II.ATALA.Euskal Herriko administrazio publikoen jarduera ikuskatzea
EAEko herritarren eskubideak babesteko ardura esleitu diote Arartekoari, EAEko herri-administrazioen irregulartasunen, akatsen, gehiegikeriaren eta jardun okerraren aurrean jardun dezan. Horretarako, oinarrizko bi lanabes erabiltzen ditu:
2013. urtean era guztietako 9.551 kexa egin dituzte herritarrek; beraz, nabarmen ugaritu dira (%12) joan den urtean jasotakoen aldean, eta %93 orain hiru urtekoa erreferentziatzat hartzen badugu. Arartekoa sortu zenetik jaso den kopururik handiena da.
Gainera, urtean zehar ofiziozko 59 espediente hasi dira (iaz 69). Arloen arabera, nabarmentzekoak dira Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren ekimenez hasitakoak, baita ogasunari eta mendeko adinekoei buruzkoak ere.
Kapitulu honetan egituratuta daude jarduera guztiak, Arartekoaren bulegoa antolatzeko dauden 16 arloen arabera multzokatuta. Arlo bakoitzean jarduerarik adierazgarrienak aztertuko ditugu, eta arlo horretan bideratu diren kexarik garrantzitsuenak azalduko ditugu, gai multzoetan bereizita. Era berean, urtean barrena gertatutako lege-aldaketak aipatuko ditugu, halakorik izan bada.
Egindako kexak zer arlorekin lotuta dauden kontuan hartuta, 2012ko goi-mailetan mantentzen dira 2013. urtean ere (880) gizarte bazterketaren kontra borrokatzeko bitartekoekin zerikusia duten kexak. Bereziki gailentzen dira Lanbideren funtzionamendu-arazoei dagozkienak, baita ere erakunde horrek diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren arloan burutu dituen jarduerekin lotutakoak.
Aurten, arlo bakoitzeko lana aurrez garatutako jarduera-planaren inguruan egituratzea indartu da. Arlo guztietan lana planifikatzeko eta homogeneoagoa egiteko tresna da, 2010. urtetik aurrera ezarri duguna. Arloen plangintza estrategikoa egiteko tresna gisa erabiltzen ari da pixkanaka. Era berean, arlo bakoitzaren bukaeran, arlo horrekin lotutako herritarren eskubideak baloratzeko atala agertzen da. Horri esker, begiratu azkar batean, 2013. urtean gaikako arlo bakoitzean kontua nola dagoen ikus daiteke.
Merezi du Arartekoaren lan-mekanika aipatzea, bai Estatuko Herriaren Defendatzaileari bidalitako kexa idatziei dagokienez, bai onartzen ez diren kexei dagokienez, izan ere, horietan denetan izapide laburtua egiten da, baita bideragarritasunezko eta eskumenezko azterketa ere. Egiaz, onartu gabeko kexen estatistikan –aurreko kapituluan eman dugu hori idatziz, Espainiako Herriaren Defendatzailearekiko bikoiztasuna agertzen da kexa ez onartzeko arrazoi gisa haietako 6 kasutan. Beraz, kexa bakoitza banaka aztertuz, Arartekoaren jarduerarekiko bikoiztasunak ekidingo direla bermatzen da.
Horregatik, bideratzen ez diren kexetan ere dedikazio hori egiazta daiteke. Kasu askotan, horren osagarri, kexagileari aholku ematen zaio jarduteko modurik egokienaz, edo konponbide zehatzak bilatzen dira azaldutako arazo zehatzetarako −hori da Arartekoarentzat garrantzitsuena−, egin daitekeen edo egin nahi den izapidea edozein izanda ere, edo eragindako administrazioari luzatutako gomendioa alde batera utzita. Alegia, administrazio-prozeduraren aurretik, benetako konponbideak lortzea lehenesten dugu eta nolabaiteko bitartekaritza informala egiten dugu. Bitartekotza horrek oso emaitza onak izaten ditu eta kexagileak gogo
1.Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola
1.Arloa kopurutan
Arlo horretan guztira 18 kexa-espediente berri ireki zituen 2013. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzea onartutako guztien %0,67. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 5
– Kultura, industria eta arte ondarearen babesa 5
– Kirol jarduerak 4
– Herritarren hizkuntz eskubideak justizia administrazioarekiko harremanetan 2
– Beste alderdi batzuk 1
– Herritarren hizkuntz eskubideak euskal administrazioekiko harremanetan 1
Herritarren erreklamazioen gehiengoak, berriz ere, botere publikoekin harremanetan euskaraz ezin jartzeari buruzkoak izan dira, eta erreklamazio horietatik eratortzen da hobekuntza-marjina handiena Justizia, Osakidetza eta Segurtasun Administrazioaren inguruan dagoela. Hala ere, azken esparru horretan ez bezala, non ezin den esan aurrerapen esanguratsurik egin 2013. urtean, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak abian jarritako planek euskalduntzeari bultzada eman diote zalantzarik gabe, esku-hartze publikoa eta gizarte-adostasuna horrenbeste behar duen testuinguru batean.
Arlo honetan aurkeztutako gainerako erreklamazioak, alde batetik, udal-zerbitzuetan euskaraz artatuak ez izateagatik aurkeztu dira; eta bestetik, herritarrek Erregistro Zibilean izan dituzten arazoengatik, bai euskal izenak inskribatzeko, bai izena edo abizenak euskal ortografiara egokitzeko prozeduretan izandako atzerapenen ondorioz. Kexa horiekin guztiekin lotuta, dagozkien botere publiko guztiek emandako laguntza eskertu behar dugu, helarazi dizkiegun problema oro konpontzeko arretaz lan egin baitute.
Kultura-ondasun izendatzeko ondasunak identifikatzea eta hautatzea izan da arlo horretako beste jarduketa-esparru bat, partikularrek edo herritarren ekimenek eskatuta, gure kultura-ondarea zaintzeko. Hiru alderditan esku hartu behar izan dugu, hain zuzen, gai horri dagozkion balorazio-irizpideetan, herritarren parte-hartzean eta izapideen epeetan, bai Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean bai Donostiako Udalean.
Arlo honetan jasotako gainerako kexen artean, kirol esparruan planteatutakoak azpimarra daitezke, kasu guztietan kirol egokituaren eta eskolako kirolaren ingurukoak izan direnak. Gai horretan, bestalde, genero-ikuspuntua indartzeko gure gomendioak harrera bereziki ona izan dute.
Urtean zehar izapidetutako kexei dagokienez, txosten hau amaitzean egoera honetan zeuden:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
36 | 15 | 19 | 15 | 4 | – | 2 |
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Arreta elebiduna Orioko eta Usurbilgo bake-epaitegietan
Salatutako egoera: Usurbilgo eta Orioko alkateek batera jo zuten erakunde honetara, bere herritarrek Justiziaren aurrean bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea erreklamatzeko. Azaltzen dutenaren arabera, bi udalerrietako bake-epaitegiez arduratzen den Bake Epaitegietako Idazkarien Taldean hutsik geratu zen prozesu-kudeatzailearen eta administrari-idazkariaren kargua erretiroagatik. Ordura arte, euskaldun batek betetzen zuen kargu hori. Haren ordez izendatutako pertsonak, ordea, gaztelaniaz bakarrik artatzen zituen bere epaitegietako erabiltzaileak. Arazoa Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrean planteatu zuten, baina sailaren erantzuna indarreko lanpostu-zerrendari (LPZ) lotu zitzaion, zerrenda horren arabera, kargu horren hizkuntza-profil elebiduna ez baitzen derrigorrezkoa izango 2015eko urtarrilera arte.
Arartekoaren esku-hartzea: Herri Administrazio eta Justizia Sailak berretsi zigun erretiratutako idazkari-kudeatzailea ordezkatzen zuen pertsonak ez zuela hizkuntza-profilik ziurtatuta, hark ez bezala. Hala ere, irizten zuen haren izendapenak, kargua funtzionario titular batek okupatu arte aldi baterakoa zenak eta zegokion lan-poltsan lehentasun-ordenari jarraiki egin zenak, indarrean zeuden betekizunak betetzen zituela. Nahiz eta zegokion lanpostu-zerrendak euskaran prestakuntza-maila handia eskatu postu horretarako, ez zuen ezartzen prestakuntza hori egiaztatzeko betebeharra 2015. urtera arte.
Sailari azaldu genion udalerri horietan Bake Justizian langile euskaldunak izateko eskaera arrazoizko aldarrikapen bat dela, bai eta denboran zehar etengabe egin dena ere. Bestalde, hizkuntza-normalizazioaren esparruan araudiak egiten dituen bi aurreikuspen aipatu genizkion, gure ustez, erretiratu zen pertsona aldi batera ordezkatzeko kontuan hartu behar izan zirenak:
Batetik, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren bigarren tarte-esaldia. Horren arabera, hizkuntza-profilak egiaztatzeko gerora ezarritako data horiek betetzat joko dira, Idazkarien Talde horretan gertatu zen bezala, aipatzen den lanpostuaren titularrak esleitutako derrigortasun-data baino lehen egiaztatu izan balu profila.Horren bidez, lortu nahi da lanpostu edo zerbitzu jakin batean eskuratu den arreta elebidunaren mailak atzera ez egitea.
Bestalde, zer euskara maila duen kontuan izanda, profila ziurtatu behar den datara iritsi arte geratzen den denboran esleitutako profila lortu ezin duen pertsona bat lanpostu bat betetzeko izendatzea eragozten du araudi horrek. Logikoa dirudi aurreikuspen hori egiteak. Izan ere, bestela, izendapen horrek eragingo lukeen legezko arazoa une horretara arte atzeratzen ariko ginateke soilik.
Arazo bera dela eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzara jo genuen.
Emaitza: Planteamendu hori kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak aipatu Bake Epaitegietako Idazkarien Taldeari zegokion lanpostu-zerrenda aldatzeko espedientea hasi zuen, 2015. urtera itxaron arte talde horretan idazkari-kudeatzaile kargua betetzen duenari herritarrak euskaraz artatzeko gai izatea eskatzeko xedeetarako derrigorrezkoa den bezala. Era berean, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren aldeko txostena izan zuen horretarako.
2.2. Kirola egiteko espazio publikoen esleipenean genero-berdintasunerako irizpideak
Salatutako egoera: Guraso talde donostiar bat joan zen kexa aurkeztera Arartekora. Guraso horien seme-alabek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasketak egiten ari ziren, eta beren ikastolako taldearekin parte hartzen zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako Eskolako Kirol jardueretan. Azaltzen zutenaren arabera, programa horretan ospatutako futbol-partidak Kontxa hondartzan jokatzen ziren, baldin eta mutilen taldeen edo talde mistoen artean jokatzekoak baziren. Nesken taldeen arteko partidak, aldiz, Añorgako eta Puioko futbol-zelaietan jokatu behar ziren, praktikan aplikatutako antolaketa-irizpideen arabera. Guraso horien ustez, nesken arteko lehiaketak gizarte-ikusgarritasun gutxiagoko lekuetara zokoratzen ziren horrela, eta botere publikoen jarduketan nagusi izan behar duten errespetuaren eta genero-berdintasuna sustatzearen irizpideen aurkakoa zen hori.
Arartekoaren esku-hartzea: Arartekoa gogoeta egiten hasi zen gai horren inguruan Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta gogoeta egin ondoren 2013ko ekainaren 19ko Ebazpena eman zuen. Ebazpen horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari gomendatzen zaie futbolean aritzeko espazio publikoetan eta, bereziki, Kontxako hondartzan, neurriak har ditzaten eta txapelketa maskulinoak eta femeninoak berdintasun irizpideei jarrai joka daitezen.
Emaitza: Bi erakundeak bat etorri ziren gure ebazpenaren oinarri zen analisiarekin, eta bereziki esanguratsua izan zen foru-erakundearen erreakzioa, kontuan izandako Eskolako Kirol Programan zer-nolako garrantzia duen bere lanak. Ondorioztatu zuen erabilitako irizpideek ez zutela inolaz ere arrazoitzen Eskolako Kirol Programaren esparruan futbolean jokatzeko antolatzen ziren espazioak sexu-arrazoiagatik bereizita erabiltzea, eta bi konpromiso hartu zituen: batetik, futbolean jokatzeko espazioen erabileran sexu-arrazoiagatiko bereizketa eraginkortasunez kentzeko beharrezko neurriak abian jartzea ahalik eta eperik laburrenean; eta bestetik, oro har neskek egiten duten kirolari eta, batez ere, nesken arteko futbolari, ikusgarritasun handiagoa emateko ekintza positiboak abian jartzea programa horretan esku hartzen duten gainerako eragileekin batera, espazio eta presentzia publiko handiagoa lortzen joan dadin.
3.Gizarte- eta araudi-testuingurua
Gure autonomia-erkidegoan euskarak diglosia-egoera bizi du gaztelaniarekiko. Egoera horretan, gero eta nabarmenagoa da euskararen jakintza eta bere erabilera eraginkorra Administrazioan ez datozela bat, bai barne-prozesuetan bai herritarrekin dituzten hartu-emanetan. Horrela eman du aditzera Europako Kontseiluko Aditu Batzordeak Eskualdeko Hizkuntzen edo Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunari buruz egindako Espainiaren egoerari buruzko azken txostenean, eta horrela izan dela adierazi dute arlo horretan herritarrek urtean zehar aurkeztu dituzten kexek.
Ideia hori bera izan zen gogoan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen erabilera Planifikatzeko IV. Aldiaren (2008-2012) ebaluazioan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eusko Jaurlaritzan uztailean aurkeztu zenean.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterketa garrantzitsu bat argitaratu zen: «Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia”.
Atal honetan, azterketa horretako ondorio batzuk errepikatu nahi izan ditugu, kontuan izanda gure jardueran esparru horretan jasotako kexak zer-nolako testuingurutan gertatzen diren deskribatzeko erabiltzen duen birtualtasuna, kexa horietako bakoitzarentzat ematen ditugun konponbideez harago. Halaber, erakunde honek bere azken txostenetan adierazitako ondorioekin bat datozelako errepikatu nahi ditugu, iazko urtean argitaratutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren datuek ere berretsitakoekin:
Gure txosteneko datuek erakusten dute EAEko egoera soziolinguistiko orokorra gaztelaniaren aldekoa dela, hainbat modutan: a) biztanleriaren zati bat, soilik, da gai bi hizkuntzetan; b) gai direnen gehiengoa hobeki aritzen da gaztelaniaz; c) publikoki, euskara aldekoen eta mesfidatien arteko tirabiran kokatzen da, gehiengo batentzat erakargarri eta eztabaidaezin bihurtzen duen sari edo abantaila sozialik gabe.
Guzti horri gehitu behar zaio, gure gizartean eguneroko harremanetan gaztelania erabiltzen dela, eta harreman horiek elebidunak izateko arazoak eta lan eskerga egon daitezkeela. Horregatik, bi lan-ondorio –edo hipotesi sendo– atera ditzakegu:
1. Benetako arriskua dago, egungo gizarte-elebitasun desorekatuaren egoerak euskara bazterrean eta atzera bueltarik gabe uztea, urteen poderioz.
2. Errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak, indarrean dagoen araudian aurreikusten badira ere, txostenaren hasieran aipatu dugun moduan.
Informatzen ari garen urtearen erdialdean, bestalde, datu eguneratuen bidez egungo hizkuntza-profilen arteko egokitze-maila eta profil horiek eskatzen diren lanpostuetan garatutako funtzioak ezagutzeko Eusko Jaurlaritzak eskatutako azterketa kualitatiboaren emaitzak aurkeztu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sail guztiak, Ertzaintza, Justiziako Administrazioa eta Osakidetza barne hartzen dituzten elkarrizketen bidez, euskal administrazioek bi hizkuntza ofizialen funtzionamendua bermatzeko profilek zenbateraino balio izan duten ebaluatu nahi zen, zer komunikazio-behar dituzten eta zer mailaraino beteta dauden kontuan izanda.
EAEko herri administrazio eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planetarako irizpide orokorrek, V. Plangintza Aldia (2013-2017) hasiko zelako Sailak argitaratu zituenek, kontuan hartu zituzten ondorio horiek. Plangintza Aldi horren baitan joan dira aurkezten urte osoan zehar Euskal Autonomia Erkidegoan foru-aldundiek eta udalek onartutako euskararen erabilera normalizatzeko planak.
Halaber, Osakidetzak Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko bigarren Plana onartu zuen, Euskararen Nazioarteko egunean bertan.
Bi aste lehenago, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen Osakidetzak lehentasuna eman behar ziola euskararen jakintzari aldi baterako langileak kontratatzeko garaian, eta enpresa hornitzaileei hizkuntza-irizpideak eskatu behar zizkiela.
Azkenik, Justiziaren esparruan, “Auzia euskaraz” proiektuaklortu duen bultzada berria berri ona izan da. Proiektu horren helburua da auzi-prozeduren izapide guztiak euskaraz egitea.
4.Beste esku-hartze batzuk jarduketa-planaren eremuan
Arlo honetan Arartekoaren jarduketa zuzendu duen planaren esparruan, azpimarratu behar da garrantzi handia eman diogula gizartez ibil antolatuarekin egindako lankidetzari.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin bildu gara. Sailburuordetza horrek uneoro eskaini digu bere laguntza, erakunde honetan kexa aurkeztea eragin duten kasuak konpontzeko, euskal administrazioekin nahiz estatuko administrazioekin lotuta. Esparru horretan bertan, Arartekoak lanean jarraitu du Elebide Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuarekin duen koordinazioa hobetzeko, lankidetza-hitzarmen bat sinatuz.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Funtzionarioek gure bi hizkuntza ofizialak jakiteak ez du bermatzen , bere kabuz, baten erabilera edo bestea herritarrentzat aukera aske bat izatea Administrazioarekin dituzten harremanetan. Izan ere, ez du askotarako balio Administrazioaren zerbitzura dauden langileek euskaran hizkuntza-profil jakin bat ziurtatu behar izana, erabiltzaileak artatzeko garaian ez badira bi hizkuntzak normaltasunez erabiltzen beren jarduketa-esparru guztietan.
Arazo konplexua da, eta arazo hori konpontzeko beharrezkoa da gizarte– eta politika-adostasun zabala lortzea. Edonola ere, ezinbestekoa da botere publikoek ausart esku hartzea gai horretan, kontuan izanda bat ez etortze horrek eragina duela euskaldunen eskubideen eraginkortasunean. Jarduketa-ildo horretan, beharrezkotzat jotzen dugu Legebiltzarrak eskatuta hizkuntza-profilen sistema ebaluatu duten azterketetatik ondorioztatutako datuei erreparatzea. Gure ustez, kezkagarriak dira taularatu dituzten disfuntzioak, eta batez ere, zerbitzu publikoetako langileek jasotzen duten prestakuntza bideratuagoa egotea proba gainditzera hizkuntza dagokion zerbitzuan egiatan erabiltzen irakastera baino, azterketaren ondorioek salatzen duten bezala. Beharrezkoa da ahalik eta loturarik handiena egotea lanpostu baterako behar den profila egiaztatzeko eskuratutako jakintzen eta, egiaz, kasu bakoitzean dauden barne- eta kanpo-komunikazioen fluxuekin bat lanpostu hori betetzeko behar diren jakintzen artean.
Osakidetzaren Euskara Plana urrats garrantzitsu bat izan da, erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen errespetuaren bidez, Osakidetzaren kalitatea hobetzea lortzeko. Ildo horretan, Arartekoak Legebiltzarrari egindako azken txostenean adierazitako kezketako batzuk jasotzen ditu. Kezka horietako bi azpimarratuko ditugu: Osakidetzako langileek osasun-sistemako erabiltzaileen eskaerari aurre hartzea, zerbitzuak euskaraz eskatzeko ardura erabiltzaileei ez uzteko moduan; eta euskararen presentzia eta erabilera zerbitzuaren hizkuntza gisa bermatzea, ahoz nahiz idatziz, gaixoarekin duten arretan nahiz laneko barne-harremanetan.
Anbizio handiko helburu batzuk dira, baina errealistak zuzendaritza, profesionalak eta sindikatuetako ordezkariak parte hartuz egin den planak dagozkion osasun-operadore guztietatik behar duen babesean jarraipena izateko neurrian.
Justizia da oraindik langileek euskara gutxien erabiltzen duten zerbitzu publikoetako bat, eta horrek ezinbestean du eragina erabiltzaileek denbora, eragozpen eta berehalakotasunaren alderditik aurre egin behar dieten kostuetan, auzia hizkuntza horretan egitea erabakitzen dutenean. Egoera horrek atzera egitea eragiten du, eta horren ondorioz, hizkuntza ofizial bat edo bestea erabiltzea ez da aukera aske bat herritarrentzat gure auzitegietan. Gogoratu behar dugu aukera horrek bermatuta egon behar duela, justiziapekoaren eskubide gisa, eta ez haren defentsa-gabezia saihesteko baliabide gisa. Urtean zehar, hala ere, nabarmendu beharreko aurrerapen batzuk gertatu dira:
–
Beste ezer baino lehen, Auzia Euskaraz proiektua, auzi-prozedura osoa euskaraz egiteko aukera emango duten baldintzak sortzeko helburua duena. Operadore juridiko guztien inplikazioa beharrezkoa izango da proiektu hori sendotzeko, epailez, abokatuz nahiz prokuradorez, bai eta perituz, auzitegiko medikuz eta Bulego Judizialeko langilez, osatutako lan-talde elebidunen bidez.
–
Agertzeekin eta epaiketekin lotuta, erakunde honek iazko azken txostenean planteatu zuen iradokizunetako bat jaso da, Justiziako Administrazioak aurre har ziezaien itzulpen-beharrei, bere zerbitzupeko langileek justiziapekoak adierazteko erabili nahi duen hizkuntza ofiziala ez jakitearen ondoriozkoei. Hala, zitazioan bertan hasi ziren galdetzen pertsona hartzaileari ea euskara ala gaztelania erabiliko zuen. Idazkari judizialen laguntza erabakigarria izan zen sistema berriaren bideragarritasuna lortzeko. Sistema hori pixkanaka ezarri zen eta irizpide egokiaz, epaitegiaren tamainaren eta barruti judizialaren egoera soziolinguistikoaren arabera.
–
Formularioak eta inprimakiak egiteari dagokionez, epaitegietako langileei bi hizkuntzatan dauden testuekin lan egiteko aukera ematen dieten tresnak garatzen jarraitu dute, euskaraz terminologia juridikoa erabiltzeko eta ikasteko prestatuz. Egokia litzateke horrela eskatzen duten abokatuek bulegoek aplikagarri horiek eta beren eguneraketak eskuratzeko modua izatea. Edonola ere, ohartarazi behar da formulario bat egoteak ez du bermatzen bi hizkuntzetan ondo erabiliko denik, formularioa betetzen duten langileek hizkuntza bakar batean betetzen badute. Hori ematen dute aditzera zenbait pertsonek egindako kexek. Izan ere, pertsona horien esanetan, bi hizkuntzatan zegoen eredu baten gainean egindako zitazioak jaso zituzten, baina zitazio horietan gaztelaniaz soilik ageri zen deia egiteko agindua ematen zuen organoari, hori erabakitzen zuen ebazpenari, zitazioaren xedeari, agertu behar zuen lekuari, egunari eta orduari eta lege-prebentzio garrantzitsuei buruzko informazioa.
Gure txostenak hobekuntza-marjina handiagoa esleitzen zien zenbait esparruri, hizkuntzen koofizialtasunetik eratorritako eskubideen eraginkortasunari dagokionez, eta esparru horietatik poliziala izan da ordutik aurrerapen esanguratsurik egin ez duen bakarra. Herrizaingo SailakArartekoari agindu zion neurriak hartuko zituela bidali genion Gomendioa betetzeko. Gomendio horretan eskatzen genion bere giza baliabideak antolatzeko, txandetan eta zerbitzuetan langile elebidunen presentzia bermatzeko moduan, faktore objektiboei jarraiki banatuta, hala nola kokatuta dauden lekuko testuinguru soziolinguistikoa eta biztanle kopurua, langileen zuzkidura eta garatutako lanaren arabera publikoarekin izan dezaketen elkarreragin handiagoa edo txikiagoa. Era berean, agindu zuen erakunde honi hartutako neurri horien berri emango ziola.
Txosten hau amaitzean, hala ere, ez genuen neurri horiei buruzko jakinarazpenik jaso, eta horrenbestez, pentsatu behar dugu ez dituela hartu. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearen azken azterketek ateratako ondorioek erabateko zentzua hartzea eragiten du horrek, zehazki, ondorio hauek: errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak, indarrean dagoen araudian aurreikusten badira ere. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari neurri errealistak, espezifikoak eta ebalua daitezkeenak hartzeko eskatzen jarraitu beharko dugu, arlo horretan teoriaren eta errealitatearen artean dagoen tartea murrizten lagunduko duten neurriak, hain zuzen.
Kontsumoaren esparruan, kontsumitzaile euskaldunek saltokietan eta zerbitzu-enpresetan euskaraz artatuak izateko duten eskubidearen birtualtasuna aztertzeko dago. 123/2008 Dekretuak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoak, hasiera batean ezarri zuen lau urteko egokitzapen-epea amaituta, beharrezkoa da aztertzea zenbateraino garatu eta bete den Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarekinelkarreraginean, bai eta eraginkorragoak izan daitezkeen neurriak aztertzea ere, gizartean adostasun-maila handiena bilatuz beti, pertsonek, kontsumitzaileak diren aldetik, gure hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko askatasuna dutela bermatzeko.
Kultura-ondarearen esparruan, Donostiako Arte Ederretako eraikinaren kontserbazio-egoerarekin eta eraikin horrentzat kultura-babeseko erregimen bat ezartzeko beharrarekin lotutako egoera batean esku hartu dugu. Donostiako elkarte batek bere kezka adierazi zigun Udalak eraikina erortzeko zorian zegoela deklaratzeko espediente bat hasi zuelako, eta kexu zen erakunde honen aurrean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez ziolako erantzun 7/1990 Legean, Euskal Kultura Ondareari buruzkoan, xedatutakoaren babesean gai horrekin lotuta egin zuen eskaerari. Arartekoak, bi alderdi horiekin lotuta, 2013ko abenduaren 19ko Ebazpenaegin zuen:
–
Ikuspuntu material batetik, hau adierazi nahi dugu: nahiz eta eraikin baten egoera eta kontserbazioa elementu garrantzitsuak diren beren balioespen egokia egiteko eta babes-erregimena ezartzeko garaian, aldi batean erortzear egotea ez dela oztopo bat bere kultura-babesa ezartzeko, baldin eta horrela gomendatzen duten oinarrizko balioak eta balio nagusiak (arkitekturakoak, historikoak, berezitasunekoak, eredugarritasunekoak...) justifikatzen badira. Edonola ere, eraikina erortzear dagoela deklaratzeak hirigintza-legediak jasotzen duen jabetza kontserbatzeko betebeharren amaiera mugatuko du. Era berean, katalogatutako eraikin bat, kultura-balioengatik babestuta dagoena edo katalogatzeko prozedura bati lotuta dagoena, den kasuetan, 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, kultura-ondareentzat jasotzen dituen berariazko aurreikuspenek zuzenduko dute eraikinaren aurri-deklarazioa.
–
Izapidetzeari dagokionez, adieraziko dugu, behin betiko erabaki bat hartu baino lehen, kultura-administrazioak partaidetza-prozesu bat ezarri behar duela zuzenean interesa duten alderdiekin, bai eta hitzarmen-prozesu bat dagozkion administrazioekin ere. Prozedura horretan, komenigarria litzateke kultura-ondarearen babesa bermatzeko aukera emango lukeen ekintza-plan bat ezartzea; balio bereziko zer elementu babestu behar diren zehaztea; eta babes-erregimena eta erabilera-erregimena, bere balio ezagutarazteko aukera emango duena ezartzea. Horretarako, finantzaketa– eta lehentasun-programa bat abian jarri beharko da, eraikina suntsitzea eragotziko duena.
Bestalde, Donostiako Udalaren aurrean esku hartu dugu tokiko ondarea babesteko plan berezi batekin lotutako egoera batean. Azpimarratu diogu beharrezkoa dela arrazoizko epe batean erantzutea aurkeztutako alegazioei eta pertsona interesdunei unean-unean informatzea gai horrekin lotuta jarraitu diren izapideei buruz. Era berean, jakinarazi diogu Donostian eraikitako hirigintza-ondarea babesteko Plan Berezia onartzeko administrazio-espedientearen izapidetzeak hiru urte baino gehiagoko atzerapena izan duela, gehiegizkoa, 2/2006 Legean, ekainaren 30ekoan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoan, aurreikusitako epeei dagokionez. Hirigintza-antolamenduko udal-zerbitzuaren ohiz kanpoko funtzionamendu hori konpondu egin behar izango zitekeen, legean aurreikusitako izapideak eta epeak betetzeko, edo gutxienez, zentzuzko epe baten barruan betetzeko, administrazio-neurri egokiak xedatzearen bidez.
Politika publiko guztiak diseinatzeko eta gauzatzeko garaian, beharrezkoa da beti genero-ikuspuntu bat kontuan izatea. Genero-ikuspuntu horrek ohartarazten digu zenbait esparrutan gizonen eta emakumeen presentzian oreka-gabezia ez dela kontu neutro bat, baizik eta gizarteak gizon-emakumeei esleitzen dizkien aukeretan eta roletan dagoen sexismoaren ondorio bat. Pertsonen arteko berdintasun eraginkorrari jartzen zaion oztopo bat da hori. Esparru horietako bat da kirola, eta zehazki, modalitate maskulinizatuenak, hau da, batez ere gizonezkoekin lotzen direnak. Modalitate horiei 3/2007 Lege Organikoaren, martxoaren 22koaren, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerakoaren, lehen xedapen iragankorra aplikatu behar zaie.
Beharrezkoa da ikuspuntu hori kontuan izatea, administrazioek, batzuetan, emakumeei eta neskatoei zuzendutako kirol-eskaintza gizonezkoek eskura dutena baino urriagoa dela justifikatzeko baliatzen dituzten antolaketa-arazoei heltzeko garaian. Gai hori Eskolako Kirolaren berariazko esparruan lantzeko parada izan dugu, 2013ko apirilaren 22ko Arartekoaren Ebazpenaren bidez.
Ebazpen horretan, defendatzen dugu, genero-ikuspuntua kontuan hartuta erreparatuz gero, aipatu arazoek datu neutro bat izateari uzten diotela, egiatan diren bezala hautemanak izateko: zeharkako bereizketa-kasuak dira, aipatu 3/2007 Legearen 6.2. artikuluak eta 4/2005 Legearen, Euskadiko emakumeen eta gizonen berdintasunerakoaren, 3.1. b) artikuluak bereizketa hori definitzen duten baldintzetan. 4/2005 Legearen 25 artikuluak 3. eta 4. idatz-zatietan adierazten du zer betebehar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek kirol-esparru zehatzari dagokionez.
2.Hezkuntza
1.Arloa kopurutan
2013an 149 kexa-espediente bideratu dira hezkuntza arloan.
Hona hemen eragindako administrazioak:
– Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusia (Eusko Jaurlaritza) 115
– UPV/EHU 10
– Tokiko administrazioa 4
– Foru administrazioa 1
Ohikoa den moduan, orain Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila izena duenak aurkeztutako kexa gehienak bildu ditu. Horregatik, aldian-aldian jazo diren gorabeherak aintzat hartu gabe (atzerapenak informazioa bidaltzerakoan, adibidez), sail horretako arduradunek lankidetzan aritzeko izan duten jarrera gailendu nahi dugu. Izan ere, jarrera horrek, salbuespenak salbuespen, kexa moduan jaso ditugun kontu gehienak behar bezala izapidetzeko aukera eman du.
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako gai hauei buruzkoak izan dira:
– Ikasleen onarpena 30
– Bekak eta bestelako laguntzak 27
– Eskubideak eta betebeharrak 17
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 14
– Hezkuntza-premia bereziak 11
– Unibertsitateko irakaskuntza 9
– Hizkuntzen irakaskuntza 7
– Eskola-garraioa 6
– Eskolako tratu txarrak edo jazarpena 5
– Irakaskuntza artistikoak 5
– Eskola-jantokia 5
– Haur hezkuntza 4
– Lanbide heziketa 3
– Hezkuntzako plangintza/programazioa 3
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 1
– Ikastetxeak – instalazioak 1
– Batxilergoa 1
Oro har, aurreko ekitaldietako joera eta kexa-arrazoiak mantendu dira eta, jarraian aipatuko dugun kexa azpimarragarriak atalean egiazta daitekeen bezala, ez dira aurreko urteetatik bereziki aldendu.
Urte honetan zehar kudeatu diren kexa-espedienteen izapide prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da 2013an jasotako kexa guztiak, 2013ko urtarrilaren 1ean abian zeudenak gaineratuta, txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
186 | 43 | 106 | 27 | 78 | 1 | 37 |
2.Kexarik aipagarrienak
Ikasleen onarpenerako urteko prozesuaren ondotik makina bat kexa abiarazi dira. Horietako gehienetan erroldari lotutako datuen gehiegizko erabilera salatu da. Horrek beste behin agerian jarri du ez dagoela neurririk ikastetxe jakin batzuetan sartzeko aukerak indartu nahi dituzten jardunbide horiekin amaitzeko (adibidez, familia-etxearekiko hurbiltasunaren lehentasunezko irizpidea baliatzen dute).
Dena den, onarpenerako lehentasunezko beste irizpide batzuen aplikazioari buruzko kexak ere jaso ditugu –familia errenta–. Azken kexa horietako baten ondotik Arartekoaren 2013ko urriaren 28ko ebazpena eman dugu. Horren bidez, hezkuntza-arloko arduradunei gogora ekarri zaie pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga erregulatzen duten foru arauetara egokitzeko beharra, bizikidetza unitatetzat jo behar dena zehazterakoan eta, ondorioz, eskatu dugu 2013-2014 ikasturterako deitutako ikasleen onarpenerako prozesuan egindako onarpen-eskaeraren inguruan hartutako erabakia berrikus dadin.
Aurten ere errepikatu dira planteatutako demanda osoari erantzuna emateko plaza nahikoak ez egotearen ondotik baimendutako ratioa handitzeko eskaerak jaso dituzten kexak. Hala, besteak beste, anai-arreben elkartzea lortu nahi da. Aurrekoetan adierazi dugun bezala, interesdunei jakinarazi diegu indarrean dauden ratioak gaindi daitezkeela, bakarrik, eta salbuespenez, ezarritako arrazoien ondotik, aurretik zentroen berariazko eskaera eginda, eta ratioa ehuneko hamar handitzeko egungo aurreikuspenak xede duela behin ikasturtea hasita eskolatu behar diren ikasleak eskolatzea.
Urteko ohiko prozesu horretatik at, ikasleen onarpena eskolatzeko lurralde batzordeen bidez kudeatzen da. Batzordeok, gainera, proposamenak egiterakoan, familiek adierazitako asmoaz gain, ahalik eta integrazio normalizatuena lortu behar dute gure hezkuntza-sisteman, bereziki, honako irizpide hauek aintzat hartuta: 1) zentroaren gertutasuna familia-etxebizitzari dagokionez eta eskolan dagoeneko anai-arrebarik ote dagoen; 2) funts publikoekin mantendutako zentro guztien (publikoak eta itunduak) arteko oreka; 3) zentroetan dauden baliabide teknikoen eta giza baliabideen erabilera eraginkorra eta 4) zentroaren egokitasuna ikasleari hezkuntza-erantzuna emateko.
2013an jasotako kexek bidea eman digute egiaztatzeko, oro har, batzorde horiek modu egokian jardun dutela. Horri dagokionez, adibide gisa Ondarroan hartutako erabakiak azpimarratu nahi ditugu. Bertan, berriki sartutako ikasleak ikastetxe hitzartuetan sartu dira eta, hala, banaketa orekatua lortu da.
Oraindik behin betiko ebazpena emateke badago ere, uste dugu kexa jakin bat aipatu behar dugula. Bertan, zalantzan jarri da bizilekutik gertu dagoen ikastetxe hitzartu batean eskolatzea ezartzeko hezkuntza administrazioaren bidezkotasuna, mugako inguruetan eskaintza publiko bat egon arren eta, hala, eskola-garraioaren zerbitzu osagarria onartu edo ez horri lotuta egon. Azken batean, badirudi hezkuntza administrazioak gain hartu duela gurasoek edo tutoreek ikastetxea askatasunez aukeratzeko eskubidea mugatzeko aukera, baita zeharka denean ere, ez baitu eskola-garraioaren zerbitzu osagarria onartu nahi, eskatutako hizkuntza eredua inguruko ikastetxe publikoek eskaintzen ez dutenean baina, bai, ordea, itunpeko zentroren batek.
Hezkuntza-plangintzari dagokionez, ohikoa den moduan, zailtasun gehienak zero-hiru urte bitarteko hasierako etapan egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan.
Hainbat herri eta hiritan aurkeztu dituzte kexak (Gasteiz, Ermua, Hernani, etab.). Baina horien guztien artean uste dugu Barakaldoko kasua gailendu behar dugula.
Gure urteko azken txostenean, 2012koan, udalerri horretako herritarren eskaria kanalizatzeko asmoz erakunde honen aurrean aurkeztutako kexaren berri eman genuen. Une honetan, esan behar dugu Barakaldo dela inguru defizitarioenetako bat zero-bi urte bitarteko matrikula publikoei dagokienez. Halaxe jaso dute “Hezkuntza Euskadin 2010-2012”Euskadiko Eskola Kontseiluaren azken txosteneko datuek eta, horrez gain, erantzunik eman ezin izan zaien haur eskoletan jasotako onarpen-eskaera kopuruaren inguruan udalak emandako datuek egiaztatu egin dute.
Kexa honen inguruan bideratutako izapideak gogora ekarri dizkigu Eusko Legebiltzarrean aurkezten dugun urteko txostenean, zehazki, 2003. urteari dagokion horretan, jaso genituen hausnarketa jakin batzuk, zero-hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntzako arretaren ezarpen prozesuari buruzkoak hain zuzen ere. Gure ikuspegiaren arabera, kexa hori honen adibide erakusgarri izan daiteke: udal ekimenak partzuergoan sartzeari uko egiteak eta hezkuntza administrazioak eskaintza propioa abian jartzeko aukera gaitzesteak eduki ditzaketen ondorioak.
Dena den, erakunde honen ustez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Barakaldoko Udalarekin batera eta bakoitzari esleitu dizkieten eskumenak gauzatuz, beharrezkoak diren ekimenak abian jarri behar dituzte plaza eskasian oinarritutako egoera bideratzeko eta estaldura portzentajea onetsitako plangintza erreferentzietatik gertuago egon dadin.
Plangintzari lotutako kontuekin jarraituz, La Baluga eskola publikoko “Handitzen” gurasoen elkarteak sustatu duen kexa gailendu behar dugu. Guraso horiek Sopuertan hezkuntza eskaintza publikoa eskatzen dute, baita Lehen Hezkuntzan ere.
Kasu horretan gorabehera bat egon da eta horrek hezkuntza administrazioak jarduteko dituen aukerak baldintzatu ditu. Haur eskolaren instalazioei dagokien lursailaren dohaintza-eskrituran ezarritako betebeharrei buruz ari gara hain zuzen ere. Erakunde honen esku-hartzeak aukera eman die interesdunei espedienteak agiri gisa biltzen dituen txosten juridikoak eskuratzeko.
Dena den, gorabehera hori eta izan dezakeen garrantzia alde batera utzita, gure ustez, hezkuntza administrazio horrek ezin du hezkuntza eskaintza baten programazioari lotuta duen ardura baztertu. Izan ere, eskaintza horrek Sopuertan lehen hezkuntzan ere hezkuntza publikoko eskaintza lortzea xede duen eskariari erantzun behar dio.
Azkenik, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan ikasketak euskaraz emateko eskaintzaren inguruan izapidetutako kexa aipatuko dugu. Gure iritziz, 2013-2014 ikasturterako onartutako plangintzak baztertu egin du 2013-14 ikasturteko plangintzan, oinarrizko mailan, euskarazko talde bat gehiago zabaltzeko aurretik hartutako konpromisoa, eskaintza orekatua egon dadin (bi talde euskaraz eta bi talde gaztelaniaz). Horren harira, zuzendaritza taldeak ez du aipatu erabakia funtsatzeko azalpen nahikorik eman.
2013an dagoeneko joan den urtean nabarmendu genuen joera mantendu da, alegia, lanbide heziketako ikasketei buruzko kexak handitu dira eta, gure irizpidearen arabera, krisi ekonomikoaren egungo egoerari lotuta egon daiteke. Egoera horren ondotik gazte askok haien prestakuntza laneratzea erraz dezaketen ikasketekin osatzen dute.
Kexa horietako batzuek agerian jarri nahi izan dute geroz eta handiagoa den eskari horri erantzuna emateko ez daudela plaza nahikoak. Beste batzuetan, aldiz, goi-mailako lanbide heziketako zikloetara sartzeko probetan kudeaketako ohiko gorabeherak salatu dira, hain zuzen, erdi-mailako ziklo bat aurretik gaindituta duten eta probaren berariazko zatitik salbuetsita geratuko direla uste duten hautagaiak direnean. 2012an Hezkuntza Sailak izandako lankidetza jarrerari esker salatutako arazoak edo akatsak konpondu ziren. Hala ere, aurten kasu guztiak ez dira behar bezala ebatzi. Gure aburuz, arduradun berriek aintzat hartu beharko lukete berriz ere goi-mailako prestakuntza zikloetara sartzeko proben deialdi horiek kudeatzeko modua, akats horiek erdi-mailako zikloak gainditu dituzten hautagai interesdunen prestakuntza espektatibak zapuztu ez ditzaten.
Hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, aurten ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeei onarpen-baremoan sartutako arauzko aldaketa gailendu behar dugu. Aurreko ekitaldiko txostenean, bereziki jaso genituen berrogei urte baino gehiagoko eskatzaileek adinaren atalean puntuaziorik jaso ez izanaren ondotik bideratutako kexak, kontuan hartuta beste adin-tarte batzuei puntuazio hori eman ematen zaiela. Egoera hori, ordea, aldatu egin da. Izan ere, ikasketa horiek egin nahi dituzten ikasleen onarpena eta matrikulazioa arautzen duen 2013ko uztailaren 3ko aginduak ez du desberdintasunik ezarri hemezortzi urtetik gorakoen artean.
Dena den, onarpen araudi horrek kexa gehiago eragin ditu atzerritarren identifikazio zenbakirik (AIZ) ez duten etorkinei jarritako mugak direla-eta.
Horri dagokionez, hezkuntzako arduradunek hauxe defendatu dute: hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006
Legeak egiten dituen eta hizkuntzen irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntzatzat jotzen dituen irakaskuntzen antolamenduak aukera ematen du Auzitegi Konstituzionaleko azaroaren 7ko 236/2007 zk.ko Epaiaren irismena zehazteko (AKE 2007236), atzerritarren matrikulaziorako aukeraren gaineko konpromisoa hartu arren, atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ) eskatzeko beharrik gabe, ikasleak onartu eta matrikulatzeko prozesuak amaitu ostean plazak hutsik geratzen direnean.
Halaber, aurten Euskara eta Euskal Literatura irakasgaiaren salbuespenari buruzko hainbat kexa aurkeztu dizkigute. Jakina denez, Hezkuntza Sailak urtero-urtero xedatzen ditu Euskara eta Euskal Literatura eremua edo irakasgaia barne hartzen ez duen hezkuntza-sistema batean haren ikasketak hasi dituen ikaslea irakasgai hori ikastetik edota ebaluatzetik salbuetsi ahal izateko terminoak. Hain zuzen, 2012-2013 ikasturterako emandako instrukzioek ebaluazioaren salbuespena luzatzeko aukera gehienez ere lau urtera arte mugatzen zuten. Kexa horiek sustatu zituzten ikasleak EAEko hezkuntza-sisteman 2008-2009 ikasturtean hasi ziren. Horregatik, hezkuntza administrazioak ez zuen salbuespen berri hori baimendu nahi, horiek guztiek osatu baitzituzten salbuespenezko luzapen hori baliatzeko lau ikasturteak.
Interesgarria iruditzen zaigu interesdun batek hala eskatuta izapidetu dugun kexa. Haren asmoa zen Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailaren titulu edo egiaztagiri baliokideak ziurtatzeko premiaren salbuespena onar ziezaioten, kontuan hartuta Erizaintzako ikasketak gainditzeko ikasketak euskaraz egin dituela. Hori guztia euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen edo ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuestekoapirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.
Gure esku-hartzeari esker, interesdun horrek lortu du haren eskolako zuzendaritzak azken ziurtagiri bat egitea, euskaraz bete-betean egindako irakasgaiei dagozkien kredituei zati batean euskaraz egindako irakasgaiei dagozkienak gehituz eta, hala, unibertsitateko titulazioak direnean C1 mailaren maila baliokidea egiaztatzeko salbuespena lortzeko behar diren gutxieneko 144 ECTS kredituak gainditzeko.
Eskola-garraioaren zerbitzu osagarriari dagokionez, esan behar dugu oraindik ez dugula itxi Ametzaga, Sarria eta Bitoriano herrietan ikasleei ematen zitzaien eskola-garraioaren zerbitzua eteteko hezkuntza administrazioak hartutako erabakiaren ondotik eskola-kontseiluetako hainbat ordezkarik, baitaArabako Zuia udalerriko ikastetxeetako gurasoen elkarteek ere, hala eskatuta hasitako esku-hartzea.
Orain arte, saileko arduradunek adierazi dute hartutako erabakia indarrean dagoen arauekin bat datorrela eta gailendu dute ezin dela alde batera utzi etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko distantziari lotutako baldintza. Hala ere, berriki, esan dute aplikazioak kasuren batean planteatzen dituen arazoez jabetuta, egokia iruditu zaiela urteko zirkularra aztertzea, bertan aldaketak sartzeko aukera jorra dadin.
Horrez gain, nabarmendu nahi dugu gurpil-aulkian mugitu behar duen ezgaitasunen bat duen gazte baten familiak sustatu duen kexaren berri izan nahi dugula. Familia horren arabera, eskola-garraioaren egungo antolamendua diskriminatzailea da ezgaitasunen bat duten ikasleentzat.
Eskola-jantoki zerbitzuari dagokionez, 2013. urtean hezkuntza-eragile batzuk esan digute kezkatuta daudela adingabe batzuen egoerarengatik. Izan ere, aipatu adingabeen familiek ezin dituzte jantokiko kuotak ordaindu, beken deialdi orokorraren esparruan urtero-urtero iragartzen diren jantokiko laguntzen onuradun izatea espero badute ere, zerbitzu horren funtzionamenduari lotutako instrukzioek ezartzen baitute kuotak behin eta berriro ez ordaintzeak jantokiko plaza galtzea ekar dezakeela.
Gure esku-hartzeari esker, behin-behineko kasuak ebazten laguntzeaz gain, hezkuntza administrazioaren konpromisoa lortu dugu: alegia, ikastetxe guztiei instrukzio bat bidaltzekoa, ahal den neurrian halako egoerak saihesteko.
Horrez gain, eskola-jantokietako elikadura-hondakinen kudeaketa bultzatu nahi duten hainbat elkarteren proposamenak jaso ditugu (kudeaketa horren bidez hondakin horiek berrerabili nahi dira dohainik kontsumi daitezen). Hori guztia kontuan hartuta, iritzi artikulu bat egin genuen “Posible da beste herstura mota bat” izenburupean. Bertan, kontsumo arduratsua egiteko eta elikagaien eralgiketa murrizteko premiaren inguruan kontzientziatze aldera azken urteotan lanean ari diren herritarren elkartasun mugimenduak aipatu ziren.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, urte honetan zehar supergaitasunaren edo arreta faltaren nahasmenduaren baldintza pertsonalak dituzten ikasle batzuei ematen zaien hezkuntza-erantzunaren jarraipena egin dugu.
Zeregin horri esker antzeman ahal izan dugu desadostasun handia dagoela ikasle horiei une honetan ematen ari zaien hezkuntza-erantzunaren inguruan eta, gure ustez, horrek ikasle horien hezkuntza abordatzeko familia-eskolaren artean lankidetza harreman on baterako ildoa sakontzera darama, adimen ezgaitasun handiak dituzten ikasleentzako hezkuntza-orientazioak jasotzen dituzten agiriek gomendatzen duten moduan.
Horri dagokionez, hainbat elkartek esan dute kezkatuta daudela orientazio horietako asko ez direlako gauzatzen edo geletako egunerokoan jarraitzen ez direlako.
Halaber, “Euskal Gorrak” – Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak entzumen ezgaitasuna duten ikasleen gaineko kexak bidaltzen jarraitu du, bereziki, lanbide heziketako ikasketa jakinak egiten dituzten horien gainekoa.
Ikastetxeei dagokienez, ikastetxe batek jarduera osagarriak programatzeko modua zalantzan jarri zuen ama batek sustatutako kexa bat aztertzearen ondotik, esan behar dugu ikastetxeek, haien autonomia pedagogikoa baliatzean, beharrezkotzat jotako jarduera osagarriak ezar ditzaketela pedagogiari eta curriculumari lotutako haien proiektuak bermatzeko. Jarduera horiek borondatezkoak izan beharko dira. Horregatik, bertan parte hartzen ez bada, zentroek antzekoa den ordezko hezkuntza arreta eskaini beharko dute, programatutako jarduera didaktiko osagarriek dituzten curriculumaren helburu berak lortu ahal izateko.
Ekonomia eta finantza kudeaketari dagokionez, adierazi dugu aurrekontuaren eskuragarritasunak aukera ematen badu, zentroek jarduera horiek dohainik programatu ahal izango dituztela. Hori posible ez bada, ez da baztertu behar zentroek familien babesa eska dezaketela, ekarpen ekonomikoak ezarrita, baina jarduera osagarri horiek ikasle guztientzako barneratzaileak eta irisgarriak izango direla bermatuko duten neurri osagarriak aintzat hartuta.
Hain zuzen, ikastetxeetako pedagogia- eta kudeaketa-autonomia errespetatzeak hasiera batean eragin zuen hezkuntza-ikuskapenak testuliburu baten eduki jakinen egokitasuna ez baloratzea. Hala ere, aurrerago, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunek, Emakunderekin batera, eragindako editorialari idazki bat bidali diote. Bertan Baterako hezkuntzarako eta hezkuntza-sisteman genero indarkeria prebenitzeko gida plan bat abian jarri dela aipatu da. Plan horren xedeetako bat ikuspegi integral batetik kulturaren, politiken eta ikastetxeen praktiken esparruan genero ikuspegia sartzea da. Horrekin bat etorriz, eragindako editorialari gomendatu diote salatutako edukiak alda ditzan eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatuko duten baterako hezkuntzaren ereduak oinarri dituzten materialak edita ditzaten.
Elkarbizitza atalean aurten ere ez dira faltatu gatazka egoeren aurrean hezkuntza administrazioaren berehalako jarrera edo esku-hartzea eskatu duten ikasleen familien kexak, oro har, behar bezala bideratu direnak.
Halaber, irakasle funtzionario baten kasuaren berri izan dugu. Pertsona honek hainbat ikasleren erasoak jasan ditu eta erakunde honen esku-hartzea eskatu du uste baitzuen hezkuntza administrazioak ez zituela jarraitu “Ikastetxe publikoetako langileenganako eraso kasuetan jarduteko gida” delakoaren urratsak.
Ohikoa denez, beka eta bestelako laguntzei lotutako makina bat kexa jasotzen jarraitu dugu baina kexok bideratzeko arrazoiak ez dira berriak beste txosten batzuekin alderatuta. Hala, arrazoi formalak oinarri dituzten egoerak jazo dira: atzerapenak erreklamazioak eta errekurtsoak ebazterakoan, atzerapenak onartutako laguntzen ordainketan. Arrazoi materialek eragindakoei dagokienez, deialdietan xedatutako eskakizunak gaitzetsi eta horiekin bat etortzen ez diren desadostasun kasuak dira, batez ere, baldintza ekonomikoei lotutakoak.
Dena den, aurten bereziki aipatu behar da bikaintasun akademikoko beka horien inguruan hezkuntza administrazioak hartutako erabakiaren ondotik aurkeztu den kexa.
Unibertsitate ikasketak atalean, hainbat kexa onarpen-gorabeherei buruzkoak dira. Horiei dagokienez, erakunde honek kexen izapideari esker emandako ebazpenean jasotakoa baliatu nahi du UPV/EHUri gomendatzeko lekualdaketa-eskaeren eta irakasgaien baliozkotzearen inguruan susta daitezkeen erreklamazio eta errekurtsoen ebazpenean arduratsuagoa izan dadin, interesdunek lekualdatzeko aukera baztertu ez dezaten ebazteko epeen atzerapenak direla-eta.
Halaber, kexek ebaluazioaren zenbait gorabehera jorratu dituzte; dena den, lankidetzari esker, behar bezala argitu dira.
3.Araudi-eta gizarte-testuingurua
2013ko abenduaren 10ean Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa argitaratu da, hezkuntza kalitatea hobetzeko asmoz (LOMCE).
Lege hori oso polemikoa izan da eta hezkuntzako sektore askotan ez dute onartu. Gauzak horrela, Konstituzio Auzitegian errekurtsoak jarriko direla ere iragarri da.
Hala, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatu du “Heziberri 2020” plana abian jar dadila -LOMCE horri erabateko ukoa eman nahi dion ekimen gisa aurkeztutakoa-, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta euskal hezkuntza komunitateko eragile nagusiek hainbestetan adierazi duten moduan.
Plan horrek hiru proiektu bildu ditu, desberdinak baina, aldi berean, osagarriak, eta hezkuntza-sistemaren kalitatea eta bikaintasuna hobetzea du xede, hau da:
Lehen proiektua: “Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru propioa” egin eta adostu.
Bigarren proiektua: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculuma ezartzen duten dekretuak egin eta adostu.
Hirugarren proiektua: Hezkuntzaren Euskal Legerantz urratsak eman.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Joan den urtean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak haur hezkuntzako lehenengo zikloaren gainean egindako diagnosiaren lehenengo aurrerapenaren berri izan genuen.
Diagnosi horren esparruan, hezkuntza-ikuskapenak txosten bat egin zuen hezkuntza administrazioaren mendeko ikastetxeetako bi urteko geletarako langile laguntzaileei buruzkoa, eta honako alderdi hauek jorratu zituen: (1) Bi urteko geletan Hezkuntza Sailekoak ez diren zenbat langile dauden; (2) eskaintzen dituzten zerbitzuaren modalitateak, kontratuen tipologia eta kontratatzen dituzten eragileak; (3) geletan langile horiek eman beharreko denbora –ordutegiak– eta esku-hartze motak; eta (4) familiek ordaindu beharreko kuotak.
Baina, informazio hori baino harago, sailak beharrezko esku-hartze ildoak zehazteko eta horretarako jarduera egutegi bat ezartzeko proposamenaren berri baino ez genuen izan. Hortaz, ez genuen jarduera horren ondotik atera zitezkeen ondorioen berri.
Arduradun berriekin egindako gestioek aukera eman digute ezagutzeko egungo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakin badakiela irakasleak eta hezkuntza laguntza kontratatzeko ohiko sistematik at dauden kontratazio horiek dakartzaten arazoa zein den. Horregatik, konpromisoa hartu du BIGE eta gurasoen elkarteetako ordezkariekin eta Sareanekin, ikastetxeetako zuzendaritzak ordezkatzen dituen organismo gisa, esku-hartzearekin jarraitzeko, egungo kontratazioak berritu ez ditzaten. Halaber, konpromisoa hartu du lurralde ordezkaritzetako plangintzaren zerbitzuek aztertu dezaten gurasoen elkarteek kontratatutako pertsonen laguntzari uko egiten dioten ikastetxeetako egoera.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
EAEko hezkuntza administrazioak onartutako asmoa, alegia, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organiko berriari (LOMCE) aurre egin eta horren ordez hezkuntza-eredu pedagogiko propioa sustatzekoa, “Heziberri 2020” abian jarrita, eztabaidatik libre geratzen ez den egoera batean kokatu gaitu.
Hala, ez dakigu zein izango den datozen hilabeteetan egoera berri honen ondotik jasoko ditugun kexek izango duten eragina. Dena den, gure asmoa hauxe da: aldaketa berri honek gure erkidegoko hezkuntza-sisteman izan dezakeen benetako eragina ezagutzeko jarraipen bat egitea.
Hala ere eta proposatu dugun egiteko hori alde batera utzita, azken urte honetan izapidetutako kexen ondotik gure hezkuntza egoeraren hainbat alderdi kontuan hartu ditugu eta horiek aipatzea beharrezkoa iruditu zaigu:
Hala, adibidez, ikasleen onarpenerako prozesuei buruzko kexak beste urtebetez errepikatzeak dakar erakunde honek hezkuntza administrazioari egindako gomendioa indarrean jarraitzea, prozesu horren kudeaketa modu arduratsuan jorra dezan, plaza nahikoak ez dauden kasuetarako aurreikusitako lehentasunezko irizpideak modu zentzudunean aplikatuz.
Horrez gain, gure ustez, garrantzitsua da eskolatze batzordeak haien zeregina egiten jarrai dezaten animatzea
–alegia, lehen aldiz gure hezkuntza-sistema baliatzen duten ikasle etorkinei ahalik eta integrazio normalizatuena ematen lortzea–. Dena den, beste batzuetan egin dugun moduan, gailendu nahi dugu, proposamenak egiterakoan, batzorde horiek bermatu behar dutela ikastetxeen finantzaketa baldintzek eta eskola-garraio, –jantoki eta –materialerako familiei ematen zaizkien laguntzek bidea eman behar dutela herritar guztiek unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietarako sarbide unibertsala eduki dezaten.
Hezkuntza-plangintzari dagokionez, zailtasun handienek zero eta hiru urteko hasierako tartean egoten jarraitzen dute, batez ere, bi urteko gelen eskaintzan. Erakunde honen ustez, eremu defizitario horietan beharrezkoa da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta kasuan kasuko udalek, bakoitzak esleituta dituen eskumenak baliatzean, bidezko ekimenak aurrera eraman ditzaten plazen inguruko egoera defizitario horiek berbideratzeko eta, hala, estalduraren ehunekoa onartutako plangintzaren erreferentziatik gertu dauden indizeetan koka dadin.
Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sail berria animatu nahi dugu abiarazitako ildotik lanean jarrai dezan -hots, eskola komunitateko ordezkari guztien partaidetzarekin plangintza demokratikorako bidea eman dezan-.
Azken urteetan antzeman dugu hizkuntzen eta lanbide heziketako irakaskuntzen eskari handiagoa dagoela. Hori krisi ekonomikoaren egungo egoerari lotuta dagoela uste dugu. Horregatik, eta beste txosten batzuetan dagoeneko adierazi dugunez, uste dugu egungo eskaintza handitzeko bidea eman dezaketen aukera guztiak agortzen saiatu behar dela eta, hala, goi-mailako ikasketetarako eta hizkuntzen prestakuntzarako sarbidea bideratu, gure gazteak lan-merkatuan sar daitezen errazteko.
Halaber, krisi ekonomikoaren egungo egoeraren ondotik hainbat hezkuntza-eragilek eskola-jantokiaren zerbitzuan jazotzen ari diren egoera batzuk nabarmendu dituzte. Hainbat familiari eragiten die. Izan ere, adingabeak dituzten familia horiek ezin dituzte kuotak ordaindu, beken deialdi orokorraren esparruan urtero-urtero iragartzen diren jantokiko laguntzen onuradun izango direla uste badute ere. Gure iritziz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egoera hori kontuan hartuta jantokiko laguntza horiek kudeatzeko moduan hainbat aldaketa sartzeko aukera jorratu beharko luke.
Kontsumo arduratsua egiteko premiaren inguruan kontzientziatu eta elikagaien eralgiketa murrizteko azken urteotan izandako herritarren elkartasun-mugimenduak positibotzat jo ditu erakunde honek. Hortaz, uste dugu ez dela alde batera utzi behar proposamenak aztertzeko aukera; adibidez, eskola-jantokikoetako elikadura-hondakinen kudeaketa bultzatzekoa (hondakinok berrerabil eta dohainik kontsumi daitezen).
Eskola-garraioari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradun berriek iragarritako proposamena, egungo zirkularraren edukia berrikustekoa, gure iritziz, herritarren eskariei erantzuna emateko aukera bat izan daiteke. Adibidez, Zuian, hilabeteak dira hauxe eskatzen dutenetik: aukera berdintasuna landa eremuan bizi diren ikasleentzat.
Horrez gain, ezgaitasunen bat duten ikasleentzat zerbitzu hori nola ematen den aztertzeko unea hauxe izan daiteke, ustezko bereizkeriari buruzko kexak berriro jazo ez daitezen.
Joan den urtean eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategiakoa abian jarri zela ikusi genuen. Une hartan uste genuen plan horren ebaluazio eta jarraipenaren bitartez kexak hizpide izandako ikasle jakinen egoeraren ondotik ikasle horiei ematen zaien hezkuntza-erantzuna hobetuko zela. Halaxe gertatu da gaitasun handiko ikasleen kasuan, baita arreta faltaren nahasmenduak eragindako ikasleen kasuan ere.
Zenbait kasutan egin dugun jarraipenak eta sektorean lan egiten duten elkarte batzuek adierazi dizkiguten kezkak aintzat hartuta gailendu behar dugu lanean jarraitu behar dugula ikasle horientzako egindako hezkuntza-orientazioak geletako egunerokoan jazo daitezen.
Jakina, gogoeta horiek aurkeztu berri den Baterako hezkuntzarako eta hezkuntza-sisteman genero indarkeria prebenitzeko gida planean gehitu nahi ditugu.
Azkenik, nabarmendu nahi dugu, berriz ere, eskola-elkarbizitzaren gaineko gida berrien aplikazio sistematiko eta eraginkorra sakontzeko premia dagoela, tratu txarren egoeraren diagnosi zuzena egiteko, biktimei laguntza, babesa eta segurtasuna emateko eta eragindako familiekin konfiantzazko eta komunikazio oneko harremana mantentzeko xedeak bete eta xede horiei behar bezalako erantzuna emateko.
3.Ogasuna
1.Arloa kopurutan
Aurten, Ogasunaren arloan 206 kexa-espediente jaso ditugu guztira, alegia, erakunde honek urte osoan zehar tramitatu dituen kexen %7,7. Eragindako administrazioen arabera sailkatuko ditugu:
– Tokiko administrazioa 100
– Foru administrazioa 33
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 4
Honela sailkatu ditugu gaiak edo azpiarloak kontuan hartuta:
– Tasak 73
– Tokiko zergak 68
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 27
– Foru zergak 27
– Prezio publikoak 10
– Beste alderdi batzuk 1
Hauxe da ekitaldiaren amaieran, 2013ko abenduan, arloan kudeatutako kexen informazio estatistikoa:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
202 | 124 | 46 | 8 | 30 | 8 | 32 |
2.Kexarik aipagarrienak
Atal honetan herritarrek Ararteko erakundean aurkeztu dituzten kontu nagusiak jorratu behar dira. Lehenik, aipatu behar da udal zergei lotutako erreklamazioek gora egin dutela, zehazki, uraren eta zaborren tasaren kobrantzen ingurukoek. Era berean, ondasun higiezinen gaineko zergan (OHZ) kuota likidoaren %150erainoko errekarguaren kobrantza zalantzan jarri duten erreklamazioen kopuru handia jaso da.
Zaila da jardun batzuk beste batzuen gainetik nabarmentzea. Hala eta guztiz ere, bi gai aipatuko ditugu: foru-ogasunen zerbitzuek egindako likidazioen edo haiek zergei buruz emandako informazioaren oinarriaren gaineko PFEZen erregularizazioa, eta zigortzeko ahalmena egikaritzean egondako atzerapen desegokiak.
Mahai gainean jarritako lehenengo arazoa errepikatzen da eta hiru lurralde historikoei modu berean eragiten die. Ekitaldi guztietan herritarren desadostasunaren eta nahasmenduaren berri ematen digun erreklamazioren bat jasotzen da, foru-ogasunek beraiek egin zuten errenta-aitorpenak erregulazioari ekin diotelako. Eragindako pertsonek onartu ohi dute ez-sartutako kuota diferentzialagatik likidazio berri bat igorriz egikaritzea berrikuspen-prozesu hori, baina sumindu egiten dira berandutze interesen kobrantzarengatik.
Honi dagokionez ados gaude herritar horiekin: kontuan hartu beharko litzateke foru-ogasunek geroago berrikusi eta erregularizatuak izango diren aitorpen horien emaitzetan esku hartu dutela.
Hala ere, aitortu behar da foru-ogasunek bidali edo egiten dituzten autolikidaziorako proposamenak onartzeak ez dakarrela erantzukizuna zergadunarengandik zerga benetan aitortu eta likidatu duen organora lekualdatzea. Horrenbestez, prozesu horretan egon litezkeen akats edo irregulartasunen ondorioak zergadunari dagozkio, horrek une oro bere kabuz jokatu izan balu bezala.
Era berean, gaur egungo zerga esparruan, berandutze interesen sortzapena printzipio orokortzat hartzen da, eta, beraz, epez kanpo egiten den diru-sarrera orok administrazioaren aldeko berandutzako interesen ordainketa sortzen du.
Aintzat hartu behar da berandutze interesen ordainketak, teorian, kalte-ordain izaera duela eta horren bitartez administrazioari zorraren ordainketan izandako atzerapena konpentsatu nahi zaiola. Baina errealitateak gertakizun paradoxiko bat islatzen du; izan ere, azken urteotan, diruaren legezko interesa berandutze interesa baino txikiagoa izaten ari da.
Erakunde honek 2003an gomendio orokor bat egin zuen, Zerga-kudeaketarako formula modernoak eta berezitasunak araudien bidez jaso eta onartzea izenburukoa, foru-administrazioek aitorpenak egiteko prozesu horiek araudien bidez gara zitzaten, beren benetako izaerari gehiago adituz, eta inplikatutako aldeen jarrera juridikoa berdintasunezko irizpidez mugatuz (zerga-administrazioa eta zergaduna), lege antolamenduak zergadunaren alde aitortzen dituen printzipio eta bermeak errespetatuz, bereziki fede onarena eta segurtasun juridikoarena, gure ustez printzipio horiek ez baitzeukaten behar besteko babesik.
Urte horretatik aurrera onartutako araudiak herritar-agiria eman die prozedura horiei guztiei eta zerga-administrazioaren praktikak finkatu ditu. Horren ondorioz, behin-behineko likidazio horiek ofizioz edo interesdunak eskatuta alda daitezke, preskripzio- edo iraungitze-epearen barruan.
Administrazioak aitorpen horietan subjektu aktibo gisa parte hartzen du. Hala ere, legezko ondorioetarako, ia esku hartu izan ez balu bezala da, zeren eta zergadunak sinatu edo baieztatu duen proposamena, ondorio guztietarako, zergadunak berak aurkeztutako autolikidaziotzat hartzen baita. Zehaztasun batekin, zergaduna aitorpeneko erantzukizunetik salbuesten da, baina horren ondorio bakarra da akats horiengatik ez dela haren aurka zigortzeko espedienterik izapidetuko.
Zerga-administrazioak ez du aintzat hartzen foru-ogasunek haien esku jartzen dituzten zerbitzuen eskaintzaz baliatzen diren pertsona gehienek neurri handiagoan edo txikiagoan zergen arloko araua eta zerga hori likidatzeko mekanismoak ez dituztelako ezagutzen erabiltzen dutela zerbitzu hori, eta horregatik ustez adituak diren pertsonetara jotzen dutela, ondo jardungo dutela uste baitute, beraien zerga-betebeharrak betetzeko.
Zigortzeko ahalmena egikaritzeari dagokionez, zehaztu behar da zergen arloan iruzurra egiteko asmoa barne hartzen duten zigor motez gain betebehar formal bat ez gordetzea zigortzen dutenak ere badaudela. Horrela, zergen inguruko foru arau orokorrek autolikidazioak edo aitorpenak epean ez aurkezteagatiko (betiere, Foru Ogasunari eragozpen ekonomikoa eragiten ez badio) arau-hausteak tipifikatzen ditu.
Zergen arloko arau-hausteen preskripzio-epea 4 urtekoa da. Legezkotasun hertsiaren ikuspuntutik, atzerapen desegokia agerian jartzeaz gain, ezin zaio eragozpen askorik jarri aldi hori aurrera egin duenean preskripzio-aldian gertatu diren arau-hausteengatik egindako zigortzeko espedienteak izapidetzen hasten den zerga-administrazioari.
Dena den, administrazioaren jardute egokiak gertutasuna eskatzen du arau-haustearen eta zigortzeko prozeduraren hasieraren artean. Izan ere, zergadunaren jardun desegokiaren eta administrazioaren erantzunaren arteko hurbiltasun horrek bakarrik ematen du aukera ikasteko eta etorkizuneko jardunei begira disuasioko elementu gisa dihardu.
Arazo hori Bizkaian igarri da, zigortzeko espediente batzuk jarri baitira 2000. urtetik geroztik jarduerarik ez zuen eta foru-ogasun horren errekerimendua jaso ostean sozietateen gaineko zergaren likidazioak epez kanpo aurkezten zituen enpresa baten aurka.
Azkenik, egokia iruditu zaigu 2013an udal zergen inguruan egin diren gomendioak labur aipatzea. Horietan hainbat gai jorratu dira, hala nola: Azkoitiko hilerriaren 01.a) tasan subjektu pasiboaren aldeko prestazio erreal eta eraginkorraren falta, Lazkaoko Udalak ez preskribatutako ekitaldiko TMIZn ordaintzeko agintzean jarraitutako jarduna zuzenbidearekin bat ez etortzea, Trafikoko Erregistroan zaharkituta egoteagatik datuen aldaketa izan duten ibilgailu batzuk direle eta edo Areatzako udalerrian furgoneten TMIZn ordainaraztea.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Zergen gaineko araudia oso dinamikoa denez, ekitaldi bakoitzean foru eta udal mailan zergen erregulazioan eragina duten berrikuspenak eta eguneraketak egiten dira.
Foru arauaren aldaketa orokorrak, 2013an ondorioak izan dituztenak, Arabako Lurralde Historikoan foru arau hauek onartzearen ondorioz gertatu ziren: apirilaren 15eko 13/2013 Foru Araua, 2013. urterako zerga neurriei buruzkoa, 2013ko ekainaren 3ko 18/2013 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoan zerga iruzurraren kontra borrokatzeko oinarrizko printzipioak eta neurriak eta zergen arloko beste neurri batzuei buruzkoa, eta martxoaren 11ko 9/2013 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergari buruzkoa; aldaketak Bizkaian honako foru arauak onartzearen ondoriozkoak izan ziren orobat: otsailaren 29ko 1/2012 Foru Araua, 2012rako eta 2013rako zenbait xedapen iragankor eta zergen arloko beste neurri batzuk onartzen dituena, eta hori osatu zuen otsailaren 27ko 3/2013 Foru Araua, zerga-iruzurraren aurkako borroka indartzeko neurri osagarriak nahiz zergen arloko beste aldaketa batzuk onartzen dituena. Lurralde horretan otsailaren 27ko 2/2013 Foru Araua, ondarearen gaineko zergari buruzkoa, ere onartu da. Gipuzkoan, berriz, arauen eguneraketa abenduaren 27ko 13/2012 Foru Arauak, zerga alorreko zenbait aldaketa onartzen dituenak, eta abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, aberastasunaren eta fortuna handien zergarenak, eragin zituzten.
Ondarearen gaineko zerga, hasiera batean, aldi baterako berreskuratu zen, 2011. eta 2012. urteetarako. Zerga berrezarri zuten foru arauen indarraldiaren amaierak eta egungo ekonomia-egoera gainditzeko beharrak ondare handiagoa duten zergadunen solidaritate-ahaleginak denboran irautea eskatu dute.
Era berean, aipatu behar da Arabako Lurralde Historikoan preskripzio-epea lau urtetik bost urtera igo dela, martxoaren 11ko 8/2013 Foru Arauari jarraiki.
Arau horien edukiak agerian uzten du adostasuna lortzeko aurkitu ziren eta gainditu ezin izan ziren zailtasunak zerga-iruzurraren eta -ihesaren aurka borrokatzeko helburu komunean eta egungo zerga-sistemaren erreforma estrukturalagoan oinarriak izateko eta aurrera egiteko.
2013ko amaieran indar politikoen arteko adostasunaren oinarriak erdietsi dira, zerga-sistemaren erreforma-prozesu horri, txosten hau ixteko datan Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoei eragin dionari, ekiteko. Akordio horiek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera foru-zerga handiak arautuko dituzten foru arau berrien onarpenean gauzatu dira.
Erreforma horren ondorio ikusgarriena 2015eko lehen hiruhilekotik aurrera antzemango da. Une horretan PFEZ erregulazio berriaren arabera likidatzen hasiko da eta, ondoren, sozietateen gaineko zerga berriaren eragina nabarituko da. Orduan erreforma horren indarguneak eta ahulguneak egiaztatu ahal izango dira, baita herritarren adostasunaren maila ere.
Udal zergei dagokienez, azpimarratu behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoan uztailaren 4ko 4/2012 Foru Arauak, audal zergen esparruan hainbat aldaketa sartzen dituenak, toki-erakundeak gaitu zituela euren ordenantzen bitartez Ondasun Higiezinen gaineko Zergako (OHZ) kuota likidoan %150erainoko errekargua ezartzeko, ondasun higiezinek etxebizitza erabilera dutenean, eta subjektu pasiboaren edo hirugarrenen ohiko egoitza ez direnean –hirugarrenen kasuan errentamenduz edo lagapen bidez–.
Errekargu horren ezarpenak ez du lurralde historiko osoan eragin homogeneoa izan; Gipuzkoako udalerri batzuek ez dute euren 2013ko zerga-ordenantzetara gehitu. Dena den, errekargu horren likidazioak desadostasun eta erantzun handiak piztu ditu eragindako higiezinen titularren artean, modu bidegabean zigortu dituztela uste baitute, udalerri horien garapen ekonomikoan inbertitu duten arren.
Higiezin horietako batzuk, bereziki kostaldeko herrietan daudenak, ez dira berez beteta ez dauden etxebizitzek osatzen duten eta geldirik dagoen ondarea, titularren bigarren egoitzak baizik.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ogasunaren arloan garatzen den funtsezko jarduera herritarrek helarazten dizkiguten banakako kexak aztertu eta ebaztera mugatuta dago. Dena den, arloan garrantzia hartu du halaber gomendio orokorren jarraipen eta egikaritzeak, baita ofiziozko jardueren sustapenak ere. Azken horien helburua arauen aldaketak eta herritarrentzat onuragarriagoak diren administrazio-jardunen ezarpena sustatzen laguntzea da.
Ekonomia-krisi larri batean gaude; familia-ekonomietan duen zuzeneko eragina euskal gizartearen ehuneko oso handi bat pairatzen ari dena eta herritarren sektore handi batean jasandako erosteko ahalmenaren galera garrantzitsu batean islatzen ari dena. Langabezia, lan-ziurgabetasuna, ekonomia-jarduera moteldua, aldez aurretik eramaten den zorpetzea… familiek eskura dituzten baliabideen hondatze nabarmena eragiten ari dira eta, horrekin batera, baita diru-bilketaren murrizketa ere.
Ohiko etxebizitzen utzarazpena jasan duten pertsonen egoera bereziki lazgarria da.
Arazo larri horren aurrean, Ararteko erakundeak 2011n gomendio orokor bat eman zuen, foru arauak, eta, ondoren, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga arautzen zituzten udal ordenantzak aldatzeko helburuarekin, ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-betearazpenetatik sortutako lurren eskualdatzeak zergatik salbuetsita geratzeko.
2012. urteko udaberrian zerga hori arautzen duten hiru foru arauen aldaketa indarrean sartu zen. Une horretatik aurrera, betearazi behar den ohiko etxebizitzaren eskuratzaileari esleitu zioten zerga-kuotaren ordainketa, higiezin horren eskuratzailea zergadunaren ordez subjektu pasibotzat jo dela oinarri hartuta. Gainera, araua aldatu ostean, eskuratzaileak ezin dio eskualdatzaileari betetako zerga-betebeharraren zenbatekoa eskatu.
Horrela, behintzat, arazoa etorkizunari begira konpondu zen. Hala ere, foru arau horien aldaketa indarrean sartu baino lehen igorritako likidazioak egiteke geratu ziren. Likidazio horien kuotak pertsona eta familia askoren ekonomia kaltetuari eragiten dio. Onenean, pertsona eta familia horiek zergapetzen dituzten udalerriek zatika ordaintzea onar dezaten lortu dute, zerga-zor horren ordainketari era ez hain zailean aurre egin ahal izateko.
Zentzu horretan, nabarmendu behar da, ezaguna baita, Gasteizko Udalaren jardun egoki bat. Toki-erakunde horrek gainbalioen gaineko zergaren likidazioak gutxitzeko laguntza ildo bat sortu zuen 2013ko uztailean. Laguntza ildo hori ordaintzeke dauden eta foru arauaren aldaketa baino lehen ohiko etxebizitzan egindako hipoteka-betearazpenetatik eratorri den zergapeko egitatea duten likidazioei dagokie.
Diru-laguntzak barne hartzen duen hobariaren ehunekoa eskaeraren datan ordaintzeke dagoen zorraren %50 eta %100en artekoa da. Urteko diru-sarreren, familia-unitatearen eta horren tamainaren arabera, laguntzak zorra erabat ordaintzea ekar dezake.
Ohiko etxebizitzaren jabetza enkante publikoan, hipoteka-betearazpen prozedura baten esparruan, eskualdatzeak agerian jar dezake, kasu batzuetan, PFEZen ordaintzen zuen ustezko ondare-irabazia. 2012an Ararteko erakundeak ofiziozko jardun bat izapidetu zuen hiru foru aldundiekin, ondare-irabazi hori errentan zamatik salbuetsita dagoela aitortzeko. Hiru foru aldundiek onartu zuten proposamena; hala ere, salbuespenaren ondorioak 2013ko urtarrilaren 1era mugatu ziren Bizkaian, eta 2012ko urtarrilaren 1era Gipuzkoan eta Araban.
Modu horretan, neurria nahikoa ez zela ikusi zen. Arabako Lurralde Historikoan egoera hori arintzeko, hango Biltzar Nagusiek urriaren 9ko 28/2013 Foru Araua onartu dute. Horren bitartez, salbuespenaren ondorioak preskribatu gabeko ekitaldi guztietara hedatu dira, ondare-irabazi hori ordaindu dutenek itzulketa eska dezaten.
Nolanahi ere, proposatutako neurria ohiz kanpokoa denez eta araudiak berariaz hori xedatu duenez, balizko itzulketan ez da berandutze interesik likidatuko.
2013an zehar erakunde honetan Donostian bizi diren hainbat herritarren desadostasuna adierazi duten kontsulta batzuk jaso dira. Horien bitartez, zalantzan jarri da etxebizitza partikularretako zabor-bilketaren tasaren ordainketa ekitaldi honetatik aurrera etxebizitzan egondako ur-kontsumoarekin lotzea.
Kontsulta horien ondorioz, ofiziozko espediente baten izapidetzea hasi da. Bertan, informazioa bildu da berdintasun printzipioa eta kontribuzio-ahalmenaren printzipioa zaindu eta bermatu den moduari buruz, tarifa horri emandako testuarekin.
1. tarifak etxebizitzetako zabor-bilketaren urteko tasa arautzen du, eta bi elementutan oinarrituta eratu da: 71,99 euroko urteko kuota finkoa eta higiezinean urtean egondako ur-kontsumoa 0,3402 euroz biderkatuz lortzen den kuota aldakorra. Aintzat hartzen den urteko aldia 2011ko irailaren 1a eta 2012ko abuztuaren 31a bitartekoa da.
Pertsona horiek ez daude ados, uste baitute zaborren tasaren munta zerbitzu hori ematearekin batere zerikusirik ez duen faktore batekin lotu dela, etxebizitzan egondako ur-kontsumoarekin hain zuzen ere. Era berean, nabarmendu dute tasak jasotzen duen aldagai horrek ez dituela agerrarazten ordaintzera behartutako subjektu pasiboen ahalmen ekonomikoari buruzko irizpide orokorrak. Hala eta guztiz ere, uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituenak, 24.4 artikuluan esaten duenari jarraiki, aukera bakarra da toki-erakundeek tasaren zenbatekoa kontribuzio-ahalmenaren irizpide orokorren arabera modulatzea.
Alderdi horri dagokionez, aitortu dute etxebizitza bateko ur-kontsumoan hainbat faktorek dutela eragina: batzuk ur-baliabideen erabilera ez hain arduratsuekin lotuta daude, eta haietatik ez da zaborren eta beste batzuen ekoizpen handiagorik eratortzen; beste batzuek –esate baterako, familia-unitateko kideen kopurua edo garraiobide partikularretan ihesak eta matxurak egotea– ez dituzte agerian jartzen zaborren tasa ordaindu behar duten pertsonen ahalmen ekonomikoari buruzko irizpide orokorrak.
Horri dagokionez, azpimarratu dute familia babesteko legeria –bai estatukoa, bai Euskal Autonomia Erkidegokoa–, familia horiek jasaten duten zerga-karga mugatzera eta geldiaraztera bideratuta dagoela. Karga hori, familia ugarien eta zaborren tasaren kasuan, Donostiako Udalean ez da indargabetzen, baizik eta, gainera, adierazi digutenez, larriagotu egiten da.
Azkenik, hiru foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailariiradoki zaie neurriak hartzeko eta, hala balegokie, beraien eta abokatutzaren instantzia ordezkarien artean beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, Orientazio Juridikoko Zerbitzuek (OJZ) eta Doako Laguntza Juridikoaren Lurralde Batzordeek zuzenean eta baliabide informatikoen bidez Doako Laguntza Juridikoaren 1/1996 Legeak esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko behar duten zergei buruzko informazioa eduki dezaten. Informazio hori ondorio horietarako baino ez da eman behar eta, nolanahi ere, aldez aurretik eskatzaileen berariazko baimena eduki behar da.
Erakundearekin harremanetan jarri diren pertsonek azpimarratu zuten doako laguntza juridikoaren onuraren arretan eta izapidetzean atzerapenak egon direla, eta epaitegian behin baino gehiagotan, eskatutako dokumentazio guztia osatu arte, agertzeko beharrak denbora-galera eta eragozpenak eragin dizkiela.
Foru-ogasunek oso egiteko garrantzitsua burutu behar zuten, haien ziurtagirien bidez egiaztatzen baitute doako laguntza juridikoen eskatzaileek, gehienek, ondarearen, garatutako ekonomia-jardueren eta jasotako errenten arloan eskatzen zaizkien betekizunak betetzen dituztela.
Pertsona guztiek euren ahalmen ekonomikoa kontuan izan gabe epaitegietan euren eskubideak defenda ditzaten laguntzeko asmoz, abuztuaren 7ko 7/2013 Gomendio Orokorra egin zen, Abokatu Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuek eta Doako Laguntza Juridikoko Lurralde Batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izateko.
Foru aldundiek iradokizun hori onartu dute eta, horren ondorioz, honako arauak argitaratu dira, datuen lagapena burutzeko helburuarekin. Zehazki, Araban onartu da irailaren 17ko Diputatuen Kontseiluaren 4/2013 Zerga Premiazko Araugintzako Dekretua, baimena ematen duena zerga garrantzia duten datuak lagatzeko, helburua baita doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea; Bizkaian, berriz, irailaren 3ko 4/2013 Foru Dekretu Arauemailea, baimena ematen duena zergei buruzko informazioa uzteko, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzearren; eta Gipuzkoan argitaratu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Orokorrak eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak adostutako lankidetza hitzarmena, 2013ko irailaren 27koa.
Iradokizun horren xedea Justizia arloan aztertzen da era sakonagoan.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Espainiako Konstituzioak 31.1. artikuluan zera xedatzen du: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango”.
Betebehar hori zerga araudiaren konplexutasunak berak baldintzatzen du, izan ere, zergadunei eskatzen die administrazioek eskaintzen dizkieten errenta aitorpenak betetzeko zerbitzuak erabil ditzaten. Hala ere, zerbitzu horiek erabiltzeak ez du aldatzen aitortzailearen egoera juridikoa, beraz, egin daitezkeen ustezko akatsen edo balizko irregulartasunen ondorioak zergadunek pairatzen dituzte, horiek une oro euren ardurapean jardun izan balute bezala.
Erregularizazioak sartzeari utzi dioten kuota diferentzialaren ordainketa ez ezik berandutze interesen likidazioa ere ekartzen du. Izan ere, epez kanpoko diru-sarrera orok administrazioaren aldeko berandutze interesen ordainketa sortzen du.
Teorian, berandutze interesen ordainketak kalte-ordain izaera du eta horren bitartez administrazioari zorraren ordainketan izandako atzerapena konpentsatu nahi zaio. Dena den, errealitateak gertakizun paradoxiko bat islatzen du; izan ere, azken urteotan, diruaren legezko interesa berandutze interesa baino ehuneko bat txikiagoa izaten ari da.
Foru-ogasunek arreta handiz jokatu behar dute euren bulegoetan egiten diren edo zergadunen bizilekuetara autolikidaziorako proposamen gisa bidaltzen diren errenta-aitorpenak egitean.
Krisi ekonomiko sakon batean gaude eta horrek familien ekonomian duen zuzeneko eragina euskal gizartearen ehuneko oso handi batek pairatzen du, herritarren sektore askok jasandako erosteko ahalmenaren galera garrantzitsuan antzematen dena. Langabezia, lanaren estutasuna, jarduera ekonomiko mantsoagoa… familietan eskura dituzten baliabideen hondatze nabarmena eragiten ari dira eta, horrekin batera, baita bilketaren murrizketa ere.
Egoera horren ondorioz ezohiko neurriak hartu behar dira familia asko pairatzen ari diren zailtasun larriak arintze aldera. Horren helburua ez da pertsonak bidezkoa ez den aberastasuna lortzea, ekonomikoki berreskuratzeko aukera eskaintzen dien zerga tratamendua ezartzea baizik.
Uneko krisi ekonomikoaren testuinguruan, inoiz baino gehiago, zorren ordainketa luzatzeko eta zatitzeko adostasunak eskaini behar dira, bai betearazpen-bidean bai borondatezkoan, ekonomia apalak dituzten pertsonen bizitza estutasunean jartzen ez dutenak.
Errekurtsoak ebazteko epearen barnean berariazko erantzun arrazoiturik ez eskaintzeak administrazioaren funtzionamendu zuzenaren kontrako prozeduraren patologia izaten jarraitzen du.
Azkenik, zerga-administrazioak ahaleginak egin behar ditu zergen arloko arau-haustea egin eta berehala zigortzeko prozedurak hasteko. Izan ere, bete behar dituen eginkizunetako bat etorkizuneko arau-hausteen prebentzio berezia da, eta zigorraren eginkizun hori indargabetu edo desagertu egiten da zigortzeko espedientearen izapidetzea zigortu beharreko jokabidea gertatu eta urte batzuk geroago hasten bada.
4.Segurtasuna
1.Arloa kopurutan
Segurtasun arloak 124 kexa idatzi jaso ditu 2013an; horrenbestez, horiek Arartekoak denbora tarte horretan jasotako kexa guztien %4,63 izan dira. Hala, ukitutako herri administrazioei eta azpiarloei men eginez, banaketa honako hauxe izan da:
Administrazioak:
– Tokiko administrazioa 64
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 51
Azpiarloak:
– Trafikoa 70
– Herritarren eskubideak 30
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 17
– Jokoak eta ikuskizunak 4
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 2
– Herritarren segurtasuna 1
Txosten hau amaitu den egunean, aurten izapidetutako kexen egoera hurrengoa da:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
215 | 130 | 78 | 48 | 29 | 1 | 7 |
Gainera, ofiziozko 5 espediente izapidetu ditugu, ondorengo azpiarloei dagozkienak:
– Herritarren eskubideak 3
– Jokoak eta ikuskizunak 2
Azken urteotan gertatu den bezala, kexarik gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira. Halaber, jarraian zerrendatzen diren udal hauek ere kexak jaso dituzte; hona hemen: Donostia-San Sebastián eta Vitoria-Gasteiz, bai eta Basauri, Bakio, Barakaldo, Berango, Bergara, Durango, Erandio, Eskoriatza, Getxo, Laguardia, Leioa, Laudio, Ondarroa, Oñati eta Santurtziere, neurri txikiagoan izan arren.
Aurreko urteetan bezala, atal honetan eskaintzen ditugun datuek ez dituzte kontuan hartzen errefusatuak izateko legezko kasuren batean sartzen diren edo Herriaren Defendatzailearenedo beste defentsa bulego batzuen eskumen eremukoak diren kexak, horrek ez baitu gure esku-hartzea ahalbidetzen.
Jarduketa zuzena izan ez denean, administrazioek beren jarduera zuzendu dute aurten amaitutzat eman ditugun 2013ko kexarik gehienetan.
Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Arartekoarekin lankidetzan jarduteko betebeharra. Hala eta guztiz ere, gure zereginak egokiro betetzeko zailtasunak izaten jarraitzen dugu, batik bat polizi zereginaren egikaritzapenaren inguruan izandako kexei dagokienez. Arazorik ohikoenek gure informazio eskaerei erantzuteko izandako berandutzak izaten jarraitzen dute, bai eta eskatutako gai zehatzei buruzko erantzun faltak ere.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Herritarren eskubideak
2013. urtean jaso ditugun kexek beste ekitaldi batzuetako gaiak errepikatu dituzte, esate baterako indarraren erabilera eta haren barne kontrola, ustez zuzenak izan ez diren jarduketen barne ikerketa, argiketen kontrola horiek eragin dituzten gertakariei dagokienez, bide publikoan izaten diren identifikazioak eta araketak, atxiloketan izaten den gorputz miaketa, zigor jurisdikzioak faltatzat hartzen dituen edo zigor urraketarik eragin ez duten gertakariengatiko atxiloketa, agintekeria eta agenteen ukoa identifikazio profesionalaren zenbakia emateko orduan.
Zehaztutako gaietariko batzuk, hala nola argiketen edukiaren kontrola eta ikerketa, Arartekoaren 2013ko urriaren 7ko ebazpenean aztertuak izan dira; ebazpen hori aurten amaitutako kexa espediente bati buruzkoa izan da.
Era berean, kexak aurkezteko gaia izan da berriro ere etxerik gabeko atzerritarrak bizi ziren eraikin abandonatuetatik irtenaraztea.Aurten gure iritziaren pean jarritako polizi jarduketaren batean, Polizi Nazionalak atxilotu eta bere bulegoetara eraman zituen eraikin mota horietatik irtenarazitako egoitza baimenik gabeko pertsonak, betiere atzerritartasunari buruzko arautegia betetzen zuten ala ez kontrolatzeko asmoz. Ezagutu ditugun etxe hustuketek etxerik ez duten eta bazterkian edo gizarte bazterketa larriko egoeran bizi diren pertsonei eragiten die; horrek ageri-agerian jartzen du garrantzi handiko giza eta gizarte arazoa, ikuspegi polizial huts batetik bakarrik ezin jorra daitekeena. Kexa horien balorazioan adierazi dugu etxe hustuketak bideratzeko aldez aurretiko planifikazioa behar dela, arazoaren gizarte dimentsioa kontuan hartuz, pertsona horiek integratzeko politika publikoekin bat etorriz jokatu behar dela eta baimen judiziala lortzea ezinbestekoa dela, bistako delitua edo ukitutako pertsonen oniritzia dagoenean izan ezik. Aldi berean, zehaztu dugu herritarren segurtasuneko arrazoiak, normalean jardun horien justifikazio gisa ematen direnak, ezin onar daitezkeela, baldin eta behar bezala egiaztaturik dauden gertakari zehatz eta objektiboetan oinarritzen ez badira; halaber, ohartarazi dugu atzerritarren kolektiboa estigmatizatzeko arriskua dagoela polizi jarduketek kolektibo horri bakarrik eragiten dietenean eta behar bezainbeste arrazoiturik ez daudenean. Azken batean, gomendatu dugu aipatutako bermeak betetzeko beharrezko neurriak ezartzea. Arartekoaren 2013ko apirilaren 24ko ebazpenak eta 2013ko abenduaren 11koak aurten beste horrenbeste polizi jarduketaren gainean egin ditugun bi pronuntziamendu jasotzen dituzte.Bi kasuetan, gure irudiko, ez dira errespetatu aipatutako bermeak.
Orobat, berriro ere kexa gaia izan da Bilboko San Frantzisko auzoan atzerritarrak identifikatzeko kontrol orokor bat; kontrol hori Udaltzaingoak egin zuen Polizia Nazionalaren lankidetzarekin. Kexan zehazten zen bide publikoaren zati bat itxi zutela, bai eta tarte horretan zeuden eta atzerritarrek zuzentzen zituzten negozioetarako sarrera ere, eta atzerriko jatorriko bezeroak atxiki zituztela barnealdean. Erakunde honek arbuiatzen du atzerritarrak identifikatzeko kontrol masibo eta bereizi gabeak egiteko aukera egotea pertsona hauen kanpo itxuran bakar-bakarrik oinarri hartuz; izan ere, diskriminatzaileak dira, atzerritar guztien kolektiboa eta haiek bizi diren auzoak estigmatizatzen dituzte eta, oro har, herritar guztiei eta haien eskubideei eragiten diete. Azpimarratu behar dugu bide, toki edota establezimendu publikoetan dabiltzan edo horietan dauden pertsonak identifikatzeko polizi kontrolen ezarpenak berekin dakarrela aldez aurretik delitu zehatzen bat gertatu eta horrek gizarte alarma larria eragin izana; halaber, kontrolaren helburua izan behar da ekintza zehatz horren ustezko egileak aurkitzea (Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 19.2. artikulua). Berretsi beharrean gaude kontrolak ezin justifika daitezkeela “herritarren segurtasunaren” gisako arrazoiketa orokorretan, baldin eta polizi jarduna justifikatzen duten arrazoi zehatz eta jakinak azaltzen ez badira ukitutako pertsona bakoitzarekin, eta ezin oinarri daitezkeela estereotipoetan edo pertsonen kanpo ezaugarri zehatzetan. Aldi berean, berriro ere adierazi behar dugu garrantzi handikoa izango litzatekeela polizi jarduketak eta praktikak bermatzeko sistemari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean proposatu genituen mekanismoak ezartzea, betiere eremu horretan izan daitezkeen jarduketa diskriminatzaileak saihestu eta azal daitezen (VI.1. atala). Gogorarazi nahi dugu herriaren defendatzaileak aurten ere gomendio berriak egin dizkiola Polizia Nazionalari, arraza profiletan oinarritzen den identifikazio kontrolik ez egiteko; gomendio horiek 2012an egindakoei erantsi behar zaizkie.
2013an aurreko urteetako espedienteetariko batzuk amaitu ditugu; espediente horietan poliziaren erantzuna zalantza jartzen zen jendaurrera zabaldutako zenbait establezimendutan atzerritarrek sartzeko zituzten usteko muga diskriminatzaileei zegokienez. Urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorretik (VI.2. atala) eta ekainaren 27ko 6/2013 Gomendio Orokor berritik abiatuz, azpimarratu dugu zeintzuk diren kasu hauetan onarpen eskubidea modu diskriminatzailean bete dela frogatzeko zailtasunak, eta berretsi dugu zer-nolako garrantzia daukan poliziek bete beharreko jarduna, betiere frogak lortu eta jardun diskriminatzaileak jazarriak izan daitezen. Orobat, azpimarratu dugu jarduketa protokoloak ezarri behar direla erantzun egokia zein izan behar den zehazteko eta nabarmendu dugu poliziaren txostenak eta argiketak administrazio urraketari edo salatutako delituari egokitu behar zaizkiola. Arartekoaren 2013ko azaroaren 7ko Ebazpenean polizi jarduketa bat aztertzen da ikuspegi horretatik; era berean, zigor prozedura batekin duen erlazioa aztertzen da onarpen eskubidean izandako ustezko jardun bat dela eta.
2013an izapidetu ditugun kexek argi eta garbi erakusten dute erakunde honek gehiegikeriak saihesteko eta, halakorik gertatuz gero, agerian jartzeko proposatutako prebentzio eta kontrol mekanismo askok bete gabe jarraitzen dutela; une honetan horiek guztiak urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean jasota daude nagusiki. Hurrengo 4.3. atalean gabezia horietariko batzuk aipatzen ditugu.
2.2. Jokoa eta ikuskizunak
Kexak gehienbat aurkeztu dira ikuskizunak aurrera eramatean edukiera eta segurtasun neurriak ez betetzeagatik, bai eta ostalaritzako establezimenduetan ordutegiak ez betetzeagatik ere. Gure esku-hartzeak ahalbidetu du kexa horietariko batzuei irtenbidea eman izana edo, behinik behin, konpontzeko neurriak ezarri izana.
2.3. Herritarren segurtasuna
Kexek gehienbat zigor araubidearekin zerikusia duten gaiak azaldu dituzte, bereziki frogaren balorazioarekin. Kexa horietariko batzuetan, gure esku-hartzeen emaitza izan da sortutako zigorrak indarrik gabe uztea.
2.4. Trafikoa
Aurreko urteetan bezala, jaso ditugun kexarik gehienak zigor araubideari buruzkoak izan dira eta prozedurari dagozkion gaiak azaldu dira; gauzak horrela, prozeduraren inguruan aurreko urteetan azaldutakoen antzeko arazoak agertu dira, esate baterako jakinarazpenak egiteko moduak, urratzeen froga eta formula estandarizatuen erabilera. Berriro ere gogorarazi dugu defentsa eskubidearen aldetik nahitaezko salaketen egintzan jakinarazpenak daukan garrantzia, bereziki salatutako egintzek legez duten egiazkotasunaren presuntzioa egozketa froga bakar eta erantzunezina denean, baldin eta salatzailearen eta salatutakoaren bertsioak ez diren bestelako frogak lortzea ezinezkoa bada.
Zigor araubidetik kanpo bestelako arazoak sortu dira, esate baterako oinezkoentzako eremu batera ibilgailuak sartzeko debekuaren kontrola eta debekuaren ez-betetzeak eta oinezkoentzako gunea errespetatuko dela bermatzeko neurri egokien faltak pertsona itsuen mugikortasunean daukan eragina.
Okerreko jarduketa antzeman den kexarik gehienetan, ukitutako administrazioek arazoa zuzendu dute. Multzo honetan bi kexa azpimarratu behar dira: minusbaliotasunen bat duten pertsonek aparkatzeko txartelaren titularrei ezarritako bi zigor, hain zuzen; izan ere, pertsona horientzat gordetako plaza batean aparkatu zuten, baliozkoa ez zen txartel bat erabiliz. Kasu batean pentsatu zen txartela manipulaturik zegoela, baina ez zen egia; bigarren kasuan, txartelari baliozkotasuna ukatu zitzaion behin betiko emanda zegoelako, eta ez bost urterako, abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuak ezartzen duen bezala, baina akats hori ezin egotz dakioke titularrari, baizik eta txartela eman zuen administrazioari (administrazio hori ez zen zigorra ezarri ziona).
3.Araudi mailako testuingurua
Estatu Gobernuak azaroaren 29an onetsi zuen herritarren segurtasuna babesteko lege organikoaren aurreproiektu berria, otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa aldatzera datorrena; aurreproiektuaren edukia eztabaidagarria izan da zenbait alderditan, nagusiki funtsezko eskubideei eragin diezaiekeelako, hala nola bilera eskubideari eta adierazpen askatasunari. Urtea amaitzean, arautegi horren prestaketa lanak ez zeuden oso aurreraturik eta artean ere txosten tekniko garrantzitsuak egin behar ziren Gorte Nagusietara igorri baino lehenago; izan ere, txosten horien helburua, besteak beste, honakoa da: aurreproiektuak izan litzakeen konstituzionaltasun akatsak zuzentzea, hain zuzen ere. Itxarotekoa da txosten horiek eta parlamentuan aurrera eraman beharreko tramitazioak bermatzea behin betiko onetsiko den testuak funtsezko eskubideak errespetatuko dituela.
Aurten ere legegintzazko bi ekimen izapidetu dira Ibilgailu Motordunen Trafikoari, Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaetaSegurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legea aldatzera bideratuak, hurrenez hurren. Ekimen horiek parlamentuaren tramitazioaren pean zeuden txosten amaitutzat ematerakoan.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko espedienteak
Aurreko urteetan bezala, 2013an ofiziozko zenbait jarduketa eraman ditugu aurrera, atxiloketa zentroen egoera eta atxiloketarekin zerikusia duten jardunak egiaztatzera bideratuak.
Era berean, ofiziozko espedienteak izapidetu ditugu Bergarako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin, kexa anonimo baten ondorioz; izan ere, salaketa horretan adierazten zen diskoteka batean makrofesta bat ospatuko zela establezimenduak baimenduta zeukan edukiera laukoiztuz. Bi administrazioekin egindako gestioen ondoren, azkenean, ekitaldia beste establezimendu batera lekualdatu zen.
4.2. Txosten berezien jarraipena
Atxiloketa zentroetara egindako ikuskapenek eta kexen tramitazioak ahalbidetu digute arlo honi lotutako aparteko bi txostenen jarraipena egitea. “Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” (1991) eta “Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan” (1998ko txostena, I.1. kapitulua, 1.6. atala).
“Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa zentroak” txostena betetzearen inguruan egin dugun balorazioa hurrengo 4.4. atalean laburbilduta dago.
“Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan” txostenaz denaz bezainbatean, ez-betetzeak ikusten jarraitzen dugu jardun diskriminatzaileak aurrera eramatearekin zerikusia duten zenbait alderdiei dagokienez: agenteek pertsonei ematen dieten tratua, haiekin harremanetan jartzeko modua, esku-hartzeak ez arrazoitzea, lekukoen aurrean duten jarrera, identifikazio profesionalaren zenbakia emateko ukoa eta eztabaida adierazpenen aurrean duten erantzuna [(8 a), b) eta e) gomendio zehatzak].
4.3. Gomendio orokorren jarraipena
Aurten izapidetu ditugun kexek eta atxiloketa zentroetara egin ditugun ikuskapenek ahalbidetu digute urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren jarraipena egitea. Agiri horretan laburbildurik daude Arartekoak segurtasunaren arloan egindako gomendiorik gehienak; horietariko batzuk aurreko beste gomendio batzuetan dute jatorria, bai eta gorago aipatutako txosten honetan ere: “Arartekoaren esku-hartzea Bilboko San Frantzisko inguruan atzerriko pertsonekin izandako polizi jardunen inguruan”.
Gauzak horrela, garrantzi handiko gabeziak ikusten jarraitzen dugu polizi jardunen barne ikerketetan (II.1.1. atala). Polizi jardunarekin zerikusia duen zigor kausa baten tramitazioan babestutako ikerkuntza faltak eta ikerkuntza ez-nahikotasunak bere horretan dirauten arazoetariko batzuk dira. Halaber, egiaztatu ahal izan dugu jarduketa protokolo argiek eta zehatzek ezarri gabe jarraitzen dutela eremu honetan.
Oraindik ere ez da betetzen funtzionario polizialek jantzi polizialean identifikazio zenbaki bat edo erreferentzia bat erakusteko egin dugun gomendioa (V. atala). Berriro ere adierazi behar dugu zenbakiak ikusgai egon behar duela, inolako zalantzarik sortu gabe, herritarrak agenteekin normalean erlazionatzen diren distantziatik. Berriro ere adierazi behar dugu Ertzaintzak ez duela eskakizun hori betetzen, jantziei erantsi zaien identifikazio zenbakia ia-ia ezin bereiz baitaiteke agenteengandik hurbil-hurbil egonda ere, haren neurria txiki-txikia izateaz gainera, kokapena batere egokia ez delako.
Halaber, prebentzio eta kontrol mekanismoak ezartzeari dagokionez, ez-betetzeak izaten dira, nagusiki halako kasuetan: indarra erabiltzen denean, bide judizialean lehendabiziko unetik faltatzat hartzen diren edo zigor jurisdikzioak faltatzat ere jotzen ez dituen bidegabekeriengatiko atxiloketak izaten direnean, argiketen edukia zehazten denean gertakariak zehatz-mehatz islatu gabe, agenteek jasotzen dituzten kexak izaten direnean edota atzerritarrekiko jardun diskriminatzaileak izaten direnean (II.2, II.1.2 eta VI. atalak).
Atxiloketa zentroetara egindako ikuskapenek ahalbidetu digute, aldi berean, aipatutako gomendio orokorraren III. atalaren jarraipena egitea, bai eta “Atxiloketa inkomunikatuaren eremuko bermeen sistemari eta horiek hobetzeko proposamenei buruzko azterlanean” ezarritako zenbait gomendiorena (2010. urteko txostena) eta “Polizi bulegoetako erregistro pertsonalaren diligentzia” izeneko gomendio orokorrean egindakoena ere (2011. urteko txostena). Orobat, 4.4. epigrafean labur-labur jaso dugu jarraipen lan horren emaitza.
Trafikoaren azpiarloan jarraitzen dugu egiaztatzen zigor prozeduretan jasotzen den motibazioak ez dituela beti betetzen honako gomendio honetan jaso genituen eskakizunak: “Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko zigor prozeduretan aurrezarritako modeloen araberako tramitazioa: defentsa eskubidearekin zerikusia duten zenbait arazo” (2003. urteko txostena).
4.4. Ikuskapen bisitak
2013an Bilboko Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren atxiloketa zentroak bisitatu ditugu. Bi zentroen instalazioek, oro har, jarraitzen dute euren zeregina betetzeko egokiak izaten. Hala eta guztiz ere, udaltzaingoaren zentroak ez du adin txikikoak jagoteko gela zehatzik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak ezartzen duenari jarraiki (17.3. artikulua). Atxilotutakoei ematen zaien jatekoa ere egokia da.
Bi zentroek atxiloketaren bideo-grabazioaren sistema bat dute. Ertzaintzaren sistemak oinarri-oinarrian erantzuten dio 2006. urteko txostenean aztertutako ereduari (I. kapitulua, 7.1. atala); gure ustetan, sistema horrek ez ditu betetzen eraginkorra izateko behar izango lituzkeen baldintza guztiak, betiere urriaren 6ko 81/1999 Gomendioak zehaztutakoari jarraituz (1999. urteko txostena, II. kapitulua, 7.2.A atala). Udaltzaingoaren zentroa ere ez zaio guztiz egokitzen gomendioari. Zentroetariko bakar batek ere ez ditu txertatu, oro har, atxiloketen bideo-grabazioari buruzko proposamen berriak, hain zuzen ere, “atxiloketa inkomunikatuaren eremuko bermeen sistemari eta horiek hobetzeko proposamenei buruzko azterlanean” (2010. urteko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.8. atala) jasotakoak. Halaber, ez dute bermatzen grabatutako materiala gordetzea, betiere grabatutako jarduketetatik sor litezkeen ustezko administrazio eta zigor erantzukizunak preskribatzeko gehieneko epearen barruan, eta, ondorio horiei dagokienez, ez dute kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeko erakundeen jarduketa epea, hala nola Arartekoarena; hori guztiori guk aldarrikatzen ditugun irizpideetatik aldentzen da eta mekanismo horren bermea mugatzen du.
Bi zentroetan ikuskatu genituen atxiloketak, oro har, modu egokian oinarriturik zeuden, haien erregistroak zuzen beterik eta egindako diligentziak arrazoizko epeetan bideraturik. Hala eta guztiz ere, eskubideen inguruko informazioa emateko kontsultatu genituen aktek ez zituzten betetzen Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluak ezarritako eskakizunak; izan ere, atxiloketa arrazoitzen zuten gertakarien kalifikazio juridikoaren berri ematen zuten, baina ez gertakariena. Hori Ertzaintzaren atxiloketa zentroetan ohiko jarduna da eta horren inguruko ohartarazpenak egiten ditugu urtero-urtero, baina aferak zuzendu gabe jarraitzen du.
Udaltzaingoan kontsultatu genituen atxiloketen erregistroetan ez zen jasotzen epaitegiari egindako jakinarazpena; dirudienez, hori hala da jakinarazpena egunean behin egiten delako eta une horretan dauden atxiloketa guztiei eragiten dielako. Gure irudiko, jarduteko modu hori ez zaio inola ere urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrari lotzen; izan ere, gomendioaren arabera, jakinarazpena ahal denik eta azkarren egin beharra dago eta aipatutako erregistroetan dokumentatu (III.4 eta III.6 atalak).
Atxiloketa egin duten agenteek argiketan izan beharreko agerraldia batera egiten da Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren zentroan eta ez banaka; hori ere aipatutako gomendiotik aldentzen da (II.2.3. atala).
Atxiloketaren egintza izaten denean, ez zentro batean ez bestean ez zaie atxilotutakoei ematen eskubideei buruz ahoz jakinarazten zaien informazioa jasotzen duen agiririk, ez eta eskubideei buruz informatzeko aktaren kopia bat ere. Halaber, atxilotutakoei ez zaie laguntza letraturik ematen atxiloketaren lehendabiziko momentutik (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren III.1 eta III.2 atalak).
Ertzaintzaren zentroan atxilotutakoari ziegetara sartzean egiten zaion gorputz araketan, arau orokor gisa, jantziak kentzen zaizkio atalka, barruko arropa eta guzti, betiere kasu bakoitzean izaten diren zirkunstantziak kontuan hartu gabe eta neurriaren proportzionaltasunari buruzko aldez aurretiko eta banakako gogoetarik egin gabe. Zentro honetan bakar-bakarrik jasotzen da oro har zein izan den egindako gorputz araketa, zehatz-mehatz nola egin den eta zeintzuk izan diren modu horretan egiteko arrazoiak zehaztu gabe. Udaltzaingoari dagokionez, ez da jasotzen nola egin den, ez eta zeintzuk diren modu batera edo bestera egiteko arrazoiak ere. Batean zein bestean jarduteko bi molde horiek gure gomendioetatik aldatzen dira (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra eta “Polizi bulegoetako erregistro pertsonalaren diligentzia”).
5.Herritarren eskubideen egoerari buruzko balorazioa
5.1. Aurreko urteetan bezala, kexarik gehien jaso dituzten herri administrazioak ondorengo hauexek izan dira: Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun SailaetaBilboko Udala. Administrazioek beren jarduketa zuzendu dute okerreko jarduketa izan den kexetariko askotan, bereziki herritarren segurtasunaren, joko eta ikuskizunen eta trafikoaren azpiarloetan. Administrazioek, oro har, Arartekoarekin lankidetzan jarduteko betebeharra nahiko modu onargarrian konplitu duten arren, oraindik ere gure zereginak egokiro betetzeko zailtasunak aurkitzen jarraitzen dugu, batik bat poliziaren eremuan. Arazorik ohikoenek gure informazio eskaerei erantzuteko izandako berandutzak izaten jarraitzen dute, bai eta eskatutako gai zehatzei buruzko erantzun faltak ere.
5.2. Polizi jardunaren egikaritzapenaren inguruan jaso ditugun kexek beste ekitaldi batzuetako gaiak errepikatu dituzte, esate baterako indarraren erabilera eta haren barne kontrola, ustez zuzenak izan ez diren jarduketen barne ikerketa, argiketen kontrola horiek eragin dituzten gertakariei dagokienez, bide publikoan izaten diren identifikazioak eta araketak, atxiloketan izaten den gorputz miaketa, zigor jurisdikzioak faltatzat hartzen dituen edo zigor urraketarik eragin ez duten gertakariengatiko atxiloketa, agintekeria eta agenteen ukoa identifikazio profesionalaren zenbakia emateko orduan. Arartekoaren 2013ko urriaren 7ko Ebazpenean gai horietariko batzuk aztertzen dira.
5.3. Oraindik ere ez dira ezarri indarraren erabilera eta argiketen edukia ikuskatzeko gomendatu ditugun mekanismoak. Oro har, oraindik ere ez dira ezarri polizi jardunak ikuskatzeko gomendatu ditugun mekanismorik gehienak (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren II. atala). Ikerkuntzaren kasu zehatzari dagokionez, oraindik ere bere horretan diraute beste urte batzuetan antzeman ditugun gabeziek. Polizi jardunarekin zerikusia duen zigor kausa baten tramitazioan babestutako ikerkuntza falta eta ikerkuntza ez-nahikotasuna dira antzeman ditugun arazoetariko batzuk. Halaber, egiaztatu ahal izan dugu jarduketa protokolo argiek eta zehatzek ezarri gabe jarraitzen dutela eremu honetan.
5.4. Aurten kexak aurkezteko gaia izan da berriro ere etxerik gabeko atzerritarrak bizi ziren eraikin abandonatuetatik irtenaraztea.Arartekoaren 2013ko apirilaren 24ko ebazpenak eta 2013ko abenduaren 11koak bi pronuntziamendu jasotzen dituzte aurten poliziak etxe hustuketetan egindako beste horrenbeste jarduketaren gainean eta, gure ustetan, bete beharreko bermeen gainean.Gure irudiko, bi kasuetan ez dira bete aipatutako bermeak eta etxebizitzaren bortxaezintasunaren eskubideari eragin zitzaion.
5.5. Berriro ere kexa aurkezteko gaia izan da atzerritarrak identifikatzeko kontrol orokor bat. Hala eta guztiz ere,
oraindik ere ez dira ezarri eremu honetan jarduketa diskriminatzaileak saihesteko gomendatu ditugun prebentzio mekanismoak (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren VI.1 atala).
5.6. Jokoari eta ikuskizunei buruzko kexek honako gai hauek jorratu dituzten gehienbat: edukieraren ez-betetzea eta ekitaldiak aurrera eramatean izaten diren segurtasun neurriak.
5.7. Herritarren segurtasunari eta trafikoari buruzko kexek zigor araubideari eragin diete batik bat. Trafikoari dagokionez, kexek agerian jarri dituzte jakinarazpenarekin, urraketen frogarekin eta formula estandarizatuen erabilerarekin zerikusia duten arazoetariko batzuk; horren ondorioz, berriro ere gogorarazi dugu zein den jakinarazpenak duen garrantzia nahitaezko salaketen egintzan, defentsa eskubidearen ikuspegitik.
5.8. Ez da modu egokian betetzen ari polizi funtzionarioen jantzian identifikazio zenbaki edo erreferentzia bat ikusgai jartzeko egin dugun gomendioa (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren V. atala).Ertzaintzari dagokionez, erakusten den identifikazio zenbakia ia-ia ezin bereiz daiteke herritarrak agenteengandik hurbil egonda ere.
5.9. Aurten bisitatu ditugun Bilboko Ertzaintzaren eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoaren atxiloketa zentroek jarraitzen dute euren zeregina betetzeko egokiak izaten, nahiz eta udaltzaingoaren lokalak adin txikikoentzako gela zehatzik eduki ez.
5.10. Bi zentroetan atxiloketen grabazioak gordetzeko epea ez da nahikoa, mekanismoa eraginkorra izan dadin. Era berean, ez da abiarazi erakunde honek proposatutako bestelako neurririk; horrek, beraz, bermea mugatzen du.
5.11. Bi zentroetan bisitetan ikuskatu genituen atxiloketak, oro har, modu egokian oinarriturik zeuden, haien erregistroak zuzen beterik eta egindako diligentziak arrazoizko epeetan bideraturik. Nolanahi ere den, eskubideei buruzko informazio aktek ez dute azaltzen ea atxilotutakoari egozten zaizkion gertaerei buruzko informazioa eman zaion ala ez. Gainera, gorputz araketa egiteko eta dokumentatzeko modua ez dator gure gomendioekin bat eta laguntza letratua ez da lehendabiziko momentutik ematen. Udaltzaingoari dagokionez, atxiloketan epaitegiari egin beharreko jakinarazpena eta hori azaltzeko modua gure gomendioetatik aldentzen dira.
5.12. Laguntzarik gabeko adin txikiko atzerritarren artapenari buruzko ekainaren 17ko 5/2013eta jendaurrera zabaldutako establezimenduetako onarpen eskubideari buruzko ekainaren 27ko 6/2013gomendio orokor berriek (atzerritarren arloan aipatzen dira) segurtasun arloari eragiten dioten jarraibideak jasotzen dituzte.
5.Justizia
1.Arloa kopurutan
Justiziaren arloan guztira 66 kexa-espediente berri ireki dira 2013. urtean; hau da, Arartekoak urtean zehar izapidetzea onartutako guztien %2,47. Jarraian, espediente horien banaketa azalduko da, arloka:
– Erregistro Zibila eta Jabetza Erregistroa 20
– Justizia Administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua 18
– Doako laguntza juridikoa 12
– Beste alderdi batzuk 4
– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak 3
– Elkarguneak 3
– Beste elkargo profesional batzuk 2
– Adingabe lege-hausleak 2
– Notarioen eta erregistratzaileen elkargoak 1
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 1
Urtean zehar izapidetutako espedienteei dagokienez, txosten hau amaitzean egoera honetan zeuden:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
207 | 125 | 70 | 51 | 19 | – | 12 |
Arlo honetan jasotako gainerako erreklamazioak, formalki baztertu behar izan ditugu, horien gaineko eskumenik ez genuelako. Erreklamazio horietako batzuetan partikularren arteko gatazkak planteatzen ziren, eta Zuzenbideak irtenbide eraginkorra lortzeko helburua izan du soilik gure esku-hartzeak, erreklamazioak sustatzen zituztenei kasu bakoitzean garrantzitsuak ziren funtsezko eta prozedurazko alderdiei buruzko informazioa emanez. Beste erreklamazio batzuk, aldiz, estatuko administrazio-organoen jarduketei buruzkoak ziren, eta estatuko gure homologoari helarazi dizkiogu. Azkenik, epaitegien eta auzitegien jarduketa oztopatu gabe izapidetu ezin ditzakegun kexei uko egin behar izan diegu. Izan ere, Arartekoak nahiz jurisdikzionala ez den beste edozein instantziak debekatuta du epaitegien eta auzitegien jarduketa oztopatzea, botere judizialaren independentzia printzipioaren arabera.
Hala ere, azken kexa mota horien ondoren, batzuetan ohartu gara defentsa-gabezia egoerak zeudela, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden baliabideei lotutako arazoei edo disfuntzioei egotz dakizkienak. Hori dela eta, sub iudice dauden gaietan esku hartzeko eskaera orori uko egiteari utzi gabe, epaitegiei egoera horien berri eman nahi izan diegu. Kudeaketa informalak izan dira, izendatuta zegoen defentsako abokatuarekin koordinatuta garatu direnak eta pertsona erreklamatzaileek egoitza judizialean Legeak beren eskura jartzen dituen tresna guztiekin beren legezko eskubideak eta interesak defendatu ahal izaten laguntzea helburu zutenak.
Aurten, sail horren inguruko gure lanak hainbat gai mota landu ditu, eta gai horietatik hiru azpimarratu behar ditugu, behin eta berriz errepikatzen direlako herritarren eskubideen eraginkortasunean eragina dutelako:
atzerapenak izapidetzean;
akatsak pertsona interesdunen identifikazioan eta ematen zaien informazioan;
auzitegiek aintzakotzat hartzea auzitegien aurrean pertsonen posizioa bereizten duten baldintzak, pairatzen dituzten zenbait gizarte-bazterketako egoeren ondorioz pertsona horiek baldintza horiek baliatzeko arazoak dituztenean.
Txosten honen luzaeragatik esku-hartze horiek zehaztasunez azaltzea ezinezkoa den arren, beren gizarte– eta araudi-testuinguruari buruz hitz egitean zenbait egiturazko gako aipatuko ditugu, gure ustez, aurre egin nahi izan dieten arazoak azaltzen dituztenak.
Edonola ere, alderdi honetan gure lanean beste urte batez lagundu digutenei gure esker ona adierazi nahi diegu, bai epailetzari bai fiskaltzari. Laguntza hori ezinbestekoa da guretzat, eta azalduko dugun aldi honetan, idazkari judizialek emandako laguntza ere bereziki aktiboa izan da, auzitegi partikularretako idazkariena nahiz Justizia Auzitegi Goreneko Gobernu Aretoko eta probintziako koordinatzaileetako idazkariena.
2.Kexarik aipagarrienak
Jarraian azaldutako bi kasuek Justizia Sailak Arartekoaren aurrean kexa bat jartzera etortzen diren herritarrei emandako laguntza adierazten dute:
2.1. Doako justiziaren onuraren kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko erakundeen arteko lankidetza
Salatutako egoera: Urteko lehen hilabeteetan, hainbat pertsonak jo zuten Arartekora doako justiziaren onuraren arretan eta izapidetzean izandako atzerapenen berri emateko, eta jakinarazteko denbora galtzen zutela egiatan jada administrazioaren eskuetan zeuden datu batzuk egiaztatzeko epaitegira behin eta berriz joan behar izatean, eta horrez gainera, oso gogaikarria egiten zitzaiela. Halaber, abokatutzako korporazio-instantziek jakinarazi ziguten, baliabideen eta langileen murrizketako testuinguru batean, Orientazio Juridikoko Zerbitzuek zailtasun handiak zituztela eskaera horiek eraginkortasunez kudeatzeko.
Arartekoaren esku-hartzea: Arartekoa hiru Foru Ogasunetara joan zen, arren eskatuz bazegoela zerbitzuaren izapidetzea errazagoa eta laburragoa izateko modu bat, erakundeen arteko lankidetzaren bidez. Zentzu horretan, azaldu genien Orientazio Juridikoko Zerbitzuei eta Doako Zerbitzuaren Batzordeei, Justizia Sailera atxikita daudenei, eskatzen duten pertsonen zerga-datuetara sarbide zuzena emateko aukera kontuan hartu beharko luketela. Hala, ez lukete leihatila batetik bestera joan beharko datu horiek lortzeko eta emateko, baizik eta nahikoa izango litzateke eskaera egiteko garaian beharrezko datuak dauden fitxategi automatizatuak kontsultatzeko baimena ematea, aitortzen duten ekonomia-egoera egiaztatu ahal izateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde honi jakinarazi zion proposatutako ildoan lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko asmoa zuela Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuarekin. Arabako Foru Aldundiak agindu zuen beharrezko neurriak aztertu eta hartuko zituela, planteatutako arazoa konpontzeko. Bizkaiko Foru Ogasunak, bestetik, adierazi zuen proposamenak aintzat hartzen zituen helburu berak zituela, baina, bere ustez, proposamen hori onartzeak zerga-arloko foru-araudia urratzea ekarriko lukeela berekin.
Jasotako erantzunak kontuan hartuta, Arartekoak abuztuaren 7ko 7/2013 Gomendio Orokorra eman zuen, Abokatu elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek eta doako laguntza juridikoko lurralde batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izateari buruzkoa.
Emaitza: Gipuzkoako Foru Aldundiak, iragarriz ituen baldintzetan, nahiz Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek, araudia aldatzeko neurriak hartu zituzten eta kasu bakoitzean beharrezko lankidetza-hitzarmenak sinatu zituzten, Orientazio Juridikoko Zerbitzuek eta Doako Laguntza Juridikoko Probintziako Batzordeek zuzenean eta baliabide informatikoen bidez eskura ditzaten Legeak Doako Laguntza Juridikoaren esparruan esleitzen dizkien funtzioak betetzeko behar duten informazio informatikoa, datuen babeserako esparruan araudia errespetatuz.
2.2. Ofiziozko letratu baten jarduketa okerrak eragindako kaltea erreparatzea
Kexa horrek Arartekoak bi esku-hartze egitea eragin zuen, hain zuzen, herritarrek esparru honetan pozik ez egoteko bi arrazoi nagusiei buruzkoak.
Salatutako egoera: Pertsona bat Arartekora joan zen azaltzeko zer-nolako kaltea eragiten zion bidegabetzat jotzen zuen ebazpen judizial bat irmo bihurtu izanak, Arabako Abokatuen Elkargoak izendatutako ofiziozko abokatuak ebazpena aurkatzeko erabiliko zuen errekurtsoa epez kanpo aurkeztu izanagatik. Egoera hori Elkargoan salatu ondoren, Elkargoari pasiboa izatea leporatzen zion kalteak ordaintzeko eta zegozkion erantzukizunak eskatzeko garaian.
Arartekoaren esku-hartzea: Abokatuen Elkargoko gobernu-batzordearekin harremanetan jartzean, hasiera batean jakin nahi izan genuen zer-nolako eginbideri jarraitu zioten jasotako salaketaren aurrean jokatzean. Egiaztatu genuen salaketa berretsi ondoren Elkargoak salatutako letratuari bidali ziola eta, letratuak alegaziorik aurkeztu ez zuela ikusita, Batzorde Deontologikoari igorri ziola. Sei hilabete igaro ziren salaketa aurkeztu zenetik aurretiko informazioa ireki zen arte, diziplinako espedientea hastea komenigarria zen ala ez zehazteko. Elkargoari jakinarazi genion beharrezkoa dela xede horietarako estatutuen bidez aurreikusitako mekanismoek atzerapenik gabe funtzionatu behar dutela, doako laguntza juridikoko zerbitzuaren kalitatea zaintzeko modu gisa. Lau hilabete geroago eta zegokion espedientea hasteko bederatzi hilabete behar izan eta gero, Elkargoak letratuaren jokabidea aztertu zuen eta bere zeregin profesionalen arau-hauste larritzat jo zuen, eta Ofiziozko Txandan bi hilabetez kargua kenduz zigortu zuen.
Pixka bat geroago, ordea, kaltetuak berriz jo zuen Arartekora, egoera horretatik eratortzen zen erantzukizun zibilaren araberako kalte-ordainak lortzeko behin eta berriz egindako kudeaketak alferrekoak izan baitziren. Abokatuen Elkargoak gai horren inguruan adierazi zuen ezin zitekeela beste ezer gehiago egin, eta letratuaren eta aseguru-etxearen jarrera ikusita, erreklamatzaileari geratzen zitzaion bide bakarra auzitegietara jotzea zela.
Arartekoak ez zuen egokitzat jo erantzun hori. Izan ere, erantzukizun hori bere gain ez hartzea emandako zerbitzu publikoaren kalitatearen bermearen kalterako zen, eta Abokatuen Elkargoak zerbitzu horren kalitatea babestean lehen interesduna izan behar du. Hala ere, igarotako denbora ikusita, aipatu aseguru-etxearen zuzendaritzaren aurrean kudeaketa zuzen bat egitea erabaki zen, eta aseguru-etxeak berehala erantzun zuen, bere betebeharrak bere gain hartzeko prest zegoela adieraziz. Nolanahi ere, azpimarratu zuen ez zituela betebeharrak bere gain lehenago hartu Elkargoak, aseguruaren hartzailea zen aldetik, igorri behar zion dokumentazio garrantzitsua jasotzearen zain zegoelako. Elkargoari dokumentazioa aseguru-etxeari bidaltzeko eskatu beharrean, beste izapiderik egin gabe konpainiari dokumentazio hori bidaltzea erabaki genuen. Aste batean, txosten juridiko independente bat bidali zigun guk azter genezan. Txosten horretan kalte-ordainak ordaintzeko zentzuzko proposamen bat egin zuen.
Hala ere, txosten horretan ez zuen aipatzen aseguratzailearen berandutzea, eta adierazten zuen ez zela berandutu bere ardurak bere gain hartzen eginbiderik ez zuelako egin, baizik eta Elkargoak xede horretarako bidali zion dokumentazioan ez zegoelako dokumenturik garrantzitsuena, eta ez zutelako dokumentu horren edukiaren berririk izan erakunde honek helarazi zion arte. Konpainiari azaldu genion kontratuzko fede onaren betekizunetatik ondorioztatzen zela, gure ustez, ezin zuela alegatu kaltetuak behin eta berriz eskaini zion dokumentazio baten berririk ez zuela, eta egiaz, azkenean, zuzenean hartzaileari eskatu behar izan ziola, kaltetuaren ordez Arartekoak espedientea berehala ebazteko interesa adierazi zuenean.
Emaitza: Aseguru-konpainiak erakunde honen planteamendua onartu zuen, eta erreklamatzaileari abokatuak egindako okerrak eragindako erantzukizun zibilaren kalteak ordaindu zizkion, bai eta berandutzearen kontzeptuari zegokion kopurua ere.
3.Gizarte- eta araudi-testuingurua
3.1. Epaileen artean ondoeza hedatuta dago, lan-baldintzen narriadura dela eta. Bere garaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Goreneko Magistratuen Batzarrak narriadura horretaz ohartarazi zuen. Gehiengoak epaileen eta fiskalen greba, abokatutzak eta langile judizialek babestua izan zena, jarraitzea ere egoera horren adierazle da, 8/2012 Lege Organikoak, abenduaren 27koak, Justizia Administrazioaren arloko aurrekontu-eraginkortasuneko neurriei buruzkoak, Botere Judizialaren gaineko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duenak, jurisdikzioan sortzen dituen eraginen kontra. Era berean, azterketa soziologikoek ezagutzera ematen dute, egungo egoera gorabehera, Justiziarenganako konfiantza handitu egin dela herritarren artean, komunikabideek zenbait kasuri emandako tratamendua alde batera utzita. Gure epaitegiek eta auzitegiek lan egiten duten profesionaltasun-mailagatik handitu da konfiantza hori eta,egungoa bezalako ekonomia- eta gizarte-krisiko egoera orokortu batean, pertsonek Justiziari beren eskubideak bermatzeko funtzioa esleitzen jarraitzen dutelako.
3.2. Neurri horietako baten, hain zuzen, ordezko epaileen eta magistratuen murrizketen, ondorioek Arartekoan hainbat kexa aurkeztea eragin zuten. Borondatezko ordezkapen-planek porrot egin ondoren (Euskal Autonomia Erkidegoko 227 epailetatik eta magistratutatik bik soilik onartu zuten beste epaitegi bateko lana ordainsari osagarri baten truke), arazoa ez zuten eragiten ohiko ordezkapenek (txandaka 15 egun baino gutxiagoko falta bat betetzea) eta plaza hutsengatik erregistratutako ordezkapenek, lan-utzialdiek edo zerbitzu-eginkizunek, baizik eta 15 egun baino gehiagoko edo amatasun-baimenek eta ikasketa-baimenek. Euskadin zeuden 24 bitartekoetatik hamaikak beren kardua uztean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Justizia Ministeriora jo zuen, egoera horrek eragiten zituen ondorioengatik. Izan ere, beste epaitegi bateko epaileak hutsak geratzen ziren epaiketa-egunak bete behar izatean, epaiketa batzuk egun berean egokituz gero, hutsak geratu zirenak edo epailearen epaitegikoak atzeratu egin beharko lirateke edo, egiatan gertatu zen bezala, epaiketa batzuen edo besteen zati bat ezinbesteko babesaren interesei arreta jartzeko erabiliko ziren, hala nola behin-behineko espetxea zigor-jurisdikzioan edo akusatuari ezarritako beste erresalbuzko beste neurri batzuk. Justizia Ministerioak bitartekoen kopurua hamabost izateraino igoz erantzun zuen, eta murrizketak zenbait barrutitan, hala nola Gernikan eta Bergaran, izandako epaiketa-egunen atzeratzean izandako eragina arindu zuen. Hala ere, ebazkizunen igoeran ez zuen eraginik izan, batez ere zenbait jurisdikziotan. Hori, hala ere, logikoa da, kontuan badugu erreforma horren aurretik ebazpenen %23 ordezkoek ematen zituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken memoriaren arabera.
3.3. Eskubideen tutoretza judizialaren eraginkortasunaren gaineko eragina neurtze aldera, beharrezkoa da neurri horiek eta tasa judizialen araudi berriak berekin ekarri dituen ondorioak aldi berean aztertzea. Araudi hori hilabete batzuetan aplikatzea nahikoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko epailetzak egiazta zezan araudi horrek ondorio negatiboak zituela legezko eskubideak eta interesak Justiziaren aurrean defendatzeko aukeretan, eta Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen bitartez salatu zuen egoera hori.
Hori dela eta, Justizia Ministerioak egindako aldaketak harrera ona izan zuen. Hala, zentzu horretan Herriaren Defendatzaileak zentzu horretan egindako gomendioak onartu zituen. Modu horretan, herriaren defendatzaileak ez zuen araudi horren inguruko errekurtsorik aurkeztu Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Lehen auzialdian eta jurisdikzio zibileko, administrazioarekiko auzi-jurisdikzioko eta gizarte-jurisdikzioko baliabideetan pertsona fisikoen tasa aldakorren %80era iritsiko litzateke murrizketa hori, eta doako justiziaren onuradunei kobratutako tasak itzultzea ere bere baitan hartuko luke. Hala, Doako Laguntza Juridikoaren Legearen aurreproiektuaren, urtarrilean argitaratu zenaren ondorioak aurreratzen zituen. Halaber, tasa-salbuespenaren onuradun izateko errenta-atalaseak igo ziren, genero-indarkeriaren, terrorismoaren, gizakien salerosketaren eta trafikoko istripuen biktimei eta abusuen edo tratu txarren biktimak diren adingabeei edo desgaituei ere aplikatzen zaien tasa-salbuespenarena hain zuzen.
Edonola ere, tasa judizialei buruzko araudiaren zati handienak indarrean jarraitu du eta disuasio-logika bati jarraitzen dio. Erakunde honen ustez, araudi hori eztabaidagarria da, euskal operadore juridiko gehienek uste duten bezala: eta, zalantzarik gabe, auzien kopurua murriztea helburu laudagarria bada ere, hori lortzeko bidea judizioz kanpoko bideak sustatzeak izan beharko luke, arbitrajea eta bitartekaritza. Aitzitik, alderdiek arrazoi ekonomikoengatik Justiziaren zerbitzu publikoa erabiltzean atzera egitea oinarrizko eskubideen aurkakoa izan daiteke, eta azken buruan, zerbitzu hori ordaintzeko baldintza hobeetan egoteagatik demandak edo errekurtsoak aurkezteko uzkurtua ez dagoenari egiten dio mesede.
3.4. Tasa judizial berriak, hasiera batean, doako laguntza juridikoaren finantziazioarekin lotuta egon ziren. Aukera hori gaizki atera zen urtearen amaieran Gobernuak Justiziak Arloko Biltzarrean horren inguruan iragarri zituen mugak zirela eta, nahiz eta arloan eskumena duten autonomia-erkidego guztien ahobatezko oposizioa izan. Funtsezko zerbitzu horren finantziazio-gabezia izan da arlo horretan jasotako kexen ehuneko esanguratsu baten arrazoi nagusia. Profesionalek, beren zerbitzuak kobratzen atzerapenak izateagatik kaltetutakoek, planteatzen zituzten, bai eta onura horren pertsona eskatzaileek ere, Orientazio Juridikoko Zerbitzuen egoera ezegonkorragatik. Zerbitzu horren baliabide gabezia dela eta, oso azkar jarri da arriskuan bere jarraipena. Otsailean, egiaz, Bizkaiko Orientazio Juridikoko Zerbitzua egun batzuetan itxita egon zen, eta guardiako eta Ofiziozko Txandako letratuen izendapenak etetea ere planteatu zen. Neurri horiek ez zuten ondoriorik izan, abokatutzako korporazio-instantzien eta Justizia Sailburuordetzaren artean “baliogabeak” izeneko gaien ordainketari buruz hitzartutako konpromisoak direla eta. Gai “baliogabe” horietan, pertsona bati doako justizia lortzeko eskaera ukatzen zaio, defendatua izan ondoren, edo bestela, ez ditu beharrezko kudeaketak egiten. Hala ere, xede horretarako aurreikusitako ekonomia-funtsaren horniduraren inguruko desberdintasunek jarraitu zuten. Doako Justiziaren Lege berri baten zain gauden testuinguru honetan, 2014. urtea onartzea aurreikusita dagoenean, tentsioak berriz azaleratu ziren 2013. urtearen 13an, huts egindakoen ehuneko handiena gertatzen den delituentzako ofiziozko letratuak ez izendatzearen ondorioz. Gai horren inguruan jaso genituen kexak direla eta, esku hartu behar izan genuen, bai Justizia Sailaren eta elkargo profesionalen aurrean, bai epailetzaren aurrean ere, hori guztia herritarren eskubideetan izaten ari zen eragina murrizte aldera.
3.5. Bukatzeko, urte osoan zehar hipoteka-maileguak ez ordaintzeagatiko etxegabetzeen arloan Arartekora etengabe irits idiren kexen araudi eta jurisprudentzia-testuingurua aipatuko dugu. Berri ona izan zen Eusko Jaurlaritzak epaileekin eta udalekin lankidetzan jarduteko mekanismo bat sortzea, hipotekako edo alokairuko etxegabetze bati aurre egin behar dioten pertsonek eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonek laguntza publikoak jaso ahal izan ditzaten. Hala ere, 27/2012 Errege Dekretua, hipoteka-zordunen babesa indartzeko presazko neurriei buruzkoak, sortutako itxaropenek huts egin zuten: Merkaturatzea geldiarazteko aukera izateko betekizun zorrotzak, ezarritako epeak, hipoteka-prozesuen errealitatearekin erabat arrotzak zirenak, eta prekarietate-egoera ziurtatzeko eskatzen ziren izapide korapilatsuak zirela eta, Errege Dekretu horren eragina izugarri murriztu zen eta haren babesa lortzen saiatu ziren pertsonen %2ri soilik eragin zion. Beharrezkoa da aipatzea, bestalde, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia. Europar Batasuneko abokatu nagusiak adierazitako usteari atxikiz, epai horrek neurrigabekotzat eta legez kontrakotzat jo zuen Espainiako etxegabetzeei buruzko araudia, arlo horretan erkidegoko zuzentarauak babesten dituen kontsumitzaileen eskubideak urratzen zituela iritzi baitzuen. Aldi berean, legegintzako herri-ekimen bat izapidetu zen Parlamentuan, milioi bat eta bostehun mila sinadurak babestu zutena. Ekimen horrek eskatzen zuen etxegabetzeak geldiarazteko, kaltetutako pertsonek beren etxebizitzak bankuari itzuli ahal izateko eta beren etxebizitzetan bizitzen geratu ahal izateko alokairu sozial bat ordainduz. Azkenik, haien eskaerak ez ziren jaso 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoan. Lege horrek erkidegoko araudiarekin eta Konstituzioa berarekin bat datorren oso eztabaidatua izan da gizartean bai eta zuzenbidean ere, eta Auzitegi Konstituzionalak gai horren inguruko bere iritzia eman beharko du. Esparruan ditugun eskumen-mugez harago, Arartekoak beharrezkotzat jo du eztabaida hori mahai gainean uztea, eta horretarako, gai horri buruzko Udako Ikasturte bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
4.Beste esku-hartze batzuk jarduketa-planaren eremuan
4.1. Bilerak elkarteekin
Tokiko nahiz nazioarteko GKEek eta elkarteek jasotako eskaerak artatu ditugu. GKE eta elkarte horiek Arartekoarekin elkarrizketa bat izateko eskatu dute prozesu penalaren esparruan Giza Eskubideak bermatzeko sistemaren birtualtasunari buruz.
4.2. Erakundeetako eta korporazioetako arduradunekin bilerak
Urte osoan zehar, lan-bilerak egin ditugu epailetzako hainbat kiderekin. Epailetzako kide horien lankidetza etengabea izan da, gure ebazpenak egite aldera, bai eta herritarrek Arartekora jotzea eragin duten arazoak konpontzeko egin ditugun kudeaketa zuzenak egiteko ere, batez ere esparru penalean eta erregistro zibilen esparruan.
Helburu berarekin lan egin dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko gobernuko idazkariarekin, eta lurralde historiko bakoitzeko idazkari koordinatzaileekin, fiskal nagusiarekin eta probintzietako fiskal-buruekin.
Korporazio profesionalei dagokienez, hiru lurralde historikoetako Abokatuen Elkargoekin garatutako lana doako justiziari eta profesioaren egikaritzearen kontrol deontologikoan prozedurazko bermeei buruzko gaien ingurukoa izan da.
Justizia Sailburuordetzako eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko arduradunekin bildu gara, helduen justiziari eta adingabeen justiziari buruzko gaiak lantzeko. Justizia Administrazioarekin lankidetzan jarduteko beren zerbitzuak bisitatu ditugu, bai eta Gasteizko Justizia Jauregiko Orientazio Juridikoko Zerbitzuak ere.
4.3. Inkomunikazio-erregimenean dauden atxilotutako pertsonen berme-sistema hobetzeko neurriei buruzko gomendioen jarraipena
Jarraipen hori egiteko, Ertzaintzaren hainbat polizia-etxe bisitatu genituen, eta emaitza Segurtasunaren arloari buruzko txosten honen zatian adierazita dago.
4.4. Ekitaldietan parte hartzea, txostenetan parte hartzea eta materialak egitea
Arartekoaren presentzia publikoa zabala izan da arlo honetan landutako gaiekin lotuta. Arartekoaren esku-hartzea honako foru hauetan nabarmen daiteke:
Euskal Herriko Unibertsitatea: Esku-hartze penalaren esparruan egungo joerei buruzko txostena, Arartekoaren Bulegoaren esperientzia oinarri hartuta.
Bizkaiko Abokatuen Elkargoa: Terrorismo delituetan politika kriminalari eta zigor betearazpenari buruzko txostena, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia ikusirik.
Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea: Justizia leheneratzaileari buruzko nazioarteko mintegia.
Eusko Jaurlaritza, Giza Eskubideen Batzordea: Gurasoen erantzunkidetasunaren esparruko aldaketen inguruan Arartekoak zer jarrera duen azaltzeko aurkezpena.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Krisiak eragina izaten jarraitu du kalitateko zerbitzu publiko bat eskaintzeko Justiziako Administrazioaren gaitasunean. Gure azken txostenetan egiaztatu dugun joera bat da. Ez gara ari Justiziako Administrazioaren zerbitzura dauden baliabideen murrizketaz soilik, baizik baita, Justizia modernizatzeko helburu aitortuaz, eskubideen tutoretza judizialaren eraginkortasunean eragin negatiboak dituzten zenbait araudi-aldaketaz ere, aztertzen ari garen urtean zehar beren jardueraren esparruan Arartekoak lan egin duen operadore juridiko guztiek salatzen duten bezala.
Horrek zalantzan jartzen du goian aipatutako 8/2012 Lege Organikoan jasotako aurrekontu-eraginkortasuneko neurriak bat etorriko ote diren 2008-2013 aldirako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak diseinatutako Justizia modernizatzeko Plana, bai eta Estatuko itunaren indarraldia ere, helburu berarekin indar politiko nagusien 2001. urtean lortu zutena: argitu nahi da, lan-igoerako eta baliabide-murrizketako testuinguru batean, horien helburu modernizatzea den ala, azken buruan, Justizian zerbitzu publiko guztiei eragiten dieten murrizketak aplikatzea.
5.2. Jurisdikziotik jurisdikziora desberdinak dira neurri horiek herritarren eskubideen tutoretza judizialean dituzten ondorioak, tasa judizial berriekin bat eginez. Edonola ere, kontsultatutako operadore guztien arabera, gure epaitegietako prozesuen pilaketaren eta batez besteko iraupenaren esparruan gertatzen ari den aldaketa baten aurrean gaude. 2012. urtean, gure epaitegietako indizeak oraindik pixka bat hobeagoak ziren Espainiako Justiziako Administrazio osokoak baino. Laburbilduz, azkenean Justiziako Administrazioak bankuei, aseguru-etxeei, Estatuari berari edo autonomia-erkidegoari, gai gehienetan auzilari nagusiak direnei, zerbitzu on bat emateko arriskuan gaude, arazo batengatik epaitegira noizean behin joan behar duten herritarrek, berriz, doako justiziako kasuetatik at, oztopo ekonomikoak eta atzera-eragileak gerta daitezkeen izapidetzeko epeak izango dituzten artean:
– Badirudi horrela gertatzen dela administrazioarekiko auzi-jurisdikzioan. Apelazioen beherakada erregistratu da, %30 ingurukoa. Horrek adierazten du zer-nolako eragin kaltegarria duen Administrazioaren erabakien aurka errekurtsoak zailtzeak, auzitegiek bere jarduera kontrolatzeko eraginkortasuna murrizten baitu, praktikan, bere aldeko “baliozkotasuneko presuntzio” bat ezartzeraino azkenean.
– Lan-arloko jurisdikzioa, ekonomia-atzerapenak bere lan-kargan horren eragin nabarmena badu ere, hasiera batean tasa judizialek ez dute nabarmen kaltetu, lan-araudi berriaren ondorioak pairatu behar izan dituen arren: Kausa objektiboengatiko eta lan-baldintzen funtsezko aldaketengatiko (lanaldien eta soldaten murrizteak) kaleratzeen igoera. Horrez gainera, lehen administrazioak egiten zituen lan-izapideak epaitegietara deribatu dira. Horren guztiaren ondorioz, urtean zehar lan-arloko euskal epaitegietan sartu diren gaiak hasiera batean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aurreikusitakoak baino askoz gehiago izan dira. Egoera horri aurre egiteko unitate judizial berrien eskaerak artatu ez direnez, erantzuteko denbora iazkoa halako hiru da. Bi alderdiei egoera horrek eragiten dien atsekabearen berri izaten jarraitu dugu Arartekoan, eta gizartea da kaltetuena atzerapenengatik, izapidetze-soldatak kentzean.
–
Erregistro Zibilekin lotuta jasotako kexek adierazten dute urtean zehar beren lan-karga handitu dela, eta beren zerbitzupean dituzten baliabideen igoerak ez duela konpentsatu lan-karga hori, eta horrek ezinbestean izan du eragina beren ebazkizun-denboretan. Notarioei eta jabetzaren erregistratzaileei esparru honetan esleitu zaizkien funtzio berriek arazoa larriagotu baino ez dute egin, arindu ordez, bai nazionalitateen esparruan eragin duen kasu pilagatik, bai hainbat aplikazio informatikoren artean izandako bateraezintasunagatik.
5.3. Beste urte batez itxaron behar dugu Bulego Judiziala eta Fiskala, gure barruti judizial guztietan ezarri eta gero, lagungarria izatea egoera hau gainditzen joateko erabiliko diren baliabideak optimizatzeko. Hala ere, berriz aipatuko dugu gai horren inguruan gure txostenetan gomendatzen duguna, eta batez ere bikaintasuna eta kalitatea sustatzen duten pizgarriekin eta adierazleekin egindako lanari dagokionez, bai espediente elektronikoaren ezarpenari dagokionez. Testuinguru horretan, funtsezkoa da idazkari judizialak lekuz aldatzea, kontuan izanda epaitegietako eta auzitegietako gainerako langileen gainetik zer zuzendaritza- eta antolaketa-funtzio dituzten. Beraz, hala, auzitegietan euskara ere sustatuko litzateke. Euskararen sustapenak Auzia euskaraz izeneko programan tresna baliotsu bat aurkitu du iazko azken hilabeteetatik aurrera.
5.4. Erakunde hau bereziki kezkatzen duen gai bat da gizarte-protestaren kriminalizatzea, sistemaren kalitate demokratikoan eragin handia baitu. Urtean zehar, arrazoi horrengatik hainbat mugimenduk eta taldek jo dute Arartekoarengana, besteak beste, ekologistek, etorkinen eskubideen alde lan egiten dutenek, hipoteken exekuzioak kaltetutako pertsonen alde lan egiten dutenek, bakearen alde eta militarismoaren aurka daudenek, auzo-elkarteek eta altermundistek. Protesta egiten zuten Ertzaintzak beren erresistentzia pasiboko jokabideetako batzuk delitutzat hartzen zituelako. Gerora, auzitegiek jokabide horiek bukatutzat jotzen zituzten edo falta gisa kalifikatzen zituzten. Ebazpen judizial horiek eragiten zien pozaz harago, azaldu zuten ebazpen horiek ez zutela eragotzi ertzainek beren ekintzak neurriz kanpo zapaltzea eta beren taldeetako kideak gaizkileak balira bezala atxilotzea. Hori zela eta, eskatzen zuten polizien irizpideak arlo honetan irizpide judizialetara egokitzeko.
Arartekoak bere azken txostenetan adierazi dio arazoa Eusko Legebiltzarrari. Urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra, polizien jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzkoan, aztertu zen gai hori.
Hala ere, oraingoan kezka hiru arrazoirengatik handitu da:
– Batetik, gure gomendioak egin arren, urte osoan zehar herritarren ekimen horren desberdinek behin eta berriz planteatzen jarraitu dutelako kexa hori.
– Bestetik, zuzenean lotuta dagoelako Bilboko Instrukzioko Epaileen Batzordeak hautemandako arazoarekin. Batzorde horrek 2013ko otsailaren 12an egindako bilkuran aho batez nabarmendu zuen arazo hori: falta-izaerako egintzengatik atxilotuak Guardiako Epaitegiaren esku jartzeen kopuruak igoera nabarmena izan du, Guardiako Epaileak atestatua irakurri ondoren denbora-tarte batean atxilotua egon den pertsona berehala libre uztea erabakitzen duelarik. Arazo hori oso larria dela ikusita, HITZARTU DA kaltetutako poliziak jakinaren gainaren gainean jartzea dagozkion xedeetarako.
– Bukatzeko, Herritarren Segurtasunaren, Zigor Kode berriaren eta Zigor arloko Prozedura Lege berriaren esparruan aurreikusitako lege-erreformengatik. Urte amaieran Euskal Goi-bilera Sozialak Justizia Auzitegi Nagusiaren Egoitzan salatu zuen bezala, lege-erreforma horiek herritarren defentsan jarduten duten abokatuen jarduna mugatzen dute, polizien jarduketen azterketa judiziala murrizten dute eta kontrol jurisdikzionalaren murrizketa bat dira, botereari gogaikarriak gerta dakizkion jokabideen zapalketa gobernu-agintaritzaren eskuetan uzten baitute, gizalegez eta bakean egiten badira ere.
Erakunde honen ustez, beharrezkoa da horrek guztiak sistemarentzat ekar dezakeen agintaritza-desbideratzearen arriskua aldentzea, eta horretarako, beharrezkoa da Ertzaintzak jokabide horien adierazpen askea bermatzea eta indarkeriarik gabeko disidentzia ez kriminalizatzea. Esparru honetan kokatuta dagoelarik, arriskuan dauden ondasun juridikoen arteko haztapen klasikoak, proportzionaltasunaren eta beharrezkotasunaren printzipioak kontuan hartuta, indarkeriazko jokabideak edo pertsonentzat edo ondasunentzat arriskutsuak izan daitezkeen jokabideak bereizi egin behar ditu gizarte-atsekabea adierazten duten jokabideetatik, desobedientziazko edo erresistentzia pasibozko jokabideak izan arren, indarkeriarik gabeko ekintza sortarekin lotuta daudenetatik. Gure auzitegiak jurisprudentziako doktrina zabala garatu dute gai horren inguruan, eta dotrina horrek gure ordena-indarrek uneoro aintzat hartu behar dituzten berme-irizpideak ditu buru.
5.5. Judizioz kanpoko eta judizioz barruko bitartekaritza izan da urte osoan zehar berririk onenetakoak eman dizkigun esparruetako bat. Bitartekaritza horren praktika sendotuta dago zigor eta familia esparruan, eta Bilbon proiektu interesgarri bat dago lanaren arloan. Esperotako 5/2012 Legea garatzeko Erregelamendua, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoak, Bitartekariaren Estatutuaren funtsezko lau alderdi baimendu ditu: bitartekarien prestakuntza, Bitartekarien Erregistro baten sorrera –Justizia Ministerioaren mendean egongo zena–, beren ardurak segurtatzea edo baliabide elektronikoen bidez bitartekaritzako prozedura sinplifikatu bat sustatzea. Edonola ere, oraindik beharrezkoa da epaileek bitartekarien enplegua sustatzea, eta horretarako, oso tresna baliotsua da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak argitaratu duen “Judizioz barruko bitartekaritzarako Gida”. Bukatzeko, oso interesgarria da Euskadin Puntu Neutro delako bat sortu izana, Donostian bildu zen Bitartekaritzaren aldeko Magistratuen Europako Taldea eskatuta. Puntu Neutro horren inguruan zuzenbidearen esparruan lan egiten duten talde mota desberdinetako profesionalen artean bitartekaritzaren kultura sustatu nahi da.
5.6. Beharrezkoa da pertsona batzuk epailetzako diligentzietan parte hartu behar dutenean beste modu batera deitzea, zitazioek egiaz bete behar duten informazio-funtzioa behar den bezala betetzeko moduan. Ereduaren egungo estandarizazioa, ordez, xede horretarako disfuntzionala izan daiteke. Izan ere, prozedura zeri buruzkoa den jakinarazi ordez, legean nola egokitzen den soilik adierazten du. Gainera, are gutxiago, ez du prozedura arautzen duen artikuluaren bidez adierazten nola egokitzen den legean, baizik eta artikulua atxikita dagoen kapituluaren eta atalaren bidez. Argi eta garbi, hori bere kabuz ez da behar adina argia, pertsonak zertarako deitu duten jakin dezan. Arazoa txikiagoa da alderdien kasuan, espero baita egiteko dituzten auzien arrazoia jakingo dutela. Lekukoek, aitzitik, sarritan ez dakite prozedura hori egingo denik ere, eta hori dela eta, zer egintzaren inguruan deklaratu behar duten jakitea beharrezkoa da. Adibide gisa jarriko dugu Euskal Herriko Unibertsitateko aginte-kargu batek aurkeztu zuen kexa. Pertsona honek zitazio bat jaso zuen, auzi batera lekuko izatera joateko. Auziaren xedeari buruz hau baino ez zen esaten: Salatutako egintza: Faltsukeriei eta beste batzuei eta lege bereziei buruz. Azaldu zuenaren arabera, ez zuen jakin zer salaketari buruzkoa zen, bulego judizialetara bertaratu eta dekanotza-taldeko kide ziren beste bi irakasleren aurkako auzia zela adierazi zioten arte. Bi irakasle horiek auzitara deitu zituzten, beren fakultateko ikasle batzuei azterketa egiteagatik, terrorismoarekin zuten harremanagatik erbesteratuak egon arren.
5.7. Gure esku-hartzearen gizarte- eta araudi-testuinguruari buruz hitz egitean azaldutako arrazoiengatik, Doako Justiziaren zerbitzuan abarmen narriatu da urte honetan, eta egoera hori argi eta garbi aditzera eman da arlo honetan jaso ditugun kexetan. Planteatutako arazoei emandako irtenbide zehatza alde batera utzita, gaur egungo egoera hobetu ahal izateko beharrezkoa da botere publikoek ausart jokatzea, gutxienez alderdi hauetan:
– Ezinbestekoa da abokatutzako profesionalek egun bizi duten ziurgabetasuna gainditzea. Profesional horiek, kasu batzuetan, beren lanagatik inolako diru-kopururik jasoko duten ala ez jakin gabe lan egitera behartuta daude, edo diru-kopururik jasoko ez dutela jakinda.
– Egungo araudiak espedienteen kopurua izugarri igotzea eragin du, eta espediente horietako asko ez dira amaitzen. Halaber, izapidetzean zailtasun handiagoak egotea ere eragin du, dokumentazio kopuru handia aurkeztu behar baita. Horrek Orientazio Juridikoko Zerbitzuak ez gelditzeko, beharrezkoa da giza baliabideak eta baliabide materialak sendotzea, baita langileei beren lana baldintza egokietan egiteko aukera emango dieten eta herritarrei emandako zerbitzu publikoa erraztuko duten bulego batzuk egitea ere.
– Kalitateari dagokionez, berriz esan behar dugu Ofiziozko Txandako abokatuaren esku-hartzea administrazioaren kontura egindako gizarte-funtzio bat dela, eta horrela, herritarrei Justiziara baldintza-berdintasunean sartzeko aukera bermatzen diela. Horren ondorioz, beren ahalegin profesionalak partikular batek izendatuta jokatuko zuten moduan bezalakoa izan behar badu ere –eta horrela da kasu gehienetan–, beren akats profesionalek eragin ditzaketen kalteen ordainak ez du garrantzi bera hartzen, ematen duten zerbitzuaren kalitate-bermean gizarte-osagai bat dagoen neurrian. Berme horrek bere edukia galduko luke, behin-behinean kaltetua izan den pertsona bati ez baliote ordainik emango zentzuzko epe batean. Azken buruan, ordain hori bere garaian eman izateko, beharrezkoa da Elkargoak, aseguru-etxeak eta profesionalak prestutasunez betetzea xede horretarako Aseguru Kontratuaren Legeak esleitzen dizkien betebeharrak.
6.Ingurumena
1.Arloa kopurutan
Ingurumenaren arloan honako erreklamazio hauek sartzen dira: lur, ur, aire, flora eta faunari eragiten dieten kutsadura kategoria desberdinetan sortutako ukipenei men egiten dietenak, hain zuzen ere. Guztira 109 kexa-espediente jaso dira. Azpiarloen arabera banatzen dira, salatutako ingurumen ukipen mota adierazten duen irizpide material bati jarraituz: kutsadura akustikoa, atmosferikoa, lurrekoa, uretakoa edo bestelako agente kutsagarriak. Halaber, ingurumen kontrolari eta informaziorako eta ingurumen partaidetzarako eskubideen egikaritzapenari dagozkion erreklamazioak ere bereizten dira.
Azpiarloen banaketari dagokionez, sailkapena hurrengoa da:
– Kutsadura akustikoa 70
– Kutsadura elektromagnetikoa 9
– Ingurumenaren kontrola 8
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 6
– Ingurumeneko beste kutsadura batzuk 5
– Ingurumenaren informazioa eta parte-hartzea 4
– Hondakinak eta isurketak 3
– Atmosferaren kutsadura 2
– Natur gune babestuak. Flora eta fauna babestea 2
Eragindako administrazioak kontuan hartuta, modu honetan multzoka ditzakegu:
– Tokiko administrazioa 80
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 10
– Foru administrazioa 1
Tramitazioaren egoerari eta kexen emaitzari dagokienez:
Jasotako gaien kopururik handiena kutsadura akustikoari buruzkoa izan da. Kutsadura akustiko horren iturri eta guneak nagusiki aisialdi edo industri jarduerak eta azpiegiturak izan ohi dira. Kutsadura akustikoak jarraitzen du kezken iturri bat izaten industrialdeetatik hurbileko hiri inguruetan bizi diren herritarrentzat. 2013an telefonia mugikorraren antenetatik eta wifi sareetatik datorren kutsadura elektromagnetikoari buruzko zenbait jarduketa ere eraman ditugu aurrera. Aurreko urteetan hasitako gaien jarraipenarekin segitu dugu, hala nola haustura hidraulikoaren bitartez ezohiko gasaren erreserbak ateratzeak ekar litzakeen ukipenak, Barakaldo hornitzeko uraren kutsadura edo parke eoliko berrien ezarpena.
Arartekoak arlo honetan duen eraginkortasun mailari dagokionez, aipatu behar dugu Arartekoak ingurumenaren gainean emandako ebazpenen kopurua gehitu dela. 2013an 14 ebazpen eman dira argitara. Ebazpen horietan zenbait arazori buruzko gomendioa, iradokizunak eta ondorioak ematen ditugu; ebazpen guztiak gure webgunean kontsulta daitezke dagokien atalean.
Arartekoaren zereginak arlo honetan izan duen eraginari dagokionez, gure esku-hartzea nabarmendu beharra dago gazteen lokalen administrazio kontrolaren gaian. Izan ere, gai honi buruz zenbait ebazpen prestatu dira, Eudelekin baterako jardunaldi bat egin da eta laburpen dokumentu baten prestaketa aurreikusita dago udalei proposamenak egiteko (ikusi IV.5.2. atala). Halaber, gure proposamenak nabarmendu nahi ditugu ingurumenari buruzko informazioa arrazoizko epeen barruan igorria izango dela bultzatzeko. Aipatu beharra dago zenbait erreklamazio ebatzi direla eta horietan salatzen zirela administrazioaren esku zegoen ingurumen informazioa eskuratzeko oztopoak Egiazta dezakegu ondorengo erreklamazio kopurua handitu dela: erakunde honek hala eskatuta, hiri lurzoruan kokatutako aisialdi jarduerek sorrarazten dituzten zaratotsen arazoak konpontzeko baliabideak eta tresnak jartzea ahalbidetu duten erreklamazioak, hain zuzen ere. Era berean, Berangoko Udalak gazteen lokal bati buruz emandako erantzun positiboa azpimarratu beharra dago, bai eta Legorretako Udalak lizentziarik gabeko jarduera bati buruz emandakoa eta Erandioko Udalak taberna batek sorrarazten zituen trabei eta eragozpenei emandakoa ere. Zumaiako eta Mallabiko udalek etxebizitza ondoko industrialde batzuetatik ateratzen diren zaratotsak kontrolatzeko zenbait neurri proposatu dituzte. Beste alde batetik, aurreko ebazpen batean, Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailari azaldu zion jarduketa plangintza bat hitzartzeko premia, betiere hiri ingurunetan habiak egiten dituzten kalatxoriek pertsonen osasunari eta segurtasunari eragin diezaieten kalteak saiheste aldera. Haren erantzunean, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi zuen bat zetorrela Arartekoaren ebazpenarekin; horrela bada, Foru Aldundiaren Ingurumen Sailarekin abiaraztea aurreikusita daukan plangintzaren berri eman zion.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Ingurumen informazioa eta partaidetza
Arartekoaren erakundeak jarraitzen du dokumentazio publikoa eskuratzeko eskubidearen egikaritza zuzenarekin zerikusia duten erreklamazioak jasotzen. Gai honek Arartekoaren abenduaren 30eko 6/2010 gomendio orokorra eragin du, gardentasunari eta dokumentazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzkoa; gomendio horretan printzipio eta gomendio multzo bat jasotzen zen, horren egikaritza zuzena bermatzeko. Eskubide honen disfuntzioak garrantzitsuak dira, haren egikaritza zuzena beste batzuk egikaritzeko instrumentala baita, hala nola herritarren partaidetzarakoa edo benetako jagoletza judizialerakoa. Zalantzarik gabe, ingurumen arloan garrantzi handia hartzen du informazioa eskuratzeko eskubide horrek. Aarhus-eko hitzarmenak, gure antolamendu juridikoak hura berretsi izanak eta batasunaren zuzenbidean hori onartu izanak erakusten dute ingurumen gaiei buruzko gardentasunak sorrarazten duen interes orokorra.
Berriki gai honi buruzko bi ebazpen eman ditugu, nabarmendu beharrekoak. Bi jarduketek kausa eragin dute Mutrikuko elkarte ekologista batek herri administrazioaren esku dagoen ingurumen dokumentazioa eskuratzeko ikusitako atzerapenean. Kasu honetan, informazioa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eskatu zitzaion, eta zerikusia zeukan Mutrikuko Portuaren Plangintza Berezian aurreikusitako obrek natur inguruneari eragingo zioten inpaktuaren zenbait alderdirekin. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aipatutako informazio eskabideei erantzuna emateko prozesua azaldu digu. Oro har, eskabideei harrera hurrenkeraren arabera ematen zaie erantzuna eta, zenbait kasutan, premien eta ebazpen lehentasunen arabera. Kasu honetan, sailak zehaztu du elkarte horiekin zenbait komunikazio izan dituela eta horien bitartez Mutrikuko portuari buruzko informazioa eta dokumentazioa igorri ahal izan diela. Testuinguru horretan alegatzen du, erreklamazioetan aipatutako kasu zehatzari begira, lan zamak ez zuela ahalbidetu eskatutako informazio eskaerari erantzunik ematea legezko epeen barruan. Horren ondoren, elkarte erreklamaziogileak jakinarazi digu beste bilera bat izan duela eta horretan gai honi buruzko zenbait alderdi jorratu zirela orokorki. Bilera hori izan eta gero, baieztatu digu eskatutako txostenetariko bat jaso duela eta beste eskabideari eman beharreko erantzuna jasotzeko zegoela. Informazio hori aztertu eta Ingurumen Sailak eskatutako dokumentazioaren zati bati emandako erantzuna egiaztatu eta gero, Arartekoak bi ebazpen eman ditu; ebazpenotan gogora ekartzen ditugu gardentasunari eta informazio publikoaren eskuraketari buruzko gomendio orokorrean jasotako printzipioetariko batzuk. Bietan berresten dugu ingurumen informaziorako eskaerak azkar, lehentasunez eta uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritako hilabeteko epearen barruan izapidetzeko eta ebazteko betebeharra; izan ere, aipatutako legeak honakoak arautzen ditu, besteak beste: ingurumen informazioa eskuratzeko eta partaidetza publikoa nahiz ingurumen legeriaren gaineko justizia bideratzeko eskubideak. Bestelako eskubideak, hala nola erabaki publikoetan parte hartzekoa, egikaritzeko funtsezkoa den epe hori bete ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek behar adina baliabide tekniko eta elektroniko izan behar dituzte. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren jardun egokia jaso dugu zenbait ingurumen gai edo gatazkatan interesatutako elkarte ekologistekin edo herritarren elkarteekin informazio bilerak izateko orduan. Hori dela eta, legezko betebeharra osatzeko, interesgarria da formula alternatiboak bilatzea, behar adina informazio helarazteko eta ingurumen gaietan interesa duten elkarteen partaidetzari bultzada emateko.
2.2. Ingurumen kontrola
Atal honetan plangintzen, egitasmoen eta jardueren ingurumen eragina ebaluatzeko jarraitutako administrazio prozedurei men egiten zaie; era berean, honako gaiak ere jorratzen dira: ingurumen eraginaren ebaluazioa, ingurumen baimen integratua eta jarduera sailkatuetako lizentziak edo jarduera komunikatuak.
Muskizko petrolioa fintzeko planta. Herritarren eta ekologisten zenbait elkarteren erreklamazioak jasotzen jarraitu dugu; horietan beren kezka eta ardura azaltzen dute Petronor SAren petrolioa fintzeko planta baten funtzionamenduak ingurumenari eta pertsonen osasunari ekar diezazkiekeen ukipen eta eraginak direla eta. Beste alde batetik, haien ustetan, ingurumen ikuskapenaren inguruan informatzeko eta administrazio eskudunek ingurumen kontrolaren inguruan jarraitzen dituzten erabaki eta neurrietan parte hartzeko dauden zailtasunak azaltzen dituzte. Gai horri buruz, gogorarazi beharra dago Arartekoaren 2012ko irailaren 24ko ebazpena, petrolioa fintzeko planta baten ingurumen kontrolari buruzkoa. Gure ondorioetan azaldu genuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak beharrezko tramitea eman behar diela trabengatik, herritarren osasunari egindako kalteengatik eta hiri ingurumenari sortarazitako ukipenengatik jasotako erreklamazioei. Halaber, planteatu genuen interes berezikoa izango zela gai honek ukitutako administrazioek, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, herritarren partaidetzarako mekanismoren bat ezartzea (mahaia, bilgunea edo bestelako formaturen bat), ingurumenari eta biztanleen osasunari sortarazitako ukipenen jarraipena egiteko. Foro horretan beti esku hartu behar izango lukete industri jardueraren ordezkariek eta ingurumena babesteko helburua duen elkarte, erakunde edo taldeetako kideek. Petronor-i buruzko mahai bat sortzeko aukerari buruz (betiere ingurumenari buruzko informazioa eta partaidetza hobetzeko), Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzarekin bilera bat izan dugu; eta oraindik ere bileraren balorazioari buruzko erantzuna emateko dago. Legebiltzarrak gai honi buruz aurrera eramandako ekimena ere aipatu behar da. Izan ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Batzordeak, 2013ko azaroaren 18an egindako bilkuran, honako ez-legezko proposamen hau onetsi du: Petróleos del Norte SA enpresak Muskizen, Abanto-Zierbenan eta Zierbenan aurrera eramandako jardueren gaineko ez-legezko 181/2013 proposamena, hain zuzen ere. Ebazpen honetan Muskizko Udalari eskatzen zitzaion ingurumenaren eta herritarren osasunaren ukipenei buruzko jarraipen mahaia abiarazteko, inplikatutako agente guztien partaidetza bermatuz (bakar-bakarrik “indar politikoak eta enpresa” aipatzen zituen). Ukitutako administrazioek susta dezaketen azken irtenbideari kalterik egin gabe, gure ebazpenean aipatu genuen mahai horretan, ingurumen kontrolerako administrazio organo eskudunekin batera, industria horren ordezkari bat eta herritarren edo ekologisten elkarteetako kide bat ere (bereziki ingurumen prozesuaren inguruan sortu edo kokatutako elkarteetakoa) sartu behar zirela. Prozedura hauetan interesdunek parte hartzeko mahaiak eratzeak balio izan dezake ingurumen informazioa zabaltzeko lanabes gisa, bai eta proposamenak, salaketak edota bestelako aldarrikapenak aurkezteko bide gisa ere.
Eguratsera isuritako substantzia kimikoetariko batzuen ingurumen kontrolari dagokionez, bentzeno eta toluenoren immisioak eta emisioak arautzen dituen aire kalitateari buruzko arautegiaren inguruan jasotako kontsulta bat aipatu genuen. Konposatu organiko lurrunkorrei (KOL) gagozkielarik, gaur-gaurkoz bentzenorako immisio balio bat baino ez dago araututa aire kalitatea arautzen duen 102/2011 Errege Dekretuan. Gizakion osasuna babesteko gehieneko balioa, aire kalitatea neurtzeko kabinen sareak kontrolatu beharrekoa, urtean 5 mikrogramokoa da m3 bakoitzeko (μg/m3) batez beste. Beste kontu batek men egiten zion airea neurtzeko kabinek atzeman ditzaketen bentzenoaren gehieneko ezusteko kopuruei. Izan ere, kasu horietan industri prozesuren batetik datozen kontzentrazio zehatzengatiko esposizioak egon daitezke. Aipatu beharra dago Eusko Jaurlaritzak ingurumen gorabehera eta larrialdien kontrola eta osasun arriskuen ebaluazioa aurreikusi dituela esposizio handien kasuan unitate mugikor baten bitartez.
Gaur-gaurkoz KOLen esposizio handien gainean ez dago gutxieneko balioak arautzen dituen europar arautegirik batere, gorago aipatutako bentzenoaren urteko batez bestekoa izan ezik. Edozein kasutan ere, zehaztu beharra dago Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzak erreferentziatzat hartu duela gorabeheraren batean Estatu Batuetako Substantzia Toxikoak eta Gaixotasunak Erregistratzeko Agentziaren arautegia (ATSDR). Agentzia horrek pertsonen esposizio handien mailak ezarrita ditu istripuengatiko ezusteko esposizioak izaten direnean. KOLen isurpen fokuei dagokienez, aipatzekoa da bentzenoaren immisioak ekoizteko iturri nagusia hiriguneetako trafikoa izan ohi dela. Zenbait kasutan KOLen emisio horiek iturri industrialetatik etor daitezke. Kasu hauetan, mugak ingurumen baimen integratuetan jaso behar dira, emisioen gehieneko balioak edo bestelako parametro edo neurri tekniko baliokideak txertatuz. Berriki konposatu organiko lurrunkorren emisio instalazioei buruzko urtarrilaren 8ko 1/2013 Dekretua onetsi da. Toluenoari dagokionez, gure antolamendu juridikoan ez dago haren immisio edo emisio mailak arautzeko inolako araurik. Erreferentzia gisa erabil daitekeen arau bakarra da lan arriskuak prebenitzeko markoan baliatu ohi dutena. Garrantzitsua da adieraztea Arartekoak Petronor-eko petrolioa fintzeko jarduera industrialaren gainean egindako ebazpeneanzehaztu genuela autonomia erkidegoek babeserako arau gehigarriak arau ditzaketela estatuaren administrazioak substantzia kutsagarri arriskutsuenetariko batzuetarako finkatutako gehieneko emisio balioei eta aire kalitateari dagokienez. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu behar izango luke arriskuaren ebaluazioa, bai eta hori mugatzeko estrategia baten ezarpena ere. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari proposatu genion osasunarentzat kaltegarrienak (esate baterako, bentzenoa) diren konposatu organiko lurrunkorren esposizio handietarako gehieneko balioak erregulatzeko.
Haustura Hidraulikoa Euskadin. Gas naturala haustura hidraulikoaren bitartez ateratzeko teknikari fracking irizten zaio eta elkarte ekologisten arreta eta kezka gune nagusietariko bat da. Erakunde honek ebazpen bat prestatu zuen 2012ko azaroaren 19an, ezohiko gas hobien erauzketari buruz.Ebazpen horretan ondorengo hau ondorioztatu genuen: gasa erauzteko ohiko sistemaren aldean, haustura hidraulikoak sortaraz ditzakeen ingurumen eragin desberdinak, osasun publikoko arriskuak eta karbonoaren aztarna kontuan hartuta, behar-beharrezkoa zela esplorazio eta ustiapen faseei ekin baino lehenago herri administrazio eskudunek luzamendu bat onesta proiektu horien burutzapenari dagokionez. Luzamendu hori ezinbestean lotu behar izango zitzaiokeen natur baliabide hori ezohiko hobietatik ateratzeko erabaki estrategikoaren ekonomi, gizarte eta ingurumen balorazio bati. Gai honi buruzko zenbait ondoriorekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen sailei zuzendutako azaroaren 19ko 84/2012 gomendioa jaso genuen. Zehatzago, Euskadiko 2020rako Estrategia Energetikoa berrikusteko prozesu bati ekiteko eskatzen zen, estrategia horretan Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gas naturalaren hobiak esploratzeko eta ustiatzeko ingurumen balorazio egokia jaso zedin. Erabaki horrek eta haren ingurumen balorazioak eztabaida sozial, garden eta irekia hartu behar izango dute beren barnean; horretarako, iradokitzen dugu ezohiko gasari buruzko mahai bat sortzea. Halaber, komenigarritzat jotzen dugu eskumenen eremu desberdinetan hidrokarburoen ezohiko hobiak esploratzeko eta ustiatzeko teknika baten erregulazio zehatza ahalbidetzea. Izan ere, botere publikoek beren-beregi arautu beharko lukete ezohiko gasaren hobiak esploratzeko eta ustiatzeko beharrezkoak diren jardueren ingurumen eragina ebaluatzeko premia.
Aipatutako ebazpenaren ondoren, Energiaren eta Meategien aurreko Zuzendariaren txosten bat jaso genuen. Idatzi horretan aurreko gobernu taldearen balorazioa igorri zen. Dokumentuak egindako zundaketen esplorazio izaera azpimarratzen zuen, hori egitea beharrezkoa baitzen ezohiko gasaren ustiapenaren bideragarritasun tekniko, ekonomikoa eta ingurumenekoa zehaztu ahal izateko. Txostena ez zetorren bat Euskadiko 2020ko Estrategia Energetikoaren ingurumen ebaluazio estrategiko bat egiteko premiarekin ingurumen legeriaren baldintzei jarraiki. Aitzitik, Arartekoaren ebazpenak zenbait elementu proposatu nahi zituen ezohiko gas naturalaren hobiak ustiatzeko erabaki estrategikoaren inguruko ingurumen eztabaida eta ebaluazioari begira. Horretarako, estrategia energetikoaren berrikuspenak ekar zezakeen aukera planteatu genuen, horrek eztabaida sozial, garden eta irekia ahalbidetuko zuelakoan, Euskadin ezohiko gasaren erabilerari zegokionez. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Polita Sailaren erabaki eremuari zegokionez, honako premia azaldu genuen: Euskadiko 2020 Estrategia Energetikoa izeneko plangintzaren ingurumen ebaluazio estrategikoaren premia, hain zuzen ere.
Gauzak horrela, 2013ko urrian Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikaren Sailaren gaur egungo arduradunen iritzia eskatu genuen aipatutako gomendioen inguruan, horren betetzeari buruzko balorazio egokia egin ahal izateko. Orain arte Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren erantzuna jaso dugu; erantzun horretan pentsatzen du 3E2020 onetsia izan dela aplikagarria den arautegian ezarritakoari jarraiki. Hala eta guztiz ere, Arartekoaren gomendioari men eginez, haren edukia berrikusi edo aldarazi behar izanez gero, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aztertuko du ea plana ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren pean jarri behar den, gaiari buruzko arautegi eta jurisprudentzia berriari jarraiki.
Parke eolikoak eta energia berriztagarrien gaineko gizarte eta erakunde adostasuna. Pertsona talde batek gure erakundera jo zuen, iritzia eman geniezaion orduko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2011. urtean Euskadiko zenbait parke eoliko baimentzera bideratutako administrazio tramitazioan izandako jarrerei buruz. Zehatzago, erreklamazioak azaltzen zuen ez zitzaiela erantzunik eman egindako alegazioei eta interesdunei ez zitzaiela jakinarazpenik egin Orozko eta Laudioren arteko Larragorriko parke eolikoa baimentzeko tramitazioan. Beste alde batetik, osagarri gisa, Eusko Jaurlaritzaren politika energetikoari buruzko beste gai orokor bat ere helarazi zigun. Jasotako erreklamazioek beren kezka azaldu zuten gure autonomi erkidegoan potentzia txikiagoko parke eolikoak ugaltzen ari zirelako, nahiz eta maiatzaren 14ko 104/2002 Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean aurreikusita egon ez. Mini parke eoliko horien existentziak eta energia berriztagarriko iturri honen gaineko beste gai batzuek berekin ekartzen zuten Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren lurralde planifikazio sektoriala berrikusteko premia. Erreklamazioa nahiz Industria Sailak igorritako informazioa aztertu ondoren, ebazpen bat prestatu dugu; horrela bada, ebazpen horretan parke eolikoa baimentzeko espedientean aurkeztutako alegazioei erantzuna emateko jarraitutako izapidea aztertzen dugu, bai eta administraziotik erantzun arrazoitua lortzeko eskubidea ere. Era berean, energia eolikoaren lurralde planifikazioa berrikusteko perspektibak baloratu ditugu, bai eta, nola ez, energia berriztagarrien bultzadak beharrezko duen gizarte eta erakunde adostasuna ere. Ebazpen horretan azaltzen dugu herri administrazioek informazio publikoko izapideetan aurkeztutako alegazioei erantzun egokia eman behar diotela nahitaez; izan ere, alegazioen araberako beren-beregiko erantzun egoki bat ez emateak babesgabetasuna ekar diezaieke alegazioak aurkeztu dituzten pertsonei. Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak eta gaiak ukitutako gainerako administrazioek ere jarraitu behar dute Euskadin planifikazio energetiko estrategikoa bultzatzen, oro har energia berriztagarriak eta bereziki energia eolikoa bultzatzeko sustapen neurri eraginkorrak bideratuz, Euskadiko 2020ko Estrategia Energetikoak zehazten dituen helburuak betetzea ahalbide dadin. Planifikazio energetikoaren zeregin horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek jarraitu behar dute gizartearen, erakundeen eta herritarren adostasuna bultzatzen, betiere ingurumen irizpideei jarraiki, eta 2020rako energia berriztagarrien kuota handitzeko helburu estrategikoen markoaren barruan.
2.3. Kutsadura akustikoa
Arartekora erreklamaziorik gehien helarazi duen jarduera gazteen lokalen erabileratik eratorritakoa izan da. Halaber, ostalaritzako establezimenduek edo gastronomi elkarteek sortarazitako eragozpenak eta trabak errepikatu dira, besteak beste musika ekipoen erabileragatik, ateak zabalik uzteagatik eta antzeko arrazoiengatik. Halaber, kanpoaldean egiten diren emanaldiekin zerikusia duten kexak handitu dira, hala nola musika kontzertuak eta zenbait udalerritako plazetan eta espazio publikoetan aurrera eramaten diren jarduerak. Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago kexa mota hauek zenbait jarduerari edo jarduera soziokulturalei men egiten dietela (esate baterako, kontzertuei, antzerkiari, izotz pisten instalazioa ahalbidetzen duten Gabonetako jarduerei eta antzekoei) eta horiek guztiek gure udalerrietako kaleetan jartzen diren plataformak edo eszenatokiak behar dituztela. Kasu hauetan, agerian jartzen da zaratotsaren aldetik zer-nolako eragozpenak eragiten dituzten eraikinetako fatxadetan jartzen diren bozgorailuek eta inguru horretan sortzen den zalapartak. Nabarmentzekoa da jarduera mota hauek, gehienetan, egunez egin ohi direla. Itxiera ordutegiei dagokienez, azpimarratzekoa da Irungo Udalak, erakunde honetan izapidetutako zenbait espedienteren ondorioz, beharrezko neurriak hartu dituela ostalaritzako establezimenduetako bezeroek edariak kanpoaldera ateratzea saihesteko. Era berean, animaliek egoitzazko hiri lurzoruan eragiten dituzten trabak eta eragozpenak ere azaltzen dira.
Alde batetik, azpimarratu beharra dago urterik urte handitzen direla nabarmenki auzokideen artean izaten diren zaratotsekin zerikusia duten kontsultak eta kexak. Printzipioz, adierazi beharra dago gai hau partikularren arteko gatazkak konpontzeko mekanismoen bitartez erabaki behar dela. Hala eta guztiz ere, udalak gai honetan esku hartzeko duen eremuaren berri izateko informazio eskaera batzuk egin ditugu. Kasu hauetan, udal teknikariek neurketak egiten dituzte etxebizitzetan eta proba horien emaitzaren berri eman diete ukitutako auzokideei. Aurreko kasuetan, zehaztu dugu, gure ustetan, Zaratotsari buruzko Legeak ahalbidetuko lukeela toki administrazioei esku hartzea kalitate akustikoko helburu batzuk bermatzeko, baita muga horiek gainditzen dituzten etxe jarduera batzuetan ere; nolanahi ere, legeriak ahalbidetuko luke erregulazio propioa ezartzea, mota honetako gatazkak konpontzeko mekanismoak bideratze aldera.
2.4. Lurzoruaren eta uraren kutsadura
Plataforma ekologista batek berriro ere Barakaldoko Oiola urtegitik kontsumorako ateratzen diren uren kalitatearen egoera planteatu du 2012ko azaroan izandako beste gorabehera baten ondoren; izan ere, gorabehera horrek eragin zuen urtegiaren konexioa pertsonen kontsumorako uraren hornikuntza sarearekin eten beharra. Erreklamazioaren gaiak men egiten dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plataformak gorabehera berri horren ondoren aurkeztutako idatziei emandako erantzunari; gauzak horrela, Osasun Sailari eskatu diote neurriak har ditzala Oiolatik datozen kontsumo uren kalitatea kontrolatu ahal izateko. Horretarako, bada, eskatzen dute plagizida baten (hexakloroziklohexanoa, HCH) kutsadura kontrolatzeko jarraipen organo baterako deialdia egin dadila eta uraren kontrol analitikoen gainean igorritako informazioa hobe dadila. Gai honetan lehenago ere esku hartu dugu; horrela bada, Oiolako urtegiko uraren kalitatea bermatzeko hartutako neurriei buruzko Arartekoaren 2012ko martxoaren 19ko Ebazpena prestatu genuen. Ebazpen horretan plataformari Oiolako urtegiaren uraren kalitatearen kudeaketari buruzko informazio eta argibide zehatzak, nahikoak eta eguneratuak emateko betebeharra gogorarazten genuen. Orobat, Osasun Sailari adierazi genion kontsumo uren kalitatearen kudeaketarekin zerikusia zuten partaidetza mekanismoak eta informazio sistemak bideratzeko. Kalitate kontrolari zegokionez, protokoloan ezarritako parametroak betetzen zirela egiaztatzeko eta justifikatzeko premia azaldu genuen; halaber, aipatu genuen HCHren presentzia ebaluatu behar zela Oiolako urtegiko lehentasunezko substantzia arriskutsu gisa, haren presentzia eteteko edo desagerrarazteko helburuarekin. Erreklamazio horri emandako erantzunean Osasun Sailak jakinarazi zigun zeintzuk izan ziren plataformari uraren kontrol analitikoen gainean emandako erantzunak. Aldi berean, adierazi zigun kutsaduraren jarraipen azpibatzorde teknikoaren bilera bat aurreikusirik zegoela, egoera baloratzeko, behin urtegiaren uretan ia-ia urtebete igaro ondoren HCHren presentziarik gabe. Plataformari ere deitu zioten azkenean bilera horretara. Ebazpenean ondorioztatu genuen Osasun Sailak partaidetza bideratzeari eta informazioa eskuratzeari begirako mekanismoak bermatzeko baliabideak jartzen ari zela, aurreko ebazpenean
aipatu genuenari jarraiki. Nolanahi ere den, proposatu genion Oiolako uretan, biotan nahiz sedimentuetan HCHrik ez zegoela egiaztatzeko eska zitezkeen neurriak baloratzeko. Uren kalitatearen informazioa eskuratzeari buruz, Osasun Sailak jarraitu behar zuen eskuratutako informazioa igortzen eta beharrezko laguntza teknikoa eskaintzen, eskuratutako datuen ulermen egokia bermatzeko asmoz.
2.5. Kutsadura elektromagnetikoa
Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskola 2.0 programan erabilitako ordenagailuen wifi bitartezko eta haririk gabeko konexioek sorrarazten dituzten eremu elektromagnetikoei buruzko problematika jorratzen duten bi kexa izapidetu ditu. Laudioko guraso talde batek eta Lezoko Herri Eskolako Kontseiluak Hezkuntza Sailari eskatu zioten kable bitartez konektatzeko aukera, haririk gabeko konexioak sorrarazten dituen eremu elektromagnetikoen eragina murrizteko asmoz. Hezkuntza Sailak proposamena ezetsi zuen. Arartekoaren 2013ko apirilaren 4ko Ebazpen bitartez sailari eskatu genion Eskola 2.0 hezkuntza programara sartzeko baldintzak berrikus zitzala eta, bidenabar, programa hori garatzeko irrati-frekuentzien emisio mailak murriztea ahalbide zezaketen neurriak abiaraz zitzala. Gainera, ukitutako pertsonen partaidetza bultzatu behar zuen eta hainbat gai eta alderdi kontuan hartu, esate baterako irrati-frekuentzien eremu elektromagnetikoen esposizioak (horien barruan haririk gabeko sareen eragina dago) pertsonen osasunari epe luzera eragiten diezazkioketen arriskuak.
Arartekoak adierazi zuen, wifi sareek irrati-frekuentziako eremu elektromagnetikoak sorrarazi arren, emisioak oso maila baxukoak direla eta komunitate zientifikoak ez duela egiaztatu pertsonen osasunari eragiten diotenik. Gainera, Hezkuntza Sailak wifi sareak erabiltzen dituzten bi ikastetxetan egindako neurketek ez zituzten legezko mugak gainditzen. Hala eta guztiz ere, eztabaida honek irekita jarraitzen du gaur egun. Nazioarteko organismoen erabaki eta gomendio batzuetan eskatzen dute bermeekin arreta handiz jokatzeko. Hori berori adierazten du Europar Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 1815 Ebazpenak; horretan gomendatzen da esposizio mailak murrizteko indarreko mugen azpitik eta ikastetxeetako Interneteko konexioetan kableari lehentasuna emateko. Loteslea ez den arren, botere publikoek kontuan hartu behar dute ebazpen hori. Eusko Legebiltzarrak ere 2011ko urriaren 5eko ez-legezko proposamena onetsi zuen aho batez eta horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion Europar Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 1815 Ebazpenari atxikitzeko.
Gure gomendioari emandako erantzunean, Hezkuntza Sailak ziurtatu du ikastetxeetako ikasle guztien eta gainerako langileen segurtasunik gorena bermatu nahi duela. Haren ustetan, gaur-gaurkoz, ez dago zientifikoki egiaztaturik maila oso txikietan emititutako irrati-frekuentzien eremu elektromagnetikoek eragin negatiboa dutenik haurren osasunean. Halaber, gaineratu du Eskola 2.0 programa wifi sare bitartez garatzeko pentsatua izan zela, programaren izaera eta kontzeptua bera kontuan hartuta; horiek gelaren bizkortasun eta antolakuntza malguagoa ahalbidetzen dutelako. Hori guztiori zela eta, Hezkuntza Sailak jarraitzen zuen wifi konexioko sistemaren alde egiten.
Edozein kasutan ere, epe luzera begira osasunarentzako eraginei buruzko ziurgabetasun zientifikoaren eta gizarte kezkaren mailaren jakinaren gainean egonik, Hezkuntza Sailak gomendagarritzat jo zuen ardura printzipioaren arabera jardutea eta zenbait neurri hartzea. Horrela bada, gaur egun, salbuespen gisa, ahalbidetzen die Eskola 2.0 hezkuntza programara kable bitartez sartzea ikasgeletan klabea jarri duten ikastetxeei, baldin eta sistemaren segurtasun eta eskuragarritasuna bermatzen badute. Era berean, wifi sarbide puntuetan irrati-frekuentzien esposizio mailen murrizketen alde egitea erabaki du. Orobat, adierazi du jarraituko dutela lortu nahi diren parametroak betetzeko jarraipen eta kontrol hobea ahalbidetuko duten neurketak eta azterlan osagarriak egiten.
3.Gizarte- eta araudi-testuingurua
Eusko Legebiltzarrak urriaren 10eko 2/2013 Legea, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeari buruzkoa, onartu du. Lege horrek 17.4 artikuluaren testua aldarazi du, aurreko legeak, martxoaren 11ko 1/2010 Legeak, hain zuzen ere, jasotzen zituen edukiei dagokienez. Aurreko xedapenak, oro har, meatzaritza ustiapenak debekatzen zituen natur eremu babestuetako mugen barruan eta afektazio eremuen barruan. Lege berriak arautzen duenez, natur eremu babestuetako plangintza eta kudeaketa tresnen bitartez debekatuko dira erauzketa jarduerak, betiere babesten diren ingurumen balioekiko bateraezinak diren heinean. Euskal Herriko Natura Zaintzeko Legearen aldaketa honek jardute abiaburuei erantzuten die, hala nola: “egindakoa errespetatzea, eremuaren eboluzio orekatua arriskuan jar dezakeena zuzentzea, eta zuhurtasunez jokatzea gerta litezkeen garapen ekonomiko berriek arriskuan jar ez ditzaten babestu beharreko balioak, baina sekula ez erabatekotasunez ateak itxita natur eremu babestuek izan litzaketen garapen ekonomikoei”. Gas naturala haustura hidraulikoaren bidez erauztearen inguruan piztutako eztabaida eta teknika hori natur eremu babestuetan debekatzeko proposamena lege-proposamen bat dela medio aztertu da Arabako Batzar Nagusietan, aipatutako legea eztabaidatu denean. Proposamena gaitzetsi dute debekua generikoa litzatekeela iritzita. Xedapen berriaren helburua da babestu nahi den eremuaren aurkako jarduerak, erabilerak eta teknikak gara ez daitezen ahalegintzea, berariazko antolamendu planen arauketan funtsatuta. Horrela, planean araututako jarduerak baino ezin izango dira garatu, baliabideak erauzteko teknika jakin batzuk kontuan hartuta, baldin eta eremu horiek babesteko ezartzen diren balioekin bat badatoz.
Aurten onartutako estatuko araudia garrantzi handikoa da. Ildo horretan, ondoko arauak aipatuko ditugu: 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzen duena. 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen ebaluazioari buruzkoa, ingurumenean eragin esanguratsuak eduki ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzen dituena.
Beste xedapen batzuk: 453/2013 Dekretua, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-lurretan lohiak erabiltzeari buruzkoa. Xedapen honek hondakin urak nekazaritza-lurretan erabiltzeagatiko lohien kudeaketa arautzen du. Arauketa honen helburuak ondokoak dira: pertsonen osasuna zaintzea, elikaduraren segurtasuna bermatzea, lurzoruetan, landareetan, animalietan eta gizakietan ondorio kaltegarriak saihestea, eta araztegiko lohien erabilera sustatzea nekazaritzarentzat mesedegarria den moduan edo hobekuntza ekologikoak sorraraziz.
459/2013 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehorretik itsasora egiten diren isurketei buruzkoa. Xedapen horrek, besteak beste, lehorretik itsasora egindako isurketei lotutako baimen eta ingurumen araubidearen inguruko neurri administratiboak jasotzen ditu, ingurumen helburuei eusteko xedez, 2000/60/CE Zuzentarauaren 4. artikuluan eta Uren eta Plan Hidrologikoari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 16. artikuluan jasotakoa betetzeko.
449/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, EAEko Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren aldaketa behin betiko onartzen duena. Dekretu horretan jasotzen dira uholdeen kontrako babes neurrien irizpide berriak eta lurzorua erabiltzeko irizpideak uholde-arriskuaren arabera. Halaber, planaren eduki guztiak egokitzen dira Europako Batasunaren 2000/60/CE Uraren Zuzentarau Markoaren eta Eusko Legebiltzarreko Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen arabera.
Industriako jardueren ingurumen ikuskapena kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu ondoren. Atal honetan, 5/2013 Legea, ekainaren 11koa, nabarmendu behar dugu. Lege horrek uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzkoa, eta uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, aldarazi zituen. Esandako legeak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/UE Zuzentaraua, industriako isurketei buruzkoa, ostentzen du. Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, industriako isurketen araudi onartzen duenak eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duenak, garatu du arestian aipatutako legea. Legeria horren alderdi azpimarragarrienak ditugu, besteak beste, ikuskapenak eta betetzeari buruzko txostenek bete beharreko gutxieneko eskakizunak. Autonomia erkidegoak erakunde eskumendunak dira kautelazko neurriak, kontrol eta ikuskapen neurriak erabakitzeko. Organo eskumendunek instalazioen ingurumen ikuskapena egiteko prozedura ezarri behar dute, eta ikuskapen horren emaitzak jendearen eskura jarriko dira.
Ingurumen ikuskapena urriaren 18ko 815/2013 Dekretuak jasotzen duen industriako isurketen araudiak xedatzen dituenei jarraiki egin behar da. Aipatutako dekretuak industriako isurketen araudia onartzen du eta uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzkoa, garatzen du. Gure inguruari dagokionez, ingurumen ikuskapena gauzatzeko organo eskumenduna Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila da; organo eskumendunek berezko ingurumen ikuskapenerako sistema izan behar dute Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) eraginpean dauden instalazioak aztertzeko. Sistema horrek ingurumen arloko aginduen betetze-mailaren egiaztapen egokia bermatu behar du eta, gainera, instalazioak inguruneari eragiten dizkion ingurumen ondorio esanguratsu guztien azterketa jaso behar du. Ingurumen ikuskapenerako sistema horri dagokionez, herri-administrazio eskumendunek giza baliabide eta baliabide materialen hornidura egokia eta nahikoa bermatu behar dute. Ingurumen ikuskatzaileek burutu behar dituzte instalazioetan egiten diren ingurumen ikuskapeneko eginkizunak; hala ere, aholkulari teknikoek eta erakunde laguntzaileek lagundu ahal diete lehenengoei. Ingurumen ikuskatzaileak funtzionarioak izango dira, ingurumen ikuskapenerako eskumenak baliatzen dituen organoari atxikitakoak. Funtzioak betetzen ari direla, ikuskatzaileek agintzaritzako agenteen izaera izango dute. IBBren eraginpean dauden instalazio guztiek ingurumen ikuskapenerako plana izan behar dute. Ingurumen ikuspenerako planak ingurumen arloko arazo garrantzitsuenei buruzko ebaluazio orokorra jaso behar du. Era berean, planek ingurumen ikuskapenak taxutzeko eta ingurumen ikuskapen egokiak gauzatzeko prozedura ezarri behar dute.
Ingurumen ikuskapenerako programak aldiro-aldiro taxutu behar dira eta lekuetan egiten diren ikuskapen bisiten maiztasuna adierazi behar dute, instalazio mota guztiak kontuan hartuta. Programatutako bisitak jarduera hasten denetik urtebete igaro baino lehen egin behar dira. Ikuskapen programak aintzat hartu behar du bertatik bertara egiten diren bi bisiten arteko aldia direnak direlako instalazioen arriskuen ebaluazioan oinarrituko dela. Arriskurik handiena erakusten duten instalazioei dagokienez, programatzen diren bertatik bertarako bisitak urtebetetik beherako maiztasunez egin beharko dira eta hiru urteko maiztasunez arrisku txikiak erakusten dituzten instalazioetan. Beste alde batetik, araudiak programatu gabeko ingurumen ikuskapenen aurreikuspena ere jasotzen du, ingurumen arloko gaiei buruzko salaketa larriak, istripu larriak eta ingurumen gertaerak ikertzeko. Era berean, ikuskapena egin behar da arauak betetzen ez diren guztietan.
Publizitatea. Oso garrantzizkoa da araudiak ikuskapen zereginari, jakinarazpenari eta publizitateari buruz jasotzen dituen betebeharrak azpimarratzea. Ikuskapen aktak agiri publikoak dira eta, beraietan, bertatik bertara egindako bisitaren emaitza jaso behar da. Bisita bakoitzaren ondotik, organo eskumendunek jarduketari buruzko txostena egin behar dute; txosten horretan, dena delako instalazioari dagokion ingurumen baimenaren baldintzen betetze mailaren gaineko ondorioak jaso behar dira. Bestalde, txostena instalazioaren jabeari helarazi behar zaio gehienen bi hilabeteko epean, bisita amaitzen den egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ahal ditzan, hamabost eguneko apearen barruan. Era berean, legeriaren urraketarik badagoela egiaztatuz gero, jakinarazpena bidali egingo da, zehapen prozedura izapidetzen hasteari kalterik egin gabe. Zehapen espedientea hasi baino lehen, indarreko legeriari jarraiki, egokitzat jotzen diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, izan litekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta giza osasunari nahiz ingurumenari sorraraz dakizkien arriskuei edo kalteei aurre egiteko. Behin-behineko neurri horiek arrazoizko iritzietan oinarrituta hartuko dira eta jabearen egoera juridikoari kalte gutxien eragiten diona hautatuko da. Beste alde batetik, publizitate aktiboaren abiaburuak aintzat hartuta, organo eskumendunek gauzatutako jarduketari buruzko txostena argitaratu behar dute gehienez ere lau hilabeteko epean, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumen arloko informaziora jotzeko eskubideak, herritarren parte-hartzekoak eta justiziara jotzekoak arautzen dituenak, ezarritako mugak, ez besterik, kontuan hartu behar dira. Era berean, planak eta programak herritarren eskura jarri behar dira, besteak beste, baliabide elektronikoak erabiliz.
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen ikuskapenerako programa. Esan beharra dago 2011-2018 aldiko Ingurumen ikuskapenerako eta kontrolerako plana onartu duela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailak, 2012ko abenduaren 10eko erabakia dela bide. Ikuskapenerako plan hori, 815/2013 Errege Dekretua baino lehenagokoa denez, aipatutako industriako isurpenen gaineko araudiak xedatzen dituenei egokitu beharko zaie, ikuskapenerako programen eskakizun, ingurumen ikuskapenen maiztasun eta administrazioaren jarduketen publizitateari dagokienez. Tamaina handiko industriako jarduerei lotutako xedapenei dagokienean, organo eskumendunek honako arau honekin bat etorriz erabakitako legezko, arauzko eta administrazioko xedapenak, 2014ko urtarrilaren 7tik aurrera.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko jardunak
Gure udalerrietan, gero eta gazte talde gehiagok erabiltzen dituzte lonja komertzialak elkartoki gisa eta aisialdiko gune gisa. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako azterlan batzuek diotenaren arabera, lokalen erabilera mota hori finkatzen ari dela eta euskal gazteen arteko lehentasunezko elkargune eta aisialdiaz gozatzeko gure bilakatzen ari dela. Alabaina, aipatutako gertaerak hainbat eztabaida sorrarazi ditu aisialdiko jarduera hori egoki uztartzeko mota horretako lekuek bete behar dituzten ingurumen kontrol, eraikinen segurtasun eta arriskuak prebenitzeko neurriekin.
Auzi horien guztien azterketa xehea egin ahal izateko, Arartekoak ofiziozko espedientea hasi du, batetik, gazteen aisialdiari lotutako jarduera hasi berri horren gizarte eta lege testuinguruari buruzko informazioa lortzeko, eta bestetik, auziari heltzeko udalek dauzkaten aukerak aztertzeko. Jardun horren helburu nagusia gaiari buruzko irizpide eta abiaburu orokor batzuk ematea da. Helburu horrekin bat etorriz, bidezkotzat jo da udalek dauzkaten tresnei buruzko informazioa lortzea, ondoko alderdiei dagokienez: elkartoki horien jarduera nola arautzen den; segurtasun, higiene eta hosgabetze arloan, zein gutxieneko neurri eskatu behar diren. Azterketan, gainera, beste gai jakingarri batzuk jorratuko dira, hala nola, kontrol eta ikuskapenari lotutako funtzioak, udalek aurreikusitako jardunak ondoko bizilagunek salaketa jarriz gero, eta erabiltzaileek, jardueraren jabeek eta gainerako jabeek eta bizilagunek eskura dauzkaten udalaren informazio zerbitzuak.
4.2. Bilerak elkarteekin
2013. urtean ere harremanak sendotzen jardun dugu ingurumenaren arloan aritzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteekin. Hitzarmen esparru horren garapenari dagokionez, erreklamazio zehatzak aurkezten dira, bilerak egiten dira maiztasun jakin batez, zabalkunde jardunaldiak antolatzen dira o teknologia berriak erabiliz bideratzen da komunikazioa, hala nola, Ararteko erakundearen ingurumenari buruzko foroa edo eztabaidagunea erabiliz.
2013ko ekitaldian, harremanetan izan gara nolabaiteko maiztasunez ondoko auzo elkarte eta talde ekologistekin: Greenpeace, Ekologistak Martxan, Ezpitsua, Txipio Bai, Eguzki, Zain Dezagun Urdaibai, Fracking Ez Araba, Coordinadora Anti Coke eta Kadagua Behereko koordinakundean biltzen diren elkarte batzuk.
Bileren helburu nagusia izan da gobernuz kanpoko antolakunde horiei guztiei ingurumenaren esparruan jarduteko proposamenak aurkeztea, bereziki, informaziora jotzeko eskubideari eta ingurumen gaietan parte hartzeko eskubideari dagokienez. Era berean, Ararteko erakundeak sustatutako Ingurumen eztabaidagunean parte hartzeko aukera eskaini diegu. Ingurumen arloak 2013. urtean ere parte hartu du Ararteko erakundearen ingurumenari buruzko eztabaidagunean. Eztabaidagune edo foro horren xedea dugu hausnarketarako leku bilakatzea ingurumen arloan aritzen diren elkarteekin eta herritarrekin batera, ingurumenari lotutako gaiez gogoeta egiteko, batez ere, informaziora jotzeko eta ingurumeneko gaietan parte hartzeko eskubideei dagokienez. 2013ko ekitaldian, 14 elkartek parte hartu du ekimenean.
4.3. Bilerak administrazio eta zerbitzuekin
Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko buru Ana Oregik eta Arartekoak bilera egin zuten 2013ko martxoa. Beste alde batetik, 2013ko ekainean, bilera izan dugu del Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika SailekoIngurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzako ordezkariekin batu ginen Petronor enpresaren jardueraren jarraipen-lantaldea sortzeko proposamena aztertu eta ingurumen arloko informazioa eta parte-hartzea sustatzeko helburuz.
2013ko azaroan, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politikako Batzordeak Arartekoaren agerraldia eskatu zuen antenek sorrarazitako kutsadura elektromagnetikoari buruzko iritzia emateko eta auzi horrek Euskal Autonomia Erkidegoan daukan arautegia azaltzeko.
4.4. Iritzi artikuluak eta erakundearen adierazpenak
2013an Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatu dela eta, Arartekoak erakundea adierazpena egin zuen. Abagune horretarako leloa hauxe izan zen: “Pentsatu, elikatu, aurreztu”. Programa Nazio Batuen erakundearen Ingurumen programak sustatutako nazioarteko ekimen honek jendea sentiberatu nahi du elikagaiak botatzeko ohituraren kontra. Izan ere, ohitura horren ondorioz, 1,3 milioi tona elikagai baino gehiago alferrik galtzen dira urtean. Jateko baliabideen soberakinak gehiegi ekoiztea eta gero alferrik galtzea, etikaren ikuspegitik deitoragarria izateaz gain, aztarna ekologiko izugarria eragiten gure planetako baliabide natural mugatuei.
4.5. Parte hartzeko topaguneak, eskubideak bultzatu eta sustatzeko jarduerak
2013ko maiatzaren 6an, Arartekoak jardunaldia antolatu zuen Euskal Kazetarien Elkartearekin batera, herritarren eskubidea den informaziora jotzeko eskubideari buruzkoa. Jardunaldi horretan, Access Info Europe deritzon komunikabidearen zuzendari exekutibo Helen Darbishire andreari entzuteko aukera izan genuen. Ondoren mahai-ingurua izan zen eta saio horretan, elkarteek ingurumen informaziora jotzeko zer-nolako arazoak dituzten jorratu zuten Euskal Kazetarien Elkarteko kideek, Ararteko erakundekoek eta Txipio Bai elkarte ekologistako ordezkariek.
2013ko azaroaren 14an, EUDEL eta Ararteko erakundeek lankidetzan antolatutako jardunaldi batean parte hartu genuen. Jardunaldian, “Gazteen lonjak: udalen jardunak lonjen erabilera arautzeko eta gizartearekiko bitartekaritza” gaia aztertu zen eta, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalek gauzatutako jardun egokien berri eman zitzaien euskal udaletako ehundik gora ordezkari eta teknikariri, gazteen lonjen erabilera arautu eta antolatzeko, lonjen egokitzapena bideratzeko hiriko esparruan eta erabiltzaile gazteen eta auzokideen arteko bitartekaritza lantzeko.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Ingurumen arloko informaziora jotzeko eskubideari dagokionez, Ararteko erakundeak azpimarratu nahi du ingurumenari buruzko informazio eskaerak arin eta lehentasunez izapidetu behar direlako betebeharra dagoela, betiere ingurumen arloko informaziora jotzeko eskubideak eta ingurumenari lotutako legeriari doazkion parte-hartze publikoa eta justizia arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritako hilabeteko apearen barruan. Epe hori beteko bada, beste eskubide batzuei -hala nola, erabaki publikoetan parte hartzeko eskubidea- eutsi ahal izateko, euskal herri-administrazioak baliabide tekniko eta elektroniko nahikoz hornitu beharko dira.
Nolanahi ere den, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren jardun egoki bat jaso dugu. Bada, aipatu erakundeak informazioa emateko bilerak izan ohi ditu ingurumenari lotutako auzi edo gatazketan interesa duten elkarte ekologista edo auzo elkarteetako ordezkariekin. Hori dela eta, legezko betebehar horren osagarri, oso interesgarria da beste bide batzuk bilatzea informazio nahikoa helarazteko eta ingurumen gaietan interesa duten elkarteen parte-hartzea bultzatzeko.
Herritarren parte-hartzea sustatzeko testuinguru horren baitan, behin eta berriro azpimarratzen dugu biziki egokia izango litzatekeela Petronor enpresaren inguruko mahaia eratzea, ingurumen arloko informazioa eta parte-hartzea ahalbidetzeko. Mahai horretan, ingurumen kontrola artezteko administrazio organo eskumendunez gain, ondokoek parte hartu beharko lukete: industria horretako ordezkari batek eta auzo elkarte edo elkarte
7.Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak
1.Arloa kopurutan
Aurten guztira 89 kexa-espediente hasi dira arlo horretan eta eragindako administrazioen arabera sailkapen hau egin da:
– Tokiko administrazioa 20
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 18
– Foru administrazioa 15
Azpiarloen araberako banaketari dagokionez, sailkapena honakoa da:
– Garraioak 52
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna 13
– Herri lanak eta azpiegiturak 11
– Nahitaezko desjabetzea 6
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 4
– Obrak egitea 3
Arlo honetako espedienteen informazio estatistikoa, ekitaldia itxi den unean, ondorengoa da:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
77 | 30 | 38 | 17 | 19 | 2 | 9 |
Aurten azpimarratu behar da arlo horretako kexa-espedienteen kopurua %100 baino gehiago igo dela eta hazkunde hori garraioen azpiarloan gertatu dela era nabarmenean.
Funtsean, iazko egoeraren aldean egon den hazkundearen arrazoiak autonomia erkidegoko lurralde historikoetan garraio-agintaritzek sartutako aldaketa sakonak izan dira. Horien helburua garraio publikoaren erabileraren sustapenean aurrera egitea da, eta horretarako izen desberdinak dituzten kontaktu-txartel bakarrak kudeatu dituzte: MUGI Gipuzkoan, BAT Gasteizen, BARIK Bizkaian. Ordaintzeko sistema berri horiek erosoagoak dira zerbitzuaren erabiltzaileentzat, horri esker txartel berarekin hainbat garraiobidetan ordaindu baitaiteke, baina era berean tarifen aldaketa ekarri du, zenbait erakunde publikok kudeatutako sistema desberdinak elkartu behar izan direlako eta horrek egoera kaltegarriagoak sortu dizkielako pertsona batzuei lehenago zuten deskontu-sistemari dagokionez, baita hurrengo atalean agerian jarriko ditugun beste disfuntzionaltasun batzuk ere.
2.Kexarik aipagarrienak
Atal honetan, izapidetu ditugun kexa guztien artean, eduki formalagatik edo mahai gainean jarri duten arazoagatik nabarmendu nahi izan ditugun kexak zehaztuko ditugu.
2.1.
Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honetan ez dago azpimarratu behar den gauza berririk, kexak aurkezten dituzten pertsonek urtez urte azaltzen dizkiguten arazoak kontuan izanda. Horrela, funtsean, administrazioak erantzun ez izanak edo berandu erantzun izanak eragindako arazoak sortzen jarraitzen da, haren aurrean erreklamazioak egin direnean eta administrazioaren isiltasuna izapidetzea eta eskatutakoaren ebazpena saihesteko tresna gisa erabiltzea legez onartzen ez denean, legez ezarritako prozedura administratiboaren arabera. Kasu horiekin batera, jakinarazpenaren faltarekin edo jakinarazpen urriarekin lotutako gaiak mahai gainean jarri dizkigute, administrazioak ezin baitu egiaztatu interesdunak administrazioaren erabakia behar bezala ezagutzeko ezarri diren legezko betekizunak benetan bete dituela.
Alderdi horri dagokionez, zuzenbide pribatuaren menpe dauden erakundeek kudeatzen dituzten baina herri-administrazioen titulartasunekoak diren zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak mugatuta daude. Horrela, Abra-Getxo Kirol-Portuari buruzko kexa bat izapidetu dugu. Kirol-portu hori sozietate anonimo batek ustiatzen du, baina administrazio-emakidan oinarritutako azalera-eskubidearen titularra Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatutako sozietate publiko bat da. Enpresa ustiatzailea ez legoke era formalean Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak(HAAJAPEL) eskatzen dituen prozeduraren bermeen menpe.
Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da bi herri-administrazioren titulartasunekoa den jabari publikoaren emakida baten aurrean gaudela. Ondorioz, mota horretako instalazioen ustiapen-kontratuak zuzentzen dituzten baldintza administratibo eta teknikoen agiriak idazterakoan, erabiltzaileentzako eta lagapen-hartzaileentzako gutxieneko berme batzuk aurreikusi beharko zituzten, hala nola, idatziz egindako eskaera oro idatziz ebaztea eta eskatzailearen uziari jaramon egitea ezinezkoa den kasuak behar bezala arrazoitzea.
Zentzu berean, ehuneko ehunean udalaren kapitalean oinarritzen diren sozietate anonimoen sorrerak, administrazioari dagozkion eskumenak kudeatzen dituztenean, nahasmendua sortzen du. Herritarrek euren erreklamazioak aurkezten dituztenean, ez dute zertan ezagutu zuzentzen zaizkion erakundearen eskumenen konplexutasuna, eta batzuetan entitate publikoak berak ere ez die betetzen dituen eginkizunei zedarriztapen nahikorik jarri eta ez daukate mota horretako sozietateen esku utzitako zerbitzuak eta jarduerak kudeatzeko egokia den antolamendu-egitura. Horrela, kasu horri dagokionez, Arartekoaren 2013ko urriaren 1eko ebazpena izapidetu genuen. Horren bidez, Zumarragako Udalarietxebizitza-eraikin bateko hezetasun-arazoak konpontzeko beharrezko neurriak hartzeko gomendatzen zaio.
Gure ustez, aztertutako kasuan, udala zegoen behartuta interesdunari erantzun oso bat ematera, alde batera utzita horretarako egin behar zituen barne-izapideak, ehuneko ehunean udalekoa den kapitalean oinarritutako merkataritza-sozietatearen eskumenekoak izan litezkeen hitzarmenak barne, hala balegokio. Azken finean, aztertutako kasuan, interesdunak udalean aurkeztu zuen bere erreklamazioa, eta ondorioz, bai alkatea bai merkataritza-sozietatearen presidentea zen heinean, pertsona berari zegokion prozeduraren instrukzioa ofizioz bultzatzea, mahai gainean jarritako eskaerak ebatzi arte. Udalak gure gomendioa onartu du eta aurkeztutako erreklamazioa behar bezala izapidetzeko konpromisoa hartu du.
2.2. Herri-lanak eta azpiegiturak
Lehenik eta behin, atal honetan AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaileek bidali dizkiguten kexa batzuk aipatuko ditugu. BIDEGIk (Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, SA), ezarrita duen deskontu-sistemaren onuradun izateko, berarekin hitzarmenak sinatuta dituzten erakunde laguntzaileetako batean VIAT aparatu bat erosteko eskatzen du. Jaso ditugun kexek zalantzan jarri dute banketxe horiekin bakarrik lan egitera behartzea.
BIDEGIren azalpena da finantza-etxe batzuek aipatutako autobideak erabiltzeagatik Deskontu-Planean laguntzen dutela eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoan jarduten duten finantza-etxeei informazioa bidali dieten arren, web-gunean aipatzen direnek baino ez dutela lankidetza-akordioa formalizatu haien bezeroek Deskontu-Plana erabili ahal izateko.
Aurreko gaiarekin –teleordainketa-gailua eduki arren gailua erakunde laguntzaileetan erosteko beharraren gaitzespenarekin hain zuzen ere– loturik, erakunde kudeatzaileak esan zuen VIAT aparatua deskontu-planari atxikita dagoen teleordainketa-gailu espezifiko bat dela eta kasu horietarako gailu hori plan espezifiko horren erakunde laguntzaileetako edozeinetan kontratatu behar dela, haiek baitira sistemari dagokion kudeaketa egiten dutenak.
Talde batzuk, adibidez inguruko merkatari eta auzotarrak, lanek eta azpiegiturek eragiten dietelako kexatu dira. Bide edo espazio publikoetan urbanizazioak hobetzeko edo ekipamendu eta hornidura berriak eraikitzeko egindako obrek hiri-ingurunearen kalitatea hobetzeko interes publiko argi bati erantzuten diote. Horrek, azken finean, taldearen onura ekarriko du eta birmoldatu beharreko eremuen erabiltzaile zuzenentzat bereziki mesedegarria izango da. Hala eta guztiz ere, ezin da errealitatea baztertu, hots, obra horiek halabeharrez gorabeherak eragiten dituztela herritarren bizitzan eta ohiko trafikoan (zaratak, eragozpenak, bide publikoak moztea…).
Kalte horiek ahal den neurrian arintzeko, ezinbestekoa da era berezian azpimarratzea herritarrek eskubidea dutela aurreikusitako obren erabakitze-prozesuaren eta ondorengo egikaritzearen inguruan administrazioak duen informazioa eskuratzeko. Era berean, erabaki publiko horiek hartzean herritarrek parte hartzeko printzipioa nabarmendu behar dugu. Bi printzipio horiek herritarrek administrazio onerako duten eskubidearen benetako aplikazio gisa eratzen dira. Herri-administrazioek, gutxienez, aurkezten dizkioten alegazio eta iradokizun guztiei behar bezala erantzuteko eta egin beharreko obrari buruz hartutako erabakia behar bezala jakinarazten ahalegintzeko betebeharra daukate. Beraz, herritarrek aurkeztutako aukerak edo proposamenak ezesteko arrazoien berri modu egokian eman behar dute.
Herritarrek parte hartzea, legez berariaz xedatuta dauden kasuetan entzunaldietarako eta alegazioak aurkezteko epeak era hertsian betetzeaz gain, egin nahi den herri-lanari buruz erabaki ona hartzen dela bermatzeko aukera bat da. Egikaritze egokiari ere ematen dio bidea, batzuen eta besteen interesak bateratuz, eta inpaktu txikiena eta prestazio horien hartzaile nagusien gogobetetze handiena eraginez.
2.3. Ondare erantzukizuna
Zumarragako Udalari zuzendutako gomendioaren ildotik –arlo honetako 2.1 atalean aipatu dugu–, ikuspegi materialetik, izapidetu dugun kexak mahai gainean jarri zuen ondare-erantzukizunagatik egindako erreklamazio batek ez zuela erantzunik jaso. Erreklamazioak etxebizitza-eraikin batean jabetza horren ondoko lurpeko aparkaleku batean egindako obrek eragindako hezetasunak zituen hizpide. Gai horretan, udalak zalantzan jarri du partikularrak zuzenean erantzukizunen bat eskatu ahal izatea, uste baitu lurpeko aparkalekua kudeatu eta gauzatu zuen kapital publikoko merkataritza-sozietateak araubide juridiko pribatuaren printzipioei jarraitzen diela.
Gure ustez, behin baino gehiagotan adierazi dugunez, zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten zuzenbide pribatuko sozietate publikoek erantzukizun objektiboaren eta emaitzan oinarritutako erantzukizunaren erregimen berberari –zalantzarik gabe justifikatuta– jarraitu behar diote, alde batetik sozietate horiek kapital publikoz finantzatzen direlako, eta beste aldetik haien eskudantziak gauzatzean interes orokorra lortu nahi izan behar dutelako. Bestela, argi dago jarduera publikoak eragindako pertsonak defentsarik gabeko egoeran uzten direla, erabateko nahasketa sortzen delako jarraitu beharreko prozesuaren inguruan eta ez delako jakiten norengana jo behar den. Azken finean, jarrera horrek ekarriko luke administrazioa ondare-erantzukizunaren alorrean behartzen duten prozedura-bermeak alboratzea, eta kexagileei berdin izan beharko litzaieke administrazioak zuzenean edo tartean jarritako sozietate baten bidez jardutea.
2.4. Garraioak
Garraioari dagokionez, erakunde honek jasotako kexa ugariak nabarmendu nahi ditugu. Gasteizko garraio publikoaren erabiltzaileek sustatu dituzte, BAT txartelaren iraungipenari buruzko informazio falta salatzeko. Kexagileek adierazi zuten txartel horiek erosi zituztenean inork ez ziela jakinarazi lau urteko epean iraungiko zirela. Halaber, azaldu zuten euskarri berean, txartel orokorrei dagokienez, ere ez zela jakinarazten, eta haien ustez hori izan zitekeela informazioa jasotzeko leku egokia. Izan ere, pertsona gehienek txartela bidaia ordaintzeko erabiltzen saiatu zirenean izan zuten inguruabar horren berri, eta ibilbidea dagokion hobari edo deskonturik gabe ordaindu behar izan zuten. Era berean, zalantzan jarri zen txartelaren prezioa 3 € izatea.
EuskoTrenera jo genuen gai hori zela-eta. Gure eskaerari erantzunez, lehenengo eta behin, aipatutako erakundeak azaldu zigun Gasteizko tranbia 2008ko abenduan abiarazi zela eta jardueraren hastea posible izateko 2007. urtean etorkizuneko teknologia baten alde egin zela ezarri behar zen sisteman. Tranbiaren ustiapenerako eta Gasteizko eta Arabako gainerako operadoreetarako txartel hoberena bilatu nahi zen. Horregatik, kontakturik gabeko txartela ezartzea erabaki zen, fabrikatzeko erabilitako teknologia informazioa irrati-maiztasunez transmititzean oinarritzen baitzen, transmisioaren segurtasuna bermatzen zituzten enkriptazio-algoritmo egokiekin. Gainera, esan zuten kontakturik gabeko txartelen kuota garraioaren merkatuan %70en eta %80ren artean dagoela, eta horrek etorkizuneko hornidura bermatzen duela.
Txartela saltzeko ezarritako prezioa 3 € izateari dagokionez, EuskoTrenek jakinarazi zigun prezio horrek ez diola diru-sarrerarik ekartzen zentro konpentsatzaileari. Izan ere, helburua fabrikazio-, igorpen- eta pertsonalizazio-kostuak ordaintzea da.
Txartelaren iraungipena dela-eta esan zigutenez, iraungipen bat edo bestea adierazi duen egiaztagiririk egon ez arren, txartelaren fabrikatzaileak funtzionamendu-arazoak saihesteko eman zituen zehaztapen teknikoek ezarri zuten iraungipena 4 urtetan izatea komenigarria zela. Erabaki hori EuskoTrenek eta TUVISAk hartu zuten batera. Iraungipen hori ezarri ezean, euskarrian beharbada arazoak sortuko lirateke (fabrikatzaileek amaitutako txartelari, txipa+antena+euskarri plastikoari, 2 urteko gehieneko bermea eman zioten; 2 urtetik aurrera luzatzea operadoreak/administrazioak ordaintzen du).
Nolanahi ere, EuskoTrenek aipatu zuenez, txarteletan EV1 izeneko teknologia berria ezartzea posible denean (teknologia horrek txartelaren zikloak gaur egungo 100.000tik 500.000ra igotzen ditu), txartelaren iraungipen-aldia 4 urtetik (orain aplikatzen dena) 7 urtera luzatuko da, baina huts egin dezaketen elementuak (euskarri plastiko eta antena) mantenduko dira, beraz beharrezkoa izango da 4 urteko berme-aldia ezartzea, eta urte horiek igaro ostean txartela matxuragatik berritu behar bada erabiltzaileek ordaindu beharko dute. 7 urtetik aurrera, uste dute informazioaren tratamendua egokia ez izateko arriskua egongo litzatekeela, eta txartelarekin nahi ez diren operazioak eta informazio-galerak gerta litezkeela.
Azkenik, erabiltzaileek txartelen iraungipenari buruzko informazio faltari buruz mahai gainean jarri zuten salaketari dagokionez, EuskoTrenek adierazi zuen txartel pertsonalizatuek aurreko goiko aldean daramatela txartelaren iraungipen-data, txartel horietan erabiltzaileen datuak eta argazkia inprimatu behar direlako. Hala ere, txartel orokorrek ez dute informazio hori jasotzen aipatutako prozesua behar ez dutelako. Edonola ere, azaldu zen tranbiaren informazio bulegoan eta saltzeko makinetan txartelen iraungipena jakinarazi zela, bai kargatzean bai txartelen mugimenduak eskatzean.
Hala ere, adierazi zuten beharbada euskarri teknikoak ez direla nahikoak izan, batez ere txartel orokorren kasuan. Horregatik guztiagatik adostu zen iraungipen-data bezeroari ematen dizkioten egiaztagiri guztietan (erosketa, txartelen eskaerak, e.a.) jakinaraztea. Gainera, balioztatzeko makinak egokitzen ari ziren pantailetan euskarriaren iraungipen-data aldez aurretik (hilabete 1 edo 2) jakinaraz zezaten. Azkenik, aurreikusi zuten txartelaren atzealdean txartela iraungiko dela eta berritzeak koste bat duela jasotzea.
Bestalde, mugikortasun urriko pertsonengan eragin berezia duten arazoak azpimarratu behar ditugu; izan ere, pertsona horiek, gaur egun ere, gainerako herritarrek baino garraio egokituko eskaintza murritzagoa daukate.
Oraindik gertatzen ari dira EuskoTren enpresa publikoak 2012an tren-unitate berriak abiarazi zituenetik antzeman ziren eta aurreko ekitaldiko txostenean azaldu genituen irisgarritasun-arazoak, nahiz eta Euskal Trenbide Sareak bidearen eta nasaren arteko distantzia murrizteko hartutako neurriei esker eta EuskoTrenek bagoien diseinua aldatu izanari esker mugikortasun urriko pertsonek garraioa hobeto erabili dezaketen.
Azkenik, erakunde honetan jasotako kexa bat aipatu nahi dugu. Salatu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ematen zuen Bidekide zerbitzua abisurik gabe kendu zuten. Horren helburua interesa zuten pertsonei ibilgailu pribatuko garraioko bideak partekatzea erraztea zen. Aipatu prestazioa 2020rako Mugikortasun Iraunkorreko Planean hartutako neurrien barruan jasota zegoen.
Gure eskaerari erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bidekide deskonektatzeko arrazoiei buruzko informazio nahikoa eman zigun. Lehenengo eta behin, jakinarazi ziguten Bidekide proiektuaren xedea zela pertsonen mugikortasun partekatua ibilgailuko mekanismo baten bidez kudeatzeko plataforma bat garatzea, Moveuskadi Euskadiko Mugikortasun Atariaren zerbitzu gisa.
Bidekide deskonektatzeko arrazoiei dagokienez adierazi da plataforma horrek abantailak eduki arren zekartzan mugak agerian jarri zirela. Horregatik, aplikazioa deskonektatzea eta aztertzea erabaki zen garatu baino lehen, bidaiak puntuz puntu sortzeari konponbide bat bilatzeko zonakoak izan eta BIDEKIDE sistemak aldez aurretik aurreikusita egon beharrean.
Zerbitzua aldi baterako etenda egoteak ez du inolaz ere esan nahi behin betiko kenduko dela. Sailak uste du BIDEKIDEk ematen zuen zerbitzua Moveuskadi atariaren osagarri gisa beharrezkoa dela, eta berriro abiarazteko konpromisoa hartu du, aldi baterako etetea eragin zuten arazoak bideratuta daudenean.
Eragindako administrazioak helarazitako informazioari jarraiki, kontuan hartuz BIDEKIDEk ematen zuen zerbitzua beharrezkotzat jotzen zela eta sailak igarritako arazoak konpondu eta gero zerbitzua berriro abiarazteko konpromisoa hartu duela, gai horretan genuen esku-hartzea amaitutzat eman genuen.
3.Ofiziozko espedienteak
Aurten Bilboko udalerriko Egirletako aldapan dagoen ezbehar-tasagatik ofiziozko espediente bat hasi dugu, bertan 600 istripu baino gehiago egon direlako hamar urteko aldian. Erakunde honek bildutako informazioaren arabera, Egirleta mendatea bideko ezbehar-tasa handiko eremua da eta bertan istripu ugari egon dira, hildakoekin eta zaurituekin, banaketa fisikorik gabeko bi noranzkoetako bidea delako eta kurba arriskutsuz betetako trazadura daukalako.
Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari informazioa eskatu genion. Bidea erdibitzeko proiektuari ekiten ez dioten bitartean arriskuak eta ezbehar-tasa txikiagotzeko zein neurri ezar daitekeen jakin nahi genuen. Aipatu genituen neurri nagusiak hauek lirateke:
Txosten hau ixteko unean, foru-erakundearen erantzuna baloratzeke dugu.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Arlo horretako kexek nabarmen gora egin dute, batez ere lurralde historiko bakoitzeko garraio publikoan ezarri diren ordainketa- eta deskontu-sistema berrien inguruan izapidetutako espedienteen ondorioz.
Zentzu horretan, adierazi behar dugu lurralde historiko bakoitzean egiten ari den txartelen bateratzeari esker garraio publikoko sistema desberdinak elkarrekin lotzea erdiesten ari dela. Hala eta guztiz ere, garraiobide bakoitzean eskuduna den administrazioaren menpe dauden gizarte-tarifetako hobariak eskuratzeko irizpideak aplikatzean gertatzen diren arazoek eta, batzuetan, desadostasunek eragindako erreklamazioak jasotzen ari gara erakunde honetan.
Horregatik, esan behar da tartean dauden administrazioek baldintza bateratuak ezarri behar dituztela tarifa-sistemetan, garraio publikoko sistema integratu batean aurrera egiteko. Gainera, mugikortasuneko eskaera berrien sorrerak (intermodalitatea) eta teknologia berriek jakinarazteko eta tarifak antolatzeko sistemetan duten eraginak, besteak beste, Euskadiko Garraio Agintaritza Euskal Autonomia Erkidegoko garraiobide guztietan erabiliko den txartel bakarra ezartzera behartzen dute.
Azken finean, Euskadiko Garraio Agintaritzak zerbitzuak eta tarifak koordinatzeko ahaleginak batzen jarraitu behar du eta garraio publikoko eskaintza areagotu behar du, gainerako herri-administrazioekin egokiak diren irtenbideak elkartuz eta adostuz.
Azkenik, garraio publikoari dagokionez, garraio egokituaren eskaintza hobetzeko beharra azpimarratzen jarraitu behar dugu. Herri-administrazio eskudunek elkarrekin ahaleginak egin behar dituzte mugikortasun urriko pertsonei zuzendutako irtenbideak aurkitzeko, izan ere garraio publikoa erabiltzeko aukera askoz ere mugatuagoak dituzte gaur egun, irauten duten egokigarritasun-arazoen ondorioz.
Azpiegiturei eta herri-lanei dagokienez, kexa azpimarragarriei buruzko atalean aipatu dugunez, beharrezkoa iruditzen zaigu zuzenbide pribatuaren menpe dauden enpresen bitartez kudeatzen diren zerbitzu publikoen erabiltzaileen eskubideen kudeaketa hobetzea. Alderdi horri dagokionez, zentzuzkotzat jotzen dugu kasuaren eta egiaztatutako esperientziaren arabera idatzizko erregulazio edo arau bat egotea interesdunek zerbitzua erabiltzeko eskubidea egikaritu nahi dutenean jarraitu beharreko prozedura eta izapideak zehazteko. Horrela adierazi genuen, adibidez, amarraduren aldaketekin lotutako kasuetarako, horietan ontziz aldatzea gatik amarraduraz aldatzeko, amarradura hutsak esleitzeko e.a. lehentasun-irizpideak eta bete beharreko betekizunak nahiko gardenak izan beharko liratekeelako.
Horrek ondasun publikoen gardentasunaren eta administrazio egokiaren alde egingo luke nabarmen, nahiz eta ondasun horiek zuzenbide pribatuaren menpe dauden enpresen bitartez kudeatu, eta, hala, zerbitzuaren arrazoizko ustiapen baten ziozkoak ez direla ulertzen diren egoeren arabera hainbat traturen gaineko mesfidantza ezabatuko luke.
Era berean, aipatu behar dugu garrantzitsua dela interes orokorreko obretan eta azpiegituretan herritarrek parte hartzea. Parte-hartze hori egin nahi den obraren plangintzaren eta diseinuaren hasierako faseetan bideratu beharko litzateke, kontuan hartuz –behintzat baloraziorako– zuzenean eragindakoen pertzepzioak eta interesak, haiek askotan proiektuaren berehalako erabiltzaileak izango baitira (plaza berri bat auzotarrentzat, birmodelatu beharreko kale bat merkatarientzat, e.a.). Zentzu horretan, eta proiekzioaren fasea ahalik eta modu adostuenean konpondu ostean, administrazioaren jardute egokitzat jotzen dugu obrak zuzentzen dituen organoaren eta obrek eragindako pertsonen artean herritarrek parte hartzeko mekanismoren bat ezartzea, bitartean jazotzen diren eta zuzenean eragiten dieten gertakarien berri izateko: atzerapenak, obrak egin bitartean beharrezkoak diren aldaketak, eragindako eremuan ibilgailuz iristeko arazo iragankorrak, e.a.
Bestalde, kexek, aurreko txostenetan bezala, prozedura administratiboa eta herritarren eskubideak bermatzen dituzten nahitaezko izapideak ez betetzetik eratorritako kasuak aipatzen jarraitzen dute. Prozedura administratiboaren antolamendua ofizioz bultzatu behar da izapide guztietan, ebazpena egiteko behar diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko nahitaezkoak diren instrukzio-egintzen bitartez, eta eskaera aurkeztu duen pertsonari behar bezala eta nahitaezko legezko betekizunak betez jakinarazi behar zaio (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 78. eta 87. artikuluak).
Era berean, herri-administrazioari aurpegiratzen diote interesdunak eskatutakoari lotuta egindako ebazpenetan inkongruentzia dagoela, eskatutakoari erantzun ez diotelako edo ebazpenean horren zentzua era nahikoan arrazoitu ez delako. Herri-administrazioek ahalegin handiagoa egin behar dute euren jarrera argudiatzeko eta euren ebazpenak behar bezala azaltzeko, eta horretarako mahai gainean jarri diren gai guztiei buruz erabaki behar dute, baita espedientetik eratorritakoei buruz ere. Horrela zehazten du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (HAAJAPEL) 89. artikuluan.
Laburbilduz, gure ustez, eragindako pertsonak jarduera osagarri bat erabili behar badu herri-administrazioak erabaki jakin bat hartzeko izan dituen arrazoi zehatzak ezagutzeko, ebazpen horrek huts egin duela pentsatu behar da.
8.Jarduera ekonomikoaren antolamendua
1.Arloa kopurutan
2013. urtean 226 kexa-espediente hasi dira arlo honetan, alegia, erakundeak urte osoan zehar bideratu dituen espedienteen %8,44.
Azpi-arloak, berriz, honakoak izan dira:
– Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak 195
– Energiaz (elektrizitatea eta gasa) hornitzeko zerbitzuak 10
– Telefonia zerbitzuak 7
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 6
– Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria 5
– Merkataritza, turismoa eta kontsumoa 3
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Atal honetan bost kexa jaso ditugu eta, kasu horietan Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailakinteres orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresen eremuan gauzatu behar duen kontrol-jarduera nolabait zehazten.
2.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Konpainia pribatuek eskaintzen dituzten zerbitzuen jardueren ondoriozko hainbat kontsulta jaso ditugu. Pertsonentzat garrantzi handia daukaten zerbitzu orokorrak eta publikoak dira, hala nola, energia-hornidura, gas-hornidura eta telefonia, enpresa pribatuek zenbait kudeaketa sistemen bitartez eskaintzen dituztenak. Inguruabar horrek ez digu mahai gainean jarritako kontuan esku hartzeko aukera galarazi baina erakunde honek uste du kudeaketa horrek ez duela hori gauzatu bitartean urratu daitezkeen oinarrizko eta funtsezko eskubideen galera eragin behar.
Horregatik, mahai gainean jarritako gai zehatzaren inguruan egoki iritzitako informazioa helarazi ondoren, kexa horiek aurkeztu zituzten interesdunei jakinarazi diegu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eta Kontsumobide direla kexa horiek izapidetzeaz arduratzen direnak eta, legearen aginduz, une honetan, gure esku hartzeko ahalmena jarduerak ordenamenduarekin bat etortzen ote diren aztertzera mugatzen dela.
Izapidetu ditugun kexei dagokienez, aurreko urteetan bezala, funtsean, honi buruzkoak izan dira: interesdunek desadostasuna adierazi dute kontsumo eta turismoaren arloan Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkezten diren kexei lotutako prozedura eta artxibatzearen ondorioz, izan ere, ez da egiaztatu administrazioaren arau-haustearen bat egon den.
Prozedurari lotuta, pertsona batek erakunde honetara jo zuen desadostasuna adierazteko, izan ere, Naturgas erakundeari abian jarritako zigortzeko espediente bati buruzko dokumentazio jakin bat eskatu zion eta ez zuen eskuratu. Kontsumobidek, bere aldetik, jakinarazi zigun interesdunaren eta beste 43 pertsonen (antzerako arrazoiengatik aurkeztutakoak) erreklamazioen harira burututako aldez aurretiko izapideetan jarduera arau-hausleak antzeman zirela erreklamazioek hizpide zuten enpresaren (Naturgas) eskutik. Horrenbestez, zegokion zigortzeko espedientea abian jarri zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 34.4. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, inguruabar horren berri eman zioten. Horrez gain, aditzera eman zuen zegokion espedientea izapidetu ostean, kexagileari ere ezarritako zigorraren berri eman ziotela.
Egia esan, zigortzeko prozedura ofizioz abian jarri behar da, ez interesdunak hala eskatuta. Salaketaren ondorio bakarra hauxe da: administrazioari jakinaraztea ustez legez kanpokoak diren gertakari batzuk jazo direla, jardun ikertzailea eta zigortzailea abian jartzeko helburuarekin. Oro har, administrazioaren edozein arlotan, salatzaileak ez dauka beste batzuen kontra izapidetutako zigortzeko espedienteei lotutako prozeduretan interesdun gisa parte hartzeko ahalmenik.
Hau da, arauak xedatu bezala, salaketak bere horretan ez du salatzailea zigortzeko prozeduran interesdun bihurtzen eta, oro har, prozeduran zehar duen parte hartze bakarra hauxe da: organo eskudunaren eskutik espedientearen irekiera eta, hala badagokio, amaitzea eragingo duen ebazpenari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea dauka.
2.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
2013. urtean zehar modu esanguratsuan handitu da pertsona askok zenbait banku erakunde eta aseguru-etxeren jardueraren aurrean sentitzen duten desadostasuna eta babesgabetasuna islatzen duten herritarren kexen kopurua, bai idatzizkoak, bai ahozkoak.
Berez, gatazka horietan euskal herri-administrazioak tartean ez badaude ere, erakunde hau tartean dauden eragile guztiekin lankidetzan aritu da, eragindako pertsonen babesean aurrera egite aldera.
Bankuen sektoreak garatzen duen jarduera ekonomikoa ezin da zerbitzu publikoaren kontzeptuaren barruan sartu. Hala ere, interes orokorrean inpaktu handia eta administrazio erregulazio zabala daukan jarduera da. Horregatik, dotrina zientifikoak interes orokorreko jarduera pribatutzat jo du eta, horrenbestez, banku jarduerarekin zerikusirik ez duten erakunde independenteek gainbegiratu behar dute.
Gure gizartea pairatzen ari den krisi ekonomiko sakonaren ondorio gisa, bankuetako produktuak eta zerbitzuak erosi izanagatik eta kontrolatu gabe dauden eta familiaren bizitzan eragin handia duten ondorioak sortu dituzten bankuetako jardueren ondorioz zaurkortasun eta babesgabetasun egoerak agerian jarri dira. Egoera hori larritasun maila handienera heltzen da hipoteka-betearazpenekin.
Hipoteka-betearazpena nahitaez etxebizitzarako eskubidearen ikuspuntutik aztertu behar da, konstituzio bidez babestutako eskubide bat bezala, beraz, bat-batean gertatutako eta eragindakoaren erabaki eta esku-hartze eremutik kanpoko arrazoiengatik galtzean, administrazioak fede oneko kontsumitzailearen aldeko oinarrizko eskubide hori defendatzen duten neurriak burutu behar ditu.
Hori bai, gerturatze hori kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen ikuspuntutik ere egin behar da. Etxebizitza erosteko familiek euren baliabide kopururik handiena erabiltzen dute.
Azken urteetan hiru arau onetsi direla jakin dugu. Horien bidez, etxegabetzeen ezbeharra jorratzen saiatu dira. Arau horien xedea hipoteka-zordunak babestea da, euren ohiko etxebizitzaren galeraren aurrean. Baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurrien martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretua, hipoteka-zordunen babesa sendotzeko premiazko neurriei buruzko azaroaren 15eko 27/2012 Errege Lege Dekretua eta orain dela gutxiko hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta gizarte alokairua sendotzeko neurrien gaineko maiatzaren 14ko 1/2013 Legea.
Lege horrek gaineratu dituen azken aldaketak 2013ko martxoaren 14ko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren ondoriozkoak dira. Epai hori Bartzelonako 3. zenbakiko Merkataritza Arloko Epaitegiak Kontseiluaren 1993ko apirilaren 5eko 93/13/CEE Zuzentarauaren interpretazioaren inguruan mahai gainean jarri zuen epaiketa aurreko arazoa ebatzi zuen kasuaren harira eman zen.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Epaiak, beste kontu batzuen artean, aitortu zuen Espainiako araudia ez zetorrela bat aipatutako zuzentarauarekin, zehatzago esanda, eraginkortasunaren printzipioarekin, izan ere, ezinezko edo zailegi bilakatzen da zuzentarauak eskaini nahi duen babesa aplikatzea hipoteka-betearazpen prozeduretan, kontsumitzaileak salatuak direnean hain zuzen. Arazoa da hipoteka-betearazpen prozeduraren testuinguruan ez duela ezarri aurkaritza arrazoiak aurkezteko aukerarik, kontratuko klausula baten neurriz kanpoko izaeran oinarrituta; aitorpen prozesuaren berri izango duen eta, beraz, klausularen neurriz kanpoko izaera baloratu behar duen epaileak ezin baitu kautelazko neurririk hartu, hala nola, hipoteka-betearazpen prozedura bertan behera uztea, betiere, horrelako neurriak hartzea amaierako erabakia benetan eraginkorra dela bermatzeko beharrezkoa baldin bada.
Aldaketak gorabehera eta arau horiek baloratu behar diren alderdi positiboak jasotzen dituzten arren (hipoteka-zorra berregituratzeko neurriak, salbuespenak, berandutzako interesak murriztea, zerga-neurriak, kaleratzeak etetea, etxebizitzen gizarte funtsa sortzea familia horiei euren gain har ditzaketen errentak dituzten alokairu kontratuak eskuratzen laguntzeko…) ez dira inolaz ere balio izaten ari arazo larri hori pairatzen duten pertsona eta familia guztiei erantzun egokia emateko, nahiz eta 1/2013 Legeak berak zera xedatu “berankortasun tasa gure herrialdean baxua da” eta “aparteko egoera horren ondorioz (zordunen) ekonomia- edo ondare-egoera aldatu da eta babes-premia handia dute”.
Bi urtetan zehar kaleratzeak bertan behera uzteak bakarrik ekarriko dizkie onurak egoera bereziki zaurgarrian dauden eta legeak jaso dituen izaera ekonomikoko eta gizarte izaera duten baldintzen zerrenda murriztailea betetzen duten pertsona eta familiei. Modu berean, kontuan hartu behar da bi urtetan zehar kaleratzeak eteteak ez dituela berandutza interesak eteten.
Jardunbide Egokien Kodearen aplikazioak (hasiera batean horri atxikitzea borondatezkoa da finantza erakundeentzat) zorraren berregituratzeak, salbuespenak ordaintzeke dagoen kapitalean eta, azkenik, ordainean emateak barne hartzen ditu. Hala eta guztiz ere, irismena mugatua da ez baita izaera unibertsalarekin hipoteka-zordun guztiei eskaintzen, eragindako pertsona arauak berak zehaztu duen gizarte bazterkeriaren atarian egon behar da-eta. Egoera horren definizioa zaurkortasun bereziko taldeen definizioarekin bat dator baina haiei ere hipoteka-kuota, familiaren ondare eta etxebizitzaren gehienezko prezioarekin zerikusia daukaten baldintza batzuen betetzea eskatzen zaie.
Hainbatetan erakunde honekin harremanetan jartzen diren pertsonak larrituta daude etxebizitza galtzea gutxi balitz, horrez gain, finantza erakundeari diru kopuru altuak zor dizkiotelako eta ezin dietelako aurre egin. Horrek guztiak euren etorkizuna arriskuan jartzen du.
Familien gainzorpetzearen aurrean, botere publikoen lehentasuna zordunari mailegua itzultzeko aukera eskaintzen dioten neurriak bideratzera zuzendu behar da baina, aldi berean, posible den guztietan, etxebizitza mantenduz. Izan ere, etxea galtzea azken aukera izan beharko litzateke, bizileku-eremua ezinbesteko baldintza baita nortasuna garatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurrean babesten duen elementu bat da. Horregatik, hondamen pertsonalaren erregulazioan aurrerapausoak eman behar dira, hau da, bigarren aukera ematen duen legea beharrezkoa da, kaudimen-gabezia pertsonala osotasunean jorratzeko aukera ematen duena, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan. Gure ordenamendu juridikoak horrelako bat barne hartzen du soilik pertsona juridikoentzat.
Horren bidez, asmoa ez da fede oneko zordunak, euren etxebizitzan hipoteka-betearazpena jasan edo bat-batean gertatutako arrazoiengatik zor gehiegi dituztenak, bidezkoa ez den moduan aberastea, baizik eta euren suspertze ekonomikoa erraztea etxebizitza galdu izanak edo gainzorpetzeak ez dezala eragindako familien gizarte bazterkeria endemikoa edo ezkutuko jarduera ekonomikoa garatzeko beharra eragin.
Lege horrek, dagokion epailearen gainbegiratzearekin, zorraren berregituratzea eta zordunaren ahalmen ekonomiko errealarekin bat datorren ordainketa plana ezartzea sustatu beharko luke eta, azkenik, zordunaren aktibo guztia likidatzeko (bahiezinak diren ondasunak izan ezik) eta horren bidez pasiboa ordaintzeko aukera eman beharko luke, bere baliabideak aintzat hartuz, zorra guztiak kitatu arte.
Ekintzaileak eta euren nazioartekotza sustatzeko irailaren 27ko 14/2013 Legearen onespena zentzu horretan aurrerapauso txikia izan daiteke baina ez da nahikoa; izan ere, pertsona fisiko partikularrentzat lehiaketa mugatua ezarri badu ere eta, kasu jakin batzuetan, ohiko etxebizitza ardura unibertsaletik at uzteko aukera ematen badu ere (betiere, zorra enpresarial edo profesionalen ondoriozko kaudimen-gabezia kasuetan), babesa mugatua dago: ardura mugatua duen ekintzailea delakoari. Lege horrek modu zabalean definitu du ekintzaile kontzeptua eta jarduera ekonomiko produktiboa garatzen duen pertsona fisikoak zein juridikoak barne hartzen ditu baina, horrez gain, Merkataritza Erregistroan izena emateko baldintzak betetzeko eginbeharra ezarri du, baita legeak ezarritako kontuen aurkezpena eta auditoretzak egiteko beharra ere. Horrenbestez, ez da pertsona fisikoen gainzorpetzea jorratzeko tresna erabilgarria.
Halaber, kontuan hartu behar da lehiaketa bidezko prozedura garestia izan ohi dela eta, askotan, kaudimenik ez duen pertsona batek ezin diola prozedura horri aurre egin.
Modu berean, botere publikoek hauxe sustatu beharko lukete: hipoteka-maileguen kontratuak hipotekatutako ondasunaren berme esklusiboa aintzat hartuta sinatzea (hipotekei buruzko legearen 140. artikulua) eta ez zordunaren ardura unibertsala oinarritzat hartuta (hipotekei buruzko Legearen105. artikulua eta Kode Zibilaren 1911. artikulua)
Edonola ere, aipatu behar da 2011ko martxoaren 31ko egoitza erabilerarako ondasun higiezinentzako kreditu-kontratuei buruzko Europako Parlamentuko eta Batzordeko Zuzentarau proposamenaren (2011/0062(COD) izapidetzea nahiko aurreratuta dagoela. 2013ko abenduaren 10ean Europako Parlamentuak lehenengo irakurketan proposamena onestea erabaki zuen. Helburua kontsumitzaileen babesa hobetzea da. Arau horren xedea hipoteka-maileguak kontratatzen dituzten kontsumitzaileen babesaren arloan kide diren estatuetako legerien arteko harmonia lortzea da, erregulatzeko oinarri komuna ezarriz eta kide diren estatuei nahikoa den tartea utziz neurri nazionalak har ditzaten. Aditzera eman denaren arabera, arauak, beste kontu batzuen artean, zazpi eguneko hausnarketa epea ezarri du hipoteka-kontratua sinatu baino lehen; erakunde mailegatzaileari betebehar bat ezarri dio: kontratua sinatu aurretik kontsumitzaileari kontratuari buruzko informazio orokor argia eta ulergarria eman behar dio, kostu osoa eta epe luzeko finantza ondorioak ezagutzeko aukera ematen duena; zorraren amortizazioa malgutu du eta betearazpenak gauzatu baino lehen zentzuzkoa den tolerantzia inposatu du, ordaindu ez izanagatiko karguak mugatzearekin batera.
Finantza produktuak erosten dituzten pertsonei emandako informazioaren eta banku erakundeak daukan informazioaren arteko asimetria agerian jarri da herritarrek mahai gainean jarri dituzten eta bankuen sektorearekin zerikusia daukaten erreklamazio gehienetan.
Hainbat etxetan egoera zaila bizi dute langabeziaren eta lanaren zein ekonomiaren behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna dela-eta; izan ere, lan merkatua ez da berriro aktibatzen ari eta egoerak okerrera egin du orain dela zenbait urte pertsonek eta familiek finantza erakundeekin sinatu zituzten kontratuen ondorio kaltegarriengatik, gaur egun azaleratzen ari baitira.
Azaldu bezala, herritarrek aurkeztu dituzten kexa askoren izendatzaile komuna da produktu bat edo finantza zerbitzu bat kontratatzerakoan eta hori baino lehenagoko faseetan informazio nahikorik jaso ez izana. Eragindako pertsonek salatu duten informazio eskas edo partzial hori agerian jarri da lehentasunezko partaidetzen erosketaren, mendeko finantza ekarpenen eskuratzearen, zoru-klausulen ezarpenaren, HMEI-Kutxen hipoteka-maileguen erreferentzia indizea duten hipoteka-maileguen kontratazioaren edo sinatutako hipoteka-maileguen kontratuetan %20tik gertu dauden berandutzako interesen sinaduraren harira.
Informazioaren aurrean alderdien arteko desoreka handia arintzen saiatu da bankuetako legeria bera. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da finantza produktu bat erosten duen pertsonak ez diola horren ondorioz kontsumitzaile izateari uzten eta, beraz, kontsumoaren arloan sektorekako araudiak ezarri duen defentsa mekanismoa aplikatu behar zaiola. Hala, bide hori justizia auzitegietan arazoa konpontzeko baliabidearen osagarria da.
Kontsumoaren arloan, babesteko sistemaren ideia honetan oinarritzen da: kontsumitzailea gutxiagotasun egoeran dago profesionalarekin alderatuta, bai negoziatzeko ahalmenari dagokionez, bai eskura duen informazioari dagokionez. Horrenbestez, xedea kontsumitzailearen eta profesionalaren arteko desoreka konpontzea da.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen funtsezko eskubide bat hauxe da “informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jasotzeko eskubidea dute, eskura jartzen dizkieten ondasunen eta zerbitzuen ezaugarri nagusiei dagokienez. Hala, bada, ondasun eta zerbitzu horiek era egokian erabiltzeko edo kontsumitzeko oharrak egin behar dira, eta erabilerak edo kontsumoak beren osasunerako eduki dezakeen arriskuaz ohartarazi behar da, era horretan, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek hautaketa jakinaren gainean eta arrazoizko eran egin ahal izan dezaten, eta ondasunak eta zerbitzuak segurtasunez eta gogobetetasunez erabil ditzaten.” (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 14.4. artikulua).
Bankuetako jarduera oso konplexua denez, bankuetako zerbitzuen erabiltzaileek aurkezten dituzten erreklamazioei erantzuteko organo bereziak sortu dira eta banku jardueraren gaineko kontrola horien esku egon ohi da. (Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala eta Espainiako Bankua)
Dena den, espezializatutako organo horiek dauden arren, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko eskumena daukaten erakunde publikoek finantza zerbitzuen eta produktuen kontsumitzaile eta erabiltzaileak babeste aldera esku hartzeko eta izapideak bideratzeko aukera daukate. Horregatik, erakunde horietako langileek ahalegin berezia egin behar dute bankuen eta finantzen sektorean espezializatzeko eta prestatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.28. artikuluak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari esleitu dio.
Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako eta babeserako organoen jarduera babeslea ez da bakarrik a posteriori garatu behar, hau da, arazoa antzeman ostean. Mekanismoak ezarri behar dira finantza produktuen kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak antzemateko, beraz, etorkizunean prebentzio izaera handiagoarekin esku hartzeko aukera emango duten oinarriak finkatu behar dira.
Hainbat pertsona erakunde honekin harremanetan jarri dira eta salatu dute bere garaian mendeko finantza ekarpenen ezaugarrien gainean behar bezalako informaziorik ez zutela jaso. Kasu gehienetan bankuko erakundeetako bezero txikizkariak dira, inbertsioetan aldez aurreko esperientziarik ez daukatenak eta aitortu dutenak ekarpenak eskuratu zituztela euren konfiantzazkoak ziren banku erakundeek inbertsio hori iradoki zietelako.
2013ko ekainean erakundeak zenbait ondorio aditzera eman zituen. Horien bidez, azpimarratu zuen eragindako kooperatibek, merkaturatzaileek eta eskumena duten administrazio zein erakundeek konpromisoa gain hartu behar dutela ahalik eta arreta eta ardura handienarekin jarduteko, finantza produktu horiek sinatzea eragin zuen prozesua argitzeko helburuarekin.
Modu berean, irailaren 17an arartekoa Eusko LegebiltzarrekoOsasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean agertu zen, batzordeak hala eskatuta, eta Eroski eta Fagor mendeko finantza ekarpenak merkaturatzearen inguruan jasotako kexen berri eman zuen.
2013ko martxoan Kontsumobidek eragindako hiru alderdien arteko bitartekaritza abian jarri zuen: inbertsio tresna hori merkaturatu zuten banku erakundeak, jaulki zituzten kooperatibak eta sinatu zituzten pertsonak. Helburua alderdi guztientzat onuragarria den konponbidea aurkitzea zen eta oraindik ere horretan lanean ari dira.
Hala eta guztiz ere, FAGORrek orain dela gutxi justizia auzitegien aurrean hartzekodunen konkurtsoa deklaratu duenez, ezin da bide horretatik jarraitu kooperatibarekin.
Edonola ere, aipatu beharra dugu eman diren epaileen erabakiak, mendeko finantza ekarpenetan eragina daukatenak, asko ez diren arren, ildo berean taldekatu daitezkeela: produktua merkaturatu zuten banku erakundeek aitortu izan dute ez zutela bete bezeroa behar bezala informatzeko eginbeharra. Emandako informazioak produktuaren egokitasunari buruzko argibideak barne hartu beharko lituzke, betiere, bezeroak benetan behar zuena aintzat hartuta. Horrez gain, banku erakundeak ziurtatu behar zuen eskuratzaileak osotasunean ulertu zituela eragiketa eta haren ondorioak. Froga hori informatzeko eginbeharraren betetzea argudiatzen duenak aurkeztu behar du. Hala ere, alderdi hori egiaztatu ez denez, eman diren epaiek baliogabetzat jo dituzte sinatutako kontratuak, adostasunean egindako akatsagatik.
3.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2013. urteko EHUko Udako Ikastaroen testuinguruan, Ararteko erakundeak hausnarketa eta eztabaida jardunaldi bat antolatu zuen herritarrek finantza erakundeekin dituzten harremanetan pertsonen eskubideak babesteari dagokionez.
Finantza eta aseguru-erakundeei buruzko epigrafean aipatu dugun moduan, azken urteetan, gure gizarteak pairatzen duen krisi ekonomiko eta sozialagatik babesik gabe ikusten dugu herritar asko muturreko zaurkortasun eta babesgabetasun egoeran daudela finantza produktu eta zerbitzuak eskuratu izanagatik edo kontrolik gabeko ondorioak eragiten dituzten bankuetako jardunengatik (familien bizitzan eragin handia daukatenak). Egoera hori larritasun mailarik altuenera heldu da hipoteka-betearazpenekin eta ohiko etxebizitzaren galerarekin.
Arartekoaren asmoa arazo horren gaineko eztabaida sustatzea zen, aldez aurretiko kontzeptu-ikuspegi hau oinarritzat hartuta: Bankuetako zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak al dira? Apriorizko ikuspuntu horretatik, administrazioaren esku-hartzea zuzena izan behar da, erregulazioa eta kontrol eraginkorra barne hartuz.
Aldi berean, estatuak bermatu behar du herritarrek kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak legez babestuta daudela eta bankuen esparruko kontrataziotik sortutako betebeharrek oinarrizko eskubide horiek errespetatzen dituztela.
Ikastaroan hizlari talde garrantzitsua izan genuen:
Fernando Zunzunegui jauna, Mª Carmen Gallastegi andrea, Edmundo Rodríguez Achutegui jauna. Amaitzeko, mahai-inguru batean parte hartu zuten eta zenbait ikuspegi osagarri mahai gainean jarri ziren: Manu Valín jauna Justizia zuzendaria, Mario Yoldi jauna etxebizitza sustapeneko arduraduna, Rafael Rich jauna giza-eskubideen arloko abokatu ekintzailea (Kordobako Stop Desahucios plataformako defendatzailea) eta Maria José Fernández de Landa andrea, ogasun arloko arduraduna.
Bestalde, Ararteko erakundeak hausnarketa jardunaldi batzuk partekatu zituen Kataluniako Síndic de Greuges delakoarekin, interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuak gainbegiratzearen inguruan. Xedea eremu horretan Ombudsman delakoaren jarduna aztertzea zen, baita, hala badagokio, legezko testuinguruak ere, zein sektore edo zerbitzutan esku hartu behar duen, bere zeregin etikoa zein den eta informazioa nola eta nori eman behar zaion aztertuz.
Interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuei lotuta Ombudsman delakoaren funtzioa aztertu eta definitzerakoan, ideia honen inguruan sakondu zen: interes orokor edo unibertsaleko zerbitzua zeinek eskaintzen duen alde batera utzita, garrantzitsuena, hau da, aldaketa esanguratsua zerbitzu horren jasotzailea nola tratatzen den aztertzean datza, bezero bezala edo pertsona bezala. Bezero bezala tratatzeak esan nahi du sinatutako kontratuaren betetze hertsian oinarrituta dagoen harremana izango dela. Pertsona bezala, aldiz, konpromiso maila handiagoa barne hartzen du tratuari eta kontratuan xedatutako harremanei dagokienez.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Arlo horretan landu diren zenbait kexa nabarmendu dira, funtsezkotzat jo ditzakegun zerbitzuen erabiltzaileek aurkeztutakoak hain zuzen ere, hala nola, gas eta elektrizitate hornidurari buruzkoak edo telefonia zerbitzuei buruzkoak. Zerbitzu horiek enpresa pribatuek eskaintzen badituzte ere, herri-administrazioek interes orokorreko zerbitzuen emakidaren gainean beharrezkoak diren kontrol-lanak egin behar dituzte.
2. Hala eta guztiz ere, aurten ere aditzera eman behar dugu autonomia erkidego honetako herritarrek ekonomia eta finantza erakundeekin izandako harremanetan izan dituzten arazoen inguruan aurkeztutako erreklamazioak garrantzitsuak izan direla.
Zehazki, hori ez da Arartekoaren esku-hartzearen barruko esparru bat; izan ere, finantza- eta kreditu-erakundeen jardunaren kontrola ez dago otsailaren 27ko 3/1985 Legeak –Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak– erakundeari esleitu dizkion eskumenen barruan; hala eta guztiz ere, pertsona horiek orientatzen saiatu gara, hau da, euren erreklamazioak eta kexak organo eskudunen aurrean aurkezteko informazioa eman diegu.
Euskal herri-administrazio bati dagokion gatazka baten aurrean ez gauden arren, Ararteko bulegoa ezin da alde batera geratu bizitzen ari garen egoera larriaren aurrean eta, horregatik, inplikatutako agente guztiekin lankidetzan aritzen saiatu da, eragindako pertsonen babesean, bereziki, hipoteka-zordunen babesean, aurrera egin ahal izateko.
Ahaleginik handiena egin behar da etxebizitza izateko eskubide konstituzionala babesteko, ezein familiarik ez dadila etxerik gabe geratu.
3. Finantza produktuak erosten dituzten pertsonei emandako informazioaren eta banku erakundeak daukan informazioaren arteko asimetria agerian jarri da herritarrek mahai gainean jarri dituzten eta bankuen sektorearekin zerikusia daukaten erreklamazio gehienetan.
Azaldu bezala, herritarrek aurkeztu dituzten kexa askoren izendatzaile komuna da produktu bat edo finantza zerbitzu bat kontratatzerakoan eta hori baino lehenagoko faseetan informazio nahikorik jaso ez izana. Eragindako pertsonek salatu duten informazio eskas edo partzial hori agerian jarri da lehentasunezko partaidetzen erosketaren, mendeko finantza ekarpenen eskuratzearen, zoru-klausulen ezarpenaren, HMEI-Kutxen hipoteka-maileguen erreferentzia indizea duten hipoteka-maileguen kontratazioaren edo sinatutako hipoteka-maileguen kontratuetan %20tik gertu dauden berandutzako interesen sinaduraren harira.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen funtsezko eskubide bat hauxe da “...informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jasotzeko eskubidea dute, eskura jartzen dizkieten ondasunen eta zerbitzuen ezaugarri nagusiei dagokienez. Hala, bada, ondasun eta zerbitzu horiek era egokian erabiltzeko edo kontsumitzeko oharrak egin behar dira, eta erabilerak edo kontsumoak beren osasunerako eduki dezakeen arriskuaz ohartarazi behar da, era horretan, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek hautaketa jakinaren gainean eta arrazoizko eran egin ahal izan dezaten, eta ondasunak eta zerbitzuak segurtasunez eta gogobetetasunez erabil ditzaten”. (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 14.4. artikulua)
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako eta babeserako organoen jarduera babeslea ez da bakarrik a posteriori garatu behar, hau da, arazoa antzeman ostean. Mekanismoak ezarri behar dira finantza produktuen kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak antzemateko, beraz, etorkizunean prebentzio izaera handiagoarekin esku hartzeko aukera emango duten oinarriak finkatu behar dira.
9.Jarduera ekonomikoaren antolamendua
1.Arloa kopurutan
Ararteko erakundeak 118 kexa-espediente bideratu ditu herri-administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileen arloan. Kopuru hori 2013. urtean hasitako guztien %4,41 da.
Honako administrazio hauei eragin diete:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 55
– Tokiko administrazioa 29
– Foru administrazioa 8
– UPV/EHU 4
Edukiari erreparatuta, espediente horiek arlo hauekin izan dute zerikusia:
– Ordezkapenak 27
– Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuak 24
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 15
– Ordainsariak 14
– Beste alderdi batzuk 11
– Lanpostuak betetzea 11
– Administrazio egoerak 5
– Lanpostuen zerrenda 3
– Herritarren eskubideak 2
– Prestakuntza 2
– Oporrak, lizentziak eta baimenak 2
– Bateraezintasunak 1
– Diziplina-araubidea 1
Urte honetan zehar kudeatu diren espediente horien (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapidetze prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
204 | 87 | 96 | 42 | 54 | – | 21 |
Oro har, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, kexek hizpide dituzten administrazioek jarrera egokia izan dute eta behar izan duen laguntza eman diote erakunde honi. Hala ere, hainbat kexa izapidetzeko beharrezkoa ez den atzerapena eragiten ari diren zenbait jarrera nakar ere antzeman ditugu. Zentzu horretan, azpimarratu behar dugu berriro ere Osakidetza-EOZ ez dela lankidetzan aritu eta jarrera horren ondorioz zenbait ohartarazpen egin behar izan ditugula.
2.Kexarik aipagarrienak
Enplegu publikoa eskuratzeko hautapen prozedurei lotuta izapidetu diren kexen artean, interesgarritzat jo dugu honako hau nabarmentzea: Getxoko Udalak kazetari lanpostu batzuk betetzeko iragarri zuen deialdiari lotuta izapidetu genuen kexa. Erakunde honek bere jarduera amaitutzat jo du Arartekoaren 2013ko ekainaren 27ko ebazpena eman ostean. Horren bidez, aditzera eman dugu Getxoko Udalak ez dituela gardentasunari eta administrazio egokiari lotutako eskakizunak bete eta enplegu publikoan interesa duten pertsonen konfiantza arriskuan jarri duela, sarbidea ez baita objektiboa eta inpartziala izan, berdintasunari, merezimenduari eta gaitasunari buruzko printzipio konstituzionalekin bat eginez.
Halaber, interesgarria iruditu zaigu nabarmentzea EITBk laguntzaile tekniko eta luminoteknikari lanpostuak betetzeko iragarri zuen hautapen prozesuari lotuta izapidetu genuen kexa. Erakunde publikoak berak aitortu zuen deialdiaren oinarriak transkribatzerakoan akats bat egon zela, zehazki, parte hartzeko baldintzen artean ingelesa jakitea ezinbestekoa zela zioen horretan. Hasiera batean oinarrietan gaineratu zen eta hautapen prozesua behin hasita aldatu zuten, hau da, onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratu ostean eta ariketa teorikoa egin ondoren, dagoeneko betekizunek parte hartzea baldintzatu zuten arren. Kasu horretan, ondorioztatu genuen zalantzan jarri zen administrazioaren jardunak enplegu publikoa eskuratzeko errespetatu beharreko berdintasun printzipioa urratu zuela eta, ondorioz, zenbait pertsonek, hala nola, kexagileak, ez zutela izena eman hasierako oinarrietan eskatzen zen hizkuntza-maila ez zeukatelako, prozesuan parte hartu nahi zuten arren.
Era berean, egokia iruditu zaigu aipatzea, Osakidetza-EOZren jarreraren erakusgarri gisa, erakunde honetara jo zuen pertsona batek mahai gainean jarri zuen arazoa. Horren bidez, desadostasuna adierazi zuen Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten ondorioz. Ebazpenak 2008an iragarritako hautapen prozesuaren plaza hutsen helmugen esleipenak argitaratu zituen (administrazio laguntzailea kategorian). Deialdi horretako oinarri orokorrek zein zehatzek ezarri zuten txanda bakoitzean eskaintzen diren lanpostuen (libreak eta barne-sustapenekoak) %5 ezintasunen bat duten pertsonek bete dezaten erreserbatu behar dela. Hala ere, interesdunaren iritziz, iragarritako ebazpenak oinarri horiek urratu zituen, ez baitzuen legezko eskaera hori betetzen. Horren harira, azaldu zuen barne-sustapeneko txandan hainbat lanpostu hutsik geratu zirenez, txanda librera pasa zirela, beraz, administrazioak hasiera batean txanda horretan ezintasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako plaza kopurua berriro kalkulatu behar zuen; hau da, %5eko erreserba portzentajea ez zen aplikatu behar hasiera batean txanda horretan betetzeke zeuden lanpostuen kopuruaren gainean, baizik eta, aipatutako aldaketaren ostean, txanda horretan eskaini ziren lanpostuen kopuru osoaren gainean. Interesdunak egiaztatu zuen gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuela eta jakinarazi zigun oraindik ez dela ebatzi. Zentzu horretan errekerimendu bat egin ostean, azkenean, gure eskaerari erantzunez, osasun arloko arduradun gorenak zera jakinarazi zigun: errekurtsoa ez zela berariaz ebatzi, beraz, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen 30/1992 Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako administrazioaren isiltasunagatiko gaitzespenari buruzko arauak aplikagarriak zirela. Administrazio isiltasunak ez du esan nahi administrazioak berariaz erantzuteko betebeharra ez duenik. Horregatik eta kexa-espediente hori behar bezala izapidetzeko helburua genuenez, erakunde publikoaren lankidetza berriro eskatzea erabaki genuen. Txostena bidaltzeko eskatu genion. Bertan, arduradunak interesdunak mahai gainean jarri zuen gaiaren inguruan zuren iritzi arrazoitua jaso behar zen baina aurrekoaren antza zuen erantzuna jaso genuen. Horrenbestez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren jardunik ezaren ondorioz gure esku-hartzea amaitu behar izan genuen interesdunari kexak hizpide zuen arazoari buruzko erantzun arrazoitua eman gabe.
Bestalde, ohikoa den moduan, beste lehiaketa prozesuei buruzko zenbait kexa jaso ditugu, hala nola, lanpostuak betetzeko iragartzen direnak. Adibide bezala, Donostiako Udalak iragarri zuen lehiaketa zehatza aipatuko dugu, zehazki, Herritzarrentzako Arreta Bulegoko eta Bilketa Barne Zerbitzuko buru lanpostua betetzekoa.
Kasu horretan, erakunde honetan aurkeztutako kexan jasotako alegazioak gorabehera, ez dugu arrazoirik antzeman baieztatzeko batzordeak egin zuen balorazioaren berezko zuhurtziak arbitrariotasuna eragin zuela egiaztatutako aldez aurretiko esperientzia baloratzerakoan. Horrez gain, honako jarrera hau ulergarritzat jo dugu: parte hartzaileei argudiatutako merezimenduak espediente pertsonalean ageri diren ala ez egiaztatzeko ardura ematea eta merezimenduen alderdi garrantzitsuenak epe barruan egiaztatu baldin badira zuzentzeko aukera ematea. Horrenbestez, ez badira epe barruan egiaztatu ondorioztatu behar da ezin dela zuzenketarik egin, HAAJLren 35.f) artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.
Horri dagokionez, nabarmendu nahi dugu Olaberriko Udalak hirugarren mailako idazkari lanpostua betetzeko iragarritako deialdiaren harira burututako jarduna. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiari gogorarazi genion iraupen motzeko lanpostu hutsak izan arren, aldundiak ziurtatu behar duela toki korporazioek ez dutela behin-behineko izendapenik egingo, gutxienez, eskubide hobeko interesdunek berariaz eskaerak egin baldin badituzte, izan ere, horien bidez plaza hutsak bete daitezke lehentasuna duten formulak erabiliz, hala nola, zerbitzu eginkizuna.
Lehiaketa prozesuekin jarraituz baina aldi baterako enplegua lortzeko prozesuak hizpide hartuz, aurten nahitaez aipatu behar ditugu irakasleen ordezkapenen kudeaketari lotutako zenbait jarduera.
Lehenengoa irakaskuntzako ordezkapenak egiteko hautagaiek sustatu dute, izan ere, aurreko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak homologatu zuen lehen hezkuntzako irakasleentzako espezializazio ikastaro bat gainditu ostean, sartzeko eskaera gaitzetsi dutela ikusi behar izan dute, nahiz eta 2013ko apirilean iragarri zen urteko birbaremazio prozesuaren baitan espezialitate horietan ordezko izateko prestakuntza jaso.
Erakunde honen ustez, 2012ko abuztuan onetsi ziren hautagaien zerrendak kudeatzeko jarraibide berriek prestakuntza berria 2010-2012 denbora tartean egin duten hautagaientzako gaikuntza araubide iragankorra gaineratu beharko lukete, azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren 3. puntuan erabilitakoaren antzerakoa. Ez denez horrela gertatu, une honetan, Langileen Kudeaketa Zuzendaritza izan behar da, 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren bigarren azken xedapenaren bitartez aitortu zaion gaitasuna baliatuz, aldaketa sustatzen duena; indarrean jarri aurretik hasitako eta homologatutako espezializazio ikastaroak aitortuz dagozkion espezialitateak irakasteko gaikuntza nahiko gisa. Hezkuntzako arduradunak prest agertu dira egungo jarraibideak berrikuste aldera, erakunde honek proposatutako zentzuan.
Bigarren jarduerak Arartekoaren 2013ko azaroaren 27ko ebazpena eragin du. Modu horretan, hezkuntzako arduradunei eskatu diegu kexa aurkeztu duen pertsona konpentsatu dezaten eta deitu ez izanagatik eskaini ez dituen lanei dagokien puntuazioa aitortu diezaioten. Gure iritziz, interesdunek modu justifikatuan uko egiten dutenean, administrazioari esan ahal diote zenbat denbora iraungo duen uko egitea eragin duen egoerak, beraz, egoera eragin duen gertakaria bertan behera geratu dela egiaztatzeko eskakizun osagarriak (berriz ere egoera aktiboan edo eskuragarrian egon ahal izateko) gehiegizkoa dirudi eta ematen du ez daukala oinarririk. Are gutxiago aztertu dugun kasuan, zeinetan interesdunak bakarrik argudiatu baitzuen une jakin batean osasun zentroan tratamendu bat jaso behar zuela eta horrek ez zuen ondoriorik eragin lanerako gai izateari lotutako baldintzan. Dena den, ebazpen hori ez dute onartu.
Aldi baterako enpleguari buruzko atalarekin jarraituz, beste kexa bat azpimarratu egingo dugu. Pertsona batek aditzera eman zuen 2008. urtetik Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE)aldi baterako lan-poltsaren barruan dagoela, sukaldeko laguntzaile kategorian, eta urte horretan horretarako eskatu zioten dokumentazio guztia aurkeztu zuen arren, gaur egun, kontratatzeko bere garaian eskatu ez zioten titulazioa eskatzen diotela: HLH, Ostalaritza, Turismo eta Sukaldaritza adarra. Horrez gain, argudiatu zuen eskakizun berri horren ondorioz ezin izan zuela eskaini zioten bitarteko funtzionario izendapena eskuratu. Gainera, erreklamazio bat aurkeztu zuen erakunde horren aurrean eta ez zuen espero zuen erantzuna jaso.
Gaiari buruzko informazioa eskatu ostean, egiaztatu genuen arazoa hasi zela abenduaren 28ko 76/2012 Foru Dekretua indarrean jarri ostean. Dekretu horrek Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko lanpostuen zerrendaren aldaketa onetsi zuen. Arau horretan xedatu da sukaldeko laguntzaile lanpostua betetzeko Ostalaritza, Turismo eta Sukaldaritza adarreko HLH titulu akademikoa edukitzea beharrezkoa dela. Hau da, titulu hori edukitzea sukaldeko laguntzaile lanpostua burutu ahal izateko betekizun bihurtu da eta, esku artean genuen kasuan, interesdunak ezin zuen eskatutako titulu akademikoa aurkeztu ez zuelako.
Gure esku-hartzearen ostean, GOFEko langileen arduradunek adierazi dute interesdunak mahai gainean jarri zuen arazoari konponbide bat emateko asmoa dutela, hau da, foru arauan sukaldeko laguntzaile lanpostua betetzeko ezarritako titulazioaren baldintza eskatzeko betebeharraren eta indarrean dagoen lan-poltsa osatzen duten pertsonen itxaropenen artean dagoen lehia konpontzeko asmoa; izan ere, pertsona horiei, lan-poltsan sartu zirenean, ez zieten eskatu titulazio hori egiaztatzeko lanpostu bera betetze aldera.
Atal horrekin amaitze aldera, ezinbestekotzat jo dugu Diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko eta izapidetzeko programa delakoaren amaieragatik eragindako pertsona guztien ordezkaritzan aurkeztu diren kexak aipatzea. Horren bidez, 209 bitarteko funtzionario izendatu ziren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzukoprogramagatik, oraindik ere izapidetze fasean dagoena.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren Sailari atxikita dauden karrerako bi funtzionariok aurkeztu zuten kexa aipatzea interesgarria iruditu zaigu. Izan ere, ez daude ados egun sail hori osatzen duten (haiek sail horri atxikita daude) topografiako ingeniari teknikoek betetzen dituzten lanpostuei dagozkien ordainsarien eta sail berean lan egiten duten baina beste ingeniaritza tekniko batzuei lotutako titulazioak dituzten pertsonek jasotzen dituzten ordainsarien artean dauden aldeak. Zentzu horretan, foru erakundean euren eskaera egin ostean, informazioa eskatu zuten euren lanpostuen balorazioaren inguruan. Zehatz-mehatz, euren lanpostuari dagozkion faktore mailen gainean galdetu zuten, baita hainbat faktoreren puntuazioaren, tarteen taulen eta abarren gainean ere. Laburbilduz, erantzun zieten Balorazio Batzorde Teknikoaren lan tresnak zirenez, organo horri zegokiola horien berri ematea. Dena den, organo horren funtzioak bertan behera geratu ziren 2010eko uztailean.
Erakunde honek esku-hartzea amaitu zuen adieraziz, gure iritziz, ez zegoela interesdunek eskatu zuten dokumentazioa ez ematea justifikatzen zuen arrazoirik; izan ere, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluak, herritarrek administrazioaren fitxategietan dauden eta administrazio espediente bat osatzen duten agiriak ikusteko eskubidea daukatela xedatzen duenean, herri-administrazio orokorra du hizpide, ez hari lotutako organo zehatz bat (informazio eskaerak xede duen prozedura ebatzi duena). Orain dela gutxi jakin dugu foru erakundeak euren eskaera bete egingo duela.
Lizentzia eta baimenei buruzko kexei dagokienez, bereziki adierazgarria iruditzen zaigu foru funtzionario batek hala eskatuta izapidetutako kexa. Interesdunak bere ama zaintzeko baimen bat eskuratu nahi zuen Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren (aurrerantzean EBEP) apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 48.1.i) artikuluan araututakoarekin bat eginez. Kexa hori Arartekoaren 2013ko azaroaren 27ko ebazpenaeman ostean amaitutzat jo dugu.Bertan, ondorioztatu genuen gaixoaren laguntza prozesuaren ardura duen medikuak egindako txosten medikoan gaixotasun baten izaera oso larria ez islatzea ez dela izan behar, bere horretan, baimena ukatzeko arrazoi bat (zehazki, 48.1.i artikuluan xedatutako baimena). Horregatik, kasu horietan, kalifikazioa baimenaren emakidaren ardura duen administrazio zerbitzuak egin behar du, betiere, eskatzeko espedientean gaineratutako dokumentazio kliniko nahikoa oinarritzat hartuta.
Iaz minbizia edo beste gaixotasun larriren bat pairatzen duen seme-alaba adingabea zaintzeko baimena aipatu genuen. Aurten udal funtzionario baten kasua aztertu dugu. Hasiera batean, lanaldia hilabete batean zehar %60 murrizteko baimena aitortu zioten. Hala eta guztiz ere, zegokion luzapena izapidetzerakoan, udalak eskaera hori gaitzestea ebatzi zuen, hura emateko eskatutako baldintzak betetzen ez zituela ondorioztatu zuelako, izan ere, ez zegoen ospitaleratuta eta ez zuen etxeko tratamendurik jasotzen diagnosi eta ospitaleratze baten ondoren. Horrez gain, bere alabak ez zuen zaintza jarraitua eta etengabea behar eta, gainera, eskolatuta zegoen.
Erakunde honek eskolara doazen hainbat adingaberen kasuak ezagutu ditu adingabe honek pairatzen duen gaixotasun berarekin (I. motako diabetes mellitus). Kasu horietan guztietan, erakunde honek eskola orduetan zehar osasun arreta berezirako onartutako zirkularra guztiz betetzea defendatu eta gomendatu du. Horregatik, kasu horretan uste dugu egin behar dena zera dela: eskolatuta dagoen ala ez alde batera utzita, bere gaixotasunaren ondorioz adingabe horrek dituen zaintza-beharrak zehaztu (medikuek zaintza zuzena, jarrai eta etengabea izan behar dela baloratu dute, zalantzarik gabe), haren gurasoen laneko ardurekin bateragarriak diren ala ez alde batera utzita.
Erakunde honen esku-hartzea eskatu duen beste udal funtzionario baten kasua ere aipatu nahiko genuke. Kasu horretan, interesdunak bere emaztea zaintzeko baimena eskuratu nahi zuen, “amniozentesi” proba egin baitzioten. Langile horren nahia ukatu egin zuten Udalhitz-Euskal toki erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren 49.2 artikuluan hitzez hitz jasotakoa aplikatuz. Hala ere, babesa jaso zuen zenbait talderen eskutik, hala nola, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako Defentsa Erakundea Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuarena. Bere ustez: “...herri-administrazioak modu eredugarrian aplikatu beharko lituzke Langileen Estatutuan jasotako laneko eskubideak, legeria loteslearen barruan ez egon arren. Zentzu horretan, araudiak 3/2007 Legeak ebakuntza eta gaixotasunei dagokienez eremu pribatuan ezarri duen interpretazioa gaineratu beharko luke, izan ere, ospitaleratzea beharrezkoa ez bada ere, atsedenaldia eta etxeko zaintzak ezinbestekoak izan ohi dira eta horrek ez du esan nahi haurdun dagoen emakumearen eta haurraren osasunarentzat garrantzitsuak ez direnik, esku artean dugun kasuan gertatu den bezala. Erakunde honek egokitzat jo du EUDELi proposamen bat helaraztea, iradokizun gisa, beharrezkoak diren neurriak sustatzen saia daitezen, egoera horietan lizentzien eta baimenen emakiden gaineko hausnarketa berrikustea posible izan dadila, Udalhitz-Euskal toki erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren testuinguruan.
Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea LAB sindikatuak Metro Bilbaon aurkeztu zuen kexa. Horren bidez, salatu da zuzendaritzak ez diola alderdi sozialari informaziorik eman enpresako bi zuzendarik kargua utzi izanaren inguruan. Zuzendari kudeatzaileak ez zuen daturik eman kontseilari ordezkari batek kargua utzi izanaren inguruan eta argudiatu zuen goi zuzendaritzako langileen izaera berezia zuen laneko harremana zuen zuzendaria zenez, kargua uzteari lotutako inguruabarrek langileen ordezkariei aitortu zaizkien –Langileen Estatutuaren (LA) 64. artikuluaren bidez- eskumenak gainditzen dituztela, izan ere, langile mota horren ordezkaritza eta babesa ez dator bat estatutu horren II. tituluan ezarritako ibilguekin. Erakunde honek kexagileei jakinarazi zien zaila izango zela legezko interes bat baliatzea zuzendarien kargu-uzteari buruzko informazioa biltzeko nahia babeste aldera, jarduera sindikala garatzeko eskubidearen ondoriozko alderdi funtzionala aintzat hartuta ere (azken horrek langileen ordezkariei ahalmena ematen die langileen interesak defendatu, babestu eta sustatzera zuzenduta dauden jarduerak burutzeko). Hau da, beharrezkoak diren ekintza bitartekoak abian jartzea konstituzioaren arabera dagozkien funtzioak bete ahal izateko. Gure ikuspegiaren arabera, eskatu den informazioa eskuratzeari lotuta helburu argi eta bistakoa aurkezteko ezintasunak kexan defendatu den planteamenduari oinarria ematen dio zentzu honetan: erakunde publikoen kudeaketaren gardentasun handiagoa sustatu nahi da.
Azpimarragarria iruditzen zaigun beste kasu bat foru funtzionario batena da, berak zalantzan jarri zuen identifikatzeko betebeharra prestakuntza ekintzei buruzko txostenak betetzerakoan. Erakunde honetan ondorioztatu dugu kasu horietan laneko harremanak justifikatzen duela datu pertsonalak baimenaren beharrik gabe erabiltzea, izan ere, eskainitako prestakuntza lanpostuari egokitzen zaion ezagutze aldera informazio hori beharrezkoa da, beraz, ezin dugu esan eskatzen diren datu horiek desegokiak edo gehiegizkoak direnik.
Gure aurreko txostenean une horretan Herrizaingo Saila zenak behin-behineko ezintasunen inguruan onetsi zuen aginduari lotuta aurkeztu zen kexa bat islatu genuen. Horri dagokionez, adierazi behar dugu orain Segurtasun Saila deitzen denaren arduradun berriekin burutu ditugun kudeaketen emaitza hauxe izan dela: agindu berria eman da eta, bertan, gutxienez ez dira jaso kexa eragin zuten alderdi eztabaidagarriak, horien ondorioz, erakunde honek ohartarazi baitzuen aginduak barne hartzen zuen Ertzaintzako kideen osasunari buruzko datuen tratamendua ez zetorrela bat tratamendua legezko bihurtzen duten kasuekin; izan ere, ez zegoen hori ahalbidetzen zuen arau orokor edo berezirik. Horrez gain, errepikatu genuen datuen babeserako araudian, laneko arriskuak prebenitzeari buruzkoan edo Gizarte Segurantzaren legerian (ezintasunagatiko prestazioaren gainekoan) ez zegoela agindu horretan jasotako tratamenduentzako babes edo estaldurarik.
Iaz sektore publikoko langileei lotuta gastuari eusteko neurriak ezartzearen inguruko erreferentzia anitzak egin genituen. Aurten ere horietako batzuen aplikazioak eragin dituen zenbait kexa jaso ditugu. Derrigorrezko erretiratzeen aitorpenek eragin dituztenak, besteak beste. Horien bitartez, zerbitzu aktiboaren egoera luzatzeko aukera ukatzen da.
Bestalde, irakasleen sektoreko erretiratze kasu batzuetan, eztabaidagarriak ari dira izaten zenbait araubideren artean antzeman diren desberdintasunak (orokorra eta eskola pasiboak).
Bide batez, EHUren aurrean garatu genuen jarduera aipatu nahiko genuke. Jardun hori Arartekoaren 2013ko azaroaren 29ko ebazpenaren bidez amaitu da. Bertan, EHUri gomendatu genion Euskal Herriko Unibertsitateko lan-kontratudun irakasle eta ikertzaileen II. Hitzarmen Kolektiboaren 32.4. artikuluaren aldaketa sustatu zezan, EHUri atxikita dauden eta prestakuntza fasean dauden ikertzaileen ordainsarietan antzeman daitezkeen araubide ezberdinak saihesteko.
3.Bestelako jarduerak
2013. urtean Herriaren Defendatzaileen XXVIII. Koordinazio Jardunaldiak honi buruzkoak izan dira: ezintasunen bat daukaten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena Espainian aplikatzeari dagokionez.
Jardunaldi horiek prestatzeko tailerretako baten izenburua hauxe izan da “Enplegua eta zerga-sistema ezintasuna duten pertsonen eskubideei buruzko hitzarmenaren aurrean”.
Onetsitako ondorioen artean 11. zenbakikoa ageri da, bertan, defentsa bulego guztiek herri-administrazioei eskatu diete diskriminazio positiboko neurriak hartzen jarrai dezaten enpleguaren arloan ezintasunen bat daukaten pertsonen berdintasun materiala lortze aldera.
Euren iritziz, gizartean sentsibilizazio handiagoa sustatu behar da pertsona horien laneko aukerei dagokienez, ezintasunen bat daukaten pertsonei zehazki zuzenduta dauden mekanismoetatik harago. Modu berean, garrantzitsua da aurrera egitea lantokiak eta lanpostuak egokitzearen arloan, baita xede horrekin pizgarrien eta diru-laguntzen ildo egonkorra sustatzea ere.
Horren inguruan berezko ekarpen bat egin genuen, martxoaren 4ko Arartekoaren 4/2013 Gomendio Orokorra hain zuzen ere, aldi baterako kontratazio poltsak erregulatzen dituzten arauetan diskriminazio positiboko neurriak gaineratzeari buruzkoa. Modu horretan, ezintasunen bat daukaten pertsonek errazago eskuratu ahalko dituzte euren ezaugarriekin bat datozen lanpostuak.
4.Balorazioak
2013. urtean 118 kexa-idatzi jaso dira herri-administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileen arloan. Kopuru hori urte horretan zehar izapidetzen ari diren guztien %4,41 da.
Orokorrean, kexek hizpide dituzten administrazioek laguntza eskaini izan diote erakunde honi, baina jokabide nakarren kasuak ere egon dira, horietako batzuk izapidetzea zaildu dutenak. Hala gertatu izan da, adibidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuarekin.
Oro har, izapidetutako kexak eta herri-administrazioen zerbitzura lan egiten duten pertsonen arlo horretan aurkeztu ohi diren kexak ez dira bereziki desberdinak.
Ohikoa izaten den moduan, horietako zati handi bat enplegu publikoa eskuratzeko sarbideari buruzkoa izan da. Horregatik, errepikatu nahi dugu berriz ere, hautapen prozeduren kudeaketan gardentasun handiena ziurtatzeko kontu handiz ibili behar dela eta prozedura horietan parte hartzen duten interesdunei aitortutako bermeak zaindu behar direla. Enplegu publikoak eskuratu nahi dituzten herritarren erabateko aukera-berdintasuna bermatzeak lehentasuna izaten jarraitzen du.
Enplegu publikoaren sektorea ere berdintasun printzipioarekin bat etorri behar da eta, EKren 9.2. artikuluan xedatutakoari jarraiki, enplegu publikoa eskuratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeen aldeko diskriminazio positiboko neurriak hartu behar dira.
2013. urtean, talde horien artean, arreta berezia eskaini zaio ezintasunen bat daukaten pertsonek osatzen dutenari. Hala, Herriaren Defendatzaileen XXVIII. Koordinazio Jardunaldien testuinguruan, ezintasunen bat daukaten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena Espainian aplikatzeari buruzkoan, defentsa bulego guztiek herri-administrazioei eskatu diete diskriminazio positiboko neurriak hartzen jarrai dezaten enpleguaren arloan ezintasunen bat daukaten pertsonen berdintasun materiala lortze aldera.
Izapidetutako kexen beste zati garrantzitsu batek lizentziei eta baimenei lotutako arazoekin zerikusia eduki du. Gure iritziz, horrek agerian jarri du familia eta lana bateratzeko neurrien arloan sakontzen jarraitzeko beharra. Zentzu horretan, aurreko batzuetan azpimarratu izan dugun moduan, adi jarraituko dugu, gastuari eusteko neurrien inpaktuak, sektore publikoko langileengan eragina duenak, ez ditzala langile publikoen bateratzeko aukerak arriskuan jarri, batez ere, senideen zaintza euren gain hartzea bezalako eginbeharrei aurre egin behar dietenean.
Gastuari eusteko neurriak (2012ko ekitaldian horiei buruzko erreferentzia zabala egin genuen) aurten ere sumatu ditugu derrigorrezko erretiratzeen aitorpenei lotuta jaso ditugun kexen ondorioz. Horrek zerbitzu aktiboaren egoera luzatzeko aukera ukatzen du. Irakasleen sektoreko erretiratze kasu batzuetan, eztabaidagarriak ari dira izaten zenbait araubideren artean antzeman diren desberdintasunak (orokorra eta eskola pasiboak).
Nolabait berritzaileak izan diren alderdiei dagokienez, ondorengo kexak aurkeztu izan direla aipatuko dugu: informazio jakin bat ikusteko eskubidea eta izaera pertsonaleko datuak babesteko beharra mahai gainean jarri dutenak. Aurrerantzean kexa horiek orain dela gutxi onetsi den gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu egokiari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearekinlotuko ditugu.
10.Jarduera ekonomikoaren antolamendua
1.Arloa kopurutan
2013an 9 kexa-espediente hasi dira animaliak babesteko arloan, alegia, erakundeak ekitaldi honetan zehar izapidetu dituen guztien %0,34.
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
10 | 4 | 6 | – | 6 | – | – |
2.Kexarik aipagarrienak
Ekitaldi honetan, espazio publikoetan pertsonen eta animalien artean sortzen diren bizikidetza-arazoak mahai gainean jarri dituzten kexak nagusitu dira atal honetan eta, gehienbat, ustez arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak espazio publikoetan aske eta muturrekorik gabe ibiltzen direla adierazi duten salaketak gailendu dira.
Kasu horietan, salaketek zehaztu dute udal-agintaritzak espazio publikoetan kontrol nahikorik ez duela. Erakunde honetan egindako ikerketen ondorioz, egiaztatu dugu leku gehienetan udaltzaingoaren presentzia parke eta espazio publikoetan areagotuz joan dela, baita toki-erakunde desberdinetan animaliak edukitzea eta babestea arautzen duten udal ordenantzak ez betetzeagatik hasitako zigortzeko espedienteak ere.
Era berean, gure esku-hartzea eskatu zuen kexa jaso dugu, Meñakozeko hondartzan txakurrak zeudelako eta agintaritza-agenteek ez zutelako ezer egiten udaldian txakurrak hondartzetara sartzea mugatzen edo debekatzen duen eta aplikatu behar den araudia betetzen ez zenean.
Horri dagokionez, idazkian adierazi da azken urteotan gero eta jende gehiago etorri dela hondartza horretara eta, era berean, txakurrak dituzten pertsonen kopurua areagotu egin dela. Horren ondorioz, batzuetan dozena bat txakur aske baino gehiago zenbatu ahal izan dira. Nahiz eta azken urteotan Sopelako Udalean hainbat salaketa jarri, Meñakozeko hondartzaren zati handiena udal horri baitagokio, ez dira beharrezkoak diren neurriak hartu Sopelako Hondartzetako eta Animalien Jabetzari buruzko Udal Ordenantza betetzen dela bermatzeko. Udal ordenantza horren bidez, hondartzetan gisa guztietako animalien sarrera eta bertan egotea debekatzen da guztiz maiatzaren 1etik urriaren 31ra arteko epean, biak barne, Gida-txakurren azaroaren 21eko 1997/17 Legean ezarritakoaren kalterako izan gabe.
Zentzu horretan, esan dezakegu salaketak zehazki azaltzen duela hondartzan zaintzarik ez dagoela eta txakurren jabeak mugatutako epean hondartzara joanaraziko lukeen lege-hausleak zigortzeko espedienterik hasi ez dela.
Agiri hau idazten amaitzerakoan, Sopelako Udalak helaraz diezagukeen informazioaren zain gaude.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Interesgarria iruditu zaigu atal honetan Diputatuen Kontseiluaren abuztuaren 1eko 26/2013 Foru Dekretua onartu dela aipatzea. Foru dekretu horrek arautzen du txakur abandonatu edo deslaiak jasotzeko prozedura Arabako Lurralde Historikoan, bai eta zerbitzua eskaintzeko modua hitzartzea ere, hain zuzen, udalek kudeatzeko ardura emanez. ALHAOren 95. zenbakian argitaratu zen, 2013ko abuztuaren 21ean.
Urriaren 29ko 6/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko animaliak babestekoak, 15. artikuluan ezartzen du udalen eta foru aldundietako sail eskudunen egitekoa izango dela abandonatutako animaliak eta, identifikazioa eraman arren, edukitzailearen kontrolik gabe noraezean dabiltzanak hartzea, harik eta berreskuratu, jabe berri bati eman edo hiltzen dituzten arte.
Arabako lurraldean, Armentiako Animaliak Babesteko Zentroak jasotzen zituen animaliak. Zentroa Gasteizko Udalaren menpe dago, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak urtero ematen duen diru-laguntza kontuan izanda. Egun, sistema hori ekonomikoki bideraezina zen, zerbitzua iraunkorra eta eskaera handikoa bihurtu zelako.
Horregatik, aipatutako dekretuaren bitartez Nekazaritza Sailak hori nahi duten eta horrela adierazten duten udalei emango dien kaleko txakurrak edo txakur abandonatuak hartu, zaindu eta mantentzeko zerbitzuaren antolaketa berria arautzen da. Hori dela eta, dekretuaren eranskinetan esku hartzen duten eragile guztien betebeharrak ezartzen dira, baita Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailean zerbitzuaren kudeatzeko gomendioa egitea erabakitzen duten udalen arteko harremanak zein zerbitzua Animaliak Babesteko Zentroko baliabideen bidez emateko Nekazaritza Sailaren eta Gasteizko Udalaren arteko harremanak gauzatzeko tresnen antolaketa ere.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Urte hauetan zehar arlo horretan jasotako erreklamazio kopurua handia izan ez bada ere, jakitun gara gero eta gatazka gehiago sortzen ari direla pertsona eta animalien arteko bizikidetzan, ezin baitugu ukatu EAEko udalerrietan gero eta txakur gehiago daudela.
Udalen zeregina da pertsonei kalteak eragitea ekiditeko animaliak edukitzeari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzea.
Hartara, hiriko bide eta espazio publikoetan txakurrak kontrolaturik eta loturik egon daitezen eskatu behar dugu, eta, horretarako, kateak edo uhalak erabili behar dira. Halaber, animalia horiek mikrotxiparekin identifikaturik, erroldaturik eta kasuan kasuko udalerriko erregistroan erregistraturik egon behar dute. Horretarako, garrantzitsua da toki-erakundeek animaliak identifikatzeko kanpainak egitea, txakurrak abandonatzeak, erasoek, kexek, etab. eragin ditzaketen ondorio negatiboak ekiditeko.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar dugu etxeko animaliak dituzten pertsonen eta gainontzeko herritarren arteko bizikidetza orekatua ahalbidetzen duten bestelako konponbideak bideratzea ezinbestekoa dela.
Horri dagokionez, aurreko txostenetan proposatu ziren eta animaliak babesten dituzten hainbat elkartek bermatu zituzten neurri batzuen garrantzia nabarmendu nahi dugu berriro ere.
1. Beharrezkotzat jotzen da animalientzako aisialdirako eremu zehatzak prestatzea, izan ere, animaliak etengabe uhalekin daudenean eta, zenbaitetan, baita muturrekoekin ere, jarrera erasotzaileak eduki ditzakete.
2. Hiriko bitarteko nahikoak egotea animalien edukitzaileek txakurren eginkariak jaso ahal izateko.
3. Informazio kanpainak egitea herritarrak eskuarki eta zehazki animaliak dituztenak animaliak edukitzearen inguruko kontuei buruz kontzientziatzeko eta hezteko, euren betebeharrei eta horiek ez betetzearen ondorioei buruzko informazio nahikoa izan dezaten.
11.Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak
1.Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan guztira 148 erreklamazio idatzi kudeatu dira. Eragindako administrazioen araberako banaketa honako hauxe izan da:
– Tokiko administrazioa 127
– Foru Administrazioa 7
– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 4
Azpiarloen banaketari dagokionez, sailkapena hurrengoa izan da:
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 47
– Tokiko zerbitzu publikoak 36
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioren erantzukizuna 30
– Udal erroldaren kudeaketa 26
– Beste alderdi batzuk 3
– Herritarren eskubideak 3
– Informazioa eta herritarren parte-hartzea 3
Urte honetan zehar kudeatu diren espediente horien (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapidetze prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
201 | 76 | 107 | 57 | 36 | 14 | 18 |
Datuei erreparatuz gero, nabarmendu behar dugu bideratutako kexa-espedienteen kopurua hazi dela. Multzorik garrantzitsuenean, aurten ere, jardunbideari eta araubide juridikoari buruzko gaiak ditugu, guztira %30 inguru; bereziki azpimarratu behar dira administrazio isiltasunari eta interesdunek espedienteak eskuratzeko dituzten zailtasunei dagozkienak. Aurreko multzoarekin batera, biztanleen udal erroldaren arloan izapidetutako espedienteak aipatu behar ditugu, ukitutako pertsonei dakarzkien ondorio larriak direla eta; izan ere, nahiz eta kexei konponbide egokia eman, erroldan alta hartzeko trabek kalte handiak eragiten dizkie interesdunei oinarrizko gizarte eskubideak eskuratzeko orduan. Gainera, zenbaitetan ezin dira eskubide horietaz baliatu, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan izandako erroldatzearen gutxieneko antzinatasuna egiaztatzeko hutsuneak sortzen direnean.
Jaso ditugun espedienterik gehienen izapidetze egoera arrazoizkoa da; hala eta guztiz ere, erantzuna jasotzeko eta ukitutako administrazioaren iritziaren berri izateko agindeia edo ohartarazpena egin behar izan dugun kasuei dagokienez, aipatu beharra dago horiek beti izaten direla nahi baino gehiago. Ekitaldi honetako oso alderdi negatibo gisa aipatu beharko genuke arlo honetan emandako gomenduak eta ondorioak onartzeko maila ia-ia hutsaren hurrengoa izan dela; ebazpen horiek guztiak aztergai eta ikusgai daude gure webguneko atal batean. Edozein kasutan ere, ebazpen horiei men egingo diegu zehatzago nabarmendu beharreko kexei buruzko hurrengo atalean.
2.Kexarik aipagarrienak
Atal honetan izapidetu ditugun kexarik esanguratsuenen laburpen bat jaso dugu, aurten aurrera eramandako lanaren isla modura; horrela bada, bereziki aipatuko ditugu gomendioren bat edo ondorioren bat emateko aukera ahalbidetu dutenak. Horiek guztiak beharrezko azpiarloen barnean txertatu ditugu, jarraian zehaztutako epigrafeei jarraiki.
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honetan urterik urte atzematen ditugun arazoak laburbil genitzake prozedura falta dela adieraziz; esan nahi baita, herri administrazioek ez diote prozedurari ekiten eskabide bat aurkezten duten pertsonei dagokienez edo ez dute behar bezala izapidetzen manuzko espedientea edo ez dute osatzen ebatzia eta jakinarazia izan arte legezkoa den administrazio prozedura. Gauzak horrela, administrazio prozedurari buruzko Legearen ez-betetzearen barruan sar daitezkeen kasuak honako hauek guztiak dira: administrazio isiltasuna, udal artxiboetako informazioaren eskuragarritasun falta horretarako arrazoirik eman gabe, organo eskudunek eman beharreko ebazpen falta (espedientearen manuzko izapidetzea ere falta delarik), espedienteak eskuratzeko beren-beregi emandako ukoak eta abar.
Aipatutako alderdien adibide gisa, zenbait herri administraziori zuzendutako gomendioetariko batzuk aipatu behar ditugu. Horietan agerian jarri eta azpimarratu nahi da ez dela legezkotasun formala betetzen; izan ere, aurkeztutako gaiaren muinaren gaineko ez-betetzeak egon daitezkeen arren, beharrezko espedientea berme guzti-guztiekin izapidetzeko ukoak inolako babesik gabe uzten ditu erreklamaziogileak.
Horrela, Arartekoaren 2013ko maiatzaren 15eko Ebazpenaazpimarra dezakegu; ebazpen horren bitartez, Sestaoko Udalari gomendatzen zaio barne dekoratzaile eta diseinatzaileen eskumena aintzatesteko proiektu eta egitasmo zehatz batzuk prestatzeko eta zuzentzeko orduan.
Gomendio horrek argi eta garbi erakusten du zeintzuk diren aipatu ditugun prozedura arazoak; izan ere, kasu honetan udalak alegatu zuen, Bizkaiko Dekoratzaileen Elkargo Ofizialari modu formalean erantzun ez arren, interesdunarekin izandako zenbait elkarrizketatan azaldutakoaren berri zehatza eman zitzaiola. Barne dekoratzaile eta diseinatzaileek jarduera proiektuak prestatzeko eskumena duten kasuei buruzko gaiaz gainera, udalari gomendatu genion, segurtasun juridikoa bermatze aldera, barne prozedurak edota protokoloak zehatz zitzala eta modu egokian manuzko irizpideen berri eman ziezaiela proiektuen informazioan edo tramitazioan inplikatutako udal langileei guztiei, betiere indarreko arautegian eta jurisprudentziaren interpretazioan oinarri hartuz.
Beste alde batetik, honakoa ere gomendatu genion: proiektu zehatz baten erdiespenari eta egitasmoa izenpetu behar duen profesionalaren eskumenari buruzko zalantza edo eztabaida bat azaltzen den bakoitzean, beren-beregiko ebazpena har dadila kasu guztietan, behin udalaren jarrera arrazoitzen duten txosten tekniko eta juridikoak eginda. Sestaoko Udalak ez dio erantzunik eman gomendio horri eta ez du baloraziorik egin; horrenbestez, gure esku-hartzea amaitutzat eman behar izan dugu gure gogoetak ez direla onartuak izan pentsatuz.
Administrazioaren esku dauden artxiboak eskuratzeko sarritan agertzen den arazoari gagozkiolarik, Menagarai-Beotegiko Administrazio Batzari gomendio bat egin genion erreklamaziogileari eskatutako dokumentua eman ziezaion.
Zehatzago, Arartekoaren 2013ko irailaren 25eko Ebazpenaren bitartez, honako gomendio hau egin genuen: kontzejuko presidente-erregidorearen eskariz kexa aurkeztu zuen auzokidearen sinaduraren inguruan egindako txosten grafologikoa entregatzeko gomendioa, hain zuzen ere, txosten hori erakunde administratiboaren artxiboetan baitzegoen.
Aurrekoari lotuta, kasu honetan presidente-erregidoreak bere funtzioen mugak gainditu zituela egiaztatu zen; izan ere, aurkeztutako berraztertze errekurtsoan agertzen zen sinadura erreklamaziogileari zegokion ala ez ziurtatzeko azterketa grafologikoa agindu zuen. Kontzejuak ez zuen errekurtso hori onartu behar bezala arrazoitutako bestelako gaiak izan zirela eta; horrenbestez, ez zegoen legezko arrazoirik adituen txosten hori agintzeko, ez baitzegokion inola ere interes publikoaren defentsari. Gainera, sinaduraren egiazkotasunari buruzko “zalantzarik egonez gero, auzia honela konpondu behar zen: beharrezko lege izapidea abian jarriz; izan ere, interesdunak berak egiaztatu zuen agiria berea zela, hau da, dokumentu hori berak izenpetu zuelako borondate zalantzagabea adierazi zuen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70.1.d artikulua).
2.2. Udal erroldaren kudeaketa
Sarreran nabarmendu dugun legez, udalerri batean bizi diren pertsona guztien eskubidea nahiz betebeharra denari buruz izapidetzen ditugun kexen kopuruak bere horretan dirau; are gehiago, auzia hazi dela esan beharra dago. Kasuistika askotarikoa izanagatik ere, adieraz dezakegu izapidetutako kexen multzorik garrantzitsuenak bazterketa arriskuan dauden pertsonei eragiten diela, hala nola immigranteei, ijitoen etniako pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta abar. Memoria honen beharrezko ataletan gaia sakonago jorratzen den arren, hementxe ahaleginduko gara aurkeztu zaizkigun arazorik larrienak zertzelada batez laburbiltzen.
Krisi ekonomiko larria, lan falta handia eta politika publikoaren finantzazioaren murrizketak izaten ari diren une honetan, biztanleen erroldan alta hartuta egotea aurreneko beharkizuna da oinarrizko gizarte baliabideak eskuratu ahal izateko. Udalek gai horretan esku hartzeko dituzten mekanismoak bakar-bakarrik zuzendu behar dira erregistro horrek udalerriko auzokideak zehatz-mehatz islatzea lortzeko.
Horixe da udalek esku hartzeko duten testuingurua; hortaz, ez da bidezkoa biztanleen erroldak dauka helburu bakarrari men egiteko egokiak ez diren edo xede horretatik aldatzen diren betekizunak eskatzea; izan ere, erroldaren xedea da zehaztea ea pertsona bat bizi den ala ez erroldatzea eskatu duen udalerrian.
Izapidetutako kexei dagokienez, Sestaoko Udalari buruzkoak azpimarratu behar ditugu, bai udal administrazio horren kontra izapidetutako kopuruengatik bai gure gogoetak onartzeko orduan erakutsitako jarreragatik. Zehatzago, Arartekoaren 2013ko irailaren 6ko ebazpenaren bitartez udalari gomendatu genion egiaztatze ahalmenaren egikaritzapenarekin zerikusia zuten zenbait jardun legezkotasunaren arabera egokitzeko; era berean, gomendatu genion erroldan alta emateko ukoak behar bezala arrazoitzeko eta erroldatze gaietan beharrezko jarraibide zehatzak emateko; horren guztiorren helburua honakoa zen: interesdunek bizi diren egoitzan erroldatzeko informazio eta orientazio sinesgarria eskuratzeko eskubidea behar bezala egikaritu ahal izatea, hain zuzen ere. Gomendio hori ez da onartua izan.
Beste alde batetik, Arartekoaren 2013ko azaroaren 21eko ebazpenaren bitartez, Sestaoko Udalari gomendatu genion erreklamaziogileari eta haren familiari urtebete lehenagotik benetan bizi ziren egoitzan erroldatzeko. Aipatutako etxebizitzan izandako gorabeherek, horien barnean etxebizitzaren jabearen aldetik etxebizitza husteko aginduaren ez-betetzeak, ez diote udalari ahalbidetzen egitatezko bidetik jardutea, legez ezarritako izapideei eta prozedurei lotu gabe.Memoria hau prestatzeko unean, oraindik ere ez zaio gomendio honi erantzun, hau da, udalak ez du erantzunik eman erakunde honen gogoetak onartzeko jarrerari buruz.
Azkenik, Bilboko Udalari zuzendutako Arartekoaren maiatzaren 9ko ebazpena nabarmendu behar da; ebazpen horretan ondorioztatu genuen udalerrian egoitza aldatzeari dagokion jakinarazpenaren eragin data eskabidearen aurkezpen egunari egokitu behar zaiola, nahiz eta udaltzaingoaren txostenaren bitartez edo bestelako bideen bitartez eskatutako helbidearen benetako egoitzaren gaineko egiaztapenen bat egin beharra egon. Udalak irizpide hori onartu du; halaber, zehaztu du herritarrak artatzeko bulegoetan beharrezko jarraibideak emango dituela, pertsona bat espedienteren bati buruzko interesa azaltzera bertaratzen den bakoitzean (ebatzia izan dena edo izapidetzen ari dena), eskabide eredu bat eskain diezaioten, idatziz interesdunak espedientea eskuratu duela egiaztatu ahal izateko.
2.3. Informazioa eta herritarren parte-hartzea
Gai honi gagozkiolarik, herritarrek jardunbide arazoei eta informazioa eskuratzeko zailtasunei buruzko zenbait kexa aurkezten jarraitu dute Araban; izan ere, herritarrek legezkotasuna betetzeko eskatzen dute, betiere gai publikoetan esku hartzeko duten eskubidea egikarituz. Gai honi buruz eta, zehatzago, kontzejuei men eginez, aurreko urteko memorian aipatu genuen erakunde horiek dituzten gutxieneko egiturak eta baliabideen urritasuna ezin daitezkeela aitzakiak izan Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuei buruzko martxoaren 20ko 11/1995 Foru Arauak ezarritako oinarrizko betebeharrak ez betetzeko. Horrela bada, ezin onartu daiteke auzokideen biltzarrerako deia ez egitea urtebetean, presidenteak lan egiten duelako, edo kontuak ez onartzea arrazoi berberagatik edo erreklamazioei ez erantzutea informatzeko langile gaituak falta direlako. Kontzejuak eta administrazio batzak, gobernu organoak diren aldetik, bete behar dituzten gutxieneko lege betebeharrak konplitzeko bitartekoak jarri behar dituzte.
Kexen beste multzo batek men egiten die zinegotziek edo oposizioko udal taldeek euren kargua egikaritzeari begira beharrezko duten informazioa lortzeko dituzten oztopo eta zailtasunei. Ildo horri jarraituz, Arartekoaren 2013ko martxoaren 14ko ebazpena izapidetu dugu; haren bitartez, Gamiz-Fikako Udalari gomendatzen zaio udal talde bati beharrezko informazioa ematea, udal zeregina garatu ahal izateko eta konfiantzako pertsonaren izendapena berrikusteko. Gomendio hori ez da onartua izan; hala eta guztiz ere, udalak berriki jakinarazi digu izendatutako aholkulari partikularrak kargua uzteko ukoa aurkeztu duela.
Azkenik, Arartekoaren 2013ko martxoaren 6ko ebazpenaazpimarratu nahi dugu; haren bitartez, Gatikako Udalarigomendatzen zaio partikularrei bilkuren grabazioa baimen diezaiela.
Gomendio horretan Konstituzioaren 20. artikuluaren aplikazioa aztertzen dugu; izan ere, ezarpen horrek gogoetak, ideiak, iritziak askatasunez eta ahoz, idatziz edo bestelako erreprodukzio bitartekoaren bidez adierazteko eta zabaltzeko eskubidea onartzen eta babestu du, betiere eskubide horien egikaritza aldez aurretiko inolako zentsurarik gabe mugatu gabe.
Auzitegi Konstituzionalak, jurisprudentzia sendo batean, manu hori interpretatu du ildo honetan: konstituzioaren 20. artikuluaren askatasunak herritar bakoitzaren funtsezko eskubideak izateaz gain, funtsezko instituzio politiko baten onarpen eta bermea dira, iritzi publiko askearen onarpena eta bermea, hain zuzen; izan ere, hori derrigorrean lotzen zaio estatu demokratikoaren funtsezko balioa eta jardunbide betekizuna den pluralismo politikoari (AKren 1998ko otsailaren 15eko 20/1990 epaia).
2.4. Kontratazioa
Herri administrazioek kultura arloa sustatzeko jarduera zabala garatzen dute eta eskuratutako konpromisoak betetzera beharturik daude. Zentzu horretan, Arartekoaren 2013ko abuztuaren 30eko ebazpena izapidetu dugu eta haren bitartez Vitoria-Gasteizko Udalari gomendatzen diogu artista batekin izenpetutako kontratu bati darizkion betebeharrak aintzatetsi ditzan, erakusketa katalogo bat argitara emate aldera. Udalak kontratua betetzeko betebeharra baieztatzen duten txosten tekniko-juridikoak gorabehera, organo eskudunek ez zuten beharrezko erabakia hartu betebeharrak betetzea ahalbidetzeko; gainera, ez da inolako arrazoirik eman jarrera horri eusteko orduan. Gomendioa ez da onartua izan.
2.5. Herri-administrazioen ondarea
Izapidetutako kexek askotariko gaiei heltzen diete, ukitako pertsonen iritziz, administrazioak ondare publikoa babesteko eskumena egikaritzen ez duelako edota titularitate publikoko ondare eskubideei darizkien betebeharrei aurre egiten ez zaielako.
Horrela bada, Arartekoaren 2013ko irailaren 23ko ebazpeneanLaudioko Udalari gomendatzen zaio jabetza pribatu baten sestraren gaineko erabilera publikoari darizkion betebeharrak bere gain har ditzan. Komunitate erreklamaziogileak ez zituen jabe pribatuen betebeharrak eztabaidatu nahi ondasun pribatuei zegokienez; izan ere, kolokan jartzen zuen espazio pribatuaren erabilera publikoari zegozkion betebeharrak ere bere gain hartzea, haren titularitatea udalarena baitzen, erakunde horrek zeukan aprobetxamendu publikoaren ondorioz. Gomendioa ez da onartua izan.
Beste alde batetik, Santurtziko Udalari ere gomendio bat zuzendu diogu baimenik gabeko terraza baten instalazioa berehalakoan ken dezan, gai horri buruzko udal ordenantza arautzailea betetzen ez duelako (Arartekoaren 2013ko azaroaren 19ko ebazpena). Udalaren erantzunaren zain gaude.
Azkenik, zehaztu beharra dago herritarrek kexak aurkezten jarraitzen dutela herri bideak behar adina babesten ez direlako. Zentzu horretan, Arartekoaren 2013ko martxoaren 8ko ebazpen bidez, Artziniegako Udalari eskatu diogu herri bide baten mugak ezartzeko, bidea berritzeko eta berreskuratzeko espedientea ahalik denik eta lasterren izapide dezala. Udalak ez dio Arartekoaren gomendio horri erantzun eta ez du inola ere baloratu; horrenbestez, gure esku-hartzea amaitutzat eman dugu, gomendioa ez dela onartua izan ondorioztatuz.
2.6. Ondare erantzukizuna
Honako hau berriro ere herritarren aldetik kexa kopuru handia eragin duen gai bat izan da; era berean, gure esku-hartzea eskatzeko arrazoiak eta funtsak ere ez dira oso berriak, aurreko ekitaldietakoekin alderatuz gero. Horrela bada, espedienteen sortan oso ohikoa izaten da egindako erreklamazioak epearen barruan ez ebazteko kasuak, hau da, tramitazioan izaten den berandutza (nahi baino gehiagotan gertatzen dena eta, zalantzarik gabe, herritarrek herri administrazioekin dituzten harremanen funtsezko eskubide bati eragiten diona, hau da, euren asmoei buruzko administrazio erabakiak arrazoizko epe baten barruan ezagutzea); era berean, ohikoak izan dira emandako ebazpenekin izandako desadostasunen eta gorabeheren ondorioak sortutako espedienteak.
Hori bai, herri administrazioek izapidetutako erreklamazioa behar bezala baloratzeko betebeharra konplitzen dutenean, ondorioak beharbada ez dira bat etorriko kexa aurkeztu duten pertsonen asmoekin, prozeduran oso-osorik egiaztatu ez delako egindako kaltearen eta herri administrazioaren jarduketaren arteko kausalitate erlazioa.
2.7. Tokiko zerbitzu publikoak
Aurten ere jarraitu dugu Gipuzkoan kexak edota kontsultak jasotzen, zenbait udaletan etxeko hondakinak jasotzeko sistema berria (“atez ate” izenekoa) ezarri dela eta. Aurreko ekitaldian bezala, guregana jo duten pertsonek azaldu dituzten kezkak edo desadostasunak hurrengo gai hauei buruzkoak izan dira: bilketa sistema zehazteko udal eskumena; komunitateei zortasunak ezartzeko aukera, esate baterako espazio pribatuetan edo fatxadetan zutoinak jartzea; erabiltzaileek pribatutasunerako duten eskubidearen balizko urraketa, eta abar.
Gai berezi honen inguruan, nabarmentzekoak dira sistema hauen ezarpenaren kontrako zenbait plataformak aurkeztutako kexak. Memoria hau amaitutzat emateko orduan, kexa horietariko batzuk izapidetzen ari diren arren, gure esku-hartzea bukatutzat eman dugu atez ateko sistemaren kontra azaldu den Legazpiko Herritarren Plataformakaurkeztutako kexaren auzia. Plataformak sistema horren ezarpena zalantzan jartzen zuen, baldin eta ukitutako auzokiderik gehienen borondatea kontuan hartzen ez bazen eta prozesuaren hasieratik parte hartzeko prozedura osoa abiarazten ez bazen.
Horrela, Arartekoaren 2013ko maiatzaren 6ko ebazpenean ondorioztatu genuen Legazpiko Udalak hondakinen gaikako bilketa egiteko egokitzat jotzen duen sistema ezartzeko eskumena duela, baina ezarritako helburuak betetzeko beharrezkoa dela jarduketa aurrera eraman behar duten herritarren inplikazioa. Horrenbestez, Legazpiko Udalari proposatu genion adostasun politika baten buru jardun zezala, sortutako gatazka egoera gainditzeko, eta herritarren kezka hondakinen gaikako bilketa maila handiagoak lortzera bidera zezala, nahiz eta horretarako hasieran onetsitako sistema berrikusi.
Beste alde batetik, tokiko zerbitzu publikoak emateko baldintzen barruan, Lasarte-Oriako Udalarihurrengo gomendio hau egin diogu: udal kiroldegia irisgarritasunari eta erabiltzaileen diskriminaziorik ezari buruz indarrean dagoen legeriara egokitzeko beharrezko obra proiektuaren prestaketa lehenesteko gomendioa, hain zuzen; horrela, udalak berritze lan horiei buruzko kuantifikazio ekonomiko zehatza izango du egokitzapen lan horiek beharrezko programazioan sartu ahal izateko. Halaber, irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarritako edukiarekin bat etorriz, udalerriko irisgarritasun plangintza berrikusteko, eguneratzeko eta osatzeko eskatu genion, betiere eraikin publikoen beharrezko egokitzapenak aurrera eramateko lehentasunak eta burutzapen egutegia finkatuz (Arartekoaren 2013ko azaroaren 13ko ebazpena).
3.Ofiziozko jarduerak
Arabako Lurralde Historikoko hirugarren sektoreko irabazi-asmorik gabeko zenbait elkarterekin izandako bileren markoan, ofiziozko jarduketa bati ekin diogu Arabako Foru Aldundiko Ongizate Institutuaren aurrean, kontaktatutako erakundeen iritziz, beren jarduera garatzeko eta ekitaldi bakoitzerako programatutako proiektuak betetzeko dituzten zailtasunak direla eta. Azaldutako problematika Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen aplikazioaren eremuan kokatu beharra dago.
Gizarteari zenbait zerbitzu emateko sustapen eta lankidetza jarduera funtsezkoa da eta elkarteek azaldu dizkiguten arazoetariko batzuk Arartekoaren arretagune izan dira aspalditik. Horren erakusgarri, hona hemen gomendio hau: “Gizarte eremuan lan egiten duten elkarteentzako erakunde laguntzaren bideak eta prozedurak hobetzeko premia” (2005eko txostena). Honako hau ere Eusko Legebiltzarrari 2008an zuzendutako aparteko txosten baten gaia izan zen; txoten horren izenburua hurrengoa izan zen: “Gizarte Esku-hartzearen hirugarren sektorearen lan baldintzak”.
Memoria hau prestatzeko orduan, erreferentziazko espedientea izapidetzen ari da, betiere foru administrazioaren erantzuna aztertu eta gure balorazioa emateko zain.
4.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Aurreko ataletan egiaztatu ahal izan den bezala, herritarrek arlo honetan aurkezten dituzten gaiak askotarikoak izan daitezke; hala eta guztiz ere, esan beharra dago ez dagoela berrikuntza handirik aurreko urteetako memorietan azaldutako gaiei dagokienez.
Laburpen honi ekingo diogu honakoa aipatuz: herritarren eskubideak egikaritzeko, garrantzi handi-handikoa dela herri administrazioek modu arbitrarioan ez jardutea, baizik eta aurkeztutako eskabideak beharrezko administrazio espedientearen bitartez izapidetzea eta bertan administrazioaren erabakia arrazoitzen duten izapideak eta txostenak jasotzea. Horrela, aipatu beharra dago, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 53, 54 eta 55. artikuluei jarraiki, administrazio egintzak ezarritako prozedurari lotuko zaizkiola eta arrazoiturik emango direla, idatziz zuzenbide oinarriak eta gertakariak labur eta zehatz azalduz. Eskatutako edukiari buruzko desadostasunak daudenean edo administrazioak eskatutakoari men egiteko asmorik ez duenean, funtsezkoa da forma zaintzea, betiere ukitako pertsonek beren eskubidearen araberako erabakiak hartu ahal izateko.
Beste alde batetik, udal erakundeen eremuan (bertan azaldu ohi dira gai honi buruzko kexarik gehienak), Toki Erakundeetako Antolakuntza eta Jardunbideari buruzko Araudiak (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua) definitzen du zer den espediente bat eta zein den hori izapidetzeko jarraitu beharreko prozedura. Horrela, araudi horrek ezartzen du espedientea administrazio ebazpenaren aurrekari eta oinarri gisa erabiltzen diren agirien eta jarduketen multzo ordenatua dela, bai eta ebazpena betearaztera bideratutako diligentziak ere (164.1. artikulua). Beste alde batetik, araudiaren 172. artikuluak ezartzen du administrazio espedienteak izapidetu behar dituen bulegoko buruak informatuko dituela, bere irizpidea oinarritzeko legezko edo arauzko aurrekari eta xedapenak azalduz.
Hori guztia ezinbesteko bermea da herritarrek eskabide izapidetu baten ezespena oinarritzeko zuzenbide oinarrien berri izan dezaten; horrek eta eraz egindako idatzizko jakinarazpenak interesdunari ahalbidetzen diote administrazio jarduketa baloratzea eta legezko argudioak kontrajartzea ebazpenaren inguruko desadostasunik izanez gero.
Beste alde batetik, espediente horiei hasierako emateko, interesdunaren eskabide edo eskaera behar da. Horrek zenbaitetan azaltzen den problematika azaltzera garamatza; izan ere, batzuetan pertsona bat administrazio batera bertaratzen da eta bertan ahoz azaltzen zaio ez dituela betetzen bere asmoak aurrera eramateko beharrezko baldintzak. Egoera hori ohikoa izaten da alta biztanleen udal erroldan eskatzen den kasuetan. Horri buruz honakoa azpimarratu nahi dugu: biztanleen erroldako arduradunek edo herritarrak artatzeko bulegoek erroldan alta hartzeko eskabide bat jasotzen dutenean eta horri ezin diotenean une horretan bertan erantzun, kasu guztietan eskatu beharko dute eskabidea idatziz egiteko, betiere beharrezko administrazio tramitazioa haste aldera, interesdunei jarraitu beharreko beharkizunak edo izapideak modu egokian jakinaraziz. Gai honi buruz, berriro ere nabarmendu behar dugu zerbitzu publikoen jardunbide zuzena funtsezkoa dela, administrazio erregistro horretako inskripzioa eta oinarrizko zerbitzu publikoak eskuratzeko benetako egoitzaren antzinatasuna egiaztatzeak daukan garrantziagatik.
Aurrekoari lotuta, ezin ahantz dezakegu herritarrek, beren eskubideak egikaritzea errazte aldera, betebehar juridiko eta teknikoen gaineko informazio eta orientazio sinesgarria eskuratzeko eskubidea dutela, egin nahi dituzten eskabideei ezartzen zaizkien indarreko xedapenei dagokienez (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35 g-i artikulua).
Zentzu horretan, gure gomendioetariko batzuk barne protokoloak eta jarraibideak hobetzera bideratu dira, betiere interesdunak prozedura desberdinetan artatzen dituzten administrazio unitateetako arduradunek legerian oinarri hartzen duen informazio sinesgarria eman dezaten. Horren inguruan, zehaztu dugu ez dela onargarria agintaritza eskudunak nahiz teknikari arduradunek ukitutako pertsonei ematen dieten informazioa ahozko agindu edo irizpideetan oinarritzea, are gutxiago aginduok edo irizpideok saihestu nahi den arauaren interpretazio egiaztatu batetik aldatzen badira.
Gai honen inguruan eta aurrekoari lotuz, gardentasunari, informazioaren eskuragarritasunari eta gobernu egokiari buruzko azaroaren 9ko 19/2013 Legearen onespena aipatu behar dugu; izan ere, lanabes berri horrek gaur egun baino gehiago erraztuko du arduradun publikoen jarduna herritarren azterketaren pean jartzea haiei dagozkien erabakiak hartzean. Lege horrek arduradun publiko guztien jarduna (baita goi karguena ere) eraendu behar duten gobernu egokiaren printzipio etikoak ezartzen ditu; horrela bada, ez-betetzerik egonez gero, bidezko zigorra jasoko dute. Zentzu horretan, ez-betetzeen kasuen artean nabarmendu behar dira herritarrei kalte egiten dieten ez-legezko erabakiak hartzea eta ez-legezko txostenak izenpetzea.
Ildo horri jarraituz eta une honetan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea egikaritzeko 30/1992 Legea izan arren (bai eta beste lege sektorial batzuk), lege berri horrek oztopo garrantzitsuak kentzeko salto handia eragin dezake, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen egikaritzapenari dagokionez. Horrela, beste aurrerapen batzuen artean, azpimarratzekoa da eskubide hori pertsona guztiei egokituko zaiela eta egikaritu ahal izango dutela eskabidea arrazoitzeko betebeharrik gabe; hala eta guztiz ere, hori guztia ez da oztopo izango babesteko moduko bestelako interesengatiko arauzko mugak ezartzeko. Ukitutako pertsonek aurkeztutako informazio eskabideen arrazoiketa falta herri administrazioek erabili ohi duten arrazoietariko bat izaten da dokumentazio zehatzak eskuratzeko eskabidea ukatzeko.
Azkenik, lege horren hirugarren alderdiak, izenburuan bertan aipatzen den bezala, gardentasunari egiten dio men, hau da, informazio aktiboa izenekoari; herri administrazioek informazio hori argitara emateko betebeharra dute, labur bada ere. Herri administrazio askok gai honetan egin dute aurrera, webguneak dituzte eta halakoetan informazio zabala eskaintzen dute bai erakundeari buruz bai aurrera eramaten duten zereginari buruz. Gauzak horrela, administrazio horiek legezko betebeharrei hartu diete aurre; hala eta guztiz ere, beste batzuek ahalegin garrantzitsuak egin behar izango dituzte legezkotasun berrira egokitzeko. Hori dela eta, urtebetetik bi urtera bitarteko epe iragankorra ezarri da. Araua oso-osorik indarrean sartzen denean, interesdunek gaur egun eskuragarri ez dagoen informazioa zuzenean eskuratu ahal izango dute, eskatzeko eta interesa arrazoitzeko betebeharrik gabe.
Beste ikuspegi batetik, korporazio bateko kideek informazioa eskuratzeko duten eskubidea ere aipatu behar dugu; izan ere, zinegotziek beren zeregina garatzeko beharrezko informazioa eskuratzeko eskubidea dute, nahiz eta batzuetan udalen jardunean mugak egon, eskatutakoari erantzunik ez emateko teknikaren bitartez. Toki Erakundeetako Antolakuntza eta Jardunbideari buruzko Araudiaren 14. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, administrazioaren isiltasunaren bitartez eman dela ulertuko da, baldin eta bost eguneko epean uko egiteko ebazpen edo erabakirik ematen ez bada, betiere eskaeraren egunetik zenbatzen hasita.
Azkenik, herritarren partaidetzari men egin behar diogu, bai eta horrek bete beharreko zeregin aktiboari ere, baldin eta ezarri nahi diren politika publiko guztien emaitzak bermatu nahi badira. Hondakinen gaikako bilketari buruzko gaiak beste edozein proiektuk baino hobeto islatzen du ideia nagusi hori; izan ere, egitasmo gutxitan ikusi ahal izango dugu udalerri bateko herritar guztien inplikazio zuzen eta gogotsuagorik, baldin eta gaikako bilketaren maila egokiak bermatuko badira. Hartutako erabakiak udalerriko pertsona guztiak ukitzen ditu zuzenean, guzti-guztiek hondakinak sortzen baitituzte; Beraz, erronka da herritar guztiak inplikaturik egotea aurreikusitako sistemaren ezarpenaren emaitzak egitasmoaren helburuen neurrikoak izan daitezen. Horrenbestez, gure iritziz, hondakinen gaikako bilketa sistema bat ezartzeko proiektu guztiek arrakastatsuak izateko berme gehiago izango dituzte, baldin eta adostasunik zabalena lortzen badute zeregin hori aurrera eraman behar duten auzokideen artean.
12.Osasuna
1.Arloa kopurutan
Aurten arlo honetan 84 kexa-espediente kudeatu dira. Kexa horiek azpiarlotan sailkatu dira:
– Erabiltzaileen eskubideak 44
– Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 11
– Osasun laguntza 10
– Itxaron zerrendak 9
– Herritarren eskubideak 4
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 4
– Beste alderdi batzuk 2
Hauxe da arloko estatistika-informazioa abenduaren 31n.
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
101 | 23 | 67 | 36 | 24 | 7 | 11 |
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Farmazia prestazioak
Arlo honetan jasotako kexen kopuru handi batek osasunaren babeserako eskubidearen funtsezko alderdietan gertatutako aldaketarekin zerikusirik izan du berriro ere: Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa.
Gehienak zenbait prestaziotarako, prestazio farmazeutikorako besteak beste, xedatutako ekarpen berriarekin lotuta egon dira.
Esparru horretan, sendagai bat emateari buruzko kasu batean, sindrome lehor larria (Lyell sindromearen bigarren mailakoa) daukan pertsona baten gurasoek VISCOFRESH sendagairako bisa jasotzeko eskaera bat aurkeztu zuten. Sendagai hori finantzaketa publikotik kanpo dago Sjögren sindromea daukaten gaixoen begietako lehortasuna arintzeko izan ezik (Osasun eta Farmazia Sistema Nazionalaren Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiaren 2012ko abuztuaren 2ko ebazpena; horren bitartez, Osasun Sistema Nazionalean prestazio farmazeutikotik kanpo geratzen diren sendagaien zerrenda eguneratzen da).
Pertsona horren eta Sjögren sindromea daukatenen patologiaren artean elementu bereizgarririk ez badago, tratu desberdina ez dago justifikatuta.
Gure balorazioa Arartekoaren irailaren 25eko ebazpenean jaso da. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarigomendatzen zaio gaixo bati sendagai baten finantzazioari begira emandako ukoa berrikusteko; izan ere, gaixo horren benetako premia bestelako patologia batean kontuan hartu den berbera da eta azken hori finantzatu egiten da.
Gomendio horri ez diote jaramonik egin. Erabaki hori babesteko, sendagaiak finantzaketa publikora gehitzeko eskumenik ez daukatela argudiatu dute, baina, gure ustez, horrek egon daitezkeen beste bide batzuk alboratzen ditu, esate baterako, bermeei eta sendagaiak eta osasun-produktuak zentzuz erabiltzeari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legean xedatutako bidea bera, izan ere, horri esker, Osasun Sailak proposamen bat egin diezaioke Osasun Sistema Nazionalaren Farmazia Batzordeari. Nolanahi ere, Estatuko Herriaren Defendatzaileari proposatu diogu Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari gaur egungo irizpidea, patologia batean oinarritutakoa, aldatzeko aukera proposatzea azter dezala, egiaztatuta dagoenean Viscofresh sendagaia gaixoen benetako osasun-premiei egokitu ahal izateko.
2.2. Erabiltzaileen eskubideak
Iaz adingabe atzerritar batek osasun-txartela lortzeko izan zuen arazoaren berri eman genuen. Kexaren jatorria osasun-txartela ukatzea izan zen, gure ustez oinarririk ez zuten arrazoiengatik. Egin genuen balorazioa Arartekoaren 2012ko maiatzaren 28ko ebazpenean jaso da. Horren bidez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari gomendatzen zaio eskolatzeko asmoz aldi baterako egonaldian dagoen adingabe atzerritar bati osasun laguntza onar diezaioten.
Horren ondoren lege-aldaketa bat egon zen, gaiaren hainbat alderdi garrantzitsutan eragina duena (norbait aseguratuta dagoela aitortzeko administrazio eskuduna, orain GSIN) baina mamian eraginik ez duena, aurreko egoera, 18 urte baino gutxiagoko atzerritar guztiei osasun laguntzarako eskubidea onartzen ziena, mantentzen baita.
Aurten aldi baterako adingabe atzerritar bat hartu duen familia batek aurkeztutako kexa berdin bat jaso dugu, GSINek ez diolako adingabeari osasun laguntza espainolen baldintza beretan jasotzeko eskubidea aitortu (maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa, 3 ter artikuluan).
Aurrekoa gorabehera, Osasun Sailarekin egindako kudeaketei esker Osakidetzaren aurrean lehenago hasi zen laguntza-prozesuaren jarraipena bideratu da.
Pertsona bat aseguratuta dagoela aitortzeko administrazio eskudunarekin orobat lotuta dagoen beste gai batean, kexa batek adierazi zuen zergen inguruko zenbait datu haren osasun-txartel indibidualean jasota zeuden moduarekin ados ez zegoela. Zehazki, pentsiodun gisa zeukan koordainketa farmazeutikoko koefizientea berrikusteko eskatu zuen.
Pertsona horri jakinarazi genion erregulazio berriarekin bat eginez aseguratu edo onuraduna dela aitortzea eta ekarpenak egitea GSINi dagokiola eta aitorpen hori apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzetan egiten dela.
Era berean, esan genion GSINek aitortu eta gero Osasun Sailak laguntzarako eskubidea zein eskubide farmazeutikoa eraginkorrak egiten dituela, estatuko erakunde horrek onartutako baldintzetan.
Pertsona hori Arartekoarekin harremanetan jarri zen berriro azaltzeko GSINek jakinarazi ziola mahai gainean jarri zuen gaia erantzuteko eskumenik ez daukala (jakinarazpen hori erantsi zuen).
Gaineratu dezakegu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu digula arrazoi teknikoengatik ezingo luketela esku hartu gaiaren mamiaren inguruan interesdunaren eskaera baiestea egokia dela uste izango balute.
Kontuan hartuz ehunekoa jasotzen duen ekarpen-kodean eragina izan dezakeen edozein alderdi GSINen adierazi behar dela eta erakunde hori, Estatuko Administrazioaren menpe dagoenez, gure eskumenetatik kanpo geratzen dela, jardun horiek estatuko gure homologoari helarazi genizkion.
Atal honetan, kokleako inplanteen kanpoko osagaiak berritzearen egoera mahai gainean jarri da, inplantea sistema publikoan egin ez den kasuetan. Zehazki, gure iritziaren pean jarri den auzia ez dago berez kokleako inplantearekin lotuta, horren osagaiak berritzearekin baizik. Egoera hori finantziazio publikotik kanpo geratzen da, Aseguramendu eta Kontratazio Zuzendaritzaren 2/2011 Zuzentarauak, kanpoko osagaiak berritzeari buruzkoak, aurreikusten duenaren arabera.
Finantziazioa onartzeak bereizkeriari atea irekitzen zaiola pentsaraz dezake, izan ere zentro pribatu batean interbentzioa ordaindu dezakeen norbaiten alde egingo litzateke, eta modu horretan arreta azkarrago bat lortuko luke, nahiz eta hobea ez izan. Osakidetzan diagnostikatutako adingabeak diren arren, bereizkeria hori begi-bistakoa izango litzateke inplantearen gastuen itzulera proposatuko balitz. Baina proposatzen dena osagaiak sistema publikoan berritzeko aukerari atea ez ixtea denez, gure iritziz, kasuari beste modu batean hel dakioke.
Aukera hori proposatzean, kontuan hartu dugu interesdunen egoera alda daitekeela, hau da, inplantea egin zen unekoaren desberdina izan daitekeela, eta, nahiz eta une batean inplantea finantzatzeko gai izan, hori egiteko moduan ez egotea hurrengo batean, osagaiak berritu behar direnean alegia. Aintzat hartu beharreko alderdi bat da hori, bi urte geroago berritu behar diren elementuak direla kontuan hartuta.
Kontuan hartu dugu inplantearen diagnostikoa kasu horietan sistema publikoan egin dela, nahiz eta ondoren zentro pribatu batean egin den, baita teknikoki bateragarria dirudiela ere, hau da, modu pribatuan egindako inplantea sistema publikoan egingo zenaren berdina dela. Alderdi biak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, batez ere lehena, zeren eta prestazio publikoen ikuspuntutik sistema publikoko fakultatibo batek agindu zuen prestazio bat baita.
Ekarpen berriari buruzko kexek mahai gainean jarri duten alderdi garrantzitsu bat gaixo kronikoek eta pentsiodunek, besteak beste, jasan beharko duten kostuarekin lotuta dago. Haien egoera ekonomiko estuaren ondorioz, egoera jakin batzuetan benetako zailtasun batek zenbait pertsonek prestazio farmazeutikoak eskuratzeko dituzten aukerak baldintzatu ditzake.
Kexa horiek izapidetu bitartean, administrazioak horrelako egoerei aurre egiteko neurriak prestatu zituen. Neurri horiek azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuan, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoan, gauzatu dira.
Iaz ezgaitasunen bat duen pertsona baten gurasoek mahai gainean jarritako egoera aipatu genuen. Esku-hartze odontologiko baterako laguntza ukatu zioten, eta kexan osasun arloetan tratu desberdin bat eta pertsona horien premien inguruko gaur egungo xedapenen egokitasuna adierazi zituzten.
Gai horri behin eta berriz ekin diogun arren, ezgaitasunen bat duten pertsonei egiten zaizkien enpasteetarako, ortodontzietarako edo bestelako esku-hartzeetarako laguntzan egon daitekeen tratu desberdinari buruzko kexaren alderdia erantzunik gabe geratu da. Beraz, ez dakigu lantzen ari den hortz-asistentziari buruzko dekretu-proiektuan horri helduko dioten. Espero dugu, berrikusi eta gero, ezgaitasun intelektuala duten EAEko pertsonek euren zailtasunak gainditzeko laguntza jaso ahal izatea.
Lagunduriko ugalketa-tratamenduetarako (LUT) sarbideari buruzko kexa berriak jaso ditugu. Batzuek adierazi dute ez daudela ados sartzeko irizpideetan xedatutako adinaren betekizunarekin eta frogek obulutegien erreserba on bat agerian uzten ez bazuten zikloen kopurua murriztearekin.
Beste batean mahai gainean jarri zen Gurutzetako Ospitalean azterketa egin eta gero 6 hilabetez itxaron behar zela zentro pribatu batera ezarpenaren aurretiko diagnostikoa egitera joateko baimena lortzeko. Azkenean, arazoa baimena emanez bideratu zen.
Kexa batzuek erakutsi digute izapide jakin batzuk bideratzeko xedatuta dauden hainbat prozedurak ez dituztela zenbait eskubide aintzat hartzen. Horrela, osasun laguntzaren fakturazioa dela-eta, pertsona bati hirugarren batek eragindako lesioen ondorioz eman zioten laguntzaren zenbatekoa ordaintzeko eskatu zioten. Egindako azterketa eta gure gomendioa Arartekoaren 2013ko abenduaren 10eko ebazpenean jasota daude. Horren bidez, aseguratutako gaixo bati egindako faktura berrikus dadin gomendatzen da.
Historia klinikoa eskuratzeari dagokionez, zenbait kexek mahai gainean jarri dute haien ustez murriztapenak direnak.
Historia klinikoa eskuratzeko eskubidea, araudiak jasotakoa, ez da eskubide absolutu bat, baizik eta muga batzuk ditu. Sarbide hori mugatzeko erabakiak, legez ezarritako mugetan oinarritutakoak, aipatutako sarbidearen ukapena justifikatzen duen legeak xedatutako kasu zehatzen azterketa eskatuko lioke Osakidetzari. Zenbait kexa-espedientetan azterketa hori modu horretan egin ez dela egiaztatu da.
Egindako azterketa Arartekoaren azaroaren 5eko 9/2013 Gomendio Orokorrean jaso da. Dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskabideak ebazterakoan oinarritzat hartzen diren irizpideak egokitzea.
Osakidetzak gomendio horretan jasotako gogoetekin ados dagoela jakinarazi digu, baina ohar subjektiboen inguruko mugari dagokionez, betetzeko beharrezkoak diren ahalegin guztiak egiteko asmotik abiatuta, betetzeak ekar dezakeen konplexutasuna nabarmendu dute. Gomendio horren edukia modurik egokienean ezartzeko, Osakidetzak Dokumentazio Klinikoaren Batzordea bilduko duela jakinarazi digu.
2.3. Osasun laguntza
Osasun laguntzari buruzko atal honetan ohikoa izaten da Osakidetzaren jarduera zabar bati buruzko iritziak helaraztea.
Hasiera batean, kontu tekniko medikoak direnez, ezin ditugu pertsona horiek salatzen dituzten prozesu medikoak baloratu. Halakoetan, gure muga jakinarazteaz gain, bide batez, jardute oker baten eta hasiera bateko diagnosia eta ondoren zuzena dena ezberdinak izatearen arteko aldea azaltzen dugu, eta, nolanahi ere, erabil dezaketen ondare-erantzukizuneko bidearen berri ematen dugu.
2.4. Itxaron zerrendak
Itxaron zerrendei buruzko atal honen barruan zenbatutako kexen zati bat osasun laguntzaren atalean jaso zitekeen, itxaronaldiarengatik jaso genituen batzuk larrialdietako gertakariekin batera patologia mingarriak pairatzen zituzten gaixoenak baitziren.
Aurreko urteetan bezalaxe, itxaronaldi estandarra gainditu duten kexak funtsatutzat jo ditugu.
Kexa askoren elementu komuna esku-hartzeko aurreikuspena izan zitekeenaren inguruko informazio falta izan dela antzeman dugu berriro ere, zegokien arreta-zerbitzura jo zuten arren.
Kexaren alderdi hori garrantzitsua da, eta esku-hartze baten zain dagoenaren ziurgabetasuna murrizten duen informazio-maila bat egon beharko litzateke. Garrantzitsua deritzogu data orientagarri bat eskaintzeko aukera aztertzeari.
2.5. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honen barruan osasun-txartel indibidualak berritzean egondako atzerapena hizpide zuten zenbait kexa koka ditzakegu. Kexa horiek prestazio farmazeutikoaren ekarpen berriari buruzko xedapenak (apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua) aplikatzearen testuinguruan kokatzen dira. Zehazki, Osasun Sailak jakinarazi digu OTI kopuru handia jaulkitzeko beharrak eskatu duen ardurak pertsona askori egiaztapen berria ohikoa baino epe luzeagoan ematea eragin duela.
Denbora horretan behin-behineko txartelak eman dizkiete eragindakoei, baina kontuan izan behar da bitartean erabiltzaileek ezin izan zutela Interneten bidez balia litzaketen zerbitzuak (adib., hitzorduak) erabili, hain zuzen ere behin betiko OTIrik ez edukitzeagatik.
Funtzionamenduari buruzko atal honetan lehen mailako arretan hitzordua emateko egon diren atzerapenak koka ditzakegu. Kexetako batek ohiko itxaronaldiak 7 egunekoak izaten direla adierazi du.
Osakidetzaren erantzunaren arabera kasu horretan mahai gainean jarritako arazoaren funtsezko faktore bat esleitutako fakultatiboaren agenda bera zen arren, uste dugu neurririk hartu ezean atzerapenek iraungo dutela, eta, logikoki, pentsatu behar da ez diotela bakarrik pertsona horri eragingo. Horregatik, atzerapenei dagokienez, hau da, kexak hizpide dituen itxaronaldiei (7 egun ohikoak dira hitzordu arrunt baterako) dagokienez, murrizteko irtenbideak bilatu behar dira.
Administrazio korporatiboaren esparruan, zehazki profesionalen elkargoen funtzionamenduaren eremuan, aurkeztutako salaketei berariazko erantzunik eman ez dietela adierazi da. Profesionalen elkargoak erakunde pribatuak diren arren, haien jardueraren zati bat botere publikoen jarduna zuzentzen duten printzipio beren menpe daude; besteak beste, euren eskumenen barruan jasotzen dituzten eskaerei edo erreklamazioei erantzuteko betebeharra. Horregatik, gure jarduna ez da haien balorazioak berrikustera bideratu, baizik eta haien salaketak ezarritako prozedurarekin bat eginez, hau da, berariazko erantzun bat emanez, izapidetzen direla sustatzera.
Ekitaldi honetan kexa berriak jaso ditugunez, ondare-erantzukizuneko espedienteen ebazpenean egondako atzerapenak mahai gainean jarri dituztenak aipatu behar ditugu. Espediente horien azterketak eta izapidetzeak izan dezaketen konplexutasunaz jakitun gara, baina, ordenamenduan xedatutako epea nabarmen gainditu denez, aipatu egin behar dugu.
3.Araudi-testuingurua
Apirilaren 20ko Errege Lege Dekretuaren onarpenak osasun laguntza publikorako eskubidearen funtsezko alderdiak aldatu ditu; besteak beste, aseguratuaren izaera berria, zenbait talde horretatik kanpo utzi baitira, eta onuradunek prestazioen finantzaketan parte hartzea.
Autonomiako ondorengo araudia, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoekainaren 26ko 114/2012 Dekretua, haren esparruan aseguratu izateko eta finantzaketan parte hartzeko betekizunak egokitzeko onartutakoa, kautelaz eten zen estatuak jarritako eskumen-gatazka positiboaren ondorio gisa, laguntza publikoa eskuratzeko eskubidearen esparru subjektiboa zabaltzeari buruzko 2012ko abenduaren 13ko Konstituzio Auzitegiaren autoak etetetik salbuetsitako artikuluetan izan ezik.
Aipatutako Konstituzio Auzitegiaren 2012ko abenduaren 13ko autoan egindako gogoeten testuinguruan, uste genuen gure autonomia erkidegoan 16/2012 Errege Lege Dekretuaren babesean aseguratuak edo osasun publikoaren onuradunak ez diren taldeek modu normalizatuan osasunerako sarbidea edukitzeko bidea irekita zegoela. Beraz, 114/2012 Dekretuak arreta jasotzeko eskatzen zuen betekizuna, urtebetez erroldatuta egotea, egokitu zitekeen.
Osasuneko sailburuaren 2013ko uztailaren 4ko agindua –Osasun Sistema Nazionalean aseguratu edo onuradun ez diren pertsonei Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-asistentzia aitortzeko prozedura ezartzen duena, eta identifikazio-dokumentua eta hori emateko prozedura arautzen dituena– onartu denean, ikusi dugu 114/2012 Dekretuak xedatutako betekizun hori, urtebetez erroldatuta egotea, mantendu dela.
Lehen adierazi dugunez, uste genuen beste modu batean jardun zitekeela, eta horregatik Osasun Sailari Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jasotako gogoetak helarazi genizkion. Osasun Sistema Nazionalean asegururik ez duten pertsonei osasun-arreta jasotzeko orduan aldez aurretiko erroldak eragiten dizkien mugak.
Harrigarriro, Konstituzio Auzitegiak goian aipatutako autoan egindako gogoetak gorabehera, estatuak Osasuneko sailburuaren uztailaren 4ko agindua aurkaratu du, eta hori ezinbestean kontuan izan behar da.
Horri dagokionez, gogorarazi behar da 114/2012 Dekretuaren indarraldiaren etetea kentzea justifikatzeko Konstituzio Auzitegiak estatuak aurkaratutako neurriek eragiten dieten pertsonen osasunerako eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea aintzat hartu zituela, baita gizarte osoaren osasunerako arriskuak saihestea komenigarria dela ere. Konstituzio Auzitegiak bere egiten ditu Eusko Jaurlaritzaren argudioak, bereziki babestu beharreko konstituzioko ondareen defentsari lotutakotzat jotzen baititu, eta uste du ekonomia-aurrezki soil batengatik indargabetu ezin diren arrazoiak direla.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Gure jardueraren zati handi bat banakako kexekin lotuta dago. Kexa horietatik abiatuz, Ararteko erakundearen jarduera planak aurreikusi du espedienteak ofizioz hastea kexa horiek gizabanakoen egoeretatik harago joan daitezkeen arazoak erakusten dizkigutenean. Gauza bera gertatzen da gomendio orokorren kasuan.
4.1. Ofiziozko jarduerak
Komunikabide batzuek esan dutenaren arabera, pertsona batzuek desiragarria den denbora baino gehiago itxaron behar izan zuten ospitalean sartzeko, dirudienez ohe nahikorik ez zegoelako.
Larrialdi zerbitzu horrekin orobat lotuta dagoen kexa bat dela-eta, iaz ofiziozko espediente bat hasi genuen. Orduan helarazi ziguten informazioaren ondorioz –gripe-gertakariak aurreikusten ziren urteko beste une bati buruzkoa–, bazirudien jazotakoaren arrazoia aurreikuspen nahikorik ez egotea izan zela; izan ere, Gurutzetako Ospitalean horretarako xedatuta ez dauden guneetan sartuta egon behar izan ziren pertsonak baldintza egokietan egongo liratekeen beste zentro batzuetara edo ospitale bereko beste ospitalizazio-unitate batzuetara lekualdatu izan balituzte.
Orduko egoerak desberdina zirudien gertakaria ezin zelako gripea bezala aurreikusi, eta horrek galdera bat sortu zigun, hots, giza baliabideen edo baliabide materialen murrizketa egon ote zen aurreko urteekin alderatuta.
Gure informazio-eskaerari emandako erantzunari jarraiki, eskaeraren igoera puntual, ohiz kanpoko eta ustekabeko bat egon zen, baliabide faltarekin lotuta ez zegoena. Honakoak izan ziren inguruabarrak eta ospitaleko zuzendaritzak premiak bideratzeko izan zuen erreakzioa:
Larrialdi Zerbitzuaren egoera normala izan zen igandeko 15:00etara arte, une horretan eskaera nabarmen igo zelako, batez ere ospitalean sartu behar ziren gaixoena. Sartzeko zain zeuden gaixoak 40 ere izan ziren.
Egoera horretan, ospitaleko zuzendaritzak 40 ohe irekitzeko erabakia hartu zuen; modu horretan, hurrengo goizeko lehen orduan gaixo horietako 13 sartu zituzten. Era berean, Santa Marina Ospitalearekin harremanetan jarri ziren, eta horrek 8 ohe prestatu zituen sartzeko zain zeuden eta gaixo kronikoen profila zuten gaixoak hartzeko.
Astelehen goizean Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zuzendaritzak sindikatu-ordezkariei egoera eta hartutako neurriak jakinarazi zizkien. Arratsaldean egoera erabat normala zen (gaixo guztiek ohe bat esleituta zeukaten, eta 24 ohe libre zeuden arratsalde eta gau horretan sor zitekeen eskaerari aurre egiteko). Hurrengo egunetan egoera guztiz normala izan zen.
Txostenak, bukatzeko, laguntzaren kalitatea eta segurtasuna une oro bermatuta egon zirela adierazi zuen.
Gertatutakoaren arrazoia baliabideen murrizketa izan ote zen galdetu genuenean, Osakidetzak, erkatzeko elementu gisa, datu hau eman zigun: Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak 218 ohe itxi zituen 2012. urteko udan, eta aurten, berriz, 201 ohe itxi ziren.
Beste espediente batek azaldu zuen Euskadiko ospitale publiko batean egoiliar gisa baimenduta ez zegoen atzerritar bati laguntza urgentea fakturatu ziotela. Gure jardunak xede bikoitza izan zuen: a) kasu zehatz horrekin lotutako inguruabarrak ezagutzea, eta b) jarraipen bat egitea Osasun Sailak uztailaren 26ko 114/2012 Dekretuaren xedapenak berrikustea aurreikusten zuen jakiteko, estatuak jarritako konstituzio kontrakotasun-errekurtsoari jarraiki indarraldia etenda ez zuten atalei dagokienez, zehazki 2. artikuluari dagokionez, egoera irregular batean dauden pertsonen arretari buruz.
Bigarren alderdi horren inguruan egindako jardunen emaitza gisa, Arartekoaren irailaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jasotako gogoetak egin genituen.
Lehen alderdiari buruzko azterketak, administrazio-egoera irregular batean dauden atzerritarrei emandako laguntza urgentearen (doan jasotzeko eskubidea izan lezaketen pertsonei emandako osasun laguntza urgentearen) kostua fakturatzeari buruzkoak, izapide horren arrazoia emandako laguntzarako eskubidea ez ezagutzea berezkoa ez zela egiaztatzea ahalbidetu zigun.
Izan ere, laguntzarako eskubidea egiaztatzen duen txartelik egon ezean, aurreikusitako kudeaketa-sistemak fakturazio-espediente bat sortzen du automatikoki. Era horretan, aseguratuta daudela egiaztatu ez duten pertsona guztiei laguntzaren kostea fakturatzen diete, baita laguntza horretarako eskubidea izan dezaketenei ere, aipatutako 16/2003 Legearen 3 ter artikuluan xedatutako egoera bereziak baitira.
Kontuan izan behar da pertsona horiek beti dutela laguntza berezi horretarako eskubidea, eta beraz kostua ez ordaintzeko eskubidea, eta gainera Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan laguntzarako eskubidea egiaztatzen duen agiri bat edukitzeko eskubidea izan dezaketela.
Horretan oinarrituta adierazi genuen, hasiera batean halabeharrezkoa bada, fakturak hartzaileei jakinarazi behar diela 16/2003 Legearen 3 ter artikuluan jasotako egoera horretan daudela egiazta dezaketela. Era berean, hala balegokio, Euskal Osasun Sistemaren barruan laguntzarako eskubidea dutela egiaztatzen duen agiri bat lortzeko prozeduraren berri eman behar die.
Osakidetzako ekonomia eta finantza zuzendariak Arartekoari eman dion erantzunean esandakoaren arabera, erakunde horretako Fakturazio Batzordeak informazio hori fakturen atzealdean gehitzeko kudeaketa egokiak hasi zituen. Txosten hau egiten ari garen unean gauzatzeke dagoen xedapen horrek bi alderdiei –Osakidetzari eta ukitutako pertsonei– segurtasun juridiko handiagoa eskainiko die, laguntza doan jasotzeko eskubidea zein inguruabarretan daukaten benetan jakinarazi dietela bermatuko baitu.
4.2. Gomendio orokorrak
Erabiltzaileen eskubideen atalean historia klinikorako sarbidea gauzatzean egon daitezkeen zailtasunak aipatu ditugu. Zailtasun horiek ordenamenduak sarbide hori xedatzen duen moduaren inguruan hausnartuz konpondu behar dira, eta helburu horrekin lehen aipatu dugun Arartekoaren azaroaren 5eko 9/2013 Gomendio Orokorra, dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskabideak ebazterakoan oinarritzat hartzen diren irizpideak egokitzeari buruzkoa, helarazi diogu administrazio arduradunari.
Gaur egungo arazoak konpondu ahal izango direlako eta sarbiderako eskubidea erabat egikaritzeko egon daitekeen zailtasun teknikoa gainditzeko erantzuna bilatzen ari delako uste osoa dugu.
Arlo honetako bigarren gomendio orokorra, Arartekoaren 8/2013 Gomendio Orokorra, Osasun Sistema Nazionalean asegururik ez duten pertsonei osasun-arreta jasotzeko orduan aldez aurretiko erroldak eragiten dizkien mugei buruzkoa, hirugarren atalean –araugintzako testuingurua– aipatu dugu, hain zuzen ere gaur egun osasun laguntzarako sarbidea baldintzatzen duen araudia egokitzean datzalako.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Topikoa da gaur egungo ekonomia-koiunturaren gaia ateratzea gizarte eskubideei buruz eta osasunari buruz hitz egiten dugunean.
Gogora dezagun hemen lehen esandakoa, hots, 114/2012 Dekretuaren indarraldiaren etetea indargabetzen dela justifikatzeko Konstituzio Auzitegiak aintzat hartu ditu estatuak aurkaratutako neurriek eragiten dieten pertsonen osasunerako eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea, baita gizarte osoaren osasunerako arriskuak saihestea komenigarria dela ere. Honakoa dio 5. oinarrian estatuak ekonomia-aurrezkiaren inguruan egindako alegazio soilari buruz: “el derecho a la salud y el derecho a la integridad física de las personas afectadas por las medidas impugnadas, así como la conveniencia de evitar riesgos para la salud del conjunto de la sociedad, poseen una importancia singular en el marco constitucional, que no puede verse desvirtuada por la mera consideración de un eventual ahorro económico que no ha podido ser concretado, entendemos que se justifica el levantamiento de la suspensión de la vigencia de los preceptos referidos a la ampliación del ámbito subjetivo del derecho a acceder a la asistencia sanitaria pública y gratuita.”
Osasunerako eskubidearen konfigurazioan egon den atzerakadak hartutako neurriek falta duten justifikazio bat behar du. Alderdi hori funtsezkoa iruditu zaigu 8/2013 Gomendio Orokorrean egindako gogoeten barruan.
Krisialdia ez da neurri murriztaileak hartzeko erabili behar, baina osasun sistemen inguruan hausnartzeko eta haien eraginkortasuna hobetzeko balio du.
13.Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
1.Arloa kopurutan
2013. urtean zehar 5 kexa-espediente erregistratu dira IETen (Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologiak) arloan; beraz, erakundeak izapidetutako kexa guztien %0,19 arlo honetakoak izan dira.
Eragindako administrazioen arabera banatuta, administrazio ezberdinak izan dira tartean: udal administrazioa, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoa edo Arabako epaitegi bat.
Datu pertsonalak babesteari buruzkoak izan dira guztiak.
Izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokionez, egoera honelakoa da urtearen bukaeran:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
4 | 2 | 2 | 1 | – | 1 | – |
Aurkeztutako datuen harira, jarraikako bi hausnarketa egin behar da:
Datuen babesaren gaian, berariazko erakunde bat dago –Datuak Babesteko Euskal Bulegoa– euskal administrazioek datuen babesaren araudia bete dezaten, eta horrek eragin egiten du gai honi buruzko kexa gehienak erakunde hari aurkeztea.
IETen eskubideen arloan kexa idatzirik ez jaso izanak ez du adierazten behar bezala betetzen ari denik IETen arloko legedia, are gutxiago administrazio elektronikorako sarbide eskubideak. Aldiz, jatorria administrazioarekiko harreman elektronikoak gutxi erabiltzean kokatu behar da, eta, are kezkagarriagoa dena, herritarrek administrazio elektronikoarekiko dituzten eskubideei eta eskubide horiek balia daitezen zer organorengana jotzeari buruz duten ezagutza mugatua da.
Aipatutako gogoetei jarraiki, ezinbestekoa da administrazioarekiko harremanetan IETen erabilera sustatzen duten ekimenak hedatzea, baita berariazko esparru horretan herritarrek dituzten eskubideak ezagutzea eta zabaltzea ere.
Ekimen horiek justifikatzen dituen datu enpiriko gisa, egiaztatu behar da, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko 2013ko Euskadiko Administrazio Elektronikoaren Barometroaren arabera, administrazio elektronikoaren erabilera nabarmen hazi dela azken urteotan (%4,5 igo da urte batean), eta ia euskal biztanleen %36k maiz erabiltzen dituzte leihatila elektronikoak. Erabileraren ehunekoari begira, hartzaile nagusiak foru aldundiak (%43) eta Eusko Jaurlaritza (%33) dira, baita estatu-administrazioa ere (%36).
Lurraldeen arabera, Gipuzkoako herri-administrazioek eskainitako prozedura eta izapide guztien %41 izapidetu ditzakete osotasunean Interneten bitartez. Horren atzetik Bizkaia dago (%32,4), eta gero, Araba (%18,4).
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Aldizkari ofizialak: Joan den urtean aldizkari ofizialetan norberaren datuen deuseztapenarekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden bi kexa-espediente izapidetu eta ebatzi dira.
Kaleratze batengatik egindako prozedura judizial batean zehar, Lan-arloko Epaitegiak zegozkion iragarkiak bidali zituen Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialera. Geroago, iragarki horretan haren datuen deuseztapena arrakastarik gabe eskatu ostean, Arartekoak epaitegi eskudunari –aldizkarian argitaratzeko agindu zuen eta tratamenduaren arduraduna zen organoari– eskatu zion norberaren datuak deuseztatzeko eskaerari arreta jartzeko eta foru organo horri deuseztapenerako beste ofizio bat bidaltzeko. Eskaera horri era egokian jaramon egin zioten.
UPV/EHUk eskatuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarkien ondorioz, kexagileak Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen unibertsitate horren adostasuna lortzeko EHAAko iragarki horretako norberaren datuen deuseztapenaren inguruan. Horrela ebatzi zen.
Kexa-espediente horretan bertan, egiaztatu zen kexagilearen norberaren datuak, nahiz eta EHAAn deuseztatzea lortu, Irekiaren webgunean zeudela. Gure esku-hartzea eta gero, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak datu horiek kendu zituen, eta azpimarragarriena da antolaketa-neurriak hartuko direla esan zigula, aurrerantzean deuseztatzen diren izaera pertsonaleko datuak aldi berean EHAAtik eta Irekiatik kentzen direla ziurtatzeko.
2.2. Bizkaiko Foru Aldundia: Funtzionario batek zalantzan jarri zuen foru erakunde horrek antolatutako etengabeko prestakuntzako ekintza bateko ebaluazioko galde-sorta bat norberaren datuekin betetzea egokia izatea. Prestakuntza kudeatzeko prozesuan ISO 9001-2008 Araua aplikatzen zen. Arau horren arabera, giza baliabideen kudeaketarekin lotutako kalitate-betekizunetan inkesta-txosten hori betetzea eskatzen da. Horregatik, Arartekoaren ustez, ez zen neurrigabekoa edo alferrikakoa prestakuntza jaso zuen pertsona identifikatzeko informazio hori eskatzea eta, azken finean, ez zen irregulartasunik igarri.
2.3. Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU: Ikasle Kontseiluak kexa bat aurkeztu zuen Irakasleen Zuzendaritzak ez zuelako irakasle baten aurka diziplinazko ekimenik abiarazi. Irakasle horrek azterketa baten notak ikasleen norberaren datuekin ikusgai jarri zituen, eta ez NAN zenbakiarekin,
UPV/EHUko berariazko araudiak xedatzen duen bezala. EHUk akatsa zuzendu zuen eta irakasleari araudia ohartarazpen soil batez gogorarazi zion. Kontseiluaren ustez, hori ez zen nahikoa, eta horregatik Arartekora jo zuen. Espedientean eztabaidatutako gaia, azkenean, kexagileek diziplinazko espedientea irekitzeko eskatzeko interes legitimorik zuten edo ez jakitera bideratu zen, eta Arartekoak ez zuen elementu nahikorik antzeman UPV/EHUk egindako balioespena indargabetzeko.
Beste arlo batzuetan kudeatutako kexak bideratu bitartean, IKTen eta datuen babesaren inguruko kontuak agertu dira, eta duten interesarengatik aipatuko ditugu:
KZgunea (Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saila): Aurrekontu-murrizketen ondorioz KZgunea izeneko zentroen sareak emandako zerbitzuetan eta antolaketa-sisteman egondako aldaketari buruzko hainbat kexa jaso ditugu. Horien bitartez, neurri horiek zerbitzu publikoan eragina izan zezaketela adierazi zen. Sailak emandako erantzunetik sarea mantenduko dela ondorioztatu da, programak eskaintzen dituen zerbitzuak eta jarduerak birplanteatuko diren arren. Izan ere, KZguneetako jardun-esparrua funtsezko eran aldatu da programa abiarazi zenetik: oraindik aurrera, oinarrizko eta berariazko prestakuntzako eginkizunetan jarriko du arreta, tutoretza-lanetarako eta erabiltzaileen euskarrirako oraingo sare presentzialak lagundutako e-learning ildo berri bat sustatuko du, eta bazterkeria egoeran dauden taldeentzat nabigazio lagundutako zerbitzu historikoa mantenduko du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila: Aurreko urteetan bezala, hainbat pertsonak Arartekora jo dute historia klinikoko datuak ezin zituztelako eskuratu. Mota horretako kexak ugaritu direnez, Arartekoari beharrezkoa iruditu zaio horri buruzko irizpide argiak finkatzea, eta horixe egin du Arartekoaren azaroaren 5eko 9/2013 Gomendio Orokorraren bitartez. Gomendio horretan adierazi da kasu guztietan historia klinikoa ikusteko eskaerak ebatzi behar direla antolamenduak barne hartzen dituen ukatzeko arrazoiak antzeman diren ala ez modu eraginkorrean egiaztatu ostean. Ezin da arrazoi horiek aplikagarriak direla dioen alegazio orokor baten bitartez dokumentazio kliniko jakin bat ikusteko eskaera ukatu.
Aurreko urteetan gertatu den bezala, ordua Interneten bidez edo telefonoz eskatzeko sistemaren sarbideari buruzko erreklamazioak egon dira, baita etxeko medikuarekin ordua izateko atzerapena berariaz aipatu zuen bat ere. Bigarrenari dagokionez, Arartekoak Osakidetzari atzerapen horiek murrizteko irtenbideak ezartzeko eskatu zion. Sarbide-arazoei dagokienez, berriz, telefonoaren bidezko arreta automatizatuaren ereduaren aldaketaren berri eman ziguten. Azkenean hartutako erabakiak Arartekotik azken urteotan erreklamatu denarekin bat egiten du. Izan ere, ordua eskatzeko sistema automatizatuak ez zuen ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzkoak, jasotzen zuen kanal anitzeko zerbitzua edukitzeko eskubidea bermatzen.
Lanbide (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila): 2013. urtean Lanbideren jardunarekin lotutako arazoengatik jasotako kexa guztien artean, nabarmendu nahi dugu jardun bat garatu dela kudeaketarako aplikazio informatikoak ez daudelako prestazioekin eta orientazioarekin integratuta, eta horrek eragina duelako arreta jasotzen duten pertsonen eskubideen aitorpenaren izapidetze egokian. Horri dagokionez, Arartekoaren ustez, premiazkoa da informazioren integrazio edo interkomunikazio hori ahalbidetuko duten irtenbide teknikoak ezartzea.
Sestaoko Udala: Espedientea amaitutako ondare-espediente bat eskuratzeko eskatzaileak interes legitimoa eta zuzenekoa zuela egiaztatzeko eskakizunari buruzkoa zen. Ondare-espediente horretan datu izendunak eta intimitateari buruzko datuak zeuden, eta datu pertsonalen babesean eragina izan zezakeen. Arartekotik uste dugu eskubide biek ez dutela zertan bateraezinak izan. Nolanahi ere, eskuratzeko eskubidea babestuta ez dauden datu izendunen gainetik jarri behar da, eta udalaren eginkizuna da datu horiek isilean gordetzeko edo bereizteko formulak bilatzea.
Irungo Udala: Kexa-espedientearen ebazpenean, Arartekoak gogorarazi du udalek euren gobernu-organoek egindako udal-akordioei publikotasuna emateko betebeharra dutela. Publikotasun- eta gardentasun-betebehar hori egikaritzean, informazio horrekin zerikusia duten pertsona fisikoen eskubideek ez dute eraginik jaso behar, eta akordioen laburpenak harira ez datozen, desegokiak edo gehiegizkoak izan daitezkeen datuen bereizketa ekarri behar du.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila: 2013an berriro ere ingurumen-informaziorako sarbidearekin lotutako espediente bat izapidetu dugu. Bertan emandako ebazpenean, ingurumen-informazio eskaerak albait lasterren, lehentasuna emanik eta uztailaren 18ko 27/2006 Legean jasotako epea –hilabete bat– errespetatuz izapidetu eta ebazteko betebeharra azpimarratu dugu (lege horren bidez ingurumen-informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta ingurumenaren arloan justiziara heltzeko eskubideak arautzen dira). Beste eskubide batzuk –adibidez, erabaki publikoetan parte hartzeari buruzkoa– baliatzeko funtsezkoa den epe hori bete ahal izateko, euskal herri-administrazioek baliabide tekniko eta elektroniko nahikoak eduki behar dituzte.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2013. urtean ez da datuen babesera edo IKTetara berariaz zuzendutako jarduera arauemailerik egon, baina horrekin harreman eztabaidaezina duten arau– eta jurisdikzio-berrikuntzak egon dira, adibidez:
Europako eremuan:
– 2013ko ekainean Europako Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren txostena ezagutu genuen, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren eta Google-en artean ahazteko eskubidea delakoari buruz dagoen eztabaida dela eta. Txosten horren arabera, Google Europar Batasunak pribatutasunari buruz ezarrita duen legeriaren menpe dago –multinazionalak hori ukatzen zuen–, baina ez dago behartuta bereziki babestu beharreko informazioa bilaketa-indizetik ezabatzera. Izan ere, abokatu nagusiak dioenez, bilaketa-tresnen zerbitzuen hornitzaileak, datuak babesteko zuzentarauan oinarrituta, ez dira web-orrietan agertzen diren norberaren datuen arduradunak, eta bilatzaile bati publikoa egin den egiazko informazioa ezabatzeko eskatzea zentsuraren baliokidea izango litzateke. Irizpenak, artean loteslea ez bada ere, oraindik izapidetzen ari den eta gai horretan hain garrantzitsua izango den Datuak Babesteko Europako Erregulamendu berrian eragina izan dezake zalantzarik gabe; izan ere, bide emango dio Batasun osorako egoera berri bati, oraingo araudia zaharkituta dagoelako, Internet fenomenoa zabaldu aurretik egin baitzen.
– Informazioa eta argitalpenak formatu irekietan erabiltzeari dagokionez –Arartekotik politika hori irmoki sustatu da–, emaitza zientifikoak modu irekian argitaratzeko joera “itzulbiderik ez duen puntu” batera heldu da, Europako Batzordeak aurkeztutako azterketa baten arabera. Gero eta argitalpen zientifiko gehiago modu librean eta doan eskaintzen dira, eta eskuragarri daude bai zientzia-komunitatearentzat bai herritarrentzat, gobernuentzat, enpresa pribatuentzat eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat. Europako Batzordeak aurkeztutako txostenaren arabera, 2011n argitaratutako paperen %50 inguru doan eskuragarri daude jadanik, eta 2004 eta 2011 bitartean mundu osoan argitaratutako eta pareek berrikusitako artikulu zientifikoen %40 baino gehiago linean eskuragarri daude. Azterketa horren aurkezpenean, Europako Batasunak sarbide irekiak ezagutzaren zirkulazioa eta berrikuntza hobetzeko duen garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du open access delakoa lehentasunezkoa izango dela Horizonte 2020 izena duen Europar Batasuneko I+G programaren barruan, 2014-2020 aldian, finantzatutako argitalpen zientifikoetarako.
Estatuaren eremuan, abenduaren 9ko 19/2013 Legea, gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernu onari buruzkoa, onartu berri da. Lege horrek, besteak beste, informazio publikorako sarbidea edukitzeko eskubidea egikaritzea ahalbidetzen du (norberaren datuen babesaren arloan 15. artikuluan ezarritako murriztapenekin, besteak beste), eta informazioa berrerabiltzea indartzen du, Gardentasunaren Atarian argitaratzen den informazioa berrerabiltzeko bidea ematen duten formatu irekietan egotea sustatzen baitu, azaroaren 16ko 37/2007 Legeak, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzkoak, eta hori garatzeko araudiak xedatzen dutenarekin bat eginez.
Autonomia-erkidegoaren eremuan, Eusko Jaurlaritzak Arartekoaren ustez interesgarriak diren bi ekimen aurkeztu ditu abenduan, eta 2014an dagokien jarraipena egingo diegu:
– Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko liburu zuria, sustatzaileen hitzetan erreferentziako marko bat izango baita gizartea eta administrazioa sustatu, mobilizatu eta engaiatzeko.
– Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua egiteko izapideak hastea, proiektu horrek gardentasunerako herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra ezarri nahi baititu eta pertsonek haiengan eragina duten erabakietan era aktiboan parte hartzea sustatuko baitu.
Testuinguru sozialean, agerian utzi behar dugu herritarrek gero eta kezka handiagoa adierazi dutela Interneten dauden euren datuen segurtasunagatik. Arartekoak horren berri eman zuen hurrengo atalean aipatuko den ebazpenean. Bertan azpimarratu zuen 2013. urtean sarean anonimotasuna babesteko hainbat ekimen zabaldu direla, hala nola nortasun digitalen hazkundea, aplikazio espezifikoen garapena edo gai horren inguruko azterketak, adibidez orain dela gutxi egin den eta Internet and American Life Project-ek argitaratu duen inkesta bat. Bertan, erabiltzaileen %55ek aitortu dute beste erabiltzaileen, erakundeen edo gobernuaren aurrean informazioa ezkutatzeko neurriren bat hartu dutela. Neurri nagusia nabigatzaileko “cookie”-ak ezabatzea da, inkestan parte hartu dutenen %64k baieztatu dutenaren arabera.
Bestalde, IKTen bidezko gizarte-aktibismoa kontuan izanik, eta Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa baten esparruan, Digital Social Innovation ekimenak, metodo berritzaileen bitartez, gizarte-hobekuntzarako tresna digitalak erabiltzen dituzten Europako erakundeen eta taldeen mapa egiteko proiektuari ekin dio.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2010ean sortu zen IKTen eta datuen babesaren lan esparru honetan, Arartekoaren helburua, besteak beste, herritarrek datuen babesarekin eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideekin lotuta dauzkaten eskubideen garrantzia azpimarratzea da. Era berean, eskubide horiek zabaltzean eginkizun proaktiboa eduki nahi du, horien erabilerak eta babesak berrikuntza-potentzial handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutelako uste osoa du eta.
Horrexegatik, 2013an helburu horrekin lotutako zenbait jardun planifikatu eta egikaritu dira.
4.1. Gomendio orokor berriak
2. atalean azaldu denez, Arartekoaren azaroaren 5eko 9/2013 Gomendio Orokorra eman da, dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskaerak ebazte aldera oinarri gisa erabil daitezkeen irizpideen egokitzapenari buruz.
4.2. Txosten bereziak
2013. urtean “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txosten berezia argitaratu da.
Laburbilduz, ondorioen artean hauek nabarmen ditzakegu:
E-inklusioari dagokionez:
– Egindako azterketak ondorioztatu du, zalantzarik gabe, adinak, sexuak, diru-sarrera mailak eta jatorri geografikoak IKTen bidezko inklusioaren inhibitzaile gisa jarduten dutela modu argian.
– Alde batera uzten badugu pertsonen ehuneko jakin batek ez duela IKT erabiltzeko interesik, besteek mota guztietako zailtasunak identifikatzen dituzte: kostua –pisu txikiarekin, hala ere–, informatikako ezagutzen falta, ekartzen dituen abantailen berri ez edukitzea, non bilatu eta non aurkitu ez jakitea.
–
Horregatik, herri-administrazioei gomendatzen diegu IKTen ikasketa bizitzan zehar sartzen duten programak diseinatzea, enplegagarritasunaren alde egitea, gizarteratzearekin lotutako gaitasun digitalak indartzea, IKT adinekoei hurbiltzea, bide horretatik autonomia pertsonalaren alde egitea, gizarte-erakundeek eten digitala arintzeko egiten dutenaren garrantzia nabarmentzea, komunitatean IKTen arloko trebakuntzara bideratutako gaitasun digitalen eremu bat definitzea eta bikoiztasunak saihestea erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuz, eta orobat e-inklusioarekin lotutako profil profesional berrien sorrera (adibidez, aholkulari digitala) eta adingabeen eta gazteen artean Interneten erabilera ziurra bultzatuz.
E-partaidetzari dagokionez:
– Arlo publikoan parte hartzeko desioa igarri da, ia modu berean bide elektronikoaren bidez eta bide presentzialaren bidez, eta nagusiki erakundearenak ez diren webguneetan, baina begien bistakoa da oraindik ez direla antzeman partaidetza horren benetako erabilera eta ondorioak.
– Parte hartu duten pertsonen pertzepzioa era sakonagoan aztertuz gero, partaidetzaren itzulera jaso ez dutela adierazi dute: horrekin zer egin den, aintzat hartu den ala ez; eta agerian utzi dute ez dela feedbackik egon sustatzaileen aldetik. Beharrezkoa eta premiazkoa da gizarte-partaidetzaren oinarriak, modalitateak eta ondorioak ezartzen dituen testuinguru arauemaile bat sortzea. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu Arartekoak 2011. urtean, demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko gomendio orokorraren bitartez, herritarren partaidetza hori legitimatzeko, bideratzeko eta egituratzeko gure ustez ezinbestekoak diren printzipioak adierazi zituela.
Arartekoaren “E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea” txosten berezia zabaltzeko, herri-administrazioen eta gizarte-erakundeen laguntza eduki nahi izan dugu. Horregatik, urteko azken hilabeteetan, txostenaren ondorioak aurkeztu eta eztabaidatzeko Helduak Adi adinekoen elkartearekin bildu ginen, baita txostenarekin lotuta dauden eskumen-esparruetan sustatzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna duten Eusko Jaurlaritzako hainbat sailekin ere: herritarren parte-hartzea, herritarren arreta eta berrikuntza; teknologia, berrikuntza eta lehiakortasuna; gizarte politikak; informatika eta telekomunikazioak, Lanbide, e.a., baita Innobasque ere.
4.3. Ofiziozko jarduerak
2012ko azaroan komunikabideetan eta gizarte-sareetan agertutako informazioen eta berrien bitartez, Arartekoak jakin zuen antza Deustuko Unibertsitaterekin lotutako hainbat pertsonen argazki eta bideo intimoak ustez baimenik gabe zabaldu zirela. Sortutako gizarte-alarmaren ondorioz, eta gero eta kasu gehiagok haurrei, nerabeei eta gazteei era negatiboan eragiten dietela kontuan hartuta, Arartekoak erabaki zuen gertakariari eta ohorerako eta norberaren irudirako eskubideen eta norberaren datuen babesari buruzko arazoa sakon aztertzea.
2013ko maiatzean emandako ebazpenean, Arartekoak azpimarratu zuen gizarte-sareek eskaintzen duten berritzeko eta informazioa elkartrukatzeko potentzialaren eta pribatutasunerako eta norberaren irudirako eskubideen babesaren arteko oreka aurkitu behar dela. Horretarako funtsezko elementuak informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra dira, “heldutasun digitala” deitutakoaren osagaiak hain zuzen ere. Hori lortuz gero, pertsona guztiek gailu mugikorren, Interneten eta gizarte-sareen potentziala erabili ahal izango lukete, euren intimitatea eta euren irudia arriskuan jarri gabe.
4.4. Bilerak
Ararteko mapak proiektuaren inguruko hainbat bilera egin dira, kasu batzuetan proiektua zabaltzeko eta horren erabilera sustatzeko: Helduak Adirekin eta ezgaitasun fisiko eta zentzumen-ezgaitasunen arloan lan egiten duten elkarteekin; eta beste kasu batzuetan baliabideei buruzko informazioa eguneratzea lortzeko (Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzarekin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin), baita Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko Zuzendaritzarekin webgunearen baliabideen mapa zabaltzeko aukera aztertzeko ere.
Era berean, Arartekoaren informazioaren formatu irekiari buruz sakontzeko (etorkizuneko datu irekien katalogoa), laneko bilerak egin dira aipatutako Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko Zuzendaritzarekin.
Agirien elkartruke elektronikoa indartzeko, laneko bilerak egin dira Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzako, Gobernu eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Idazkaritzako eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) arduradunekin, Arartekoaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean teleizapide-proiektua ezartzeko. Testuinguru juridiko eta eraginkorra 2013ko azaroan sinatutako lankidetza-hitzarmena izan da.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
1. Datuen babesaren arloan, aurten herritarrek askotan adierazi digute ez daudela ados Aldizkari Ofizialetan norberaren datuak geratzearekin, eta deuseztatzeko eskubidea erabili dute. Hori arazo garrantzitsu bat da, gatazka bat dagoelako administrazioek euren eginkizunak egiteko eta prozedura-betekizunak betearazteko erabiltzen duten tresna baten –aldizkari ofizialetako iragarkien– eta deuseztatzeko eskubideak egikaritzearen artean. Urte honetan, zorionez, Arartekoaren esku-hartzeak gatazka konpontzen lagundu du mahai gainean jarritako kasuetan, baina antzeman da ahaleginak areagotu behar direla tratamenduko arduradunak aldizkarietan dauden interesdunaren datuak deuseztatzeko era azkarrean eska dezaten kontzientziatzeko, baita aldizkarien mekanismoetako arduradunak datuen indexazioa saihestu dezaten kontzientziatzeko ere, etorkizuneko arazoak ekiditeko. Arazo horietako bat izan daiteke datuak Interneteko bilatzaileetara gehitu izana, horren ondorioz deuseztapenak ez bailuke ezertarako balio izango.
Horri dagokionez, era positiboan azpimarratu nahi dugu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko eta lurralde historikoen aldizkari ofizialetako arduradunak eta webgune batzuk –hala nola Euskadi.net– egiten ari diren ahaleginak, indexazioa zailtzen duten bitarteko teknikoak erabiliz, haietan dauden norberaren datuak Interneten hedatzea saihesteko.
2. Kapitulu honetan azaldu den bezala, beharrezkoa da erakundeak (bereziki toki-erakundeak) kontzientziatzea herritarrek udal-akordio eta -agirietako informazioa eskuratzeko duten eskubideak eta haien erabakien publikotasun-printzipioak ekartzen dutenari buruz. Era berean, pertsona partikularren datuak babestu behar dira, eta horretarako aldez aurretik datu horiek isilean gorde edo bereizi behar dira, informazioa eskuratzeko eta publikotasunerako eskubideak eta norberaren datuen errespetua bateratzeko.
3. Interneten bidez argazki eta bideo pribatuak hedatu izanaren ondorioz hasitako ofiziozko jardunaren esparruan, gizarte-sareen eta komunikazioko sare publikoen erabileran informazio, kontzientziazio eta jokabide arriskutsuen saiheste falta orokorra antzeman ahal izan dugu. Horren ondorioz, errazagoa izan daiteke informazioa, datuak eta irudiak nahi gabe hedatzea, artxibo horien zaintza eta transmisioa kalteberak baitira.
Hori herritarrek euren datuen segurtasunaz duten kezka gero eta handiagoarekin lotu behar da, Arartekoak uste duelako lortu beharreko helburua berrikuntzaren eta gizarte-sareen ohiz kanpoko potentzialtasunaren arteko oreka izan behar dela, baita pertsonen eskubideak bermatzea ere. Horretarako funtsezkoak dira informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra, benetako komunitate digital baten eraikuntzan aurrera egiteko.
4. Arartekoak, proiektu batzuen bidez –Ararteko mapak, argitalpenen formatu irekiak, e.a.–, informazioa berrerabiltzea eta datu publikoak irekitzea sustatzeko eginkizunarekin jarraitu du.
5. 2013an Arartekoaren e-inklusioari eta gizartearen partaidetzari buruzko txosten berezia argitaratu da, eta horri esker iritzi-elementu berriak lortu ditugu gaur egungo egoeraren eta IKTek gizarte aktibo eta inklusibo bat sustatzeko eta herritarren partaidetza errazteko daukaten potentzialaren diagnostikoa egiteko, baita euskal herri-administrazioei helarazitako proposamen eta ekimen multzo bat ere.
Laburbilduz, txosten hori ez da amaiera, lan-elementu iraunkor bat izango baita eta honetarako balio izango baitu:
Infobaztertzearen arriskuak saihesteko eta herritarrak ahalduntzea lortzeko erronketarako ibilbide-orri bat edukitzeko.
Euskal administrazioen hurrengo jardunak ebaluatzeko. Zentzu horretan, 2014. urtean hiru alderditan jarriko dugu arreta:
– Herri-administrazioen webguneen bitartez zerbitzuak aurkitzea eta horietarako sarbidea edukitzea.
– Kanal anitzak edukitzeko eskubidea sustatzea eta telefono mugikorraren bitartez erabil daitezkeen aplikazio erabilgarri eta errazei bidea ematea (batez ere, adinekoengan pentsatuz).
– IKTen bidez herritarren partaidetza-ekimenak egitea eta gardentasuna bultzatzea.
14.Lana eta Gizarte Segurantza
1.Arloa kopurutan
Aurten arlo horretan guztira 25 kexa-espediente bideratu dira.
Hauxe da arloko estatistika-informazioa abenduaren 31n:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
22 | 6 | 13 | 5 | 6 | 2 | 3 |
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Jaso ditugun kexen zati batek zerbitzuen funtzionamenduarekin zerikusia dauka, enplegu-eskarien kudeaketa sistemaren edo enplegu eta lanbide prestakuntza sustatu eta babesteko jardueraren alorrean.
Prestakuntzari dagokionez, prestakuntza ikastaroetara joateagatiko laguntzen ordainketari lotuta egon den atzerapena mahai gainean jarri da. Laguntza hori 718/2008 TAS Aginduaren 26. artikuluaren eremuan kokatu daiteke. Jasotzeko eskubidea abiapuntutzat hartuta, Lanbidek jakinarazi zigun arazoaren arrazoia izan zela laguntza eta diru-laguntza horien onuradunek gain hartu zuten betebehar motaren ondorioz nahitaezkoa zela 2013. urteari zegozkion aurrekontuek beharrezkoa zen kreditua bideratu zezaten. Dena den, arazoa konpondu egin zen.
Zenbait kexek espedienteen kudeaketari lotutako arazoak mahai gainean jarri zituzten, hala nola, aditzera eman zuten datuak ez datozela bat enplegu eskatzaile gisa izena eman zutenean emandako datuekin. Arazoa behin bideratuta, zaila da akats horren eta enplegu eskaintzak helarazteko deirik ezaren arteko lotura ezartzea, Lanbideren akats bat izan zela egiaztatu bada ere.
Mota horretako kexek eta beste batzuek (pertsona batzuek jaso duten tratu desegokiari buruzkoak besteak beste) zailtasunak eragiten dituzte modu objektiboan hartzeko edo frogak aurkezteko. Gainera, azken kasu horretan, aintzat hartu behar da geroago harremana mantenduko dela kexak hizpide duen pertsona horrekin. Aurrekoa gorabehera, saiatu behar gara saihesten kexa horiek antzu bilakatu daitezen, hortaz, zerbitzuko arduradunek horren berri eduki behar dute.
Enplegu eskaeren kudeaketari buruzko atal honetan jarduera okerrei lotutako beste kexa batzuk gaineratuko ditugu, izan ere, administrazio baimen motari buruzko ohar okerrak dituzte, horrela agertzen baita “mugaketak dituen denbora tarte iragankorrean dagoen batasuneko herritarra eta mugaketak dituen denbora tarte iragankorrean dagoen batasuneko herritar baten senidea den batasunetik kanpoko atzerritarra”. Errumaniako pertsona bat zen, beraz, erkidegoko herritar bat zen, lan egiteko eskubidea duen Errumaniako langile baten senidea hain zuzen ere. Lanbidek jakinarazi zigun kexak hizpide zuen arazoa konpondu dela.
Laguntzen eremuan, kexa batek baino gehiagok aditzera eman dute ez dela berariaz ebatzi eta zenbait interesdunek ez daudela ados informazioa eskatu zutenean ukapenari lotuta jasotako erantzunarekin: aurrekontua agortu izana. Kultura ekintzailearen eta enpresen sorreraren aldeko abenduaren 23ko 328/2003 Dekretuaren barruan izapidetu diren espedienteei buruz ari gara.
Eskaera horiek ebazteko prozedurak ez zuen lehiaketarik barne hartzen. Prozedura lehia jarraituan oinarritu zen, beraz, laguntzak eskaeren aurkezte dataren ordenaren arabera eman zituzten.
2012ko ekainean erabaki zen 2012. urtean ez zela baliabiderik esleituko programa hori finantzatze aldera. Erabaki hori Lanbideko lurralde mailako bulegoei jakinarazi zien eta azaldu zien aurkeztutako eskaerak ezin izango zirela izapidetu eta informazio hori diru-laguntza horien gaineko informazioa eskatzen zuen edo diru-laguntzari lotutako eskaera aurkeztu zuen edo aurkezteko asmoa zuen pertsona orori helarazi beharko ziotela (iragarki taulan argitaratuz, ahoz azalduz...).
LANBIDEren erantzunaren arabera, zenbait inguruabarren ondorioz ez ziren berariazko ebazpenak eman: igarotako denbora, TAS/1622/2007 Aginduan xedatutako isiltasun negatiboa gauzatu zela eta deskribatutako egoera, hau da, ebazteke zeuden eskaeren kopuru altua. Erabaki horretan kontuan hartu zen informazioa eskuragarri zegoela lurralde mailako bulegoetan.
Aurrekoa gorabehera, aitortu da ezin dela alde batera utzi araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoa, hau da, administrazioak prozedura guztietan berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko eginbeharra duela. Hala ere, egiaztatu ahal izan genuen geroago jarduera hori burutu zela.
Kexa horien bidez desadostasuna adierazi zuten eskaera berriak onartu zituztelako, azkenean emaitza gaitzespena izan zen arren, izan ere, aurrekontua agortua zegoen.
Alderdi horri dagokionez, kontuan hartu behar da eskaera berriak onartzea ez dela nahitaez alferrekoa, kexa jakin batzuetan adierazi bezala, izan ere, azterketa a posteriori gauzatzen da, erregistratu ostean. Dirudienez, ezin da honelako mekanismorik abian jarri: aurkezte-ordenenean bakarrik oinarrituta, interesdunei aurreikusitako aurrekontuko zuzkiduraren arabera onartuak izango diren ala ez jakinarazteko aukera ematen duena.
Prestakuntza ikastaroak egiteko aukerari dagokionez (lehengo Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 8ko agindua, horren bidez, 2012ko ekitaldiko enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoak iragarri dira), EAEn bizi den pertsona batek, kanpoan kokatuta dagoen enpresa bateko langileak, mahai gainean jarri zuen ez ziotela aukerarik eman aipatutako azken inguruabarraren ondorioz. HOBETUZ fundazioari kexaren berri eman ostean, Arabako lurralde arduradunak jakinarazi zigun, agindu arautzailearekin bat eginez, EAEko langile guztiek diruz lagundutako ekintzetan parte hartu ahalko dutela. Informazio hori osatze aldera, aditzera eman zuen kasua bideratzeko helburuarekin ikastaroaren ardura duen erakundearekin harremanetan jarri zirela.
Erreklamazio baten erantzunik ezaren ondoriozko kexa bati administrazioak emandako erantzuna lan-ikuskaritzak izan duen lan-karga islatzeko baliagarria izan da. Kexaren kasuan atzerapenak krisi ekonomikoaren ondorio den gizarte errealitatearen ondoriozko lehentasunekin zerikusia dauka; izan ere, hori guztia dela-eta, esleitutako espedienteak izapidetzeko jarraitzen den ordena honen araberakoa da: lehenengo izapidetzen dira legez epe bat ezarrita daukatenak (enplegu-erregulazioak edo justizia auzitegiek eskatutako txostenak), heriotza eragin duten edo oso larriak izan diren istripuen gainekoak eta Gizarte Segurantzaren aurkako iruzurrak hizpide dituztenak.
Izapidetu genuen kexan aipatzen zen erantzunik eza testuinguru horretan azaldu zitekeela eta ez zeukala jarduerarik ezarekin edo izapidetzea bertan behera utzi izanarekin zerikusirik. Beraz, salaketa ez zen artxibatu eta prozedura sustatu zen. Edonola ere, txostenak adierazi zuen gaiaren mamiari lotuta ikuskatzaile arduradunak bilera bat egin zuela interesdunarekin 2012ko azken hiruhilekoan eta, bertan, salaketak hizpide zituen gertakariak aztertzeaz gain, emaitza posibleen inguruko hurbilketa burutu zutela.
Elkartasunaren sektoreko adinekoentzako egoitzen eta arreta zerbitzuen federazioaren barruan (LARES) elkartutako zenbait erakundetako ordezkariek kezka adierazi zuten Ararteko erakundearen aurrean adinekoen egoitzen gatazkaren ondoriozko egoeragatik.
Euren iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundiak berari ez dagokion eremuan esku hartu du, hau da, langileen eta zerbitzuak eskaintzen dituzten zentroetako erakunde titularren arteko harremanen esparruan. Esku-hartze hori aipatzerakoan (adibidez, aipatu dute foru erakunde horrek proposamen bat aurkeztu zuela PRECOn) adierazi dute esku-sartzea gertatu dela bi alderdien (erakundeak eta langileak) arteko lan-harremanetan gailendu behar den autonomian.
Halaber, adierazi dute presioa sumatu dutela esku-hartze hori gauzatzek moduaren ondorioz eta horrek laneko gatazkari lotutako zenbait konturen negoziazioan bertan eragina daukala. Jakin badakigu zaila dela presioari lotutako alderdi hori modu objektiboan hartzea baina hala adierazi zigutenez, gogoeta hori aditzera eman genuen.
Irabazi asmorik gabeko (horixe baita funtsezko ezaugarria) zentro eta zerbitzuetako titularrak diren heinean, kexatzeko beste arrazoi baten berri eman ziguten: ez zeuden ados Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuak hitzartzeko ezarritako tarifarekin.
Gai horren inguruan, adierazi zuten tarifa horrek euren zentroen bideragarritasuna baldintzatu dezakeela. Tarifa abenduaren 27ko 12/2012 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarrian jaso den konfigurazioaren emaitza da; horren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmenen eta diru-laguntzen arloan beharrezkoak diren neurriak abian jarriko ditu irabazi-marjinan %3ko gehienezkoa ezartzeko, betiere, hori zerbitzu publikoen kudeaketa, hornidura eta zerbitzuen kontratuetan zenbatzen denean, baita zerbitzuak eskaintzeko hitzarmenen kasuan ere.
Foru aldundiari alderdi horien gainean helarazi zizkiguten kezken berri eman genion.
Foru aldundiak mahai gainean jarri genituen inguruabarrei buruzko balorazioa helarazi zigun: funtsean, aipatutako gatazkan izan zuen esku-hartzearen eta ezarritako tarifen alderdi ekonomikoaren ingurukoa.
Lehenengo kontuari dagokionez, aldundiak bere pertzepzioa adierazi du eta, erakundearen ikuspegitik, Batzar Nagusien Gizarte Politika Batzordean emandako 2013ko otsailaren 8ko ebazpenaren bidez justifikatu du.
Aldundiari bidali genion informazio eskaeran adierazi genuen bezala, kexaren alderdi hori jorratu genuenean jakin bagenekien zaila izango zela, izan ere, legez kontrako jarduera baten barruan sar daitekeen ezer bakarrik aztertu daiteke beharrezkoak diren prozesu-bermeen bidez eta prozedura judizial baten baitan eta horrek gure eskumenak gainditzen ditu. Gainera, aldundiaren portaera ezegokitzat jotzeko izaera horretako egoztea babesten duten agiri bidezko frogak beharrezkoak dira. Foru diputatuaren erantzuna barne hartzen duen idazkiak dio ez dela eskumenen arloan gehiegikeriarik burutu edo portaera desegokirik antzeman.
Erantzun horrek ekarpen ekonomikoa zuen hizpide, aldundiak abenduaren 27ko 12/2012 FORU ARAUAren barruan sartu duena (horren bidez, 2013. urterako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak onetsi dira).
Beste gatazka bati dagokionez, unibertsitatekoa ez den hitzartutako irakaskuntza hain zuzen ere, kexa baten bidez desadostasuna adierazi zen hezkuntzako arloan funtsezko zerbitzua mantentzeko gutxieneko zerbitzuen aurrean. Enplegu Sailera jo zuela aditzera eman zuen eta, dirudienez, bertan arreta eskaini zion pertsonak jakinarazi zion ez zeukala jarduteko aukerarik estatuak ezartzen baititu.
Ahoz emandako informazioari buruz ari zenez, gure iritzia helaraztea erabaki genuen, hau da, autonomia erkidegoko administrazioaren eskumena dela. Horrez gain, azaldu genuen zerbitzuak ezarri dituen 2013ko urriaren 16ko aginduak berak adierazi duela zein den eskumena duen organoa (Eusko Jaurlaritza) unibertsitatekoa ez den hezkuntzaren arloan zerbitzu horien edukia ezartze aldera, funtsezko zerbitzutzat jo dena hain zuzen ere.
Zerbitzuen nazioz gaindiko eskaintzaren baitan Espainiara lekualdatu diren langileen kontratazioak ere kexa bat eragin du. Azaroaren 29ko 45/1999 Legeak jaso duen egoera bat da. Lege horrek zerbitzuen nazioz gaindiko eskaintzaren baitan lekualdatzen diren langileen gaia jorratu du.
Lege horrek, zioen azalpenean, aditzera eman du kide den estatu batek ezin diola kide den beste estatu batean ezarrita dagoen zerbitzu-emaile bati lurralde osotik bere langileekin modu librean lekualdatzeko aukera debekatu. Dena den, gogora ekarri du batasuneko zuzenbidea ez dela honen aurkakoa: kide diren estatuek euren legeria edo gizarte hizketakideek egindako lan hitzarmen kolektiboak zabaldu ditzaten eta bere lurraldean lana norbere kontura egiten duen langile oro barne har dezaten, behin-behinean bada ere, enpresaria zein herrialdetan ezarrita dagoen alde batera utzita.
Kexak legeak enpresentzat ezarri dituen baldintzen ez betetzea zuen hizpide, izan ere, egoera horietan esku-hartzea beharrezkoa da.
Esku-hartze hori Laneko Ikuskaritzaren arloaren barruan egongo litzateke (aipatutako 45/1999 Legearen 8. artikuluak jaso du, Laneko Ikuskaritza eta Gizarte Segurantza agintzen duen azaroaren 14ko 42/1997 Legeak xedatutako funtzioak betez) baina, eremu horretako laneko ikuskaritzarekin egiaztatu ostean, esan dezakegu gaia ikertzeko kexan jasotakoak baino datu zehatzagoak beharrezkoak direla. Horregatik, interesdunei esan genien enpresek ez-betetzeak burutu dituztela jakinez gero, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren Laneko Ikuskaritzarekin harremanetan jarri beharko liratekeela.
3.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Kexen atalean aipatu dugu horietako askok zerbitzuen funtzionamenduarekin zerikusia izan dutela. Ezin dugu baieztatu kexak funtzionamenduaren erradiografia bat direnik baina jaso dugun horiek ez dute zehaztasunik ematen beste arlo batzuetan gertatzen denaren inguruan; horrez gain, ez da erantzunik eza edo kexagileek jaso duten tratua hizpide duen kexarik jaso.
Adinekoen egoitzen eremuan egon den gatazkak Arartekoaren kezka piztu du, gai horren ondorioz betidanik kezkatuta egon den arren; izan ere, egoera horrek pertsona askoren lan baldintzetan eragina edukitzeaz gain, zerbitzuaren kalitatean ere eragina dauka. Espero dugu, finantzazio arazoak izan dituzten zentro hitzartuen kasuan gertatu den bezala, gatazkaren arrazoia bideratzeko aukera egotea.
15.Hirigintza eta lurralde antolamendua
1.Arloa kopurutan
Hirigintza eta lurralde antolamenduaren arloan, Arartekoak gai horren inguruan egindako esku-hartzeak biltzen dira; horren barruan sartzen dira hiri-antolamendua, lurzorua urbanizazioaren bidez eta ondoko eraikuntzaren bidez hirigintza aldetik eraldatzeko prozesua eta hirigintzako legezkotasunaren babesa.
Hirigintza eta lurralde-antolamenduaren arloan kudeatutako kexa-espedienteak 73 izan dira guztira, hau da, bideratu diren erreklamazio guztien %2,73. Eragindako administrazioen arabera, modu honetan banatzen dira:
– Tokiko administrazioa 62
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 2
– Foru administrazioa 1
Azpiarloak, berriz, honakoak izan dira:
– Hirigintzako diziplina 7
– Hirigintzako informazioa eskuratzea 9
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 8
– Hirigintzako kudeaketa 4
– Lurraldearen antolamendua 3
– Beste alderdi batzuk 1
– Irisgarritasuna 1
Izapidetze-egoerari eta emaitzari dagokienez:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
169 | 59 | 93 | 40 | 39 | 14 | 17 |
Ekitaldi honetan arlo horretako erreklamazio-kopurua mantendu da. Arartekoaren aurrean aurkeztutako gaiek aipatzen jarraitzen dute, besteak beste, administrazioak ez duela esku hartzen hirigintzako salaketak edo hirigintzako kudeaketatik eratorritako arazoak direla eta.
Arartekoak alor horretan duen eraginkortasun mailari dagokionez, kontuan hartu behar dugu arlo horretan Arartekoaren ebazpen kopurua handitu egin dela. 2013an zehar 12 ebazpen egin dira, gure web orriko dagokion atalean kontsulta daitezkeenak. Bertan, azaldutako arazo desberdinei buruzko gomendioak, iradokizunak eta ondorioak aurkeztu ditugu.
Espedienteen artean Arartekoaren aurrean aurkeztutako erreklamazio batzuen aldeko erantzuna azpimarratu behar dugu. Hainbat toki-administraziok lizentziarik gabe egindako obrei buruzko hirigintzako legezkotasuna betearazteko aurkeztu diren salaketak izapidetu eta ebatzi dituzte. Konpondutako beste gai batzuk honekin lotuta daude: udalaren esku-hartzea beharrezkoa dela jabetza publiko eta pribatuak osasungarritasuneko, higieneko eta apaingarri publikoko baldintza egokietan daudela bermatzeko. Adibidez, Guardiako auzotar talde bat kexu zen Guardiako Udalak ez ziolako udal lurzati bat garbitzeko eta egokitzeko eskaerari erantzun. Informazioa eskatu eta gero, kexagileek jakinarazi digute lurzatia garbitzeari ekin diotela.
Hirigintzako espedienteen eskuragarritasunari dagokionez, herritarren elkarte batek adierazi zigun zailtasunak zeudela Donostiako Udala eraikin bat aurri egoeran zegoela aitortzeko izapidetzen ari zen hirigintzako espedientea kontsultatzeko. Elkartea udal bulegoetara joan zen espedientea aztertzeko helburuarekin. Udalak elkarteko kideei esan zien une horretan eskaera zerbitzu teknikoak jakinarazten ari zirela. Beste une batean joan zirenez eta ezin izan zutenez dokumentazioa kontsulatu, hirigintzako informazio horretarako sarbidea berariaz eskatzea erabaki zuten eta Arartekora jo zuten. Erreklamazio horren ondorioz, udalaren hirigintzako zerbitzuko teknikari arduradunekin harremanetan jarri ginen. Udalaren zerbitzuek jakinarazi digute elkartearen eskaera jaso dutela eta espedientean dagoen dokumentaziorako sarbidea ahalbidetzeko neurri egokiak hartuko dituztela berehala.
2.Kexarik aipagarrienak
2.1. Lurzoru urbanizaezinean dauden eta interes publikokotzat jo diren eraikinak
Aurten aztertu dugun erreklamazio batean, pertsona batek adierazi digu Erriberagoitiko Udalak lurzoru urbanizaezinean dagoen lurzati batean biltegi-aterpe bat eraikitzeko hirigintzako lizentzia ezetsi diola. Eraikin hori eraikitzeko alegatu duen arrazoia da jasaten duen patologia tratatzeko egonaldi-leku bat prestatzeko beharra duela. Kexagileak sentikortasun kimiko anizkoitz izenaz ezagutzen den gaixotasuna daukala egiaztatu du. Gaixotasun horrek eskatzen du leku urbanizatuetan egon ohi diren eragile kimiko eta toxikoekiko esposizioa saihestea; eragile horiek, besteak beste, konposatu organiko lurrunkorrak edo beste produktu toxiko batzuk dira. Tratamendu horretarako lekurik aproposena, ingurune naturala izateagatik eta patologia horrek eskatzen dituen ingurumen-ezaugarriengatik, kexagilearen ustez, landa-lurzati hori da. Kexagileak azaldu du udal-txostenak berariaz adierazi duela posible litzatekeela ekipamendu hori baimentzea, betiere interes publikotzat joz gero hirigintzako arau subsidiarioek jasotzen dutenaren arabera. Nolanahi ere, kexagileak bere kexa-idazkian adierazi du erakundeek erantzun aktibo bat eman behar dutela berak jasaten duen egoeraren antzeko kasuetan, eta patologia hori modu egokian tratatzeko egonaldi-lekuen prestaketa zaildu edo eragozten duten egoerak saihestu behar dituztela.
Arartekoaren 2013ko otsailaren 19ko ebazpenean, azaldu dugu toki-administrazioak direla hirigintzako antolamendurako eta udal-mugarteko lurzoruaren erabilera kontrolatzeko eskumena duten organoak. Toki-administrazioek egiaztatu behar dute aurkeztutako eraikitzeko proiektua udal plangintzan jasotako zehaztapenekin eta hirigintzako legezkotasunarekin bateragarria dela. Lurzoru urbanizaezinaren antolamenduak lurraldea antolatzeko tresnetan jasotako xedapenak kontuan hartu behar ditu, baita lurraldearen antolamendurako artezpideak eta gainerako arloko planak edo garapenerako plan partzialak ere. Aztertzen ari garen kasuan, antolatzeko tresnek, basoen babeserako eremu gisa kalifikatutako lurzoruen barruan, interes publikoko jarduerei lotutako eraikinen eraikuntza barne hartzen dute. Nolanahi ere, ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak, 28.5.a) artikuluan lurzoru mota horretan zuzkidurak, ekipamenduak eta jarduerak ezartzeko aukera ematen duen prozedura xedatzen du. Xedatutakoaren arabera, dagokion lizentzia eskuratu aurretik, foru aldundiaren ebazpenak interes publikotzat jo behar du. Hala ere, aztertzen ari den kasuan, foru organoaren erabakiak ez du interes publikotzat jo eta ezespen hori hirigintzako irizpidean oinarritu du, berari ez dagokiona. Bestalde, sentikortasun kimiko anizkoitza duten pertsonen arazoa eta egoera okerragora joan ez dadin prebentziozko neurriak hartzeko beharra Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluari jarraiki botere publikoek herritarren osasuna zaintzeko duten beharraren araberakoak dira. Era berean, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak zehazten du osasuna babesteko jarduerak eragile kimiko, fisiko eta biologikoek osasun publikoan izan ditzaketen ondorioak saihestera zuzenduta daudela. Jadanik diagnostikatutako sentikortasun kimiko anizkoitza daukan kexagileak eragile kimikoen eragin txikiagoa jasotzen duen toki bat behar du aldi baterako tratamendurako. Ingurune egoki hori nekez koka daiteke hiri-lurzoruan, produktu mota horiekin harremanetan egoteko arriskua baitago, beraz, landa-ingurunean lokalizatzeko eskaera justifikatuta egongo litzateke. Zentzu horretan, interes publikoko aitorpenari dagokionez, foru organoak, abiapuntu gisa, kexagileak bere eskaeran adierazitako gertakariak eta inguruabarrak hartu beharko lituzke kontuan horren inguruan egokiena iruditzen zaiona ebazteko.
Erreklamazio horrekin lotuta, gomendio bat bidali genion Arabako Foru Aldundiko Hirigintza Sailari, sentikortasun kimiko anizkoitza duen pertsona baten aldi baterako tratamendurako erabiliko den eraikin bat interes publikokoa den balioets zezan, ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak, 28. artikuluan zehazten duenaren arabera. Halaber, Erriberagoitiko Udalera jo genuen, Arabako Foru Aldundiak eraikinaren herri-onuraren aitorpena berriro balioetsi ostean hirigintzako eta lurralde-antolamenduko legeriak jasotako moduan lizentziaren eskaera ebazteko. Era berean, egungo plangintza-arauek interes publikoko eraikuntzak lurzoru urbanizaezineko kategoria horretan kokatzeko aukera jasotzen ez dutela uste izanez gero, udal horrek irizpide hori aldatzeko aukera balioetsi beharko luke eta eraikuntza horiek Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetan eta EAEko Nekazaritza, Basozaintza eta Landa Inguruneko Lurraldearen Arloko Planean jasotakoaren arabera gaineratu. Administrazio biek ez dituzte ebazpen horretan jasotako gaiak onartu.
2.2. Arkitektura-oztopoak dituzten egoitza-eraikin kolektiboetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharra, bereziki igogailuak instalatuta
2013. urtean otsailaren 5eko 2/2013 gomendio orokorra bidali da gai horren inguruan. Gomendio horren jatorria Barakaldoko auzotar batek, igogailurik gabeko etxe batean bizi denak, helarazitako kontsulta bat da. Haren bizilekuan mugikortasun-arazo bat duen pertsona bat bizi da, eta arazo hori hain larria da ezen ezin baita etxetik atera. Esan digu arazoa bere jabekideen erkidegoan azaldu duela baina ez dagoela arazoa konpontzeko asmorik. Nabarmendu du etxetik ateratzeko eskubidea daukala eta gaineratu du betebehar bat izan beharko litzatekeela etxeek igogailua edukitzea. Igogailuak instalatzea eta irisgarritasuna bermatzea betebehar bat da garaiera bat baino gehiagoko eraikin guztietan, bai erabilera publikokoetan bai pribatukoetan, Euskadin. Hala ere, denok jakitun gara oraindik irisgarritasun-arazoak daudela eskakizun horiek indarrean sartu baino lehen eraikitako eraikin askotan. Eustaten 2010eko datuen arabera, EAEko etxebizitzen %34k baino gehiagok ez dute etxebizitzaren eta higiezineko gainerako espazio pribatiboen arteko irisgarritasun-arazoa behar bezala konponduta. Horrenbestez, biztanleriaren zati handi bat irisgarritasun-baldintza egokirik gabeko etxebizitzetan bizi da, eta beraz, herritar moduan dituzten eskubideak erabiltzeko arazo larriak dituzte edo izango dituzte etorkizun hurbilean. Lehendik eraikitako eraikinetan irisgarritasun unibertsala bermatuko duen legezko esparrua ezartzeko zailtasunak askotarikoak dira. Alde batetik, etxebizitza-parke horretan irisgarritasun-plana ezartzeak ekar dezakeen kostu ekonomikoa dago. Beste alde batetik, eraikinen forma zehatzak eragin ditzakeen zailtasun teknikoak daude. Kontuan hartu beharreko beste eragozpen bat jabetza horizontala taxutzeko araubidea da. Jabetza horizontalari buruzko legeriaren eskumen-esparrua Gorte Nagusiei dagokie eta behin baino gehiagotan aldatu du instalazioaren alde egiteko araudia. Dena den, interes partikularren desadostasunak kasu askotan oztopo horiek ezabatzeko zailtasunak dakartza. Herritarrek azaltzen dizkiguten arazoak askotarikoak dira: etxebizitza guztietara iristea ahalbidetuko duen igogailua instalatzeko eraikineko jabe guztien adostasuna lortzeko zailtasuna, edo proiektua eraikinen segurtasunerako eta bizigarritasunerako araudiarekin bat etorri behar izatea. Gainera, behin erabaki bat hartuta, ez da beti posible izaten oztopoa eraikinean bertan edo erkidegoaren lurzati pribatuaren baitan kentzea. Arartekoaren gomendio horren helburua Euskadiko botere publikoen jarduera-esparrua balioestea eta aztertzea da, egoitza-eraikinen barruan arkitektura-oztopoak kentzea ahalbidetuko duten tresnak eskuratzearen inguruan. Bestalde, proposatu dugu eraikinen birgaitzea eta hiria biziberritzea arautzen dituen araudia era egokian garatzea, eraikinaren irisgarritasun osoa eraikinen kontserbazioarekin lotutako betebehar gisa berariaz gehi dezan. Araudi hori aplikatuz, Eusko Jaurlaritzak, udalekin koordinatuta, hiria biziberritzeko tresnen garapena sustatu behar du –teknikoki eta ekonomikoki–, halako guneetan non herritarren zati esanguratsu bat eraikin gehienek irisgarritasun-arazoak dituzten eremu batean bizi den. Lehendik eraikitako eraikinetan igogailuak instalatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza arloak eraikinetan segurtasun eta bizigarritasun egokia bermatzeko kontuan hartu beharreko gutxieneko irizpide teknikoak eta espazioak antolatzeko irizpide batzuk zehazteko jarraibideak eman behar ditu. Era berean, udalek lehendik eraikitako eraikinetan igogailuak instalatzeko eta, hala balegokio, espazio publiko zein pribatuak betetzeko beharrezkoak diren segurtasun- eta bizigarritasun-irizpide teknikoak jaso eta moldatu beharko lituzkete euren eraikuntza-ordenantzetan.
2.3. Udalek esku hartzeko beharra Diogenesen sindromearen eta antzeko nahasmenduen ondorioz etxebizitza batzuetan dagoen osasungarritasunik eza konpontzeko
Arartekoak 2013ko abenduaren 9ko ebazpena helarazi dio Bilboko Udalari, hondakin kopuru handia pilatu duen etxebizitza bateko osasungarritasunik ezaren ondoriozko arazoa konpontze aldera esku har dezan. Higiezin baten jabekideen erkidego batek etxebizitza bateko osasungarritasun eta higienerik eza azaldu zigun. Bertan, ustez Diogenesen sindromea izeneko gaixotasun bat zeukan pertsona bat zendu zen. Higiezin horretako auzotarrak etxebizitzan pilatzen zuen zikinkeriaren ondoriozko eragozpenen kexu ziren. Etxebizitzaren titularra hil zenez eta jaraunslerik ez zegoenez, ezin zen jabetzan esku hartzeko eskatu. Horregatik, agintaritza eskudunaren esku-hartze subsidiarioa proposatu zen, zikintasunak eragindako eragozpenak eta horrek eraikinean sor litzakeen infekzio-fokuak saihesteko. Gure eskaerari erantzunez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bisita bat egin zion etxebizitzari. Etxebizitzaren kanpoaldearen ikuskaritzan, inork ez zuen atea ireki eta ez zen osasun publikorako arriskua adierazten zuen kanpo aztarnarik antzeman. Txostenak adierazi zuenez, garbiketa etxebizitzaren jabeari zegokion, eta udalak agintaritza judizialaren berariazko aginduaz baino ez du jabetza pribatuan jarduten. Kasu horretan, gertakariek etxebizitzan egon daitekeen osasungarritasunik eza ohartaraztea eragin digute. Horregatik, Bilboko Udalari etxebizitza bateko osasungarritasunik eza konpontzeko esku har dezan gomendatzen diogu. Izan ere, udal administrazioaren erantzun azkarra behar da etxebizitza ikuskatzeko. Jabea ez zegoenez, ezin izan zen etxebizitzaren barrualdea ikuskatu, eta hori ordenamenduak aurreikusten dituen beste proba-mekanismo batzuen bidez (salatzaileek aurkeztutako deklarazio eta frogak, beste erakunde batzuen txostenak, gizarte zerbitzuen informazioa…) zuzendu behar da. Edonola ere, bildutako ebidentziak ikusita, uste dugu osasungarritasun publikoko betebeharrak betetzen direla bermatzeko neurriak hartu eta egokiak diren betearazpen aginduak eman behar direla. Arartekoaren gomendioak orobat proposatu du horrelako kasuetan esku hartzeko jarduteko udal protokolo bat egin dadila, salbuespenezko inguruabar pertsonal baten ondorioz (hala nola Diogenesen sindromea edo antzeko nahasmenduak) etxebizitzetan hondakinen pilaketa gertatzen denerako. Kasu horietan, udalaren esku-hartzeak koordinazioa eskatzen du udaleko hainbat arlo eta zerbitzuren artean (osasun publikoa, hirigintza, gizarte zerbitzuak). Era berean, administrazioaren jardunak era azkarrean ebatzi behar du, jabetzatik eratorritako betebeharrak eta eskubideak zehaztuz eta konstituziozko garantiak, hala nola beharrezkoa den baimen judiziala lortu ondoren bizilekuan sartzea, zainduz.
2.4. Hirigintzako arau-hausteen eta zigorren araubidea
Arartekoak nabarmendu du aintzat hartu behar dela administrazio-ahalak –ikuskaritza, hirigintzako legezkotasunaren babesa, urratutako ordena berrezartzea eta arau-hausteak zigortzea– era xedaezinean eta utziezinean gauzatu behar direla.
Edozelan ere, jurisprudentziak administrazioaren ahal horien gauzatzea mugatu du. Administrazioaren jarduera prozeduran oinarritu behar da guztiz eta, herritarrekin dituen harremanetan, objektibotasun- eta proportzionaltasun-printzipioak aintzat hartu behar ditu. Prozedura administratiboari esker, herritarrek erabakiak haien banakako eskubideak errespetatuz hartzen direlako bermea daukate. Objektibotasuna zentzu honetan: ahala legezkotasuna berrezartzean datzan xede publikoa lortzeko gauzatu behar da. Proportzionaltasuna zentzu honetan: administrazioak erabiltzen dituen bitartekoak, helburuari dagokionez, egokiak izan behar dira eta ez dira gehiegizkoak izan behar. Zentzu horretan zehaztu behar dugu, hirigintzako legeriak ezarritakoarekin bat eginez, dagokion lizentziarik gabe egindako obren eta erabileren aurrean udalak hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko eskatu behar duela bai eta, hala balegokio, zigortzeko espedienteari hasiera eman ere.
Utziezinak diren ahal horiei hasiera eman ahal izateko, udalak epeei, preskripzioari eta herritarraren bermeei dagokienez hirigintzako legerian tasatutako prozedura jarraitu behar du. Aipatu behar da ahal horiek guztiak epe batzuen menpe daudela. Hirigintzako antolamendua berrezartzeari dagokionez, antolamendutik kanpo egindako obrak amaitu eta gero lau urte igaro badira, administrazioak ezin izango du eraisteko agindu. Zigortzeko ahalari dagokionez, preskripzio-epeak ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak, 229. artikuluan ezartzen dituenak dira.
Printzipio horren arabera, Arartekoaren 2013ko otsailaren 26ko ebazpenaren bitartez, Zumarragako Udalari gomendatu zaio lursail baten gehiegizko aprobetxamenduagatik igorritako balorazioa eta ondorengo likidazioak bertan behera utz ditzala.
Hirigintzako arloan zigortzeko ahala egikaritzeari dagokionez, Elorrioko Udalari Arartekoaren 2013ko uztailaren 5eko ebazpena helarazi diogu. Horren bitartez gomendatu zaio hirigintza-araudia urratzeagatiko isun bat ondorerik gabe uztea. Kasu horretan, isuna baserri baten birgaitze-obretako zuzendari teknikoei ezarri zieten, udal lizentzian aintzat hartu gabeko egokitzapeneko obra batzuk egiteagatik. Kexaren sustatzaileek adierazi dute ez direla obra osagarriak egitearen errudunak eta, horrenbestez, lizentziak bermatutako obra nagusiko zuzendari teknikoei ez zaiela automatikoki hedatu behar zigortzeko erantzukizuna. 2/2006 Legeak 228. artikuluan ezartzen du hirigintzako arau-hausteen erantzukizuna zenbait subjekturi dagokiola modu independentean; kasu honetan, erabileren sustatzaileei eta higiezinen jabeei. Hala ere, erantzukizuna zenbait subjekturi esleitu behar izateak ez du salbuesten dagokion zigortzeko espedientean erantzuleari gertaerak behar bezala egotzi behar izatetik. Aipatu isunaren bakoizte printzipioaren arabera, derrigorrezkoa da behar adina proba eskatzea zuzendari teknikoek obra osagarrietan egindako zuzendaritza-lanetan erruduntasunik izan duten frogatzeko.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aipatu behar da ekainaren 26ko 8/2013 Legea, birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta –berrikuntzari buruzkoa, onartu dela. Lege horrek eraikinak birgaitzeko eta hiri-inguruneak berroneratzeko eta berritzeko jardueren baldintzak arautzen ditu. Haren helburua bizi-kalitatea eta etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko eskubidearen eraginkortasuna hobetzea da.
Bestalde, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege-Dekretuak, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onartzen duenak, hainbat xedapen orokor jasotzen ditu gune publiko urbanizatuen eta eraikuntzaren arloko irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzei buruz.
4.Ekintza-planaren esparruko bestelako jarduerak
Ekintza-plan honetan jasotako proposamenek lotura zuzena dute ingurumen arloko planean sartutakoekin, bereziki ingurumenaren eremuan jarduten diren elkarteekin batera aurreikusitako jardunei dagokienez.
4.1. Gomendio orokorra
2013. urtean otsailaren 5eko 2/2013 gomendio orokorra egin da. Horren bitartez adierazi da arkitektura-oztopoak dituzten egoitza-eraikin kolektiboetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharra, bereziki igogailuak instalatuta.
Gomendio horrek Eusko Legebiltzarrean maiatzaren 17ko 81/2013 ez-legezko Proposamena, gune publiko eta pribatuen irisgarritasun unibertsala bermatzeari buruzkoa, egiteko aukera eman du. Proposamen horrek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bederatzi hilabeteko epean prestatu dezala eraikinen birgaitze eta berrikuntzarako laguntzei buruzko araudiaren aldaketa, irisgarritasuna hobetzeko beharrezkoak diren lanak gehituta, laguntza horiek eskuratzeko bete beharreko baldintza gisa. Orobat jasotzen du igogailuak ipintzea ahalbidetuko duten neurri legal, tekniko eta ekonomikoak sustatzea.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Hirigintzaren arloan, hiria biziberritzeko eta eraikinak birgaitzeko egoitza-eraikinen barruan arkitektura-oztopoak ezabatzea ahalbidetzen duten tresna bizkorrak behar dira. Horretarako, eraikinen birgaitzea eta hiria biziberritzea arautzen dituen araudia garatu behar da, eraikinaren irisgarritasun osoa eraikinen kontserbazioarekin lotutako betebehar gisa berariaz gehi dezan. Hori egiteko, Eusko Jaurlaritzak, udalekin koordinatuta, hiria biziberritzeko tresnen garapena sustatzen jarraitu behar du, halako guneetan non herritarren zati esanguratsu bat eraikin gehienek irisgarritasun-arazoak dituzten eremu batean bizi den.
Lehendik eraikitako eraikinetan igogailuak instalatzeari dagokionez, gune publiko eta pribatuen antolamenduan eta eraikinetan segurtasun eta bizigarritasun egokia bermatzeko kontuan hartu beharreko gutxieneko irizpide teknikoak eman behar dira.
Toki-administrazioek modu egokian erantzun behar diete aurkeztutako salaketei, eraikin eta lurzati pribatuen jabeek kontserbatzeko eta birgaitzeko betebeharrak betetzen dituztela bermatzeko. Modu horretan, udalek salbuespeneko kasuetan, esaterako patologia baten ondorioz (hala nola Diogenesen sindromea edo antzeko nahasmenduak) etxebizitzetan hondakinak pilatzen direnean, esku hartzeko protokoloak eduki behar dituzte. Kasu horietan, udalaren esku-hartzeak koordinazioa eskatzen du udaleko hainbat arlo eta zerbitzuren artean (osasun publikoa, hirigintza, gizarte zerbitzuak). Era berean, administrazioaren jardunak era azkarrean ebatzi behar du, jabetzatik eratorritako betebeharrak eta eskubideak zehaztuz eta konstituziozko garantiak, hala nola beharrezkoa den baimen judiziala lortu ondoren bizilekuan sartzea, zainduz.
16.Etxebizitza
1.Arloa kopurutan
2013. urtean, gaitzetsi diren kexak edo beste herriaren defendatzaileren bati helarazitakoak kanpo utzita, guztira 155 espediente kudeatu dira etxebizitzaren arloan. Hau da, Ararteko erakundean izapidetutako guztien %5,79. Dagozkien administrazioen arabera, honela sailkatzen dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 103
– Tokiko administrazioa 23Bestalde, gaiei erreparatuta, honela sailkatu dira:
– Etxebizitza babestuaren alokairua 73
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 36
– Etxebizitzarako sarbidea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura 28
– Beste alderdi batzuk 14
– Kalteak etxebizitza babestuetan eraikitze akatsengatik 4
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen izapidetze prozesuaren xehetasunei dagokienez, 2013. urtean jaso diren kexa guztiak, 2012ko urtarrilaren 1ean abian zeuden kexak barne, txosten hau idatzi zen unean, ondorengo egoera honetan zeuden:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Herritarrei aholkuak eta informazioa ematea | Gerora ez dira onartu |
169 | 59 | 93 | 40 | 39 | 14 | 17 |
Hurrengo atalean nabarmendutako kexen gainean egin den azterketan ikusi ahal den moduan, herri-administrazioak harberak izan dira Ararteko erakundeak egin dituen proposamen eta gomendioen aurrean. Horren emaitza izan da herritarrek salatu dituzten jarduera okerren portzentaje altu bat modu positiboan konpondu dela.
Dena den, erantzuteko erabilitako epeei dagokienez, egiaztatu dugu Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak gure laguntza eskaerei erantzun diela baina erantzun horiek horretarako ezarritako epea behin amaituta heldu izan direla eta, ondorioz, askotan zegokion errekerimendua bidali behar izan dugu.
2.Kexarik aipagarrienak
Etxebizitza arloaren barruan dauden gaien sailkapenari jarraituz, herritarren erreklamazioa eragin duten kontu nagusiak aztertuko ditugu jarraian.
2.1. Etxebizitza eskuratzea: premia frogatzea eta esleitzeko prozedura
Urtearen hasieran etxebizitza eskatzaileen erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko agindua indarrean sartu eta gero, hainbat kontsulta eta kexa jaso ditugu arau horrek babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozeduretan eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren kudeaketan gaineratu dituen aldaketen ondorioz. Herritarren erreklamazioek gora egin dute aipatutako araudiaren ondoriozko aldaketen berezitasun eta garrantziagatik, izan ere, lehengo arauketa modu uniformean aplikatu izan zen urte askotan zehar.
Egia esan, aztertu ditugun espedienteetan (horiei lotutako esku-hartzea amaitu dugu txosten hau bukatzerakoan) ez dugu antzeman kontsultek hizpide izan dituzten kontuek babestutako etxebizitza eskatzaileen eskubideak edo interesak gutxitu direla adierazi dutenik eta, zentzu horretan, gure esku-hartzea, funtsean, legeen testuinguru berriari buruzko aholkularitza eta informazio lana izan da.
Erreklamazio gehien eragin dituzten gaiak honako hauek izan dira: Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan babestutako etxebizitzaz gozatzeko erregimen bakar batean izena emateko aukera (hau da, erosketa edo alokairua); alokairuko etxebizitza baten onuradun izatea eta erosketa erregimenean izena ematea bateraezinak izatea; babestutako etxebizitza baten esleipen bakar bati uko eginez gero Eskatzaileen Erregistroan baja ematea eta etxebizitzarik ez edukitzeari buruzko betekizunetik salbuetsita dauden jabeen edo beste eskubide erreal batzuen titularren kasuan, erosketa erregimenean etxebizitza babestua eskuratzeko ezintasuna.
Iazko txostenean aipatu genuen bezala, oraindik ere babes ofizialeko etxebizitzen esleipendun izan diren eta etxebizitza aldaketa eskatzen duten familiek aurkeztutako kexak jasotzen ditugu. Aurten aztertu ditugun kexen artean honekin topo egin dugu: herritar batek adierazi zuen bere familia handitu zela azken urtetan eta, ondorioz, esleitutako etxebizitzak ez zuela gutxieneko legezko ratioa betetzen.
Kexagileak gure esku-hartzea eskatu zuen Alokabide sozietate publikoari etxebizitza aldatzeko eskatu ziolako baina birkokatzeko eskaera gaitzetsi egin zuten.
Kexa behin aztertuta, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari azalpen txosten bat eskatu genion, kexagilearen eskaera ukatzeko arrazoien berri edukitzeko asmoz. Gure lankidetza eskaerari erantzunez, sailak aitortu zuen eskatutako etxebizitza aldaketa onartzeko legezko baldintzak betetzen zituen aztertu behar zela eta, azkenean, Etxebizitzako Arabako Lurralde Ordezkaritzak zegokion ebazpena eman ostean, kexagileak bere familia unitatearen esparru beharrei egokitzen zen etxebizitza batera joan ahal izan zen.
2.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Aurten antzeman dugu alokairuen errenta jaisteko eskatu duten babes publikoko etxebizitzen errentariek aurkeztu dituzten kontsulten eta kexen kopuruak gora egin duela. Zalantzarik gabe, ekonomia eta lan arloko ezegonkortasun egoerak, hainbat pertsona eta familiek pairatzen dutenak, azaltzen du zergatik hileko errentak garestitzeak kalte ekonomiko larria eragin dezakeen.
Aurrekoaz gain, kontuan hartu behar da alokairu pribatuen errentak modu nabarmenean merkatu direla, hortaz, herri-administrazioek nahitaez aztertu behar dute alokairu publikoak egun bizi dugun egoerari egokitzeko aukera, zehatzago esanda, etxebizitza babestua behar duten pertsonen familia-ekonomiari egokitzeko aukera.
Horri lotuta, aintzat hartu behar da Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2013ko uztailean aditzera eman zuen “2012an alokairu-politikaren ebaluazio txostena”. Bertan adierazi da, azken urtetan, alokairu publikoen errenten eta alokairu pribatuen errenten ibilbideak elkarrengandik urruntzen ari direla eta aipatu da, batez beste, babestutako errentaren zenbatekoa %24 garestitu den bitartean, merkatu librearen errenta %4,5 merkatu dela.
Alokairu publikoen zenbatekoari dagokionez, hain zuzen ere, aurten kexa-espediente bati amaiera eman diogu eta, bertan, alokairu publikoen kasu batzuetan jarduera desegokia eta neurriz kanpokoa izan dela baloratu dugu eta, ondorioz, honako gomendio hau egin genuen: “Arartekoaren 2012ko azaroaren 12ko ebazpena”. Horren bidez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari gomendatzen zaio 2010eko azaroaren 3ko agindua baino lehenagoko araudiaren bidez erregulatutako alokairu publikoen prezioak modulatu daitezen arrazoizkoagoak izan daitezen, errentaren urteroko eguneratzean mekanismo zuzentzaile egokiak ezarriz.
Babestutako etxebizitza baten alokairuaren neurriz kanpoko garestitzea salatu zuen herritar baten kexa aztertu ostean ondorioztatu genuen, babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak zehazteari buruzko 2010eko azaroaren 3ko agindua indarrean sartu ondoren, arau hori baino lehenagoko alokairuko kontratuek ezarritako errenten eguneratzeari buruzko erregulazioa desegokia zela eta horrek errentak gehiegi garestitzea eragin zezakeela eta, gure ustez, hori guztia egungo gizarte errealitatearen aurkakoa izateaz gain etxebizitza behar duten pertsonei bermatu behar zaien babesaren kontrakoa da.
Horregatik, dagoeneko existitzen ez den Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari gomendatu genion 2010eko azaroaren 3ko agindua indarrean sartu aurretik adostutako alokairuen eguneraketak azter zitzan eta beharrezkoak ziren neurriak har zitzan alokairuen prezioak modu neurrigabean igotzea eragiten zuten eguneraketa horiek baretzeko.
Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak aurten erantzuna bidali du eta ez du onartu kexagilearen errenta modu neurrigabean igo zenik. Halaber, ez du gure eskaera onartu, hau da, 2010eko azaroaren 3ko agindua baino lehen zegoen araudiaren arabera erregulatutako alokairu publikoen errentak zuzentzeko mekanismoak ezartzeari buruzkoa.
Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari zenbait gomendio bidaltzea eragin duen beste gai bat hauxe da: “Etxebizitza Hutsen Programa” (Bizigune) delakoaren barruan dauden etxebizitzak zein egoeratan itzuli behar diren. Aipatutako programa publikoaren barruan laga eta alokatu zituzten etxebizitza batzuen jabeek gure esku-hartzea eskatu zuten sailak etxebizitzetatik desagertu ziren altzariak eta tresnak ordezkatzeari eta bertan antzemandako gabeziak konpontzeari uko egin ziolako. Bi erreklamazioak aztertu ondoren, ebazpenak eman genituen: “Arartekoaren 2013ko otsailaren 18ko ebazpena; horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak, ‘Etxebizitza Hutsen Programa’ (Bizigune) delakoan gaineratutako etxebizitzen errentamendua amaitu ondoren, euren jabeei itzultzean etxebizitzek izan behar duten egoera zehazten da” eta “Arartekoaren 2013ko martxoaren 1eko ebazpena; horren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak, ‘Etxebizitza Hutsen Programa’ (Bizigune) delakoan gaineratutako etxebizitzen errentamendua amaitu ondoren, euren jabeei itzultzean etxebizitzek izan behar duten egoera zehazten da”.
Bi gomendioetan, amaitzeko, adierazi genuen sailak, alde batetik, jabeei altzariak eta tresnak ordezkatzeko eskubidea aitortu behar diela (edo, modu subsidiarioan, dagokion ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea) eta, bestetik, etxebizitzak aipatutako programa publikoan sartzeko beharrezkoa den mandatu-kontratuaren ereduak berrikusi behar dituela eta etxebizitzarekin batera uzten diren altzari eta tresnen inguruan dagozkion xedapenak gaineratu behar dituela.
Bi jarduera horiek Enplegu eta Gizarte Politiken aldeko konpromisoarekin amaitu dira, hau da, programa publikoaren baitan etxebizitzak lagatzeko kontratuak aldatzeko konpromisoa, “Etxebizitza Hutsen Programari” (Bizigune) buruzko araudi berria onetsi eta indarrean sartu ondoren. Azken hori 2013ko abenduaren 30ean argitaratu zen (abenduaren 23ko 466/2013 Dekretua).
Erreklamazioa aurkeztu zuten jabeek altzariak eta tresnak desagertu izanaren ondoriozko eragozpenengatik ordaina jasotzeko daukaten eskubideari dagokionez, sailak gure gomendioa baztertu zuen kasuetako batean eta bestean, aldiz, etxebizitzaren jabeak ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea zuela onartu zuen.
Atal hori ixte aldera aipatuko dugu, aurreko urtetan bezala, 2013an hainbat kexa jaso direla babes ofizialeko etxebizitzen eta “Etxebizitza Hutsen Programaren” (Bizigune) barruan dauden etxebizitzen errentarien eskutik. Horien bidez, fidantzak edo behar ez bezala ordaindutako hornidura-gastuak (ura, gasa eta elektrizitatea) itzultzerakoan egon diren atzerapenak salatu dituzte. Kasu gehienetan, Alokabide sozietate publikoak, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari atxikita dagoen sozietateak, behar bezala eta arin errentariek eskatu dituzten zenbatekoen itzultzea bideratu du.
2.3. Eraikuntza akatsen ondoriozko kalteak etxebizitza babestuetan
Etxebizitza babestuetan antzematen diren eraikuntza akatsek gatazka eragin ohi dute etxebizitzen esleipendunen eta herri-administrazioen artean. Batzuetan, administrazioek atzerapenarekin erantzuten diete eraikuntza akatsen ondorioz aurkeztutako erreklamazioei eta, horregatik, herritarrek gure esku-hartzea eskatu ohi dute, bai kexak hizpide duen alderdiarentzako erantzun formala eskuratzeko, bai administrazio eskudunak dagozkion konponketa neurriak abian jar ditzan.
Ikusi dugu jasotako kexen %80k alokairu erregimenean laga diren babes publikoko etxebizitzetan antzemandako akatsak aipatzen dituztela. Kasu horietan, funtsezkoa da argitzea zein den kexak hizpide dituen akatsen jatorria, konponketa herri-administrazioaren kargura egin behar den baloratu ahal izateko. Hala, adibidez, akatsak etxebizitzaren erabilera okerrak edo ohiko erabileraren ondoriozko higadurak eragindakoak baldin badira, konponketa errentariak berak egin beharko du. Edonola ere, garrantzitsua da administrazioak dagokion txosten teknikoa ematea eta bere ebazpenaren zentzua behar bezala arrazoitzea.
Aurten burutu diren esku-hartzeen adibide gisa, hauxe aipatuko dugu: “Etxebizitza Hutsen Programaren” (Bizigune) barruan zegoen etxebizitza bateko errentariak salatu zuen etxebizitza zenbait akatsekin eman ziotela eta kezka adierazi zuen, alokairuko kontratua amaitzerakoan eta fidantza itzultzeko unea heltzerakoan, beharbada azken hori atxiki ahal ziotelako berak eragin ez zituen kalteen konponketa bere ardura zela argudiatuz.
Laguntza eskaera bat igorri genuen Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari eta txosten batekin erantzun zigun. Horren bitartez azaltzen zen etxebizitzak (zenbait konponketa egin zituzten bertan) bizigarritasun baldintza bikainak zituela eta kexagileak helarazitako oharrak Alokabide sozietate publikoak zuen informazioan islatu zirela, etxebizitza itzultzerakoan eta errentariari fidantza itzultzeko unea heltzen denean aintzat har daitezen.
Kexa horrekin eta antzerako edukia zeukaten beste batzuekin egiaztatu da Enplegu eta Gizarte Politika Sailak alokairuko erregimenean laga diren edo etxebizitza hutsen programa publikoan gaineratu diren etxebizitza babestuetan antzematen diren akatsei buruzko erreklamazioak aurkeztea ahalbidetzen duten mekanismoak sendotzea beharrezkoa dela. Modu horretan, errentariek, beharrezkoak diren bermeekin, euren eskubideak defendatu eta eginbeharrak bete ahalko dituzte.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Atal honetan esku-hartze bat nabarmendu nahi dugu. Horri esker, bananduta dagoen eta seme adingabea bere kargura daukan ama batek esleitu zioten etxebizitza babestua erosteko oniritzia eskuratu ahal izan zuen.
Kexagileak salatu zuen Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan jakinarazi ziotela bere erosketa-kontratuak ez zuela zegokion baimena lortuko, euren ustez, ez zegoelako etxebizitza beharrei buruzko 2008ko apirilaren 16ko aginduan (une honetan indargabetua dagoena) jasotako etxebizitza behar egoeretako baten barruan. Dirudienez, lurralde ordezkaritza horretan ondorioztatu zuten agindu horren xedapenak bakarrik direla aplikagarriak senar-emazteak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan izena eman duten izatezko bikoteak banandu edo dibortziatzen direnean eta jakinarazi zioten bera eta bere bikotekide ohiak ez zutela egiaztatu aipatutako erregistroan izena eman zutenik.
Kexa horren izapidetzean zehar, hainbat lankidetza eskaera igorri genizkion dagoeneko existitzen ez den Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari kexagileak eta bere semeak banandu ostean esleitu zioten etxebizitza babestuaz gozatzeko duten eskubidea defendatze aldera. Une oro aipatutako aginduaren interpretazio ez-murriztailearen alde egin genuen, etxebizitzaren beharra egiaztatzen duten baldintzak betetzen dituzten bikote egonkor guztien kasuan aplikatu dezaten, lotura egonkor hori Izatezko Bikoteen Erregistroan jaso den ala ez alde batera utzita.
Horrez gain, argudiatu genuen aipatutako arauaren izaera eta xedea aintzat hartuko dituen interpretazioak tratu bera eman beharko liekeela senar-emazteen bizitzaren antzeko bizitza izan duten eta harremana haustearen ondotik etxebizitza premia larria duten horiei guztiei. Zentzu horretan, gure ustez, kexagileak babestutako etxebizitza eskuratzeko zuen eskubidea eztabaidaezina zen, izan ere, bikotekidearekin bizi zen bitartean seme bat eduki zuen eta haren legezko zaintza eta babesa berari esleitu zioten.
Azkenean, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak erakunde honek proposatu zuen interpretazioa onartu zuen eta kexagileak esleitu zioten etxebizitza babestua erosteko oniritzia lortu ahal izan zuen. Sailak ondorengo balorazioa helarazi zigun, etorkizunean antzerako kasuak egonez gero aplikagarria izango dena:
“Sail honen iritziz, izatezko bikote bat eratu dela jotzeko irizpidea aldatu behar da etxebizitza-premia izateko eskakizunari dagokionez. Horrela, baldin eta zuzenbideak onartutako beste bitarteko batek –Izatezko Bikoteen Erregistroan izena ematea ez dena– frogatzen badu izatezko bikote bat eratu dela, egoera salbuespenezkoa dela onartu behar da”.
2.5. Beste batzuk
Etxebizitza behar berezia daukaten taldeei dagokienez, aurten herritarrek aurkeztutako zenbait erreklamazio aztertu ditugu. Horien bidez, agerian jarri da higiezinen merkatuaren egungo baldintzak kontuan hartuta, irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzen jabeak zailtasunak dituztela esleitu dieten etxebizitza egokitua eskuratzeko.
Bi familiek (kideetako batek ezintasun fisikoa dauka) mahai gainean jarri zuten, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak euren jabetzakoa zen etxebizitza saltzeko eskaintzari uko egin zionez eta merkatu librean besterentzea ezinezkoa zenez, ez zeukatela baliabide ekonomikorik esleitutako etxebizitza egokitua erosi ahal izateko, premiazkoa bazen ere, euren jabetzakoa zen etxebizitza mugatua baitzegoen mugikortasunari dagokionez.
Bi kasuetan tartean zeuden administrazioei, hau da, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari eta Bilboko Udalari, eskatu genien konponbide bat bilatu zezaten familia esleipendun horiek etxebizitza egokituaz goza zezaten (alokairuko erregimenean lagaz edo bere jabetzakoa zen etxebizitza salduz) edo, modu subsidiarioan, babes ofizialeko etxebizitza egokitu bat alokairuan eman ziezaieten.
Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak zein Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak gure eskaerari erantzun zioten eta familia horientzat egokia zen alternatiba eskaini zuten, izan ere, euren borondatearen kontrako inguruabarren ondorioz, ez zeukaten baliabide ekonomiko nahikorik esleitutako etxebizitza babestua erosi ahal izateko.
3.Araudi- eta gizarte-testuingurua
2013. urtea amaitu zenean etxebizitzari buruzko Ez Legezko Proposamena zuzenketak aurkezteko fasean zegoen. Proposamen horren xedea Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea arautzea da. Azken urtetan aipatu izan dugu euskal herritarrek lege bat behar dutela etxebizitza batez gozatzeko eskubidea modu errealean eta eraginkorrean ziurtatzeko. Horregatik, espero dugu hurrengo ekitaldian, izapidetzen ari den legebiltzarreko ekimenari esker, oinarrizko gizarte zerbitzu hori finkatzeko aukera emango duen araua onestea.
Jorratzen duen arazoaren larritasunari erreparatuta, etxegabetzeak gelditzeari buruzko 1/2013 Ez Legezko Proposamenak nabarmentzea merezi du. Horren bitartez, Eusko Legebiltzarrak estatuko gobernuari, finantza erakundeei eta euskal herri-administrazioei eskatu die guztira hamaika neurri zehatz har ditzaten etxegabetzeen ondoriozko gizarte eta pertsonen zorigaitza gelditzeko helburuarekin.
Jarraian euskal herri-administrazioei zuzenduta dauden neurrietako batzuk aipatu ditugu. Gure iritziz, berehala ezarri behar dira edo, hala badagokio, finkatu euskal pertsona eta familia gehiagori euren ohiko etxebizitza kendu diezaieten saihesteko. Gure herri-administrazioen eskumenen eremuaren barruan dauden batzuk honako hauek dira:
“7. Eusko Legebiltzarrak eskatzen du ezar daitezela lankidetza-formulak Eusko Jaurlaritzaren, diputazioen, udalen eta finantza-erakundeen artean etxegabetze-prozesu larri-larrietan dauden pertsona eta familientzako laguntza-programa bat ezartzeko aukera aztertzeko.
8. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio aktibatu ditzala bere bizileku-baliabideak etxegabetutako familien beharrizanei erantzuteko, betiere ohiko etxebizitza denean, lehentasuna emanik alokairu sozialeko etxebizitza-programetan sartzeari.
9. Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eskatzen die jar ditzatela arrazoi objektiboengatik etxegabetutako pertsonen eskura hutsik dauden udal titulartasuneko etxebizitzak.
11. Eusko Legebiltzarrak instituzioei eta finantza-erakundeei eskatzen die koordinatu ditzatela jarduera-protokolo batzuk egingo diren kaleratzeen berri aldez aurretik nahikoa denboraz izateko, eta sor dezatela etxebizitza-parke bat kaleratuei ostatu emateko, horretarako hipoteka-exekuzioen ondorioz hutsik gelditutako etxebizitzen stock-a ere erabiliz”.
2013. urtean zehar etxebizitza babestuari lotuta Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren jarduera arauemailea eskasa izan da. Dena den, etxebizitza eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak eta araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko agindua indarrean sartu izanak (2013ko urtarrilaren 2ra atzeratu zen) ahalegin handia eragin du babes ofizialeko etxebizitzen esleipena baremazio bidezko esleipen sistema berrira egokitze aldera, bereziki, alokairuko erregimenean dauden etxeen kasuan.
Enplegu eta Gizarte Gaien sailburuaren proposamenari jarraiki, Gobernu Batzordeak abenduaren 23ko 466/2013 Dekretua onetsi du. Horren bidez, Etxebizitza Hutsen Programa “Bizigune” arautu da eta programa publikoaren gaineko aurreko araudia bateratu da. Berritasun nagusia da etxebizitzak alokatzeko lagatzen dituzten jabeek jasoko duten kontraprestazioaren zenbatekoaren maximoa jaitsi dela (450 euro hilean).
Gaineratu duen beste berritasun bat honetan datza: etxebizitzarekin batera lagatzen diren altzari eta tresnei buruzko araudi zehatza; izan ere, aurreko atalean azaldu dugun moduan, erakunde honek horren beharra antzeman zuen eta ziur gaude etorkizunean etxebizitzak lagatzeko sinatzen diren kontratuetan gaineratuz gero, gatazkak saihestuko direla, itzultzen diren unean, etxebizitzen programa publikoaren barruan dauden etxebizitzen egoerari dagokionez.
Zenbait xedapen argitaratu dira birgaitzearen eta irisgarritasunaren arloan laguntzen emakida sustatzeko helburuarekin: 2013ko uztailaren 31ko agindua, horren bidez, Etxebizitza eta Eraikinen Birgaitze eraginkorraren alorreko Renove Planaren laguntza-programarako deialdia egiten da eta programa hori arautzen da; laguntza horien xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Eraikiko Esku-hartzeko Proiektuak egitea eta horien ondoriozko obrak egikaritzea da; 2013ko uztailaren 31ko agindua, horren bidez, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko udalentzako, toki erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautu eta horietarako 2013ko deialdia egiten da eta 2013ko urriaren 23ko agindua, horren bidez, birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindua aldatzen da.
Aurreko urteetan bezala, deialdi berri bat egin da babes ofizialeko etxebizitzen titularrek (azalera-eskubidea daukatenek) lurzorua erosteko aukera eduki dezaten, izan ere, horren titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dauka, 2013ko azaroaren 20ko aginduarekin bat eginez. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lurzorua erosteko baldintzak ezarri dira, lurzoru horretan azalera-eskubideko zenbait etxebizitza eraikita baitaude.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaien Sailak sustatu dituen ekimenen artean 2013-2016 Etxebizitzari buruzko Plan Zuzentzailea ageri da, Gobernu Batzordeak 2013ko abenduaren 23an onetsi zuena hain zuzen ere. Txosten hau itxi zen unean horren gaineko laburpen exekutibo bat argitaratu zen.
Etxebizitzari buruzko politika publikoaren plangintza egiteko agiri hori Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu behar da eta dagokion balorazioa eta ondoriozko legebiltzarreko ebazpenak jaso beharko ditu. Orduan, agiria osotasunean ikusi ostean, horren inguruko azterketa sakona egin ahalko dugu.
Estatuaren eremuan, aipatuko dugu alokairuan lagatzen diren etxebizitzen merkatua handitzeko xedearekin, hiri-alokairuen legea, alokairu pribatu edo publikoko kontratu guztietan aplikagarria dena, aldatu duela etxebizitzen alokairuaren merkatua malgutzeko eta sustatzeko neurriei buruzko ekainaren 4ko 4/2013 Legeak, kontratu-harremanaren alderdi garrantzitsu batzuetan, hala nola, itun askatasuna, kontratuen iraupena eta kontratuen luzapenak. Modu berean, estatu mailako arau horrek zenbait aldaketa gaineratu ditu etxegabetze prozesu judizialetan eta alokairuko errenten ez ordaintzeei buruzko epai irmoen erregistroa sortu du.
Hiri-alokairuak erregulatzen dituen araudiaren funtsezko izaeraren ondorioz alokairuko erregimenean etxebizitzak lagatzen dituzten herri-administrazioek 2013ko ekainaren 6tik aurrera sinatutako alokairuko kontratuak egokitu behar izan dituzte aipatutako 4/2013 Legeak gaineratu dituen aldaketak islatzeko.
Amaitzeko Europako Parlamentuaren 2013ko ekainaren 11ko ebazpenerabakigarria aipatu nahi dugu, Europar Batasunean gizarte etxebizitzari buruzkoa. Bertan, zenbait jarraibide eta proposamen jaso dira Europako estatuen eta herrialdeen etorkizuneko jarduera bideratzeko, gizarte etxebizitzaren arloko Europako politika sustatzeko eta gizarte etxebizitzaren zeregin sozial eta ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin.
4.Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ohiko etxebizitza erosteko hipoteka maileguak ordaindu ez izanagatik etxegabetzeak saihesteko asmoz sortutako Eusko Jaurlaritzaren Familien Gainzorpetzearen aurrean Laguntzeko Zerbitzuari esleitutako funtzioaren garrantzia dela-eta, aurten ofiziozko jarduera bat abian jarri dugu, 2012ko maiatzean funtzionatzen hasi zenetik, zerbitzu horren funtzionamenduari eta lortutako emaitzei buruzko informazioa biltze aldera.
Zerbitzu hori kontsumo, justizia eta etxebizitza arloetan eskumenak dituzten sailen arteko elkarlaneko izaera transbertsalarekin eratu zenez, lankidetza eskaerak bidali izan dizkiegu Herri Administrazio eta Justizia Sailari eta Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari.
Txosten hau egin zen unean eta bi sailei eskatutako informazioa bidaltzeko emandako epea behin amaituta, ez genituen zegozkion txostenak jaso. Horregatik, ezin izan dugu egin nahi genuen azterketa burutu. Espero dugu hurrengo ekitaldian egiteko aukera izatea.
Modu berean, etxegabetzeen arazoari lotuta, aurten herri-administrazioetako, talde politikoetako eta zenbait elkartetako ordezkariekin batera Gasteizko Udalak antolatu zuen jardunaldi batean parte hartzeko aukera izan dugu. Jardunaldiak helburu bikoitza zuen: lehenengoa, etxegabetze prozesuan eragile bakoitzak gauzatzen duen lana komunean jartzea eta, bigarrena, “eragile guztiek sinatuko duten ondorioen eta gomendioen baterako agiria” idaztea.
Oso positibotzat jo genuen ekimen horrek –izan ere, gure iritziz, jarduera mota hori herri-administrazioek krisi garai hauetan agerian jarri den arazo larrienetako bat gelditzeko sustatu behar dituzten neurrien adibide argia da– oraindik ez du bigarren helburua lortu baina espero dugu datozen hilabeteetan “eragile guztiek sinatuko duten ondorioen eta gomendioen baterako agiria” sinatzeko adostasun nahikoa lortzea.
5.Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Krisi ekonomiko eta sozial larria dela-eta euskal herri-administrazioek etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidearen eraginkortasuna bermatzera zuzendutako baliabideak sendotu behar dituzte, behar gehien dituzten pertsona eta familiak babesik gabe eta funtsezko izaera duen ondasunik gabe gera ez daitezen.
Ekonomiaren eta lanaren ezegonkortasuna da, hain zuzen ere, gure erkidegoan etxebizitza babestua eskatzen duten pertsonen lehentasuna alokairuko erregimena izatea eragin duena. Horrenbestez, herri-administrazioek alokairuko etxebizitza babestuaren eskaintza modu nabarmenean handitu behar dute.
Era berean, herri-administrazioek berehala aztertu behar dute egungo alokairu publikoen prezioak arrazoizkoak diren eta, beharrezkoa izanez gero, neurriak hartu behar dituzte etxebizitzaren ondoriozko gastua onargarria izan dadila eta babes publikoko etxebizitzen onuradunek gastu horri zailtasunik gabe aurre egin diezaioten.
Era berean, egokitzat jo dugu erosketa erregimenean sustatutako etxebizitza babestuak erabiltzeko eta/edo esleitzeko formula berriak bultzatzea, hala nola, erosteko aukera barne hartzen duen alokairua, alokatzeko behin-behineko baimena ematea, birkalifikatzea alokatze aldera, etab. Modu horretan, finantzaziorik ezaren ondorioz erosteko aukerarik ez duten esleipendunek etxebizitzez gozatu ahalko dute.
Egungo inguruabarrak kontuan hartuta, nahitaezkoa da etxebizitza eta gizarte zerbitzuen arloetan eskumenak dituzten herri-administrazioen artean koordinazio mekanismoak ezartzea etxegabetzeak, pobrezia egoerak eta gizarte bazterkeria egoerak saihesteko helburuarekin.