2. HEZKUNTZA
1. Arloa kopurutan
2015ean 138 kexa izapidetu dira hezkuntza arloan. Erakundearen jarduera arloen multzoan jasotako kexa guztien 6,84 da zifra hori.
Honako administrazioei eragin diete kexa horiek:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).........................99
• UPV/EHU................................................................................................................................4
• Tokiko administrazioa.............................................................................................................2
• Foru administrazioa................................................................................................................1
Kexen edukiari dagokionez, hurrengo azpiarloei buruzkoak izan dira jasotako kexak:
• Bekak eta bestelako laguntzak ...........................................................................................23
• Lanbide heziketa .................................................................................................................23
• Ikasleen onarpena ..............................................................................................................22
• Eskubideak eta betebeharrak .............................................................................................13
• Beste alderdi batzuk .............................................................................................................9
• Eskola-garraioa ....................................................................................................................9
• Hezkuntza-premia bereziak ..................................................................................................8
• Eskolako tratu txarrak edo jazarpena ...................................................................................7
• Unibertsitateko irakaskuntza ................................................................................................6
• Administrazioaren funtzionamendua eta
prozedura administratiboa .....................................................................................................5
• Irakaskuntza artistikoak .......................................................................................................4
• Eskola-jantokia ....................................................................................................................3
• Haur hezkuntza ...................................................................................................................2
• Ikastetxeak ..........................................................................................................................1
• Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ......................................................................................1
• Hezkuntzako plangintza/programazioa ...............................................................................1
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta
administrazio erantzukizuna ..................................................................................................1
Urte horretan kudeatutako kexen izapidetzearen xehetasunei dagokienean, adierazi beharra dago 2015ean jasotako kexen eta 2015eko urtarrilaren 1ean abian ziren kexen egoera honakoa dela, txosten hau egiteko unean:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1.Ikasleen onarpena
Eskolan ibilbide konplexua izan duen eta garapenaren nahasmendu orokortua -Asperger sindromea- eta trebetasun instrumentalen nahasmendua diagnostikatu dizkioten adin txikiko baten heziketaren bilakaera hurbiletik jarraitu duten profesionalek eskolatuta jarrai dezala eta derrigorrezko bigarren hezkuntza etxetik hurbil dagoen heziketa zentro txiki batean egin dezala aholkatu diote horren familiari. Horregatik hartu du parte 2015-2016 ikasturteko ikasleen onarpen-prozesuan.
Jakina denez, ikasle eskatzailearen balizko urritasuna izaten da aurkeztu diren eskaeren lehentasun ordena zehazteko xedez erabiltzen den irizpideetako bat, plaza nahikorik ez dagoenean. Beraz, espero izatekoa denez, irizpide horrek aitortzen duen puntuatzea baliarazi nahi izan du familiak, eurek hautatutako heziketa zentroetan onartzeko aukerak areagotze aldera.
Alabaina, behin onarpen-prozesua hasita zegoenean, zentroak familiari jakinarazi zion ezin zitekeela urritasunaren gaineko baremoaren irizpidea kontuan hartu, epez kanpo aurkeztu zutelako ziurtagiri edo ebazpena. Behin-behineko zerrendak argitaratu zirenean egiaztatu ahal izan zen egoera hori, adin txikikoa ez onartua bezala ageri baitzen, ez zelako urritasunaren irizpideari dagokion puntuatzea aintzat hartu.
Egiazki, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2014ko abenduaren 15eko Aginduari jarraiki, ezin daitezke eskuratu eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan egiaztatzen diren irizpideengatiko puntuak. Aipatu aginduaren bidez, eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen epeak ezarri dira, bai eta ikasleak onartzeko jarraibideak onartu ere, 2015-2016 ikasturterako. Gure ikuspuntuaren arabera, ordea, ez zen hori izan aipatu adin txikikoaren kasua.
Familiak, onarpen-eskaera epean gauzatzean, zegokion foru aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Urritasunaren Balorazio Arloko buruaren egiaztagiria bakarrik aurkeztu ahal izan zuen. Bertan, aipatu arloan urritasun mailaren aitortza-eskaera onarpen-prozesua hasi aurretik aurkeztu zela jaso zen. Familiak beranduago aurkeztu ahal izan zuen azkenean igorritako ebazpena, eta ebazpen horrekin egiaztatu ahal izan zuen adin txikikoak, eskaera egiteko epean jada, urritasuna duen ikaslea zelako baldintza betetzen zuela.
Gure iritziz, zirkunstantzia horiei erreparatuta, akatsak zuzentzeko izapidearen egokitasuna balioetsi behar zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraiki, eta beranduago aurkeztutako ziurtagiria kontuan hartu. Izan ere, ez zen eskaera aurkezteko unean arrazoitu ez zen eta egiaztatu ez zen irizpide berri bati zegokion dokumentua, gaineratutako dokumentua baizik, urritasunari buruzko irizpidearen harira hasiera batean aurkeztutako dokumentazioa osatzeko xedea zuena.
Horregatik guztiarengatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunei gomendatu genien aitor ziezaiotela urritasunaren baremoko atalari zegokion puntuatzea 2015-2016 ikasturterako ikasleen onarpen-prozesuan parte hartu zuen adin txikiko horri (Arartekoaren 2015eko maiatzaren 14ko Ebazpena).
Onartu egin zuten gomendioa, eta familiak lehen aukera gisa hautatutako zentroan onartu zuten azkenean kexan aipatutako adin txikikoa.
2.2. Eskubideak eta betebeharrak: ebaluazio jarraiturako eskubidea galtzea
2013-2014 ikasturtean batxiler ikasketak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko bigarren hezkuntzako institutu batean egin zituen gazte baten amak erakunde honetara jo zuen kexa jartzera, honako kontakizunarekin.
Kexan azaldu zuenez, heziketa zentroko bizikidetzarako batzordeak 2014ko apirilean jakinarazi zion semeari ebaluazio jarraiturako eskubidea galdu zuela, justifikatu gabeko asistentzia falta errepikatuak zirela-eta. Horren berri izan ondoren, eta zentroko kideekin (tutorearekin, ikasketa-buruarekin eta zuzendariarekin) hainbat bilera egin eta gero, bai eta ikuskaritza zerbitzuko hainbat kiderekin ere, idatzizko eskaera aurkeztea erabaki zuen ama horrek, hezkuntza ikuskaritza berariaz mintza zedin heziketa zentroaren jarduerari buruz. Hain zuzen ere, idazki horri erantzun ez ziotelako jo zuen erakunde honetara. Hala ere, aurrerago, Hezkuntzako Lurralde ordezkariak erantzun zuen. Eman zitzaion informazioan, egindako ikerketaren emaitza jakinarazi zioten interesdunari. Horren arabera, zentroaren funtzionamendua zuzena izan zela ondorioztatu zuten.
Kasuaren zirkunstantzia aztertu ondoren, administrazio prozedura ororen nahitaezko betebeharrak kontuan hartuta (hala nola, interesdunei entzuteko izapideekin eta arrazoiketarako betebeharrarekin zerikusia dutenak), erakunde honek gomendio batekin jo zuen amaitutzat bere esku-hartzea. Gomendio horren bidez, lehenik, heziketa arduradunei eskatu zitzaien semearen ebaluazio jarraiturako eskubidea kentzea ekarri zuten asistentzia falten xehetasunen berri eman ziezaiotela interesdunari.
Aldi berean, bigarrenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunei aholkatu zitzaien erabil ditzatela, heziketa zentroen Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Araudiei orientabideak emateko xedez, ebaluazio jarraiturako eskubidea galtzeko gehienezko falta kopurua ezartzeaz gain, neurri hori hartzeko unean kontuan hartu behar diren formalitateak jaso ditzaten, ikasturtea antolatzeari buruzko ebazpenak; honakoak bereziki: entzuteko izapidea eragindakoei eta horien familiei, eta beharrezko arrazoiketa, asistentzia falten kontrolerako aplikazio informatikoaren kudeaketa egokitik abiatuta.
Azkenik, konpromiso aktiboa har dezatela adierazi zaie (Arartekoaren 2015eko apirilaren 29ko Ebazpena), aipatu formalitateen balizko ez-betetzea neurria arbitrarioa izateko arrazoi edo ez-betetzeak babesgabetasuna eragiteko arrazoi izatea saihesteko, errealitatearen eta asistentzia falten kontrolerako aplikazio informatikoaren datuen artean desadostasun argia dagoen kasuetan.
2.3. Goi-mailako diseinu irakaskuntza artistikoak: lekua gordetzea urritasuna duten ikasleei
Goi-mailako diseinu irakaskuntza artistikoak egiteko nahia zuen gazte batek parte hartu zuen bertara sartzeko proba berezian, pasa den uztailean. Gazteak proba gainditu zuen. Alabaina, onarpen-eskaera kopuru altuarengatik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak iragarritako plaza eskaintza mugatuagatik, ezin izan zen irakaskuntza mota horretara sartu.
Egoera horrekin konforme ez zegoenez, hainbat hezkuntza instantziatara jo zuen, urritasuna duten ikasleentzako plaza batzuk gorde zitzatela eskatuz; horrela, leku horietako batera sartzeko aukera edukiko luke, mugikortasun murriztua edukiarazi dion %72ko ezintasun fisikoa baitauka. Era berean, erakunde honen esku-hartzea eskatu zuen.
Kexa horren harira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean egin diren kudeaketetan zehar, arduradunek berretsi egin dute, goi-mailako irakaskuntza artistikoak direnez, eta horien artean dago sartuta diseinuari dagokiona, ez dagoela inolako aurreikuspen legalik urritasunen bat duten ikasleei lekua gordetzeko.
Egiazki, ondorio horretara garamatza egungo hezkuntza ordenamenduak. Lanbide heziketako irakaskuntza denean edota unibertsitateko graduko irakaskuntza ofiziala denean bakarrik aurreikusi da, berariaz, plaza kopuru jakin bat gordetzea urritasunen bat duten ikasleentzat, horiek gizarteratzea eta lanean txertatzea errazteko xedez. Hala ere, goi-mailako irakaskuntza artistikoetan ez da mota horretako neurririk xedatu.
Gauzak horrela, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunek argudiatu dutenez, gaur egun ezin daiteke arretarik eman kexa eragin duen bezalako eskaerei.
Nolanahi ere, nabarmendu beharra daukagu hezkuntzako arduradunek erakunde honi adierazi diotela kontuan hartuko dutela urritasuna duten pertsonentzako berariazko txanda sartzeko aukera jorratzea, araubide bereziko irakaskuntzen ebazpenei dagokienez, 2016-2017 ikasturterako edo hurrengoetarako. Beraz, laster, urritasunen bat duten pertsonak irakaskuntza mota horretan egotea errazteko asmoz, beharrezko aldaketak sustatuko dituztelako itxaropena daukagu.
2.4. Banandutako gurasoak eta
bekei buruzko informazioa
Banandutako guraso batek adierazi du, alaben zaintza esleituta ez badu ere horien gaineko guraso-ahala aitortuta duenez, hainbat aldiz saiatu dela jakiten ea bere alabek ikasteko bekarik edo bestelako laguntzarik jasotzen duten, baina ez duela informazio hori eskuratzerik lortu.
Bere kexan eman zigun bertsioaren arabera, heziketa zentroaren beraren ezezkoaz gain, hezkuntza ikuskaritzak berak erantzun eskasa eman ziola zirudien, izan ere, azalpen gehiagorik eman gabe, “ohiko informaziorako eskubidea baino ez duela” adierazi baitzion horrek.
Kexa izapidetzen hasita zegoela egiaztatu ahal izan genuen, hain zuzen ere, Eskola Zentroen Zuzendaritzak bere garaian idatzitako jarraibideen edukiari heldu ziola hezkuntza ikuskaritzak lehenengo erantzunean, eta, jarraibide horien arabera, zentroak ezin zezakeela bekei buruzko inolako informaziorik eman argudiatu zuen, eta kexagileak azaldutakoari men egiteak datu pertsonalak tratatzeko beharrezko konfidentzialtasunari eragin ziezaiokeela. Aipatu jarraibideak informazio-eskaerari eta eskola zentroa aldatzeari buruzkoak ziren, guraso bananduen edo dibortziatuen edo jada elkarrekin bizi ez diren izatezko bikoteen kasuetan aplikatzekoak.
Ondorioz, jarraibide horien edukia gorabehera, erakunde honek ohartarazpena egin behar izan zuen, adieraziz hezkuntza administrazioak orokorrean, eta, kasu horretan, hezkuntza ikuskaritzak zehazki, ezin zezaketela kexagileak planteatutako informazio-eskaera baztertu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan herritarrei aitortzen zaien sarbiderako eskubidean babestuz, egokien iritzitako bidean bideratuz.
Hezkuntzako arduradunek, azkenean, kontuan hartu zituzten erakunde honen oharrak, eta hainbat aldiz eskatu zuen informazioa eman zioten interesdunari.
2.5. Urrutiko Lanbide Heziketako Institutua eta heziketa eskaintza euskaraz
2015ean kexa jaso du Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko euskarazko heziketa eskaintzak.
Egindako kudeaketetan zehar, lanbide heziketako zuzendariak berretsi egin du, une honetan, sailaren konpromisoa egungo eskaintza progresiboki zabaltzea dela, dauden aurrekontu baliabideen arabera, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuko eskaintza euskaraz bermatzeko Legez Besteko 2015eko apirilaren 15eko Proposamenari egindako erdibideko zuzenketan islatu den bezala.
Edonola ere, eta institutuaren ibilbidea laburra izan arren, ikasleen hizkuntza premiak eta lehentasunak asetzeko prestasuna erakutsi du, eta, sailarekin zein institutuarekin harremanetan jartzeko dauden komunikazio-bide ezberdinak erabiliz, beraien eskariak helaraztera animatzen ditu ikasleak.
Egiazki, lanbide heziketaren irakaskuntzak dauzkan ezaugarrien ondorioz, zenbait espezifikotasun dauzka ikasleek ikasketak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egiteko aukera edukitzea bermatzeko beharrezko plangintzak. Horregatik da zaila, berez, hezkuntzako arduradunek aipatu duten ezarpen progresiboa zalantzan jartzea.
Nolanahi ere, eta aintzat hartuta arestian aipatu dugun parlamentu ekimenaren ildoan egin ahal zaizkien gomendioak jarraitzeko prestasuna agertu dutela arduradun horiek, Urrutiko Lanbide Heziketako Institutuan euskararen presentzia areagotze bidean aurrera egiteari dagokionez, ahal den neurrian laguntzeko asmoa dugula erakutsi diegu, etorkizunera begirako plangintzan kontuan har daitezen ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleen lehentasun edo eskariak, kexa modura aurkeztu bazaizkigu horiek.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2015ean, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren (LOMCEren) aurkako testuinguruan barreiatuta jarraitu dugu.
Edonola ere, EAEn “Heziberri 2020” egitasmoan aurreikusitako urratsak ematen jarraitu dute hezkuntzako arduradunek. Haur hezkuntzako eta oinarrizko hezkuntzako curriculumei buruzko dekretuak onartuta amaitu dute urtea, eta, arduradun horien adierazpenen arabera, hezkuntzako eragile guztien parte-hartzea behar izan dute prozesu horretarako.
Dekretu horien aurkezpenean, alderdi berritzaileenak nabarmendu dituzte, hau da, lehenengo aldiz xedatu dute ikaslearen irteera profila, eta horixe erabili dute heziketa erronkak jorratzeko eta ildo estrategikoak ezartzeko orduan. Era berean nabarmendu da ikaslearen profilak ahalbidetu duela irakasleen profila zehaztea, kalitate handiko irakaskuntzara iristeko xedez.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2015eko maiatzaren 27an, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agertu zen jarduneko arartekoa, batzordeak berak eskatuta, Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu heziketa zentroko Burunzpe gurasoen elkarteak azaldutako kontsultari buruzko azalpenak emateko.
Herri horretan gertatzen ari den desberdintasun egoeraren gaineko kezka helarazi nahi izan dio elkarte horrek erakunde honi, haur eta lehen hezkuntzako bi zentro publikoetako ikasleak eskolatzeko baldintzei dagokiena. Beraien ustez, ikasleak onartzeko erabiltzen diren irizpideak berraztertu beharko lirateke, eta, bereziki, gurasoetako edozein ikasle izan izanak dakarrena.
Erakunde honek, era berean, ez dio uko egin nahi urtez urte errepikatzen den egoera jakin bati aurkibidea aurkitzeari, hots, erroldako datuak gehiegi edo iruzur eginez erabiltzeari dagokion auzia, familiaren etxearen hurbiltasun irizpidea aplikatuta puntuatzea aitortzen baita. Ondorioz, xede horretarako ofiziozko espedientea irekitzeko erabakia hartu dugu 2015ean, gaiaren gaineko proposamen motaren bat egitea ahalbidetuko digulako itxaropenarekin.
Modu berean, ofiziozko beste espediente bat irekitzea erabaki dugu, gaixotasun arraroak dituzten ikasleak hezkuntzan txertatzen laguntze aldera oso ohikoak ez diren gaixotasunen aholkularitza batzordeak egin dituen gomendioen segimendua egin ahal izateko xedez.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jarraitzen du izaten jasotako kexen eragindako nagusia. Horregatik, nahitaezko ikusi dugu sail horretako arduradunek erakunde honekin lankidetzan aritzeko duten jarrera nabarmentzea. Jarrera horrek, oro har, esku hartu dugun gaiak behar bezala bideratzea ahalbidetu digu.
Ohikoa denez, kexetarako arrazoiak ez dira izan aurreko urteetakoen aldean ezberdinak. Beste behin ere, azpimarratu beharra dugu kexa gehien pilatzen dituzten azpiarloak ikasleen onarpenarekin eta bekekin zein bestelako laguntzekin zerikusia dutenak izan direla. Beharbada, deigarria izan daiteke lanbide heziketaren inguruan jaso den kexa kopurua. Azken urteotan, kexa mota horiek hartzen ari diren gailentasuna ikusiz joan gara. Alabaina, aurten, kexa horien zati handia (hogei bat) egon da lotuta Administrazioa eta Finantzak heziketa zikloarekin, eta, azkenean, ondo konpondu da arazoa.
Era berean, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren (LOMCEren) aurreikuspenen aurkako jarrera irmoak ezaugarritu du urtea. Bereziki ikusgarri egin da hori lehen hezkuntzako hirugarren mailako ebaluazio proben eta Hastapeneko Lanbide Gaitasuneko Programen desagerpenaren harira.
Bestalde, EAEko hezkuntzako arduradunek, aldi berean, “Heziberri 2020” egitasmoaren markoan aurreikusitako urratsak ematen jarraitu dute. Hezkuntzako eragile guztien parte-hartze aktiboaren emaitzatzat jo dira urrats horiek, baina, hala ere, hezkuntzako eragile batzuen kritikak jaso dituzte, horien ustez hezkuntza eredu propiorako bidea oztopatzen baitute.
Hori dela-eta, aurreko txostenean egin genuen bezala, Arartekoak berretsi egin nahi du komenigarria litzatekeela hezkuntza eredu pedagogiko propio horren inguruko gutxieneko adostasuna lortzea.
Edonola ere, inola ere ez diogu uko egingo herritarrek eta hezkuntzako eragile batzuek eskatuta erakunde honetan izapidetu diren kexen errealitatea hezkuntza zerbitzu publikoan hobekuntza berriak sustatzeko eta sartzeko erabili ahal izateari, bikaintasunaren bila doala esaten baitu zerbitzu horrek.
Hain justu ere, ikasleak onartzeko prozesuarekin zerikusia duten kexek, 2015ean jaso ditugunek, leku kopuru nahikoa ez dagoenean erabiltzen diren lehentasunezko onarpen irizpideei buruzko hausnarketa jorratzeko beharra dagoelako uste osoa edukitzen jarraitzea eragin digute, etengabe atzeratzen den hausnarketa izaki hori.
Ikasleen onarpenari buruzko kexa batzuen harira egin ditugun kudeaketekin, beste behin ere erreparatu diogu Eskolatzeko Lurralde Batzordeek gai horren gainean egiten duten lanaren garrantziari, batez ere, gure hezkuntza sistemara lehen aldiz sartzen diren ikasleen kasuari dagokionean. Batzorde horien mende egoten da, neurri handi batean, ikasle horiek modu orekatuan banatzen direla ziurtatzea, eta horiei dagokie, era berean, ikasle horiek funts publikoekin sostengatutako itunpeko zentroetan eskolatzean, hezkuntza administrazioaren mendeko edozein zentrotako baldintza beretan egitea. Puntu horretan, era berean aipatu behar ditugu EAEra etorri berri diren familia batzuen kexak, izan ere, zail izaten dute euren seme-alabek A ereduan ikasten jarraitzeko duten nahia asetzea. Halere, aitortu beharra dugu, azkenean, kasu gehienetan, hezkuntza administrazioak balioetsi egiten duela horien nahia.
Nola nahi ere, ikasleen onarpenarekin zerikusia duten eta 2015ean jaso ditugun kexetatik zerbait nabarmentzekotan, urritasunen bat duten edo eskolatze prozesuan laguntza bereziak behar izan dituzten ikasleen izenean sustatu diren ekimenak aipatuko genituzke.
Dagoeneko aurreko atalean aipatu ditugu kexa horietako batzuk. Horietako batean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari gomendatu diogu areagotu ditzala administrazio prozedura erregulatu duen araudiak eskaintzen dituen aukerak, zegokion instantziaren aurrean urritasun aitortza epe barruan eskatu zuen ikasle baten urritasun egoera balioestea ahalbidetzeko xedez. Beste batean, hezkuntzako arduradunek agertu duten prestasuna egiaztatu ahal izan dugu, goi-mailako diseinu irakaskuntza artistikoetarako sarbidean urritasunen bat duten ikasleei plaza kopuru jakin bat gordetzea ahalbidetzeko beharrezko aldaketak sustatzeari dagokionez, lanbide heziketan eta unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialean gertatzen den bezala.
Hain zuzen ere, aipatu ditugun azken irakaskuntza ofizial horietan onarpenari buruzko erregularizazioa onartu da, eta hor ikusi ahal izan dugu lekuen erreserba ez dela %33ko edo hortik gorako urritasuna aitortuta duten ikasleentzat bakarrik aurreikusi, izan ere, ezintasunezko zirkunstantzia pertsonalei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat ere aurreikusi baitira, heziketaren erabateko normalizazioa lortze aldera eskolatze prozesuan baliabideak eta laguntzak behar izan dituztenentzat, alegia. Beste heziketa maila batzuetara ere tratamendu hori bera zabaltzeko aukera planteatzea eragin digu horrek, lanbide heziketaren alorrera, adibidez; erakunde honetan ildo horretako kexak jaso baititugu. Kasu horietan, urritasun maila hori aitortuta ez edukita ere, aurreko etapetan laguntzak jaso dituzten ikasleen izenean aurkeztu dira kexak, ikasketak lanbide heziketan jarraitu nahi dituzte-eta.
Ez dugu albo batera utzi nahi jaso dugun eta oraindik ere izapidetze fasean dagoen kexa baten gaineko kezka. Kexa horretan, urritasuna duten eta lanbide heziketa egiten ari diren bi gazteren familiek jakinarazi digute euren seme-alabek zailtasun handiak dauzkatela heziketa programa osatzeko, praktikak enpresa batean egin behar baitituzte, laguntzeko langilerik eduki gabe.
Jasotako beste kexa askotan iradoki da zalantzan jartzen dela behar besteko laguntza ematen ote den. Heltze-atzerapena duten ikasleentzat ipinitako laguntzen kasua izan da hori, adibidez. Kasu horretan, izapidetutako kexa askotan bezala, sailak erakunde honen jardunbideari erantzunez eman duen informazioak ahalbidetu du kexagileen nahiak asetzea.
Hezkuntza-premia berezien atal honetan ez dira kanpo geratu, esaterako, curriculum anitzeko taldea baimentzeari eman zaion ezezkoaren ondorioz azaldutako kexak. Kasu horretan, eragindako familiek uste zuten etxe inguruan prestatzeko aukera ukatzen zitzaiela horrela. Egindako jardunbidean zehar, hezkuntzako arduradunek, aipatu baimena ematea zaildu duten arrazoien berri xehetasunez emateaz gain, zentroan jarraitzea erabakitzen duten eragindako ikasleei arreta pertsonalizatua eta indibiduala emateko asmoa erakutsi dute, eta, are, gaurko erantzuna berrikusteko konpromisoa agertu dute, zalantzarik gabe, ikasturte honetan aurkeztu diren kexek mugituta.
Esaten ari ginen bezala, hezkuntza administrazioa oso harbera agertu da erakunde honetan aurkeztu diren kexei irtenbidea emateko unean. Nolanahi ere, eta hainbat aldiz adierazi dugun bezala, hezkuntza-premia bereziei buruzko atal honetan, eta gure ikuspuntuaren arabera, garrantzitsua da albo batera ez uztea eskola inklusiboaren markoan 2012-2016 urteetarako onartu zen Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoaren ebaluazio eta segimendu lana. Gure aldetik eta lan horren adibide gisara, gaixotasun arraroak dituzten ikasleak hezkuntzan txertatzeko gomendioen segimendua egitea proposatu diogu geure buruari.
Baina geroz eta interes handiagoa pizten ari den lanbide heziketara itzuliz, gure azken txostenetan egiaztatzen ari garen bezala, eta jasotako kexek aditzera eman dutenez, adierazi beharra daukagu gazte gehiegik aurrez aurre duten errealitatea ikusi dugula kezka handiz 2015ean, hala nola, gizarteratzeko programetan artatutako atzerritarren kasuak daude, izan ere, desagertu egin dira Hastapeneko Lanbide Gaitasuneko Programak eta Aldi baterako Prestakuntza Integratuko Programak, oinarrizko lanbide heziketa berria abiarazi dela-eta. Horri dagokionez, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa segimendu lan handia ari da egiten.
Beste kontu batzuetara sartuz, nabarmendu egin behar da, 2015ean azkenik onartu dela maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoko herri ikastetxe ez-unibertsitarioetako ikasleen eta hezkuntza gaietan dagokion sailak finantzatzen duen eskola-garraioari buruzkoa da aipatu dekretua.
Erregulazio berriaren lehen irakurraldiak pentsarazi diezaguke ez dela aurreko arauditik bereziki aldentzen, eta horregatik egiten dugu zalantza; hau da, jakin nahi dugu ea erregulazio berri horrekin erantzun hobeak eman ahal izango zaizkien garraioaren gaineko eskaerei, hala nola, baserri inguruetan pizten diren bezalakoei.
Une honetan, kezkatuta gaude hezkuntza administrazioa erregulazio berri horretaz baliatuko ote den eguerdietarako edo bi urtetik beherakoentzako garraio-eskaerei erantzutea saihesteko. Izan ere, familia askok seme-alabak etxetik hurbil eskolatzea erabaki badute ere, behin-behineko instalazioetara eraman behar izaten dituzte, eskolako eraikin berrietan aurreikuspen gabezia egoteagatik.
Azkenik, deigarria egin zaigu dekretu horrek garraio zerbitzutik erabat bereizitako kudeaketa planteatu izana hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat. Gure ustean, ezintasun fisikoari, psikikoari zein zentzumenezkoari lotutako premia bereziak dituzten ikasleak gizarteratzeko oztopo izan daiteke hori.
Eskola-jantokiari buruzko atalari dagokionez, Hezkuntza Sailak oso arrazoizko jarrera erakutsi du proposamen berrien aurrean; besteak beste, gaixotasun metaboliko batek eragindako adin txikikoaren familiak egindako proposamena aipa dezakegu, jantoki zerbitzua erabiltzeko aukera aitortzeko eskatu baitzuen, baina etxean bertan prestatutako bazkaria jango zuen adin txikikoak.
Kasu horretan, hezkuntza administrazioak komenigarri ikusi du kudeaketa zuzeneko jantokietan auditoria, kalitate-kudeaketa eta aholkularitza teknikoa egiteko kontratatu den laguntza teknikoarekin kontsultatzea, eta, horren arabera, askoz ere gomendagarriagoa da, elikadura segurtasunari erreparatuta, premia berezietarako dieten hornikuntza catering enpresa batek egitea, bitarteko teknologiko egokiekin eta eskoletako menuak egiteko prestakuntza espezifikoarekin.
Bekei eta bestelako laguntzei dagokienez, aurreko urteetako arrazoi berberak agertu dira kexetan: administrazioaren atzerapena eskaerak ebaztean, atzerapenak aitortutako zenbatekoen abonuetan, laguntzen oinarri arautzaileen edukiarekin berarekin desadostasunak eta abar. Halere, kontu horien gaineko kexek jarraitzen duten arren, hobekuntza hauteman da aurreko urteetako egoerarekin alderatuta. Horrenbestez, azken hilabeteotan ikusi ditugun ahalegina eta prestasun ona ez alboratzera bultzatu nahi ditugu hezkuntzako arduradunak. Prestasun on horren erakusgarri gisa, adierazgarria izan daiteke sexua eta izena aldatu dituen eskatzaile batek abiarazitako kexa aipatzea, aplikazio informatikoak ez baitzuen aukera hori ahalbidetzen. Erakunde honen esku-hartzearen ondoren, arazoa azkar batean konpondu da.
Amaitzeko, ez dugu balorazioei buruzko atal hau itxi nahi 2015ean familia batzuek helarazi diguten kexa kopuru adierazgarria aipatu gabe. Kexa horietan, hainbat arrazoiren gaineko kezka adierazi digute familia horiek, eta, gure ustean, azken batean, ikasleen eskubideen eta betebeharren gainean dagoen sentsibilitatea erakutsi dute.
Horien artean, zoritxarrez ohiko bihurtu direnak aipatu behar ditugu, hau da, eskolako bizikidetzari buruzkoak. Baina, oraingo honetan, ikasleen ebaluazioari buruzkoak gaineratu zaizkie aurreko horiei (izapidetutako kasuetako bat islatu dugu kexei buruzko atalean), bai eta beste batzuk ere, zeintzuetan irakasle batzuen jokaerarengatiko ezinegona eta kezka erakutsi baitiguten guraso batzuek.
Honakoa da kexa horiek guztiak izapidetzetik ondorioztatu duguna: kasu horietan guztietan hezkuntza ikuskaritzaren esku-hartzeak hartzen duen garrantzia, askotan giltzarri izaten baita familiek behar bezala artatu dituztela sentitu dezaten eta hezkuntza administrazioaz fidatu daitezen.
Izapidetu ditugun kasu askotan dugun eskarmentuak, ordea, zera adierazi digu, hezkuntza ikuskaritzak, eta, ondorioz, hezkuntza administrazioak oro har, ez dutela familiengan sentsazio hori sorraraztea lortu. Horregatik, erakunde honek berretsi egin nahi du helburu ukaezina izan behar duela horrek hezkuntzako arduradunentzat, eta familiekiko komunikazio lanean jarraitzera bultzatu nahi ditugu, euren seme-alabek, ikasleak diren heinean, aitortuta dituzten eskubideak urratu izan ahal diren une hain delikatuetan.