10. ADINEKOAK ETA MENPEKOTASUN EGOERAN DAUDEN PERTSONAK
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, adinekoei, eta heterogeneotasun handia ezaugarri duten mendetasun-egoera ezberdinetan dauden pertsonei eragiten dietenak.
Eurostat-ek jasotako datuen arabera, 2030ean, 65 urtetik gorako adinekoen proportzioa % 30 inguruan ibiliko da Europako hegoaldeko herrialdetan. Euskal Herrian, 65 urtetik gorako adinekoak (458.396) 20 urtetik beherakoak (202.082) baino bi aldiz gehiago dira, eta biztanle guztien % 20 dira dagoeneko. Kalkulatu denez, 2029. urterako, 80 urtetik goragoko adinekoak 200.000 baino gehiago izango dira Euskadin, biztanle guztien % 9,9, alegia. Halaber, biztanleen % 34,1 65 urte baino gehiagokoak izango dira. Talde horren % 80 inguruk bizitza modu autonomoan gara dezakete (gehienak 80 urtetik beherakoak dira). Gainerako % 20k eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dute (gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira).
Adineko gehiago egotea bizi-itxaropena luzatzea, bizitza-baldintzak hobetzea eta jaiotza-tasak jaistea bezalako faktoreen baturaren ondorioa da. Hori dela eta, ezinbestekoa da biztanle horien premiei erantzuna ematea. Premia horiek zahartze aktiboarekin zein mendekotasun-egoerekin zerikusia dute, eta azken horiek eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerarekin (EBOJ) edo eguneroko bizitzako jarduera instrumentalekin (EBJI) lotuta daude. Jarduerak, berriz, pertsona eta bere ingurunearen arteko loturaren ondorio dira. Zailtasun horiek zaintza pertsonalak izateko premia –informala, formala edo mistoa– sortzen dute. Pertsona horien premiak batik bat beraien osasun-egoeraren (zentzu zabalean hartuta), mendekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten dira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatean.
1. Arloa kopurutan
Atal honetan, adinekoen egoerari buruzko kexak aipatzen dira. Gehienek mendetasun-egoera aitortzeko prozedurarekin dute zerikusia, edota egoera horren ondorioz jaso daitezkeen zerbitzu eta prestazioekin lotuta daude. Kexa horiek adinekoei zein mendetasun-egoera aitortua duten 65 urtetik beherako pertsonei buruzkoak dira. Kontuan izan behar da desgaitasuna duten pertsonekin zerikusia duten kexak Kapitulu honetan bertan aztertu direla, hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonei buruzko atalean. Adingabeen egoerari buruzko kexak, berriz, txosten honi erantsita doan Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean aztertu dira.
2015ean, guztira 31 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan. Kexa horiek askotariko arrazoiak izan dituzte: prestazioak jasotzeko baldintzak –adibidez, erroldan inskribatuta egotea– ez betetzeagatik laguntzak ukatzea; ordaindu beharreko prezio publikoaren zenbatekoarekin desadostasuna, kexagileak altuegia dela uste duelako, baliabide ekonomiko edo ondasunen bat modu desegokian kontuan hartu delako, edo bestela, etxeko laguntza zerbitzuen edo egoitza-zentroen prezio publikoa zehazteko prozedura nolakoa den jakiteko trabak jarri direlako. Foru aldundietako Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuak egoitza batean antzemandako arazoren bat ere izan da kexaren arrazoia. Ildo honetan, egin ditugun jardueretatik ondorioztatu ahal izan dugu badagoela administrazio-tresna arin bat, arlo honetan agertzen diren gorabeheren berri azkar izateko. Ondorioz, erabiltzaileen eta euren familiakoen lasaitasuna gero eta handiagoa da.
Beste kexa batzuen bidez zerbitzu eta prestazioak pertsonen premietara egokituta ez egotea salatu da. Bizkaiko Lurralde Historikoak jarraitzen du zerbitzu eta prestazioen arteko bateraezintasunen araubiderik gabe. Beharrezkotzat jotzen dugu, oraindik ere, etxeko laguntza zerbitzua indartzea, honako hauen bidez: estaldura-tasen igoera, horiek arinago abian jartzea eta zerbitzuaren intentsitateak adinekoaren beharretara egokitzea.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko irailaren 5eko 12/2008 Legearen 8. artikuluan jasotako zerbitzu eta prestazioen hurbiltasunaren ikuspegi komunitarioak pertsonak euren ohiko ingurunean arreta emateko aukerak areagotzea dakar berarekin. Ildo honetan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretu berriak malgutasun handiagoa aurreikusten du, familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoak lortzeko baldintzei dagokienez. Lehen bezala, egiaztatu behar dira ahaidetasunari eta bizikidetzari buruzko baldintzak, baina salbuets daitezke zenbait egoera berezi, hala nola, erlijio-ordenan egotea, familiakoen antzeko bizikidetza-harremana izatea, edota, mendekotasun-egoeran dagoen pertsona honako ezaugarri hauek dituen ingurune batean bizi izatea: ez dago egiaztaturiko baliabide publiko edo pribatu nahikorik; biztanlerik gabeko gunea da; geografia-egoera edo beste izaera bateko oztopoak daude beste modalitate bateko arreta –loturiko prestazioaren bitartez, zerbitzuen bidezko arreta barne– emateko. Salbuespeneko neurria bada ere, biztanle-talde jakin baten beharrizanetara egokitzea jasotzen du eta bat dator arretaren ikuspegi komunitarioarekin. Ildo honetan, adinekoak beren gizarte- eta familia-ingurunean geratzeko beste aukera batzuk aztertzen eta horiei buruz hausnartzen jarraitu beharra dago.
Halaber, desgaitasuna berriro aztertzearekin zerikusia duten kexak jaso ditugu. Izan ere, kasu batzuetan, lehen aitortua izan duten gradua baino portzentaje txikiagoa esleitu zaie eta horrek ondorio larriak ekarri ditu prestazioei dagokionez.
Azkenik, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haiek zaintzeko kontratatu den pertsonak titulu gaitzaileak egiaztatzeko beharrarekin lotutako kexak aipatu nahi ditugu. Bestela, ez dute betetzen laguntza pertsonalerako prestazioaren onuradun izan ahal izateko eskatzen den baldintza.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Aurten ere, jarraitu dugu nabarmentzen babes-maila osagarri batzuk ezartzeko beharra, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 7. eta 11.2 artikuluekin bat.
Aurten, bukatu ditugu Arabako Foru Aldundian pasa den urteetan hasitako zenbait jarduketa, mendekotasun-gradu txikiagoa esleitu izanaren ondorioei dagokienez.
Izan ere, erregistratutako gradua txikiagotzeak egoitza arretako zerbitzuari lotutako prestazioa azkentzea ekar dezake, baita zerbitzua bera erabiltzeko aukera kentzea ere.
Gure ebazpenean adierazi dugunez, foru administrazioek teknikari-taldeen jardueretan, mendekotasuna baloratzeko baremoa (MBB) –estatu mailan erabiltzen dena– aplikatu beharra zuten. Gainera, administrazio horiek ez dute inolako ahalmenik baremoa aldatzeko. Hala ere, sare publikoko osasun- edo gizarte-lanaren arloko profesionalek Araban erabiltzen den mailaketaren inguruan daukaten iritzia kontuan izanda, egokia iruditu zaigu foru-erakundeari mendekotasuna baloratzeko baremoa erabiltzeak sor dezakeen babes-gabeziaren berri ematea. Izan ere, hango mailaketa-sistema nekez ulertzen da, baloratzen diren pertsonek dituzten laguntzako eta gainbegiratzeko beharrak ikusita. Halaber, gogorarazi diogu erakunde horri baduela ahalmena, babes-maila osagarriak ezartzeko.
Arabako Foru Aldundiak, helarazi genizkion gogoetak ikusita eta mendekotasuna baloratzeko baremoa erabiltzeak sor zezakeen babes-gabeziaz ohartuta, babes-maila altuagoa ezarri zuen uztailaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren 24/2013 Foru Dekretuan, mendekotasun egoera aitortzeko, ezintasuna kalifikatzeko eta garapenaren arazoak edo horiek jasateko arriskua aitortzeko prozedura arautzen duena, baita ere, horrelako kasuetan, Arabako gizarte zerbitzuak eta diru prestazioak jasotzeko eskubidea eta prozedura. Zentzu honetan, eutsi egin zion prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubideari, hain zuzen, honako kasu hauetan: I. gradua (40tik gorako puntuazioa), II. gradua edo III. gradua esleituta izanda, beren mendetasun-egoera berrikustearen ondorioz, pertsona bati I. gradua esleitzen zaionean, 40 puntu baino gutxiagorekin.
Gainera, Dekretu horren bidez, Foru Aldundiak ezarri zuen zerbitzuak erabiltzeko baimen berezia, zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa eta laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa (baina ez familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa) jasotzeko aukera, aipatutako Dekretuaren I. Tituluan araututako egoera batean dauden, baina laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzat.
Bestela esanda, hasiera batean zerbitzuari lotutako prestazioa mendekotasunaren I. gradua duten pertsonei zuzenduta egon ez arren, eman ahal zaie, Diputatuen Kontseiluak emandako Arabako Lurralde Historikoan mendekotasun egoera onartzeko prozedura, beregain izaten laguntzen duen sistemaren zerbitzuak jasotzeko eskubidea eta era, eta mendekoei eskaini beharreko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 39/2007 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrarekin bat. Ondoren, I. graduko mendekotasuna duten pertsonek prestazio hori jasotzeko aukera izan dute.
Bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatzeari dagokionez, Diputatuen Kontseiluak apirilaren 8an emandako 24/2008 Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin bat, Foru Erakundea legitimaturik zegoen edozein unetan prestaziorako eskubidea sortu duen egoerak aldatu gabe jarraitzen ote zuen egiaztatzeko, eta horrela ez bazen, zenbatekoa aldatu, prestazioa eten edo azkendu ahal izan zuen. Halaber, kasu horretan gertatu zen bezala, zenbatekoa itzultzeko eskatzea zuen, prestazioa bidegabe jaso zela ondorioztatuz gero.
Erakunde honek zera jakinarazi zion Arabako Foru Aldundiari: gure ustez, administrazio prozedura orokorrari buruzko legearen (hain zuzen, egintzei atzeraeragina emateko aukerari buruz, interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean, beti ere, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren) interpretazio zuzenak, prestazio desegoki horiek eskatzeko aintzat hartutako eragin data mendetasun gradu berria onartzeko datan jarriko luke, eta ez aurreko onarpena iraungi zenekoan. Ildo horretan, adierazi genuen ezinezkoa litzatekeela frogatzea eskatutako betekizuna berrazterketa izatez egin den unea baino lehen gertatu zela. Halaber, egokia iritzi genion behar gabe jasotako prestazioak itzultzeko eskatzen duten ekintza administrazio horiek ofizioz berrikusteari.
Era berean, zera adierazi genion Arabako Foru Aldundiari: pertsona horiei –gehienak diru-sarrera urriak dituzten eta jasotako prestazioak gastatu dituzten adinekoak, gaixotasun mentala duten pertsonak eta adingabeak– eragiten ari zitzaien kaltea ikusita, berrazterketa egiteko data iraungitzea gertatzen den hil berean finka zezala eta, edonola ere, argi eta zehatz azal zitzatela balio-epearen preklusiotik eratorritako balizko ondorioak. Hori guztia, administrazio baten jarduerarik ezak pertsona interesatuak kalte ez zitzan.
Foru Aldundiak aintzat hartu zuen gure gomendioa eta hainbat neurri hartu zituen, aurreko balorazioaren iraungitze-data eta mendekotasun-egoerari buruzko aitorpen berria emateko eguna bat etorrarazteko, prestazioa behar gabe jasotzea saiheste aldera. Jakinarazi zigunez, balorazioak iraungi aurretik komunikazioa bidaliko zuten. Ondorioz, pixkanaka-pixkanaka jaitsi egin zen gai horri buruzko kexen kopurua, eta nabarmen txikiagoa da sortzen ziren behar gabe jasotako prestazioen kopurua.
Espediente hori amaitu genuen, mendekotasun-gradua txikiagoa duten pertsonei prestazio ekonomikoak jasotzeko aukera eman dituzten araudi aldaketak ontzat emanez. Gradua mendekotasuna baloratzeko baremo berria aplikatzearen ondorioz txikiagotu zitzaien. Halaber, ontzat eman genituen prestazioak behar gabe jasotzea saihesteko hartutako neurriak.
Gainera, azpimarratu genuen oso garrantzitsua zela Foru Aldundiak eskatzen duen orori mendekotasuna baloratzeari buruzko espediente osoaren kopia bat ematea, eragindako pertsonek defentsa antolatzeko orduan izaten dituzten zailtasunak ikusita. Halaber, nabarmendu genuen komenigarria zela balorazioari buruzko irizpena mendekotasunaren aitorpenari eransteko aukera aztertzea. Gure ustez, konpondu behar den gaia da, eta aztertu beharko litzateke mendekotasunari buruzko aitorpenetan oro har aplikatzea.
2.2. Beste kexa baten arrazoia egoitza publiko batean jasotako arretarekin desadostasuna izan da. Ondorioz, interesatuak uko egin zion esleitutako leku publikoari. Kexa aztertzean, egiaztatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiak behar bezala erantzun ziela familiak aurkeztutako kexei. Arartekoaren iritzian, Foru Aldundiak arrazoizko epean jardun zuen, gehiegi luzatu gabe zentroan elkarrizketa egin zen eta idatzizko erantzuna eman zen salatutako arazoen gainean. Era berean, egoitzaz aldatzeko prozeduraren nondik norakoei buruzko azalpenak eman ziren.
Ama ondo egoteak familia kezkatzea ulergarria bada ere, gure iritziz, Foru Aldundiak erantzun zien familiakoen zalantza eta zailtasunei, eta administrazio eskudunak egindako jarduerek erakusten dute familia horren amak zituen beharrei zein familiaren zalantza eta kezkei behar bezala erantzun zitzaiela. Hori dela eta, ez zegoen elementu sendorik eginkizunak bete ez zituela ulertzeko.
2.3. Izapidetu ditugun beste kexa batzuen arrazoia behar gabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzeko beharra izan da. Interesatuak prestazio bat (adibidez, baliaezintasun handiarena) aintzat hartu behar zenik ez zekielako, edota inguruabarrak aldatu ziren, eta hartzaileak halako aldaketa jakinarazi behar zuenik ez zekielako jaso da prestazioa. Legea ez ezagutzea legea ez betetzeko aitzakia ez dela alde batera utzita, kasu bakar batzuetan baino ez genuen herritarren fede gaiztoaren susmoa. Oro har, fede ona eta aldaketak komunikatzeko oinarrizko betebehar horiek daudela ez jakitea antzeman dugu.
Bete beharreko baldintzei buruzko informazio xeheagoa ematearen garrantzia helarazi diogu foru erakundeari. Era berean, esan genion espedienteak atzerapenik gabe berrikusi behar direla, haien egokitasuna aztertzeko, eta horrela, denbora pasa ahala, zorra pilatzea saihesteko. Halaber, interesatuaren oinarrizko bermea izateagatik, erreklamazio-prozedura izapidetzeko, dagokion araudia betetzeko beharra helarazi diogu. Kontuan izan behar da zenbatekoaren aldaketa (berariazko araudia duena) ez bezalako ekintza administratiboa dela. Gainera, erreklamazioa preskribatzeko aurreikusitako araubidea hartu behar da kontuan. Azkenik, gure ustez, kasu horietan, zorra itzultzeko erraztasunak eman behar dira, horren zenbatekoa zordunaren egoeraren arabera zatikatu ondoren.
2.4. Beste kexa batek mahai gainean jarri du adostasunik eza, udal batek ezezkoa eman baitio familiako bati, espediente baten inguruko informazioa eskatu duenean. Hain zuzen, mendetasun-egoera aitortzetik eratorritako prestazio ekonomikoekin loturiko espedientea izan da. Kexa aztertu ondoren, ondorioztatu genuen herri-administrazioetako erregistro eta artxiboetan sarbidea izateko eskubidea interesatu izaera duen pertsonari ez beste inori dagokiola, kasu horretan, familiakoa ez zela interesatua. Laburbilduz, gure ustez, eskatutako informazioak ez zuen eraginik kexagilearen eremu juridikoan eta ez zuen ondoriorik bere eskubideetan; halaber, ez zen nahikoa, jurisprudentziaren arabera, ondorio hipotetikoak ekarri ahal izatea. Hortaz, eskatutako informazioa bideratzeko eskaerari ezezkoa ematea Zuzenbidearekin bat zetorrela ulertu genuen.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Lehendabizi, urriaren 6ko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretua onartzea aipatu nahi dugu. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroa ezartzeak gizarte-zerbitzu eta -prestazioetarako eskubide subjektiboaren edukia zehaztea dakar ondorioz. Zerbitzu eta prestazio horiek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusita daude, eta 2016ko abenduaren 26tik aurrera eskatu ahal izango da lege hori betetzea. Legean zehaztu da, besteak beste, prestazio edo zerbitzuaren izaera, xedea, hartzaileak, laguntzetako bakoitza lortzeko baldintzak, eta hura erabiltzeagatik tasa ordaindu behar den edo ez.
Lurraldean oreka handiagoa lortzeko, erakunde honek askotan eskatu duen bezala, Zorroaren xedea da administrazio bakoitzak dituen eskumenak eta pertsonen beharrak bateratzea, berdintasun-printzipioa bete dadin, eta, era berean, Erkidego osoan behar berdinei erantzun homogeneoak eman daitezen. Helburua Euskadiko gizarte-arreta homologatzea da, gaur egun, desberdina baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak onartutako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019 aipatu dugu. Helburua gizarte-zerbitzuen euskal sistema prestazio, zerbitzu eta ekipamenduek (titulartasun publikoko zein pribatu itunpekoek) osatutako erantzukizun publikoko sistema edo sare unibertsal gisa finkatzea da. Sare horretan, ekimen publikoa eta soziala nagusituko litzateke, eta horri esker, Zorroan zehaztutako Euskadi osoan zerbitzu eta prestazio ekonomiko berdinak lortzeko aukera bermatzeko nahikoa leku eta profesional egongo lirateke. Horretarako, zerbitzu edo prestazio ekonomiko bakoitza emateko eskumen zuzena duen administrazioak nahikoa baliabide ekonomiko, leku eta profesional izan behar ditu beharrizanen bilakaerari aurre egiteko, eta zehazki, sistemako zerbitzu eta prestazio ekonomikoen eskaerari erantzuteko, bai eskaera hori erakundeetara eraman bada, bai horiek identifikatua izan bada.
Plan estrategikoak jasotzen dituen mapan eta txosten ekonomikoan zenbatetsi dira, alde batetik, 2017an eskainiko diren lekuak, eta hala badagokio, zerbitzu eta prestazio ekonomiko bakoitzeko arreta-orduak, eta bestalde, horretarako behar den gastu publiko arrunta. Halaber, ezartzen ditu gizartearen beharrizanak neurtzeko diagnostikoa, horien bilakaerari buruzko pronostikoa, baita ildo estrategikoak, helburuak eta plana burutzeko egokienak diren jarduerak ere.
2015. urtean ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte-zerbitzuen mapa egin du. Bertan azaltzen den zerbitzu eta prestazioen ibilbide-orria osatu behar izango da, adinekoen (besteak beste) eskaera soziala asebetetzeko. Mapak erakutsitako gabezietako bat, desoreka izan da, hain zuzen, zerbitzu batzuen eskaintzari dagokionez, eskualde batetik bestera alde handia nabaritu da. Gainera, mapa horrek EAEko eremuan ezarritako planifikazioa zehaztu eta Gipuzkoako errealitatera egokitu egiten du. Lortu nahi diren estaldurak zehazten dituenez, EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan eranskin gisa jaso da, EAEko esparruan ezarritako irizpide orokorrekin bat.
Beste araudi-berrikuntza bat Diputatuen Kontseiluak ekainaren 2an onartutako 32/2015 Foru Dekretua izan da, Arabako Lurralde Historikoko osasun eta gizarte arloko egoitza-unitaterako sarbidea arautzen duena. Sarbidea arautzeaz gain, zerbitzua eskaintzeko baldintzak ere jasotzen ditu. Baliabide hori aldi baterakoa da eta egonaldia gehienez ere 12 hilabetekoa izan daiteke. Alta klinikoa jaso ondoren osasun eta gizarte arloko laguntza jasotzeko beharrizan handia duten pertsonei zuzenduta dago.
Halaber, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunerako Estatuko idazkariaren 2015eko azaroaren 3ko ebazpena aipatzen dugu. Horren bidez, argitaratu da Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluaren eta Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren arteko Akordioa, Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren barnean dauden zentroak eta zerbitzuak egiaztatzeari buruzko 2008ko azaroaren 27ko Akordioaren zati bat aldatzen duena. Ebazpen berean, giza baliabideei buruzko eskakizun eta estandarrak ezarri dira, zerbitzua behar bezala ematea bermatzeko. Izan ere. kontuan hartu da profesionalen kopurua eta lanpostua betetzeko prestakuntza eguneratua izatea.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak erregistro bat sortu du, pertsona guztiek izena ematea errazteko. 2015. urtean izena eman duten pertsonek jarraitu ahal izango dute lanean 2016eko urtarrilaren 1etik aurrera. Data horretaz geroztik, 2017. urtea amaitu arte izango dute epea, beren prestakuntza egiaztatzeko. Baliteke epe hori aipatutako bi egunen artean hasi diren prozesuak (lan-esperientzia egiaztatzeko) bukatu arte luzatzea. Epeak amaitu ondoren, lan egiten duten pertsona guztiei prestakuntzarekin loturiko baldintzak betetzea eskatuko zaie, hain zuzen, gizarte-erakundeetan mendekotasuna duten pertsonen osasun eta gizarte arloko laguntzaren inguruan, eta etxeetan daudenen osasun eta gizarte arloko laguntzaren inguruan.
Gizarte-zerbitzuen zuzendari eta gerenteen Estatuko Elkarteak 30 adierazle kontuan hartzen dituen DEC indizea 2015 (Gizarte Zerbitzuen Garapenaren indizea) argitaratu du. Adierazleen artean, besteak beste, honako hauek daude: zerbitzuen estaldura, gastua biztanleko eta Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren barneko autonomia erkidego bakoitzak aitortzen dituen eskubideak. Dokumentu horretan jasotako ondorioa zera da: Espainiaren parte handi batean, ahula da Gizarte Zerbitzuen Sistema. Emaitzek berriz ere egiaztatzen dutenez, eskualdeen arteko ezberdintasunak ez dira gutxitu eta muturrekoak izaten jarraitzen dute, prestazio eta zerbitzuen estaldurari buruzko adierazle gehienetan. Euskal Herriari dagokionez, salbuespenak salbuespen, adierazleak hobeak dira Estatuko beste toki batzuetan baino, eta nabaritzen da inbertsioa eta arlo horretarako bideratzen den aurrekontuaren portzentajea, beste erkidego batzuekin alderatuta.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadiko 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Estrategia landu du.Bertan jaso da estrategiaren kontzeptu-esparrua eta oinarri hartu dituen printzipioak: duintasuna, autonomia, parte-hartzea eta erantzukidetasuna. Estrategia hiru arlo handitan egituratzen da: gizartea zahartzera egokitzea eta gobernantza-eredu berri bat; aurrerapena eta prebentzioa hobeto zahartzeko; adiskidetasunezko jarrera eta parte-hartzea ongizatearen gizartea eraikitzeko garaian. Estrategia prestatzeko aintzat hartu da 55 urte eta hortik gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlana, adinekoen eguneroko bizitzaren alderdiak identifikatzeko eta beren beharrizanak ezagutzeko helburuz Estrategiaren oinarri hartu dena. Hori guztia, etorkizuneko belaunaldien beharrak eta jarrerak aurreikusi ahal izateko.
Nazioarteko mailan, Europar Batasunak (EB) eta Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (United Nations. Economic Comission for EuropeUNECE) zahartze aktiboaren ranking-a, Active Ageing Index (AAI) argitaratu dute. Horren bitartez, besteak beste, honako alderdi hauek neurtzen dira: enpleguari eustea, gizartean parte hartzea eta Europar Batasuneko adinekoen autonomia sexuaren arabera. Estatu batetik bestera alde handiak erakusten dituzte jasotako datuek. Era berean, gauzatzen ari diren eta gauzatuko diren aurrerapenak ezagutzeko balio dute. Euskadi, sailkapen orokorrean, zazpigarren postuan dago, Europar Batasuneko 28 herrialdeen artean. Espainia (Euskadi kontuan hartu gabe) 17. postuan kokatu da.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Aurten, zenbait aurrerapauso egin dira lurraldeen arteko desoreka saihesteko, eta horrela, EAE osoan prestazio eta zerbitzu berdinak eta antzeko arreta-maila eta estaldura eskaintzea bermatzeko, erakunde honek aspalditik eskatu duen bezalaxe. Modu oso positiboan balioetsi dugu Prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua eta gizarte-zerbitzuen mapa zein Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartzea, alde batetik, administrazioaren hiru mailen artean ados jartzea oso zaila izaten delako, eta bestaldetik, gizarte-zerbitzuen sistema homologatzeranzko bidean aurrera egitea onuragarria delako, eta onura horiek funtsezkoak dira, berdintasunerako eskubideari begira.
4.2. 2015. urtean bukatu da aurrekontu-oreka eta lehiakortasunaren sustapen neurriak bermatzeko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legearen bidez onartutako etenaldia – I. graduko mendekotasuna duten pertsonak lanean hastearekin lotutakoa. Espainian, mendekotasun-graduren bat duten pertsona guztiak Autonomiaren Aldeko eta Mendekotasunaren Arretarako Sisteman daude eta mendekotasun-graduaren arabera pertsonari aitortzen zaizkien zerbitzu eta prestazioak jasotzeko eskubidea dute. Praktikan, etenaldi horrek ez zuen eraginik izan Euskadin, euskal herri-administrazioak, azkenik, babes-maila osagarriak ezartzeko aukeraz baliatu zirelako. Neurri hori mesedegarritzat jo dugu. Babes-maila osagarriak sustatzeko aukera horrek Sistemako osagai garrantzitsua izaten jarraitu behar du.
4.3. Nabarmendu nahi genukeen hobekuntzetako bat hauxe da: komenigarria izango litzateke balorazioari buruzko irizpena mendekotasunaren aitorpenari eransteko aukera aztertzea. Gure ustez, konpondu behar den gaia da, eta aztertu beharko litzateke mendekotasunari buruzko aitorpenetan oro har aplikatzea.
4.4. Adinekoen kopuruak gora egiteak hurrengo urteetarako planifikazio egokia eskatzen du, prestazio eta baliabideei dagokienez. Planifikazio horretan kontuan hartu behar da zentroa ohiko ingurunetik hurbil egotea, hurbiltasuna baita erabakigarria zainketa mistoak jasotzeko aukera izateko, eta gainera, gure Gizarte Zerbitzuen Sistemako funtsezko printzipioaren –ikuspegi komunitarioaren– oinarri ere bada.
4.5. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei autonomia eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko euskal 12/2008 Legea garatzeak eta aplikatzeak izan duten garrantziaz gain, aurrera egin behar da beste politika batzuetan ere, hala nola, bultzatu behar da arretaren kalitatea eta tratu ona, baita zahartze aktiboarekin loturiko jardueren kalitatea ere. Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpena funtsezkoa da ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab. direla eta, baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere. Politika publikoen bidez sustatu behar da adineko horien parte-hartzea, eta onartu behar da beren ekarpena gizartearen aldaketan. Halaber, merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna eman behar zaie. Euskadiko 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Estrategiak helburu horiek jasotzen ditu eta funtsezko tresna da gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta gizartearen ongizatean izaten dezaketen ekarpena sustatzeko. Hori dela eta, beharrezkoa da baliabideak jartzea, estrategia hori gauzatzeko.
4.6. Kezka moduan azpimarratu nahi dugu bakarrik bizi diren adinekoen egoera –pertsona horiek ez dute gizarte- eta familia-sare nahikorik edo egokirik, eta batzuek ezgaitzen ez duen buruko arazoren bat dute. Pertsona horien ahultasunak gizarte eta osasun arloan esku hartzeko programak abian jartzea eskatzen du, kolektibo horren beharrizanak detektatzeko eta haiei aurre egiteko.
4.7. Konpondu beharreko gaiei dagokienez, lehentasunezkoak dira, gure ustez, esku-hartzea hobetzea (Arreta Pertsonalizatuko Plana edo Arreta eskaintzeko Banakako Programa), baita lehen mailako eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuei dagozkien eskumenak zeintzuk diren argitzea ere, alde batetik, arreta-ibilbidearen jarraitutasunaren, eta bestetik, erabiltzailearen, familiaren edo bere izenean diharduen tutoretza erakundearen parte-hartzearen arteko koherentzia bermatzeko. Horretaz gain, beharrezkoak izango dira aldizkako ebaluaketa eta berrikusketa egiteko mekanismoak, pertsonaren beharrak aldatu ahala, plan edo programaren egokitasuna egiaztatzeko. Horrekin batera, aukera eman beharko da programa aldatzeko, interesatuak berak edo bere legezko ordezkariek eskatuta. Arreta pertsonarengan jarrita duen planifikazioa, ikuspegi prebentiboa eta komunitarioa, eta arauditik eta nazioarteko akordioetatik eratorritako eskubideak aitortzea (desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bezala), horrek guztiak esku-hartzea aurreko paradigma horien ikuspuntutik diseinatzera behartzen du.
4.8. Azterketa batzuen arabera, gizarte-zerbitzuetan inbertituz gero, % 40 itzultzen da aurrekontu ekitaldi berean. Gainera, helburua ez da bakarrik pertsonen eta familien oinarrizko betebeharrak asetzea, enplegua sortzeko ahalmen handia ere badu. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei eta zaintza eta gizartearen laguntza behar duten beste kolektiboei arreta emateko, ezinbestekoak dira langile egokiak, eginkizunak beharreko arretaz eta giza kalitatez betetzeko. Gizarte teknologikoaren garapenaren ondorioz, gero eta langile gutxiago behar dira hainbat produkzio-sektoretan, baina gizarte-arretaren sektorean eta hezkuntzan, prestakuntza eta prestakuntza egokia duten langile gehiago behar dira, gure gizartean baliotsuena den hori, hau da, pertsonak –eta horien artean, adinekoak– zaintzeko.
4.9. Lehentasunen artean, berriz ere azpimarratu nahi dugu herri-administrazioek konpromisoa hartu behar dutela arlo horretan lan egiten duten langile profesionalak prestatzeko eta beren prestakuntza egiaztatzeko, bereziki, aurretik aipatu ditugun lege-eskakizunak –prestakuntzari buruz– kontuan hartuta.