5. JUSTIZIA
1. Arloa kopurutan
Justiziaren arloan guztira 40 kexa-espediente berri ireki dira 2015. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzera onartutako guztien %1,99. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
• Justizia Administrazioaren eta bulego judizialaren
funtzionamendua ..............................................................20
• Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak ........................9
• Doako laguntza juridikoa .................................................6
• Beste alderdi batzuk .......................................................3
• Beste elkargo profesional batzuk ...................................1
• Familia elkarguneak .......................................................1
Urtean zehar izapidetutako espedienteei dagokienez, txosten hau amaitzean egoera honetan zeuden:
Hala ere, horiek ez ziren Arartekoan aurkeztu diren eta Justiziako Administrazioarekin zerikusia duten kexa bakarrak. Arlo honi dagokionez, izapidetu ezin izan ditugun beste erreklamazio batzuk jaso ditugu, honako arrazoi hauetako batengatik gure eskumen-eremutik kanpo geratzen direlako:
•Partikularren arteko gatazkak zirelako.
•Estatuko administrazio-organoen jarduketei buruzkoak zirelako: hori dela eta, estatuko gure homologoari –Herri Defendatzaileari– helarazi dizkiogu.
• Auzitegien erabakien kontrakoak zirelako: organo horien independentzia dela eta, erakunde honek zein jurisdikzionala ez den beste edozein instantziak ezin ditu kontrolatu.Erabaki horietako batzuek bide judizialean dauden auziak ebazte edo izapidetzearekin zerikusia zuten, hortaz, erreklamazioak planteatu dituzten pertsonak kasu bakoitzari dagokion errekurtso-bidera bidali behar izan ditugu; beste erabaki batzuek, aldiz, gobernu-izaerako kontuak aipatzen zituzten; halakoetan, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoari, Fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Ikuskaritza Zerbitzuari jakinarazi genion.
Hala ere, kasu horietan ere, erakunde honen irizpidea da esku hartzeko dauden aukera guztiak agortzea, Arartekoarengana jotzen duten pertsona guztiek topatutako oztopoak gainditzeko, eta hala badagokio, auzitegietan euren bidezko eskubideak eta interesak baliatzeko. Txostenaren xede den urtean ere gauza bera egin dugu, batez ere, aurkeztutako kexen –formalki izapidetzeko aukeretatik harago– benetako defentsa-gabeziako egoerak salatzen zituztenean. Halakoetan, gure kezka izendatuta zegoen defentsako abokatuarekin koordinatuta garatu diren kudeaketa informalen bidez helarazi diegu epaitegiei, kasu guztietan, bi printzipio errespetaturik: alderdien arteko inpartzialtasuna eta sub iudice dauden gaietan edo jurisdikzio-bidean ebatzitako auzietan esku hartzeko eskaera orori uko egitea.
Dena den, esan beharra dago gure lanaren alderdi hori ez litzatekeela posible izango, Epailetza eta Fiskaltzaren lankidetzarik gabe.Era berean, eskerrak eman beharrean gaude Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko Idazkaritzarekin izan dugun komunikazio malgua eta errazagatik. Bere esku-hartzea eta Justiziako Administrazioko abokatuengandik jasotako harrera funtsezkoa izan da egoera horiek ebazteko.
2. Kexarik aipagarrienak
Arartekoak epaitegi eta auzitegien erabiltzaileei emandako laguntza erakusteko, jarraian bi esku-hartze aipatuko ditugu, formalki izapidetu ahal izan ditugun kasuetan. Gero, sistematikotasunez eta dagokion testuinguruan, 2015ean Justiziaren arloan garatutako lana azalduko dugu.
2.1. Ibilgailuak, auzitegi baten esku egoteko, agindu judizialaren bidez bidetik kentzeagatik eta udal gordailuan gordetzeagatik eskatutako tasak
Salatutako egoera
Auto baten jabeak erakunde honetara jo zuen. Hiru hilabete inguru egin zituen aipatu autoak epaileen esku, ibilgailuen Bilboko udal gordailuan. Epaitegiak ibilgailua jabeari itzultzeko agindu bazuen ere, udalak ez zion autoa eramaten utzi, bidetik kentzeagatik eta udal gordailuan egoteagatik 1.533 euroko tasa ordaindu arte.
Kexagileak alegatzen zuen zerbitzu bat ordaintzera behartu zutela, berak horren beharrik sortu ez bazuen ere. Zerbitzua ez zion berari eman –eta hobeto esanda, eman baino jasan behar zuen, denboraldi horretan autorik gabe egon behar zuelako– Epaitegiari baizik, horrek hirugarren pertsona baten kontrako prozedura penalarekin zerikusia zuen ikerketa baterako bere ibilgailua behar zuen eta.
Arartekoaren esku-hartzea
Ibilgailuak agindu judizialaren bidez gordetzearen izaera juridikoa aztertuta, erakunde honek 2015eko martxoaren 26ko Ebazpena eman zuen, eta horren bidez, herritarrari kobratutako tasa itzul ziezaiola gomendatu zion Bilboko Udalari.
Ebazpenean azaldu genuenez, kasu horretan, ez zen kexagilea ibilgailua gordailuan utzi zuena, Epaitegia baizik, eta hori erabakigarria zen jakiteko noren jarduerak edo jarduerarik ezak eragin zuen zerbitzua ematea, eta ondorioz, tasa eskatzea. Honako ondorio hauek atera genituen:
• Herritarrek agindu judizial baten ondorioak jasan behar izaten dituzte (kexagilearen kasuan, autoa hiru hilabetez erabili ezin izatea), baina ez, gainera, horrek sor daitekeen kostua ordaindu, kostuetara kondenatuta ez badira behintzat. Eta kasu horretan ere, epaitegiak eta ez udalak eskatu beharko luke ordainketa hura. Udalak Epaitegiaren agindua jaso zuen, ibilgailua jabeari itzultzeko, eta bere betebeharra zen agindutakoa hitzez hitz betetzea, baldintzarik gabe, hau da, legezko oinarririk gabeko tasa bat kexagileari ordainarazi gabe.
• Edonola ere, Udalak laguntza eskatu zion Epaitegiari erreklamatu behar zion gordailuaren kostua, eta ez ibilgailuaren jabeari. gordailuen titularrak diren toki-administrazioen, Justiziako Administrazioaren eta horien funtzionamendurako baliabide materialak jartzeaz arduratzen diren Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko hitzarmena bultzatu behar da, kasu horiei –kostuak ordaintzera inor zigortzen ez denean– aurre egiteko.
• Itzultzeko aginduan berariazko adierazpena egoteak, itzulketa eragindakoarentzako gasturik gabe egiteko zentzuan, lagunduko luke nahasmenduak saihesten. Horixe planteatu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, kexa hau eragin duen bezalako egoerak saihestearren.
Emaitza
Bilboko Udalak onartu egin zuen Arartekoaren gomendioa eta itzuli zion kexagileari ordaindutako zenbatekoa. Era berean, erakutsi zuen prest zegoela kanpo-zerbitzuen bidez epailearen aginduz bahitutako ondasunen, bereziki, ibilgailuen gordailuari buruzko erakundeen arteko hitzarmena bultzatzeko. Txosten hau amaitu aurretik, erakunde hau hitzarmenari bidea emateko kudeaketak egiten ari zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailean eta EUDELen, Euskadiko Udalen Elkartean.
2.2. Ofizioz izendatutako abokatuaren jarduerarik ezagatik mantenu-pentsioa erreklamatu ezin izatea
Salatutako egoera
Herritar batek salatu zuen ofizioz izendatutako abokatuaren pasibotasunagatik zailtasunak izan zituela senar ohiak kexagilearen kargura dauden seme-alabei ordaintzen ez zien mantenu-pentsioa erreklamatzeko orduan. Bestalde, inguruabar hori diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen jarraitzeko oztopo bihurtu zen, Lanbidek dagokion salaketa aurkeztea eskatzen ziolako.
Kexagileak adierazi zuenez, beharrezko agiriak eskatzearren harremanetan jarri zenean, harritu egin zen, ezer tramitatu ez zela jakin zuenean. Orduantxe jakin zuen kexagileak abokatuak baja hartu zuela, berari horren berri eman gabe. Izan ere, Abokatuen Elkargoko Orientazio Juridikoko Zerbitzuan esan ziotenez, abokatuaren ardura zen bere egoera jakinaraztea, ordezkari bat bilatzeko. Hori dela eta, erreklamazioa aurkeztu zuen korporazio profesional horren aurka, baina ez zuen erantzunik jaso.
Arartekoaren esku-hartzea
Kexa hori izapidetzeko, Arartekoak hiru arlotan esku hartu izan behar zuen:
• Lehendabizi, ofizioz beste abokatu bat izendatzeko premia larria planteatu genion Orientazio Juridikoko Zerbitzuari. Kontu hori lehentasunezkoa iruditu zitzaigun, kexagileak abokatuaren laguntzarik ez zuen bitartean, ezinezkoa zen Justiziaren aurrean bere eskubideak eta seme-alabenak erabiltzea.
•Bigarrenik, beharrezkoa zen gure ustez, abokatu horren aurka kode deontologikoa hausteagatik aurkeztutako salaketa izapidetzea. Izan ere, abokatu horrek ez zituen akzio judizialik burutu, horretarako izendatuta egon arren, eta baja hartu ondoren, ez zuen ordezkapenik eskatu. Kudeaketa batzuk burutu ditugu elkargo-instantzietan, espedientea azkar ebaztearen aldeko interesa erakutsiz.
•Lanbideri dagokionez, diru-sarrerak bermatzeko errentarako eskubidea ez berritzea bidezkoa izango zen, mantenu-pentsioa jaso ezean, kexagileak bere eta seme-alaben eskubidea betearazteko eskatzen den diligentzia osoa erabili ez bazuen. Hala ere, kasuaren inguruabarrak aztertuta, ulertzen zen salaketa kexagilearen borondatez kontrako arrazoiengatik ez zela aurkeztu. Ildo horretan, Arartekoaren 2015eko azaroaren 2ko Ebazpena eman genuen, eta horren bidez, gomendatu genion Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari berriz azter zezala diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria ukatzeko erabakia.
Emaitza
Bizkaiko Abokatuen Elkargoak izendatutako abokatua zigortzea, defentsatik baztertzea eta berehala beste abokatu bat izendatzea erabaki zuen. Horri esker, kexagileak salaketa aurkeztu ahal izan zuen.
3. Gure esku hartzea, testuinguruan
Aurten, Justiziako Administrazioaren funtzionamenduarekin loturiko kexak arloko zibilekoak izan dira kasu gehienetan, eta atzerapenak izapidetzean eta epaitegi eta auzitegien erabiltzaileek jasotako informazioa edo arreta desegokia izatea salatzeko aurkeztu dira.
Positibotzat jotzen dugu administrazio-instantzien eta instantzia judizialen jarrera ona, egoera horiek konpontzeko lankidetza eskatzen genionean. Kasu partikular bakoitzean hartutako erabakietatik harago, kexen bidez azaldutako arazoak, azken batean, Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakariak urte judizialaren hasieran aipatzen zituen arrisku-eragile berberen adierazpenak baino ez ziren. Bere diagnostikoa partekatu baino ezin dugu egin:
“El objetivo de una Administración de Justicia que opere como un instrumento de tutela efectivo y eficiente se presenta, hoy, seriamente obstaculizado por los impactos del programa de reformas estructurales, de medidas de reducción presupuestaria y del gasto social, así como de recorte en el ejercicio de los derechos sociales y de las garantías jurisdiccionales”.
3.1. Epaileekin, fiskalekin eta abokatuekin lankidetzan egindako kudeaketak
Aipatu bezala, auzi baten gainean ebazpen judiziala eman bada, edo horren zain baldin badago, atzera bota behar dugu auzia. Hala ere, auzi horiek planteatzen zituzten kexek, batzuetan, babesgabetasun-egoerak erakusten zituzten, eta halakoetan, Arartekoak ahal zuen neurrian lagundu behar zuela ulertzen zuen.
Paradigmatikoa izain daiteke, ildo honetan, egoitza atzerrian zuen bilbotar baten kasua: pertsona hori kale gorrian bizi zen, familiakoekin harremanetan jarri gabe. Arartekoaren laguntza eskatu zuen, bere eskubideak ezagutu eta baliarazteko. Azaldu zuenez, testamentu-judizio baten onuradun zela uste zuen, baina kontsul-zerbitzuek ez zioten zerbitzua eman, helbiderik ez zuelako.
Zenbait kudeaketa egin genituen jaraunspenaren banaketa onartu zuen epaitegian, baita eskritura publikoa aurkeztu zuen notariotzan ere. Instantzia bien arteko lankidetzari esker, oinordetza egiaztatzen zuten agiriak lortu, eta interesatuari helarazi genizkion. Izan ere, hainbat finkaren eta diru-kopuruen jabea zen. Era berean, eta Borondatezko Jurisdikzioari buruzko uztailaren 2ko 15/2015 Legeak arlo honetan Justiziako Administrazioko abokatuei esleitzen dizkien funtzio berrien testuinguruan, ondoriorik gabe geratu zen pertsona horren egonlekuaren berri ez izateagatik bere absentzia-adierazpenari buruzko ebazpena.
3.2. Justiziaren antolamendu-eredua eta atzerapenak izapidetzean
Arrazoi horrengatik aurkeztutako kexek, aurten, dibortzio-prozedurekin eta egoitzagatik erregistro zibil zehatz batzuetan herritartasuna eskatzeko espedienteekin zerikusia zuten.
Ildo horretan, epaitegietako langileen bajak eta ordezkapenak arazo iturri dira oraindik ere, batzuetan, izapideak moteltzea eta jendeari arreta emateko epeak luzatzea eragiten dutelako. Hori behintzat uler daiteke Justiziako Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko Idazkaritzak emandako informazioa aztertuz. Espainian egoitza izateagatik herritartasuna lortu nahi duten pertsonek aurkeztutako kexa dela eta jo genuen erakunde horretara, Getxoko Erregistro Zibilak bi urte barru eman zielako hitzordua.
Erregistroko idazkariak, helarazi genion kezkaren berri jasotakoan, azkar erantzun zuen, eta antolamendu-neurriak hartu zituen tramitazio-epeak laburtzeko. Hala ere, gertatutakoak agerian jartzen zuen autonomiako agintariek bere garaian aditzera eman zituzten baliabideak optimizatzeko neurrien eta prestakuntza-planen eragin txikia. Izan ere, neurriok egoera horiek zerbitzua atzeratu ez zezaten eta kalitatean ondorio txarrik egon ez zedin hartu ziren.
Antzeko egoera bat Gernikan gertatu zen. Hain zuzen ere, bertako epaitegietan aldi berean baja batzuk izan ziren eta lau epaitegien arteko ordezkapenak egiteko neurriak hartu arren, erantzuna jasotzeko epea luzatzea ekarri zuen horrek. Horrek hainbat kexa aurkeztea eragin zuen. Gure esku-hartzean, familia-arloko prozeduretan neurri zehatz batzuk jasan behar dituzten adingabeen kaltea –atzerapenaren ondoriozkoa– azpimarratu genuen.
Azaldutakoa bezalako egoera, zalantzarik gabe, gure epaitegietan langile gutxiegi egotearen ondorioa da. Alabaina, baliabide materialei zein Justizia Administrazioko langileei eragiten dieten aurrekontu-faktoreez gain, horiek erabiltzeko orduan malgutasun handiagoren beharra aipatu da. Izan ere, lan-karga txikiagoa duten organo eta instantziei esleitutako langileek, beharrezkoa izanez gero, lagundu ahal liekete lan gehiegi duten organoei, adibidez, kide bakarreko gizarte- eta merkataritza-arloko epaitegiei, edo gure erkidegoko hiru hiriburuetako lehen instantziako epaitegiei.
Horretarako lagungarria izango litzateke, dudarik gabe, dagoeneko 2010ean onartutako espediente elektronikoa erabiltzen hastea. Egitasmo hori abiaraztea atzeratu izanak informatizazio-arloan ikusten diren gabeziekin du zerikusia, oro har. Bereziki, lortu behar da gure auzitegien kudeaketa prozesaleko eta gobernu-kudeaketarako plataforma informatikoaren eta Justizia Ministerioaren, gainerako autonomien eta fiskaltzaren plataformen arteko elkarreragingarritasuna.
3.3. Doako justizia
Urtean zehar arrazoi horrengatik izapidetutako kexak honako alderdi hauei buruzkoak izan dira:
• Doako justiziaren zerbitzua ukatzearen legezkotasuna eta eskubide hori aitortua duten pertsonei abokatu-laguntza esleitzean irregulartasunak, aurreko epigrafean azaldutako kasuan bezalaxe.
• Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren instalazioak hobetzea; izan ere, instalazio horietara jotzen dute herritarrek doako justiziaren onura eskatzeko. Behin eta berriro aipatzen den gaia da, eta honi dagokionez, bere garaian, Herri Administrazio eta Justizia Sailak dagoeneko onartu zuen erakunde honen gomendioa, Gasteizko Justizia Jauregian hainbat neurri hartzeko. Hala ere, honako gai hauek salatzen dira oraindik ere: pribatutasunik eza, zerbitzua ematen den tokian espazio fisikorik ez dagoelako; une eta leku jakin batzuetan telefono bidezko arretarik eza, arreta hori eman behar duten langileek lan gehiegi izateagatik.
• Hasieran onartezinak diren epeak, espedienteak kudeatzeko; arlo horretan, konpondu gabe dago, oraindik ere, Orientazio Juridikoko Zerbitzutik eskaera ukatzeko proposamena jaso duten pertsonek Doako Justiziaren batzordean aurkezten dituzten alegazioak izapidetzea atzeratu izana.
3.4. Erregistro zibilak
Erregistro zibilen funtzionamenduari buruzko kexak –horietako batzuk aurretik aipatu ditugu– bertako langileen mugikortasun handiarekin lotuta daude, 2015eko erdirako organo horiek pribatizatzea iragarri delako. Azkenik, gaiaren inguruan adostasunik eza, eta zerbitzuaz arduratu behar izan duten merkataritzako eta ondasunen erregistratzaileen erreserbak direla eta, bi urteko etenaldia eragin du kudeaketa-eredu berria abiaraztean, puntu honi dagokionez, Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legearen vacatio legis 2017ko ekainaren 30era arte luzatu ondoren.
Horrela ezarri du Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren eremuko administrazioa eraberritzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 19/2015 Legeak. Hain zuzen, 2. artikuluak aldaketa garrantzitsuak xedatu ditu erregistratzeari buruzko araudian. Horietako bik eragin berezia izan dute erakunde honen jardueran:
• 2015eko urriaren 15etik, ospitaleetako langileek jaioberriak Erregistro Zibilean inskribatzeko aukera. Hilabete eta erdi geroago, euskal ospitale publikoen sare osoan bazegoen zerbitzu berria erabiltzeko aukera, Arabako Unibertsitate Ospitalea lehenengoa izanik. Hala ere, jarraitu dugu gai horri buruzko kexak eta aholku-eskaerak jasotzen. Hain zuzen, gurasoak ezkonduta egotearen edo ez egotearen arabera, izapideetan antzemandako desberdintasunak aipatzen ziren.
• Aipatutako Erregistro Zibilari buruzko Legearen 44.5 artikuluarekin bat, emakume batekin ezkonduta dagoen emakume batek baimena eman beharko du, bere ezkontidearen seme edo alabaren seme-alabatasuna bere alde ezartzeko. Gai horren inguruan jaso ditugun kexa eta kontsultek artikuluaren interpretazioarekin zerikusia izan dute. Izan ere, ondorio horietarako, ospitaleek desberdin interpretatzen zituzten laguntza bidezko giza ernalkuntza teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeak ezarritako baldintzak. Halaber, ez da berdin interpretatzen adierazpen hori eskatzeak izan dezakeen izaera bereizgarria, bikote heterosexualekin konparatuta, senarraren aitatasun-presuntzioa dagoenean.
Bukatzeko, sexu bereko bi pertsonek osatutako eta ezkondutako bikotearen kasuetarako, ezkontza-aktari buruzko agiriaren formatua zuzentzeko kudeaketak aipatu behar ditugu. Hamar urte igaro dira bikote homosexualen ezkontzak legez onartu zirenetik. Hala ere, erregistro zibiletako tresna informatikoak ez ziren araudi berrira egokitu, are gehiago, ezkontzen ari ziren pertsonei buruz hitz egiteko, “senarra” eta “emaztea” terminoak erabiltzen ziren, beste aukerarik egon gabe. Horrek, berriz, oztopatzen zuen erregistro-agirian bi gizon, bi emakume, edo bestela, modu neutroan, bi pertsona agertzea.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Bilerak elkarteekin
Arartekoarekin Giza Eskubideak prozesu penalean bermatzeko sistemaren eragingarritasunari buruzko elkarrizketa izan ahal duten gobernuz kanpoko erakundeetatik eta tokiko zen nazioarteko elkarteetatik jasotako eskaerak aztertu ditugu.
4.2. Erakundeetako eta korporazioetako arduradunekin bilerak
Urtean zehar, lan-bilerak egin ditugu Epailetzako kide ugarirekin. Erakunde honekin izan duten lankidetza ez da agerikoa soilik adierazi ditugun kudeaketa zuzenetan, baizik eta baita gure ebazpenak egiteko orduan iritziak alderatzen lagundu digutelako ere.
Era berean, Euskal Herriko Justizia Auzitegiko Gobernuko Idazkaritzarekin lanean aritu gara, baita lurralde historiko bakoitzeko Idazkaritza Koordinatzaileekin, fiskal nagusiarekin eta probintzietako fiskal buruekin ere. Horiekin guztiekin Arartekora hurbildu diren hiritarrek planteatu dizkiguten hainbat arazo jorratu ahal izan ditugu, batez ere eremu penalean eta erregistro zibilen arloan.
Korporazio profesionalei dagokienez, harremanetan egon gara eta lankidetzan aritu gara hiru lurralde historikoetako abokatuen elkargoekin, beste urte batez, erakunde horren jardueraren aurka aurkeztutako kexetan agertzen diren bi alderdiren gainean: alde batetik, doako justiziaren inguruko auziak; bestaldetik, prozedura-bermeak lanbidearen kontrol deontologikoan, bereziki, espedientea ikusteko eta amaierako ebazpenen arrazoiketa ezagutzeko aukerari dagokionez. Bigarren alderdi hori, gainera, Gipuzkoako Odontologoen eta Delineatzaileen Elkargoekin, baita Bizkaiko Notarioen Elkargoarekin ere landu dugu.
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin bildu gara, eta horren arduradunekin, arlo horretan jasotako kexetatik eratorritako egitura-alderdiei heltzeko aukera izan dugu. Justiziako Administrazioarekin batera, erakunde horren zerbitzuak bisitatu ditugu, baita Bilboko Justizia Jauregiko Orientazio Juridikoko Zerbitzuak eta Zumarragako Ibaiondo Adingabeen Zentroa ere.
4.3. Inkomunikazio-araubidean atxilotutako pertsonen berme-sistema hobetzeko neurriei buruzko gomendioen jarraipena
Jarraipen hori egiteko, Ertzaintzaren hainbat polizia-etxe bisitatu genituen, eta emaitza Segurtasunaren arloari buruzko Kapitulu honen zatian adierazita dago.
4.4. Ekitaldietan parte hartzea, txostenetan parte hartzea eta materialak egitea
Arartekoaren presentzia publikoa zabala izan da arlo honetan landutako gaiekin lotuta. Arartekoaren esku-hartzea honako foru hauetan nabarmen daiteke:
• Abokatutzaren Kontseilu Orokorra: Atxilotutako pertsonaren eskubideen jurisdikzio-bermeei buruzko lan jardunaldia.
• Euskal Herriko Unibertsitatea (Bizkaiko campusa): Esku hartze penalaren esparruan dauden uneko joerei buruzko txostena, Arartekoaren Bulegoaren esperientziatik abiatuta.
• Euskal Herriko Unibertsitatea (Gipuzkoako campusa): Zigor-arloko bitartekaritza judizialari buruzko udako ikastaroa.
• Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritza: herritarrek elkarbizitza sustatzean parte hartzeari buruzko mintegia
• Sabino Arana Fundazioa: Europako Erkidegoko Zuzenbideari eta Oinarrizko Eskubideei buruzko mintegia.
• Bizkaiko Abokatuen Elkargoa:
- Familiaren Legean egongo diren erreformei buruzko jardunaldia.
- Nazio Batuen Erakundeko Gisa Eskubideen Batzordearen lehendakariaren hitzaldia, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna betetzearen eta aplikatzearen inguruan.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Euskal Herriko epaitegiak Estatuaren buruan daude, herritarren eskaerei erantzuteko denborari dagokionez, auziak izapidetzeko denbora kontuan hartzen bada, baita horiek egikaritzeko denbora ere. Autonomietan, jarraian agertzen diren administrazioen apustu estrategikoaren ondorioa da, izan ere, aspalditik hartu dute konpromisoa bulego judizialaren eredu berria ezartzeko.
Arrazoi bera dela medio, erakunde honen iritziz, ez da kasualitatea Justizia Administrazioan gertatutako atzerapen eta eraginkortasunik ezarekin loturiko kexen bidez, urtero, gabeziak antzematen direla eredua finkatzeko oinarrizkoak diren honako hiru faktore hauetan:
• Langileen kopuru nahikoa.
• Eskura daitezkeen baliabideak zerbitzuaren premia guztien arabera esleitzeko malgutasuna.
• Azpiegitura informatiko egokia. Ildo honetan, azpimarratu behar da Bulego Judizial Berriak epaileen artean elkargoak sortzea eta zerbitzu komunen kudeaketa koordinatzea ahalbidetzen badu ere, ereduak ez da behar bezala erabiliko, gure epaitegi eta auzitegietan kudeaketa informatikoko tresna egokirik ez badago. Tresna horiek, alde batetik, jardueraren eraginkortasun eta kalitate handienaren arabera baliabideak banatzeko balio behar dute. Bestaldetik, Justiziaren Ministerioko plataformak gainerako autonomietako plataformekin eta fiskaltzakorekin bateratzea lortu behar da.
Eragile juridikoen kontzientzia orokorraren zati da arazo horiei erantzuteko beharra. Izan ere, horren adibidea izan daiteke Espainiako abokatutzaren iritziei buruzko barruko barometroa, 2015eko uztailean argitaratu dena. Zentzu horretan, Justiziak Estatuko Itun berri bat behar du, bere antolamendua eta funtzionamendua goitik behera eta berehala aldatzeko eta 2001ean sinatutako itunetik eratorritako Justiziaren modernizaziorako programa orokorraren geldialdia –hamabost urte igaro ondoren– gainditzeko.
5.2. Fiskaltzaren lana funtsezkoa da Justiziaren sistemari eraginkortasuna gehitzeko, eta horrek, azken finean, legitimatzen du sistema hori herritarren eskubideak bermatzeko tresna gisa. Hala ere, bide honetan aurrera egiteko, laguntzeko egiturak behar dira, oraingoz oso mugatuak direnak.
Ondorio hori atera daiteke Euskal Herriko krimen-kopuruaren bilakaera aztertuz: oro har, urtero behera egiten du tasa horrek, baina prebarikazio, ustelkeria edo bidegabeko erabiltzearen kasuak gero eta ugariagoak dira. Ondorioz, Fiskaltzak gero eta maizago esku hartzen du delitugintza antolatuaren, ekonomikoaren eta ustelkeriaren aurka, hortaz, beharrezko antolamendu-baliabideak eta aurrekontua behar ditu, bereziki, teknologia berrien, ingurumenaren eta ingeniaritza finantzarioaren arloan, interes orokorren kontra doan krimen mota konplexuetan espezializatutako langileak izateko.
Ildo berean, 2’15ean, ez da aurrerapen nabarmenik egon, erakunde honek behin eta berriro adierazten duen kezkaren inguruan: polizia baliabideak Epailetza eta Fiskaltzari atxikitzea. Neurri horri esker, zehazki, Polizia Judiziala sortuko litzateke eta Justiziako Administrazioak nahi duen autonomia izango luke bere ikerketak hasteko eta garatzeko.
5.3. Herritarrei dagozkien eskubideen egoera aztertzeko orduan, azpimarratu behar da gure Justiziaren sistema bermatu beharko lituzkeen askatasun publikoetako batzuetan egon den atzerapausoa, 2015ean indarrean sartu ziren araubide-aldaketen ondorioz. Horrela adierazi zuten Nazio Batuen Giza Eskubideen Komitearen aurrean, giza eskubideak defendatzen dituzten erakunde prestigiotsuek, Espainian hatutako neurrien inguruko 2015eko uztailaren aldizkako Seigarren Txostena aztertuta, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean aitortu diren eskubideak benetan betearazteko.
Horien artean, nabarmentzekoak dira norberak bere iritzia adierazteko, elkartzeko, manifestazioak egiteko eta politikan parte hartzeko eskubideen arloan, herritarren segurtasuna babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak aipatzen dituen neurriak. Lege hori ekainaren 30ean indarrean jarri zuten, eta Konstituzio Auzitegiaren aurrean salatu zen arrazoi horrengatik. Halaber, auzitegi gorenaren aurrean eztabaidatu zen birgizarteratzearen printzipio konstituzionalaren eta martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoak ezarritako aldaketaren ondorioz Kode Penalean jasotako berrikus daitekeen espetxealdi iraunkorraren arteko bateragarritasuna.
Partekatu baino ezin dugu egin diagnostiko kritikoa, Komitearen Azken Ondorioak jasotzen dituena. Era berean, aurrerapenik eza aipatu behar da Espainiak 2008an egindako gomendioak aplikatzean. Jasan behar dugun krisia ez da ekonomikoa bakarrik, baloreen krisia ere bada. Hori dela eta, azpimarratu behar dugu dagoen arriskua, gure eredu ekonomiko, sozial eta demokratikoari eusteko orduan.
5.4.Eusko Jaurlaritzak apustua egin du Justizia arloko gastu soziala handitzearen alde. Izan ere, 2016rako aurrekontuetan %14,8ko igoera izan du gastu horrek eta norabide egokian egindako urratsa da, gaur egungo inguruabar sozioekonomikoetan, herritarren eskubideak benetan eta jurisdikzioaren bidez bermatzeko. Erakunde honek hala ulertu du, herritarrek arlo horretan aurkeztutako laguntza-eskaerak ikusita, eta bereziki, honako gai hauei dagokienez:
• Doako laguntza juridikoa: zerbitzu hau eta gazteen justizia-zerbitzua ordaintzeko, Justiziaren arloko programa eta gizarte-zerbitzuetarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren %82 gastatzen da. Jarraitzen du konpondu gabe Orientazio Juridikoko Zerbitzuan dagoen lan-kargaren arazoa, eta ez dago jendeari arreta emateko orduan herritarrek eskatzen dituzten adeitasun eta intimitatea babesteari buruzko irizpideak betetzeko lokal egokirik.
• Gazteen Justizia: 2015eko irailean 2014-2018 urteetarako IV. planean aurkeztutako Euskal Herriko eredua positibotzat jo dugu. Euskadi Estatuaren abangoardian dago arau-hausle adingabeak birgizarteratzean. Honako datu hauek adierazgarriak dira:
- Delitu bat egiteagatik Justiziarekin harremanetan jartzen diren adingabeen %80,4k ez du berriro legea hausten.
- Adingabeak tartean egonda, bitartekaritza judizialeko prozesuen %88,1 arrakastaz amaitu da. Delitua egin duten gazteen ia %90ek aitortu egin du, eragindako kaltearen kontzientzia hartu du eta aldeen artean adostutako jardueren bidez –neurri judizialen ordez– osatu du kaltea.
Hala ere, jasotako kexak aztertuta, ikusten dugu egoera hobetzeko modukoa dela, gure ustez, honako bi alderdi hauetan:
- Bitartekaritza judizialeko prozesuetan adingabeen biktimak diren gazteek behar duten arreta eta jabekuntza.
- Gurasoei informazioa ematea eta arau-hausleei entzutea, 14 urte baino gutxiago izateagatik, ez baitzaie aplikatzen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena. Txostena amaitzeko egunean, arloari buruzko ikerketa bat irekita dugu, eta horren inguruan gomendio orokorra emango dugu 2016an.
• Justizia leheneratzailea. Euskadi aitzindaria da eredu hori aplikatzean. Bitartekaritzarekin batera, biktimei ematen zaien arreta du tresna adierazgarriena. Izan ere, 2015eko urrian legea preskribatu zenean eta delituen biktimei laguntzeko zerbitzu bereziak sortu zirenean, gure epaitegietan dagoeneko bazegoen Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, 24 urteko esperientzia zuena. Erakunde honek aintzat hartu du bere lana Legebiltzarrarentzako urteko txostenetan.
Horrela xedatu zuen Biktimaren Estatutuak, zalantzarik gabe, aurrerapauso garrantzitsua, justizia leheneratzailea esanbidez, transposizioz jasotako 2012ko Europako Zuzentarauaren helburuak lortzeko tresna gisa jaso zuena. Zuzentarauak gutxieneko arauak ezarri zituen delituen biktimak diren pertsonen eskubideen, laguntzaren eta babesaren inguruan. Horren erregelamendu-garapenak ahalik eta gehien bultzatu beharko lituzke ereduaren aukerak, erronka nagusienetako bat eragile juridiko guztiek berariazko prestakuntza jasotzea izanik.