2. ARRETA ZUZENEKO BULEGOEN JARDUERA (AURREZ AURREKO KEXAK ETA TELEFONO BIDEZKO AHOLKUAK)
1996tik, Ararteko erakundeak arreta zuzeneko bulegoak dauzka Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Horri esker, administrazioren batekin arazoak dituzten herritarrei hobeto lagun diezaiekegu. Bulegoetan hartutako eskarmentuak erakusten du, gainera, bertan jasotzen aurrez aurreko kexez gain, telefono bidezko kontsulta ugari ere egiten direla, eta erakundeko langileek erantzuten dituztela.
Horregatik, egiten dizkiguten kexak ez ezik, telefonozko kontsultak ere zenbatzen ditugu, ziur baikaude horien bitartez informatzeko lan interesgarria egiten dela pertsonei administrazioekin dituzten harremanetan zein eskubide dituzten adierazten. Horrela, 2015. urtean guztira 7.678 zerbitzu egin ditugu herritarren arretarako bulegoetan. Horietatik 5.265 hiru bulegoetako batean aurrez aurre egindako kexak izan dira, eta 2.413tan telefono bidezko aholkularitza eta informazioa eman da.
Bulegoetako jarduerari buruz, 2015eko datuak aurreko urteetakoekin alderatuta aztertzen baditugu, joera berari eusten zaio eta Gasteizko bulegoa da nagusi aurrez aurreko artatze kopuruari dagokionez.
Arreta zuzeneko bulegoetan egindako aurrez aurreko kexetatik zenbat bihurtu diren kexa-espediente
Herritarrei kasu egiteko gure bulegoetan aurrez aurre egindako kexetatik 1.286 bihurtu dira kexa-espediente, hau da, %24,42. Horrek argi erakusten du bulego horietan aholkularitza-lan garrantzitsua egiten dela.
Gainerakoei dagokienez, batzuetan erakunde honen jarduera-eremutik kanpoko gaiei loturikoak ziren; horrenbestez, ezin ziren kexa moduan bideratu; beste batzuetan, agiri gehiago behar ziren edo aurretiazko gestioak egin behar ziren administrazio-organo eskudunetan; eta azkenik, beste zenbait kasutan, azaldutako arazoek kexa-espediente bihurtzeko funtsik ez zuten, bisitak aurreko kexa-espediente baten biderapenarekin zuen zerikusia edo kexagileak bere arazo zehatzean zein izapide egin behar zituen jakin nahi zuen.