2.Azterlanak
2013. urtean, 2012an hasitako azterlan hau argitaratu da:
Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
Krisiak herritarren bizi baldintzetan eta pobrezia tasetan eragina dauka, baina eragin hau ez da berdina izan herritar guztientzat. Haurren taldea pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arrisku gehien duenetako bat da, haren mendekotasun ekonomikoa, soziala, parte-hartzailea, legala eta politikoa dela-eta. Horrez gain, eragin hori beste kolektibo batzuetan baino oharkabeagoan pasatzen ari da. Eta bistakoagoa egiten laguntzeko, hain zuzen, Arartekoak krisi ekonomikoak haurrengan duen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu zuen 2013ko urtarrilean.
Azterlanak guztira 58 adierazle jorratzen ditu, 7 eremutan taldekatuak, azken urtekoetan krisi ekonomikoak EAEko haurren ekonomia– eta gizarte-arloko eskubideen baliatzeari zuzenean nola eragiten dion agerian jartzen dutenak. Hainbat datu:
15 urtetik beherako 35.000 haur (% 11,7) baino gehiago euren oinarrizko beharrak ase ahal ezin izateko arriskuan dauden etxebizitzetan bizi dira. Krisia hasi zenetik, arriskuan dauden adingabeen kopuruak % 2,6 egin du gora.
Beste lurralde eremuetako datuekin zuzenean parekatzeko aukera eskaintzen duten adierazleek azaltzen dutenez, pobrezia larriko egoeretarako ezarritako atalasetik (batez bestekoaren % 40) beherako diru-sarrerak dituzten familietan bizi diren 15 urtetik beherakoen proportzioa % 3,5etik % 6,2ra pasa da 2008tik 2012ra. Pobrezia erlatiboko tasak (batez bestekoaren % 60ko atalasea kontuan hartzen duena) estatuko (% 25,9)batez bestekotik dezente beherago dagoen balioa dauka, baina 15 urtetik beherako herritarren % 16,1i eragiten dio une honetan.
Adingabeak dituzten familietako batzuek pobreziarako arrisku berezia dute: guraso bakarreko familiak, atzerriko nazionalitatea duen pertsona baten mendeko familiak, kualifikazio baxuko edo 35 urtetik beherako burua duten familiak.
Familien % 8 inguruk kide aktibo guztiak langabezian ditu.
Egun arte, diru-sarrerak bermatzeko errentaren sistemak EAEko pobrezia-tasak eusten aldeko eragina izan duela dirudi.
Gutxienez 2 egunetan behin proteinak dituen janariren bat izateko aukera ez duten familien ehunekoak gora egin du.
Gabezia materialen ondorioz, haurrak etorkizuneko desabantaila eta zaurkortasun egoeran daude, euren gara hezkuntza, gizarte eta laneko garapenean eragina izan dezakeena. Horregatik, ezinbestekoa da haurrak kontuan hartzea gure gizarteak pairatzen dituen erronken aurrean erabakiak hartzerakoan, ez soilik euren garapen eta ongizatearengatik, baita gizarte guztiarenarengatik ere, etorkizuneko kostea garestia izan baitaiteke (herritarren eskumen maila murriztea, produktibitate gutxiago, langabezia-tasa handiagoak, babeserako sistemaren koste handiak, hezkuntza eta osasun sistema urritzea, etab.)