III.ATALA.Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
Arartekoaren lan-arloak gaikako banaketaren arabera egituratu izan dira beti. Banaketa hori osatzeko, Ararteko erakundearen jarduerak sailkatu izan diren alorretan barreiatuta dauden eta ezaugarri bereziak dituzten zenbait talderen arazoen berariazko tratamendua egiten da.
Alde horretatik eta Ararteko erakundeak pertsona guztien eskubide guztiak bermatu behar dituela uste izanda, beharrezkotzat jo da beren eskubideak burutzean kalteren bat izan dezaketen talde batzuekin lehentasunez jardutea, ahultasun handiagoko balizko egoeran daude eta.
Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko arlo horiei esker, ikuspegi praktikotik begiratuta, talde horiekin zerikusia duten gaiak bila eta aurki daitezke urteko txostenean, eta ikuspegi orokorra ematen dute. Baina garrantzitsuena zera da: talde horiek dituzten arazo eta beharrei berariaz erantzuteko eta beraien arazoak ikusarazteko jarduera-esparruak sortzeko asmoz eratu zirela. Gainera, talde horien inguruan estrategia koherentea burutzen laguntzen dute, talde bakoitzari dagokion arloko jarduera-planaren barruan.
Talde horiekin lehentasunez jarduteari eman nahi zaion garrantziak justifikatzen du urteko txostenean bakoitzak bere atala izatea, haien eskubideen gaineko berme-lan garrantzitsu hori balora dadin.
Aurreko bi urteetan egin zen moduan, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa ikusgai egitea sustatu da. Bulego horrek berezko proiekzioa izango du, eta bereizitako tokia urteko txosten honetan, izan ere, txosten orokor honi erantsitako txosten batean bilduko da 2013an burutu duen jarduera.
Atal honetan, hamabi puntutan bildu dira arreta publikoko taldeez burutu diren jarduerak:
1.Familiak
Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrakKonstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomi Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, bai eta egiteko kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1.Kexarik aipagarrienak
1.1. Seme-alabengatiko eta lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko laguntzen atzerapenak
Iaz gertatu zen moduan, azpimarratu behar dugu arlo honetan 2013an jaso diren kexa gehienek Eusko Jaurlaritzaren 177/2010 Dekretua, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, eta 255/2006 Dekretua, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, aplikatzearen ondoriozko laguntzak izapidetzean eta jasotzean atzerapena egon dela aipatu dutela. Egiaz, espediente horiek era positiboan ebatzi dira gobernuan ordainketei aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak aktibatu eta gero, eta kexagileen kobratzeko itxaropenak kasu guztietan bete dira.
1.2. Laguntzak eskuratzeko betekizunak formalki ez betetzea
Kontu hori aurrekoarekin lotuta dagoen arren, kasu hauek desberdinak dira: laguntzak ukatu dira eskuratzeko betekizunak –hala nola, EAEn administrazio-egoitza edukitzea seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzak eskuratzeko– bete ez direlako. Kasu horietan, antzeman dugu administrazioaren jarduna zorrotzagoa izan dela betekizunak materialki bete direnean baina ez direnean behar bezala frogatu zegokien prozedura-unean, hau da, prozedura hasteko eskaerarekin batera edo, hori ezean, geroko 10 eguneko zuzenketa-izapidean (denbora hori askotan laburregia da, bereziki beste herrialde batzuetako administrazioetan dagoen dokumentazioa eman behar denean, adibidez atzerritarren kasuan).
Alegia, akats formalak dagokion izapidean behar bezala zuzendu ez direnean, administrazioak ez du onartzen errekurtsoaren izapidean betekizunak materialki bete direla egiaztatzeko agiriak ematea. Agerikoa da legearen ikuspuntu formal batetik jardun hori zuzena dela eta Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 112. artikuluak era nahikoan babesten duela, ez baitu onartzen espedientean epez kanpo erantsitako dokumentazioa kontuan izatea.
Hala ere, uste dugu garrantzitsua dela interesdunei prozeduraren hasieratik bertatik behar bezala eta era nahikoan azaltzea zein dokumentazio zehatz eman behar duten. Informazio hori –beharrezkoa bada– zuzenketa-izapidean zehaztasun nahikoekin errepikatu beharko da. Horrela, laguntzak eskuratzeko betekizunak erabat betetzen dituzten eta behar bezala ez egiaztatzeagatik ezetza jaso duten pertsonen frustrazioa saihestuko litzakete, kasu gehienetan eman behar zuten dokumentazioa ez jakiteagatik soilik gertatzen baita.
Puntu honetan nabarmendu behar dugu, aurreko urteetan egin dugun bezala, komenigarria dela seme-alabak jaiotzeagatiko laguntzen emakida automatizatzea, interesdunentzat gero eta konplexuagoa den eskaera-izapidearen menpe ez egoteko. Izan ere, izapide horren ondorioz laguntzen onuradunak izan litezkeen pertsona askok ez dituzte jasotzen.
1.3. Banantzea gertatu denean zaintza ez daukaten gurasoei bateratzeko laguntzak ez onartzea
Lehen ere aipatu dugun gai errepikaria da. 177/2010 Dekretuak, banantzea gertatu denean bateratzeko laguntzak eskuratzeko, legezko zaintza edukitzea eskatzen du. Izan ere, horrela ez bada, gurasoa ezin da laguntzaren onuraduna izan, kontuan izan gabe zenbat denbora ematen duen materialki seme-alabak zaintzen, nahiz eta denbora horrek eragina izan lanaldia laburtzeko eskatzeko beharrean –horrek, printzipioz, laguntza eskatzea justifikatuko luke–. Arau horrek, berriz, judizialki onartutako zaintza partekatua duten gurasoei bateratzeko laguntzak eskatzeko aukera onartzen die (kasu horretan, bi gurasoek laguntza horiek modu proportzionalean eska litzakete). Nolanahi ere, ezin dituzte laguntza horiek eskatu zaintza ez duten gurasoek –formalki beste bikotekideari soilik onartu baitzaio–, bisita-erregimena bateratzeko laguntzak eskuratu nahi dituen bikotekidearentzat oso zabala izan arren.
Jadanik aipatu da Gizarte Gaietako Sailari 177/2010 Dekretua puntu horri dagokionez erreformatzeko egin diogun eskaera, hain zuzen ere betekizun hori seme-alabekin igarotako denbora erreala aintzat hartuz malgutzeko. Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzakberak jakinarazi digunez, aipatutako dekretua erreformatzea aurreikusita daukate eta gogoeta horiek eta aldatzeko prozesuan sor litezkeenak aztertuko dituzte. Dena den, ez dugu alderdi zehatz horri dagokionez arauaren irismen subjektiboa aldatuko dutelako konpromisorik lortu.
1.4. Seme-alaben adina laguntzak jasotzeko
Seme-alaben adina ere arlo honetan jaso ditugun kexen arrazoi errepikari gisa agertzen den gaia da. Alde batetik, adin-zenbaketek batzuetan laguntza horien onuradunei nahasmendua sortzen dietela agerian jarri da. Hori gertatzen da bigarren edo hirugarren seme-alaba jaiotzeagatiko laguntzak direnean, haurren adinen araberako mugak baitituzte eta horiek jaio diren urteko unearen menpe baitaude. Horrek batzuetan azkenean ematen ez diren laguntzen zain egotea ekartzen du.
Halaber, adina kexatzeko arrazoia da bateratzeko laguntzen kasuetan seme-alabek 8 urte baino gehiago dituztenean. Halakoetan, arauaren erregulazioaren eta errealitatearen arteko dikotomia sortzen da, adibidez enplegatu publikoen kasuan, haiek lanaldi laburragoa izan baitezakete haien seme-alabek 12 urte bete arte, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak horrela onartzen dielako. Bestetik, hori hain zuzen ere sektore pribatuko langileentzat kexatzeko arrazoia da, haien ustez erregulazio hori konparaziozko bidegabekeria baita. Izan ere, haiek ez daukate horrelako babesik, Langileen Estatutuak (Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua) bateratzeko eskubide hori adingabeak 8 urte dituen arte baino ez baitu bermatzen.
Ararteko erakundean badakigu erregulazioaren desberdintasun horiek, justifikatzen dituen babes materialik gabekoek, langileei sistema juridikoa bidegabea eta inkoherentea delako sentsazioa sortzen dietela. Nabaria denez, gaur egungo status quoa aldatu nahi duen edonolako legezko erreforma bat sustatzea ez dago gure esku. Euskadiko 177/2010 Dekretua, bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, erregulatzeari dagokionez –horren bitartez, laguntza horiek eskuratu nahi dituzten onuradunen seme-alaben adin-muga 8 urtekoa dela xedatu da–, sektore pribatuan lan egiten dutenek bateragarri egiteko ezarrita dagoen legezko mugarekin koherentea da, baina ez die sektore publikoan lan egiten dutenei erantzuten.
Desberdintasun horiek erabat deuseztatu behar dira, bateratzea gure ekonomia-ereduaren iraunkortasunaren funtsezko xedetzat hartzen duten politikei ekinez. Politika horien irismena herritarren eskubideen balorazioan aipatuko dugu berriro, familiei buruzko atal honen amaieran.
1.5. Guraso bakarreko familien errealitatea onartzea
Urtero guraso bakarreko familien kexak jasotzen jarraitzen dugu, haien familia estatusa onartua izateko eta seme-alabengatik dagozkien hobariak eskuratzeko zailtasunak dituztelako, kontuan izanda familiako titular bakar bat seme-alaben arretaz eta hezkuntzaz arduratzeak dakarren zailtasun erantsiak. Gure toki-administrazioetan familia horiek oso modu desberdinetan onartzen direla igarri dugu (bereziki udal-kiroldegien esparruan). Izan ere, kasu batzuetan guraso bakarreko familien berezitasuna erabat onartzen eta aintzat hartzen dute, baina beste batzuetan ez dute errealitate hori inola ere ezagutzen, eta horrek kalte nabaria eragiten die mota horretako familiei. Horrek guztiak pentsarazten digu euskal herri-administrazio guztiek berdin onartu behar dituzten familien kategoriak zehatz-mehatz erregulatu behar direla –familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeagaratuz–, familia horiei emandako tratuan justifikatu ezin diren desberdintasunak ezabatzeko, egoera ahulagoan edo larriagoan daudenei kalte nabarmena eragiten baitiete.
1.6. Izena eman ez duten izatezko bikoteak onartzea etxebizitza babestuak eskuratzeko
Azkenik, etxebizitza babestu baten esleipendun baten kasua aipatu behar dugu. Pertsona horri hasieran aipatutako etxebizitza erosteko bisa ukatu zioten, etxebizitza babestua eskatu baino bi urte lehenagotik etxebizitzarik ez edukitzearen betekizuna betetzen ez zuela pentsatu baitzen. Herritar horrek, aurreko bikotekide egonkorrarekin hautsi eta gero, elkarrekin zeukaten etxebizitza saldu behar izan zuen. Hala ere, ez zeuden zegokien Izatezko Bikoteen Erregistroan izena emanda. Izena eman ez zutenez, administrazioak ondorioztatu zuen ez zegoela bikote egonkorraren hausturagatik elkarrekin zeukaten etxebizitzaren salmentaren kasuaren barruan (horrek ez betetzea justifikatzen du eta aldez aurretik etxebizitzarik ez edukitzearen betekizunaren salbuespentzat hartzen da). Hori dela eta, administrazioak etxebizitza babestuaren salerosketa-kontratua hobetzeko behar zuen bisa ukatu zion. Gure esku-hartzearen ostean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kasu horretarako interpretazio-irizpide hori zuzendu du, eta erabaki du etorkizunean izatezko bikoteen onarpena malgutuko duela etxebizitza babestuaren esparruari dagokionez. Interpretazio-aldaketa horren garrantzia kontuan hartuta, erabakia hitzez hitz kopiatu dugu, erakunde honi jakinarazi dioten bezala: “Sail honen iritziz, izatezko bikote bat eratu dela jotzeko irizpidea aldatu behar da etxebizitza-premia izateko eskakizunari dagokionez. Horrela, baldin eta zuzenbideak onartutako beste bitarteko batek –Izatezko Bikoteen Erregistroan izena ematea ez dena– frogatzen badu izatezko bikote bat eratu dela, egoera salbuespenezkoa dela onartu behar da”. Etxebizitza arloa aztertzen duen txosten honen atalean aipatuko dugu gai hori zehaztasun gehiagorekin.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Euskal Autonomia Erkidegoan, familiei laguntzeko politika publikoetarako oinarriak ezartzen dituen lege– eta arau-esparrua, lehenik eta behin, familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak eratu du; horren bidez, arlo horretan izan beharreko esku-hartze publikoaren oinarriak eta printzipioak ezarri dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan familiei laguntzeko araudi bat egin du, eta hori da seme-alabengatiko diru-laguntzak arautzen dituen oinarria, bai eta familiako bizitza eta lana bateragarri egiten laguntzeko oinarria ere. Gaur egun arlo horien gainean indarrean dauden arau esanguratsuenak honako hauek dira: 255/2006 Dekretua, abenduaren 19koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, eta 177/2010 Dekretua, ekainaren 29koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa. Azkenik, araudi hori familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren bidez osatu da. Dekretu horrek, 13/2008 Legearen 6. artikulua garatuz, familia-errenta estandarizatzeko sistemak ezarri ditu, hain zuzen ere, familia-egoera eta –mota guztiak ekitatez tratatu ahal izateko. Sistema horiek familientzako laguntza ekonomikoetan edo familiei laguntzeko zerbitzuetan aplikatzekoak dira, baldin eta familia-unitatearen maila ekonomikoa laguntza edo zerbitzu horietara iristeko baldintza bada, edo prestazio horren zenbatekoa edo zerbitzuagatik ordainduko den zatia zehazteko irizpidea bada. Familia-errentak estandarizatzeko sistema horiek baliokidetasun-sistemak dira, errenta neurtzeko gai direnak, ez bakarrik familia-unitateko kide-kopuruaren arabera, baizik eta baita ere unitatearen osamoduaren arabera. Izan ere, kontuan izan behar da ezen, diru-sarreren maila berbera duten baina osamodu desberdina duten familia-unitateek, ez dutela izaten gaitasun ekonomiko berbera, erosteko ahalmenari eta bizi-kalitateari dagokienez.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan familiei laguntzeko politika publikoen ildoak eta norabideak familiei laguntzeko erakundeen arteko planetan jasota daude. Horien abiapuntua Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko I. Plana izan zen; izan ere, familiei laguntzeko sistema unibertsal, integral eta koordinatu bat lortzeko bidearen hasiera izan zen hori, eta horren ondoren Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko II Plana etorri zen, 2006tik 2010era bitarteko aldirako programaturikoa; dena dela, urtebete gehiagoko indarraldia eman zioten.
2013. urtea Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana (2011-2015) indarrean egon den bigarren urtea izan da. Plana Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27an. Plan horrek datozen bost urteetan familiei laguntzeko politika publikoak lotuko dituen estrategia eta helburuen esparrua ezartzen du.
Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak, Euskadin familiei laguntzeko autonomiako politika publikoak zuzentzeko eta ezartzeko organo eskuduna den heinean, jardun-esparruei eta ekintza estrategikoei lehentasuna emateko lan-prozesu bat sortzea erabaki du 2013. urtean. Horrela, aipatutako Erakunde Arteko III. Plana Familien Euskal Behatokiak antzematen dituen errealitate eta premia berrietara egokituko du. 2013-2016ko legealdirako, planean jasotako 32 neurriri erantzuten dieten 16 ekintza estrategiko hautatu dira. Era berean, zeharkako ekintzak gehitu dira, esaterako erakundeen arteko (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta EUDEL) lan-mahai bat sortzea eta lehenetsitako ekintzen garapenari eta ebaluazioari buruzko txosten bat egitea. Lehentasunez sustatu nahi diren eremuetako gai azpimarragarrienak hauek dira:
Familiako bizitza, bizitza pertsonala eta lanbidea bateratzea:
– Sektore pribatuko enplegua xede duten neurriak.
– Sektore publikoko enplegua xede duten neurriak.
– Neurri esperimentalak.
– Gizarte onarpenerako neurriak.
Gurasotasun positiboa.
Belaunaldien arteko elkartasuna.
Diru-laguntzak.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2013. urterako egindako jarduteko planaren esparruan, arlo honetan egindako jardun nagusien berri emango dugu. Hain zuzen ere, agerian jarriko dugu zein izan diren Arartekoarentzat gai nagusiak familien arretaren arloan:
3.1. Euskadin familiak babesteko politika publikoen egoerari buruzko txosten berezia
2013. urtean zehar Euskadin familiak babesteko politika publikoen egoerari buruzko txosten berezia egin da. Eusko Legebiltzarrarentzako iazko txostenean horren hasieraren berri eman genuen jadanik. Aipatutako azterketa bereziaren azken fasean gaudenez, 2014an aurkeztuko diogu Eusko Legebiltzarrari. Horren bitartez EAEko familia-politiken konparazio-diagnostiko bat egin nahi dugu, gure ingurune hurbileneko Europako herrialdeetan sustatutako politika aurreratu eta babesleenekin alderatuz. Horrela, familiak babesteko sistema hobetzeko gomendio batzuk proposatuko ditugu, euskal botere publikoek Euskadiko familien eskaera eta premiei erantzun egokiago bat eman ahal izateko.
Lehen esan dugun moduan, familiaren kontzeptuaren ikuspegi zabala hartu dugu oinarri, haurrentzat, adinekoentzat eta ezgaitasunen bat, mendetasuna eta gaixotasunak dituzten pertsonentzat euskarria den giza bizikidetzako esparru gisa ulertuta. Ikuspuntu integral edo ez murriztaile horri esker, euskal familien errealitatera hobeto hurbiltzen diren hainbat familia-egoera kontuan hartu ahal izango ditugu, eta horrela Euskadin familiei laguntzeko politika publikoetan heldu behar zaien hobetzeko esparruen ikuskera oso bat edukiko dugu.
3.2. Bilera familia ugarien elkartearekin
Aurten ere bilera bat egin dugu Hirukide Euskadiko kide ugariko familien elkartearekin. Elkarte horrek –erakunde hau urtero biltzen da harekin familien arloa sortu zenetik– bere lan-ildo nagusiak eta botere publikoei egindako eskaerak ezagutarazi dizkigu. Arartekoak jaso egin ditu, aztertzeko eta, hala balegokio, tartean dauden administrazioei helarazteko asmoz. Hirukide elkarteak, familien beste elkarte batzuek bezala, aurreko atalean aipatu dugun eta egiten ari garen txosten bereziaren esparruan egin den landa-lanean eta informazio-bilketan parte hartu du. Txostenak, esan bezala, Euskadiko familien egoera du hizpide. Erakunde honetan familia ugarien egoera berezia kontuan izateko eta horri jaramon egiteko konpromisoa hartu dugu –aipatutako txostenaren esparruan–.
Hala eta guztiz ere, orobat uste dugu familia ugarien eskaera asko seme-alabak dituzten gainerako familiek egiten dituztenak direla, nahiz eta seme-alaba gehiago edukitzeak eremu batzuetan laguntzak falta direla eta euskarri publikoa nahikoa ez dela areago nabarmendu.
Nolanahi ere, elkarte horri adierazi diogu 2014. urtean jendaurrean aurkeztuko dugun txostenean haren eskaeretako batzuk aintzat hartuko ditugula, bidezkoak eta arrazoizkoak deritzegulako, kontuan izanda familia askori eragiten dietela eta, beraz, askotan botere publikoei seme-alabak dituzten familien premia gisa aurkeztu behar zaizkiela. Testuinguru horretan, aurreratu dezakegu beharrezko helburutzat daukagula gure babes-mailak, seme-alabak dituzten familiei dagokienez, familiak babesteko politika indartsuak garatu dituzten Europako herrialdeen estandarretara helaraztea. Helburu horri laster argitaratuko den txostenean ekingo diogu eta botere publikoei helaraziko diegu.
3.3. Beste harreman eta bilera batzuk elkarte-sarearekin
Lehen aipatu dugun txosten berezia dela-eta, 2013an zehar, ahultasun bereziko inguruabarrak edo eskaera espezifikoak dituzten familien elkarte sorta handi batekin harremanak eta bilerak izan ditugu (gaixotasun fisikoak edo buruko gaixotasunak dituzten pertsonen senideen elkarteak, etorkinen familienak, familia ijitoenak, ezgaitasunen bat duten pertsonen familienak, genero-indarkeriaren biktimen familienak, familia ugarienak, familia homoparentalenak, adopziogileen familienak, guraso bananduenak, guraso bakarreko familienak, familia abegi-hartzaileenak, e.a.). Elkarte horiek erakunde honi eskaini dioten lankidetza eskuzabala oso baliotsua eta erabilgarria izan da. Izan ere, euren ikuspuntuarekin euskal familien gaur egungo egoeraren diagnostiko egokiago bat egiten lagundu dute.
3.4. Bilerak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Sailburuordetzarekin
2013an, Eusko Jaurlaritzako familia gaietako zuzendaritza eskuduneko arduradun eta langile teknikoen eta Ararteko erakundearen arteko beste bilerez gain, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Sailburuordetzako arduradunekin bilera bat egin dugu. Haren bi zuzendaritzak egon ziren bertan, eta haietako bat, hain zuzen ere, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza da, hots, aztertzen ari garen arloko arduraduna (baita beste gai batzuetakoa ere). Bilera horretan erakunde hau kezkatzen duten eta aipatutako zuzendaritzaren eskumenei dagozkien kontuei era sistematikoan heldu diegu eta egiaztatu ditugu. Era berean, erakunde biek familiei arreta emateko egiten duten lanaren inguruko informazio orokorra trukatu dugu. Eztabaidatutako gai azpimarragarrienak honakoak izan dira:
Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko eta bateragarri egiteko diru-laguntzei buruzko arauek –255/2006 Dekretuak eta bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuak, hurrenez hurren– onartutako laguntzak ordaintzean egon diren atzerapenak. Esan digute ordainketa guztiak eguneratu direla eta ez dela atzerapen gehiagorik egongo.
Bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuaren onuradunen esparrua zabaltzeko beharra, zaintza ez daukaten gurasoak barne hartuz zaintza daukaten gurasoei eskuarki laguntza horien onuradun izateko eskatzen zaien adina denbora ematen dutenean seme-alabak zaintzen. Ezin dute arau horren aplikazioa aldatzeko konpromisoa hartu, baina, etorkizunean bi dekretuak erreformatzeko prozesu bat hasiko denez, adierazi digute berrikustean egin geniezazkiekeen proposamen eta balorazio guztiak kontuan hartuko dituztela.
Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Planaren ezarpena: esan digute lehentasunezko lan-arlo batzuk finkatu behar izan direla planari berehalako etorkizunean errealismoz heltzeko. Arlo horiek lehen aipatu ditugu, testuinguru arauemaile eta sozialari buruzko atalean. Modu positiboan baloratzen dugu lehenespen horren bitartez bateratzeari eman nahi dioten nagusitasunari. Hala ere, orobat kezkatuta gaude familiei diru-laguntzak murriztu liezazkieketelako seme-alabengatiko laguntzei buruz eta bateratzeko laguntzei buruz aurreikusita dagoen araudiaren erreformaren ondorioz.
3.5. Parte hartzea foro eta jardunaldietan
Ararteko erakundeak familiei zuzenean eragiten dieten gaiekin lotutako hainbat foro eta jardunalditan parte hartu du. Horrela, 2013an bereziki azpimarratu behar dugu partekatutako zaintzari buruzko zenbait jardunalditan parte hartu dugula (Emakundek Bilbon 2013ko urriaren 7an antolatutako jardunaldian, Emakume eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako X. Gunearen esparruan: “Eztabaidaren egoera, partekatutako kustodiari buruz ikuspegiak eta jarrera hartzeak”; eta Kidetzak urriaren 4an eta 5ean Bilbon antolatutako jardunaldietan: Gurasoen erantzukizun partekatuari buruzko jardunaldiak). Gai horren inguruan nolabaiteko eztabaida soziala sortu da, 2013. urtean Eusko Legebiltzarraren aurrean gai horri buruzko legegintzako ekimen bat aurkeztu izanaren ondorioz.
Hain zuzen ere, 2013ko abenduan, ekimen hori zela-eta eta Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordeak hala eskatuta, Arartekoak legebiltzarreko agerraldian kontu horren inguruan erakunde gisa zein jarrera daukagun adierazteko aukera izan du. Arartekoaren 1/2010 Gomendio Orokorrak luze jaso du erakunde honek horri buruz daukan jarrera: laburbilduz, bikotea hautsi eta gero seme-alabak zaintzeko araubidea erregulatzerakoan, funtsezkoa da desadostasunez egonez gero bikoteak seme-alabak zaintzeari eta hezteari dagokienez –hautsi baino lehen, hautsi bitartean eta hautsi eta gero– bizi dituen baldintza errealak era objektiboan argitzeko prozedura bat ziurtatzea. Horren xedea da adingabearen interes gorena eta bi gurasoen berdintasunaren eta erantzukizun partekatuaren helburua bateratzea ahalbidetzen duen zaintza-araubidea ezartzea, apriorismorik gabe, araubide horrek –ez da hori ahaztu behar– halaber seme-alaben bizi-baldintzak hobeto garatzen laguntzen baitu, funtsean.
Zentzu horretan, honelako legezko erregulazio bat nahiago dugu: aldeen arteko akordioaz haraindi joaten dena (jakina, akordio hori gailenduko litzateke, egonez gero) eta organo judizialari, hala balegokio, partekatutako zaintza dekretatzeko aukera ematen diona, era nahikoan familia-egoera zehatzaren inguruabar guztiak neurtu ostean kargura dauden adingabeentzat, haien egonkortasun afektibo eta materialerako eta, azken finean, bi gurasoekin egoteko eskubiderako hobe izango dela uste duenean.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Familiei publikoki laguntzea banakoei euren giza garapenean laguntzea dela kontuan hartuta, norbanakoaren eta gizarte-eskubideak lortzeko eta premia gehien dutenak (adingabeak, adinekoak, gaixotasunen bat edo mendekotasuna duten pertsonak) bereziki babesteko, erakunde honek uste du familiei laguntzea gizarte-estatua mantentzeko ezinbesteko estrategia publikoa dela; beraz, krisiaren testuinguruan, inoiz baino gehiago, familia-politikak gizartearen kohesioa bermatzeko eta garai hauetan horrenbeste ageri den pobrezia eta gizarte desegituraketa saihesteko inbertsio publiko onena dira.
Gogorarazi nahi dugu familien arloan jardutea ez dela bakarrik laguntza publikoak edo diru-laguntzak emateko politikak gauzatzea (bereziki seme-alabak edukitzeari, mendeko pertsonei, lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari eta abarri dagokienez); izan ere, horretaz gain, eta gero eta gehiago, kulturarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin lotutako aldaketa sakonak sustatu behar dira, familien premiak gure ekonomia-jardueran erabat sartzeko ikuspuntu berriak eratzeko. Botere publikoak pentsamoldea aldatzeko prozesuen buru izan behar dira, zaintzaren, etxeko lanen, atsedenaren, aisiaren, giza harremanen eta gizartean parte hartzeko bestelako moduen (bai borondatezkoak bai soldatapekoak ez direnak) beharrezko tokia –eta balio nagusia– onartzeko.
Arlo honetan antzemandako arazo eta hobetzeko eremu nagusiak honakoak dira:
Seme-alabengatiko laguntzak automatizatzea
Jasotako kexen bidez laguntza horiek kudeatzeko arazoak daudela ikusi dugu. Horietako asko laguntzak eskatzeak eta eskuratzeko betekizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa emateko izapideek interesdunentzat dituzten zailtasunekin lotuta daude. Gure ustez, laguntza horiek seme-alabak dituzten familientzako euskarri ekonomiko unibertsaltzat jotzen badira, ofizioz hasitako emakidarako sistema automatizatu bat prestatu beharko litzateke, eta horretarako euskal administrazioen esku dauden datuetara eta dokumentaziora jo beharko litzateke. Horretarako, desiragarria litzateke seme-alabak jaiotzen direnean edo adoptatzen direnean automatikotasuna nagusi duen eta gurasoei, gaur egun ez bezala, laguntza horiek epe eta forma jakin batean eskatzearen zama ematen ez dien laguntzen prozedura berri bat sustatzea.
Bestalde, gure iritziz, zerga-sistema familia-egoera desberdinetarako laguntza publikoa antolatzeko tresna erabilgarria bihurtu beharko litzateke, eta horrela adieraziko dugu zehaztasun gehiagorekin 2014an argitaratuko den Euskadiko familien egoerari buruzko txosten berezian.
Familia-kategoria jakin batzuen definizioa, bereziki guraso bakarreko familiak
Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak herri-administrazioak oztopoak gainditzera eta oso egoera ahulean dauden familien alde egiteko jarduketa-neurri positiboak hartzera behartzen dituen arren, gure legeriak, esate baterako Kataluniakoak ez bezala, ez dauka definiziorik edo zedarritze-jarraibiderik guraso bakarreko familien ereduan zein familia-unitate sartzen diren zehatz samar identifikatzeko, eta, ondorioz, zalantzak sortzen dira dauden onurak aplikatzerakoan. Arazo horixe hainbat esparrutan azaldu da, hala nola, udal kirol-instalazioetan familientzat sorturiko tarifa hobaridunak eskuratzean. Toki-erakundeak, oro har, estaldura zabaltzearen alde egon ohi dira, baina lurraldearen edo udalerriaren arabera tratu desberdinak sortzen dituzten ikuspegi ezberdinek irauten dute. Gainera, guraso bakarreko familietako gurasoen kexak jasotzen ditugu sistematikoki. Horien bitartez, harridura adierazten dute familia horientzako laguntza berezirik ez dagoelako, mota horretako familiak zailtasun handiagoko egoeretan egon daitezkeen arren, ekonomiaren esparruan ez ezik bateratzearen esparruan ere.
Arrazoi horiengatik, uste dugu guraso bakarreko familiak era argian onartuta egon beharko liratekeela, euskal herri-administrazio guztiek modu berean aintzat hartzen dituztela ziurta dadin. Onarpen horretarako, familien kategoriak zehatz-mehatz erregulatu beharko lirateke –familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea garatuz–, familia horiei emandako tratuan justifikatu ezin diren desberdintasunak ezabatzeko jarduketa-parametro bat finkatzeko euskal herri-administrazio guztietarako, egoera ahulagoan edo larriagoan daudenei kalte nabarmena eragiten baitiete.
Familiako bizitza, bizitza pertsonala eta lanbidea bateratzea
Kargura dauzkaten pertsonak zaintzen denbora gehiago emateko lanaldiak laburtu edo eszedentziak eskatzen dituztenen egoerari laguntzeko diru-laguntzak partzialki arintzeko neurriak baino ez dira jasotzen dituztenentzat. Jasotako kexen inguruan eta familien elkarte-sarearekin ditugun harremanen inguruan egin dugun balorazioak pentsarazten digu –aspalditik adierazi dugun moduan– gaur egun lanbidea eta familiako bizitza bateratzea familien kezka nagusia ez ezik gizartearen eta ekonomiaren antolaketa osoa arrakastatsua izateko gai garrantzitsu bat ere badela, oro har.
Gero eta beharrezkoagoa da, bereziki krisiko garaietan, denbora antolatzeko planteamendu global berriak nabarmentzea, lana gure bizitzen erdialdea izatea zalantzan jartzen dutenak eta norbanakoaren eta familiaren premiak era nahikoan betez lanbideari eustea ahalbidetzen dutenak.
Gainera, pertsonak artatzeko eta zaintzeko erantzukizun partekatua nahitaezkoa da sexuen arteko berdintasunaren printzipioa betetzeko, soilik bateratzen duen gizarte baterako oinarriak sakonki garatzen baditugu izango baita bideragarri. Horrela ez bada, pertsonak artatzeko eta zaintzeko tokirik uzten ez duen eta, beraz, gizalegez bideragarria ezin izan daitekeen gizarte-eredu bat eraikiko dugu.
Hori dela eta, botere publiko guztiei dagokie bateratzea gure ekonomia-ereduaren iraunkortasunaren funtsezko xedetzat hartzen duten politikei ekitea. Estatuko botereei ere badagokie, noski, gure autonomia-eremutik susta daitezkeen bateratzeko neurri batzuen irismena legearen arabera kokatu eta baldintzatzen baitute euren eskumen-eremutik.
Euskal herri-administrazioei dagokienez, egia da helburu horrekin bateratzeko diskurtso berritzaile eta ausartago baten buru izan behar direla. Diskurtso horrek pertsonen bizitzetarako gero eta eutsiezinagoa den eta gure gizarteen demografian eta gure bizi-kalitatearen hondatzean eragin nabarmena duen eredu bat zeharo zalantzan jarri behar du. Horretarako, gai horrek gehiago ukitzen dituen eragileak –hala nola, enpresak– sozialki sentsibilizatzeko lan egin behar da, eta kontu hori botere publikoaren instantzia guztietako agenda politikoetan lehentasunezko gai gisa sartzea lortu behar da.
Pozgarria da Eusko Jaurlaritzak bateratzea sustatzeko politikei lehentasuna eman nahi izatea, arlo hori legealdi honetan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana garatzeko jarduteko eremu lehenetsitzat hautatu baitu. Hala eta guztiz ere, ekintza hori zeharkakoa da, eta ezin da sozialki sentsibilizatzeko neurrietara edo bateratzeko diru-laguntza puntualak ematera mugatu. Gure sistema ekonomiko eta politiko osoa denbora arrazionalizatzeko eta zaintzari berriro balioa emateko diskurtso berri baten eraginpean jarri behar da, arreta nagusiki pertsonengan eta ez produkzioan jartzeko.
2.Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
Aurrekariak
Arartekoak, pertsonen eskubideak defendatzeko lanen barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipio konstituzionala (EK 14. artikulua) betetzen dela ziurtatu eta defendatzeko funtzioa dauka. Horretarako,euskal agintari publiko guztiei eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela, berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren printzipio hori ez dadin postulatu formal hutsa izanik, baizik eta erreala eta eraginkorra bihur dadin, horretarako helburu hori zailtzen duten oztopoak era aktiboan baztertuz (EK 9.2 artikulua).
Berdintasunaren eta sexuagatiko bereizkeriarik ezaren eskubidean egiten den edozein urraketari dagokionez euskal herri-administrazioen jarduerak edo jarduera-faltak kontrolatzea da, funtsean, Arartekoak berdintasunaren arloan duen funtzioa, bai ikuspegi formaletik, bai ikuspegi materialetik. Eremu horretan, geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da administrazio desberdinei berdintasun materiala lortzeko ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera, lehen aipatutako aurreikuspen konstituzionalak garatuz.
Genero-indarkeria ere erakunde honen ardura nagusietako bat da, eta, ondorioz, arlo honetan egiten dugun lanaren zati handi bat horretan oinarritzen da. Hala, gure funtzioen artean ezinbesteko lehentasuna daukate genero-indarkeria ezabatzeko borrokak eta ahaleginak, jakin badakigulako emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoia emakume eta gizonen arteko egitura-desberdintasunean aurkitzen dela.
Arlo honetako jardueran proiektatzen dira, era berean, emakumeen herritartasun oso eta aktiboaren eta protagonismo sozialaren alde egiten duten ekimen desberdinen sustapen eta bultzada, oraindik emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialen aurrean.
1.Kexarik aipagarrienak
1.1. Emakumeen bereizkeria kulturaren eta kirolaren arloan
Aurten ere, kultura-eremuetako emakumeen berdintasunaren kontuak erakunde honen esku-hartzea sustatu du. Zehazki, gai horrekin lotuta erreklamazioetan ageri diren kontuak honakoak dira:
Alde batetik, emakumeek alardeetan parte hartzeko duten arazoak, berriro ere, gure esku-hartzeari bidea eman dio. Oraingo honetan, emakumeen toki-elkarte batek egindako kontsulta baten ondorioz izan da. Izan ere, Irungo Udalaren udal-ordenantza baten zirriborroa aztertzeko eskatu ziguten. Horren helburua ekitaldi-jarduerak izenekoak baimentzeko araubidea zehazki erregulatzea zen, eta ekitaldi horien artean alardeen antolaketa berariaz aipatu zen. Ordenantzaren zirriborro horrek gure erakundean eragin duen kezka nagusia da Irungo Udalak arau-ekimen horren bidez alardea antolatzeko adierazi dituen era diferenteetan tratu desberdina egon daitekeela. Izan ere, desberdintasun hori kaltegarria izan daiteke, eta, nolanahi ere, ordenamendu juridikoarekin bat eginez aztertu behar da, eta bereziki pertsonen sexu-berdintasuna erregulatzen duten arau juridikoekin bat eginez. Horrela, Irungo Udalari zuzenean dagokion emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren halabeharrezko sustapenaren ikuspuntutik, bai Konstituzioaren 9.2 artikulua aplikatuz, bai –zehazkiago– berdintasunari buruzko euskal legeak euskal herri-administrazioei ezartzen dizkien betebehar zehatzak betez, nabarmendu behar dugu garrantzitsua dela Irungo Udalak eta alardeak egiterakoan modu batean edo bestean tartean dagoen herri-administrazio orok eginkizun proaktibo bat hartzea (hartara, bereziki, Eusko Jaurlaritza, herritarren segurtasunaren ikuspuntutik –Konstituzioaren 17. artikulua– eta berdintasunezko alardea antolatzen dutenak babesten dituen biltzeko eta manifestatzeko eskubidea modu askean egikaritzen dela bermatu behar duena den heinean –Konstituzioaren 21. artikulua aplikatuz–). Zentzu horretan, eta bereziki aintzat hartzen badugu Irungo berdintasunezko alardeak soilik gizonek eta emakumeek herri horretako jai-manifestazio nagusian parte hartzeko gune bat ziurtatzen duela, uste dugu berdintasunari buruzko euskal legearen xedapenak guztiz eraginkorrak direla udal horretarako, haien xedea berdintasun materiala eta eraginkorra ziurtatzeko konstituzio-betebehar hori gauzatzea baita, eta horretarako hirian eta bertako jaietan berdintasun osoko egoera bat egotea galarazten duten oztopoak aktiboki kentzeko ekintza positiboko neurriak ezartzen baitituzte. Horrela helarazi diogu kontsulta egin duen elkarteari ordenantza-proiektua onartzeko prozeduraren atariko fase horretan, alde batera utzita erakunde honen geroko esku-hartzea, prozedura horren bilakaerak hala eskatuko balu.
Azkenik, sexua dela-eta kirolean berdintasunez parte hartzeari dagokionez, orobat aipagarriak dira erakunde honek gai horrekin lotutako bi kexengatik izandako esku-hartzeak. Kexek eskola-adineko neskek tradizioz gizonek edo mutilek egindako kirol-modalitateetan parte hartzea dute hizpide. Gure esku-hartzearen emaitza gisa, gomendio bana eman da: alde batetik, Arartekoaren 2013ko apirilaren 22ko ebazpena (horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailari hainbat neurri gomendatzen zaizkio Eskola Kirol Programan kimu-kategoriako kirolarientzat “errendimenduko” emakumezkoen ligarik ez dagoelako); bestetik, Arartekoaren 2013ko ekainaren 19ko ebazpena (horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalarigomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarraiki joka daitezen).
1.2. Ekintza positiboak eta berdintasun-printzipioa enplegu publikorako sarbidean
Aurreko aldian bezala, 2013. urtean zenbait kontsulta jaso ditugu emakumeek ordezkaritza txikiagoa duten esparruetako lanpostuetarako emakumeen sarbidearen alde egiten duten ekintza positiboen legitimotasunarekin lotuta. Kontsulta horiek partikularrengandik datoz, baina baita enplegu publiko jakin batzuetarako sarbidean berdintasuna sustatu nahi duten toki-administrazioetatik ere, berdintasun-printzipioa urratu gabe ekintza positiboko neurriak aktibatzeko moduari buruzko aholkuak bilatzen baitituzte. Kontu horiek Konstituzio Auzitegiaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinak ezarritako parametroei jarraiki ebazten saiatu gara. Oro har, merezimenduen berdintasunaren printzipioa ezartzen dute ekintza positiboko neurriak aplikatzeko aldez aurretiko betekizun gisa. Nolanahi ere, eskaera horiek gai horretan orientazioa behar dela adierazten dute, eta gure sistema publikoak artez bete behar du premia hori.
1.3. Administrazioaren egitura eta antolaketa genero-indarkeriaren arloan
Gai horri dagokionez, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeen elkarte baten kexa jaso genuen, 2012ko abenduan Euskadin gobernua aldatu ostean Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ezabatu zelako. Kexak salatu zuen ezabatzearen ondorioz aipatutako zuzendaritzak lehen ematen zituen zerbitzu batzuen estaldura falta egon zitekeela. Zehazki, kexaren sustatzaileek adierazi zuten kezkatuta zeudela zuzendaritza horrek ematen zituen hainbat laguntza-zerbitzu desager zitezkeelako eta, euren ustez, horren ondorioz, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek jasotzen zuten arretari dagokionez egindako hobekuntzak eta aurrerapenak bertan behera gera zitezkeelako.
Gai horretan izan genuen esku-hartzearen emaitza gisa, 2013ko irailaren 19ko Arartekoaren ebazpena eman genuen. Horren bidez bere jarduerari amaiera ematen zaio, GIBLZen (Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren) desagerpenaren ondoren genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta- eta laguntza-egoera salatzen duen kexa bati dagokionez.Ebazpen horretan, mahai gainean jarritako gaia aztertu ostean, ondorio hau atera genuen: Eusko Jaurlaritzak jarraitutako antolaketa-aukera berria Erakundeen Arteko II. Akordioa sinatu zuten erakundeek era nahikoan egiaztatuta eta ebaluatuta zegoen, eta ez zuen zertan genero-indarkeriaren biktimei zor zaizkien babesaren eta laguntzaren murrizketa ekarri. Nolanahi ere, orobat egokia iruditu zitzaigun Emakundek, Erakundeen Arteko II. Akordioaren Batzordeko burua eta genero-indarkeriaren arloan koordinatzeko eginkizunak dauzkan erakundea den heinean, aurreko GIBLZren zereginak integratzeko antolaketa-formula berria abiaraztearen eragina zaindu eta ebaluatzea –horren bidez, Euskadin genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei emandako arretari erantzun nahi izan zaio–.
1.4. Polizia-jarduna genero-indarkeriaren arloan
Bikotekide ohiek bi emakumeren kontra egin zituzten eta heriotza ekarri zuten bi eraso bortitz direla-eta (emakumeak Euskadiko genero-indarkeriaren biktima gisa hil ziren, 2010ean eta 2011n hurrenez hurren), Ararteko erakundeak ofiziozko esku-hartze bana hasi zuen, bi kasuen zorigaiztoko amaiera baino lehen jazotako gertakariak argitzeko asmoz, horrelako kasuetan jarraitutako jardun publikoetan hobe daitezkeen eremuak antzemateko eta etorkizunean antzeko emaitzak saihesteko.
Aztertutako gertakariak eta aldez aurretik egindako gogoetak kontuan harturik, 2013an Arartekoaren 2013ko martxoaren 4ko ebazpena eman zen. Horren bidez, ofiziozko bi espediente amaitzen dira, genero-indarkeria jasaten zuten eta bikotekide ohiek bortizki erasota hil ziren bi emakumeren kasuan emandako polizia arretaren zioz abiarazitakoak. Bertan, arlo horretan hobe daitezkeen eremuak jaso dira.
1.5. Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek etxebizitza babestuetarako sarbidea izateko betekizunak
Ararteko erakundetik 2006. urtetik geroztik genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek etxebizitza babestuetarako duten sarbidea erregulatzen duen araua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko agindua, erreformatzeko eskatu dugu. Besteak beste, uste dugu funtsezkoa dela agindu horrek erregulatzen dituen zenbait betekizun malgutzea; zehazki, haren irismen subjektiboa zabaldu behar da, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktimak diren emakumeak ez ezik, familia-unitateko beste kide batzuen (esaterako, aitaren, semearen edo nebaren) indarkeria pairatzen dutenak ere barne hartzeko, zeren eta kasu horietan guztietan emakumeek arazo berbera baitute, hots, etxebizitzaz aldatu behar dute.
Kontu horrekin lotuta, emakume baten kexa jaso dugu, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako etxebizitzen arloan ekintza positiboko neurrien inguruan aipatutako arauari heltzeko eskaera ukatu ziotelako. Izan ere, etxebizitza baten titulartasunaren zati bat zeukan, baina ezin zen bertan bizi, etxebizitza horretan haren seme eta erasotzailea zegoelako, emakumeak etxebizitzaren erabilera laga baitzion. Herri-administrazioaren erantzuna Zuzenbidearekin bat datorren arren, kasu horretan, gure iritziz, funtsezkoa da alde batetik administrazio eskudunei indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko neurrien aplikazioa haien banakako egoera kontuan izanda malgutzeko bitartekoak ematea arauen bidez, eta bestetik aintzat hartzea kexagileak bezala gizalegez kudeatzen oso zailak diren egoerak jasaten dituzten emakumeei laguntza eta babesa emateko zerbitzu espezializatuetara bideratu eta aztertu behar direla kasu horiek. Zentzu horretan, kexagilea bizi den lurraldeari (Bizkaia) dagozkion foru-aldundiko zerbitzuetara bidali dugu. Etxebizitza arloa aztertzen duen txosten honen atalean aipatu dugu kasu hori zehaztasun gehiagorekin.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
EAEren esparruan 2013an genero-berdintasunaren arloan egon den erreforma azpimarragarri bakarra lehendakariaren abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duenak) urtearen amaieran eragindakoa izan da. Dekretu horrek Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari egotzitako egitekoekin eta bitartekoekin lotutako erreformak gauzatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei dagokienez, Emakundek gai horri buruzko politikak zuzentzeko eta koordinatzeko zituen eginkizunak mantenduz baina arreta-eredu berri bat diseinatuz, jadanik bazeuden zerbitzuen bitartez. Eredu horrek bitarteko pertsonalen eta materialen berresleipena dakar, biktimentzako zuzeneko arretaren eta kudeaketaren egitekoak herritarrentzako arretako departamentu-unitateetatik eraginkorragoak izan daitezkeela egiaztatu ostean, horiek hurbilagoak eta espezializatuagoak direlako.
Era berean, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plan berria aipatu behar dugu. 2013ko abenduan amaitu da lantzen, eta euskal herri-administrazio guztiek indarrean dagoen legealdian berdintasunaren alde lan egiteko jarraibideak ezarri ditu.VI. planak ekonomia-, politika-, gizarte- eta kultura-bizitzaren eremu guztietan balioak aldatzeko lan egitearen aldeko apustua egin du, gizarteak berdintasunerantz egitea sustatzeko; halaber, berdintasuna lortzean aurrera egiteko erronkak adierazi ditu EAEko herri-administrazioek jarraibide moduan erabiltzeko baliagarri izango diren hainbat helbururekin. VI. Planak berdintasunerako xedatu dituen helburuek erronkak ekarri dituzte, bai administrazioaren antolaketa edo barne-funtzionamendua aldatzeko, baita gizartearekin lotutako erronkak ere, hala nola balioen aldaketa, emakumeen ahalduntzea, erantzukizun partekatuan oinarritutako gizarte-antolaketa eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea sustatzekoak. Batzuek eta besteek, hurrenez hurren, VI. Planaren egiturak oinarri hartu dituen bi gai handiak osatzen dituzte: berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko neurriak (berdintasun-printzipioa euskal botere publikoen antolaketan eta funtzionamenduan bertan sartzea) eta berdintasunaren arloan esku-hartzea, beharrezkoa den balioen aldaketa eta emakumeen ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta soziala sustatzeko, erantzukizun partekatuan oinarritutako gizarte-antolaketan aurrera egiteko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko.
Azkenik, aipatu behar da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2013. urtean Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana onartu duela. Plan horren helburua transformazio-prozesua sustatzea da, eskola mistoko eredutik hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredura aurrera egiteko, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita pertsonen garapen integrala bultzatzeko eta genero-indarkeriari aurrea hartzeko. Erakunde hau pozik dago ekimen horrekin, gelan ikasleen berdintasunezko harremanak erdietsi, edonolako bereizkeria eta genero-indarkeria arbuiatu eta generoarekin lotutako joerarik gabeko orientazio akademiko eta profesionalari bidea eman nahi baitio.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Arartekoan 2013. urterako egin dugun jarduteko planaren esparruan, arlo horretan nagusiki zer jardun egin ditugun azalduko dugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Arartekoarentzat gai nagusiak emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan:
3.1. Bilerak elkarteekin
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zenbait ikuspuntutatik lan egiten duten elkarteekin egindako bilera hauek azpimarratu behar ditugu:
3.1.1. Emakumeen ikusgarritasuna artean defendatzen duen elkartea
Emakumeen ikusgarritasuna artean defendatzen duen emakumeen talde batek, Plataforma con A izenekoak, arartekoarekin bilera bat eskatu zuen, euskal museoetan emakumeen artelanak ikusezinak direla salatzeko. Izan ere, haien ustez, gizonak nagusi diren lan-inertzia batean jarraitzen dute eta ez dute emakumeek egindako lanak euren erakusketetan eta aurkezpenetan sartzeko beharrezko baliabideak jartzen. Salaketa hori dela-eta, orain izapidetzen ari den kexa-espediente bat hasi da. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari euskal museo-sistema eratzen duten erakundeetatik bultzatzen diren jarduera guztietan genero-ikuspegia sartu behar dela adierazi diogu. Era berean, talde horri EAEko Berdintasunerako VI. Plana lantzeko prozesuan parte hartzea proposatu genion, eta planaren helburuetarako hain garrantzitsua den eskaera hori berariaz gehitu genuen.
3.1.2. Emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten elkarteak
Aurreko urteetan bezala, zenbait bilera egin ditugu, emakumeek alardeetan parte hartzea defendatzen duten taldeen eskaerari erantzunez, Irunen eta Hondarribian arrazoi horrengatik dagoen gatazka eztabaidatzeko. Bilera horietan honakoei heldu diegu: alde batetik, urtero alardeak egitearen ondorioz gertatzen diren erakundeen (bi herrietako udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila) esku-hartzeekin lotutako alderdi zehatzei; bestetik, kontu estrategikoagoei, emakumeak alarde bietan erabat sartzeko aurrera egiteko beharrezkoa den gizartearen eta erakundeen laguntza lortzeko.
Talde horiekin egindako bileretan, Ararteko erakundeak, berriro ere, gatazka hori hasi zenetik egin dugun bezala, lan egiteko eta gure esku dauden bitarteko guztiak jartzeko konpromisoa adierazi du, emakumeak Irungo eta Hondarribiko jaietan berdintasun osoz sar daitezen.
3.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
Arlo horretan eragina duten esparruetan funtzioak dituzten herri-administrazioekin egindako bileretatik hauek azpimarratu nahi ditugu:
3.2.1. Ararteko erakundeak Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko
II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzea
Aurreko txostenetan dagoeneko jaso dugunez, 2011. urtetik Ararteko erakundeak Etxeko tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko erakundeen arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzen du –bai batzordean bai erakundeen arteko talde teknikoan–, gure erakundearen ikuspuntua emateko helburuarekin, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei zuzendutako jardun publikoen osotasunean sor daitezkeen hutsuneak edo arazoak agerian jartzeko eta horiek hobetzeko proposamenak egiteko.
2013. urtean Ararteko erakundeak batzorde horren eta bertan sortutako erakundeen arteko talde teknikoaren bilera guztietan parte hartu du. Zenbait lan-bileratan, gure ikuspuntua eman dugu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen arretaren inguruan landuz joan diren zenbait alderdiren inguruan.
Erakundeen arteko bilera horietan, orain lantzen ari diren lehentasun batzuk adostu dira, erakundeen arteko akordioa abiapuntutzat hartuta lehentasun horiek ukitzen dituzten zerbitzuetan eta administrazioetan dagozkien aldaketak egitea ahalbidetuko duten oinarriak jartzeko. Lehentasunen artean, hauek nabarmentzen dira: gai horren inguruko terminologia berrikusteko beharra, horrek ekar ditzakeen ondorio sozial eta juridikoekin; genero-indarkeriako egoeren antzematea hedatzeko beharra; genero-indarkeriaren biktimak direnen seme-alaba adingabeentzako arreta; indarkeria jasaten duten emakumeak artatzen dituzten pertsonak eta profesionalak generoan trebatzeko behar urgentea; genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek justiziara jotzeko baldintzak hobetzeko beharra, esku-hartze publikoa emakumeei prozesu judizialetan zehar laguntzera bideratuz; arlo horretan esku har dezaketen agente publikoen arteko koordinazioa areagotzen jarraitzeko beharra. Erakundeen arteko talde teknikoa aipatutako lehentasunak gauzatzeko neurriak (planak edo programak) abian jartzea bultzatzen ari da.
3.2.2. Erakundeen arteko lankidetza Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin emakumeen berdintasuna alardeetan defendatzeko
Aurten, ohiko bileren bitartez, lankidetza iraunkor eta egonkorra izan dugu Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko Zuzendaritzarekin. Lankidetza horren helburua erakundeen arteko aliantza bat erdiesteko oinarriak eratzea da, Irungo eta Hondarribiko alardeetan erabakitasunez emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko. Erakunde honen ustez –eta horrela adierazi dugu jadanik hainbatetan–, emakumeen berdintasunerako eskubidea eta printzipioa argi eta garbi zalantzan jartzen duen gatazka batek irauteak zinez oztopatzen eta ahultzen du gure sistema demokratikoa, eta euskal botere publikoek erabakitasunez heldu behar diote. Horretarako, aipatutako erakundeekin (gai horrek biak ukitzen baititu) ibilbide bat hasi dugu, eta horri esker igarri dugu erakundeen arteko estrategiak behar direla eta alardeetako gatazka hori bideratzeko bide posibleei buruz gizartearen eta erakundeen adostasun berriak susta daitezkeela. Emaitza zehatzagoak ikusteko ekin diogun lanean sakondu beharko dela alde batera utzita, Arartekotik oso era positiboan baloratzen dugu ekimen hori, orain arte ezezaguna izan den bide bat ireki duenez zalantzarik gabe gure laguntza osoa merezi baitu.
4.Herritarren eskubideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan duten egoeraren balorazioa
Aurreko urteetan bezala, herritarrek ez dute kexa askorik egin sexuagatiko bereizkeriako arazoak edo euskal herri-administrazioekiko harremanetan berdintasunaren arloko zailtasun bereziak salatzeko. Horrek, alde batetik, administrazioaren jardutea berdintasun formala errespetatzeari dagokionez zuzena dela erakusten du; hala ere, ezin dugu ondorioztatu herri-administrazioek eskura dauzkaten bitarteko guztiak erabiltzen ari direla berdintasun formal hori erreala eta eraginkorra izan dadin.
Emakumeek kulturan parte hartzea
Egiaztapen horren erakusgarri dira herritarrek botere publikoei jardun gehiago eskatzeko egin dituzten kexak eta salaketak, formalki aldarrikatutako berdintasun hori eraginkortasunez gauzatu dezaten. Horren adibideak dira emakumeek kulturaren eta kirolaren arloan parte hartzeko zailtasunak dituztela eta ikusgarriak ez direla salatu dituzten kexak. Arlo horietan oraindik nabarmena da emakumeek ez daukatela presentziarik ezta ikusgarritasunik ere (esaterako, artean), edo partaidetzako eta onarpeneko maila batzuetarako sarbidea mugatuta dutela (hala nola kirol-jarduera jakin batzuetan).
Testuinguru horretan, azken urteotan dagoeneko adierazi dugu herri-administrazioek emakumeak historikoki oso presente edo ikusgai egon ez diren eremuetan haien partaidetza eta ikusgarritasuna sustatzeko bideak irekitzen dituzten ekintza positiboko neurriak abiarazteko erronkari aurre egin behar diotela gaur egun. Ondorioz, erakundeek ezinbestean ahaleginak egin behar dituzte genero-ikuspegiz jarduteko, ordezkaritza txikiago hori antzemateko eta emakumeentzako desberdintasun materialeko egoerak iraunarazten dituen gizarte-inertziari era kontzientean aurre egiteko berariazko borondateaz. Izan ere, desberdintasun horiek ezin dira onartu sexuen arteko berdintasun osoa aldarrikatzen duen sistema batean.
Berdintasunezko partaidetza alardeetan
Aurten ere txosten honetan gogorarazi behar dugu jai-ekitaldietan parte hartzeko emakumeen nahia dela-eta sortutako gatazka jakin batzuk konpondu gabe daudela oraindik; gatazka horiek aspaldikoak dira, adibidez urtero emakumeek Irungo eta Hondarribiko alardeetan parte hartzearen inguruan gertatzen direnak. Horrek, tamalez, agerian jartzen du arlo eta eremu batzuetan, gizartearen nolabaiteko babesaz, emakumeen desberdintasunek edo bereizkeriak irauten dutela, eta tartean dauden erakunde publikoek, jokabide horien pribatutasunean babestuta, ez dute gure sistema demokratikoan onartezinak diren egoera horiei azkena emateko erabakitasun nahikoaz jarduten. Erakunde gisa nabarmendu behar dugu ez garela geldituko euskal botere publikoek, bakoitzak bere eskumenen arabera, kasu horiek agerian uzteko eta era proaktiboan jarduteko daukaten betebeharra bete arte. Izan ere, ekintza positiboko neurrien bitartez arlo horietan emakumeen berdintasunerako eskubidea defendatzeko ekimenen alde egin behar dute, eta jokabide horiei ez diete inolako babesik edo laguntzarik eman behar, ez zuzenean ez zeharbidez. Gainera, beharrezkoa da euskal erakunde guztiek herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa sustatzea, emakumeak edozein gunetan baztertzen dituzten jokabideak gure kulturatik, gure jaietatik eta gure tradizioetatik behin betiko erauzteko.
Pobretasunaren feminizazioa
Alde batetik, azpimarratu behar dugu biztanleriaren maila batzuen pobretze-egoera eragin berezia izaten ari dela emakumeengan, adineko, mendeko pertsona eta haur gehienak haien ardurapean daudelako. Hortaz, emakumeek, bereziki guraso bakarreko familien titularrak direnek, krisi-egoeran bereziki ahulak diren talde bat osatzen dute eta horrela gure ingurunean ere aspaldi igarri zen prozesu bat areagotzen ari da, alegia pobretasunaren feminizazioa. Erakunde honen ustez, euskal botere publikoek pobretasunaren feminizazio-prozesu hori ezagutu eta era kontsekuentean jardun behar dute, emakumeak ahalduntzeko –ekonomikoki, kulturalki eta sozialki– neurri berriak aztertuz eta abiaraziz, pobretze eta gizarte-bazterkeriako egoerei aurre egiteko gizarte-agente estrategikoak bihurtu ahal izateko. Egoera bereziki larrietan dauden emakumeek, adibidez emakume etorkinek edo ezgaitasunen bat duten emakumeek, apartekoak eta bereziki indartsuak diren ekintza positiboak abiaraz daitezela eskatzen dute, berdintasun materialeko maila handiagoak lortzeko eta haien gizarte-bazterkeria saihesteko.
Genero-indarkeria
Azkenik, adierazi behar dugu genero-indarkeriaren arloan emakumeentzako arreta etengabe hobetzeko asmoa agerrarazten duten aurrerapen aipagarriak dauden arren –esaterako, polizia-arretaren esparruan batez ere gertatu den moduan– indarkeriaren infernua pairatzen duten eta amaiera emateko erabakia hartzen duten emakumeek zailtasun handiak dituztela oraindik ere. Zailtasun horiek testuinguru hauetan sortzen dira batez ere: prozesu judizialetan, etxebizitzaren arloan eta lanerako sarbidean. Hala eta guztiz ere, orobat onartu behar dugu Euskadin esparru horretan egiten den erakundeen arteko lan handia ezinbestekoa dela zailtasun horiek antzemateko eta emakumeei indarkeriatik ateratzeko prozesu zail horietan laguntzeko bitarteko egokienak prestatzeko. Emakundek gai hori koordinatzeko egin duen erakunde-berregituraketak emakumeentzako laguntza eta zuzeneko arreta haiengandik hurbilago dauden zerbitzuen esku utzi ditu, formulazioan koherentea da eta hurrengo aldian etengabe ebaluatu beharko da.
3.Ezintasunen bat duten pertsonak
1.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aurreko urteetan bezalaxe, atal honetan saiatuko gara desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldezteko 2013ko ekitaldian planteatu dizkiguten gai guztiak aztertzen, erakunde honen jarduketa esparruei buruzko zeharkako ikuspegi batetik.
Arartekoaren erakundeak, pertsona ororen eskubideak defendatzeko duen lehentasunezko eginkizuna betez, azpimarra berezia, ahal bada, jarri izan du beti beren eskubideez baldintza- eta aukera-berdintasunean baliatzeko zailtasun handienak dituzten pertsona guztien defentsan.
Horri dagokionez, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak, Arartekoa Erakundea Sortu eta Arautzekoak, honakoa dio: “Legebiltzarrak Konstituzioaren I Idazpuruak dakartzan eskubideak Legeak dionez bermatuz aldeztu, eta Autonomia-Estatutuaren 9. Atalak dakartzan demokraziazko oinarri irizpide orokorrak bete daitezenaz arduratzeko jarritako goi-karguduna da Arartekoa”. Horretarako, erakunde honen egitekoa da, herritarrek eskatuta edo bere ekimenez, administrazio publikoen jarduketa kexa espedienteen bitartez ikertzea, baina, baita ere, politika publikoak eta pertsonen eskubideen babes-sistema ebaluatzea, botere publikoei gomendioak zuzenduz nahiz pertsonen eskubideekiko errespetua edo haien babes-sistema errespetarazteko kultura indartzea xede duten txosten, analisi edo ideien produkzioa sustatuz.
Ekitaldi honetan zehar jarraitutako kexen eta jarduketen xehetasunetan sartu baino lehen, aipatu behar dugu 2013ko abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat datorren egunean, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zela. Izan ere, haren bidez onesten da Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina.
Lege horren bitartez desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko hiru lege aipagarri batean biltzen dira:
Apirilaren 7ko 13/1982 Legea, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzeari buruzkoa.
Abenduaren 2ko 51/2003 Legea, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, bazterkeria ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa.
Abenduaren 26ko 49/2007 Legea, berdintasunaren arloko arau-hauste eta Zehapenei buruzkoa.
Arau honek, aipatutako hiru legeak testu bakarrean bateratzeaz gainera, azpimarratu beharreko alderdi berriak sartzen ditu. Hartara, egiazta dezakegu nola berrikusten dituen legea bera informatzen duten printzipioak, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 2006ko abenduaren 13an onetsitako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan aurreikusi zenaren arabera. Espainiako Estatuak 2007ko abenduaren 3an berretsi zuen hura eta 2006ko maiatzaren 3an hartu zuen indarra. Horri dagokionez, araua honako printzipio hauek informatuta dago: duintasunarekiko errespetua, dibertsitatea dela-eta inor ez baztertzea, bizimodu independentea, aukera-berdintasuna, irisgarritasun unibertsala, normalizazioa, parte-hartze eta barneratze oso eta eraginkorrak, elkarrizketa zibila, nortasunarekiko errespetua eta politika publikoen zeharkakotasuna.
Bestalde, adierazi behar dugu arauak modu berritzailean ezartzen duela elkartzeagatiko bazterkeriari dagokiona; izan ere, hura gertatzen da pertsona batek edo hura integratuta dagoen taldeak bazterkeriazko tratua jasotzen dutenean desgaitasuna dela-eta beste batekin daukaten harremanaren ondorioz. Halaber, bazterkeria anizkoitza dela-eta babes berezia azpimarratzen da, arrazoi edo zio bat baino gehiagoren biktima izan daitezkeen pertsonen eskubideak bermatze aldera.
Lanaren eta enpleguaren esparruan, esan beharra dago lehenengo aldiz modu sistematikoan determinatzen eta zehazten dela desgaitasuna duten pertsonek zein enplegu-modalitateren arabera gauzatu ahal izango duten lanerako daukaten eskubidea. Hartara, honakoak ezartzen dira: Enplegu arrunta –eta horren barruan enplegu laguntzaduna–, enplegu babestua –eta horren barruan, enplegu zentro bereziak; esate baterako lan-guneak– eta enplegu autonomoa.
Legeko V. kapituluan, “Bizimodu independenterako eskubidea” izenburupean, sistematikoki arautzen dira legeak babestutako esparruek bete behar dituzten irisgarritasun baldintzak, desgaitasuna duten herritar guztiei aukera-berdintasuneko maila berak bermatze aldera, bai eta bizimodu independenterako eskubideaz baliatzea laguntzera bideratutako ekintza positiboko neurriak ere.
Azkenik, nabarmendu behar dugu ezen Legeko laugarren xedapen gehigarrian xedatuaren arabera, Gobernuak, hark indarra hartu eta urtebeteko epean, Irisgarritasun Plan Nazional bat onetsi behar duela bederatzi urterako. Plana hirurteko jarduketa faseen arabera garatu beharra dago. Haren prestaketan, estatu mailan desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten entitate edo elkarte garrantzitsuenek hartuko dute parte.
Bestalde, esan beharra daukagu ezen, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak Gutxitasun Fisikoa edo/eta Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazioarekin (FEKOOR) batera lan eginez, Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoari buruzko araupetze berria onetsi duela, Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen duen uztailaren 23ko 103/2013 Foru Dekretuaren bitartez.
Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak figura hori erregulatzen du bere prestazioen zorroan, baina hura mugatuz soilik mendetasun handia dutenei eta bakarrik lan egiteko edo irakaskuntza arautuan ikasten jarraitzeko. Foru araupetze berri horrek murrizketak gainditu eta aukera ematen du bestelako egoerak jasotzeko, hain zuzen ere bizi proiektu pertsonal baten garapenean –erabakitzeko ahalmen osoarekin, parte-hartze sozialarekin eta bizimodu-eredu independente batekin– funtsezkoak direnak.
Hartara, aipatutako foru dekretuko 2. artikuluak honela definitu eta ezartzen ditu laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren baldintzak:
“Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa laguntzaile pertsonal bat kontratatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko da; laguntza hori asteko gutxieneko ordu kopuru jakin baterako izan behar da, eta onuradunari aukera eman behar dio ikasketak egiteko, lan egiteko eta eguneroko oinarrizko jarduerak modu autonomoagoan egiteko.
Mendetasunaren graduaren arabera ezarriko da astean zenbat ordutan eman behar duen zerbitzua laguntzaile pertsonalak: 5 ordu astean, III. gradurako; 4 ordu astean, II. gradurako; eta 3 ordu astean, I. gradurako.
Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa aldizkakoa izango da, eta mendetasunaren graduaren eta puntuen arabera aitortuko da.
Laguntza-zerbitzuak ematen dituen enpresa baten bidez edo zuzenean lan-kontratu baten bidez edo zerbitzuak emateko kontratu baten bidez emango ditu zerbitzuak laguntzaz arduratzen den pertsonak, hau da, laguntzaile pertsonalak. Kontratuan, onuradunak zerbitzurako proposatutako baldintzak eta jarraibideak jasoko dira, eta, hala badagokio, konfidentzialtasun-klausula.”
Baliabide hau lehendik eta modu berean Gipuzkoako lurralde historikoan planteatu izan da, eta orain Bizkaira zabaltzen da. Funtsezkoa da bizimodu independentea bermatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen autonomia aukera-berdintasunean sustatzeko.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1.
Hirigintzako irisgarritasuna eta garraioaren arloko mugikortasuna
Aurreko urteetan bezala, ekitaldi honetan adierazi behar dugu esparru honetako kexak nagusiki irisgarritasunari buruzko araudiaren arloko ez-betetzeei buruzkoak direla, instalazio berriak ezartzeari edo egun dauden eraikinei dagokienez. Hartara, esate baterako, Bilboko Novia de Salcedo kaleko 9. zenbakian Buruko Osasuneko Zentrora sartzeko dauden irisgarritasun baldintzei buruz aurkeztutako salaketa bat aipatu behar dugu. Zentro hori lehenengo solairu batean dago eta hartara iristeko 30 eskailera-maila igo behar dira.
2011ko ekitaldian, Osakidetzak konpromisoa hartu zuen 2012ko aurrekontuen kargura igogailu bat jartzeko, behin Jabekideen Elkargoarekin akordio batera iritsita. Horretarako elkarrizketak 2008an hasiak ziren. Hala eta guztiz ere, aurtengo maiatzean beste idazki bat jaso genuen, non esaten zitzaigun ezen instalazioa 2012an egitea aurreikusita bazegoen ere, ekitaldi hori iraganda eraikina inongo obra egin gabe zegoela. Hori dela eta, Osakidetzara jo genuen, obra horien atzerapenari buruzko arrazoiei buruzko behar zen informazioa eskatzeko.
Gure eskariari erantzunez, jakinarazi digute 2012an programatu zela 2013an zehar ekitea igogailu bat jartzeari, eta horretarako zenbait aurrekontu eskatu zaizkiela enpresa batzuei. Halaber, jakitera eman ziguten Buruko Osasunaren Sareko Zuzendaritza finkako administratzailearekin jarri zela eskatzeko igogailuak jartzeko proposamena aintzat har zezala eta jabekideen bozketa egin zezala. Igorritako proposamenean aipatzen zen egungo arkitektura-oztopoak kendu behar zirela eta, aldi berean, Arartekoak 2011n emandako gomendioa aipatzen zen.
Obrak hasteko oztopoa zen aurrekontuan inbertsioak 2013. ekitaldi osoan egiteko dirurik ez zegoela, aurrekontu publikoetan inbertsioak egiteko ezarri diren murrizketak direla eta. Nolanahi ere, egun dauden oztopo fisikoei konponbiderik jartzen ez zaien bitartean, Osakidetzako zuzendari nagusiak aipatzen zuen baloratzen ari zirela mugikortasun arazoak zeuzkaten gaixoak halako oztoporik ez dagoen beste zentro batzuetara eramateko aukera, igogailuaren instalazioarekin behin betiko konponbidea jartzen ez zen bitartean. Gero, egiaztatu ahal izan genuen 2014ko aurrekontuan dirua jarri dela igogailu hori jartzeko, hain zuzen ere mugikortasun murriztua duten pertsonek Bilboko Buruko Osasuneko Zentrorako sarbidea izan dezaten.
Bestalde, tokiko zerbitzu publikoak emateko baldintzen barruan, gomendio bat igorri diogu Lasarte-Oriako Udalari lehentasuna eman diezaion udal kiroldegia irisgarritasunaren arloko legedi indardunari egokitzeko beharrezkoak diren obrak egiteko proiektua idazteari, pertsona erabiltzaileak ez baztertzeko. Izan ere, horrekin lortu nahi da behar den kuantifikazio ekonomikoa egitea birmoldaketa hori programazioan sartu ahal izateko. Halaber, Udala premiatu genuen udalerriko irisgarritasun plana, berrikusi, gaurkotu eta osatzeko, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legearen edukiari jarraituz, betiere erreferentzia berezia eginez eraikin publikoetan behar diren egokitzapenak egiteko lehentasunen ordenari eta betetze-egutegiari (Arartekoaren 2013ko azaroaren 13ko Ebazpena).
Bestalde, nabarmendu behar ditugu mugikortasun murriztua duten pertsonengan eragin berezia duten arazoak. Izan ere, pertsona horiek garraio egokituaren arloan gainerako herritarrek baino eskaintza dezentez txikiagoa baitute oraindik.
Euskotren enpresa publikoak 2012an tren unitate berriak abian jarri ondoren aurkitutako irisgarritasun arazoak, aurreko ekitaldiko txostenean adierazi genituenak, oraindik ere gertatzen dira, nahiz eta Euskal Trenbide Sareak hartutako neurriak, trenbidearen eta nasaren arteko distantziak gutxitzekoek, eta Euskotrenek bagoien diseinuari berari dagokionez hartutakoak, lagungarri gertatu diren mugikortasun murriztua duten pertsonek garraioa hobeki erabiltzeko.
2.2. Ogasuna
Zerga araudiak zenbait onura fiskal (salbuespenak, hobariak, murriztapenak…) ezartzen ditu, eta haien bitartez nolabait ere konpentsazio bat eman nahi zaie desgaitasuna duen pertsona bat daukaten familiei eta, aldi berean, arreta eskaini nahi zaio familia horiengan eragina duen gaitasun ekonomiko txikiagoari.
Kontuan hartu beharra dago desgaitasuna duten pertsonek gastu gehigarri handiei aurre egin behar dietela ondasun eta zerbitzu orokorrak erosi beharra dela eta, pairatzen duten desgaitasunarekin berariaz lotutako ondasun eta zerbitzuetan dauzkaten gastuez gainera (laguntza teknikoak; laguntza pertsonala; tratamendu mediko, terapeutiko, habilitatzaile eta errehabilitatzaileak; sendagaiak). Berriki egin diren ikerketetan kalkulatu da desgaitasuna daukaten pertsonak bizi diren etxeetako batez besteko diru-sarrerak gainerako etxeetakoak baino %25 txikiagoak direla.
Hori gorabehera, gaur arte, desgaitasuna duten pertsonei aplikatutako onura fiskalak mugatuak izan dira eta, gainera, haien aplikazioan ere desadostasunak sortzen ari dira.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak salbuespen bat jasotzen du desgaitasuna duten pertsonentzat. Hura 2009. urtearen amaieran aldatu zen eta aldaketa hori dela eta kexak izan dira, zeren eta ukitutako pertsonek aldaketa hori bizi baitute aitortuta dauzkaten eskubideen halako murrizketa baten gisara.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez (aurrerantzean PFEZa), esan beharra daukagu pertsona batek erakunde honetara jo zuela eta zalantzan jarri zuela zerga horren karietara desgaitasuna egiaztatzeko beharra, desgaitasunarekin lotutako onura fiskalak aplikatzen diren lehenengo aldian.
Bizkaiko Foru Aldundian PFEZa kudeatzen duen bulegoak pertsona interesdunari behin-behineko likidazio bat igorri zion, non ezezkoa ematen baitzitzaion desgaitasunarengatik erreklamazio-egileari aplikatutako kenkariari. Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak emandako aitorpena, non interesdunaren desgaitasuna egiaztatzen baitzen, errekurtso bidez aurkeztu ondoren, ukituari sartutako kopurua itzuli zitzaion, ordura arte sortutako berandutza-interesekin.
Azkenik, arlo honi dagokionez, aipatu behar ditugu Gasteizko Udalak etxebizitza hutsetako zaborrak direla-eta aplikatzen duen tasari buruz jaso ditugun bi kexa. Horri dagokionez, aipatu behar dugu Espainiako Konstituzioko 33.2 artikuluak jabetzari aitortzen dion eginkizun sozialaren aurkakoa dela pertsonei partikularki tasa bat jartzea soilik beren titularitateko etxebizitza bat 2012ko urtarrilaren 1ean errentan emana ez dagoelako edo okupatuta ez dagoelako; izan ere, tramitatutako kexa-kasuetan gertatzen den bezala, batzuetan egiazta daiteke kasuko titularrak etxebizitza horretan bizi izanak direla, guztiz justifikagarria den aldi batean izan ezik.
Mendetasuna duten pertsonen arretak ezin du talka egin zaborren tasaren aplikazioarekin, hartara eraginez zama handiago jar dakiola bere ingurunean mendetasuna duen ahaide bat artatzeko lana bere gain hartzen duenari.
2.3. Herrizaingoa
Esparru honi dagokionez, aipatu behar ditugu oinezkoentzako eremu batean ibilgailuak sartzeko debekua kontrolatzeko modua dela-eta sortu diren arazoak, bai eta debeku horren ez-betetzeak eta eremua oinezkoentzako bihurtzea errespeta dadila bermatzeko neurriak ez hartzeak ikusizko desgaitasuna duten pertsonen mugikortasunean duen eragina ere.
Jarduketa okerren bat gertatu izateagatik aurkeztutako kexa gehienetan, ukitutako administrazioek beren jarduna zuzendu dute. Multzo horretan sar daitezke desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren titularrei ezarritako zehapenak direla-eta aurkeztutako bi kexa. Zehapen horiek heldu ziren halako pertsonentzako erreserbatutako toki batean aparkatzeagatik, zeuzkaten txartelek horretarako balio izan gabe. Kasuetako batean jo zen txartela manipulatuta zegoela, baina hori ez zen egia. Beste batean txartelak ez zuela balio adierazi zen, zeren eta behin betiko izaeraz emana zegoela agertzen baitzen, bost urteko epe baterako balioa izan beharrean, abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak exijitzen duen bezala; alabaina, akats hori ezin zitzaion titularrari egotzi, baizik eta hura eman zuen Administrazioari, zeina ez baitzen zehapena ezarritako bera.
2.4. Osasuna
Atal honen barrenean, inplante koklear bateko kanpoko osagaiak berritzeko egoera bat planteatu zaigu, inplante hori sistema publikoak jarrita ez den kasu batean. Zehazki, guri aztertzeko aurkeztu zaigun gaiak ez du zerikusirik inplantearekin berarekin, baizik eta haren osagaiak berritzearekin. Izan ere, egoera hori, Ziurtapen eta Kontratazio Zuzendaritzaren kanpoko osagaien berritzeari buruzko 2/2011 Jarraibidean ezarritakoaren arabera, finantzaketa publikotik kanpo dago.
Haren finantzaketa onartzeak pentsaraz lezake bazterkeriarako ate bat zabaltzen ari dela, zeren eta onura egingo balioke zentro pribatu batean ebakuntza bat ordain dezakeenari, hartara arretan arintasun handiagoa lortuz, nahiz eta arreta hori hobeagoa ez izan. Osakidetzan horrelako diagnostikoa dutenak gutxiengoa badira ere, bazterkeria hori nahikoa nabarmena izango litzateke, baldin eta helburua bada planteatzea inplantearen gastua itzul dadila. Alabaina, eskatzen dena denez osagaiak sistema publikoaren bitartez berritzeko aukerari atea ez ixtea, iruditzen zaigu kasuari bestela ekin dakiokeela.
Osakidetzari aukera hori planteatzerakoan, kontuan izan dugu ezen interesdunen egoera ekonomikoa aldatu egin daitekeela; hau da, gerta daitekeela oraingo egoera inplantea egin zen unekoaz bestelakoa izatea, halako moduz non une hartan gaixoak hura finantzatu ahal izan baitzuen, baina gero, osagaiak berritu behar dituen garaian, halakorik ezin baitu egin. Kontuan hartu beharreko faktore bat da hori, urte batzuk igarota berritu beharreko elementuez ari baikara.
Halaber, kontuan hartu beharra dago ezen kasu honetan inplantearen diagnosia sistema publikoan egin dela, nahiz eta gero ezarpena zentro pribatu batean egin zen, eta, aldi berean, hala jokatzea teknikoki bateragarria zela, zeren eta modu pribatuan jarritako inplantea sistema publikoan ezarriko zenaren berdina baita. Bi elementu horiek oso ere garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, batez ere lehenengoa, zeren eta prestazio publikoen ikuspuntutik, sistema publikoko fakultatibo batek agindutako prestazio bati buruz ari baikara.
Bere erantzunean, Osasun Sailak jakinarazi digu aztertu nahi duela ez ote den komenigarria izango egungo irizpidea berraztertzea, eta irizpide horrek eragina duela prestazio ortoprotesiko honetan ez ezik, gainerako guztietan ere.
Bestalde, gogorarazi behar dugu aurreko ekitaldiko txostenean aipatu genuela adimen-desgaitasuna duen pertsona baten gurasoek azaldutako egoera, interbentzio odontologiko baterako laguntza ukatu ondorengoa. Izan ere, planteatu zuten balizko tratu desberdina ematen dela osasun arlo desberdinetan, eta egungo aurreikuspenak pertsona horien beharrizanen arabera egokitu behar direla.
Nahiz eta guk gaia behin eta berriz adierazi, desgaitasuna duten pertsonentzako enpaste, ortodontzia edo bestelako interbentziotarako laguntzak direla-eta kexa honetako atal batean aipatzen den balizko tratu desberdinari dagokionez, ez dugu erantzunik jaso; horrenbestez, ez dakigu hortzetarako laguntzari buruz lantzen ari den dekretuaren proiektuan alderdi hori jasoko den. Nahi genuke hura berraztertu ondoren, adimen-desgaitasuna duten EAEko pertsonek beren zailtasunak gainditzeko laguntza jaso ahal izatea.
2.5. Etxebizitza
Etxebizitzaren premia berezia duten kolektiboen kasuan, aurten herritarren zenbait erreklamazio aztertu ditugu, non agerian jartzen baitzuten higiezinen merkatuaren egungo baldintzetan irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituen etxebizitza baten jabe direnek zailtasun handiak aurkitzen dituztela esleitu zaien etxebizitza egokitua erosi ahal izateko.
Bi familiaren kasuan, non kideetako bat mugikortasun murriztu iraunkorra duen pertsona desgaitua baitzen, planteatu ziguten ezen, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak haien jabetzako etxebizitza saltzeko eskaintzari ezezkoa emana zionez eta etxebizitza hori merkatu librean ezin izan zutenez besterendu, ez zutela behar beste baliabide ekonomiko esleitutako etxebizitza egokitua erosi ahal izateko, nahiz eta hura urgentziaz behar izan, beren jabetzapeko etxebizitzak mugikortasuna zela-eta zeuzkan mugengatik.
Bi kasuetan ukitutako administrazioei –Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Bilboko Udala– erreklamatu genien konponbide bat bila zezatela, familia esleipendunak etxebizitza babestu egokituaz baliatu ahal zitezen (alokairu-araubidean hura lagata, harik eta haien jabetzapeko etxebizitza saldu arte), edo, subsidiarioki, eskatu genien errentamendu araubidean babes ofizialeko etxebizitza egokitu bat lagatzeko.
Bai Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, bai Bilboko Udal Etxebizitzak entitateak baiezkoa eman zioten gure eskariari eta familia horientzako beste etxebizitza bat eskaini zuten, haien premien arabera egokitua, zeren beren borondatez kanpoko inguruabarrak tarteko, baliabide ekonomiko nahikorik ez baitzuten esleitutako etxebizitza babestua eskuratzeko.
2.6. Gizarte zerbitzuak
Atal honetan aipatu beharra daukagu Bizkaiko Foru Aldundiak ezintasuna duen pertsona bati kotizazio gabeko pentsio bat iraungitzeari buruz bideratu dugun kexa bat. Esku hartzeko eskatu zigun pertsonak adierazi zuenez, dohaintza ekonomiko bat jaso zuen bere gurasoengandik eta oso-osorik babes ofizialeko etxebizitza egokitu bat erosteko erabili zuen kopuru hura. Gizarte Ekintza Sailak pertsona horren errenta edo diru-sarrera gisa zenbatu zuen kopuru hura, eta bere ustez, kopuru haren bitartez, urte hartan kexagileak gainditu zuen jasotzen ari zen pentsioa jaso ahal izateko ezarritako muga.
Erakunde hau foru aldundiaren jokaerarekin konforme ez dagoenez gero, ebazpen hau eman du: Arartekoaren 2013ko martxoaren 13ko ebazpena. Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari gomendatzen dio pertsona batek ohiko etxebizitza eskuratzeko jaso duen dohaintza ekonomikoa errentatzat edo diru-sarreratzat har ez dadila, ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsioaren ondorioetarako. Beraz. pentsioa iraungitzeko erabakia baliorik gabe uzteko eta kaltetuari bere eskubidea lehengoratzeko eskatu genuen. Gomendio hori ez zuten onartu.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Gomendio orokorrak
Arartekoaren otsailaren 5eko 2/2013 Gomendio Orokorra, Arkitektura-oztopoak dituzten egoitza-eraikin kolektiboetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharrari buruzkoa, bereziki igogailuak instalatuta.
Igogailurik ez duten egoitza-eraikinen irisgarritasuna erakunde honek behin eta berriz adierazitako aldarrikapena izan da. Eragin horietarako, arazo horri bi gai nagusiren bitartez ekin diogu: alde batetik, jabeen erkidegoek arkitektura-oztopo horiek kentzeko duten betebeharraren inguruan botere publikoen jarduera-eremua zein izan behar den zehazten saiatzea; bestetik, igogailu bat instalatzeko edo arkitektura-oztopoak kentzeko orduan administrazioek jarraitu behar dituzten irizpideak zehaztea, baldin eta segurtasun-edo bizigarritasun-arazoak badaude edo hori egiteko espazio berriren bat hartu behar bada.
Bigarrenik, aipatu behar dugu Arartekoaren martxoaren
4ko 4/2013 Gomendio Orokorra, aldi baterako kontratazio-burtsak erregulatzen dituen arauetan diskriminazio positiborako neurriak ezartzeari buruzkoa, desgaituak beren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetara iritsi ahal izatea errazteko.
Aldi baterako enplegu-burtsak erregulatzen dituzten arauek, oro har, zerrenda-kideen hurrenkera bi irizpideren arabera ezartzen dute: enplegu-eskaintza publikoen ondoriozko aukeraketa-prozesuetako kalifikazioak eta Administrazioan emandako zerbitzuak. Alabaina, uste dugu ezen izangaiek lanpostuetan jarduteko gaitasuna izatea bermatzen den bitartean, hori baita, Espainiako Konstituzioaren arabera, funtzio publikora sartzea gidatu behar duen printzipioa, ez dagoela arrazoirik bestelako formula batzuk bilatzeko desgaitasuna duten pertsonen kolektiboak aldi baterako enpleguetara sartu ahal daitezela eraginkortasunez bermatzeko, dela erreserba-kuota bereziak ezarriz, dela haientzat lanpostu jakin gordez, dela bilatu nahi den xedea lortzea erraztuko duen beste edozein neurri ezarriz.
3.2. Gizarte erakundeekiko topaketak
Atal honetan, aipatu nahi ditugu, halaber, erakunde honek EAEko esparruan lan egiten duten elkarteekin izan dituen topaketak. Betidanik jo izan dugu entitate horiek egiten duten lanak gure eginbeharra aberasten duela, eta kolektiboaren errealitatea transmititzen duten antenen modura lan egiten dutela. Hori dela eta, ezin ezinbestez eskerrak eman nahi dizkiegu erakunde honekiko lankidetzarako beti erakutsi duten jarrerarengatik. Horri dagokionez, esan dezakegu ekitaldi honetan zehar hartu-emanak izan ditugula FEVAPAS, EUSKAL GORRAK, ELKARTU, FEKOOR, AGI eta EGINAREN EGINEZ elkarteekin, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboak dauzkan kexa, erreklamazio edo arazoak bideratzeko xedez, kexa horiek administrazio publikoari baldin badagozkio.
Lankidetzan jarduteko eta elkartegintzaren mugimenduarekin parte hartzeko xede horrekin, Arartekoak aukera izan zuen “Austeritate politikei buruzko epaia: desgaitasuna duten pertsonen eskubideetan eta bizi kalitatean daukan eragina. Gizarte ongizate iraunkorraren eredu baterantz” izenburupean egin zen jardunaldian parte hartzeko. Jardunaldi horien atzealdean Ongizate Estatuaren eraispena dago. FEKOOR-Gutxitasun Fisikoa edo/eta Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazioak antolatu zuen jardunaldia, joan den azaroaren 15ean, Bilboko Euskalduna Jauregian.Jardunaldi horren bitartez ikustarazi eta salatu nahi zen murrizketa sozialen politikak desgaitasuna duten pertsonen duintasunean, bizi-kalitatean eta eskubideetan daukan eragin eta inpaktuaren errealitatea.
Arartekoa izan zen eztabaida zabaltzeko ardura izan zuena, eta austeritate-politikek eta krisiak bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboentzat izan dituzten ondorioak aztertu zituen giza eskubideen ikuspuntutik.
3.3. EAEko garraio sistema publikoaren irisgarritasunari buruzko txosten bereziaren jarraipena
Euskal Trenbide Sareko kideekin 2013ko maiatzaren 21ean egindako bileran, entitate horrek ustiatutako lineen irisgarritasunari buruzko txostena aurkeztu ziguten, kontuan izanda 2011n EAEko garraio sistema publikoak duen irisgarritasunari buruzko diagnostikoatxosten berezia aurkeztu genuenetik sartzen joan diren aldaketak. ETSk emandako txostenean, balorazio bat egiten da gure diagnostikoan ETS sarea osatzen duten 82 geltokiei buruz eman genituen datuen gainean, lau ustiaketa-lineei dagokienez, bai eta baliabide horiek direla-eta Ararteko Mapak tresnaren bitartez emandako informazioaren gainean ere.
Azterlan horretatik abiatuta, lineetako bakoitzean jarraitutako jarraibideak deskribatzen dira, zehazki 4 lineak osatzen dituzten baliabideetako bakoitzari dagokionez, gure txosten berezian emandako gomendioak betetzeko. Nabarmendu beharra dago irisgarritasuna modu integralean landu dela teknikoki hori bideragarri gertatu den instalazio guztietan. Horrek aukera eman du aurrera sarbideetako eta ekipamenduen barne mugikortasuneko oztopoak kenduz irisgarritasun-baldintza hobetzeko ez ezik, komunikazio-sistemei dagozkien irisgarritasun baldintzak ezartzeko ere. Hartara, bermatuta geratzen da ikusizko eta entzunezko desgaitasuna duten pertsonentzako informaziorako sarbidea erabakigarri gertatzen dela garraio-sistemaren erabilera egokirako.
Trenbide sareen irisgarritasun-egoeran antzemandako gabeziak irisgarritasunerako gakoa diren etapa guztietan gertatzen ziren. Hartara, honako gabeziak adierazi genituen:
Trenbide azpiegiturara sartzeko ibilbidean.
Trenbide geltokietarako eta geralekuetarako sarbideetan.
Geltokiko barne mugikortasunean, nasetarako sarbidean eta material mugikorrean. Horri dagokionez, nabarmendu genuen, batetik, nolako egoera larrian aurkitzen diren gure autonomia erkidegoko trenbide geltoki gehienetako pasaguneak, eta, bestetik, nasa-trena irisgarritasuna dela-eta konponbiderik eman ez zaion arazo bat badagoela.
ETSk adierazitako gabeziei konponbidea emateko egindako jarduketen artean, honakoak nabarmen ditzakegu –guztiak ere hainbat baliabidetan orokorrean egin diren obra eta jarduerak dira–:
Geltoki eta nasetarako sarbidean arrapala keta barandak jartzea edo daudenak hobetzea.
Seinaleztapen horizontala eta bertikala margotzea mugikortasun murriztua duten pertsonentzako tren-sarbideetan.
Nasako ertzetan segurtasun-linea margotzea.
Pedestrail delakoa jartzea nasen arteko pasabideetan.
Behar zenean, nasak goratzea edo beheratzea.
Nasetarako sarbideetan igogailuak jartzea.
Geltokietarako sarbideetan ate automatikoak jartzea.
Komun auto-garbigarri egokituak jartzea.
Megafonia-sistemak gaurkotzea.
Informazio-panel berriak jartzea.
Zehazkiago, esan dezakegu obra berrietan, 2010etik 2012ra, hurrengo geltoki berriak jarri direla zerbitzuan, taulan adierazitako kostuekin:
Durango | 24.983.085,00 € |
Traña | 2.050.000,00 € |
Ardantza | 1.458.761,28 € |
Azitain | 798.000,00 € |
Aia-Orio | 2.490.336,91 € |
Intxaurrondo | 20.674.010,00 € |
Herrera | 11.172.000,00 € |
Fanderia | 2.136.510,92 € |
Oiartzun | 2.247.404,83 € |
Zaharberritu diren geltokiak:
Amorebietako geralekua | 133.928,02 € |
Usansolo | 141.976,00 € |
Eibar | 2.122.975,00 € |
Irun (Colón) | 116.108,72 € |
Jarduketa puntualak:
JARDUKETAK | KOSTUA |
Amara nasak beheratzea (8), Galtzaraborda (2), Pasaia (2), Lasarte (2), Amorebieta (3), Atxuri (3), Lemoa (3), Ermua (1) | 349.064,39 € |
Gaintzurizketako arrapalak egokitzea, haiek goratuta (4). Arizko nasak goratzea (2), Zuhatzuko bakoitiak, Zarauzko bikoitiak, Usurbil (2). Gaintzurizketako (2) eta Irungo (2) nasak egokitzea. Sarbideko arrapalak egokitzea Usurbil, Berriz (bi nasak) eta Amaran (2) | |
Arrapaletarako baranda egokituak Berriz (4), Amara (5) eta Irungo Bentetan (2) | |
Pedestrail delakoa jartzea Larrondo, Ciudad Jardín, Ariz (2), Berriz, Elgoibar, Mendaro, Zarautz, Errenteria, Irungo Bentak, Zugastieta eta Gernikako nasen arteko pasabideetan | 154.886,89 € |
Diseinua eta seinale horizontal eta bertikalak margotzea mugikortasun murriztua duten pertsonentzako trenbide-sarbideetan, nasaren inguruan mugikortasuna murriztua duten pertsonentzako seinaleztapeneko errotuluak (Bilbo-Donostia eta Lasarte-Hendaia), segurtasun linea margotzea nasetako ertzetan (linea guztietan) | 96.685,50 € |
Kanpoko informazio panelak, 4 gorputzetakoak, Lasarte, Errekalde, Añorga, Lugaritz, Amara, Anoeta, Loiola, Intxaurrondo, Herrera, Pasaia, Galtzaraborda, Errenteria, Oiartzun, Fanderia, Gaintzurizketa, Bentak, Belaskoenea, Irungo Ficoba eta Hendaian | 97.350,68 € |
Ate automatikoak atalondorako sarbideetan Amorebietan eta Pasaian | 22.710,00 € |
Tele-seinaleak jartzea Derion eta Amaran | 88.400,00 € |
Kanpoko moduluko komuna edo mugikortasuna murriztua duten pertsonentzako komun ahokatu egokitua Sondika, Ariz, Lemoa, Amorebieta, Euba, Eibar, Elgoibar, Zumaia, Anoeta (2), Galtzaraborda, Errenteria, Bentak, Gernika (2) eta Itsasbegin. Konbentzional egokitua Berriz eta Ermuan | 906.631,14 € |
ETSk adierazitako trenbide-korridoreetan egindako esku-hartze horiek guztiak ikusita, gaurkotu edo berrikusi beharrekoak dira egoeraren diagnostikoari buruz egin genuen txostenean irisgarritasunaren ezaugarriei buruz lortu genituen datuak lantzeko erabili genituen tresnak.
Hartara, datu horiei buruzko ebaluazio konparatuan, bi tresna erabili ziren: gabezien matrizea eta irisgarritasun diagrama. Bada, gaurkotze hori egiteko, Euskal Trenbide Sareak gabezien matrizearen tresna erabiltzearen alde egin du, zeren eta haren bidez azterketa kuantitatibo bat egin baitaiteke eta informazioa modu integratuan eta konparatuan eskaintzen baitu kasuko garraio-sistemarako desplazamendu-katearen irisgarritasunaren ezaugarriei buruz.
Laburki bada ere, aipatu nahi dugu gabezien matrizeen abiapuntua dela Irisgarritasun Adierazlea (IA)izeneko adierazle sintetikoa sortzea, zeinak, garraio-ekipamendu bakoitzerako (aztergai dugun kasuan, trenbide geltokia) parametro uniforme batzuk analizatu zeta baloratuz, aukera ematen baitu oinezkoen ingurunearen eta instalazioen irisgarritasun gradua objektiboki alderatzeko. Azterketa kateko etapa guztietako desplazamenduaren segurtasunaren eta autonomiaren (funtzionaltasuna) ikuspuntutik egiten da. Parametro horietako bakoitzaren balorazioarekin –irisgarritasunaren alderdiak esaten zaie– eta ekipamendu bakoitzetik ateratzen diren irisgarritasun adierazleekin, gabezien matrizea sortzen da. Matrizeak aukera ematen du desplazamendu-kate osoan (ingurunea-ekipamendua-material mugikorra) irisgarritasunaren egoera ikusteko. Gabezien matrizeak formulatzeko erabilitako metodologia gehiago zehazteko, EAEko garraio sistema publikoak duen irisgarritasunari buruzko diagnostikoa txosten berezira jo beharra dago.
Kontuan hartu beharra dago aldez aurretiko ezaugarriak eta sailkapena, instalazioetan ezarritako parametroen arabera, erraztu zuela, Arartekoak egindako diagnostiko txostenean, gero egingo ziren gomendioen hierarkia ematea, ekipamendu batzuetan esku hartzeko lehentasunezko beharrak ezarrita.
Euskal Trenbide Sareak matrize horiek gaurkotuta, egiazta dezakegu esku hartu deneko lineetan gertatu diren aldaketak garrantzitsuak izan direla eta kritikotzat jotzen ziren geltokien kopuruak nabarmen egin duela behera.
Ondoren erakusten ditugu 2013ko ekitaldian gaurkotu diren lau adarren matrizeak, 2011ko gure txosten berezian emandakoekin batera. Horrek aukera ematen du eta ETSren esku-hartzearen menpekoak diren instalazioen irisgarritasun– eta segurtasun-baldintzen hobekuntza egiaztatzeko.
BILBO-DONOSTIA LINEA
LASARTE-HENDAIA LINEA
AMOREBIETA-BERMEO LINEA
CASCO VIEJO-LEZAMA LINEA
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Beharrezkoa da ezen botere publiko guztiek irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua har dezatela, herritarren multzoaren beharrizanen dibertsitateari erantzungo dion ingurune bat sortuz, eta behar diren neurriak ezarriz irisgarritasun unibertsal hori erabilera publikoko eraikin, establezimendu eta instalazioetan, lurraldea antolatzeko tresnetan, hirigintza-planetan eta urbanizazio-proiektuetan bermatzeko.
Irisgarritasun unibertsal hori lortzeko, garrantzitsua da administrazio publikoek sentsibilizazio, sustapen eta prestakuntza jarduketak egitea, batetik, gizarte osoaren eraldakuntza kulturalera bideratuak eta, bestetik, aukera-berdintasunaren eta bazterkeria ezaren ikuspuntutik, eta errealitate horri eta haren arrazoi ea ondorioei buruzko ezagutza handiagora.
Badakigu irisgarritasun osoa lortzeak eta dauden oztopo ugariak kentzeak ikaragarrizko baliabideak mugiaraztea eta esleitzea eskatzen dutela.
Hori dela eta, aitortzen dugu egungo zailtasun ekonomikoek oztopoak jartzen dituztela epe laburrean irisgarritasun unibertsalaren helburua lortzeko. Hala eta guztiz ere, eta kontuan hartuz ezen administrazioen baliabide ekonomikoak eta teknikoak, oro har, bereziki eskasak direla, beharrezko gertatzen da administrazio autonomikoaren eta tokiko autonomiaren arteko kooperazio tekniko eta ekonomikoa.
Administrazioen aurrekontu-murrizketaren egoerak ez luke ekarri beharko oztopoak kentzera zuzendutako finantzaketa publikoa deuseztatzea. Komenigarria da, beraz, administrazio publikoek ahalegin ekonomikoa egitea lan horri ekiteko, kontuan hartuta kasu guztietan egokitze lanak egungo atzeraldi ekonomikoko egoera iritsi baino lehen hasiak eta amaituak behar zutela izan.
Garraioaren esparruko irisgarritasunak eskatzen du zerbitzu hori bokazio unibertsalez eman dadila, pertsona guztien ibilera autonomoa erraztuz berdintasun-baldintzetan.
Esparru honetan irisgarritasun baldintzak ezartzeko sortzen joan diren aurrerapenak garrantzitsuak badira ere, oraindik ere ageriko gabezia batzuk badaude, zerbitzua modu unibertsalean erabil dadila baldintzatzen dutenak.
Horretarako, beharrezkoa litzateke, behar diren ahaleginak egiten jarraitzea garraio-moduak irisgarritasun unibertsalaren helburuari egokitzeko, bai azpiegitura eta material mugikor berriari dagokionez, bai lehendik daudenak egokitzeari dagokionez; hartara, bermatu nahi da, era berean, dauden elementuen kontserbazio egokia, garraio-moduetara sartzea eta haietatik jaistea errazteko, uneoro segurtatuz haien erabilera operatiboa dela. Horri dagokionez, beharrezkoa da garraio-elementuen irisgarritasuna era erabilera erraza bideratuko duten aurrerapen teknikoak sartzea.
4.2. Kontuan hartuta desgaitasuna duten pertsonek eta haien familiek desgaitasunetik heldutako beharrei erantzuteko egin behar duten gehiegizko esfortzua, gure ustez oraingoa bezalako krisi ekonomikoko koiuntura batean, botere publikoek aurrera egin behar dute dauden onura fiskalen tratamenduan, desgaitasun-egoerak gutxitzen lagunduko duen babes-neurri gisa.
4.3. Desgaitasuna duten pertsonentzako sendagaien doakotasuna prestazio farmazeutikoaren bereziki menpekoa den kolektibo horrentzako laguntza-neurri bat da, zeina ezin baita geratu arauen arteko igorpen-jokoaren menpean; hari eusteak eta hura orokorrean aplikatzeak funtsezko ekitate-beharkizunei erantzuten diete. Ildo horretan, Herri Defendatzaileak Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioari gomendio bat zuzendu dio, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin koordinatuta, lege erreforma egokia egin dezan, haren bidez ehuneko 33ko eta gehiagoko desgaitasun gradua duten pertsonak, desgaitasun gradu horretara zein momentutan iritsi ziren kontuan izan gabe, salbuetsita egon daitezen Osasun Sistema Nazionalari egin beharreko ekarpenetik.
Aldi berean, prestazio ortoprotesikoen zorroa arintasunez eta maiztasunez gaurkotzeak lehentasun bat izan beharko luke, desgaitasuna izan eta horrelako prestazioak behar dituzten pertsonen eguneroko bizitza hobetzeko.
4.4. Administrazio publikoek jarraitu behar dute diskriminazio positiboko neurriak hartzen, desgaitasuna duten pertsonek enplegua dela-eta berdintasun materiala erdiets dezaten. Horretarako, beharrezkoa da gizartea gehiago sentsibilizatzea haien lanerako aukerei buruz, desgaitasuna duten pertsonentzat berariaz dauden mekanismoez harantzago, eta, halaber, garrantzitsua da lantokiak eta lanpostuak egokitzen aurrera egitea, bai eta horretarako pizgarri eta diru-laguntzan linea egonkor bat erraztea ere. Horri buruzko ekarpen gisa, aipatzekoa da Arartekoaren martxoaren 4ko 4/2013 Gomendio Orokorra, aldi baterako kontratazio-burtsak erregulatzen dituen arauetan diskriminazio positiborako neurriak ezartzeari buruzkoa, desgaituak beren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetara iritsi ahal izatea errazteko.
4.5. Azkenik, azpimarratu behar dugu azken urteetan murrizketa handiak egin direla kolektiboko elkarteei zuzendutako politika publikoetan. Egitate hori eragina izaten ari da elkarte horiek beren erabiltzaileei ematen dizkieten zerbitzuetan, zeinak, itxura batean, administrazio publikoek berek ez dituzten beren gain hartuko. Esan beharra dago erakunde horiek desgaitasuna duten pertsonentzat funtsezkoak diren banakako orientabide- laguntza-lanak egiten dituztela; dauden baliabide komunitario eta berariazkoei buruzko dokumentazio- eta informazio-iturriak direla, eta, aldi berean, kolektiboa jarduera sozialaren esparru desberdinetan ikustarazteko bermea direla. Horri dagokionez, erakunde honek nabarmendu eta defendatu behar du ezen, krisi garaietan sekula baino gehiago, botere publikoek giza eskubideen printzipioak hartu behar dituztela beren politika publikoen diseinurako gida-lerro gisa.
4.Gaixo kronikoak
Aurrekariak
Gaixo kronikoek berariazko premiak izaten dituzte, eta horiek euskal herri-administrazioek artatu behar dituzte ezinbestean. Iraupen luzeko gaixotasunak direnez eta, oro har, motel egiten dutenez aurrera, sendagarriak direnak ez bezalako tratamendu edo zaintzetan oinarritutako arreta behar izaten dute batez ere, pertsona horien bizi kalitatea bermatzen duen arreta soziosanitarioan oinarritutakoak gehienbat, autonomia eta zaintza sustatuz, narriadura prebenituz eta tratuen eta aukeren berdintasuna eskainiz.
1.Kexarik aipagarrienak
1.1. Sendagaia finantzaketa publikotik kanpo egoteagatik
–Sjögren sindromea daukaten gaixoen begietako lehortasuna arintzeko izan ezik– sindrome lehor larria (Lyell sindromearen bigarren mailakoa) daukan pertsona bati sendagai hori ez emateari buruzko gure erabakia eman genuen Arartekoaren 2013ko irailaren 25eko ebazpenean. Horren bidez, Osasun Sailari gomendatzen zaio paziente bati sendagai baten finantzazioari begira emandako ukoa berrikusteko; izan ere, gaixo honen benetako beharrizan eta premia bestelako patologia batean kontuan hartu den berbera da eta azken hori finantzatu egiten da.
Ebazpen horren azterketa laburra, osasun-administrazioak gure gomendioari emandako erantzuna eta erakunde honek hartutako neurriak txosten honen II.12 kapituluko 2.1 atalean jasota daude, Osasun arloari baitagozkio.
1.2. Herritar baten kexaren izapidetzeak agerian jarri zuen, berriro ere, kalte zerebralak eragiten dien pertsonentzako baliabide espezializatuak nahikoak ez direla.
1.3. Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua –Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa– aplikatzearen ondorioz prestazio farmazeutikoetarako xedatutako ekarpen berrien inguruko kexa batzuek gaixo kronikoek eta pentsiodunek, besteak beste, jasan behar duten kostua azpimarratu zuten. Haien egoera ekonomiko estuaren ondorioz, egoera jakin batzuetan benetako zailtasun batek prestazio farmazeutiko horiek eskuratzeko dituzten aukerak baldintzatu litzake.
Uste dugu egoera horiazaroaren 19ko 447/2013 Dekretua
–Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa– eta 2013ko abenduaren 23ko agindua –Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013ko eta 2014ko laguntzak emateko deialdia egiten duena– aplikatuz zuzenduko dela. Bai dekretua bai agindua gure osasun-administrazioak egin dituen osasun-planetan finkatu diren helburu nagusietako batean gauzatzen diren tresnak dira: helburu hori, hain zuzen ere, gizarte-egoera ahuleneko pertsonen osasuna hobetzea eta eremu horretan gizarte-desberdintasuna gutxitzea da.
1.4. Aurten Dravet sindromea daukan adingabe bati mendetasunaren inguruan egindako balorazioaren emaitzarekin desadostasuna adierazi duen kexa bat jaso dugu. Patologia hori iazko txostenaren III.4 kapituluko 3.2.2. atalean aipatu genuen. Erakunde hau kezkatuta dago gaur egungo baloratzeko baremoaren aplikazioak ematen dituen emaitzengatik eta baloratutako pertsonen laguntza– eta gainbegiratze-premiak ikusita ulertzen zailak diren mailaketei buruzko pertzepzioagatik –sare publikoko osasun edo gizarte-laneko profesionalek adierazi dute, eta gure informazioa haiekin egiaztatzeko aukera eduki dugu–. Kezka horri txosten honen III.11. kapituluan helduko diogu.
1.5. Arartekoaren ebazpena, 2013ko otsailaren 19koa. Horren bidez, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailari gomendatzen zaio balora dezala urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruan eraikin bat jasotzeak duen interes publikoa, Sentikortasn Kimiko Anizkoitzaren sindromea duen pertsona bat han aldi batean tratatzeko.Ebazpen hori eragin zuen kexaren azterketa Hirigintza arloari buruzko II.15. kapituluan egiten da, 2.1. atalean.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Arauen berrikuntza nagusiak osasun publikoaren esparru orokorrean egin dira: azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; 2013ko abenduaren 23ko agindua, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013ko eta 2014ko laguntzak emateko deialdia egiten duena; eta 2013ko uztailaren 4ko agindua, Osasuneko sailburuarena, Osasun Sistema Nazionalean aseguratu edo onuradun ez diren pertsonei Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-asistentzia aitortzeko prozedura ezartzen duena, eta identifikazio-dokumentua eta hori emateko prozedura arautzen dituena. Hortaz, Osasun arloari buruzko II.12 kapituluaren 3. atalean aztertuko dira.
2.2. Abenduaren 30eko 473/2013 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko gaixotasun arraroen erregistroaren sorrerari eta funtzionamenduari buruzkoa. Erregistro hori sortzea Gaixotasun Arraroetarako Estrategiaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ekintza Planaren helburuetako bat zen. Planak Euskal Autonomia Erkidegoko gaixotasun arraroak hobeto ezagutzeko, artatzeko eta arlo horretan hobeto koordinatzeko neurriak biltzen ditu, eta Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Gaixotasun Arraroetarako Estrategiaren inguruan aurkeztutako 2011/2012ko Lan Egitasmoan oinarrituta dago.
2.3. Historia Dosimetrikoaren sistemak indarrean jarraitzen du. Proba diagnostiko jakin batzuek ekartzen dituzten erradiazio ionizatzaileetarako (beraz, kaltegarrietarako) esposizioen erregistroan datza, eta horren bitartez behar ez diren esposizioei aurrea hartzeko eta horiek ekiditeko neurriak har daitezke.
2.4. 2013ko urtarriletik aurrera bost gaixotasun berri
–homoszitinuria, astigar ziroparen gaitza (MSUD), 1 motako aziduria glutamikoa (GAI), aziduria isobalerikoa eta kate luzeko gantz-azidoen azil COA deshidrogenatuaren gabezia (LCHADD)– Osakidetzaren Jaioberrientzako Behaketa Programan sartzea pentsatzen zen arren, praktikan ez da hori gertatu. Sailak jakinarazi digu 2014ko otsailerako aurreikusita dagoela.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Jarraian erakundeak 2013. urtean garatutako jarduera nagusiak deskribatuko ditugu:
3.1. Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren jarraipena
2010etik geroztik esan dugun moduan, gure osasun-administrazioak sustatutako tresna horrek pertsona horiei eskainitako arreta hobetu nahi du, 14 proiektu estrategikoren bitartez. 2010-2012ko aldiari dagokion proiektu horien eboluzioa Compartiendo el avance de la estrategia de cronicidad agirian jaso da.2013an Osasun Sailari honako arloetan erregistratutako aurrerapenez galdetu diogu:
3.1.1. Irabazi asmorik gabeko gizarte ekimenak egiten dituzten, jarduerak EAEn burutzen dituzten eta gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu nahi duten erakundetarako laguntzak.
Laguntza-ildo horretarako deialdia egiten jarraitzen da (aurten, 2013ko uztailaren 3ko Aginduaren bidez). Hori biziki garrantzitsua da gaixotasunen bat duten pertsonei zuzendutako laguntzaren alde egiten duelako, nork bere burua zaintzeko eta autonomia lortzeko trebetasunak eta baliabideak garatzeari dagokionez; era berean, haien premia soziosanitarioak artatzearen alde egiten du, eta eragindako pertsonei eta haien familiei gaixotasuna, horren arrisku-faktoreak eta bizi-aztura egokienak ezagutzen eta horiei buruzko informazioa lortzen laguntzen die.
Aurrekontuko zuzkidura aurten 300.000 eurotan mantentzen da. 2013ko azaroaren 12ko ebazpenaren bitartez, 62 elkartek aurkeztutako 99 proiekturi laguntzak eman dizkiete.
3.1.2. Gaixoaren erantzukizunaren eta autonomia sustatzeko hartutako neurrien inguruan erdietsi diren lorpenak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzarekin lankidetzan, Osasun Eskola (OE) sortu du 2013an. Gaixoei, zaintzaileei eta herritarrei informazioa eta prestakuntza eskaintzen dizkien zerbitzu bat da, osasunari eta gaixotasunari buruz erantzukizun partekatuko jarrera bat lortzeko.
Sailak esan digu Paziente Bizia-Paciente Activo Programak gaur egun “Stanford metodologian” gaitutako 20 profesional eta gaixo bat dauzkala, baita 103 prestatzaile (profesionalak eta gaixoak) ere, ikastaroak emateko Programaren helburua nork bere burua zaintzeko eta gaixotasuna kudeatzeko trebetasunak jakinaraztea eta horietan prestatzea da. Antolatzen diren lantegien bidez, gaixo kronikoak bere gaixotasuna hobeto ulertu eta bere osasunaz ardura har dezala nahi da. Ikastaro horiek gaixo kronikoek edo zaintzaileek ematen dituzte, taldea osatzen dutenek dituzten esperientzia eta zailtasun berak bizi izan dituztenak, ikuspuntu fisikotik, psikologikotik eta sozialetik. 2013ko abenduaren 31n adierazi digute 123 ikastaro egin direla eta 1.501 gaixo aktibatu dituztela.
Gaixoei euren gaixotasuna kudeatzen eta erabakiak era partekatuan hartzen irakasteko teknikei buruz Osakidetzako profesionalek jaso behar duten etengabeko prestakuntzari dagokionez, sailak 162 prestakuntza-jarduera egon direla eta haietan 7.943 profesionalek parte hartu dutela azaldu digu.
Era berean, taldeko hezkuntzarekin lotuta egin diren osasun komunitarioko 120 jarduerak (tabakoa erretzeari uztea, diabetesa, e.a.) aipatu ditu, baita altarako zainketa-planen garrantzia ere. Azken horien helburua da gaixoari eta familiari alarma-zeinuen, hasiera batean hartu beharreko neurrien eta aztura gomendagarrien (elikadurari, higieneari, jarduera fisikoari, gorputz-jarrerari eta abarrei dagokienez) inguruko informazioa ematea eta horietan trebatzea.
3.1.3. Aurrerapen nagusiak gaixo kronikoari etengabeko laguntza bermatzeari dagokionez.
Sailak esan digu helburu horretarako egindako egitura-jardunen esparruan Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) sortzen ari direla. Horien bidez, hainbat laguntza-erakunde (ospitalea bere lehen mailako arretako erreferentzia-zentroekin) erakunde sanitario bakarrean elkartzen dira. Horietako bost abian daude dagoeneko: Bidasoa ESI, Debagoiena ESI, Debabarrena ESI, Goierri-Urola ESI; hiru 2014ko urtarrilean hasiko dira funtzionatzen: San Eloy Barakaldo-Sestao ESI, Barrualde ESI eta Bilbo-Basurtu ESI; hiru 2014an hasiko dira integrazio-prozesuarekin: Tolosaldea ESI, Gipuzkoa ESI eta Araba ESI; eta bi, berriz, 2015ean: Ezkerraldea ESI eta Uribe ESI.
Laguntzaren jarraitutasuna bermatzeko helburua duten laguntza-jardunei dagokienez, osasun-administrazioak helarazitako informazioaren arabera, honakoak azpimarratzen ditugu:
Lau laguntza-bide sortu dira: gaixo pluripatologikoa, diabetesa, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bihotz-gutxiegitasuna; horietan egintzen segida, eragiten dituzten agenteak eta jardun bakoitzeko erantzukizunak deskribatzen dira.
Gaitasun profesional berriak gehitu dira: erreferentziazko mediku espezialista, praktika aurreratuko erizaina (PAE) eta ospitale-lotuneko erizaina.
Lehen mailako arretako mediku eta erizainen eta Osakidetzako ingurunetik zein gizarte-esparrutik etorritako gizarte-langileen arteko koordinazio soziosanitarioa lortu da.
Osarean, jarduera presentzialari laguntza ez presentzial osagarria ematen dion elementu teknologikoa (medikazioaren jarraipena eginez, konfortaren inguruko galderak eginez, euren bizilekuan monitorizatutako gaixo kroniko konplexuengan gertatzen diren alertak kontrolatuz eta kudeatuz, e.a.).
Osabide Global-en bitartez (historia kliniko bateratua) gaixoaren informazio kliniko guztira eta lehen mailako arretako profesionalaren eta ospitaleko esparruko erreferentziazko medikuaren arteko kontsulta ez presentzialetara sarbidea edukitzen da, besteak beste.
Laguntzaren Jarraitutasunerako Planak: ospitaleratutako gaixoaren balorazio osoa, altarako tratamendu- eta zainketa-plan bat eta nork bere gaixotasuna kudeatzen lagunduko duen gaixoen eta senideen prestakuntza.
Jakinarazi digute hainbat espezialitate (hala nola, zainketa aringarriekin, giltzurruneko gaixotasunarekin, gaixotasun neurologikoarekin, digestio-gaixotasunarekin, patologia onkologikoarekin, min kronikoarekin eta buruko patologiarekin lotutakoak) ukitzen dituzten beste bide batzuk lantzen ari direla.
3.1.4. Kronikoen Sarea programaren, eraginaren eta erdietsitako lorpenen balorazioa.
2011ko gure urteko txostenean gizarte-sare proiektu hori deskribatu genuen. Gaixotasun kronikoren batekin bizi diren pertsonak eta horiei lagun egiten dietenak eta zaintzen dituztenak daude bertan, denen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Adierazi genuen parte hartzeko modu erraz eta azkarra osatu nahi zela, ahalduntzea, elkarrekin ikastea, emozioen kudeaketa eta afinitatean oinarritutako interakzioa bultzatzeko.
Osasun Sailak esan digu 2013/12/31n 1.637 erabiltzaile erregistratu direla eta kopuru horrek hazteko joera etengabea baina motela daukala.
Deusto Research-ek eta BIOEF-ek bizi-kalitatean eta gaixotasunari aurre egiteko gaitasunean izan duen eragina ebaluatu dute: erabiltzaileek egin duten balorazioa positiboa da, eta %81ek beste pertsona batzuei gomendatuko liekete; erabiltzaileen profila Euskadiko gaixo kronikoen batez bestekoa baino gazteagoa (batez besteko adina 45 urte dira) eta prestakuntza handiagokoa da; erabiltzaileen %67,2 emakumeak dira; parte-hartzaileek sare horren bidez laguntzeko eta laguntza jasotzeko ahalmena baloratu dute bereziki, baita pribatutasuna kudeatzekoa ere.
Sailak uste du sortzerakoan finkatutako helburua betetzen duela, baina hobetu beharreko arloak daudela onartzen du: “erabiltzaile gehiago lortzea, daudenak era aktiboagoan barnean sartzea (beste gizarte sare batzuetan bezala, KSn erabiltzaile pasibo asko daude), sareko elkarrizketak osasun arlora bideratzea, eta ahalduntzea, gaixoen aktibazioa kapital sozial erlazionalaren sorrera eta antzeko kontzeptuak oinarri hartuta ebaluatzea”.
3.1.5. Erizaintzako eskumen aurreratu berrien garapena.
2011ko urteko txostenaren III.4 kapituluko II.1 atalean kronikotasunaren arreta integratura bideratutako erizaintzako hiru rol berriren pilotajearen hasiera aipatu genuen, eta bakoitzaren helburuak deskribatu genituen: eskumen aurreratuen erizain kudeatzailea (EAEK), jarraitutasunaren erizain kudeatzailea (JEK) eta ospitale-lotunearen erizain kudeatzailea (OLEK).
Hasierako planteamendua –2013ra arte guztira 300 erizain prestatzea– gorabehera, gaur egungo egoera honakoa da:
42 profesionalek OLEKen eskumenak gauzatzen dituzte Osakidetzako ospitaleetan.
78 profesionalek JEKen eskumenak egikaritzen dituzte lehen mailako arretaren eremuan.
EAEKen eskumenak dituzten 59 profesional daude lehen mailako arretaren eremuan.
3.2. Arreta soziosanitarioa: esparru kontzeptuala eta nazioarteko eta autonomietako aurrerapausoak. Hurbilketa txosten bereziaren jarraipena
Aurten Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onartutako Osasun Sailari Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Soziosanitarioaren Ildoak Prestatzeko Esparru-Dokumentua gauzatzeari dagokionez erregistratutako aurrerapen nagusiei buruz galdetu diogu Osasun Sailari.
Jakinarazi digutenez, kontseilu horrek 2013ko uztailaren 3an EAEko arreta soziosanitarioko bost ildo estrategikoak onartu zituen:
Zerbitzu soziosanitarioen zorroa definitzea.
Informazio eta komunikazio soziosanitarioen sistema bat ezartzea.
Sektoreen arteko akordio soziosanitarioak formalizatzea.
Helburu-taldeetarako garapen-plana.
Prestakuntza, berrikuntza eta ezagutzaren zabalkuntza sustatzea.
Erakundeei dagokienez, sailak adierazi digu 2013an zerbitzu soziosanitarioen zorroa idazteko lan-batzordea abiarazi dela; batzorde horrek lurralde bakoitzeko eta EAEko mapa soziosanitarioak egingo ditu eta lurraldeko plan operatiboetarako egitura komuna ezarriko du. Era berean, arreta goiztiarrean erabat esku hartzeko dekretua onartzeko espedientea oso fase aurreratuan dagoela esan digu.
Aipatu du zein eremutan den nabarmen gaur egun arreta soziosanitarioaren garapena herritarrentzat:
Gizarte- eta osasun-guneen artean koordinatutako jardunak, osasunaren lehen mailako arretaren, udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen eta foru aldundiko gizarte zerbitzuen arteko koordinazio soziosanitarioa lortzeko protokoloetan formalizatutakoak. Protokolo horien artean honakoenak nabarmentzen dira: Donostialdea Eskualdearenak, Donostiako Udalarenak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak; Arabako Eskualdearenak eta Gasteizko Udalarenak; Uribe Eskualdeko 27 udalerrirenak eta Bizkaiko Foru Aldundiarenak. Jakinarazi digutenez, “protokolo horiek adinduen eta mendeko pertsonen sektorea dute helburu, etxeetan bizi zein egoitzetan bizi”.
Premia bereziak dauzkaten eta 0 eta 6 urteren arteko adina duten haurrentzat arreta goiztiarreko ereduaren pixkanakako ezarpena (Beharrizan bereziak dituzten haurren arreta integraturako prozesua, Basurtuko Ospitalearen eta Bilboko Eskualdearen, Hezkuntza Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren artean).
Osakidetzako historia kliniko informatizatua adinekoen egoitzetan sartzeko lehenengo urratsak. Esan digu honetan lan egiten ari dela: “bi testuinguruen elkarreragingarritasunean, helburu-biztanleriaren zainketa soziosanitarioen plangintzaren balorazio osoa egiteko balio duen tresna komun bat garatuz eta balioztatuz, baliabide soziosanitario guztietarako bidezko sarbidea lortzeko eta jarraitu beharreko bide soziosanitarioa definitzeko”. Zentzu horretan, gaineratu du gaur egun fase pilotua zabaltzen ari dela. Fase horretan osasun- eta gizarte-esparruko 50 profesional prestatzen eta aipatutako tresna erabiltzen ari dira.
Helburu-taldeak honela definitu ditu: “buru-nahasmenduren bat daukaten pertsonak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak, ezgaitasunen bat duten pertsonak, baztertuta dauden edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak, babesik gabe dauden edo babesik gabe egoteko arriskuan dauden pertsonak, premia bereziak dituzten haurrak edo talde txiki baina sentikorrak, hala nola gaixotasun arraroren bat daukaten pertsonak”.
Jakinarazi digu Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2013ko abenduaren 26an egindako bileran 2013an gertatutako aurrerapenen inguruko informazio eguneratuta aurkeztu zela. Txosten hau idazteko unean bilera horren akta onartuta ez dagoenez, 2014an aztertu beharko da.
3.3. Lehen eta bigarren mailako linfedemak dituzten pertsonei emandako arretaren jarraipena
Arartekoak eremu honetan izandako esku-hartzeak testuinguruan kokatzeko, komeni da hauen edukira jotzea: Legebiltzarrarentzako 2010ko txostenaren III.4 kapituluko IV.2 atala, 2011ko txostenaren III.4 kapituluko III.1 atala eta 2012ko txostenaren III.4 kapituluko 3.1.1. atala.
Aurten Osasun Sailaren aurrean nabarmendu dugu eragindakoen taldeak egiten zituen proposamenak aintzat hartu behar direla, egoera etengabe eta kroniko hori –horren gradu aurreratuenak eta larrienak elefantiasi du izena– saihesteko. Era berean, adierazi dugu komenigarria dela gure inguruko herrialdeek gaur egun erabiltzen duten Europako praktika klinikorako gida, Best Practice Guide for the Management of Lymphoedema, jarraitzea.
Taldeak jakinarazi digu aurrerapen nabarmenak erregistratu dituela bigarren mailako linfedemari emandako arretan, baina ez lehen mailako linfedemari emandakoan. Azpimarratu du osasun-sistema publikoak gaur egun eskaintzen diren baino galtzerdi eta atzandel gehiago ordaindu behar dituela, gaitutako profesionalek egindako drainatze linfatikoko saioen kopurua handitu behar duela eta lehen mailako linfedemako kasuetan jarraipena eta tratamendua bermatu behar dituela.
3.4. Sentsibilizazio zentraleko gaixotasunak dituzten pertsonei emandako arretaren jarraipena: fibromialgia (FBM), neke kronikoa (NK), sentikortasun kimiko anizkoitza (SKA) eta elektrohipersentikortasuna (EHS)
3.4.1. Arartekoak eremu honetan izandako esku-hartzeak testuinguruan kokatzeko, komeni da hauen edukira jotzea: Eusko Legebiltzarrarentzako 2011ko txostenaren III.4 kapituluko III.5 atala eta Eusko Legebiltzarrarentzako 2012ko txostenaren III.4 kapituluko 3.1.2 eta 3.2.1 atalak.
3.4.2. Iaz fibromialgia eta neke kronikoa duten pertsonen arretarekin lotuta erregistratutako aurrerapenak aipatu genituen, funtsean jarduteko protokoloen aplikazioari, profesionalen prestakuntzari eta gaixoen partaidetzari dagozkien alderdietan.
Hala eta guztiz ere, urte honetako amaieran osasun arloko profesionalei ematen ari zaien prestakuntza nora ezean ibiltzearekin lotutako inguruabar batzuen berri eduki dugu. Baieztatuz gero, presazkoa litzateke sail horrek jardunak bideratzea. Elkarte-sareek eta eragindako hainbat pertsonak bildutako informazioen arabera, ematen ari den prestakuntza ez da koherentea euskal osasun-administrazioak hartu duen kronikotasunerako estrategiarekin, ezta Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 2011n argitaratutako Fibromialgiari buruzko Gidan ezarritako jarraibideekin ere. Arrazoi horrengatik hasitako kexa-espedientea izapidetzeko fasean dago txosten hau idazteko unean.
Hain zuzen ere, osasun arloko profesionalen prestakuntza sustatzea, gida klinikoen diseinuan eta zabalkundean sakontzea, lehen mailako arreta eta arreta espezializatua koordinatzea eta gaixotasun horiek eragindako pertsonen elkarteei laguntzea dira Eusko Jaurlaritzak aurten bere 120/2013 Ez Legezko Proposamenean, fibromialgiari eta neke kronikoari buruzko jardunbideen gainekoan, nabarmendu dituen kontu nagusiak.
3.4.3. Sentikortasun kimiko anizkoitzak (SKA) eragindakoei dagokienez –pertsona horien immunitate-sistemak eta sistema endokrinoak ez dute produktu kimikoekiko, lurrinekiko eta abarrekiko esposizioa jasaten, ezta pertsona gehienek eskuarki onartzen dituzten mailetan ere, bestela euren osasuna arrisku larrian jarriko zuketelako–, haien arretan aurrerapen gutxi egon direnez eta haien egoera arras kezkagarria denez, Osasun Sailari ondoren adieraziko ditugun gogoetak helaraztea erabaki genuen.
SKAk eragindako pertsonek, bestelako patologiek eragindako pertsonek bezala, bermatuta daukate Osasun Sistema Nazionaleko (OSN) zerbitzu komunen zorroa eta hori eguneratzeko prozedura ezartzen dituen indarreko araudian definitutako prestazioetarako sarbidea; bestalde, prestazio horiek emateko baliabideak autonomia erkidegoen eskumenekoak dira.
Araudi horrek zerbitzu komunen zorro horren edukia hedatuki definitzen du, arreta osoa eta erabiltzaileari emandako laguntzaren jarraitutasuna bermatzeko helburuarekin, artatzeko laguntza-maila edozein dela ere, eta lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren artean koordinazio handia lortzeko helburuarekin. Hori funtsezko alderdia da euren ezaugarriengatik bi mailen aldiberekotasuna behar duten patologiei –adibidez, SKAri– ekitean eraginkortasun handiagoa lortzeko.
Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak SKAko adituen lantalde bat osatu ostean, Osasun Sistema Nazionaleko Kalitate Agentzia burua izanik, ministerio horretako eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren menpe dagoen Carlos III Osasun Institutuko ordezkariek, elkarte zientifikoek eta adituek elkarrekin lan egin dute eskuragarri dagoen froga zientifiko hoberena oinarri hartuta. Haien helburua, besteak beste, Sentikortasun Kimiko Anizkoitza duten pertsonen osasun-arretari buruzko “adostasun-agiri” bat egitea da; agiri hori OSNen barruan patologia horren arretaren kalitatea eta ekitatea hobetzeko tresna da eta OSNeko Kalitate Planak ezartzen dituen planteamendu estrategikoekin bat dator.
Agiriak gaixotasun horren portaera epidemiologikoari, zeinu kliniko eta fisiologikoei, diagnostikoari eta ekite terapeutikoari buruzko gaur egungo ezagutzei heltzen die, baita eragin fisiko, psikologiko eta sozialari buruzko ezagutzei ere. Prebentziozko neurriak eta zainketak proposatzen ditu, bai osasun-zerbitzuetako profesionalentzat, bai gaixotasuna jasaten duten pertsonentzat, osasuna kontrolatzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko asmoz.
EAEn SKAk eragindako pertsonei emandako arretaren eta ezarritako osasun publikoko politiken inguruan 2011tik geroztik egiten ari garen analisiari esker, hutsune batzuk eta dagozkien hobetzeko arloak seinala ditzakegu:
3.4.3.1. Euskal osasun-sistemak ez dauka sentikortasun kimiko anizkoitza eta merkurio-intoxikazioa duten pertsonak artatzeko profesional espezializaturik. Hori dela eta, ezin da diagnostiko egokia egin eta dagozkion tratamenduak ezarri. Gainera, horrek espezialista batetik bestera joanarazten du gaixoa, era kezkagarrian.
Oro har, osasun arloko langileek ingurumen-patologiak ezagutzen ez dituztela erregistratu da. Dirudienez, sailak ez dizkie profesionalei kontu horren inguruko kontsulta-tresnarik ematen, ezta gidarik ere.
Lehen mailako arretako fakultatiboen oinarrizko prestakuntza –alderdi orokorrak eta kontraindikazioen ezagutza– eta profesionalen espezializazioa (horiengan jarri behar da arreta etorkizunean) sustatu behar dira. Horrez gain, bitartean, zerbitzu egokira bidaltzeko edo zentro pribatu batek emandako arretaren ondorioz sortutako gastuak itzultzeko bideak atzerapenik gabe eta gaixoei behar bezalako informazioa emanez gauzatu behar dira.
3.4.3.2. Egon daitezkeen ospitaleratzeetarako ospitale-protokolo bat eduki behar da, baita larrialdietako zerbitzuetan arreta emateko protokoloak ere, pertsona horien agente abiarazle edota sentsibilizatzaileekiko esposizioa murrizteko eta arreta urgentera zuzendutako guneak prestatzeko. Zentzu horretan, osasun-administrazio katalanaren Recomanacions de bona pràctica clínica sobre l’atenció als serveis d’urgències hospitalàries dels afectats de sensibilitat química múltiple izeneko gomendioak har genitzake erreferentzia gisa.
3.4.3.3. Eragindako pertsonek eritrozito-mikromantenugaien analisia gehitzeko eskatu dute, horri esker eragindakoaren mantenugaien estatus funtzionala ezagutaraz daitekeelako ohiko serum-proben bitartez baino aldi luzeagoan.
3.4.3.4. Haien osasunerako nahitaezkoak diren produktuen estaldura falta erregistratu da –maskara bereziak, aire- eta ur-iragazkiak, nutrizio-gehigarriak, e.a.–.
3.4.3.5. SKA Osakidetzako gaixo kronikoak artatzeko estrategian sartu behar da.
3.4.3.6. Osakidetzak publikoari eskuarki eskainitako informazioa teknologia berriak erabiliz zabaldu behar da, bereziki kontuan hartzen badugu pertsona horiek euren etxebizitzetatik ateratzeko dituzten zailtasunen –kasu larrienetan, ezintasunaren– ondorioz bakanduta egon ohi direnez tresna horiek direla komunikatzeko eta informazioa jasotzeko daukaten bide nagusia. Osasun Institutu Katalanaren web orriak SKAri buruzko informazioa eskaintzen du. Osakidetzaren webgunean ez dugu gaiaren aipamenik aurkitu.
3.4.3.7. Osasun-zentroetan, gizarte-zentroetan, ikastetxeetan, garraiobideetan eta abarretan agente abiarazlerik gabeko guneak egokitu behar dira eta toki publikoetan zona zuriak sortu behar dira.
SKAk eragindako pertsonek salatu dute ezin direla ospitale batean geratu, larrialdietara joan, ebakuntza bat anestesiarekin gainditu edo bestelako gaixotasunetarako tratamendua jaso Osakidetzako instalazioetan. Zentzu horretan, komenigarria litzateke Ingurumen Medikuntzako Europako Akademiak ospitaletan SKA duten gaixoentzako zona zuriak sortzeko dituen proiektuak ezagutzea.
3.4.3.8. Osasun publikoko prebentziozko neurriei buruzko politiken barruan ingurumena babesteko neurrien alde egin behar da: fumigazio-arazoak, aire-ihinztapenak, pestizidak eta hiriak garbitzeko produktuak.
3.4.4. 2013an, elektrohipersentikortasuna duten pertsonei emandako arretarekin lotutako jardunak ingurumena telefonia mugikorreko eta wifi sareetako antenetatik datorren kutsadura elektromagnetikotik babesteko esparruan kokatu dira. Azpimarratu dugu eremu elektromagnetikoekiko esposizioak osasun publikorako sortzen duen arriskua kudeatu behar dela eta zuhurtasun-printzipioa aplikatzea komenigarria dela. Hartara, honakoak nabarmen ditzakegu:
Erakunde honek eman duen erabakia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura SailarenEskola 2.0 programak erabilitako ordenagailuen wifi bidezko hari gabeko konexioak sortutako eremu elektromagnetikoen inguruko polemikaren testuinguruan (Arartekoaren 2013ko apirilaren 4ko ebazpena).
Arartekoaren 2013ko abenduaren 12ko ebazpena. Horren bidez, Donostiako udalerriko telefonia mugikorreko deien banaguneko hainbat instalazioren udal kontrola jorratu da.
Arartekoa Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren eta Lurralde Politikaren Batzordearen aurrean agertu zen telefonia mugikorreko estazioek sortzen duten kutsadura elektromagnetikoari buruz eta esparru arautzailearen proposamenari buruz duen iritzia azaltzeko. Erakunde honen aburuz, euskal herri-administrazioek telefonia mugikorreko instalazioen inguruan esku-hartzeko eskumenak dauzkate, lurraldea antolatzeko eta ingurumena babesteko eskumenetan oinarrituta.
Kontu horien analisi zehatzagoa ingurumenari buruzko II.6 kapituluan egin da.
4.Bilerak administrazio eta erakundeekin
4.1. Osasun Saileko Osasun Sailburuordetza eta Koordinazio Soziosanitarioa (Eusko Jaurlaritza)
Heldu genien gaiek lehen eta bigarren mailako linfedemak jasaten dituzten pertsonak eta sentikortasun kimiko anizkoitza daukaten pertsonak artatzearekin zerikusia izan zuten.
Sailaren jarrera irekia izan da eta mahai gainean jarritako kontuak aztertzeko prest azaldu da.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Osasun Sailak tratamenduak jarraitzea errazteko hartu dituen neurriek eragin positiboa daukate gaixo kronikoen prestazio farmazeutikoetarako sarbidean, eta horrek osasun eremuko gizarte-desberdintasunak murrizten laguntzen du.
5.2. Euskal botere publikoek, erakundeen arteko lankidetzaren bidez, premiazko neurriak hartu behar dituzte gaixo kronikoen arreta soziosanitario falta saihesteko. Horren arrazoia 2012ko otsailean indarrean sartu zen eta estatuko esparruan ezarrita dagoen Mendetasuna Baloratzeko Baremoaren aplikazioa da.
5.3. Jaioberrientzako behaketa-programa zabaldu behar da, eta horri buruzko aurreikuspenak gauzatzean gainditu behar den moteltzea gertatzen ari da.
5.4. Irabazi asmorik gabeko gizarte ekimenak egiten dituzten eta gaixo kronikoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu nahi duten erakundetarako laguntza areagotu behar da, frogatuta baitago eragindakoengan eta horien familia- eta gizarte-ingurumenean nork bere burua zaintzea, autonomia eta ahalduntzea sustatzen eraginkorrak direla eta prestakuntza, informazioa eta laguntza psikologikoa ematen dituztela. Haien proposamenak kontuan hartu, haien ekimenak sustatu eta aurrekontu-zuzkidurak handitu behar dira. Era berean, zuzentzen dituzten zerbitzuen eta programen egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatu behar da, deialdiak urteko lehenengo hilabeteetan argitaratuz eta ebatziz eta laguntzarako eta lankidetzarako bideak bultzatuz. Bide horiek aurrekontu-urtearen denbora-esparru laburra gainditu eta segurtasun handiagoa eskaini behar dute (urte anitzeko konpromiso-kredituak, epe ertaineko hitzarmenak, e.a.).
5.5. Altarako zainketa-planek eta Osasun Eskola(OE),
Paziente Bizia-Paciente Activo eta horrelako programek gaixo kronikoen gaixotasuna kudeatzearen alde egiten laguntzen dute.
5.6. Ikusi dugu laguntzaren jarraitutasunaren bermean aurrerapenak egon direla, Erakunde Sanitario Integratuak sortuz, laguntza-bideak eratuz, eskumen profesional berriak gehituz eta laguntzaren jarraitutasunerako planak erabiliz.
Gure ustez, beharrezkoa da osasun arloko langileak kronikotasunaren arreta integratura bideratutako erizaintzako rol berrietan gehiago trebatzea: eskumen aurreratuen erizain kudeatzailea (EAEK), jarraitutasunaren erizain kudeatzailea (JEK) eta ospitale-lotunearen erizain kudeatzailea (OLEK).
5.7. Kronikoen Sarea Programak eragin ahula izan duen arren, aipatu behar da bere erabiltzaileek era positiboan baloratzen dutela, funtsean laguntza eskaini eta jasotzeko ematen duen aukeragatik eta pribatutasunarekin lotutako ezaugarriengatik.
5.8. Hartutako kalte zerebrala duten pertsonek ez daukate baliabide nahikorik. Horregatik, gure herri-administrazioek dispositibo berriak abiarazi behar dituzte, eta jadanik daudenen egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatu.
5.9. Azpimarratu behar da sentikortasun kimiko anizkoitza duten pertsonen arretarekin lotutako neurriak hartu behar direla. Osatzen duten komunitatearen eskubide osoko kideak dira eta, beraz, botere publikoek titularrak diren eskubideak egiatan erabili ahal izateko baldintzak bermatu behar dituzte.
Haien arazoak –larria da, kasu askotan ezgaitzailea eta ezezaguna zuribiderik gabe– agerian geratu behar du hausnarketarako eta behar diren neurriak hartzeko esparruak
sortzeko.
Zerikusia duten administrazioek osoko arreta eman behar dute osasun eta gizarte eremuetan, laguntza produktuak eskuratzea erraztu behar dute; arreta zuzeneko zerbitzu publikoetako profesionalen prestakuntza bermatu behar dute; prebentzioa bultzatu behar dute; haien etiologiari eta tratamenduari buruz ikertu behar dute; ingurumena babestea eta hobetzea eta gune zuriak sortzea bultzatu behar dute eta euren jarduketetan arreta, gardentasun eta ingurune-informazioaren printzipioak jaso behar dituzte, beste neurri batzuen artean.
5.10. Gune soziosanitarioa garatzeko urrats garrantzitsuak eman direla onartu behar dugun arren, honakoei urgentziaz ekin behar zaiela ondorioztatu dugu: hiru lurralde historikoetako baliabide soziosanitarioen garapenaren homogeneizazioa, lehen mailako arretako koordinazio soziosanitarioa diziplinarteko taldeen bitartez, arau-esparru komun baten sorrera eta partekatutako informazioko sistema baten ezarpena.
5.Buruko gaixotasuna edo nahasmenduak dituzten pertsonak
Aurrekariak
Arartekoak arreta handia jartzen du burutik gaixo dauden pertsonen taldeengan, ahultasun berezia baitute.
Hala, arlo honetan egiten dugun lanaren oinarria zera da, burutik gaixo dagoen pertsona hori eskubideak dituen herritarra dela. Ondorioz, pertsona hauen jabekuntza, gizarteratzea, errehabilitazio psikosoziala eta benetako partaidetza dira jorratzen ditugun ideiak.
Gure herri-administrazioen, eta, batez ere osasun, gizarte, hezkuntza, enplegu, justizia eta etxebizitzaren arloko jardueraren inspiraziorako printzipioak honako hauek izan behar direla uste dugu: norberaren autonomiaren sustapena eta estigmaren ezabapena, zainketen jarraipena, ekitatea, erantzukizuna, koordinazioa, integrazioa, eraginkortasuna eta gaixo eta senideen partaidetza-foro eta elkarteen sustapena.
Arartekoaren xedea da, beraz, administrazioon jarduerak printzipio horiekiko leial izatea eta horretarako lan egitea, babesteko zeregina daukagunez gero.
1.Kexarik aipagarrienak
1.1. Arartekoaren 2013ko ekainaren 11ko ebazpena. Horren bidez, Gurutzetako Psiko-Gizarte Laguntzarako Modulua elkarteak eta hiru erabiltzailek hasitako kexari buruzko jarduera bukatzen da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarizenbait hobekuntza neurri bultzatzeko gomendatuz; izan ere, kexa hori egin zen euskal osasun administrazioak elkarte horrekin izenpetutako lankidetza hitzarmena berritzeko asmorik ez zegoelako eta horrek moduluaren itxiera ekar zezakeelako.
Ebazpen horretan, Arartekoak funtsean ondorioztatu du aipatutako hitzarmena ez dela berritu Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak zerbitzua bere gain hartu izanaren ondorioz ezarri diren antolaketa-irizpideei erantzunez.
Era berean, aitortu du moduluak –osasun administrazioarekin batera 30 urte baino gehiagoz lan egin du– arreta psikosoziala behar duten pertsonen arretan ibilbide bikaina egin duela, eta haren taldeak konpromisoa eta profesionaltasuna erakutsi dituela. Hortaz, Osasun Sailari gomendatu dio moduluaren nolabaiteko jarraitutasuna antolatzea, sare publikotik eskaintzen den arreta osatzeko helburuarekin. Horretarako, saila erakunde honek egindako azterketa batera bidali du: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak. Bertan hobetu beharreko arloak eta gaur egun gure administrazioek eskaintzen duten arretan dauden hutsuneak nabarmendu dira.
Ebazpen horri lekua eman zioten kexen izapidetzeak Osasun Sailak hartutako zenbait konpromiso sustatu zituen, hala nola ludopatiak dituzten pertsonei eta genero-indarkeriaren biktimei emandako arretarekin lotutakoak. Orain dela gutxi sailak esan digu Ekintza-Aluviz elkartearekin (ludopatiak artatzen ditu) koordinazioari dagokionez Arartekoak ebazpen horretan koordinatzeko eta bideratzeko egindako gomendioei jarraitzen ari direla.
Bosgarren gomendioak elkartearekin, herritarrekin, gaixoen komunitatearekin eta Barakaldoko udalbatzarekin partaidetza-, komunikazio- eta informazio-bideak berreskuratu eta abian jarri behar direla esan du. Horri dagokionez, Osasun Sailak bide horiek berreskuratu direla jakinarazi digu eta egin diren bilera eta komunikazioak zehaztu dizkigu.
Ebazpenaren seigarren gomendioa dela-eta, sailak adierazi digu herritarren eranste egokia eta ia erabatekoa gertatu dela, “maiztasuna biztanleen ezaugarrietarako aurreikusitakoaren %90 baino gehiago” izan baita.
Txosten honen itxiera hurbil zegoenean, moduluaren elkartearen ordezkaritzak jakinarazi digu EAEko 2014ko aurrekontu orokorretan modulurako partida bat gehitzea adostu dela, eta Eusko Jaurlaritzak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeko programa aurrera eramateko finantzaketa eman diola.
1.2. Arartekoaren 2013ko urriaren 16ko ebazpena. Horren bidez 1541/2012/39 kexa-espedientean egindako jarduketari amaiera ematen dio eta osasun administrazioari neurri jakin batzuk hartzeko gomendatzen dio. Espediente horretan, herritar batek salatu zuen bere eskubideak urratu zizkiotela ospitalean bere borondatearen aurka sartu zutelako.
Ondoren, ebazpen horretan gomendatutako neurri orokorrak nabarmenduko ditugu laburki, osasun administrazioaren jardunean antzeman diren gabeziak ikusita:
Borondatearen aurkako sarreraren neurria hartzeko eskatu beharreko betekizunak betetzen direla bermatzea (Arartekoak ebazpen horretan betekizun horiek bere ustez zeintzuk izan behar diren azaltzen du).
Askatasun pertsonala hainbeste murrizten duten horrelako neurriak hartzea eragiten duten premiazko arrazoiak behar bezala dokumentatzea eta argi eta garbi jasotzea.
Gaixoek borondatearen aurkako sarrerako egoeretan dauzkaten eskubideak eta auto judizialen edukia benetan ezagutzen dituztela bermatzea (kontu horri kapitulu honetako 4.3 atalean helduko diogu).
Euspen mekanikoaren neurria guztiz salbuespenekoa eta azken baliabidea dela azpimarratzea.
Batzorde judizialaren bisitaren unean gaixoa zentroan dagoela ziurtatzeko beharrezkoa den koordinazioaren alde egitea.
Borondatearen aurkako sarrerari buruzko protokolo berri bat egitea. Bertan, neurri horren lege-esparruari eta ebazpenean zehazten diren beste eduki garrantzitsu batzuei heldu behar zaie.
Jatorrian borondatearen aurkakoa zen sarrera batekin jarraitzeko, adostasuna behar bezala dokumentatzea.
Agintaritza judizialari sarrera albait lasterren jakinaraztea, sarrera justifikatzen duen diagnostikoa edukitzen denean, legez ezarritako gehienezko epea –24 ordu– amaitu arte itxaron gabe.
Alta agintaritza judizialari berehala jakinaraztea.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Arauen berrikuntza nagusiak osasun publikoaren esparru orokorrean egin dira: azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; 2013ko abenduaren 23ko agindua, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013ko eta 2014ko laguntzak emateko deialdia egiten duena; eta 2013ko uztailaren 4ko agindua, Osasuneko sailburuarena, Osasun Sistema Nazionalean aseguratu edo onuradun ez diren pertsonei Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-asistentzia aitortzeko prozedura ezartzen duena, eta identifikazio-dokumentua eta hori emateko prozedura arautzen dituena. Hortaz, Osasun arloari buruzko II.12 kapituluaren 3. atalean aztertuko dira.
2.2. Osasun zientzietan espezializatutako osasun-prestakuntza sistemaren tronkalekotasuna eta beste alderdi batzuk arautzen dituen errege dekretuaren proiektuak Haurraren eta Nerabearen Psikiatria delako espezialitatea sartzea xedatzen du. Hori profesionalen taldeen, zientzialarien elkarteen eta hirugarren sektoreko erakundeen etengabeko aldarrikapena zen.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenaren jarraipena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio nortasun-nahasmendu larriak dituzten pertsonei arreta emateari lotutako neurri orokor batzuk eta eragindako gazte baten arretaren gaineko beste neurri berezi batzuk har ditzan
Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenarierantzunez, Osakidetzak hitzeman zuen “nortasun-arazoak dituzten nerabeentzako Eguneko Unitateak sortzeko proposamenak” baloratuko zituela eta ziurtatu zuen “aurreikusteko modukoa dela urtebeteko epean abiaraztea”.
Osasun Sailak duela gutxi esan digunez, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, ikerkuntzaren eta esku-hartze ildo berrien garapenaren arloan, nortasun-nahasmenduei partzialki edo guztiz lekua ematen dieten programa batzuk abiarazi ditu, bai tratamenduari bai jarraipenari dagokionez; besteak beste, nerabeentzako eguneko unitatea, ospitale horretako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko 8 klinikok osatutako taldeak, O. Kemberg-ek gainbegiratuta, egindako transferentzia-psikoterapia, eta jokabide-terapia dialektikoko trebetasunetako talde egonkorrak. Baieztatu du horren bitartez Bilbo Handiko eskualdean dauden nortasun-nahasmenduen zati handi bati arreta ematen diotela.
Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren ustez, hilabete batzuk barru “ospitale guztiek paziente eta senideei zuzendutako informazio-foiletoa izango dute, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko informazioan oinarritua, eta Lurralde Historiko bakoitzari egokitua”.
Orain dela gutxi jakinarazi digute Basurtuko Psikiatria Zerbitzuak egindako protokoloaren transmisio bat egon dela. Adierazi digunez, “protokolo horrek gomendioetan aipatutako kontuei heltzen die: patologiari buruzko informazioa, azterketa, eskuragarri dauden tratamenduak, patologiarekin berarekin lotutako gatazken aurkezpeneko gertaerak eta haien ebazpen arrazoitua. Kontsultatutako zerbitzuetan, berezkoak dituzten ezaugarriei protokoloak gehitu eta egokitu zaizkie. Uste dugu lehendik antzemandako harreman-arazoak hobetu direla, kontu gatazkatsuak hobeto mugatu direlako eta gaixoak hasieratik bertatik parte hartu duelako”.
Gainera, Osakidetzak hauxe adierazi zuen: arlo horretako profesionalak prestatzean, “bateratu egingo dira, Psikiatriako Zerbitzua duten Ospitale Orokorretan eta Osakidetzako Ospitale Psikiatrikoetan, arauak ez betetzeagatik helburu terapeutikoekin alta emateko arrazoiak. Horrela, jasota geratuko da pazienteak beren asistentzia-eskubide guztien jabe izango direla, eta arreta jaso ahal izango dutela: bai presako patologiagatik, edozein unetan; bai ingresua eragin zuen patologiagatik, pazienteen tratamenduan inplikatutako zentro guztiek zehaztu beharreko epe batean.”
3.2. Azterlan honen jarraipen-lana: EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak
Iaz adierazi genuen bezala, azterlan horretan aintzat hartu zen talde bereziki ahul horien buru-osasuna artatu eta babestearen arloan euskal herri-administrazioek azken urteotan egin duten ahalegin handia. Aldi berean, ekimen berriak, garapen handiagoa edo hobekuntza behar dituzten gaiak nabarmendu ziren, egokiak ziren gomendioak eginez.
Erakunde honek azterketa horretan gomendio ugari egin zituenez, 12.1.4 Gomendioa zein mailatan betetzen den jakitera bideratu dugu gure arreta. Gomendio hori EAEko osasun mentaleko estrategia dokumentuan (OME-2010) jasotako xedapen jakin batzuk gauzatzeko beharrari buruzkoa da.
Horrela, borondatearen aurkako edozein esku-hartzeren asistentzia-praktikako etika- eta lege-alderdien gaineko jardunbide egokiei buruzko gida orokor bat prestatzeari dagokionez (4.14. helburu espezifikoa), osasun administrazioak jakinarazi digu tresna hori arrazoi honengatik ez dela garatu: “gizarte eta osasun eremuetan banatuta dauden (asistentzia-praktikako) batzordeen kokapen desberdinei egotz dakiekeen adostasun falta”. Haren ustez, “proposamen batzuk, hala nola gaur egun Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren estrategia-ildo soziosanitarioetan xedatuta dagoena, erakunde horretatik eta administrazio eta laguntza-eremu guztien baterako aholku organo baten proposamenetik igarotzen dira. Proposamen horrek mota horretako gidak, alderdi horien ikuspegi nahiko adostu bat eskaintzen dutenak, idatzarazi beharko du”.
Gainerako neurriei dagokienez, osasun administrazioak bere erantzunean agiri honen edukira bidali gaitu: EAEko osasun mentaleko estrategia dokumentuari buruzko txostena. Azpimarra dezakegu buruko osasunaren sustapenarekin lotutako ekintzen gauzatzea ez dela nahikoa.
3.3. Gomendio orokorrak
Iaz adierazi genuenez, kexagilea bere borondatearen aurka ospitaleratu zutela eta, hainbat kexa-espediente bideratu genituen. Horregatik, 2012ko otsailean ofiziozko espedientea ireki genuen, Prozedura Zibilari buruzkourtarrilaren 7ko 1/2000 Legean (PZL) egoera horietarako aurreikusita dauden neurrien betearazpena aztertzeko.
Azterketa horren ondorioz, Arartekoak otsailaren 15eko 3/2013 Gomendio Orokorra egin zuen, buruko osasun-arazoak dituen norbait bere borondatearen kontra ospitaleratzen dutenean, bere eskubideak benetan ezagutzen dituela bermatuko duten neurriak hartu beharraz.
Bertan islatzen da osasun administrazioak, jakinarazpen formal batek ekar dezakeen izapide soila ez ezik, gaixoek PZLren arabera borondatearen aurkako sarrerako egoera horietan dauzkaten eskubideak benetan ezagutzen dituztela bermatzen duten neurriak ere hartu behar dituztela, zeren eta esku-hartze judiziala baino lehen eskubide horiei buruzko informazio osoa eta egiazkoa ez izateak haien edukia hustu baitezake.
Hortaz, osasun administrazioari gomendatzen zaio gaixoari informazioa emateko agiri idatzi bat edukitzea. Bertan, besteak beste, epaitegiari komunikazioa egiteko eta berrespen judizialerako epeak jaso behar dira era argi eta errazean, baita gaixoak dituen eskubideak ere (agintaritza judizialak entzunda eta aztertuta izatea; agintaritza judizialari hirugarren baten agerraldia eskatzea, beharrezkoa iruditzen bazaio; prozesuan bere defentsarekin –abokatu-laguntzarako eskubidea– eta ordezkariarekin agertzea; auzitegiak sarreraren inguruan hartzen duen erabakia errekurritzeko aukera, e.a.). Era berean, eragindako pertsonak eskubide horiek behar bezala ulertu dituela frogatzea ahalbidetzen duen bide bat prestatu behar da.
Orobat, pazientearen historia klinikoan dagoen informazioa eta nahi gabeko barneratzearen gainekoa eskuratzeari dagokionez, osasun-administrazioak hartutako murrizketa-neurriek behar bezala bermatu beharko lukete babestu egingo direla hain kontuzkoak diren datu horiek.
Ararteko erakunde honek ez dauka eskumenik borondatearen aurkako sarrera psikiatrikoaren berrespen judiziala egitean egon daitezkeen atzerapenen inguruan, nahitaezko epean –72 ordu– egiten ez denean. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusira eta EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salara helarazi genuen kontua, zegozkion ondorioak izan zitzan. Lehenak hauxe erabaki du: “fiskalek ahaleginak egingo dituzte barneratzeko zentroek eta barneratze psikiatrikoak baimendu edo berresteko eskumena duten epaitegi-auzitegiek legean ezarritako epeak bete ditzaten; hori lortzeko, beharrezko ekintzak burutuko dituzte eta zuzenbidean bidezkoak diren helegiteak jarriko dituzte, norberak askatasunerako duen eskubide oinarrizkoan eragina baitu”; bigarrenak, berriz, arazo horiek zuzentzeari ekin diola jakinarazi digu, legezko epeak kasu guztietan errespeta daitezen.
Osasun Sailak gomendio orokorra onartu du, eta orain dela gutxi hori betetzea lortzeko egindako urratsen berri eman digu:
3/2013 Gomendio Orokorra borondatearen aurkako sarrerak egiten diren psikiatria zerbitzu guztietara helarazi da.
Gero, aipatutako zerbitzuekin harremanetan jarri dira gomendioa zein mailatan ezarri den ebaluatzeko. “Sarreraren baldintzen ahozko komunikazio sistematikoa antzeman da, borondatearen aurkako sarreretarako protokoloetan islatzen dena eta gomendioetan adierazitako puntuei jarraitzen diena”.
Zerbitzu horiek ahozko komunikazioarekin batera dokumentazio idatzia ematera hertsatu dituzte, 3/2013 Gomendio Orokorrak islatzen duen moduan.
Era berean, hauxe jakinarazi digu: “psikiatria zerbitzu handienetan, batzorde judizialen presentzia ohikoa da (astean bi aldiz), eta legezko epeak eta sarreraren baldintzen komunikazio zehatza sistematikoki eta era egokian egiten dituzte”.
3.4. Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo txosten bereziaren jarraipena
3.4.1. Osasun-sareko baliabideen egoera buru-osasunaren alorren 2013. urtearen amaieran
Osasun administrazioak eskainitako datuak Gipuzkoako Osasun Mentaleko Atlasean, Bizkaikoan eta Arabako Unibertsitate Ospitalearen eta Arabako Osasun Mentaleko Sarearen 2012ko txostenetan oinarritu dira.
Honako hauek dira:
2013 | Dispositiboen kopurua | Plaza-kopurua |
BOZ (1)Helduen Buru Osasuneko Zentroak | 42 | |
HGBOZ (1)Haur eta Gazteen Buru Osasuneko Zentroak | 15 | |
OLUOspitalizazio Laburreko Unitateak, bai Ospitale Orokorretan, bai Ospitale Psikiatrikoetan | 6 | 234 |
HGOLUOspitalizazio Laburreko Unitateak haur eta gazteen Ospitaletan | 3 | 19 |
EOHelduen Eguneko Ospitaleak | 23 | 600 |
HGEOHaur eta Gazteen Eguneko Ospitaleak | 5 | 50 |
EEU (2)Egonaldi Ertainetarako eta Azpiakutuen Unitateak | 6 | 296 |
PIUPsikosi Immuneen Unitatea | 1 | 14 |
EUErrehabilitazio Unitateak | 7 | 263 |
LU (3)Egonaldi Luzeen Unitateak | 5 | 778 |
PG (4)Psikogeriatrikoak | 1 | 109 |
Psikogeriatrikoak
1
109
Iturria: Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza.
(1)
BOZ eta HGBOZ; bertan, non toxikomaniak, Elikadura Jokabidearen Arazoak berariaz jorratzen dituzten taldeak eta Lehenengo Gertakari Psikotikoak lantzen dituztenak ere sartzen dira.
(2) Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira
(3) Izen desberdinekin. Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira
(4) Gipuzkoaren kasuan hitzartuak dira
Kasu batzuetan 2012ko datuak direnez eta administrazioak erabilitako iturriak ez datozenez bat aurreko urteetan baliatutakoekin, ezin da plazen kopuruaren eta dispositiboen eboluzioaren analisi konparatibo egoki bat egin.
Horrek agerian uzten du osasun administrazioak tresna fidagarri bat, autonomia erkidegoaren esparrukoa, behar duela haren baliabideen (dispositiboen eta plazen kopurua) eboluzioa modu zehatzean aztertu ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, azpimarra dezakegu plaza psikogeriatrikoen kopurua ez dela aldatu, eta aurten egonaldi luzeko unitateenak Gipuzkoako itundutako plazei buruzko datua hartzen duela barne; horri esker desinstituzionalizazio-prozesuaren benetako egoera ezagut dezakegu.
Droga-mendetasunak artatzeari dagokionez –OMZren zerrendaren barne dago ikuspegi anbulatorioa dela eta–, 2013an Arabako lurraldean bi zentro bildu dira mendetasunak tratatzeko eta horiei buruzko orientazioa emateko zentro (COTA) berri bat osatzeko; Galdakaoko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Desintoxikazio Unitatean 10 oheak mantendu dira.
Sarrerak gertatzen diren zazpi komunitate terapeutiko daude EAEko esparruan (2 Bizkaian, 4 Gipuzkoan eta 1 Araban).
3.4.2. Desinstituzionalizazio-prozesuari dagokionez, jakinarazi digute Bizkaian, 2013an, Osasun Lurralde-Ordezkaritzak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak honakoak prestatu dituztela: “buruko nahasmendu larrira bideratutako miniegoitzetan eskuragarri dauden plazak zabaltzeko baldintzak, (...) Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, baita instituzio-aldaketako plazetan jarraitzea ere”. Aurreratu digute plaza horiek –20 eta 35 bitartean izango direla aurreikusten da– Bizkaiko ospitale psikiatrikoetan egonaldi luzeko oheak berregituratzea ekarriko dutela eta 2014. urtean beteko direla.
Araban eta Gipuzkoan ez da desinstituzionalizaziora zuzendutako plazarik gehitu.
3.4.3. Ospitaleetatik kanpoko egoitza-egiturei dagokienez, Osakidetzak 2011n emandako informazioaren arabera, tutoretzapeko pisuetako eta ikuskatutako pisuetako plaza-kopurua 468koa zen. 2012an emandako datuaren arabera, 332 plaza zeuden. 2011n miniegoitzetako plaza-kopurua 90koa zen; 2012an, aldiz, 136 plaza erregistratu ziren. 2011n erkidego terapeutikoetako plaza-kopurua 30koa zela jakinarazi zitzaigun. 2012an, bestetik, 449 plaza egon ziren eguneko ospitale eta erkidegoetan. Hala ere, iritsi zaigun azken datu hori ez dagoenez banakatuta, ezin dugu ondoriorik atera.
Aurten lurraldeen arabera banandutako datuak eskaini dizkigute. Guztira 674 plaza tutoretzapeko etxebizitzei, miniegoitzei, egoitza txikiei eta ostatu-etxeei dagozkie.
Zaila da ospitalekoak ez diren egoitza-egitura horien eboluzioa era zehatzean baloratzea, urtero datu horiek osatu gabe eta terminologia desberdinarekin eskaintzen baitizkigute. Hala eta guztiz ere, gauzatu dugun gutxi gorabeherako azterketatik eta elkarteekin eta sareen arduradunekin egin dugun egiaztapenetik ondoriozta dezakegu mota horretako baliabideak pixkanaka handitzen ari direla.
3.4.4. Estigma erauzteko asmoz egin diren esku-hartzeei dagokienez, osasun administrazioak Arabako Ospitale Psikiatrikora eta COTAra egindako bisitaldi gidatuak aipatu ditu, baita erakunde guztietan ohikoak izaten diren egitura normalizatuetan buruko osasuna integratzeko neurriak ere. FEDEAFESekin, ASASAMekin, ASAFESekin, AVIFESekin eta AGIFESekin estigma erauztearekin lotutako hainbat jardueratan egondako lankidetza ere nabarmendu da; aitortu du erakunde publikoek ez dutela estigman parte hartzeko ildo planifikaturik erakutsi.
3.4.5. Arabako Ospitale Psikiatrikoan aire zabalean dagoen neurri egokiko gune berde bat sortzearen alde egiteko garatutako jardunei dagokienez, Osakidetzak iaz adierazi zigun obra egiteko asmoa zeukala eta horretarako lizentzia izapidetuta zegoenez hasteko moduan zegoela.
Jakinarazi digute 2013. urtean atzealdean 1.400 metro karratu berregokitu direla, eta aire zabalean gimnasio bat eta baratze ekologiko bat dituen aisiarako gune berde bat instalatu dela; birmoldaketa horren bidez, ospitaleko lursailak zabaldu dira eta ibilgailuen zirkulazioa berrantolatu da, lehen aparkatzeko baliatzen zen lekua ospitaleko erabiltzaileen gozamenerako izan dadin.
3.5. Bilerak elkarteekin
3.5.1. Aurten lankidetza-dinamika bat hasi dugu ACABE BIZKAIA Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Bizkaiko elkartearekin.
Esan digute osasun sistemako buruko osasuneko zentroetako profesionalek arazoarekin konpromiso handia erakutsi dutela eta ACABErekiko harremana eta koordinazioa erraza dela.
Antzematen ari dira jatearen nahasmendua duten gero eta pertsona gehiago, funtsean emakumeak, adingabeak direla.
Haien ustez, haurren eta gazteen buruko osasuneko zentroetan eta helduentzako buruko osasuneko zentroetan eskaintzen ari den arreta, oro har, egokia da. Hala ere, hobetu beharreko eremu batzuk eta ematen den arreta nahikoa ez den zenbait alderdi nabarmendu dituzte:
Euskal osasun sisteman ezin dira ospitalizazioaren bidez kasu larrienak behar bezala tratatu.
Osasun Sailak ez du akordiorik egin Institut de Trastorns Alimentaris delakoarekin, nahiz eta, haien ustez, bide hori arreta egokia bermatzeko beharrezkoa den (ospitaleratzen dute eta tutoretzapeko etxebizitzen sarea daukate, gainbegiratze-maila desberdinekin, gaixoa dagoen fasearen arabera). Akordio horiek hedatuta daude gainerako autonomia erkidegoetan.
Heldutasunera igarotzen denean arretaren kalitatea jaitsi egiten da.
Familiekiko lan terapeutikoa areagotu behar da.
Jantoki-zerbitzuan (nahasmenduari aurre egiteko beharrezkoak diren jarraibideak ikasteko) ez dago psikologo profesionalik. Uste dute psikoterapia bermatzeko lanbide-profil hori jantoki-zerbitzuan ezinbestekoa dela. Galdakaoko ordutegia, 15:00etara arte, eskasa da. Gurutzetan ordutegia 17:00etan amaitzen da eta, haien ustez, egokiagoa da.
Medikazioaren kontrola eta psikiatriako profesionalen eginkizuna, zalantzarik gabe, garrantzitsua dira, eta hori eskaintzen du funtsean euskal sistemak. Dena den, uste dute psikologo profesionalen laguntzaz egiten den lan terapeutikoa ez dela nahikoa, eta areagotu beharko litzatekeela.
Erakundeen laguntza jasotzen dute, baina, haien ustez, ez da nahikoa garatzen dituzten zereginei aurre egiteko.
Unitate espezializatu bat sortzeko eskatu dute.
Jatearen nahasmenduak eta nortasun-nahasmenduak maiz batera agertzen direnez, uste dute Arartekoak azaroaren 23ko ebazpenean gomendatu zuen moduan eguneko ospitalea abiaraztea bi nahasmenduei ekiteko urrats garrantzitsu bat izango litzatekeela.
3.5.2. Aurten AVATI-Nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonentzako eta haien familientzako euskal elkartearekinere lankidetza-dinamika bat hasi dugu. Elkartearen eginkizuna psikosoziala, psikohezitzailea eta autolaguntzakoa da. Kide diren 40 familiari eta informazioa eta aholkuak eskatzen dituzten 120 familia baino gehiagori ematen diete arreta.
Esan dute euskal sistema publikoak nortasun-nahasmenduak (NN) kudeatzen dituzten profesional bikainak dituela, baina haien kopurua oso txikia dela. Gainerako profesionalen prestakuntza faltak diagnostiko egokia egiteko zailtasunak sortzen ditu.
Krisialdiko egoeren arretan profesionalek konpromiso handiagoa hartzea eskatu dute. Ohartarazi dute krisialdiko egoeretan eragindako pertsonak garrantzi penaleko egintzak eta jokabide autolitikoak egiteko arrisku errealean daudela (eragindako biztanlerian buru-hiltze indizea aipatutako nahasmenduak ez dituen biztanlerian baino 50 aldiz handiagoa da; halaber, oso ugariak dira euren burua egoera izugarri arriskutsuetan jartzen duten pertsonen kasuak). Beraz, krisialdiko une horietan arreta/euspen handiagoa behar dute (oro har, ez dute egun bat edo bi baino gehiago irauten). Ohiz kanpoko larritasuna sortzen duten despertsonalizazioko egoerak izaten dira eskuarki.
Baieztatu dute pertsona horiek espetxean jasaten duten sufrimendu-maila oso altua dela, gainerako barneratuengandik jasotako tratuaren ondorioz. Beraz, ez da batere ingurumen aproposa, eta sarrerak saihesteko neurriak ezarri behar dira (segurtasun-neurriak, euspen egokia krisialdiko uneetan, eragindako pertsonen profilari dagozkion betetzeko baliabideak, e.a.).
Psikoterapia-baliabideen urritasuna igarri dute. Haien ustez, “farmakologiak ez itotzen laguntzen du, baina ez du laguntzen igeri egiten”.
Ezinbestekotzat jotzen dute sistemak ekiteko ereduari edo paradigmari buruz (dialektiko-jokabidekoa, analitiko funtzionala, e.a.) erabaki bat hartzea profesionalak trebatzeko eta zehaztasun metodologikoei amaiera jartzeko.
Mugako nortasun-nahasmenduan buru-hiltze arriskuari aurre egiteko protokolo bat egon behar da osasun publikoan.
Adierazi nahi dute oso kezkatuta daudela azaleratzen ari den errealitate batengatik: NN duten gazte batzuk bakanduta geratzen dira euren etxeetan, ordenagailuaren aurrean, eta bat-batean ustekabean ateratzen dira eta egoera lazgarriak sortzen dituzte. Azpimarratu dute garrantzitsua dela oinarrizko gizarte zerbitzuek eta kaleko hezitzaileek funtsezko alerta tresna gisa parte hartzea.
Heziketaren esparruan arreta goiztiarra eta prestakuntza sustatu behar dira, berritzeguneen jardunaren bitartez.
Ezinbestekoa deritzote krisialdietarako protokoloak neurri batzuk sartzeari:
–
Krisialdian zehar, euspena. Egoiliarraren giza kalitatearen arabera, eragindako pertsonaren sufrimendu-maila aldatu egiten da. Alderdi hori nabarmendu behar da.
–
Poliziaren esku-hartzea beharrezkoa denean, agenteak uniformerik gabe azaldu behar dira. Esku-hartze horietan erizainek laguntza eman behar dute.
Oso era positiboan baloratu dute Arartekoaren azaroaren 23ko ebazpena, eta erakundearekin ados daude bertan egindako gogoetei eta gomendioei dagokienez, bereziki eguneko ospitalea abian jartzeko beharra dela eta. Era berean, hiru lurraldeetan ezaugarri horietako unitate bana abiarazi beharko litzatekeela uste dute.
Aipatutako ebazpena betez Osasun Sailak eta Osakidetzak hasitako urratsak baino lehen mahai gainean jarritako kontu horiek ikusita, elkartearekin beste egiaztapen bat egin beharko da.
3.6. Bilerak administrazio eta erakundeekin
3.6.1. Osasun Saileko Osasun Sailburuordetza eta Koordinazio Soziosanitarioa (Eusko Jaurlaritza)
Heldu genien gaiek 4.2. atalean aipatu den azterketan eta Arartekoak egindako azken ebazpenetan jaso diren gomendioen balorazioarekin zerikusia dute; norberarenaren desberdinak diren kulturetako pertsonekin egiten den bilera klinikoan sortzen diren arazoak; haurrentzako eta gazteentzako eguneko ospitale nahikorik ez egotea, bereziki Araban, eta bitarteko baliabide soziosanitarioak sustatzeko beharra.
Azken alderdi horri dagokionez, uste dute orain dela gutxi sortu eta abiarazi den batzorde soziosanitarioak (foru aldundiko gizarte esparrua eta autonomia erkidegoko osasun esparrua ordezkatzen dituzten bost pertsonak osatutako taldeak) sustapen horren alde egingo duela.
Azpimarratu behar dugu erakunde honek mahai gainean jarritako kontuak sustatzeko oso irekita eta erabat prest egon direla.
3.6.2. Arabako Osasun Mentaleko Sarearen eta Arabako Ospitale Psikiatrikoaren kudeaketa
Heldu genien kontuen artean hauxe nabarmendu behar dugu: Araban haurrentzako eta gazteentzako eguneko ospitale nahikorik ez dagoela. Gure iritziarekin bat zetozen, eta adierazi ziguten gaiaren inguruan hausnartzen ari zirela irtenbide bat bilatzeko.
3.7. Bestelako jarduerak
3.7.1. Ekainaren 18an, Arartekoak Babesik gabe geratzeko arriskuan dauden buru-gaixoak artatzea udako ikastaroan parte hartu zuen EAEko buruko osasunaren arreta: erronkak eta aukerak txostenarekin. Ikastaroa HURKOA Fundazioak antolatu zuen eta Donostiako Miramar jauregian egin zen.
3.7.2. Arartekoak, Patologia Dualeko Espainiako Elkarteko presidentearekin batera, Patologia Dualari buruzko Euskadiko IV. Jardunaldiei amaiera eman zien abenduaren 5ean Bilbon.
Txostenean, jardunaldien gaiarekin lotuta erakundeak egindako jardunak deskribatu eta gero, patologia dualari ekiteko zailtasuna azpimarratu du. Halaber, nabarmendu du ekite terapeutiko integratuak programatu behar direla eta patologia horren arretan adituak diren osasun-langileen prestakuntzaren alde egin behar dela. Era berean, adierazi du patologia hori erronka bat dela osasun sistemarako, hainbat osasun-baliabidetatik igarotzen diren gaixo konplexuei, patologia medikoak, psikiatrikoak eta mendetasunezkoak dituztenei, arreta egokia eman behar baitie; gizarte zerbitzu, etxebizitza eta enplegu sistemetarako ere erronka bat da, patologia hori jasaten duten pertsonen benetako gizarteratzea bermatu beharko dutelako, baita ekiteko ezinbestekoa den koordinazio soziosanitariorako ere.
4.Herritarreneskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Burutik gaixo dauden pertsonek baliabide publikoetara sarbidea edukitzeko ahulezia eta zailtasun handiagoak dauzkatenez eta euren komunitateko eskubide osoko kide direnez, botere publikoek haien titulartasunekoak diren eskubideak benetan egikaritzea ahalbidetzen duten baldintzak bermatu behar dituzte. Horrek komunitatean benetan gizarteratzeko bidea ematen duen jardun oro sustatzea eskatzen du: ostatua, hezkuntza, enplegua, nahikotasun ekonomikoa, estigma erauztea, parte hartzea, e.a.
Krisialdi larriko egoeran gaude, eta horrek herri-administrazioen ardurapean dauden eta haiek kudeatu behar dituzten osasun eta gizarte prestaziotarako sarbideari, mailari eta kalitateari eragiten die. Horregatik, Euskadiko politika publikoetan burutik gaixo daudenak babesteari eman behar diote lehentasuna.
4.2. Gizarte izaerako eta izaera soziosanitarioko zerbitzuetarako eta prestazioetarako sarbide-arazoak burutik gaixo daudenen mendetasunaren balorazioarekin lotutako kontuen ondoriozkoak dira, eta aurreikuspenei jarraiki 2014an argitaratuko den Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan islatu beharko diren neurri positiboak eskatzen dituzte.
4.3. Borondatearen aurkako sarrerako egoeretan, psikiatriaren esparruan, norberaren askatasunerako eta tutoretza judiziala izateko funtsezko eskubideak babesteko (EKen 17. eta 24.1 artikuluak, oinarrizko giza eskubideak eta askatasunak babesteko Europako hitzarmenaren 5.1 e) eta 5.4 artikuluak, eta Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren 14. artikulua), gure osasun administrazioak, indarrean dauden legeak zehatz-mehatz betetzeaz gain, neurriak ezarri behar ditu neurri murrizgarri hori hartzeko eskatu behar diren betekizunak betetzen direla, gaixoak egoera horietan dauzkan eskubideak benetan ezagutzen dituela eta proportzionaltasun– eta dokumentazio-printzipioak gauzatzen direla bermatzeko.
4.4. Egin diren aurrerapenak gorabehera, buruko osasunaren esparruan errehabilitaziorako bitarteko egitura nahikorik ez dagoela antzematen jarraitzen dugu (eguneko ospitaleak/zentroak, gainbegiratze-maila desberdinetako ostatuak, okupazio-zentroak, komunitate terapeutikoak, klub sozialak eta errehabilitazio psikosozialerako ospitaleak).
Egitura horiek ezinbestekoak dira buruko osasuneko zentroetan edo egonaldi laburreko ospitalizazio-unitateetan egindako esku-hartzeak osatzeko, arreta psikiatrikoko programak (hala nola, etxerik gabeko pertsonei zuzendutakoak) ondo ezartzen direla bermatzeko edo arreta eredu komunitarioa egikaritzea ahalbidetuko duten desinstituzionalizazio-prozesuak garatzeko.
Arabako eta Gipuzkoako lurraldeei dagozkien desinstituzionalizazio-prozesuetan ez da aurrerapenik igarri.
Tartean dauden administrazioen (osasun administrazioa, gizarte zerbitzuetako administrazioa eta etxebizitza administrazioa) arteko akordioen alde egiten duten ekimenak indartu behar dira, autonomia erkidegoaren, foru aldundiaren eta udalaren esparruen konpromisoarekin batera, buru-nahasmendu larria duten pertsonek gizarte alokairuko etxebizitza normalizatu baterako sarbidea eduki dezaten.
Ez dago haurrentzako eta gazteentzako eguneko ospitale nahikorik, bereziki Arabako lurraldean.
4.5. 2010eko Osasun Mentaleko Estrategia Dokumentua betetzeari dagokionez, zenbait aurrerapen igarri dira. Hala eta guztiz ere, honako alderdiak azpimarratu behar ditugu:
Gizarte eta osasun eremuko asistentziaren etikako komiteek bat egin behar dute borondatearen aurkako edozein esku-hartzeren asistentzia-praktikako etika- eta lege-alderdien gaineko jardunbide egokiei buruzko gida orokor bat prestatzeko (4.14. helburu espezifikoa).
Osasun administrazioa burua dela, estigma erauztera bideratutako politika publiko eraginkor bat abiarazi behar da, gizarteak sustatutako ekimenetan jadanik badagoen laguntzaz haraindi (hirugarren lerro estrategikoa).
Tratamendu asertibo komunitarioko programen alde egin behar da eta taldeen zuzkidura areagotu behar da (laugarren lerro estrategikoa).
Osasun mentalaren sustapenarekin lotutako egintzen egikaritzea ez da nahikoa (lehenengo lerro estrategikoa).
4.6. Nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonak artatzeari dagokionez, nahiz eta egia den neurriak hartu eta urrats garrantzitsuak eman direla (nerabeentzako unitatearen sorrera, programa bereziak, e.a.), oraindik kezkatuta gaude gure osasun sistemak autonomia erkidegoaren esparruan nahasmendu horiei ekiteko dituen mugak direla eta. Horregatik, 2009an jadanik proiektatuta zegoenaren ezaugarriak dituen eguneko ospitale bat abiarazteko beharra nabarmentzen dugu, Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenean adierazi genuen bezala.
Hori gauzatzen ez den bitartean, ezinbestekoa da beste bide batzuk kontuan hartu eta aplikatzea, esaterako bideratzea, ituntzea eta gastuak itzultzea.
6.Espetxeratuak
Aurrekariak
Gure presondegiko biztanleria izugarri hazi da azken bi hamarkadetan, zigor-sistema pixkanaka gogortzearen ondorioz, eta aldi horren azken laurdenean, ekonomia-krisiaren kariaz ezarritako ongizate-estatua berrikusteko politiken ondorioz. Bi faktore horien konbinazioa dela eta, kartzelaren funtzioak berriz zehazten ari dira, eta funtsezkoak izateari inoiz utzi ez ziotenak bakarrik geratzeraino: zigorra eta delitua prebenitzea; eta ez delitu guztia, baizik eta oso jazarpen penal hautakorraren xede direnena.
Testuinguru horretan, Arartekoak esku hartu du kontraesana dagoelako legeak askatasunaz gabetzeko zigorrari esleitzen dion gizarteratzeko funtzioaren eta, egiatan, preso dagoen pertsona familia-, gizarte- eta lan-erreferentzietatik aldentzeak eragiten duen gizarte-kanporatzearen artean. Aipatu erreferentzia horiek ez izateak gizarte-bazterketa, pobrezia eta marjinazioa eragiten ditu, eta marjinazio horretan, ez kasualitatez, sortzen da gure kartzelak betetzen dituen delinkuentzia.
Hala, Espainiako kartzeletako biztanleriaren profil nagusia osatzen dute atzeratutako inguruneetan bizi izan diren edo gizarte-bazterketako egoeran dauden familia-sistemetatik datozen, prestakuntza gutxi duten eta gaikuntza profesionalik ez duten 31 eta 40 urte bitarteko gizonek (%92 dira, eta emakumeak %8).
Azpimarragarria da osasun egoera txarra dutela, bai fisikoa (GIB-eramaileak dira, hepatitisa...), bai mentala, eta aurten gai horri buruzko txosten berezi bat egin dugu.
Atzerritarrak kartzelako biztanleriaren %32 dira. Herrialdean bizitzeko baimenik ez duten pertsonak dira gehienbat. Kasu askotan, zailtasunak dituzte hizkuntzarekin eta ez dute inolako babesik kanpoan. Hori dela eta, bereziki egoera ahula bizi dute.
Halaber, emakumeak ere kolektiborik ahulenetako bat osatzen dute, oso gutxi izateak beren esku-hartzea baldintzatzen baitu eta baztertuak izatea errazten baitu: askatasunik gabeko emakumeak artatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak hondarrak baino ez dira (Bizkaian, esate baterako, ez dago emakumeentzako modulurik Basauriko kartzelan). Gizonen espetxe-establezimenduetako modulurik txikienetan eta hornidura okerrenak dituztenetan sartzen dituzte.
Baldintza horietan, erakundeek gizarte-egoera ahuleneko kolektiboei arreta ematea sustatzea helburu nagusienetakoa duen erakundea den aldetik, Arartekoari arduratu egiten dio zigorra betearazteak bazterketa kroniko bihurtzea, arindu ordez. Beraz, presoen eskubideen defentsa presoak gizartetik ateratzearen aurkako borroka bihurtzen da.
Aztertzen ari garen urtea amaitu zenean, 1.430 pertsona zeuden preso Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan:
735 pertsona Arabako espetxean.
65 pertsona Basauriko espetxean.
330 Martuteneko espetxean.
2013. urtean, euskal administrazioek espetxeen esparruan ematen dituzten hainbat zerbitzurekin lotutako egoeretan esku hartu dugu, funtsean osasunaren eta laneratze eta gizarteratzearen esparruan. Hala ere, arlo horretan jasotako kexa gehienak oraindik Eusko Jaurlaritzari besterendu ez zaizkion esparruei buruzkoak izan dira, hala nola lekualdatzeak, zigorrak, helmugak, graduz atzeratzeak, espetxeko abantailak ukatzea eta senideen bisitak.
Esparru horiek ez direnez Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak, ezin izan ditugu formalki izapidetu kexa horiek, eta hori dela eta, ez dugu garrantzitsutzat jo erreklamazio mota horiei buruzko estatistika-atal bat jartzea. Defentsa-bulego honen irizpidea da, ordea, kexaren funtsa egiaztatzen dugun orotan, eskatzen digunari gure eskuetan dagoen laguntza guztia ematea. Horrela egin dugu aurten ere, batez ere bi mailatan egin ditugun borondate oneko kudeaketen bidez:
Batetik, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarenaurrean, Zigor Betearazpenaren zerbitzuen bidez.
Bestalde, espetxe horietako zuzendaritzen aurrean nahiz Barne Arazoetako Ministerioaren mendean dagoen Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren aurrean.
Halaber, Espetxe-zaintzako epaitegiaren eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren laguntza izan dugu, kondenen likidazioaren kalkuluari eta segurtasun-neurrien betetzeari buruzko arazoak konpontzeko.
1.Kexarik aipagarrienak
Jarraian aurkeztuko ditugun kasuak aipatu ditugun maila guztietan egindako esku-hartzeen lagin bat izango dira:
1.1. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea gaixotasun mental bat duen preso bat
Jasotako kexa: Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko Federazioko (FEDEAFES) presidenteak erakunde honetara jo zuen, Arabako espetxean zegoen preso batentzako laguntza eskatuz. Preso hau Mansilla de las Mulaseko (Leon) espetxera lekualdatu zuten, gaixotasun mental larri bat izan arren, sortu zuen gertaera bortitz baten ondorioz. Bere erreklamazioaren oinarria zen presoa erreferentziazko gizarte- eta familia-esparrutik urrun egoteak bere gizarteratzeko aukeretan, gaixotasunak baldintzatzen zituenetan, ondorio negatiboak izango zituela.
Arartekoaren esku-hartzea: Kexa helarazi genion espetxeko zuzendaritzari, eta jakinarazi genion, gure ustez, erreklamatzaileak emandako argudioak kontuan hartzeko modukoak zirela. Izan ere, euskarri duen eta erreferentziazkoa den familia-ingurunetik urrun egotea kaltegarria bada preso ororentzat, arazoa larriagotu egiten da gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan. Edonola ere, erakunde honen ustez zalantzan jartzeko modukoa da espetxeak irtenbide egoki bat bilatzea pertsona horiek egin ditzaketen delituei, preso horrek sortu zuen bezalako gertaera onartezinak aintzat hartu behar direla onartzeari utzi gabe. Beraz, ondorioztatu genuen komenigarria zela ahal zen guztia egitea pertsona hori bere familia bizi zen lekutik gertu zegoen espetxe batera lekualdatzeko, espetxean egon behar zuen aldian.
Espetxeko zuzendaritzak gertaera mota horiek Gaixo Mentalei Arreta Osoa emateko Programan (PAIEM) sartutako presoei eragiten dietenean neurriak hartzeko zer irizpideri jarraitzen dieten helarazi zigun. Era berean, adierazi zigun Tratamendu Batzordeak gertatu ziren baldintza guztiak aztertu zituela, sailkatzeko proposamena egin aurretik. Hala ere, graduaren berrikusketara joateko deia egin zigun. Azterketa horretan, Tratamendu Taldeak aintzat hartuko zuen espetxez aldatzeko eskaera.
Emaitza: Espetxeko zuzendaritzari adierazi genion nahiz eta presoa bere gaixotasunagatik eta bere ingurunetik urrun egoteagatik mugatua egon eskaera hori aurkezteko, gure ustez, FEDEAFESen idatzia aintzat hartu behar zela xede horietarako, hain zuzen gertatu zen bezala, jakinarazi zitzaizkigun jarduketa-irizpideak kontuan izanda gizarte- eta familia-loturak hartzen zuen garrantzi berezia ikusita.
1.2. Arabako espetxean atarira ateratzeko orduak mugatzea
Jasotako kexa: Letradu batek Teixeiroko espetxean zegoen bezero preso baten kexa helarazi zigun. Preso hori aste batzuk lehenago Zaballako espetxean egon zen, amaren hiletara joan ahal izateko. Pertsona honek azaltzen zuenaren arabera, bai berari bai sartze-moduluetan zeuden gainerako presoei patiora ateratzeko eguneroko 4 orduak mugatu egin zitzaizkien egun horietako batzuetan, eta erabaki hori hartu zuten funtzionarioek ez zieten azaldu zergatik egin zuten.
Horrez gainera, presoak esan zuen, mugatze horiek zirela eta, ez zitzaiela uzten telefonoz deitzen, gauzak horrela horretarako patioan egon behar zenean. Halaber, aipatu zuen antzeko egoera bat bizi izan zuela hiru aste lehenago, Zaballara lekualdatu zuten beste parada batean, ama agurtu ahal izateko.
Arartekoaren esku-hartzea: Salatutako gertaeran inguruan borondateko oneko kudeaketak egin nahi izan genituen, etorkizunean gutxienez, txanda eta modulu guztietan patioko arauzko ordutegiak betetzen zirela ziurtatzeko beharrezko prebentzio-neurriak hartzen laguntzeko.
Espetxeko zuzendaritzak aitortu zigun, espetxean langile gutxi zeudenez, ezin izan zutela lehen graduan eta erregimen itxian sailkatutako presoentzako modulua ireki oraindik, eta horrenbestez, sartze-saileko gela okupatzen zutela. Era berean, jakinarazi zigun zenbait egunetan bideratze kopuru handi bat biltzeak berekin dakarrela egun horietan segurtasun-neurri bereziak hartzea sartze-moduluan. Arrazoi hori zela eta, jakinarazi zitzaigun, salbuespen gisa eta bideratzeek irauten duten bitartean, segurtasunari eta espetxeko erregimen-ordena egokiari eragiten ez badiote soilik uzten dela sartze-moduluko patiora ateratzen.
Neurri horrek patiora irteteko ohiko ordutegiari eragin diezaioke, eta ez, esan zitzaigunaren arabera, preso bakoitzari dagozkion ateratzeko ordu kopuruari eta ateratzean telefono bidezko deiak egiteko aukerari. Edonola ere, esan zitzaigun patiora sartzea kontrolatzeko sistema bat jarri zela abian, bai presoa patiora atera den egiaztatzeko, bai zentzu horretan gerta daitekeen edozein gorabehera hautemateko.
Emaitza: Jasotako erantzunetik ondorioztatu genuen espetxeko zuzendaritzak neurriak hartu zituela, sartze-moduluko egoerak, nahiz eta langileen urritasunak eragindakoa izan, modulu horretan dauden presoei dagozkien patioko ordu kopuruari ez eragiteko, baizik eta ordu kopuru horren banaketari eragiteko. Halaber, gure ustez, patiora sartzea kontrolatzeko sistema berria lagungarria izango da zaintza-langileen jarduketa uneoro irizpide horietara egokitzen denaren bermeak sendotzeko.
1.3. Preso baten osasun-arazoak artatzea
Jasotako kexa: Arabako espetxeko preso baten emazteak Arartekora jo zuen, bere senarra zer egoeratan zegoen azaltzeko. Emakume honek esaten zuenaren arabera, bere senarrak nahasmendu eskizoafektiboa zuen, haluzinazioak zituen eta hitz egiteko gero eta zailtasun handiagoak. Emakume honek esaten zigunaren arabera, bere senarrak narriadura kognitibo atzeraezina zuen, eta espetxean uneoro babes-pertsona bat zuen ondoan, suizidioa prebenitzeko protokoloaren zati gisa esleitu zitzaiona, bere burua lesionatzeko ahaleginak egin izan zituela kontuan hartuta.
Preso horren osasun-egoerari buruzko dokumentazioa ekarri zuen, eta espetxean ere aurkeztu zuela esan zigun. Dokumentazioa aurkeztu arren, oraindik ez zuen espetxeko osasun-zerbitzuen diagnostikorik, eta zerbitzu horiek tratamendu sintomatiko bat baino ez zioten ematen bere senarrari. Eta hala ere sintomak ez ziren arintzen, esaten zigunaren arabera, psikiatrak bisita gutxiegi egiten zituelako, une jakin bakoitzean, bere botika-preskripzioa gaixoa zegoen gogo-faserako egokiena izateko. Bere ustez, behar adina arreta ez izateak eta aurretik psikiatraren agindua jaso gabe botika aldatzeak gaixotasuna larriagotzea eragin zuten, presoaren bizitza arriskuan zegoela iristeraino, kontuan izanda zer historial zuen eta gaixoak bere komunikazioetan zer adierazten zuen.
Arartekoaren esku-hartzea: Espetxeko zuzendaritza eta Euskal Osasun Sistema Publikoa-Osakidetzaren laguntza eskatu genuen. Hasiera batean, ukatu egin zuen presoari emandako arreta nahikoa ez zenik eta adierazi zuen ez zegoela ados erreklamatzaileak aipatu diagnostikoarekin, esanez erreklamatzailea ez zela harremanetan jarri presoari esleitutako psikiatrarekin eta ez zuela presoaren egoerari buruzko informaziorik eman. Familiak espetxeko agintariei eman zizkien txostenen eta mediku-ziurtagirien kopiak bidali genizkion Osakidetzari, horietako batzuk Osakidetzaren zerbitzuek egindakoak. Kontuan izanda 2013. urtean espetxea jada gure osasun-sareko osasun-zentro bat zela, Osakidetzari adierazi genion dokumentazio horrek pertsona horren historialean sartuta egon beharko zukeela, eta eskatu genion ziurtatzeko presoak jasotzen zuen arreta eraginkorrak, bai eta botikan izandako aldaketek ere, bere nahasmendu mota zehazteko klinikoki egokiak diren probak oinarri izatea uneoro.
Emaitza: Bigarren errekerimendu horren ondoren, Osakidetzako arreta psikiatrikoko eta osasun mentaleko arreta zerbitzuek behar bezala jakinarazi zizkioten Arartekoari preso horri emandako arretan eragina izan zuten gorabeherak, bai eta jakin nahi izan genituen diagnostiko- eta jarraipen-alderdiak ere. Pixka bat geroago, erreklamatzaileak berriz jo zuen erakunde honetara, adieraziz hobekuntza igarri zuela bere senarrari emandako arretan, eta berariaz eskertuz esleitutako psikiatrak familiarekin eta konfiantzazko psikologoarekin adierazten zuen prestutasuna. Era berean, adierazi zigun oso eskertuta zegoela Txagorritxu ospitaleko kardiologia-zerbitzuan bere senarrak jaso zuen arretagatik. Hauteman zitzaion aorta-gutxiegitasun batengatik eraman behar izan zuten zerbitzu horretara.
Espetxeko osasungintza komunitatekoan sartzeko aipatu jarduketen esparruan, kasu horri jarraipena egiten jarraitu dugu, ziurtatzeko, kasu horretan nahiz beste edozeinetan, erregimen-betekizunek ez duela baldintzatzen Osakidetzak espetxean bere gaixoei eman behar dien arreta psikiatrikoaren edukia, bai bisiten maiztasuna ezartzeko askatasunari dagokionez, bai diagnostikoaren arabera egokientzat jotzen duen tratamenduari eta botikari dagokionez. Era berean, gai horri buruz jardungo dugu espetxeetan osasun mentalari ematen zaion arretari buruz aurten argitaratuko dugun txosten berezian.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Jarraian azalduko ditugun bi alderdiak lagungarriak dira hobeto ulertzeko, aztertzen ari garen urtean zehar, zer garrantzi hartu duen Arartekoak jarduera-esparru honetan egindako esku-hartzeak.
2.1. Espetxeetako errealitatea eta politika kriminala
Konstituzioaren aginduz, zigorrak betearazteko gure sistemaren legezkotasunaren oinarria da estatuaren zigor-boterea murrizteko funtzioa duela, Zuzenbide Penaleko eta Kriminologiako programa ilustratuko printzipioetara egokitzen duelarik: legezkotasunarena, zigorren bihozberatasunarena, norberak egiten duenak, eta ez pentsatzen duenak edo adierazten dituen ideiek, gizarteari eragiten dion kaltearekiko erantzukizun proportzionalarena, zuzenbide penala bizikidetza ahalbideratzeko balioak eta baldintza materialak zaintzeko azken tresna izatearen printzipioa –eta hala ere, ez eraginkorrena–, eta zigorrak jartzeko arrazoia mendekua ez izatearen printzipioa, baizik eta delituak prebenitzeko eta gizarteratzeko duen gizarte-balioa.
Hala ere, gure politika kriminalean nagusi den eta bi zentzutan jarduten duen zigor-populismoaren ondorioz, printzipio horien helmen eraginkorra mugatuta dago:
Batetik, espetxe-zigorraren baliabidea handituz, nahiz eta gizarte-gatazka handiagoak ez duen berekin ekarri bizikidetzako funtsezko balioen aurkako erasoak areagotzea. Horren ondorioz, eta 100.000 biztanleko 153 preso dauden ratio batekin, Espainiak Europako batez bestekoa bikoizten du, eta beste hainbat herrialderen aurretik dago espetxeko biztanleriari dagokionez, hala nola Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Alemaniaren aurretik. Aitzitik, Espainiako kriminalitate-tasak, 1.000 biztanleko 45 delitu ingurukoa denak (40,53 Euskadin), oro har beheranzko joera du duela 20 urtetik hona eta Europako hirugarren baxuena da1.
Bestalde, Lege Penalak zigortzen duen pertsona hautemateko modua aldatzearen arrazoiketa ideologiko gisa, pertsona hori gizartekoa ez den norbait balitz bezala ikusteraino. Eskubideak, gizarteak gizarteko kideentzat soilik gordetzen dituenak, errespetatu behar ez zaizkion norbait bezala, ez eta gizarteratzearen eta laneratzearen bidez bazterketaren aurka borrokatzeko erabiltzen diren baliabideak ere. Gizarte-desberdintasuna areagotzen ari den testuinguru honetan, gero eta biztanleria-sektore handiagoek eskatzen dituzte baliabide horiek.
Baldintza horietan, espetxeak gizartea kontrolatzeko mekanismo den aldetik duen osasun ona bateragarria da, paradoxikoa badirudi ere, Atenea Fundazioak 2013. urtean argitaratu zituen datuek adierazten duten gizarteratzeko birtualtasun gabeziarekin: hiru pertsona presotatik bik berriz ere delitu bat egiten du espetxetik ateratzen denean, eta presoen %13 adingabekoen zentro itxi batean egona da: egiatan, 20 urterekin espetxean egon diren hamar pertsonatatik zortzi beren bizitzan zehar gutxienez beste lau aldiz egongo dira espetxean.
2.2. Gizarteratzeko gizarte-baliabideen sareari emandako erakundeen babesaren argiak eta itzalak
Duela urte batzuetatik hona aditzera eman dugun bezala, euskal elkartze-ehundurak ezin ordainduzko lana egiten du gizarteratzearen eta laneratzearen esparruan, eta bereziki, espetxean sartzearen ondorioz gizartean baztertuak izan diren pertsonen gizarteratzean eta laneratzean. Zenbait programetarako diru-laguntzekin osatutako baliabide propioen bidez, erakundeek jarraipen eta babes pertsonalizatua eskaintzen diete askatasuna kendu zaien pertsonei, gutxienez gure esperientziaren arabera, espetxe-sistema emateko gai ez dena.
Hori dela eta, ohartarazten aritu gara programa horien finantziazio publikoaren murrizketak zer ondorio izan ditzakeen, bai justiziari dagokionez, espedienteen eta prozesu judizialen saturazioari eta trabatzeari dagokionez, espetxeko biztanleriaren areagotzeari dagokionez, eta zigortutako eta preso sartutako pertsonen egoeraren larriagotzeari dagokionez.
Urtean zehar, gure esku-hartzeari esker, hainbat lankidetza-hitzarmen egin dira Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen artean edo Eusko Jaurlaritzaren eta administrazio orokorren, foru-administrazioen eta tokiko administrazioen artean. Hitzarmen horiek baliabide eta programa horietako batzuk, bizitegikoak nahiz bizitegikoak ez direnak, ixtea eragotzi dute. Hala ere, bat baino gehiago itxi behar izan dira finantziazio faltagatik, eta erabiltzaileen kalterako izateaz gain, espetxeei eta euskal auzitegiei zenbait euskarri material eta giza euskarri kendu dizkie, legeak espetxea ez diren zigorrak tratatzeko eta betetzeko esparruan aurreikusten dituen formulak aplikatzea ahalbideratzen dutenak.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Bilerak elkarteekin
Pertsona presoen gizarteratzean lan egiten duten gizarte-ekimeneko erakundeekin bilerak egin ditugu hiru lurralde historikoetan, bai eta abokatuen hiru elkargo bakoitzeko Laguntza Penitentziarioko letradu arduradunekin ere.
Urtero egiten ditugun bilera horien bidez, batzuk nahiz besteak egiten ditugun jarduerei buruzko informazioa elkarri emateko espazio egonkor bat izan nahi dugu, urtean zehar gure esku-hartzea eskatzen duten berariazko kasuekin lotuta izaten dugun harremana edozein izanda ere. Bestalde, zerk kezkatzen dituen jakinarazten digutenean, lehen eskutik jakin dezakegu zer-nolako bilakaera duen gure espetxeetako egoerak.
3.2. Bilerak administrazioarekin
Urtean zehar etengabe izan dugu harremana Justizia Sailburuordetzarekin, gizarteratze- eta laneratze-ibilbideekin lotutako gaien inguruan. Sailburuordetza horren mendean daude Eusko Jaurlaritzako zigor betearazpenaren zerbitzuak.
Halaber, Osakidetzako arduradunekin biltzeko aukera ere izan dugu. Osakidetzako arduradunen lankidetza erabakigarria izan da, espetxeko osasungintzaren esparruan planteatu diren espedienteak ebazteko. Bereziki eskertu behar dugu Laguntza Psikiatriko eta Osasun Mentaleko Agintaritzaren ekarpena, bai espediente partikularretan egin duena, bai gai horri buruz egin dugun txosten berezian egindakoa.
4.Herritarreneskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Krisiaren hasieratik, ohartarazten ari gara ongizate-estatuaren eraisketa zer ondorio izaten ari den premia handieneko sektoreen artean, eta sektore horien artean, espetxea zer garrantzia hartzen ari den bizikidetzaren ondoriozko gatazkak kudeatzeko modu gisa, gero eta desegituratuagoa dagoen eta berdintasun gutxiagokoa den gizarte batean.
Hori dela eta, kezkatu egiten gaituzte zigorren betearazpenaren arloan iragarri diren araudi-aldaketa batzuek, betierekoak izan daitezkeen zigorrekin, hala nola berrikus daitekeen behin betiko espetxe-zigorra eta segurtasun-zaintza. Halaber, kezkatzen gaitu gaizkileen arriskugarritasunari gehiegizko protagonismoa eman izanak, zigorra bete ondoren segurtasun-neurriak ezartzearen bidez, zaintzapeko askatasuna luzatzearen bidez edo espetxe-zigorrak handitzearen bidez.
Testuinguru horretan, defendatzen dugu espetxearen eskumenak bere gain hartzeaz gain (Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu du eskumen horiek emateko), gizartea kontzientziatzeko prozesu bat ere abian jarri behar dela, non zer egiten den axola izateaz gain, nola eta batez ere zertarako egiten den ardura izatea. Zentzu horietako bakar batean ere ez dugu hauteman aurrerapen esanguratsurik aztertzen ari garen urtean. Horrenbestez, erakunde honen ustez, puntu horietan ekin eta ekin jarduten jarraitu behar du.
4.2. Gai horri dagokionez, ezinbestekotzat jotzen dugu prozesuak lehentasuna ematea Euskal Administrazioa bi esparru handitan erabakiak hartzeko prestatzeari, gure ustez, bi esparru horiek arlo honetan politika koherente autonomo bat garatzeko aukerak baldintzatzen baitituzte:
Batetik, sailkapenei, helmugei eta espetxeetako barne-erregimenei buruzkoa. Nahiz eta laguntza-izaerarik ez izan, esperientziak erakutsi du bere eragina erabakigarria dela pertsona presoaren ibilbidean kondena betetzen ari den bitartean, bai eta gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuan laguntza eraginkorra jasotzeko aukeretan ere. Esparru horietako esku-hartze gehienak, publikoak nahiz pribatuak, Euskadin egiten dira.
Bestalde, hiru instantzien arteko lankidetza-esparruari buruzkoa. Hiru esparru horien babesa funtsezkoa da prozesu horrek arrakasta izan dezan: gizarte zibilekin horrekin lankidetzan jarduten duten ekimenak, espetxeetako gizarte-zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak.
4.3. Prozesuak hartzea nahiko lukeen esangurari dagokionez, horren inguruko estatutu-aurreikuspenak arlo horretan transferentziak eskatzeko titulu bat baino gehiago dira erakunde honen iritziz: Euskal gizarteak bere izenean egiten den esku-hartze penalaren erabileraren ardura hartzeko aukera bat ere bada, bere ondorioak ezagut ditzan, eta gizarte-justiziako parametro batetik onargarriak iruditzen ez zaizkion neurrian, espetxe-eredu propio baten diseinua eta kudeaketa sustatzeko, marjinazioa areagotuko ez duen zigorrak betearazteko sistema bat, gure espetxeak betetzen dituzten pertsona gehienak berriz delitua egitera bultzatzen dituen faktoreak kroniko bihurtuko ez dituena.
Urterik urte, Eusko Legebiltzarrari egiten dizkiogun gure txosten orokorrek gure ustez eredu horrek jaso beharko lituzkeen ezaugarriak biltzen dituzte. Aztertzen ari garen urtean zehar gertatukoaren harira, oraingoan, Zubieta proiektua berriz aktibatzeko gertaera azpimarratu behar dugu. Irailean jendaurrean jakinarazi zenaren arabera, hasiera batean planteatutakoa baino espetxe txikiagoa egitea aurreikusita dago, eta Gipuzkoan eraikitzeko asmoa zegoen gizarteratze-zentroa eraikitzea baztertu da, bai eta Bizkaian eta Araban proiektatuta zeudenak ere. Erakunde honen ustez, espetxearen tamaina berriz aldatzea eragin duten aurrekontu-murrizketa horiek gizarte zibila artatzeko aukera bat izan beharko lukete, esparru horretan lan egiten duten erakundeen bidez, eredu-aldaketa bat eskatzen ari dena: Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa dela espetxe “itxi” bat edo “zigorra betetzekoa” (Arabakoa), eta Bizkaian eta Gipuzkoan gizarteratze-zentroak behar direla, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan aurrerapenak egiten ari diren askatasunik gabeko pertsonak artatzeko. Araban bizi diren presoentzat nahikoa izango litzateke Gasteizen harrera-etxebizitzak izatea.
Badakigu sistema integral mota horien diseinuak erreferentziatzat izan behar duela, beharrezkotzat jotzen diren eguneratzeak eginez, bere garaian Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eskatuta Euskal Herriko Unibertsitateak egin zuen Zigor eta espetxe betearazpen politikaren ildo nagusiak azterketa.
Eredu bat edo bestea aukeratzea eztabaida politikoari dagokio, eta gure ustez, eztabaida horrek arlo horretan eskumenak bere gain hartzeko prozesua bideratu beharko luke. Edonola ere, gure ustez, gai horri buruzko eztabaida arduratsu orok aukera desberdinei dagozkien kostuak aztertu beharko lituzke: gizarte- eta justizia-baldintzetan beste ezeren gainetik, baina baita horietako bakoitzak bideragarria izateko behar dituen azpiegituren eta langileen gastu ekonomikoari erreparatuz ere.
4.4. Euskadik oraindik aktibo handi bat du arlo horretan: ekimen zibilak, espetxean egoteagatik, sistemaren bazterketa neurri handiagoa pairatzen dutenentzat gizartearen elkartasuna sustatzen eta bideratzen dutenak. Aurten, funtsezko ekarpen hori aitortzeaz gain, balioetsi egin behar dugu erakundeetatik, batez ere Eusko Jaurlaritzatik eta foru-erakundeetatik, jasotako babesa bereziki zaila den aurrekontu-testuinguru batean. Erakundeen inplikazioa, edonola ere, ez da nahikoa izan gizarteratzearen arloan erreferentziazkoak izaten ari ziren baliabide garrantzitsuen desagertzea oztopatzeko.
Horrela gertatu zen Martuteneko espetxearen mendekoa den Ametzagaña Fundazioaren instalazioetan garatutako programarekin. Hogei urtetan espetxearen alternatiba bat izan zen eredu arrakastatsu bat garatu zuen preso gazteentzat, non preso bakoitzak prestakuntza-programa indibidualizatua zuen. Programa hori berreskuratzea eta sustatzea, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gomendatutakoak, lehentasun bat izan behar du zentzu horretan botere publikoentzat, eta urtean zehar finantziazio faltagatik desagertu diren gizarteratze-baliabide eta –programa guztietara hedatu beharko lirateke. Horretarako, eta nolanahi ere, premiazkoa da gizarte- eta osasun-espazioetan, gizarte- eta zuzenbide-espazioetan eta gizarte- eta lan-espazio anitzetan kokatzen direla aintzat hartzea. Hori dela eta, plangintza integral eta koordinatu bat egin behar da, gizarte-ekintzaz, enpleguaz, gizarte-gaiez, osasungintzaz, justiziaz, berdintasunaz, bai eta bakeaz eta bizikidetzaz ere, arduratzen diren erakundeen mendean dauden neurrian. Instantzia horiek guztiek batera lan egitea ezinbestekoa da, hainbat urtetarako hitzarmenak eta konpromisoak har daitezen programak eta zerbitzuak garatzeko. Bestela, eta aztertzen ari garen aldian zehar egiaztatu dugun bezala, baliabideak ixtera halabeharrez bideratuta daude edo epe laburrera mugatutako funtzionamendu-dinamika batera, gutxieneko egonkortasun eta plangintza bat egiteko aukera ematen ez duenera.
Lankidetza horien adibide da Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Zuzendaritzak eta Aita Menni ospitaleak ezarri dutena. Lankidetza horren emaitza izan da gizarte-interes handiko zerbitzu psikiatriko bat ireki izana 2013. urtean, patologia mental larriak dituzten gaixoei zuzendua. Gaixo horiek ohiko psikiatria-zerbitzuez gain, segurtasun-neurri handiak behar dituzte, eta bestela, espetxean bukatuko lukete, betetzeko auzi penalak izateagatik.
4.5. Gure erkidegoko espetxe bakoitzaren egoerari dagokionez, gure ustez, adierazgarria da 2013. urtean zehar gizarte-ekimeneko erakundeek, funtsean, iaz Arartekora iritsi ziren kexa-zio beretan jardun izana, salbuespen esanguratsu batean izan ezik: osasungintzaren arloa. Arlo horretan Osakidetza sartu izanak balorazio ona jaso du, arreta hobetzeko faktore bat izan den aldetik, aldian aldiko disfuntzioak alde batera utzita. Horren adierazle da osasungintzaren arloko espetxeetako laguntza-eredu berriaren arrakasta. Eredu berri horren arabera, osasun-baliabidea kartzelan osasun-laguntza publikoaren egitura osoko beste zati bat da. Edonola ere, disfuntzio zehatzak daude oraindik, bai eta gainditu beharreko inertziak ere. Horretarako, eskertu egin behar dugu Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak uneoro eman digun laguntza.
4.6. Jarraian, zentro bakoitzean erakunde honetan kexa jartzeko arrazoi izan diren esparru esanguratsuenak aurkeztuko ditugu:
Arabako espetxean, funtzionatzen hasi zela urte bat igaro ondoren, elkarrizketatu ditugun gobernuz kanpoko zazpi erakundeak bat datoz honako gabezia hauek salatzean:
–
Presoen eta erakundeen harremana funtzionarioekin: Langraizen zegoena baino urruntasun eta gogortasun handiagoa. Harreman hotza eta inpertsonala. Kontrol eta zailtasun handiagoak gizarteratzean lan egiten duten erakundeak sartzeko. Espetxeko langile gehienek ez jakitea zenbateraino behar duen espetxeak erakunde horien lana.
–
Arazo hori lotuta dago aurreko puntuarekin, langileen eskasiarekin hain zuen. Langileen sindikatuko ordezkariek salatu dute langile kopurua espetxeko beharren %55ekoa baino ez dela. Horren ondorioz, hainbat modulu itxita daude.
–
Presoen bakartzea. Lantegietara joaten ez direnak ez dira egun osoan beren modulutik ateratzen. Modulu bakoitzak bere patioa du, Langraizen zegoena baino txikiagoa –eta are txikiagoa oraindik, erizaintzako moduluan eta emakumeen moduluan–.
–
Garraioa eta irisgarritasuna: espetxea bakartuagoa dagoenez eta garraio publikorik ez dagoenez, aurretik eskatutako taxia ez bada, presoen irteerak nahiz erakundeen eta senitartekoen bisitak zailagoak dira aurreko egoeran baino.
–
Hirugarren graduan dauden presoei, oraindik Langraizeko instalazio zaharretan daudenei, arretarik ez ematea. Erakunde guztiek salatzen dute zer-nolako osasun-egoera txarrean dauden instalazio horiek. Horrez gainera, ez dute arreta medikorik, ez eta espetxe batek eskaini behar dituen gainerako zerbitzuak ere.
Martuteneko eta Basauriko espetxeetan, 1990. urtetik gizarte-erakundeek garatzen zituzten droga-menpekotasunak tratatzeko programak desagertu dira, eta Osakidetzak hartu ditu bere gain. Horren ondorioz, patologia dual horiek zituzten pertsonek jasotzen zituzten tratamendu psikologikoa eta kontsumoei buruzko hezkuntza murriztu egin dira, eta horren ondorioz, zigorra bete ondoren, kalera are baldintza okerragoetan ateratzen dira.
Martutenen, kexak eraikinaren baldintza materialei buruzkoak dira batez ere, hala nola hezetasuna, iluntasuna eta komunikazio txarra solastokietan. Sekzio irekiak pairatzen du batez ere instalazioen egokitzapen-gabezia hori, gizarteratze-zentro bat ez izateak eragindako gainpopulazioak larriagotua. Une jakin honetan, preso asko, bere sailkapena dela eta, bizimodua erdi-askatasunean egiteko moduan daude, baina espetxean egotera behartuta daude, zigortzeko zioagatik edo kanpoan lan-, prestakuntza- edo gizarteratze-jarduerak ez izateagatik.
Basaurin, txosten honen beste zati batzuetan aipatutako arazoez gain, berariazko bi kexa-esparru daude:
– Euskaditik kanpo dauden espetxeetara lekualdatzeak (funtsean, Dueñas, El Dueso, Villabona, Burgos eta Texeiro) banakako gizarteratze-prozesuak ezerezean uzten ditu, beste espetxe horietan ez baitaude hemen erabilgarri ditugun baliabideak. Zentzu horretan, helmugak tratamendu-prozesuekin gehiago lotzearen falta igarri da, bai eta prozesu horiek baimenen, irteeren eta prestakuntza-jardueretan parte hartzearen alorretan hartzen diren erabakien muina izatearen falta ere.
– Espetxeko laguntza juridikoaren txanda eratu zenetik, lehen aldiz, gizarte-erakundeek jakinarazi digute txanda horren kalitate-mailak behera egin duela, eta espetxe-zuzenbidean berariazko prestakuntza ez izateari egotz dakiokeela. Abokatuen Elkargoarekin lantzen ari gara gai hori, txanda espezializatuetan sartzeko prestakuntza-betekizunen esparruan.
Atzerritar jatorriko presoekin lan egiten duten elkarteek ere zenbait berariazko kexa aurkeztu dizkigute, eta txosten honen etorkinei buruzko atalean aztertuko ditugu.
4.7. Aztertzen ari garen urtean zehar, Arartekoak adierazten jarraitu du terrorismoko delituen zigor- eta espetxe-tratamendua aldatzearen alde dagoela, iritzi-artikuluen, adierazpen publikoen eta forum espezializatuetan parte hartzearen bidez. Kontuan izanda aurten ez dela aurrerapen bakar bat ere egin gai horren inguruan, erakunde honek irizten du bere lana dela berriz eskatzea pertsona preso guztiek kondena beren jatorrizko lekuetatik gertu bete behar dutela, helburu hirukoitz bat betetzeko: preso horien gizarteratzea errazteko, ordenamendu juridikoak eskatzen duen bezala: zigortuen gizarte-deserrotzea saihesteko, beren gizarte-loturen alde eginez; eta urruntzeak senitartekoei eta lagunei dakarzkien ondorio negatiboak, kostuak eta arriskuak desagerraraztea, ezin baitira inolaz ere arrazoitu eta gaur egungo egoeran ezin hobeto saihets baitaitezke. Bestalde, eskatzen ari gara espetxe-administrazioak gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak kartzelatik ateratzea aurreikusten duten lege-arauen aplikazioa errazteko, beharrezko neurriak hartuz. Eta berriz eskatu behar dugu kentzeko talde eta delitu terroristei buruzko xedapen bereziak, hirugarren graduko erregimena ematea eta baldintzapeko askatasuna eskuratzea eragozten dutenak.
4.8. Askatasunik gabeko pertsonen eskubideen egoera balioztatze aldera, ezinbestean aipatu behar ditugu presoen errespetua eta berea zaintzeaz arduratzen diren nazioarteko erakundeek urtean zehar aditzera eman dituzten erabakiak. Espainiarekin lotuta 2013an eman diren erabakietatik hiru hauek aipatu behar ditugu, bai garrantzi berezia izateagatik, bai bere garaian Arartekoak salatu zituen egoerei eta arazoei (Arartekoak Legebiltzarrean egoera eta arazo horiek kezkatzen zutela adierazi zuen) buruzkoak izateagatik:
Martxoan, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak irizpen bat onartu zuen, terrorismoaren akusaziopean atxilotua izan zen baina absolbitu zuten bizkaitar emakume batek aurkeztutako torturen salaketarekin lotutakoa. Batzordeak adierazi zuen egintza horiek agerian uzten zutela urratua izan zela emakume honen torturak ez pairatzeko eskubidea, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmeneko 7. artikuluan jasotakoa. Era berean, adierazi zuen estatuak ez ziola biktimari eskaini, eta ahalik eta lasterren eskaini behar ziola, egintzen alderdikeriarik gabeko ikerketa oso eta eraginkor bat, arduradunak auzipetzea eta zigortzea, eta eragindako kaltearen ordainketa osoa, bai eta laguntza mediko espezializatuko neurriak ere.
Hilabete bat beranduago, Tortura eta tratu edo zigor ankerrak Prebenitzeko Europar Batzordeak Espainiara egindako bisitari buruzko txostena argitaratu zuen. Bisita 2011ko maiatzaren 30etik ekainaren 13ra egin zen. Txosten horretako gomendioak eta erakunde honek gai horren inguruan eman dituenak bat datoz: Inkomunikazioa ezeztatzea, eta hori gertatzen ez den bitartean, inkomunikazioa aplikatzen zaion pertsonaren eskubideak eraginkortasunez bermatzeko jarrera gehiago aktibotasunez kontrolatzea, atxiloketaren kontrol judizialari dagokionez nahiz auzitegiko azterketei dagokienez. Auzitegiko azterketen esparruan, beste urte batez egiaztatu dugu Euskadiko Legezko Medikuntza Institutua besteek berdindu nahiko luketen erreferentzia bat dela.
Urrian, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak txostena argitaratu zuen. Txosten horretan, adierazi zuen, beste hainbat alderdi kezkagarriren artean, legea betearazteko ardura duten erakundeetako kideek emandako tratu txarrak eta kide horiek duten zigorgabetasuna giza eskubideen gai oso kezkagarria eta aspaldikoa dira Espainian. Agintariei erregutzen die atxiloketa inkomunikatuaren praktika desagerrarazteko, eta Tortura eta tratu txar edo zigor ankerrak Prebenitzeko Europar Batzordeak emandako neurri berak hartze gomendatzen du.
Erakunde honen ustez, horrek guztiak aukera on bat izan behar du, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoak aktibo ager daitezen eskubideak bermatzeko nazioarteko goi-karguek, urterik urte, oraindik indarrean daudela agerian uzten dituzten errealitateen aurrean: inkomunikazioak tortura eta tratu txarrak ematea ahalbideratzen duela, eta horregatik indargabetu egin behar dela; Espainian torturaren eta tratu txarren aurkako borrokak egiturazko hutsune garrantzitsuei aurre egin behar diela, bai prebentzioaren arloan, bai ikerketaren eta ordainketaren arloan; eta tortura pairatu izanak pertsona bat torturaren biktima bihurtzen duela, tortura diktaduraren testuinguru batean pairatu den, edo hemen gertatzen zen bezala, zuzenbide-estatuak garatutako terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan pairatu den alde batera utzita.
4.9. Gaixotasun mentala duten pertsonen oso ehuneko handi bat ari da betetzen espetxean askatasunaz gabetzeko kondena. Pertsona horiek, beren patologiak eta beharrak kontuan hartuta, ez lukete espetxe batean egon behar, baizik eta komunitateko baliabide egokitan zaindu eta hartu beharko lirateke, behar adina gizarte-laguntzekin eta laguntza terapeutikoekin. Arartekoa txosten berezi bat egiten aritu da arlo horren inguruan. Osakidetza espetxeko osasungintzan sartzeko prozesua txostenena sartu behar zuenez, beharrezkoa zen eskumenak eskualdatu zirenetik (2011ko abuztua) gutxieneko denbora-ikuspuntu bat izatea. Ordutik hona, prozesua aztertu ahal izan dugu urte honetan, eta aipatu berariazko txostenean gomendioak egin ahal izan ditugu. Espero dugu gomendio horiek lagungarriak izatea Euskal Autonomia Erkidegorako espetxeko esku-hartze eredu propio bat diseinatzeko.
7.Gizarteratzea
Aurrekariak
Atal honetan, gizarte-bazterkerian dauden edo hala geratzeko arriskua duten pertsonei eragiten dizkieten jarduerak jorratuko ditugu, kontuan hartuta egoera hori eragiten duten arrazoiak batez ere gizarte- eta ekonomia-arloko desberdintasunak direla.
2012ko txostenean dagoeneko aipatu genuen enpleguaren suntsipena gizarte-bazterkerian geratzeko arriskuan dagoen pertsona-kopurua handitzeko faktore lagungarria zela; bada 2013ari buruzko datuak oso antzekoak dira.
2013. urtea amaitzean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulegoetan enplegua eskatzen duten 167.3744 langabe zenbatu dira; langabezia administratiboaren indizea (LAI) %16,1ekoa da, hots, iaz baino hamarren bat gehiago.
Estatuan langabeziako tasa hori %22,3koa da, euskal tasa baino 6,2 puntu gehiago. Langabeak guztira 4.701.338 dira. Araban ehuneko hori %15,8koa da; Bizkaian, %17,6ekoa; eta Gipuzkoan, %13,8koa.
Jakin badakigu krisi ekonomikoak bereziki eragiten diela klase ahulenei eta etxeetako ohiko betebeharrak eta gastuak ordaintzeko zailtasunak handitzea eragin duela. Diru-sarrerarik ez edukitzeak, aldi berean, pobrezia- eta eskasia-egoeran geratzeko arriskua handitzen du eta egoera horiek gizarte-bazterkeria pairatzen duten edo pairatzeko arriskua duten inguruabarrei lotuta daude.
Lanbidek emandako datuen arabera, 2013an diru-sarrerak bermatzeko errentaren 62.817 titular egon dira, baina prestazio hori baliatzen duen pertsona-kopurua nabarmen handiagoa da. Izan ere, prestazio hori bizikidetza-unitatera zuzentzen da eta, oro har, aipatu unitatea familia osatzen duten hainbat pertsonek eratzen dute. Lurraldeak aintzat hartuta egindako banaketa hauxe da: Bizkaian hartzaileak %63,66; Gipuzkoan %22,4 eta Araban %14,34.
Guztizko zifra horri dagokionez, hamarretik sei emakumeak dira eta horien %13 adingabeak haien kargura dituzten guraso bakarreko familiek osatzen dute. Horrez gain, titularren %28,06 pentsiodunak dira (modalitate desberdinetakoak) eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez pentsiodun horiei haien pentsioa osatzen zaie, lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekora iritsi arte. Azken talde honetan gehienak (%71) emakumeak dira eta horietako %67,63 65 urtetik gorakoak. Horrek agerian jarri du zein den adineko emakume askok jasotzen duten pentsio batzuen zenbatekoa (alarguntasuna, zahartzaro eta baliaezintasuneko derrigorrezko asegurua, kotizazio gabeko pentsioa, etab.). Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen prestakuntza-mailari dagokionez, ehuneko handi batek (%60 baino gehiagok) ez du ikasketarik edo ez du derrigorrezko maila gainditu eta %17ri ez diote datu hori jaso. Goi-mailako titulazioa duten 2.200 pertsona baino gehiago badaude ere, prestakuntza enplegua bilatzeko funtsezko elementua da.
Joan den urteko txostenean dagoeneko aipatu genuen diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemak gure gizartean daukan eragin positiboa. Sistema hori osatzen duten prestazio ekonomikoen eraginari esker –diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako prestazio osagarria eta gizarte-larrialdietarako laguntzak–, EAEko
pobrezia– eta bazterkeria-tasak Europar Batasuneko batez besteko zifren azpitik daude eta, hala, Euskadi da Europan desberdintasun-maila gutxien duen gizarteetako bat. Alderdi horretan, EAE asko aldentzen da gainontzeko estatuak ezaugarritzat duen egoeratik.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazio garrantzitsuena da, bai haren zenbatekoagatik, bai baliatzen duten pertsonen kopuruagatik, bai horretarako erabiltzen den aurrekontuagatik. Prestazio hori askotan etxebizitzarako prestazio osagarriari lotuta dago eta horiek biak Lanbidek kudeatzen ditu. Horregatik, sistemaren kudeaketa eredua azkarra eta eraginkorra izan behar da eta baliabide nahikoz hornitua egon behar da –giza baliabideak eta baliabide materialak, izan ditzaketen erabiltzaileen babesa bermatuko dutenak–.
Zerbitzuko erabiltzaileen ikuspegia eta erakunde honena bat datoz esaterakoan 2013an zehar pixkanaka-pixkanaka diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren kudeaketan hainbat hobekuntza jazo direla. Izan ere, urtea amaitzean, esan daiteke hainbat alderdi asko hobetu direla, besteak beste, aurretiko hitzordua lortzeko ilara luzeak, eskaera berriak aurkezteko bideak, ebazpena emateko batez besteko denbora eta prozedurazko zenbait alderdi (entzunaldi-izapidea, kasu). Hala ere, kexen ohiko tramitazioan beste disfuntzio batzuk jarraitu dute, prozedurazkoak eta materialak, Lanbideren funtzionamenduari eta aipatu prestazio ekonomikoen kudeaketa-jarduerei dagokienez.
Disfuntzio nagusiak, bada, txostenaren kapitulu honetan jorratuko ditugu.
1.Arloa kopurutan
Beste behin, 2013an tramitatu dugun kexa-kopuru handiena Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) eta Etxebizitzaren Prestazio Osagarriari (EPO) emandako kudeaketarekin lotuta egon da. Bi prestazio horiek eskubide subjektiboak dira Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen arabera, bertan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztientzat.
2013. urtean, gizarteratzeko arloan, guztira 883 kexa erregistratu dira, honako azpi-arlo hauetan banatuta:
–
Diru-sarrerak bermatzeko Legetik eratorritako presta-
zio ekonomikoak (DBE, EPO, GLL) 860
–
Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura 14
–
Gizartean baztertuta dauden pertsonentzako presta-
zioak eta zerbitzuak 8
–
Herritarren eskubideak 1
ESPEDIENTE KOP., GUZTIRA 883
Zenbateko horietan kexa-kopurua murriztu egin dela ikus daiteke, 2012. urtean erregistratutakoekin alderatuta, %12,6 soilik bada ere. Izan ere, oraindik ere gurean dirauen krisi-egoerak lotura sendoa dauka enplegu-galerarekin eta bazterkeriaren kontra borrokatzeko bitartekoen eskariarekin. Edonola ere, aurretiazko hitzorduen eta DBEren lehen eskaeren kudeaketa hobetu delako ere murriztu ahal izan dira kexak.
Gaika aztertuz gero, iaz bezala, 2013an arlo honetan jasotako kexa gehienak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DEB) eta Lanbidek (prestazio hori kudeatzen duenak) duen funtzionamenduarekin lotuta daude.
2012an jasotako kexak ikusita, hainbat hutsune antzeman eta desadostasun izan genuen Lanbiderekin, aplikatu beharreko araudia interpretatzean. Horrenbestez, eta zerbitzu publiko hau hobetze aldera administrazioarekin lankidetzan aritzeko asmoz –kasu honetan, batez ere ahulezia-egoeran dauden hiritar batzuentzat–, agiri zabal bat egin genuen. Bertan, Arartekoaren iritzia azaldu genuen Lanbideren funtzionamenduari, jarraitzen diren administrazio-prozedurei eta aplikatu beharreko araudiaren (kasu honetan, Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea eta Diru-sarrerak bermatzeko Errentaren maiatzaren 25ko 147/2010 Dekretua) interpretazioari dagokienez. Agiri horri Lanbideren Diagnostiko Txostena izena eman genion eta organismo horri igorri zitzaion otsailaren hasieran.
Diagnostiko horren oinarri dira, funtsean, jasotako kexetan planteatu eta aztertutako gaiak, Lanbideren erabiltzaileek Arartekoaren zuzeneko arreta-bulegoetara egindako bisitak, Lanbiderekin eta eremu honetan lan egiten duten gizarte-erakundeekin izandako bilerak eta erakunde honetako langileek Lanbideren bulego batzuetara egindako bisitak. Azterlan honen bidez, zerbitzua hobetzen lagundu nahi da eta, horren gaineko jarraipena gure jardueraren ardatz nagusi bihurtu da 2013. urte osoan zehar.
Sarrera labur baten ostean, agirian zehatz-mehatz jasotzen dira administrazio-prozedurako fase desberdinetako bakoitzean antzemandako disfuntzio eta arazoak eta horien gainean dugun iritzia. Era berean, Lanbidek arauaren (18/2008 Legea eta garapen-dekretuak) hainbat alderdiren gainean egiten duen interpretazioarekiko ditugun desadostasunak islatzen dira. Azkenik, hainbat gomendio (guztira 41) egin dira, zehazki, txosteneko atal bakoitzeko bat.
Egindako jarraipenean horietako batzuk bete direla ikusi da, baina prozeduran oraindik ere hutsuneak daude. Jarraian, hori guztia landuko dugu.
Bestalde, aurtengo maiatzean Lanbide agiri-zirkularrean jasotako eta arauan aplikatu beharreko barne-irizpide berriak aplikatzen hasi zen.Irizpide horiek aztertuta, eta horien gaineko desadostasun nabarmenak zeudela kontuan hartuta, agiri bat prestatu genuen, Lanbideri igortzeko.
Lanbideko arduradunekin egindako bilera eta harremanetan ere arauen interpretazio eta aplikazioaren gaia jorratu dugu eta gure iritzia azaldu diegu, kasu askotan organismoak berak ere onartu duena.
Azkenik, aipatzekoa da foru-aldundien prestazioekin (adibidez, kotizazio gabeko pentsioekin edo gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko laguntzarekin) lotutako kexak ere tramitatu ditugula.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Prozedurazko alderdiak
Jasotako kexak tramitatzean gure arreta piztu duten arazo formal guztien artean nabarmentzekoak dira, batetik, prestazioen ukapen-, aldaketa-, etendura- eta iraungitze-ebazpenetako arrazoiketa-falta, eta, bestetik, interesdunari entzunaldirako aukera eskaini ez izana. Bi arazo horiek, bai bereizita, bai batera, garrantzi handia dute onuradunen eskubideak benetan bermatzeko orduan, babesik gabeko egoera larriak sortzen baitituzte. Arazo horiez gain, jarraian beste prozedura-disfuntzio nabarmen batzuk azalduko ditugu.
2.1.a) Arrazoiketa nahikorik eza
Aipatutako hutsune formalen arteko lehenengoari dagokionez, hau da, Lanbideren ebazpenetako arrazoiketa-faltari dagokionez, legegilearen manua ez errespetatzeaz gain, eskubideak mugatzen dituzten ebazpenen arrazoiketaren harira, kontuan hartu behar da egintza horiek sarritan DBEren
eskubide subjektiboa ukatu edo galtzea eragiten dutela, kasu askotan pertsona ukituak horretarako arrazoiak zeintzuk diren jakin gabe. Hau da, Lanbideren jardunbide honek babesik gabeko egoera asko sortu ditu, arrazoiak ez jakitean pertsona ukituek ezin baitute alegazio eraginkorrik aurkeztu.
Nabarmentzekoa da Lanbideren eskutik beren DBEri eragiten dien ebazpen-idatzi bat jaso ondoren Arartekora hurbildun diren pertsonetako askok ebazpen horren arrazoia soilik jakin nahi dutela, sarriegi agertzen baita arrazoi hori ez ulertzeko moduan edo era nahasian.
Mota horretako ebazpenak arrazoitzeko betebeharra, modu orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 54.1.a) artikuluak xehatzen du: “Jakinarazpenetan arrazoiak azalduko dira, eta gertakariak eta oinarri juridikoak laburki jasoko dira. Eskubide subjektiboak edo bidezko interesak mugatzen dituzten egintzak (…)”.
Bestalde, DBE arautzen duen berariazko araudiak berak ebazpenen arrazoiketa aipatzen du, funtsean 147/2010 Dekretuko 33. eta 55.2 artikuluetan adierazita.
Pertsona interesdunari negatiboki eragiten dioten erabakietan arrazoiketa nahikoa falta bada, ezin dira erabaki horren arrazoiak ezagutu eta horien kontra egin, eta, ondorioz, babesik gabeko egoerak sortzen dira. Egoera hori are nabarmenagoa da sarritan DBErako eskubide subjektiboa ukatu edo galtzea eragiten duten eta ahulezia-egoeran dauden pertsonei eragiten dien kasuei buruz ari garela kontuan hartuta.
Lanbidek ukapen-, etendura- eta iraungitze-ebazpenetan ematen dituen arrazoiak oso laburrak dira gertaerak azaltzean eta, orokorrean, ez dira zuzenbideko oinarriak aipatzen. Gure ustez, ez dute legezko manua betetzen. Hori dela eta, neurri garrantzitsuak ezartzen dira, oinarri juridiko ahularekin.
2.1.b) Interesdunaren entzunaldia
Gure aburuz, berebiziko garrantzia dauka tramite hau errespetatzeak, hau da, pertsona ukituei beren burua defendatzeko aukera emateak, kalte egin diezaiekeen neurri bat hartu baino lehen. Hiritarren eskubide hori gure antolamenduan aitortuta dago eta, era berean, Administrazioak dagokion gaia hobeto argitzeko eta berme handiagoko ebazpenak emateko aukera da. Batzuetan, tramite honek, gainera, erabaki oker bat saihets dezake, gero zuzentzeko denbora beharko duena, ukitutako pertsona edo familiari kalte oker bat eragiteaz gain. Kasu askotan ikusi dugu laguntzaren bat eten edo iraungi egin dela, oker, tramite hori gabe.
DBE eta EPO prestazioak eteteagatik tramitatutako kexetako askotan, onuradunek bazuten etenduraren berri hil horretako nomina ordaindu ez zitzaiela egiaztatzean. Izan ere, normalean prestazioaren ordainketaren kautelazko etendura aplikatzen zitzaien, aurretiazko jakinarazpenik gabe, eta, ondorioz, ordainketen etendura hori saihesteko alegazioak aurkezteko aukerarik gabe
Arartekoak entzunaldiaren tramitea errespetatzeko beharrizanaren garrantzia azpimarratu du behin eta berriz eta Lanbidek 2013an zehar bere jardunbidea zuzendu du. Horrenbestez, aldaketa-, etendura- eta iraungitze-prozeduretan entzunaldi-tramitea ematen dela esan genezake, prestazioen kautelazko etenduran aukera hori aurreikusten ez den arren.
2.1.c)
Eskubidea etetearen kausak eta ondorioak
Gure ustez, DBErako eskubidea eteteko araudia nabarmen hobetu daiteke.
Arazo nagusia Lanbidek baldintza-galeraren eta betebehar-urraketaren artean duen nahasdura da.
Lanbidek eskubidea eteteko arrazoi desberdinak jorratzen ditu, baina ez du bereizkeria edo mailaketarik egiten betebehar bat urratzean edo prestazio baten hartzaile izateko baldintzak galdu edo urratzearen artean, nahiz eta kalifikazio baten edo bestearen ondorioek oso tratamendu desberdina duten 18/2008 Legean.
Gure iritziz, betebeharrak urratzean prestazioaren eskubidea eteteari ematen zaion egungo tratamenduak ondorio neurrigabeak ditu bizikidetza-unitateak prestazioaren hartzaile izateko baldintzak guztiak betetzen jarraitzen duenean, kasu horretan bere oinarrizko beharrizanei aurre egin ahal izateko diru-sarrerak faltan izaten jarraitzen baitu.
Horren harira, egokiagoa iruditzen zaigu orokorrean betebeharrak urratzen badira prestazioa ez etetea, baizik eta zigor-prozedura bat hastea, arau-hausteak eta zigorrak mailakatzeko aukera emango delarik. Zigor-prozedura 12/2008 Legeko VII. Tituluko 99. artikuluan eta hurrengoetan arautzen da, baina ez da inoiz aplikatu, ez eta arau bidez nahitaez garatu ere.
Etenduraren iraupena kasu batzuetan soilik aurreikusten da, 18/2008 Legeko 45.2 artikuluaren (etenduraren iraupena arautzen duena) eta 26.3 artikuluaren (etendura altxatzeko ezartzen duena, haren arrazoia eten denean) arteko koherentzia edo arrazoia ulertu gabe.
2.1.d) Berriz martxan jartzeko atzerapena
Prozedurazko disfuntzio ohikoenetako bat, eta hiritarrentzat ondorio larriak dituena, zera da, prestazioaren ordainketa eteten denean, berriz martxan jartzea atzeratu egiten dela, etenduraren iraupena mugatua denean edo Lanbideren akats baten ondoriozkoa izan denean ere.
Etenda dagoen aldian zehar, eta Lanbidek hartutako erabakia egokia den ala ez egiaztatzen den bitartean, interesdunek bizikidetza-unitatearen diru-sarrera bakarrak galtzen dituzte, eta, ondorioz, ezin diete aurre egin beren kideen hezkuntza, elikadura eta ostaturako gastuei.
Etendura desegokia zela egiaztatu eta prestazioaren ordainketa berriz ere martxan jartzeak, atzerapenak egonda ere, ez ditu saihesten erabaki horren kalteak, kasu batzuetan bizikidetza-unitatea etxetik kaleratzea eragin dezaketenak, atzerapen horren ondorioz.
Halaber, prestazio bat ez da berriz ere martxan jartzen ofizioz, nahiz eta araudiak hala aurreikusten duen (18/2008 Legeko 26.3 artikulua). Izan ere, dirudienez, Lanbideren sistema informatikoak ez du aukera hori ahalbidetzen. Alderdiak eskatuta jarriko da martxan, etendura arrazoitzen zuten egoerak eten egin direla aitortzen den kasuetan ere. Hala eta guztiz, gai hori ere hobetu egin da, interesdunak Lanbideri etenduraren arrazoia amaitu dela jakinarazten dionean, prestazioa berriz ere jartzen baita martxan. Automatikoki martxan jartzeko aukera ezartzea falta da.
Horren harira, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzaren Prestazio Osagarriaren eskubidea bertan behera uztearen eta horretarako erabilitako moduaren ondorioei buruzko azaroaren 29ko gure 9/2011 gomendio orokorra azpimarratu nahi dugu.
2.1.e)
Lanbideren bulegoetan agiriak eta erregistroak aurkeztea
Antzeman genuen arazoetako bat hiritarrek agiriak Lanbiden aurkezteko duten zailtasuna da. Askotan, epe baten barruan aurkeztu behar dira agiriak eta ez da erraza arreta jasotzeko txanda eskuratu ahal izatea. Batzuetan, arreta lortzen dutenean, ezarritako epea iraungi egin da.
Nahiz eta pertsona batzuek Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzua erabiltzen duten, salbuespen kasuetarako dela uste dugu eta egokiena Lanbideren bulego guztietan agiriak jasotzeko erregistro-zerbitzu bat egotea eta aurkeztutakoaren egiaztagiri zehatza ematea izango litzateke. Halaxe planteatu genion Lanbideri aipatu diagnostiko-agirian.
Erregistroak ezartzearen eta hiritarren informatzeko beharraren gainean egindako gomendioa gogorarazi zaie arduradunei. Adierazi digutenez, ordutegi zabalagoa eskaintzen duen arreta ezartzeko prozesuan daude, agiriak jasotzeaz gain horiek baloratuko dituena eta gaiaren ondorengo tramitazioa erraztuko duena.
2.1.f)
Atzerapenak eskaerak eta errekurtsoak ebaztean
18/2008 Legeak bi hilabeteko epea ezartzen du DBE eskaerak ebazteko (62.2 artikulua), baina epe hori nabarmen luzatu da kasu askotan, behintzat urtearen lehen erdian. Horrenbestez, alderdi horretan hobekuntzak egon diren arren, oraindik ere aipatu legezko epe hori ez da betetzen espediente askotan.
Bestalde, 30/1992 Legeko 117. artikuluak hilabeteko epea ezartzen du berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena eman eta jakinarazteko. Lanbidek epe hori urratzen du, kontuan hartuta ebazpenak sei hilabete edo gehiago atzeratzen direla orokorrean.
Onuradunek jarritako errekurtsoa baieztatzen denean, espedientea aurkaratutako egintza eman zen unera atzeratzen da soilik, eta, orokorrean, Lanbidek prozedura bat hasten du, baldintzak bete direnetz berrikusteko. Ezinbestekoa da berrikuspen-prozedura hori ahalik eta azkarren ematea, edo errekurtsoa baieztatzean, zuzenean jartzea martxan prestazioen ordainketa.
2.1.g)
Berritzeko betebeharraren jakinarazpena
Aipatu dugun eta ohikoa den besteko prozedura-hutsune bat eskubideak berritzeko fasean aurkitzen da. Sistematikoki urratzen da 18/2008 Legeko 23.1 artikuluan jasotako aurreikuspena, Lanbideri idazki bat igortzeko betebeharra ezartzen diona, DBEren titularrei aitortutako prestaziorako epea betetzeko gogorarazi diezaien, data hori baino hiru hilabete lehenago. Adierazi dugun bezala, ez dugu ezagutzen
kasu bakar bat ere idazki hori izan duenik eta Lanbidek halaxe berretsi digu. Ondorioz, arrazoi horren ondorioz iraungitzen diren DBE guztietan hutsune formal larria izango genuke, 147/2010 Dekretuko 49b artikuluak arrazoi horren ondorioz iraungitako DBEren kasuak aipatu eskakizunaren bidalketarekin lotzen baititu (halaxe zehazten du aipatu manuak).
2.2.
Desadostasunak aplikatu beharreko araudia interpretatzean: DBEren titular izateko baldintzak eta haren ondoriozko betebeharrak
Lanbide DBEren titular izateko baldintzen eta baldintza horrek eragiten dituen betebeharren betearazpenaren gainean egiten ari den interpretazioaren ondorioz, pertsona asko prestaziorako eskubiderik gabe geratzen ari dira. Jarraian, 2013an aztertutako kexa-arrazoi nagusietako batzuk aztertuko ditugu.
2.2.a)
Egoitza efektiboaren galera, EAEtik kanpora bidaiatzeagatik
Arrazoi horren ondoriozko iraungipenak kexa ugari eragin ditu. Lanbideri gure desadostasuna azaldu diogu eta, adierazi digunez, irizpide hori berrikusten ari dira, txosten hau idatzi den unean indarrean jarraitzen duen arren.
Lanbidek ezarritako irizpideen arabera, lan egiten duten titularrek eta onuradunek EAEtik irteteko eskubidea dute, urtean 30 egunez, bidaia-kopurua edozein izanda ere, Lanbiden aurretik jakinarazi ostean. Lan egiten ez dutenek EAEtik irteteko eskubidea dute, gehienez 15 egunez. Lanbideren irizpidearen arabera baimendutako gehieneko epea gainditzen bada, egoitza efektiboa galdu egiten da.
Gaia are larriagoa da kontuan hartzen badu Lanbidek DBE eskatu aurretik egindako irteerak ere aintzat hartzen dituela.
Gainera, urteko gehieneko irteera-egunen irizpide horrek ez du legezko oinarririk. Printzipioz, kontrakorik frogatzen ez bada, erroldan izena emateak egoitza efektiboa ematen du. Azken hori berariaz egiaztatzeko beharrak, errolda dagoenean, Administrazioak haren betearazpenari buruzko zalantzak dituenean soilik dauka zentzua, baina ezin da, inola ere, betebehar hori orokorrean eskatu.
Egungo araudiak ez du horren gaineko aurreikuspenik xedatzen, ondorio oso larriak eragiten dituen arren. Gure ustez, Lanbideren irizpide batek ezin du datu objektibo bat guztiz nahierara aldatzeko balio, egoitza efektiboa kasu. Hau da, EAEtik kanpora behin-behinean lekualdatzeak, helbidea aldatu gabe (oporraldi baterako edo senideak bisitatzeko, adibidez), ez du inola ere esan nahi egoitza efektiboa galtzen denik. Ulertzen dugu irteerak DBE jatorrizko helburuetara bideratzeko betebeharraren urraketatzat jo daitezkeela eta horrek prestazioen ordainketa eten lezakeela interesduna kanpoan dagoen bitartean, baina irteera horiek ezin dira inola ere interpretatu helbide-aldaketa gisa (horixe baita azken finean egoitza efektiboaren galerak esan nahi duena).
Ondorioz, beharrezkoa litzateke gai hau araututa egotea, behin-behineko mugak eta Lanbideri bidaiaz informatzeko betebeharra ezarriz, berau egin baino lehen, bai eta xedatutakoa ez betetzearen ondorioak adieraziz ere. Gainera, DBEren titularrek argi izan beharko lukete hori guztia.
2.2.b) Familia berrelkartzea
147/2010 Dekretuko 5.1.a) artikuluko azken paragrafoan berariaz aipatzen dira bakarrik bizi diren etorkinen bizikidetza-unitate ekonomiko independenteak, horien ezkontidea edo horiekin ezkontza-harremanaren antzeko harreman iraunkorra daukaten pertsonak estatuan bizi ez direnean.
Salbuespenezko tratamendu hori gehienez bi urtez hedatzen da, eta, epea amaitzean, familia berrelkartu ez bada, Lanbidek eskubide hori iraungitzen du.
Gehienetan, indarkeriari lotutako egoerak direla-eta, bizirik irauteko eta/edo migrazio-prozesu baten ondorioz egin dute ihes pertsona horiek euren jatorrizko herrialdeetatik, nahiz eta ez dieten errefuxiatu-egoera aitortu.
Espainiako sarrera eta egoitza arautzen dituen araudiari jarraiki, atzerritarrek Estatuko Administrazio Orokorrari Espainian sartzeko, bizitzeko, lan egiteko edo jatorrizko herrialdean bizi den bikotekidearekin elkartzeko baimena eskatu behar diote.
Jatorrizko herrialdean bizi den bikotekideak familia berriro elkartzeko duen aukera honen menpe dago: legezko zenbait baldintza bete behar ditu eta Estatuko Administrazio Orokorrak berriro elkartzeko baimena eman behar dio.
Baldintza horiek betetzea zaila da. Hori dela eta, beste bikotekidearekin berriro elkartzeko baimena eskatu duten bikotekide askok ez dute lortu. Praktikan, familia berriro elkartzeko eskatzen duten pertsonak langabezian baldin badaude edo laguntzen titularrak baldin badira, ez dituzte berriro elkartzeko bete beharreko baldintzak betetzen, azken kasu horretan, gizarte-laguntzaren sistematik datozen diru-sarrerak ez direlako aintzakotzat hartzen.
Lanbidek, Arartekoaren iradokizunei jarraiki, 147/2010 Dekretuko 5.1 a) artikuluan jasotako araudi-aurreikuspenaren aldeko interpretazioa egiteko aukerari buruz zuen iritzia adierazi zigun, hau da, Estatuko Administrazio Nagusiak ezkontidea berrelkartzeko administrazio-baimena ukatu duenean eta pertsonak prestazio horren onuradun izateko gainerako baldintza guztiak betetzen dituenean DBE ez ukatu edo iraungitzearen alde agertu zen. Gauza bera pertsona errefuxiatuen kasuan.
Hala eta guztiz, arazoa da askotan ez dagoela berrelkartzearen ukapen formalik, eskaera bera ere ez delako jaso, diru-sarreren baldintza betetzen ez dela-eta. Bi urteren ondoren Lanbidek prestazioa iraungitzen duenean, prestazio horiek babesik gabe gelditzen dira. Ikusi ditugun egoera hunkigarrienen artean hauexek daude: guraso bakarreko familiak, adingabeak euren kargura dituztenak. Kasu horietan lehentasunez 147/2010 Dekretuko 5.2 c) artikulua aplikatzea izango litzateke beste aukera bat. Garrantzitsua iruditzen zaigu legezko xedapen horrek etorkinen egoerak dituen ondorioen gaineko hausnarketa bat egitea, batez ere tartean adingabeak daudenean.
2.2.c)
Bizikidetza-unitatearen gastuen kontrola
2013. urtean zehar, kexa ugari egon dira DBE eten edo iraungi egin delako, “prestazioa oinarrizko beharrizanak estaltzeko ez erabiltzeagatik”. Lanbideren ustez, pertsonen banku-mugimenduetako gastu batzuk ez direnean funtsezkoak izan edo ez direnean “oinarrizko beharrizanen” kontzeptuan sartu gertatu dira halako kasuak. Hori horrela, egon badago araudi-gaikuntza bat Lanbidek betebeharrak betetzen ote diren egiaztatze aldera edozein datu eska dezan, zehazki, prestazioa legez esleitutako helbururako erabiltzen dela ziurtatzeko (18/2008 Legeko 19.1 artikulua). Horretarako, titularrak epe jakin bateko kontuko mugimenduak aurkeztu behar ditu.
Nabarmendutako gastu horiek izaera askotarikoak izan dira, bai kontzeptuan (telefonia mugikorra, ostalaritza, aisia eta bidaiak, aseguru mediko pribatuak, etab.), bai kopuruan. Berriz ere, araudian ez daukagu DBEren kopuru eta kontzeptu horien gaineko muga zehatzik.
Edonola ere, Lanbidek gastuen mugak zehaztu beharko ditu, bai kualitatiboak, bai kuantitatiboak, eta pertsona ukituei jakinarazi egin behar die zein gastu ez diren beharrezkotzat jotzen eta prestazio gisa jasotako kopurutik zenbat erabili daitekeen askatasunez. Horrenbestez, irizpide objektibo horiek pertsona interesdunei jakinarazi beharko zaizkie.
2.2.d)
Enplegu-eskatzaile gisa altan egoteko betebeharra
Beraz, 18/2002 Legearen eta 147/2010 Dekretuaren idazkuntzatik ondorioztatu daitekeenez, eskakizun-maila desberdina da lan egiteko eskuragarritasunaren gainean. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko DBEren kasuan, enplegu-eskatzaile gisa alta eman beharko litzateke (18/2008 Legeko 19.2b) artikulua), eta laneko diru-sarreren DBE osagarriaren kasuan, enpleguari eusteko eskakizun orokorragoa ezarriko litzateke (ez ematea baja borondatez edo lan-utzialdirik edo lanaldi murrizketarik ez hartzea, 18/2008 Legeko 19.3 artikulua). Eduki hori gizarteratze aktiborako hitzarmen baten bidez zehaztuko da.
Edonola ere, Lanbidek aplikatutako irizpidea argitu behar da, lan-sarreren DBE osagarria enplegu-eskatzaile gisa ez azaltzeagatik eten izanaren kexaren bat jaso baitugu. Betebehar hori ezin eska daiteke aipatu araudiaren arabera.
Laneko diru-sarreren osagarri gisa DBE kobratzen duenak enplegu-eskatzaile gisa izena emanda jarraitu behar badu (enplegu hobea edo lanaldi osokoa aurkitzeko, lanaldi partzialeko kontratua badu), Lanbidek argi eta garbi adierazi beharko lieke pertsona ukituei. Gure ustez, gizarteratze aktiborako hitzarmena bera jakinarazpen-tresna egokia litzateke, enplegu-eskatzaile gisa altan jarraitzeko betebeharra sortuko bailuke bide honek, esan bezala indarreko araudiak ez baitu zehazten kasu horietan betebehar hori betetzeko beharrizana.
2.2.e)
Elkarrekin bizi diren pertsonen izatezko harremanaren ustea
Kexak tramitatzean antzeman ahal izan dugunez, Lanbidek sexu desberdineko bi pertsona etxebizitza berdinean bizi direnean bien artean harreman afektiboa duela pentsatzeko joera dauka.
Beharbada ezkontza-harremanaren antzeko egoera dagoen ala ez zehazteko irizpiderik objektiboena dagozkien erregistro publikoetan agertzea da, horren ondoriozko eskubide eta betebeharrekin. Aitzitik, aitorpen publiko hori ez balego, Lanbideren ardura izango litzateke harremana frogatzea.
Posible da, bestalde, eskatzaileek zinpeko aitorpen bat egitea, beren bizikideekin harreman afektiborik ez dutela adierazteko. Agiri hori eskatzeak atzera botako luke errealitatearekin bat ez datorren informazioa eskaini nahi duten pertsonen asmoa.
3.Lege-testuingurua eta
politika publikoak
Epigrafe honetan, aurten indarrean sartu diren araudi-aldaketa batzuk eta arloari eragiten dieten jarduera publikoak azalduko ditugu.
2012ko urteko txostenean aurreratu genuen bezala, 4/2011 Legearen bidez nabarmen aldatu zen 18/2008 Legea eta, ondorioz, DBE, EPO eta GLL arautzeko araudiak egokitu egin behar ziren (egungo 147/2010 Dekretua, 2/2010 Dekretua eta 4/2011 Dekretua, hurrenez hurren), nahiz eta gaur egun, oraindik ere, ez den halakorik gauzatu, 18/2008 Legea aldatzen duen 4/2011 Legearen azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitako urtebeteko epea igaro den arren.
Aurreko epigrafean adierazitako gaiak eta beste asko konpondu egingo lirateke irizpide argiak ezarriko balira, hau da, hautazkotasuna saihesten dutenak eta eskubide hauen titularrentzat segurtasun juridiko handiagoa bermatzen dutenak.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu espezifiko bakoitzeko 2013. urtean gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak ezartzen dituen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko martxoaren 27ko Aginduak Arartekoak 2012ko abenduaren 4ko ebazpenean gomendatutakoa osorik bereganatzen du, hau da, funtsean, Gizarte Gaietako Sailaren Aginduaren bidez ezin direla aldatu GLL eskuratzeko 18/2008 Legearen baldintzak, hori arau-hierarkiaren printzipioaren aurkakoa baita.
Gipuzkoako 31/2012 Foru Dekretua, iaz ere aipatzen genuena, urriaren 15eko 35/2013 Foru Dekretuaren bidez aldatu da. Testu berrian errolda-ziurtagiriaren osagarri diren agiriak eskatzeko aukera nabarmentzen da, interesdunak lurraldean duen egoitza efektiboa egiaztatzeko, besteak beste, posta, ordainagiriak, fakturak, ziurtagiriak edo Gipuzkoan epe jakin batean era egonkorrean egon izana egiaztatzen duten bestelako agiriak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako Sailak maiatzaren 6ko 577/2013 Foru Agindua onartu du, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren ondoreetarako aldi baterako harrera-zentroak eta ostatuak zehazteari buruzkoa. 147/2010 Dekretuko 6.2.b) artikuluan etxebizitza edo ostatuaren gainean jasotzen den adierazpenari buruzkoa da aipatu foru-agindua.
Eusko Jaurlaritzak Bazterkeria Balioesteko Tresna onartu du, uztailaren 16ko 385/2013 Dekretuaren bidez. Tresna hori Gizarte Zerbitzuen Legearen garapenean kokatzen da eta, 20. artikuluaren arabera, zehazki, euskal administrazio publikoek balioespen eta diagnostiko tresna komunak aplikatuko dituzte, aplikazio-irizpide homogeneoak bermatzeko. Hala, onartutako testua balioespen-adierazle desberdinak jasotzen dituen tresna teknikoa bihurtzen da eta oso erabilgarria izango da udaleko eta foruko gizarte-zerbitzuentzat, bazterkeria-egoerak edo bazterkerian egoteko arriskua antzemate aldera.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jarduerak
2013an zehar Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaien Sailari buruzko ofiziozko honako jarduerak egin ditugu:
357/2013 espedientea, DBEren gastu-mugei buruzkoa, bai eta gastu horien izaerari buruzkoa ere, prestazioa aurreikusitako xedeetarako erabiltzen dela aztertzeko.
540/2013 espedientea, Lanbideren funtzionamenduari buruzko diagnostiko-txostena egiteko eratu zena.
2945/2013 espedientea, hiritarrei agiriak aurkezteko modu baliodunei eta bulegoetan agirien onarpen-erregistroak ezartzeari buruzko informazioa emateari buruzkoa. Horixe bera landu dugu kapitulu honetako 2.2 c) atalean.
4.2. Ekitaldiak eta jardunaldiak
2013. urtean erakundearen titularrak, Iñigo Lamarcak, hainbat esku-hartze egin ditu komunikabide desberdinetan, DBEren kudeaketari eta kexen tramitazioan jorratutako arazo nagusiei buruz mintzatzeko.
Era berean, honako jardunaldietan parte hartu zuen: “Nadie sin hogar ¿Es posible en Euskadi?” BesteBi plataformak antolatu zituen jardunaldiok 2013/06/14an, Bilboko la Bolsa Zentro Zibikoan, etxerik ez duten pertsonen arazoa jorratzeko.
Abenduaren 16an erakundeak Sartuk antolatutako jardunaldian parte hartu zuen, Donostian. Alkateak eta Gipuzkoako Gizarte Ekintzako foru-diputatuak inauguratu zituzten, hain zuzen ere, gizarteratzeari eta hiritartasunari buruzko jardunaldi hauek, eta hainbat aldiz aipatu zen Arartekoak eremu honetan egiten duen lana.
4.3. Bilerak
Urtean zehar lau bilera izan ditugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin, eta, zehazki Lanbideko arduradunekin, Lanbideren funtzionamenduari eta prestazioak eskatu, eten, iraungi, berriz martxan jarri eta berritzeko prozedurari eragiten dieten kexen tramitazioan erregistratutako arazoak jorratzeko.
Era berean, gizarteratzearen alorrean, gizartean baztertze-prozesuak nozitzen dituztenen eskubideen defentsan lan egiten duten zenbait hirugarren sektoreko elkarterekin bildu gara. Bilera horietako batean, urte hasieran, pertsona askok Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemara sartzeko edota bertan mantentzeko arazoak izan dituztela jakinarazi ziguten. Horren harira, Lanbidek hiritarrei emandako arretan eta prozeduren tramitazioan egindako disfuntzioei buruzko kexa ugari jaso ditugu, txosten honetan aipatutakoak kasu.
5.Herritarreneskubideen egoeraren balorazioa
1. Bizitzen ari garen krisi ekonomikoak oraindik ere gurean dirauenez, DBE eta EPOren onuradunen kopurua igo egin da 2013an zehar, diru-sarreren sisteman marka historikoa lortuz.
Igoera horren ondorioz, hartzaileen profila geroz eta anitzagoa da.
2. Diru-sarrerak bermatzeko sistema hau elementu garrantzitsua da gizarte-kohesiorako. Halaber, EAEko txirotasun- eta bazterkeria-tasak Europar Batasuneko batez besteko kopuruen azpitik mantentzen laguntzen du, Euskadi Europan desberdintasun-maila baxuena duen gizarteen artean finkatuz.
3. 2013an zehar hobekuntza nabarmenak antzeman dira Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemaren kudeaketan, zehazki DBE eta EPOren kudeaketan. Lanbidek geroz eta azkarrago ematen ditu ebazpenak, itxarote-zerrendak ezabatu ditu eta entzunaldi-izapidea eskaintzen du. Hala ere, oraindik hainbat alderdi garrantzitsutan aurrera egin behar da, arrazoiketa egokian adibidez. Era berean, baliabide materialak hobetu egin behar dira, zehazki, aplikazio informatikoak eta giza baliabideak, Lanbideren bulego guztietan. Hornidura horiek areagotu egin behar dira, ematen den zerbitzuaren eraginkortasun hobea bermatzeko.
4. Beharrezkoa da Lanbidek bai diru-sarrerak bermatzeko berariazko araudian, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen ondoriozkoan aurreikusitako prozedura-bermeak betetzea, zehazki prestazioak eten, ukatu edo iraungitzen diren kasuetan. Prestazio horien izaera delikatuak, geroz eta kolektibo zabalago honek gizarte-bazterkeriaren muga ez gainditzeko xedea duenak (batez ere desberdintasun sozial eta ekonomikoen ondorioz), geroz eta kalitate altuagoko arreta lortzeko ahalegina justifikatzen du.
5. Premiazkoa eta beharrezkoa da Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko 18/2008 Legea garatzea, 4/2011 Legearen bidez aldatu ondoren, DBE, EPO eta GLL arautzen dituzten araudiak egokituz (gaur egun 147/2010 Dekretua, 2/2010 Dekretua eta 4/2011 Dekretua, hurrenez hurren). Esan bezala, gaur, oraindik ere, ez da egokitzapen hori gauzatu, 18/2008 Legea erreformatzeko 4/2011 Legearen azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitako urtebeteko epea igaro den arren.
Garapen horretan, egun aurreikusi ez diren eta zehaztu beharrekoak diren alderdiak jorratu beharko lirateke (besteak beste, EAEtik kanporako irteerak, berrelkartzeko aukera, baimendutako gastu-mugak –prestazioa oinarrizko beharrizanetara bideratzeko betebeharra urratzen ez dutenak–, ezohiko diru-sarrerak, etab.). Era berean, argi eta garbi arautu beharko lirateke etendura –betebeharrak urratzearen ondorioz– eta iraungipena –baldintzak galtzearen ondorioz–. Halaber, garrantzitsua da zigor-prozedura garatzea, 18/2008 Legean aurreikusitakoa bera (VII. tituluan), arau-hausteak eta zigorrak mailakatzeko aukera ematen baitu.
6. Gizarte-bazterkerian lanean ari diren gizarte-erakundeak finantzazio-arazoak jasaten ari dira, laguntzetan eta diru-laguntzetan egindako murrizketen ondorioz. Hori dela eta, horien jarraitutasuna ere arriskuan dago. Garatzen duten egitekoa oso beharrezkoa da gure gizartearentzat, hiritarrei hurbiltasuna eta malgutasuna eskaintzen dizkietela eta administrazio publikoetara hurbiltzen ez diren edo bete beharreko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei arreta ematen dietela kontuan hartuta. Hau da, halakorik ezean arretarik gabe geratuko litzatekeen espazio bat betetzen dute. Horrenbestez, beren lana babestea ezinbestekoa da gizarte-kohesioa lortu eta desberdintasunen kontra borrokatzeko. Horretarako, aurrekontu-partidek hornidura egokiak izan behar dituzte, pertsona kaltetuenen beharrizanak asetze
aldera. Aurrekontu-partida horiek, gainera, lehentasunezkoak izan behar dira krisi-garaietan, pertsona ahulenen zailtasunak areagotu egiten baitira.
7. Etxerik ez duten pertsonek beren oinarrizko beharrizanak (elikadura, ostatua –batez ere neguan–, higiene eta arropa egokia) estalita edukitzea lehentasunezko eta premiazko helburua da oraindik ere.
8.Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
Aurrekariak
Mendeak igaro badira ere Europan daudenetik eta Europar Batasuneko gutxiengo handiena osatu arren, ijitoek aurreiritzien, tolerantziarik ezaren, bereizkeriaren eta bazterkeriaren biktima izaten jarraitzen dute.
Horregatik, ezinbestekoa da beharrezko neurriak hartzea haien giza eskubideak, Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotakoak, baita Europar Batasuneko legeetan ere, errespetatu, babestu eta sustatzen direla bermatzeko.
Gizarteratzea eta laneratzea bultzatuko duten, ijitoen haurren eta nerabeen hezkuntza hobetzearen alde egingo duten eta behar bezalako baldintzetan etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango duten politika publikoak behar dira. Gutxiengo kulturaltzat jotzeak, gainera, haien kultura eta gizarte- eta politika-izaerako partaidetza sustatzea dakar.
Xede horiek guztiak lortzeko plangintza estrategikorako tresna baliodunak egon badaude, bai Europa eremuan bai autonomia eta erkidego mailan, baina eragile publikoen asmo irmoa nahitaezkoa da –asmo horren bidez programatutako neurriak modu eraginkorrean abian jarri behar dira eta hori gauzatzeko behar den finantzaketa eman beharko da–.
Horri guztiari lotuta botere publikoen eta gizartearen jarrera proaktiboa egon behar da, oro har, ijitoek pairatzen duten estigma errotik ateratzeko jarrera baten aldekoa.
1.Kexarik aipagarrienak
1.1. Basaurin bizi zen ijito familia bati erroldan izena eman ziezaioten egindako eskaera ukatu zenez, Arartekoaren esku-hartzeak bidea eman zuen azkenean familiako kide guztiei izena emateko, hasiera batean eskatutako helbidean izan ez bazen ere. Arartekoaren azaroaren 27ko ebazpena aipatu behar da. Bertan adierazi da Basauriko Udalak, biztanleen erroldatik baja ofizioz emateko espedienteetan, izapide bat gehitu beharko lukeela Udaltzaingoak eta gizarte zerbitzuek baja emateko proposamenean barne hartutako pertsona batzuen helbidearen gaineko datuak egiaztatzeko aukera izan dezaten, alten espediente bat ofizioz has dadin eta udal errolda eta errealitatea bat etor daitezen.
1.2. Eskola-jantoki zerbitzuari dagokionez, 2013. urtean hezkuntza-eragile batzuk esan digute kezkatuta daudela adingabe batzuen egoerarengatik. Izan ere, aipatu adingabeen familiek ezin dituzte jantokiko kuotak ordaindu, beken deialdi orokorraren esparruan urtero-urtero iragartzen diren jantokiko laguntzen onuradun izatea espero badute ere, zerbitzu horren funtzionamenduari lotutako instrukzioek ezartzen baitute kuotak behin eta berriro ez ordaintzeak jantokiko plaza galtzea ekar dezakeela.
Gure esku-hartzeari esker, behin-behineko kasuen ebazpena lortzeaz gain, hezkuntza administrazioaren konpromisoa lortu dugu: alegia, ikastetxe guztiei instrukzio bat bidaltzekoa, ahal den neurrian halako egoerak saihesteko.
1.3. Ijitoei eragiten dieten izaera ekonomikoko gizarte prestazioak iraungi, eten eta ez berritzeari buruzko kexak jasotzen jarraitu dugu.
“Interesdunak izaera ekonomikoko haren eskubideak baliatu ez izanaren ondotik”Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa berritu ez zuen kasu batean, administrazioari esan genion interesdunaren jarduerak ez zuela bizikidetza unitatearen ondarea aldatzen. Lanbidek gure gogoetak aintzat hartu eta haren jarduera zuzendu zuen eta, hala, prestazioa eman zion, baita zegozkion atzerapenak ere.
Dena den, adierazi behar dugu kezkatuta gaudela eragindakoen eta haien familien bizitzan halako ukapenek sor ditzaketen ondorio larriengatik –askotan familiek adingabeak dituzte haien kargura–. Izan ere, prestazioak onar diezazkioten eskubidea badute ere, errekurtsoak ebazteko espedienteen atzerapen bidegabeak denbora-aldi onartezinak dakartzate eta une horietan ezin diete erantzunik eman oinarrizko premiei eta, hala, benetako gizarte bazterkeria egoeran geratzen dira.
Gizarteratze arloan kexa horien azterketa orokorra jorratu da.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Aurten Europako Parlamentuak ijitoak Europan gizarteratzeko xedea duten bi ebazpen onartu ditu: la Europako Parlamentuko 2013ko abenduaren 12ko ebazpena, ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalak aplikatzean izandako aurrerapenei buruzkoa, eta Europako Parlamentuko 2013ko abenduaren 10eko ebazpena, ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europako esparruaren generoari lotutako alderdiei buruzkoa.
2.2. 2013an OSF izenekoaren (Open Society Foundations) deialdiaren barruan egindako txostena argitaratu da: Ijitoak gizarteratzeko Europar Batasuneko funtsek erabiltzen dituzten ikuspegien, programen eta politiken azterketa. Espainiaren kasuan, Secretariado Gitano Fundazioak 2000. urtetik kudeatzen duen Eskuratu programaren bidez aztertzen da, Europako Gizarte Funtsaren Bereizkeriaren aurkako borroka programa operatiboaren esparruan –aipatu programaren xede nagusia ijitoen laneratzea sustatzea da-. Bertan, programaren egokitzapen-ahalmena eta krisi-egoeran baliagarriak izan daitezken abian jarritako aldaketa-estrategiak nabarmendu dira.
2.3. Europar Batasuneko Kontseiluak 2013ko abenduaren 9ko gomendioa eman du, ijitoak estatu kideetan gizarteratzeko neurri eraginkorrak hartzeari buruzkoa. Horren bidez kontseiluak estatu kideei berariazko orientazioak eman dizkie alor horretako haien jarduerei bultzada handiagoa emateko eta ijitoak gizarteratzeko estrategia nazionalen Europar Batasuneko esparrua indartzeko, 2011. urtean estatu kide guztiek xedatutakoa.
2.4. Aurreko urteetan bezala, 2013an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan aritu nahi duten irabazi asmorik gabeko erakundeei deia luzatu zaie, hain zuzen, eskolaren esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak gara daitezen (2013ko irailaren 18ko Agindua). Aurreko urtearekin alderatuta zuzkidura ekonomikoa murriztu egin da, ijitoen erabateko sustapenerako gizarte partaidetzarako kontseiluaren baitan sailak partida hori handitzeko asmoa adierazi bazuen ere.
2.5. Aurten, Secretariado Gitano Fundazioak Krisiak ijitoengan izan duen eragina izeneko azterlana argitaratu du eta horren bidez egungo krisi ekonomikoaren ondotik ijitoek pairatzen duten egoera larriaren berri eman du: tasak handitzea pobreziarena, langabeziarena (ijitoen %42an kokatzen da), infraetxearena, pilaketarena eta txabolismoarena; baita haur ijitoen elikadura-arazoak eta adinekoen gaixotasun kronikoen jarraipenaren inguruko arazoak larriki ugaritzea ere.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Erkidegoko ijitoen asentamenduak
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2004tik, erkidegoko ijitoen asentamenduak egon dira. Ararteko erakundeak Ortuella eta Portugalete herriei buruzko 2005ko ebazpenetan eta urriaren 5eko 3/2011 Gomendio Orokorrean mahaigaineratu du pertsona horiek gizarte eskubideak izan badituztela, haien betebeharrak konplitzen dituztela, bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta pertsona horien harrera hobetuko dela bermatzen duten jarduera-protokoloak garatzeko premia dagoela (eskubideok: hezkuntza, lana, lanbide heziketa, osasuna, gizarte babesa eta etxebizitza).
EAEko erkidegoko ijitoen asentamenduen egoeraren ezaugarriak hauek dira: oinarrizko premiei erantzuna emateko baliabide nahikoak ez egotea (gizarte babeserako sistemak ez du egoera arindu), osasun arretaren inguruan jarraitutasunik ez egotea, baldintza higieniko-sanitarioak ez egotea, enplegagarritasun maila oso baxua izatea, bereizkeria pairatzea etxebizitza edo lana eskuratzekoan, erroldan izena ez ematea, gizartearen gehiengoarekin harreman gutxi izatea, marjinazioa, pobrezia eta haiekiko gizarte bazterkeria eta gaitzespena sufritzea.
Gure erkidegoko gizarte zerbitzuek aldian-aldian eta modu esporadikoan esku hartu dute, gizarte arreta eta erkidegoko egitekoa lehentasunezkotzat jo baitute. Hala ere, gure administrazioek askotan ordena publikoko neurriak hartu dituzte, adibidez, utzarazpenak edo zigorrak, gizarteratzearen xedea lortzeko aukera ematen ez dutenak, ezta mahaigainean jarritako arazoen iraunarazpena saihesten ez dutenak ere –hori beste eremu geografiko batera baino ez da igaro-. Horregatik, neurri eraginkor eta zuzenena da hasiera-hasieratik erabateko arreta ematea eta bazterkeria prozesua larriagotu ez dadin eta ahaleginak sakabanatu daitezen saihestea.
Joan den urtetik hainbat esku-hartze –esaterako, Astigarragan eta Hernanin bideratutakoa- burutu dira, toki, foru eta autonomia administrazioek bultzatutakoak eta beste asentamendu batzuetarako eredu gisa hartu behar diren jardunbide egokiaren adibidetzat hartu behar dira: gizarteratzeko bideak finkatu; erroldatu; gizarte-, osasun- eta hezkuntza-arloko bultzada; bizikidetza-arauak betetzeko konpromisoak eskatu; eta hori ezartzearen ondorioak ezarri; baita asentamenduaren jarraipenerako batzordeak sortu ere –batzorde horietan zenbait gizarte eragile publikok parte hartu–.
Esku-hartze horiek Europar Batasunak ijitoen sustapenerako eta gizarteratzerako xedatutako estrategiak, planak eta neurriak bete dituzte.
Gure ustez, Ergobiako asentamenduaren (Astigarraga) inguruan jazo zitekeen uholde arriskuaren inguruan 2013an jakinarazitako albistea prozesu horretan esku hartu duten herri-administrazioen arteko koordinaziorako eta hausnarketarako elementu bat da.
Oro har, gure autonomia erkidegoko ibai guztietan eremu horiek hartzen dituzten pertsona guztien segurtasunerako arriskuak murriztu eta saihestuko dituzten beharrezko neurriak hartu behar dira. Segurtasunaren gaineko eskakizun horiek kaltetu gabe –azaldutako asentamenduetan bezalakoetan beharrezkoak dira–, egoera horrek gizarteratzeko prozesuen ekimenak babestu, sakondu eta arintzeko premiaren inguruan hausnarketa egiteko bidea eman behar digu (ekimen horiek, adibidez, Gipuzkoan abian jarritakoak). Horretarako, asentamendu horietan bizi diren pertsonek gure herrietan integrazio maila handiagoa lortu behar dute, segurtasun baldintzak edukita eta gizarte eskubideak erabat garatuz.
3.2. Ijitoen erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako euskal plangintza estrategikoaren jarraipena
Joan den urtean adierazi genuenez, ijitoen erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitakoak, erabaki zuen Ijitoen erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako II. planaren iraunaldia luzatzea, bi urteko aldi osagarria (2012-2013).
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak emandako informazioari jarraiki, 2012ko apirilean egindako azken bileraren ostean, 2013ko azaroaren 20an kontseiluaren osoko bilkura izan zen. Gauzak horrela, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak hauxe adierazi zuen: “sailaren asmoa, hau da, ijito komunitatea identitate propioa duen eta errealitate desberdin bat duen komunitatetzat jotzen duen ekintza-ildoa mantentzea, luzatutako II. Planetik hartutako aurreikuspenak berrikusiz, esaldiak sinplifikatuz, eta aldi berean oinarri eta erakunde babes gehiago emanez”, hortik aurrera egungo legeetarako Euskal Estrategia Ijitoekin izenekoa osatuz. Sailak eta berak espresuki kontseiluari lankidetzarako eremu gisa ematen zioten balioa nabarmendu zuen eta, hala, “berriz adierazi zieten ijitoen elkarteei gobernua haien ondoan zegoela senti zezatela eta elkarrekin lan egiten has zitezela”.
Aipatu foroan, Euskal Estrategia Ijitoekin aurkeztu zuen. Tresna hori honela definitu zuen: “ijitoekin baliatzeko ekintza-ildoak orientatu eta jorratzen dituen agiri dinamikoa, hori garatuko duten ekarpenak barne hartzeko prest dagoena”. II. Planean adierazitako hiru estrategia-ildoak mantendu dira eta ekintza-ildoak 15 arte murriztu ditu. Hala:
I. Ijitoen bizi-kalitatea hobetu
1. Eskola inklusiboaren esparruan ikasle ijitoen eskolatzea hobetu.
2. Emakume ijitoek pairatutako genero indarkeriaren egoera ebentualak prebenitu eta horiei arreta eman.
3. Ijitoak, helduak, laneratzeko eta horien enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzu-sarea finkatu, Lanbide enplegu zerbitzu publikoarekin koordinazio-mekanismoak ezarriz.
4. Osasunaren erkidegoko agentearen irudia sortzea aintzat hartuko duen osasunaren sustapenerako programa diseinatu, garatu eta ebaluatu.
5. Premiazko aparteko egoerei erantzuna emango dien titulartasun publikoko etxebizitzak eskuratzeko sistema.
6. Justizia administrazioarekin lankidetzan aritu kultura gakoak egoki iritzitako kausetan edo esku-hartzeetan aintzat har daitezkeenean.
7. Ijitoekin lan egiten duten ardura publikoko zerbitzuetako profesionalak benetako egoerara eta ijitoen kulturara gerturatu, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzen eta harremana eta, beraz, zerbitzuen kalitatea hobetzen aurrera egiteko.
8. Kontseiluari eta Ijitoen Planari lotutako eragileekin lankidetzan arituz, estrategia honen, intereseko jardunbide egokien eta ezagutza eta praktika hobetzen lagunduko duen bestelako edozein informazio osagarri eta garrantzitsuren inguruan EAEn garatutako jarduerak jarraitu eta hedatzeko prozedurak ezarri.
II. Ijitoen gizarte partaidetza
9. Ijitoen eta ijitoen aldeko gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) partaidetzarako sustapena eta laguntza teknikoa ijitoen komunitateari lotutako gaiak jorratuko dituzten kontsulta- eta lankidetza-eremuetan.
10. Ijitoen eta ijitoen aldeko elkarteen profesionalen eta boluntarioen gaitasuna hobetu, prestakuntza premien diagnosia eta prestakuntza plana batera eginez.
11. Emakume ijitoak eta haien komunitateko aldaketaren eta garapenaren eragile gisa egindako lana agerian jartzen eta onartzen lagundu.
III. Ijitoen kulturaren ezagutza eta bizikidetza hobetu
12. Ijitoen eguna, azaroak 16, Euskadin ospatu.
13. Hedabideetako baliabide eta profesionalekin elkarlanean aritu sentsibilizazio eta lankidetza formulak definitzeko, baita erreklamazioak eta salaketak egiteko ere, hala dagokionean.
14. IKTen eta gizarte sareen erabilera sustatu, EAEko ijitoen eta horri lotutako beste gaien inguruko informazio garrantzitsua zabaldu eta sentsibilizatzeko tresna gisa.
15. Bereizkeriaren, prebentzioaren eta tratu berdinaren bermearen, bereizkeriako egoera jakinen aurrean erantzuteko sistemen arloan jarduteko prozedura eta baliabideak diseinatu eta ezarri.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Ijitoek, gutxiengo kulturaltzat jotakoek, jazarpena, gaitzespena, marjinazioa eta bazterkeria jasan duten mendeetan. Pertsona horiei egindako kalteen ondorioz, egun argi eta garbi gizarte desabantaila egoeran kokatzen ditu. Ikuspegi hori ezin da alde batera utzi politika publikoen trazaduran.
Ijitoen gizarte, etxebizitza, osasun, hezkuntza, prestakuntza eta bizikidetza baketsuko premiei erantzuna emateko aipatu politikak nahikoak ez direla agerian jarri ostean, gure botere publikoek haien erabateko integrazioa eta eskubideen benetako baliatze eraginkorra bermatuko duten ekintza positiboko neurri horiei guztiei lehentasuna eman behar diete.
4.2. Ijitoei dagokienez, erroldan izena emateko eskaerak oraindik arrazoirik gabe ukatzen direla erregistratu dugu. Ezinbestekoa da egoera hauek gainditzea errolda egun nahitaezko baldintza bat delako gizarte, osasun eta hezkuntza babeserako sistema eskuratzeko, azken batean, gizarte eskubideak bermatzeko.
4.3. Egungo krisi ekonomiko larriaren ondotik pairatzen ari garen enpleguaren suntsipenak eta osasun- eta gizarte-arloko prestazioak eskuratu eta horien mailan eta kalitatean jazotako mugek bereziki eragiten diete gizarte desberdintasun eta desabantaila handiagoko egoeretan daudenei
–adibidez, ijitoei–. Gauzak horrela, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema funtsezkoa da pertsona horien gizarte bazterkeriaren aurka borroka egiteko.
Hori dela eta, Lanbideren kudeaketa hobetzea, araudian jasotako prozedurazko bermeak betetzea eta ijitoek pairatzen dituzten desberdintasunak, haien premiak eta berezitasunak kontuan hartzea nahitaezkoa da prestazioak eskura ditzaten eta laneratu daitezen.
4.4. Gure autonomia erkidegoko ibaien mugakide diren eremuak okupatzen dituzten pertsonen segurtasunerako arriskuak murriztu eta saihestuko dituzten neurri orokorrak hartzeaz gain, gizarteratzeko prozesuen ekimenak babestu, sakondu eta arintzeko premia gailendu behar dugu –adibidez, Gipuzkoan ijitoen asentamenduen inguruan abian jarritakoak–. Pertsona horien gizarte eskubideak behar bezala bermatzeko xedea duten jardunbide onak dira. Halaber, konpromisoak gain hartuta, ekimen horiek behar bezalako auzotarren bizikidetzarako bidea ematen dute. Horretarako, gure herri-administrazioen asmo irmoa behar da.
4.5. Ijitoen berezitasunak eta premiak kontuan hartuko dituen plangintza estrategikoaren tresnak egitea ezinbesteko baliabidetzat jo da ijitoen gizarteratzea, laneratzea eta hezkuntza integrazioa sustatzeko. Plan horiek izan baditugu baina horien egikaritzea bermatuko duen apustu irmoa behar da. Horretarako, gure iritziz, nahitaezkoa da aipatu planetan, argi eta garbi, proiektatutako programak, burutzapen epeak, aurrekontuen zenbatekoa eta dagokion erakunde arteko konpromisoen onespena, metodologia egokia eta erabiliko diren ebaluazio adierazleak gaineratzea eta horiek beteko direla bermatzen duten formulak sustatzea.
Hala, beharrezkoa iruditzen zaigu Ijitoen erabateko sustapenerako eta gizarte partaidetzarako II. Planean proiektatu diren baina egikaritu ez diren neurriei jarraitutasuna ematea, aurretik betearazpen mailaren gaineko ebaluazioa eginda.
4.6. Ijitoek pairatzen duten estigma erauztera bideratutako erakundeen lana ez da nahikoa, beraz, helburu hori duten erakundeen arteko programak eta jarduerak bultzatzea beharrezkoa da.
9.Etorkinak
Aurrekariak
Emigrazioak ahultasun-egoeran jarri ohi ditu pertsonak, kultura-deserrotzearen ondorioz, enplegurik ez edukitzearen edo enplegu ezegonkorra edukitzearen ondorioz, administrazio-egoeraren ziurtasunik ezaren ondorioz eta euren jatorrizko komunitatetik kanpo sozializazio-bide eskas izatearen ondorioz. Jarrera xenofoboek azken faktore hori larritu egiten dute. Izan ere, gure gizartean gutxienena diren arren, ekonomia ez ezik erakundeak eta balioak ere ukitzen dituen krisi honetan azaleratzen ari dira. Inguruabar horietan, legeak etorkinei ematen dizkien eskubideak ez dira eraginkorrak izango politika publiko integratzaileen bitartez gainerako herritarren egoera berean egikaritzeko baldintza material eta sozialak sortu arte.
Horiei eusteko aurrekontuak murriztu egin dira krisia dela eta. Horregatik eta enplegua aurkitzeko zailtasunengatik, aztertu dugun urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan 3.729 atzerritar gutxiago egon dira, hau da, biztanle guztien %6,9 izatetik %6,8 izatera igaro dira. Horrela apurtu da, lehenengo aldiz, 1998tik geroztik erregistratu den goranzko joera.
Modu horretan, Euskadik estatuan atzerritarren ehuneko txikiena duten autonomia-erkidegoetako bat izaten jarraitzen du: estatuko batez bestekoa %11,70 da; Valentziako Erkidegokoa, %17,21; Madrilgoa, %16,45; eta Kataluniakoa, berriz, %15,73.
Immigrazioaren Euskal Behatokiak aztertu dugun aldia bukatzerakoan argitaratutako (behin-behineko) datuekin bat eginez, taldea 148.165 pertsonak osatzen zuten, horien %51 gizonak ziren eta %49, ostera, emakumeak. Erdia Bizkaian zegoen; %30, Gipuzkoan; eta %20, Araban. Nazionalitate ugariena Marokokoa da (%12,2); horren ostean, Errumaniakoa dator (%11,7), emakume etorkinen artean gehienena dena.
Aipatu ditugun politika asko euskal administrazioen eskumenekoak dira. Atzerritarrak Espainian sartzearekin, bizitzearekin eta lan egitearekin lotutakoak, aldiz, estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak dira. Arrazoi horrengatik, azken horien aurka jasotzen ditugun kexak Herriaren Defendatzailearen bulegora bidali behar dira. Hala ere, ezin dira batzuk eta besteak bereizi, pertsonen eskubideen defentsa eraginkorra izateko pertsona bere osotasunean kontuan izan behar baita. Horregatik, Arartekoa, estatuko bere homologoarekin lankidetzan, bere esku dauden kudeaketa guztiak egiten saiatzen da, gure botere publikoek, Konstituzioaren aginduari jarraiki, euskal herritarren berdintasunerako eta askatasunerako baldintzak errealak eta eraginkorrak izatea susta dezaten, herritarren jatorria zein den aintzat hartu gabe.
1.Arloa kopurutan
Etorkinak herri-administrazioekin gainerako herritarrak bezala harremanetan jartzen diren heinean, aurkezten dituzten kexek Arartekoaren jarduerako eremu guztiei eragiten diete. Arlo honek jaso dituenek, zehazki, atzerritar izateagatik sortutako ahultasun-egoerekin harreman zuzenagoa daukate.
2013an 17 izan dira guztira, eta modu honetan sailkatu dira:
– Herritarren eskubideak 7
– Atzerritarren erroldatzea 6
– Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 4
Beste arlo batzuetan izapidetu ditugunen eta atzerritarrak ere ukitu dutenen artean, gizarte-prestazio ekonomikoak ukatu, eten eta iraungi izanak eragindako kexak izan dira kuantitatiboki nabarmenak, zeren eta aurten ere jatorri atzerritarreko pertsonek ordezkaritza handiagoa izan baitute eremu horretan egiaztatu ditugun akats eta disfuntzioek eragindakoen artean (ikusi gizarteratzeari buruzko atala). Justiziaren arloan izapidetutako kexak ere azpimarratu behar ditugu, erregistro zibilek nazionalitatearen inguruan izandako jardunari dagokionez. Segurtasunaren arloan, Ertzaintza eta udaltzaingoak atzerritarrei emandako tratuarekin lotutako zenbait espediente izapidetu ditugu, eta Osasunaren arloan, berriz, osasun-arretarako sarbidearekin lotutakoak. Era berean, zenbait espediente udal-erroldaren kudeaketarekin lotutako kexen ondorioz ireki dira (ikusi Herri-administrazioen araubide juridikoaren, ondasunen eta zerbitzuen arloa), eta beste batzuk alokairuko etxebizitzen parke publikoarekin lotutako kexengatik hasi dira (ikusi Etxebizitzaren arloa). Azkenik, adingabe etorkinak eta emantzipazio-prozesuan dauden gazteak ukitzen dituzten kexak eta jardunak Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean kontsulta daitezke.
Jardunen edukia zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko txostenaren atal horietara jo behar dela alde batera utzita, ondoren aurkeztuko ditugun kasuek aipatu ditugun eremu guztietan izan dugun esku-hartzearen lagin gisa balio izango dute.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Familia berrelkartu ezin izatea erroldako datuak eguneratuta ez egoteagatik, etxebizitza egokitzeari buruzko txostenean ondorioak izateko
Jasotako kexa: Gasteizko auzotar batek erakunde honetara jo zuen azaltzeko ezin zuela bere alabetako bat, adingabea, gainerako familiarekin berrelkartu; alaba aldi baterako haren etxebizitzan zegoen, baina ez zeukan bizileku-baimenik. Aukera hori baliatzea zegoen adingabeak hamazortzi urte bete arte, hau da, 2013ko abendura arte. Gazteak bide horren bitartez bizileku-baimena eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak betetzen zituen, bat izan ezik: bere amarekin partekatuko lukeen etxebizitzak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitza Zuzendaritzak egindako aldeko txostena jaso behar zuen. Txosten hori ukatu zioten etxebizitzaren baldintzak egokiak baziren ere bertan bizi ziren pertsonen kopurua gehiegizkoa zelako etxearen tamaina aintzat hartuta. Horren arrazoia zen aurreko errentariak oraindik bertan erroldatuta zeudela, etxea utzi zutenean jabearekin haserre zeudelako eta ez zutelako zegokion erroldako bajaren eskaera egin.
Arartekoaren esku-hartzea: Arartekoak udal-erroldara jo zuen jasota zeuden datuen eta errealitatearen arteko aldeak familia horri eragiten zion kaltea azaltzeko. Urtean zehar kexagilearen antzeko egoeran zeuden zenbait pertsonak mahai gainean jarri zuten arazo hori erakunde honen aurrean. Halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailera ere jo zuen, eta azaldutako xedearekin etxebizitzan bizi diren pertsonen kopuru erreala egiaztatzeko beste bide batzuk erabil zitzan iradoki zion.
Emaitza: Udalak Errolda Unitateko buruak sinatu zuen txosten luze baten bitartez erantzun zuen. Bertan, azaltzen zen aurreko errentariei ofizioz baja emateko prest zeudela, betiere legeak tartean dauden pertsona guztien eskubideak bermatze aldera xedatu dituen izapideak eta epeak errespetatuz.
Bestalde, aipatutako Eusko Jaurlaritzako sailak Etxebizitzako zuzendariaren idazki baten bidez erantzun zuen. Idazkia honela amaitu zen: “Hori guztia kontuan izanik, eta adingabeak ukitzen dituzten kasuen gure lankidetzarik handiena eskaintzeko asmoz –guk ere uste dugu adingabeen interesak lehentasuna duela–, jarraibideak eman ditugu etxebizitzak ikuskatzeko zeregin horretan dihardutenek beraien irizpidearen arabera txostena eman dezaten, salbuespen gisa, errolda-ziurtagiri berria saihestuz, eta, beraien txostenaren oharretan horrela jaso dezaten. Horrez gain, geroago, nahikoa izango den epearen barruan, errolda-ziurtagiri berria jasota dagoenean, ikuskapen-bisita egingo da berriro ziurtagiri berria eskuratzeko, horrela espedientean jasota egon dadin eta dagokion behin betiko konprobazioa egiteko”.
Modu horretan, bai familia horrek bai antzeko egoera batean zeudenek euren egoera erregularizatu ahal izan zuten, eta Arartekora jo zuten eskerrak emateko. Esker on hori Gasteizko Udal Erroldako langileei eta arduradunei helarazi genien, baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzari ere.
2.2. Atzerapenak erregistro zibilean nazionalitate-espedienteak izapidetzean
Jasotako kexak: Urteko lehen seihilekoan, erreklamazio ugari jaso genituen gure erkidegoko erregistro zibiletan Espainiako nazionalitatea lortzeko espedienteak izapidetzean pilatutako atzerapenarengatik. Kexagileek salatu zuten emakida arrazoizkoa litzatekeena baino gehiago atzeratu zela, lortu arren dokumentaziorik gabe zeudela eta, ondorioz, euren eskubideak erabili ezin zituztela.
Arartekoaren esku-hartzea: Erakunde honek egiaztatu zuen arrazoi horrengatik kexak aurkeztu zituzten pertsonak gure erregistro zibil guztietan neurri handiagoan edo txikiagoan gertatzen ari zen egoera batek eragindako pertsonen zati txiki bat baino ez zirela. Kausa zen Justizia Ministerioak, gai horretan pilatzen zuen hiru urteko atzerapena arintzeko asmoz, 2012ko azaroan jabetza-erregistratzaileei agindu ziela Espainiako nazionalitatea eskatzen zutenek legeak hori lortzeko ezarri dituen betekizunak betetzen ote zituzten egiazta zezatela.
Egia da horrek ebatzi gabe zeuden espedienteen pilaketa arintzen lagundu zuela. Dena den, ordutik aurrera, eta zegozkien ebazpenak ministerioaren web-orrian argitaratu eta gero, izapidetzeek hasi ziren erregistro zibiletan jarraitu behar zuten. Horiek ez zeukatenez bat-bateko lan-karga hori behar bezala hartzeko bitartekorik, lehendik ministerioan zegoen atzerapena pilatzen amaitu zuten. Atzerapena arintzeko bi motatako arazoei aurre egin behar zitzaien, eta Arartekoak bietan esku hartu zuen:
Hasiera batean, erregistro zibilek espedienteak jaso ere ezin zituztela egiaztatu genuen, zeren eta horretarako haien aplikazio informatikoek jabetza-erregistratzaileenekin bateragarriak izan behar zutelako, eta dirudienez hori ez zelako gertatzen. Argi dago ezin zitzaiola disfuntzio horren erantzukizuna euskal administrazioari leporatu, funtzio horiek eragile berri bati esleitzea ekarri zuen aurreikuspen faltari baizik, aldez aurretik bertako tresna informatikoen eta legearen babesean haien lankide diren auzitegienen arteko bateragarritasuna bermatu ez baitzuen. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eginkizuna da bitartekoez hornitzea, eta horregatik haren lankidetza eskatu genuen. Aipatutako sailak haren Justizia Administrazioko Zuzendaritzako langileek hiru hiriburuetako erregistro zibiletan egindako kudeaketen berri emanez erantzun zuen. Kudeaketon ondorioz, arazoa abuztuaren erdialdetik aurrera konponduta geratu zen.
Hala ere, Konstituzioarekiko fideltasunaren zina notarioaren aurrean egiteak dakarren espedientearekin lotutako arazoek irauten zuten, zinetako atzerapenengatik, akordiorik gabeko herrialdeetan nazionalitateari uko egiteko egoeretako protokoloak aplikatzean egondako akatsengatik eta laguntza teknikoko arloko hutsengatik. Horri gehitu behar zitzaion gure erregistro zibiletako bitarteko materialak eta langileak, haien idazkaritzek urtearen erdialdean arazo horren inguruan berariaz egin zituzten txostenetan adierazi zuten moduan, ez zirela nahikoak arlo horretan etorri zitzaien lan-pilaketa hartzeko. Txosten horietako batzuek zerbitzua arrazoi horrengatik kolapsatzeko arriskua zegoela aipatu zuten.
Arazoan parte hartu ez bazuen ere, euskal administrazioak haren konponketan parte hartu behar zuela uste genuen, eskumenen bidez justiziak bere funtzioak garatzeko behar dituen bitarteko materialez hornitzea dagokion heinean. Horrenbestez, tartean zeuden gainerako erakundeekin –erregistro zibilak, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusia, Justizia Ministerioko bestelako organoak, jabetza-erregistratzaileak...– koordinatuta jardun zezala eskatu genion, egoera azkartasunez eta eraginkortasunez konpontze aldera.
Emaitza: Aplikazio informatikoen bateraezintasuna azkenean konpondu zela alde batera utzita, ondorioztatu genuen gure erregistro zibilen esku dauden bitartekoak indartzeko koiunturazko neurriak ezarri behar zirela, aipatu ditugun lan-gainkargako ezohiko inguruabarrek irauten zuten bitartean. Zentzu horretan, Arartekoaren 2014ko urtarrilaren 2ko ebazpena egin dugu. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari gomendatu zaio euskal erregistro zibilek nazionalitatearen emakidaren alorrean koiunturaz jasaten ari diren lan-gainkargari aurre egiteko baliabide nahikoak edukitzeko behar diren neurriak har ditzan.
3.Araudi eta gizarte-testuingurua
3.1. Aztertu dugun urtean, Arartekoak bere jardueraren arlo horretan izandako esku-hartzea EAEko migrazio-dinamikako inflexio-puntu batekin bat egin du. Izan ere, etorkinen biztanleria, sarreran aipatu ditugun estatistika-iturrien arabera, jaitsi egin da lehen aldiz 1998tik geroztik, zenbaki absolutuetan ez ezik biztanle guztien ehunekoari dagokienez ere.
Ekonomia-krisiak enpleguan eta gizarteratzeko politiketan dauzkan ondorioak erabakigarriak izan dira zentzu horretan; badirudi aurreikus daitekeela atzerritarren biztanleria egonkortuko dela edo pixka bat jaitsiko dela, eta Latinoamerikako taldea behera eginez joango dela Afrikako eta Asiako taldeari dagokionez.
Hori guztia aintzat hartu behar da arlo horretako politika publikoak ebaluatu eta birformulatzerakoan. Ondorioen atalean helduko diogu kontu horri.
3.2. 2013ko urtarrilaren 31ko 17/2013 Epaiaren bitartez, Konstituzio Auzitegiak Eusko Legebiltzarreko abokatuak jarritako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa ebatzi zuen. Errekurtsoak, besteak beste, azaroaren 20ko 14/2003 Lege Organikoak –atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzen duenak– 58.6., 62. quinquies eta 66. artikuluetan eta 3., 4. eta 5. xedapen gehigarrietan ematen dituen manuen kontra egin du. Era berean, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen 16.3. artikulua eta xedapen gehigarri berrietako zazpigarrenaren aurka dago.
Horren bidez, KAk, Eusko Legebiltzarreko abokatuak adierazitako irizpidearen aurka, atzerritarren eskubideetan eragin zuzena daukan erregulazio bat balioztatu zuen, bi ñabardurarekin:
Alde batetik, baliorik gabe utzi du 4/2000 Lege Organikoaren 58. artikuluaren 6. ataleko tartekia. Horrek xedatzen zuen paragrafo beraren b) idatz-zatia aplikatuta erabakitako itzularazte orok ekarriko zuela Espainiako lurralderako sarrera debekatzea gehienez hiru urteko epean. Auzitegi Gorenaren ustez, hori administrazio-zigor orok EKren 24. artikuluan islatutako funtsezko printzipioak errespetatzen dituen prozedura baten bidez ezarri behar dela dion Konstituzioaren eskakizunaren aurka dago.
Bestetik, toki-araubidearen oinarriei buruzko legearen zazpigarren xedapen gehigarria, erroldako datuak eskuratzeari buruzko 14/2003 Lege Organikoaren 3.5. artikuluak sartu zuena, aplikatzean nolanahi ere errespetatu behar diren berme batzuk aipatu ditu. Xedapenak udal-erroldetan dauden atzerritarren erroldako inskripzioko datuak eskuratzeko gaitzen du polizia, gehienbat bide telematikoaren bidez. Datu jakin hori sarbidea justifikatu duen xedearekin lotuta egokia eta beharrezkoa denean soilik eskuratu ahal izango da, eta bermatuta egongo da kasu zehatz bakoitzean sarbideak legeak ezarritakoaren babesa ote daukan aztertzeko aukera; izan ere, horrela ez bada, ezin izango da erabili.
3.3. Ekonomia-krisia dela-eta ezarritako murrizketen ondorio negatiboen artean, atzerritarrentzat nabarmenenak osasun-laguntzaren izaera unibertsala mugatu dutenak dira. Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuan agertu dira arau gisa.Euskadik bere ildoari jarraitu dio, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuak adierazitakoari. Horren arabera, prestazio horretarako sarbidea ez dago pertsonaren egoera administratiboaren menpe. Legebiltzarrarentzako gure azken txostenak oso era positiboan baloratu zuen alderdi hori, atzerritarren bizitzarako eta osotasunerako eskubidea eta haien duintasuna bermatzeari eragin ziolako. Estatuak jarritako eskumen-gatazka positiboaren ondorioz, araudi horren indarra kautelaz eten zen.
Arlo honetako arauen testuingurua, urtearen hasieratik, Konstituzio Auzitegiko 2012ko abenduaren 13ko autoak eman zituen itxaropenen bidez osatu zen. Izan ere, auto horrek laguntza publikoa eskuratzeko eskubidearen eremu subjektiboa zabaltzearen inguruko artikulu jakin batzuk aipatutako etenalditik salbuetsi zituen. Erabakia bera alde batera utzita, gure ustez, bereziki interesgarriak dira Auzitegi Gorenak bertan adierazitako gogoetak, pertsonen osasuna eta osotasun fisikoa bereziki babestu beharreko konstituzio-ondasunak izateari buruz Eusko Jaurlaritzak emandako argudioak bere egin baitzituen eta ekonomia-aurrezki bat lortzeko haien garrantzia indargabetu ezin zela ondorioztatu baitzuen. Erakunde honen aburuz, horri esker osasun publikoan asegurudunak edo onuradunak ez diren taldeen osasunerako sarbidea normaliza zitekeen, bereziki atzerritarrei zuzenean eragiten dien betekizun bat betetzen ez dutenean: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, urtebetez gutxienez, etenik gabe, osasun-laguntza aitortzeko eskaera egiteko unean.
Horregatik, harrigarria izan zen betekizun hori Osasun sailburuaren 2013ko uztailaren 4ko aginduan mantentzea. Agindu horrek Osasun Sistema Nazionalean aseguratu edo onuradun ez diren pertsonei Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-asistentzia aitortzeko prozedura ezartzen du, eta identifikazio-dokumentua eta hori emateko prozedura arautzen ditu.
Horrek guztiak eragin zuen erakunde honek irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorraematea. Haren edukia zehaztasun gehiagorekin azaldu dugu Arartekoak Osasunaren arloan izan duen jarduerari eskainitako txosten honen atalean. Europako Kontseiluak berretsi du eta horren Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak, aztertu dugun aldia bukatzerakoan, Europako Gizarte Gutuneko manu jakin batzuk Espainian betetzen diren mailari buruzko ondorioak, 2013. urteari dagozkionak, argitaratu ditu, zehazki premia-egoeran dagoen pertsona orok laguntza egokia jasotzeko daukan eskubidearen inguruko 13.1. artikuluarekin lotuta.
Batzordeak Espainiari eskatu dio egoera irregularrean dauden atzerritarrak osasun-laguntzatik salbuesten dituen araudia alda dezan. Era berean, uste du “laguntza jasotzeko aukera izan baino lehen bizilekuaren betekizunek gehiegi irautea” bereizkeriazko tratua dela, nahiz eta kasu batzuetan bereizkeria gizarte-laguntza behar duten atzerritarrei bizilekuaren estatusa automatikoki kentzearen ondorioz gertatzen den.
Nolanahi ere, eta aipatutako ondorioekin bat eginez, Espainia ez da gutunaren puntu hori urratzen duen Kontseiluko herrialde bakarra; izan ere, Frantziak, Danimarkak, Austriak, Belgikak, Finlandiak, Lituaniak, Letoniak, Txekiak, Bulgariak eta Mazedoniak ere egiten dute, neurri desberdinetan.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Arartekoaren lankidetza gizarte zibil antolatuarekin
Ohikoa denez, erakunde honek bere jardueraren esparru hau etorkinak gizarteratzea xede duten gizarte-ekimeneko erakundeekin etengabe harremanetan egonez garatu du. Horrek arloan jasotako kexen izapidetzean izan duen isla alde batera utzita, azpimarra daiteke lankidetza hori zenbait eremutan bereziki garrantzitsua izan dela:
Askatasunik gabeko atzerritarrak kanporatzea.
Arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotutako arrazoiengatiko gehiegikeriak aisialdirako lokaletarako sarrera ukatzeko eskubidea erabiltzerakoan.
Etorkinen egoera osasun-laguntzaren arloan.
Etxerik gabeko pertsonak bizi diren instalazio eta eraikin abandonatuak utzaraztea.
Immigrazioaren ahultasuna kalean prostituzioan aritzen diren emakumeentzako arrisku-faktore gisa, Bilbon bi emakume erailtzearen ondorioz.
Enplegagarritasun baxuko taldeak kontratatzearekin lotutako arazoak.
Atzerritarrak barneratzeko zentroetan sartuta dauden pertsonen egoerak kontrol judizial eraginkorrik ez edukitzea. Kontu hori jadanik aipatu genuen iazko gure txosten orokorrean. Harrezkero, egoera, hobetu beharrean, okerragotu egin zen, martxoan argitaratutako txosten osoak islatu zuen moduan. Horren ondorioz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Euskadiko kideari azaldu genion kontua. Hark arduraz lan egin zuen gurekin, eta kontseiluak horren inguruko neurriak har zitzan lagundu zuen.
4.2. Gomendio orokorrak
Osasun-arretaren inguruan lehen aipatu denaz gain, aztertu dugun aldian Arartekoak etorkinen eskubideen defentsarekin lotutako bi gomendio orokor egin ditu:
Arartekoaren ekainaren 17ko 5/2013 Gomendio Orokorra, bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeei buruz.
Arartekoaren ekainaren 27ko 6/2013 Gomendio Orokorra; horren bidez, adierazi da berriz aztertu behar dela jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan sarrera ukatzeko eskubidea baliatzeari eta diskriminazioa debekatzeari buruzko araudia, baita ere erreklamazioak izapidetzean erabilitako zigor-prozedurari eta berme-sistemari buruzko araudia eta horren aplikazioa.
5.Herritarren
eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Ikus daitekeenez, erakunde honek bi iturri baliatzen ditu arlo honetako politika publikoek erantzun behar dioten gizarte-errealitatea igartzeko eta azaltzeko: alde batetik, herritarrek aurkezten dizkioten kexak, eta, bestetik, landa-azterketen eta partekatutako gogoeten bidez gizarte zibil antolatuak eta ikerketa akademikoak egiten dioten ekarpena. Azken eremu horrek bereziki argia den eta erakunde honek onesten duen azterketa bat eratu du, dibertsitatearen kudeaketak ekartzen dituen erronkei buruz, EAEko migrazio-dinamikako aldaketak ikusita, Immigrazioaren Euskal Behatokiak adierazi bezala.
Immigrazioa politikaren bigarren mailara igaro da: Migrazio-fluxuak moteltzen ari direnez, gizarteak, politikariek eta komunikabideek migrazioen fenomenoa hain garrantzitsua ez dela sumatzen ari dira. Hala ere, datuek erakutsi dute fenomenoak han jarraitzen duela eta gero eta askotarikoagoa dela. Era mugatuan bada ere, batzuetan krisien ondorioei eta ongizate-estaturako sarbideari buruzko debatean petxero gisa erabiltzen da.
Kohesio sozioekonomikorako erronka gogorra: Afrikako taldeak haztea erronka garrantzitsu bat da kohesio sozioekonomikoaren ikuspuntutik. AEI 2010en datuen arabera, talde magrebtarrak eta Sahara azpiko Afrikakoak enplegagarritasun-arazo larriak eta langabezia-tasa izugarri altua (% 50etik gorakoa) dauzkate. EAEko lan-merkatuak ez dauka talde horientzako lan-sektore “erakargarririk”, eta horrek aipatutako bi taldeak gizarteratzeko erronka garrantzitsu bat dakar.
Dibertsitatearen igoera: Afrikatik eta Asiatik datozen taldeen hazkundeak, mantenduz gero, EAEko kultura-, erlijio- eta hezkuntza-dibertsitatea igotzea ekarriko du, eta, beraz, dibertsitatea kudeatzeko ekintzak indartu beharko dira.
Harrera egitetik dibertsitatea kudeatzera: Migrazio-dinamiketako aldaketek eta errealitate berri horiek kudeatzeko tresna berriak eskatzen dituzte. Migrazioen fenomenoa sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egituratu da gure lurraldean. Beraz, harrera egiteko politikek eboluzionatu behar dute, eta dibertsitatea kudeatu eta gizarte-kohesioa azpimarratzen duten politikak bihurtu behar dira.
5.2. Botere publikoek erronka horiei aurre egiteko erabiltzen dituzten politikek haien langileengan oraindik ikusten diren aurreiritziak gainditzea hartu behar dute barne, gutxienenak badira ere. Adibidez, Sustapen Arloko arduradunak honako kasua azaldu zigun. Baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen jarduten duen Bizkaiko elkarte ospetsu baten bidez, erabiltzaileetako batek etxeko lanak egiteko kontratu bat lortu zuen. Lan Ikuskaritzak kontratazioa faltsutzat hartu zuen eta enplegatzailea zigortzea proposatu zuen. Erakunde kexagilearen ustez proposamena Zuzenbidean oinarrituta ez zegoela alde batera utzita (kontu hori zegokion espedientean zehar argitu zen), formulatu zuen ikuskatzailearen arrazoibidea da garrantzitsua hemen interesatzen zaizkigun ondorioetarako. Izan ere, honakoa baieztatu zuen: “egin beharreko lanak –etxea garbitzea– kontuan izanik, harritzekoa da aipatutako langilea kontratatzea, Marokoko nazionalitatea duelako eta kulturarekin lotutako arrazoiengatik ez delako espero izaten hain zuzen ere lan horiek egiteko gai izatea”.
Osasun-arretaren esparruan, arazo horiek osasun-zentro jakin batzuetako administrazio-langileek informazio nahikorik ez edukitzearekin nahasten dira, bai EAEk arlo horretan dituen espezifikotasunekin lotuta, bai horrek OTI GSINen eta Diruzaintzaren aplikazioaz kudeatzean sortzen dituen inkoherentziak ebazterakoan. Hein horretan, desiragarria litzateke Osakidetzak bermatzea langile horiek gai horri dagokionez une bakoitzean indarrean dauden jarraibideen berri daukatela eta zuzentasunez aplikatzen dituztela, eta herritarrek jarraibide horiek ezagutu eta erabil ditzaketela. Zentzu horretan, asiloa eskatzen duten pertsonek bereziki kezkatzen gaituzte, haien osasun-laguntzarako eskubidea bermatu behar delako.
5.3. Orobat osasun-arretaren eremuan eta Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen 2013ko ondorioen argitalpenarekin bat eginez, hango presidenteak baieztatu zuenez, Espainiako gaur egungo araudia “Gobernuak edo Parlamentuak aldatu behar du, autonomia-erkidegoek ez diote jaramonik egin behar, jurisdikzio-organo nazionalek ez dute aplikatu behar eta Konstituzio Auzitegiak deuseztatu behar du”. Gaineratu zuen hori ez dela “asaldatze-egintza bat”, “Espainiak giza eskubideei buruz sinatutako nazioarteko konpromisoekiko erantzukizuna eta koherentzia ziurtatzeko egintza bat” baizik.
Horrek euskal administrazioak hartutako jarrera indartu du, alegia ondorio horietarako atzerritarraren administrazio-egoeraren arabera bereizketarik ez egitea, eta oso era positiboan baloratu dugu, atzerritarren bizitzarako eta osotasunerako eskubideari eta haien duintasunari eragiten dielako. Era berean, ildo horretan bertan irizpideak nabarmentzeko adorea eman digu, eta, estaldura hori zuzenbide-estatu sozial batena dela bermatzeko, euskal botere publikoei Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorra helarazi die.
5.4. Atzerritarrak eraikin abandonatuetatik kanporatzeak erakunde hau kezkatzen jarraitzen du; izan ere, egoera larrian daudelako aterpetzen dira bertan, bizitzeko toki hoberik ez baitaukate. Kanporaketak pertsona horiek auzokoei mehatxu egin, eraso egin edo beldurra ematen dien jokabiderik izan ez dutenean ere gertatzen dira; halaber, osasun edo segurtasun publikoa arriskuan jartzen duen jokabiderik edo besteen eskubideak mehatxatzen dituen jokabide nabarmen kriminalik egon ez denean ere kanporatzen dituzte. Dena den, horrelako kasuetan baino ez daude Zuzenbidean justifikatuta kanporaketa horiek. Erakunde honek ebazpenugari egin ditu kontu horren inguruan. Horien bitartez, azpimarratu behar ditugun irizpide batzuk adierazi dira, bereziki honakoak:
Atzerritarrei bakarrik eragiten dieten eta arrazoi objektiboekin justifikatuta ez dauden poliziaren esku-hartzeek talde guztia estigmatizatzen dute eta ez dute bat egiten euskal herri-administrazioek eta erakundeek immigrazioari buruz eta bereizkeriaren aurka garatzen dituzten politikekin.
Egoitzaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubidea betetzeko, utzarazteek baimen judiziala eduki behar dute.
Etxebizitza egokia edukitzeko giza eskubideak eskatzen du pertsonen utzarazteak egoitza edo gizarte aukeraren bat behar dutela kontuan hartuta eta horiek eragiten duten giza kostua saihestuz egin daitezela.
Utzaraztea baino lehen, aurreko bermeak eta jarraibideak, jardunaren gizarte-alderdia eta pertsonen oinarrizko beharrak kontuan hartzen dituen plangintza bat egin beharko litzateke, eta eragindakoei aldez aurretik jakinarazi beharko litzaieke.
5.5. Espetxearen arloa eta Espainian sartzea edo kanporatzea estatuaren eskumenekoak dira, eta beraz gai horren inguruan jasotzen ditugun kexak Herriaren Defendatzaileari bidali behar dizkiogu. Bereziki, egoera erregularrean dauden pertsonen kanporaketez ari gara, ikusi dugunaren arabera 4/2000 Lege Organikoaren 57.2. artikuluan oinarrituta kanporaketa administratiboa aplikatzen zaienean, euren titulartasunekoa zen bizileku-baimena iraungiz eta Espainian errotuta zeudela kontuan hartu gabe.
Nolanahi ere, Legebiltzarrari horrelako egoerek sortzen diguten kezka adierazi behar diogu, defentsa-erakunde batek defendatu behar dituen eskubide funtsezkoenei eragiten dietelako eta euskal erakundeek garatutako gizarteratze-prozesuak oztopatzen dituztelako. Horrela jakinarazi digute azken horiek, batez ere bi talderekin lotuta:
Egoera bereziki ahulean dauden pertsonak:
– Haurdun dauden emakumeak.
–
Kanporatuta izan eta gero jatorrizko herrialdean buruko osasuneko tratamenduekin, mendetasunak edo alkoholismoa gainditzeko programekin edo substantziarik gabeko mendetasunak (bereziki ludopatia) daudenean esku hartzeko programekin jarraitzeko bermerik ez daukaten pertsonak.
–
Aitortutako eta baloratutako ezgaitasunen bat daukaten pertsonak.
–
GIB/hiesa edo bestelako gaixotasun infekziosoak dauzkaten pertsonak, jatorrizko herrialdean tratamendu farmakologikorako sarbide normala edukitzeko bermea ziurtatuta ez dagoenean.
–
Jatorrizko herrialdean gizarte-arazoak dauzkaten pertsonak (LGTBI taldea, genero-indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeak, jatorrizko herrialdean jazarpenaren biktimak izan direnak, e.a., zigortu dituztenean).
–
Hirurogeita hamar urte edo gehiago dituzten edo aitortutako mendetasun-arazoak dituzten atzerritarrak.
Espainian familia-lotura sendoak dituzten atzerritarrak kanporatzea. Bereziki bikotekidea eta seme-alabak dauzkatenean eta familia- edo guraso-lotura hori gauzatzen dutenean.
5.6. Arartekoak nazionalitate-espedienteak izapidetzean egondako arazoei etengabe eskaini die arreta aztertu dugun urte osoan zehar. Arazoaren jatorria Justizia Ministerioak gai horretan pilatzen zuen atzerapena arintzeko hartutako neurrien plangintza falta izan da; izan ere, atzerapen hori erregistro zibiletara eraman da, eta horiek arrazoi horrengatik heldu zaien lan-gainkargari aurre egiteko bitarteko nahikorik ez daukatenez gaindituta egon dira. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren lankidetzari esker, gure kexagileek horren inguruan mahai gainean jarri dituzten arazoetako batzuk konpondu ahal izan dira, baina gure erregistro zibilen egoerak errefortzuko neurri espezifikoak eskatzen jarraitzen du; erakunde honek gomendatu du neurri horiek ezartzea, eta kontuaren jarraipen puntuala egingo du.
5.7. Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak egindako bi epaik, 2013ko urriaren 7koak eta 8koak, Saharatik datozen pertsonak aberrigabeak direla aitortu dute. Hortaz, iheslaritzat jo ahal izango dira, eta horri esker haien egoera argitu ahal izango da, Espainiako nazionalitatea eskuratzeko aurkeztutako eskaerekin lotuta estatuko Herriaren Defendatzaileak eskatu duenez (erakunde honek ofiziozko jardun bat irekita dauka kontu horren inguruan).
5.8. Aurten ere aipatu behar dugu sexu-esplotazioko helburua duen pertsonen salerosketaren biktimen arloan politika publikoak aldatu behar direla. Zentzu horretan, aurrerapen bat da Espainiak lehenengo aldiz biktima horietako bati eta haren alabari –bortxaketa baten ondorioa– asiloa eman izana, modu horretan nazioarteko babesa eman baitie. Irizpide hori zabaldu behar da, zeren eta salerosketaren eta asiloari buruzko legeak aitortutako generoagatiko jazarpenaren artean lotura argia dagoen arren Espainiako agintariek sexu-esplotazioko mafien biktimak diren emakumeen asilo-eskaerak ukatzen jarraitzen dutelako. Badirudi fenomeno horri heltzeko ikuspuntuak kriminalen sareen aurkako borrokan poliziaren eraginkortasunari lehentasuna eman nahi diola, biktimen ahultasunaren gainetik eta haien babes-premia berezien gainetik. Iheslariei laguntzeko Espainiako Batzordeakpraktika hori aldatzeko eskatu du aurten ere.
5.9. Nabarmendu behar dugu garrantzitsua dela poliziak ikerketa sakonak egitea publikoarentzat irekita dagoen establezimendu pribatu baterako sarbidea bereizkeriarekin lotutako arrazoiengatik ukatu izanari buruzko salaketa bat dagoenean. Jokabide horrek Arartekoaren zenbait esku-hartze eragin ditu eta Arartekoak, goian aipatutako gomendio orokorraz gain, horri buruz 2013ko azaroaren 7ko ebazpena eman du. Izan ere, pertsona orok duintasunerako eta berdintasunerako daukan eskubideari eragiten dio, baita bereizkeriarik edo tratu laidogarri edo iraingarririk ez jasotzeko eskubideari ere. Jardun horiek arau-hauste administratibo bat edo delitu bat izan daitezke, eta horren ondorioz egiten diren polizia-jardunek horien garrantziaren araberako arreta eman behar diete eta aintzat hartu behar dituzte. Zentzu horretan, tokiko eta autonomiako poliziek jarduteko protokoloak ezarri beharko lituzkete, publikoarentzat irekita dauden establezimendu pribatuetarako sarrera galarazi dietela salatzen duten pertsonen erreklamazioen aurrean jarduteko modua xedatzeko, baita gertakarien berri edukitzeko eta ikertzeko ere, egilea zigorrik gabe gera ez dadin.
10.Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak Konstituzioaren 14. artikuluan du oinarria; izan ere, pertsona guztiak berdinak direla dioen printzipioa ezarri du eta bereizkeria debekatu du. Halaber, LGBT pertsonen eskubide berdintasuna aldarrikatzeko duten nazioarteko beste tresna batzuetan ere oinarritzen da. Ezin da inolako bereizkeriarik egin sexu-orientazioa edo genero-identitatea aintzat hartuta, eta euskal botere publikoak behartuta daude pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izatea eragozten duten oztopoak kentzera. Arlo horretan, gure lanaren xedea hauxe da: lesbiana, gay, bisexual eta transexualek herritarren eskubide guztiak osotasunean gauzatzeko duten aukera babestea, berdintasunaren ikuspuntutik eta sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik inolako bazterkeriarik pairatu gabe. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioen artean beharrezkoak diren neurrien eta jardueren garapena sustatu nahi dugu, eskubide horiek berdintasun baldintzetan gauzatu daitezen. Auzi horri lotutako gure jarduketa guztien xedea hiru helburu hauen bitartez laburbiltzen da:
Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-joeraren eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea erreala eta eraginkorra izan dadila beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
Euskal gizartean bazterkeriarik ezan eta aniztasun afektibo-sexualari eta genero-aniztasunari lotutako eskubideen errespetuan oinarritutako kultura zabaltzea.
Homofobia edo transfobiaren aurka borrokatzea (edozein formatan agertzen bada ere), Euskadin LGBT pertsonen egoeraren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
Gai horrekin zerikusia daukaten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu euskal administrazioek talde horren eskubideak erabat integratzeari dagokionez hobeto funtziona dezaten bultzatu eta sustatzeko.
1.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Talde horri eragiten dion esparru juridikoa aldatu egin da azken urteetan, pertsona horien eskubide zibilak erabat parekatzeko asmoz, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari dagokionez, bai transexualen edo transgeneroen genero-identitatea sentitzen duten sexura legez egokitzeko ahalmenari dagokionez. Hala, lehen-lehenik, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legea egin zen Euskal Autonomia Erkidegoan; ondoren, ezkontzeko eskubidearen arloan Kode Zibila aldarazteko uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bitartez Kode Zibila aldatu zen eta, azkenik, martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruzko erregistro-aipamenaren zuzenketa arautzen duena, etorri zen; beraz, arau-multzo hori da LGBTen taldearentzako eskubideen eredu berria ezartzeko lege-oinarria. Orain dela gutxi, Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkuraren 2012ko azaroaren 6ko 198/2012 Epaiak behin betiko ziurtatu du uztailaren 1eko 13/2005 Legea. Horren bidez, Kode Zibila aldatu zen ezkontzeko eskubidearen eremuan; izan ere, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren legezko araudia konstituzionaltzat jo zen. Horrela, Espainiako zuzenbidean konstituzioan ezarritako sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen erabateko legezkotasuna finkatu zen eta aipatutako legearen aurka egin zenetik mahai gainean jarraitzen zuen eztabaida erabaki zen.
Euskal Herriaren eremuan genero-identitateari lotutako arrazoiengatik ez baztertzeko eta transexualen eskubideak aitortzeko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen garapena oraindik burutzeke dago. Bertan, euskal erakunde publikoek talde horri eman diezaioketen arretari buruzko alderdi garrantzitsuenak jorratu dira.
2013ko maiatzaren 17ari lotutako (Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna) Eusko Legebiltzarraren Adierazpen Instituzionalarenedukia ere azpimarratzekoa da. Bertan, ganbera legegileak LGBT taldeen eskaeren arloan eta eskubideen legezko parekatzeari dagokionez egon diren aurrerapausoak aitortzen badira ere, gogora ekarri da oraindik ere indarkeria egoerak gertatzen direla sexu-joera edo genero-identitatearen ondorioz eta eskolak horren berri dauka. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta hezkuntza komunitateei dei egin die generoaren eta aniztasun sexualaren ikuspegia gaineratu dezaten ikastetxeen plangintza tresnetan. Baita irakasleei eta familiei ere, gai horri lotuta prestakuntza jaso dezaten eta ikasleei eskatu die jarrera kritikoa edukitzeko edozein homofobia edo transfobia motaren aurrean.
Botere legegilearen eskaera horren harira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2013. urtean hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana onartu zuen. Plan horren helburua transformazio-prozesua sustatzea da, eskola mistoko eredutik hezkidetzan oinarritutako eskolaren eredurantz aurrera egiteko, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita pertsonen garapen integrala bultzatzeko. Ekimen horren bitartez, gelan ikasleen artean berdintasunezko harremanak erdietsi, edonolako bereizkeria eta genero-indarkeria arbuiatu eta generoarekin lotutako joerarik gabeko orientazio akademiko eta profesionalari bidea eman nahi baitio, generoagatiko alborapenik edo sexu-joeraren ondoriozko bazterkeriarik gabe. Aurrerago aditzera emango dugun moduan, gure ustez, hori lan testuinguru egokia da eskolako esparruan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexuala erabat errespetatzeko tresnak ezartze aldera.
2.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2013. urterako egin dugun jarduketa-planaren esparruan, arlo horretan nagusiki zer jarduketa egin ditugun azalduko dugu. Hain zuzen, agerian jarriko dugu zeintzuk izan diren Ararteko erakundearentzat arretagune nagusiak LGBT pertsonen eskubideen defentsaren arloan:
2.1. Bilerak elkarteekin
Euskadiko 28 J plataforma osatzen duten LGBT taldeekin egindako bilera, hezkuntzaren alorrean aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-identitaterako eskubideei buruzkoa
Plataforma hori osatzen duten taldeekin bilerak egin ditugu euren eskaera jasotze aldera, hau da, adingabeak barne hartzen dituzten hezkuntza eremuan aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen alde lan egiteko beharra. Eskaera hori LGBT harrotasunaren egunean (ekainaren 28an) helarazi nahi izan zieten estatuko defentsa bulego guztiei. Aipatutako plataformak aditzera eman zuen kezkatuta daudela euren ustez eskola-ingurunean sexu-joerari edo genero-identitateari dagokionez bestelako portaera erakusten duten haurrak askotan babesik gabe geratzen direlako. Talde horiei Europa mailako proiektu batean laguntzeko aukera eskaini diegu, zehazki, une honetan Ararteko erakundea horri lotuta lanean ari da eta aipatutako gaiarekin zerikusia dauka. Hezkuntza Sailak helburu hori erdiestea xede duen ildo politikoa gain hartu behar duela ondorioztatu da. Gai horri dagokionez gure esku-hartzea mahai gainean jarri genuen Rainbow Has Europa mailako proiektuaren bitartez. Horrek hezkuntza erakundeak, familiak zein irakasleak tartean sartzeko tresnen multzoa barne hartzen du, betiere, aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen aldeko errespetuzko eskola lortze aldera.
2.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
2013. urtean zenbait bilera egin ditugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzaren eta Ararteko erakundeko titularraren eta zuzendariaren artean, baita Ararteko erakundeko langile teknikoen eta aipatutako zuzendaritzaren artean ere. Urte guztian zehar, bilera horietan Eusko Jaurlaritzaren zein Ararteko erakundearen interesekoak diren gaiak jorratu dira eta, bereziki, honako hauek azpimarratu nahiko genituzke:
Eusko Jaurlaritzaren lankidetzan aritzeko moduak hezkuntzaren eremuan LGBTen eskubideei buruzko Rainbow Has Europa mailako proiektuaren garapenari dagokionez, Ararteko erakundeak zuzentzen duena eta aurrerago aipatuko duguna. Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak adierazi du laguntzeko presta dagoela eta aipatutako proiektuaren garapenaren alde egingo duela, horretarako, 2014. urtean modu aktiboan parte hartuko du.
Guraso bakarreko familiei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari eta bi emakumez osatutako bikote batek laguntza bidezko ugalketa-tekniken bitartez seme-alaba bat duenean ama ez-biologikoaren legezko amatasunaren zehaztapenari buruzko Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 Gomendio Orokorraren jarraipenaren gaineko jarduerei lotutako kontuak.
Genero-identitateari lotutako arrazoiengatiko bazterkeria deuseztatzeko eta transexualen eskubideak aitortzeko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen garapenari buruzko kontuak. Zuzendaritzak jakinarazi digu legearen eduki jakin batzuen garapenari lehentasuna eman dietela, funtsean, osasunaren arloarekin eta genero-unitatearekin zerikusia daukatenak. Horretarako, Osasun Sailarekin eta genero-unitatearekin harremanetan daude, eremu horren gaineko legezko xedapenen garapen hobea koordinatze aldera. Horrez gain, jakinarazi digute Estatuko Administrazio Orokorrak erabaki duela ez duela legearen kontrako errekurtsorik aurkeztuko dokumentazio iragankorraren kontuari lotuta, Erregistro Zibilean genero-identitatea legez aldatzeko prozedura amaitu ez dutenen kasuan, euskal eskumenen eremuan fitxategiak zuzentzeari eta administrazio erregistroei buruzko zuzenketaren gaineko xedapenak modu zorrotzean bete behar badira ere. Estatu mailako fitxategiak eta erregistroak, aldiz, estatuari dagozkio.
Berdindu LGBTentzako arretarako zerbitzua berriro antolatzeko beharra, bereziki, adingabeentzako arretaren arloan. Modu berean, ildo horretan lanarekin aurrera egiteko beharra mahaigaineratu da, ikastetxeetan eta adingabeak tartean daudenean identitateari eta genero-rolei lotutako egoera eta jokabideen eremuan adingabeei, familiei eta irakasleei laguntzeko protokolo bat egite aldera. Halaber, Ararteko erakundeak jazarpen homofoboaren (edo joera afektibo-sexualetan dagoen aniztasunaren) ondoriozko zehaztasunak jazarpen egoeren aurrean jarduteko protokolo orokorrean gaineratzeko abian jarri zen lana baloratu du.
2.3. LGBTen eskubideak sustatzeko beste jarduera batzuk
2.3.1. LGBT adingabeen eskubideen aldeko Europa mailako proiektuetan parte hartzea
Iaz aditzera eman genuen Ararteko erakundeak Europa mailako bi proiektutan parte hartu zuela, hezkuntzaren eremuan aniztasun afektibo-sexualerako eskubideei buruzkoak (Europako Batzordeko Justizia Zuzendaritza Nagusiak sustatu duen “Funtsezko eskubideak eta herritarrak” delako ekintza komunitarioko programaren testuinguruan finantzatuak): Rainbow (2011-2012)1 eta Rainbow Has (2013-2014) proiektuak2, azken proiektu horren burua Ararteko erakundea da. Horri lotuta, Europako 8 herrialdetako 13 erakunde koordinatzen ditu (proiektuaren Europako erreferentzia ofiziala: JUST/2012/FRAC/AG/2652).
2013. urtean zehar, lehenengo proiektuaren emaitzak zabaldu ahal izan ditugu (2012. urtean amaitu baitzen), aurrerago azalduko dugun moduan, zehazki, III.4.2. atalean, zabalkuntza jarduerak aipatzerakoan.
Modu berean, 2013. urtean Rainbow Has proiektuan xedatutako jardueren zati bat garatu dugu, proiektu hori 2014. urtearen amaieran bukatuko da. Zehatz-mehatz, hainbat herrialdetan egindako azterketak eta eremu-ikerketak bukatu ahal izan ditugu, hezkuntzaren eremuko estereotipo eta jokamolde trans-homofobikoei lotuta dauden mintzaldi, behar eta estrategien inguruan. Une honetan ikerketak hizpide izan dituen herrialdeetako testuinguruen zenbait azterketa esku artean daukagu (Euskadikoak barne), baita eremu-ikerketen emaitzak herrialdeen arabera ere. Azken horietan, metodologia kualitatiboa erabili da, hau da, elkarrizketak eta eztabaida-taldeak familiekin, familiez osatutako elkarteekin eta guraso bakarreko familien zein jazarpen homofobikoa edo transfobikoa pairatu duten seme-alabak dituzten familien kasuen azterketa. Era berean, baterako agiri bat osatu da ikerketak barne hartzen dituen herrialde guztientzat. Emaitzak hemen aurkitu daitezke: (http://goo.gl/1ZkelC). Euskal testuinguruaren kasuan, Euskadin burutu diren azterketaren eta eremu-ikerketaren emaitzen laburpena islatzen duen agiria bereziki interesgarria da.
Orain arte egin den lanaren ondorio nagusiak desberdinak dira herrialde bakoitzaren berezitasunen arabera baina, oro har, mahai gainean jarri dute “armairutik irteteko” prozesua beti dela zaila. Dena den, ematen du LGBTen eskubideak aitortzen dituzten legeriak dauzkaten herrialdeetan (lotura egonkor edo ezkontzeko eskubidearekin) prozesu hori errazagoa dela. Horrek esan nahi du ikerketaren emaitzek frogatu dutela legezko testuingurua garrantzitsua dela. LGBTekin eta sexualitatearekin zerikusia daukaten gaiek tabu izaten jarraitzen dute familiaren testuinguruan, beraz, ezinbestekoa da eskolak kontu horiek programa zehatzekin jorratzea, dagoeneko herrialde batzuetan abiarazi direnak bezalakoak. Zentzu horretan, jarduera hobeen aukeraketa ari da egiten, proiektuan parte hartu duten herrialde guztietan zabaltzeko asmoz. Ikerketari dagokionez garrantzitsuak diren beste kontu batzuk hauexek dira: erlijioaren eginkizuna, neskatoen arten homosexualitatearen ikusgarritasun txikiagoa edo eremu horretan adopzioaren garrantzia.
2014. urtean proiektuari lotuta denboraldi berri bat abian jarri zen. Horren helburua mintegiak antolatzea da, kontu horren inguruan kezkatuta dauden hezkuntzako aginpideekin eta gizarte sektoreekin, gai hori jorratuko duen agenda politikoa sortzeko beharraren gainean eztabaidatzeko xedearekin.
Era berean, irakasleekin, familien elkarteekin edo GEekin prestakuntza eta sentsibilizazio tailerrak antolatuko dira eta dagoeneko existitzen diren elkarte egiturak oinarritzat hartuta Europa mailako sarea osatuko da, eragin-estrategiak ezartzeko helburuarekin, hezkuntza eremuan erantzukizuna daukaten eragileen (politikoak, hezkuntzako langileak, komunikabideak, etab.) kontzientziazioa azpimarratzeko agenda edo ibilbide-orria eratuz; betiere, haurren, nerabeen eta gazteen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen alde lan egiteko.
Proiektu horren garapena gizarte lotura sendoak ezartzean datza, herritarren eskubideen arloan aurrera egiteko xedearekin: elkarteen, erakundeen eta hezkuntzaren inguru formalaren arteko aliantzak, gehiengoaren interesak ordezkatzen dituzten elkarteen (ikasleen familien edo gurasoen elkarteak) eta gutxiengoen eskubideak defendatzen dituzten elkarteen (guraso bakarreko familien elkarteak eta LGBTen eskubideen babeserako elkarteak) arteko aliantzak.
2013. urtean zehar bi topaketa egin ditugu proiektuko parte hartzaileen artean; lehenengoa otsailaren 21ean eta 22an izan zen Donostian eta bigarrena azaroan, Londresen.
2.3.2.
Hainbat forotan, jardunalditan eta zabaltzeko beste jarduera batzuetan parte hartzea
2013. urtean zehar, LGBTen eskubideekin zerikusia duten jarduerak edo jardunaldiak antolatu dituzten hainbat forotan parte hartu dute bai arartekoak, bai arlo horretako arduradunek.
Gure esku-hartze publikoen artean hiru euskal hiriburuetan antolatu ditugun aurkezpenak azpimarratu nahi ditugu –Bilbon, 2013.01.28an (Burtsa eraikina), Gasteizen, 2013.02.04an (Montehermoso), Donostian, 2013.02.11n (Koldo Mitxelena). Horien helburua Rainbow lehen proiektuaren emaitzak jendaurrean ezagutaraztea, zabaltzea eta azaltzea zen. Proiektuan Ararteko erakundeak eta Europako beste erakunde batzuek parte hartu dute: hezkuntza eremuan homofobia eta transfobiaren aurka lan egiteko tresna pedagogikoak 8 pelikula eta hezkuntza gida bat barne hartzen dituen DVD bat dauka. Tresna hori Euskadi osoko ikastetxe eta elkarteetara bidali dugu urtean zehar eta, jakin dugunaren arabera, hainbat ikastetxetan erabiltzen ari dira eta arrakastatsua ari da izaten.
Modu berean, proiektu horren emaitzak euskal irakasleei aurkeztu genizkien Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatu zituen VI. Bizikidetza Jardunaldietan (“Bizikidetza eta sexu- eta genero-aniztasuna” izenekoak), Bilbon egin zirenak 2013ko apirilaren 10ean eta 11n.
Horrez gain, honako parte hartze hau ere aipatu nahi dugu: Ararteko erakundeak, Haurren eta Nerabeen Bulegoaren bitartez, “Eskola seguruaren aldeko talde egonkorra” delakoan parte hartu zuen kide egonkor gisa. Talde hori osaera mistoa duen (soziala-instituzionala) lan egiteko foroa da, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak eta Berdindu zerbitzuak babestu dutena, eskolan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexualerako eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzeko.
Amaitzeko, 2013ko maiatzean, Madrilgo Carlos III unibertsitateak antolatu zuen jardunaldi batean izandako parte-hartzea aipatu nahiko genuke. Horren xedea herritarren defentsarako bulegoek herritarren eskubideak sustatzeko dituzten aukeren inguruan eztabaidatzea zen. Jardunaldi horretan Ararteko erakundeak azken urteetan LGBTen eskubideen sustapenean izan duen esperientziari buruzko ikuspegia partekatu genuen, eremu horretan burutu dugun lana eta horrek LGBTen eskubideengan eduki duen eragina azalduz.
3.Herritarren
eskubideen egoeraren balorazioa
Ia ez dago euskal herri-administrazioei LGBT eskubideak urratu izana leporatzen dien kexarik. Horrek esan nahi du alor horretan berdintasun formala bermatuta dagoela gure sistema publiko ia osoan baina horrek ez du esan nahi gizarteari dagokionez ibilbide luzea geratzen ez denik, aniztasun afektibo-sexuala eta genero-aniztasuna arbuiatzen dituzten jarrerak desagerrarazteko, nahiz eta askotan horiek oso modu leunean eta ezkutuan adierazi.
•
Adingabeen aniztasun afektibo-sexualari buruzko eskubideak
Edonola ere, hori kontuan hartuta, pentsa dezakegu LGBTen eskubideen eremuaren aurrerapena herri-administrazioek sustatu behar dutela, gure adingabeen hezkuntzan bereziki azpimarratuz, hau da, haurtzarotik berdinen errespetua eta aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko gauzatzea lortzera zuzendutako ekintzak sustatuz.
Egiaztatu ahal izan dugu (Rainbow proiektuaren testuinguruan egindako ikerketen emaitza gisa, 2012. urtean legebiltzarrean aurkeztutako txostenean xehetasun handiagoekin aipatu genituenak) LGBT haurren eta nerabeei dagokienez, hezkuntzaren eremuan gabezia nabarmena dagoela aniztasun afektibo-sexualerako eta genero-aniztasunerako eskubideen erabateko errespetua integratzeko, azaleratzeko eta sustatzeko. Irakasleak prestatzeko eta sentsibilizatzeko plan edo programa nahikorik ez egotea, gai horiek ikasgelan modu sistematikoan eta antolatuan jorratu ez izana, sexu-joera eta genero-identitateari buruzko material zehatza modu antolatuan erabili ez izana edo egun dauden tresna didaktikoetan bizikidetza eredu berriak islatu ez izana horren adibide argiak dira. Halaber, aurreko ekitaldietan jazarpen homofobikoa modu zehatzean jorratzen duten mekanismoen faltaren inguruan egindako gogoetak berresten ditugu, gero eta ikerketa gehiagok erakusten baitute eskolako jazarpenen barruan jazarpen mota hori eta haren ondorio larriak maiz gertatzen direla. Gainera, bereziki kontzientziatuak dauden irakasleek ez dute laguntza nahikoa jasotzen hezkuntza sistemaren eskutik, gai horiek behar bezala jorratu ahal izateko.
Dena den, esan dezakegu arlo horretan aurrerapauso aipagarriak ere eman direla: euskal administrazioak berariazko borondatea mahai gainean jarri du hezkuntza sisteman ikuspegi hori gaineratze aldera eta, orain dela gutxi, 2013an Hezkuntza Sisteman Hezkidetzarako eta Genero Indarkeria Prebenitzeko Plan Estrategikoa onetsi du. Plan hori hezkidetza kontzeptuaren ikuspegi zabaletik jorratu da. Horren bidez, pertsonen erabateko garapena lortu nahi da, jarrera estereotipatuak deuseztatuz eta generoan eta sexu-joeran oinarritutako aurreiritzien ondoriozko bazterkeria ororen kontra borrokatuz. Izan ere, kontuan hartu behar da DBHko ikasleen %23,6k baieztatu duela noizbait ikusi duela ikaskideren batek bazterkeria pairatu duela gay edo lesbiana dela ondorioztatu ondoren.
Aurrerapausoen testuinguru horretan, ezin dugu alde batera utzi Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politiken Zuzendaritzaren funtsezko zeregina, izan ere, eskolako aniztasun afektibo-sexualaren gaia hezkuntza eragileen agendan gaineratu eta eztabaida sustatu duen organoa da. Eskola Seguruaren aldeko Talde Egonkorraren sorrerak (aipatutako zuzendaritzaren babesa eta Berdindu zerbitzuaren laguntza duena) zuzendaritza horren trebetasun eta borondate irmoa erakusten ditu, hezkuntzaren eremuan haurren eta nerabeen aniztasun afektibo-sexualaren erabateko integrazioa behar bezala jorratzeko aukera ematen duen funtsezko eta epe luzerako lanaren oinarriak ezarri baititu.
Bestalde, Rainbow Has, aniztasun afektibo-sexuala errespetatzen duen hezkuntza lortzeko Europa mailako proiektuaren garapenak (Europako 8 herrialdetako erakundeek parte hartzen dute eta Ararteko erakundeak zuzentzen du) euskal hezkuntza erakundeekin lanean aritzeko aukera eskaintzen digu, betiere, eskola haurrentzat toki segurua dela bermatzen duten tresnak ezartzeko asmoz, euren sexu-joera edo genero-identitatea alde batera utzita, bertan pertsona bezala erabat garatzeko aukera eduki dezaten. Lan horren helburua da hezkuntza erakundeek, familiek eta irakasleek loturak sortu eta baterako estrategiak bideratu ditzaten, ahaleginak bateratuz Euskadin honako hau bermatze aldera:
Gazte-gaztetik errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako balioak irakastea, aniztasun afektibo-sexualaren aurkako aurreiritziak eta genero-rol zein identitateak zalantzan jartzen dituzten ideiak behin betiko gainditu ahal izateko.
Sexu-joera edo genero-identitate ezberdinak dakartzan bazterkeria edo zailtasunak pairatzen dituzten edo jasan ditzaketen haur, nerabe eta gazteentzako laguntza eta konpainia, erabat gizarteratu daitezen.
Haurren eta nerabeen segurtasuna eskolaren esparruan euren erabateko garapen pertsonal zoriontsua bermatzeko beharrezkoa den testuinguru gisa, aniztasuna kontuan hartuta.
Baterako lan horren oinarrien zirriborroa egiten hasi zen 2013. urtean eta datozen urteetan garapenarekin aurrera egin beharko da –horixe da hain zuzen ere aipatutako Rainbow Has Europa mailako proiektuaren inplikazioaren helburuetako bat–. Horretarako, aipatu dugun Eusko Jaurlaritzaren Hezkidetza Plana testuinguru bikaina da.
• Gay eta lesbianen eskubideak
Bestalde, egiaztatu dugu erakunde honek aurreko urteetan mahai gainean jarritako zenbait kontu jorratzeke daudela, hala nola, adineko gay eta lesbianei euren eskubideen gaineko informazioa emateko beharra (bikotekidea hiltzen den unean babesgabetasuna saihesteko); administrazio guztietan guraso bakarreko familiek edo sexu bereko bikote edo ezkondutako bikoteek gainditu behar dituzten oztopo formalak edo administratiboak deuseztatzeko beharra zabaltzea edo ama lesbianen egoera behin betiko argitzeko beharra, seme-alaben eta ama ez biologikoaren arteko seme-alabatasuna aitortzeari dagokionez. Hori guztia, erregistro zibiletako praktikak bateratuz lortuko da, seme-alabatasun ez biologikoaren aitorpenari dagokionez, emakumez osatutako bikoteen kaltetan izan gabe eta bikote heterosexualei abantailarik eman gabe.
Zentzu horretan, euskal administrazioek ahalegin bat egin behar dute administrazioen koordinazioa hobetze aldera, hala euren artekoa, nola Estatuko Administrazioarekiko koordinazioa. Horrela, eragindako herritarrek ez dute modu bidegabean pairatu beharko legeriak berak barne hartzen ez dituen ondorio zitalak, legeak, kasu horietan berdintasuna aldarrikatu baitu.
• Transexualen eskubideak
Amaitzeko, aipatu behar dugu genero-identitateagatiko bazterkeriaren aurkako eta transexualen eskubideak aitortzeko ekainaren 28ko Eusko Legebiltzarraren 14/2012 Legearen aldarrikapenaren bidez abian jarritako ibilera oraindik ere garatu eta zenbait alderdiri dagokionez osatu behar dela. Transexualek jasotzen duten arreta hobetzeko eskatzen jarraitzen dute oraindik ere, sexua aldatzeko osasun- eta lege-prozesuen ondorioz talde horri sortzen zaizkion arazoak salatzen dituztenean.
Horregatik, aipatutako legearen araudiko garapena gauzatzea beharrezkoa da, baita bertan aipatzen diren eremuetan dagokion zuzkidura ekonomikoa ematea ere. Gauzak horrela, adierazi behar dugu arlo horretan erreferentziazkoa den osasun unitate bat dagoela eta haren kualifikazio eta ahalmena modu nabarmenean handitu dela sortu zenetik. Horregatik, ezinbesteko bilakatu da transexualen beharrak behar bezala asebetetzen direla ziurtatzeko. Iazko txostenean aipatu genuen bezala, legezko xedapen horiek euskal osasun sistema osora zeharka eramateko prozesua oraindik ere amaitzeke dago, batez ere, lehen mailako arreta, pediatria, endokrinologia eta buruko osasun zerbitzuetara. Modu horretan, osasun zerbitzu horietan erreferentziazko unitatearen ezagutza espezializatua eta planteamendu mediko eta psikologikoak integratuko dira eta euskal legerian aurreikusitako transexualen gaineko osasun gida osatuko da. Halaber, tartean dauden osasun arloko langileek gai horren inguruko prestakuntza zehatza jaso beharko dute.
Transexualentzako erabateko arretari buruzko euskal legearen garapenari dagokionez, Euskadin transexualen izaera aitortzeko administrazio dokumentazioari buruzko legezko xedapenen gauzatzea jorratu behar da –diseinuari eta gauzatzeari dagokionez, zailtasun bereziak agerian jartzen badira ere, izan ere, eskumenen arloan dauden mugak kontuan hartu behar dira–. Horrez gain, euskal administrazioari dagozkion erregistroaren aldaketak burutzeko eta transexualei legez aitortutako identitate berriari erabat egokitzen diren agiriak emateko eginbeharra ezarri dioten legezko xedapenen gauzatzea ere jorratu beharko da.
1 Proiektua inspiratu duen kontzeptuaren ingeleseko siglak jasotzen dituen akronimoa. Rights Against IntoleraNce: Building an Open-minded World (Intolerantziaren kontrako eskubideak: aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikiz). Horren xedea haurren, nerabeen, gazteen eta irakasleen artean homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko testuak eta ikus-entzunezko materialak sortzea eta zabaltzea da, baita Europan homosexualen eta transexualen eskubideak erabat errespetatu eta aitortuko dituen kultura bat sustatzea ere.
2 Rainbow Has izena ondorengo ingeleseko siglek osatzen duten akronimoa da: Rights through Alliances: Innovating and Networking BOth Within Homes and Schools (Eskubideak elkartasunaren bidez: Berrikuntzak egin eta sareak osatu etxean zein ikastetxean). Proiektu horrek alderdi hauen azterketa eta hobekuntza azpimarratu nahi ditu: haurren eta nerabeen eskubideen egoera hezkuntza eremuan, zentzu zabalean, hau da, hezkuntza erakundeak, irakasleak zein mota guztietako familien elkarteak barne hartuz. Xedea haurtzarotik aniztasun sexualarekiko hezkuntza irekia jasotzea da, sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen ondoriozko bazterkeria edo jazarpena (edozein formatan, hau da, jarrera homofobo edo transfoboak) saihesteko eta horren aurka egiteko gai dena. Euskadiz gain, beste herrialde batzuek ere proiektu horretan parte hartzen dute zenbait erakunderen bitartez (unibertsitateak, ikerketa soziologiko zein pedagogikoko lan-taldeak, udalak, haur hezkuntza sustatzeko elkarteak, LGBTen eskubideen aldeko elkarteak eta guraso bakarreko familien elkarteak), hala nola, Alemania, Belgika, Bulgaria, Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua.
11.Adinekoak eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak
Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia eskaintzen die gero eta ugariagoa den 65 urtetik gorako pertsonen talde heterogeneoari. Talde horren %80 inguruk bizitza modu autonomoan gara dezakete (gehienak 80 urtetik beherakoak dira). Gainontzeko %20k eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza behar dute (gehienetan emakumeak eta 80 urtetik gorakoak izaten dira). Pertsona horien premiak batik bat beraien osasun-egoeraren (zentzu zabalean hartuta), menpekotasun-mailaren eta gaitasun ekonomikoaren araberakoak izaten dira. Familiarengandik zein gizartearengandik jasotzen duten laguntzak eta bizi diren inguruko ezaugarriek (irisgarritasuna, eta abar) eragin zuzena izango dute beren bizi-kalitatean.
Adinekoek gizarteari hainbat alorretan egindako ekarpen garrantzitsua, hala nola, ezagutza eta esperientziaren igorpena, trebakuntza, sormena, etab., baita senideak zaintzen eta laguntzen burutzen duten egiteko ukaezina ere, adineko horien parte hartzea ahalbidetzen duten eta zahartzaroa ahalmenenez edo gaitasunez beteriko bizi etapa gisa agerian jartzen duten politika publikoen garapenean jaso behar dira; gizarte aldaketarako bidea eman duten eta adinekoei merezi duten gizarte esku-hartzerako eta solaserako protagonismoa eta gaitasuna ematen dieten politikak.
Eguneroko Bizitzarako Oinarrizko Jardueretarako (EBOJ) laguntza behar duten adineko pertsonen taldeak (gure zaharren arestian aipatu dugun %20a) mendetasun-egoeran dauden pertsona guztien %80 egiten du. Gainerako %20a ezgaitasunen bat duten pertsonek osatzen dute. Mendetasunari buruzko araudia izenaz ezagutu denak 2007an indarra hartu zuenetik modu monografikoan egin dugun analisiak justifikatzen du kapitulu honetan baterako azterketa bat egitea Arartekoak bi kolektibo horiek direla-eta egin dituen jarduketei buruz.
1.Arloa kopurutan
2013an 46 kexa berri erregistratu dira adineko pertsonen arloan. Kexak izapidetzeko lana osatzeko, ekintza planari buruzko kapitulu honetako laugarren atalean azaldu ditugun jarduketak egin dira.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Iaz aipatu genuenez, kezkatuta gaude administrazioak behin eta berriz jada esku artean dauzkan agiriak eskatzen dituelako, norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoera artatzeko zerbitzuak eta prestazioak eskatzeko prozeduretan. Izan ere, jokaera horren ondorioz, administratuek administrazioaren eskuetan dauden agiriak ez aurkezteko duten eskubidea urra daiteke, prozeduran atzerapenak eragin daitezke eta hain ahula den talde horri bere eskubideak erabiltzeko asmoa ken liezaioke, gestio horiek egitea zaintzaileentzat neurriz gaineko ahalegina izan daitekeelako.
Aurten ez dugu horri buruzko kexarik erregistratu. Positiboki baloratzen dugu gaia Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren zirriborroan sartu izatea, erakunde honetatik Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari helarazi dizkiogun gogoetei kasu eginez.
2.2. Jasotako kexa batzuk aztertuta, ikusi dugu ezen, Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) mendetasunari buruz emandako balorazioen aurkako berraztertzeko errekurtsoen ebazpenak motibatze aldera, jo dela Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren eta Lege Aholkularitza Zerbitzuak eginiko txosten batzuetara. Alabaina, txosten horiek ez dira erantsi, eta, horrenbestez, haien edukia ezagutzen ez duenez, interesdunak ezin du bere defentsa behar bezala taxutu. Egia da behin eskatuta, txosten horiek eskuratu egin dizkigutela edo interesdunari helarazi zaizkiola, baina haien ekarpena edo ebazpenaren edukirako dakarten erreferentzia askoz ere koherenteagoa izango litzateke Administrazioak bere ebazpenak behar bezala arrazoitzeko betebeharra betez gero. BFAren Gizarte Ekintza Sailak jakitera eman digu “aztertzen ari dela txosten horiek eransteko aukera, jakinarazpenerako informatika-prozesua hobetzearen bitartez”.
2.3. Arartekoaren 2013ko irailaren 27ko Ebazpena.
Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren (aurrerantzean, GFA) adinekoentzako egoitzetako ikuskaritza-zerbitzuaren arreta falta salatzeko zabaldu zen 106/2012/39 kexa-espedientearen ondoriozko jarduera amaitutzat ematen da eta zerbitzu horri zenbait neurri hartzeko iradokitzen zaio. Hartan ondorioztatzen da, egoitza pribatu batean emandako osasun-arreta eskasa izan dela ondorioztatzeko behar beste elementu badagoela, eta ikuskaritza-zerbitzuek hori kontuan hartu beharko zutela egoitzari gai horri buruz ohartarazteko eta behar ziren jarduketak abian jartzeko. Halaber, ikuskaritza-zerbitzuei iradokitzen zaie neurri batzuk hartu behar dituztela.
2.4. Nabarmen egin dute beheramendetasunaren balorazioan izandako atzerapenengatik aurkeztutako kexek. Ulertzen dugu horretan lagungarri gertatzen ari direla foru erakundeek EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten bereziaren (hari buruz zerbait aurreratu genuen 2012ko urteko txosteneko III.11 kapituluko 4.2.4. atalean) 11.6 gomendioaren ildotik hartu dituzten neurriak.
2.5. Zenbait kexa aurkeztu dira Administrazioak erantzunik ez emateagatik, zeinak guk esku hartu ondoren konpondu baitira. Nolanahi ere komeni da azpimarratzea prozedurazko tramite batzuk egotearen eta herritarrari erantzun efektiboa ematearen bermea Espainiako Konstituziotik bertatik heldu direla (103.1 eta 105. artikuluak) eta herritarrek administrazio egokia izateko daukaten eskubidearen zati bat direla. Hain zuzen ere, eskubide hori Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 41. artikuluan jasota dago, eta Europarako Konstituzio bat ezartzen duen Itunaren bidez sartu zen.
2.6. Oraindik ere kexa batzuk erregistratu ditugu ados ez egoteari buruz mendetasuna dela-eta Arabako Foru Aldundiak(aurrerantzean, AFA) egindako balorazioen emaitzarekin eta beheranzko azterketekin.
Joan den urtean, horrelako emaitzek kasu batzuetan ekartzen dituzten ondorioak aipatzen genituen: familia inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoa (aurrerantzean, FIZPE) ezin eskuratzea eta behar ez bezala jasotako prestazioen kontzeptuan hartutako zenbatekoak itzuli behar izatea.
Bigarren alderdiari dagokionez, adierazi behar dugu ezen AFAk, guk gomendatutakoari men eginez (2012ko urteko txosteneko III.11 kapituluko 2.9 atala), zenbait neurri hartu dituela, aurreko balorazioaren iraungipen datak mendetasunaren aitorpen-ebazpen berriko balorazioarekin bat etor daitezen bideratuak, halako moduz non saihestuko baita behar ez bezalako kobratutako kopuruak sor daitezela. Horrek berarekin ekarri du urteko bigarren zatian horri buruzko kexarik ez izatea eta 2013ko lehenengo sei hilabeteetan nabarmen jaistea behar ez bezala sortutako kobrantzen kopuruak.
Erakunde honek gomendioa egin zuen esanez komenigarria litzatekeela kontuan izatea mailakatze berriaren ondorio negatiboak, ebazpenaren datatik aurrera, eta ez aurreko balorazioaren balioa amaitzen zeneko datatik aurrera (behar ez bezala kobratutako zenbatekoak sortzen zueneko arrazoia). Bada gomendio horri jarraituz eta segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionala osatze aldera, BFAk araudia aldatu du eta, hartara, Diputatuen Kontseiluaren uztailaren 23ko 24/2013 Foru Dekretuko 13.4 artikuluak –dekretuak mendekotasun egoera aitortzeko, ezintasuna kalifikatzeko eta garapenaren arazoak edo horiek jasateko arriskua aitortzeko prozedura arautzen du, baita ere, horrelako kasuetan, Arabako gizarte zerbitzuak eta diru prestazioak jasotzeko eskubidea eta prozedura– ezartzen du mendekotasun graduaren berrikusketaka (...) ondorioak eragingo dituela berrikusketa horri dagokion ebazpenaren datatik aurrera”.Dekretu hori 2013ko azaroaren 1etik dago indarrean.
Alabaina, foru erakundeak ez du bete behar ez bezala jasotako prestazioen itzulketa eskatzeko egintza administratiboak ofizioz berrikusi behar izateari buruz egin genion planteamendua.
FIZPEa eskuratzeko ezintasunari buruzko gaia, pertsona autonomoaren gradua edo aitorpena gutxitzen den kasuetan, eta, horrekin batera, zerbitzuarekin lotutako prestaziorako sarbidea, bai eta zerbitzurako berarako sarbidea ere, galdu den kasu berriek beraiekin ekartzen dute ezen, behin eta berriz, foru erakundeari helaraztea hori dela-eta daukagun kezka, eta gogoraraztea nolako pertzepzioa dagoen –sare publikoko osasun-profesionalek adierazia, haietako batzuekin gure informazioa kontrastatzeko aukera baitugu– nekez uler daitezkeen graduazioei buruz, baloratutako pertsonen laguntza-beharrizan eta –ikuskaritza direla-eta . Erakundeak alegatu zuen, nolanahi ere, zuzen aplikatzen ari zela mendetasuna baloratzeko baremo berria (otsailaren 18tik indarrean dagoen BVD agiria). Hala eta guztiz ere, aipatutako dekretuko lehenengo xedapen gehigarrian hartutako eta jasotako neurri batzuek egoera hori arin dezakete, kapitulu honetako 4.2.4 atalean azalduko dugun bezala.
Bestalde, berriz diogu ezen eskatzen duenari espediente osoaren kopia emateaz gainera, ukitutako pertsonak beren defentsa taxutzeko zailtasunak ikusita, komenigarritzat jotzen dugula ebazpenarekin batera balorazio-irizpena egotea.
Aurten, beste bi aldundiek ere egindako balorazioen emaitzarekin ados ez egoteari buruzko kexak jasotzen hasi ginen. Bietan aipatzen zen arestian adierazitako baremo berriaren aplikazioa. Hartara, esate baterako, BFAk adierazten zigun ezen “egia dela baremo berriaren aplikazioak aurrekoaz beherako graduak ematen dituela emaitza gisa, baina, beste biderik finkatzen ez den bitartean, horixe dela gizarte zerbitzuen arloko baliabide eta prestazio gehienak eskuratzeko sarrerako atea”.
Kontuak, daukan garrantzia dela eta, eragin du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gogoeta batzuk helaraztea, 4.3 atalean landuko dugun Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren zirriborroa lantzeko garaian.
2.7. Herritarrek eginiko kontsulta batzuek erakusten dute zein ulertezin gertatzen den lurraldeen arteko desorekak egotea autonomia pertsonalaren eta mendetasun-egoeraren arretaren arloan, hain zuzen ere EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioaizeneko txosten bereziaren
2. gomendioan aipatzen genuena. Gure ustez, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren etorkizuneko onespena aukera bikaina izango da horrelako desoreken gainditzea araudian jasotzeko.
2.8. BFAk, erakunde honek planteatutakoa ikusita, zenbait neurri hartu ditu, zeinek beraiekin ekarri baitute adineko pertsona bat egoitza batean sartu ahal izatea, nahiz eta hasieran sarrera hori ukatzea proposatu zen, gure ustez berrinterpretatu beharrekoak ziren inguruabar ekonomiko batzuengatik.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
3.1. Erkidegoaren esparruan, araudia dela-eta gertatu diren berritasun nagusiak 4.3 atalean, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen garapenari buruzkoan, jaso ditugu.
3.2. Ondoren nabarmenduko ditugu azken urte honetan Estatu mailan argitaratu diren arauak:
3.2.1. 2013ko apirilaren 23ko Ebazpena, mendetasun egoeren prebentziorako eta autonomia pertsonala sustatzeari buruzko planak egiteko irizpide, gomendio eta baldintzei buruzkoa; AMAESen informazio sistemaren oinarrizko datuak, eta gizarte zerbitzuen erreferentziako katalogoa.
3.2.2. Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege-dekretua, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateratua onesten duena.
3.2.3. Abenduaren 17ko SSI/2371/2013 Agindua, Autonomiaren aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Informazio Sistema (SISAAD) arautzen duena. Agindu hori, zeinak 2014ko urtarrilaren 1ean hartuk baitu indarra, AMAESen informazio sistema berri bat arautzen du eta aurreko araua indargabetzen du, salbu eta izaera pertsonaleko datuei buruzko fitxategiari dagokionean; ezartzen du autonomia erkidegoek IMSERSORI hilero alta, baja, aldaketa, berrikuspen eta leku-aldatzeen berri eman behar zaiola, aginduan erregulatzen den dokumentazio bidezko egiaztapenaren bitartez, eta, halaber, ziurtagiri bat emateko beharra ezartzen du, non islatuko baita Estatuko Aurrekontu Orokorretatik hura finantzatzeko heldu diren kredituen aplikazioa, bai eta autonomia erkidegoak xede horretarako egiten duen ekarpena ere.
3.2.4. Abenduaren 27ko 1050/2013 Errege-dekretua, zeinak arautzen baitu Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarritako gutxieneko babes-maila.
3.2.5. Abenduaren 27ko 1051/2013 Errege Dekretua, zeinak arautzen baititu AMAESen prestazioak, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko Legean ezarritakoak.
3.3. Aurten Europar Batzordeak Euskadi saritu du, zahartze aktiboa dela-eta egiten duen lan integralarengatik.
3.4. Gipuzkoako Adineko Pertsonen Kontseiluak Adineko Pertsonen aldeko Manifestu bat onetsi du, non zenbait printzipio jasotzen baitira kolektibo horrekiko jarrera, kohesioa eta elkartasun soziala hobetzeko. Era berean, Bizkaiko Adinekoen Kontseiluak bere Manifestua argitaratu du.
3.5. Europar Batzordeak eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) Bizimodu on bat zahartzaroan? azterlana argitaratu dute.Horretan, besteak beste, adineko pertsonen arretari buruzko araudiaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzera eta sistematikoki neurtzera bideratutako tresna batzuk garatzeko beharra aztertzen du.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Arartekoak EAE-ko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak azterlanean emandako gomendioen jarraipena
Horren berri ematen dugu III.5 kapituluko 3.2 atalean, zeina buruko gaixotasunen bat edo buruko nahasteak dituzten pertsonen arloari buruzkoa baita.
4.2.
EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten bereziaren jarraipena
Arlo honi buruzko analisi kuantitatibo fidagarria egiteko garaian aurkitzen ditugun zailtasunek, zeinak jada aurreko urteetan ere aipatu baititugu, erakusten dute guztiz indarrean dagoela lehenengo gomendioa, informazio sistema integratu baten sorrera errazteko beharrari buruzkoa.
Horrek berriz ere zehaztasunik ez edukitzera garamatza, eta ondorioz, kasu bakoitzean fidagarrien gerta daitezkeen datuak erabili behar ditugu edo, bestela, iturri bakoitzak ematen dien tratamendua kontuan hartuta gai honen inguruan gertatzen den bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen lagunduko digutenak.
4.2.1. Foru aldundiek emandako datuei jarraituz, 2007ko urtarrilaren 1etik 2013ko azaroaren 1era, EAEn guztira mendetasun-egoera aitortzeko 221.823 eskabide aurkeztu dira. Ondoren, datu horren banaketa erakusten dugu, lurraldeen arabera:
Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa | Guztira | |
Mendetasun-egoera aitortzeko eskabideak 2007-01-01etik 2013-11-01era | 36752 | 96299 | 88772 | 221823 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak.
2007-01-01etik 2013-11-01era mendetasun-egoeraren aitorpena eskatu duten pertsonak, hil ez direnak, 55.077 izan dira Gipuzkoan eta 23.497 Araban. Bizkaiak aurten ez du datu hori. Horrek eragozten digu jakitea zenbat eskatzaile egon diren, guztira, adierazitako aldian.
Honakoa da bizirik dauden eta baloratu diren pertsona horien graduazioa, 2013ko azaroaren 1ean:
Baloratutako Arabatik pertsonak 2013-11-01ean | Gizonak | Emakumeak | Guztira |
---|---|---|---|
0. GRADUA** | 1907 | 3093 | 5000 |
I. GRADUA | 1429 | 1996 | 3425 |
II. GRADUA | 1490 | 2294 | 3784 |
III. GRADUA | 915 | 1845 | 2760 |
GUZTIRA | 5741 | 9228 | 14969 |
(*)Baloratutako Bizkaiatik pertsonak 2013-11-01ean | Gizonak | Emakumeak | Guztira |
0. GRADUA** | 5643 | 9900 | 15543 |
I. GRADUA | 7417 | 13340 | 20757 |
II. GRADUA | 7569 | 12595 | 20164 |
III. GRADUA | 7471 | 14400 | 21871 |
GUZTIRA | 28100 | 50235 | 78335 |
Baloratutako Guipuzkoatik pertsonak 2013-11-01ean | Gizonak | Emakumeak | Guztira |
0. GRADUA** | 2632 | 4015 | 6647 |
I. GRADUA | 3309 | 5315 | 8624 |
II. GRADUA | 3435 | 5771 | 9206 |
III. GRADUA | 2536 | 5196 | 7732 |
GUZTIRA | 11912 | 20297 | 32209 |
Iturria: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak.
(*)
Aurten berriz gertatzen da Bizkaiko Aldundiak emandako datuak ez datozela bat eskatutakoarekin (baloratutako pertsonak); izan ere, graduen araberako balorazioei buruzko datuak dira. Horrek eragozten digu EAEri buruzko baterako azterketa egitea, ofizialki mendetasun-egoeran dauden pertsonei dagokienez; halaber, eragozten digu jakitea pertsona horiek euskal populazioaren guztizkoan ehuneko zenbat diren eta lurraldeen arteko alderaketa egitea.
(**)
0 gradua autonomotzat jotako pertsonei dagokie.
Lurralde bakoitzeko populazioari dagokionez, Gipuzkoan mendetasun-egoera (I., II. eta III. gradua) aitortua duten pertsonen 1.000 biztanle bakoitzeko 36,25eko tasa erregistratu dugu. Tasa hori Araban 31,03koa da, lurralde horretan ehuneko hori berriz jaitsi baita aurreko urtekoarekin alderatuz gero.
Mendetasun-egoeran dagoen pertsonaren sexuari dagokionez, EAE osoan, emakumeen gehiengoa erregistratzen jarraitzen dugu. Gipuzkoan %63,70 dira eta Araban, berriz, %61,54.
Araban, baloratutako pertsonen %33,40 autonomo deklaratzen dituzte. Gipuzkoan ehuneko hori askoz ere txikiagoa da (%20,63). Datu horrek azal lezake balorazioaren emaitzarekin ados ez egoteagatiko kexa gehienak lurralde horretatik etortzea.
Mendetasuna duten herritarren graduazioari dagokionez, adierazi beharra daukagu Gipuzkoan %30,25ek mendetasun handia (III. gradua) duela, %36,01ek mendetasun larria (II. gradua) duela eta gainerako %33,74ak mendetasun arina (I. gradua) duela. Araban, honakoak dira ehunekoak, hurrenez hurren: %27,68, %37,96 eta %34,36. Aurreko urtearekin alderatuta, ikusten dugu behera egin duela mendetasun handia dutenen proportzioak, bereziki Araban.
Bi aldagaiak, graduazioa eta sexua, gurutzatuz gero, ondorioztatzen dugu, Arabako kasuan, emakumeen taldean mendetasun handia –larritasun handieneko egoera– dutenen ehunekoa sei puntu altuagoa dela gizonezkoen taldean baino; Gipuzkoako kasuan, berriz, lau puntu altuagoa da.
4.2.2. IMSERSOk eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak emandako datuek aukera ematen digute 2011ren aldean erregistratu den bilakaerari buruzko ondorio batzuk ateratzeko.
Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa | EAE, GUZTIRA | |
Espedienteak | 10625 | 43440 | 30856 | 84921 |
Irizpenak* | 10131 | 42243 | 30311 | 82685 |
Prestaziorako eskubidea dute pertsonak | 7463 | 21558 | 17508 | 46529 |
Prestazioak dauzkaten onuradunak | 6300 | 19252 | 15622 | 41174 |
Esleitutako prestazioak | 8165 | 21006 | 19449 | 48620 |
Prestazioen ratioa, onuradun bakoitzeko | 1,29 | 1,09 | 1,24 | 1,18 |
Iturria: AMAESen Informazio Sistema (IMSERSO) eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.
(*) Administrazioaren pronuntziamendua, pertsona eskatzailearen mendetasunaren balorazioa dela eta, edo hura autonomotzat hartuz, edo daukan mendetasun-gradua eta maila zehaztuz.
Prestaziorako eskubidea izan eta jada prestazioren bat esleituta duten pertsonen ehunekoak nabarmen egin du hobera. Hartara, prestaziorako eskubidea izan eta arreta itxaroteko zain dauden pertsonak %11,51 dira 2013an (aurreko urtean, berriz, %15,47 ziren).
Gora egin du Bizkaian 1.000 biztanle bakoitzeko tramitatu diren espedienteen kopuruak (2012an 32,65 izatetik 2013an 37,66 izatera), eta behera egin du, berriz, Gipuzkoan (2012an 46,61 izatetik 2013an 43,75 izatera) eta Araban (2012an 35,37 izatetik 2013an 33,07 izatera). Hori gorabehera, Gipuzkoako lurraldea da, populazioaren proportzioan, lan-bolumen handiena erregistratzen duena.
2013an hobera egin du ebazpen-mailak (espediente-kopuruan zenbat egiten duten emandako irizpenak); izan ere, 2012an hasitako espedienteetatik %95,93 ebatzi ziren eta 2013an, berriz, %97,37.
Aurreko urtearen aldean, gora egin du prestazioak esleituta dauzkaten pertsona onuradunen 1.000 biztanle bakoitzeko tasak.
EAE osoan, pertsona onuradun bakoitzeko prestazioen ratioak, zeina 2011n 1,15etik 1,19ra igo baitzen eta 2012an maila berean geratu baitzen (1,19), behera egin du pixka bat (1,18). Lurraldeen arabera, Gipuzkoak eta Arabak arinki egin dute hobera eta Bizkaiak, berriz, behera egin du.
4.2.3. Prestazio motari eta haien banaketari dagokienez, bildutako datuek kontraesan batzuk badauzkate. Soilik azpimarratuko dugu FIZPEren prebalentzia handiagoa erregistratzen jarraitzen dugula (prestazio guztien %49,99 da); egoitza-arretak (prestazioen %20,80) eta eguneko zentroetako arretak (% 11,02) ehuneko biaren inguruko igoera izan dutela 2012ko datuekin alderatuta, eta telelaguntzak prestazioen guztizkoan indarra galtzen jarraitzen duela. Gainerako balioetan (EAZ, PEVS-zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa eta PEAP-laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa) aipatzeko moduko aldaketarik ez dago.
4.2.4. Aurten, txosteneko gomendio batzuen betetze mailari buruzko azterketa egiten jarraitu dugu: 6, 7, 8, 11.1, 11.2, 11.3, 11.6 y 11.7 eta 11.13. Estatu mailan atzerapen nabarmena izan duten alderdiak dira. Honako ondorio nagusiak nabarmentzen ditugu:
Gipuzkoako Aldundiak, babes-maila gehigarriak ezartzeko daukan ahalmenaz baliatuta, 2013an bermatzen jarraitu du –eta 2014an ere hala egingo du– mendetasuna baloratzeko baremoko eskalan 40 puntura iristen diren pertsona guztiek sistemarako sarbidea izatea; eta ez du erabaki, ezta ere, 2012an estatu mailan zenbatekoetan proposatu zen jaitsiera aplikatzea (hori guztia zazpigarren gomendioa betez). Jakinarazi digu ezen, aurrekontu-zailtasunak gorabehera, gizarte-baliabideei eusten diela eta 2013an egoitza-zentroetan eta eguneko zentroetan 36 postu berri sortu dituela (seigarren gomendioa). Aurreko urtean aurreratu zigutena gorabehera, azkenean ez du erabaki aintzat hartzea prestazio ekonomikoak arautzen dituen dekretua aldatzeko urtarrilaren 22ko 2/2013 Foru Dekretuaren onespenaren harira eman genion zortzigarren gomendioa. 11.7 gomendioari jarraituz, ez du prestazio ekonomikoen ordainketaren atzeraeragina indargabetu eta oraindik ere eskabidea aurkezteko dataren ondorengo lehen egunetik sortuko da prestazioa. Gainera, praktikan, 11.6 gomendioaren edukia betetzen du.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi digu ezen, 11.6 gomendioari jarraituz, lanean ari dela administrazio-ebazpen bakarrean bateratzeko gaur egun dauden hiru ebazpenak; praktikan, balorazioa, BAParen onespena eta onuradun-izaeraren aitorpena hiru hilabete baino gutxiagoko epean egiten dela adierazi digu.Aipatzen du 2013an 79 lanpostu berri sortu direla egoitza-zentroetan eta tutoretzapeko pisuetan, eta zaintzaileei laguntzeko programa berriak jarri dituela abian (seigarren gomendioa). Uztailaren 23ko 103/2013 Foru Dekretua onetsi du. Haren bidez, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen da, eta pertsona onuradunen artean sartzen ditu mendetasuna baloratzek baremoan 40 puntura iristen direnak ez ezik, gutxienez ere %33ko ezgaitasuna egiaztatzen dutenak (zazpigarren gomendioa). Prestazio hori eta egoitza-zerbitzuak eta eguneko zentroko zerbitzuak bateragarri egiten ditu (zortzigarren gomendioa).2013an zehar, mendetasuna baloratzeko baremoan 40 puntura iristen direnei FIZPE jasotzea bermatu die. Aurreikusita dago 2014an horri eustea. I. graduan baloratutako pertsonek ere adineko pertsonentzako eta ezgaituentzako eguneko zentroetarako sarbidea badaukate.2013an bezala, ez da erabaki 2012an estatu mailan proposatutako zenbatekoen gutxitzea (zazpigarren gomendioa).Ez dio atzeraeragina aplikatzen inongo prestazioren eskaria aurkezteko momentuari, eta, horrenbestez, ez du 11.7 gomendioa betetzen.Pertsona zaintzaileei emandako arretaren gaineko kontrolari dagokionez (11.13 gomendioa), aurten BFAk II. graduko mendetasun-egoeran dauden pertsonak artatzen diren .568 etxeren jarraipena egin du.Aurkitu da kasuen %8an amore emateko arrisku larria zegoela, eta, horrenbestez, bestelako baliabide edo laguntzetara bideratu dira pertsona horiek.Kasu horietako bostetan, jo da presako kontua zela esku hartzea.
Arabako Foru Aldundiak, helarazi genizkion gogoetak ikusita (kapitulu honetako II.6 atala) eta mendetasuna baloratzeko baremoaren aplikazioak ekar lezakeen babesgabetasuneko agertokiaz jabetuta:
Bere Diputatuen Kontseiluaren uztailaren 23ko 24/2013 Foru Dekretu berrian, ezartzen da, I. graduan (40 puntutik gora), II. graduan edo III. graduan baloratuta egon eta, mendetasun-egoeraren azterketaren ondorio gisa I. graduko (40 puntutik beherako puntuazioarekin) aitorpena izatera pasatzen diren pertsonentzat, eutsi egingo zaiola gizarte zerbitzuak eta diru prestazioak jasotzeko eskubideari.
Aurreikusten du aparteko izaeraz bai zerbitzu horiek, bai zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (ez, ordea, FIZPEa) jaso ahal izatea, baldin eta dekretu horretako I. tituluan araututako premia egoeretan egon eta haiek eskuratzeko baldintzak betetzen ez badituzte. AFAk jakinarazi digu horrekin adimen-ezgaitasuna edo buru-gaixotasun kronikoa daukaten pertsonei sarbidea eman nahi diela, baldin eta, ezgaitasuna kalifikatuta eta mendetasuna baloratuta edukita, ezin badituzte eskuratu mendetasun-egoerari lotutako zerbitzu eta prestazioak.
Babes maila gehigarriak ezartzeko daukan ahalmenaz baliatuta (zazpigarren gomendioa), eusten dio mendetasuna baloratzeko baremoan 40 puntutik gora daukaten pertsonentzako arretari, bai eta I. graduan baloratuta dauden 3 urtetik beherako pertsonentzako arretari ere, edozein dela ere haien puntuazioa. Gainera, zentro okupazionaletara eta eguneko zentroetara (adimen ezgaitasunerako eta buru-gaixotasunerako zentroak) joateko sarbidea ematen die 40 puntutik beherako puntuazioarekin I. graduan baloratutako 3 urtetik gorako pertsonei, baldintza jakin batzuekin. Aurten, psikologiaren arloko profesional bat sartu da Mendetasuna Baloratzeko Batzordean (11.1 eta 11.3 gomendioak). 47.1 artikuluan, II. eta III. graduetarako, zortzigarren gomendioaren edukia jasotzen da. Ez du betetzen 11.7 gomendioa. Praktikan, 11.6 gomendioaren edukia betetzera hurbiltzen da. Zaintzaile ez-profesionalek ematen duten arretaren kontrol- eta jarraipen-neurriek bultzatzeari dagokionez (11.13 gomendioa), jakinarazi digute jarraipenak egiten direla, gutxienez ere urtean behin, FIZPEren titularrak izan eta gainera EAZa daukaten pertsonen etxeetan; ondoren, batzuetan, beste zainketa-plan bat prestatzen da.
4.2.5. EAEko Arreta goiztiarraren eredua garatzeari buruzkoa den 12. gomendioaren jarraipenari dagokionez Haurtzaroaren Bulegoaren txostenaren berri ematen da.
4.2.6. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari adierazi genion nolako nahigabea genuen Estatuak utzi diolako finantzatzeari mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzaren kotizazioak –halakoetatik gehienak adin ertain eta aurreratuko emakumeak dira–, eta planteatu genion ea aukerarik ba ote zuen egoera larri hori arintzeko neurriren bat hartzeko. Erantzunean bat zetorren erakunde honekin egitate hori gizarte-babesean emandako atzerapausotzat baloratzerakoan, eta nabarmentzen zuen Euskadin garatzen den etxeko zainketen eredua arriskuan dagoela, eta hileroko kotizazio horrek, orain pertsona zaintzailearen kargura dagoenak, mendetasun-egoeran dagoen pertsonak jasotzen duen prestazioaren %50 hartzen duela, gutxienez ere. Gehitzen zuen ezen mendetasun-egoeran dauden adineko pertsonen %62,80k zainketa ez-formal bat duela, zeina familiaren edo adiskideen elkartasunetik heldu baita, eta horixe dela haien zainketa-iturri bakarra. Hartu beharko liratekeen neurriei dagokienez, adierazten zuen ez eskumenik, ez kontu-sailik ez zuela kotizazio horiei aurre egiteko.
Gure iritziz, administrazio autonomikoak talde ahulenekiko erantzukizun- eta konpromiso-ariketa batean, Estatuko esparruan egin diren osasun-mozketa batzuen ondorioak arintzeko neurriak hartu dituen bezalaxe, beharrezkoa eta presakoa da kotizazio horiei aurre egiteko laguntza-lerroak ezartzea, mendetasuna eraginkortasunez babestu eta genero-politiketan eta enplegua sortzeko politiketan eragite aldera.
4.3.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen garapen normatiboaren eta inplementazioaren gaineko jarraipena
4.3.1. Ondoren, 2013an izan diren aurrerapen nagusiak nabarmenduko ditugu:
Gizarte-zerbitzuen Erregistroei buruzko uztailaren 24ko 155/2012 Dekretuak indarra hartzea. Gizarte-zerbitzuen
erregistroen berariazko araupetzea gaurkotu eta sistematizatzen du.
Maiatzaren 28ko 353/2013 Dekretua, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gizarte-diagnostikoa egiteko tresnari buruzkoa. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean ezarritakoarekin bat, dekretu honek tresna tekniko komunak ezartzen ditu esku-hartzerako oinarrizko prozeduran erabiliko direnak.
Uztailaren 16ko 385/2013 Dekretua, Gizarte Bazterkeria Balioesteko Tresna onartzen duena.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretua, gizarte zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzkoa. Bertan, irabazi-asmorik gabeko entitateek gizarte-intereseko deklarazioa lortzeko beharkizunak eta prozedurak arautzen dira, bai eta deklarazio hori mantentzeko edo errebokatzeko baldintzak ere. Deklarazio horren eraginak, praktikan, gauzatuko dira gizarte-intereseko deklaratutako entitateek lehentasuna izatean beste entitate batzuen gainetik diru-laguntzak eta laguntzak emateko garaian.
4.3.2. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazten digu tramitatzen ari direla Arreta Goiztiarreko Esku-hartzeari buruzko Dekretua, Ituntzeari buruzko Dekretua, Ezgaitasuna duten Pertsonentzako Egoitza-zentroei buruzko Dekretua, Ezgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuei eta Eguneko Zentroei eta Zentro Okupazionalei buruzko Dekretua eta Gizarte Zerbitzuen Informazio Sistemari buruzko Dekretua.
4.3.3. 2013an, gizarte zerbitzuen zorroa arautuko duen dekretuaren beste bertsio bat egin da. Bertan jasoko dira herritarrek nolako zerbitzuetarako eskubidea duen, zerbitzu horiek zein ezaugarri dituzten eta haiek eskuratzeko baldintzak, eta zein den eskumen-esparrua. Agiri horren garrantzia dela eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari zirriborroa dela-eta egindako iruzkin, zalantza eta gogoeta batzuk, Arartekoak, herritarren kexak tramitatzerakoan, ebazterakoan, gomendioak egiterakoan eta urteko txostenak eta txosten bereziak egiterakoan, aurrez adierazitako posizionamenduekin zerikusia zuten gaietan.
Sailak gogoeta horietako batzuk kontuan izan ditu. Horien artean honakoak nabarmentzen ditugu: testua EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten bereziko 11.11 gomendioarenedukiaren arabera egokitzea –txostena mendetasun-egoeran dauden pertsonen autonomia eta arreta sustatzeko eskubidearen titulartasunari buruzkoa da–; testuan jasotzea APPa lantzerakoan arreta egin behar izatea beste arreta sistema batzuen esparrukoak izan eta kasuko pertsonarekin bidean dauden beste plan batzuei, sistema sozialaren eta sanitarioaren arteko koordinazioa bultzatzeko beharrarekin bat, txosteneko 4. gomendioan jaso bezala; ukitutako administrazioetan ezinbestekoa den erakunde-arteko koordinazioa bultzatzeari buruzko den 3. gomendioan ezarritakoarekin bat, erkidegoko administrazioak edo foru administrazioak emandako ebazpena jakitera eman behar izatea; testuan berariaz jasotzea pertsona orok eskubidea duela entzute-tramitean entzuna izateko zerbitzu eta prestazio ekonomikoetarako eskubidea kendu edo azkentzeari buruzko prozedura guztietan; eta kontsigna sartzea eguneko arreta-zerbitzuen osagarriak diren prestazio osagarrien artean.
Beste gogoeta batzuk –gure ustez, garrantzi handikoak– ez dira aintzat hartu:
Mendetasunaren arriskua baloratzeko geure baliabideak eskuratzea (aurreikuspen hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeko 20. artikuluan jasota dago), edo, bestela, arrisku hori mendetasuna baloratzeko baremoko 23-24 puntutik oso behera kokatzea, gaur egun maila horretan baitago.
Testua mendetasun-egoera aitortzeko eta zerbitzuak eta prestazioak esleitzeko prozedurari buruzkoa den 11.6 gomendioaren edukiaren arabera egokitzea, bai eta txosteneko 8. gomendioaren arabera ere –prestazio ekonomikoen bateragarritasunari buruzkoa da gomendioa–, are gehiago foru aldundiek bide horretan urrats batzuk egin dituztenean.
Laguntzaren jarraitutasuna bermatzea mendetasun-egoeran dagoen pertsona eta egoitza-postu baten onuraduna dena EAE barruan lekuz aldatzen denean; horretarako, arreta dela-eta behin-behinekotasun epe batzuk ezarriko dira jatorrizko lekuaren arretari dagokionean, destinoko lekuan posturik ez dagoenean; erakundeen artean horren araberako behar diren akordioak egingo dira.
AMAESa arautzen duen Estatuko araudian ezarritakoa kontuan hartu beharko da ezin igaro daitekeen gutxieneko muga baten gisara; hori, halere, ez da eragozpena izango babes-maila gehigarri batzuk ezartzeko. Foru erakundeek barneratua duten gai bat da hori, jada aplikatu izan dutena zenbait alderdiri dagokionean: kopuruak, ahaidetasun eta bizikidetasun baldintzen arloko salbuespen kasuak, zerbitzuen eta prestazioen bateragarritasuna, prestazioetarako eskubidearen eraginkortasuna eta abar. Ezin da onartu alderdi horietan guztietan atzera egitea.
Desadostasuna erroldatze-epe gehigarriak eskatzearekin, zenbait baliabide eskuratu ahal izateko baldintza gisa.
2014an, gogoeta horiek eta haiek aintzat hartzearen garrantzia azpimarratzen jarraitu beharko da, gure administrazio publikoek babes sozial eraginkorra eman dezatela bermatze aldera.
4.4.
Arreta soziosanitarioa: esparru kontzeptuala eta nazioarteko autonomietako aurrerapausoak. Hurbilketa txosten bereziaren jarraipena
Aurreko urteetan bezala, gaiari buruzko azterketaIII.4 kapituluko 3.2. atalean egiten da; kapitulu hori, izan ere, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei buruzkoa da. Hartan, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Soziosanitarioaren Ildoak Prestatzeko Esparru-dokumentua gauzatzearen arloan egindako aurrerapauso nagusiak aipatzen dira.
4.5. Elkarteekiko bilkurak
Aurten lankidetza dinamiko bat hasi dugu HELDUAK ADI!Pertsona Nagusien Parte-hartze Plan Integral bat egitearen aldeko Sare Soziala elkartearekin. Elkarte horrek, banaka elkartekide egin diren pertsonez gainera, hiru lurraldeetan presentzia duten sei elkarte biltzen ditu: Elkarte horrek hiru lurraldeetako kolektiboak biltzen ditu bere baitan: Gasteizko Forum 50-70, Gipuzkoako Goierri-Urola Garaiko Gueske, Bizkaiko Hartu Emanak, Donostialdeko Helduen Hitza, Gipuzkoako Secot eta autonomia eremuko SSI (Servicios Sociales Integrados).
Horren jatorria Hartu Emanak elkarteak Pertsona helduen PYMAen (elkarte txiki eta ertainen) Liburu Berdealana egiten 2006an izan zuen parte-hartzean dago. Lan hori lehenengo urratsa izan zen Hartu Emanak, Gueske eta Acex-Eske elkarteekin egindako Adineko Pertsonen Partaidetzarako Plan Integral baterantz eta Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonen partaidetza sozialari buruzko diagnosia (Sintesia) lanerako. Azken hori 2008an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak.2009an, akordio batzuk finkatu ziren Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Partaidetzarako Zuzendaritzarekin baterako lan-estrategia bat abian jartzeko.
2011tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du UPV-EHUko uda ikastaroak antolatzearekin lotutako proiektuetan lan egiteko honako arlo hauetan: adineko pertsonekin lotutako estereotipoak deuseztatzea; erretirorako prestatzea (hiru lurraldeetan ikastaroak eginez); adineko pertsonei egokitutako sare sozialen prestaketa; Urola Kostako etxeetako esperientziak zabaltzea; adineko pertsonen elkarteentzako kudeaketa-eredua; EPA programarekiko lankidetza, hura adineko pertsonen ikaskuntzari egokitzeko; Parte Hartuz-en partaidetzarako belaunaldien arteko eskola sortzeko lankidetza eta ekarpena (UPV-EHU).
“Jubilatuta” baina gizartean aktibo dauden pertsonen talde gisa, gizarte zuzenagoa, ez hain baztertzailea eta parte-hartzaileagoa eraikitzen lagundu nahi dute. Hartara, beraien helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Adinekoek erakundeekin eta gizarte-eragileekin Parte Hartzeko Osoko Plana egin eta ezartzeko prozesua garatzea.
Arlo guztietan herritar aktiboen printzipioa bultzatzea, gizartea eraldatzeko elementutzat.
Kide diren elkarteen esperientziak eta jarduerak koordinatzea, honako hauek sustatuz: sareko lana eta elkarrekin proiektuak egitea, elkarrizketa kolektiboa erakunde publiko eta pribatuekin, beste elkarte batzuekin, gizarte-sarrekin eta gizartearekin, oro har.
Gazteek eta emakumeek gaur egun daukaten erakunde-laguntzaren parekoa lortu nahi dute, eta Adinekoen Institutu edo Erakundea sortu nahi dute, erdietsi nahi duten osoko plan hori sustatu, gauzatu eta ebaluatzea bere gain har dezan. Aipatzen dute “adinaren ikuspegia” txertatu behar dela politika publikoak taxutzerakoan eta haien eraginaren azterketan, “generoaren ikuspegiarekin” egiten ari den bezala. Uste dute beren iritzia kontuan hartu beharra dagoela gizarte zerbitzuen iraunkortasunari buruzko eztabaidan eta pentsioetan eragina duten erabakietan.
Nabarmentzen dute Gasteizko Udalak adineko pertsonentzat bultzatu dituen kultur etxeek pertsona horien ahalduntzea errazten dutela. “Jubilatuen etxearen” kontzeptu berri bat da, non kultur prestakuntzako eta jardueren eskaintza interesgarria dagoen, gainerako lurraldeetara zabaltzea komeniko litzatekeena.
Ikaskuntza kooperatiboaren aldeko apustua egiten dute (banakakoaren eta lehiakorraren aurrean) eta eskatzen dute ikaskuntza-ekimenetan egonkortasun handiagoa lortzea (esperientziaren gelak, prestakuntza jarraitua eta abar).
Uste dute sakondu beharko litzatekeela toki nahiz foru esparruko adinekoen kontseiluen kontsulta-izaeran, bai eta entitate sozialek kontseilu horietan partaidetza erreal eta eraginkorrean ere.
Azkenik, positibotzat jotzen dute orain arte harremana izan duten administrazioen jarrera.
Arartekoak elkarteari ezagutzera eman dizkio adineko pertsonen kolektiboa dela-eta E-inklusioa eta Euskadin herritarrek ikten bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea txosten berezian emandako ondorio eta gomendioak.
Halaber, Ararteko Mapakbaliabidea aurkeztu die. Haren helburua da haien lankidetza erraztea, pertsona erabiltzaileak diren aldetik, irisgarritasuna dela-eta proiektuan intereseko informazioa ematearen bidez.
5.Herritarren eskubideen egoerari buruzko balorazioa
5.1. Adineko pertsonen kolektiboa oso heterogeneoa da eta pertsona autonomoen %80 eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen %20 inguru biltzen ditu. Gizarteari egiten dioten ekarpena zalantzagabea da, eta dauden estereotipoen aurka, zainketa-emaileak dira ahalmenez betetako bizi-etapa batean. Mendetasuna duen populazioaren %80 65 urtetik gorakoa da; gainerako %20a ezgaitasunen bat duten pertsonak dira.
5.2. Zahartze aktiboaren paradigmak, adineko pertsonen giza eskubideen aitorpenean eta zenbait printzipiotan (independentzia, partaidetza, duintasuna, laguntza eta auto-errealizazioa) oinarrituta dagoenak, jarraitu behar du politika publikoen taxutzea bultzatzen. Azken helburua pertsona orok ongizate fisiko, sozial eta psikoafektiborako duen ahalmena bere bizi ziklo osoan gauzatzea, eta gizartean bere premien, desiren eta gaitasunen arabera parte hartzea da, behar duenean, babesa, segurtasuna eta zaintza egokiak jasoz.
Euskal herri-administrazioek sakondu behar dute bai adineko pertsonen prestakuntza, informazioa eta partaidetza bermatzera zuzendutako ekintzen bultzadan, bai nahi duten pertsonei beren ezagutza, esperientzia eta lankidetzaren ekarpena egitera bideratutako jarduketen bultzadan ere.
5.3. Estatuaren esparruan, 2013an jarraitzen dugu ikusten nola atzerapen nabarmena egiten ari den autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoerari arreta emateko politiken garapenean. Haren berri ematen genuen jada joan den urteko txostenean, aurrekontu-egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko hartutako neurriak aipatzen genituenean. Horrekin batera, gainera, Estatuko gastu publikoa izugarri jaitsi da arlo honetan, eta horrek berarekin ekarri du nabarmen gutxitzea Estatuko administrazio publikoak babes-maila gutxienekorako ematen duen ekarpena. Horrek guztiak galera ekonomiko handia eragin die autonomia-erkidegoei.
Euskal herri-administrazioek erantzukizunez hartu behar dute beren gain horrek guztiak dakarren erronka, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasuna babesteko eskubide subjektiboa gauzatze aldera, bere politika guztietan lehenetsiz bereziki ahula den kolektibo horrentzako arreta.
Horretarako, gakoa da, batetik, egun daukaten ahalmena betetzen jarraitzea, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko Legeko 7. eta 11.2 artikuluen arabera, ukitutako kolektiborako babes-maila gehigarriak ezartzeari dagokionez, eta, bestetik, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren onarpenak dakarren aukera bikainaz baliatzea adierazitako atzeratzea arintzeko eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen egiazko ezarpena bermatzeko, gure erkidegoak esleituta daukan gizarte zerbitzuen arloko eskumen esklusiboaren adierazpen argi gisa. Bigarren alderdi horri dagokionez, antzeman ditugun inboluzio-arriskuak gainditu beharko lirateke.
Foru aldundiek arestian adierazitako ahalmenez baliatzeak aukera eman du, neurri batean, Estatuan hartutako neurri murriztaileen eragina arintzeko. Alabaina, adierazi beharra daukagu ahaleginak are handiagoa izan behar duela, arreta faltako agertokiak saiheste aldera. Hartara, bada, ezin saihestuzkoa da gure herri-administrazioek gizarte zerbitzuen arloan egiten jardun duten apustuarekin jarraitzea eta saihestea arreta eta hobekuntza jarraituak handitzen joateko ibilbide hori eragotz dadila.
5.4. 2012ko otsailean mendetasuna baloratzeko baremo berriak indarra hartu zuenetik –otsailaren 11ko 174/2011 Errege-dekretuaz onetsi zen–, nabarmen egin dute gora aitortutako mendetasun-graduarekiko desadostasuna dela-eta erregistratutako kexak, eta egoera horrek 2013an ere bere horretan jarraitzen du. Hirugarren Sektoreko entitateek ere beren kezka helarazi digute. Baremo horren aplikazioa berarekin ekartzen ari da balorazio-azterketetan gradu txikiagoak ematea eta balorazio berriekin antzeko egoeretarako aurreko baremoa aplikatuz lortzen ziren graduak baino gradu apalagoak aitortzea. Askotan, horrek eragotzi du zaintzaileei laguntza emateko funtsezkoak ziren prestazio ekonomikoak lortzea, eta, kasuren batean, zerbitzuak lortzea, eta hori oso ere larria iruditzen zaigu.
Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu ezen herritarrek balorazio horiek direla-eta erakutsitako desadostasunarekin batera, antzeman izan dela –gure informazioa alderatzek aukera izan dugun sare publikoko osasunaren nahiz gizarte-lanaren arloko profesionalek adierazi digutenaren arabera– nekez uler daitezken graduazio batzuk eman direla, baloratutako pertsonen laguntza- eta gainbegiratze-beharrak ikusita. Arazo horrek eragin berezia dauka buru-osasuneko arazoak dauzkaten pertsonen kolektiboan.
Gure iritziz, beharrezkoa litzateke, Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko dekretuaren onarpenaz baliatuta, geure buruari baliabide bereki bat ematea mendetasun-arriskuaren baloraziorako (Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeko 20. artikuluan jasotako aurreikuspena da hori) edo, bestela, arrisku hori mendetasuna baloratzeko baremoko 23-24 puntutik oso behera kokatzea, gaur egun maila horretan baitago, bai eta mendetasun-arriskuan dauden pertsonentzako arreta erraztea ere, sistemara sarbidea izateko baldintzak malgutzearen bidetik.
5.5. Zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzaren kotizaziorako Estatuaren finantzaketa kentzea neurri izugarri kaltegarria izan da, gizarte-bazterketa eta mendetasunaren babes gabezia eragiten dituena; arriskuan jartzen du arretarako eredu komunitarioa eta larriki kaltetzen du familiak eta inguru hurbilak –gehienetan, emakumeek– egiten duten zainketa-lana, hain zuzen ere FIZPEk bideratzen zuena. Gainera, berarekin dakar aukera bat galtzea enplegua sortzeko gai den sektore batean inbertitzeko, horrek dakartzan itzulkin eskergarriak, alde batetik zergetan eta bestetik osasun-gastuan eta langabeziarengatiko prestazioetan induzitutako aurrezkietan.
Hori guztia dela eta, beharrekoa eta premiazkoa da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak laguntza-linea bat ezar dezala kotizazio horiei aurre egiteko.
5.6. Egiaztatutako egitate bat da adineko pertsonek nahiago izaten dutela mendetasunari beren etxean aurre egin. Herritarren kexek behin eta berriz ohartarazten digute pertsonak bere etxean mantentzera bideratutako neurri guztiak indartu behar direla: FIZPE eskuratzea –bere prebalentzia areagotzen jarraitzen duen prestazioa–, etxeko arreta, laguntza-produktuak, etxebizitza egokitzea, eguneko zentroak, zentro okupazionalak, aldi baterako egonaldiak eta asteburukoak egoitzetan eta eguneko zentroetan, zaintzaileei laguntzeko programak, norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuak eta abar. Horrek guztiak eskatzen du botere publikoek berma dezatela haien funtzionamendu egokia, zainketa horien kalitatea eta egokitasuna, sarbideko baldintzen malgutzea eta bi sexuen baterako erantzukizuna.
5.7. Egoitza-arretan defizit batzuk erregistratzen jarraitzen dugu. Nabarmen gelditu da komenigarria dela ezen egoitza-zentroan artatutako pertsonaren osasun-egoerak zentro horretako arreta-ahalmenak gainditzen dituenean, inguruabar hori berehala jakinarazi behar zaiola familiari, adineko pertsona lekuz aldatzeari ekin dakion. Ikuskaritza-zerbitzuek neurri horiek hartzeko beharrean ahalegindu behar dira, adineko pertsonen egoitza-zerbitzuen titularrak diren entitateei aholkua emateko beren eginkizunean, ematen duten arreta garatzeko eta hobetzeko.
Gure erakundeetan aurrera egin behar da pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta gerontologikoaren eredua ezartzen, zerbitzuen adineko erabiltzaileen autodeterminazioari eginkizun nagusia eman dielako. Pertsona bakoitza eta haren bizi proiektua arretaren eta, beraz, erakundearen eta laguntza prozesuen erdigunea dira. Izaki bakarra den aldetik pertsonaren duintasuna, haren eskubideak, haren lehentasunak errespetatzea eta norberaren ongizatea bilatzea funtsezko balioak dira arreta eredu horretan, baita adimenaren andeatze larriko egoeretan ere. Printzipio horiek ezartzeko sentsibilizazioa eta prestakuntza behar dira, eta rol profesional berriak pentsatu behar dira, antolakuntza sistema batzuk berrikusi eta eredu berri horren araberako esku-hartzeak diseinatu.
5.8. Adineko pertsonentzako egoitza-zentroen erabiltzaileen kolektiboak zentroetako greba eta lan-gatazkako egoeretan duten ahuldade berezia dela eta, gehienetan mendetasun handia duten pertsonak baitira, ezinbestekoa da gure administrazioek, zerbitzuaren prestazio egokiaren bermatzaileak diren aldetik, behar diren jarraipenak egin ditzatela eta behar diren neurriak har ditzatela langileen grebarako eskubide legitimoaren eta mendetasun-egoeran dauden adineko pertsonek arreta egokia jasotzeko duten eskubidearen arteko oreka zuzenari euts dakion.
12.Talde terroristen biktimak
Aurrekariak
Zorionez, 2011. urtearen amaieran ETA erakunde terroristak “jarduera armatuaren behin betiko etetea” iragarri zuenetik ez da jarduera terroristaren ondoriozko erailketarik gertatu.
Ararteko erakundeak urte askotan zehar aurrez aurre gaitzetsi ditu hainbat pertsonen giza eskubideen urraketa larriak eta, bereziki, bizitzeko, osotasun fisikorako eta askatasunerako eskubidearen urraketa jarduera terroristaren ondorio gisa. Pozik gaude 2013. urtean zehar ez direlako eskubide horiek urratu.
1. Arloa kopurutan
2013. urtean kexa bakarra jaso dugu talde terroristen biktimen alorrean.
2.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2.1. Terrorismoaren biktimen ordain osorako eskubidea
Bi ganbera legegileek aho batez onetsi zuten terrorismoaren biktimen aitortza eta babes osoari buruzko irailaren 22ko 29/2011 Legea eta une garrantzitsu bat izateaz gain, horrek terrorismoaren biktimen elkarteen eskaeretako batzuei erantzuna eman zien.
Azken xedapenetako lehenengoan gaikuntza aurreikusi da arauzko garapena burutzeko. Terrorismoaren biktimen aitortza eta babes osoari buruzko irailaren 22ko 29/2011 Legearen araudia onetsi duen irailaren 6ko 671/2013 Errege Dekretuak legezko xedapenaren betetzea eragin du.
Errege dekretu horrek aldarrikapenak eragin ditu terrorismoaren biktimen artean eta arartekoak berak, aurreko urteko txostenean, arau hori albait lasterren onesteko eskatu zuen; izan ere, horri esker biktimei buruzko legearen xedapen batzuk gauzatu ahalko dira.
I. kapituluak kalte pertsonalengatik ordaina jasotzeko erregimena barne hartzen du: heriotza, kalte fisiko edo psikikoak, bahiketa, epaian ezarritako erantzukizun zibilaren ordainketa eta atzerrian pairatutako kalteengatiko salbuespenezko laguntzak. Halaber, jarduera terroristak etxebizitzetan; merkataritza edo industria establezimenduetan; alderdi politikoen, sindikatuen edo erakunde zibilen egoitzetan zein ibilgailuetan eragindako kalte materialen ordainketa ere barne hartzen du. Horrez gain, berehalako laguntza psikologiko eta psikiatrikoa; premiazko osasun laguntza; hezkuntzako laguntza; ezohiko laguntzak eta aurrerakinak etxebizitza publikoen arloan eta laneko eskubideak ere xedatu ditu. Mehatxupean bizi diren pertsonentzako ezohiko laguntzen emakida nabarmentzekoa da. Horretarako, prozedurak, baldintzak eta zenbatekoak xedatu dira. Aitorpen eta kondekorazioen erregulazioa gaineratu da.
Baita terrorismoaren biktimen erakundeen tutoretzari buruzko xedapen berritzaile bat ere. Horren arabera, Barne Ministerioak urteko txosten bat egin behar du biktimen taldearen egoeraren inguruan eta jarduteko proposamenak gaineratu behar ditu.
Gure ustez, txostena egiteko legezko agindu hori lagungarria izan daiteke terrorismoaren biktimen alorreko politika publikoen plangintza hobea egite aldera.
Arauetan jasotako agindu horren garrantzia azpimarratu behar da, horren bidez irailaren 22ko 29/2011 Legearen xedapenak gauzatuko baitira.
2.2. Terrorismoaren biktimek parte hartzeko duten eskubidea
Terrorismoaren biktimentzako aitorpen eta erreparazioari buruzko ekainaren 19ko 4/2008 Legeak, 6. artikuluan, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren sorrera xedatu du, zehazki, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortzeko otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuaren bidez gauzatu dena. Herri-administrazioen eta gizarte zibilaren ordezkarien artean modu parekidean eratu den organo horretan terrorismoaren biktimengan eragina duten kontuak eztabaidatzen dira.
Gure iritziz, foro horrek garrantzi handi dauka, legez aitortutako parte hartzeko eskubidea betearazten baitu.
2.3. Bakean eta aske bizitzeko eskubidea: komunikabideen eta terrorismoa prebenitzeko hezkuntzaren bidez terrorismoaren legitimitatea kentzeko biktimen interesa
2013ko azaroan behin betiko aurkeztu zen 2013-2016 Bake eta Bizikidetza Plana, “Gizarte elkarretaratze helburu bat” azpitituluarekin. Plan hori ekainean aurreratu zuten eta hiru hilabeteko epea zabaldu zen ekarpenak aurkezte aldera, ez bakarrik legebiltzarreko taldeen eskutik, baita gizarte erakunde eta herritarren eskutik ere. Prozesu horren emaitza gisa, amaierako agiriak hitzaurre berri bat dauka, jasotako proposamen orokorrak eta ekarpen zehatz jakin batzuk barne hartzea xede duena.
Planteamendu orokorrean eta egoeraren diagnosian hain zuzen ere nagusitu dira adostasunik ezak legebiltzarreko taldeen eta gizarte erakundeen artean, planaren edukiari lotuta.
Agiria hiru ataletan egituratuta dago:
Lehenengoan proiektua definitzen da eta “Ezinegonetik ongizatera” izenburua dauka. Bertan, egoeraren diagnosia egiteaz gain planaren indarraldiak iraungo duen lau urteko denbora tarterako proiektuaren oinarriak ezarri dira.
Bigarren atalaren izenburua “Mesfidantzatik konfiantzara” da eta, bertan, prozesua azaltzen da eta denborari dagokionez hiru fasetan antolatu da: iragana eta ikuspegi etiko-soziala; orainaldia eta ikuspegi soziopolitikoa; eta etorkizuna eta ikuspegi sozioedukatiboa.
Hirugarren atalak programa definitzen du eta “Desadostasunetik adostasunera” izenburua dauka. Programa hiru ardatzetan oinarrituta dago eta horietako bakoitzean ekimen zehatzak daude, iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren kudeaketarekin eta jarraipen eta ebaluazioaren zeharkako ardatzarekin.
2013ko azaroan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Bakerako eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak 2013-2016 Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta proiektuak aurkeztu zituzten hezkuntzaren alorrean. Plan horretan apustu irmoa egin da bizikidetza eta giza eskubideak hizpide dituen hezkuntzaren alde eta hezkuntza komunitateko eragileei eskatu zaie datozen hilabeteetan iradokizunak eta oharrak helaraz ditzaten.
Jarduteko lau ardatz jarri dira mahai gainean:
Gizalegez erabakia
Hezkuntza komunitateko lankidetza topaketa sustatu nahi du bizikidetzaren arloan hezteko erabaki sozioedukatiboa lortze aldera.
Elkarrekin programa
Bizikidetzarako hezkuntzaren eremuan ikastetxeek garatzen dituzten ekimenak sustatu eta babestu nahi ditu.
Adi-adian hezkuntza modulua
Biktima hezitzaileen programa eguneratu du.
Bakegune eskola
Hezkuntza baliabideen web orrialdea berritzen eta optimizatzen du.
3.Kexarik aipagarrienak
Aipatu dugun moduan, 2013. urtean kexa bakarra jaso dugu terrorismoaren biktimei lotuta. Kexaren bidez, ebazpen baten aurrean desadostasuna adierazi zen kexagileak lanaren eremuan ekainaren 18ko 4/2008 Legean jasotako laguntza jakin batzuk eskatu zituelako eta ukatu egin zizkiotelako. Ondoren, bere eskaera neurri batean onetsi zen, beraz, Arartekoa erakundeak bere esku-hartzea bertan behera utzi zuen.
4 .Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioek funtsezko zeregina daukate terrorismoaren biktimen eskubideen defentsan eta beharrezko eragileak dira euren eskubideak aldarrikatze aldera. Horrez gain, gizartearen eremuan bizikidetzaren eta bakearen alde lan egiten duten erakunde eta elkarteen jarduna ere ezinbestekoa da.
Ararteko erakundeak oso modu positiboan baloratzen ditu erakunde horiek, modu horretan, adierazten baita antolatutako gizarte zibila konprometitua dagoela bakearen eta demokraziaren balioekin. Horregatik, harreman etengabea dauka erakunde, elkarte eta fundazio horiekin eta balio horiek defendatzeko antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartu ohi du. Ekitaldi guztien artean, Bakearen Aldeko Koordinakundeari amaiera eman zion ekitaldia nabarmendu nahi dugu, bertan, arartekoak esku hartu zuen eta gogora ekarri zuen “Bakearen Aldeko Koordinakunderik gabe amaiera luzatuko zen eta desberdina izango litzateke, giza eskubideentzat eta gure gizartearen bizikidetzarako kaltegarriagoa”.
Bakearen kulturaren balioekiko gizarte konpromisoa funtsezkoa izan da garai zailetan, herritar askoren eskubideak modu larrian urratu izan direnean.
5.Giza eskubideen egoeraren balorazioa
Aipagarria da 2013. urtean zehar, ETAk “indarkeriaren behin betiko etetea” iragarri zuenetik, ez dela herritarren bizitzarako, osotasun fisikorako, askatasunerako edo segurtasun pertsonalerako eskubidea urratu.
Horrez gain, azpimarratzekoa da egoera horrek ETAren mehatxua eta estortsioa pairatu izan duten milaka pertsonen bizi baldintzak hobetu dituela.