III . ATALA . Buruko gaixotasunaren prebalentzia espetxean
80ko hamarkadaz geroztik ospitale psikiatrikoen desagerpena eragin zuen erreforma psikiatrikoa ezarri da, buruko gaixotasunak dituzten pertsonak (sarritan bizi osorako) beren gizarte-ingurutik ez isolatzeko asmoz. Era berean, era guztietako erkidego-zerbitzuen sare bat antolatu behar zen, beren beharrizanei erantzun ahal izateko: eguneko ospitaleak, zaintzapeko pisuak, enplegu bereziko programak, anbulatorio-tratamenduen sarea, eta abar.
Gure ustez, hiritarren kexetan, ukitutako administrazioen eskutik jasotako informazioan eta arlo honetan lan egiten duten talde eta elkarteekiko harremanean oinarrituta, azken urteetan EAEk bilakaera nabarmena baina ez nahikoa bizi izan du talde bereziki ahul baten babes eta arretan. Buruko osasun-arazoak dituzten pertsonez ari gara.
Azken urteotan nabarmen sustatu dira haur, gazte eta helduentzako buru-osasuneko zentroen sorrera, ezarpena eta hobekuntza, ospitaleratze laburreko unitateak, haur, gazte eta helduentzako eguneko ospitaleak, egonaldi ertaineko unitateak, errehabilitazio eta psikogeriatria unitateak, eta ap
urka-apurka sortu eta hedatu dira ospitalez bestelako egoitza-egiturak, besteak beste, zaintzapeko pisuak, ikuskatutako pisuak, miniegoitzak, etxeak, erkidego terapeutikoak, pentsioak eta ostatu babestuak.
Hala ere, aurrerapenak erregistratu diren arren, aurrerapen horiek desinstituzionalizazio1-prozesu burutu gabearen esparruan eman dira eta oraindik ere bitarteko errehabilitazio-egiturak ez dira nahikoak buruko osasunaren eremuan (eguneko ospitaleak/zentroak, ikuskapen-maila desberdina duten ostatu-baliabideak, lanbide-zentroak, erkidego terapeutikoak, gizarte-klubak eta errehabilitazio psikosozialeko baliabideak).
Egitura hauek ezinbestekoak dira osasun mentaleko zentroetan edo egonaldi laburreko ospitalizazio-unitateetan egindako esku-hartzeak osatzeko; arreta psikiatrikoko programen ezarpen egokia bermatzeko (etxerik gabeko pertsonei zuzendutako programak, adibidez) edo desinstituzionalizazio-prozesuak garatzeko, erkidegoko arreta-eredua errealitate bihurtze aldera.
Urritasun-egoera hori are larriagoa da osasun- eta gizarte-prestazioen sarreran, mailan eta kalitatean dauden mugen ondorioz. Horren guztiaren erantzukizuna eta kudeaketa herri administrazioei dagokie eta jasaten ari garen aldaketa sakonen eszenatoki honen ondorio izan liteke, egungo krisi ekonomiko larria kontuan hartuta.
Horrenbestez, arriskuan jarri dira lehendik zeuden baliabideak, erakunde pribatuen menpekoak, horiei ustea neurri handi batean finantzazio publikoen esku baitago. Beraz, espetxeak, kasu askotan, buruko gaixotasunak dituzten pertsona askoren azken geltoki bihurtu dira.
OMEren arabera, mendebaldeko gizarteetan nahasdura psikiatrikoen eragina zazpi aldiz altuagoa da espetxeetako biztanleriarengan, biztanleria orokorrarengan baino. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeko gomendioetan jasotakoaren arabera, azken urteetan igoera nabarmena egon da espetxera sartzen diren pertsonen buruko nahasduretan.
Espainiako Espetxeetako Buruko Gaixotasunen Prebalentziari buruzko txostenak (PRECA azterlana), Espainian espetxeetako buruko gaixotasunen prebalentziari buruz egindako hedatuenak eta 2011ko ekainean argitaratutakoak, berariaz azpimarratzen du patologia psikiatrikoaren prebalentzia Espainiako presoen artean 5 aldiz altuagoa dela gainerako biztanleriaren aldean. Halaber, datu kezkagarriak adierazi ditu.
Hori horrela, Espainiako biztanleria orokorraren laginketa batean ikusi ahal izan zenez, buruko nahasduren prebalentzia %15,7koa zen gizonen artean (Haro et al., 2006) eta, PRECA azterlanetik eskuratutako datuen arabera, espetxeetako biztanleriaren buruko gaixotasunaren prebalentzia gutxi gorabehera bost aldiz altuagoa da (%84,4). Hau da, preso dauden 10 pertsonatik 8ik bere bizitzan zehar buruko nahasduraren bat jasan du eta horien artean substantzien erabileraren ziozko nahasdura da ohikoena (%76,2), ondoren antsietatearen nahasdura (%45,3), nahasdura afektiboa (%41) eta nahasdura psikotikoa (%10,7).
Kualifikazioko landa-lanetan elkarrizketatutako pertsonek emandako datuen arabera, gero zehaztuko ditugunak, Araba espetxean ohiko erregimenean 50 pertsona inguruk dute nahasdura psikotikoren bat. Datu horiek estrapolatuz gero, EAEko espetxeetan buruko gaixotasun larriak dituzten 100 pertsona inguru daudela esan genezake, Eusko Jaurlaritzaren 2006ko txostenean adierazi zenaren ildotik (Líneas Generales de Política de Ejecución Penal y Penitenciaria. Ap
roximación a un modelo para la CAPV).
Dauzkagun azken datuen arabera, buruko nahasduraren bat izatearen prebalentzia %41,2koa da espetxeetako biztanleriaren artean: preso dauden 10 pertsonatik 4k buruko nahasduraren bat dauka gaur egun. Barne Ministerioaren espetxeetako buruko osasunari buruzko azterlanean (2007) antzeko datuak agertzen ziren, preso dagoen biztanleriaren artean buruko nahasduraren bat jasateko prebalentzia %45,9koa zela adierazten baitzen.
Espetxeetako buruko nahasduren prebalentziari buruzko datu fidagarriak izatea ezinbestekoa da espetxera sartzen diren unean espetxeetako buru-osasuneko zerbitzuak hobetu ahal izateko, baina, baita, pertsona horien epe luzeagorako beharrizanak kontuan hartzeko, erkidego-zerbitzuak planifikatze aldera. Aldiko (azken hileko) prebalentzian oinarritako espetxeetako azterlanek buruko nahasduren tasa nahiz nahasdura bakoitzerako biztanleriaren osasun-beharrizanak gutxiesteko joera dute.
Azpimarratzekoa da, era berean, substantzia-erabileraren ondoriozko nahasduraren bat duten edo izan duten pertsona presoek komorbilitate altua dutela buruko patologien talde diagnostiko prebalenteenekin. Hain da horrela ezen, PRECA azterlanaren emaitzen arabera, buruko nahasduraren bat duten pertsona presoen %8k soilik ez baitu substantzia-erabileraren ondoriozko nahasduren historialik.
Biztanleria presoaren artean nortasun-nahasduraren bat dutenen prebalentzia altua ere nabarmena da: PRECA azterlanean aztertutako laginketatik %80 inguruk gutxienez nortasun-nahasdura bat zuen.
Lehen aipatutako agirian (Líneas Generales de Política de Ejecución Penal y Penitenciaria. Ap
roximación a un modelo para la CAPV) jasotako errealitatearen azterketan dagoeneko islatzen zen EAEn pertsona presoen %70 inguruk zuela nortasun-nahasduraren bat.
Atzerritarren ahulezia-egoera ere azpimarratzen da, gehienak legezko egoitzarik gabeak eta bazterkeria-egoera larrian baitaude, eta espetxeratzeak eta beren jaioterritik aldentzeak buruko gaixotasunen bat eragin dezake.
1 Arartekoak 2012an honako izenburuko azterlana eman du argitara: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak. Bertan, talde bereziki ahul horien buru-osasuna artatu eta babestearen arloan euskal herri-administrazioek azken urteotan egin duten ahalegin handia aitortu du. Aldi berean, ekimen berriak, garapen handiagoak edo hobekuntzak behar dituzten gaiak nabarmendu ditu. dagozkien gomendioak egin ahala. Azterlan horretan erakundeak 2000. urtean Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpotxosten berezia argitaratu zuenetik arretan erregistratu den bilakaera aztertzen da.