako III. ataleko arreta publikoko kolektiboen arloetako ataletan, erakunde horiekiko lankidetzari buruzko erreferentzia zabalagoak daude.
2. GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN ERAKUNDEEN INGURUKO JARDUERAK
2.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldiak
Julia Hernández jarduneko arartekoa eta Faustino López de Foronda erakundeko idazkari nagusia irailaren 18an Santanderren izan ziren, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan parte hartzen. Etxebizitza publikoarekin zerikusia duten gaiak jorratu ziren batik bat.
Foro horretan biltzen dira urtero autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile guztiak eta Espainiako herriaren defendatzailea, honako helburu honekin: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien funtzionamenduari eta xedeei lotutako alderdiak elkarri adieraztea. Gainera, gai eta arazo komunez hitz egiten da.
Honatx mahai gainean jarri diren gai batzuk: etxebizitza izateko eskubidea Espainiako konstituzio araubidean, etxebizitza hutsak edo etxebizitza egokia izateko eskubidea. Horrez gain, urtean barrena egin diren prestakuntza-lantegietan ateratako ondorioak aztertu dira, azkenean botere publikoei helaraziko zaizkien zenbait hausnarketa eta proposamen egiteko.
Bere mintzaldian, Julia Hernández jarduneko arartekoak etxebizitza izateko eskubideaz hitz egin zuen, gainontzeko eskubideak (osasunerakoa, hezkuntzarakoa, e.a.) garatzeko eskubide objektibo eta oinarrizkotzat hartuta. Era berean, nabarmendu zuen etxebizitza publikoaren gaineko politika egokia egitea oso garrantzitsua dela bizitza duina izateko, eta botere publikoek neurri sendoagoak hartu behar dituztela etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu nahi bada.
Herriaren defendatzaileen adierazpena, Espainiako etxebizitza publikoari buruz
Espainiako Herriaren Defendatzailea, Andaluziakoa, Kataluniakoa (Síndic de Greuges), Galiziakoa (Valedor do Pobo), Kanarietakoa (Diputado del Común), Euskal Herrikoa (Arartekoa), Aragoikoa (Justicia), Valentziako Erkidegokoa (Síndic de Greuges), Gaztela eta Leongoa (Procurador del Común) eta Nafarroakoa (Arartekoa) Santanderren bildu dira, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan. “Espainiako etxebizitza publikoa” gaia jorratu dute eta honako adierazpen hau zabaldu nahi dute:
ADIERAZPENA
1.Botere publikoek gure herrialdeko biztanleen arazo nagusietako bati erantzun behar diote, hain zuzen, etxebizitza duin eta egokia izan ez dezaketenen egoerari. Arazo hori nabarmenagoa egin da gure herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoarekin.
Herriaren defendatzaileok gogorarazten dugu Konstituzioak, I. Idazpuruko (Herritarren eskubideak eta betebeharrak) 47. artikuluan eskubide konstituzionaltzat jotzen duela etxebizitza duin eta egokia eskuratzea, eta, horren arabera, gizarte estatuko botere publikoei dagokiela (1. artikulua) Estatuko nahiz erkidegoetako legegintza positiboaren bitartez eskubide hori bermatzea eta horri eduki zehatz bat ematea, administrazioan eta justizia epaitegietan eskatu daitekeena. Era berean, botere publikoei dagokie herritarren eskubide hori gauzatzeko baliabide nahikoak izatea, haien familia egoera eta egoera pertsonal eta ekonomikoa kontuan hartuta (Konstituzioaren 53. artikulua).
Horregatik, Estatuari eta autonomia erkidegoei eskatzen diegu eskubide konstituzional hori bermatzeko beharrezko legeria bultza dezatela eta, nork bere aurrekontuen bitartez, administrazio eskudunei baliabideak eman diezazkietela, eskubide hori behar duten herritarren alde gauzatzeko.
2. Herri administrazioei galdegiten diegu zabaldu eta sendotu dezatela alokatzeko etxebizitza publikoen multzoa.
3. Lurralde bakoitzean, honako gai hauei buruzko informazioa eta datu fidagarriak izan beharko lirateke: etxebizitzaren benetako beharra, etxebizitza babestuen prezioek etxebizitza libreenekin alderatuta izan duten bilakaera, alokatzeko etxebizitza publikoen multzoa eta, oro har, oinarrizko tresnak, etxebizitzaren inguruko politika publikoak diseinatzeko baliagarria izango den estatistika egin ahal izateko.
4. Etxebizitzen ehuneko jakin bat gorde beharra dago talde ahulentzat eta etxebizitzaren premiarik handiena dutenentzat.
5. Gure ustez, zuzenagoa da babes publikoko etxebizitzak aurrez ezarritako baremazio-sistema baten arabera esleitzea, ez zozketa bidez. Indartu egin behar dira etxebizitzak esleitzeko prozeduren publizitatea, gardentasuna, bizkortasuna eta eragingarritasuna.
6. “Hutsik dagoen etxebizitza” kontzeptua definitu eta arautu behar da, eta halako etxebizitzen zerrenda zuzen egitea bultzatu, hutsik dauden etxebizitza babestuak alokairu-merkatuan eskuragarri jartzea dinamizatu eta, hala gertatzen ez bada, jarduera publikoa burutzeko neurriak hartu.
7. Etxebizitza babestuen erregistroak ezarri behar dira, edo orain daudenak hobetu, etxebizitza guztiak inskribatuta egon daitezen. Erregistro horiek nahikoa datu izan behar dituzte etxebizitzen kopurua modu fidagarrian kontrolatzeko, eta, gainera, era homogeneoan diseinatuta egon behar dute autonomia erkidegoetan.
8. Etxebizitzarako laguntzei dagokienez, proposatzen dugu laguntza horiek berrazter daitezela eta horien kudeaketa hobetu dadila, iragarritako laguntzak ebaztean eta jada onartutakoak ordaintzean atzerapenik gerta ez dadin.
Alokairua sustatzeko, eraikinak birgaitzeko eta hiria onera ekarri eta berriztatzeko laguntzen sistema gauzatu behar da.
Etxebizitzaren arloko zerga-sistema hobetu behar da, eta pertsona batzuek, beraiei leporatu ezin zaizkien bat-bateko gertakariak direla eta, beren betebeharrei aurre egiterik ez badaukate, arindu egin behar zaie beren etxebizitzan bizitzen jarraitzeko egin behar duten ahalegina.
9. Lurzoruzko ondare publikoak erabili behar dira, eta aztertu behar da ea autonomia erkidegoek lurzoru publikoaren ondareak edo bankuak sor ditzaketen, horietan babes ofizialeko edo sustapen publikoko etxebizitzak eraiki daitezen.
10. Bankuak Berregituratzetik datozen Aktiboak Kudeatzeko Elkartea (SAREB) eta Etxebizitzen Gizarte Fondoa (FSV) etxebizitzaren merkatuko aktore gaituak dira. Gure iritziz, etxebizitzaren gaineko politikan kontuan hartu behar dira etxebizitzen poltsak, besteak beste, SAREB elkartearenak, finantza-erakundeenak eta FSVrenak.
Gerta litezkeen kasuen kopurua handitu behar da, eta baldintzak malgutu, beren etxebizitzak galdu dituzten pertsonek eta familiek Etxebizitzen Gizarte Fondoa elikatzen duten etxebizitzak eskuratu ahal izan ditzaten.
Era berean, topaketa horretan, herriaren defendatzaileen baterako adierazpen bat egin zuten, Europako errefuxiatuen krisiaren aurrean:
Espainiako Herriaren defendatzaileak eta autonomia erkidegoetako bederatzi defendatzaileek honako adierazpen hau sinatu dute gaur:
Aspalditxotik, gerrak, goseak, intolerantziak eta elkartasunik ezak dakarren zorigaitzaren zuzeneko lekukoa izaten ari da Europa. Pairamen horiek gure mugak etsi-etsian gainditzen ahalegintzen diren pertsonengan ikusten dira, baita beraien itxaropenak bidean barrena utzi zituztenen gorpuetan ere.
Egoera hori, gainditu beharrean, guztiz gaizkitu egin da, zenbait gatazka beliko hasi direlako. Gatazka horiek sortu dute jada II. Mundu Gerratik Europak bizi izan duen errefuxiatuen krisirik handientzat jotzen dena.
Gauzak horrela, azpian sinatu dugun herriaren defendatzaileok ezin gara zirkinik egin gabe geratu ehunka milaka pertsonaren giza eskubideen kontra burutzen ari den atentatu horren aurrean. Horregatik, beharrezkoa eta gure betebeharra iruditzen zaigu:
1. Talde horiei gure elkartasuna eta konpromiso irmoa adieraztea, gure erakundeak beraien zerbitzura jarriz eta eskainiz, bide eragingarriak izan daitezen beraien eskubideak defendatzeko eta harrera egokia egingo dietela bermatzeko, batez ere adingabeei.
2. Oso-osorik berrestea Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Europako errefuxiatuen krisiaz egindako adierazpena. Horrela, bat egiten dugu nazioarteko erakunde horrek egindako deiarekin.
3. Europako eta Espainiako agintariei Europar Batasunaren Hitzarmenaren 3.5 eta 21. artikuluetan bildutako xedapenak gogoraraztea, Europar Batasunak munduko gainontzeko herrialdeekin dituen harremanei buruz eta nazioartean burutzen duen jarduerari buruz, horietan definitzen baitira politika eta ekintza komunetan oinarritzat hartu behar diren printzipioak, besteak beste, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna sustatzea, pertsonaren duintasuna errespetatzea, berdintasun eta elkartasun printzipioak eta Nazio Batuen Gutuneko eta nazioarteko Zuzenbideko printzipioak errespetatzea.
Era berean, Europar Batasunak bere gain hartu dituen konpromisoak gogoraraztea: bakea iraunaraztea, gatazkak prebenitzea eta nazioarteko segurtasuna sendotzea helburu duten politika komunak zehaztu eta gauzatzea; lankidetza aldeaniztun sendoan eta mundu-gobernantza egokian oinarrituriko nazioarteko sistema bat bultzatzea; eta hondamen naturalei edo pertsonek sortutakoei aurre egin behar dieten biztanleriei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzea.
Horrek guztiak xede jakin bat du: errefuxiatuek egindako eskaerei erantzutea, nagusiki Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluan eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18. artikuluan ezarritakoaren babesean egin diren asilo-eskaerei.
4. Espainiako Gobernuari, autonomia erkidegoetako gobernuei eta toki erakundeei eskaera bat egitea, ahalik eta azkarren:
• Konpromisorik eta elkartasunik handienak bere gain har ditzaten, gerratik eta intolerantziatik ihesi datozen pertsonak berme osoz hartzeko
• Beraien artean, nazioarteko eta Europako erakundeekin eta herritarren elkarte eta taldeekin koordina ditzaten pertsona horien egoera larria arintzeko abiarazi behar diren aparteko ekintzak, jarduera komun guztiz eragingarriak ahalbidetuz
• Nazioarteko eta Europako erakundeei nahiz beste Estatu batzuei eska diezaietela politika komunak gara ditzatela berehala, errefuxiatuen jatorrizko Estatuetan sortzen diren arazoak eragingarritasunez konpontzen laguntzeko, arazo horiexek eragin baitute migrazio-krisia.
5. Eskerrik onena erakuts diezaietela gizarteko hainbat sektoretan gauzatzen ari diren elkartasunezko ekimen ugariei, eta, aldi berean, animatu ditzatela gizarte osoa oro har eta enpresa-taldeak eta baliabiderik gehienak dituztenak bereziki, ahal duten neurrian, era koordinatuan lagundu dezaten herritarren talde horiek dituzten behar izugarri eta presakoak asetzen, batik bat ostatu, osasun eta elikadura arloetan.
2.2. Nazioarteko harremanak
2.2.1. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) emakumearen defentsa-erakundeen sarearen Europako eskualdeak egindako topaketa
Espainiar estatuko, Andorrako eta Portugaleko herriaren defentsa-erakundeetako zenbait kide Gasteizen elkartu ziren ekainaren 25 eta 26an, genero indarkeriaren egoera eta botere publikoek arlo horretan abiarazi dituzten neurriak aztertzeko.
Lansaioa 25ean hasi zen. Topaketako parte-hartzaileek arretaz jorratu zituzten lurralde ezberdinei dagozkien estatistika-datuak, baita ere botere publikoen erantzunetan antzeman diren gabezia nagusiak eta jarduera egokiak.
Hurrengo egunean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin zien topaketan parte hartuko duten ordezkari batzuei. Gero, topaketaren egoitzan mahai-inguru bat egin zen, parte-hartzaile hauekin: Ana Alberdi Emakundeko idazkari nagusia; Miren Ortubay EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea eta María de Maeztu Forum Feministako kidea; Eva Silván Save the Childrenen Euskadiko ordezkaria; eta María José Barbarín Urquiaga Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Ataleko magistratua (atal hori emakumearen kontrako indarkerian espezializatua dago) eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero Indarkeriaren Behatokiko Adituen Batzordeko kidea.
Mahai-ingurua bukatutakoan, Julia Hernándezek arartekoaren ondokoa eta Emakumearen Defentsa-erakundeen Sareko Europar Eskualdeko koordinatzailea baita jardunaldietan ateratako ondorioak eta defentsa-erakundeen adierazpena aurkeztu zituzten.
2.2.2. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) urteko batzarra
Arartekoaren ondokoak FIOren XX. Batzar Nagusian eta Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen, Montevideon (Uruguai). Aurten informazio publikoa eta gardentasuna lortzeari buruzkoa izan da.
FIOn biltzen dira Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, baita ere Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetakoak edo estatukoak.
Biltzar horren esparruan, FIOren Emakumeen defentsa-erakundeen Sarea ere bildu zen, eta Julia Hernándezek parte hartu zuen. Emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak jorratu ziren, batik bat abortu eskubidea, eta adierazpen bat sinatu zen, hauxe gogorarazteko, besteak beste: eskubide horiek giza eskubideak direla eta, beraz, pertsonek berezko dituzten ahalmenak, eta, horrexegatik bete, babestu eta bermatu behar dituztela estatuek, inolako bereizketarik egin gabe.
Ararteko erakundea sare horren Zuzendaritza Batzordeko kidea da, espainiar estatuko autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen ordezkari baita, eta 2014an Julia Hernández arartekoaren ondokoa izendatu zuten sare horren koordinatzaile Europarako.
2.2.3. PRADPIren Nazioarteko III. Kongresua
Alcala de Henaresen urriaren 2an ospatu zen PRADPIren (Iberoamerikako Herriaren Defendatzaileen Laguntzarako Eskualdeko Programa) Nazioarteko III. Kongresua. Kongresu horretan, Latinoamerika eta Espainiako herriaren defendatzaileek, unibertsitateko irakasleek, GKEetako eta nazioarteko organismoetako arduradunek eztabaida egin zuten gaur egungo egoeraz eta ahultasun egoeran dauden kolektiboen eskubideen etorkizuneko ikuspegiaz eta batez ere gai honetan Ombudsmanak duen zereginaz.
PRADPI Alcalako Unibertsitatearen proiektu bat da, 2001etik Ombudsmana eta FIO (Ombudsmanaren Iberoamerikar Federazioa) indartzeko lan egiten duena, baita mundu osoan Zuzenbideko Estatua, demokrazia eta giza eskubideak egonkortzeko ere.
FIOk, osatzen duten erakundeak bezala, duela urte batzuk ahulgarritasun egoeran dauden kolektiboen babesari arreta berezia eskaintzen die, normalean euren eskubideen berme egoki eta eraginkorra lortzeko zailtasun handiagoak dituztenak ohiko babes bideetan.
Nazioarteko III. Kongresu honekin, PRADPIk gaur egungo egoerari buruzko eta kolektibo hauen eskubideen etorkizunari buruzko eztabaida berrartu nahi zuen, batez ere gai honetan Ombudsmanaren paperari buruz. Guzti hori defendatzaileen titularren eta funtzionarioen, komunitate akademikoaren eta beste organismo publiko eta pribatuen ordezkarien arteko hizketaldiko ikuspuntu akademiko eta praktiko batetik, kolektibo hauen eskubideen babes funtzioak ere egiten dituztenak.
3. BESTE JARDUERA BATZUK
3.1. Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean kontsulta daiteke.
2015. urtea aldi berezia izan da Ararteko erakundearen ordezkaritza gorenari dagokionez; izan ere, urte berean ardura hori hartu dute beren gain Iñigo Lamarca ararteko kargua utzi zuenak eta Manuel Lezertua ararteko berriak, eta, bi agintaldien artean, Julia Hernández Valles arartekoaren ondokoak bete du jarduneko arartekoaren kargua. Egoera horrek hainbat ondorio izan ditu, besteak beste, ordezkaritza anitza izan du eta erakundea bere hiru ordezkari gorenen bitartez egin da ikusgarri.
Jarraian labur-labur adieraziko ditugu Ararteko erakundearen hiru ordezkariek burututako jardueretako batzuk:
• Martxoaren 14an, AMPGYL gay, lesbiana, bisexual eta transexualen guraso elkartearen Estatuko XIII. Biltzarrean parte hartu zuen Iñigo Lamarca arartekoak, hain zuzen, mahai-inguru honetan: “Hezkuntzarako eskubidea eta generoagatiko intolerantzia”. AMPGYLen biltzar horretan eztabaidatu eta aztertuko zen ikasgelak zergatik bihurtzen diren sufrimenduaren eta tratu txarren gune haur eta nerabe askorentzat.
• Martxoaren 16an, Iñigo Lamarca arartekoak UNESCOren sorreraren 70. urtemuga (1945-2015) ospatzeko erakunde-ekitaldian parte hartu zuen, Eusko Legebiltzarrean. Han aurkeztu zen Euskal Herriko UNESCO Sarea.
• Orobat, Iñigo Lamarca Madrilera joan zen martxoaren 26an, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena zenbateraino ezartzen den aztertzeko jardunaldian parte hartzera. Jardunaldi hori Haurren Plataformak antolatu zuen. Lamarcak, Espainiako herriaren defendatzailearekin batera, eztabaida batean parte hartu zuen, eskubide horiek bermatzeko bidean defentsa-erakundeek duten eginkizuna hizpide hartuta. Horrela, ezagutzera eman zituen bere ustez familiek gaur egungo testuinguru sozial eta ekonomikoan dituzten beharrak eta erronkak. Topaketa horren helburua hauxe da: Espainian Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena zenbateraino ezartzen den aztertzeko prozesua azaltzea, esparru horretan babestu, sustatu eta defendatzen baitira haur eta nerabeen eskubideak, gizarte-erakundeen baterako lanaren bitartez.
• Maiatzaren 6an, Julia Hernández jarduneko arartekoa Abokatuen XI. Biltzar Nazionalaren hasiera ekitaldira joan zen. Biltzarrak “Gizarte zuzenago baten alde. 100 urte Abokatuen Biltzarrak egiten” izan zuen izenburu. Hasiera-ekitaldian Felipe VI.a erregea izan zen buru, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Carlos Carnicer Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiko presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Rafael Catalá Justizia ministroak. Estatu osoko 1.200 abokatu inguru bertaratu ziren, eta 70 hizlari baino gehiago. Biltzar horren harira, Ararteko erakundeak abokatutzaren balioa nabarmendu nahi izan zuen, funtsezko osagaia baita Justizia administrazioan eta Zuzenbide estatuan, eta, gainera, bere eginkizunak garrantzi handia baitu pertsonarik eta talderik ahulenak defendatzen.
• Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonen koordinakundeak (FEKOOR) mintegi tekniko bat egin zuen Bilbon, maiatzaren 6an, gai honen gainean: Pertsona guztientzako diseinua garapen sozialaren arloan. Julia Hernández jarduneko arartekoa jardunaldi horren hasiera-ekitaldian izan zen. Ezintasunen bat dutenei laguntzeko ereduan dauden ikuspegi berriak hausnartu ziren bertan, pertsona horiek komunitatearen bizimoduan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten, aukera-berdintasuna, erabateko irisgarritasuna eta guztientzako diseinua dituztela.
• Gizakia Helburu-ren 30. urtemuga zela eta, maiatzaren 14an osasun mentalaren gaineko jardunaldi bat egin zen Donostian, eta han izan zen Julia Hernández jarduneko arartekoa. Jardunaldiak izenburu hau zuen: Buruko gaixotasunaren” mitotik patologia abagunetzat hartzera. Egunean barrena, gai horretako adituek patologia mental larria tratatzean familiaren laguntza zein garrantzitsua den adierazi zuten, gaixoekin jardutean izan dituzten hainbat esperientzia azaldu zituzten, eta horien eragingarritasuna balioetsi. Arartekoak arreta berezia eskaintzen die halako pertsonei, oso egoera ahulean daudelako. Horren ondorioz, pertsona horien ahalduntzea, gizarteratzea, osatze psikosoziala eta benetako parte-hartze eragingarria azpimarratzen ditu.
• Ekainaren 10ean, “ONCE Euskadi” XI. Elkartasun Sariak emateko ekitaldia burutu zen Donostian. Han izan zen Julia Hernández jarduneko arartekoa, zeinak Gizarte Ekonomiako Enpresa Saria eman zuen.“ONCE Euskadi” XI. Elkartasun Sarien bitartez, esker ona adierazi eta saria ematen zaie beraien eragin-eremuan elkartasun-lana egiten duten pertsona, elkarte, erakunde edo hedabideei. Horiek denek ahaleginak egiten dituzte herritar guztiak gizarteratzeko, eta normalizazioa, norberaren autonomia, irisgarritasun unibertsala eta bizimodu independentea lortzeko.
• Julia Hernández jarduneko arartekoa Donostian izan zen, Aita Menni Ospitaleak antolatutako lege psikiatriari buruzko jardunaldian. Ekimen horren bidez, osasun arloaren eta arlo judizialaren elkarlana sustatzen da justizia-sistemarekin –alderdi zibil nahiz penaletik begiratuta harremanetan jartzen diren eta arazo psikiatrikoak dituzten pertsonak artatzean, eta, bereziki, gazte-justizian eta espetxeen eremuan.
• Irailaren 15ean, ETAk eraildako Martuteneko espetxeko funtzionarioak oroitzeko ekitaldia burutu zen, eta han izan zen Julia Hernández jarduneko arartekoa.
• Irailaren 25 eta 26an Parlamentuetako Legelarien Espainiako Elkartearen XXII. Jardunaldiak izan ziren Santiago de Compostelan. Bertan, zenbait adituk “Legebiltzarra eta herriaren defendatzailea” gaiaz eztabaidatu zuten. Jardunaldi horietan, “Herriaren defendatzailea etorkizuneko erronken aurrean” izenburuko mahai-ingurua egin zen, non Julia Hernández jarduneko arartekoak parte hartu baitzuen, Nafarroako, Galiziako eta Andaluziako herriaren defendatzaileekin batera. Bere mintzaldian, jarduneko arartekoak erakunde horien alde hitz egin zuen, demokraziaren oinarri nagusi direlakoan.
• Urriaren 7an Julia Hernández Gernikara joan zen, Gernika Batailoiko gudariaren omenez antolatutako ekitaldietara. Gudari horiek Frantzia naziengandik askatzen lagundu zuten orain 70 urte Medoc-en, Pointe Grave-eko batailan.
• Urriaren 16an Gurasoen erantzukizun partekatuaren gaineko II. Jardunaldiak egin ziren Donostian, Kidetzak antolatuta. Guraso bananduen Euskadiko Federazioa da hori. Julia Hernández jarduneko arartekoak adingabearen interes gorena eta benetako berdintasun eragingarria aipatu zituen bere mintzaldian, gurasoen erantzukizun partekatuaren ardatz nagusi gisa.
• Urriaren 19an, bere eginkizunetara itzuli zen Manuel Lezertua arartekoa. Egun berean, urte judizialaren hasiera-ekitaldian egon zen, Bilbon, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren egoitzan. Hantxe izan ziren Euskadiko epaitegi eta erakundeetako agintari gorenak.
• Sabino Arana fundazioak “Europako Zuzenbidea eta oinarrizko eskubideak” izenburuko debatea antolatu zuen Bilbon, urriaren 20an. Berrogeita hamarren bat epaile, magistratu, fiskal, zigor arloko abokatu, politiko eta akademikok hartu zuten parte debate horretan, besteak beste, Manuel Lezertua arartekoak, gai hauetaz hausnartzeko: zigor Zuzenbidearen zeregina edo nola bideratu beharko litzatekeen zigor- eta espetxe-politika ETAren akaberaren aurrean.
• Fernando Buesa Blanco fundazioak eta Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuak XIII. Fernando Buesa Mintegia egin zuten azaroaren 29 eta 30ean, Gasteizen. Mintegi horretan izan zen Manu Lezertua arartekoa, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Álvaro Gil Robles Europako Kontseiluko Giza Eskubideen arloko komisario ohiak, Imanol Zubero soziologo eta EHUko irakasleak, Alberto López Basaguren EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedradunak eta María Oianguren Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak.
• Azaroaren 10ean ofizialki aurkeztu zutenGogora Memoriaren Institutua, memoriaren inguruko politika publikoak koordinatzeko sortutakoa. Aurkezpena Bilboko egoitzan egin zen, Memoriaren Egunaren ospakizunarekin batera, hainbat erakunde, alderdi politiko eta terrorismoaren biktimen elkartetako ordezkarien eta zenbait kultura- eta gizarte-eragileren aurrean. Ekitaldi horrek lehendakaria izan zuen buru, eta Manuel Lezertua arartekoa ere bertan izan zen.
• Azaroaren 18an Elikagaien pobreziari buruzko topaketa egin zen Bilbon, Urban Elika taldeak antolatuta. Euskal Herriko Unibertsitatearen diziplina anitzeko ikerketa-taldea da hori, eta gizartearen eta elikaduraren gaineko azterlanez arduratzen da. Arartekoak hauxe nabarmendu zuen bere mintzaldian: denbora igaro ahala, jendea askoz hobeto ohartu da baliabideak erabiltzeko modua aldatu beharra dagoela, batez ere egunetik egunera argiago ikusi delako zeintzuk diren klima-aldaketaren ondorioak.
• Azaroaren 26an arartekoa Covitek antolatutako jardunaldi hauetan izan zen:, “Indarkeriazko erradikalizazioa, ETAren kontrako borrokatik terrorismo yihadista prebenitzera”. Han mahai-inguru bat egin zen, “Poliziak XXI. mendeko terrorismoaren kontra egindako borrokaz”.
• Joan den abenduaren 3an, urtero bezala, Euskararen Eguna ospatu zen Eusko Legebiltzarrean, ‘Euskara Plazan!’ goiburuarekin, euskararen presentzia bizia aldarrikatzeko. Ekitaldi horretan Legebiltzarreko lehendakaria eta Euskaltzainburua izan ziren buru, eta arartekoa ere han izan zen. Omenaldia egin zitzaion Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskaltzainari, haren jaiotzaren ehungarren urteurrenean.
3.2. Arartekoa Q-EPEA sarean sartu da
Kudeaketa-lanetan bikaintasunarekin konpromisoa hartu duten Euskal Herriko erakunde publikoen (administrazio eta enpresa publikoen) Q-EPEA sarean sartu da Ararteko erakundea, 28. kide bezala.
2002an, EUSKALIT Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin elkarlanean, baterako hainbat jarduera egiten hasi zen, kudeaketako jarduera egokiak partekatu eta zabaltzeko, laneko agiriak modu irekian trukatzeko, beste erakunde publiko eta pribatu batzuei gonbita egiteko, esperientziak partekatu eta elkarrekin hedapen-ekintza publikoak antolatzeko asmoz. Sareko erakunde guztiek lotura bat dute: beraien erakundeetako kudeaketa hobetu nahi dute.
Arartekoak erakutsi du bikaintasunarekin duen konpromisoa agerian jartzen duten zenbait ekintza abiarazi dituela (pertsonen eta bezeroen gogobetetzea neurtzeko inkestak, autoebaluazioa EFQM ereduarekin, zuzendaritza-taldea EFQM ereduan oinarrituta eratzea, EUSKALITen ebaluatzaileen klubean parte hartzea, prozesuen mapa eta horiei dagozkien agiriak zehaztea, e.a.).
Otsailaren 16an egindako osoko bileran, Arartekoak, kide berria denez, gainontzeko kideei jakinarazi die erakunde gisa nola jarduten duen eta azken 5 urteotan zer aurrerapen egin dituen, baita ere zeintzuk diren bere proiekturik berritzaileenetako batzuk (Arartekomapak, adibidez).
3.3. Arartekoak bat egin du euskararen nazioarteko eguneko adierazpen instituzionalarekin
“Festa ederra Euskararen Nazioarteko Eguna Euskal Herriko eta mundu zabaleko euskaldunontzat ez ezik, munduko edozein bazterretan hizkuntza aniztasuna sustatu eta babestu nahi duen ororentzat; azken batean, hiztunak baitira hizkuntza baten benetako protagonistak.”
Horrela hasten da adierazpena, hainbat erakundek sinatua; Arartekoak abenduaren 3an ere horrekin bat egin du Euskararen Nazioarteko Egun honetan.
Adierazpen instituzionalean euskaldunberriei berariaz omenaldia egiten zaie,“eredu direlako guztiontzat, euskaraz dakitenentzat nahiz euskararik ez dakitenentzat, euskararen biziraupenerako bermea direlako, euskara erabiltzeko aukerak nabarmen biderkatzen baitzaizkigu haiei esker”.
Hizkuntza arloan, Ararteko erakundea eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza aspaldidanik elkarrekin lanean ari gara, biak batera, hizkuntzarengatik egiten diren bereizkeriatik herritarrak babesteko eta gure legerian aitortutako hizkuntza-eskubideak babestea bultzatzeko.