III. Atala Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
Arartekoaren lan-arloak gaikako banaketaren arabera egituratu izan dira beti. Banaketa hori osatzeko, Ararteko erakundearen jarduerak sailkatu izan diren alorretan barreiatuta dauden eta ezaugarri bereziak dituzten zenbait talderen arazoen berariazko tratamendua egiten da.
Alde horretatik eta Ararteko erakundeak pertsona guztien eskubide guztiak bermatu behar dituela uste izanda, beharrezkotzat jo da beren eskubideak burutzean kalteren bat izan dezaketen talde batzuekin lehentasunez jardutea, ahultasun handiagoko balizko egoeran daude eta.
Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko arlo horiei esker, ikuspegi praktikotik begiratuta, talde horiekin zerikusia duten gaiak bila eta aurki daitezke urteko txostenean, eta ikuspegi orokorra ematen dute. Baina garrantzitsuena zera da: talde horiek dituzten arazo eta beharrei berariaz erantzuteko eta beraien arazoak ikusarazteko jarduera-esparruak sortzeko asmoz eratu zirela. Gainera, talde horien inguruan estrategia koherentea burutzen laguntzen dute, talde bakoitzari dagokion arloko jarduera-planaren barruan.
Talde horiekin lehentasunez jarduteari eman nahi zaion garrantziak justifikatzen du urteko txostenean bakoitzak bere atala izatea, haien eskubideen gaineko berme-lan garrantzitsu hori balora dadin.
Aurreko bi urteetan egin zen moduan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa ikusgai egitea sustatu da. Bulego horrek berezko proiekzioa izango du, eta bereizitako tokia urteko txosten honetan, izan ere, txosten orokor honi erantsitako txosten batean bilduko da 2014an burutu duen jarduera.
Atal honetan, hamaika puntutan bildu dira arreta publikoko taldeez burutu diren jarduerak:
1. Familiak
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
4. Gaixo kronikoak
5. Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak
6. Espetxeratuak
7. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
8. Etorkinak eta kultura aniztasuna
9. Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
10. Adinekoak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak
11. Talde terroristen biktimak
1. Familiak
Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko autonomia Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta egiteko kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1. Arloa kopurutan
2014. urtean familien arloan 23 espediente kudeatu dira, batik bat, administrazioaren funtzionamenduari, prozedura administratiboari eta lanbidea, norberaren bizitza eta familia bizitza bateratzeari buruzkoak izan dira.
2014ko abenduaren 31n, urte honetan zehar kudeatutako kexa espedienteen izapidetze egoera hauxe izan da, 2014. urtean jasotakoak eta 2014ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak kontuan hartuta:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Seme-alabengatiko eta lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko laguntzen atzerapenak
Aurreko urteetan gertatu zen moduan, azpimarratu behar dugu arlo honetan 2014an jaso diren kexa askotan hauxe aipatu dela: Eusko Jaurlaritzaren 177/2010 Dekretua (familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa) eta 255/2006 Dekretua (seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena) aplikatzearen ondoriozko laguntzak izapidetzean eta jasotzean atzerapena egon dela. Egiaz, espediente horiek modu egokian ebatzi dira gobernuan ordainketei aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak aktibatu eta gero, eta kexagileen kobratzeko itxaropenak kasu guztietan bete dira. Ez da hala gertatu, ordea, familia eta lana bateragarri egiteko asmoz 2014ko martxoaren 1etik aurrera egin diren laguntza eskaeren kasuan. Hurrengo atalean zehatzago azalduko dugu gai hori.
2.2. Lanbidea eta familia bizitza bateratzeko laguntzetarako aurrekontu kreditua amaitzea
Herritar askok Arartekora jo dute Eusko Jaurlaritzak irailean egin zuen iragarkiari buruz kontsultak egin edo kexak aurkezteko, hau da, 2014. urterako bateratzeko diru-laguntzetara bideratutako aurrekontuan ezarritako diru-kopurua agortu zela eta diru-kopuru horrekin 2014. urteko otsailera arte aurkeztutako eskaerei erantzun ahal izan zitzaiela. Erreklamaziogileek iragarkiarengatiko haserrea adierazi dute; izan ere, diru-sarrera horiek izango zituztela uste zuten, artean bateratze neurriren bat hartuta zutelako (eszedentzia, lanaldi murriztua, zaintzaileak kontratatzea), eta horrek sortutako soldata murrizketa konpentsatzeko.
Egindako kexen esparruan, 2014ko abenduaren 10eko Arartekoaren ebazpena bidali diogu Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari. Horren bidez, gomendatzen zaio lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko familientzako diru-laguntzen unibertsaltasuna eta maila ekonomikoa mantentzea, unean uneko beharrizanei erantzuteko kontziliazio-laguntzen programara bideratutako aurrekontu-partidak egokitzea eta diru-laguntzen banaketa bidezkoagoa ahalbidetzen duten irizpideak txertatzea.
Erakunde honek egiten dituen eta aipatutako ebazpenean arreta gehiagoz aurkezten diren gogoeta nagusiek honako gai hauek hartzen dituzte kontuan:
• Herritarrek adierazitako haserreak toki onean jartzen du familia barneko zaintza ondasun sozial gisa baloratzen duen eta bateratze eskubideari uko egin nahi ez dion gizarteari buruz. Botere publikoek ezin dute gizarteren eskaera albo batera utzi.
• Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak bete ditu bateratzeko diru-laguntzak arautzen dituen araudiak ezartzen dituen betekizunak, aurrekontu eskuragarritasunaren mendekotasunari, kreditua agortzearen publizitateari eta laguntzak hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren kontura ordaintzeko aukerari dagokienez.
• Aurrekontu kredituaren azterketatik eta aurreko ekitaldietako benetako eskaeratik ondorioztatu daiteke ezarritako kredituak ez diela erantzuten gizartearen beharrei eta eskariaren aurreikuspenari; horregatik, beharrezkoa da gizartearen errealitateari eta hautematen diren beharrei hobeto egokitzea.
• Baliabide ekonomiko mugatuak izanik eta lehenesteko beharra ikusita, ez zaigu egokia iruditzen erabilitako irizpide bakarra hertsi-hertsian eskaerak aurkezteko hurrenkera kronologikoa izatea, eta egokia izango litzateke laguntzen banaketa bidezkoagoa izateko irizpideak gehitzea.
Gure gomendioari erantzunez, sail horrek adierazi digu ez daukala aldaketak egiteko asmorik bateragarritasun-laguntzak jasotzeko unibertsaltasunean. Orobat adierazi digu abenduaren 23ko 5/2014 Legeak –Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituenak– 31 milioitik gora euroko aurrekontu-kreditua ezartzen duela laguntza horietarako, alegia, %81,13 gehitu dela iazkoaren aldean. Sail horren ustez, gehikuntza horri esker erantzun ahal izango zaie 2014an egin ziren eta, kreditua bukatu zelako, erantzuna jaso ezinik geratu ziren laguntza-eskaerei, eskatzaileek eskaera berriz egin behar izan gabe. Bukatzeko, jakinarazi digu bateragarritasunerako laguntzak arautzen dituen dekretuaren aldaketa 2015. urtean barrena indarrean jartzea aurreikusita dagoela. Aldaketa horrek familia-errenta estandarizatuaren irizpidea ezarriko du jaso beharreko zenbatekoa kalkulatzeko. Horren bitartez tratu bidezkoagoa emango zaie, sail horren iritziz, familia mota eta egoera ezberdinei.
2.3. Laguntzak eskuratzeko betekizunak formalki ez betetzea
Laguntzak eskuratzeko betekizun batzuk bete ez direlako (esaterako, seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzak eskuratzeko administrazio-egoitza EAEn edukitzea) ukatu diren laguntzei buruzko kexak jasotzen jarraitu dugu. 2013. urteko txostenean, erakunde honek gaiari buruz zuen kasuistika eta balorazioa azaldu genuen, interesdunei emateko informazioan hobekuntzak proposatu genituen, prozedurari hasiera ematen zaionetik.
Puntu honetan nabarmendu nahi dugu, aurreko urteetan egin dugun bezala, komenigarria dela seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen ematea automatizatzea, interesdunentzat gero eta konplexuagoa den eskaera-izapidearen mende ez egoteko. Izan ere, izapide horren ondorioz laguntzen onuradunak izan litezkeen pertsona askok ez dituzte jasotzen.
3. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Kontratazio egonkorra laguntzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko abenduaren 20ko 16/2013 Errege Dekretuaren 1. artikuluak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean aldaketa batzuk egiten ditu. Guri dagokiguna hauxe da: aipatutako legearen 37. artikulua aldatzen du eta kargura dituzten seme-alabek hamabi urte bete arte bateratze neurriei heltzeko aukera ematen die langile guztiei; horrela, besteren kontura lan egiten duten eta administrazio publikoko langileen bateratze eskubideak parekatuko dira.
Lege erreforma horrek sektore pribatuan besteren kontura lan egiten duten langileek sufritutako konparazio bidegabekeria gainditu du, erakunde honek aurreko urteetan jaso dituen kexetan ere ageri zena.
Erkidegoan ez dira aldaketa garrantzitsurik egon Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak eratutako familiak laguntzeko politika publikoetarako oinarriak ezartzen dituen lege- eta arau-esparruan; legearen bidez, arlo horretan izan beharreko esku-hartze publikoaren oinarriak eta printzipioak ezarri ziren, arau garapen bidez osatu da eta seme-alabengatiko diru-laguntzak, lanbidea eta familia bizitza bateratzeko diru-laguntzak eta familia-errenta estandarizatzeko sistema erregulatzen ditu.
Gainera, Euskadiko familiei laguntzeko politika publikoen ildoak eta orientabideak familiei laguntzeko erakundeen arteko planetan jasota daude. 2013. urtean, alorrean eskudun den Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Gizarte Garapenerako Zuzendaritza organoak adostu zuen 2011ko abenduan onartu zen eta ordutik indarrean dagoen Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planaren jardun-esparruei eta ekintza estrategikoei lehentasuna ematea. Hogeita hamabi neurriri erantzuten dieten hamasei ekintza estrategikoen bidez sustatu nahi diren alorrak 2013ko txostenean azpimarratu ziren.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2014. urterako egindako jarduketa planari dagokionez, jarraian arloan egindako jarduketa nagusien berri emango dugu, hain zuzen ere, arreta jarri da Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak gaiari buruzko txosten berezia amaitzetik eratorritako jarduketetan eta EHUko XXXIII. Udako Ikastaroen barruan antolatutako ikastaroan; edizio horretan Estatuko Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak ere antolatu ziren.
4.1. Txosten berezia: Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak
Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezian familien iritzia (ordezkatzen dituzten elkarteen bitartez), adituena eta erakundeetako arduradunena bildu da; horrez gain, Europako herrialde askotako familiei laguntzeko politikei buruzko azterketa konparatua egin da. Hori guztia egiterakoan azken helburua familiei laguntzeko politikak bultzatzeko eta indartzeko laguntza ematea izan da.
Diagnostiko soziala, demografikoa eta testuinguru juridiko eta arautzailearen diagnostikoa egin ondoren, Euskadin familiei laguntzeko politika publikoak bereizten dituzten ezaugarri nagusiak aztertzen ditu, Europako hainbat herrialdetan familiei laguntzeko garatutako politikak erreferentziatzat hartuz.
Arartekoak egin ohi duenez, txostenean Euskadin familientzako politika publikoak garatzen dituzten administrazioei zuzentzen zaizkien zenbait gomendio daude. Hamasei gomendioak hautemandako lau erronken inguruan eratu dira:
1. Familiei laguntzeko politiken lidergoa eta zeharkakotasuna sustatzeko, alde batetik, baliabide edo babes berezia behar duten familiako errealitate ezberdinak identifikatuko dituen esparru juridikoaren garapen xeheagoa egitea proposatzen da; horrela, familiei laguntzeko euskal legeak garatzen dituen lege testu egokiekin dagokien estaldura eta laguntza izan ahalko dute. Beste alde batetik, hobekuntzak egin behar dira erakundeen edota erakunde mailen arteko koordinazio jardueren antolakuntza instituzionalean, informazio integralerako gailuetan eta Familiak Laguntzeko Erakundeen arteko III. Planaren indarraldia luzatzean, bertan jasota dauden neurri guztiei heldu ahal izateko, gaur egun plan horrek legealdi honetarako finkatutako lehentasunez gain.
2. Familia arloan inbertsio publikoa indartzeko gomendioak, batez ere, seme-alabak dituzten familien gastuak konpentsatzeko; bide honetan doaz:
• Familien gastuak, eta bereziki seme-alabak dituzten familienenak, konpentsatzeko neurri ekonomikoen inbertsio publikoan egindako ahalegina areagotzea, pixkanaka Europako beste herrialde batzuekin alderatuta batez besteko kokapenera irits gaitezen.
• Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen sistema sistema unibertsalerantz bideratzea, eta ez, batez ere, zerga dedukzioetan oinarritutakora (gaur egun bezala).
• Fiskalitateari dagokionez, koordinazio sozio-fiskala indartzeko (estrategia integralen bidez) neurriak ezarri eta horren eragina egiaztatzeko ekimen pilotuen garapenean aurrera egin.
3. Familiek haien eguneroko bizitzan familia eta lana bateratzeko dituzten zailtasun handiek zeresan handia dute biztanleria zahartzean eta egungo ongizate sistema, gaur egun ulertzen dugun bezala, etorkizunean mantentzean ere. Europar erkidegoko zuzenbidetik neurri desberdinak sustatzen ari dira, eta neurri horiek eginkizun horretan aurrera egiteko egiturazko eta balio arloko aldaketak eskatzen dituzte; horrez gain, helburu horri buruzko txosteneko gomendioek bezalaxe, neurri horiek erakusten dute bateratzeko estrategia koordinatuak sustatu, sentsibilizazio estrategiak garatu eta bokazio unibertsala duten laguntza eta baliabide eraginkorrak abian jarri beharra dagoela.
4. Familietan eragin handia duten sektore arloko neurriak sustatzeko eta egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko gomendio multzoa familietan eragina duten beste sektore batzuei zuzentzen zaie: Gizarte, osasun eta gizarte-osasun zerbitzuen arloari, mendetasun egoeran dauden pertsonen, ezgaituen eta gaixoen familiei laguntzeko; haurren hezkuntzari eta garapen osoari zuzendutako jarduketak garatzen dituzten erakundeei, gurasotasun positiboaren aldeko programak sustatzeko eta hezkuntzako materialetan familia ereduen aniztasuna ikusgai egon dadin sustatzeko behar diren neurriak aktibatzeko; etxebizitza sistemari, eskaintza bizitzan zehar izaten diren familia-behar guztietara egokitzeko; diru-sarrerak bermatzeko sistemari, familiaren tamainak garrantzi handiagoa izan dezan eta familia eskatzaileentzako prestazio sozialetarako sarbidea hobetzeko kanpainak edo neurriak sustatu ditzan, kanpoan geratzen diren familientzat; aisialdiko heziketa eta denbora libreko heziketa arloari, eskaintza behar beste zabaltzeko.
4.2. Bilerak elkarteekin
Beste urte batez, Euskadiko familien aniztasunaren interesak ordezkatzen dituzten hainbat elkarterekin harremanetan egon gara; horri esker, lan-ildo nagusiak, premiak eta botere publikoei zer eskatzen dieten jakin ahal izan dugu.
Harremanak, batik bat, aurreko atalean aipatu dugun Euskadiko familiei buruzko txosten bereziaren esparruan gertatu dira; Udako Ikastaroa antolatzerakoan eman dira, eta hainbat erakundetako ordezkariek presentzia handia izan dute. Horien artean, honako hauek nabarmenduko ditugu: Hirukide Euskadiko familia ugarien elkartea; Sehaska guraso homosexualen elkartea; Fundación de Familias Monoparentales Isadora Duncan guraso bakarren fundazioa; Associació de Famílies Lesbianes i Gais guraso gay eta lesbianen elkartea eta Fundación Secretariado Gitano fundazioa.
Guraso bakarreko familien errealitatea bereziki landu zen Asociación de Mujeres Madres de Familias Monomarentales B.G. ama bakarreko familien elkartearekin azaroan izandako bileran.
4.3. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailarekin bilera
Aipatutako familiak laguntzeko politikei buruzko txosten berezian jasotako ondorioen eta gomendioen aurkezpena eta eztabaida egiteko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren arduradunekin bilera bat egin zen, Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritza ere bertan egon zen.
Bestalde, aurten zuzendaritza horretako arduradunekin eta langile teknikoekin harreman eta lankidetza emankorrak izan dira, bai herritarrek aurkeztutako kexa espediente batzuen izapideak eta jarraipena egiteko, bai saila egiten ari den laguntza dekretuen berrikuspena egiteko. Puntu honetan, azpimarratu nahi dugu herritar batek adierazitako kontu bat gehitzearen aurrean azaldutako jarrera irekia; herritar horren oharra bateratzeko diru-laguntza eskaeretan adoptatutako seme-alaben filiazioa egiaztatzeko dokumentazioari buruzkoa da, hain zuzen ere.
4.4. Arartekoaren Udako Ikastaroa eta Estatuko Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak antolatzea
EHUko XXXIII. Udako Ikastaroen barruan, irailaren 9 eta 10ean, Gasteizko Montehermoso Jauregian Ararteko erakundeak antolatutako ikastaro bat egin zen, Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: Botere publikoen erantzuna izenburukoa. Arartekoak honako gai hauetaz hausnartu ahal izateko heldu nahi zion gai horri:
• Familien zereginak eta Estatuaren eginkizuna familiei sostengua eta laguntza emateko duen betebeharra betetzerakoan.
• Zeintzuk diren era askotako familien beharrak eta eskaerak.
• Behar eta eskaera horiei nola erantzuten dieten “familientzako” politika publikoek edo familia-sisteman eragin handia duten politikek.
• Nola ari diren aintzat hartzen (eta, beraz, artatzen) familia batzuk baztertuak edota diskriminatuak izateko arrisku handiagoan jartzen dituzten askotariko faktoreak.
• Zer ikasketa lor ditzakegun hurbil ditugun herrialdeetako politiketatik eta jardueretatik.
• Nola eman familiei kalitateko denbora-tarteak, beren zereginak egin ahal izan ditzaten, batez ere nekez besterendu daitezkeenak.
• Eta behar bezalako genero-ikuspegitik aztertzea.
Txosten honen IV. kapituluan ikastaroaren garapenari, partaideei, hitzaldiei eta abarrei buruzko informazio zehatzagoa aurkituko duzue.
Edizio horretan egin ziren, halaber, Estatu osoko herriaren defendatzaileen koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak.
Urteroko elkartze hauetan egin ohi denez, aldez aurretik zenbait lantegi egiten dira, jorratuko den gaiaren inguruan sakontzeko. 2014. urtean bi tailer ezberdin antolatu dira. Lehenengoa, Iruñean egin zen eta hauxe izan zen gaia: “Familiei laguntza: partekatutako beharrak eta desberdinenak”. Bertan, familia guztiek partekatzen dituzten beharrei buruz sakondu zen; egitura edozein dela ere hiru motatakoak dira: ekonomikoak; denbora, zerbitzu eta informaziozkoak; eta hazteko orientazio eta aholkularitzakoak. Beste alde batetik, familia eredu askok dituzten behar bereziak aztertu ziren (familia ugariak, guraso bakarreko familiak, familia homoparentalak, berrosatutako familiak eta harrera familiak).
Bigarren tailerra Sevillan egin zen eta hauxe izan zen izenburua: “Familia zaurgarriak: politika publikoak eta baliabideak”. Bertan honako behar hauek jorratu ziren: 1) gizartean baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden familiak (etorkinen familiak, ijitoen familiak, baliabide pertsonal, sozial eta ekonomiko gutxi dituzten familiak); 2) zaurgarritasun- edo arrisku-egoeran eta adingabeak dituzten familiak (pobrezia-egoeran dauden eta adingabeak ardurapean dituzten familiak, ardurapean dituzten adingabeekin gatazkak dituzten familiak, genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak); eta 3) mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituzten familiak.
Familia guztiek partekatzen dituzten beharrei eta familia tipologia bereziko familia batzuek dituzten beharrei buruzko lehenengo tailerra Arartekoak dinamizatu eta koordinatu zuen. Bi tailerretako ondorioak Udako Ikastaroan aurkeztu ziren eta herriaren defendatzaileek onartu zuten Adierazpenean daude jasota; jardunaldiei eta hilabete hauetako lanari bertan eman zitzaion amaiera.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Familiei publikoki laguntzea banakoei euren giza garapenean laguntzea dela kontuan hartuta, norbanakoaren eta gizarte-eskubideak lortzeko eta premia gehien dutenak (adingabeak, adinekoak, gaixotasunen bat edo mendekotasuna duten pertsonak) bereziki babesteko, erakunde honek uste du familiei laguntzea gizarte-estatua mantentzeko ezinbesteko estrategia publikoa dela; beraz, krisiaren testuinguruan, inoiz baino gehiago, familia-politikak gizartearen kohesioa bermatzeko eta pobrezia eta gizarte desegituraketa saihesteko inbertsio publiko onena dira.
Gai zehatzagoei heldu baino lehen, gogorarazi nahi dugu familien arloan jardutea ez dela bakarrik laguntza publikoak edo diru-laguntzak emateko politikak gauzatzea; izan ere, horretaz gain, eta gero eta gehiago, kulturarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin lotutako aldaketa sakonak sustatu behar dira, familien premiak gure ekonomia-jardueran erabat sartzeko ikuspuntu berriak eratzeko. Botere publikoak pentsamoldea aldatzeko prozesuen buru izan behar dira, zaintzaren, etxeko lanen, atsedenaren, aisiaren, giza harremanen eta gizartean parte hartzeko bestelako moduen (bai borondatezkoak bai soldatapekoak ez direnak) beharrezko tokia –eta balio nagusia– onartzeko.
Horrela, gero eta beharrezkoagoa da denbora antolatzeko planteamendu global berriak nabarmentzea, lana gure bizitzen erdialdea izatea zalantzan jartzen dutenak eta norbanakoaren eta familiaren premiak era nahikoan betez lanbideari eustea ahalbidetzen dutenak.
Gainera, pertsonak artatzeko eta zaintzeko erantzukizun partekatua nahitaezkoa da sexuen arteko berdintasunaren printzipioa betetzeko, soilik bateratzen duen gizarte baterako oinarriak sakonki garatzen baditugu izango baita bideragarri. Horrela ez bada, pertsonak artatzeko eta zaintzeko tokirik uzten ez duen eta, beraz, gizalegez bideragarria ezin izan daitekeen gizarte-eredu bat eraikiko dugu.
Euskal herri-administrazioei dagokienez, egia da helburu horrekin bateratzeko diskurtso berritzaile eta ausartago baten buru izan behar direla. Diskurtso horrek pertsonen bizitzetarako gero eta eutsiezinagoa den eta gure gizarteen demografian eta gure bizi-kalitatearen hondatzean eragin nabarmena duen eredu bat zeharo zalantzan jarri behar du. Horretarako, gai horrek gehiago ukitzen dituen eragileak
–hala nola, enpresak– sozialki sentsibilizatzeko lan egin behar da, eta kontu hori botere publikoaren instantzia guztietako agenda politikoetan lehentasunezko gai gisa sartzea lortu behar da.
Bateragarritasunaren aldeko apustuak zeharkakotasuna izan behar du bereizgarri eta gure sistema ekonomiko eta politiko osoa denbora arrazionalizatzeko eta zaintzari berriro balioa emateko diskurtso berri baten eraginpean jarri behar da, arreta nagusiki pertsonengan jartzeko, ez produkzioan.
5.1. Gaur egun familiei laguntza emateko indarrean dauden politikak hobetzeko kontu zehatzei dagokionez, esan beharra dugu Euskadin nahitaez jorratzeko dagoen lehenengo gaietako bat baliabide edo babes berezia behar duten familiako errealitateak identifikatzea dela, administrazioek ezarritako neurrien eskubideen titularrentzat marko bateratua sortzeko. Hori, adibidez, guraso bakarreko familiei gertatzen zaie eta erakunde honen iritziz, aintzatespen argia izan beharko lukete, baita guraso bakarreko familien ereduan zein familia-unitate sartzen den eta zein ez zehatz identifikatzeko definizio bat ere. Beraz, beharrezkoa da, Familiei Laguntzeko 13/2008 Legea garatuz, familien kategoria ezberdinen erregulazio xehatua egitea; horrela, euskal herri-administrazio guztiek modu berean aintzat hartzen dituztela bermatuko da eta egoera ahulagoan dauden familiei emandako tratuan justifikatu ezin diren ezberdintasunik ez da egongo.
5.2.Familiek, haien egitura eta osaera zehatzak edozein direla ere, premia komun batzuk dituzte. Sinplifikatuta, hiru mota hauetakoak dira: 1) guraso-gaitasuna modu egokian garatzeko informazioa, orientazioa eta aholkuak; 2) seme-alabak hazteari eta familia barneko zaintzari lotutako kostuei aurre egiteko baliabideak; 3) lanaren esparruan, familiaren esparruan eta norberaren bizitzan hartutako erantzukizunak bateratzeko denbora eta zerbitzuak.
5.2.1. Gaur egungo familiek aldaketa eta erronka askori aurre egin behar diete, eta horrek gurasotasunari laguntza gehiago emateko beharra dakar. Beharrezkoa da familia guztientzat seme-alabei garapen pertsonal eta sozialean hezteko eta laguntzeko baliabide eta gaitasun egokiak eskaintzea, gurasotasun positiboari buruzko programa eta prestakuntza programa gehiago abiaraziz (balioak garatzea, heziketa afektiboa eta sexuala, pantaila aurrean egotea, familia-ereduak, etab.), osasun publikoaren eta lehen mailako prebentzioaren planteamendutik.
5.2.2. Familia barneko zaintzaren gastuei aurre egiteko baliabide ekonomikoei dagokienez, beharrezkotzat jotzen da familian egin beharreko inbertsio publikoa indartzea, batik bat, seme-alabak dituzten familien kostuak konpentsatzeko, baina baita mendeko pertsonen edo ezgaitasunen bat duten pertsonen zaintzatik eratorritako gastuak konpentsatzeko ere.
Zentzu horretan, beharrezkoa iruditzen zaigu seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen sistema sistema unibertsalera bideratzea (errentaren mende ez dauden zuzeneko laguntza unibertsalen sistema, horren arabera haztatu badaitezke ere) eta ez nagusiki zerga dedukzioetan oinarritutakora, gaur egun gertatzen den bezala. Ahal den neurrian, ofizioz hasi eta emakidarako sistema automatizatu bat prestatu beharko litzateke, eta horretarako administrazioen esku dauden datuetara eta dokumentaziora jo beharko litzateke. Horrela, prestazioak aurkezteko kudeaketarekin zerikusia duten arazo asko konponduko lirateke (eskaera, dokumentazio frogagarria aurkeztea, etab.).
Bestalde, gure iritziz zerga-sistema familia-egoera desberdinetarako laguntza publikoa antolatzeko tresna erabilgarria bihurtu beharko litzateke; horregatik eskatzen dugu koordinazio sozio-fiskala indartzeko neurriak ezartzea eta ekimen pilotuen garapenarekin aurrera egitea, horren eragina neurtu ahal izateko eta horrela, familiak laguntzeko ereduaren unibertsaltasunean aurrera egiteko.
5.2.3. Familiek lanaren esparrua, familiaren esparrua eta norberaren bizitza modu egokian bateratzeko irtenbideak eskatzen dituztenean, funtsean bi gauza hauek eskatzen ari dira: seme-alabak hazi eta familiako kideak zaintzeko denbora, eta lan-jarduera egin bitartean autonomoak ez diren familiako kideak modu egokian eta dagokien eran (heziketa, harremanak, babesa) zaintzeko zerbitzuak. Bi eskari horiei diruarena gehitzen zaie, bai denbora “erosteko” (eta familiaren mantentzea eta ongizatea bermatzen dituzten diru-sarrerak jasotzen jarraitzeko), bai zerbitzuak erosteko, estatuak zuzenean eskaintzen ez baditu.
Euskadin, familientzako laguntza publikoa, alde batetik, hurbileko zerbitzu eta baliabide komunitarioetara bideratu da; hala nola, haurren zaintzaren esparruko Haurreskolak edo mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroak. Hala ere, beharrezkoa da euskal administrazioek laguntza ematea, are gehiago eta dituzten eskumenen arabera, bateratzeko laguntza programak, baimenak eta zerbitzuak sendotu edota areagotzeko; era horretan, eskaintza zabala ziurtatuko da eta laneko sektore guztietara (publiko eta pribatuetara) malgutasun handiagoa ekarriko duten bideak aztertu ahal izango dituzte, lanaldia murrizteari eta berrantolatzeari dagokionez eta denbora presentzialari edo telelanari dagokionez, bateratzea errazago izan dadin.
Bateratzearen gastuak zati batean konpentsatzeko laguntza ekonomikoak neurri partzialki aringarriak baino ez dira jasotzen dituztenentzat. Aitzitik, beharrezkotzat jotzen da maila ekonomikoari eta laguntzen unibertsaltasunari eustea; gainera, ahalegina egin beharko da etorkizunean horiek gora egiteko joera izan dezaten, eta arautegian behar diren aldaketak egingo dira beste zenbait kolektibo ere onuradun izan daitezen (langile autonomoak, zaintza bere gain ez duten gurasoak) eta bateratzeko laguntzak eskatzeko epea luzatuko da seme-alaben adina hamabi urte izango da, orain arteko zortzi urteko adina izan beharrean.
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako, euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori, ikuspegi formaletik harago, benetakoa eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria emakumeen giza eskubideen kontrako atentatu larria da eta, horren oinarrian, sexuagatik berdintasun printzipioa funtsean haustea dago. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeen bereizkeria jaien eta kulturaren arloan
Aurten ere, emakumeek kultura espazioetan duten berdintasunean esku hartu behar izan du Arartekoak. Zehazki, berriz ere azpimarratu nahi dugu emakumeek alardeetan parte hartzeko orduan duten arazoa. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duten hainbat erakundek formalizatutako kexaren ondorioz, izan ere, erakunde honek bere jarrera azaldu behar izan du. Kexa horren harira ikusi ahal izan genuenez, Irungo III. Berdintasun Planak, berau egiteko partaidetza prozesuko ondorioetan proposatutakoaren aurka, ez zuen inolako jarduera aurreikuspenik jaso alardearen inguruan, eta, hala, entzungor egin zuen Irungo hiritarrak zatitzen dituen gatazka honetan, hain zuzen ere gizon eta emakumeen herriko ospakizun sozialik garrantzitsuenean izan dezaketen partaidetzaren harira. Bada, hori guztia kontuan hartuta, gaiari buruzko balorazio juridikoa egin genuen.Gure esku hartzearen ondorioz, Arartekoaren abenduaren 29ko ebazpena ezarri genuen. Horren bidez, Irungo Udalari gomendatzen zaio Berdintasunaren aldeko Planean beharrezko neurriak har ditzala, Alardean gizonezko eta emakumezkoen partaidetza parekideari buruzko arazo konpongabeari heltzeko. Horren harira, beraz, gure ustez plan horretan jardueraren bat sartu beharko litzateke, Irungo Udalak publikoki adieraz dezan alarde mistoa babesten duela, kontuan hartuta udala ordezkatzen dutenek alarde tradizionalari soilik egiten diotela harrera, tratu okerra ematen zaiolarik alarde parekideari, berau ikusezin bihurtu eta balioz urritzen baitu erakunde mailan. Era berean, ekintzaren bat sartzea komeni da, beharrezko neurriak har daitezen ospakizun honetan parte hartu nahi duten emakumeek aukera hori izan dezaten, gizonen baldintza berberetan. Azkenik, Irungo Udalari gomendatzen zaio beharrezko neurriak har ditzala alardeen arazoa konpontzeko, erakunde arteko espazio irekiaren esparruan topaketa eta elkarrizketarako guneak sortzeko (espazio horretan erakunde honek era aktiboan parte hartuko du, aurrerago azalduko dugun bezala), udalerriko Berdintasun Plana egiteko partaidetza metodologiaren harira sortutako sinergiek eskaintzen duten aukera aprobetxatuz.
1.2. Sexuaren araberako partaidetza parekidea kirolean
Aipatzeko modukoa iruditzen zaigu Donostiako Udalak 2014an zehar izan duen erantzun positiboa, erakunde honek iaz emandako gomendioari dagokionez (Arartekoaren 2013ko ekainaren 19ko ebazpena). Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari gomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarrai joka daitezen. Hori guztia, eskola adineko neskek tradizionalki gizon edo mutilenak izan diren kirol modalitateetan parte hartzeko eskatzen zuen kexa batean izan genuen esku hartzearen ondorio da. Horren harira, egiaztatu ahal izan dugunez udal hori eskola kiroleko programetan emakumeen partaidetza areagotzeko prozesua sustatzen ari da, aipatu gomendioan planteatzen genuen bezala. Gomendio horretan, hain zuzen ere, bide hori ezartzen genuen espazio publikoak kirolerako erabiltzean sexuaren araberako bereizkeria eraginkortasunez ezabatzen dela eta emakume eta neskek praktikatzen duten kirolari ikusgarritasun, espazio eta presentzia gehiago ematen zaiola susta dadin.
Gainerako politika publikoetan bezala, eskola kirola sustatzean ere agintari publikoek genero ikuspegia sartu behar dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Eusko Legebiltzarraren Legean eta Emakume eta Gizonen Benetako Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera. Izan ere, politika publikoak diseinatu eta betearazteko orduan, beharrezkoa da kontuan hartzea sexu baten zein bestearen presentziak eremu jakin batzuetan duen oreka falta, sozialki esleitzen diren itxaropen eta rolen gaineko sexismoaren ondorio izateaz gain, eragozpena delako pertsonen arteko benetako berdintasuna lortzeko orduan. Eremu horietako bat da kirol arloa, eta, zehazki, gehien gizonezkotuta dauden modalitateak, esaterako futbola.
Arartekoak oso positiboki baloratu du Donostiako Udalak 2014. urtean zehar emandako erantzuna, bai eta gure gomendioetan adierazitakoaren ildotik lan egiteko erakutsitako jarrera positiboa ere.
2. Araudi- eta gizarte- testuingurua
2014an ez da legezko edo arauzko erreforma esanguratsurik egin eremu honetan. Badago, hala ere, berritzailea delako azpimarratu behar den proposamenen bat. Berritzailea dela diogu, aldundien eremuan esparru juridiko berria sortzen delako, ea, hala, agintari publikoek emakume eta gizonen berdintasunaren arloan jarduteko dituzten aukerak handitzen direlako. Horrela bada, Gipuzkoako Berdintasunerako Foru Arauaren proiektuaren funtsezko helburua da eremu gipuzkoarrean sexuaren araberako berdintasun parametroa garatzea, esparru argi bat eta gida bat ezarriko delarik aldundiaren jarduera desberdinentzat. Beraz, jarduera horietarako araudi bat egongo da, berdintasunaren helburua lortzeko bidean orientazio hobea egon dadin.
Bestalde, aipatzekoa da gai honetan aldatu egin dela genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza ekonomikoa ordaintzeko euskal araudia, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera. Hala, laguntza ekonomiko bat aurreikusten da genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzat, baldin eta baliabide ekonomikoak falta badituzte eta beren adinagatik, prestakuntza orokorraren eta espezializatuaren faltagatik eta bestelako gizarte egoerengatik enplegu bat bilatzeko zailtasun bereziak izango dituztela uste bada. Eskubide subjektibo hori aitortuta, bada, Lege Organikoaren printzipio zuzentzaileetako bat bermatu nahi da: bitarteko ekonomikoak bermatzea genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, gizarteratze errazagoa izan dezaten.
Zehazki, laguntza ekonomikoak, biktimaren erantzukizun familiarren arabera zehaztuko denak, helburu nagusi bat dauka: aldi batez leuntzea diru sarrerarik eza, gutxienezko biziraupen baliabideak erraztu dakizkion, erasotzailearengandik independizatu eta bere egoera egonkortu ahal izateko.
Hala, EAEn 2015eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Agindua. Horren bidez, genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntza ekonomikoa (genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoko 27. artikuluan aurreikusia) eman eta ordaintzeko prozedura arautzen da. Araudi horrek, bada, hainbat aldaketa sartu ditu aurreko euskal araudiaren gainean.
Agindu horrek, hain zuzen ere, abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretua garatzen du. Hala, genero indarkeriaren biktima diren emakumeek laguntzaren onuradun izateko bete behar dituzten baldintzak jasotzen ditu, baita baldintza horiek egiaztatzeko modua, laguntzak eman eta tramitatzeko organo eskudunak eta horiek itzultzeko prozedura (hala badagokio) ere. Halaber, 8. artikuluak aurreikusten duenez, gizarte zerbitzuen gaineko administrazio eskudunek, beren prozedura arauen arabera, zaindu eta bermatu egingo dute prozedurako fase guztiak ahalik eta azkarren eta tramiteak sinpletuz egiten direla.
Lehendakariaren abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien jarduera arloak eta funtzioak ezartzeko dekretuaren bigarren aldaketa sartzen duena), berrantolatu egin zen Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura. Horrez gian, bertako sailen arteko eskumenen esleipen berria ezarri zen. Hala, Dekretu horren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailera sartu ziren Genero Indarkeriaren Biktima diren Emakumeen Telefono bidezko Arreta Zerbitzua (SATEVI), ordainketa bakarrerako laguntza ekonomikoak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten profesionalentzako aholkularitza eta arretarako kudeaketa integratua, bai eta dagozkien bitarteko materialak eta giza baliabideak ere. Horrela, bada, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, zehazki, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, lehen Barne Saileko genero Indarkeriaren Biktimentzako Arreta Zuzendaritzan sartuta zeuden funtzio horiek hartu ditu beregain.
Egiturazko aldaketa horren ondorioz, prozedura arautzen duen agindu berriak Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza identifikatzen du laguntza horien emakida kudeatu, ezarri eta ebazteko organo eskudun gisa.
Aurreko ekitaldietan araudi hau aplikatuz eskuratutako esperientzian ikusi ahal izan genuenez, beharrezkoa zen araudi eremu honetan aldaketa eta hobekuntza batzuk sartzea. Horien artean nabarmentzekoak dira honako hauek: laguntzaren onuraduna den emakumea adinez nagusia edo adingabe burujabea izan ahal dela; aldi batean diru sarrerarik eza leuntzeko laguntzaren baldintza berariaz sartzea, gutxienezko bitarteko batzuk erraztu dakizkion, erasotzailearengandik independizatu eta bere egoera egonkortu ahal izateko; laguntzen emakida ebazteko epea sei hilabetetik hirura murriztea; eta laguntzaren zenbatekoa igotzeko aukera aztertzeko eskubidea aitortzea, ez soilik eskatzaileak eskaeraren osteko hirurehun egunen barruan seme-alabaren bat izaten duenean, baizik eta baita epe horren barruan emakume migratzaileak seme-alabak biltzea lortu duenean.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian, arlo honetan garatutako jarduera nagusiak aipatutako ditugu. Azalpen horretan, bada, Arartekoak emakume eta gizonen berdintasunean izan dituen arreta gune nagusiak zeintzuk izan diren azalduko dugu:
3.1. Elkarteekin egindako bilerak
Aurreko urteetan bezala, hainbat bilera egin ditugu, alardeetan emakumeen partaidetza defendatzen duten kolektibo desberdinen eskaerei jarraiki, Irun eta Hondarribian arrazoi horren ondorioz jasaten duten gatazka jorratzeko. Bilera horietan landu ditugu, batetik, urtero alardeen kontuan sortzen diren jarduera instituzional desberdinei buruzko alderdiak, eta, bestetik, gai estrategikoagoak, emakumeak alarde bietan guztiz sartzeko beharrezko babes sozial eta instituzionala lortzeko asmoz.
Kolektibo horiekin izan ditugun bileretan, Arartekoak berriz ere adierazi du konpromiso sendoa duela lanean jarraitzeko, gatazka hau hasi zenetik egin dugun bezala eta gure esku dauden bitarteko guztiak jarriz, emakumeak Irun eta Hondarribiko jaietan era parekidean integratzen direla defendatze aldera.
3.2. Administrazio eta erakundeekin egindako bilerak
Arlo honi eragiten dioten gaietan jarduten duten herri administrazioekin egindako bileretatik honakoak nabarmendu nahi ditugu:
3.2.1. Arartekoaren partaidetza Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. akordioaren Jarraipen Batzordean
Aurreko txostenetan jaso dugun bezala, 2011. urteaz geroztik, Arartekoak Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzen du (batzordean bertan eta erakunde arteko talde teknikoan), gure erakunde arteko ikuspegia islatzeko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako jarduera publikoetan sortutako arazo edo hutsune posibleak nabarmendu eta egoera hobetzeko proposamenak egite aldera.
2014. urtean, Arartekoak batzorde horren eta haren barruan sortutako erakunde arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Lan bilera desberdinetan zehar, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen arretari buruzko alderdi desberdinen ikuspegia adierazi dugu eta ikuspuntuok jorratu ditugu. Iaz hainbat lehentasun adostu ziren eta egun landuak izaten ari dira, Erakunde arteko Akordiotik aldaketa egokiak sustatu daitezen lehentasun horien pean dauden administrazio eta zerbitzu desberdinetan. Lehentasun horien artean honakoak azpimarratu behar dira: gai honi buruzko terminologia berrikusteko beharra, horrek eragin ditzakeen inplikazio sozial eta juridikoak kontuan hartuta; genero indarkeriaren egoera antzemateko prozedura handitzeko beharra; genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeen arreta; indarkeria jasaten duten emakumeei arreta ematen dieten pertsona eta profesional desberdinei generoaren gaineko prestakuntza emateko premia; genero indarkeriaren biktima diren emakumeak justiziara sartzeko orduan dituzten baldintza desberdinak hobetzeko beharra, jarduera publikoa emakumeak prozesu judizial luzean zehar babestera orientatuz; gai honetan jarduteko gaitasuna duten agente publiko desberdinen artean koordinazioa areagotzen jarraitzeko beharra.
Lehentasun horien esparruan, bada, 2014. urtean Erakunde arteko Talde Teknikoak ahalegin handia egin du administrazio publikoen zerbitzupean dauden eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzaz arduratzen diren langileen prestakuntza sistematikorako jarduerak eta irizpideak garatzeko eta eztabaida bat sortzeko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeen harira esku hartze publiko koordinaturako oinarriak ezartze aldera, adingabeok ere indarkeria horren biktima direla kontuan hartuta.
3.2.2. Erakunde arteko lankidetza Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzarekin, alardeetan emakumeen berdintasuna defendatzeko
Defentsa bulego honek 2013an hasitako lan ildoan jarraitu du 2014. urtean ere, Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Irun eta Hondarribiko alardeetako gatazkei irtenbideak bilatzeko sustatutako erakunde arteko espazioaren esparruan. Besteak beste, espazio honetatik sustatu da bitartekaritza akademiko espezializatu baten esku hartzea, bi udalerrietako eragile instituzional eta sozial desberdinen artean elkarrizketarako espazioak ireki daitezen, aipatu gatazka horiek konpontzeko.
Urte honetan zehar, baterako lanari eta aldizkako bilerei esker, etengabeko lankidetza egonkorra izan dugu Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzarekin, 2013an hasitako bidetik. Lankidetza horren helburua erakunde arteko itun bat lortzea da, Irun eta Hondarribiko alardeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna lor dadin. Erakunde honen ustez, eta halaxe adierazi dugu hainbat aldiz, emakumeen berdintasun eskubidea eta printzipioa era irekian zalantzan jartzen duen gatazka bat betikotzeak serioski ahultzen du gure sistema demokratikoa eta, beraz, euskal agintari publikoek irmoki jorratu beharreko gaia da. Hori dela eta, aipatu erakunde horiekin (gai honekin lotura zuzena duten guztiekin) lanean jarraitu dugu, erakunde arteko estrategia bateratuak ezarriz, alardeen arazo hori bideratzeko aukera posibleen gaineko adostasun sozial eta instituzional zabalak ezartzeko asmoz.
Lan horren lehen emaitzak 2014. urtean zehar ikusi ahal izan dira. Izan ere, hiru erakundeek komunikazio, dei eta manifestazio bateratuak egin ditugu alardeen gaian egondako gertaera desberdinen gainean (besteak beste, berariazko deia Irun eta Hondarribiko udalei, desfile parekideei harrera egin diezaieten eta gatazka horietan duten erantzukizun publikoa bereganatu dezaten, egiten ari garen lan instituzional bateratu honetara batuta). Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak 2014an egindako azterlanaren arabera, Hondarribiko herritarren jarrerak alardearen inguruan izenburupean (landa lana: 2014/05/08), gehiengo sozialak dio, Hondarribian, inkesta egin duten pertsonen %84ren ustez egungo egoerak tristura, lotsa, nazka, asperdura, haserrea edo sumindura eragiten diola. Bestalde, %72k dio garrantzitsuena egungo egoeraren aurrean irtenbideak bilatzea dela. Gainera, %43k emakumeek alardean parte hartzeko formularen bat bilatzea nahiko luke, Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa soziologiko horren arabera.
Ondorio horiek ikusita, bada, erakunde arteko espazioari egokia iruditu zaio elkarrizketarako espazioak irekitzeko partaidetza jarduera profesionalak sustatzea.
3.2.3. Nazio batuen Giza Eskubideen Kontseiluko Lan Taldearekin egindako bilerak, Legean eta Praktikan emakumeen kontra egiten den bereizkeriari buruz
Legean eta praktikan emakumeen bereizkeriaren kontra egiteko Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluko Lan Taldea (GZKLT) Espainiara etorri zen 2014ko abenduaren 9tik 19ra eta hainbat organismo eta agintarirekin elkarrizketatu zen. Euskadin, Emakunderekin, Arartekoarekin eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin (Bake eta Bizikidetza Idazkaritzara atxikia) elkarrizketatu zen.
Arartekoarekin egindako elkarrizketan, hainbat gai jorratu ziren eta erakunde honek eztabaidatutako eremu bakoitzean egiten duen lana azaldu zen:
• Indarkeria matxistaren edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta. Arartekoaren txosten berezia aipatu zen, EAEn emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzunari buruzkoa. Halaber, Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren esparruan (Batzordea eta Erakunde arteko Talde Teknikoa) egin dugun lana eta tramitatu ditugun kexa espedienteetan gai honen harira ezarri ditugun gomendioak azaldu genituen.
• Krisi ekonomikoaren eragina emakumeen egoeran. Krisiaren eragina haurrengan izeneko Arartekoaren lana aipatu zen. Horrez gain, DBE jasotzen duten guraso bakarreko familiei eta oraindik ere dauden soldata desberdintasunei buruzko datu estatistikoak eman ziren, horrek guztiak pentsarazten baitigu pobreziak emakume aurpegia duela.
• Jai arloko emakumeen berdintasuna ere izan zen hizpide, batez ere Irun eta Hondarribiko alardeen kasuan, eta Laudioko San Roque kofradiaren bazkariaren kasuan.
• Kirol arloko emakumeen berdintasunari buruz ere mintzatu ginen. Arartekoak, izan ere, hainbat esku hartzen egin ditu haurren futbolaren gaian, Donostiako Kontxako hondartzan. Horrez gain, Bidasoaldeko emakumeen kirol taldeek komunikabideen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera ofizialen eskutik bereizkeria nabarmena jasan dute eta gai horretan ere lanean ibili gara.
• Arartekoak Plentziako historiari buruzko informazio panelen kontuan ere esku hartu du, gizonak baino ez baitziren agertzen. Esku hartze horren ondorioz, bada, gomendio bat idatzi genuen azalpen horretan genero ikuspegia sar ziten, emakumeek aipatu hiribildu horretako historian izan duten zeregina ikusarazteko asmoz.
• Balio sozialak. Adingabeen artean balio matxistak daudela egiaztatu dugu, adingabekoei balioak transmititzeari buruzko Arartekoaren txosten berezian ikus daitekeen bezala.
• Lana eta familia uztartzeko politikak garrantzitsuak dira, emakumeak berdintasun egoeran egon daitezen lan merkatura sartu eta lanean eta profesionalki promozionatu ahal izateko. Gai hori berariaz landu dugu Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko bidean izeneko gure azterlanean, eta, oraintsuago, Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak izeneko txosten berezian.
• Beste gai batzuk ere landu genituen, esaterako: emakume lesbianen ikusgarritasuna –Arartekoak ikerketa bat egin du horren gainean, beka baten bidez-; eta, osasun arloan emakume eta gizonen artean antzematen diren desberdintasunak– gai hori ere beste ikerketa batean aztertu zen, Arartekoak sustatuta, beka baten bidez-. Hala, generoak osasun arloan duen garrantzia agerian geratu da.
• Arlo ekonomikoa. Eremu pribatuan esku hartzeko legezko eskumenik ez dugun arren, bilera horretan azaldu genuenez oraindik ere bereizkeria kasuak daude lan merkatura sartzeko orduan, soldata desberdinak daude emakume eta gizonen artean, administrazio publikoan bertan ere, eta eragozpen serioak daude emakumeak lan arloan eta profesionalki promozionatzeko orduan. Era berean, lan eskastasunak gizonei baino gehiago emakumeei eragiten diela egiaztatu ahal izan genuen.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Hiritarrek euskal administrazio publikoekin duten harremanetan sexuaren ondoriozko bereizkeria arazoak planteatzen dituzten kexak asko ez diren arren, ezin dugu esan administrazio publikoek beren esku dauden bitarteko guztiak jartzen dituztenik berdintasun formal hori benetakoa eta eraginkorra izan dadin. Horren isla dira honako hauek: soldata desberdintasunak daude oraindik ere emakume eta gizonen artean, administrazio publikoetan ere; emakumeek eragozpenak aurkitzen dituzte lanpostu jakin batzuk eskuratzeko orduan eta beren lanbideetan promozionatzeko orduan: arlo desberdinak uztartzeko zailtasunek eragin berezia dute emakumeengan; emakumeen artean langabezia tasa altuagoak daude; emakumeen kontrako indarkeriaren lakra gaitzesgarriak oraindik hor dirau; pobreziak gehiago eragiten die emakumeei krisi egoeretan; eremu batzuetan emakumeei kalte egiten dieten estereotipoak daude; emakumeek zailtasunak dituzte justiziara jotzeko orduan. Horrek guztiak aise justifikatzen du berdintasunaren helburuari eutsi behar zaiola eta beharrezkoa dela agintari publikoek berau era aktiboan sustatzea, ahalegin berezia eginez mundua genero ikuspegitik begiratzeko eta desberdintasun egoerak antzemateko, hertsiki formalak diren manifestazioez harago, ekintza positibo irmoekin egoera horri aurre egiteko.
Emakumeen ikusgarritasuna jai, kultura eta arte arloko espazioetan
Oraindik ere zailtasunak daude emakumeek kulturaren, jaien, artearen eta kirolaren eremuan parte hartzeko eta ikusgarriak izateko. Eremu horietan, izan ere, emakumeen presentzia eta ikusgarritasun falta nabarmena da, artean adibidez. Beste eremu batzuetan partaidetza eta aintzatespen maila batzuetarako sarbidea mugatuta dute, kirol praktika jakin batzuetan esaterako.
Historikoki emakumeen ikusgarritasun eta presentzia gutxiago izan duten eremuotan emakumeen partaidetza eta ikusgarritasuna sustatzeko bideak irekiko dituzten ekintza positiboko neurriak erronka serioa dira administrazio publikoentzat. Izan ere, nahitaez ahalegin instituzionala egin behar da genero ikuspegiarekin jarduteko, berariazko asmoa eta ikuspegi zehatza izanez ordezkapen urri hori antzemateko eta era kontzientean egiteko aurre emakumeentzako desberdintasun materialak betikotzen dituzten inertzia sozialari, ezin baitira halako jarrerak onartu sexuen arteko berdintasun osoa aldarrikatzen duen sistema batean.
Irun eta Hondarribiko alardeetan emakumeentzako desberdintasunak agerikoak dira oraindik ere eta gizartearen nolabaiteko babesa dute. Egoera horren aurrean, bada, erakunde publiko eskudunek, jarrera horiek pribatuak direla adierazita, ez dute beharrezko sendotasunez jokatzen egoera horiek behin betiko amaitu daitezen. Erakunde gisa, bada, gure betebeharra da behin eta berriz azpimarratzea agintari publikoek ekintza positiboko neurriekin sustatu behar dituztela eremu horietan emakumeen berdintasun eskubidea defendatzeko ekimenak. Gainera, ezinbestekoa da euskal erakundeek, hiritarren sentsibilizazio eta kontzientziaren bidez, lan egitea edozein espaziotan emakumeak baztertzeko jarrerak babesten dituzten estereotipo oro amaitzeko.
Emakumeen posizio ekonomiko ahuldua
Beharrezkoa da agintari publikoek neurri berriak aztertu eta aktibatzea emakumeei jabekuntza emateko (ekonomikoa, kulturala eta soziala), gizonek eta emakumeek zaintzaren gaineko erantzukizuna partekatzeko kontzientziazio sozialaren bidez nahiz lana eta familia uztartzeko babes eta sustapen estrategikoaren bidez. Horretarako, hain zuzen ere, hezkuntza sisteman estereotipoak indargabetu eta neskak orientatu eta babesteko esku hartu beharko da, emakumeek hezkuntza mailan dituzten gaitasun altuen eta beren aukera ekonomiko urrien arteko ezohiko tartea ezabatzeko.
Emakumeak gizarte agente estrategikoak izan behar dira pobrezia eta gizarte bazterkeriako egoerei aurre egiteko. Ahulezia bereziko egoeretan dauden emakumeek, adibidez etorkinek edo ezintasunen bat duten emakumeek, ekintza berezi eta biziak behar dituzte berdintasun kuota handiagoak lortzeko eta gizartean baztertuak daudela saihesteko.
Genero indarkeria
Gure gizartean, zoritxarrez, oraindik ere emakumeen giza eskubideak urratzen dira eta, ondorioz, aurten ere gai hori jorratu behar izan dugu. Euskal administrazio publikoek bitarteko asko jartzen dituzte arazo horri aurre egiteko, baina hobekuntzaren aldeko etengabeko ahaleginak soilik lagunduko digu bide horretan aurrera egiten. Euskal agintari publiko desberdinen ekimenak ildo horretatik doaz eta, horregatik, txalotzeko modukoak dira.
Gure iritziz berehalako esku hartzea behar duten lan ildoak honakoak dira: batetik, hezkuntza sistema eta, bestetik, indarkeria egoeran dauden emakumeei arreta ematen dieten pertsonen prestakuntza, batez ere justizia sistemako langileena. Era berean, beharrezkoa da indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeen legezko tratamendua aldatzea, behar duten babesa jaso dezaten. Gai hori eskumen eremu autonomikoaz harago doa, baina, edonola ere, EAEko jarduera eremuan bertan ere hobeto orientatu daiteke adingabeei eta beren amei eman beharreko laguntza.
3 Ezintasunen bat duten pertsonak
1. Araudi- eta gizarte- testuingurua
Aurreko urteetan bezalaxe, atal honetan saiatuko gara desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldezteko 2014ko ekitaldian planteatu dizkiguten gai guztiak aztertzen, erakunde honen jarduketa esparruei buruzko zeharkako ikuspegi batetik.
Arartekoaren erakundeak, pertsona ororen eskubideak defendatzeko duen lehentasunezko eginkizuna betez, azpimarra berezia, ahal bada, jarri izan du beti beren eskubideez baldintza- eta aukera-berdintasunean baliatzeko zailtasun handienak dituzten pertsona guztien defentsan.
Horri dagokionez, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak, Arartekoa Erakundea Sortu eta Arautzekoak, honakoa dio: “Legebiltzarrak Konstituzioaren I Idazpuruak dakartzan eskubideak Legeak dionez bermatuz aldeztu, eta Autonomia-Estatutuaren 9. Atalak dakartzan demokraziazko oinarri irizpide orokorrak bete daitezenaz arduratzeko jarritako goi-karguduna da Arartekoa”. Horretarako, erakunde honen egitekoa da, herritarrek eskatuta edo bere ekimenez, administrazio publikoen jarduketa kexa espedienteen bitartez ikertzea, baina, baita ere, politika publikoak eta pertsonen eskubideen babes-sistema ebaluatzea, botere publikoei gomendioak zuzenduz nahiz pertsonen eskubideekiko errespetua edo haien babes-sistema errespetarazteko kultura indartzea xede duten txosten, analisi edo ideien produkzioa sustatuz.
Jarduera honetan abiarazitako kexa-izapideei eta jardunbideei dagozkien xehetasunetan sartu aurretik, Estatuko Aldizkari Ofizialean 2014ko abenduaren 23an onartutako eta argitaratutako 1056/2014 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, aipatu beharra daukagu. Dekretu horren bidez, urritasunen bat duten pertsonentzako aparkatzeko txartela emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu dira.
Azken denboretan, asko izan dira mugikortasun mugatua eduki eta urritasunen bat duten pertsonentzako aparkatzeko txartela duten pertsonek euren ibilgailua aparkatzeko dituzten zailtasunak salatzeko aurkeztutako kexak. Erreserbatutako aparkalekuak nahikoak izan ez direlako, edo erabiltzaile jakin batzuek aparkaleku horiek, are aparkatzeko txartelak ere, gaizki erabiltzen dituztelako gertatzen dira aipatu zailtasunak. Salaketak, era berean, gaiaren gaineko askotariko arautzeari buruzkoak ere izan dira; izan ere, ezberdintasun nabariak eragin baititu txartelaren eta berau emateak dakartzan eskubideen erabileran. Ondorioz, egoera bereiziak gertatu dira pertsona bizi edo mugitu den lekuaren arabera.
Aipatu 1056/2014 Errege Dekretuak, abenduaren 12koak, aparkatzeko txartela erabiltzeko berdintasunezko oinarrizko baldintzak ezartzeko xedea du, lurralde osorako berberak, nazio-lurraldeko edozein udalerritara mugitzen diren eta urritasunen bat duten pertsonentzako babes juridikoa bermatze aldera. Hori bai, dekretuak arrazoien aurkezpenean zehaztu duen bezala, autonomien eta udalerrien eskumenari erabateko errespetua erakutsiz.
Era berean, erabiltzeko moduan dauden aparkalekuen gutxiengo kopuruari dagokion betebeharra jasotzen du errege dekretuak. Mugikortasun mugatua eta urritasunen bat duten pertsonek hiri-guneetan erabiltzeko erreserbatu eta diseinatu dituzte aparkaleku horiek. Otsailaren 1eko VIV/561/2010 Aginduak 35. artikuluan jasotzen zuen jada aipatu betebeharra. Agindu horren bidez, hiri-eremu publikoen sarbiderako eta erabilerarako irisgarritasun eta ez-diskriminaziozko oinarrizko baldintzen agiri teknikoa garatu zen; betebehar mailara igaro dena, errege dekretu horretan sartu dutenean. Gure EAEn, abenduaren 4ko 20/1997 Legeak, irisgarritasunaren sustapenari buruzkoak, ezarri du aipatu eskakizuna.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hiri-irisgarritasuna eta mugikortasuna garraioan
Aurreko urteetan bezala, jarduera honetan ere azpimarratu beharra dugu eremu horretako kexak, nagusiki, instalazio berriak ezartzean edo jada badiren eraikinetan irisgarritasun araua hausteari buruzkoak direla. Batzuetan, arkitektura-oztopoek eragiten dituzte arau-hauste horiek, edota hiri-espazioaren gehiegizko erabilerak eragindako eragozpenek (gaizki aparkatutako ibilgailuek, lokalen arautu gabeko terrazek...).
Jarduera honetan, hainbat administrazio-bulegotan, osasun-zentrotan eta abarretan irisgarritasunik ez egoteagatik jaso dira zenbait kexa.
Horrela, adibide gisa, Eginaren Eginez Elkarteak jarritako salaketa berria aipatu beharra dugu; Arabako Ongizaterako Erakundeko eraikinak dauzkan irisgarritasun arazoek eragin dutena.
Ararteko erakundearen funtzionamendu urteetan zehar, kexa ugari jaso dira Gasteizko Alava Jeneralaren kaleko 10. zenbakiko eraikineko bulegoetarako sarbidetik eratorritako arazoen ondorioz; bai plataforma jasotzailea erabilgarri ez egoteak eragindakoak, edo bai, kasu honi dagokionez, igogailua martxan jartzeko arduraduna ageri ez zelako. Hurrenez hurren, eta horren ondorioz, hainbat izan dira erakunde honek bideratu dituen jardunbideak. Horietan, kasu bakoitzerako beharrezkoak ziren neurriak hartzeko estutu da Arabako Foru Aldundia, azaldutako arazoei irtenbidea emateko xedez. Hala ere, erakunde honek une oro adierazi du behin betiko konponbidea hartzeko beharrizana, urritasunen bat duten pertsonek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko bulegoetara aukera berdintasunez jotzea ahalbidetuko duena. Horretarako, irisgarritasun unibertsaleko irizpideei egokitu beharko litzaieke; izan ere, behin-behineko neurritzat jotzen dugu plataforma jasotzailea. Dena dela, hogei urte baino gehiago igarota ere, ez da aipatu plataforma ordezkatzeko inolako neurririk hartu; nahiz eta foru erakunde horretako arduradunek instalazioak lekuz aldatzea pentsatu izan duten zenbait alditan.
Horrek eraman gintuen Arartekoaren 2014ko azaroaren 21eko Ebazpena aurkeztera. Horren bidez, Gasteizko Alava Jeneralaren kaleko 10. zenbakiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko bulegoetarako sarbide duina eta pertsona guztientzako aukera berdintasunezkoa bermatzeko hartu beharreko neurriak hartzea gomendatu zitzaion Arabako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako Sailari.
Aipatu gomendioari erantzunez, honako txostena bidali digu Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak:
“1.– Evidentemente, no podemos sino compartir no sólo la recomendación efectuada sino también los argumentos legales que han llevado a la misma. Ya en ocasiones anteriores hemos puesto de relieve nuestro compromiso con los derechos de las personas con discapacidad, así como con la igualdad de oportunidades y el derecho a la no discriminación. Este compromiso se ha manifestado no sólo con palabras sino también con numerosos hechos a través de las actividades promovidas y financiadas por este Instituto Foral
2.– En los últimos años el Instituto ha hecho grandes esfuerzos por garantizar la accesibilidad universal en los numerosos centros y recursos que gestiona tanto directa como indirectamente con notables resultados.
En el caso de las oficinas de la Calle General Á lava, nº 10, esos esfuerzos se han plasmado tanto en la instalación de una plataforma elevadora en su acceso principal como en las diversas tentativas de traslado a otras ubicaciones plenamente accesibles.”
En la actualidad, el traslado parece inviable, dado que nos encontramos para 2015 en un escenario de prórroga presupuestaria que impide pensar en la realización de inversiones de alto importe como la que se requeriría.
3.– No obstante lo anterior, en nuestro empeño por mejorar las condiciones de accesibilidad al edificio hemos planteado a la administración de fincas del mismo, en consonancia con la propuesta efectuada por la asociación EGINAREN EGINEZ en la reunión del Consejo Territorial de Servicios Sociales del pasado 13 de junio, la instalación de un timbre junto a la plataforma que permita avisar al portero del edificio de forma inmediata de la presencia de una persona que requiere hacer uso de ella.
Somos conscientes de que tal medida no resuelve plenamente los problemas de accesibilidad del inmueble pero no es menos cierto que nos permite caminar en la dirección marcada por su recomendación.”
Beste kasu batzuetan, egiturazkoa izaten da arazoa, eta galarazi egiten du zenbait auzotara iristeko mugikortasun egokia, hiri-irisgarritasunerako elementu gabeziak eraginda.
Horri dagokionez, nabarmendu beharra daukagu Ararteko erakundeak azterketa sakona egiteko eskatu diela administrazio publikoei, udaletxeei bereziki, hiri-inguruetako irisgarritasun arazoak konpontzeko irtenbide teknikoak jartzeko aukerak azter ditzaten. Biztanle guztiek aukera berdintasunez erabiltzeko instalazioak lehenesteko azpimarratu dugu sarri, urritasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunaren eta ez-diskriminazioaren printzipioak bete daitezen.
Azkenik, mugikortasun mugatua duten pertsonei bereziki eragiten dieten arazoak azpimarratu behar ditugu; izan ere, gainerako biztanleek baino egokitutako garraio askoz ere mugatuagoa daukate oraindik ere.
Euskotren enpresa publikoak 2012an tren-unitate berriak martxan jarri eta gero ikus zitezkeen irisgarritasun-arazoek hor jarraitzen dute, lehenagoko txostenetan azaldu genituenak; nahiz eta mugikortasun mugatua duten pertsonek garraioa hobeto erabiltzea ahalbidetu duten Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek hartutako neurriek. Lehenengoak, hau da, Euskal Trenbide Sareak, trenbidetik nasarako distantzia txikitu du; eta, bigarrenak, Euskotrenek, bagoien diseinua aldatu.
2.2. Hezkuntza
Beste behin ere, Euskal Gorrak elkarteak, Gorren Elkarteen Euskal Federazioak, gure kontu-hartzea eskatu du; ikasturtea hasita ere, zeinu-hizkuntzako interpreterik gabe zeudelako ikasle gorrak, nahiz eta ILSrako banakako eskaera egin zuten une berean eskatu zuten aipatu baliabidea. Urte ho netako uztailean egin zuten eskaria, formakuntza zentroen eta Euskal Gorrak elkartearen bitartez. Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzara bidali zituzten eskari guztiak.
Era berean, aipatu Ordezkaritzan 2014ko ekainaren 17an aurkeztutako idazki baten bitartez, Hezkuntza Berrikuntzari zuzendutakoan, 2013/2014 ikasturtean eskolatuta egon ez ziren ikasle gorrentzako baliabideen gaineko kezka agertu zen. Baita aurreko urteetan irtenbiderik gabe utzitako arazoen gainekoa ere, zeintzuen ondorioz, ikasleek ez zuten eskolen lehen egunetik eduki interpreterik.
Kasuaren premia dela-eta, Euskal Gobernuko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera jo genuen, eta, ikasle gorrek aipatu baliabidea ez zutenez, komunikazio egokia eta beharrezkoa eragozten zien egoerari irtenbide azkarra emateko eskatu genuen.
Aipatu Sailak erantzun azkarra eman dio eskariari. Bertan, hobetzeko proposamenak aztertzeko beharrizana dagoela aitortu du, gorrek zeinu-hizkuntzako interpretea eduki ahal izan dezaten ikasturte hasieratik bertatik.
2.3. Ogasuna
Krisi garaian, eraginago egoten dira baliabide gutxiagoko pertsonak; zenbaitetan, kolektibo zaurgarriagoen parte ere badirenak.
Gaurko egoera ekonomikoak ez dio mesederik egiten dauden zerga-onurak zabaltzeari, inoiz baino beharrezkoagoa izan arren. Dena dela, onurak ez lirateke premiazko jardueretan soilik bildu behar; izan ere, aisialdiari lotutako jardueren sustapena ere hartu beharko lukete euren gain. Horregatik, aterpeen foru sarea erabiltzeagatiko prezio publikoak urritasunen bat duten pertsonen sustapenerako ikuspegi integratzailetik berraztertzeko iradoki dio Ararteko erakundeak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailari.
Batzuetan, zerga-araudiak jasotzen dituen hobariei eta salbuespenei onura ateratzeko zailtasun gehigarriak izaten dituzte urritasunen bat duten pertsonek, nahiz eta administrazioari ziurtatu diezaioketen, zerga horiek ordainarazten
dizkienari, hobaria jasotzeko foru araudiak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela.
Urritasuna duen emakume baten kasua da hau. Bizilekua aldatu zuen, Erandiotik alde eginez, eta udalerri berrian erroldatu zen. Alabaina, ezjakintasunak eraginda, ez zuen bere ibilgailuaren zerga-egoitza aldatu Bizkaiko Probintziako Trafikoko Buruzagitzan. Hortaz, Erandioko Udalean jarraitzen zuen egoten ibilgailuaren zerga-egoitzak. Aldaketa gauzatu ez zuenez, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ezarpen-hiria Erandiok jarraitzen zuen izaten. Dena dela, gure iritziz, herritar horren okerrak ez zuen aipatu toki-erakundea trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren salbuespena ez ezartzeko ahalbidetzen. Izan ere, eragindakoak ez baitzuen udalerri horretan erroldatuta jarraitzen, baina bai, aldiz, salbuespen horri etekina ateratzeko foru-aginduak ezarritako baldintza guztiak betetzen. Ondorioz, eragindakoari eskatutako ordainagirietan urritasunagatiko salbuespena ezartzeko, eta zegozkion zenbatekoak itzultzeko gomendatu zitzaion Erandioko Udalari.
Beste zenbaitetan, eguneratutako informaziorik ez edukitzea izaten da urritasunen bat duten pertsonek onura jakin batzuez, eurei begira sortu eta erabilgarri dituztenez, gozatzea galarazten duena. Hortaz, ezinbestekoa da koordinazio ona egotea, eta ogasun eremuaren eta gainerako udal zerbitzuen arteko transmisio egokia bermatzea; batez ere, udaleko gizarte-zerbitzuekiko harremanetan. Horren helburua, gizarte-eremutik ere bai, urritasunen bat duten pertsonaren bat duten familiei udalerrian euren eskura dauzkaten onurei buruzko informazioa ahalbidetzea da. Ezin dezakegu ahaztu toki-administrazioa dela hurbileko administrazioa. Horregatik, iradokizun bat aurkeztu zitzaion Aretxabaletako Udalari.
Horri dagokionez, azpimarratu beharra dago urritasunak ez duela berau jasaten duen pertsonaren ahalmen ekonomikoa bakarrik murrizten; hau da, bere familiarena ere murrizten duela, alegia: gurasoena, bikotekideena eta seme-alabena. Izan ere, euren eskura duten benetako errenta mugatzen duten askotariko gastu gehigarriak hartu behar dituzte euren gain, egunero-egunero. Ildo horretan, desiragarriak lirateke urritasunen bat duten pertsonek egin beharreko ahalegin ekonomikoa kontuan izango dituzten neurriak hartzea; bai gizarteratu ahal izan daitezen, bai gizartean modu normalizatuan parte-hartu ahal izan dezaten.
Ezin dezakegu alboratu botere publikoei dagokiela beharrezkoak diren neurriak hartu, eta norbanakoen zein integratzen diren taldeen berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izateko baldintzak sustatzea.
2.4. Segurtasuna
Eremu horretan, zalantzan jarri da Bilboko Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduan (TAO) ezarritako eskakizuna; urritasunen bat duten pertsonen ibilgailuen salbuespenezko erregimenari heldu ahal izateko, urritasuna duen pertsonak ibilgailuaren gidaria izan behar duela dioena (36. eta 37. artikuluak). Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko Ebazpenean, ordenamendua aldatzeko gomendatu diogu Bilboko Udalari; mugitzeko erabiltzen duten ibilgailua gidatzen ez dutenak ere aipatu erregimenean sartzeko, aparkatzeko txartel bakarraren titularrak badira, abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak arautu duena.
Iaz jakinarazi genuen kexa baten gaineko gure kontu-hartzea amaiarazi dugu 2014an. Bertan, Ondarroako Udalari gomendatu diogu luzamendurik gabe har ditzala pertsona itsu batek oinezkoentzako ibilbideetatik segurtasunez eta irisgarritasunaren legezko printzipioarekin bat eginez ibiltzeko duen eskubidea babesteko neurriak.
2.5. Etxebizitza
Arlo horretan, bi kontu-hartze nabarmendu nahi ditugu; izan ere, alokairu-erregimeneko bi etxebizitza babesturen onuradunak ziren bi pertsonek etxebizitzaz duintasunez eta egokiro gozatzen lagundu baitute.
Lehenengo kasuan, kexagileak, laurogei urteko pertsonak, gure bitartekaritza eskatu zuen, helezina baitzitzaion bere udal etxebizitzan jarri zioten leiho berrien zabaltze-sistema. Bilboko udal etxebizitzak erakundearekin hainbat kudeaketa egin eta gero, maizterra eta udal erakundea akordio batera iritsi zirela jakin genuen, eta maizterraren eskariari arreta egokia eman ziotela. Horretarako, bere beharrizanekin bat zetorren zabaltze-sistema irisgarria jarri zieten etxeko bi leihori.
Bigarren kasuan, urritasun fisikoa duen eta mendekotasun handiko egoeran dagoen pertsona batek gure esku-hartzea eskatu zuen, babes ofizialeko bere etxebizitzaren errenta handitu izanagatik.
Kexagileak, bere kexa-idazkian, errentaren zenbatekoa handitzeak arroparen eta elikaduraren oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko sarrerarik gabe uzten zuela ia adierazi zuen. Izan ere, urritasun egoeran egonik, alboratu ezin zitzakeen laguntza eta tratamenduak behar baitzituen bere egunerokotasunean, eta gastu handia zekarkion aipatu beharrizanak (etxeko laguntza, pertsonen autonomiarako zentroko laguntza eta abar).
Enplegu eta Gizarte Politika Sailarekin eta Alokabide elkarte publikoarekin edukitako harremanetan, kexagilearen diru-sarrera mota aztertzeko proposatu genien, izan ere, jasotzen zuen prestazioetako batek helburu argia zuela ikusi baikenuen (% 65etik gorako urritasuna daukan pertsona izatearekin lotuta egoteagatik) eta, ondorioz, aipatu prestazioa ez zela babestutako etxebizitzaren errentaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu behar iritzi.
Azkenean, alokatutako babes ofizialeko etxebizitzaren errentaren murrizketa onartu dutela komunikatu diola Alokabidek jakinarazi digu kexagileak. Tratamenduak eta berariazko laguntzak ordaintzen jarraitzea ahalbidetuko dio horrek, bere autonomia handitzera zuzenduta daudenez, egunerokotasunean behar dituen laguntzak izaki.
Amaitzeko, etxebizitza baten irisgarritasun baldintzei buruzko ziurtagiria eskuratzeko ezintasunari zegokion gure kontu-hartzea amaiarazi dugu jarduera honetan. Egokitutako etxebizitza babesturako sarbiderako eskatzen dute aipatu ziurtagiria. Herritarren bi kexa jaso genituen arartekoaren esku-hartzea eskatuz, egokitutako etxebizitza babestu baterako sarbiderako eskatzen duten ziurtagiria, euren etxebizitzetako irisgarritasun baldintzei buruzkoa, eskuratzeko ezintasuna dela-eta.
Bi kexagileek adierazi zuten euren etxeek ez zituztela beharrezko irisgarritasun baldintzak betetzen, eta horregatik eskatu zutela babes ofizialeko etxebizitzen kooperatiba batek bultzatutako etxebizitzen zozketa batean parte-hartzea. Aipatu kooperatibak, 2008ko apirilaren 16ko Aginduarekin bat etorriz, etxebizitzaren beharrizan egoerari buruzkoa berau, ziurtagiri tekniko bat aurkezteko eskatu zien, euren etxebizitzek ez zituztela irisgarritasun eta tresna jasotzaileei dagozkien beharrezko baldintzak betetzen ziurtatuko zuena. Aipatu ziurtagiria eskatzean, Bizkaiko Foru Aldundiak ezezkoa eman zien, Bilboko Udalari eskatzean errepikatu egin zena. Berehalakoa izanik eskatutako dokumentazioa aurkezteko epearen amaiera, eragindako familiek Ararteko erakundera jo zuten, jasaten ari ziren nahasmen eta babesgabetasun egoera salatzeko.
Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarekin zenbait kudeaketa telefonoz egin ondoren, egokitutako etxebizitza babestua eskatu duten bi familien zinpeko deklarazioaren aurkezpena aldi baterako onartzea onetsi du; salerosketa kontratua ikus-onetsi behar den unera arte, hain zuzen ere.
Erakunde honek bideratutako bi herritarren eskariaren izapidean, Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko koordinazio gabezia nabarmendu zen, egokitutako etxebizitza babestua behar duten pertsonek behar duten zerbitzua emateari dagokionean. Egoki erantzun dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Arartekoak eskatutako lankidetzari, irisgarritasun gaiari dagokion organo aholku-emaile eta parte-hartzekoaren esku utzi baitu kontua. Herritarren kexa horiek eragin dituen bezalako kasuak saihesteko, eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren ebazpenik ez dagoenez, babes ofizialeko etxebizitzak emateko prozedurak erregulatzeko araudiak eskatzen dituen ziurtagiri teknikoak bidaltzeko lana hartu du bere gain sailak, aldi baterako.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. 2012ko abenduan, herritarren esku utzi zuen Arartekoak web-orri bat, Mapak izena duena. Horren funtzioa EAEko zenbait turismo, garraio publiko eta liburutegi baliabideren irisgarritasunari buruzko informazioa erraztea da. Igaro den denbora horretan, hobetu egin da lanabesa, eta egoki iritzi zaio bai bere erabilera bai informazio horretarako sarbidea errazteko garapen berriak sartzeari; edozein lekutatik, are kaletik oinez ibiltzean ere, bertarako sarbidea izan dezan jendeak.
Hortik etorri da telefonoetarako eta bestelako mugikorretarako aplikazioa sortzeko ideia. Horren bitartez, gure geografiako edozein puntutatik sartu ahal izango da irisgarritasun-mapetan jasotako informaziora. Elkarlanean egindako proiektua da, dinamikoa, etengabe haziz doana, eta ezinbestekoa duena herritarrek parte-hartzea. Hainbat erakunde publikok eman dute askotariko baliabideei buruzko oinarrizko informazioa; baina herritarrei zabalduko zaie datu osagarriak sartzeko aukera, edota informazioa eguneratu eta kontrastatzekoa.
Hortaz, aplikazio horren helburua ez da hainbat baliabideren irisgarritasunari buruzko informazioa ematea soilik, herritarren parte-hartzeari laguntzea ere badelako xedea. Beraz, herritarren esku ere badago Euskadiko irisgarritasunari buruzko informazioa elkarlanean eraikitzea; bai argazkiak, bai iruzkinak, bai urritasunen bat duten pertsonek berme guztiekin moldatzea ahalbidetuko dien informazioa eduki dezaten balio duen edozein datu erantsita.
Gure web-orrian argitaratu genuen aplikazio berria martxan jarri genuela esateko prentsa-oharra, komunikabide guztiei ere bidali zitzaiena, 2014ko martxoaren 24an. Era berean, urte honetan zehar, urritasunen bat dutenen EAEko hainbat elkarterekin elkartu gara, lanabesaren funtzionamendua bertatik bertara ezagut dezaten. Horrela, FEKOOR, EUSKAL GORRAK, AGI, ELKARTU, EGINAREN EGINEZ eta Gipuzkoako muineko Lesiodunen Elkartearekin egon ahal izan ginen. Bilera horietan, elkarteek aplikazioan laguntzeko moduak ezarri ahal izan genituen, lanabesari baliabide berriak sartu ahal izateko.
Bestalde, urritasunen bat dutenen kolektibo gisa eragiten dieten gaiei buruz hitz egiteko ere balio izan digute aipatu bilerek, euren kasuari dagozkion kexak eta erreklamazioak bideratzen saiatzeko. Beti pentsatu izan dugu gure eginbeharra aberasten duela erakunde horiek betetzen duten lanak, izan ere, kolektiboaren errealitatearen antena-igorle gisa jarduten baitute. Hortaz, nahitaezkoa zaigu erakunde honekiko erakutsi duten etengabeko elkarlana eskertzea.
Azkenik, azaldu beharra dugu Enplegu eta Gizarte Politikako kontseilariarekin eduki genuen bilerari esker eduki genuela aplikazioa irisgarritasuna sustatzeko Euskal Kontseiluan aurkezteko aukera, 2014ko irailaren 29an egin zena. Aipatu organo aholku-emaile eta parte-hartzekoan daude ordezkatuta Euskal Administrazio Publikoak, urritasunen bat duten pertsonen eskubideen defentsan adierazgarrienak diren elkarteak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeak eta eraikuntza eremuko elkarte adierazgarrienak.
Bi gako dauzka lanabes horren sendotze eta etorkizunak: datuak eguneratzea, eta mugikortasun arazoak dituzten pertsona guztien bizitza autonomoa bermatzeko informazioa edukitzea ahalbidetuko duten baliabide berriak sartzea etengabe. Horretarako, beharrezkoa izango da Euskal Gobernuaren baitan ere jarduera koordinatuak garatzea, izan ere, eraikin publikoen, ikastetxeen, osasun-zentroen eta abarren irisgarritasun-egoerari buruzko informazio oso baliotsua baitu bere sail desberdinetan.
3.2. EAEko garraio publikoaren irisgarritasun-sistemari buruzko xosten berezia
2011n, Garraio publikoaren sistema sarearen irisgarritasun diagnostiko-ikerketa egin zuen erakunde honek; hiru lurralde historikotan egin ere, eta ohiko maiztasuna, erabilera orokorra eta jatorria zein helburua EAEn duen garraioa aztertu zen. Azterketan, trenbideei buruzko hamabost lerro daude; martxan dauden bi tranbia-sistemak ere aztertu ziren (Bilbokoa eta Gasteizkoa); eta baita Bilboko metropoli-sistema; hiriko, hiriarteko eta ibilbide luzeko lineak hartzen dituen errepide-sistema, eta hiru euskal aireportuak ere. Ondorengo gaiei zuzenduta zeuden txostenaren helburu osagarriak:
• Gaiari buruzko araudi osoaren ikuspegi orokorra ematea, bai nazioarteko eremuan, bai estatukoan, bai autonomikoan.
• Garraio-sistema bakoitzarentzako lehentasunezko jarduera-plana ezartzea, berau abiarazteko eskudun aldeak eta oztopoak adieraziz.
• Erakunde eta enpresari arduradunei erabaki egokiak hartzea ahalbidetuko dien egoeraren irudia eta agertoki ob-
jektiboa ematea.
• Erakunde, enpresari eta gizarte-kontzientziazioa bultzatzea, neurriak hartzeko beharrizanari buruzkoa, emaitzen zabalkunde publikoko kanpaina bat abiaraziz.
• Gaiari dagozkion erakundeei zuzendutako gomendio proposamena egitea.
2013an, Euskal Trenbide Sareak EAEko trenbide sarean behatutako gabeziak konpontzeko abiarazitako jarduerak aztertu genituen. Jarduera honetan, metropoli-sisteman egin diren esku-hartzeak ezagutu nahi izan ditugu.
Bilboko metro sistemak kalifikazio altua lortu du, irisgarritasunari dagokionean. Hala ere, badira hobetzea behar duten alderdiak, eta hobetzeko beharrezkoak diren jarduerak abiarazi beharko lirateke. Hobetzeko alderdi horiek, batez ere, metrorako sarbidea errazteari daude zuzenduta, ikusmen eta entzumen urritasuna duten pertsonek autonomoki erabili ahal izan dezaten metroa. Zentzu horretan adieraz dezakegu, instalazioak eta oinezkoentzako inguruak mugikortasun mugatua duten pertsonentzat erabilgarriak badira ere, ondoren zehaztuko ditugun zenbait oztopo dauzkatela komunikazioan:
• Oinezkoentzako eremuan, ikusmen-urritasuna duten pertsonek zoladuran gidatzeko ukipen-seinaleztapenik ez dagoela ikusi dugu; igogailuetara, aldapetara eta atarira bideratuko dituena.
• Igogailutik barne atariko interesdun zerbitzu eta elementuetarako ibilbideetan ere gidatzeko ukipen-seinaleztapenik ez dagoela behatu dugu.
• Nasarako eskaileretan eta aldapetan ere gidatzeko ukipen-seinaleztapenik ez dagoela egiaztatu dugu (braillean eta goi-erliebean dauden plakak), ikusmen-urritasuna duten pertsonak zuzendu nahi duten norabidean orientatzeko.
• Nasan gidatzeko zerrendak falta dira, unitate higikorraren sarbide-ateetarantz zuzendu ditzaten ikusmen-urritasuna duten pertsonak (muturreko ateak). Arazo gehiago sor ditzake horrek unitate higikor laburragoetan.
• Igogailuei dagokienean, erabilpen-lehentasunen sistema ezartzeko eta arautzeko beharrizana dagoela ikusi da. Era berean, geltoki berrietan eskaria egoki artatzeko kopurua eta edukiera ziurtatu behar dira.
Txosten honen idazketa amaitzen ari delarik, zain jarraitzen dugu, instalazioak eska daitezkeen irisgarritasun baldintzetara egokitzeko jarraitutako jardunbideen inguruan eskatu dugun informazioa bidal diezaguten.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Beharrezkoa da botere publikoek irisgarritasun unibertsala kontzeptua beraiena egitea, herritarren beharrizan anitzei erantzungo dien ingurua sortzeko. Hori bermatzeko, beharrezkoa da konkurrentzia publikodun eraikin, establezimendu eta instalazioetan beharrezkoak diren neurriak hartzea; hala nola, lurraldearen ordenamendu baliabideak, hirigintza-planak eta urbanizazio-proiektuak.
Irisgarritasun unibertsal hori lortzeko, garrantzitsua da herri-administrazioek sentsibilizazio, sustapen eta formakuntza jarduerak abiaraztea, gizarte osoaren eraldatze kulturalari zuzendutakoak. Aukera berdintasunean eta ez-diskriminazioan egon behar dute oinarrituta aipatu jarduerek, eta errealitate horren ezagutza handitu behar dute, baita bere arrazoi eta ondorioena ere.
Administrazioen krisi-egoerak ez luke oztopoak ezabatzeari bideratutako finantzaketa publikoa baliogabetzea ekarri beharko. Beraz, komeni da herri-administrazioek eginkizun horretarako ahalegin ekonomikoa egitea, kontuan hartuta gaurko atzeraldi-egoera baino lehenago hasi eta amaitu beharko zuketela egokitze-lanek.
4.2. Horri dagokionez, azpimarratu beharra dago urritasunak ez duela berau jasaten duen pertsonaren ahalmen ekonomikoa bakarrik murrizten; hau da, bere familiarena ere murrizten duela, alegia: gurasoena, bikotekideena eta seme-alabena. Izan ere, euren eskura duten benetako errenta mugatzen duten askotariko gastu gehigarriak hartu behar dituzte euren gain, egunero-egunero. Ildo horretan, desiragarriak lirateke urritasunen bat duten pertsonek egin beharreko ahalegin ekonomikoa kontuan izango dituzten neurriak hartzea; bai gizarteratu ahal izan daitezen, bai gizartean modu normalizatuan parte-hartu ahal izan dezaten.
Ezin dezakegu alboratu botere publikoei dagokiela beharrezkoak diren neurriak hartu, eta norbanakoen zein integratzen diren taldeen berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izateko baldintzak sustatzea.
4.3. Bestalde, urritasunen bat duten pertsonen autonomia erraztera egon behar dute bideratuta gizarte politikek; baina ez horiek konpentsaziotzat hartuta, parekidetasuna lortzeko lantzat jota baizik. Urritasunen bat duten pertsonek beraien bizi-eredua eraiki edo ezarri ahal izateko beharrezko dituzten baliabideak eta bitartekoak eduki behar dituzte.
4.4. Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi, beste behin ere, kolektiboaren elkarteei zuzendutako diru-laguntzen gizarte politiketan azken urteetan gauzatzen ari diren murrizketa handiak. Egitate horrek eragina du elkarteek euren erabiltzaileei ematen dizkieten zerbitzuetan, eta badirudi herri-administrazioek ez dituztela euren gain hartuko. Beharrezkoa da adieraztea erakunde horiek orientazio eta laguntza-lanak egiten dituztela, bana-banako lana eginez. Aipatu lanak funtsezkoak dira urritasunen bat duten pertsonentzat; izan ere, komunitate-baliabideei eta berariazko baliabideei buruzko dokumentazio eta informazio iturri aparta dira. Era berean, kolektiboaren ikusgarritasuna gizarteko hainbat eremutan bermatzeko balio dute. Horri dagokionean, azpimarratu eta babestu beharra dugu krisi garaietan inoiz baino gehiago gidatu behar dutela botere publikoek euren jarduera giza eskubideetan oinarrituta, politika publikoak diseinatzen dituztenean.
4. Gaixo kronikoak
Aurrekariak
Gaixo kronikoek berariazko premiak izaten dituzte, eta horiek euskal herri-administrazioek artatu behar dituzte ezinbestean. Iraupen luzeko gaixotasunak direnez eta, oro har, motel egiten dutenez aurrera, sendagarriak direnak ez bezalako tratamendu edo zaintzetan oinarritutako arreta behar izaten dute batez ere, pertsona horien bizi kalitatea bermatzen duen arreta soziosanitarioan oinarritutakoak gehienbat, autonomia eta zaintza sustatuz, narriadura prebenituz eta tratuen eta aukeren berdintasuna eskainiz.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1.Arartekoaren 2014ko uztailaren 28ko ebazpena, bukatutzat ematen duena Arartekoaren jarduera Arabako Foru Aldundiak ezinduentzat ematen dituen laguntza publikoak ukatu izanagatik herritar batek aurkeztu duen kexa-espedientean. Gainera, zenbait gomendio ematen dizkio Arabako Foru Aldundiari, interesatuari laguntza horiek emateko eta araudiaren aldaketa sustatzeko.
Erreklamaziogileak, beste patologia batzuen artean, sentiberatasun kimiko anizkoitza (SKA) zuen. Arartekoak, gomendio horretan, Administrazioaren jarduna berrikusteko beharra ikuspegi juridikotik aldezteaz gainera, azterketa egiten du SKAren gaineko dokumentazio espezializatuari buruz eta gure administrazio publikoek gaitz hori duten pertsonei euren bizi kalitatea hobetuko duen laguntza osoa eta eraginkorra eskaini beharrari buruz. Pertsona horiek ia ezin dira leku publikoetan ibili, faktore abiarazleen eraginpean behin eta berriz ez jartzeko, bestela sentiberatasun mekanismoa areagotu egiten zaielako eta kroniko bihurtzen delako.
Arartekoak dio pertsona horiei zeharbidez bereizkeria egiten zaiela, desgaitasun egoera aitortua duten pertsonentzako banakako laguntzen deialdi publikoen azterketan oinarrituta.
Beste kontu batzuen artean, berretsi egiten dira Desgaitasuna duten pertsonentzako CEAPATen (Autonomia Pertsonalerako eta Laguntza Teknikoetarako Estatuko Erreferentzia Zentroa, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko IMSERSOren mendekoa) Katalogoan benetan jasorik zeuden produktuak. Katalogo horrek oinarritzat du UNE-EN ISO 9999 araua, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-produktuen sailkapenari eta terminologiari buruzkoa.
Emandako bigarren gomendioari, arau aldaketa sustatzeko eskatzen duen horri erantzunez, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak hau adierazi digu: “gai hori aztertuko da desgaitasun egoera aitortua duten pertsonentzako banakako laguntzen 2015eko ekitaldiko araudiari begira, erakunde horren gomendioan, bertan aipatzen den araudian eta SKAri buruz dagoen literaturan jasotakoa betez”.
1.2. Herritar baten kexa izapidetu izanak berriro ere agerian jarri du garuneko kaltea duten pertsonentzako baliabide espezializatuen urritasuna.
2. Araudi- eta gizarte- testuingurua
2.1. Arauen arloko berritasun nagusiak osasun publikoaren arlo orokorrean izan dira. Beraz, osasun arloari buruzko II.12 kapituluko 3. atalean jaso da horien gaineko azterketa.
2.2. AGINDUA, 2014ko uztailaren 23koa, Osasun sailburuarena, zeinarekin, batetik, erregistra daitekeen kasuaren definizioa ezartzen baita, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Gaixotasun Arraroen Erregistroari kasuen deklarazioan jaso beharreko aldagaiak. Agindu horren helburua hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoko Gaixotasun Arraroen Erregistroan jasoko diren datuei dagokienez, erregistra daitekeen kasua eta aldagaiak definitzeko irizpideak ezartzea da agindu honen helburua, eta, halaber, haien definizioak, kodetze-sistemak, formatuak, euskarriak, maitasuna eta transmisio-sistemak. Guzti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Gaixotasun Arraroen Erregistroaren sortzeari eta funtzionamenduari buruzko abenduaren 30eko 473/2013 Dekretuko 4.2 eta 5. artikuluetan xedatutakoa garatzearren.
Besteak beste erregistro hori sortzea zuen helburu Gaixotasun Arraroetarako Estrategiaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ekintza Planak (EAEn gaixotasun arraroen ezagutza, arreta eta koordinazioa hobetzeko neurrien multzoa, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Gaixotasun Arraroetarako Osasun Sistema Nazionalaren Estrategiari loturik aurkeztutako 2011-2012 urteetarako Lan Planean oinarritua).
2.3. Osakidetzak emandako informazioaren arabera, 2014ko maiatzean honako gaixotasun hauek sartu ditu bere Jaioberrien Bahetze Programan: astigar-jarabearen usaineko gernuaren gaixotasuna, homozistinuria, I. motako aziduria glutarikoa, azidemia isobalerikoa eta kate luzeko azil CoA deshidrogenasaren (LCHAD) eskasia.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Erakundeak 2014. urtean egindako jarduketa nagusiak azalduko ditugu jarraian:
3.1. Arreta soziosanitarioa: esparru kontzeptuala eta nazioarteko eta autonomietako aurrepausoak. Hurbilketa izenburuko txosten bereziaren jarraipena
Aurten Osasun Sailera jo dugu EAEko arreta soziosanitarioaren bost ildo estrategikoen inguruan egin diren aurrerapauso nagusien berri eskatzeko. Honako informazio hau eman digu Osasun Administrazioak:
1. ildoa:
zerbitzu soziosanitarioen zorroa zehaztea.
Osasun Administrazioak adierazi digu zerbitzu soziosanitarioen zorroa prestatu dela eta Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari (ASEK) aurkeztu zaiola.
2. ildoa:
informazio eta komunikazio soziosanitarioko sistema bat ezartzea.
• Osakidetzako historia klinikoa (OSABIDE OROKORRA) ezarri da hiru foru egoitzatan: Birjinetxen (BFA), Egogainen (GFA) eta Zadorran (AFA). Horrenbestez Osakidetzaren eta egoitzetako osasun langileen arteko erabateko elkarreragingarritasuna eta datu trukea lortu dira. 2015ean beste egoitza batzuetara hedatzekoa da.
• Elkarreragingarritasunerako RAI-CA tresnaren pilotajea burutu da eta ASEKek beraren ezarpena onetsi du, etorkizuneko historia soziosanitarioaren ardatz gisa.
• Bizkaian bulego soziosanitario birtuala sortu da kasu soziosanitarioak koordinatzeko. Osasun Sailak, Osakidetzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzen dute.
• ASEKek etika asistentzialaren koordinazio batzordea onetsi du, gizarte eta osasun arloetako etika batzordeak batu eta koordinatzeko.
3. ildoa:
akordio soziosanitarioak formalizatzea sektoreen artean.
•Lehen mailako arreta soziosanitarioko lantaldeak ezartzeko prozesuari dagokionez: eskaintza hedatu egin da protokolo hori lehendik bazuten beste kolektibo batzuetara (Uribeko eskualdea – Egoitzetan bizi diren adinekoak); beste lankidetza-protokolo batzuk sinatu dira lantalde horiek garatzeko (Bilbo-Basurtuko ESIa Bilboko Udalarekin; Arabako Foru Aldundia eta Arabako Eskualdea); lehen mailako arreta soziosanitarioaren kontzeptua garatu da hainbat esperientziatan, erreferentziako erizainak ardatz izanik, eta lehen mailako arreta soziosanitarioko lantaldeen garapenerako protokoloaren berri zabaldu da, beharrezkoa baita, ESIetan eta lurraldeetan sortzen ari diren ekimenak uztartzeko.
•Lekuen kopurua handitu da Bizkaiko eta Arabako egoitza-unitate soziosanitarioetan.
•Lekuak gehitu dira buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako egoitza txikian, Bizkaian.
•Ekintza plan soziosanitarioak landu dira -erabat garatu dira Gipuzkoan eta eskema egin da Araban eta Bizkaian-.
•ASEK eratzeko dekretu berri bat egiteko aukera planteatu da.
• Sendotu egin da Osasun Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza, bazterketa egoera larrian dauden eta toxikoak kontsumitzen dituzten pertsonentzako baliabideak finantzatzeko.
4. ildoa:
xede-kolektiboentzako garapen plana.
• Adinekoen aurkako tratu txar fisiko eta ekonomikoak detektatzeko tresna argitaratu eta pilotatu da.
• Umeenganako tratu txarren aurkako lankidetza akordioa sinatu dute Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
• Premia bereziak dituzten haurrentzako 0-6 urte bitarteko arreta goiztiarraren ereduaren ezarpen progresiboari dagokionez, prozesua hedatzen ari da Bizkaian, berariazko kolektiboekin (ume gorrak) lan egitea xede duen fase aurreratu batean. Dagoeneko lurralde osoan ezarri da. Arreta goiztiarraren eredua ezartzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidasoako ESIak garatutako proiektu batean.
5. ildoa:
prestakuntza, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia.
• Aurreikusten da 2014aren amaierarako emango dela behin betiko ebaluazio txostena Etorbizik finantzatutako proiektuetarako.
3.2. Linfedema primarioa edo sekundarioa duten pertsonentzako arretaren jarraipena
Aurten Arartekoaren 2014ko abenduaren 18ko ebazpena eman da; horren bidez, linfedema primarioa eta sekundarioa dituzten pertsonei ematen zaien arretaren analisiari dagokionez 2010etik egindako jarraipena jaso eta azterketa horren gaineko zenbait ondorio ematen ditu.
3.3. Sentikortze zentraleko gaixotasunak -fibromialgia (FBM), neke kronikoa (NK), sentiberatasun kimiko anizkoitza (SKA), lektrohipersentikortasuna
(EHS)- dituzten pertsonei ematen zaien arretaren jarraipena
3.3.1. Arartekoak arlo honetan egindako jarduketak euren testuinguruan kokatzeko, ikusi honako hauek: Eusko Legebiltzarrarentzako 2011ko txostenaren III.4 kapituluko III.5 atala, Eusko Legebiltzarrarentzako 2012ko txostenaren III.4 kapituluko 3.1.2 eta 3.2.1 atalak eta Eusko Legebiltzarrarentzako 2013ko txostenaren III.4 kapituluko 3.4 atala.
3.3.2. Fibromialgia edota neke kronikoa duten pertsonentzako arretari dagokionez, ukitutako pertsonen hiru elkartek aurkeztutako kexa bat izapidetu du Arartekoak, osasun arloko profesionalei eta gaixoei ematen ari zaien prestakuntza dela-eta. Txosten hau itxi den egunean, erakunde honek igorritako bigarren informazio-eskaerari erantzunez Administrazioak emandako informazioa aztertzen ari da.
3.3.3. Sentiberatasun kimiko anizkoitza (SKA) duten pertsonentzako arretari dagokionez, azpimarratzekoa da ASENKI elkartea sortu dela (Sentsibilitate Kimiko Anizkoitzaren Gaitzak jotako Pertsonen Euskadiko Elkartea). Elkarte horrekin eta Osasun Administrazioarekin bilera bat egin dugu, eta horren berri ematen dugu kapitulu honetako 4.1 atalean.
Administrazioak hartutako konpromisoak ikusirik, jarraipena egin nahi izan diegu Sentikortze zentraleko gaixotasunak dituzten pertsonentzako arretaren ingurukoak. Sentiberatasun kimiko anizkoitzaren aipamen berezia izenburuko dokumentuan jasotako hobekuntza-proposamenei (dokumentu horren aurrerapena eman genuen 2013ko maiatzaren 15ean eta laburpena jaso dugu gaixotasun kronikoa duten pertsonentzako arretari buruzko kapituluko 3.4.3 atalean). Horretarako, honako hauei buruzko informazioa eskatu dugu:
a) Proposamenen balorazioa.
b) Egindako aurrerapenak, kolektiboarentzako arretari da-
gokionez.
c) Proiektatutako jarduketak, sentiberatasun kimiko anizkoitza duten pertsonentzako arretari dagokionez.
d) Gaiari buruz Sailak sustatu nahi duen lan mahaiak izango lukeen kronograma.
Osasun Administrazioak jakinarazi digu bere kliniko guztien eskura dagoela Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 2011n onetsi zuen adostasun dokumentuan jasotako informazioa.
Adierazi digu arnasteko maskarak eta iragazkiak ez direla osasun produktuak, mediku-errezetaren bidez edo osasun nahiz ortoprotesi produktuen errezetaren bidez agindu daitezkeen horietarikoak.
Haren esanetan, “hurrengo hilabeteetan lantalde teknikoa eratuko da planteatu diren gaiak baloratzeko, eta gutxienez zeregin hauek izango ditu:
• Sentikortze zentralaren sindromea deritzonak barruan hartzen dituen gaitzen diagnostikoari, pronostikoari eta tratamenduari (prebentziozkoa, sendagarria eta aringarria) buruzko ebidentzia aztertzea.
• Gaitzari heltzeko estrategiak proposatzea. Zabalkundea, sentsibilizazioa, prestakuntza.
• Eritrozitoetako mikronutrienteen probaren bideragarritasuna, kostua eta eraginkortasuna aztertzea”.
Lantalde horrek egingo duen balorazio teknikoagoa albora utzita, Administrazioak sustatu nahi dituen jarduketa batzuen berri eman digu:
• Osasun arloko profesionalen artean (batez ere medikuen artean) SKAri buruzko zabalkunde eta sentsibilizazio lana egitea (“Osakidetzako intranetean eskura jarriko da adostasun dokumentua, bai eta aurrerapenak eta ebidentziak ere, agertu ahala”).
• Familiako medikuei prestakuntza zehatzago eta sakonagoa emango zaie: “lantalde teknikoaren iritzipean jarriko da nola sor daitezkeen ahalik eta jarduketarik onenak gai honi dagokionez”.
• “Ez da baztertzen horrelako edozein gaixori zentro pribatu batean emandako osasun laguntza finantzatzeko aukera, betiere ezin bazaio laguntza hori eman Osakidetzaren edo Osasun Sistema Nazionalaren osasun zentro publikoren batean”. Horrelako kasuetan “aurretiazko baimenaren bidez izapidetu behar da arreta. Hau da, Osakidetzako mediku batek arreta hori eskatu behar dio kasuan kasuko Osasuneko Lurralde Ordezkaritzako ikuskaritza medikoari, eta horrek baimena eman behar du, beharrezkoa dela eta zentro publiko batean ezin dela eman egiaztatu ondoren”.
• “Herritarrentzako informazio gisa, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren web orrian sindrome horri buruzko argibideak eta egiaztatutako gomendio batzuk jartzeko aukera baloratuko da”.
3.3.4. 2014an, elektrohipersentikortasuna duten pertsonentzako arretarekin zerikusia duten jarduketak ingurumenaren babesaren arloan kokatu dira, telefonia mugikorreko antenetatik datorren kutsadura elektromagnetikoaren aurkako babesaren arloan hain zuzen. Eremu elektromagnetikoek osasun publikoarentzat sortzen duten arriskua kudeatu beharra dagoela eta zuhurtasunaren printzipioa aplikatzea komeni dela azpimarratu dugu. Hala, nabarmentzekoa da Arartekoaren 2014ko abenduaren 1eko ebazpena, eremu elektromagnetikoek eskola batean dituzten immisio mailen administrazio-kontrolari buruzkoa.
Gai horren azterketa zehatzagoa egiten da ingurumen arloari buruzko II.6 kapituluko 2.6 atalean.
3.4. Jaiotzetiko metabolismo-gaixotasunak dituzten pertsonei ematen zaien arretaren jarraipena
Aurten Arartekoaren 2014ko abenduaren 15eko ebazpena eman da; horren bidez, jaiotzetiko metabolismo-gaixotasunak dituzten pertsonei ematen zaien arretari dagokionez 2011tik egindako jarraipena jaso eta azterketa horren gaineko zenbait ondorio ematen ditu.
3.5. Prebalentzia txikiko gaixotasunak (gaixotasun arraroak) dituzten pertsonei ematen zaien arretaren jarraipena
Aurreko atalean aipatutako ebazpenean modu orokorrean ekiten zaio jarraipen horri.
Eusko Legebiltzarrak, Gaixotasun Arraroen Munduko Eguna dela eta egindako adierazpen instituzionalean, planteatutako helburuak lortzeko bere konpromisoa agertu du, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetze aldera EGEFek egindako 14 proposamenak direla medio.
3.6. Beste jarduera batzuk
Sentsibilizazio zentralari lotutako gaitzak dituzten pertsonen nazioarteko eguna dela eta egindako erakunde-adierazpenean Arartekoak berriro ere agertu zien bere elkartasuna eta enpatia fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentiberatasun kimiko anizkoitza, elektrohipersentikortasuna eta horrelako gaitzak dituzten pertsona guztiei, bai eta haien familia- eta gizarte-ingurunean gaitz horien zuzeneko eragina jasaten duten beste hainbati ere.
4. Administrazio eta elkarteekiko bilerak
4.1. Osasun Saileko Aseguramendu Sanitarioko Zuzendaritza eta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza eta ASENKI (Sentsibilitate Kimiko Anizkoitzaren Gaitzak jotako Pertsonen Euskadiko Elkartea)
Elkarteak, bilera egin aurretik, ukitutako pertsonek prestatutako dokumentu bat aurkeztu zuen: Sentikortze sindromeak ukitutako pertsonen elkarteek egindako arreta-proposamena izenburukoa. Elkartearen ordezkariak dokumentu horretako gai nagusiak aurkeztu zituen.
Arartekoaren ordezkariak, berriz, erakunde honek gaiari buruz adierazi izan duen iritzia azaldu zuen. Bereziki azpimarratu zituen Sentikortze zentraleko gaixotasunak dituzten pertsonentzako arretaren ingurukoak. Sentiberatasun kimiko anizkoitzaren aipamen berezia izenburuko dokumentuan Sailari aurkeztu genizkion proposamenak; dokumentu horren aurrerapena eman genuen 2013ko maiatzaren 15ean, eta bertako proposamenak laburbilduta jaso ziren 2013. urteko txostenaren III.4 kapituluko 3.4.3 atalean.
Gai horiei guztiei heltzea zaila zenez eta Osasun Administrazioko beste ordezkari batzuek ere parte hartzea beharrezkoa zenez, Arartekoaren ordezkariak lan mahai bat sortzea proposatu zuen, ukitutako pertsonentzako arreta egokiaren gaiari ekin ahal izateko; erakundeen ordezkariak eta elkarte-sarearenak bilduko ziren mahai horretan.
Osasun Administrazioaren ordezkarien iritziz, gai tekniko-medikoak albora utzita (horien gainean zientzia esparruan eztabaida sortu baita, orain dela gutxi plazaratu den SKAren deskribapena dela eta), eskura dauden tresnak erabili beharra dago, ukitutako pertsonen beharrizanei ahal den neurrian aurre egiteko.
Ezagutzen dute Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak 2011. urtean egindako adostasun dokumentua, gaiari buruzko jakintzaren egoera labur azaltzen duena eta, ahalik eta ebidentzia zientifikorik onenetik abiatuta, sindromearen ezagutza sakonagoa planteatzen duena, bai eta osasun arloko langileentzako jarraibideak ere, patologia horrek erasandako pertsonei osasun laguntza bidezkoagoa eta kalitate handiagokoa eskaini ahal izateko.
Egokitzat jotzen dute proposatutako lan mahaia sustatzea, eta prest daude profesionalen prestakuntzaren inguruko zenbait proiekturi ekiteko.
Deribazio-ibilbideak, halakorik egonez gero, argitzearen garrantzia azpimarratzen dute.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Osasun Administrazioa behar bezala gobernatzeko, herritarrek parte har dezaten lortu nahi da, eta horretarako EAEko osasun publikoaren erdigunean jarri behar dira gaixoak eta herritarrak. Osasun publikoak modu proaktiboan indartu behar ditu gaixoen, zaintzaileen, senideen eta herritar guztien beharrizanak, eskariak eta lehentasunak identifikatzeko erabiliko dituen tresnak, zerbitzuekiko gogobetetze maila neurtu behar du eta informazio hori gizartearen esku jarri behar du gardentasunik handienaz.
Herritarren parte-hartzeak, gobernu ona ahalbidetzen duen mekanismo gisa, parte hartzeko bide arautua izan behar du hirugarren sektorearen inguruan antolatutako herritarrengan. Bide horrek erraztu egin behar du eskatzeko, ekiteko, esku hartzeko eskubideen eta abarrekoen arauketa; bai eta sektorearekiko elkarrizketa eta gaixo, zaintzaile nahiz elkarteek parte hartzeko bide berrien sustapena ere.
Ukitutako pertsonen beharrizanak zuzen-zuzenean ezagutzeko elkarte-sareak eskaintzen dion aukera baliatzen jakin behar du Osasun Administrazioak.
5.2. Irabazi asmorik gabeko gizarte ekimenak egiten dituzten eta gaixo kronikoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu nahi duten erakundetarako laguntza areagotu behar da, frogatuta baitago eragindakoengan eta horien familia- eta gizarte-ingurumenean nork bere burua zaintzea, autonomia eta ahalduntzea sustatzen eraginkorrak direla eta prestakuntza, informazioa eta laguntza psikologikoa ematen dituztela. Haien proposamenak kontuan hartu, haien ekimenak sustatu eta aurrekontu-zuzkidurak handitu behar dira. Era berean, zuzentzen dituzten zerbitzuen eta programen egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatu behar da, deialdiak urteko lehenengo hilabeteetan argitaratuz eta ebatziz eta laguntzarako eta lankidetzarako bideak bultzatuz. Bide horiek aurrekontu-urtearen denbora-esparru laburra gainditu eta segurtasun handiagoa eskaini behar dute (urte anitzeko konpromiso-kredituak, epe ertaineko hitzarmenak, e.a.).
5.3. Sentikortasun kimiko anizkoitza duten pertsonentzako arretari dagokionez, azpimarratu behar dugu behar-beharrezkoa dela gizarte sistematik bide egokiak antolatzea pertsona horiek produktu lagungarriak eskuratu ahal izan ditzaten. Pertsona horiek ezinbestekoak dituzte horrelako produktuak euren bizi kalitatea hobetzeko eta euren autonomia, garapen pertsonala eta gizarteratzea errazteko.
Modu positiboan baloratzen dugu osasun arlotik hartutako konpromisoa, alegia, lantalde tekniko bat osatzeko konpromisoa, Arartekoak eta elkarte-sareak planteatutako gaiak balora ditzan, ukitutako pertsonentzako osasun arreta dela eta; bai eta profesionalen eta herritar guztien artean SKAri buruzko prestakuntza eta informazioa sustatzeko agertutako asmoa ere. Aurreikuspen horiek benetan gauzatzen ote diren ikusteko jarraipena egin beharko da.
5.4. Garuneko kalte hartua duten pertsonentzako baliabideen urritasunaren aurrean, gure administrazio publikoek baliabide berriak abian jarri behar dituzte, eta egungo baliabideei eutsi eta jarraipena eman behar diete.
5.5. 2014an hainbat aurrerapauso egin dira espazio soziosanitarioaren garapenean. Behin eta berriz errepikatu behar dugu, ordea, zerbitzu soziosanitarioen zorroa eta dagozkion mapak onesteko prozesua burutzeko premia dagoela, eta, halaber, lurraldeetako ekintza planetarako egitura bateratu baten ezarpena bermatu beharra dagoela.
Beharrezkoa da, halaber, bi inguruneen erabateko elkarreragingarritasuna bermatzea, xede-biztanleentzako zainketa soziosanitarioak planifikatzeko balorazio integralerako tresna orokor bat balidatuz, baliabide soziosanitario guztien eskuragarritasun bidezkoa ahalbidetuko duena eta egin beharreko ibilbide soziosanitarioa zehaztuko duena.
Lehen mailako arreta soziosanitarioko lantaldeak ezartzeko prozesuan sakondu beharra dago.
Nahiz eta 2014an lekuen kopurua handitu den, ikusi dugu leku gutxiegi daudela buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako egoitza txikietan eta egoitza-unitate soziosanitarioetan.
5. Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak
Aurrekariak
Arartekoak arreta handia jartzen du burutik gaixo dauden pertsonen taldeengan, ahultasun berezia baitute.
Hala, arlo honetan egiten dugun lanaren oinarria zera da, burutik gaixo dagoen pertsona hori eskubideak dituen herritarra dela. Ondorioz, pertsona hauen jabekuntza, gizarteratzea, errehabilitazio eta errekuperazio psikosoziala eta benetako partaidetza eragingarria dira jorratzen ditugun ideiak.
Gure herri-administrazioen, eta, batez ere osasun, gizarte, hezkuntza, enplegu, justizia eta etxebizitzaren arloko jardueraren inspiraziorako printzipioak honako hauek izan behar direla uste dugu: norberaren autonomiaren sustapena eta estigmaren ezabapena, zainketen jarraipena, ekitatea, erantzukizuna, koordinazioa, integrazioa, eraginkortasuna eta gaixo eta senideen partaidetza-foro eta elkarteen sustapena.
Arartekoaren xedea da, beraz, administrazioon jarduerak printzipio horiekiko leial izatea eta horretarako lan egitea, babesteko zeregina daukagunez gero.
1. Kexarik aipagarrienak
1.1. Arartekoaren 2015eko urtarrilaren 7ko Ebazpena. haren bitartez, amaiera ematen zaio honako esku-hartze honi: Gizarte entitate batek nortasunaren desoreka antisoziala duen gazte bati emandako artapen psikiatrikoa dela-eta egindako kexan izandako esku-hartzeari, hain zuzen ere.
Kasu honetan, adierazi behar dugu ez daukagula irizpiderik aztertu diren eta borondatearen aurkako ingreso baten komenigarritasuna eragin ez zuten premiazko bi esku-hartzeen balorazio klinikoa auzitan jartzeko. Hala eta guztiz ere, nortasunaren desoreka antisozialak ukitutako gazte honen arazoak berriro ere jartzen du agerian zeintzuk diren Euskal Osasun Sistemak dituen zailtasunak nortasunaren nahasmendu edo desorekei aurre egin ahal izateko.
Berriro ere azpimarratu behar da Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko Ebazpenean aipatzen zen unitatea abian jarri behar dela, modu egonkor eta integratuan; era berean, nortasunaren nahasmenduei heltzea ahalbidetuko duen egituraketa bat behar da hiru lurraldeetan, profesionalei beharrezko prestakuntza emanez, betiere EAEko herritar guztiak modu egokian artatu ahal izateko.
1.2. Herritarren hainbat kexek pazienteen desadostasuna islatzen dute Agindutako tratamendu edota dosiengatik, baita borondatearen kontrako ospitaleratzeetan hartutako neurri terapeutikoengatik ere. Kasu horietan, herritarrei jakinarazten diegu Arartekoak ezin dituela gai horiek zalantzan jarri, irizpide teknikoetan eta mediku-
-irizpideetan oinarrituta baitaude, eta, duten izaeragatik, ez dagokio berari horiek balioestea. Hala ere, horrek ez digu eragozten kexagileari jakinaraztea herritar eta paziente gisa dituen eskubideak zein diren, ezta osasun-administrazioak eskubide horiek benetan errespetatzen ote dituen egiaztatzea ere.
Elkartasun terapeutikoa, osasun mentaleko arretan eboluzio ona egon dadin oinarrizko baldintza dena, argi eta garbi hausten den kasuetan, komenigarria da pazienteek euren eskubideak ezagutu ditzatela. Honakoak dira eskubide horiek: “Etxeko medikuaren esanera, Euskal Autonomi Elkartean egiteko dagoen horren araugintzak erabaki ditzan moduetan, ospitalea eta espezializatutako Zerbitzu bat aukeratzekoa” (uztailaren 18ko 175/1989 Dekretuko 1.o. artikulua. Dekretu horrek Osakidetzako gaixo eta erabiltzaileen Eskubide eta Obligazioen karta onartzen du); “Herritarrak estaldura publikoko zerbitzu sanitarioetara heltzeko prozedurak benetako berdintasun-printzipioa garantizatuko du. Bestalde, prozedura horien arabera, antolakuntza-baldintzak jartzeko ahaleginak egingo dira, helburu bi lortzeko: herritarrek zerbitzu sanitarioak eta profesionalak aukeratzeko gaitasuna progresiboki zabaltzea eta herritarrek beren eskubide nahiz betebeharrei buruz behar duten informazioa ematea” (ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 10. artikuluko bigarren atala. Lege hori Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena da). Horrez gain, baita aipatutako arau-aurreikuspenaren erregelamendu bidezko garapena ere, Osasun eta Kontsumo Sailburuaren 1990eko urtarrilaren 25eko Aginduak, Osakidetzan Ospitalea eta Zerbitzu Espezializatua aukeratzea arautzen duenak, jasotzen duena, hain zuzen ere.
2. Araudi- eta gizarte- testuingurua
2.1. Araudian egon diren berritasun nagusienak osasun publikoaren eremu orokorrean eman dira. Berritasun horiek txosten honetako Osasunari buruzko atalean daude aztertuta (II.12 kapituluko 3. atala).
2.2. 639/2014 Errege Dekretua, uztailaren 25ekoa, ardaztasuna, ardatz berean beste espezialitate bat egitea eta gaikuntza espezifikorako esparruak arautzen dituena, prestakuntza plazak lortzeko urtero egiten diren probei aplikatzeko arauak, bai eta Osasun Zientzietan espezializatutako osasun-prestakuntzaren sistemaren beste alderdiak ere ezarri, eta espezialisten hainbat titulu sortu eta aldatzen dituena.
Haurraren eta Nerabearen Psikiatria espezialitatea, Psikiatriaren adarrera atxikita dagoena, barne hartzea jasotzen du. Talde profesionalek, zientzia-elkarteek eta Hirugarren Sektoreko erakundeek behin eta berriz aldarrikatzen zuten horrela izatea.
2.3. Agindua, 2014ko urriaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2007ko urriaren 4ko Agindua, Osasun Mentalari buruzko Euskadiko Aholku Batzordea sortzekoa.
2.4. Azken urteetan hazi egin dira buruko nahasmendu larriak dituzten pertsonen ezgaitze-prozedurak, eta egoera hori kontraesanezkoa da pertsona horien arretan jorratzen saiatzen ari diren ereduarekin; eredu horrek errehabilitazio psikosoziala eta leheneratzea lortzeko helburua du. Incapacitación civil y recuperación: ¿trabajando en la contradicción? ikerlanean, Zaragozan bildutako datuak aurkeztu, ezgaitzearen ondorioen gaineko azterketa egin eta beste hautabide batzuk proposatzen dira prozedura horien aurrean.
2.5. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (Osakidetza) Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa Osasun Mentalaren arloan izeneko ikerlana argitaratu du.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1 Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenaren jarraipena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio nortasun-nahasmendu larriak dituzten pertsonei arreta emateari lotutako neurri orokor batzuk eta eragindako gazte baten arretaren gaineko beste neurri berezi batzuk har ditzan.
Osakidetzak gomendioa betetzeko helburuarekin eman zituen urratsak jakinarazi genituen joan zen urtean, batez ere gai hauen gainean: Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak martxan jarritako programak (nerabeentzako eguneko unitatea, ospitale horretako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko 8 klinikok osatutako taldeak, O. Kemberg-ek gainbegiratuta, egindako transferentzian ardazturiko psikoterapia, eta jokabide-terapia dialektikoko trebetasunetako talde egonkorrak); paziente eta senideei zuzendutako informazio-foiletoaren hedapena (Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko informazioan oinarritua, eta Lurralde Historiko bakoitzari egokitua), baita Basurtuko Ospitaleak berak landutako Protokoloaren hedapena ere.
Aurten, osasun-administrazioak berriro adierazi digu Unitatearen proiektu osoa gauzatzeko helburua duela; diagnostikoak duen prebalentziaren eta eraginaren hazkundea antzeman dutela baieztatu du, baita horrek jokabidearen nahasmenduekin duen lotura ere. Baieztatu duenez, proiektu orokorra “atariko urratsetan dago, berorren bideragarritasuna bilatu nahirik, eskala-ekonomiako egoeran”.
Bilbo-Basurtu ESIko psikiatria-zerbitzuak patologia-talde horretan egiten duen lidergo-lana azpimarratu du, eta, bere aburuz, lantalde hori da egokiena, dituen ezagutza eta esperientziarengatik, Unitate hori kudeatu eta inplementatzeko.
Onartu duenaren arabera, lantalde horrek eremu horretan eskaintzen dituen prestazio asistentzialek “ez dute, inondik ere, aipatutako Unitatea ordezkatzen, baina kasurik konplexuenetan espezializazio-maila eta laguntza gehigarri jarraitua ematen dute, hein batean bokaziozkoa eta gehiegizkoa den dedikazioari esker, zeina ezin daitekeen inola ere baliabide finko eta egonkortzat hartu”.
Zerbitzu horrek landutako dokumentazioak, orain dela gutxi literatura zientifiko gisa argitaratutakoak, Bizkaian izan duen hedapenari buruz mintzatu da, eta honako hau egiaztatu du: “aipatu dokumentazioaren edukiak egokitu egin dituzte ospitale eta anbulatorioetako zerbitzuetan, euren kasuistiketara doitzeko; horretarako, berariazko protokoloak eta pazientearentzako informazioak landu dituzte”.
Osasun-administrazioak ezinbestekotzat jotzen du prestakuntza eremu horretan, patologia horiei aurre egiteko tresna psikoterapeutikoen zailtasuna dela-eta. Dioenez, “badira, zentzu horretan, zerbitzu edota lurralde bakoitzera doitutako zenbait prestakuntza-ekimen”.
3.2. Azterlan honen jarraipen-lana: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak
Iaz adierazi genuen bezala, azterlan horretan aintzat hartu zen talde bereziki ahul horien buru-osasuna artatu eta babestearen arloan euskal herri-administrazioek azken urteotan egin duten ahalegin handia. Aldi berean, ekimen berriak, garapen handiagoa edo hobekuntza behar dituzten gaiak nabarmendu ziren, egokiak ziren gomendioak eginez.
Erakunde honek azterketa horretan gomendio ugari egin zituenez, horietako bi zein mailatan betetzen diren jakitera bideratu dugu gure arreta. Batetik, 12.1.4 Gomendioa. Gomendio hori EAEko Osasun Mentaleko Estrategia dokumentuan (OME-2010) jasotako xedapen jakin batzuk gauzatzeko beharrari buruzkoa da. Bestetik, 12.1.5 Gomendioa. Gomendio horretan honako hauek aipatzen ziren: tratamendu asertibo komunitarioko taldeei baliabideak emateko beharra eta ingurune irekian psikiatria arloko profesionalen esku-hartzea sendotzeko beharra, gizarte-bazterkeriaren muturreko egoeran daudenei eta buru osasuneko zentrora joaten ez diren gazte eta helduei (etxerik gabe dauden pertsonak, tratamendua onartzen ez duten toxikomanoak, etab.) arreta emateko helburuarekin.
12.1.4 Gomendioari dagokionez, osasun-administrazioak adierazi digu osasun mentaleko aholku batzordea gaitasungabe egon dela 2014an, eta nola berorren zereginetako bat osasun mentaleko estrategiari jarraipena egin eta horri buruzko txostenak ematea denez, une hauetan ez dago eskatutakoaren gaineko datu eguneraturik.
12.1.5 Gomendioari buruz, administrazioak aipatu du tratamendu asertibo komunitarioko programek 80 plaza gehiago dituztela Bizkaian (guztira 190 pazienteri egin zaio jarraipena Bizkaian 2014an). Aldi berean, nabarmendu du badagoela etxe gabeko tratamendu asertibo komunitarioko programa gizarte-bazterkeriaren muturreko egoeran dauden pertsonentzat. Programa hori Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza sailarekin lankidetzan egiten da, eta 40 pertsona artatzen ditu.
3.3. Arartekoaren otsailaren 15eko 3/2013 gomendio orokorra, buruko osasun-arazoak dituzten pertsonak boronda-tearen kontrako ospitaleratze-egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neu-rriak hartzeko beharrari buruzkoa.
Gomendio horretan, besteak beste, honako hau planteatzen zen: beharrezkoa da, jakinarazpen formal batek ekar dezakeen izapide soila ez ezik, osasun-administrazioak zenbait neurri hartzea borondatearen kontrako ospitaleratze-egoeran dauden pertsonek euren eskubideak benetan eta modu eraginkorrean ezagutu ditzaten, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeari (PZL) jarraiki; izan ere, esku-hartze judiziala baino lehen, eskubide horiei buruzko informazio osoa eta egiazkoa ez izateak haien edukia hustu baitezake.
Joan zen urtean, gure urteko txosteneko atal honetan bertan, osasun-administrazioak onartutako gomendio orokor honen betearazpenaren gainean izandako aurrerapausoen berri eman genuen.
Osasun-administrazioak hauxe jakinarazi digu: “aipatutako gomendioa, psikiatria-zerbitzuetan betetzen dela oraintsu egiaztatu ostean, ahozko komunikazio sistematikoaren bidez ezartzen dihardugu”.
Honako hau ere aipatu digu: “Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak prozedura dokumentatua landu du, bai borondatearen kontrako ospitaleratze-egoeran dagoenari hasierako informazioa emateko, bai bere ospitaleko egonaldian egoera zibilean gerta daitezkeen aldaketen gaineko gorabeherak jakinarazteko. Prozedura hori Arartekoaren bulegoarekin partekatu da lan-saio batean, eta beste psikiatria-zerbitzu batzuetara zabaldu da”.
3.4. Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo txosten bereziaren jarraipena
3.4.1. Osasun-sareko baliabideen egoera buru-osasunaren alorren 2014. urtearen amaieran
Existitzen diren baliabideen eguneratzeari buruzko datuak, eskuragarri daudenak, eskaini dizkigu osasun-administrazioak, aurreko urtean erregistratu genituen baliabideekiko alderaketa eginda:
Número de dispositivos |
Número de plazas |
|||
2013 |
2014 |
2013 |
2014 |
|
BOZ (1) |
42 |
42 |
||
HGBOZ (1) |
15 |
15 |
||
OLU |
6 |
6 |
234 |
234 |
HGOLU |
3 |
3 |
19 |
19 |
EO |
23 |
24 |
600 |
660 (140 paziente baino gehiago, EO erreferentziatzat hartuta) |
HGEO |
5 |
5 |
50 |
50 |
EEU (2) |
6 |
6 |
296 |
296 |
PIU |
1 |
1 |
14 |
14 |
EU |
7 |
7 |
263 |
263 |
LU (3) |
5 |
4 |
778 |
745 |
PG (4) |
1 |
3 |
109 |
109 |
Iturria: Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza
(1) BOZ eta HGBOZ; bertan, non toxikomaniak, Elikadura Jokabidearen Arazoak berariaz jorratzen dituzten taldeak eta Lehenengo Gertakari Psikotikoak
lantzen dituztenak ere sartzen dira.
(2) Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira.
(3) izen desberdinekin. Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira.
(4) Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira.
___
Administrazioak eguneko ospitalea aipatu du buru-nahasmendu larria (BNL) duten gaixoentzako baliabide gisa. Nahiz eta egunero joan ez eta plazarik bete ez, euren beharrizanetara egokitzen den baliabidearen erabiltzaileak dira.
Adierazi du egonaldi luzeko unitateak etengabe desagertzen ari direla eta baliabide mota horietara gaixoak deribatzeko joera kentzen ari dela; gainera, baieztatu du egoera hori modu sistematikoan ematen ari dela Bizkaian.
Droga-mendekotasuna artatzeari dagokionez, 10 ohe mantentzen dira Barrualde-Galdakao ESIko psikiatria-zerbitzuko desintoxikazio-unitatean eta existitzen diren zazpi komunitate terapeutikoetan:
• Bizkaia: Gizakia fundazioa (40 plaza) eta Etorkintza fundazioa (26 plaza)
• Gipuzkoa: Haurtxoak- Agipad (12 plaza), Haizegain- Agipad (20 plaza) Sustraiak- Izan (37 plaza) eta San Millan- Izan (37 plaza)
• Araba: Jeiki fundazioa (ez dago plazei buruzko informaziorik)
Joan zen urtean nabarmendu genuen osasun-administrazioak tresna fidagarri bat, autonomia-erkidegoaren esparrukoa, behar duela haren baliabideen (dispositiboen eta plazen kopurua) eboluzioa modu zehatzean aztertu ahal izateko.
Administrazioak adierazi digu “Osasun mentaleko plaza-kopururako eta baliabideetarako tresnari dagokionez, komunitate horien erakundeek Osakidetzako gainerako erakundeekin partekatzen dituzte sistema sanitario publikoan ohikoak diren informazio- eta analisi-bideak. Hala ere, osasun mentaleko baliabide globalen espezifikotasuna eta barietatea handia denez eta izenetan eta definizioetan ere batasunik ez dagoenez, komeni da tresna komuna izatea. Alde horretatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mentaleko sareak osasun mentaleko atlasa argitaratu zuen 2013an; hor, erreferentzia eguneratuak daude lurraldeko osasun mentaleko baliabide sanitario eta soziosanitario guztienak, eta horien definizioak ere finkatu egin dira. Ekimen hori garatzea konplexua da eta baliabideak behar ditu, eta hori erakundeen esku gelditzen da.”
Joan zen urtean tresna hauek aipatzen genituen: Gipuzkoako Osasun Mentaleko Atlasa eta Bizkaikoa.
3.4.2.Osasun mentalaren esparruan arreta-eredu komunitarioa egikaritzea ahalbidetuko duen desinstituzionalizazio-prozesuari dagokionez, egonaldi luzeko 33 oheren amortizazioa azpimarratu beharra dago. Jasotako informazioaren arabera, gaixo horiek abegi-zentroen sare normalizatura (baliabide hori egokia izango den pertsona helduen kasuan), eguneko ospitaleetara, tratamendu asertibo komunitarioko programetara edota miniegoitzetara bideratu dituzte.
3.4.3.Ospitaleetatik kanpoko egoitza-egiturei dagokienez, joan zen urtean 674 plaza erregistratu genituen, tutoretzapeko etxebizitzei, miniegoitzei, egoitza txikiei eta ostatu-etxeei zegozkienak.
Aurten 11 plaza gehiago egon dira, “Begoñalde” miniegoitzari dagozkionak. ARGIA FUNDAZIOAk kudeatzen du egoitza hori, eta finantzaketa soziosanitarioa dauka. Gainera, jakinarazi digutenez, osasun-sistemak psikiatraren eta erizain espezialistaren laguntza jartzen ditu bertan.
3.4.4.Estigma erauzteko asmoz egin diren esku-hartzeei dagokienez, osasun-administrazioak adierazi du Osasun Sailak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak laguntza instituzional sendoa eman dutela FEDEAFESek argitaratutako ikerlana (Estigma sozialaren errealitatea EAEn buru gaixotasuna duten pertsonen artean) aurkeztu eta garatzeko.
Aipatu du ere instituzioek parte hartu dutela elkarteek (FEDEAFES, AVIFES, AGIFES, ASAFES eta ASASAM) zuzendutako jardueretan, aurten batez ere estigma sozialari buruzkoak (“Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz”, “Aldatu zure begirada”).
3.5. Bilerak elkarteekin
Lankidetza-dinamika izaten jarraitzen dugu osasun mentalaren esparruko hainbat erakunde sozialekin. Horrek gure esku-hartzea errazten duen balio handiko informazio izatea ahalbidetzen digu. Jarraian, elkarte-sareak igortzen dizkigun ardura nagusienak nabarmenduko ditugu (euren jarreren gaineko azterketa zehatzagoa dago jasota gaixo kroniko edo mentalak izeneko gure webguneko atalean):
3.5.1. OME-Osasun Mentalaren Elkartea, Osasun Mentalaren eta Psikiatria Komunitarioaren Elkartea
Elkartea kezkatuta dago Zaldibarko ospitale psikiatrikoa ixtean gertatutako den desinstituzionalizazio-prozesuarekin batera ez dietelako bitarteko egiturei egiazko bultzadarik emango, eredu komunitarioa era eginkorrean egikaritu dadila ziurtatzeko.
Norberarenaren desberdinak diren kulturetako pertsonekin egiten den bilera klinikoan sortzen diren arazoak direla-eta, oso erabilgarria irizten diote Instrumento para la valoración de la Competencia Intercultural en Atención en salud mental izenburua duen dokumentua.
Haien esanetan, nortasun-nahasmenduen egungo arreta urria da oraindik ere, eta Basurtuko Ospitaleari dagokion eremuan besterik ez da betetzen. Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak (ospitalez kanpokoa) ez dute behar adineko arretarik. Jakinarazi digute Araban badela bi psikologoz eta bi psikiatraz osaturiko lantalde bat, nahasmendu horiei heltzeko interesa duena. Egokia dirudi lantalde horren jarduera Basurtuko Ospitalearekin batera koordinatzea, profesionalen berariazko prestakuntza ziurtatzeko, nahasmendu horiek jorratzeko asmoz.
Osakidetzak jakinarazi zigun paziente eta senideei zuzendutako informazio-foiletoari dagokionez (Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko informazioan oinarritua, eta Lurralde Historiko bakoitzari egokitua), uste dute neurri horrek, eraginkorra izan dadin, berekin ekarri beharko lukeela ospitale hori erreferentziazko unitate gisa hartzeko aukera izatea. Horrek nahitaezkoa egiten du aipatu ospitalean eratu beharko litzatekeen egitura egonkorrari laguntza ematea.
3.5.2. AVATI-Nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonentzako eta haien familientzako euskal elkartea
Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua gonbidatu genuen batzar honetara. Zerbitzu horrek nortasun-nahasmenduak dituzten helduentzako Transferentzian Ardazturiko Psikoterapia (TFP) programa bat zuzentzen du, baita heldu eta nerabeentzako Jokabide-terapia Dialektikoko (DBT) programa bat ere. Zerbitzuburuak adeitasunez partekatu zituen programa horien xehetasunak eta planteamenduak, nortasun-nahasmenduei era egokian heltzeko asmoz.
Bere esanetan, “EAEn egin beharreko mugimendu logikoena aurreikusitako NN Unitatea martxan jartzea da, dagoeneko existitzen den jarduera oinarritzat hartuta; horrek egungo programak hedatzea ahalbidetuko liguke, paziente gehiagorengana iritsi ahal izateko, eta, gainera, beste bi helburuak gauzatzeko: sarearentzat beharrezkoa den prestakuntza garatu eta martxan jartzen ditugun aurrerapenak ebaluatu eta ikertu”. Aipatu zuen ere komenigarria litzatekeela gerora Araba eta Gipuzkoako profesionalak prestatzea, eta “beste NN unitate bat edo bi gehiago jartzea Euskadin”.
Elkarteak honako hauek nabarmendu zituen, besteak beste: abordatze soziosanitarioaren beharra; arazo handiko testuinguruetan (espetxea, gizarte-bazterketa larria edo familiaren laguntza-eza) dauden nortasun-nahasmendudun pertsonenganako arreta berezia; sortuko den eguneko baliabideak koordinazio eta integrazio egokia izatea droga-mendekotasuneko, gizarte-bazterketako, adingabeen babeseko eta gazte-justiziako zentro eta dispositiboekin; Hikikomori deritzon bakartze sozialeko sindromea duten pertsonak –batez ere gazteak– detektatzeko beharra, ondoren esku-hartze egokia egiteko (16 urtetik aurrera detektatze-prozesua zaildu egiten da, dagoeneko ez baitaude hezkuntzaren eremuan; oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta kaleko hezitzaileen inplikazioaren garrantzia azpimarratu dute ezinbesteko alerta-tresna gisa).
3.5.3. FEDEAFES, Buru-gaixotasuna duten pertsona eta senideen Euskadiko federazioa
Bat dator AVATI eta OMErekin, berak ere uste baitu aipatzen ari garen nortasun-nahasmenduen arretarako eguneko baliabidea martxan jartzeko beharrizana dagoela; bere aburuz, horrelako baliabide bat lurralde bakoitzean jarri beharko litzateke. Mugako nortasun-nahasmenduaren arretarako Sócrates programa, Arabako Unibertsitate Ospitaleak martxan jarritakoa, aipatu du; aitzitik, dioenaren arabera, ezin daiteke bere osotasunean gauzatu, baliabide-faltaren poderioz. Modu positiboan balioesten du aipatutako ospitalearen eta Arabako elkarteen (ASAFES eta ASASAM) artean esparru horretan ematen ari den lankidetza.
Kezkatuta dago nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonen kasuan existitzen diren gizarte-baliabideek eta egoitza izaerakoek ez dietelako pertsona horien beharrizanei erantzuten, sarritan gertatzen baita kaleko egoerara bueltatzea jarrera-arazoak gertatzen direnean; horren aurrean familien egoera larria izaten da (laguntza-gabezia, zigorra jaso dezaketen egintzak gauzatzea, buruaz beste egiteko arrisku handia, etab.). Elkarteak berak egindako ikerlanean (Los itinerarios de intervención y abordaje coordinado en los ámbitos social y sanitario para la atención de las personas con enfermedad mental en Euskadi) egiaztatu dute esparru sanitarioan zein sozialean ez dietela arretarik ematen mota horietako profilei.
Dagoeneko aipatu dugun Arartekoaren 2013ko urriaren 16ko ebazpeneko bigarren gogoeta eta lehenengo gomendioei buruz hitz egin du, kasu asko eta askotan legezko epearen barruan, baina ia bukatzear dagoela, jakinarazten delako.
Ados daude OMErekin desinstituzionalizazio-prozesuaren gainean adierazitako kezka dela-eta.
Kontsulta anbulatorioetan buruko gaixotasuna duten pertsonak artatzen emandako denborak bakarrik ahalbidetzen du farmakologiaren bidez aurre egitea egoerari, eta beharrezkoa da psikoterapia eta farmakologia-tratamendua barne-hartzen dituen abordatze mistorako aurrerapausoak ematea.
Estigmari buruzko euren ikerlanean –3.4.4. atalean aipatu duguna– azaltzen den zeharkako proposamena azpimarratu dute. Proposamen horrek Mahai bat martxan jartzeko beharra dagoela dio, estigma erauzteko gauzatu behar diren ekintzak zein diren aztertuko dituena.
3.5.4. AVIFES, Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea
Bat dator AVATI, OME eta FEDEAFESekin, berak ere uste baitu aipatzen ari garen nortasun-nahasmenduen arretarako eguneko baliabidea martxan jartzeko beharrizana dagoela.
Ados dago Arartekoak otsailaren 15eko 3/2013 gomendio orokorrean islatzen duen jarrerarekin.
Arduratuta azaltzen dira 2011tik Bizkaian ez delako tutoretzapeko etxebizitzarik sortzen, eta euren ustez hori ez da eskaera faltaren eraginagatik; izan ere, 2014ko abenduan, 30 pertsonaz osatutako itxarote-zerrenda zutela diote, horietako zenbait 2011tik egonik. “Consideraciones a las necesidades de vivienda de la personas con enfermedad mental” izeneko dokumentua, 2012ko azarokoa, erantsi digute.
Damu dira ez dagoelako aldi baterako egonaldiko dispositiborik, familiei arnasa hartzen edota une berezietan osatzen laguntzeko (barneratze psikiatriko baten ostean, ebakuntza baten ostean, etab.).
Arduratuta daude miniegoitzetan ez dagoelako behar adina lekurik, eta, gainera, sortzen diren apurrak ospitale psikiatrikoetan zeuden pertsonei esleitzen zaizkielako, bakarrik edo familiartean bizi eta euren egoera soziosanitarioarengatik dagoeneko miniegoitzetan egon beharko liratekeen pertsonei eman ordez. Horrez gain, uste dute dinamika horrek zaintzaileei gainesfortzu bat eragiten diela; zeren eta zaintzaile horiek, bizitza osoan zehar buruko gaixotasuna duen senidearen euskarri funtzionala, ekonomikoa eta emozionala izan direnak, gaur egun adinean aurrera egin baitute edota mendekotasun egoeran baitaude.
Bizimodu independentea izatea lagunduko duten dispositiboak sustatzeko beharrizana azpimarratu dute (gizarte-laguntzako laguntza berezitua norberaren bizilekuan bertan).
Azkenik, elkarteak xehetasunez eman digu sustatzen dituen programen berri (ETXEBEST eta GAZTEORI, besteak beste). ONDOAN Tutoretza Fundazioa martxan jarri dutela ere jakinarazi digu.
Haien esanetan, beharrezkoa da buruko-arazoak dituzten haurrak antzemateko eta haiei arreta emateko lanean jardutea hezkuntza-esparruan, sarritan jazarpena eta onarpenik eza pairatzen baitute eskola-komunitatean. Irakasleen prestakuntza eta haienganako laguntza sustatzea ere ezinbestekotzat jotzen dute.
3.6. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2014ko martxoaren 26an, buruko gaixotasuna eta/edo nahasmenduak dituzten pertsonen saileko eta osasun-saileko arduradunak (biak ere Ararteko erakundekoak) lan-bilera egin zuten Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko lantaldearekin (psikiatrak, erizainak, laguntzaileak, gizarte-langileak), Arartekoaren otsailaren 15eko 3/2013 gomendio orokorra betetze aldera zerbitzu horrek azaldutako interesa zela eta. Aipatu gomendioan honako hau jasotzen da: buruko osasun arazoak dituzten pertsonak borondatearen kontrako ospitaleratze-egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neurriak hartzeko beharra.
Lan-saioan zehar, aipatutako gomendio orokorrean jasotzen diren alderdi nagusiak aztertu ziren guztien artean, baita Arartekoaren 2013ko urriaren 16ko ebazpenean azaltzen direnak ere. Azken horren bidez, 1541/2012/39 kexa-espedientean egindako jarduketari amaiera ematen dio, eta osasun-administrazioari neurri jakin batzuk hartzeko gomendatzen dio. Espediente horretan, herritar batek salatu zuen bere eskubideak urratu zizkiotela Santiagoko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuan (Vitoria-Gasteiz) bere borondatearen aurka sartu zutelako.2013ko ohiko txostenari dagokion kapitulu honetako 1.2. atalean, aipatutako ebazpenean gomendatutako neurri orokorrak laburbilduta azpimarratzen ziren, 2014an onartuak izan direnak).
Euren eguneroko jardunean aipatutako gomendio horiek betetzeak eragiten zizkieten zalantzak plazaratu zituzten profesionalek: praktika klinikoaren, xede terapeutikoen eta formalitate prozesalen edo Arartekoaren proposamenaren betetzearen artean sor zitekeen gatazka eta tentsioa.
Kontuan izanda egoera horietan norberaren askatasunerako eta benetako tutoretza judiziala izateko funtsezko eskubidea, ukitutako pertsonarena, kaltetuta gerta daitekeela, behin eta berriro nabarmendu dugu borondatearen kontrako ospitaleratzea guztiz ezohiko neurria dela, eta behar bezala dokumentatuta geratu behar diren premiazko neurriei erantzun behar diela; horrez gain, komenigarria da osasun-administrazioak ukitutako pertsonari jakinaraztea zein eskubide dituen egoera horietan. Nahiz eta eskubide horiei buruz informatzeko legezko betebeharra agintari judizialari dagokion, egia da ere esku-hartze judiziala baino lehen eskubide horiei buruzko informazio osoa eta egiazkoa ez badago, haiek egikaritzea baldintzatuta egotea gerta daitekeela.
Kasu zehatzetan, informazio horrek hasierako uneetan gaixoaren eboluzioari eragin ziezaiokeela planteatzen zuen aukeraren gainean sortutako kezka zela-eta, ulertu genuen egokiena litzatekeela bi kontu hauen arteko oreka bilatzea: batetik, ukitutako pertsonari zein egoeratan dagoen eta zein eskubide dituen jakinaraztearen garrantzia, eta, bestetik, ospitaleratzearekin bilatzen den helburu terapeutikoa. Horretarako, espazio eta momentu egokienak prestatuko lirateke proposatzen dugun dinamika gauzatzeko; dinamika hori bat dator ukitutako pertsonaren duintasuna aintzatestearekin eta bere eskubideak bermatzearekin.
Beste gai batzuen artean, ondokoak landu ziren: Arartekoak premiazko arrazoitzat zer ulertzen duen eta zein den jarrera horren legezko oinarria. Arartekoaren arabera, premiazko borondatez kontrako ospitaleratze batek honako hauek bete behar ditu: buru-nahasmendu larria egotea; ukitutako pertsonak gaitasunik ez izatea bere egoera arrazoiz epaitzeko; gaixoaren edo beste inoren osotasun fisiko edo psikikoan berehalako kaltea izateko arrisku larria egotea; eta ospitaleratzeko neurria gaixoarentzat eraginkorrena eta mesedegarriena izatea, hain murrizgarria ez den beste edozein alternatiba terapeutiko baino.
3.7. Txosten bereziak
Erakunde honek txosten berezi hau argitaratu du aurten: Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa. Espetxean dauden pertsonei buruzko txosten horretako atalean, txostenak jorratzen dituen gai nagusienak jasotzen dira.
3.8. Azterlanak
Zigor-kodea aldatzeko proiektuan buruko osasunaren tratamenduari buruzko azterlanaren bidez, Ararteko erakundeak hausnarketa partekatu du buruko osasunaren, magistraturaren eta doktrina zientifikoaren alor profesionalekin batera; izan ere, azken horiek mahai gainean jarri dute proiektuak kontrako eraginak, berriz ere iraingarriak, izan ditzakeela buruko gaixotasun edo nahasmenduren bat pairatzen duten pertsonentzat. FEDEAFES ere bat dator gogoeta horrekin, eta federazio horrek erakunde honi gai horren gainean adierazpen bat egitea eskatu zion.
3.9. Ofiziozko jarduerak
Osasun-administrazioari hainbat gogoeta igorri diogu, anorexia eta bulimiaren aurkako EAEko elkarteek (ACABE Álava, ACABE Bizkaia eta ACABE Gipuzkoa) egindakoak. Horien bidez, agerian utzi dituzte zein diren patologia horiek pairatzen dituzten pertsonen arretako hutsuneak eta hobetzeko eremuak.
Administrazioa harkor azaldu da, eta honako hauek aztertzeko asmoa dauka: kasurik larrienak artatzeko ospitale azpiunitate bat ezartzea eta jantoki terapeutiko zerbitzua jartzea Araba eta Gipuzkoan.
3.10. Bestelako jarduerak
3.10.1.Jarduneko Arartekoak “La ciudadanía y los servicios sanitarios” izenburupeko hitzaldia eman zuen, osasun mentalari hainbat aipamen eginez, Galdakao-Usansolo Ospitalean, Ospitaleen 19. Biltzar Nazionala egin aurreko jardunaldiaren barruan. Biltzar hori Osasun Zuzendarien Espainiako Elkarteak (SEDISA), Mondragón Health-ek, eta Barrualde-Galdakao ESIk antolatu zuten.
3.10.2.Jarduneko Arartekoaren ondokoak, Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunaren harira eta “Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz” lelopean, FEDEAFESek antolatutako ekintzetan parte hartu zuen Laudion. Bere esku-hartzean arduratuta azaldu zen, FEDEAFESek egin bezala, zigor-kodea aldatzeko proiektuan buruko osasunari ematen zaion tratamendua dela-eta.
3.10.3. Ararteko erakundea presente egon zen FEDEAFESek argitaratutako Estigma sozialaren errealitatea EAEn buru gaixotasuna duten pertsonen artean ikerlana aurkeztu zenean, 2014ko martxoaren 17an.
3.10.4.Erakunde honetako buruko gaixotasuna eta/edo nahasmenduak dituzten pertsonen saileko zenbait arduradunek ARGIA FUNDAZIOAk antolatu zituen tailerretan parte hartu zuten urriaren 9an, V. hartu-eman eta sentsibilizazio jardunaldiaren barruan eta “La persona usuaria experta en salud mental y que participa en...” izenburupean.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1.Burutik gaixo dauden pertsonek baliabide publikoetara sarbidea edukitzeko ahulezia eta zailtasun handiagoak dauzkatenez eta euren komunitateko eskubide osoko kide direnez, botere publikoek haien titulartasunekoak diren eskubideak benetan egikaritzea ahalbidetzen duten baldintzak bermatu behar dituzte. Horrek komunitatean benetan gizarteratzeko bidea ematen duen jardun oro sustatzea eskatzen du: ostatua, hezkuntza, enplegua, nahikotasun ekonomikoa, estigma erauztea, parte hartzea, e.a.
4.2. Aurrerapausoak sumatu ditugu otsailaren 15eko 3/2013 gomendio orokorra betetzeko garaian; hala ere, hori ez da oztopo bat, esparru psikiatrikoan, borondatearen kontrako ospitaleratze-egoeretan, norberaren askatasunerako eta benetako tutoretza judiziala izateko funtsezko eskubidea babestuta egon dadin, osasun-administrazioak honako hauek bete behar izateko: indarrean dagoen legedia zehatz-mehatz bete; neurri murriztaile hori hartzeko eskatu behar diren baldintzak bermatzeko joera duten neurriak hartu; egoera horietan dauden pazienteei dituzten eskubideak ezagutarazi eta proportzionaltasun eta dokumentazio printzipioak gauzatu.
4.3.Komenigarria da osasun-administrazioak bide egokiak gaitzea buruko gaixotasuna duten pazienteen eskubideei eta obligazioei buruzko informazio gehiago bermatzeko, baita osasun-zerbitzuak eta -profesionalak hautatzeko gaitasunari buruzkoa ere.
4.4. Beharrezkoa dirudi Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordearen jarduera bultzatzea; izan ere, horrek erraztu egingo baitu 2010eko Osasun Mentaleko Estrategia gauza dadila.
4.5. Nahitaezkoa da errehabilitatzeko eta osatzeko bitarteko baliabideak areagotzea buruko osasunaren esparruan, eta erakundeek laguntza ematea Hirugarren Sektoretik sustatzen diren baliabideei. Batik bat, honako hauek dira beharrezkoak: gainbegirapen-maila desberdina duten egoitza-aukeretan (miniegoitzak, tutoretzapeko etxebizitzak, etab.) plaza ugari sortzea, kontuan hartuta eremu horrek hazkunde urria izan duela; bizimodu independentea izatea lagunduko duten programak sustatzea, finantzazio publiko egonkorraren bidez; aldi baterako egonaldirako dispositiboak sortzea eta klub sozial egitasmoak laguntzea.
Ez dugu aurrerapenik ikusten Araba eta Gipuzkoari dagozkien desinstituzionalizazio-prozesuetan.
Bat gatoz Hirugarren Sektorearekin desinstituzionalizazio-prozesuarekin batera ez dietelako bitarteko egiturei egiazko bultzadarik emango, eredu komunitarioa modu eraginkorrean egikaritu dadila ziurtatzeko.
4.6. Beharrezkoa da osasun-administrazioa tresna komun batez hornitu dadila, autonomia-erkidegoaren esparrukoa, buruko osasunaren eremuko baliabide sanitario eta soziosanitario guztien erreferentzia eta definizioa izateko.
4.7. Ezinbestekoa da estigma erauzteko politika publiko eraginkorra martxan jartzea, osasun-administrazioak zuzendutakoa, gizarte-sareak bultzatzen dituen ekimenei dagoeneko ematen zaien laguntzatik haratago. Komenigarria iruditzen zaigu gure osasun-administrazioak bere egin dezala FEDEAFESen zeharkako proposamena. Proposamen horrek Mahai bat martxan jartzeko beharra dagoela dio, non erakundeetako eragileek eta Hirugarren Sektoreak bat egingo duten gaiari bultzada emateko.
4.8. Oso era positiboan balioesten dugu tratamendu asertibo komunitarioko taldeak areagotzea Bizkaian. Egokia dirudi hazkunde hori beste lurraldeetan ere gertatzea.
Beharrezkoa da bazterketa-egoera larrian dauden pertsonen (etxegabeko pertsonak) osasun mentalaren arretarako dispositiboak sendotzea.
4.9. Nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonenganako arretari dagokionez, sobera egiaztatu ahal izan dira nahasmendu horiei heltzeko gure osasun-sistemak dituen gabeziak, egon diren aurrerapausoak gorabehera. Osasun-administrazioa, Ararteko erakundea, Hirugarren Sektorea eta elkarte profesionalak erabat ados daude eguneko unitate/baliabide bat, egonkorra eta integratua, martxan jartzeko beharrizana dagoela, baita hiru lurraldeetan arreta egokia ematea ahalbidetuko duen egituraketa behar dela ere. Azken horrek profesionalen prestakuntza ekarriko du, eta, aldi berean, EAEko biztanleria osoari arreta eskaini ahal izatea ere, eta ez bakarrik bilbotar batzuei.
Horrenbestez, premiazkoa da osasun-administrazioak pro-
iektu hori gauza dezala, sistema sozialarekin (gizarte-bazterketaren arreta, etxegabeko pertsonak, adingabeen babesa, prebentzioa) eta gazte-justiziakoarekin koordinatuta egonda (ezinbestekoa da bi sistema horien inplikazioa). Era berean, koordinatuta egon behar du droga-mendekotasuna eta NNrekin albo-erikortasuna aurkezten duten beste zenbait patologia (hala nola, elikadura-jokabidearen nahasmenduak) artatzeko bere dispositiboekin.
6. Espetxeratuak
Aurrekariak
Arartekoaren erakundea sortzen eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeak Arartekoari eginkizun hau ezartzen dio, besteak beste: euren egoera dela-eta zaurgarriagoak diren pertsonen eskubideak arreta bereziz zaintzea. Ildo horretatik doa askatasunez gabetuta dauden pertsonekin, lehentasunezko arreta jaso behar duen kolektibo gisa, egiten dugun lana.
Espetxean egoteaz gainera buruko gaixotasuna badute, haien zaurgarritasuna areagotu egiten da. Inguruabar hori ez da ohiz kanpokoa gure espetxeetan, ezta gutxiago ere, gero eta handiagoa baita burutik gaixo dauden presoen portzentajea. Hain zuzen ere horrek sortzen dituen arazoen inguruan egin ditu Arartekoak aurten arlo horretako esku-hartze gehienak, askatasunez gabetuta egoteak ez dezan berekin ekarri beste eskubiderik galtzea Antolamenduan ezarritakoak eta kasuan kasuko kondena-epaiak adierazten dituenak baino.
Osasunerako eta osasun laguntza egokirako eskubideei dagokienez, espetxe arloko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkio, baina eskumenok erabili ahal izateko elkarlanean jardun beharra du beste botere publiko batzuekin, hala botere administratiboekin nola judizialekin, horien esanak erabakigarriak baitira hizpide ditugun pertsonen zigor-betearazpenei eta espetxe-egoerari dagokienez.
Hori dela eta, arlo honetan egiten dugun lanak erakunde arteko ikuspegia hartzen du. Hala, saiatu gara EAEko administrazioen eta agintaritza judizialaren arteko lankidetzan sakonduko duten mekanismoak sustatzen.
Era berean Espetxe Zaintzako Epaitegiaren eta gure autonomia erkidegoko hiru probintzia auzitegien laguntza jaso dugu, honako kategoria hauetan sailka litezkeen arazoak konpontzeko:
• kondenen likidazioen kalkulua;
• segurtasun neurriak betetzea;
• gizarte ekimeneko erakundeek esku hartzea, bai espetxe-baimenez gozatu ahal izateko egoitza-baliabideei bai gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideei dagokienez.
Beste kexa batzuetan, nolanahi ere, bestelako arazoak planteatu dira, funtsean lekualdaketak, zehapenak, destinoak, gradu beherapenak, espetxe-onuren ukapenak eta senideen bisiten ingurukoak. Gure autonomia erkidegoko preso batzuen familiek zenbait kexa aurkeztu dituzte, preso horiek familia eta gizarte ingurunea berton eduki arren Euskal Herritik kanpo espetxeratuta zeudelako. Batzuek erakunde honetara jo dute bizi baldintzen narriadura sumatzen zutelako euren senideak dauden espetxeetan. Bereziki esanguratsuak dira espetxe-modulu berezietan amarekin batera bizi diren adingabeei dagozkien kexak.
Estatuko Administrazioaren jardunari buruzkoak direnez, eskumenik ezaren oztopoak eragotzi digu kexa horiek formalki izapidetzea. Horregatik, ez dugu garrantzitsutzat jo horrelako erreklamazioei buruzko atal estatistiko bat eranstea, eta Herriaren Defendatzaileari igorri behar izan diogu.
Ararteko honen irizpidea da, ordea, kexen funtsa egiaztatzen dugun aldiro gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diegula kexen jartzaileei. Aurten ere horrelaxe egin dugu, borondate oneko kudeaketen bitartez. Batik-bat bi mailatan egin ditugu kudeaketa horiek:
• Batetik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren aurrean, haren Zigor Betearazpeneko zerbitzuen bitartez.
• Bestetik, ukitutako espetxeetako zuzendaritzen aurrean, bai eta Barne Ministerioaren menpeko Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiaren aurrean ere.
1. Kexarik aipagarrienak
Jarraian kasu batzuk aurkeztuko ditugu, goian esan bezala maila guztietan egin dugun esku-hartzearen erakusgarri:
1.1. Betetako kondena zatiaren kopurua, espetxe-onuren ondorioetarako
Jasotako kexa
Martutenen espetxeratuta dagoen pertsona baten anaiak erakunde honengana jo zuen. Kexu zen, uste zuelako zentro hori oker interpretatzen ari zela Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren auto bat. Administrazioak omen zioen baimenen eta beste espetxe-onura batzuen aplikaziorako kontaketa presoari egitate berengatik ezarri zitzaizkion bi zigorren guztizkoaren gainean egin behar zela, baina aipatutako ebazpenak kontrakoa omen zioen, kondenaren nondik norakoak kontuan izanik. Gainera, presoaren defentsaren eta fiskaltzaren arteko adostasunez iritsi omen zen ebazpen horretara.
Kexa hori presa handi samarrez aurkeztu zen, aurrera egiten bazuen denbora gutxi geratuko zelako presoa aipatutako baimenez gozatzen hasi ahal izateko, kondenatik beteta zeukan portzentajea kontuan izanik.
Arartekoaren esku-hartzea
Erakunde honek ezin du esku hartu auziaren ebazpena epaile baten balorazioaren menpean dagoenean. Legez, ebazpena eman duen auzitegiaren gainetik dauden auzitegiei soilik dagokie zeregin hori.
Hala ere, gizatasun arrazoiengatik, interpretazioa ezbaian jarritako auto hori eman zuen magistratuaren aurrean kudeaketa egin genuen, eta gure iritziarekin ados agertu zen: kontaketa, Auzitegiaren ebazpen hori aplikatuz, ezarritako kondenetatik luzeenaren gainean egin behar zen, hau da, presoa betetzen ari zen kondenaren gainean. Geroago, betiere horrela lortutako baimenen erabileraren balorazioaren arabera eta hirugarren graduan sailkatu ondoren presoak erakusten zuen bilakaeraren arabera, erabakia hartu ahal izango zen, ezarri zioten beste kondena ordezteko aukerari buruz. Kexagileari horren berri eman genion, Zigorrak Betearazteko Epaitegiari eskaera egin ziezaion, baimenak jasotzen hasteko eta hirugarren graduan sailkatu ahal izateko epeen kontaketaren ondorioetarako.
Emaitza
Horrek guztiak, Espetxe Zaintzako Epaitegian egindako kudeaketekin eta espetxeko gizarte zerbitzuetatik jaso genuen laguntzarekin batera, bide eman zuen kexagilearen anaia espetxe-onurak gozatzen hasi ahal izan zedin, eta bere familia osoaren babesa -baimena hartuta espetxetik irtengo zen egunerako antolatu zuten lobaren bataioa- kontuan har zedin, gainera, gizarte eta familia loturak frogatzen zituen faktore positibo gisa, sailkapenari eta erregimen irekiari begira.
1.2. Kultura jarduerak egiteko oztopoak, erregimena dela eta
Jasotako kexa
Gasteizko musikari talde baten izenean, pertsona batek erakunde honengana jo zuen eta adierazi zuen musikariek atzerapenak eta oztopoak topatu zituztela Arabako Espetxean, Gasteizko Hiesaren aurkako Batzordeak antolatutako Gabonetako kontzertua ematera joan zirenean. Ondorioz, esan zigutenez, adostutako orduan agertu ziren arren, musikariek kontzertuaren erdia bakarrik eman ahal izan zuten, soinua probatzeko aukerarik gabe eta zeru zabalean itxaroten luzaroan egon ondoren.
Esaten zuten espetxe-erakundeari berari interesatu behar zitzaiola gehien gizarte zibila espetxeko kultura jardueran parte hartzera bultzatzea, eta gogotsu lagundu behar ziela kultura jarduera horren barruan programatzen ziren kalitatezko ekitaldien antolatzaileei, eta horrelako ekitaldi bat izan zela eurek eskuzabaltasunez ematea onartu zuten kontzertu hori. Horregatik, ez zuten ulertzen nola, Zaballan agertu zirenean, euren lana erraztu beharrean oztopo burokratiko eta disfuntzioen bidez eragotzi zuten, eta esaten ziguten horrelako oztopoak gainditu behar zirela etorkizuneko edozein lankidetza ahalbidetzeko.
Arartekoaren esku-hartzea
Gure jarduketan, erregimenari dagokionez erakunde honek dituen eskumen-mugak kontuan izanik, kexaren edukia espetxeko zuzendaritzari helarazi genion, gertatutakoa baloratzeko judizio-elementu guztiak eduki zitzan eta, gainera, horrelako gorabeherarik gehiago gerta ez zedin, ahal zen neurrian.
Arartekoak zentroari azpimarratu egin zion erregimenaren dinamikak erraztu egin behar dituela tratamendu lanerako lagungarriak diren jarduera horiek, oztopatu beharrean.
Emaitza
Espetxeko zuzendaritzak berretsi egin zituen gertaerak, eta opor sasoian espetxean langile gutxi daudelako gertatu zirela esan zuen. Eragindako taldeari bere partez barkamena eskatzeko eskatu zigun, eta adierazi zigun gurekin bat zetorrela eta horrelako kultura jarduerak sustatu beharra zegoela, eta jakinarazi zigun prozedurak berrikusi egin zituela, horrela-
korik berriro gerta ez zedin.
2. Araudi- eta gizarte- testuingurua
2.1. Espetxe arloko gure lanaren gizarte ingurunea
Estatuan askatasunez gabetutako pertsonen kopurua izugarri igo da orain dela lau urte arte, zigor sistema gero eta gehiago gogortu delako.
Hala, 2000. urtean 45.000 pertsona zeuden espetxean eta 2010. urtean 76.000 baino gehiago. Beraz, hamar urtean kopurua %70 inguru handitu da. Harrezkero, preso dauden pertsonen kopuruak behera egin du, Zigor Kodearen erreformari buruzko 5/2010 Lege Organikoak egindako erreformen ondorioz, funtsean. Izan ere, lege horrek osasun publikoaren aurkako zenbait delituren zigorrak leundu zituen, jatorrizko zigorrak proportzionaltasun printzipioaren aurkakoak zirelako.
Beherakadak badu zerikusirik, halaber, espetxeratutako
atzerritarren kopuruaren murrizketarekin. Barne Ministerioak emandako datuen arabera, kopuru hori %8 inguru jaitsi da txostenaren urtean. Laugarren urtez jarraian urritu da kolektibo hori; hala eta guztiz ere, herrialdean espetxeratutako hiru petsonatik bat atzerritarra da.
Barne Ministerioak argitaratutako azken estatistiken arabera, txosten hau itxi den egunean Espainian guztira 65.535 pertsona zeuden espetxean. Horietatik %92,34 gizonak ziren eta %7,66 emakumeak. Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 1.383 pertsona zeuden preso, horietatik 154 emakume eta 1.229 gizonezko. Preso horien %68 Arabako Espetxean zeuden, %17 Basauriko espetxean eta %15 Martutenekoan.
Datu horien arabera, Espainiak jarraitzen du preso gehien dituen Europar Batasuneko herrialdeetakoa izaten, bere biztanleriarekin alderatuta. Espainiako espetxeratze tasa, 150 preso 100.000 biztanleko, Europako batez bestekoa halako bi da, eta alde handiz gainditzen ditu Italiakoa, Frantziakoa eta Alemaniakoa. Eta oraindik ere harrigarria da ikustea nola horren kausa zuzena ez den preso kopurua bezainbesteko delitu kopuru handia. Hain zuzen ere, Espainiako kriminalitate tasa urtez urte mantentzen da 1.000 biztanleko 45 delitu inguruan, eta Europako herrialdeetako batez bestekoa baino txikiagoa da.
Baieztatu daiteke, beraz, espetxe zigorraren gehiegizko aplikazioa arlo honetako gure esku-hartzearen testuinguruaren parte izan dela beste urte batez, nahiz eta herritarren segurtasunaren arloko arrazoiek hori ez justifikatu, eta zigor sistemaren neurririk gabeko erabilera hori ez izan arren modurik bidezkoena eta eraginkorrena, azken batean, gure espetxeak jendez betetzen dituzten delitu mota nagusien jatorrian dauden arazoak konpontzeko.
Atal honetan, azkenik, gizarteratze arloko gure esku-hartzearen testuingurua zehazteko garrantzi berezia duten hiru datu emango ditugu: prebentziozko espetxealdian dauden pertsonen proportzioak %15 inguruan jarraitzen du; gainerako presoek duten sailkapen graduak kasuen %15ean baino ez die aukerarik ematen erregimen irekia eskuratzeko; eta preso gehienen delitu motak oraindik ere honako hauek dira: ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak (funtsean lapurretak), kondenen %40tan; eta osasun publikoaren aurkako delituak -droga trafikoa-, kondenen %25etan.
2.2. Arau eta jurisprudentzia ingurunea
Zigor Kodearen erreformaren proiektuak eztabaidagai izaten jarraitu du txosten honen urtean zehar. Erreforma hori dela eta, erakunde honek aukera izan du bere kezka agertzeko, zigorren betearazpenaren arloan iragarritako aldaketetariko batzuengatik.
Ildo horretan ohartarazi dugu askatasunez gabetzeko zigorraren erabilera areagotu egingo dela, eta bizi artekoak bihur litezkeen zigorrak sortuko direla, hala nola espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Horrek gure espetxe sisteman sor lezakeen presioaz ere ohartarazi dugu. Gainera, faltak desagertu eta delitutzat joko direnez, jokaera askori esleituko zaien larritasun handiagoak areagotu egingo du presio hori.
Gure kezka agertu dugu, beste alde batetik, zigorra bete ondorengo segurtasun neurriak sartu direlako erreformaren proiektuan, eta zaintzapeko askatasunaren epea luzatu egin delako, eta, oso bereziki, erruduntasun printzipioa bertan behera utzi eta arriskugarritasun irizpideekin ordeztu delako.
Azken puntu hori xehetasunez jorratu zen uztailean, Arartekoaren ikerlana, Zigor Kodea berritzeko proiektuan buruko osasunak duen tratamenduari buruzkoa izenburuko azterlana egin zenean. Hor alarma jo genuen, eztabaidagai zen erreforma proiektuak zekartzan berrikuntza batzuk zirela eta, uste genuelako, beste gogoeta batzuen artean, egintza penalak egiten dituzten buru-gaixoen eskubideak aitortzeko eta bermatzeko bidean atzera egingo zela:
• Bikario-sistema hausten da espetxe zigorrak eta segurtasun neurriak batera ezartzen direnean.
• Zentroan sartzeko segurtasun neurriak ondoz ondo luza-tzeko posibilitatea, zigor aplikagarriak modu abstraktuan duen iraupenetik harago.
• Zaintzapeko askatasunaren neurria berehala ezartzea zentroan sartzeko neurriaren betearazpenaren etenaldia ezesten denean, baita ezesteko posibilitatea ere etenaldia ematean ezagutzen ez ziren iraganeko inguruabarrengatik.
Jurisprudentziaren atalean, hainbat ebazpen dira urtean zehar markatu dutenak gure esku-hartzearen testuingurua, eta horietariko batzuetan planteatuta utzi diren auziak, besteak bezain garrantzitsuak izanda ere, txosten hau itxi den egunean auzitegien behin betiko erabakiaren zain zeuden. Honako bi hauek aipatu beharra dago, duten garrantziagatik:
• Gure herrialdean sustraituta dauden atzerritarrak kanporatzea delitu bat egin dutelako. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2014ko maiatzaren 13ko Epaiak gai horri heltzen dio, erakunde honek aldeztu izan duen ikuspegi beretik.
Hauxe adierazten du: hemen luzaroan bizi izan diren atzerritarrak herrialdetik kanporatzeko, ez da nahikoa dolozko delitu batengatik kondenatuak izatea urtebetetik gorako espetxe zigorrarekin. Aitzitik, Auzitegiaren iritziz, nahiz eta Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 57.2 artikuluan halakorik berariaz jasota ez dagoen, zuzenean aplikatzen bada Europar Batasuneko Kontseiluaren 2003/109/EE Zuzentaraua, kanporatzeari buruzko ebazpenean aintzat hartu behar da atzerritarra Espainian zenbat denboran bizi izan den, zer nolako loturak egin dituen, zer adin duen, kanporatzeak zer ondorio ekarriko dizkien interesdunari berari eta haren familiako kideei, eta zer nolako loturak dituen hemendik kanporatu eta gero hartuko duen herrialdean.
• Auzitegi Gorenak, bestalde, Arabako Espetxeko preso bati Frantzian espetxeratuta eman zituen urteak kondenaren likidazioan deskontatu behar zitzaizkiola erabaki zuen martxoan, haren errekurtsoa baietsita. Errekurtso horretan oinarritzat hartu zen Europako Kontseiluaren 2008ko uztailaren 24ko 2008/675/JAI Esparru Erabakia.
Irizpide horren aplikazioaren ondorioz, preso hori askatu ez ezik, egoera berdinean zeuden beste berrogeita hamar bat preso espetxetik atera behar zirela aurreikusi zen. Hori saihesteko asmoz, irailean ad hoc legegintza-ekimen bat aurkeztu zen, eta txosten honetan aztergai den urtearen amaieran 7/2014 Lege Organikoan gauzatu da ekimen hori. Atzerapen luze baten ostean lege horrek Espainiako antolamendura ekarri du goian aipatutako Europako araudia, baina horren norainokoa mugatu egin du, esanez 2010eko abuztuaren 15etik aurrera hartuko direla kontuan, ondorio horietarako, Europar Batasuneko beste estatu kideetako auzitegiek emandako kondenak.
Horrela sortutako egoera ez da, ordea, ezbairik gabe onartu, ez doktrinan ez jardule juridikoen artean: ba-tzuek kritikatu egin dute, Espainiak transposizioa egiterakoan ez omen duelako bete Batzordeak xedatutakoa, hots, transposizioa egiteko garaian estatuek ezar ditzaketen betekizun gehigarriak esparru-erabakiaren helburuen “proportzionalak” izan behar direla; bestalde, Auzitegi Nazionaleko sala desberdinek elkarren kontrako ebazpenak egiteko bide eman du transposizio horrek. Ezbaian jarri da ea zein zuzenbide aplikatu behar den, kondenaren likidazioa eskatzen den unean indarra duena edo aplikazioaren unean indarra duena, eta ondorio horietarako zer garrantzi duen, transposizioa gorabehera, Europako esparru-erabakiei eman behar zaien balioak, gure barne zuzenbidea interpretatzeko irizpide gisa. Iritzi publikoan eragindako nahasmenduaz gainera, txosten hau itxi den egunean bazirudien, itxura guztien arabera, Auzitegi Gorenak gehiengoz onartutako
ebazpenean azaldu zuen irizpideak ez zuela behin betiko argituko auzia, eta agian eztabaidak zabalik jarraituko zuela harik eta, berriro ere, nazioarteko auzitegiek behin betiko erabakia hartu arte.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Bilerak elkarteekin
Hiru lurraldeetan bilerak egin ditugu presoak gizarteratzeko lanean diharduten gizarte ekimeneko erakundeekin, bai eta hiru abokatu elkargoetan Presoentzako Laguntza Txandaren ardura duten legelariekin ere.
Urtero egiten ditugun bilera horien bitartez, batzuen eta besteen jarduerei buruzko informazioa elkarri emateko aukera egonkor bat bilatzen dugu, alde batera utzita urtean zehar, kasu jakinetan esku hartzeko eskatzen digutenean, elkarrekin izaten ditugun harremanak. Bestalde, jakinarazten dizkiguten kezka-iturriek gure espetxeetako egoeraren bilakaeraren berri zuzena ematen digute.
3.2. Bilerak administrazioarekin
Urtean zehar etenik gabekoak izan dira Justizia Sailburuordetzarekin izandako harremanak. Sailburuordetza horren menpean ari dira Eusko Jaurlaritzako zigor-betearazpeneko zerbitzuak, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideekin zerikusia duten gaien inguruan.
Osakidetzako arduradunekin lan egiteko aukera ere izan dugu. Haien laguntza erabakigarria izan da espetxe-osasunaren arloan planteatu diren espediente guztiak ebazteko. Hainbat kexa errazago ebatzi ahal izan ditugu, era berean, Osakidetzako Laguntza Psikiatrikoko eta Osasun Mentaleko burutzarekin sortutako sinergiei esker, aurten gai horri buruz aurkeztu dugun txosten berezia dela eta.
3.3. Ikastaro eta hitzaldietan parte hartzea
Urtean zehar erakunde honek modu aktiboan parte hartu izan du presoen egoerari buruzko mintegi espezializatuetan, bi esparrutan, bereziki:
• Unibertsitatean, aukera izan dugu arlo horretako gure esku-hartzearen nondik norakoen berri emateko eta Arartekoak gure espetxeetako egoerari buruz egindako diagnostikoa azaltzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko hainbat ikastarotan, baita Oñatiko Soziologia Juridikoaren Institutuak antolatutako berariazko mintegi batean ere.
• Elkarte sarean, berriz, parte hartu dugu espetxeetan lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeek antolatutako bileretan, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen arlo anitzeko tratamendua aztergai genuela.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Buruko gaixotasuna duten pertsonen zaurgarritasuna bereziki nabarmena izaten da pertsona horiek zigor sistema judizialarekin harremanak izaten dituztenean edo espetxean daudenean. Horrela erakutsi du Arartekoak aztergai dugun urtean aurkeztutako txosten berezi batek, Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa izenburukoak. Txosten horretan azaltzen diren ondorioek agerian jartzen dituzte presoen buru-osasunaren narriadura, espetxeratzen dituzten buru-gaixoen kopuruaren gehikuntza, eta espetxealdian haien gaixotasuna artatzeko arretaren inguruko hutsuneak eta akatsak.
Nolanahi ere, espetxeratuen artean buru-gaixotasunak duen prebalentziari buruzko datuak eskaintzean, arrisku batez ere ohartarazi nahi izan dugu: gaixoak estigmatizatzeko arriskuaz. Ondorio disfuntzionala izango litzateke, eta oinarri enpirikorik gabekoa, zeren, egia esan, pertsona horien kriminalitate tasa ez baita biztanleria osoaren batez bestekoa baino handiagoa. Hain zuzen ere, komunitatean bizi diren buru-gaixoek egiten dituzten delituak ez daude gaixotasunari berari lotuta, haien bizi baldintzei baizik. Are gehiago, gaiari buruz azkenaldian argitaratutako azterlanen arabera, askoz sarriago gertatzen da buru-gaixotasuna duen pertsona bat indarkeriazko delitu baten biktima izatea, egilea izatea baino.
Itxurazko paradoxa horrek zerikusia du espetxe inguruneak berez duen izaera patogenoarekin, baina baita gure herrialdean zein kanpoan hedatuta dagoen fenomeno batekin ere: espetxeak eroetxe gisa erabiltzen hasi dira, bukatu gabeko desinstituzionalizazio-prozesu baten barruan, baina prozesu horrekin batera ez dira behar bezala garatu artapen eredu komunitarioa gauzatzeko behar diren baliabideak.
4.2. Poztu egin behar gara, azkenean ere, Kode Penala erreformatzeko proiektutik kendu egin delako segurtasun neurrien kapitulu bat, zeinaren arabera buruko gaixotasuna edota adimen desgaitasuna duten herritarren espetxealdia mugarik gabe luza zitekeen, haien ustezko ‘arriskugarritasuna’ kontuan hartuz.
Horretarako eskaera publikoa egina zuen erakunde honek, erreferentziazko beste hainbat erakunderen eskaerekin bat eginez, oinarritzat hartuta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioa. Gaiari buruz egin dugun azterlanak dioen bezala, adimen- edo garapen-desgaitasuna izatea ezin da arrazoi izan askatasunaz gabetzen duen segurtasun neurri bat denboran mugarik gabe luza dadin.
Alderantziz, Adimen edo Garapen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Erakundeen Espainiako Konfederazioak (FEAPS konfederazioa) behinola adierazi zuen moduan, datuek erakutsi dute sistemak porrot egiten duela ez baldin badu lortzen buruko gaixotasuna identifikatzea prozesu penalean zehar, edo, identifikatu arren, zigorrak edo neurri askatasun-gabetzaileak ezarri besterik egiteko gauza ez bada. Ikuspegi horren aurrean, berriz azpimarratu behar dugu arriskugarritasuna ez dela kontzeptu klinikoa edo psikopatologikoa. Ez dago funts zientifikorik buru-osasunaren arloko profesionalek pertsonaren arriskugarritasuna ebaluatu ahal izan dezaten. Buruko gaixotasuna arriskuarekin lotzea estigmatizagarria da, eta ez dauka inolako oinarri enpirikorik.
4.3. Gure txostenaren kapitulu honetan azaltzen ditugun arazoak kontuan izanik, eta Arartekoak, eskubideak berma-tzen dituen erakundea den aldetik, arazo horiek konpontzen saiatzen denean aurkitzen dituen mugak ikusirik, beste urte batez nabarmendu behar dugu gure Erkidegoak espetxe arloko eskumenak bereganatzeko premia dagoela. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu ditu eskumen horiek.
Espetxean dauden pertsonak gizarteratzeko lanean ari diren gizarte ekimeneko erakundeen ekarpenak jaso eta gero, uste dugu bereganatze horrek bi aldetatik ekarriko lituzkeela onurak, legeak zigorren betearazpenari ezartzen dizkion helburuekin lotuta:
• Modu autonomoan garatu ahal izango litzateke arlo horretako politika koherentea eta osoa, esku hartzeko aukerak, sailkapenei, destinoei eta espetxeetako barne araubideari dagokienez, indartu egingo lukeelako EAEko agintariek euren eskumenekoak bihurtu diren funtsezko bi esparrutan egin duten lana, oztopoak jartzen jarraitu beharrean: alde batetik espetxe-osasunaren arloko lana; bestetik gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen arlokoa. Ildo horretan, gogora ekarri behar dugu gizarte zerbitzuen zorroak zentroen eta plazen behar adina tipologia bildu behar dituela laguntza-beharrizan guztiak asetzeko: ez bakarrik espetxealdiaren osteko beharrak, baita espetxealdikoak ere, kondena betetzen ari den bitartean ere laguntza jaso behar da eta; eta baita baimenak hartzen direnean ere, baimenek ahalbidetzen baitute presoak sailkapenean gora egitea eta erregimen irekiko modalitateetara igarotzea.
• 2014an Legebiltzarrean ez da akordiorik egon espetxe-politika Euskadiri eskualdatzeko aukera aztertuko lukeen ponentzia baten sorrerari buruz. Azpimarratu egin behar dugu, dena den, komeni dela horrelako eztabaida bati gizartea kontzientziatzeko prozesua gehitzea. Prozesu horretan ez da soilik kontuan hartu behar zer transferitzen den, baizik eta nola transferitzen den, eta, batez ere, zertarako. Ildo horretan, uste dugu eskumenak jasotzeak aukera eman behar duela EAEko gizarteak bere gain har dezan bere izenean egiten den esku-hartze penalaren erantzukizuna, horren ondorioak ezagutu ditzan eta, gizarte justiziaren parametroen ikuspegitik onargarriak irudi-tzen ez bazaizkio, espetxe eredu propioaren diseinua eta kudeaketa sustatu dezan, zigorrak betearazteko sistema egokia edukitzeko, bazterkeria areagotuko ez duena eta gure espetxeetan dauden pertsona gehienak delitura eraman dituzten faktoreak betikotuko ez dituena.
Gure iritziz eredu horrek izan behar dituen ezaugarriei dagokienez, erreferentzia gisa hartu dugu Zigor betearazpenaren eta espetxeen arloko politikaren ildo nagusiak izenburuko azterlana, behinola Euskal Herriko Unibertsitateak egindakoa, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren enkarguz.
4.4. Horren haritik azpimarratu egin behar dugu Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak (ZKEZ) egindako lanaren garrantzia. Ez gara haren zuzeneko esku-hartzeez bakarrik ari, baizik eta, oso bereziki, baita sektorean lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeen sarearekin sortzen dituen sinergiez ere. Aztertutako urteko jardunetik, erakunde honen iritziz, bi ekintza ildo gomendatzeko beharra ondorioztatzen da:
• Hasieran aurreikusi zen ZKEZk 3.000 kasu kudeatuko zituela urtean, baina kopuru hori gainditu egin da, eta gorantz jarraituko duela uste da. Gehikuntzaren neurriko ahalegina egiten ez bada baliabideei dagokienez, benetako arriskua dago eskainitako zerbitzuaren kalitatea hondatzeko, eta horrek eragin negatiboa izango luke Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 2014an iragarritako helburu estrategikoen zati garrantzitsu baten lorpenean, hain zuzen ere justizia konpontzaileari eta gizarteratzeari dagozkien helburuen lorpenean.
• Gizarte ekimeneko erakundeek funtsezko eragileak izaten jarraitzen dute, gure ustez, eta espetxean dagoen per-tsonak bere gizarteratze eta laneratze prozesuan laguntza eginkorra jasotzeko izan ditzakeen aukerak haien esku daude. Positiboki baloratzekoa da, beraz, txosten honetan aztergai dugun urtearen erdi aldera sarean jarduten hasi izana, ESEN izena hartuta (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa). Guk modu aktiboan parte hartu genuen sarearen aurkezpen publikoan. Espero dugu horrek lagundu egingo duela EAEko botere publikoek haien lana aitor dezaten eta espetxeetako errealitatea finka dadin gizarte politiken agendaren barruko atal gisa.
4.5. Segurtasun neurri askatasun-gabetzaileen arloan, uste dugu buru-osasunaren EAEko sareak laguntza eman behar diela Euskal Autonomia Erkidegoan bizi, patologia psikiatriko kronikoa izan eta zigor arloko prozedura judizialen batean sartuta dauden edo prozedura horien ondoriozko zigorrak edo neurriak betetzen ari diren pertsonei.
Horrela aldarrikatu izan dugu urtean zehar, ekainaren 28ko 140/2011 Dekretuaren aurreikuspenak oinarri. Dekretu horren bidez Estatuko Administrazioaren espetxe-osasunaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea onetsi zen. Dekretu horren euskarri juridikoa Euskal Herriko Autonomia Estatutua da, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsitakoa. Estatutuaren 18.1 artikuluak dioenez, barneko osasuna dela-eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege berriez aurrera eramatea eta betetzea. Halaber, 8. artikuluko laugarren zenbakian ezartzen denez, xede horiek lortzeko, autonomia erkidegoak bere lurraldean antolatu eta administratu ahalko ditu goian aipaturikoekin zerikusirik duten zerbitzu guztiak, eta, osasunari eta gizarte segurantzari dagokienez, erakunde, entitate eta fundazioen tutoretzan arituko da.
Autonomia erkidegoaren lurralde eremuan betearazi beharreko zigor edo neurriren bat ezarri zaien pertsona guztientzat bete behar dira eginkizun horiek, zigorra edo neurria erabaki duen organo judizialaren kokapena eta jurisdikzio eremua edozein direla ere. Horregatik guztiagatik, gorago aipatu dugun erakunde arteko lankidetzaren ildotik, ZKEZrekin batera lanean jardun dugu sare hori sustatzeko, arestian azaldutako ondorioetarako ere, EAEko administrazio publikoen eta agintari judizialen artean, horiei dagokielako, azken finean, dena delako neurria ezarri zaion pertsonaren errealitateari ospitale-baliabide jakin bat zenbateraino egokitzen zaion baloratzea, bai tratamenduari bai segurtasunari begira.
4.6. Azken hamar urteetan mundu osoan behin eta berriz ikusi dugu nola garrantzia kentzen zaien atxilotutako eta espetxeratutako pertsonen aurkako tratu txarrei. Areago, tratu txarren erabilera defendatu izan da segurtasunaren izenean. Nazio Batuek 2014an berriro ohartarazi dute joera horretaz, Torturaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa sustatzeko egindako saioetan. Joera gure inguruko herrialde guztietara hedatu da, hainbesteraino non txosten honetan aztertutako urteko ESLAko lehendakaritzak erabaki baitu torturaren prebentzioa giza eskubideen arloko bere lehentasunen buru jartzea. Arazo hori dela eta hiru kezka-iturri izan ditugu urtean zehar:
• Erakunde honek arazoari buruz egin dituen gomendioak, egiaz baino gehiago, formaz ari dira betetzen. Azken gomendioa, hain zuzen ere, euskal herritar batek aurkeztutako salaketari buruz Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak argitaratu duen Irizpenaren ildotik eman dugu. Batzordeak adierazi du gertaerek agerian jartzen dutela andre horrek torturarik ez jasateko duen eskubidearen urratzea, eta Estatuak ez diola biktimari eskaini lehenbailehen eskaini behar ziona: gertaeren ikerketa inpartzial, eraginkor eta osoa, errudunen auzipetzea eta zigorra, eta egindako kalte osoaren ordaina, medikuntzako laguntza espezializatua jasotzeko neurriak barne.
Urtebete igaro eta gero eginbehar horietako bat ere ez da bete. Hori dela eta, erakunde honek kudeaketa gehiago egin ditu betebeharrak bete daitezen.
• 2014ko maiatzean Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salako 1. Atalak epai luze bat eman zuen, xehetasunez betea. Erakunde honen iritziz, epai hori mugarri izan da atxilotutako pertsonen eskubideen berme judizialaren arloan. Absoluzioa ematen duen edukiaz harantzago, garrantzitsua da, ondorio hauetarako, berari eusten dion arrazoibidea, ezbaian jartzen baitu akusatutako pertsonetariko batzuek euren burua salatzeko egindako adierazpenen borondatezkotasuna. Izan ere, inkomunikazio araubidean atxilotuta zeudela egin zituzten adierazpen horiek, eta geroago tratu txarrak salatu zituzten.
• Irailean, ‘Inkomunikazioa eta tortura. Istanbuleko protokoloan oinarritutako azterketa egituratua’ izenburupean, berariazko azterlan bat aurkeztu zen, 1982ko urtarriletik 2010eko abendura bitartean inkomunikazio erregimenean atxilotuta egon ziren pertsonen 45 tortura-lekukotasunen gainekoa. Eskubideak bermatu behar dituen erakunde batentzat, lekukotzen fidagarritasunari buruz azterlan horrek ateratzen dituen ondorioak ezin dira oharkabean geratu, ebaluazio mediko eta psikologiko sakona baitute oinarri, estandar zientifikoekin bat datorrena eta nazioarteko hainbat erakundek ontzat emana. Istanbuleko Protokoloko printzipioak, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2000. urtean onartuak, erreferentzia gisa hartuta Espainian egin den lehenengoa da.
Horrek guztiak erakusten duenez, botere publikoek, alderdikeriazko eztabaidatik harago, torturen eta tratu txarren prebentzioan nahiz salatzen diren kasuen ikerketan eraginkortasuna hobetzeko beharrari aurre egin behar diote. Urtez urte adierazi behar izaten dugu arazo horrek bizirik dirauela, azaldu ditugunak bezalako gertaerak eta datuak ikusirik, Arartekoak giza eskubideen urratze guztien biktimen alde daukan konpromisoa betez.
7. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen die ijito herriaren zailtasun eta beharrizanei. Gutxiengo kultural horrek bazterkeria sozial eta politikoa jasan du, eta berdintasuna sustatzeko, bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta bere nortasun kulturala aitortzeko politikak zor zaizkio. Ijitoei dagozkien Arartekoaren jarduketak azaltzen ditugu atal honetan, eta aurten nabarmendu behar diren elementu adierazgarrietariko batzuk aipatzen ditugu.
1. Arloa kopurutan
Ijitoei eragiten dieten kexak jasotzen ditugunean, Arartekoaren arlo desberdinetan aztertzen dira, arau orokor gisa, gainerako herritarrek helarazten dizkiguten auzien antzekoak izaten direlako. Ijitoek erakunde honengana jotzen dute, nagusiki, etxebizitza eskuratzeko zailtasunengatik (etxebizitza arloa), gizarte zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko oztopoengatik (gizarteratze arloa), eta erroldan inskribatu eta udalerri bateko bizilagun bihurtzeko zailtasunengatik. Ijitoei eragiten dieten kexak jasotzen ditugu, beste alde batetik, auzo degradatuak biziberritzeko beharra edo auzokideen arteko harremanak direla-eta.2. Kexarik aipagarrienak
Ijitoei berariaz dagozkien auzien gaineko kexa batzuk jaso ditugu atal honetan.2.1. Gizarte prestazio ekonomikoak etetea
Beharrizan oinarri-oinarrizkoei aurre egiteko zailtasunak dituzten ijitoek prestazio ekonomiko hauek eskatzen dituzte: diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) eta gizarte larrialdietarako laguntzak (GLL). Prestazioak ukatzearekin, etetearekin eta azkentzearekin zerikusia duten kexak izapidetu ditugu Gizarteratze arloan; beraz, arlo horretara jo behar da arazo horien inguruko kexen edukiaz gehiago jakiteko. Bestalde, gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten beste kolektibo batzuen kexen antzekoak dira.
Azpimarratu behar ditugu, nolanahi ere, lana dela-eta diru-sarrera urriak dituzten ijitoei eragiten dieten arazoak. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legeak laneko diru-sarrerak osatzeko errenta deritzon modalitatea aurreikusten du, lanaren bidezko diru-sarrerak dauden kasuetarako. Horren kontaketatik kanpo uzten dira norberaren nahiz inoren konturako lan jardueratik ateratako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk. Kolektibo horri eragiten dioten kexak izapidetu ditugu Lanbidek aurreikusten dituen irizpideen eta kaleko salmentarako kooperatiben jardunbidearen arteko adostasun faltagatik, bai eta kontuan hartzen diren diru-sarrerengatik edo gaixotasun bajen edo laneko bajen zentzuagatik ere, ez baitiete beste kolektibo batzuetako egoera berberei erantzuten. Kexek agerian jartzen dute Administrazioaren eta ukitutako ijitoen arteko komunikazioa eta informazioa hobetu beharra dagoela, laneratzea eta diru-sarreren bermea hobetzeko.
Beste kexa bat bizikidetza-unitate independentea eratzeko zailtasunaren ingurukoa da. Eurekin ahaidetasun lotura duten beste bizikidetza-unitate batzuekin etxebizitza partekatzen duten bizikidetza-unitateen iraupenari bi urteko muga ezarri zion Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko 147/2010 Dekretuak. Oro har, euren kargu seme-alabak dituzten bizikidetza-unitateak izaten dira. Bi urte horiek igarotakoan helbide aldaketarik izan ez bada, helbide horretan elkarrekin bizi diren pertsona guztiek bizikidetza-unitate bakarra osatuko dute. Bizikidetza-unitate bateko pertsonen kopurua handitzeak ez du eraginik prestazio gisa jasotzen den zenbatekoan baldin eta hiru pertsona baino gehiago badira, izan ere diru kopuru bera jasotzen baita kide kopuru horretatik aurrera. Ijitoek etxebizitza eskuratzeko izaten duten zailtasunak mugatu egiten die familia-nukleo bakoitza etxe batean bi-
zitzeko aukera.
Aurten jaso ditugun kexa batzuetan oso modu murriztailean interpretatzen zen pertsonek DSBErako duten eskubidea, edo, nahiz eta aurretik independente bizi, aldi batez ahaideren batekin bizi izanak eragotzi egiten zuen prestazioa eskatzea, ez bazen frogatzen urtebete igaro zela ahaideekin batera bizi izan zenetik. Lanbidek argitu egin du irizpide horren norainokoa; beraz, eskaera aurkezten den eguna baino urtebete lehenagotik, gutxienez, bizikidetza-unitatea osatzearen betekizuna ezin zaie eskatu aurretik DSBE espediente baten titular izan direnei.
2.2. Bizikidetza
Aurten bizikidetza harremanen inguruko kexak jaso ditugu; zenbaitetan, elkar ulertu ezina eta elkarren kulturari buruzko ezjakintasuna izan dituzte osagai. Kexa horiek agerian jarri dute kultura arteko ikuspegia duen lan komunitarioaren garrantzia.
2.3. Etxebizitza
Ijito asko hurbildu dira erakundera bizileku egokia izateko zailtasuna dela-eta. Alde batetik, merkatu pribatura iristeko zailtasunak izaten dituzte, ijitoei ez zaielako etxebizitzarik eskaintzen, zenbaitetan, alokatzeko garaian jabea uzkur agertzen delako, edota jabeen erkidegoak aurreiritziak agertzen dizkiolako bere etxebizitza ijitoei alokatzea erabaki duen etxe jabeari. Gainera, etxebizitzen alokairuaren prezioa handia da merkatu pribatuan, eta horrek zaildu egiten du etxebizitza eskuratzea.
Etxebizitza publikoei dagokienez, gizarte etxebizitzak eta babes ofizialeko etxebizitzak funtsezko berme izan dira, etxebizitza izateko eskubidea erabili ahal izateko aukera eman dutenak. Jaso ditugun kexak beste kolektibo eta pertsona batzuengandik jasotakoen antzekoak dira. Beraz, Etxebizitza arloan azaldu ditugu.
2.4. Erroldako inskripzioa ukatzea
Jarraitzen dugu kexak jasotzen erroldan inskribatzeko zailtasunengatik eta udalerri batean benetan bizi den pertsonari erroldako inskripzioa ukatzeagatik. Beraz, erakunde honek jarraitu du udalei gogora ekartzen euren betebeharra dela udalerrian benetan bizi diren pertsonak erroldan inskribatzea. Etorkinen arloan azaltzen dugu nola Arartekoak Sestaoko Udalari dagokion esku-hartze bat egin duen, eta hori nabarmendu egin dugu.
2.5. Jarduketak auzo degradatuetan
2.5.1. Santa Juliana auzoa
Arartekoak gomendio bat egin zuen 2010. urtean, hain zuzen ere Arartekoaren 2010eko irailaren 20ko Ebazpena, zeinaren bidez auzotar talde batek aurkeztu zuen erreklamazioaren gaineko esku-hartzea amaitutzat jo baitzen. Erreklamazioak Abanto Zierbenako Santa Juliana auzoak jasaten duen narriadura egoera, gizarteari zein hirigintzari dagokienez, zuen hizpide.
2011. eta 2012. urteetako txostenetan ebazpen horren jarraipenaz aritu ginen eta egindako aurrerapausoak azaldu genituen, hala nola Abanto Zierbenako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin betiko onespena, 2010eko uztailaren 29koa. HAPO horrek sektore bat aurreikusten zuen Santa Juliana auzorako, plan partzial baten bidez garatu beharrekoa. 2014. urtean Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak agindu du auzo hori biziberritzeko pro-
iektua babestuko duela, hirigintza eta gizarte arazo bereziak dituzten hirialdeak biziberritzeko diru-laguntzen programako aurreikuspenen barruan, eta oso balorazio ona egiten diogu konpromiso horri. Emandako diru-laguntzak ahalbidetuko du Udalak auzo horretan etxebizitzak eskuratzea 2014an eta 2015ean.
2.5.2. Sestaoko Simondrogas eta Txabarri auzoak
2006. urtean Arartekoak 2006ko azaroaren 6ko Ebazpena eman zuen Sestaoko udalerriko biziberritze prozesuari buruz.
Sestao Biziberritzeko Gida Planaren zenbait aurreikuspen aztertzea izan zen Arartekoaren esku-hartzearen helburua: hain zuzen ere, Sestaon bizi ziren zenbait familiak udalerritik alde egin behar izatea, zein familiak alde egin behar zuten erabakitzeko irizpideak, etxe-husteak eurekin zekartzaten hirigintza jarduketak, udal etxebizitzen egoera, gizarte kohesiorik eza, eta plana onesteko erabili zen prozedura (bizilagunen parte-hartzea).
Aurten berriro ekin diogu ebazpen horren jarraipenari, Arartekoak Sestaoko Udalari begira egindako beste esku-hartze batzuei ere eragiten zien ofiziozko jarduketa bat zela-eta.
Arartekoak ofiziozko jarduketa hori amaitu du ebazpen bat emanez. Ebazpen horren bidez amaitutzat jotzen da Sestaoko Udalak udal erroldaren kudeaketaren, biziberritze prozesuaren eta herritarren segurtasunarekin lotutako zenbait gairen esparruan egindako jarduketei buruzko ofiziozko esku-hartzea.
Sestaoko biziberritze prozesuari dagokionez, gogora ekarri behar dugu oraindik ere indarrean dirautela Arartekoaren 2006ko azaroaren 6ko Ebazpenean eman ziren gomendioek.
Ohartarazten dugu Sestaok dituen beharrek hainbat esparruri eragiten dietela. Hirigintzako eta etxebizitza eskuratzeko esparruez gain, biztanleriaren ehuneko handi bat gizarte desabantailan dago (hainbat arrazoi direla eta, besteak beste, iraupen luzeko langabeak izatea edo enplegua eskuratzeko zailtasunak dituzten gutxiengo etnikokoak izatea), eta horrek gizarte-politika inklusiboak eskatzen ditu. Hobekuntzak egin diren arren, gure ustez, egindako jarduerak ez dira nahikoak Sestaoko gizarte-, hirigintza- eta ekonomia-egoerari aurre egiteko. Beharrezkoa da erakunde arteko hitzarmenari berriz ekitea, dagokien zuzkidura ekonomikoa duten politika publikoak proposatzeko, Sestaoko gizarte- eta ekonomia-eraldaketan eragina izan dezaten, eta Nerbioiren Ezkerraldeko gizarte-, lan- eta ekonomia-garapenean inplikatutako eragile publiko eta pribatu guztiek parte hartzeko.
2.6. Asentamenduak
Euskotreneko Deustuko geltoki zaharrean errumaniar jatorriko pertsona batzuk kokatu izanarekin zerikusia duen kexa bat jaso dugu. Arartekoak argibideak eskatu zizkien Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, pertsona horiei laguntzeko hartuko ziren neurriei buruz, ezin baitziren Eusko Trenbideak - Ferrocarriles Vascos S.A.ren lurretan bizi. Informazioa jaso ondoren, berretsi egin dugu Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorraren edukia: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren erkidegoko ijitoen asentamenduetan esku hartzeko jarduera protokoloak garatzeko premia. Bertan, ijitoek EAEn dituzten asentamenduen egoera eta haien premiarik oinarrizkoenei erantzuna emateko gabezia aztertzen dira.
Berresten du honako hau ez da espazio publikoaren erabilerako arazo huts bat, ez eta jabetza pribatuko higiezin baten okupazioagatiko hustuketa arazo bat, baizik eta eskubide eta betebeharren titularrak diren eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen bizi arazo bat. Erakunde honek ezinbesteko deritzo inplikatutako agenteen, herri administrazioen eta gizarte eragileen arteko lankidetza eta koordinazio tresnak eta lanabesak ezartzeari; hori guztiori garrantzi handi-handikoa da herritar ijitoekin esku behar izaten denean. Kolektibo mota horiekin esku hartzeko berezitasunek berekin dakarte gizarte zerbitzuekin erlazionatzeko aldez aurretiko jakintza eta haien migrazio proiektuaren nahiz gizarteratzeko ibilbide posibleen ezagutza ere.
Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonei begira gizarte, hezkuntza eta komunitate arloan esku hartzeko daukan programaren kale taldea oso modu positiboan baloratzen du erakunde honek. Aldi berean, oso positibo irizten dio Bilboko Udalak egoera mota horiei aurre egiteko dituen zerbitzuak eta baliabideak eskaintzeari.
Hala eta guztiz ere, Bilboko Udalaren txostena irakurrita, ezin ondoriozta daiteke behar besteko koordinaziorik egon denik udaltzaingoaren eta programa horretako langileen artean. Orobat, ezin ondoriozta daiteke udaltzaingoaren jarduketan pertsonen bizitegian esku hartzeko injerentziari buruzko arauzko ezarpenak kontuan hartu direnik; egoera hori, gainera, ez zaio kontrajartzen infraetxebizitzaren izaerari, ez eta jabari publikoko ondasun baten ez-legezko okupazioari ere. Udaltzaingoak hustuketetan duen jarduketei dagokienez, antolamendu juridikoa aintzakotzat hartu beharra dago; hori dela eta, ondasun publiko baten okupazioan legezkotasuna berrezartzeko legezko prozedurak bete behar dira, baina, aldi berean, pertsonen bizitegiaren babes konstituzionala ere kontuan hartu behar, bai eta pertsonen eskubideak ere, bereziki bizitza duinerako eskubidea. Administrazioen arteko jarduketa protokoloen ezarpena oso interesgarritzat jotzen jarraitzen dugu, betiere kokalekuak eratzen dituzten pertsonen beharrizan eta premiei erantzun egokia emateko, esate baterako espediente honekin gertatzen den bezala. Aintzakotzat hartu beharra dago, kasu honetan, ukitutakoa Bilboko Udala dela eta udal horrek kalean dauden pertsonak artatzeko egitasmo eta programak dituela; nolanahi ere den, hori ez da udalerri guztien errealitatea. Horregatik, oso interesgarritzat jotzen genuen Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarduketa protokolo baten prestaketa koordinatzea; protokolo horretan administrazio bakoitzak garatu beharreko jarduketak argi eta garbi islatuko ziren eta pertsonen premiak eta beharrizanak artatzeko eta eskubideak errespetatzeko lana lehenesten zen.
3. Araudi eta gizarte- testuingurua
Aurten (2014ko apirilaren 4an) ijitoei buruzko Europako hirugarren gailurra egin da. Bertan Erkidegoko erakundeen hainbat ordezkari bildu zituen Europako Batzordeak, bai eta estatu kideetako ordezkariak ere, horien guztien konpromiso politikoa berritzeko xedearekin, Ijitoak Gizarteratzeko Estrategia Nazionaletarako Europako Esparruaren helburuei begira.Helburutzat hartu zuten balantzea egitea, nola aplikatzen ari ote ziren ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalak, estatu kideek urtero aurkeztutakoak, goian aipatutako EBko Esparruan ezarritakoaren ondorioz, eta ea ijito komunitateen bizimodua hobetzen ari zen.
Gailur horretan Batzordeak txostena aurkeztu zuen. EBko Esparruaren eraginez 2011tik egindako aurrerapenak ebaluatzen ditu txosten horrek. Batetik adibide positiboak ematen ditu, eta bestetik, estatu kideen ahalegin bereziak eskatzen dituzten arloak azaltzen ditu. Hobekuntzen artean, azpimarratu behar da lehen baino ume ijito gehiagok jasotzen dutela eskolaurreko hezkuntza eta gero eta gehiago direla lagun egiteko programak, alegia, ijitoei lana bilatzen laguntzeko programak, bai eta bitartekotza programak ere, ijito komunitateen eta bestelako komunitateen arteko aldea laburtzeko, etxebizitzaren eta osasun laguntzaren arloetan. Beste alde batetik, estatu kideek euren programetarako erabiltzen duten Europako Gizarte Funtsaren %20 bideratu beharko da gizarteratze arlora, gaur egungo %15eko batez bestekoa handituz, Europako Batzordearen 2013. urteko Gomendioan proposatu zen bezala. Gomendio horretan estatu kideei proposatu zitzaien batetik berariazko neurriak hartzea, funtsean ekintza positiboak, eta bestetik neurri politiko horizontalak, hala nola, estrategiak toki eremuan aplika daitezen lortzea, bereizkeriaren aurkako arauak aplikatzea, gizarte inbertsioaren ikuspegia hartzea, emakume eta haur ijitoak babestea eta pobreziaren arazoa konpontzea. Gomendio hori tresna garrantzitsua da ijito herriaren sustapenerako eta bereizkeriaren aurkako borrokarako.
Txostenean ondorio gisa azaltzen denez, nahiz eta ijito komunitateek jarraitzen duten txirotasuna, gizarte bazterkeria eta bereizkeria jasaten, aurrerapausoak egin dira hezkuntzaren, lanaren, osasunaren eta etxebizitzaren alorretan eta bereizkeriaren kontrako borrokan.
Aurten ere Europako Batzordeak txostena argitaratu du eta bertan balantzea egin du: nola txertatu diren antolamendu juridiko nazionaletan Europar Batasunak ezarritako arauak, sexua, arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina eta sexu joera direla-eta egiten diren bereizkeriei aurre egiteko, eta nola aplikatzen diren arau horiek. Txostenak bereizkeriaren biktimentzako babesaren hobekuntza proposatzen du landu beharreko alderdi gisa. Antzemandako arazoen artean aipatzekoak dira eskubideei buruzko kontzientzia publikorik eza eta bereizkeria kasuen salaketen kopuru txikia.
Funtsezko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziak aurten aurkeztu du 2011. urtean ijitoen egoera sozioekonomikoari buruz egin zuen ikerketatik ateratako datuen ustiapena. Ikerketa horretan lankide izan ditu Europako Batzordea, Nazio Batuen Giza Garapenerako Programa eta Munduko Bankua, eta enpleguaren, hezkuntzaren eta etxebizitzaren arloak jorratu ditu, tratu desberdintasunarekin batera. Emaitzak 11 estatu kidetan lortu dira. Helburua da biztanleriaren beharrizanekin bat datozen politika publikoen diseinua ahalbidetzea eta ikerketak egiten jarrai dadin erraztea.
Azpimarratu egiten dugu, halaber, EBko 8 herrialdetan egindako gida-txostena, EURoma Ikaskuntza Sarearen esparruan egindakoa. Ijitoak gizarteratzeko egitura-funtsak erabilita 2007-2013 bitarteko programazio aldian metatu den ezagutza transferitzea da txosten horren helburua, baliagarria izan dadin 2014-2020 bitartean. Funts horiek toki mailako asentamenduen beharrizanei aurre egin ahal diete. Hona zein den gida horren helburu nagusia: tokiko agintariei gidalerroak eta aholku praktikoak ematea egitura-funtsak eta inbertsio-funtsak ijitoen toki mailako gizarteratzea lortzeko erabiltzeari buruz. Beste gauza batzuen artean, ijitoei toki mailan zuzendutako gizarteratze politiken arazoak eta erronkak nabarmentzen ditu, eta ijitoei zuzendutako gizarteratze politiken onuren eta balio erantsiaren ikuspegi orokorra eskaintzen du. Toki mailako jardunbide onak eta adibideak ere eskaintzen ditu.
Etorkinen arloan egin dugun bezala (ikusi arlo hori), ERA BEREAN sarea abian jarri dela aipatzen dugu. Arraza, etnia edo nazioa, sexu joera eta identitatea eta genero identitatea direla-eta egiten diren bereizkerien aurka borrokatzea da sare horren helburua.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaksustatu du ekimen hori, arlo horietan diharduten hainbat gizarte erakunderekin elkarlanean. Aipatzen dugu, halaber, berretsi egin dela Ziberdelinkuentziari buruzko Hitzarmenari erantsitako protokoloa, informatika sistemen bidezko egintza arrazista eta xenofoboak zigortzekoa.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Gure erkidegoan bizi diren Ekialdeko Europako ijitoen asentamenduak eta hainbat eragile pribatu eta publikoren arteko koordinazioaren beharra kontuan hartuta egin zen Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorra: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren erkidegoko ijitoen asentamenduetan esku hartzeko jarduera protokoloak garatzeko premia. Bertan, ijitoek EAEn dituzten asentamenduen egoera eta haien premiarik oinarrizkoenei erantzuna emateko gabezia aztertzen dira.Gomendio orokor horren jarraipena eginez, aurten bisita egin dugu Astigarragako eta Hernaniko udalerri mugakideetan dauden asentamenduetara. Errumaniako jatorria duten pertsonen hiru kokagune dira, eta denak inguru berean daude. Pertsona horietatik gehienek hainbat urte zeramatzaten lurraldean. 2012. urtetik hasita, hainbat eragile, bai eragile pribatuak bai eragile publikoak (udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila) gizarteratze lana egiten ari dira, une jakin batean han kokatu zen biztanle taldeari dagokionez. Programak honako helburu hauek ditu: erregularizazio administratiboa, gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuak jaso ahal izatea, bizitzeko baldintza duinak dituzten etxebizitzak eskuratu ahal izatea, gizarteratzea eta laneratzea. Txatarraren eta birziklatzeko materialen bilketa da familia horien bizibidea. Betekizunak betetzen dituzten kasuetan, prestazio ekonomikoen hartzaileak dira.
Elkarlanari eta koordinazioari esker egin ahal zaie aurre haien beharrizanei, barnean hartuta hezkuntza premiak, laneratzea, lanerako prestakuntza, etxebizitza, osasun laguntza, prestazio ekonomikoetarako eskaerak eta gizartean nahiz komunitatean egokitzeko lana. Gainera, herritarren parte-hartze garrantzitsua lortu da proiektuan. Bai bizilagunek bai gizarte erakundeek parte hartzen dute. Kokaguneetan bizi diren familien kopurua murriztu egin da, aipatutako elkarlan koordinatuari eta gizarteratze lanari esker. Proiektutik irten diren familia gehienek gizarteratze ibilbidea egiten jarraitu dute (badira salbuespenak ere, alegia, ados ez zeudelako proiektua bertan behera utzi duten familiak). 2017. urteko uztailerako aurreikusten da asentamenduak desagertzea.
Badago asentamenduen jarraipenerako batzorde bat, eta eragile publiko eta gizarte eragile asko biltzen ditu (udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, gizarte zerbitzuak, ikastola, osasun etxea, Udaltzaingoa, Caritas, Romi Bidean elkartea…). Hori guztia oso positiboa da, horrelako proiektu handiek beti eurekin dakartzaten arazoak konpontze aldera. Udalek eta Foru Aldundiak elkarlanerako idatzizko akordioa egin dute. Bertan jaso dira hiru administrazio publikoen konpromisoak.
Familiek borondatez parte hartzen dute programan eta gizarteratze hitzarmena sinatzen dute, zeinean konpromisoa hartzen baitute gizarte hezitzaileek emandako jarraibideak eta programaren helburuak betetzeko, eta barne erregelamendua onartzen baitute. Erregelamendu horretan azaltzen dira betebeharrak (eskolatzea, garbitasuna, bizikidetza, gizarteratzeko ibilbideetan parte hartzea…), zehapen araubidea (errumanierara itzulita dago) eta ez-betetzeen ondorioak. Programa ez dago zabalik familia gehiagok parte hartzeko. Norbait asentamendutik irteten denean beraren txabola eraitsi egiten da. Horrela egingo da harik eta asentamendua behin betiko desagertu arte.
Astigarragako larrialdietarako udal planak zuzeneko laguntza kasuak aurreikusten ditu, larrialdietarako, Urumearen
bazterrean sortutako kokaguneetarako. Hernaniko larrialdi planak ere bai. Halaber, aurreikusita dago Gipuzkoako Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuarekin koordinatzea.
Asentamenduetara bisita egin baino lehenago, bilera egin zen Hernaniko eta Astigarragako udalerrietako alkateekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskubide Ekonomikoen, Haurren Babesaren, Gizarteratzearen eta Enpleguaren zuzendariarekin.
Proiektuaren gaineko idatzizko informazioa eman zitzaigun bilera horretan. Era berean, Eusko Jaurlaritzarekin sortutako zailtasunei buruzko informazioa eman ziguten. Zehatzago, URA agentziarekin (Eusko Jaurlaritzako kantauri ekialdeko arroetako bulegoa) izan zituzten zailtasunak, txabolak uholde arriskua duen leku batean daudelako.
Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun URA bulegoarekin bilera egitea. Bileran jakinarazi ziguten zer jarduketa egin zituzten 2010. urtetik, hots, Urumearen arroan asentamenduak detektatu zirenetik, eta zer arau aplikatu behar diren, besteak beste azaroaren 19ko 449/2013 Dekretua, EAEko Kantauriko eta Mediterraneoko Isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aldaketa behin betiko onartzen duena. Egindako txostenen eta lehentasunezko fluxu-eremua zela-eta egindako proposamenen berri ere eman ziguten. Jakinarazi ziguten asentamenduaren behin-behinekotasun egoera baloratu zela eta horregatik beharrezkotzat jotzen zutela eraiste programa bat aurkeztea, jarduketak egiteko proposamenekin, eta bien bitartean bizi baldintza egokiak bermatu beharko zirela. Jakin dugunez, eraiste proiektua aurkeztu da eta URA bulegoarekiko harremana normalizatu egin da.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Zenbait ijito familiak dituzten zailtasun larrienetarikoak dira erroldako inskripzioa, etxebizitza eskuratzea eta bizitzeko baldintza egokiak betetzen dituen etxebizitza batean bizi ahal izatea.Erroldan inskribatzeak berekin dakar udalerri bateko bizilagun bihurtzea, eta zerbitzu nahiz prestazio publikoak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintza da. Gainera, bizileku egokia eskuratu ahal izatea ezinbesteko baldintza da haurren hezkuntza-garapenerako, prestakuntza prozesuak hobetzeko edo hasteko, edota lanpostua bilatu ahal izateko. Ijitoak, XXI. mendean, duintasunez bizi ahal izateko moduko etxebizitza eskatzen ari dira. Gizarte zailtasun gehien dituzten ijito familiek gero eta zailago dute etxebizitza eskuratu ahal izatea.
Ijitoek gizarte ahultasuna dute abiaburuko egoera, eta be-
reizkeria jasaten dute alokatzeko etxebizitzen merkatu pribatuan. Beraz, etxebizitza publikoa ijitoak gizarteratzeko funtsezko tresna izan da beti, familia askori gizarte bazterketatik irteteko aukera ematen dien tresna. Programa publikoak behar-beharrezkoak dira, familia horiek baldintza osasungaitzetan bizi ez daitezen. Programa horietan beharrezkoak dira gizarte esku-hartzeak eta hezkuntzako laguntzak, auzokide askoren aurreiritziak eta premiak kontuan hartzen dituztenak.
5.2. Ijitoen estigmatizazioa oraindik ere oztopo da, haien gizarte, ekonomia eta kultura sustapena eragozten baitu. Badira zailtasun eta traba horiek gainditu, ikasketak egin eta lanpostu duina bilatu ahal izan duten ijitoak. Hala ere, o-
raindik asko dira biziraupen zaileko baldintzetan bizi direnak, bizileku egokirik gabe, urik gabe eta argindarrik gabe, beste gabezia batzuen artean. Analfabetismo indizeek eta bizi itxaropen laburragoak populazio horren bereizgarri izaten segitzen dute. Bestalde, arteari egindako ekarpenagatik eta senideen arteko elkartasunaren balioen zaintzaile izateagatik ere nabarmentzen dira. Lehentasunezkoak izaten jarraitzen dute bereizkeriaren aurkako borrokak eta arrazakeriaren edo ijitoen duintasunaren kontrako egoera diskriminatzaile eta iraingarrien salaketak. ERA BEREAN sarea abian jartzea helburu hori lortzen lagunduko duen tresna izan daiteke.
5.3. Erabakigarria da arduradun publikoek jarrera irmoa izatea ijitoen eskubideen errespetuari eta bereizkeriaren kontrako borrokari dagokienez, eta eztabaida publikoan gogora ekartzea herri horrek jasan duen eta oraindik jasaten ari den jazarpen eta arbuioa. Ijitoak sustatzeko eta gutxiengo kultural gisa onartzeko konpromisoak bete behar dira, eta eskertu egin behar zaizkie kulturaren eta aniztasunaren garapenerako egiten duten ekarpena eta gizarte batuagoa eraikitzeko duten ahalmena.
5.4. Berariazko neurriak behar dira, kontuan hartuko dituztenak ijitoen eta euren gizarteratze eta laneratze ibilbideen berezitasuna. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketak kontuan hartu behar ditu ijitoen premiak eta berezitasunak. Alegia, laneratzeko sustapen neurriek edo bazterkeriaren aurka borrokatzeko neurriek kontuan hartu behar dituzte euren eragina jaso dezaketen ijitoen berezitasunak. Krisi finantzarioa, lanpostuen suntsipena eta enplegu sorrerarik eza kalte egiten ari zaizkie, batez ere, desberdintasun eta ahultasun sozial larrieneko egoeretatik abiatzen diren pertsonei, tartean ijitoei. Ikuspegi ekonomikotik ere, Munduko Bankuak gogora ekarri duen bezala, Europan ijitoen gizarteratze arloan inbertitzeak produktibitatearen hazkundea, zerga bilketaren gehikuntza eta gizarte kostuen murrizketa ekarriko lituzke.
5.5. Europako Parlamentuak eta Batzordeak ijito populazioaren egoera hobetzeko neurriak sustatu dituzte Ijitoak Gizarteratzeko Estrategia Nazionalen Europako Esparruaren bitartez; gomendioak adostu dira, txostenak egin dira eta bereizkeriaren aurka egiteko tresnak ezarri dira. Euskal Autonomia Erkidegoan ijitoen auzia agenda politikoan sartu da, badugu ijitoenganako euskal estrategia, neurri zehatzekin, besteak beste hezkuntza arloa, bereizkeriaren aurkako borroka eta sentsibilizazioa biltzen dituena, eta aurrera egin da ijitoen eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteen parte-hartzeari dagokionez. Horrez gain, administrazio publikoek elkarteekin lankidetzan ari dira, azken horiek udalerrietan burutzen dituzten programen finantzaketan. Administrazio publiko guztien konpromisoa gorabehera, oraindik bide luzea egin behar da ijitoen gizarteratzea lortzeko, berdintasunezko parte-hartze soziala, ekonomikoa eta kulturala izan dezaten gure gizartean. Ijitoen gizarteratzea, laneratzea eta garapen kulturala ahalbidetu dituzten neurriak aztertu behar dira, bada, eta horien ildotik jarraitu behar da lanean.
5.6. Europar Batasuna askatasun, segurtasun eta justizia gune gisa sortzeak, oinarrizko eskubideen gutunak eta Batasuneko herritartasunaren aitorpenak eragin garrantzitsua izan dute Europan bizi diren ijito askoren egoeran. 2004/38/EE Zuzentarauaren arabera, baliabide ekonomikorik ez izateak, besterik gabe, inoiz ere ezingo du biderik eman herritarrak EBtik kanporatzeko. Egungo erronken artean mugimendu eta egoitza askatasunaren errespetua dugu, Europar Batasuneko jatorria duten ijitoen kasuan.
5.7. Jarduteko protokoloak egin beharra baloratzen jarraitzen da. Jada horixe adierazi zen Arartekoaren urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorrean:Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren erkidegoko ijitoen asentamenduetan esku hartzeko jarduera protokoloak garatzeko premia. Bertan, ijitoek EAEn dituzten asentamenduen egoera eta haien premiarik oinarrizkoenei erantzuna emateko gabezia aztertzen dira.
Horrek lagundu egingo luke asentamendu bat detektatzen den kasuetan ematen diren erantzunek kontuan har ditzaten haietan bizi diren pertsonen beharrizanak. Gainera, administrazio publikoen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako konpromisoa egoteak lagundu egingo luke pertsonen eskubideak errespetatuko dituen erantzuna ematen.
8. Etorkizunak eta kultura aniztasuna
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, etorkinen eskubideei eragiten dietenak, etorkinak EAEko administrazio publikoen politiken xede diren aldetik. Halaber, immigrazioaren eta atzerritarren eskubideen inguruko berritasun adierazgarrienak aipatuko ditugu. Azkenik, eskubideen egoeraren balorazioa aurkeztuko dugu.
Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2014ko urtarrilaren 1eko behin-behineko erroldatze kopuruek erakusten dute EAEn 140.917 atzerritar egon direla erroldatuta, 2013an baino %5,3 gutxiago. EAEn atzerritarren kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian eta atzerritarrak biztanle guztien %6,4 dira, Estatuko batez bestekoa (%10,7) baino portzentaje txikiagoa.
EAEn, oro har, gizonezko atzerritarren portzentajea (%50,7) apur bat handiagoa da emakumezkoena baino (%49,3.) Baina baliteke diferentziak egotea kontuan hartzen badira azken urteotan nazionalizatu diren atzerritarrak: emakumeak gehiago dira, egoitzaren bidez nazionalitatea eskuratzeko erraztasun handiagoa dutelako latinoamerikarrek eta horien artean emakumeak direlako nagusi.
Latinoamerikako jatorria dutenak dira talderik handiena, gero Europar Komunitatekoak eta Magrebeko etorkinak. Nazionalitateei dagokienez, jatorri askotako etorkinak daude; marokoarrak dira ugarienak, hain zuzen atzerritar guztien %13, eta ondoren errumaniarrak, %12,1. Eustat - Euskal Estatistika Erakundearen arabera, atzerrian jaio eta 2014an Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonak 182.846 dira, biztanleria osoaren %8,4. Espainian, berriz, %13,4ko proportzioa dago.
Hona datu garrantzitsu bat: Euskadiko etorkinei esker Euskadiko biztanle galerari buelta eman ahal izan diogu orain arte. Galera hori hurrengo urteetan handia izango dela aurreikusten da, kontuan izanik 2014-2064 aldirako Eustaten proiekzioak eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) proiekzioak.
Azkenik, Ikuspegik eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako datuen arabera, atzerritarrak autoktonoak baino okerrago daude lan faltagatik eta oinarrizko beharrizanei aurre egiteko diru-sarrera faltagatik. Familia- eta gizarte-sarerik gabe, gogorrago jasaten dute krisiaren eragina. Ume atzerritarrek nozitzen dituzte zailtasunik handienak.
1. Arloa kopurutan
Jasotzen ditugun kexek Arartekoaren lan arlo guztiei eragiten diete, etorkinen beharrizanek eta zailtasunek zerbitzu eta prestazio publiko guztiekin dutelako zerikusia. Batez ere, gizarteratze, hezkuntza, etxebizitza, osasun eta segurtasun arloei eragiten diete. Haur eta Nerabeen Bulegoari dagozkion kexak ere hartu ditugu; zehazki, bakarrik dauden adingabe atzerritarren zailtasunen ingurukoak. Haren txostena geure egiten dugu. Baina arlo honi berariaz esleitu zaizkion kexak 12 dira, eta honela sailkatzen dira:
• Erroldatzea 5
• Herritarren eskubideak 3
• Administrazioaren funtzionamendua
eta administrazio prozedura 2
• Bereizkeria 1
• Berdintasuna eta ekintza positiboak 1
2. Kexarik aipagarrienak
1.1. EAEko administrazio publikoen jarduketen inguruan jaso diren kexak
2.1.1. Erroldatzea
Aurten ere hainbat kexa jaso dugu erroldan inskribatzeko eskaerei ezetza eman zaielako. Azpimarratu behar ditugu Sestaoko Udalari dagozkion kexak. Horien ondorioz zenbait ebazpen eman ziren 2013an, eta hasieran ez ziren onartu:
• Arartekoaren 2013ko irailaren 6ko Ebazpena. Horren bidez Sestaoko Udalari gomendatzen zaio erroldari lotutako hainbat praktika legezkotasunera egoki ditzan.
• Arartekoaren 2013ko azaroaren 21eko Ebazpena. Horren bidez Sestaoko Udalari gomendatzen zaio kexagilea eta haren familia bizi diren helbidean errolda ditzan.
Arartekoak ofiziozko jarduketa bat hasi zuen, geroago aipatuko duguna, Arartekoak udalerrian egindako esku-hartze batzuen ondorioz, bai erroldako inskripzioa, bai biziberritze prozesua zein herritarren segurtasunaren inguruko zenbait kontu zirela eta. Esku-hartze horretan ari ginela, aurreko ebazpenak onartu zirela jakin genuen. Aurten beste ebazpen bat igorri diogu udal horri, 2014ko martxoaren 31ko Ebazpena, kexagilea benetan bizi den helbidean errolda dezan, eta Sestaoko Udalak onartu egin du gomendio hori.
2.1.2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) azkentzea, ezkontideak edo ezkontzaren pareko lotura duten bikotekideak elkarrekin bizi direla ez frogatzeagatik
Kexa ugari jaso ditugu Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko 147/2010 Dekretuaren 5.1.a) artikuluaren aplikazioa dela eta.
Araudiak dioenez, ezkontideek edo ezkontzaren pareko lotura duten bikotekideek elkarrekin bizi behar dute prestazio ekonomikoa jaso ahal izateko. Kontua da bikotea atzerritarra denean zenbait baldintza bete behar dituela Estatuan sartzeko eta bertan bizi izateko eskubidea erabili ahal izateko, eta baimen administratiboa behar duela; hau da, familia be-
rrelkartzea ez dago familiaren esku, hemengo bikoteen kasuan bezala. Familiaren berrelkartze hori bi urteko epean burutzen ez bada, DSBE prestazioa azkendu egiten da.
Oro har atzerritarrei dagozkien kexak jaso dira, baina baita espainiarrei edo egoitzaren bidez Espainiako nazionalitatea eskuratu duten eta ezkontidea beste Estatu batean daukaten pertsonei dagozkienak ere. Azken horien egoera are larriagoa da: ez dute bizikidetza unitate berezia osatzen eta ez zaie ezta bi urterako prestaziorik ere ematen, etorkinei ematen zaien bezala.
Atzerritarrei, Espainian sartu eta bertan bizi ahal izateko, betetzen errazak ez diren baldintzak ezartzen dizkiete bai urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoak, bere aldaketekin, bai otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuak, Europar Batasuneko estatuetako herritarrak eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duten beste estatu batzuetakoak Espainian sartzeari, askatasunez ibiltzeari eta bizi izateari buruzkoak.
Arartekoak Lanbideri adierazi dion moduan, etorkinek (edo nazioarteko babes edo aterpea ukatu zaien eskatzaileek) osatutako bizikidetza unitateen kasuan, ezkontideak ezin badira elkartu (ez dituztelako betetzen araudian ezarritako baldintzak, edo Estatuko Administrazio Orokorrak ez duelako onartu berrelkartzeko eskaera), edukirik gabe utz daiteke DSBErako eskubidea, euren zaurgarritasun egoerarekin zerikusirik ez duen eta ezin bete duten baldintza bat eskatzen zaienean.
Bestalde, egitatez bananduta luzaroan egon diren bikoteak izaten dira batzuetan. Egitatez bananduta dauden pertsonek beste herrialde batean izan badute azken helbidea elkarrekin, edo beste ezkontidea non bizi den ez badakite edo hura beste herrialde batean badago, zailtasunak izaten dituzte banantzea formalizatzeko edo dibortziatzeko. Beraz, horrelako kasuetan ezin da pentsatu ezkontza edo harreman normalizatua dagoenik.
2.1.3. Federazioan izena emateko zailtasunak
Aurten kexa bat jaso dugu adingabe atzerritarrek federazioetan sartzeko izandako arazoengatik. Azken urteetan Arartekoak gai horretan esku hartu izan du noizbehinka, adingaberen bati federazio bateko lizentzia lortzeko egoera administratibo erregularrean egotea eskatu diotela jakin duenean. Arartekoak bere iritzia azaldu izan du, hots, garrantzitsua dela adingabeei kirolean aritzeko bideak ematea, behar bezala garatu eta gizarteratu daitezen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irizpena eman zuen. Bertan adierazi zuen ados zegoela Arartekoak agertutako irizpideekin, eta adingabeak federatzeko behar ziren lizentziak eman zitzala agindu zion federazioari. Ez zegoen lege babesik, haren iritziz, Espainiako federazio batek aurretiaz emandako baimena edukitzea eskatzeko, autonomia erkidegoko edo lurralde-eremu txikiagoko lehiaketetan parte hartu nahi zuten adingabe atzerritarrek eskatutako lizentzietarako.
2.2. Txostenaren beste atal batzuetan aipatzen ditugun jarduketak
Segurtasun arlokoak nabarmendu behar ditugu. Arlo horretan, San Frantzisko auzoan poliziak egindako identifikaziorako kontrola aipatzen dugu aurten, bai eta Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean delitugintzari aurrea hartzeko egindako planaren gaineko ofiziozko jarduketa ere; plan horretan gazte magrebtarren eta beste kolektibo batzuetako pertsonen identifikazioak egin ziren. Atal berean aipatzen dugu, halaber, oraindik detektatzen ari dela administrazioek ez dituztela betetzen prebentzio eta kontrol mekanismoak, polizia agenteei eragin ahal dieten bereizkeriazko jarduketei dagokienez.
Gainera, atzerritarrei bizileku zituzten eraikin abandonatuak utzarazi izanari buruz jasotako kexak aipatzen ditugu. Auzi hori bukatutzat eman dugu, Bilboko Udala prest agertu delako aldez aurreko planifikazioa egitera, arazoaren alderdi soziala eta Arartekoaren 2013ko abenduaren 11ko Ebazpenean jasotako gainerako gomendioak aintzat hartuko dituena.
Osasun arloan, berriz, osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzearen inguruko kexak jaso ditugu. Arlo horretan azaltzen dugu zer nolako zailtasunak jasaten ari diren egoera administratibo irregularrean dauden eta urtebeteko erroldatze aldiaren baldintza betetzen ez duten pertsonak. Hango eta hemengo agenteak ari dira aplikatzen apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, EAEko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua eta indarreko araudiaren interpretaziorako jarraibideak. Ondorioz nahasmendua sortu da, eta ezezkoa ematen ari zaie laguntzarako eskubidea duten pertsonei, txostenaren atal horretan azaltzen dugun moduan.
Gizarteratze arloan kexa asko izapidetu ditugu diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) eta gizarte larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzeko eskubidea dela eta. Hona kexen arrazoiak: prestazioak ukatu izana titularra izateko betekizunak ez betetzeagatik, eta prestazioak eten edo azkendu izana. Atzerritarrei berariaz eragiten dieten arrazoietariko bat da benetako egoitzaren betekizuna ez betetzea, hiru hilabete baino gehiago ematen badituzte kanpoan. Lanbidek prestazioak ukatu edo eten izan ditu, bai eta azkendu ere, norbait EAEtik kanpora irten dela jakin duenean, nahiz eta pertsona horrek Euskal Autonomia Erkidegoko erroldan inskribaturik segitzen zuela frogatu. 2014ko urtarrilean irizpidea malgutu egin zen: kanpoan hiru hilabete baino gehiago ematen zirenean soilik uzten zitzaion benetako egoitzaren betekizuna betetzeari. Arartekoak sarritan jakinarazi du bere iritzia, hots, norbait erroldan inskribaturik egotea nahikoa dela kasuan kasuko udalerrian benetan bizi dela uste izateko, eta, beraz, EAEtik kanpo 6 hilabete baino gutxiago emateak, erroldako inskripzioari eusten bazaio, ez duela benetako egoitzaren jarraitutasuna eteten eta ez duela esan nahi ohiko bizilekua aldatu denik.
Arartekoaren iritziz, bidaia egingo dela eta bidaiak zer gastu ekarriko dituen Lanbideri ez jakinaraztea prestazioen titularren eginbeharrak ez betetzea izan daiteke (DSBEri buruzko 147/2010 Dekretuaren 12.1 a, f, j edo 12.2.b artikuluak), baina ez dakar berekin benetako egoitzaren baldintza ez betetzea. Lanbidek onartu egin du azaldu diogun irizpidea.
Bestalde, Lanbidek erabaki izan du DSBE eta EPO prestazioetarako eskaerak artxibatzea eskatutako agiriak ez aurkezteagatik. Familia loturei buruzko agiriez edo jatorrizko herrialdeetako ondasunen ziurtagiriez ari gara. Atzerritarrek horrelako agiriak aurkezteko zailtasunak izaten dituzte, euren jatorrizko estatuei eskatu behar dizkietelako. Sorburuko herrialdeetako ondasunen ziurtagiriei dagokienez, herrialde horietako administrazioek funtzionamendu arau desberdinak izaten dituzte eta ez dituzte aitortzen, oro har, gure Administrazioak aitortzen dituen eskubide berak, gureak zuzenbidezko estatu demokratiko bati dagozkion bermeak ematen baititu. Gainera, herrialde batzuetan ezegonkortasun politikoak zenbait dokumentu ematea eragozten du. Hori dela eta, Lanbidek dokumentazio hori aurkeztu beharretik salbuesten ditu zenbait herrialdetako pertsonak eta errefuxiatu izaera onartuta daukatenak. Eskakizun horrek zalantza ugari eragiten ditu, dokumentazioaren eta datuen egiazkotasunarengatik, jatorrizko herrialdean baliabide ekonomikoak edukitzearen ustearen sendotasun faltagatik, edo berdintasun printzipioari dagokionez. Ildo horretan,
atzerritarrek EAEko Administrazio Publikotik eta euren jatorrizko herrialdeko Administraziotik jasotako agiriak aurkeztu behar dituzte ondasunik ez dutela frogatzeko, eta hemengo pertsonei, aldiz, EAEko Administrazio Publikoak emandako ziurtagiriak bakarrik eskatzen zaizkie ondasunik ez dutela egiaztatzeko, baina, logika berari jarraituz, baliteke azken horiek ere ondasunak edukitzea beste herrialde batean (adibidez, Frantzian).
Azkenik, Arartekoaren 2014ko abuztuaren 12ko Ebazpena aipatzen dugu. Horren bidez bukatutzat eman da Gasteizko Udalak ematen duen herritarren udal txartelaren bidezko janari prestazioa kudeatzeko moduaren aldaketagatik aurkezturiko kexen inguruan Arartekoak izan duen esku-hartzea.
Prestazio horren kudeaketan azken urteotan hainbat aldaketa egin dira, pertsona onuradunen autonomia murriztu dutenak. Bakarrik dauden gazte atzerritarrei bereziki eragin diete aldaketa horiek.
Onuradunek elikagaiak erosteko erabili behar dute prestazio horretako dirua. Prestazioa bere xederako erabiliko dela ziurtatzeko, hilean emandako diru kopurua adinako kreditua daukan txartela ematen diete onuradunei.
Aztergai dugun prestazioa elikadurarako laguntza da, eta gizarte jantokira joan ezin diren pertsonei ematen zaie. Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidean ezarrita daukaten banakako laguntza planaren barruan beste jarduera batzuk egin behar dituzte eta horrek eragozten die gizarte jantokira joatea. Gizarte edo kultura arrazoiengatik gizarte jantokiko prestazioa komeni ez zaien pertsona edo familiei ere eman ahal zaie.
Gasteizko Udalean herritarren udal txartelaren bidez kudeatzen ari da elikadurarako prestazioa, eta Arartekoak uste du bide hori ez datorrela bat gizarte zerbitzuen arloko arau esparruarekin, ez gizarte zerbitzuetan indarrean dagoen laguntza ereduarekin, ez gizarte zerbitzuei buruzko araudian prestazio ekonomikoei ezarritako xedearekin, ezta erabiltzaileen eskubideetariko batzuekin ere, esate baterako autonomoa izateko eta parte hartzeko eskubidearekin.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortu du, eta pertsonaren autonomia xede duen laguntzaren ikuspegi komunitarioa sendotu.
Ondorio gisa adierazi genuen Udalaren esku dagoela, antolaketarako duen autonomia baliatuz, prestazioa emateko modua erabakitzea eta herritarren udal txartelaren bitartez kudeatzea, baina jokabide hori ez datorrela bat Euskadin eratuz joan den eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasorik dagoen laguntza ereduarekin. Duela berrogei urte baino gehiagotik Gasteizko Udalak garatu duen gizarte politikaren ildotik ere aldentzen da.
2.3. Atzerritarren estatutu juridikoari buruz jasotako kexak
Herriaren Defendatzaileari igorri dizkiogu kexa horiek, bera baita erakunde eskuduna. Kexa askotan salatu da nazionalitatea ukatu dela eskatzaileak gizalegezko portaera ez frogatzeagatik edo Espainian zenbateraino gizarteratu den behar bezala ez justifikatzeagatik, eta izapideen atzerapena ere salatu izan da. Azken kontu horri dagokionez, Herriaren Defendatzaileak hainbat gomendio egin ditu Gorte Nagusientzako urteko txostenetan. Justizia Ministerioak kudeaketarako mandatua sinatu du Espainiako Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoarekin, eta horrek bizkortu egin du espedienteen ebazpena. Aurten atzerapena detektatu da zin egiteko izapidean, eta Justizia Ministerioak adierazi du arazo horretarako konponbidearen bila ari dela.
Azkenik, kontsultak jaso ditugu atzerritarren egoera administratiboari buruz, familiak berrelkartzeari buruz eta Espainian sartzeko bete behar diren baldintzei buruz.
3. Araudi eta gizarte testuingurua
Gure ingurune hurbilenean hartutako erabaki batzuk, politikoak eta araugintzakoak, jaso ditugu atal honetan, eragina izan baitute egoera ahulena duten atzerritarrengan. Badakigu, ordea, ez direla hemen jaso egoera ahul guztiak.
3.1. Barneratze zentroak
Aurten onetsi da atzerritarrentzako barneratze zentroen funtzionamenduari eta barne araubideari buruzko erregelamendua.
Gainera, Barne Ministerioak zirkular hau eman du: 6/2014 Zirkularra, atzerritarrak barneratze zentroetan sar daitezela eskatzeko irizpideei buruzkoa.
3.2. Bereizkeriaren eta jokabide arrazisten
aurka borrokatzeko jarduketak
Beste albiste garrantzitsu bat daukagu: berretsi egin da Ziberdelinkuentziari buruzko Hitzarmenari erantsitako protokoloa, informatika sistemen bidezko egintza arrazista eta xenofoboak zigortzekoa.
Ildo horretan aipatu beharra dago fiskaltza espezializatuak jarri direla abian, Barne Ministerioak gorroto delituen erregistroa sortu duela eta Gorroto eta Bereizkeria Delituen
Biktimen Kontseilua eratu dela. Azpimarratzekoa da, halaber, 10/1995 Lege Organikoaren erreformaren proiektua, 2013ko irailaren 20koa. Portaera zigorgarrien kopurua handitu eta delitu horiengatiko kondenak gogortu egiten ditu.
Euskadin ERA BEREAN SAREA sortu da, arraza, etnia edo nazionalitatea, sexu joera eta identitatea edota genero identitatea direla-eta egiten diren bereizkerien kontra borrokatzea helburu duena. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du ekimen hori, arlo horretan diharduten hainbat gizarte erakunderekin elkarlanean. Sareak informaziorako eta aholkularitzarako mekanismoak eta tresnak eskainiko ditu, nork bere eskubideak baliatu ahal izateko, eta tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren aldeko politika publikoak sustatuko ditu.
3.3. Asilorako eskubidea
Aurten, CEAR-Euskadik bultzatuta, giza eskubideen behaketarako misioa egin da Melillako hiri autonomoan etorkinen egoerari buruzko informazioa biltzeko, eta emaitza gisa “Amaierarik gabeko bidea: emakume-aztarnak hegoaldeko mugaldean” izenburuko txostena aurkeztu zuen urrian CEAR-Euskadik Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideetarako Batzordean.
Melillara “balizko errefuxiatu” moduan heltzen diren baina asiloa eskatzeko aukerarik ez duten pertsonez ari da txostena, eta batez ere emakumeen egoerari erreparatzen dio; gehienek sexu abusuak jasan dituzte euren migrazio bidean, eta emakume-trafikoaren biktimak izango dira, Europan prostituzioan aritzera behartuko dituzte eta. Melillan Etorkinentzako Aldi Baterako Egoitzan pilatuta bizi diren pertsonen egoera ere salatzen du txostenak.
3.4. Bizikidetza eta gizarteratzea
Berritasun gisa, aurten jarrera populista xenofoboak plazaratu dira Euskadiko eztabaida publikoan, eta atzerritarrei eragiten dieten politika publikoetan jarri dute arreta.
Beste alde batetik, dibertsitatearen eta bizikidetzaren balioa nabarmentzen duten adierazpen instituzionalak egin dituzte bai Eusko Jaurlaritzak bai hainbat udalek. Horietariko batzuetan, gainera, mugak kudeatzeko politika aldatu beharraz hausnartzeko deia ere egin da. Kulturartekotasuna, atzerritarren gizarteratzea eta haien eskubideen defentsa sustatzeko askotariko estrategiak erabiltzen jarraitu da bai autonomia erkidegoan bai toki eremuan.
Bizikidetza sustatzen duten eta herritarrak bizikidetzaren errealitateaz sentikortzen dituzten programak garatzen jarraitu da. Esate baterako, Bizilagunak programa, hemengo pertsonak eta familiak atzerritarrekin elkartzen dituena mahaiaren inguruan bazkari batean; zurrumurruen aurkako programa, etorkinen aurka batzuetan sortzen diren estereotipo faltsuak gezurtatzeko tresnak zabaltzen dituena; toki eremuan komunitateko integrazioaren eta immigrazioaren arloko langileak kontratatzea; kultura arteko esku hartze komunitariorako proiektuak; Europako Kontseiluak sustatutako programak, hala nola “Intercultural Cities” izenekoa edo Deli proiektua, orientazioa eta aholkuak emateko Europako proiektuak, tresnak eskaintzen dituztenak kultura arteko ikuspegia errazago txertatzeko tokiko politiketan eta agente pribatu zein publikoei dagokienez, gizarteratzea, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoaren sorkuntza sustatzeko; dibertsitatearen balioa agerian jartzen duten eta kultura desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza eta elkar ezagutzea ahalbidetzen dituzten ekimenak.
3.5. Osasunerako eskubidea
Aurten, Espainiako Gobernuak arauz kanpoko egoera administratiboan dauden etorkinei osasun laguntza murrizteko hartutako neurrien kontra agertu dira bai Europako Kontseilua bai Nazio Batuak. Gizatasun arrazoiez gainera, erakunde horiek murrizketaren ondorioak aipatu dituzte: larrialdietako zerbitzuen kostua handitzea, diagnostikoa atzeratu eta patologiak larriagotzea, eta gaixotasunen prebentzio, zaintza eta kontrolerako programek atzera egitea, osasun publikoaren kalterako. Laguntzarako eskubidea aitortzen den kasuetan ere laguntza ukatu izan dela salatu da, bidegabeko fakturazioa egin dela, besteak beste.
Konstituzio Auzitegiak berriro azpimarratu du (Euskal Autonomia Erkidegoari zegokionez aurretik egin zuen bezala) Konstituzioan garrantzi berezia ematen zaiola osasunerako eta osotasun fisikorako eskubideari eta komeni dela gizarte osoaren osasunaren kontrako arriskuak ezabatzea, eta erantsi du hori guztia ezin dela albora utzi “zehaztu ezin izan den balizko aurrezpen ekonomiko baten aitzakian”.
Bere iritzia agertu du otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearen etetea kentzen duen Autoan. Lege horrek Nafarroako osasun sistema publikoko doako osasun laguntzarako eskubidea aitortzen die Nafarroan bizi diren pertsonei, eta Espainiako Gobernuak errekurtsoa jarri zion (auziaren zenbakia: 7089-2013).
Azkenik, EAEko Fiskaltza Nagusiak gutxienez bi ablazio kasu detektatu ditu EAEn 2013. urtean. Horrek protokoloak abiarazi ditu, eta Emakundek eta Osasun Sailak beste ekimen batzuk jarri dituzte martxan (jarduteko gidak, Mali, Ginea, Nigeria, Mauritania eta beste herrialde batzuetako etorkinekin harremanetan ari diren profesionalen prestakuntza...) arrisku egoerak ekiteko eta jada ablazioa eginda dagoen kasuetan esku hartzeko.
3.6. Epai azpimarragarriak
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak,2014ko azaroaren 17ko 748/2013 Epaian, baietsi egin du Euskal Herriko Kontseilu Ebangelikoak eta Espainiako Erlijio Erakunde Ebangelikoen Federazioak jarritako errekurtsoa eta deusez deklaratu du Bilboko Udalak 2013ko irailaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabaki bat. Errekurritutako erabaki horrek behin betiko onetsi zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa bat egitea, erlijio zentroen kokapenerako antolamendu-arauak ezartzeko.
Auzitegiak aztertu du, lehenengo eta behin, zenbaterainoko defizita dagoen, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 108. artikuluan, herritarrek parte hartzeko programari buruzkoan, eskatzen denari dagokionez, bai eta 8.1 artikuluko eskakizunari dagokionez ere; horrek, hirigintzako antolamendurako printzipioen artean, pertsona fisiko edo juridikoen era guztietako parte-hartzea jasotzen du. Aurrekoak eragina du egiturazko antolamenduko edozein planeamendu-figura, tartean HAPO, egiteko, aldatzeko edo berraztertzeko orduan. Ondorioz, egiturazko antolamendua ukitzen duen aldaketa egiten bada Plan Orokorrean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 108. artikulua ere bete behar da. Epaiak, halaber, Espainiako Batzorde Islamikoak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa beraren aurka jarritako 745/2013 errekurtsoa aipatzen du. Ekainaren 27ko 365/2014 Epaiak ezetsi egin zuen errekurtso hori.
4. Jarduketa planaren barruko beste esku-hartze batzuk
4.1. Ofiziozko jarduerak
Gorago azaldu dugunez, ofiziozko jarduketa hasi genuen, Arartekoak Sestaoko Udalari dagokionez azken urteotan egindako esku-hartze batzuei lotuta, erroldako inskripzioa, herriaren biziberritzea eta herritarren segurtasunaren inguruko kontuak zirela eta.
Arartekoak ofiziozko jarduketa hori bukatu du ebazpen bat emanez, zeinaren bidez amaitutzat jotzen baita Sestaoko Udalak udal erroldaren kudeaketaren, biziberritze-prozesuaren eta herritarren segurtasunarekin lotutako zenbait gairen esparruan egindako jarduketei buruzko ofiziozko esku-hartzea.
Ebazpen horretan berriro azpimarratzen dugu zein den udal erroldako inskripzioari buruzko legezko araubidea. Udal errolda administrazio erregistroa da, Udalaren ardurapean dago, eta udalerrian benetan bizi diren pertsona guztiak inskribatzea du helburu. Udalek gai horretan esku hartzeko dituzten mekanismoak, ordea, udalerri jakin batean egiaz bizi diren herritar guztien zerrenda erregistroan jaso dadin lortzeko soil-soilik balia daitezke. Izapideek legezko prozedura bete behar dute, eta ebazpenean, nahitaez, zuzenbidezko oinarriak azaldu behar dira, inskripzioa ukatzen bada. Ebazpena idatziz eman behar da, eta behar bezala jakinarazi behar zaio interesdunari.
Sestaoko biziberritze prozesuari dagokionez, gogorarazten dugu indarrean dirautela Arartekoaren 2006ko azaroaren 6ko Ebazpenean emandako gomendioek.
Ohartarazten dugu Sestaoko herriaren beharrizanak hainbat arlotakoak direla. Hirigintza eta etxebizitza arloez gainera,
biztanleriaren zati handi bat gizarte egoera ahulean dago (hainbat arrazoi tarteko, besteak beste luzaroko langabea izatea edo laneratzeko zailtasunak dituzten gutxiengo etnikoetako kidea izatea), eta gizarteratzen lagunduko dioten gizarte politiken beharra du. Hobekuntzak gorabehera, adierazten dugu egindako jarduketak ez direla aski Sestaoko gizarte, hirigintza eta ekonomia egoerari aurre egiteko, eta, beraz, berriro heldu behar zaiola erakunde arteko itunari, Sestaoko eraldatze sozial eta ekonomikoa ekarriko duten politika publikoak proposatzeko, euren hornidura ekonomikoarekin, eta Nerbioi Itsasadarraren Ezkerraldeko gizarte, lan eta ekonomia garapenean parte hartzen duten eragile publiko eta pribatu guztiek parte har dezaten lortzeko.
Igorri zitzaigun informaziotik ondorioztatu genuen, halaber, ez zitzaizkiola Udaltzaingoari emanPoliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren VI. atalean aipatu genituen prebentzio mekanismoak.
Azkenik, berriz ere esan genuen immigrazioa, oro har, delitugintzarekin, herritarren segurtasunik ezarekin eta bizikidetzaren narriadurarekin lotzen duten diskurtso publikoen aurka geundela, eta beharrezkotzat jo genuen udalerrian herritarren segurtasunaren inguruan sor daitezkeen arazoei erantzun planifikatu eta koordinatua ematea.
4.2. Bilerak
Aurten bilerak egin ditugu hainbat udaletako immigrazio arloko teknikariekin. Euren udalerrietan egiten dituzten jarduketen berri eman digute: nola egiten dieten harrera atzerritarrei eta nola bideratzen dituzten atzerritarren gizarteratzea eta hemengo biztanleekiko harremanak. Udal batzuek kultura arteko programetan parte hartzen dute Europako beste udalerri batzuekin batera. Getxoko Udalak, hain zuzen, Europako Kontseiluak sustatutako Kultura Arteko Hirien Sarean (KAHS) parte hartzen du. Europako Kontseiluak programa hori sustatzen du kulturartekotasunaren aldeko konpromisoa daukaten hirien sarea sortzeko xedearekin. Bilboko eta Donostiako udalak ere sareko partaideak dira.
Getxoko Udalak, bestalde, DELI proiektua sustatu du. Hori ere Europako Kontseiluaren ekimena da, eta dibertsitatea kudeatzeko esparru bat garatu du, dibertsitatearen onuraren kontzeptuan oinarritua, hau da, dibertsitatea gizarte, ekonomia eta kultura garapenaren iturritzat hartzen duena, eta tresnak eskaintzen dituena onura hori jaso dadin politika publikoetan, kontratazioetan eta eragile publiko zein pribatuen gainerako jarduketetan, kalitate-kudeaketaren estandarretan edo etorkinen jabetzako ETE-ei laguntzeko toki politiketan, bai eta etorkinen ekintzailetza sustatzeko ere.
Horrez gain, aurten bilerak izan ditugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Biltzen Integraziorako eta Kultura Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuarekin. Berak adierazi digu abian jarri dela ERA BEREAN sarea, gorago aipatutakoa, eta bereizkeriaren aurka eta tratu berdintasunaren alde lan egingo duela.
Gizarte erakundeei dagokienez, CEARekin bilerak izan ditugu etorkin gazteentzako programari buruz (HEMEN plataforma). Erakunde horrek azaldu digu zer nolako zailtasunak dituzten etorkin gazteek egoitza baimena eskuratzeko eta mantentzeko eta bizimodu duinerako baliabide ekonomikoak lortzeko, zailtasunak daudelako erroldan inskribatzeko, bizilekua izateko edo osasun txartela eskuratzeko. Munduko Medikuekin ere bildu gara, eta erakunde horrek jakinarazi digu pertsona batzuek oraindik ere zailtasunak dituztela osasun laguntza jasotzeko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Krisi ekonomiko eta finantzarioaren eragina oso gogorra izan da hainbat etxetan, baina are gogorragoa izan da kide asko langabezian dituzten edota inolako diru-sarrerarik jasotzen ez duten etorkinen etxeetan. Azterketek erakutsi dutenez, etorkinen egoera ahulagoa da hemengo familiekin alderatuta, batez ere guraso bakarreko familietan. Adingabe atzerritarren txirotasun gero eta agerikoagoa inguruabar guztiz kezkagarria da.
Egoera horri aurre egiteko, bazterketarik gabeko politika publikoak behar dira, gurean bizi diren eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsona guztiengana helduko direnak. Arauzko enplegua da zerga sistemei ekarpenak egitea eta gizarte babeserako sistemari eustea ahalbidetzen duena. Gurean bizi diren atzerritarrek lana lortzeko aurkitzen dituzten zailtasun administratiboek haien gizarte bazterketa eragiten dute, eta horrek ekarpen fiskala egitea eragozten die. Garrantzitsua litzateke azterketa eta hausnarketa egitea atzerritarrak arauz kanpoko egoera administratiboan egoteak dakartzan galerei buruz, zerga eta lan arloan nahiz etika eta gizarte arloan, eskubide-gabetzeagatik, bazterketa prozesuengatik eta gizarte loturarik ezagatik. Aldiz, atzerritarrek arlo fiskalean, lan arloan, gizartean edo kulturan parte hartzeak onura baino ez dakar.
Krisiaren eraginez zabaldutako ustea da baliabideak urriak direnean lehentasuna eman behar zaiela hemengo pertsonentzako bakarrik diren prestazio eta zerbitzu publikoei, atzerritarrak baztertuz; hau da, ezbaian jartzen da gizarte eskubideen balio unibertsala. Erakunde honen iritziz, gizarte eskubideek ezin dute inolako bereizketarik egin jatorrizko nazioaren arabera, horrek euren izaeraren kontra joko lukeelako, eta euren helburu nagusietako bat betetzeari utziko lioketelako: pertsona guztien gizarteratzea sustatzea eta guztien bizimodu duina bermatzea.
Gizarte babeserako sistemak gizarte bazterkeriari aurrea hartzen dio, pertsonarik behartsuenen bizimodua duintzen du, umeen pobrezia ekiditen du eta gure hirietako ekonomia biziberritzen du, zuzeneko eragina baitu barne produktu gordinean. Diru-sarrerak bermatzeko politikak gizarte ongizatearen maila igotzen du, eragina duelako bai lanik aurkitzen ez duten pertsonengan, baita soldata edo prestazio oso txikiak jasotzen dituzten pertsonen egoeran eta pentsioen hobekuntzan ere. Desberdintasun txikieneko gizarteek sortzen dute aberastasun gehien euren kideentzat.
Ildo horretan berriro esango dugu gizarte politiken oinarria izan behar dela zaurgarritasun egoera eta gizarte zailtasun edo beharrizana aintzat hartzea, alde batera utzita beste faktore batzuk, hala nola pertsonen jatorria eta egoera administratiboa. Etorkinak lan egitera etorri dira, baina gerta liteke gizarte egoera zailean aurkitzea lanik ezagatik edo osasun arazoengatik, besteak beste.
Hona datu garrantzitsu bat: aurten berriro jaitsi da gure erkidegoan bizi diren etorkinen kopurua, eta agian horrek esan nahi du ez dagoela lanik etorkinentzat; faktore hori erabakigarria eta funtsezkoa da biztanleria-mugimenduetarako, eta ezbaian jartzen du gizarte politika unibertsalen dei efektua deitutakoa.
“De facto” gurean bizi diren pertsonak dira. Espainian hiru urtean bizi izan direla frogatzen badute eta beste baldintza batzuk, hala nola lan egiteko aukera izatea, betetzen badituzte, orduan, atzerritarrei buruzko legeriaren arabera, euren egoera erregularizatu ahal izango dute. Horrelaxe egin dute Espainian arauz kanpo sartu diren etorkin gehienek. Eskubideen erabilera murrizten bazaie, ziurtatu gabe (ezinezkoa da eta) trataera horrek bultzatuko dituenik euren kabuz beste leku batera joatera, edo Estatuko Administrazio Orokorrak kanporatzeko prozedurari ekiten badio (eta kanporatze hori gauzatzen bada), ekidin zitezkeen egoeretara eta baztertze prozesuetara iritsiko dira.
5.2. Gizarte kohesiotik, bereizkeriaren aurkako borrokatik edo giza eskubide unibertsaletatik urruneko interesek bultzatutako usteak zabaltzen dituzten iritziek ezin diote neurria hartu biztanleria-mugimenduen eta kultura aniztasunaren konplexutasunari. XXI. mendeko erronka handiak daude fenomeno horren atzean: globalizazioa, finantza mugimenduak, herrialde osoak baztertzen dituen mundu ekonomia, sare kriminal handiak, klima aldaketa... Eta horrek guztiak badu eragina enpresen mozkinetan, pertsonen xedeetan edo nortasunetan, besteak beste. Hainbesteko konplexutasunera zintzotasunez hurbiltzeko, apal aitortu behar dugu ez dagoela hainbeste interes-gatazka eta eskubide-talkaren aurrean “konponbidea” eskainiko duen formula errazik.
Ondorioz, gardentasuna sustatuko duten jarduketa publikoak behar dira, gertaera sozialen gaineko ikerketa zorrotzak, giza eskubideen alde askatasunez diharduten erakundeak eta gertaerak egiaztatzen dituzten kazetari engaiatuak (besteak beste). Eztabaida serioak, ganorazkoak, giza eskubideen alde eta desberdintasun sozialen aurka egiten duenak, lekua kendu behar die gizartean alarma pizten duten iritzi baztertzaileei.
5.3. Oraindik ere nahasmena eta ezjakintasuna ditugu arauz kanpoko egoera administratiboa duten atzerritarrei dagozkien eskubideei buruz. Egoitzarako baimen administratiborik ez edukitzeak ez du esan nahi inolako eskubiderik ez edukitzea askatasunen Europan. Estatuan bizi diren pertsona guztiak, duten jatorria dutela, oinarrizko eskubideen jabe dira. Baimen administratiborik ez duenak ezin du lanik egin, horretan araudia oso argia da, baina eskubideak izaten jarraitzen du, bere egoera administratiboa gorabehera; besteak beste, benetako babes judizialerako eskubidea, egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea eta askatasunerako eskubidea. Gainera, atzerritarrek erroldan inskribatzeko eskubidea eta gizarte eskubide jakin batzuk dituzte. Eskubide horien murrizketak oso larriak dira, antolamendu juridikoa urratzen dutelako. Duintasunerako eskubidea ere badute, eta horrek bide ematen du eragiten dieten erabakietariko asko auzitan jartzeko. Prestazioen eta zerbitzu publikoen murrizketaz ari gara, esate baterako, osasun laguntzaren murrizketaz. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak are ahalegin handiagoa egin behar du (eskubideen aitorpenean, koordinazioan, informazioan...) pertsona bakar bat ere ez dadin geratu osasun laguntzarik gabe.
5.4. Funtsezkoa da arduradun politikoen jarduketak eta adierazpenak zorrotz lotzea zuzenbidezko Estatu demokratiko eta sozialari eusten dioten printzipioen arabera zehaztutako parametroei. Zehazki, hor ditugu legezkotasun printzipioa (Konstituzioaren 9.1 eta 103.1 artikuluak), oinarrizko eskubideen nagusitasuna (Konstituzioaren 10. artikulua eta I. titulua), gutxiengoen babesa (Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren
27. artikulua), berdintasunerako eta bereizkeriarik ez izateko eskubidea (Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak, Giza Eskubideei buruzko Europako Hitzarmenaren 14. artikulua eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren 2.1 eta 26. artikuluak) eta balio demokratikoen sustapena eta defentsa. Balio horien defentsak aurrea hartzen die zenbait kolektiboren aurkako egintza arrazista, xenofobo edo laidogarriak eragin ditzaketen jokabideei, tratu desberdintasunari, jazarpenari edo kolektibo horietako kide bakoitzaren portaerarekin zerikusirik ez duen pertsekuzioari.
5.5. Kulturartekotasunak oinarri hauek ditu: pertsona guztien eskubide, betebehar eta aukera sozialen berdintasunaren alde apustu egitea; dibertsitatearen balioa aitortzea giza, gizarte, kultura eta ekonomia ikuspegietatik; immigrazioari eta dibertsitateari buruzko diskurtso positiboa eratzea; eta, batez ere, biztanle guztien elkarreragin sozial positiboa sustatzea, eta pertsona edo kolektiboenganako bereizkeriaren eta bazterkeriaren aurka borrokatzea. “Era berean” sarea edo zurrumurruen kontrako sarea bezalako ekimenak, toki eremuko gizarteratze eta kultura arteko programak, Europako Kontseiluarekin lankidetzan bultzatutako programak (Intercultural Cities, DELI) edo immigrazioaren eta bizikidetzaren aldeko Euskadiko itun soziala, besteak beste, oso positiboak dira, eginbehar horixe dutelako. Etorkinen eskubideen defentsa, bizikidetza, elkarrekiko harremanak eta bereizkeriaren aurkako borroka xede dituzten erakundeei laguntzea ere funtsezkoa da gizarte batua lortzeko, dibertsitatea onartuko duena eta pertsona guztien berdintasuna sustatuko duena.
5.6. Azkenik, giza eskubideetan duen eragina kontuan harturik, nahitaez aipatu behar da hegoaldeko mugako egoera. Aurten biderkatu egin dira Ceuta eta Melillako mugetan etorkinei sartzen ez uzteko poliziak egindako jarduketei buruzko salaketak. Kontzertinen instalazioa eta istiluen aurkako materialaren erabilera kritikatu dira, eta hesien gainetik salto eginda edo itsasoz Espainiako lurraldean sartzen ahalegintzen diren pertsonen bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jarri dituzten jarduketa batzuk salatu dira, bai eta banakako prozedura administratiborik izapidetu gabe etorkinak atzera bota izana ere. Horrelako jarduketen bitartez atzerritarrei ez zaie uzten lurraldean sartzen nazioarteko babesaren bila. Hala, baliteke nazioarteko betebeharrak urratzen ari izatea, asilorako eskubidea, non-refoulement (itzulketarik ez) deritzon betebeharra, kanporatze kolektiboen debekua edota prozedura bermatzailerako eta errekurtso eraginkorrerako eskubidea direla-eta. Mota horretako jarduketei lege estaldura ematea, azpian dagoen giza arazo lazgarriaz gogoeta eta hausnarketa egin beharrean, ez dator bat Europako tradizio humanistarekin eta giza eskubide unibertsalen aitorpenarekin. Justizia, demokrazia, arrazionaltasuna, tolerantzia edo askatasuna bezalako balioak sustatzen dituen zibilizazio gisa Europak duen sinesgarritasunaren izenean bestelako erantzunak eman behar lirateke, Europa arauz kanpoko migrazioaren helmugarik arriskutsuena izan ez dadin, horixe adierazi baitu aurten Migrazioen Nazioarteko Erakundeak.
9. Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
Aurrekariak
Joera homosexuala (lesbianak eta gayak) eta identitate transexual edo transgeneroa duten pertsonak, zein identitate bisexual eta intersexualak dituztenak, bazterkeriaren, estigmatizazioaren, are jazarpenaren eta espetxeratzearen (frankismoan, gertuko historian) biktima izan dira mendeetan. Gizartearen pentsaera sakonean izugarrikeria horren aztarnek diraute oraindik. Egiazta daitekeenez, lgbt (lesbianak, gayak, bisexualak eta transexualak aipatzeko akronimoa) pertsonen aurkako fobia eta arbuioa (homofobia esan ohi dioguna) badaude eta, edonola ere, azken hamarkadan aurrerapen oso handiak gertatu arren, oraindik ez dira guztiz betetzen pertsona horiek euren identitate sexu-afektiboa edo euren genero identitatea normaltasunez, askatasunez eta berdintasunez bizi ahal izateko baldintza egokiak. Arartekoak 2009an argitaratutako balioei buruzko txostena diogun guztiaren froga ona da: ideia eta jarrera homofobo batzuk oso errotuta daude euskal haurren eta nerabeen ehuneko esanguratsu batengan.
Egoera hori lgbt pertsonen funtsezko eskubiderik oinarrizkoenen urraketa argia da (duintasunerako, askatasunerako, osotasun fisikorako, egiazko eta benetako berdintasunerako, nortasunaren garapen askorako eskubidea, garrantzitsuenak aipatzearren). Eta, beraz, botere publikoek (beste xedapen batzuen artean, Espainiako Konstituzioko 9.2 artikuluak xedatutakoaren aplikazioagatik) pertsona horien funtsezko eskubideak babesteko, aniztasun afektibo-sexualaren alde lan egiteko eta homofobiaren aurka borrokatzeko politika publikoak, baliabideak, protokoloak, dispositiboak eta zerbitzuak sortu behar dituzte.
Arartekoak, ordenamendu juridikoan jasotako eskubideen defentsarako Eusko Legebiltzarreko goi-komisarioak, egoera horretan herritarrek aurkeztutako kexei buruz ebatzi behar du baina, aldi berean, herritarren eskubideen erabileraren egiazko egoerari buruzko informazioa eduki eta politika publikoak sortu eta hobetzeko proposamenak eta gomendioak egin behar ditu eskubide horiek era egokian defendatu eta babesteko.
Adingabeek osatutako biztanleria sektorea bereziki ahula da. Joera homosexuala edo bisexuala duten haurrek eta identitate transexual edo transgeneroa dutenek, arestian deskribatutako guztiagatik, ahultasun izugarri handia dute. Egoera horrek interpelatu egiten gaitu eta, eskubideak zaintzeko mandatua daukagunoi, eremu horretan tinko eta eraginkortasunez lan egiteko eskatzen digu.
Arartekoak aukera izan zuen 2011 eta 2012. urteetan garatu zen Rainbow izeneko europar proiektuan parte hartzeko. Lan horren emaitza nagusia DVD bat egitea izan zen. DVDak ikus-entzunezko 9 material eta haien gida didaktikoak dakartza, aniztasun afektibo-sexualari eta homofobiaren eta eskolako bullying edo jazarpen homofobikoaren aurkako borrokari buruz lan egiteko xedez.
Euskadiko eskola komunitateak eta hezkuntza administrazioak, zein Europako Batzordeko arduradunek, lan horren balorazio oso ona egin zuen. Izan ere, Rainbow Has izeneko bigarren proiektu bat prestatu zen, zeinek Europako Batzordearen onespena eta laguntza jaso zituen. Proiektu hori 2013 eta 2014. urteetan garatu da, eta Arartekoak koordinatu du.
Proiektuaren garrantzia dela-eta, 2014ko urteko txostenean proiektu horren oinarrizko edukia azalduko da arlo horretan, monografikoki. Egindako lanetik aterako den argitalpena 2015eko urtarrilaren amaieran argitaratuko da.
Esan behar da aurten ez dela arlo horretan izapidetutako kexarik erregistratu.
Jarraian honako edukiak azalduko dira, Rainbow Has proiektuari lotuta haiek denak: a) proiektuaren laburpena, b) proiektu horren esparruan, Bilbon egin zen lan-mintegiko ondorioak (Arartekoak, bestalde, beste hiru mintegi koordinatu zituen, Bartzelonan, Madrilen eta Sofian), c) Bruselan egin ziren nazioarteko mintegiari eta proiektuaren azken biltzarrari buruzko informazioa, d) ekitaldi bietatik ateratako ondorioak; azken horiek Rainbow Has proiektuaren emaitzak jasoko dituen argitalpeneko kapitulu batean sartuko dira.
1. Arartekoak koordinatutako Rainbow Has europar proiektuaren (2013-2014) laburpena
Europako Batzordeko Justizia Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako “Herritarren funtsezko eskubideak” izeneko ekintza komunitarioko programaren esparruan, Arartekoaren erakundeak koordinatutako RAINBOW HAS izeneko proiektua hautatu da finantzatua izateko. Akronimo hori ingelesezko honako siglek osatzen dute: Rights through Alliances: Innovating and Networking BOth Within Homes and Schools (Itunen bidezko Eskubideak: Etxean eta Eskolan Berritzen eta Sareak Sortzen, proiektuaren erreferentzia zenbaki ofiziala: JUST/2012/FRAC/AG/2652).
Proiektua Arartekoaren erakundeak koordinatu du eta bertan 8 herrialdetako (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia –Katalunia eta Euskadi–, Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua) 13 entitatek parte hartu dute. Proiektuaren helburu nagusia hezkuntza eremuan, zentzu zabalean, hots, hezkuntza erakundeei eta irakasleei, zein mota orotako familia elkarteei bideratuta, haurren eta nerabeen aniztasun sexualerako (aniztasuna sexu joerari zein genero identitateari dagokienez) eskubideen egoeraren analisia eta hobekuntza azpimarratzea da, haurtzarotik sexu aniztasunari irekitako hezkuntza lortzeko xedez, sexu joera edo genero identitateagatiko bazterkeria edo jazarpen modu oro, jarrera homofoboak edo transfoboak esan ohi diegunak, prebenitu eta borrokatzeko gai izan dadin.
Proiektu hori ezartzeko, parte hartu duten entitateek (unibertsitateak: Middlesex University (Erresuma Batua) eta Akademia Pedagogiki Specjalnej Marii Grzegorzewskiej (Polonia), ikerketa soziologiko eta pedagogikoko taldeak: Synergia (Italia), ECIP (Bulgaria) eta Farapi (Euskadi), udalak (Amsterdam eta Milan), haur hezkuntza sustatzen eta zineman diharduen elkarte bat: Jekino Educatie (Belgika), LGTB eskubideen aldeko elkarteak: (LSVD, Alemania, COC, Holanda eta CIG, Italia) eta familia homoparentalen elkarteak (FLG, Katalunia eta ELFA, Europa), haiek denak Arartekoaren erakundea (Euskadiko Herritarrentzako Defentsa Bulegoa) elkarrekin lan egin dute bi urtez, honako lan ildoei (ingelesez Workstream deituak, WS1, WS2, WS3, WS4 y WS5) jarraiki:
•Europako familietan gaiari buruz dauden diskurtsoei buruzko ikerketa eta diskriminazioaren aurkako edo LGTB adingabeei laguntza zuzena emateko zerbitzu kontuetan Europan dauden jardunbiderik onenen analisia (WS1).
• Mintegi nazionalen eta nazioartekoen antolaketa eragile publiko eta pribatuak egonda: hezkuntza erakundeak eta familia elkarteak, irakasleak, eta LGTB elkarteak edo hezkuntza eremuarekin zerikusi zuzena duten bestelakoak (WS2).
•Prestakuntza eta sentsibilizazio tailerrak egitea irakasleekin eta familia edo ikasleen gurasoen elkarteekin (WS3).
• Dauden elkarte egiturak erabilita Europa mailako sareak sortzea, hezkuntza eremuan erantzukizuna duten eragileen (politika, hezkuntza, hedabideetako... langileak) kontzientziazioan eragiteko agenda edo bide-orri bat prestatuz eragiteko estrategiak ezartzeko (WS4).
•Proiektuaren emaitzak ondorengo aplikazioan zerikusia izan dezaketen eragile guztien artean hedatzea (WS5).
Bestalde, proiektuak iraun dituen bi urteetan lan-ildo etengabe bat (edo oinarrizkoa) egon da, 0 lan-ildoa deritzona (WS0- Management and Coordination), koordinazioari eta proiektuaren administrazio eta finantza kudeaketari dagokiona, alegia; hura ere entitate koordinatzaileak gidatu du, hots, Arartekoak.
Aipatu lan-ildoen arabera, honako emaitza nagusiak lortu nahi dira proiektua amaitzean:
• Familietan gaiari buruz nagusi diren diskurtsoen ikerketa-ren emaitzei eta jardunbiderik onenei buruzko herrialdeen txostenak, eremu jakin horretan dauden baliabideen Euro-pako mapa bat barne.
• Herri bakoitzean, hezkuntza mailan, LGTB eskubideei buruz lan egin duten, lan egiten ari diren edo lan egin nahi duten familia homoparentalen, LGTB adingabeak dituz-ten familien eta bestelako familien elkarteen esperientziei buruzko datuen txostena.
• Etorkizunari begira (proiektua amaitutakoan) gai horren eragiteko estrategiei buruzko agenda bati atxikitzeko prest dauden familia homoparentalen elkarteak, LGTB adingabeak dituzten familien elkarteak eta bestelako familia elkarteak batzeko europar sare bat sortzea.
• Prestakuntza tresna bat prestatzea, haurren eta nerabeen sexu aniztasunerako eskubidearen alde lan egin nahi du-ten helduentzako (irakasleak, gurasoak eta herri-administrazioetako teknikariak) gomendio zehatzekin.
• Kontzientziaziorako eta eraginerako (lobbying) ekintzak diseinatzea, familia elkarteek batera lan eginda.
2. 2014ko martxoaren 27an Bilbon egindako lan mintegia
Analisi, interakzio eta eraikuntza esparruan sortutako ideia nagusiak honakoak dira:
• Aniztasuna bada, eskubidea da, aberastasuna eta pribilegioa. Defendatu eta aldarrikatu behar dugu. Ahotsa eman eta hura bistaratu eta gizartean presentzia izatea bultzatu behar dugu. Horretarako, aniztasuneko zenbait agenda landu behar dira: agenda politikoa, hezkuntzakoa, sindikala. Eta ez da hitzen eta erretorikarako garaia, proposamen, irtenbide eta erantzun zehatzak emateko baizik, kolektiboki gauzatuak, gogoz eta lidergoz.
• 0 tolerantzia aniztasunaren aurkako erasoei. 0 tolerantzia begirunerik gabearekin. Segurtasuneko esparruak eraiki behar dira: eskolan, auzoetan, hirietan... Konfiantza eta elkarrizketako esparruak, ondo eginak eta eraikiak.
• Helduek haurren aurrean: haurraren emozioa entzun eta testuinguruarekin lan egin.
A.Emozioa (egonezina, mina, ulertu ezineko, bakardadeko, nahasmenduko sentipena...) benetakoa da, baina batzuetan helduen ikuspegitik zaila da hura identifikatzea eta haurraren mundu emozionalean sartzea. Haurrak egonezina du, ez arazo bat. Egonezinaren jatorria harengandik kanpo dago, testuinguruan (ez baitu onartzen “desberdina”, “ez normatiboa” dena).
B. Mundu emozional horretan sartzea: enpatiaz eta begirunez (nahi duen unean eta moduan konta dezala...). Baina adi isilaldien esanahiari: begirunea izan daiteke (erritmoei, uneei), baina baita ukazioa ere. Ez da ahaztu behar helduen erantzukizuna dela elkarrizketa sortzea.
C. Horretarako “konfiantzazko” esparruak, esparru “seguruak” sortu behar dira emozioa adierazteko eta gertatzen ari denaz, normatiboaz, onartutakoaz, aniztasunaz... mintzatzeko. Esparruak familia, eskola, komunitate testuinguruan.
• Familiak: informaziorik eta prestakuntza afektibo-sexualik eza.
D. Familia guztiek, zein ere den haien morfologia eta eraketa, ematen dituzte segurtasuna eta babesa.
E. Familia tradizionalak, seme-alabak dauzkan bikote heterosexualak osatutakoa bezala ulertuta, ahalegin handiagoa egin behar du familia ereduen aniztasuna barneratzeko, haien familiaren ohiko bizimoduan ez baitira agertzen.
F. Aniztasun afektibo-sexuala gertutik bizi izan ez duten pertsonek egoera horiek agertzea behar dute, “ikusi” behar dituzte.
G. Nola heldu informazio eta prestaketa faltari?:
- Gehiago bistarazi sentsibilizazio handiagorako. Hedabideen (EITB) ekarpena gai orokorrei, tratu berdintasunari, aniztasun afektibo-sexualari... buruzko kanpainekin. Eskolaren ekarpena familiei eta bestelako familiei buruz hitz egiten duen curriculumarekin. Ahotsa bestelako familiei, bistarazi, gizartean presentzia izan.
- Informazio gehiago familiei, alde kognitibotik, baina eremu horretatik mezuek duten inpaktu erlatiboa onartuta, emoziotik konektatuz, alde emozionalean sakonduz.
• Nola hezi uniformetasunetik eta estereotipoetatik gizarteratzen diren presioetatik kanpo? Nola indargabetu?
H.Ez ahaztu sozializazio eragile guztien eragina: familia, eskola, lagunak, hedabideak eta, haurrei eta nerabeei dagokienez batez ere, zinemaren industriaren eta telebistaren ahalmen handia (ehuneko handi batean, eragin negatiboa dauka).
I. Ez gara guztiz jabetzen nola hedatzen ditugun genero rolak. Agian abiapuntu ona da homofobian heziak garela onartzea, handik, aniztasunera zabaltzeko bideari ekiteko.
J. Zailtasunak hizkuntzarekin: nola bistarazi aniztasun afektibo-sexuala hizkuntza positibo eta “berezkoa” erabiliz?
K. Legearen balio pedagogikoa: aniztasun afektibo-sexuala legez onartzea pertsonak (baita haurrak eta nerabeak ere) eskubideetan ahalduntzeko tresna egoki gisa.
L. Zenbat eta arinago lan egiten hasi hobeto, “arazo” bat egon aurretik, testuinguru guztietatik (familia, eskola, komunitatea) eta eremu guztietatik (emozionala eta kognitiboa), testuinguru jakin batzuek lana eremu batetik edo bestetik gehiago erraztu arren. Testuinguru guztietan aniztasuneko “habitata” sortu, eusten dioten elementu guztiak indartuz.
• Eskola testuinguruan (hasitako lan-ildoan sakonduz)...
M. Prebentzio kontu bat: konfiantzako esparruak sortzea, pertsonak bere burua bere aniztasun osoan erakutsi ahal izateko eta zero tolerantzia begirunerik faltei.
-Eta konfiantzako esparruekin batera, elkarrizketarako premiazko baldintza, esparru babestuak, segurtasunekoak (are fisikoak).
- Zero tolerantzia kontu etikoa da: “ezin zaio minik egin beste pertsonari”. Handik, besteak nahi duen bezala izateko eskubidea dauka, eta nik errespetatu eta hura ahalbidetzen/bermatzen duten elkarbizitzako arauak bete behar ditut.
N. Hezkuntza zeregina:
- Egungo errealitatea da hezkuntza afektibo-sexualari ez zaiola heltzen behar litzatekeen bezala.
- Gaitasunen araberako hezkuntza eredua baliogarria da; hartan sakondu behar da.
O. Elkarbizitza kontu bat:
- Ikasle guztiak guztien ongizatearen arduradun egin, elkar zaintzako, babesean hartzeko, arauen taldeko eraikuntzako... esperientzien ildotik.
- Jazarpeneko protokoloaren gehiegizko burokratizatzeari aurre egin, ikerketari ahalik eta lasterren ekiteko beldurrak ezabatu. Batzuetan, berandu jokatzea dakar...
- Garrantzitsua eta beharrezkoa jazarpeneko, berdinen arteko tratu txarretako edo begirunerik gabeko tratuko egoeren lekukoekin lan egin. Nola ulertarazi “salatzea”ren eta “jakinarazte”aren arteko aldea?
- Segurtasunerako kanal birtuala prestatu.
P. Hezkuntza komunitate osoaren lana:
- Familiak eskolara integratu/bildu beharra.
- LGBT irakasleak gehiago bistaratu beharra. LGTB erreferenteak falta dira, batez ere emakume homosexualenak. Adierazpen hori gizarte osoari zabal dakioke, eskola eremuari ez ezik.
3. 2014ko azaroaren 18an Bruselan burututako nazioarteko mintegia eta amaierako biltzarra, goizeko (mintegia) eta arratsaldeko (biltzarra) jardunaldian
Biltzarrera honako erakundeetako ordezkariak joan ziren: Arartekoa (ES), Farapi (ES), Middlesexeko Unibertsitatea (GB), FLG (ES), Nelfa, ECIP (BG), Jekino (BEL), Maria Grzegorzewska Akademia (PL), Commune di Milano (IT), Universidad Complutense de Madrid (ES), ILGA Europe, East Angliako Unibertsitatea (GB), Trentoko Unibertsitatea (IT), Eusko Jaurlaritza, Comberton Academy Trust (GB), Voyager School (GB), FECE (BG), Cavaria (BE).
NAZIOARTEKO MINTEGIA
Arartekoak sarrera egin ondoren, proiektuan egindako lana aurkeztu zen. Lana agiri zirriborro batean laburbildu zen eta haren edukia NMren amaiera aldatzea aurreikusi zen, partaideek egin zitzaketen aldaketen arabera. Eztabaidaren eraginkortasuna erraztu eta bermatzeko, partaideak eztabaida talde txikiagoetan banandu ziren.
Aurkezpenaren eta lehen eztabaidaren ondoren, hiru partaidek jardunbide egoki bana aurkeztu zuten, haien herrialdeetan agertutako arazoei lotuta (Erresuma Batuko bi eta Espainiako bat, hurrenez hurren).
Ondoren, agiri zirriborroa eztabaidatu zen azken agiria onartzeko behar ziren aldaketak sartzeko. Eta hasierako dinamika errepikatu zen, partaideak talde txikiagoetan bereiziz. Iradokitako aldaketak aurkeztu ondoren, partaide guztiek onartu zuten azken agiria, ildo nagusiak honakoak izanik:
• Oro har, Europan LGTBI pertsonen egoera nahiko larria da, eta herrialde bakoitzak eskubideak babesteko bere mailak dauzka.
• Yogyakartako 2006ko printzipioak hartu behar lirateke aintzat, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea Sexu Joera eta Genero Identitateko Gaiei aplikatzeari dagokionez, baita NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren 17/19 (2011ko ekaina) eta 27/32 (2014ko iraila) ebazpenak ere.
• Lege esparru bat ezarri behar litzateke eskubide horiek babesteko, politika eta zerbitzu publikoekin batera,
LGTBI-fobiaren aurkako borroka eskola eta familia inguruneetara muga ez dadin.
• Hezkuntza agintariek aktiboki eta eraginkortasunez engaiatu behar lukete gai horietan. Irakasleen prestakuntza funtsezkoa da eremu horretan.
• Gizarte balio nagusiak oztopo handia dira aniztasun sexu-afektiboa bistaratzeko ere eta, beraz, haiek aldatzeko ahalegina egin behar litzateke.
• Hori lortzeko, ezinbestekoa da guraso elkarteen, LGTBI adingabeen guraso elkarteen, familia sexubakarren elkarteen, LGBTI erakundeen, giza eskubideen elkarteen -batez ere adingabearen eskubideak babesten dihardutenak-, hezitzaile elkarteen, herritarren defentsarien, agintari publikoen eta unibertsitate edo aholkularitza enpresetako adituen arteko lankidetza itunak eta sareak ezartzea. Guraso elkarteen ahalduntzea sustatu behar da LGBTI eskubideen sustatzaileak eta defendatzaileak izan daitezen.
AMAIERAKO BILTZARRA
Roberta Metsola europarlamentariak, Europako Parlamentuko LGTBI talde artekoaren ordezkariak, amaierako biltzarra ireki zuen giza eskubideak orokorrean errespetatzearen garrantziari buruzko hitzaldi batekin. Lunacek txostena aipatu zuen EBn homofobiak duen egiazko egoera ezagutzeko kontuan hartu beharreko erreferentzia gisa. Txostenak berariaz aipatu zuen ikastetxeetan homofobiaren aurka borrokatzeko prestakuntzak eta herrialdeek horri buruzko jardunbide egokiak trukatzeak duten garrantzia. Txostenaren arabera,
LGTBI pertsonen aurkako diskriminazioa onartezina da eta hura prebenitzeko neurriak hartu behar dira. Hitzaldia amaitzeko Rainbow Has proiektuarekin batera lan egiteko prest zegoela adierazi zuen. Europarlamentaria han zegoela baliatuz, EBko herrialde batzuetako LGTBI familiek aurre egin behar dieten arazo legezkoengatik zuten kezka adierazi zuten partaide batzuek; izan ere, herrialde horietako legediak ez du aurreikusi LGTBI pertsonen legezko elkartzea berez, eta familia horien mugitzeko askatasuna murriztu dute egitatez.
Hitzaldiaren eta eztabaida labur baten ondoren, Katy Pallásek, NELFAren ordezkariak, familia elkarteen europar sarearen ezarpenean izan duen esperientzia azaldu zuen. Ondoren Nazioarteko Mintegian aipatutako jardunbide egokietako bi aztertu ziren. Comberton College Academy eta Voyager School britainiar ikastetxeetan jazarpenaren biktima izandako ikasleei egindako elkarrizketekin grabatutako bideo labur bi ere eman ziren.
Azkenik, mahai-inguru bat egin zen eta hiru partaidek hitz egin zuten han. Sophie Aujeanek, ILGA Europekoak, gizarte eragile guztiak jazarpenaren aurkako politiken garapenean engaiatzearen garrantziaz hitz egin zuen, eta Europako Kontseiluaren 2010 gomendioa aipatu zuen, LGTBI pertsonen bereizkeriari aurre egiteko funtsezko tresna. Haren ondoren Alexander Schusterrek, Trentoko Ikasketetako Unibertsitatekoak, LGTBI adingabeak besteak bezala hazteko girorik onena sortzearen garrantziaz hitz egin zuen, adingabearen interesik onena buruan izanda beti; adingabeen eta haien familiako kideen arteko harremana indartu beharraz ere mintzatu zen, pertsonen eskubideak ez ezik, pertsona horiek osatutako familienak ere babestuz. Hitz egin zuen azkena Ignacio Pichardo izan zen, Madrilgo Universidad Complutensekoa; gai horietan ikertzaile izandako esperientziaren berri eman zuen eta hainbat tokitan ezarritako jardunbide egokiak bistaratzearen garrantzia azpimarratu zuen; horretarako, esan zuenez, funtsezkoa da agintari publikoek parte hartzea.
Sortu zen eztabaidan NMn eta ABn aipatutako gai batzuei heldu zitzaien; haien artean, jazarpen homofobikoaren izaera, legedia desberdinen ondorioz batez ere eremu komunitarioko eta tokiko erakundeen artean lankidetza sarea sortzeko dauden zailtasunak, eta lankidetza sare horren abantailak eta aukerak jorratu ziren.
4. Rainbow Has proiektuko amaierako biltzarrean onartutako ondorioak
1.Rainbow Has proiektuak agerian utzi du LGTBI pertsonen eskubideei dagokienez dagoen egoera larria . Aurreiritzietan, estereotipoetan eta ideia homofobo edo transfoboetan oinarrituta pertsona horietako askok pairatutako erasoek, jazarpenak, estigmatizazioak eta esklusioak ondorio larriak dituzte osasunean. LGTBI gutxiengoaren funtsezko eskubideak ez dira behar bezala errespetatzen ez babesten, lege esparru nazionaletan, Europar Batasuneko legedian eta giza eskubideen nazioarteko araudian jasota egon arren. Irudia hain negatiboa izan arren, RAINBOW HASen zenbait analisik 22 jardunbide on identifikatu dituzte aztertutako bost herrialdeetan.
2.LGTBI eskubideez gozatzeko mailan alde handiak daude herrialde batetik bestera. Orokorrean hitz eginda, ordea, Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Agentziak 2012an egindako LGTB azterlanak erakutsi zuenez, inkestatutako pertsonen %19 jazarpenaren biktima izan ziren, haien iritziz, neurri batean edo guztiz LGTBI pertsona gisa ikusiak izateagatik. Eskolako etapan 18 urtera iritsi aurretik, LGTBI azpitalde bakoitzean eta aztertutako herrialde guztietan inkestatutako pertsonen %80 entzun edo ikusi zituzten esan edo portaera negatiboak kide bat LGTBI bezala ikusia zelako. Galderari erantzion zioten inkestatuen %68k adierazi zuten esan edo portaera horiek maiz, edo beti, gertatu zirela euren eskolatzean 18 urtera iritsi arretik.EBri ekitatea bultzatzeko eskatzen diogu.
3.Yogyakartako 2006ko printzipioak gogoratzen ditugu, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea Sexu Joera eta Genero Identitateko Kontuei Aplikatzeari buruzkoak, hain zuzen ere, eta, zehazki, 16. printzipioa, zein diskriminaziorik gabeko hezkuntzarako eskubidea onartu zuen, eta 19. printzipioa, zeinek honakoa onartu zuen: “iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidea: identitatea edo nortasuna hizkuntzaren, itxura eta portaeraren, janzkeraren, gorputz ezaugarrien, izanaren hautaketaren edo beste edozein bideren bidez adierazteko askatasuna barne; baita mota orotako informazioa eta ideiak bilatu, jaso eta emateko eskubidea ere, are giza eskubideei, sexu joerari eta genero identitateari buruzkoa, horretarako edozein bide erabilita eta mugak aintzat hartu gabe”. Bat gatoz Europako Giza Eskubideen Auzitegiarekin, zeien arabera, adierazpen askatasunak ez ditu babesten hezkuntza eremuko diskurtso homofoboak.Yogyakartako Printzipioei jarraiki, gogorarazi behar dugu adierazpen askatasunak ez duela babesten gorroto homofoboko diskurtsoak egitea eta halakoak zigortu egin behar direla.
4.Halaber, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluaren giza eskubideei, sexu joerari eta genero identitateari buruzko 17/19 (2011ko ekaina) eta 27/32 (2014ko iraila) ebazpenak gogorarazi behar ditugu; ebazpen horiek “kezka sakona adierazten dute munduko bazter guztietan sexu joera eta genero identitatea direla-eta pertsonen aurka burutzen diren indarkeria eta diskriminazio ekintza guztiengatik”.
5.Giza eskubideen komisario Nils Muižnieks jaunak adierazi zuenez, adingabeek eskubidea daukate sexualtasunari eta genero aniztasunari buruzko informazioa egiatan jasotzeko. Jazarpenaren aurkako esfortzuei berdintasun, genero eta sexualtasunari buruzko hezkuntzaren bidez lagundu behar litzaioke.
6.Ikerketa azterlan batzuek erakutsi dutenez, LGTBI familietan hezitako adingabeen emaitzak familia heterosexualetako adingabeen berberak dira funtsean, haiek ere askatasun, berdintasun eta tolerantziako balioak dauzkatenean (Mellish et al 2014; Golombok 2000; Patterson 2005; González eta López 2005).
7.Jazarpen homofoboak mundu guztiarentzat izan behar luke kezka. Politikoak eta liderrak erantzuleak dira herriaren aurrean eta, beraz, LGTBI kontu eta esperientziei buruzko prestakuntza jasotzeko betebeharra eta ardura dauzkate.
8.Eskubide horiek babesteko berariazko lege esparrua ezarri behar da. Berariazko lege esparrurik ez duten herrialdeetan oinarrizkotik hasi behar dugu, hots, LGTBI pertsonak gizartearen parte direla onartu eta herritartasun beteko eskubideak izatea ahalbidetzea. Familia sexubakarrak onartu eta babesteko legezko arauak egin eta tratu berdina eta bereizkeriarik eza bermatu behar dira; eta hezkuntza eremuan curriculumari, hezkuntza materialari, testu liburuei, jazarpenaren aurkako protokoloei, genero rolei, eta abarri buruzko xedapen gehigarriak eman behar dira. Baina legeak ez dira aski. Funtsezkoa da politika eta zerbitzu publiko proaktiboak sortzea
LGTBI adingabeentzako eta familia sexubakarreko adingabeentzako egiazko eta benetako berdintasuna lortzea oztopatzen duten oztopoak gainditu ahal izateko. Politika horiek behar dira haur horien aurkako indarkeria desagerrarazi, haien garapena eta segurtasuna bermatu eta haien aurkako aurreiritziak eta estereotipoak ezabatzeko. Bestalde, esan behar dugu emozio eta genero aniztasuna eta familia eredu guztiak onartzeko esfortzuek eta LGTBI-fobiaren aurkako borrokak ez luketela eskolarenak bakarrik izan behar. Aisia eta kirol esparruak, bideo-jokoak, telebistako programak, web orriak eta online sare sozialak oso garrantzitsuak dira giza eskubideekiko begirunearen balioak irakasteko.
9. Zenbait herritako agintari publikoek nolabaiteko engaiamendu mailak erakutsi dituzte Rainbow Has proiektuarekin. Hezkuntza agintariek lidergo argia erakutsi eta hezkuntza planak, jazarpen homofobo/transfoboaren aurkako protokoloak eta LGTBI guraso eta ikasleentzako informazio eta arreta zerbitzuak burutu behar dituzte. Hezkuntza komunitatearen maila guztien (administrazioa, kudeaketa, gurasoak, irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) inplikazio aktibo eta eraginkorra behar da adingabe horien funtsezko eskubideak babesteko.
10.Orokorrean, eskolako irakasleek ez daukate behar beste informazio edo prestakuntzarik LGTBI pertsonen alde proaktiboki jarduteko. Prestakuntza unibertsitate mailan eman behar litzateke; eta hezkuntza maila guztietan lan egiten duten irakasleei. Gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioak eta interakzioak ez daukate baliabide egokirik LGTBI adingabeen eta familia sexubakarretako adingabeen funtsezko eskubideak babesteko. LGTBI irakasleak nahi badute armairutik atera ahal izateko baldintzak sortu behar dira. Irakasleen prestakuntzan eta lanbide garapen iraunkorrean sexu eta genero aniztasunari aurre egiteko ulermena, prebentzioa eta estrategien garapena jasotzeko. Irakasleen prestakuntzak eskolako kultura aldaraz eta ingurune segurua sor dezake. Ikasleak eurak izan daitezke hezitzailerik onenak beste ikasleen ikuspuntutik.
11.Gizarte balio nagusiek, gizarte eta familia ordena jakin bateko mendeetako emaitza izanik, egun dauden sexu eta emozio joeren eta genero identitateen aniztasuna ezkutatzen dute oraindik. Gizarte balio horiek familia sexubakarrak baztertu ohi dituzte. Beraz, balio horiek aldarazi eta sexu eta emozio aniztasuna onartzeko lan egin behar dugu. LGTBI neska-mutilek eta familia gurasobakarretako seme-alabek baldintza eta aukera berberak izan behar dituzte eskolan eta gizartean euren askatasuna, garapena, duintasuna, autoestimua eta segurtasuna babesteko eta ikusezinak izatea saihesteko. Hori lortzeko, aldaketa sakona behar da gizarte balioetan eta familiari buruzko diskurtsoan eta, gainera, tradizioa-aurrerabidea bikoiztasuna saihestu behar da.
12.Ezinbestekoa da guraso elkarteen, LGTBI adingabeen guraso elkarteen, familia sexubakarren elkarteen, LGBTI erakundeen, giza eskubideen elkarteen –batez ere adingabearen eskubideak babesten dihardutenak–, hezitzaile elkarteen, herritarren defentsarien, agintari publikoen eta unibertsitate edo aholkularitza enpresetako adituen arteko lankidetza itunak eta sareak ezartzea. Guraso elkarteen ahalduntzea sustatu behar da LGBTI eskubideen sustatzaileak eta defendatzaileak izan daitezen.
13.Europako Kontseiluko giza eskubideen komisarioaren hitzetan, “LGTBI adingabeek euren parte-hartze eskubideak bizitzako eremu guztietan erabiltzeko gaitasuna izan behar lukete. Informazioaren eskuragarritasuna parte hartu eta erabaki ahal izateko oinarrizko baldintza bat da. Era berean, LGTBI adingabeak etxeko, eskolako, Interneteko, kirol eremuko eta esparru publikoetako indarkeria eta jazarpenetik babestu behar dira. Adingabea babesteko zerbitzuek, adingabearen defentsarien eta poliziak esfortzu berezia egin behar lukete LGTBI adingabeak euren jarduketa eta politiketan sartzeko. Gobernuek sistematikoki jokatu behar dute LGTBI adingabeen segurtasuna eta berdintasuna hobetzeko
10. Adinekoak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak
Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia eskaintzen die gero eta ugariagoa den 65 urtetik gorako pertsonen talde heterogeneoari. Talde horren %80 inguruk bizitza modu autonomoan gara dezakete (gehienak 80 urtetik beherakoak dira). Gainontzeko %20k eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dute (gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira). Pertsona horien premiak batik bat beraien osasun-egoeraren (zentzu zabalean hartuta), menpekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten dira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatean.
Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpen garrantzitsua, hala nola, ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab., baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere, adineko horien parte hartzea ahalbidetzen duten eta zahartzaroa ahalmenenez edo gaitasunez beteriko bizi etapa gisa agerian jartzen duten politika publikoen garapenean jaso behar dira; gizarte aldaketarako bidea eman duten eta adinekoei merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna ematen dieten politikak.
Eguneroko Bizitzarako Oinarrizko Jardueretarako (EBOJ) laguntza behar duten adineko pertsonen taldeak (gure zaharren arestian aipatu dugun %20a) mendetasun-egoeran dauden pertsona guztien %80 egiten du. Gainerako %20a ezgaitasunen bat duten pertsonek osatzen dute. Mendetasunari buruzko araudia izenaz ezagutu denak 2007an indarra hartu zuenetik modu monografikoan egin dugun analisiak justifikatzen du kapitulu honetan baterako azterketa bat egitea Arartekoak bi kolektibo horiek direla-eta egin dituen jarduketei buruz.
1. Arloa kopurutan
2014an 44 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan. Kexak izapidetzeko lana osatzeko, ekintza planari buruzko kapitulu honetako laugarren atalean azaldu ditugun jarduketak egin dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Arartekoaren 2014ko uztailaren 11ko ebazpena. Horren bidez, honako kexa-espedientean bideratutako esku-hartzea bukatutzat ematen da: administrazioaren erantzunik eza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ikuskaritza zerbitzuen jarduketa salatu zituen herritar batek, egoitza batean artaturik zegoen bere ama, adinekoa, erori ondoren gertaturiko heriotza hizpide duenean. Ebazpenaren bidez, zenbait neurri hartzea ere proposatzen zaio foru administrazioari.
Ebazpen luze bat da, eta bertan, ikuspuntu juridikotik eta sozialetik, gure Administrazioak adinekoei eskainitako arretan garrantzia duten gaiak aztertzen dira; besteak beste: herri-administrazioen ebazteko zeregina; ikuskaritza zerbitzuek lortutako emaitzei buruz informatua izateko eskubidea; 41/1998 Dekretua, martxoaren 10ekoa, adintsuentzako etxeetako gizarte zerbitzuei buruzkoa, eguneratzeko beharra (ratioak eta eskatutako arreta-estandarrak hobetzea, beste zenbait aldaketaren artean); Administrazioaren ikuskatzeko zeregina, zerbitzua eta erabiltzailearen arreta bilakatzeko funtsezko betekizunen analisia bereziki azpimarratuz, bai eta laguntza-jarraibideen egokitasunaren analisia ere (seigarren eta zazpigarren gogoeta), erabiltzaileen arretaren kalitatea eta eskubideen errespetua bermatzeko; ikuskatzearen inspirazio izan behar duen izaera ebaluatzailea eta pedagogikoa; murrizketa fisikoak agintzeko eta aplikatzeko zer profil profesional izan behar den; eta erabiltzaileak bere burua kaltetu, eta horren ondorioz, hiltzen denean, ikuskaritza-zerbitzuek ofizioz ikuskaritza-jarduketa bat hasteko betebeharra.
Emandako gomendioekin lotuta, herritarrek aurkeztutako eskaera, kexa edo iradokizun orori erantzuteko betebeharra bete nahi duela jakinarazi digu Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Gizarte Ekintzako Sailak.
Erabiltzaileak bere burua kaltetu, eta horren ondorioz, hiltzen denean, ikuskaritza-jarduketa bat hasteko beharrari buruzko gomendioari dagokionez, sail horrek adierazi digu jada horrela jokatzen ari direla sailaren baitan, eta jokatzeko modu hori sistematizatuko duela agindu du, egoitza eta adinekoentzako eguneko zentro guztiei horren berri emanez, horrelako gertaerak izaten direnean, berehala jakinaraz diezaioten, “kasuaren datuak azkar jakiteko, eta zer-nolako baldintzetan gertatu den aztertzeko”.
Seigarren eta zazpigarren gomendioekin lotuta, hau jakinarazi digu: “ikuskaritza-ataletik langileren bat joango da zentrora, berariazko bisita bat egiteko, eta bisitan, planteatutako gaiak zenbateraino betetzen diren aztertuko du”. Ondoren, bisiten emaitzen berri eman ziguten.
Horrez gainera, jarduketa-ildo hori azpimarratzeko, zentroei informazioa emango dietela ere adierazi du, “araudi orokorra betetzea beharrezkoa dela gogoratuz, laguntza-betekizunak bereziki aintzat hartuz”.
Bestalde, zortzigarren gomendioari dagokionez –aipatutako dekretuaren edukiak eguneratzeari buruzko gomendioa da hori, eta araudi-aldaketa bidez egitea proposatzen da; aldaketa horretan, hain zuzen, banakako arretaren premietarako kalitate-betekizun eta -irizpide egokiak jaso beharko dira, bai eta zerbitzuen tipologia egokia ere; betiere, abenduaren 5eko 12/2008 Legean, Gizarte Zerbitzuei buruzkoan, eta haren arau-garapenean xedatutakoak betetzen direla–, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, bat dator Arartekoak egin duen balorazioarekin eta jakinarazi digu bi dekretu prestatzen ari dela: bat, adinekoentzako egoitzei buruzkoa, eta bestea, berriz, adinekoentzako ostatu-zerbitzuei buruzkoa.
Araudi-aldaketa horrek arreta osoa eta pertsona ardatz duen arreta oinarri izango duela jakinarazi digu. Horrez gainera, hau adierazi digu: “testuinguru horretan, erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak aintzat hartuko dira, eta zenbait jarduketa-protokolo zehaztu eta derrigorrez erabili beharko dira, besteak beste, ihesen prebentzioarekin eta erabiltzailea lotzearekin zerikusia dutenak. Erabiltzailea ohiz kanpoko kasuetan eta egoki arrazoituta soilik lot daiteke”.
2.2. Erakunde honek planteatutakoa ikusirik, Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait neurri hartu ditu, adineko bati egoitza batean lekua eskuratzen laguntzeko. Hasiera batean, pertsona honi egoitza horretan lekua ukatzeko asmoa zuen, zenbait baldintza ekonomiko zirela eta, baina gure ustez, baldintza horiek berriz interpretatzea ezinbestekoa zen.
2.3. Gipuzkoako Foru AldundiariArartekoaren 2013ko irailaren 27ko ebazpenean igorri genion iradokizunarekin lotuta (“Kexa honek agerian utzi du kontu bat: pertsona baten osasun-egoera dela eta egoitza bat ez bada haren premiei erantzuteko gai, familia jakinaren gainean jarri beharko luke berehala adineko pertsona beste zentro batera eraman dezan. Horrenbestez, adineko pertsonentzako egoitzetako titularrei aholkuak ematen dizkienean neurri horiek hartzeko beharra ere azpimarratu beharko luke Inbertsio, Ikuskapen eta Elkarlan Zerbitzuak, egoitzetan ematen den arreta garatu eta hobetu dadin eta horrela etorkizunean antzeko ezer gertatu ez dadin”), sail horrek hauxe adierazi digu: “Era berean, oso aintzat hartuko dugu Arartekoak gure aholkularitza-lanaren inguruan egindako gomendioa, zentroek egoiliarrei eman diezaieketen osasun-arretari dagokionez”.
2.4. Bilboko Udalari jakinarazi genion beharrezkoa zela mendetasun-egoeran zegoen adineko bati emandako etxez etxeko laguntza-zerbitzuan eguneko zentrora joateko garraiobidearen geralekura laguntzeko zerbitzu laburra sartzea. Etxean emandako zainketa pertsonalak amaitzean lagundu beharko zitzaion geralekura adineko horri.
2.5. Bizkaiko egoitza batean adineko bati emandako arretarekin lotuta, erakunde honek zenbait zantzu antzeman zituen, foru aldundiko ikuskaritza-zerbitzuek esku hartzea beharrezkoa zela objektibatzea eragin zutenak, eta horregatik, erakunde honek arreta deitu zion foru aldundiko ikuskaritza-zerbitzuei. Hori zela eta, foru aldundiko ikuskaritza-zerbitzuek beren ahala egikarituz, beharrezko jarduketak egin zituzten, zentroan garatutako irregulartasun batzuk berriro gerta ez zitezen.
2.6. Kasu jakin hori azkenean bideratu bazen ere, herritar batek kexa bat izapidetzeari esker, objektibatu zen beharrezkoa zela jatorrizko lekuan arretaren behin-behinekotasunaren epeak ezartzea, helmugan lekurik ez zegoen bitartean, bai eta egoera horretatik erator zitezkeen erakundeen arteko hitzarmenak ezartzea ere, egoitza batean lekua zuen mendeko pertsona Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan lurralde batetik bestera lekualdatzeko kasuetan, laguntzaren jarraipena bermatze aldera.
2.7. Herritarrei egindako zenbait kontsultak aditzera eman dute herritarrentzat ulertezina dela lurraldeen artean
desorekak izatea norberaren autonomia sustatzearen eta mendetasun-egoerari eman beharreko arretaren esparruan. Arartekoaren EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten bereziaren 2. gomendioan jada eman genuen desoreka horien berri. Gure ustez, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua onartzen denean, aukera ezin hobea izango da araudian desoreka horiek hobetu behar direla aintzat hartzeko.
3. Araudi- eta gizarte- testuingurua
3.1. 2014ko abenduaren 19an, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta
EUDEL, Euskal Udalerrien Elkartea) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroa onartu zuen. Funtsezko hitzarmen bat izan da, 12/2008 Legean, abenduaren 5ekoan, Gizarte Zerbitzuei buruzkoan, aurreikusitako gizarte zerbitzuak eta prestazioak praktikan zehazteko.
Zorroarekin batera, Gizarte Zerbitzuen Mapa ere onartu da. Mapa horren helburua da zerbitzu horien banaketa zehaztea, geografia- eta biztanleria-irizpideen arabera. Halaber, Memoria Ekonomikoa ere onartu da, eta horrek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen benetako kostu eguneratua zenbatekoa izango den zehazten du.
Iazko txosten arruntean, aditzera eman genituen gure gai horren jarraipena egiten ari ginela eta Administrazioari dekretuaren zirriborroari buruz zer gogoeta jakinarazi genizkion.
3.2. Estatu-mailan, hauek azpimarratu genituen: 2014ko uztailaren 31ko ebazpena, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunaren Estatuko Idazkaritzarena, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendetasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren Erabakia, II. eta III. graduko mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuaren edukia zehazteko irizpideei buruzkoa, argitaratzen duena, eta 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta ematekoa, aplikatzearen emaitzen 2013ko ekitaldiari dagokion urteko ebaluazioa argitaratzen duena; eta SSI/2371/2013 Agindua, abenduaren 17koa, Autonomiarako eta Mendekotasunari Laguntzeko Sistemaren informazio-sistema arautzen duena, indarrean sartu izana. Agindu horren edukiaren berri iaz eman genuen.
3.3. Foru aldundien mailan, hau azpimarratu genuen:
3.3.1.36/2014 Foru Dekretua, Diputatuen Kontseiluarena, uztailaren 22koa,arautzen duena mendetasun egoera aitortzeko, ezintasuna kalifikatzeko eta garapenaren arazoak edo horiek jasateko arriskua aitortzeko prozedura, bai eta, baldintza horiek emanez gero, Arabako gizarte zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea eta prozedura ere, eta haren aldaketak (58/2014 Foru Dekretua, Diputatuen Kontseiluarena, azaroaren 11koa).
3.3.2. 39/2014 Foru Dekretua, Diputatuen Kontseiluarena, abuztuaren 1ekoa, arautzen dituena autonomiaren aldeko eta mendekotasunari arreta eskaintzeko sistemako prestazio ekonomikoak Araban: mendekoak familia barruan zaintzeko eta zaintzaile ez profesionalei laguntzeko prestazio ekonomikoa, laguntza pertsonalaren prestazio ekonomikoa eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa. Foru dekretu horrek jasotako aldaketen artean, hauek nabarmendu ditugu: II. graduko mendetasuna dutenentzat edo III. graduko mendetasuna dutenentzat zeuden bateragarritasunak I. graduko mendetasun egoeran dauden eta Mendetasuna Baloratzeko Baremoko 40 puntu edo gehiago dituzten pertsonengana hedatzea –baina bakarrik bi prestazio bateragarri egiteko aukerara mugatuz-; eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa eskuratzeko aukera hedatzea; eta ikasketak egiten edo lan egiten laguntzea, aurreko araudiak aurreikusten zuen bezala, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko autonomia handiagoa ahalbidetzeko.
3.3.3.Bizkaiko Foru Aldundiaren 84/2014 Foru Dekretua, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez arautzen baita mendetasuna duten pertsonentzako egoitzetan aldi baterako egonaldiak egiteko araubidea.
3.3.4.Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2014 Foru Dekretua, uztailaren 1ekoa; honen bidez mendetasuna duten pertsonentzako egoitzen foru zerbitzu publikoa aldi baterako egonaldian emateko prezio publikoa aplikatzea erabaki da eta horretarako arauak ezarri dira.
3.3.5. Bizkaiko Foru Aldundiaren 17/2014 Foru Dekretua, otsailaren 25koa; honen bidez, mendetasuna duten pertsonentzako egoitzen foru zerbitzu publikoan sartzeko araubidea eta zerbitzu hori egonaldi iraunkorrean emateko baldintzak arautzen dira.
Berrikuntza gisa, hauxe ezarri da: aldi baterako egonaldietarako nahiz egonaldi iraunkorretarako, 60 urtetik gorako adina izateko betekizuna bete ez arren, edozein pertsonak eskatu ahal izango du egoitzaren batean sartzea, baldin eta 41/1998 Dekretuan, martxoaren 10ekoan, adintsuentzako etxeetako gizarte zerbitzuei buruzkoan, aurreikusitakoa betetzen duten egoitzek ase ditzaketen laguntza- eta zainketa-premiak baditu. Bi urtez luzatu da eskatzailearen ondareak izandako aldaketa aztertzeko epea.
3.4. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak EAEn adinekoei tratu txar fisikoak eta ekonomikoak ematearen alerta-seinaleak hautemateko tresna sustatu du.
4. Beste esku-hartze batzuk jarduketa- planaren eremuan
4.1. Arartekoak EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak azterlanean emandako gomendioen jarraipena
Horren berri eman genuen III.5. kapituluko 3.2. atalean, burutik gaixo dauden edo buruko nahasmenduak dituzten pertsonen arloari buruzkoan.
4.2. EAEn norberaren autonomia sustatzeko
eta mendetasunari arreta emateko
legearen aplikazioa txosten bereziaren
jarraipena
Arlohoni buruzko analisi kuantitatibo fidagarria egiteko garaian aurkitzen ditugun zailtasunek, zeinak jada aurreko urteetan ere aipatu baititugu, erakusten dute guztiz indarrean dagoela lehenengo gomendioa, informazio sistema integratu baten sorrera errazteko beharrari buruzkoa.
Horrek berriz ere zehaztasunik ez edukitzera garamatza, eta ondorioz, kasu bakoitzean fidagarrien gerta daitezkeen datuak erabili behar ditugu edo, bestela, iturri bakoitzak ematen dien tratamendua kontuan hartuta gai honen inguruan gertatzen den bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen lagunduko digutenak.
4.2.1. Foru aldundiek emandako datuen arabera, 2007ko urtarrilaren 1etik 2014ko azaroaren 1era, EAEn mendetasun-egoera aitortzeko 248.535 eskaera egin dira guztira. Datu horren banaketa erakutsiko dugu, lurraldeen arabera:
Solicitudes de reconocimiento de la situación de dependencia desde el 01-01-2007 hasta el 01-11-2014
Araba |
Bizkaia |
Gipuzkoa |
37.720 |
111.461 |
99.354 |
Total: 248.535 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak.
2007ko urtarrilaren 1etik 2014ko azaroaren 1era, mendetasun-egoera aitortzeko eskatu zuten pertsonetatik hil ez direnen kopuruak hauek dira: 25.790 Araban, 91.722 Bizkaian eta 55.077 Gipuzkoan. Hala, adierazitako epean, EAEn guztira 172.589 eskatzaile izan dira.
2014ko azaroaren 1ean baloratutako pertsonenmailaketa, hil ez zirenena, hau da:
Araba |
|||
hombres |
mujeres |
GUZTIRA |
|
0 gradua* |
2.048 |
3.299 |
5.347 |
I gradua |
1.476 |
2.073 |
3.549 |
II gradua |
1.534 |
2.314 |
3.848 |
III gradua |
896 |
1.818 |
2.714 |
GUZTIRA |
5.954 |
9.504 |
15.458 |
Bizkaia |
|||
hombres |
mujeres |
GUZTIRA |
|
0 gradua* |
6.738 |
11.487 |
18.225 |
I gradua |
8.677 |
15.542 |
24.219 |
II gradua |
8.692 |
14.633 |
23.325 |
III gradua |
8.572 |
16.526 |
25.098 |
GUZTIRA |
32.679 |
58.188 |
90.867 |
Gipuzkoa |
|||
gizonak |
emakumeak |
GUZTIRA |
|
0 gradua* |
2.726 |
4.214 |
6.940 |
I gradua |
3.617 |
5.702 |
9.319 |
II gradua |
3.492 |
5.942 |
9.434 |
III gradua |
2.408 |
5.218 |
7.626 |
GUZTIRA |
12.243 |
21.076 |
33.319 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak.
(*) 0 gradua autonomotzat jotako pertsonei dagokie.
(**) Aurten berriz gertatzen da Bizkaiko Aldundiak emandako datuak ez datozela bat eskatutakoarekin (baloratutako pertsonak); izan ere, graduen araberako balorazioei buruzko datuak dira. Horrek eragozten digu EAEri buruzko baterako azterketa egitea, ofizialki mendetasun-egoeran dauden pertsonei dagokienez; halaber, eragozten digu jakitea pertsona horiek euskal populazioaren guztizkoan ehuneko zenbat diren eta lurraldeen arteko alderaketa egitea.
Lurralde bakoitzeko biztanleriarekin lotuta, Gipuzkoan 1.000 biztanleko 37,22 pertsonari mendetasun-egoera aitortu zaiela (I., II. eta III. graduak) erregistratu dugu, eta tasa hori iazkoa baino handiagoa da. Araban, tasa hori 31,59 pertsonakoa da, iazkoaren oso antzekoa.
Mendetasun-egoeran dauden pertsonen sexuari dagokionez, EAE osoan gehiengoa emakumezkoa dela erregistratzen da oraindik. Gipuzkoan guztizkoaren %63,92 dira; eta Araban, %61,37.
Araban, baloratutako pertsonen %34,59 autonomotzat jotzen da. Gipuzkoan, aldiz, ehuneko hori askoz ere txikiagoa da (%20,83). Datu horrek azal dezake zergatik aurkezten diren lurralde horretan balorazioaren emaitzarekin ados ez egotearekin lotutako kexa gehienak.
Mendeko biztanleriaren mailaketari dagokionez, aipatu behar dugu Gipuzkoan banaketa aldatu egin dela: mendeko handien ehunekoa nabarmen murriztu da: iaz, guztizkoaren %30,25 mendeko handiak ziren (III. gradua); %36,01ek mendetasun larria zuten (II. gradua); eta gainerako %33,74k, mendekotasun ertaina (I. gradua). 2014an, horien ehunekoak hauek izan ziren, hurrenez hurren: %28,91, %35,76 eta %34,33. Araban, hauek dira ehunekoak, hurrenez hurren: %26,84, %38,06 eta %35,10. Hala, aurten ere, Arabako lurraldean mendeko handien ehunekoa murriztu egin dela erregistratu dugu.
Bi aldagaiak, mailaketa eta sexua, gurutzatzen baditugu, hau ondorioztatzen dugu: Araban, emakumeen taldean, mendeko handien -egoerarik larriena- ehunekoa sei puntu handiagoa da gizonezkoen taldean erregistratutakoa baino; eta Gipuzkoan, bost puntu handiagoa.
4.2.2.IMSERSOk emandako datuei esker, erregistratutako bilakaerari buruzko ondorio batzuk eman ditzakegu:
EAE, GUZTIRA |
EAE, GUZTIRA |
|
Expedienteak |
85.554 |
87.601 |
Irizpideak * |
83.181 |
84.847 |
Prestaziorako eskubidea duten pertsonak |
46.884 |
46.032 |
Prestazioak dauzkaten onuradunak |
41.732 |
40.622 |
Esleitutako prestazioak |
49.825 |
47.731 |
Prestazioen ratioa, onuradun bakoitzeko |
1,19 |
1,18 |
Iturria: AMAESen Informazio Sistema (IMSERSO)
* Administrazioaren pronuntziamendua, pertsona eskatzailearen mendetasunaren balorazioa dela eta, edo hura autonomotzat hartuz, edo daukan mendetasun-gradua eta maila zehaztuz.
Prestaziorako eskubidea duten eta jada prestazioren bat esleituta duten pertsonen ehunekoak okerrera egin du (2013an %89,01ekoa izan zen; eta 2014an, %88,24koa). Hala, prestaziorako eskubidea duten eta arretaren zain dauden pertsonen ehunekoa %11,96koa izan da (2013an, %10,99koa izan zen).
Izapidetutako espedienteen kopuruak gora egin du, eta ebazpen-mailak okerrera (irizpenen ehunekoa espedienteen kopuruarekiko): 2013an, hasitako espedienteen kopuruarekiko %97,22 irizpen egin ziren, eta 2014an, %96,85.
Aurreko urtearekin alderatuta, esleitutako prestazioak dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, bai eta prestazioen kopuruak ere.
Euskal Autonomia Erkidego osoan, pertsona onuraduneko prestazioen ratioak gora egin zuen 2011. urtean, 1,15etik 1,19; 2012an eta 2013an mantendu egin zen (1,19); eta 2014an, pixka bat behera egin du (1,18).
Informazio horren lurraldekako banakatzeari buruzko datu fidagarririk ez dugunez, Euskal Autonomia Erkidego osoko jokabidea adierazi dugu.
4.2.3. Prestazioen banaketak ez du aldaketa nabarmenik izan. Ondoren, hiru foru aldundiek prestazio hauen onuradunen kopuruari buruz eman dizkiguten datuak adieraziko ditugu.
Araba/Álava |
|
Egoitza-arreta adinekoentzat |
989 |
Egoitza-arreta ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
276 |
Egoitza-arreta burutik gaixo dauden pertsonentzat |
113 |
Eguneko zentroa adinekoentzat |
464 |
Eguneko zentroa ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
138 |
Eguneko zentroa burutik gaixo dauden pertsonentzat |
15 |
Etxez etxeko laguntza-zerbitzua |
1.367 |
Familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa (PECEF) |
3.972 |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa (PEVS) |
732 |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (PEAP) |
1 |
Bizkaia |
|
Egoitza-arreta adinekoentzat |
5.239 |
Egoitza-arreta ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
1.135 |
Egoitza-arreta burutik gaixo dauden pertsonentzat |
226 |
Eguneko zentroa adinekoentzat |
1.349 |
Eguneko zentroa ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
1.011 |
Eguneko zentroa burutik gaixo dauden pertsonentzat |
413 |
Etxez etxeko laguntza-zerbitzua |
(ez du daturik) |
Familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa (PECEF) |
11.649 |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa (PEVS) |
540 |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (PEAP) |
40 |
Gipuzkoa |
|
Egoitza-arreta adinekoentzat |
4.315 |
Egoitza-arreta ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
733 |
Egoitza-arreta burutik gaixo dauden pertsonentzat |
184 |
Eguneko zentroa adinekoentzat |
1361 |
Eguneko zentroa ezgaitasunen bat duten pertsonentzat |
608 |
Eguneko zentroa burutik gaixo dauden pertsonentzat |
219 |
Etxez etxeko laguntza-zerbitzua |
2.445 |
Familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa (PECEF) |
9.090 |
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa (PEVS) |
156 |
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (PEAP) |
2.433 |
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, telelaguntzan eskumena duenak, jakinarazi digu azaroaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 33.756 pertsonak ateratzen ziotela onura zerbitzu horri (Bizkaian %57,53k, Gipuzkoan %29,73k, eta Araban %12,74k). Mendetasun-egoeran dauden pertsonek (une honetan ez dugu datu hori), bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonek, mendekotasun-egoeran egoteko arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonek eta gizartean bakartuta geratzeko arriskuan dauden pertsonek osatzen dute kopuru hori. Onuradunen %64,52 emakumeak dira, 80 urtetik gorakoak. Azken 3 urteetan, onuradunen kopurua %40,40 igo da. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerritan dago eskuragarri (Arabako 51 udalerritan, Bizkaiko 112tan eta Gipuzkoako 88tan).
4.2.4. Aurten, txosteneko gomendio batzuk zenbateraino bete diren aztertzen jarraitu dugu: 6, 7, 8, 11.1, 11.2, 11.3, 11.6 eta 11.7 eta 11.13. Alderdi horiek estatu-mailan atzerakada nabarmena izan dute. Ondorio nagusiak nabarmenduko ditugu:
II. eta III. graduko pertsonentzat zeuden zerbitzuen eta prestazioen arteko bateragarritasuna Mendetasuna Baloratzeko Baremoan 40 puntu edo gehiago dituzten I. graduko pertsonei hedatu zaie, baina gehienez 2 zerbitzu eta/edo prestazio soilik bateratu ahal izango dituzte, telelaguntzaz gain. II. eta III. graduan dauden pertsonei gehienez 3 zerbitzu bateratuko zaizkie. Salbuespen-egoeretan gehiengo horiek gainditzeko aukera aztertu da, bai eta aldi baterako egonaldi-zerbitzuekin bateratzekoa ere. Aurreikusita dago familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa nahiz laguntza pertsonalerako prestazio osagarria bateragarriak izatea zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoarekin, baldin eta azken hori aurrekoekin bateragarria den zerbitzu batekin lotzen bada, 8.2. gomendioa betez.
Ikasketak egiten edo lanean hasten laguntzeaz gain (jada jasota zegoen bezala), laguntza pertsonalerako prestazioaren jarraibideak ematea ere aurreikusita dago, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiten autonomia handiagoa izatea ahalbideratzeko. Horri esker, familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa eskuratzeko behar diren baldintzak (esaterako, bakarrik bizitzeagatik edo adinekoen bikote bat izateagatik, biak mendekoak) betetzen ez dituzten mendeko pertsonek laguntza jarraitua izango dute etxean bertan.
Babes-maila osagarriak ezartzeko (zazpigarren gomendioa) ahalmena egikarituz, Mendetasuna Baloratzeko Baremoan 40tik gorako puntuazioa duten pertsonei emateko arreta mantentzen da, bai eta 3 urtetik behera dituzten eta I. gradua baloratu zaien pertsonei eman beharrekoa ere, edozein puntuazio izanda ere. Mendetasun-egoera berrikustearen ondorioz, I. gradua (40 puntutik gora), II. gradua edo III. gradua baloratu zitzaien eta 40 puntu baino gutxiagorekin I. gradua aitortua izatera igaro direnei prestazio horiek eskuratzeko eskubidea mantendu zaie. Lurraldean hiru urtetik gora erroldatuta daramaten pertsonei prestazioen zenbatekoa handitu zaie.
2014. urtean, egoitzetan 100 leku sortu dira, eta eguneko zentroetan, 60 (Administrazioak dioenez, eguneko zentroko leku berri horiei esker, Araban ez dago itxaro-zerrendarik baliabide horretarako).
Administrazioaren esanetan, batez bestean, hasierako eskaera egiten denetik 5 hilabeteko epean eman edo aitortzen da zerbitzurako edo prestaziorako eskubidea, nahiz eta zerbitzua edo prestazioa izapidetzeko epea luzeagoa izan.
Ez du 11.7. gomendioa betetzen. 11.13. gomendioari dagokionez, adierazi du dekretu berriak xehetasun handiagoz zehazten dituela zaintzaileari eskatutako betekizunak, eta hori lagungarria dela arreta egoki bat bermatze aldera.
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa egoitzako eta eguneko zentroko arretarekin bateragarri egin da. Baietsi du, praktikan, ezgaitasunen bat duten pertsonak eguneko zentrora eta okupazio-lantegietara joan daitezkeela, egoitza batean egon arren.
Babes-maila osagarriak ezartzeko (zazpigarren gomendioa) ahalmena egikarituz, beste lurralde batzuetan bezala, Mendetasuna Baloratzeko Baremoan 40 puntu eta 49 puntu artean lortu dituzten I. graduko pertsonak familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoaren onuradunak izan daitezke. Araban eta Gipuzkoan ez bezala, pertsona horiek ezin dute eskuratu zerbitzuari lotutako prestaziorik Bizkaian. Hala ere, 25 eta 39 puntu artean ematen dizkietenek ere laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa eskuratzeko aukera izan dezakete, gutxienez, %33ko ezgaitasun-gradua badute. I. graduko balorazioa eman zaien pertsonek adinekoen eta ezgaitasuna duten pertsonen eguneko zentroetan sartzeko aukera dute oraindik, bai eta ezgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan sartzekoa ere.
Seigarren gomendioarekin lotuta, 2014.urtean, 38 leku sortu dira eguneko zentroetan, eta 22 egoitza-arretan.
Zaintzaileek emandako arreta kontrolatzearekin (11.13. gomendioa) lotuta, etxean familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa bideratzean, aholkatzen da oinarrizko gizarte zerbitzura joatea komenigarria dela, zaintzaileei laguntzeko programei (ZAINDUZ) buruzko informazioa eskatzeko eta programa horietan parte hartzeko. Programa horiek zainketaren eta pertsona zaintzailearen egoeraren jarraipena egiteko modu bat dira. Aurreko urteetan egindako jarraipenak egiten jarraitze aldera, hiru urtetan Bizkaian familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoa jasotzen duten 11.000 pertsonen egoera soziosanitarioaren jarraipena egitea planteatu da (3.500 pertsona urtero, ausaz hautatuta), zainketen kalitatea, mendetasun-egoeran dagoen pertsonaren osasun-bilakaera, “bai eta zaintzaileen egoera eta zainketa horiei aurre egiteko modua ere” ebaluatzeko.
Babes-maila osagarriak ezartzeko ahalmena egikarituz, Mendetasuna Baloratzeko Baremoan 40 puntu izatea lortzen duten pertsona guztiei sisteman sartzeko aukera bermatzen jarraitu du (zazpigarren gomendioa).
Egoitzetan beste 29 leku hitzartu dira, eta eguneko zentroan bi leku sortu dira.
Adierazi duenaren arabera, foru erakundeko langileek mendetasunaren balorazioak egiteko prozesua guztiz ezagutzen eta kontrolatzen dutela (11.4. gomendioa) egiaztatu du, eskaeren analisiaren aurretiko fasean nahiz kanpoko enpresak egindako balorazio-galdeketen gainbegiratuaren azken fasean esku hartzearen bidez, eta kanpoko enpresarekin koordinazio handiagoa izateari esker.
11.7. gomendioarekin bat, ez du indargabetu atzeraeragina prestazio ekonomikoen ordainketan, eta prestazioaren eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera sortzen da oraindik. Horrez gainera, praktikan, 11.6. gomendioko edukiarekin betetzen du.
6.1. gomendioarekin lotuta, hirugarren sektorearekin zituen hitzarmenei eutsi die, zerbitzu hauek bermatzeko: gaikuntza eta terapia okupazionala; estimulazio kognitiboa; autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzekoa; gaikuntza psikosoziala buruko gaixotasuna duten pertsonentzat eta ezgaitasun intelektuala dutenentzat. Horrez gainera, ETXETEK programa sendotu du. Laguntza goiztiarrean artatutako adingabeen kopurua %20 igo dela erregistratu du.
6.5. gomendioari dagokienez, Euskadiko Pertsona Itsu-gorren Elkarteari (ASOCIDE) lagundu dio, itsu-gorren arreta osoko zerbitzuak mantentzen eta pertsona horiek gizarteratzeko esku-hartze proiektu bat bultzatzen.
Zaintzaileei laguntzeko programen sarea indartu du, zenbait modalitatetan (prestakuntza, laguntza, atsedenaldia, tresnez eta abileziez hornitzea) -6.6. gomendioa-, mendetasunaren esparruan lan egiten duten erakundeekin sinatutako hitzarmenen bidez nahiz zuzenean SENDIAN programaren bidez. Programa hori adin guztietara hedatu da, jada ez da adineko pertsonengana mugatzen.
Bi udalerritan, familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoaren onuradunen egoera aztertu da. Gainerako udalerrietan gauza bera egiteko asmoa du (11.13. gomendioa).
4.3. Arreta soziosanitarioa: esparru kontzeptuala eta nazioarteko eta
autonomietako aurrerapausoak.
Hurbilketa txosten bereziaren
jarraipena
Aurreko urteetan bezala, gai hori III.4. kapituluko 3.2. atalean aztertzen da, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen arretari buruzkoan. Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onartutako EAE Arreta Soziosanitarioko Ildoak egiteko Esparru Dokumentua eta EAEko arreta soziosaniotarioko bost ildo estrategikoak gauzatzeko egin diren aurrerapen nagusien berri ematen da bertan.
Hauek azpimarratu daitezke: Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak egindako erakundeen arteko hitzarmena, Osakidetzaren historia klinikoa adinekoen egoitzen eta egoitza-unitate soziosanitarioen esparruan elkarrekin erabiltzeko EAEn; Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Arabako Lurralde Historikoan egoitza-unitate soziosanitario baten sorrera elkarrekin finantzatzeko aurreikuspena (25 leku); Uribe Eskualdeko Lankidetza Soziosanitarioko Protokoloa, Osakidetzak, 27 udalerrik eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutakoa, sustatzea (protokolo horren xedea da etxean adinekoen arreta soziosanitarioa hobetzea, oinarrizko arreta soziosanitarioko taldean lan eginez); Gipuzkoan Lurralde Plan Operatibo Soziosanitario bat izatea, guztira 11 jarduketa-ildo bere baitan hartzen dituena (gaur egun bi sistemek batera lantzen dituzte ildo horiek).
4.4. Bilerak elkarteekin
Aurten, HELDUAK ADI! Pertsona Helduen Partaidetzaren aldeko Sare Sozialarekin lankidetzan jarraitu dugu. Lan-bilera batean, administrazioekin harremanetan egoteko dauzkaten eskubideen dekalogoa, Ararteko mapak proiektua eta E-inklusioan eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea izeneko txosten bereziaren ondorioak aurkeztu zaizkie, adinekoei buruzko alderdiei buruz hitz eginez. Dinamika horri buruzko informazio zehatzagoa dago txosten horren II. kapituluko IKTen eta datu-babesaren inguruko atalean.
4.5. Txosten bereziak
Aurten, erakunde honek Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak txosten berezia argitaratu du.
Txosten horretan, mendeko pertsonak dituzten familiei laguntzeko neurriak aztertzen dira (V. kapituluko 5. atala), eta esparru honetan EAEn dauden baliabideei buruzko balorazioa egiten da (VI. kapitulua). Hamabigarren gomendioak neurri horiek hobetu eta areagotu behar direla aipatzen du, eta tartean sartuta dauden administrazioei zenbait jarduketa bultzatzeko eskatzen die.
Kapitulu horretako familien atalean, txostenak, oro har, jorratzen dituen gai nagusiak deskribatzen dira.
4.6. Beste jarduera batzuk
4.6.1.Irailaren 9an eta 10ean XXXIII. Uda Ikastaroak eta Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak izan ziren, Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: botere publikoen erantzuna izenburupean.
Jardunaldi horietan, Herriaren defentsa erakundeen adierazpena irakurri zen, aurretik bi lantegitan egindako lanean adostutakoa. Lantegietako batean, Sevillan egindakoan, Familia zaurgarriak: politikak eta baliabideak gaia izan zen hizpide. Gizarte-bazterketako egoeran dauden edo gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden familien, zaurgarritasun-egoeran dauden edo zaurgarritasun-egoeran egoteko arriskuan dauden adingabeak dituzten familien eta mendeko pertsonak dituzten familien arazoa jorratu zen. Lantegi horietako eduki guztiak gure web-orrian daude.
4.6.2.Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Laneko ikastetxeekin batera Arartekoaren Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera txosten bereziaren jarraipena egiteko jardunaldi tekniko bat garatu zen.
4.6.3.Ekainaren 15ean, Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Munduko Egunean, Arartekoak, Erakunde adierazpen baten bidez, tinko gaitzetsi eta arbuiatu zituen ekintza horiek, eta enpatia eta elkartasuna adierazi zien horrelakoak nozitzen dituzten adineko guztiei. Kaltetuei, herritarrei eta profesionalei eskatu zien gizarteko gaitz horren kontra salatzeko jarrera proaktiboa hartzeko.
4.6.4.Abenduaren 11n, Arrasaten, XI. ARINDUZ Jardunaldiaaurkeztu zuen Arartekoak, zainketa aringarriei buruzkoa. Esku-hartze batek Gaixoen eskubideak bizitzaren amaiera izenburua izan zuen.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Adineko pertsonen kolektiboa oso heterogeneoa da eta pertsona autonomoen %80 eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen %20 inguru biltzen ditu. Gizarteari egiten dioten ekarpena zalantzagabea da, eta dauden estereotipoen aurka, zainketa-emaileak dira ahalmenez betetako bizi-etapa batean. Mendetasuna duen populazioaren %80 65 urtetik gorakoa da; gainerako %20a ezgaitasunen bat duten pertsonak dira.
5.2. Zahartze aktiboaren paradigmak, adineko pertsonen giza eskubideen aitorpenean eta zenbait printzipiotan (independentzia, partaidetza, duintasuna, laguntza eta auto-errealizazioa) oinarrituta dagoenak, jarraitu behar du politika publikoen taxutzea bultzatzen. Azken helburua pertsona orok ongizate fisiko, sozial eta psikoafektiborako duen ahalmena bere bizi ziklo osoan gauzatzea, eta gizartean bere premien, desiren eta gaitasunen arabera parte hartzea da, behar duenean, babesa, segurtasuna eta zaintza egokiak jasoz.
Euskal herri-administrazioek sakondu behar dute bai adineko pertsonen prestakuntza, informazioa eta partaidetza bermatzera zuzendutako ekintzen bultzadan, bai nahi duten pertsonei beren ezagutza, esperientzia eta lankidetzaren ekarpena egitera bideratutako jarduketen bultzadan ere.
5.3. Estatuak norberaren autonomia sustatzearen eta mendetasun-egoerari eman beharreko arretaren esparruan gastu publikoa izugarri murriztu badu ere, eta horren ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoei eman beharreko ekarpena txikitu badu ere, gure foru erakundeek beren baliabideak erabiliz konpentsatu dute murrizketa hori, eta horri balorazio positiboa eman behar diogu. Estatu-mailan politika horien garapenean atzera egiten ari dira, eta autonomia-erkidegoek kaltetutako taldeari babes-maila osagarriak ezartzeko duten ahalmena egikarituz arindu da atzerakada hori, eta hori, gure ustez, funtsezkoa da. Oro har, erakunde honek esparru horri buruz emandako gomendio batzuk betetzen aurrerapen nabarmenak izan direla erreparatu dugu.
Hala ere, 2014ko estatistika-datu batzuek ohartarazi digute Euskal Autonomia Erkidego osoan egoerak okerrera egin duela: prestaziorako eskubidea duten eta arretaren zain dauden pertsonen ehunekoa handitu egin da aurreko urtearekin alderatuta; ebazpen-mailak okerrera egin du (irizpenen ehunekoa espedienteen kopuruarekiko); esleitutako prestazioa duten pertsonen kopuruak behera egin du, bai eta prestazioen kopuruak ere; eta onuraduneko prestazio-ratioa txikitu egin da.
Hori dela eta, beharrezkoa da euskal herri-administrazioek ahalegin handiagoa egitea eta beren gain hartzea norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasuna babesteko eskubide subjektiboaren erronkaren ardura, politika guztietan, bereziki zaurgarria den talde horren arretari lehentasuna emanez. Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruz lortu den hitzarmenak aukera ezin hobea emango du aipatu atzerakada arintzeko eta 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, gure autonomia-erkidegoari gizarte-laguntzako esparruan esklusiboki esleitutako eskumenaren adierazpen garbia, eraginkortasunez ezartzen dela bermatzeko, eta ezinbestekoa da aukera hortaz baliatzea.
5.4. Zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzaren kotizaziorako Estatuaren finantzaketa kentzea neurri izugarri kaltegarria izan da, gizarte-bazterketa eta mendetasunaren babes gabezia eragiten dituena; arriskuan jartzen du arretarako eredu komunitarioa eta larriki kaltetzen du familiak eta inguru hurbilak –gehienetan, emakumeek– egiten duten zainketa-lana, hain zuzen ere FIZPEk bideratzen zuena. Gainera, berarekin dakar aukera bat galtzea enplegua sortzeko gai den sektore batean inbertitzeko, horrek dakartzan itzulkin eskergarriak, alde batetik zergetan eta bestetik osasun-gastuan eta langabeziarengatiko prestazioetan induzitutako aurrezkietan.
Autonomia-erkidegoko administrazioak, gizarte-egoera ahuleneko taldeekiko erantzukizuna eta konpromisoa egikarituz, zenbait neurri hartu ditu, estatu-mailan egindako osasun-murrizketa batzuen ondorioak arintzeko. Gure ustez, autonomia-erkidegoko administrazioak egin duen bezala, beharrezkoa eta premiazkoa da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kotizazio horiei aurre egiteko laguntza-ildoak ezartzea, mendetasuna eraginkortasunez babesten dela bermatzeko, eta genero-politika eta enplegua sortzeko politika egokiak azpimarratzeko.
5.5. Egiaztatutako egitate bat da adineko pertsonek nahiago izaten dutela mendetasunari beren etxean aurre egin. Herritarren kexek behin eta berriz ohartarazten digute pertsonak bere etxean mantentzera bideratutako neurri guztiak indartu behar direla: FIZPE eskuratzea –bere prebalentzia areagotzen jarraitzen duen prestazioa–, etxeko arreta, laguntza-produktuak, etxebizitza egokitzea, eguneko zentroak, zentro okupazionalak, aldi baterako egonaldiak eta asteburukoak egoitzetan eta eguneko zentroetan, zaintzaileei laguntzeko programak, norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuak eta abar. Horrek guztiak eskatzen du botere publikoek berma dezatela haien funtzionamendu egokia, zainketa horien kalitatea eta egokitasuna, sarbideko baldintzen malgutzea eta bi sexuen baterako erantzukizuna.
Oro har, egokia dirudi informazioari, jarraipenaren balorazioari, etxeko arretari, arreta pertsonalari eta gizarte-laguntzari buruzko prestazioek etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren edukia eratzea, erabiltzaile bakoitzarentzat aurreikusitako zerbitzuaren intentsitatearen esparruan. Horretarako, beharrezkoa da kasu jakin bakoitzean baten edo bestearen egokitasuna baloratzea, bai eta hainbat prestazio eta zerbitzuren metaketa ere, haien artean bateraezintasunik gertatu gabe. Beharrezkoa da erakunde horien finantza-buruaskitasuna bermatzea, zerbitzua egokia eman ahal izateko. Laguntza-zerbitzua eguneko zentroaren zerbitzua eraginkortasunez emateko beharrezko bidea den neurrian, foru aldundiaren eta udalen esparruek elkarrekin heldu behar diote arazo horri.
Balorazio positiboa ematen diogu telelaguntzako zerbitzuaren onuradunen kopuruak izandako igoera nabarmenari, bai eta autonomia-erkidegoko administrazioak zerbitzu hori lurralde osoan ezartzeko duen helburuari ere. Izan ere, oinarrizko zerbitzu bat da, bateragarria da gainerako zerbitzuekin eta prestazioekin, eta oso eraginkorra da adineko pertsonak beren etxean mantentzeko.
Mendetasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzaren eguneroko bizitzako jardueretan laguntza-premia guztiak betetzeko zeregina erronka bat da, eta sarritan, zaila da zerbitzu bakar bat edo prestazio bakar bat esleituz hori lortzea. Zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak aldi berean erabiltzeari esker, mendetasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzaren premietara hobeto egoki daitekeenez, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan egungo bateragarritasun-araubideak hobetzea, nahiz eta estatu-mailakoak baino nabarmen hobeak izan.
5.6. Egoitzako arreta dela eta ikusi diren akats batzuen aurrean, gure erakundeetan aurrera egin behar dugu pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta gerontologikoaren eredua ezartzen, zerbitzuen adineko erabiltzaileen autodeterminazioari eginkizun nagusia eman dielako. Pertsona bakoitza eta haren bizi proiektua arretaren eta, beraz, erakundearen eta laguntza prozesuen erdigunea dira. Izaki bakarra den aldetik pertsonaren duintasuna, haren eskubideak, haren lehentasunak errespetatzea eta norberaren ongizatea bilatzea funtsezko balioak dira arreta eredu horretan, baita adimenaren andeatze larriko egoeretan ere. Printzipio horiek ezartzeko sentsibilizazioa eta prestakuntza behar dira, eta rol profesional berriak pentsatu behar dira, antolakuntza sistema batzuk berrikusi eta eredu berri horren araberako esku-hartzeak diseinatu. Aurrerapen horiek lortzeko, funtsezkoak dira administrazioaren ikuskatze-lana eta lan horren oinarri izan behar duen jarrera ebaluatzaile eta pedagogikoa.
5.7. Funtsezkotzat jotzen dugu gure foru administrazioek mendetasun-egoera baloratzeko taldeak osatzen dituzten profesionalen prestakuntza espezializatua sustatzen jarraitzea, bereziki berariazko taldeek dituzten arazoen inguruan, hala nola adingabeek, ezgaitasun intelektuala duten pertsonek, burutik gaixo dauden pertsonek eta komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonek dituzten arazoen inguruan.
5.8. Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoei tratu txar fisikoak eta ekonomikoak ematearen alerta-seinaleak hautemateko tresna, duela gutxi abian jarri dena, urrats berri bat da, eta zenbait zerbitzuk parte hartzea eta elkarren artean koordinatzea eskatzen du, gizarteko gaitz hori errotik kentzen eraginkorra izango dela bermatzeko.
11. Talde terroristen biktimak
1. Arloa kopurutan
2014. urtean ez da jaso talde terroristen biktimen arloarekin zerikusia daukan kexarik.
2. Araudi eta gizarte- testuingurua
2.1. Bakean eta aske bizitzeko eskubidea. Parte hartzeko eskubidea
Uztailaren 29an 157/2014 Dekretua, Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzen duena, onetsi zen.
>Bake eta Bizikidetza Planak berak, 2013ko azaroaren 26an onartutakoak, aholku batzorde bat sortzea ezarri zuen; haren xedea hauxe da: “erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harremanak sustatzea, Bake eta Bizikidetza Planaren helburua, alegia, gizartea elkartzea, bultzatzeko”. Aurreko Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Aholku Batzordearen zereginen egitura plan berriaren helburura (gizartea elkartzea) egokitzea xedatu da. Gizarteak parte hartzearen printzipioa edukiaz hornitu nahi da. Halaber, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen sustapenean sartuta dauden gizarte-erakundeek parte hartzeko bide bat izatea nahi da, baita arloko erakundeek bat egiteko bide bat ere.
Batzordearen osaketan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, euskal udaletako, Euskadiko Eskola Kontseiluko, UPV/EHUko, EITBko, Emakundeko eta Ararteko erakundeko zenbait sailek parte hartzea aurreikusita dago. Era berean, bakea eta bizikidetza sustatzen lan egiten duten elkarte eta erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte, baita Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko lehendakariak ere.
2.2. Memoriarako eta egiarako eskubidea
Terrorismoaren biktimek garrantzi handia eman izan diete beti egiari eta memoriari.
KREIk 2013an egindako txostenean (Víctimas del terrorismo residentes en la CAPV: Desazón y esperanza en víctimas indirectas de asesinatos), inkestan parte hartu duten biktimek azpimarratu dute biktimek terrorismoa amaitzeko egin dezaketen ekarpen onena honako hau dela: “haien lekukotzak, memorialetan eta artxibo digitaletan eta urrutitik jasotakoak, eta, ordena honetan, geletan egotea, eztabaida publikoetan parte hartzea eta memoria sustatzeko ekitaldietan egotea”. Zentzu horretan, balorazio positibo batez nabarmendu behar da joan den 2014ko irailaren 24an Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian sartuta, azpititulu hau zeukan agiri bat aurkeztu zuela: “Aldi bereko hamabost lan-ildo eta zentzuzko batasun bat”. Lan-ildo horietako bik biktimen memoriari lotutako esku-hartzeekin daukate zerikusia. Horietariko bat Memoriaren Maparen burutzapena da.
Ekimen hori, Memoriaren Mapa izenaz ezagutua, terrorismoak eta indarkeriak bidegabeki erail zituzten pertsonen oroimenezko ekitaldiak sustatzean datza, udalen laguntzaz. Agiriak aitortu du jarduketa horrek, aurreko legegintzaldian abian jarri baitzen, “garapen mugatua izan zuela”; beraz, Bake eta Bizikidetza Planean “Memoriaren Mapa berriro bultzatzeko” eta tokiko esparruan oroimenezko ekitaldiak sustatzeko helburua jaso zen.
Oso garrantzitsua da tresna horrek emaitza positiboak edukitzea eta besteak beste zera konpontzea: pertsonak hiltzea eragin duten jarduketa terroristak egin diren udalerri gehienetan ez dela inolako neurririk hartu biktimen oroitzapena omentzeko.
Euskadin terrorismoaren biktimei erakundeek emandako arreta izeneko Arartekoaren 2009ko txostenean, honako hau agerian jarri zen: “EAEko udalerri askotan, euren herrietan heriotzak eragin dituzten atentatu terroristak jasan dituzten arren, ez da biktimak omentzeko ekitaldirik antolatu”. Tamalez, terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta aintzat hartzeko ekitaldi falta horrek errealitatea izaten jarraitzen du euskal udalerri askotan eta bereziki heriotzak eragin dituzten atentatuak gertatu ziren udalerri ugaritan.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren agiri bat, “Memoriaren Mapa amaituz” izenekoa, bereziki beharrezkoa da eta bidegabekeria handi hori konpontzeko balio beharko luke, batez ere egintza terroristek pertsonak erail dituzten udalerri horietan. Horregatik, biktimak udal-esparruan aintzat hartzeko jarduketak egin behar direla azpimarratu behar da.
Bestalde, nabarmendu behar da bigarren lan-ildoa memoria-erakundeak sortzeko laguntza dela, Bake eta Bizikidetza Planean xedatu zen bezala. Azkenean, estatuko administrazioak Terrorismoaren Biktimen Memoriala abian jarri du, irailaren 22ko 29/2011 Legean –terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko eta erabat babestekoan– zehaztu zen moduan. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak azaroaren 27ko 4/2014 Legea –Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa– onetsi du.
Memoria etikoko premisetan oinarrituta, gutxieneko adostasun bat lortu behar da, erakunde-leialtasunetik bi proiektuak koordinatu ahal izateko, terrorismoaren biktimen oroitzapena eta indarkeriaren bestelako adierazpen bidegabeen biktimen oroitzapena omentzeko. Bi pro-
iektuak bilduz, terrorismoaren biktimak eta indarkeriaren bestelako adierazpenen biktimak aintzat hartzea erdietsi beharko da. Nolanahi ere, indarkeriaren biktimen lekukotzak dokumentatzeko bidea ematen duen eduki tekniko bat eduki beharko du.
2.3. Bakean eta aske bizitzeko eskubidea: indarkeria terroristari aurrea hartzeko heziz terrorismoari zilegitasuna kentzea
Terrorismoaren biktimei erakundeek emandako arretari buruzko txostenean, Arartekoak honakoa azpimarratu zuen: “Etorkizuneko biktimizazioak ekiditeko biktimek duten eskubideak eskatzen du herritarrak gorroto eta beldurrik gabe heztea, balio demokratikoak etengabe babesteko konpromisoa hartzea, eta helburu pertsonalak zein politikoak lortzeko bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea, horrela bermatuko baita askatasunezko eta justiziazko bizikidetasuna”.
Zentzu horretan, honakoa gomendatu zen: “Kontzientziaziorako eta bizikidetzarako hezkuntzarako programen diseinuak eta ebaluazioak, ikasle taldeei eta gizarte zibileko foro guztiei zuzenduak, biktimen euren parte-hartzea eduki behar dute. Gainera, haien lekukotza pertsonalak eta programen hartzaileekin aurrez aurre aritzeko dauden aukerak saihestezinak dira programen eraginkortasuna eta parte-hartzaileen gogobetetasuna baloratzeko”.
Horregatik, oso era positiboan baloratu da Adi-adian Modulua hezkuntza-esparruan sustatzea. Izan ere, horren bidez zenbait talde terroristaren biktimen lekukotza geletara eraman da; “elkartasuneko, enpatiako eta giza duintasuneko hezkuntza-esperientzia” bat izan da, eta aurreko legegintzaldietan garatutako esperientziei jarraipena eman die. Esperientzia horretan parte hartzen duten terrorismoaren biktimen eskuzabaltasuna azpimarratu behar da bereziki, gure eskola-umeei gertatu zena ezagutarazten baitiete eta terrorismoaren biktimen errealitatearen berri ematen baitiete.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Arartekoak oso modu positiboan baloratu du terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioak egotea, biktimen eskubideak errebindikatzeko eragile beharrezkoak dira-eta. Era berean, ezinbestekoa iruditzen zaigu gizarte-arloan bizikidetzaren eta bakearen alde lan egiten duten erakunde eta elkarteen egitekoa.
Arartekoa beti hartu izan ditu ondo erakunde, elkarte eta fundazio horien ekimenak. Halaber, 2014an balio horien alde antolatu dituzten ekitaldi batzuetara joan da eta terrorismoaren biktimen eskubideei buruzko zenbait forutan parte hartu du, hitzaldiak aurkeztuz edo eztabaida-mahaietan esku hartuz.
3.2. Administrazioekiko harremanak
Ararteko erakundea 2014an Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin bildu da bakegintzaren eta bizikidetzaren arloan abian jartzen ari diren ekimenak eta pro-
iektuak aztertzeko, biktimen esparruko politikei lotuta, eta bereziki memoriarako eskubideari dagokionez, baita terrorismoaren biktimei arreta pertsonalizatua emateko neurriei buruz ere.
3.3. Arartekoko ordezkari batek Bake eta Bizikidetzarako Aholku Batzordearen eraketan parte hartzea
Joan den abenduaren 2an, Arartekoko ordezkari baten partaidetzaz, Bake eta Bizikidetzarako Aholku Batzordea eratu zen, barne-funtzionamenduko araudia onartu zen eta 2015ean arlo horretan jarduteko plan bat ezarri zen.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Aipagarria da 2011n ETAk “indarkeriaren behin betiko amaiera” adierazi zuenetik ez dela jarduera terroristarik egon eta horrek esan nahi duela talde terroristen jarduketek ez dutela herritarren bizitzarako, askatasunerako eta norberaren segurtasunerako eskubidea inola ere urratu.
Horrez gain, euskal erakundeek terrorismoaren biktimen ordainerako, justiziarako eta egiarako eskubideak eraginkor egiten laguntzen duten jarduketetan sakondu behar dute. Era berean, batez ere udal-esparruan, terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko jarduketak egin behar dira.
1 1. Egun, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 14. artikuluan dago jasota aipatu “tekniko eskudunak emandako ziurtagiriaren” eskakizuna. Etxebizitza eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak eta autonomia erregimeneko zuzkidurako bizitokiak emateko prozedurari buruzkoa da aipatu agindua.
3 FRA EU LGBT azterlana (2013ko maiatzean argitaratua) egin zen online, EBko 28 estatu kideetan, 2012ko apirilaren eta uztailaren artean. Azterlanak 18 urte edo gehiago zuten, euren burua lesbiana, gay, bisexual edo transgenero identifikatu zuten eta EBn bizi ziren 93.079 pertsonaren informazioa bildu zuen.(http://fra.europa.eu/en/publication/2013/eu-lgbt-survey-european-union-lesbian-gay-bisexual-and-transgender-survey-results).
4 Europako Giza Eskubideen Auzitegia, Vejdeland eta beste batzuk vs Suedia, 2012ko otsailaren 9ko epaia.
5 LGTBI adingabeei buruzko jarrera agiriak: http://www.coe.int/en/web/commissioner/-/lgbti-children-have-the-right-to-safety-and-equality (2014ko urria); NBEko errelatore bereziaren hezkuntzarako eskubideari buruzko txostena, 2010eko uztailaren 23koa, UN doc. A/65/162; Gizarte Eskubideen Europako Batzordea, Interights vs.Kroazia, 45/2007 Salaketa, 2009ko martxoaren 30eko kasuaren funtsari buruzko erabakia.
6 LGTBI adingabeei buruzko jarrera agiria (2014ko urria).