4.Arartekoaren udako ikastaroak
EHUko XXXII. Udako Ikastaroen barruan, Donostiako Miramar Jauregian Ararteko erakundeak antolatutako ikastaro bat egin zen, Pertsonen eskubideak babestea finantza-erakundeekin dituzten harremanetan izenburukoa.
Azken urteotan, gure gizartea nozitzen ari den krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioz, esku lotuta ikusten ari gara zenbait herritar izugarrizko ahultasun eta babesgabetasun egoeran daudela, bai finantza-produktuak edo finantza–zerbitzuak erosi dituztelako, bai bankuen jarduera batzuek kontrolatu gabeko ondorioak sortzen dituztelako, familiaren bizitzan eragin handia dutenak. Egoera hori ezin larriagoa bihurtzen da hipotekak betearaztean eta ohiko etxebizitza galtzean.
Arartekoak arazo horren gaineko eztabaida piztu nahi du, kontzeptu-ikuspegi hau abiapuntu hartuta: banku-zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak al dira? Ikuspegi aprioristiko horretatik begiratuta, administrazioaren esku-hartzeak zuzena behar du izan, horren gaineko araudia eta kontrol eraginkorra barne direla.
Era berean, Estatuak ziurtatu behar du herritarrek kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak legez babestuta egongo direla. Ziurtatu behar da banku-kontratazioak berekin dakartzan betebehar guztietan beteko direla oinarrizko eskubide horiek.
Gainera, etxebizitza izateko eskubidea Konstituzioan babestutako eskubidea dela kontuan hartuta aztertu behar da hori guztia. Horregatik, ezusteko gertakariren baten ondorioz etxebizitza galtzen bada, hipoteka betearazi delako, administrazioak zenbait neurri abiarazi behar ditu oinarrizko eskubide horri eusteko.
Horretarako, hizlari garrantzitsuak izan ditugu ikastaroan. Hasteko, Fernando Zunzunegui jaunak kontsumitzaileen eskubideak babestu eta baliatzeko araudia zertan den azaldu zuen: ikuspegi juridikotzat jotzen den hori.
Jarraian, Carmen Gallastegi andreak ikuspuntu ekonomikoa ekarriko zuen, baina familien egoerarekin eta gizarte-ekonomiarekin lotuta.
Edmundo Rodríguez Achuteguik defentsa jurisdikzionalaren ikuspegia azaldu zuen, banketxeen zerbitzu eta produktuen kontsumitzaileen eskubideei dagokienez.
Bukatzeko, mahai-inguruak ikuspuntu osagarriak eskaini zizkigun:
Justizia administrazioan eskumenak dituen administrazio autonomikoaren ikuspegia, Manu Valín Justiziako zuzendariaren eskutik, eta etxebizitza sustatzearen ikuspuntua, Mario Yoldi etxebizitza sustatzeko arduradunaren eskutik. Horrela aztertu ahal izan genuen zer tresna jarri diren abian herritarrak babesteko, baita etxebizitza izateko eskubidea benetan gauza dezaten ahalbidetzeko ere.
Rafael Richen ikuspegia. Giza eskubideen arloan abokatu ekintzailea da eta Stop Desahucios Córdoba-ko defendatzailea. Gainera, aparteko eskarmentua du banketxeen sektorean.
Ararteko erakundearen ikuspegia, Maria José Fernández de Landaren eskutik. Ogasun arloko arduraduna da eta oso ondo ezagutzen ditu finantza-erakundeen produktuak. Arartekora etortzen direnek azaltzen dizkiguten arazoetara hurbildu gintuen.
Ikastaroan emandako hitzaldiak 2013ko abenduan argitaratu dira.